Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola

Agur

Julen Gabiria 2006/03/28 09:55

Honaino heldu da bloga, lagunok. Pertsiana jaitsi dut, bukatu da akabo, hauxe da despedidea: zuek aukeratu agurrerako gehien gustatzen zaizuen formula, ni banoa eta. Blogak bete du bere funtzioa eta orain beste fase batean sartu nahi dut, ez hain fase publikoan, ezkutuan lan egiteko gogoa baitaukat.

Eskerrik asko hor egon zareten guztioi, benetan: plazer bat izan da. Beste hartan idatzi nuen moduan, "ondo esandakoak zuentzat opari. Txarto esandakoak, badakizue: sutara".

Besarkada bat pantailaren beste alderaino.

Mariaren Bihotza plaza (IV)

Julen Gabiria 2006/03/24 09:23

Duela hamar bat urte Mariaren Bihotza plazarako arkupeetara joan nintzen, kamera zintzilik eta objektibo handiak zorroan neramatzala. Esan zidaten larunbat arratsaldeetan aisialdi talde bat aritzen zela ijito gazteekin, eta hara joan nintzen. Argazki asko ateratzen nituen orduan, batez ere kontzertuetan, baina banituen beste gai kutun batzuk ere, eta konturatu nintzen, ausardia bilduz gero, ijitoak ere interesgarriak izan zitezkeela erretratatzeko. Zoritxarrez, ausardia ez da sekula izan nire dohainetako bat, eta horregatik egin nintzen idazle, nahiz eta denborarekin konturatu honetarako ere gero eta ausardia gehiago behar dela.

Egun horri buruzko oroitzapen batzuk dauzkat, esate baterako, kamera ateratzen nuenean ume ijitoak protagonista sentitu eta nabarmenkeriak egiten hasten zirela: kotxe baten gainera igo eta zakila ateratzea izan zen horietako bat. Ume haietako bati, jatorra iruditu baitzitzaidan, objektibo bat utzi nion, baina hara non, haren eskuetan utzi eta segundo batera, ume arraioak ziztuan egin zuen alde, eta desagertu nire bistatik. Hamar bat minutu izan ziren, eta azkenerako seguru nengoen betiko galdua nuela ia 20.000 pezeta kostatu zitzaidan objektiboa, baina ez: bien bitartean auskalo zer egin zuen umeak traste harekin, baina hamar minuturen buruan hantxe agertu zen, eta eskura eman zidan objektiboa, ezer gertatu ez balitz bezala.

Oroitzapen hori etortzen zait burura plaza honetako arkupeetan sartzen naizen guztietan, adibidez, Sarea tabernara noanean. Horrelakoetan, beti etortzen zait burura egun hura. Ez dakit oraindik ere badagoen aisialdi talderik ijito gazteekin aritzeko, eta mingarriena da ez dakidala zerbaitetarako balio izan ote zuen duela hamar bat urte ijito txiki haiekin jolasean aritzea larunbat arratsaldeetan. Ez dakit objektiboarekin alde egin zuen ijito hura zertan ote dabilen orain, eta ez dakit zer egingo zukeen orain, hamar urte geroago, objektiboa hamar minutuz utziko banio. Zalantzan egon nahi nuke, baina zalantza luxu bat da.

Mariaren Bihotza plaza (III)

Julen Gabiria 2006/03/17 09:28

Handia zen lehen autobusean ibiltzea, inguru hau debekatua iruditzen zitzaigunean bertatik oinez pasatzeko. Ibaiaren beste aldetik begiratzen genion auzoari. Hori baino lehenago, txikia nintzenean, nire lehenengo beltza ikusi nuen Bilboko Areatzako zubian. Eta handik urteetara jakin genuen zubiez bestaldeko auzo honetan pilatzen zirela baztertuak eta urrunekoak: orduan beltz gutxi eta ijito asko zegoen, txinatar eta hegoamerikarrak ere bi edo hiru baino ez.

Prostitutak bai, horiek bazeuden. Orduak putak esaten genuen, baina gero, Bilbori buruz ari ginenean eta Atxagari esker, errazago irteten zitzaigun "prostituta" hitza "puta" baino, eta hori esatearekin batera ia-ia kantuan hasten ginen Ruperren ahotsa jarriz, "beste zubi bat, prostitutak". Aspaldi utzia genion hiztegietan "puta" hitza bilatzeari: orain autobuseko leihatiletatik ikusten genituen, baina errealitateak zapuztu egin gintuen: kitzikagarriagoa zen hiztegien kontua, definizioaren hamar hitzek askoz ere giro erakargarriagoa ematen zigutelako, Mariaren Bihotza plazan autobusetik ikusten genuen munduak baino. Edozelan ere, aukerarik txikiena aprobetxatzen genuen autobus hura hartzeko, jakin arren ez zuela biderik laburrena egiten, eta acuariumeko leihoen kontra bezala itsasten ginen leihoetan, hango andre zaharrei begiratzeko, sinistu ezinda. Neska politagoak zeuden gorago, Gorte kalean, edozer baitzen politagoa atso haiek baino. Baina Gorteko nesken berri geroago izango genuen, eta han ere txakurrak ortozik.

Naja ere existitzen zen orduan. Jonkiak hantxe bizi ziren, ibaiaren alboko arkupeetan. Beste ertzetik ikusten zenituen txutatzen edo txortan, igandeetan izan ezik, merkatu txikia egiten zelako orduan. Gero alkateak hesia jarri zion Najari, paretik tranbia pasatu behar zelako eta ez delako txukuna kanpotarrek den-dena ikustea.

Orain, Mesedeetako zubiaren amaieran pintada bat dago: "A ultima vez que te vi, tinhas as patas abertas". Eta garai haiekin akordatu naiz, Bilbo Zaharretik pasatzen zen autobusarekin, eta geure buruekin, acuariumean bezala begira hiztegiko definiziotik haragoko putei.

Emozionatzeko ez da urrutiegi apuntatu behar

Julen Gabiria 2006/03/13 19:49

Urteak neramatzan Anari kontzertuan ikusi barik, "Anari" (1997) lehenengo disko hura atera zuenetik: Kafe Antzokian eta Algortan ikusi nuen orduan, oso formatu txiki eta intimistetan, gitarra eta biolontxeloarekin.

Geroztik, azkoitiarraren ibilbidea etxeko musika-ekipotik jarraitu dut, eta, bere diskografiaren barruan, sekula ez dut hainbeste gozatu Zebra diskoarekin bezala. "Anari" (1997) hura sorpresa izan bazen, "Habiak" (2000) sekulako diskoa izan bazen, "Zebra" (2005) bonba bat da, Anariren diskorik onena nire ustez. Egia da hasieran zati bi ikusten nituela disko horretan: askoz ere gehiago disfrutatzen nuen hasierako abestiekin, erditik aurrerakoekin baino; denbora kontua izan zen: orain ezin dut "Zebra" diskoa ulertu azken abestirik gabe, bere osotasunean behar dut disko hori, eta emozionatu egiten nau hasieratik amaierara zebra osoak, Z-tik A-ra.

Ostiralean ikusi nuen Anari kontzertuan, 8 edo 9 urte pasatu eta gero. Elorrioko Arriola Antzokian izan zen: ez ahazteko moduko kontzertua. Ahotsa apur bat kraskatuta zuela hasi zen kantuan, eta kontzertua amaitzerako erabat zeukan ahotsa hautsita. Une batzuetan sufritzen ibiliko zela pentsatu nuen, eta ez dakit sufritu zuen edo ez, baina entzulearentzat zoragarria izan zen, kantaria amildegiaren ertzean ibili baitzen denbora guztian, arriskatzen, bere kantuen bertsioak egiten, hitzak agoniaraino luzatzen, oihu egiten eta esaten ari zen guztia bizitzen. Bai, dudarik gabe, asko arriskatu zuen kontzertu osoan. Eta ondo irten zitzaion, itzel. "Inoizko erotikoen", esan zidan Peru Magdalena lagunak, kontzertua amaitzean.

Hain zuzen ere, Txaman taldeko Peruk hasi zuen ikuskizuna: goitik behera zuriz jantzita, atzeko pantailan irudi bat zuela eta doinu goxoen artean inguratuta, testu begi-irekitzailea irakurri zuen, zirraragarria. Hamar bat minutu egon zen Peru eszenatokian, eta niri oso labur egin zitzaidan: astia eman zion arteaz, sorkuntzaz, bizitzaz eta Anariren ileaz hitz egiteko, eta, une batetik aurrera, testua gorputzarekin interpretatzen ere hasi zen, irakurtzen ari zena sentituz bezala. Peruk esandakoetatik, esaldi batekin geratu nintzen, eta entzun bezain laster konturatu nintzen huraxe izango zela kronika honen izenburua, esaldiak aurreratzen baitzuen zer izango zen kontzertua: "emozionatzeko ez da urrutiegi apuntatu behar. Emozionatzeko oso behera apuntatu behar da, oso barrura". Horrelako zerbait izan zen, baina politago esanda. Edozelan ere, niretzat nahikoa izan zen: Anariren azken diskoa entzuten dudan guztietan, beti pentsatzen dut oso-oso barrura apuntatu duela azkoitiarrak lan hori egitean. Ez oso urrutira, ezpada oso barrura (entzun diskoko hirugarren abestia, "Sustraiak" izenekoa, eta konturatuko zarete -...hegodun zuhaitza balitz, eta ez eman inori sustrairik... behin eman nituen eta-).

Eta halaxe izan zen: kontzertu sentitua, arriskutsua, barru-barrukoa, bestiala. Arriola aretoan 200 lagun inguru bildu ginen, kanpoan "eguraldi txarria", Anarik esan zuen moduan. Disko berriko kantu guztiak jo zituen, eta aurreko bi diskoetako beste 7 edo 8 abesti. Eszenatokian, Anariz gain (kontzertua teklatuan hasi zuen), Inoren Ero Ni taldeko kideak: Borja gitarran, Drake baxuan eta Mikel Abrego baterian. Gainera, beste mila instrumentu eta saltsatan (gitarra, teklatua, tronpeta, zerra eta beste tramankulu batzuk) identifikatu ez nuen mutil bat (Karlos Osinaga "Txap", agian?). Soinu aldetik arazo txiki batzuk egon ziren, eta kontzertuaren hasieran iruditu zitzaidan soinua apur bat saturatuta zegoela, baina huskeriak baino ez ziren izan. Apurka-apurka, gauzak finduz joan ziren, eta ez nintzen gehiago akordatu txikikeria horiekin.

Anarik berba gutxi egin zuen kontzertuan (taldekideak ere ez zituen aurkeztu): laugarren abestiaren ostean, kontzertuaren erdialdean, eta amaieran baino ez zuen berba egin, baina, horren ordainetan, kontzertuari erritmo bizi-bizia eman zion, ia tarterik ere utzi gabe abestien artean. Alde batetik, faltan bota nituen hitz batzuk, azalpenen bat, biluztasunen bat (diskoa biluztasun nahikoa bada ere), baina, bestetik, eskertzekoa izan zen musika eta talentu zurrunbilo hura. Izan ere, talde osoaren sendotasun elektrikoaren barruan zein bakarka eta zerraren soinupean kantari, Anari marabilla bat da. Anari, gitarra elektrikoa zintzilik duela, dagoen piztiarik erakargarriena da.

Eta martxoaren 30ean, Bilboko Kafe Antzokian. Ez harritu han ikusten banauzue berriro, emozionatzeko prest, urrutiegi apuntatu beharrean barru-barrura apuntatzen duen Anariri begira.

San Frantzisko (IV)

Julen Gabiria 2006/03/10 08:23

Zazpi Kaleetan aurkitu ginen gero, arratsaldean eta albistea oraindik bolo-bolo zebilenean, eurak trago bat hartzen eta gu paseatzen. Berehala irten zen sutearen gaia, ezin zen bestela izan. Ferminek esan zuen etxeko zapatiletan irten zirela kalera, eta denok barreka jarri gintuen, zehaztu zuenean San Frantziskoko biztanle petoak horrelaxe ibiltzen direla hara eta hona, etxeko zapatiletan kaletik. Algara ederra izan zen, barre sano horietakoa. Baina segituan gogorarazi zigun albistearen pisua: "barreka ari gara, baina ez ahaztu lau hildako egon direla". Kopuruak gauza objektiboak badira ere, kopuruen neurriez ohartzea ez da erraza izaten sarritan: hildakoek izenak dituzten edo ez dituzten, horren arabera egon daiteke tragediaren samin beti subjektiboa, eta gu barreka ari ginen, Fermin etxeko zapatiletan irten zelako kalera, gero Zazpi Kaleetako etxe bateraino joateko babes bila, dena etxeko zapatiletan, eta barre algaraka gu.

Baina gero hormaren kontua aipatu zuen Ferminek, esan baitzuen bere gelako hormaren beste aldean ari zela sua dena kiskaltzen eta lau pertsona hiltzen, zentimetro batzuk harago besterik ez. Eta hori esan zuen, ez soilik hausnarketa egiteko heriotzaren hurbiltasunaz edo suertearen gerri meheaz (hogei bat zentimetro edo adreilu pare bat, beste modu batez esanda), ezpada hausnarketa zirraragarria egiteko hogei zentimetro horien neurri soziologiko edo psikologikoaz: "hau Oñatin gertatu izan balitz", esan zuen, "sekulako tragedia izango zatekeen. Baina Bilbon izan da, tartean horma bat egon da eta hildakoak hormaren beste aldean geratu dira. Eta inoiz baino gehiago konturatu naiz hirian bizi naizela". Ez zituen hitz horiek erabiliko noski, baina esaldi sakona eta mingotsa iruditu zitzaidan. Eta agian horrelako keinuak behar ditugu konturatzeko hirian gaudela: hildakoek izenik ez duten lekuan, eta gerri meheko horma batek erabakitzen duen lekuan nork hil behar duen eta nork ez.

Kultura sinpatikoa gara

Julen Gabiria 2006/03/06 09:00

Bide luzea egin dugu inoren eskutik joan gabe. Heldu gara honaino, eta konturatu gara eskuak libre ditugula, inork ez digula lagundu errepidea zeharkatzen, geure kabuz ikasi dugula usaimena zorrozten arriskua nondik etor zitekeen sumatzeko, konturatu gara urrun heldu garela eta pauso guztiak, lehenengoak eta azkenak, inoren laguntzarik gabe eman ditugula. Euskal kulturak jakin du, hiru pauso aurrera eta bi atzera, bidea egiten, eta leku eroso samarrera helduta, muinotxo honetara helduta, ingurura begiratu du eta alboko kulturen sinpatia irabazi nahi izan du, kultura sinpatikoa baita izatez, txikia eta singularra.

Ordea, euskal kulturak ez daki gauza txiki eta singularrak ez daudela lar ondo ikusita alboko erraldoien begietara. Bitxikeria moduan bai, bitxikeria moduan ondo daude, zirkuan ondo dauden bezala nanoak. Baina bitxikeriatik harago, nanoek ez dute ezertarako balio, erraldoiaren begietara. Kultura txiki eta singularrek, berriz, pozik begiratzen diete elkarri, baina urrunegi daude, eta alferrikakoegi izaten jarraitzen dute.

Eta gertatzen da, baita ere, gauza txikiak arriskutsuak direla, indigenak eta indigenteak, ezkerrekoak maiz edo ia beti, eta, txikiak izanagatik, gehiago txikitu beharrekoak.

Baina ondo dago bidelagunak aurkitzea, saiatzea behinik behin aliatuak lortzen. Besterik ez bada ere, bide onetik ari ote garen jakiteko, gutaz geuk bakarrik ez hitz egiteko; normaltasuna lortzeko nahi honetan, normalak izateko ahalegina egin behar dugulako. Azken batean, bakarka arituta, betiko esparrutxoan jarraituko dugulako, gure lekua munduan zein den oso ondo jakin gabe. Edo gure lekua zein den jakinda, baina gure lekutik mugitu gabe, geuretzat produzitzen eta geuretik edaten, beren zakilak txupatzen dituzten kontortsionisten antzera, plazer izugarri eta autonomoarekin.

Patxi Zubizarretak berriki esan duen moduan, inertzian sartuta gaude, noragabetuta. Eta, berari bezala, niri ere poz berezia eman dit Bertsozale Elkarteak hartutako bidea. Bertsolaritzaren irudia gizarteratzeko apustua egin dute, eta ondorioak nabarmenak dira. BECera Belodromora baino 5.000 pertsona gehiago joan ziren, eta horren arrazoiak beste asko izango badira ere, arrazoietako bat da ohikoak ez ziren medioetan ere agertu zela bertsolaritza. Baina bertsolariek beraiek ere onartzen duten moduan, oro har, interes berri hori ez da etorri publiko erdaldunetik, baizik eta medio erdaldunak kontsumitzen dituzten euskaldunetatik. Euskaldun horiek euskal kulturaranzko pausotxo bat eman dute eta ez da gutxi, baina geure buruak engainatzea izango litzateke interpretazio horretan geratzea.

Andoni Egañak behin baino gehiagotan esan du gure ondoan bizi diren baskoengana iristen ez bagara, oso etorkizun urria daukagula herri moduan. Bat nator. Denborak erakutsi digu hori, baina gertatzen dena da alboan ditugun horiek ere gogoa izan behar dutela guri eskua emateko, errepidea zeharka dezagun (edo, esaldiari buelta emanda baina gauza bera esanda, gogoa izan behar dute errepidea zeharkatzen lagun diezaiegun). Eta ez nago batere seguru gogorik duten. Salbuespen eredugarri batzuk alboan utzita, alboan dugun erdal mundu horrek ez gaitu ikusten. Sekulakoa bota dezaket zutabe honetan, eta inor ez da enteratuko. Euskal kulturari begiratzerakoan, "euskal" etiketari begiratzen diote, kulturari beharrean.

Euskal Herriko idazle erdaldunek esango dizute euskal literaturak ez lukeela erdarazko argitaletxeen iragazkirik gaindituko, eta diru-laguntzei esker bizirauten duela euskal literaturak. Durangoko Azokari begiratuta, albiste bakarra aipatuko da: Zutabe aldizkariak agertu zirela. BECeko erakustalditik, albiste bakarra: presoen aldeko oihuak eta Iturriagaren kamixeta. Hori da alboko baskoek ikusten duten euskal kultura: euskal, oso euskal, baina kulturarik ez dute ikusten batere. Eta eurek ez badute gogorik guri begira jartzeko, alferrik ariko gara gu eskua luzatzen. Oso sinpatikoak bagara ere.

Mariaren Bihotza plaza (II)

Julen Gabiria 2006/03/02 06:29

Gustatzen zaigu aniztasuna, gustatzen zaizkigu koloreak, hizkera arrotzak eta ñabardurak. Gustatzen zaizkigu, eta urrun badaude, askoz ere gehiago gustatzen zaizkigu.

Eman paseo bat San Frantziskon behera, San Anton zubiraino. Bitxia da: paseoa amaitzerakoan, 800 metro inguruko jaitsiera horren ostean, berdin-berdin esan dezakezu sekulako aniztasuna ikusi duzula edo sekulako homogeneotasuna ikusi duzula. Aniztasuna, bidean ikusi dituzulako beltzak, marroiak, horiak, jonkiak, ijitoak eta zuriak. Homogeneotasuna, talde horiek guztiak behin edo behin baino ez direlako elkarrekin nahasten, eta, hala egiten dutenean, tabernetan izaten da, benetako aniztasunerako gogoz. Esate baterako, Bere-bar zoragarrian, zeinetan berdin aurkituko baituzu Meirelle musulmanei barreka, atso bilbotarra mutil argentinar batekin hizketan, zaharrak tutean eta tabernari berberea euskaraz.

Gutarrekin egoteko beharra dugu beti, ulertuko gaituenaren alboan. Azaleko kolore bera badugu, edo antzeko lapurretak egin behar baditugu txuteak hartzeko, edo urte luzez fabrika berean egin badugu lan, edo tabernetan sartzen uzten ez badigute, edo Mekara begira hildako arkumea jaten badugu, gutarrak gara. Paddy Rekaldek idatzi zuen, Bilbori buruzko poema batean, "Nire zauriak / nire ametsak / dituztenak / dira / nire aberkideak". Eta ametsik ez baduzu ere, aberkideak erraz topatuko dituzu hemen, zauri berekoak bazarete. Eta, azken batean, zauri berekoak zarete, batek daki ze ilusioren atzetik heldu zaretelako honaino, ametsak bidean ahaztuta, lehenengoa dela dioten mundu puta honetako auzorik bazterrekoenean agertu arte.

Mariaren Bihotza plazako tabernara sartu naiz gaur ere, etorkin espainiarren artera. Santiagok Erandion egin du lan bizitza osoan, tailerrean. Gaur karta onak etorri zaizkio, errege bi. Beranduegi, hala ere. "Hobe hamazazpi urte nituenean etorri izan balitzaizkit", esan dit, eta azaldu dit beti buruan daukan Zamorako herritxo hori nolakoa den, ze ondo bizi zen han txikitan. Anisa eskaini dit eta eskuarekin ezetz egin diot. Trago batean edan du anistasun osoa.

Airean

Julen Gabiria 2006/02/27 08:07

Ostegunean idatzi nuen moduan, duela gutxi bota dute Boluetako fabrika (Tagzanian oraindik ere oso-osorik ikus daiteke), bertan etxebizitzak egiteko. Horren berri izan nuenean, argazkiak egitera joan nintzen (gauza bera gertatu zitzaidan "airean doazen beste mundu" batzuekin ere: San Anton zubiaren muturrean zeuden Bilbo Zaharreko etxeekin edo Ideales zinemekin, esate baterako).

Egia da esan nuena: emakume bat etorri eta sekulako historia kontatu zidan. Eta, besteak beste, hitz horiek esan zizkidan: mundu bat doa airean.


Hau zen Boluetako Santa Ana fabrika, erabat bota baino lehen.


Lehen...


Eta orain.


"Hemen jaio nintzen, fabrikan bertan. Orain zelan kontatuko dut hori, etxerik eta fabrikarik ez badago?

---------------------------------------------------------

Oharra: Goiko testu xume hori lehengo astetik daukat idatzita. Testu hori argitaratzeko asmoa nuen, beste barik, baina atzo hunkituta oheratu nintzen, Larrabetzuko hiru gazteren heriotzaren albistearekin. Horren berri izan nuenean, gogoa sartu zitzaidan eurei idazteko blog honetan, hunkiduratik. Baina ez, holakoetan askoz ere gehiago esaten baitu isiltasunak. Goiko testu eta argazkiek ez dute inongo zerikusirik atzoko istripuarekin, baina gazte horiei eskaintzen diet, eurekin ere mundu bat joan zelako airean.

Mariaren Bihotza plaza (I)

Julen Gabiria 2006/02/23 08:25

Harritu egiten zara jendearen hitzekin, konturatu gabe egiten dutelako berba, esaten ari direna poesiatik oso hurbil dagoela pentsatu gabe. Ohartarazten badituzu, esaten badiezu euren ahotik irtendako hori poesia izan dela, betiko lotsatu eta ez dizute gehiago berbarik egingo, poesia bizimodu erosoaren emaitza iruditzen zaielako, bizimodu alferrikako, urrun eta bizizaleegiaren emaitza. Hori gertatu zitzaidan Boluetan, iaz, botatzen ari ziren fabrikari argazkiak egiten ari nintzela. Andre bat etorri zen ni nengoen lekurantz, etxeko zapatiletan errepidean gora. Nire alboan jarri zen, eta jakin nuen poesia sortuko zela lehenago edo beranduago. Gero berbetan hasi zen; edadekoa zen, badakizu nolakoak diren. Esan zidan fabrikan jaio zela eta fabrikari itsatsitako etxe batean bizi izan zela beti. Hemen jaio eta hemen bizi, esan zidan, eta gehitu zuen: orain zelan kontatuko dut non jaio nintzen, etxerik eta fabrikarik ez badago? Zutik utzi duten tximinia bakarrari begira, eta agur esaten duenaren naturaltasun berberaz, "mundu bat doa airean" bota zidan, eta nik ezin izan nion esan poesiaren kontu hori, bestela atzera joango baitzen etorritako bidetik, etxeko zapatilak arrastatuz, irainduen sentsazio berarekin.

Andreak burdinazko hesiaren kontra jarri zituen eskuak, eta hesira hurbildu eta zuloetatik begiratu zien obrei. Argazki bat atera nion bera konturatu gabe, bere izena esan zidan, Felisa edo. Kontatu zidan, ez baneki bezala, zenbat jende zetorren Espainiatik sasoi hartan. Bere gurasoak ere Ebrotik beherakoak zirela, baina bera bertakoa, eta lanean zeuden beharginei esnea eramaten ziela txikitan, eta berak ere orduan bazekiela basko apur bat, orain ahaztuta daukala dena.

Inongo arrazoirik gabe gogoratu naiz gaur emakume harekin, Mariaren Bihotza plazaren izkinan dagoen tabernara sartu naizenean. Bolueta, Etxebarria, Euskalduna, Labe Garaiekin gogoratu naiz. Gizonak dominoan jolasten ikusi ditut gaur. Gogoratzen ote dira airean joandako munduaz?

Juan Kruz Igerabide Bilbon

Julen Gabiria 2006/02/22 08:39

Gaur, 20:00etan, Juan Kruz Igerabide izango dugu Santutxun, Hauts bihurtu zineten (Alberdania) nobelari buruz berbetan.

Hauxe diote liburuari buruz Alberdaniaren webgunean:

"Euskal Herriko auzo txiki batean, frankismoaren azken urteetan eta trantsizio garaian kokatuta dago Igerabideren lehen eleberri hau. Autoreak ongi ezagutzen duen garai eta leku gatazkatsu nahasia, beraz.

Garai hartan nerabe eta gazte sasoiko izandako bat da narratzailea. Pertsonaia asko eta ongi taxutuak agertzen badira ere, bada bat narratzaileak begiz jotakoa eta ongi begikoa duena: Adela, auzoko maistra aurrerakoia. Emakume maitagarri haren drama humanoak josten du osoagoa izan nahi duen kontakizunaren ehuna.

Eleberria oihartzunez beterik dago. Esan liteke oihartzunen sare batek osatzen duela nobelaren egitura, denbora kronologikoari denbora psikologikoa gailenduz. Ez da garai historiko baten azterketa objektiboa, irakurketa sentikor bat baizik, sufrikariotik eta gozamenetik sorturiko lekukotza bat, hauts bihurtu zirenen errautsekin idatzitakoa".

Badakizu: egilearekin lau berba egiteko aukera paregabea eta Bilbo inguruan literaturaz gozatzeko modu ezin hobea.

Ordua: 20:00
Lekua: AEKren euskaltegia, Txurdinagan
Kalea: Arbidea 21

Galdu barik heltzeko mapa eta argibideak:

(Hurbildu mapa + teklari emanez, edo urrundu - teklarekin. Egin klik txintxeten gainean, Irakurlearen Tartera heltzeko jarraitu behar duzun ibilbidea ikusteko)

Metroz joanez gero, irten Santutxun, Zabalbideko irteeratik. Kalean gora egin, errepide nagusira heldu arte. Errepidea zeharkatu (goian, zebrabidea; behean, lurpeko pasagunea), eskailera batzuk igo eta Txurdinagan agertuko zarete. Lehenengo kalea eskumatarantz hartu, aldats behera. Hantxe bertan dago, parke baten ondoan, AEKren euskaltegia.

Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.