Eskopetera
Eibartarra da Leire. Gaur ondorengoa bota du eibartarrak zerrendan "Irun-Hondarribi aldian esan ahal detsuen iraiñik gogorrena: eskopetera!! Hori esan deste behintzat. Berba horrek zorra, bollera, japuta, matxorra...esan nahi ei dau". Ah! Armaginen biloba da Leire.
Lotsagarria bai inguru horretan gertatzen dena. Irungoa naiz ni, baina arrarua, inoiz ez banaiz atera alardean. Azken urte hauetan, alarde-egunean (ekainaren 30ean), gurasoekin bazkaldu ondoren, joaten nintzen alarde mistoa ikustera. Aurten, berriz, ez dut ikusi. Datorren urtean joango naiz. Fijo.
Leireren berbek emakume batzuk atera nahi zutela esaten (eta egiten) hasi ziren garai haiek gogorarazi didate. Beti gogoratuko dut bizilagun batekin (ustez kabala) izandako eztabaida-hizketaldia. Ekaina zen. 1995-1997 urteak izango ziren (dedio, nola pasatzen den denbora). Atera zen gaia, tabernan geundela trago bat hartzen, portaleko bilera baten ondoren.
Nik- Zer kristo gertatuko da aurten alardearekin?
Bizilagunak- Ez dakit. Emakumeek atera nahi dute, baina, oso ondo dakigu zeintzuk diren.
N- Ah, bai? Zeintzuk dira ba? Hainbeste prolema al dago ba emakumeak ateratzeko?
B- Beitu, oso ondo ezagutzen ditut zeintzuk diren hauek. Bata separatua, bestia lesbiana eta hango hura ez-dakit-zer... Azken finean, hauei guztiei falta zaiena (albo batera eta bestera begiratzen du) zakil handi bat...
(Nire artean, bai, hirea, no-te-jode!!!).
Handik urte batera, berdintsu gertatu zen. Bizilagunen bilera izan genuen berriro ere eta Donostian egunero ibiltzen ohitua, Irungo giro txarra ahaztua nuen eta, zer bota behar nuen pentsatu gabe, berriro atera nuen gaia tabernan. Orduan, zakarrago mintzatu zen nire bizilaguna.
Urte haietan, festan edozeinek parte har dezala pentsatzen duten lagun batzuekin hizketan ari ginen egun batean. Ea nork entzun zuen astakeriarik handiena esaten hasi ginen. Ez dut gogoratzen zeinek irabazi zuen, baina bai gogoratzen dudala nik esandakoa:
"Nik entzun nion bati, ezin zuela bere konpainian emakume bat ametitu soldadu gisa, zeren eta bestela, parean ikusitakoan, txortan egiteko gogoa sortuko zitzaion eta bertan egitea beste erremediorik ez zuen izango".
Gauzak horrela zeuden momentu hartan. Ez dut uste asko aldatu direnik. Ertzainak daudelako babes handiago dute parte hartzaileek. Hori bai, baina ertzainen babesa egun batekoa da eta urte guztia bizi behar da bi herri horietan.
Udan erosi dut UEUk kaleratu duen Bidasoako Alardeak: Herria versus Hiria, baina ez dut oraindik irakurtzeko betarik izan. Nahi duenak hemen eros dezake
Luis Marianori ere marikoia deitu omen zioten Sanmartzial egunean duela makina bat urte, ile luzea zuelako. Gaur egun, herriak plaza bat eskaini dio kantariari, jaialdiak antolatzen dira bere izenean eta gizon maitatua da. Galdetzen baduzu, tradizionalisten alderdikoek esango dizute ez zela hainbesterako izan Luis Marianori gertatutakoa.
Hemendik urte batzuetara gaur alarde mistoaren aurka irainka ateratzen diren asko, lotsatu egingo dira eta ez dituzte aitortuko hamar urte hauetan egin dituzten barrabaskeriak. Esango dute ez zela hainbesterako edo beste batzuk zirela.
Aldatuko dira plastiko beltzezko garai ilun hauek, baina, a zer nolako irudia eskaintzen ari diren.
Hona hemen gustatu zaizkidan gaurko zenbait artikulu:
Ederto, ondo dago gizon astakirtenei errua botatzea, baina... zer esaten dute kontra dauden andreek?