Javier Ortiz, Bernardo Atxaga eta Montxo Armendariz
Gaur Javier Ortizen eguneko apuntea irakurri dut eta asko gustatu zait (kabroia forman dago) oporren ondorengo sindromearen definizioak: tiempo que tarda una persona medianamente lúcida en resignarse a su destino mediocre y dejarse vencer por los efectos anestésicos de la rutina.
Harrigarria da gizonak duen jarioa: 2000ko uztailaren bukaeran webgunea abiatu zuenetik, egunero idazten du apunteren bat.
Nik ezin dut. Ez dut gauza asko kontatzeko eta, garai honetan, inoiz baino formaz kanpo nago.
Gorputzari nahi duena egiten utzi behar ez zaionez, hasi beharko dut zeozer idazten eta Atxagari buruz egitea erabaki dut.
Atxaga egunak izan ziren abuztuaren 23 eta 24 EHU-UPVk antolatzen dituen Udako Ikastaroetan. Iaz ere egon zen Miramar jauregian eta gero Irunen eskaini zuen hitzaldia arratsalde euritsu batean. Egun hartan Mariasun Landa izan zen aurkezle lanetan aritu zena.
Aurten, abuztuaren 23an, Kutxak Andia kalean duen areto betean irakurketa publikoa egin zuen Bernardok. Gazteleraz, batez ere, aritu zen eta aurkezlea Harkaitz Cano izan zen.
Txorakeri bat da, baina grazia egin zidan harrapatu egin nuela Atxaga. Bere hitzaldian kontatu zuen Uruguayko ez dakit zein tokitan turista gisa paseatzen ari zela eta kalean edadetu batek gelditu zuela. Hasi zen gizona galdezka ea nongoa zen eta euskalduna zela entzundakoan, haren amona euskalduna zela eta honek ume garaian abesten zion Iparraldeko lo-kanta abestu zion aitonak. Iparraldeko kanta ezaguna da, baina nik ez dut izenburua gogoan.
Grazia egin zidan, zeren anekdota hori iaz kontatu zuen Atxagak Irunen. Hala ere, joan den astean ez zen horretaz akordatzen, eta uste zuen lehenengo aldiz kontatzen zuela jendaurrean Euskal Herrian.
Galdera-erantzunen txandan, Enkarni Genuak galdetu zion laster estreinatu behar den Obaba filmeari buruz. Uste dut asteasuarra pozik dagoela Armendarizek egin duen filmearekin. Hori da behintzat publikoki esaten duena.
Ni, behintzat, hasi naiz 1991 urtean EGA ateratzeko ikastaroan oso gustura irakurri nuen liburua berrirakurtzen. Camilo Lizardi erretorea, Albania, maistra, muskerra...
Ea nola azaltzen duen nafar zuzendariak liburu hori pantailan. Donostiako Zinemaldiaren sail ofizialean estreinatuko da filmea eta ez da oso aztia izan behar irabazteko hautagai nagusia dela jakiteko.
Hona hemen apustua: baietz irabazi Obabak Urrezko Maskorra?
Aupa Mikel,
Javier Ortiz-en esaldia hemen irakurri eta Udako ikastaro baterako idatzi dudan En el 2030..., y ¿trabajando? saiakeran erabili dut. Justu idatzia bidali aurretik ikusi nuen, gustatu zitzaidan eta erabiltzea erabaki nuen. Idatziaren amaieran dago, mila esker.