Brasil (III) Jarrai dezagun futbol partidarekin
Jokalarien beroketa ariketei ez nien kasu handirik egin, harmailetan zegoen giroak nire arreta bereganatu baitzuen. Hain maila oneko taldeak izanik, jokalariren bat ezagutu nuela uste nuen, baina, keba!, inor ere ez.
Zaleak
Epaileak hasiera eman zion norgehiagokari eta etxeko taldearen lehenengo erasoan konturatu nintzen nola pasa behar nuen partida guztia: beste taldearen zelaira behin pasaz gero, altxatu egiten dira zaleak. Gu ere bai, noski, bestela ezin jakin nola bukatzen den jokaldia. Area ertzera ailegatuz gero, chuta-chuta oihukatzen diote jokalariari. Ez badu asmatzen puta batzuk entzuten dira, nire belarriek ulertu ezin zituzten beste zenbait hitzekin batera. Hala ere, bai entenditu nuela zale baten erretolika etxeko jokalari batek huts egin zuen halako batean: Salvadorrera joateko eta ez bueltatzeko gomendatu zion. Horiz jantzitako epaileei ere esan zizkioten zenbait berba gozo, baina ezin asmatu zer.
Lehen zatiaren azken jokaldian gola sartu zuen etxeko taldeak, zaleen gozamenerako. Kanpoko taldearen atezainari petardoa bota zion kabroi batek eta bere burua zelai gainera erortzen utzi zuen kanpotarrak. Ez zen hainbesterako izan, dena dela, bigarren zatian normal-normal aritu baitzen.
Kazetariak
Partida hasteko gutxi falta zela, kazetari asko zegoen berdegunean, futbolariak elkarrizketatzen. Epaile nagusiak lehen (eta bigarren) zatiaren bukaera erabaki zuenean, ziztu bizian atera ziren ez dakit zenbat kazetari zuzeneko elkarrizketak egitera. Kamerak, mikroak, kableak, zer zen hura!
Futbola eta sailkapena
Futbolari dagokionez, ezer gutxi. Hurrengo egunean, Rioko prentsan irakurri nuen Flamengoren partidarik onena izan zela aurtengo txapelketan.
Lerro hauek idazten ditudanean 22 liga jardunaldi jokatu dira eta Abramovicen sukurtsala den Corinthians da lehena sailkapenean. Hala ere, Tevez argentinarra izar nagusi duen taldearekin berdinduta dago, 39 punturekin, Santos. Hau da, Real Madridek berriki fitxatu duen Robinhoren talde ohia, orain Luis Alberto realista kontratatu duena. Baina, 13. postuan dagoen taldeak 32 puntu ditu. Beraz, Europan baina berdintasun gehiago dago hango ligan.
Flamengo 18. postuan dabil, burua altxatu ezinik. Taulan gorago egon arren, Ponte Preta 9. da, Sao Paulokoak oso emaitza kaskarrak kateatu ditu Riotik pasa ondoren.
Bukatzeko, Realak fitxatu nahi duen Thiago Quirinoren Atletico Mineirok azken postua utzi du eta bi talde ditu atzetik une honetan.