Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Joxemi Zumalabe eta Diagonal

Mikel Iturria 2005/04/02 13:33

Parte hartzen dudan posta zerrenda batean izan nuen orain kontatzen dudanaren berri. Ez dakit ezaguna egingo zaizuen, baina duela gutxi jarri da martxan Diagonal izeneko ekimen berria beste periodiko bat Madril aldean bultzatzeko asmoz. Nortzuk bultzatu duten ikusita, kontutan hartzeko proiektua izan daiteke. Hau da, jarraitzekoa, babestekoa. Ez dakidana da, betikoa, paperean argitaratzearen kostua asumitzerik izango ote duten. Oraingoz hamabostean behin argitaratzen da eta internet bidez ere irakur daiteke. Komunikabide honi buruzko informazio gehiago izaterakoan, idatziko dut lasaiago.

Hala ere, gaurko asmoa beste bat zen. Periodiku honetan Joxemi Zumalabe fundazioko kideak elkarrizketatzen dituzte azken zenbakian. Dirudienez, aurreko zenbakian hasitako elkarrizketaren jarraipena da.

Hiru kidek egin dute elkarrizketa: Montserrat Galcerán, Amador Fernández-Savater eta Hibai Arbide Aza. Errepara dezagun bigarrenaren bigarren abizenean: Savater. Bai, beste Savater famoso horren semea da. Eta beste larre batzuetatik dabil gizona.

Zeozer banekien aurretik, lagun batek kontatu baitzidan Madrilen, PSOEren ekitaldi bat egitekoa zen eraikin berean, Amador eta beste batzuk kointziditu zutela. Hauek beste zeozertara hurbilduak ziren eraikin horretara, beste ekitaldi batera uste dut. Amadorren kide batzuk bereak eta bi esan omen zizkieten sozialistei.

Ética para Amador... eta serie guzti hura gogoratzen? Sorpresas te da la vida dio ba kantuak

Iban Gorritiren adierazpenak eta kazetariaren titular esanguratsuaren sindromea

Mikel Iturria 2005/04/01 07:30

Astearte gauean topatu nituen adierazpen hauek Garan. Titularra: En Euskadi existe una dictadura musical increíble. Deigarria egin zitzaidan eta klik egin nuen. Iban Gorriti argazkilari, kazetari, bideo-egile eta musikari durangarrari buruzko artikulua da.

Harritu ninduen titularrak... eta gero haserretu egin nintzen kazetariarekin. Honek kontatzen du bospasei komunikabidetan kolaboratzen duela Ibanek, bi dokumental egin dituela eta beste proiektu potologoa egin nahi duela zinean, kamiseta linea bat jarri dutela martxan... Ondo.

Iban, gainera, Martxoak 31 taldeko partaide ohia da. Musika talde honek Durangoko bonbardaketa du gogoan, Gernikakoa baino egun batzuk lehenago gertatutakoa. Atzo bete ziren 68 urte. Berriki Against The Bombardiers musika taldea sortu du, Durangoko bonbardaketa burutik kendu ezinik. Ondo.

Azken talde honen sorrera aipatzen duenean, disko bat egin behar baitu, zera aipatzen du kazetariak:

"una formación que hace básicamente rock, aunque salpicado de otros ritmos y tendencias, incluido el pop, «un estilo que en Euskadi está perseguido. Aquí existe una dictadura musical increíble. Mucha gente que quiere hacer pop acaba haciendo ruido porque la sociedad te obliga», se lamenta".

Hori da artikulu osoan titularrarekin dagoen lotura bakarra. Esaldi hori. Eta hain tipo interesgarriaren lanaren aurrean, kazetariak elkarrizketa laburbitzeko ez du beste ezer aurkitu? Ez naiz kazetaria. Zaila da lan hori, baina espero dut niri horrelakorik ez gertatzea mezu baten izenburua jartzerako orduan.

Hori bai, ezin esan kazetariak ez duenik ezer lortu; nik artikulua irakurtzea, ezagutzen ez nuen Iban Gorritiren lana gehiago ezagutzea eta nik gaiari buruzko mezu bat idaztea lortu baitu. Dena Ibanen mesedetan.

Enpin, Gorritiren propaganda egiten ari naizela, ezin utzi aipatu gabe Durangoko Plateruena Kafe Antzokian diskoa eta dokumentala aurkezteko jai bat antolatu nahi duela. Ea suerterik duen.

Una reseña del disco de Deriva

Mikel Iturria 2005/03/31 02:00

A primeros de este mes de marzo, escribí en euskara una reseña del último disco de Deriva.

Esta santa semana he traducido el texto al castellano, he añadido algunas cosas y se la he enviado a Javier Ortiz para que la ponga en su página en la sección de discos. Si queréis echarle un vistazo, está aquí.

Espero que os guste.

Irun Iruten elkartearen kanpaina

Mikel Iturria 2005/03/30 07:45

Hilabetero jasotzen dut etxeko buzoian Irunero, Irungo euskarazko aldizkaria. Martxoko zenbakian jakin dut Irun Iruten elkarteak kanpaina berria abiarazi duela, Topagunea euskara elkarteen koordinadorarekin batera, bazkide berriak lortzeko.

Harritu nau jakiteak oso bazkide gutxi dituela elkarte honek. Datu bat: Irunek 55.000 biztanle ditu, 18.000 euskaldun. Elkarteak, berriz, 268 bazkide.

Urtean 36 euroko kuota pagatu behar da, baina badago 18 euroko kuota murriztua ere. Ez da diru asko, baina alardearen kontu maltzur horiek, herriko giroa txartu egin dute. Eta euskarak lasaitasuna behar du bidea egiteko. Beno, lasaitasuna ez dakit hitz egokia ote den, lo geratzeko arriskua ere baitago.

Pentsatuko dut ea izenik ematen dudan elkartean, lagunen bat badut-eta bertan. Bitartean, hona hemen Irun Iruten elkartearen webgunea eta Topagunearenak

Tüsüri ere blogari

Mikel Iturria 2005/03/29 18:13

Atzo arratsaldean jaso nuen Oier Iruretagoienaren mezua: "Web-a berritzen ari nintzen, eta albisteen atal bat egin beharrean, blog bat egitea pentsatu dut, modan jartzen ari denez. Ez dakit askotan idatziko dudan baina hor dago behintzat: http://tusuri.blog.com".

Oierek 16 urte ditu eta ipurterrea da. Duela pare bat urte ezagutu nuen, Casares Kultur Etxeak Musika eta teknologia berriak jardunaldia antolatu zuenean Altzan. Musikariak arratsaldez Altzako kaleetan zehar ibili ziren eta gauean kontzertuak egon ziren Altzako beste kultur etxean. Mutil gazte bat ibili zen bizikletaz toki batetik bestera. Gogoratzen dut oso ondo nola Mikel ez Joseba Irazokik ireki zuen jaialdia, kalean eginiko emanaldi batekin. Oierrek galdetu zion ea Xabier Montoiaren gitarrista ote zen bera. Mikelek baietz. Honek ea Montoiaren azken diskoa gustatu ote zitzaion galdetu zion. Oierrek, lasai asko, ezetz.

Elektronikaldia musika jaialditik pasa ondoren, Donostiako Gazteszenan aritu zen Smith & Mighty Sound System taldearen aurretik, 2003ko urriaren bukaeran. 15 urte zituen orduan eta bere esperimentuak taularatu zituen horretarako oraindik prestaturiko ez dagoen jendaurrean. Hala ere, publikoak txalotu zuen bere emanaldia. Handik hilabete batzutara Erakusleihoan aritu zen.

Errenterian (berak Orereta esango luke) bizi da eta hantxe ibiltzen da (edo zebilen) Zintzilik irratian. Sototik izeneko irratsaioa egiten zuen lehen eta Nontzeberri webgunean ere ikusi dizkiogu zenbait elkarrizketa.

Tipo argia da eta ez da komeni pista galtzea. Beraz, Tüsüri ere blogari. Bejondeiola. Ni jada harpidetu naiz Bloglines-en.

George L. Steer, Gernikako bonbardaketa kontatu zuen kazetaria, eta Nicholas Rankin

Mikel Iturria 2005/03/28 14:23

Gaur goizean, jaiki berritan, irratia piztu eta Javier Vizcaínok kazetari ingeles bat elkarrizketatu behar zuela entzun dut. Honen izena Nicholas Rankin da, BBCko kazetaria. Liburua idatzi omen du George L. Steeren bizitza kontatzeko asmoz: Crónica desde Guernica. Beste liburu bat du Robert L. Stevenson idazleari buruzkoa.

Gaurko irratsaioak duela pare bat urteko beste irratsaio bat ekarri dit gogora. Uste dut autoan gindoazela Santanderrera. Irratia piztua generaman kotxean. Radio Euskadi, Javier Vizcaínoren Más que palabras saioa. Georges L. Steer kazetari hegoafrikarrari buruz ari ziren. Seguraski Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren bueltan. Uste dut orduan ere Nicholas Rankin elkarrizketatu zutela.

El árbol de Gernika. Un ensayo sobre la guerra moderna, 2002an argitaratu zuen Txalapartak. The tree of Gernika. A field study of modern war zen 1938an publikaturiko jatorrizko liburuaren izenburua. Paul Preston historiagilearen hitzetan Espainiako Guda Zibilari buruzko hamar liburu garrantzitsuenen zerrendan dagoena.

Steer 1909 urtean jaio zen Hego Afrikan eta 1944 urtean, 35 urterekin, hil egin zen, auto istripuz, Birmanian. Bi aldiz ezkondu zen. Mundua korritu zuen, abentura piloa biziz. Gernikako bonbardaketa kontatu... eta oraindik gazte zela hil egin zen, tontamentian.

Siglo XXI argitaletxeak publikatu dio liburua Rankini. El Correon azaldutako elkarrizketa batean badago atentzioa deitu didan erantzun bat. Iñigo Gurrutxaga kazetariak botatzen dio Steer EAJren alde ageri dela El árbol... liburuan eta Rankin-ek zera erantzuten dio:

"BBCk liburu potoloa ematen die kazetariei, Produktoreentzako arauak, eta objektibotasun hitza ez da inoiz agertzen. Kazetari batek ezin du objetibo izan. Ezinezkoa da. Britainiarra edo espainiarra zara, baduzu iragan bat, hizkuntza bat, agian paratxutista baten gisara erori zinen historian. Horrek guztiak osatzen du zure subjektibotasuna. Baina inpartziala izan beharko zenuke. Kazetariaren obligazioa egia kontatzea da. Egia da Steer abertzaleen alde zegoela, baina era berean Larrinagako kartzelako sarraskiaren kontakizun osatuena eskaini zigun eta, orokorrean, Guda Zibilarena Euskal Herrian. Propagandista batek ez du bere aldekoen gehiegikeriak kontatzen".

Apirilaren bukaeran, Gernikako bonbardaketaren urteurrenarekin batera, Nicholas Rankin eta George Steer jr. Euskal Herrira etorriko dira. Semea, gainera, lehenengo aldiz. Ongi etorriak izan daitezela, kanpoko horrelako ahotsak behar ditugu-eta gaur egunean ere.

Aukera guztiak, alferrik galduak

Mikel Iturria 2005/03/27 09:29

Lerro hauek idazten ditut Auzitegi Gorenak epai triste bat eman duela jakin ondoren: demokraziari aukerarik ez ematea erabaki du aho batez. Iragarritako epai baten kronika zela esan daiteke. Estatuko indar nagusienek erabaki baitute ez bakarrik Batasunak, Aukera Guztiak zerrendak ere ezin duela aurkeztu.

Duela zenbait aste ez nuen espero horrelako erabakirik. Ez nuen sinadurarik eman zerrenda honen alde, baina ematekotan egon nintzen. Azkenean, ezin izan nuen tarterik aurkitu. Ezagutzen dut taldea sustatu duen baten bat. Ezagutzen dut aldeko sinadura eman duen jende asko. Terrorista bihurtu ditu Estatuak.

Beste estatua hura, Patxirena, kendu zuten joan den astean Madrilen. Beldurrez kendu zuten, gauez, ezkutuka. Jende asko oldartu zen kalean, aurreko estatuburu izan zen terrorista haren alde.

PPren inguruan izango dute horiek babesa. Atzokoarekin, San Gil eta Mayor Oreja, askatasunaren txapelduna deitzen diote honi, harro egongo dira. PSOEko indar atzerakoienak ere pozik (badago zeozer aurrerakoirik hor?).

Hor nonbait irakurri dut, gainera, bi alderdi hauek badutela onik ateratzeko aukera asko. Igoal Patxi López izango da hurrengo lehendakaria.

Aukera Guztiak zerrendari botoa ematea aukera bat zen. Orain, Auzitegi Konstituzionalak erabakiko duenaren zain, nori eman botoa izango da datozen asteetako zalantza.

Aterako gara noizbait euskal labirintotik?

Oharra: lerro hauek atzo gauean idatzi nituen, haserre. Zinera joa nintzen, Habana Blues Benito Zambrano zinemagile andaluziarraren film berria ikustera. Zeozer baretu zen nire haserrea.

Zein zen Santi Ugarte?

Mikel Iturria 2005/03/26 00:05

2005eko martxoaren 3an hil zen Huelvan, bihotzekoaz, Santi Ugarte musika sustatzaile donostiarra. Haren heriotza pasadan kontatu digute ohiko komunikabideek.

Hala ere, Donostian 80. hamarkadan egindako kontzertu erraldoi, eta ez hain erraldoiren, errudunetako bat zen bera. Ekimen handiko gizona izan zen, baina enpresa gizon txarra. Tiburon Concerts enpresan aritu zen gaur egun hiri honetara U2 ekarriko duen get in enpresako Iñigo Argomaniz, adibidez.

Hona hemen martxoaren 8an, Iñaki Zaratak Diario Vascon idatzitakoa

Mikel Lizarraldek ere idatzi zuen zeozer Berrian

2003ko maiatzean Diario Vascon Gregorio Gálvez irrati esatariari eginiko elkarrizketaren laburpena erreskatatuko dut Euskaraz.net-etik :

"Nire oroitzapen onenetakoa da Rory Gallagherri txapela jarri nionean, nik antolaturiko kontzertua izan zen hura. Santi Ugarteri eta Gay Mercader gogaitzen genituen taldeak ekar zitzaten. Eta Donostia plaza finkoa izatera pasa zen europar biretan. (...) Santi Ugarte bezalako jende saiatuak estatua bat merezi du, bera gabe musikalki hiria ez baitzen ezer izango".

Mitxel Ezquiagak bere zutabe batean zioena izan daiteke laburpen biribilena: "Con Santi Ugarte se va una época de Donostia, con luces y sombras: la adolescencia musical de una generación".

Egunpasa Baztanen

Mikel Iturria 2005/03/25 22:32

Gaur goizean autoa hartu dugu eta Arizkunera joan gara. Bidean Gari eta Momentos 2004, 2004ko nazioarteko kantarik onenak RockDeLux aldizkariko kazetarien ustez.

Eguna Baztan inguruan pasa dugu. Jende asko zegoen, batez ere Bertizen. Elizondoko kale nagusiko zorua altxatua aurkitu dugu. Aparkatu eta Eskisaroi tabernaren aldamenean topatu dugu Miguel Sánchez-Ostiz idazle nafarra. Kasualitatea izango zen, baina idazle honen dietarioak jarraitzen dituenak badaki taberna hori askotan agertzen dela haren idatzietan. Egon naiz esatekotan noiz hasi behar duen esandakoa betetzen. Hau da blogista bihurtzen.

Bazkaldu dugu lagunekin Arizkunen. Jolastu dugu jardinean. Umeak eta txakurrak lagun. Egon gara zalditokian.

Euria egingo zuela zirudienean, autoa hartu eta Donostiara abiatu gara. Gogotik bota du euria zenbait unetan. Eskerrak autoan Brad Mehldau pianista estatubatuarraren Fargo entzuten etorri garen.

Irungo peajean auto ilada aurkitu dugu. Donostiara sartzen ari ginela, zarata arraroa somatu diogu autoari. Agian gurpilen bat? Ez gara geratu. Etxera iristerakoan deskubritu dugu atzeko gurpila zulatu zaigula.

Kristoren malaletxea egin dut katuak nola funtzionatzen zuen asmatzen. Ezin izan dut ezer egin. Zer inutila!

Rafa Berriok bai, Amazonek ez

Mikel Iturria 2005/03/24 11:40

Urtarrilaren hasieran, Amazonen webgunean hiru disko eskatu eta pagatu nituen. Jasotzeko zain nago oraindik. Bizpairu aldiz kexatu naiz, baina ez dirurik, ez diskorik. Rafa Berriori, aldiz, eskatu nizkion bere aurreko bi lanak eta azkar-azkar bidali dizkit. Gaur pagatu dizkiot. Handitasuna eta txikitasuna. Industria eta artisaua.

Oso haserre nago Amazonekin. Urtarrilaren 3an-edo eskatu nituen hiru disko, urte berria zela-eta nire buruari eginiko oparia. Kontsultatzen dut nire kontua eta, horren arabera, urtarrilaren 13-17 bitartean etxean behar nuen paketea.

Urtarrilaren bukaeran denbora pasa eta notiziarik ez nuela ikusirik, hau ohiki erabiltzen duen lagun bati galdetu nion ea atzerapena normala ote zen. Baiezkoa erantzun zidan, baina bidali nien nire frantses makarroidean mezu labur bat. Berehala kristoren txapa bota zidaten, nous sommes desoles hasiera duen mezu horietakoren bat.

Otsailaren bukaeran oraindik ez nuela ezer jaso ikusirik, berriro sartu nintzen webgunean eta bidali nien beste mezu bat. Kasu honetan gazteleraz eta luzeagoa.

Erantzunean hiruzpalau aldiz merci errepikatu ondoren, nire eskaera urtarrilaren 6an atera zela zioen. Hala ere, berresteko nire helbidea eta beste bat bidaliko zidatela.

Martxoaren bukaeran gaude. Ez dirurik ez paketerik.

Rafa Berrio musikariari, aldiz, eskatu nizkion aurreko bi diskoak bidaltzeko. Erantzun zidan bidaliko zizkidala eta gero bidaltzeko dirua. Asteartean jaso nituen bi diskoak. Aste Santuan entzungo ditut. Baretuko dute Amazonekin dudan letxe txarra.

Norbaitek esan diezadake zer egin dezakedan Amazonekin?

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter