Brasil (II) Futbol partida bat Brasilen
Brasilen futbola erlijioa da. Erlijio nagusia? Seguraski. Rion lehenengo mailako futbol partida ikusteko aukera izan genuen, Flamengo 1 - Ponte Preta 0. Hala ere, pena izan zen Maracana estadioa obretan egotea, itxita. Beste estadio eskasagoan ikusi genuen. Onena giroa. Futbola, gutxi.
Copacabanako hondartzan geundela Marcelo izeneko gizon batek txangoak egiteko informazio-orria eman zigun. Besteak beste, futbol partida ikusteko aukera eskaintzen zigun. 50 real bakoitzak (kanbioa 2,89 eurotan dago). Irakurrita nuen garestiak izaten zirela txango horiek, partida ikusteko sarrera 15 realekoa dela kontutan hartuz. Eta hiri honetan egondako bi hoteletan 100 real eskatzen zituzten bertara eramateagatik. Marcelok prezio ona egin zigun eta 100 realengatik bi lagun eraman gintuzten estadiora (Copacabanatik 40 bat minutura), sarrera barne. Denbora-tarte hori gidari batekin egoten da taldea.
Eta taldea diot, zeren eta toreroek koadrila eramateko furgoneta txuri batean joan ginen 15 giri futbolera. Holandarrak gehienak, ingelesen bat eta bi euskaldun, gu geu.
Iritsi ginen Petrobas estadioaren inguruetara. Furgonetatik jaitsi eta denak, gregario onak bezala, gidariaren atzetik. Sarrerak erosi, poliziaren kontrol postuetatik pasa elastikoa jasoz (armarik ez izkutatzeko) eta hartu genuen gure tokia.
Petrobras petrolio enpresaren izena duen estadioa zaharra da. Tribuna nagusia bakarra da. Gainerakoak hiru grada prefabrikatu dira. Pentsatzen dut Maracana moldatu arte jarritakoak. Tribuna nagusiaren kontrako harmailetan eseri gara, goiko partean. Gidariak azaldu digu bi porterien atzeko fondoetan eseritzen direla bi torcida sutsuenak. Bakoitza fondo batean, harreman txarrak dituztelako. Lehenengo zatiaren bukaeran konturatu nintzen gure tribuna beraren eskuin izkinean Sao Paulotik etorritako 50en bat lagun zeudela, Ponte Preta taldearen zaleak. Espazio handia okupatzen zuten, hesiak albo batera eta polizia bestera.
Brasileiro edo Brasilerao txapelketa da urtearen bigarren seihilekoan jokatzen dutena Brasilgo talderik indartsuenek. 16. jardunaldi inguruan Sao Pauloko Ponte Petra da lider eta Flamengo atzeratu samar dabil, jaisteko arriskutik gertu. 35 milioi zale omen ditu Flamengok, Brasilen zale gehien biltzen dituen taldea. 22 talde daude A seriean eta bi jardunaldi jokatzen dira astero (asteazken-ostegunean bata, larunbat-igandean bestea). Telebistek partida gehienak (denak ez esateagatik) botatzen dituzte. Astelehen eta ostiraletan partidei buruzko laburpenak botatzen dituzte. Kirol kateetan kazetariz eta adituz osaturiko mahai-inguruak egoten dira.
Ikustekoa da nola mugitzen diren edari eta janari saltzaileak harmailetan barrena, gora eta behera, Rioko hondartzetan ibiliko balira bezala. Torero furgoneta aipatu dudanez, saltzaileen mugimendu horrek zezenplaza batera kontzerturen bat ikustera joandakoan ikusitakoa gogorarazi ninduen, han ere antzera zebiltzalako saltzaileak.
Edaria eta janaria saltzeaz aparte, kamisetak ere saltzen dituzte. Gure taldeko bi turistek erosi (eta jantzi) zituzten, argazkian ikus daitekeenez.
(Jarraituko du, luze aterako zait bestela).