Erakusleihoa Bonus Track: Wilson payadorea, Fredi Paia, Xabi Paya
Gaur goizean ikusi dugu Berrian, Wilson Saliwoncyk payadore argentinarrari eginiko elkarrizketa. Bertan, Euskal Herriko zenbait herritan egingo duen biraren berri ematen zuen.
Bira horrek geldialdia izango du ekainaren 6an kultur etxean.
Maiatzaren 10ean, Wilson Gu ta Gutarrak taldearen gonbidatu sorpresa izan zen Donostiako Via Foran, kultur etxeek antolaturiko Poltsiko Antzerkian. Gu ta gutarrak taldearen webgunean klik eginda ikus dezakezu emanaldiaren zati bat eta bertan ageri da Wilson eskurrik asko esaten (edo antzeko zerbait).
Hona hemen prentsa-oharra:
Ernest Lluch Kultur Etxeak jakinarazten dizue ekainaren 6an Wilson Saliwoncyk payadoreak saio bat egingo duela gure zentroan Fredi Paia eta Xabi Paya bertsolariekin batera. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da areto nagusian (Anoeta Estadioko 7. eta 8. ateen artean) eta sarrera doakoa izango da.
Apirilaren 19an Igor Calzadaren FTF proiektua aurkeztu genuenean, gure asmoa zen urrira arte ez programatzea Erakusleihoako saio gehiagorik. Hala ere, proposamen eder honi ezin uko egin eta horregatik Erakusleihoa Bonus Track programatu dugu ekainean.
Wilson Saliwoncyk Argentinako Los Toldos General Viamonten jaio den payadorea da. Artearen inguruan urte mordoa daraman arren, modu profesionalean Terneroko festan irabazitako sariaz geroztik hasia da (1996an). Egun emanaldiak egiten ditu festibaletan, kultur guneetan eta payadoreen tailerretan.
Payadorea, gitarraz lagundurik, bere kantuak eta inprobisatutako dezimekin batera, Xabi Paya eta Fredi Paia bertsolariekin arituko da.
Emanaldiaren ardatza Wilson izango da, baina bertsolariak ere saiatuko dira payadoreari desafioa edo payadas egiten. Munduko bi inprobisazioen arteko jolasa, jokoa, borroka… gozamena hitz batean.
Wellcome Berlanga jauna antolatu du Kabigorrik Irunen
Kabigorri Ateneoaren urteko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa hasiko da gaur. Zinema zuzendarien omenezko ziklo berri bat antolatu dute orain ere. Lehenengo bi zuzendari omenduak Luis Buñuel eta Juan Antonio Bardem izan ziren. Aurtengoa, berriz, Luis García Berlanga da.
Egilea: Juantxo Quiroga.
"Wellcome Berlanga jauna" zikloa: Maiatzaren 29tik ekainaren 2ra.
Maiatzak 29
Bienvenido Mr. Mashall filmaren proiekzioa Amaia Kultur Zentroko auditorioan. 20:00etan.
Maiatzak 30
El verdugo filmaren proiekzioa Amaia Kultur Zentroko auditorioan. 20:00etan.
Maiatzak 31
Tamaño natural filmaren proiekzioa Kabigorri Ateneoan (kontuz toki aldaketarekin). 20:00etan.
Ekainak 1
Hitzaldia: Trabajar con Don Luis Solaskideak: Juan Cobos, José Luis García Berlanga.
Ikust-Alaia Udal Liburutegian. 19:00etan.
Ekainak 2
"Plácido" filmaren proiekzioa eta mahaingurua Amaia Kultur Zentroko auditorioan. 17:30etan.
Gonbidatuak: Amparo Soler-Leal (Luis G. Berlangaren hainbat filmetan lan egindako aktoresa
Juan Cobos (idazlea, Berlangaren lagun mina)
José Luis García Berlanga, semea, zinema zuzendaria eta ekoizlea.
Kabigorri Ateneoan, 20:30etan. Itxiera ekitaldia eta omenaldia. "El sueño de la maestra" filmaren proiekzioa. Berlangaren omenez Rafael Azconak ekitaldi honetarako idatzitako testuaren irakurketa. Azcona Berlangaren ohiko gidoigilea izan zen.
Erakusketa
Maiatzaren 22tik ikusgai dago "Berlanga Natural" erakusketa. Ekainaren 16ra arte, Kabigorrin bisita daiteke Berlanga familiak utzitako materiala: kartelak, errodajeetako argazkiak, familiaren argazkiak, bitxikeriak…
Egilea: Juantxo Quiroga.
Mathilde maitatzeko moduak, Elgetako memea
Larunbat gau zirraragarria Elgetan. Ez ginen Mathilderen bila joan, lagun giroan egotera baizik. Mathilderen atzetik joateko enkargua Julen Gabiriak eta Txuma Murugarrenek zuten. Eta lan horretan abiatu ziren Rafa Aceves pianista eta Arturo García bateria jotzailearekin batera.
Zita Elgetako Ostatuan genuen. Arratsaldeko 20:00etan. Berandu iritsi ginen, baina hantxe zegoen Iban anfitrioia, Leire eta Elena. Trago bat hartu eta Espaloia tenplura joan ginen.
Tenpluan entsaioan topatu genituen artistak. Haiekin afaltzeko aukera izan genuen. Asier eta Mendigreen ere gerturatu ziren. Afaria galdu zuen Etiamek, baina ez emanaldia.
Gustura sumatu nuen Gabiria egindako lanarekin. Berdin Txuma, hain gustura ezen ordu erdiko plusa eskaini zigun bi taldekide birtuosoekin.
Eszenatokia ederto zegoen jarrita. Sinple baina dotore, luxuzko beste salon pop saioa ikusteko aukera izateko. Testu eta musika iradokitzaileak.
Hainbeste blogari (batzuk indarrean, besteak erretiroan) elkartuta, Elgetara etorri ez zirenak larrutzen egon ginen. Larunbatean ere demostratu nuen abila naizela lan horretan. Dedio!
Memea bertaratu ziren gainerako blogariei bidaltzen diet.
Blogak 2.0 Bilbon (II)
Hau ere ez da kronika bat izango. Horretarako duzue, adibidez, zuzenean egindako kronika bikain hauek: 1, 2, 3, 4 eta 5.
Goiza
Goizeko 10:00ak pasatxo sartu nintzen Gurejaimen. Aitzaki polita nuen Bilbora joateko: Blogak 2.0.
Slashdot-eko Rob Maldak arazo teknikoak izan zituen etsai, baina irribarrea galdu gabe egon zen eszenatokian. Ez zitzaidan gehiegi interesatu tipoak esandakoa, hiruzpalau gauza apuntatu banituen ere (ingelesak menperatzen nau eta euskarazko itzulpena entzun nuen. Ondo aritu ziren bi itzultzaileak). Saioa amaitzerakoan, goizean ohitura bihurtu zen biko solasaldia hasi zuen Del Moralekin; jendearen galderak ere egon ziren. Sofaren formatua estetikoki polita, baina uste dut a priori ematen zituen aukerak ez zirela aprobetxatu.
Gero Startup 2.0 lehiaketan sailkatu ziren bost finalisten txanda ailegatu zen. 12 minutu zituzten proiektuak aurkezteko; ondoren, epaimahaikide batek eginiko galdetegi zorrotza erantzun behar izan zuten (beste 10 minutuz). Hizlari bakoitzak bere erara egin zuen aurkezpena. Txukunena, bigarren proiektuko ordezkaria, 5min. Lauena Properazzi-koa, webgunea ia pantailan erakutsi gabe. Sclipo-koa (garaile suertatu zena) gogotsu eta indartsu hasi zen, baina beheruntz joan zen. Paristik etorritako Trivop-eko aurkezlea nekatuta aritu zen. 11870 proiektuko Natxok ere ez zuen asmatu. Garbi geratu zen bideoa dagoela boladan 2.0n (5 proiektuetatik 3k zuten formatu hori).
Arratsaldea
Abaroa jatetxean bazkaldu eta terraza batean trago bat hartu ondoren, berriro barrura.
Television 2.0 jarduna aspergarria iruditu zitzaidan. Ekarpen interesgarri gutxi entzun nituen. Itxuraz, solaskideak mahaingurua behar den bezala prestatu gabe agertu ziren. Itxuraz, diot.
Arratsaldeko saio onena Education 2.0 izan zen (beste guztiak ingelesez izan baziren ere, hau gazteleraz). Ondo Julen Iturbe eta Josu Orbe, makalago hirugarren solaskidea. Batek baino gehiagok komentatu bezala, Maite Goñi (edo beste IKTeroak) falta ziren mahaian.
Women 2.0 mahainguruari buruz, berriz, ez dut hitzetan jarri nahi entzundakoak nire barruan sortu zuen ezinegona. Ekarpenik ez. Arinegia. Hiru txolin mahai baten inguruan.
Lehiaketa biren sari emate ekitaldiarekin amaitu zen Blogak 2.0.
Eta?
Iaz ez nintzen lehen edizioan egon, baina goiz-arratsaldean ikusitakoak ez ninduen asebete (gehiago espero nuen). Arazo tekniko gehiegi (wifi-arekin, adibidez), arratsaldean erritmoak beheruntz egin zuen. Agian kontua da ez naizela horrelako ebento batera joateko nahiko geek-a oraindik (uste dut itzultzaileak freaky erabiltzen zuela berba horren ordez).
Teketen-ek esan bezala ikusitakoak ikusita euskal blogosfera ez doa gaizki. Maite, Iban, Patxi, Haritz (zorionak!), Sergio, etab. hantxe egon ginen, popatxateatzen inkluso.
Zer pentsatuko du JVk jardunaldietaz?
Portzierto, zein aberastuko da Euskal Herrian 2.0 burbuilarekin? Gorbatak azaldu dira jada...
Blogak 2.0 Bilbon
Pasa den astean Jose Del Moralen gonbidapena jaso nuen datorren ostegunean (maiatzaren 24an) Bilbon ospatzekoa den Blogak 2.0 jardunaldietara joateko.
Iazko edizioan ez nintzen gerturatu. Ez naiz gogoratzen zergatik. Agian enteratu ez nintzelako, edo denborarik ez nuelako... ez naiz oroitzen. Mutilmediak egin zuen iaz zuzeneko jarraipena eta gogoan dut ere zalaparta pizarra egon zela.
Aurten bai, autopista zeharkatuko dut. Ez dakit zerekin egingo dudan topo. Ikusi dut egitaraua, ikusi dut izena eman dutenen zerrenda. Gauza berririk entzungo al dugu? Berdin zait. Sarea egiteko behar beharrezkoa da kontaktu fisikoa. Ezagunak eta ezezagunak agurtzea, besteak beste.
Gaur entzun dut irratia.com-eko bikoteak Del Morali eginiko elkarrizketa. Nahi baduzue hemen sakatu eta entzungo duzue Alianzoko nagusiak bota dituenak (hasieran euskaraz, gero gazteleraz).
Donostiatik autoz joango naiz. Norbait animatzen da? Utzi mezua hemen azpian.
Bukatu da Literaktumen hirugarren edizioa
Juan Cruz nekaezina astearte arratsaldeko 19:30etan tirripi tarrapa sartu zen Ernest Lluch Kultur Etxean. Periodikora presazko zerbait bidali behar zuela esanaz. Horrela hasi zen hirugarren edizioa.
Hiru kazetari eseri genituen mahaian dokumentazio prozesuetan teknologia berriek izan duten eraginaz berba egiteko. Joseba Iriondo solaskidearekin batera, Alberto Moyano moderatzailearen galderak erantzun zituzten.
Egia esateko, jende gehiago espero genuen (berrogei lagun inguru gutxi da). Ez zigun batere mesederik egin Nacho Escolarren azken orduko espanták. Nola edo hala salbatu genuen eguna.
Asteazken arratsaldean, ordu berean. Casares-Tomasene Kultur Etxean ehun lagun inguru agertu zen Agnes Agboton entzutera. Agnes-en aurretik, Binta y la gran idea filma ikusi genuen bertan bildutakook, UNICEF erakundearen enkarguz Javier Fesser zinemagileak Senegali buruz eginiko hogeita hamar minutuko dokumentua.
Noticias de Gipuzkoa periodikoaren zuzendari albokoa, Arantzazu Zugastik aurkeztu zuen Agnes. Afrikako ahozko tradizioaren barrena murgildu gintuen honek. Horretarako Beningo vudú erlijioaren errepresentazio ezberdinak erakutsi zizkigularik.
Ostegunean Luisa Futoransky idazle argentinarraren tailerra egon zen Liburutegi Nagusiaren Ekitaldi Aretoan. Ez nintzen bertan egon, baina kontatu didatenez, maila onekoa izan zen jarduera eta hurbildutako berrogeita hamar lagunak gustura egon omen ziren.
Ostiralean, berriz, jende gehien bildu duen ekitaldia: Manuel Vicent idazle eta zutabegile ezaguna egon zen Okendon. Juan Velázquez irakasleak galdegin zion memoria eta nobela uztarketari buruz. Literatura ez zen ukitu zuten gai bakarra, kazetaritzari buruzko galderak ere tartekatu zituelako Juanek. Ohar asko hartu nituen, baina bost esaldi jarriko ditut hemen:
"Nostalgia ez da literarioa, malenkonia bai".
"Komunikabideak hain dira hedakorrak, mikrofonoa eskutan duen edozein idiota izaki arriskutsu bihurtzen dutela".
"Gaur egun teknika eta moralaren artean dagoen aldea ikaragarria da".
"XXI. mendeko literatur generoa kazetaritza da".
"Gutxi irakurriko da XXI. mendean. Kontutan izan haurrek behatzekin pentsatzen dutela jada. Kultura digitala".
Larunbat arratsaldean, zikloaren amaiera Loiola Kultur Etxearen eremuan. Martuteteneko kartzelaren atzealdean dagoen Benartegi baserriaren zelaian, Carlos Aurtenetxe, Luisa Futoransky eta James Wilkes poeten saioa. Eli Tolaretxipi aurkezlea eta irakurketen arteko tarteetan Izadi soka laukotearen musika.
Poesia gai da berrogeita hamar lagunetik gora elkartzeko hain toki liluragarri eta gogorrean. Liluragarria zelaiagatik, baserriaren xarmagatik, ibaiaren hurbiltasunagatik. Gogorra kartzelaren presentziagatik, poesia irakurtzen zuten bitartean entzuten ziren din-don-din abisuengatik.
Hurrengo urtean, gehiago. Txis pun.
Museoen eguna, Donostian astea
Atzo internet eguna bazen ere, ez nuen inguruan ezer berezirik nabaritu. Aldiz, museoen eguna ospatzen baita gaur, Donostiako museoek prestaturiko egitarauaren berri emateko prentsaurrea egin zen eguerdian Victoria Eugenian.
Zazpi eguneko egitaraua prestatu dute, gaur hasi eta maiatzaren 24ra arte. Donostiako pertsona ezagun batek hitz egin zuen erakunde bakoitzak prestatu duena ezagutzera emateko.
Zientziaren Kutxagunea ordezkatuz Naroa Agirre atleta eta aktoresa aritu zen. Gazteleraz hasi, baina itxuraz eroso ez zegoenez, euskarara pasa zen berehalakoan.
Museum Cemento Rezola gunearen bozeramaile lanetan bertako langile izandako Javier Irazusta aritu zen eta Chillida Lekuren eleduna Teresa Cormenzana dendaria.
Unai Ugalde irakaslea Untzi Museoaren izenean aritu zen eta Inazio Mujika Iraola editoreak Aquariumaren berri eman zigun. Biak euskaraz.
Txaro Arteaga kazetaria, Emakundeko buru ohia, Elizbarrutiaren Museoak prestaturiko egitaraua bota aurretik, bertan bildutakoak harritu zituen gunea ezagutzen ez zuela aitortu zuenean. Nik ere ez, Txaro.
Amaieran, Juan Mari Arzak sukaldariak hitz egin zuen San Telmo Museoaz.
Ekitaldia Mitxel Ezquiaga kazetariak aurkeztu zuen.
Ugaldek Einstein-en esaldi bat bota zuen “petit comité”an: “Zerbait eskatu behar baduzu, eskatu denborarik ez duen norbaiti”. Edo antzeko-parezido. Apuntatu nuen libretan.
Gaurko Noticias de Gipuzkoa egunkariaren azalean ageri da argazki hau.
Lagun ezezagun horri
Azken bi egunetako egunkarietan irakurri ditut pare bat artikulu eta elkarrizketa hemen jartzeko modukoak. Atzoko egunkarian Jabier Muguruza musikariari eginiko elkarrizketa zen bata. Bezperako egunkarian, berriz, José Ignacio Lacasta-Zabalza katedradunak sinaturikoa bestea. Eta hemen jartzen ditut, aipatu bi pertsona hauen sintonia berean nagoelako.
Kanpaina
"Kanpainan ez dut uste konbentzituko nautenik. Pentsatua nuen botoa EB-Aralar koalizioari ematea, baina lehen aipaturiko sektorea (blogariaren oharra: ezker abertzale historikoa) ezin bada aurkeztu, eta gainerako alderdiek erantzun benetan indartsua ematen ez badute -uste dut Larreinak desobedientzia zibila ere aipatu duela-, litekeena da oraingoan hauteskundeez paso egitea". Jabier.
Heziketa
"Lortuko bagenu hurrengo belaunaldiak barneratzea oinarrizko lau kontu, borroka politikoa askoz eramangarriagoa litzateke; bizia balio sakratutzat hartzen eta herri baten nortasuna maitatzen, esaterako, ikasi egiten da, eta ez hain obediente izaten ere bai. Baina gurean, zoritxarrez, posible da Etxezarreta mehatxupean bizi, eta jende batek hori ondo ikustea, edota beste batzuek, Egunkariarena gertatu eta beste aldera begiratzea. Zer-nolako belaunaldia sortuko da horrela? Hala ere, modu berean, esan beharra daukat ezagutzen dudala jendea bere barne sufrimendua eta desoreka baretzeko erabiltzen duena politika; jende arriskutsua da". Jabier.
Alderdien legea
"El mundo de ETA y Batasuna está moral y seriamente alcanzado ante la opinión pública por el atentado de Barajas y la indignante muerte de dos inocentes trabajadores ecuatorianos. Se les acabó ahora cualquier crédito. (...) Esto es una cosa y la aplicación de la Ley de Partidos otra muy otra. Javier Pradera, con quien no suelo compartir sus puntos de vista, pero que jurídicamente suele hilar bastante fino, decía hace poco que los efectos de ese "chaparrón tropical sobre el Supremo y el Constitucional pueden influir negativamente sobre la resolución de la Corte de Estrasburgo cuando se pronuncie sobre la Ley de Partidos" (El País , 6-5-07). Efectivamente, cualquier tribunal no contaminado por la arbitraria Ley de Partidos, difícilmente puede entender que se pueda anular una candidatura de una organización legal como ANV por la presencia de personas que están en el uso legítimo de todos sus derechos políticos". José Ignacio.
Oharra: zergatik lagun ezezagun horri? Juan Cruzek astearteko solasaldian esan zuen bezala, "blogak gutun hutsak baitira". Arrazoi duela uste dut. Askotan ezagunek irakurtzen dituzte soilik, baina beti dago ezezagunen bat hortik zehar.
Juan Cruzek hartuko du Ignacio Escolarren tokia Literaktum jaialdian
Jaialdiko antolatzaileen esku ez dauden arrazoiak medio, biharko programazioak aldaketa bat izan du. Horrela, hasiera batean iragarritako Ignacio Escolar blogariaren ordez, Juan Cruz idazle eta kazetaria arituko da.
Gogoratu, beraz, maiatzaren 15ean hasiko dela, 19:30etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian (sarrera Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean dago) Literaktum.
Eguneko gaia, Bizitza dokumentu da. Joseba Iriondoren (erreportaria eta ETBko kazetaria) eta Juan Cruzen arteko mahai-ingurua gertaerak erregistratzeko teknologia berriek duten eraginari eta dokumentazioari buruz. Moderatzaile lanetan Alberto Moyano arituko da.
Hurrengo egunetan jarraipena izango du jaialdiak hiriko kultur etxe ezberdinetan eta Liburutegi Nagusian: Agnes Agboton, Luisa Futoransky, Manuel Vicent, Carlos Aurtenetxe, James Wilkies.
Bertsolari potosikotikoak
Asteazken gauean hasi zen Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdia (pdf lotura), Andaluziako Chirigóticas taldearen emanaldiarekin. Jaialdia hiriko kultur etxeek antolatzen dugu eta ekitaldiak, normalean, auzoetako tabernetan izaten dira. Victoria Eugeniako Klub aretoan egon ziren andaluziarrak asteazkenean eta ostiralean, berriz, Amarako Beartzana jatetxean. Umorea, chirigotak eta antzerkia nahasiz, lau aktoresek aho zapore ona utzi dute hirian.
Bertsolariak aipatu ditut tituluan. Zazpi eskale garaian ez nituen inoiz zuzenean ikusi Igor Elorza, Unai Iturriaga, Josu Zabala eta konpainia. Orain, berriz, Gu ta gutarrak bihurtu dira. Bertsoa oinarri, musika lagun eta tokian tokiko gonbidatuak.
Bete egin zuten Via Fora jatetxea ostegunean. Ez zuten asko behar izan jendearen berotasuna berehala nabaritzeko. Ostiralean ere ikusi nituen Añorgako Antton Aiestaran Kulturgunean. Hemen gehiago kostatu zitzaien jendearekin konektatzea (ez zen taberna bat, garai bateko zine zaharra baizik), baina talde sendoa dago eszenatokian eta ederki kontrolatzen dute zuzenekoaren gorabehera. Amaieran txalo zaparrada jaso zuten hemen ere.
Gutarrak 2.0 dira, gainera. Ederki maneiatzen baitituzte teknologia berriak. Bloglinesi esker jarraitu ahal izan dut nondik nora ibili diren. Igorrek eta Unaik hornitzen dute bloga: kronikak, argazkiak eta youtuben jarritako bideoak.
Duela zenbait aste barre algara franko bota nituen Markinako Uhagon eginiko saioaren bideoa ikusi nuenean. Egun hartako gonbidatua Ander Lipus izan zen. Lipusek, bere aldetik, Larruskaingo Juan Junda gonbidatu zuen.
Hona hemen Markinako bideoa. Intxaurrondoko Txiki tabernan egongo dira maiatzaren 19an.