Konturatu gabe urtebete pasa da
Bai, urtebete pasa da eibar.orgeko guruetako batek, Luistxo Fernandez jaunak, bloga martxan jartzeko gonbitea luzatu zigunetik. 2004ko uztailaren 14an hasi nintzen Mariano Ferreren agurrari buruzko mezu batekin.
Uztailaren 17an egin genuen CodeSyntax enpresaren bulegoetan ikastaroa. Ez nekien oso ondo zer zen blogintza ezta nora gindoazen, baina handik zenbait astetara Fernandezek argi eta garbi esan zigun munduaren dominazioa izango zela 2009 urterako lortu beharreko helburua. Lortzeko bidean gaude.
Normala denez, hasiera batean proba ezberdinak egin nituen eta mezu batzuk borratu nituen gero. Horregatik ez dago sarean eskuragarri 1.a, ezta 4.a, 7.a eta 8.a ere. Auskalo zer txorakeriak idatzi nituen! Gerora, hori bai, idatzitako txorakeriak mantendu ditut blogean.
Urte hau positiboa izan da. Nire buruari jarritako ariketa izan da blog hau hornitzea eta espero baino hobeto joan dela esango nuke. Batzuetan besteetan baino hobeto, baina pasa dugu urtea. Ke letxes!
Eguna ere, uztailak 14a, Errepublikaren Eguna Frantzian, esanguratsua da. Eta Errepublika Egunak beti gogorarazten digu Eibar: gora Eibar.org!
Oporrak laster hartzeko asmoa dut (eta beharra: bai, zuek ere bai, badakit!). Brasilera joango gara uztailaren bukaeran. Iaz Sizilian egon ginen abuztuaren azken astean. Mezu hau idazteko hasierako postak begiratzen egon naiz eta oso gogoan dut Enzo Baldoni kazetari italiarra, Irak-en bahitua eta erahila izan zena gu Italian geunden bitartean. Berezia izan zen niretzat eta gaur Bloghdad bere blogean iazko abuztuaren 26an igotako argazki bat mantentzen dela ikusi dut. Gogorra, baina era beran itxaropentsua da:
Garai txarrak lirika egiteko, baina, hori bai, gora gu eta gutarrak!
Prolema: zeintzuk diren gutar kabroi horiek!
Zorionak iturri!
Gutarrak dira... Haietarrak ez diren hoiek!