Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Cómo fraga don Manuel

Mikel Iturria 2005/06/21 07:30

Izenburua ez da nirea, Paco Umbral zutabegilearena baino. Ekainaren 15eko El Mundo egunkarian argitaratutako artikulu bati dagokio. Lotura ordaintzekoa da, beraz ez baduzue klaberen bat alferrik zabiltzate goikoa sakatuz. Dena den artikulu hori etorri zait gaur burura. Eta duela zenbait egun gertatutako beste gauza bat. Mahai baten inguruan ari ginen bazkaltzen. Lau lagun. Hiru euskaldun eta galego bat.

Gehienok ordu pare bat lehenago ezagutu genuen elkar. Arratsaldean ekitaldi bat genuen eta bazkaltzeko geratu ginen aurretik. Dena uste bezala zihoan, baina, halako batean, euskaldun batek bota zion galegoari: "Ez dut ulertzen nola oraindik Fraga atera daitekeen presidente. Hemen ez dugu ulertzen”. Galegoa piztu egin zen supituki: "Niri ere ez zait gustatzen Arzalluz eta ez nator hona esatera Arzalluz txoropito bat dela. Gauzak konplexuagoak dira. Ezagutu beharra dago hango egoera".

Galegoak jarraitu zuen bere erretolikarekin: "Galiziako populazioaren hiru laurdena zahar ez alfabetatuez osatuta dago. Nire gurasoen modukoak dira. Aita marinela zen eta ama etxekoandrea. Fraga ezagutzen dute. Alternatiba, berriz, oso kaskarra da. Gainera, ulertzen ez dituzten gauzak aipatzen dizkiete. Iraultzaz-eta hitz egiten dute".

Nunca Mais mugimenduko buruek interes pertsonal asko zituztela ere esan zuen. Manuel Rivasen kontrako hitz gogorrak ere atera ziren haren ahotik. Hori bai, izenik aipatu gabe. Escritorcilloa gora, escritorcilloa behera. Ni isilik geratu nintzen. Azken finean, anfitrioi lanetan nengoen, baina bai pasa zitzaidala burutik zer iraultza klase zen hango PSdGk eta BNGk aipatzen zutena. Ez zaizkit ba bi talde hauek oso iraultzaileak iruditzen.

Hala ere, laugarren mahaikideak utzi egin zion galegoari lasai hitz egiten. Bukatu zuenean ihardetsi zion: "Badakizu zein den arazoa? Fraga hiltzaile bat dela. Nire familiaren gertuko pertsona bat akabatu zuen berak Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an. Eta horregatik ezin du jarraitu dagoen tokian".

Ia hilabete pasa da enkontru hartatik. Atzo izan ziren hauteskundeak Galizian, baina oraindik ez dakigu nor den irabazlea. Galtzailea zein den ere ez dakigu. Datorren astelehenean argituko dira kontuak.

Bitartean, cómo fraga don Manuel.

Bizitza modernorako gaitasun agiria

Mikel Iturria 2005/06/19 19:05

Aste honetan enteratu ginen Telezaborrari esker pasa den igandeko Gaur Egun saioa 6000 lagunek eguerdian eta 16000 lagunek iluntzean ikusi zituztela. Notizi hori komentatu zuten Sustatun eta erantzun asko egon dira. Botatzen dituzten ordu horietan, niri ez datorkit batere ondo eta ez ditut informatibo horiek normalean jarraitzen. Gauza bera gertatzen zait Mirentxu Purroi kazetariak aurkeztu eta zuzentzen duen Mundo hoy saioarekin. Igandetan 13:30ak aldera ETBko 2. katean botatzen dute eta zaila da ni garai horretan telebista aurrean egotea. AEBetako Salt Lake City hiria eta Kenyan bizi diren errefuxiatu bantuak lotzen dituen aire zubi ulertezinari buruzko erreportaia bota zuten aurrekoan eta teleari begira egon nintzen, halere.

Bantu herriak ederki sofritu du eta gaur egun bere lurretatik kanpo bizi da. Erreportaiaren abiapuntua izan zen Kenyan dagoen errefuxiatu eremu bat. Ulertu nuenez Nazio Batuen Erakundeak AEBri eskatu zion laguntza jende hau inguru haietatik ateratzeko. AEBko gobernuak hiru hilabeteko etxebizitza gastuak pagatzen dizkie Afrikatik metropolira eramandako pertsona hauei. Ah! Oh! Zein bihotz onekoak garen amerikarrak!

Erreportaiak kontatzen zuen hilero-edo berrehun bat bantu hartzen zituztela abioi batean eta Estatu Batuetako Salt Lake City-ra eraman. Hori egin aurretik astebeteko formazioa ematen diete aukeratuei. Hau da, errefuxiatu eremu batean bizi diren lagun batzuk hartu eta esplikatu nola bizi garen gure mundu puta honetan. Hau iturria da eta horrela irekitzen da; hori argia pizteko-itzaltzeko gailua da; hori ate bat da eta honela irekitzen da.

Hala ere, hori baino fuerteagoa iruditu zitzaidan nola esaten zien formatzaileak gizonezkoei AEBetan ezin dela emaztea jipoitu, edo 14 urteko neskak ez daudela derrigortuta ezkontzera edo... Zur eta lur geratzeko moduko erreportaia.

Hassan izeneko 52 urteko gizona eta 41 urteko haren emaztea, gehi ez-dakit-zenbat seme-alaba eta biloba nola eraman zituzten kontatu ziguten. Hassanek seme-alabaren bat zuen lehendik AEBn. Hau da, bera baino aste batzuk lehenago eramandakoa.

Erreportaiak ez zuen iritzirik ematen. Kamera jarri eta kitto. Agian egokiena zen, zeren flipatzeko moduko gauzak jartzen zizkiguten begien aurrean.

Hala ere, bukaera ez zitzaidan gustatu, zeren eta orduan bota zuten "Hassanek ez-dakit-zenbat-hilabete daramatza AEB eta lanean ari da ez-dakit-zein-enpresatan". Seme-alabekin ere berdin.

Ah! Ia ahaztu egiten zitzaidan: astebeteko oinarrizko ikastaro hori egin ondoren, eta Amerikara joateko autobusa hartu baino lehen, ekitaldi batean ziurtagiria ematen zieten: "Bizitza modernorako gaitasun agiria". No comment.

Ertz jaialdian egon nintzen larunbatean (eta bi)

Mikel Iturria 2005/06/14 07:30

Atzokoan idatzi bezala, Ertz jaialdian egon nintzen larunbatean. Pablo Lasa ere han zegoen. Eta bezperan aritu zen Oier Iruretagoiena "Tüsüri". Eta Zu taldea igo zen eszenatokira, Xabier Iriondo eta Damo Suzukirekin batera. Zu ez dira euskaldunak, italiarrak baizik. Eta free-jazz egiten omen dute, baina larunbatean askoz gogorrago azaldu ziren. Eta musika entzuteko eta erosteko parada ere egon zen.

Pablo Lasa Oarsoaldekoa da. Ez dut jarriko Errenteria edo Lezo, zeren eta ez nago ziur. Musikarekin jolasteko (edo aritzeko) software-a egina du gizonak. Eta ikusgai eta jolasgai egon da nahi zuen ororentzat. Ni ez nintzen hurbildu, baina pena dut orain, zeren eta seguru merezi zuela saiakerak. Hala ere, hemen duzue informazio gehiago.

Oier Tüsüri gaztea hantxe zebilen, betiko martxan, esponja moduan: ikusten, entzuten, datuak prozesatzen. Sototik.com webgunean eskegi zuen artista bakoitzaren piezaren bat.

Zu taldea hiru lagunek osatzen dute: bateria, saxoa eta baxua. Bi lagun gehiago zeuden eszenatokian: Damo Suzuki abeslari japoniarra eta Xabier Iriondo gitarraz. Ordubeteko kontzertua eskaini zuten kaosetik gertu egon zena. Zaratatsua. Inoiz elkarrekin aritu gabea zen boskotea. Gustura geratu nintzen bukaeran. Inguruan zioten aurrekoan egon zirenean, hobeto aritu zirela. Erakusketa aretora jaitsi eta diskoak begiratzen egon nintzen. Zaila da horrelako musiketan oinarrizko bi ideia baino ez dituen pertsonarentzat aukera egitea. Azkenean, alde batetik bestera ibili ondoren, Café Teatro talde euskaldunaren azken lana eta Zu taldearen 2004ko beste bat erosi nituen.

Laugarren emanaldira ez nintzen geratu. Eric de la Casa eta Thomas Charmettant. Goizeko 2:20ak inguruan hartu nuen autoa todo por la patri(k)a leloa sarrerako atean jarrita duen (zuen?) etxearen aurreko aparkalekutik. Irratia piztu eta orduan enteratu nintzen Osasunak 1-2 galdu zuela partida. Espero nuen halakorik, batez ere zarata handirik somatzen ez zelako Berako kaleetan. Hurrengo batean izango da.

Futbolak merezi ez duenean, beti geratuko zaigu musika. Diot.

Ertz jaialdian egon nintzen larunbatean

Mikel Iturria 2005/06/13 07:30

VI. edizioa bete du aurtengoarekin Beran egiten den Ertz jaialdiak. Ez nuen jaialdia ezagutzen eta bertara joan nintzen larunbatean. Beste musiken txokoa da Ertz. Ez da erraza, zale gutxi baitago Euskal Herrian musikaren eremu esperimentalean dabilena. Hori bai, Berako tabernetan ere, bertze musika baino, futbola garaile, nahiz Osasunak partida galdu.

Larunbatean lau emanaldi zeuden iragarrita. 22:00etan zen lehenengoa eta, beraz, 21:00etan taberna batean hartu genuen tokia bokata goxo batzuk jateko. Ordu horretan hasi zen Kopako finala eta gorritxoen zalez inguratuta afaldu genuen. Geunden tokitik ez zen pantaila ikusten. Eskerrak, zeren eta bestela ez niokeen begirik kenduko telebistari. Futbolaz jardun beharrean, musikaz-eta aritu ginen.

Lesakako Gaizka Sarasola musikariak piztu zuen gaueko sua, Xabier Iriondo jatorri euskalduneko italiarrarekin batera. Gaizka musika tradizionalaren esparruan mugitzen da eta ikuspegi berritzailea ematen saiatzen da. Iriondok Gaizkak txistu, danbor eta beste tresnekin sortutako soinuekin jokatu zuen, ordenagailua-eta erabiliz. Publikoaren arreta bereganatu zuten eta jendea adi egon zen, begira, entzuten. Ni ere bai.

Emanaldia bukatu eta hurrengoa prestatu aurretik, zerbezaren bat hartzeko aukera zegoen behean dagoen erakusketa aretoan. Erakusketa aretoan Azkoitiko Matadeixeri buruzko erakusketa zuten paratuta. Ekitaldi mordoa antolatu dute azkoitiar zoro hauek azken urte hauetan, Udalak zirkulaziotik kentzeko beldurra ezin uxatuz.

Bonba izeneko herriko pertsonaiari Maxixatzen aldizkarian duela zenbait urte eginiko elkarrizketa zegoen irakurgai sarreratik gertu. Herriko pertsona (eta pertsonaia) berezia izan zen gizon hau. Demagun Azkoitiko Txantxillo zela.

Gauean, etxeratu ondoren, mesanotxetik Iñaki Segurola azpeitiarraren Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo hartu nuen. Liburua ireki eta Bonbari eginiko elkarrizketa hori aipatzen zuen orrialdearekin egin nuen topo kasualitatez. Ea elkarrizketa hori lortzen dudan nonbaitetik. Sarean ezinezkoa izango da, baina ea norbaitek laguntzen nauen.

Bigarren emanaldia Astra bikotearen interbentzioa izan zen. Ilios, Bartzelonan bizi den greziarra, anti-karrera musikala eginez dabil tinko. Ez dira nire hitzak, bereak baizik. Jason Kahn izan zuen bikotekide. Aretoaren erdialdean jarri ziren biak, ez eszenatoki gainean, ordenagailu banarekin. Eta soinu-frekuentziekin jokatu zuten. Askok ez zuten aguantatu, baina, eta alde egin zuten.

Esaten zuen ba hauetako beratar batek duela zenbait hilabete, kontzertu esperimentaletan, sarrera baino, irteera kobratu behar dela.

Jarraituko du, zeren, bestela, luzeegia aterako zait-eta.

Ea ekainaren 30a laister iristen den

Mikel Iturria 2005/06/11 18:03

Egun batzuk pasa ditut ez nekiela zeri buruz idatzi, baina ez material faltagatik (zer gaizki dagoen mundua, dedio!), denbora eta patxada faltagatik baizik. Izenburuak Sanmartzialetako jaiak eta alardea iradoki dezake. Ez, ez da hori. Barkatuko didazue fribolo izatea, gaur ere Realari buruzko konturen bat edo beste aipatuko baitut.

2001eko hauteskundeetan, Astiazaran garaile atera zen hartan, argi nuen ez zela nire bost akzioei esker presidente aterako. Gibelalde ere ez. Galloren esku utzi nituen akzio haiek. Eta bere izenean utzi nituen ez berarengatik, Xabier Azkargorta zegoelako proiektu hartan baizik.

Gallok handicap ederrari egin behar izan zion aurre: PPkoa zela zabaldu zen eta hitz egiterakoan bazirudien gizona elizatik atera berria zela. Hau da, Santander inguruan esaten duten comeostias baten itxura zuela. Ezagutzen zutenek, ezetz esaten zuten: Gallo ez zela PPkoa ezta bereziki gizon erliojosoa ere. Egia izango zen, baina ezin izan zituen ustezko aurreiritzi haiek gainditu. Oraingoan, antzeko zeozer gerta dakioke Miguel Santos hautagaiari. Denok oroitzen dugu nondik datorren Santos, futbolarien agentea (izan?) dela eta borrokatu beharko du tiburoi fama gainetik kentzeko. Beno zama hori eta kontinuista izatearena ere gainditu beharko ditu.

Atzo aurkeztu zuen Santosek berarekin batera aurkeztuko diren beste 8 lagun. Horien artean badago ezagutzen dudan pertsona bat. Tipo jatorra da eta Santosek bidaide gisa aukeratzeak harritu egin nau. Bere esku utziko ditut nire bost akzioak?

Bestalde, atzoko prentsan irakurri nizkion Iñaki Alaba eta Miguel Fuentesi gustatu ez zitzaizkidan zenbait gauza. Esandakoak baino, tonua desegokia iruditu zitzaidan. Uste dut maila horretan ezin dutela beraiek jokatu. Ez dakitelako, besteak beste.

Gainera, Fuentesek Miguel Santosekin aritu nahi omen du: gehiago du galtzeko irabazteko baino. Santos abila da oso mingainarekin eta bien arteko eztabaidan erraz irabaziko dio Fuentesi.

Loturak zerrendakoak albo batera utzita (ezer gutxi erakutsi dute), Reala gidatzeko bi molde daude aurrez aurre: Miguel Santos-en pertsonalismoa edo Denonerreala-koen talde-lana. Bien arteko uztarketa izan daiteke mesedegarriena.

Tabacalera kulturgunea: aurrera doa?

Mikel Iturria 2005/06/06 07:30

Igande honetan hondartzara joan beharrean Perlara joan naiz goizean goiz. Aldez aurretik kafetxo bat hartu dut bertako tabernan. Eguneko prentsa irakurtzeko aprobetxatu dut. Interesgarria iruditu zait Enrique Ordóñezi Diarioak egin dion elkarrizketa. Lerro artean irakurtzeko elkarrizketa da.

Tabacalera proiektua zer izango den ari dira aurreratzen gure txerifalteak. Dirudienez ikus-entzunezko espezialitatea izango duen kulturgunea izango da. Bertan Euskadiko Filmoteka, Liburutegi Nazionala eta Ordóñez-Falcón fundazioa egongo omen dira, besteak beste. Joana-Albret blog-ean irakurri nuen, El País egunkariaren Euskal Herriko gehigarrian Maribel Marínek pasa den asteburuan sinatutako artikulua.

Aste honetan apenas irakurri dudan egunkaririk. Beraz, ezin jakin gure prentsak honi buruzko datu gehiago publikatu ote dituen. Atzo Ordóñez-Falcón fundazioko buruari bi orrialde eskaini dizkio Diarioak hemen

Bere inpresioak eta iritziak bota ditu Enriquek. Hala ere, goian esan bezala, lerro artean irakurri beharreko elkarrizketa da: zer esaten duen baino, zer ez duen esaten eta zer adierazi nahi duen benetan asmatu behar da. Ez da erraza, beraz.

Kudeatzaile lanetan nor arituko den galdetuta, José Miguel Ayerza, Kursaal-eko zuzendariaren izena bota du. Kinielatan ageri omen da.

Enriquek esaten du ez litzatekeela bertan merkataritza gune bat egin behar. Hau da, Bretxaren moduko espaziorik ez jartzeko eskatu du. Hain da handia eraikina (32.000 metro kuadro dituela dio Teresa Flaño kazetariak), nahikoa lan dagoela guzti hori zentzuz betetzeko. Gaizki pentsatuta badirudi kontrako bidetik datorrela egitasmoa: hau da, gestio on bati esker Tabacalera eraikina erori zaio hiri honi eta orain bete egin behar da.

Denbora asko pasa da 2001ean kulturgunea egiteko asmoa agertu zutenetik jendaurrean hiru erakundeek (Udala, Aldundia eta Jaurlaritza). Baina tentuz ari dira mugitzen. Bartomeu Marínek egindako lehen proiektua ez zuten onetsi erakundeek. Orain bi kontsultora atzerritar jarri dituzte lanean. Pasa den asteko artikuluan, Maribel Marín kazetariak zioen azken txosten hau ere ez dela Gipuzkoa eta Donostiako erakundeen gustokoa izan.

Ez da erraza asmatzen horrelako proiektu erraldoi batekin. Hiri eta lurralde historiko honen urteetako aurrekontuak hipoteka ditzakete gure agintariek. Asmatuz gero, denok kanpeoi. Baina ez badute asmatzen, nork pagatuko du? (Galdera erretorikoa).

Orain arte diru gehiena (guztia esango nuke) publikoa da. Non daude enpresa pribatuak? Ordóñez-ek horrelako zeozer iradokitzen duela iruditu zait goizeko irakurtaldian. Ikusiko dugu.

Ah! Bospasei urte barru Donostiak Kursaal, Victoria Eugenia eta Tabacalera izan dezake 600.000 biztanleentzat (Gipuzkoako lurralde osoa hartuz kontutan).

Portzierto, Miarritzen egiten ari diren kultur egiturei buruzko informaziorik?

Entzuten pasako nituzke egunak

Mikel Iturria 2005/06/04 16:02

Maiatzaren 24an Henning Mankell suediar idazlea egon zen Donostian, Literaktum letren eta lengoaien festan. Lau istorio kontatu zituen Gizakia ipuin kontalaria da hitzaldia harilkatzeko. Horietako bat kontatuko dut hemen. Eta gaur kontatuko dut, atzo arratsaldean erosketak egiten nituen bitartean entzun bainuen lau emakume nagusiren solasalditxo bat eta Mankell-ek esandakoa etorri zitzaidan gogora.

Goteborg hirian jaio zen Mankell 1948 urtean. Suedian eta Mozambiqueko hiriburuan, Maputon, bizi da. Bere liburuen 25 milioi ale saldu ditu jada, gehienbat Wallander inspektorearen abenturekin.

Esan bezala, lau istorio kontatu zituen. Eta nik bigarrena jarriko dut gaur hemen. Maputoko Antzoki Nazionaleko zuzendari artistikoa da suediarra. Antzokian bero handia egiten duenean, kanpora ateratzen ei da gure gizona, freskuran egoteko.

Behin kalera irten eta eraikinaren aurrean dagoen aulkian bi gizon zeuden eserita. Biek hil berria zen hirugarren pertsona bat zuten aipagai. Batak esaten omen zion besteari difuntoa istorio bat kontatzen hasi zitzaiola hil bezperan. Luzea izanik, berandutu ziren eta hurrengo egunean izan behar zuen jarraipena. Baina, istorioa amaitu gabe ospa egin zuen bizidunen mundutik.

Entzuten ari zenak, denbora luzez isilik egon ondoren, zera esan omen zuen: "Ez da hiltzeko modu egokia, kontakizuna bukatu gabe alde egitea". Hau kontatzen zuen bitartean Mankellek aipatu zuen berari asko gustatzen zaiola belarria jarri eta besteek diotena entzutea. Bere ustez, segapotoak kalte handia egin dio ohitura horri. Ulertu nion edozein unetan jotzen duela telefonoak eta magia hori izorratzen dela.

Atzo, asteburuko konprak egiten ari nintzen etxe ondoan dudan supermerkatu batean. Zain nengoen txarkuteian. Aldamenean ama-alabak zeuden. Amak, gurpildun aulkian, apenas hitz egiten zuen. Bien partez hitz egiten zuen haren alabak, ordea. Amaren adin beretsuko beste bi emakume gehitu ziren taldera.

Hasi zen etorritako bat kontatzen nola duela gutxi Espainiako artista unibertsal horietako baten emanaldian egon zen. Ez nuen asmatu zeinetaz ari ziren, baina garai bateko Espainiako artista tipiko horietako bat behar zuen. Emakumea hasi zen esaten artistari Donostia oso polita iruditu zitzaiola: "¡Qué ciudad tan bonita tienen ustedes! No sé si son conscientes de ello, pero es una de las ciudades más bonitas que conozco. Y a mí me tratan muy bien aquí. En el Sur también, pero aquí me siento muy bien".

Emakumeak gehitu zuen: "Y luego cantó no-sé-qué y se emocionó y me emocioné".

Amarekin zegoenak: "¿Y cantó esa, eh? Es muy bonita. Es la que más me gusta a mí. Es preciosa".

Eta horrela zihoan konbertsazioa. Segapotoak ez zuen nire entzunaldia oztopatu. Txarkuteian nire txanda iritsi zela baizik. Pena, la-cosa-prometía...

Bidasoa duela hamar urte izan zen Europako txapeldun

Mikel Iturria 2005/05/31 07:30

Pasa den astean jaso nuen etxean maiatzeko Irunero aldizkariaren 122. zenbakiari dagokion ale bat. Bidasoa eskubaloi taldeak Europako Kopa eta Espainiako Liga irabazi zuela hamar urte bete direla-eta, erreportaia dago barrualdean.

Ez naiz eskubaloizale amorratua izan inoiz. Telebistaz jarraitu izan ditut goi mailako zenbait partida eta uste dut behin bakarrik joan naizela Artaleku kiroldegira Bidasoaren partida bat ikustera.

Jakina da 90eko hamarkadan Europako eskubaloiaren elitean egon zela taldea. Urteetan egon zen talde irundarra Elgorriaga txokolate fabrikari lotuta. Enpresa frantses batek fabrika erosi zuenean ere, mantendu zuen babesa. Gero gauzak okertu ziren: enpresa frantsesak Irungo fabrika itxi egin zuen eta langile asko kalera bota.

90eko hamarkadan Irunek ez zuen une gozoa bizi, beraz. Europar Batasunean sartu zenean Espainiako Erreinua, aduana agentzietan lanean ari ziren langile asko kale gorrian geratu ziren.

Ireki parentesia. Zenbaki honetan ere Juan Ramón Santamaría jauna, Aduana Agentzietako Elkargoaren presidentea, elkarrizketatzen dute. Eta titularrak dio: “Europar Batasunean 10 herrialde berriak sartu zirenetik % 40ko lana galdu dugu”.

Erreportaian diote “hala ere, egoera ez da 90. hamarkadakoa bezain larria, Errusia eta Turkiarekin gero eta produktu gehiago inportatu eta esportatu egiten direlako”. Itxi parentesia.

Buelta gaitezen Bidasoa eskubaloi talde handi hura aipatzera. Garai hartan Beñardo García zen presidentea. Juantxo Vilarreal entrenatzailearekin batera urteak egin zituzten klubean. Ez nau harritu, baina bai atentzioa deitu nola kontatzen duen Beñardok nondik atera zuten dirua plantilari pagatzeko:

“Gero, hegazkinean bueltan gentozela gutxitan kontatu dudan sekulako kezka neukan: Europako Kopa eta (Espainiako) Liga irabazi genituenez, bada, jokalariei diru-sari handiak ordaindu behar zitzaizkien baina ez genuen dirurik. Han bertan hurbildu nintzen politikariengana (Irungo alkatea, Foru Diputatua eta Jaurlaritzako ordezkaria) eta konpondu nuen”.

Hamar urte pasa dira. Gauzak, hala ere, ez dirudi asko aldatu direnik: kirol zuzendari askok berdin funtzionatzen dutela esango nuke.

Bloka hartu eta segi aurrera

Mikel Iturria 2005/05/28 10:24

Gipuzkoarrengandik gero eta hurbilago dagoen erakundeak blogari gipuzkoar askoren pazientzia agortzea lortu du. Gipuzkoako prentsa idatzizko komunikabide hegemonikoarekin izandako azken harremanak hautsak harrotu ditu eta kontua baretzen hasia zela uste nuenean, Diputacion de Gipuzkoa erakundeari Google bombinga egiteko ekimena sortu da.

Google bombing egitea zer den Garik adierazten du lotura honetan:

"Webgune multzo bat prestatzea Googlen bilaketa jakin bat egiten duen erabiltzailea aukeratutako webgune batetara bideratuz".

Eta kasu honetan Diputacion de Gipuzkoa Google-n bilatzerakoan Joxeren artikulua ateratzea izango litzateke kontua.

Eta hori gertatu da Anjel Lertxundiren hitzetan blogeatuta gauden aste honetan.

Frantziako bitakora batean irakurri dugunez bloc hitzaren alde egin dute han.

"Ne dites plus jamais blog ! La Commission générale de terminologie et de néologie a publié au Journal officiel du 20 mai un avis établissant une liste de termes et d’expressions destinés à supplanter les anglicismes sur Internet. Ainsi, "bloc-notes", que l’on pourra accepter sous sa forme abrégée "bloc", désignera "un site sur la Toile, souvent personnel, présentant en ordre chronologique de courts articles ou notes, généralement accompagnés de liens vers d’autres sites", soit un blog."

Aurreko asteetan, Catalunyako zenbait gauza begiratzen ari nintzela sarean, Vilaweb-en bitakora hauei bloc deitzen zietela konturatu nintzen. Eta polita iruditu zitzaidan. Hala ere, denek ez dute berdin esaten. Cataping direktorioak weblog hitza erabiltzen du.

Euskaltzaindia erakundeak zerbait esan arte itxoin beharko dugu.

Bitartean, bloka hartu eta segi aurrera. Edo Makarrovskiren hitzetan Bloga, bloga marinela.

Irungo AEKko beteranoak

Mikel Iturria 2005/05/25 07:30

Korrikaren 14. edizioarekin batera, aurkeztu bazuten ere, joan den astera arte ez nuen gertutik ikusi Irungo AEKko beteranoak diskoaren ale bat. Auzoko taberna batean zegoen salgai, Donostian. Azala gustatu zitzaidan eta, gainera, Irungo musikarien ekimena zenez, erostea erabaki nuen.

Julen Lekuona euskaltzale eta musikariaren hitzekin irekitzen da diskoa. Jarraian: Kuraia, Apurtu, Sagarroi, Skunk eta Apoa, Anti-Régimen, Fishotz Ruido, Izaera, Fermin Muguruza eta Xabi Strubell, L´ombre Raya, Oztopoka, Joxe Ripiau, Jeremiah Johnson, Baldin Bada, Minxoriak, Dut, Kortatu eta irakasleak. Gainera, bonus track gisa ageri da Afrikak edizio honetarako eginiko kanta ofiziala, Ni ere bai.

Musikari ezberdinen artean eginikoa denez, bariatua atera da diskoa: soinu gogorrak, festazaleak, lasaiak... Lasaiak? Zahartzen ari naizenez hauek dira nire atentzioa piztu dutenak.

Irunen ezaguna bada ere, Euskal Herrian ez hainbeste, Jeremiah Johnsonek eginiko kantua aipatu nahi dut hemen: Euskalduna naiz eta arraro nago. Negu Gorriak taldeak bere garaian eginiko euskalduntasunaren harrotasun aldarri hari, buelta eman dio kantautoreak.

Euskalduna naiz eta arraro nago

Etxetik ateratzen naizenean
kalean, INEMeko bulegoan
tabernan, diskotekan
eta leku guztietan...
Euskalduna naiz eta arraro nago
Parisen, Madrilen, Pernanbukon eta Donostian
Interneten, egunkarietan,
ETBn ta Euskadi Gaztean...
Euskalduna naiz eta arraro nago
Itsasoan, mendian,
euripean eta eguzkitan,
udaberrian, udazkenean,
udan eta negu gorrian...
Euskalduna naiz eta arraro nago...
Euskalduna ote naiz?
Euskalduna naiz eta arraro nago...

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter