Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Eskola publikoa

Eskola publikoa

Mikel Iturria 2007/06/11 06:00

Atzo zortzi Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaian egon nintzen Ondarroan, beste lagun asko bezala.

Ikasketa guztiak sare publikoan egindakoa naiz, etxean eskola pribatu batera edo ikastolara bidaltzeko dirurik ez zegoelako. Beraz, barrutik ateratzen zait niri publikotasunaren aldeko jarrera hori.

Seme-alabarik ez dut, baina bai harritu nauela familiakoek edota lagunek beren seme-alabak eskolaratzerakoan egin dituzten zenbait hautu. Denetarik dago, baina esango nuke pribatuaren aldeko joera gailentzen ari dela.

Ondarroan egon zen ere Javier Vizcaíno eta blogean idatzitako apunteak irakurleen arteko debatea piztu du. Bertan badaude arrazoi batzuk nire inguruko jendearen erabakia ulergarri egiten dutenak.

Ikusten da ere badagoela irakasle kontzientziatu eta auto-kritikorik, gurditik tiratu nahi duena. Ezin baita beti izan diru eskasia eta agintarien gaitasun eza sare publikoan dagoen problema guztien sorburu. Hori biktimismo-bertan-goxoa da (oso kirol euskalduna).

Honen harira dator duela egun batzuk lagun batek kontatu zidan dei bitxi bat. Berak jardunaldi batzuk antolatu ditu azken urte hauetan eta unibertsitate publikoko irakasle bertan goxo bat kexu omen zen inork ez ziolako berari jardunaldien berri eman. Potroak behar dira, dedio!

Bukatzeko, ikastola (pribatu jarri behar nuen, baina igual norbaitek badu zer esana) bat aipatu nahi dut. Aste bukaeran jaso behar zuen Maite Goñik saria Bartzelonan. Ordiziako Jakintza Ikastolako IKTeroak taldeko partaideak landutako Euskal Jakintza blogak irabazi baitzuen duela hilabete inguru I. Espiral Saria ikasgelako blogen kategorian. Kronikaren zain nago, Maite.

En castellano

etiketak: Harrikadak
iturri
iturri dio:
2007/06/11 19:52

Aupa bikote:

@Jolaus: apunte interesgarria egin duzuna. Hainbat gauzekin bat nator zurekin.

@Maite: zain nago, bai. Animo.

Iban
Iban dio:
2007/06/12 02:15

Nik ez dut uste, Jolausen dionaren kontra, publiko-pribatu arteko eztabaida horren gaindituta dagoenik. Kuotak, txikiak izanda ere, galbahe sozial bat dira azken batean: badago populazioaren zati bat ezin duena hautatu. Eta ez dut uste kasualitatea denik eskola pribatu euskaldunean etorkinen portzentaiak eskola publikoan baino handiagoak izatea, adibidez.

jolaus
jolaus dio:
2007/06/11 13:09

Aupa Iturri

Benetan esatea nahi baduzu, aspalditik daukat nik gaindituta pribatu-publikoaren arteko eztabaida antzu hori. Gure gurasoek hilabetero ordaintzen duten kuotarengatik pribatuak garela esan nahi badu ba, tira, hala izango gara. Gure ikastola Herri Onurarako Erakundea izendatua izan zen aspaldi. Ondo dakizun bezala, gurearen berri publikoa emateko konpromisoa hartuta daukagu aspalditik. Gure lanaren eta hobetzeko konpromisoaren azken onuraduna gure herria izango da, gure Ordizia maitea. Irakaskuntzak ez nauela aberastuko ere oso garbi daukat (sosa batzuk ere nire poltsikotik utzi izan ditut ere nire ikastolaren alde). Ez dakit honen guztiaren atzean ispiritu publikoa dagoela esan daitekeen edo ez.

Ni neu, ikasle garaian, ikastolan ibilitakoa naiz eta gero, batxilergoa egitera herriko institutura joan nintzen. Nire koñata eta osaba batek sare publikoan lan egiten dute. Irakasle konprometituak, irakaskuntza maite dutenak eta euren lanean etengabe hobetzeko filosofia erabat barneratuta dutenak. Batez ere, nire osaba. Ez zaio asko falta jubilaziora heltzeko; nire irakaslea izan zen eta asko estimatzen dut bere lanbidea egin duen ibilbidearengatik. Bide batez, ikastoletan lan egiten duten irakasle asko ezagutzen ditut, euren lanbidea batere maitatzen ez dutenak, bestelako interes pertsonaletan dituzten interesei begira irakaskuntza lanbide bezala aukeratzen dutenak (tristea da esatea baina hala da; irakaskuntza askorentzat euren bigarren lanbidea da, honek eskaintzen duen ordutegi malguari ondorioz, euren interes pertsonalak aurrera ateratzeko erabiltzen dute). "Funtzionario" asko ere ezagutzen dut eskola pribatuan.

Berriro diotsut, benetan aspertuta nago publiko-pribatu eztabaidaren inguruan. Irakaskuntzak beste arazo serioagoak ditu hori baino. Nire uste apalean, eskola publikoa ente erraldoi batean bihurtu da, handiegia agian. Garai berriei egokitzeko malgutasun falta handia ikusten dut. Interes asko daude tartean (politika mailakoak, sindikatuak...) eta hauek izaten dira askotan, aurrera egiteko egoten diren eragozpen handienak. Sistemaren egitura bera, hain zentralizatua, ez dut uste batere mesederik egiten dionik honi.

Ikastolok ere badugu zer hobetua, noski. Geure burua eskola publikoarekiko etengabe alderatzea izan daiteke bat. Konparazio hauetan gainera biktimismo puntu bat ere daukagula uste dut eta biktimismo hau askotan, gure iniziatiba falta estaltzeko erabiltzen dugu. Korporatibismo punttu bat ere somatzen dut, gureari heltzen diogu beti, besteena bigarren maila batean ipintzen dugularik. Nik nahiago nuke izaera irekiago bat izango bagenu, ondo egiten ditugunak besteekin partekatuko bagenu eta besteen esperientzia arrakastatsuak geureganatzen ahaleginduko bagina.

Bukatzeko, ez dut esango baliabiderik falta ez zaigunik. Baina zain nago ea noiz helduko diogun, irakaskuntzan erabat errotuta dauden arazoak mahai gainean jartzeari. Zuk aipatu duzu bat: irakasle kontzientziatu eta auto-kritikoak behar dira. Beste asko daude baina horri bakarrik helduko bagenio (irakasleriaren kontratazio eredutik hasita gure lanaren ebaluazioa zehatza egin arte) ez legoke batere gaizki.

Maite Goñi
Maite Goñi dio:
2007/06/11 13:46

Aupa, Iturri! Hementxe nago bueltan leher eginda (baina pozik). Ea tartetxo bat hartzen dudan zerbait kontatzeko. :-)

jolaus
jolaus dio:
2007/06/12 03:14

Aupa Iban

Nire hitzekin ez dut adierazi nahi izan pribatu-publikoaren arteko eztabaida hori konponduta dagoenik (horixe da nik nahiko nukeena, alajaina!). Iturrik linkatu duen artikuluan idatzitako iruzkinak irakurtzea besterik ez dago. "Y ya vale de lamentaciones. Sr Vizcaino siempre merece ponerse una camiseta de la escuela publica" bezalako esaldiekin nahikoa da konturatzeko batzuentzat kalitatearen gainetik, konpromisoaren gainetik, arazoak konpontzeko jarrera baikorraren gainetik... publikoa izatea dela benetan balioa duena. Badirudi gure gurasoek hilabetero ordaintzen dituzten 19€ horiek nahiko arrazoia dela ikastolok burutzen dugun lana bigarren maila batean kokatzeko, inongo beste arrazoirik gabe. Horrexegatik diot, NIK NEUK aspaldian utzi nuela alde batera zentzu gehigirik gabeko eztabaida hori.

Bukatzeko, gai interesgarria atera duzu etorkinena aipatzen duzunean. Ikastolan lan egiten dudanetik ez zaio sekula inorri ukatu eskolaratzea, kuota ordaintzeko dirurik izan ez duelako, eta dagoeneko etorkin mordoxka ditugu gure geletan. Hori horrela da, delegaziotik ikasle etorkinen banaketa dekretuz egiten delako eta Ordizian eskola publikoak etorkinen erdiak jasotzen dituen bezala, guk beste erdia jsotzen dugulako.

Eta nola erantzuten diogu geroz eta larriagoa bihurtzen ari den arazo honi? Batzuk gobernuari laguntza eta baliabideak eskatzen dioten bitartean, gu dagoeneko proiektu berritzaile bat abian jarri dugu, une honetan dugun dugun arazoa konponduko duelakoaren esperantzaz. Eta hortxe ibili gara, proiektua aurrera eramateko behar ditugun sosak ateratzeko bailaran osoan zehar, atez-ate, lantegiz-lantegi... gure konpromisoaren arrakasta Ordizia eta Goierriren onurarako izango dela jendea konbentzituz. Eta zorte pittin batekin, dena ondo ateratzen bada, publikoa egingo dugu, gure herriko beste eskolarekin partekatuko dugu eurek horrela nahiko balute behintzat, zerbitzu publiko batek egingo lukeen bezala.

Eta kontuz! Gu bezala, seguru nago eskola publikoan ere badaudela arazoak kanpotik konpontzea zain egotea baino nahiago dutenak, egoerari aurre egitea eta irtenbideak bilatzea. Dudarik ez daukat! Horixe da bada niri gehien interesatzen zaidan eskola, ekintzailea, konprometitua, dinamikoa, ausarta... Eta bereziki interesekoa dut horrelako eskola euskaldun bat horrela nire auzoa, nire herria eta nire herrialde osoa irabazten aterako delako. Horixe da kontua.

iturri
iturri dio:
2007/06/12 23:40

Idatzi du Maitek kronika

xa2
xa2 dio:
2007/06/13 17:47

Jolausekin bat nator, Oñatiko ikastolan egiten dut lan, nire semeak Busturiko ikastola publikora doaz. Ikastola baten egin nituen ikasketak, nire ama lanbide heziketako irakaslea izan da. Eta batean zein bestean irakasle eta guraso konprometitu eta ez konprometituak ezagutu ditut. Hori da benetako erronka, batean zein bestean, hezkuntza komunitatea denok osatzen dugu eta horrez gain denok izan behar gara partaide.

Maite
Maite dio:
2007/06/13 11:00

Iturri, aipatu duzun kronika ikasleentzako kronika-anekdotikoa zen. Zuk eskatutakoa hementxe. ;-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter