Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Kontakizunak

Jon Etxabe 2018/01/26 10:30
Auzoa. 4.- HERIOTZA AUZOAN

HERIOTZA  AUZOAN

I

OHEAN nago. Gaixo. Gorputzez ez ondo, erretiratu egin nintzen. Osagilea ekarri zidaten. Sarriagoak bilakatu ziren bere bisitek, botiken ugaltzeek, eta etxekoen arreta bereziek iragarri zidaten zerbait okertzen ari zela nire osasunari zegokionez.  Orain badakit banoala, betirako, izaki bizi oro betirako joan ohi den bezala. Nire hondakinek jarraituko dute kosmosaren auskalo ze funtzio betez, baina ez izaki kontziente bezala. Ez nau izutzen heriotza-ostea irudimenaren galbahean irazteak.  Alderantziz, heriotzarekin jolas egitea otu zait. Beraz, gaixoaldiko inguruabarrak  eta azken arnasa ondorengo zertzeladak oroimen zein burutapenez irudikatuz emanen ditut hurrengo orduak, azken orduak, nire adimena erabat lausotzen den arte.

BIDAIA bat da bizitza. Helmuga saihestezina  duen bidaia. Denok dakigu, hori esaten dugu, hil eginen garela, baina bizi, hilko garen kontzientziarik gabe bizi gara. Agian heriotzaren noiza ez dakigulako. Gizakiak ez baitaki noiz hilko den, hilko dela soilik. Jakin ere ez dugu jakingo noiz hori izan denik ere. Hilda nagoenean ez baitut izanen hilda nagoela kontzientziarik. Bizitzaren etenunea istant bat besterik ez da, bizitza piztearena bezala. Istant bat lipar neurtezina denez, beraz denbora ere ez denez, denboratik at dauden bi une neurtezinen arteko denbora neurtua da bizitza.  Paradoxa bat. Giza parametroetatik at gelditzen dena.

Ezagutu nuen titulu ohoretsu baten jabe zen konde baten diruzaina. Ez omen ugazaba akatsgaberik morroi batentzat. Nire konde-diruzain lagunak kontatu zidan bere ugazabak izua ziola katabutean lurperatu ondoren esnatzeari. Titulua eta jabetzaren zati handiena eraman behar zuen oinordekoari betebehar hau jarri zion testamentuan: familiaren aurrean, osagileak hiltzat eman eta gero, orratz bar sartuko zion bularrean bihotzeraino, hilda zegoela bermatzeko. Eta hala egin zuen: gozoki ukaezina izaki herentzia.

BIZITZA ez ezik, naturaren beste broma inkontziente bat da heriotza bera ere. Gizakia soilik da kontziente broma horretaz. Bizi garelako gara heriotzaren beldur, hil nahi ez izatea da izutzen duena. Heriotza hain ziur eta hurbil, galdua dut nik heriotzarekiko beldurra. Beste ikuspegi batera aldatua zait hilbeharraren  kontzientzia. Hala iruditzen zait behintzat. Hil beharrak eragiten dio bizidunari, amets zapuztu bat baita bizitza. Baina heriotza ez da frakaso bat, bizitza ez dugulako guk asmatu, ez aukeratu. Halabeharrezkoa zaigu bizitza; ondorioz, heriotza. Inola ere heriotza ez da norberaren porrota, berez datorrelako. Duin bukatzean dago gakoa.  

Eusebio datorkit gogora. GAROA Domingo Agirreren eleberriko pertsonaia zirudien, garaia, meharra, txapela buruan, zentzuduna eta patxadako gizona. Goralarriz esnatu zen gauean. Galdara bat bete likido, ura zioten etxekoek, goitikatu omen zuen.  Sumatu zuen familiak zerbait ez zebilela ondo. Apaizari deitu zioten.  Mendizko ordu betera apaizetxea, arnasestuka heldu zen apaiza mendian gora baserrira beste ordubete geroago. Deitua zioten medikuari ere, inguruko herriburura, mendiaren bestaldetik egin behar zuen bidea honek, motorrez lehenengo eta oinez gero. Apaizak bere lanak egin ahal izan zituen. Penaz eta etsitua, “Lastima, esan balidate ur-goitikarena,  sueroa ekarriko nuen eta salbatuko egingo  zen, deshidratazioz hil da” zioen osagileak. Harriturik utzi zituen Eusebiok ingurukoak: haren patxada, lasaitasuna, heriotzari begira. Agian deshidratazioak zemaion geldotasuna besterik ez zen, baina bizitzari buruz zuen filosofia, eta kristautasunak zemaion patxada zegoen jarrera lasai haren sakonean.

NIRE barnean bilduta zeharkatu nahiko nuke noiz jabetuko ez naizen marra hori. Neurekiko duintasunez. Isiltasunean. Heriotza aurreko azken arnasa aurretik gorputzak sortzen omen du halako lasaigarriren bat, trantze hori erraztu edo bigunduz. Hala dut irakurrita. Zientziak esan beharko du, zeren hildakoak ezingo baitu argitu gaia. Agian indarren ahitze bat besterik ez da delako baretasuna. Halako zerbait izanen da gertatzen zaidana. Argi bare bat nabari dut zentzumenean, sumintasunik gabeko lasaitasun egoera batek biltzen nau. Ez dut inolako asaldurarik. Eta ni hil aurreko baretasun aukera hau baliatu nahirik nabil, nire azken pentsakizunetan kiribiltzeko nire garun jada erabat geldoak. Egoera honi atxikiz, nire heriotzaren kronika eginez eman nahi ditut azken une kontzienteak.

Mutil-koskor bat nintzela izan nuen  lehen esperientzia heriotzaz. Anaia txikiena hil zenean.  Lau urte zituen, meningitis gaitzak -burutik beherakoa deitzen zion herriak- jo zuen: goizean ohean zegoen oraindik jaiki gabe, gorputza erabat bihurritu zitzaion, beso eta zangoak  batez ere,  zentzumenik ere ez zuen. Ez zegoela zereginik esan zuen medikuak. Gogoan dut  gurasoen nahigabea, giroaren laztasuna eta umeon ulertezina.

SENTIMENDUEN katalogoa da oroitzapena, eta oroitzapenen katalogo hori aztertuz bizi ditut nire azken orduok. Patuak edo halabeharrak eraginda, nahiz ustez erabaki kontzientez, egiazko iparra non dagoen antzik ere eman gabe bizi omen da gizaki asko. Hiltzen ere, esango nuke. Niri bisitan datozkit barne ez dakit zein zirrikituetan zehar patu, halabehar edo  erabakiz gauzatutako bizitzako oroitzapenak. Trumilka, baina gozo. Sekretuak batzuk, aspaldi bururatu gabekoak ere asko. Zurbiltasun ukiezina inora begiratzen ez duten begiena omen hildakoena. Erabat lausoak ditut aurpegiko begiok, baina argi datozkidan oroitzapen, irudi eta oroitzapenetatik eman nahi ditut nire azken garun taupadak.

Aitaren heriotza izan zen heriotzarekiko bigarren esperientzia zuzena. Gazte nintzela. Heriotza supitu eta ustekabea izan zen aitarena. Aitak istripu bat izan zuela abisua etorri zitzaidan, auto batetan zekartela. Auto txiki batetan zekarten ekarri. Atzeko jarlekuan zegoen, albo batean bermatuta. Konorterik ez zuen. Klinikara zeramaten. Klinikara joan nintzen atzetik neu ere. Ohatila batean  etzanda zeukaten, osagilea alboan. Begiak itxita zegoen, lo bailego. Hiltzear zegoela esan zidan medikuak, ez zegoela zer eginik. Ezintasun sentipen izugarria dut gogoan. Lasterrera keinu bat egin zidan medikuak hil zela adieraziz.  Ezin nuen sinetsi. Itxuraz ezer ez zen aldatu, baina funtsezko aldaketa gertatua zen. Hila zegoen.

Jada heldua, ama,  anaia eta arrebaren heriotzak ere ber-bertatik jarraitu nituen. Gastatuz joan ziren hirurak, lasai ama eta arreba, agonia bortitzaren ondoren anaia. Joan zirenik ere gabe joan ziren.

Ez dut beste heriotzarik ezagutu.

II

AUZOAK badu  bere kanpai-hots kodigo propioa, esanahi edo mezu zehatzekin. Egun hauetako batean elizako kanpaiak entzun nituen. Berehala ezagutu nituen kanpai hotsok, norbait gaixo larri zegoela iragartzen zuten eta elizakoak zeramazkiotela. Gorputza motel, baina belarriak oraindik zoli, garunek ere oraindik langai, berehala antz eman nion kanpai-hotsok niregatik zirela. Herriko apaiza zetorkidan elizakoekin. Herritarrek, jakitun jada nire gaixotasunaz, “badoa” esanen zioten elkarri, batzuk oraindik galdez hasiko ziren  norengatik ote kanpai-hotsok. Irudikatu nuen eszena:  aurretik monagiloa, txilina joz, norbaiti Gure Jauna zeramakiola iragarriz; atzetik apaiza estola zabal azpian babestuta kopoia eskuan zeramala. Jendea belaunikatu egiten zen zola gainean apaiza aurrean tokatzen zitzaionean. Eguraldi euritsua, norbaitek madarikatuko zuen parean tokatu zitzaion putzua praka barrenak melatu zaizkiolako. Barretxoa ere egin nuen. “pasaportearekin zatozak” otu zitzaidan kanpaiok entzutean. 

Gau-mahaia bihurtu zen aldare. Apaizarekin bakarrik utzi ninduten konfesatu nendin. Egia osoa esatera behatuta nengoen, betirako infernura  kondenatua izan nahi ez banuen. Sekreturik  gordeena ere agertu beharraren lotsa, edo aitortu ezagatik infernu tormentuaren aurrerapen garratza. Irin-txatal borobil zuria, Kristoren gorputza alegia, ema zidan, bertan etorri beharko zen odola ere, zeren ez baitzidan ardo zurrutik eman berak mezetan bezala Kristoren odola omen dela eta. Lastima, nire azken ardo tragoa izan ahal baizen.

OLIATZE-AGONIA kanpaia heldu zitzaidan egun gutxira.  Apaiza berriro. Begiak, belarriak, ezpainak, eskuak, oinak, … olioz igurtzi zizkidan, guzti horiekin egindako hobenen barkazioa lortzeko. Zakila ez zidan igurtzi, agian hori izanen zen arren premiazkoena, ohiko moralean behintzat. “Azkenetan hago,” esan nion nik neure buruari.

Zer makabroagoa elizakoez gain, oliatzea baino, gorputz osoa olio santuz igurtziz, bekatari dela   gogaraziz eta bestalde ilun ezezagun horretan epaile zorrotz bat duela iragarriz, zigor mehatxuekin. Heriotza ez da jolaserako lurraldea. Elizak badaki hori. Eta heriotza, bestalde horretako zigor eta sariekin konbinatuz,  erabili du eta darabil  eliztar artaldea ezarri zidorretatik sakabanatu ez dakion. Damoklesen ezpata bailitz. Gaixo soila uste duenarentzat apaiza izanen da elizako eta inguratzen duen parafernaliarekin bele beltza baino heriotza mezulari akigarriagoa, hilaurreko tortura, heriotzaren presentzia hurbilaren pregonaria. Eliz-kanpaiak eurak ere herri osoari tairik gabeko herioren presentzia iragarriz. Krudela da eliza hilaurreko parafernaliarekin.  

ENTZUMENAK hor darrait. Gelan biltzen direnek usteko dute nonbait galdua dudala zentzua. Agian ohitu ere egin dira nire egoeraz luze baitoa ene azkenaldi hau. Hitz asko egiten dute, batez ere norbait bisitan datorrenean.  Ahots baxuan egiten dute, entzuten ez dudan ustean, baina agian entzungo dudan kezkaz. Niri buruz sarri; horrela medikuaren partea jakiten dut, ze tratamendu mota agindu duen. Tarteka norbaitek esaten du nire egoeraz ez mintzatzeko, agian entzun ahal dudala eta. Tarteka ere etxekoren batek xuxurlatzen dizkit belarrira hitz goxoak, baldin entzuten badut ere. Bestelako kontuekin ere aritzen dira, jada ez zaizkit interesatzen, baina herrian eta munduan gertatzen ari denaren jakitun joango naiz bestalde horretara.

Entzumenaren harira, Nikolasena dut gogoan. Agonia luzea izan zuen. Oso lasaia. Baina bukatzen ez zena. Begiak itxita, hainbat egun egin zituen inolako mugimendurik gabe. Arnasa zen bizi zenaren ezaugarri soila, tarteka jartzen zioten ispilua aho aurrean, lurruna zen bizi zela bermea. Apaiza etorri ohi zen arratsaldero, arrosarioa errezatzen zuten, familia osoa ohe bueltan bilduta. Arrosarioak badu bukaeran, esku bilduarekin bularra joz barkamena eskatuz hiru aldiz errepikatzen den esaldi labur bat. Eta hara non egun batez zirkinik gabe zirauen Nikolasek ia sumaezineko mugimendu batez eragiten dion bular gainean gurutzatuta zituen besoetatik bihotz gainean zeukan eskuari.

FAMILIA ahalegintzen  da azken unea arinagoa egiten. Eztarriko karkasa askatu eta botatzea zitekeen lasaitasun nagusia, niretzat eta familiarentzat, eztarriko kirri-karra izugarria latza baita ez belarrientzat soilik, ingurukoen sentikortasunarentzat ere. Bada jan egin behar dela eta jaten ematen saiatzen denik ere. Ezpainak bustitzen omen dizkidate, ezpainik ia sentitu ere egiten ez baditut ere. Ez al dute nire lagun baten etxekoek bezala xanpaina botilarik irekiko ezpainen bustigarri bezala; badakit ez litzakeela ospakizuna, sentiberatasuna baizik. Ezin edan ahal bizitzan, ahal eta ezin heriotzan, bi ahal eta bi ezin, biak ezberdinak, kontrajarriak, bizitzaren sinbolo argia. Bizitzaren miseria.

“HARREMANAK” hitza zen hitz sakratuetako bat nire jaiotetxean. “Horiekin harremanak ditugu”.  Kidetasun berezi bat adierazten zuen, zenbait obligazio zekarrena. “Harremanak” zeuzkan senide eta gainerakoen zerrenda idatzia zuen familiak urteen joanean osatua. Etxeko dokumentu garrantzitsuekin batera gordetzen zen, kontu handiz, testamentu, eskritura eta antzerakoekin. Harremanen zerrenda. Harreman familia horietako bat hiltzean aditzera eman behar zitzaien zerrendako besteei: hiletetara etorri eta meza-dirua emateko obligazioa zuten. Hileta-bazkaria eman behar zitzaien. Sarri urrutiko baserrietara joan beharra izaten zen, oinez, noski. Meza diruen zerrenda ere bazen, emaileena eta diru kopuruarena. Zerrenda hori ere “harreman” zerrendarekin gordetzen zen. Meza-dirua apaizari eman behar zitzaion mezak ateratzeko. Aspaldiko kontuak. Gaur hiletetarako nori deitu behar zaion errepasoa egin dute ohe inguruan zuedenak. Beraz egin dut neuk ere familiartekoen zerrenda errepasoa. Batzuk urteetan ikusi ere egin gabekoak, beste batzuk zirenik ere ez nekienak.

HIL KANPAIAK  joko dituzte laster. Ez ditut entzun ahal izango. “joan da “ pentsatuko dute auzotarrek. Osagile eta epaileaz harago, ofiziala izanen da jada nire heriotza auzoan, kanpaiek emanen diote ziurtagiria nire heriotzari. “Gauila izango dugu” gogaraziko du norbaitek. Gaubeila egingo baitidate. Gauila deitzen diote auzoan gaubeilari, beila gaua noski, “hilen edo hilaren gaua” ere izan zitekeen.

Senide, auzokide eta ezagunak elkartuko dira hilotz egonen naizen gelan, bertan pasatuko dute gaua, nire gorpuari eta familiari konpainia eginez. Hobe lukete oheratu eta atseden hartu. Baina inguru hurbilekoek obligazioa bezala dute, hurbilenak gau osoan luzatuko dira, besteak  hurbiltasunaren arabera lehenago edo beranduago hartuko dute etxerako bidea. Haurra nintzela auzoko norbait hiltzean aipatzen zen etxean gaubeilara joan beharra, edo egon zirenen gaubeilako kontuak. Ez dira denak beti eta batera egonen. Eginen dituzte sukaldera sartu-irtenak etxeko norbaiten erreguari jarraiki. Mokadu eta trago, goizalderako izanen da polito jarritako norbait, kontu-kontari zaratatsu eta alaian bukatuko duenik, -beila hitzak “tertulia” esanahia ere ba omen du-. Nitaz laudorioak besterik ez dituzte  esanen, ohi denez. Behin atarian, edo sukaldeetan, esandakoak jakin nahi nituzke. 

III

HILETA-ELIZKIZUNA izanen da jolas honen azken kapitulua, hil ondorengo ingurua irudikatu,  sentitu eta giroaz hausnartuz. Azken filma ikustea bezala izango da, baina ez gidoi asmatu batez errodatua, esperientziak gorpuztu didan memoriatik datozkidan oroitzapenak kateatuz baizik.  

ALDARE aurrean nago, auzokidez inguratuta, intsentsu usainez lurrinduta, ur bedeinkatuz zipriztinduta, apaiz kantuz bilduta, inola ere bakardade hitsean, ezta heriotzaren isiltasunean ezereztuta ere. Etxekoek ahalegindu dira nire piura ahalik itxurosoen uzten, garbitu naute, jantzi didate trajerik onena. Oso itxura ona dudala esanen zuten katabutaren aurretik pasako zirenek, niri agurra ematera baino etxekoei doluminak eskaintzera etorriak, egun osoko sartu-irtenean.

ANDABIDEA den ordu-erdi luzeko ibiliez ekarri naute, hilkutxa andabidetik eraman behar baita, beti ibilbide erosoena ez arren, gurdibidea baita. Sakratua da andabidea. Jaioterrian  garbitu egin behar izan zuten gurdientzat bide erosoago bat zabaldu izanagatik sasiz ibiltezin zegoen andabidea.  Egun lehorra tokatuko ahal zen gaur. Euri egunetan elizpean egin behar izaten baitira oinetako aldaketak eliza barrura aurretik.

Eskultore batek landutako gaztaina egurrezko ate zabaletik egin dut elizara sarrera lau anda-mutilen bizkar mardulek eramana, gradan gora, banku eta eserleku erditik doan pasillotik, eta presbiteriora igotzeko mailadi pikoaren barrenean utzi naute, zapi beltzez estalitako mahai batean, garai batean argitzeko jarriak, gaur egun zeruko argiaren sinboloa omen diren kandelairu eta kandelak zentinela ditudala. Auzoko pertsonaia nagusia naiz tarte batez. Hil egin behar izan dut horrelako zeremonia baten aktore nagusia, nahiz pasiboki, izateko.

EZ NAIZ USTELEZIN, ez ustelgaitzago ere, ustelkor bai, horregatik ustelkortasuna izanik gizakiaren ezaugarrietariko bat, ondo josia du tapa katabutak. Nolanahi laster hasiko da nirea izan den gorputz honen usteltzea gauzatzen, baina ez da ustelkeria hori kezkagarri zaidana, bizitzaren usteltasuna da kezkatzen nauena, ekintzek utzi zezaketen lurrin gaitzesgarriak arduratzen nau. Barkatuko al dizkidate okerrak. Akordu ezkorrak ala baikorrak nagusiko ote.

Nolanahi nitaz oroimena ere ez da hilezkorra; aldi batez hurbileko norbaiten oroimenean soilik jarraituko dut, ondoren fitxategi batetan geratzen den aipamen idatzi bat besterik ez naiz izango.

ELIZA beteta dago, hala egon ohi da hileta-elizkizunetan.  Gauza serioa da heriotza, txantxarik onartzen ez duena, horregatik-edo jaiko jantzita etorri da nire hiletako segizioa, senide eta lagun-ezagunak  zein auzo osoa. Heriotza baten ondoren, iluntasunez betetzen da jendea, joan-etorri eta ahopeko sentiberetan. Baina hileta-zeremonia guztietan, familiarekiko ohiko esku-emate erritual eta hitz huts bilakatzen dira azken batez. Elizkizuna bera bezala, apaizak besterik badio ere. Debozioz baino, betebehar sozial bat konplitzen etorri dira gehienak. Gaur ez ezik, elizkizun orotan. Gehientsuenak behintzat.

Korupean egonen dira zutik hormaren kontra bizkarra bermatuta, aurreko bankuetara aurreratzeko lotsatiegiak. Aurreko bankuetan eskuinera gizonekoak, mutil-koskorrak lehen ilaran; ezkerretara sepulturan ez dauden emakumeak eta neskak, neskatilak lehen lerroan. Bankuetatik koruperaino, emakumeak, bakoitza bere eserleku propioan. Erdiko esparru horretan familia bakoitzak du bere sepultura deitzen dena, familiakoak ehorzten ziren esparru zatia alegia, nolabait familiako hilobia, hilerriak sortu eta hezurrak elizatik atera ziren arte; argizaiolak pizten dituzte eta bertan ateratzen hilen aldeko errespontsuak ere. Emakumeen esparrua da, aulki bereziak dituzte, baxua da ipurdiperakoa, eseri eta belaunikatu funtzio biak bete ahal izateko; eta garaia bizkarraldekoa eseritakoan bizkarrari lagundu ez ezik  belaunikatzean besoak bermatu ahal izateko ere. Argizaiola denak piztuta daude orain, familietako hildako denak gogoratuz, beraz elkartu naute, sinbolikoki bada ere, auzoko mendeetan hildako guztiekin.

Apaizak ere hemen dira: D. Ramon, ordu betetik gora egin du oinez, errepidetik erdia bentaraino, gurdibidetik auzorainoko beste erdia; D. Antoniok ordubeteko oinezko bidea egin du, dena mendi-bidez; besteak trenez etorri dira, baina bakoitzaren auzotik trenera bidea oinez eginda; auzoko parrokoa bertan bizi da.

ELIZA auzoko eraikin handien, ederren, eta oparoena da, ohi denez. Baserriak apalak dira, eliza-eraikuntza, aldiz, sendoa, erakunde ahaltsu, eraginkor eta menderatzaileari dagokiona, gaztelu edo jauretxea antzo. Barrutik garaia da, aurreko erdia kupula egiturako ganga, atzeko erdia, geroago eraikia, altuera motzagokoa, korua eta korupea gordetzen dituena. Elizetan ohi denez, antzokietan eszenatokia lez, elizkizun-ikuskizuna eroso eta argi jarraitzeko, presbiterioa, nahiko goian, nora mailadi luzexka zabal eta nahiko pikoa igoaz heltzen den, burdinazko hesi batez babestua; bertan eskuinaldera atrilea, bertatik irakurriko ditu  apaizak mezetako irakurgaiak eta seguruenik niri buruz hitz batzuk esanen. Hiru aldare ditu; erdikoa, nagusia, barrokoa da tokatzen zaizkion irudi bihurrituekin, eta bestelako osagai loratu eta kiribilduekin. Bi aldare alboetara, tamainaz eta egituraz xumeagoak. Ezkerretara sakristia. Behean herriaren kokalekua, antzokietan ikuslegoarentzakoa lez. Koruan harmonium txiki bat, eta korupean berari eusten bi zutabe borobil, konfesategia eta erromaniko estiloko bataiarria duen bataiategia zurezko hesi batez gordea. Niri agurreko  zeremoniaren eszenategia.

HASI  da honenbestez parafernalia. Mezak beti dira goizez. Hor dabiltza apaizak, kantu, irakurketa eta errezo, heriotzari buruz. Herioaz ariketa filosofiko, teologiko, psikologiko eta pedagogikoa izanen da elizkizun osoa. Baina apaizok ia ez dute heriotzaren esperientziarik, heriotzaren ingurukoarena soilik. Apaizotatik ia inork ez du ia inor hiltzen ikusi, azken arnasa ematen. Agonia da ezagutzen dutena, era guztietako agoniak, baina heriotza doiegi. Apaizari gaixoa hil zorian dagoenean deitzen zaio, elizakoak emateko, hau da, zerua bermatzeko edo infernua ekiditeko; ondoren bisitan ere joanen da, arrosarioa ere errezatuko du etxekoekin, belarrira ere zerbait xuxurlatuko dio  hilzorikoari, baina bere etxera erretiratuko da. Hil ondoren deituko diote, errespontsu bat errezatu eta hileta elizkizunetarako zertzeladak zehazteko. Heriotzaren teorikoak dira apaizak.

HIRU zati ditu hileta-elizkizunak: hasteko nokturnoa,  sarrerakoa, ordu erditik gorako luzea: salmo errezitaldia,  irakurketak, eta tarteko abestiak; meza nagusia dator ondoren  ohi denez luzea ere, eta bukatzeko errespontsua meza bukaeran, bukaerako zeremonia zorionez motza errespontsu kantatu luzea ez bada behintzat. Liturgia oso luzea ohi da hileta-elizkizuna. Jendea aspertuta aterako da. Dena da latinez, ezer ulertu gabeko ordu eta erdiko egonaldia. Baina latinaren arkano kutsuak berak, apaizen marmarraldiak eta kantuen monotoniak ematen dio halako misterio eta ultramunduko giro berezi kilikagarria ez ezik limurtzailea ere. Elizkizuna bera zirraragarria ohi da. Heriotzaren presentzia itogarria. Apaiz-jantzien kolorea, beltza. Sermoia, heriotzaren inguruan bizimoldeari lotutako jarduera morala. Dena latinez, hizkuntza arkano ulertezinean. Abestien doinu ilun hits etsigarria, … Misterioan murgiltzea da hileta-elizkizuna. Heriotza eta heriotza ondorengoa misterioa izanik, hileta-elizkizuna bera ere misterio kutsu batez bilduta dago. Heriotzak berarekin dakar hil ondorengo bizitza, zerua edo infernua. Hori bekatuarekin lotzen da.  Bekatua bizi-ordenu batekin, betebeharreko arauekin, arau zibilekin ere. Botere politiko ekonomikoak erabateko lotura dute honetan ere botere eta jarduera erlijiosoarekin. Elizak abilki darabil heriotza, ia mito bihurtua, sakonean herria bere esanetara ekartzeko.

BIGARREN MAILAKOA  da nire hileta elizkizuna. Hiru mailako hileta-elizkizunak baitaude: hildakoaren  familia-status ekonomikoaren araberakoak. Dirua da arazoa, alegia, diruak damaio elizkizunari dagokion gradua. Gizartean bezala, elizak ere aberatsak, pobreak, eta pobreagoak bereizten ditu. Sosek erabakitzen dute zenbat meza, ze nolako meza, baita kantuen nolakotasuna ere. Herriak horrela katalogatzen du elizkizunaren kategoria: “zenbat mezako entierroa izan da?”. Guzti honen arabera apaiz gehiago edo gutxiagori egon ohi dira hileta-elizkizunetan. Zazpi dira nirean.

Maila baxuko elizkizunak apaiz bakarra du, meza bakarra noski, herriko bikarioa edo parrokoak emana soilik. Ez da “a tiempo” mezarik; kanturako organista moldatzen da, jo eta abestu biak egiten ditu berak; gregorianoa  da melodia.

Bigarren mailakoan, gaurko nirea, nokturno liturgiaren unean mezak emango dira alboko aldaretan; “atiempo”koak deitzen dira meza horiek, elizkizun nagusiaren denboran emandakoak, alegia; bi meza bakarrik egoten dira auzoan, bi aldare soilik daudelako alboetan; gehiago edo gutxiago beste herrietan, eliza bakoitzeko aldare kopuruaren eta familiak gastatu nahi duen diruaren  arabera. Gregorianoz eginen da kantua, eta meza nagusia hiru apaizekoa izanen.

Goi mailakoa: Nokturno liturgiaren garaiko mezez gain meza nagusiaren unean ere eman ahal dira “atiempo”ko mezak. Meza nagusia, hiru apaizekoa. Auzo honetan ez, baina herri handiagoetan meza-kantua ahotsetara egiten da, bada bi edo hiru ahotserako Perosiren meza bat, bere “dies irae” zirraragarriak herria durduzatzen duena. Kandelen parafernalia sekulakoa izaten da, argimutil dotore handiak dira, kandelak ere sendoak, …

SAKRISTAUA susmatu dut gradan gora eta behera. Horrela dakit “atiempo”ko mezak noiz bukatu diren. Apaiz meza-emaileen  gosari ordua da. Baraua gorde behar da jaunartze aurretik, beraz, apaizek ere baraurik behar dute meza emateko.  Zenbat kezka umetan goizean haginak elizara aurretik garbitu eta ur-tantaren bat eztarrira heldu ote zen: bazen konfesategira joaten zenik jauna hartu ahal ote zuten galdetzera. Horrenbesteraino zorrotz eta zentzugabeak ziren barau arauak. Eta nolabait diraute. Jauna hartu nahi duten auzotarrak baraurik etorri behar izan dute, beraz, elizara, etxera bueltan gosalduko dute.  Baina apaizok ez daude nonbait prest baraurik irauteko elizkizuna bukatu arte ere. Apaizak beste kasta bat dira. Apaiz bakoitzak meza eman ondoren, sakristaua atera da elizatik, apaiz-etxera joan da,  eta lasterrera han dager eliza barreneko ate nagusitik erretilua eskuan, non apaiz meza eman berriari gosaria daramakion, jatetxe batetan zerbitzariak lez: kefesnea eta gainerako osagaiak, dela azukrea, ogia, marmelada, gurina, etab. Eliza osoa zeharkatu du erdiko gradan gora, nagoen katabut paretik igaro da, presbiteriorako mailadia igo du,  belaun bakarrez lurra joz egin du aldare aurreko makurtze edo erreberentzia, erretilua oreka perfektuan gordez, eta sartu da sakristiara,  hori dena aldareko apaizak eta korukoak,  latinezko  elkarrizketa kantatuan zirauten bitartean. Lasterrera agertu da sakristiatik apaiza, gosaldua, eliza zeharkatu du goitik behera eta igo da korura. Hileta-elizkizunetako parafernaliako osagaietako bat da, elizkizun aspergarriko entretenimendu edo aldagai deigarrienetariko bat herriarentzat. Italiako edo Espainiako pelikula bateko sekuentzia dirudi, egilearen irudimenak sortarazia, baina heriotza bakoitzeko erritoa da, mezarik adina errepikatzen dena gure auzoan.

NOTURNOKO salmoak errezitatzen, antifonak kantatzen eta gainerako osagaietan asper aurpegiarekin, gogo gabe, arrapataka, begiak gogoaren ezaugarri badira arreta beste nonbaiten, ia ahopean bezala, aritzen dira apaizak. Lehenen mailako elizkizunean hiru kirieleisonetatik lehena da kantatua: “Kiiiiriee eeeeeleison”; beste biak presaka eta ahopean, kantatu ordez errezitatuz, kirieleizon, kirieleizon; Chriiiistee eeeeeleison lehenengoa, presaka eta ahopean bi errepikapenak, eta berriro Kirie… Antzeratsu liturgiako beste kantu-gaiak. Goi mailako hileta-elizkizunetan, ahotsetara abesten denean beste ganora bat agertzen da, agian pieza musikalak berak eskatzen duelako.  Gregorianoa da nire elizkizuneko melodia.   

Ehorztetxekoek edo medizina estudianteak ohituta dauden bezala gorpu eta gorpuzkinak tratatzen, apaizak ere ohituta daude hileta elizkizunekin. Presaka bezala, arrapataka, inolako errezo eta kantuentzako errespetu edo gustu handirik gabe gauzatzen dituzte errituak. Lan bat da beraientzat, beraien lanetariko bat, soldataren gehigarri bat, nahiko beharrezkoa diote, soldata ez omen dute-eta handiegia. Itxura hori ematen dute behintzat. Beraien betebehar errutinari bat dirudi. Herriak nabari du guzti hori. Apaizen ohikeria ikusiz ze ahalegin edo debozio jarri behar dute eurek.

IV

AUZATEA, ala deitzen zitzaion, izanen zen nire jaioterrian eta nire gaztetan izan balitz nire hileta-elizkizun hau: ardoa, gazta eta ogia ematen zitzaien elizkizunean egoniko gizonezkoei. Emakumeak ez ziren joaten auzatera, etxeko beharrak zituzten zain, egun horretan atzeratuak seguru aski. Mila aurpegi ezberdin ditu genero bereizketak. Eliza ostean, elizari itsatsitako lokal batetan izaten zen. Ume guztiak eskolan, monagiloak eskolatik libre geratzen ginen goiz hartan: moldatzen ginen auzatean sartu eta zurrut batzuk lortzeko; argi-argi geratu ohi ginen. Gizonok beraien arteko elkarrizketetan eta batez ere zurrutari eta janari jarrita zeudenez ez zuten gehiegi erreparatzen mutil-koskorron maniobrei.

BULDARIK ere ez da jada saltzen. Buldak elizaren diru iturri nagusienetarikoa ziren. Diru truk papertxo bat non, zerbaitetarako baimena ematen zizuten. Baimenaren araberakoa diru kopurua ere. Erdi Arotik datorren Elizaren negozioa, nire haurtzaroraino behintzat iraun zuena.  Vatikanoa Estatu bat da, parrokiak Estatu horren besoak, eta Estatuak bere zergak ditu. Denetarako ematen ziren buldak, erregeei gerra egiteko garai batetan, gaur egun baserritarrei udan igandez garia jasotzeko, edo premiazko lanen bat egiteko, Garizuman baraurik ez egiteko, eta horrelako abarretarako. Hiletetan ez dakit zertarako salduko zen bulda, seguruenik induljentziak emango ziren, hau da bekatuen barkamena, eta zerurako atea errazago edo lehenago zabaltzeko grazia. Beraz aberats bekatarienak ere zerua seguruago izanen zuten, bulda gehiago eta garestiagoak erosiz. Tamalez gaur ez dagago buldarik. Lastima, zerua seguruago izanen nuke.  

BAZKARIA izanen dute hileta elizkizunetara etorritako apaizek apaizetxean.  Bazkaria bera baino, apaizek elkarrekin egoteko aukera paregabea izanen zaiela desiragarrien uste dut, elkartzeko ia aukera bakarra, auzoetan sakabanatuta, ez baitira bestela elkartzen taldean, hala diote behintzat. Hiletetako elizaren fakturan sartuko da apaizen bazkaria ere. Ez da garestia izanen, kostua soilik kobratuko du apaizak, ez beti edo denek, baina hildakoaren familiaren konturakoa izanen da. Familiak ere bazkaria eskainiko die kanpoko senideei. Zama ekonomiko astuna sarri. Jende pila bilduko da bazkarira. Jan eta edan eginen da, eta bapo eginda bukatuko dute bazkaltiarrek. Bukaeran gehiago dirudi festetako bazkaria. Familiaren saminetan hasi zena,  senitarte eta apaizen bazkalondo oparoan bukatuko da.

HILERRIAK sekulako erakargarritasuna zuen umeontzat haur ginenean; hezurtegia miatzea, kaskezurraren lilura, hilobitik hilobira jauzika, kukuka, ezkutuka, … Makabroa dirudi, baina naturaltasun osoz begiratzen genion heriotzari. Tamalez hilerriko atea giltzez itxita egoten zen eta hormak garaiak ziren, beraz ez zen sarria hilerriko abentura. Ehorzketak baliatzen genituen batez ere hilobiz hilobi jauzika eta ezkutuka jolasteko, kapera osteko hezurtegiak arakatzeko, begiz besterik ez bazen ere, sekulako erakargarritasuna zuen horrek, agerian baitzeuden kaskezur eta bestelako hezurreria.  Jada ez da ume bihurririk izango nire kaskezurrarekin boletan arituko denik hilobi artean, sarraila sendoz hertsia baitago auzoko hilerria.  Agian oraindik izanen da horma garaiaz barrura eginen duen ume koadrilaren bat. Umeren bat kukuka nire hilobian gordeko den esperantzarekin noa. 

ORAIN bai, orain hil naiteke lasai. Bakoitzaren sekretua da bere leku sekretuak non dauden. Nire zenbait oroitzapenen gordailuan soilik  bidaiatu dut, nire hil-aurrea eta hiletak  bizi izan ditut. Makabroa izanen da norbaitentzat, lasaitasun osoan egin dut nik. Munduarentzat hilik egotea da loa, biharamunean munduari ekiteko. Ez da niretzat gehiago mundurik izango. Nire azken lo hau ez da izanen loa, biharamunik ez duelako, ezta mundu kontzienterik ere,  munduan jarraituko badut ere auskalo non eta ze eratan.

Azken agurraren ordua

Banoa

Ahalik ondoen izan geratzen zareten denok

Agur t‘erdi

Ikusiko ez garen arte.

Kontakizunak

Jon Etxabe 2018/01/19 08:44
Auzoa. 3.- Erlemin

ERLEMIN

Korapilatsua da gogoeten jarioa. Sare bereziak iruten ditu. Garunetako disko gogorrari nork edo zerk ez dakizun mekanismo ezezagun batek eragiten dio ustekabeko hari berriez ehunduz oroitzapenen oihala, kontziente ez zaren logika batez, -denak omen logikaren bat-, ondoren aurrekoarekin edo auskalo noizkoarekin korapilatuz eta mataza berria sortuz. Horrelako zerbait gertatu zait erleei buruz. Erleak dabilzkit, ibili ere, irabiaka kaskezurreko zurrunbiloan, erle-erregin magiko batek bainerama oroitzapen batetik bestera, erlategi bateko burrunbaz bilduta lez. Kafkaren metamorfosian kakalardo bihurtzen den lez protagonista,  ni neu  erle bilakatzen ari bainintz. Baina ez da kakalardoaren bizipen zalapartatsua, inola ere mingarria, are gutxiago etsigarria. Bada dionik eskuetan harrapatu bai, baina labain egiten digun aingira bezalakoa dela bizitza, likin apur bat utzita alde egiten digun tarte bat, baina sentipen eztia bezain gozo nabari dut kulunkan hor barneko   zirrikituetan nire bizipena, erle oroitzapenen zurrunbilo honetan.       

“Txikia, baina herria, udaletxerik ez arren”, erantzungo genien, alboko herri-burukotarrak lez hartzen gintuztenei, jaiotauzoa gutxietsiz. Nahiz txikia, geure herritxo propiotzat  geneukan gure auzoa. Hiru kilometrora zegoen herri handiago bateko biztanle-eremu murritz bat besterik ez ginen, baina gu geu ginen, bizimolde propioko biztanleria bat. Erreka-zuloa besterik ez zen bailara luze batetan kokatua, mendi maldak alde bietara eta eraikin gutxi batzuk ibai alboetan, auzo kaskar bat, hori besterik ez ginen administrazioarentzako. Baina itxurez harago, aldarteak sortutako barne begiradan dago errealitatea, norberaren magian, nahi duguna ikustean datza edertasuna, errealitatearen bizipen utopikoa. Eta gure herria errealitate magiko bat zen umeontzat, denontzat. Auzotzat gintuzten, baina bere nortasun propioa, bere-bere bizitza, ezaugarri nabarmenak zituen auzunea ginen.  Historia oparoa ere bazuen gure “herri” honek. Olak izan zituen ibaiko urak baliatuz,  portu-nasa bat ere eduki zuen, azpi zapaleko txaneletan egiten baitzen bertatik nahiko urruti geratzen zen itsas portuko ontzietara Gaztelako artile edo ibai beraren kontrako goragoko oletan eginiko lantza, pika, ezpata eta arma ezberdinen garraioa, eta nola ez armaden ontzioletarako iltzeteria. Izan zerbait izana zen, jada ezer gutxi zen arren, baina auzotarron harrotasunenean zirauen joan oparoa. Armarridun oinetxe karratu sendoak lekuko. Inguruko tailerretan lanean gehiengoa, bost baserri soilik, ez zen nolanahi bizimodu urbanoa gurea, nekazal giro arnasten zuen beharginen herritxo-auzoa baizik.

Auzo horren baitan beste azpi-auzo bat zirudien nire bizi-landa inguruak: kilometro batetara mendebaldera, sakabanatuta baina aldi berean elkarbizitzak hur bildutako  dozena erdi etxebizitza, bi baserri, ibaia erabat zabal eta sakon egiten zuen konporta eta kanaldun presa garai luzearekin argindar-zentral bat, eta inguru horri antzinakotasun ukitua eta garai bateko oparotasun kutsua emanez harlandu argiko leihodun jauregi edo dorretxe estu baina garai luzea, arbel harriko lau horma ilun biluzi soil besterik ez gaur egun, zeintzuen azpitik luzera osoan gotiko egiturako arku zorrotz zirela bi ertzetako pasabideak zeharkatzen zuten  zentraleko turbinari eragindako urak, garbi erakutsiz jauregi hark bazuela bere garai oparoan olaren bat, agian errota, baliteke jarduera biak. Guzti horrez gain, jauregiaren alboan Kontzesio geniotson elizatxoa izaniko eraikin luzexka, behe solairu eta lehen estaiko etxebizitza gure garaian, non Tio Jose Manuel eta tia Petra bizi ziren beheko solairuan, Prudentzio eta Higinia lehen estaian, beraien seme-alabekin. Izenak iradokitzen zuenaz harago, egiturak erakusten zuen Kontzesio eliza izanaren froga nabarmena: borobil izatera heldu gabe ekialdeko kurbo antzeko hormaren eliza-abside forma ukaezinak, baina batez ere mendebalera zirauen harlandu zuriko garai bateko elizara ateak eta alboko harri argiko ur bedeinkatu ontzi-gaineko gurutze zizelatuak. Egutera bihurtzen zen delako ataurrea, eguerditik aurrera arratsalde osoz eguzkiak bete betean hartuz.

Bere nahierara egokitu nahi izaten du gizakiak errealitatea, baina hau tematia izan  ohi da, eta aurre egin behar izaten diogu.  Bere legea ezartzen du bizibeharrak, eta ni mendiarteko goi bailarako etxalde batetara eraman ninduen. Bailaratxo luze aldapatsu batera, non goitik behera gurdibidearen luzera osoan  alboko maldetan sakabanatzen ziren zelai eta soro landuz inguratuta 20 baserri, malden goialde oro baso zutela. Nekazari giroa, nahiz gizonezko zein neskek tailerretan egiten zuten lan; ikasten ari ziren neska-mutilak ere ugariak ziren. Behargin eta nekazari sinbiosia. Beharginak behargin, baserri zirauten baserriek,  eta, erle kulturak indar handirik ez bazuen ere,  erleak ere egon bazeuden. Eta orain bertara kulunkatu dira nire gogapen zurrunbiloan irabiatzen ari diren erle-bizipenok.

Solas-leku lasaia bihurtzen zen arrats eguzkitsuetan Kontzesioko egutera. Bertan biltzen ziren igandeko arrats edo lan-osteko argi-ordu lasaigarrietan inguruko gazte eta helduak, gizakume zein emakume. Inguruan genbiltzan haurrok ere, entzule tirtiri, bizitzaren bidezidorretan bidea egiten edo  bideok ikasten, bizitzako unibertsitatea, eskolaren osagarri.  Badira amildegiaren ertzean eseri eta ezerezari begira atsegin hartuz bezalako une bareak, halatsu ziren  arrastiriko lan osteko ordu epel haiek ere. Zurrunbilo bat da bizitza, irensten zaituen amildegia sarri; badirudi existentzia duen ororentzat ezinezkoa dela  begirale soila izatea, ikuskizunaren nahitaezko partaide zarela. Talaia batetik munduari begirale patxadatsuak bihurtzen ginen tarte batez solasaldi haietan, huntaz eta hartaz solasean. Denbora gainditzea bezala zen.

Biziki gogoan dut, aurrez aurre, trenbideko muna bestaldean, goiko zelaietara gurdibidean, Pontxeraneko aitona, antzinateko kultura eta bizimoldearen aztarna fosildua lez dirau bere irudiak. Unean-unean, usten den eta uzten duen onena egitea dela bizitzea, onerako edo txarrerako, irabazi edo galdu, zioen filosofoak. Denboraren joanari erreparatu gabe. Edozer egiten dugula, beste aukera guztiak, infiniturainokoak beti, utzi eta galtzen ditugularik. Hori izanen da agian bizitzaren eta askatasunaren funtsa. Ez tragedia, ez zoriona. Bizitzea soilik, denboraren kontrolik gabe. Denboratik at zirudien Pontxeraneko aitonak ere. Begi-osteko erretinak jaso eta garunetan gordetako irudi bitxia esnatzen zait tarteka oraindik gomutak atzera jauzia egiten didanean.  Goruetan dakusat, oso zaharra ikusten dut, ez dakit jada joan urte askoen eraginaren zahardadea zen berea, ala nire mutil-koskorraren ume begiek egiten zuten hain agure. Alboko erleak bezain antzinakoa dirudit bera ez ezik bere zeregina; ikusi ditut erleak fosil bihurtuta, gure Pontxerako aitona ere fosila zitekeen, fosildua bere eskulana ere,  mugimenduan ez bagenekusan.

Baserritik gertu,  animaliengandik alanbrezko hesiz babesturiko soroaren kontra, lotua du hari muturra hesola bati, beste muturra eskuetan du, eta bertatik zintzilik artile moltsoa etengabe zabuka eta biraka gure jolasetako ziba bailitz. Artile moltsoa urrituz doa eta haria luzatuz, artilea hari bihurtuz, moltsoari atzamarrez eragiten dion heinean; aitonak atzera egiten du oso geldiro hariaren luzapenak eskatzen dion abian, oso mantso ia mugitu ere egingo ez balitz lez, haria tenk mantenduz; hesolatik eskura arteko hariaren luzera jardunerako deserosoa zaionean, jarduera etengo du, haria harilean biltzeari ekiten dio hesolara hurbiltzen den arte eta berriro emanen dio erritoa dirudien ekinari. Badirudi denbora ez dela existitzen, heriok berak ezikusia egiten diola agureari eta hor jarraituko duela besteok eguneko zurrunbiloak irensten gaituen bitartean. Pontxeraneko agurea goruetan, nire haurtzaroko oroitzapen miresgarrienetarikoa, naturaltasun osoz erlategi albotik genekusan estanpa kilikagarria.

Denboran katigatutako auzoa zirudien ere nire auzo berriak. Erlerik ez nuela falta izango uste nuen. Haurtzarotik eztijale, eztia azukrea baino gozagai gozagarriagoa zitzaidanez, auzoan ekoiztutako eztia nahi nuen, dendakoa baino. Begiztatu nituen zelai, baso-ertz, baserri inguruak, erlategien peskizan, non erlauntzen bat aurkituko, ezti-ekoizle baten arrasto bila. Kontzesioko ataurrea eta bertako erlategiak gogoan,  eguterak ziren batez ere nire behaketa-gune. Egon behar zuten, baina lehen peskizan ez nituen aurkitzen. Harritu ninduen erlategirik ez ikusteak. Agian ez dago  txilar, erromero, … erleek behar duten loreetatik nahiko, nioen neurekiko.

Baserritar bat dakusat  gurdiari tiraka datozen idi parearen itzain. Berari galdetu diot.

-  Ilunkaron,

- Hala ekarri

- Handikako bizilagun berria naiz.

- Badugu zure berri, auzo txikia da hau.

- Zerbait galdetu nahi nizun

- Zeuk esan

- Bertako eztirik lortu ahal nezake baserriren batetan?.

- Ez da hau inguru egokiena erleentzako, ekira begira dago bailaratxoa, hemen eguzkia kukuka bezala ibili ohi  da mendi eta laino ostean.

- Eguterarik ez da faltako,

- Sobratu ere ez, hurregi ditugu mendi-tontorrok, uda guria da soilik eguzkitsua hemen ere.

- Baina loreak izanen dira.

- Basoa malda goietan eta lur landua barrenetan, txilar eta sasi lore gutxi ikusiko duzu hemen.  

- Hortaz, eztirik ez.

- Hainbesteraino ere ez da.

- Aurki dezaket, beraz, eztia?.

- Arano eta Emarin aurkitu dezakezu, badituzte erlauntzak, eta saldu ere egiten dute eztia.

- Milesker

Gerra ondorengo garai estuak ziren, razionamendu urteak, baina ezin esan goserik pasa genuenik. Denok genuen baratzen bat, sagarrarbolaren bat, intxaur, hur edo fruitu sikuen hornidura aukeraren bat, … su-egurra ere ez genuen falta, ibaiaren bestaldeko baso malkartsuetan jasotzeak lan asko ematen bazigun ere. Bizitzak eskaintzen zigun bizitzeko adina baliabide. Eztia tartean. Kontzesioko eztia. Solasaldietarako denbora eta patxada ere zemaigun  Kontzesiok. Ermitataria zen leku aukerenetakoena. Errepideak jan ziolako edo, ez zuen esparru espaziotsurik, baina solas-talde baterako adina zabala zen. Harrizko maila zuen atalaseak, zaindua, eserleku ezin erosoagoa, aulkirik ez zen faltako eta harri zapalak ere hainbat ziren, eserleku aproposa eskainiz. Emakumezko eta gizonezko, zahar eta gazte, umeak ere inguruan, solasaldi biziak ziren haiek.

Atari horretatik ezkerretara zuen erlategia tio Jose Manuelek. Jada nagusia, Pontxeraneko aitonari gorueta bezala, erleak zitzaizkion entretenimendu. Hormaren kontra, bata bestearen gainean hiru erlauntz ilarek osatzen zuten erlategia, ilara bakoitzean lauzpabost erlauntz. Estalpetxo batek babestuta dena. Auzo ziren erlategia eta tertulia-gunea. Neguan ez zen igartzen erleen presentzia, baina udaberritik aurrera, erlategiko aktibitatea hasten zenean, batez ere ezti ekoizpen garaia heltzean, ezti fabrika bere onenean, sekulakoa ohi zen erleen joan etorriaren burrunba. Nabaria zen erleen presentzia, ez bakarrik hotsagatik, bere presentzia fisikoagatik ere. Geure aurreko aire esparrua baitzen beraien hegaldi aire espazioa. Joan-etorri etengabean sumatu ez ezik ikusi egiten genituen. Erleena ez zitzaigun ikuskizun, ohiko errealitatea baizik, ia bizikide ginen elkarrekiko erleak eta han biltzen ginenok. Bakean uzten genituen, bakean usten gintuzten, han zeuden eta zebiltzan eurak, alboan egon geunden gu. Bakezko bizikidetza genuen, bakoitza berean, elkar errespetatuz.

         Arano baserrian nintzen hurrengo egunean. Atari zabaleko baserri ederra, hegora begira, eguterago egun eguzkitsu hartan. Nire begiek miatu zuten ingurua, hara ninderaman kontuaz ikusmin. Ez zen baserri bueltan erlategirik nabari. Alferrik joana ote nintzen ere!.

Txakur zaunkek iragarri zuten nire etorrera. Berehala zen etxekoandrea atalasean. Irribarre adeitsuz hartzen ninduen.  

- Eguerdion on, etxekoandre.

- Hala ekarri. Nola zu hemendik?.

- Ezagutzen nauzu?.

- Auzo txikian isilpeko gutxi.

- Zuregana etorri naiz ba.

- Bisita gutxi izan ohi dugu hemen.

- Eztia izaten duzuela esan didate.

- Bai, baina etxerako baino ezer gutxi gehiago egiten dugu.

- Baduzu saltzekorik?

- Zerbait egongo da.

Barrurantz keinua egiten dit.

- Barkatu, baina bada zerbait harritzen nauena.

- Zeuk esan.

- Eztia salgai duzue baina ez dut erlategirik ikusten.

- Ez dugu erlategirik-eta, erlauntzik ere.

- Baina eztia bai, nola liteke, baina, hori.

- Baso-erleak dira gureak.

- Basokoak?.

- Senarraren kontuak dira horiek, berari galdetzea hobe.

Erosi nizkion pare bat ezti kristal-ontzi, luzatu genuen solasaldia horrelakoetako ohikeriekin, eta alde egin nuen. Jakin-min. Erlategirik ez zuten Aranon, baina bai eztia salgai, aldi berean ziur nengoen iruzurrik ez zegoela. Pedrorekin egon beharko nuen. Pedro zuen izena senarrak, Maria zeritzan emaztea.

Tia Petrak baratzetxo bat zuen erlategiaren aurrean. Lore ilara bat zen baratze eta solastokiaren arteko hesia, mugalorea. Bertan ibiliko ziren erruz bere sasoian erleak loreetan ziztaka eztigintzarako zukua xurgatuz. Nektar garraioko joan-etorri nekaezinean zebiltzan beste denak. Kontuz ibiltzeko esaten zitzaigun umeoi bertara hurreratzen baginen, bakean utzi behar zitzaiela erleei bere lanean eta bakean utziko gintuztela beraiek ere. Horren harira atera ohi zen gerra garaiko gertakizun baten aipamena. Gerra garaian,  jarrera politikoagatik ihesean senarra eta gerora emaztea eta bi seme-alabak, oraindik umeak, herritik egotziak, aberria atzerri, Bizkaiko Enkarterrietan luze bizi izandakoa zen Kontzesioan bizi zen famili hori. Gerra-frentea hurrean zuten, Bilbo eta inguruak bonbardatzen ari ziren. Egun batez, suak, burrunbak, bonben astinduak, agian erlantza suntsitu zietelako izututa edo haserre, erle aldra bat oldartu zitzaien bertakoei, batez ere emakume baten buruan zitaltzen zirelarik. Izugarrizko lan zaila gerta omen zitzaien erleok aienatzea, batez ere erleak ilajetik askatzea. Munstro batena omen zirudien emakume haren buruak hurrengo egunetan. Baziren ziztatutakoen istorio gehiago ere, han bertan ere egon izan zen ziztatutakoren bat. Baina ez genien beldurrik erleoi. Bakean utziz, bakean utziko gintuzten, hori zen solaskideon auzo genituen erlauntzekiko filosofia.

Jakin-min egin nuen alde Aranotik, Mariaren senar Pedrorekin topo egiteko irrikaz. Ez zuen erlategirik, ez zuen erlauntzik, baina eztia ekoizten zuen. Inolako lapurretarik gabe, jakina. Topo egin zain egon ordez, neu joan nintzaion bila hurrengo goizean; baserri inguruko soro batean aurkitu nuen.

- Egunon Pedro.

- Baita zeuk ere.

- Kalekume baten galdera batekin nator: ez duzu erlauntzik, baina bai eztia, nola liteke hori?.

Irriñoa marrazten zaio Pedrori ezpainetan

- Ez, ez dut erle-ontzirik jarri beharrik, hor daude basoan eta.

- Nola!

- Pago-gerriko hutsuneak edo zuloak zaizkie erlauntz erleei.

- Pago gerria erlauntz!.

- Pago-enborrek ustelagatik-edo barnean dituzten hutsuneak bilakatzen dituzte erleek erlauntz. Gauza jakina da.

- Eta nola aurkitzen dituzu?.

Patxadaz argitzen dik arazoa.

- Ez da zaila: eguzki-egun bero bat behar du izan; begiratzen duzu erreka kontra, ura bare samar dagoen bihurgunetan, erleak urez zamatzen aurkitzen dituzun arte, gero erleei jarraitzea besterik ez dago.

- Nola jarraitu baina, hegaz zu baino bizkorrago joango dira eta.

- Ur-kargarekin mantsoago egiten dute hegan, ni baino bizkorrago noski. Baina kordan bezala datoz bata besteari jarraika, aurreratzen zaituzte baina beti duzu bakarren bat aurrean norabidea erakutsiko dizuna. Azkenean aurkitzen duzu ze enborretan bukatzen duten.

Harriduraz begiratzen diot.

- Eta aurkitu ondoren?.

- Zeurea da erlauntza.

- Inoren basoa da, baina.

- Basoa eta pagoa jabearenak dira, baina, erlauntza, aurkitu duenarena,

- Betirako?.

- Urte horretan soilik, zapi zuriak ematen dizu nolabait jabegoa.

- Ze zapi zuri.

- Aurkitutakoan zapi zuri bat jartzen da enborrean, eta gurutze bat marrazten diozu  zurea den ezaugarri bezala.

Dudetan jarraitzen dut.

- Baina errespetatzen da?

- Hori lege sakratua da; garai batetan oso gogor zigortzen omen zen urratzea.

- Ezti-lapurrek erraza izanen dute lana.  

- Kanpokoek zaila dute, ondo ezagutu behar da basoa,  eta bertakook ezagutzen dugu elkar.

Jakin mina ez zait asetzen

- Zaila behar du prozesu guzti horrek, non aurkitu erlea, jarraitu, ...

- Hori esperientziak erakusten dizu, basoa ere ezagutu behar duzu, errekatxoak, giroa, …

- ???

- Pazientzia ere behar da.

- Eta denbora!.

- Igande eta jai arratsaldeak baliatzen ditut, soroan lanik egiten ez denean, entretenimendu bat ere bada, auzoan ez baitago bestelako denbora-pasarik.

- Noiz jasotzen duzu eztia?

- Garaia heltzen denean: uzten diezu negurako behar duten adina, bestea jaso, zapia ere erretiratu, eta kito.

- Zenbat erlauntz izan ohi dituzu?.

- Ez dago jakiterik, eskaintzen diezun denbora, zeure ahalegina, giroa, urtea, zortea, … guzti horren arabera izaten da.

- Eta ez dago erlategia duen inor?.

- Nire anaia Eusebio.

- Non bizi da?.

- Auzoko beste ertzean, gorenetako baserrian, Emari baserrian.

Elkarren ondoan jarraitzea behartua denean bilakatzen da zitala konpainia hori; beti eztabaidaka eta beti elkarren ondoan: egoera berezia. Onartutakoa denean, gizakiaren kontraesanetariko bat da, tarteka zitala, tarteka eramankorra. Gizarte-bizitza,  legea dirudi.  Bada nonbait antzerakotasunik erlategietan. Erla-ontzian ez dago   konpainia zitalerako aukerarik. Erreinu batean bi erregerentzat lekurik ez dagoen bezala. Misterioa zaigu, ezjakinontzat behintzat, erle-ontzi bateko erregin aldaketa. Ez dakigu onean ala txarrean, ze bizikidetza legeren arabera, baina erregina berri bat jaiotzean  alde egiten du berriak, agian bota egiten du aurrerakoa, edo aurrerakoa da berria botatzen duena, indarren orekaren arabera agian, gizartean bezala, ez dakit. Erleek ere, bizidun orok bezala, bere ugaltze prozesua dutenez, erregina berri bat jaiotzen denean bietako bat soberan gelditzen da erlauntzean, eta alde egin behar du bere esaneko edo mendeko erle aldrarekin.

Tarteka gertatzen zen Tio Jose Manuelen erlategian erlekume berria kanporatzen zela. Udaberri aldera. Etxetik entzungo genuen burrunba antzerako bat, kazola eta piper-pote hotsa nagusitzen zelarik. “Erlekumea jaio zaio tio Jose Manueli”. Piper-pote, xafla edo ahalik zarata handiena ateratzeko gai zen edozer tresna hartu eta han joango ginen etxeko anaia-arrebok, goiko etxebizitzako neska mutilak, baita aurreko baserrikoak ere. Ordurako han zebiltzan erle-multzoaren atzetik tio, tia, etxean zegoen seme edo alabaren bat, goiko etxebizitzako norbait, Pontxeraneko bat, … Erle multzo izugarria zen airean ikusten genuena Kontzesiora hurbiltzean. Pontxera baserri inguruan, mendi-magaleko zuhaitzetara jo nahian bezala, erle-laino ilun bat airean, haize-zurrunbilo batek irabiatuta lez, enarak ilunabarretan bezala jiraka, edo uso-bandoak tiro-hotsa entzutean norabidez aldatuz biratzen direnean antzo. Gorputz bakar bat zen airean kiribilka zebilen multzo iluna, harat-honat, gora eta behera, orain aurrera, orain atzera edo alboetara. Ezin zaien alde egiten utzi, basora ihes eginez zaila zelako aurkitzea zein jasotzea. Eragin egin behar genien. Hurreko zuhaitzen batean gelaraztea zen helburua. Harantz jirarazi. Parafernalia bitxia zen osatzen genuena: tio Jose Manuel aurretik lainoa zirudien ke beltz moltso zabal trinkoa botatzen zuen ontzia eskuetan zeramala, bere atzetik emakume, neska, mutil eta neska koskor koadrila harat-honat erle multzoari jarraika, kazola, burdin xafla,  gailu ezberdinekin ahalik eta burrunba handiena eraginez. Inguratuta bezala geneuzkan azkenerako. Auzolaneko zeregina zen hura. Ez genien beldurrik erleoi; ke eta hotsen ondorioz,  edo erregina defendatu beharrez agian, ez gintuzten oldartzen. Agian beldurraren eraginez. Ez zegoen jakiterik zenbait iraungo zuen erritoak. Gehienetan lortzen zen inguruko zuhaitz adar batean pausaraztea. Ondoren baretasuna itzuliko zen ingurura. Garaile sentipenak biltzen gintuen.

Gu bakoitzaren baitan, errealitate gordinenean ere, fantasiak hartzen du leku eta tarte gehien. Agian buruan nerabilen amets kiribilduren batek bultzatzen  ninduen  Emarira. Umetako bizipenek eraginda edo. Emari baserrian bizi zen Eusebio. Joan nintzaion bisitan.

- Egunon Eusebio, auzo galduotan denek ia dena jakin ohi dute.

- Bai, badakit, auzo txikia da hau.

- Pedro zure anaiak esan dit erlategia duzula, eta ikusmina sortarazten didate erlauntzek eta erleek.

- Han aurrean ikusi dezakezu erlategia.

Baserri aurrean, berrehun bat metrotara ikusi ahal zen, soroen bestaldean, belartzaren ertzean, basoaren oinetan eta babesean.

- Eguteran dago

- Hala behar du, erleak eguzkia  du nahitaezko.  

- Hurreratu gintezke?.

- Jakina!

Hurbildu ginen, soro eta belartza artean zihoan zidor batetik. Tio Jose Manuelen erlategiaren antz ber-bera zuen Eusebiorenak ere, jitez ez ezik, baita tamainaz ere, agian honek erle-ontzi gehiago zuen. Enbor hustuak, borobilari egokitutako oholez estaliak muturrak, egutera aldekoak bere zirrikitu estu luzearekin erleen sar-irtenak ahalbideratzeko, hiru ilaratan, bata bestearen gainean, gaina eta alboak burdinazko xaflaz babestutako estalpe batetan, Eusebio berak eginiko muntaia xumea.

- Noiz kentzen diezu eztia.

            - Bere garaian, laster.

- Oztopo ez bazaizu, gustatuko litzaidake ezti-ateratzea  nola egiten duzun ikustea.

- Ez dago arazorik, deituko dizut; nahi baduzu, etorri.

- Hemen izango naiz

Baserrira itzuleran, zelaia zeharkatzean inguruan zebiltzan erleetako bat bertaratu zitzaidan. Urduri seguruenik, behar ez zen mugimenduren bat egin nuen, nonbait. Bekokian ziztatu ninduen.

- Mehatxu zitzaion keinuren bat egingo zenuen.

Benetan mingarria zen ziztada.

- Zatoz sukaldera, Simona emazteak igurtziko dizu ziztada amoniakoarekin, beti dugu prest edozein emergentzia dela-eta ere.

Jarri zidan leungarria,  bekokia ez zitzaidan handitu, mina ere laster desagertu zen. Zer dakite bizitzaz tarteka astindu bat pairatzen ez duten horiek. Ez zen astindu asaldagarria jasan nuena, baina zerbait ikasia nuen, baketsuenak ere defendatzen dakiela alegia.

Hurrengora arte agurtuz, egin nuen alde.

Nekeak, keak, hotsak, … auskalo zerk, agian erreginari tokiren bat egokia iruditu zitzaiolako, … nork jakin ze mekanismok eragiten dion erlekumeari edo beraren erreginari kokagune zehatz bat aukeratzea. Adituek agian badute erantzunen bat, guretzat aurreikusezina zen non eta noiz pausatuko zen erlauntz hegalari hura. Ez genion etsiko azkenez adarren batetan gelditzen hasten zen arte. Lainoa baretuz joanen zen,  adar baten inguruan multzotuagoa eginen zen, adarra erlez ilunagotuz hasiko zen gune batetan. Erregina pausatua zen seguruenik eta manupeko erleek bera estaliz babestuz pilatzen zihoazen. Segizio humanoak utziko zion sinfonia gorgarria jotzeari, multzo hegalaria geldotzen eta murrizten joanen zen,  adarreko multzoa handitzen eta trinkotzen.  Multzo marroi handia ohi zen adarrean bildutakoa, formaz eta tamainaz mandatuetarako erabili ohi genuen kapazuaren jitekoa, metro-erdi bat luze eta zuhaitz-besoaren lodiera zabal goian, beherantz estutuz azpi borobil batetan bukatzeko, txano erraldoi zintzilikatu baten antzerako. Helduek alde egingo zuten beraien eguneroko zereginetara; umeok geldituko ginen erleen afera bukatutzat eman arte

Abisatu zidan Eusebiok, hurrengo goizean kendu behar ziela eztia erlauntzei. Abentura behar du izan bizitzak, norbere bila, azaleko harat-honatean, baina barnera ibiliaren lagungarri;  galtzeko arriskua hartzen duenak aurkituko du aurkitzekorik bada. Ez nekien zer aurkituko nuen, zorionekoa omen bere burua aurkitzen duena, ez nuen halako zorion pretentsiorik, baina atximurka  bihurritzen zitzaidan  esperientzia berri haren kilima.

Eta han nintzen ni agindutako orduan Emari baserrian.  Prest zegoen Eusebio heldu nintzenean.

- Hasiko al gara?

- Ez dugu besterik eraman behar?.

- Nahikoa dugu honekin.

Harriduraz begiratu nion, baina ez nion ezer aipatu. Hark ez zuen  zerikusirik erleei buruz era ezberdinetako erreportajeetan ikusitako parafernaliarekin. Han ez zegoen aurpegiaurreko saredun kapelarik, ez zen inolako eskubabesgarririk, lainoztagailurik ere ez. Pipar-pote ketsua zen ke-auspo bakarra, kea arintzean putz egin behar zitzaiona.  Esna, baino ez beti erne, egiten omen du gizakiak ia bizitza osoa;  esna eta erne jarri ninduen ni egoerak. Bizitzak noiz okerrenerago egingo, hori ohi da desesperatuaren burutazioa.  Ez zen desesperazioa hara ninderamana, esperientzia berri baten ziztada zen hura, erleen ziztada balizko baino probableez harago.

- Ez al duzu babesgarririk jartzen.

- Ez da behar, nahikoa  da kearekin.

- Ez dago ziztaden arazorik?.

- Ez dute ziztatzen lana patxadan egiten baduzu.

- Nola ezetz!

- Gure gorputzak ez du ezer erlei interesatzen zaienik.

- Ulitxa, mandeuli, eta enparauek ondo koskatzen gaituzte ba.

- Odola dutelako elikagai.

- Ez zaituzte sekula ziztatu?

- Noizbait, zerbait  presatiegi egin dudalako: etxean amoniakoarekin ziztada igurtzi eta kito..

- Ematen dit kezka pixka bat.

- Zu lasai, nire alboan geldi-geldi egon eta ez zaizu ezer gertatuko.

Ez nintzen lasaitu, baina ez nuen jada atzerabiderik ere. Zenbat pertsonak ez ote dio bizitzari eusten bizi-erritmo azkar bati esker: ezinegon hori da sarri bizitzari eusteko funtsa. Urlasterrean lez labainduz zihoazen sentipen bizienak nire barnean  zentzuaren babes-zokoak saihestuz, bizitzaren aurpegi berri bat ezagutu irrikaz.

- Zer erretzen duzu pipar-potean hain ke trinkoa lortzeko

- Bekorotz lehortua.

Hurrengo eman beharrezko pausoek ez zuten presarik. Tio Jose Manuelek ekarriko zuen eskailera bat, gero erla-ontzi huts bat, kokatuko zuen erle-ontzia zuhaitz besoan, aho irekia erlekume multzoaren parez pare, ke-laino batez babestuta,  burruntzalikada erle sartuko zuen barnera, ondoren beste bat, une batez esanen zuen “erregina barruan da” eta  eskaileratik jaitsiko zen. Tarte batez erle-ontzira begira jarraituko genuen umeok. Jada erlauntza zen. Erregina barruan, gainerako erleak hartua zuten barnera bidea. Ilara trinkoan egiten zuten barrurantz. Denbora eman behar zitzaien. Han egonen zen erlauntza  zuhaitz besoan lotuta. Jada denak barruan, tio Jose Manuelek jarriko zion muturreko estalkia, eta eramanen  erlategira beste erlauntzekin batera kokatuz. Eskuratua zuen erlekume berria.

Heldu ginen erlategira, sartu ginen barnera, kokatu ginen erlauntzen aurrean. Ke trinkoz inguratuta. Eusebiok jarri zuen ke-potea eztia kendu behar zion erlauntza gainean. Ni kieto bere alboan, zirkinik ere egin gabe. Eguneroko zertzeladatxoek eman beharko lioke  zentzua, garrantzia eta bristada, gure bizitzari, gertaera eta eginkizun txikiok egiten baikaituzte handi, istorio txiki horiek egiten dute-eta bakoitzaren historia, istoriook izan behar luketelako  buru-estimuaren funtsa, handi izan nahi horrek hain txiki egiten gaituen garai honetan. Agian ezkutuko sentipen horrek bultzarazten ninduen han jarraitzera. Erleak bor-bor, burrunba hotsa inguruan. Hegoei eraginak ateratzen duen murmurioa dirudien zaratak inguratzen gintuen. Kendu zion muturreko estalkia. Han geratu zen agerian lehen abaraska, enborraren taxuari  jarraiki borobila. Paletatxoarekin joan zen libratzen abaraska alboetatik, enborraren kontra-kontra, erabat libratu zuen arte. Atera eta ontzian jarri zuen. Agerian geratu zen hurrengo abaraska. Operazio berdina. Ez genuen hitzik egiten. Banan banan joan zen abaraskak ateratzen, erleek behar zuten anoaren zenbatekorainokora heldu zen arte.

Eusebiok oso mantso egiten zituen mugimendu guztiak, maitekiro bezala, nabari zen ez zituela inola ere erleok asaldatu nahi, biziraupena ere bazen seguruenik, baina sakonean erleontzako errespetua, miresmena, nolabaiteko maitasuna, baita eskerrona ere, beraiek baitziren baserriko diru-iturrietako bat. Urteetan mamitutako eta txirikordatutako sentipen sorta.

Erleen burrunbak soilik ez gintuen biltzen, erleak eurak ere inguruan zebilzkigun, inguruan ez ezik gorputzean, eskuetan, bekokian, … burua txapelez estalia genuen. Egonalditxoa azalean egin eta alde egiten zuten. Praka barrenetik ere sartzen zitzaizkidan bakarren batzuk, baina orkatilatik gora ez zuten egiten, iluntasunak etsiarazita edo. Horrela jarraitu genuen, bera mugimendu nagiko eztiaren zereginean, ni taket bat bezain zut eta geldi, begirale soil. Ihesa gutxitan da salbabide. Une hartan inola ere ez.  Arazoari aurre egiten dionak du garaile aukera, beraz han jarraitu nuen.

Erle bat, baina, ausarta edo abenturazaleak badaude egon nonbait erleen artean ere,  orkatilatik gora egin zuen. Sentitu nuen bernan gora, belaun gainean gero, ondoren izterrean gora egin zidan. Eta horrenbestez pazientzia galdu nuen. Kolpe tinko bat eman eta erlea bertan akabatzea otu zitzaidan. Eman nuen kolpea. Ustea ustel, orain ere. Zartateko bizkor eta eragilea, nire ustean, baina ez zuzenki erlearen gainean, edo ez behar bezain bortizki, nonbait. Kolpea jotzeaz bat ziztatu ninduen.  

Eusebio jabetu zen gertatuaz. Kalekumeaz errukitu zelakoan nago.

- Nahikoa gaurko, ziztada hori amoniakoz igurtzi beharra dago.

- Baina hainbat erlauntza falta zaizkizu oraindik.

- Bihar ere hemen  egongo dira, ez dago zergatik dena egun berean bukatu.

Eta hor bukatu zen nire erleen abentura.

Itzuli nintzen gehiagotan baserrira. Horietako batean erlauntzei kendutako abaraskak urtzen aurkitu nuen Eusebio, eztia eta argizagia banatzen alegia. Sukaldeko behesuan, laratzetik zintzilikatuta zeukan galdara handi batean borbor zeuden abaraskok. Nolako galdarakada!. Makila batekin eragin eta eragin ari zen.

- Lan luze eta astuna duzu hau.

- Bai, gorputz bakarra hartu behar du denak, ahalik eta meheena.

- Eta nola bakartzen dituzu eztia eta argizagia?

- Bahetu egiten dut irazki egokiko zapi baten bidez.

Lan, neke, eta ordu asko kostatako eztia zen Emarikoa.

Tio Jose Manuel hil zen, bere semeetako nagusiak erle-jabea hiltzen zeneko erritoa bete zuen:  erlauntzen aurrean jarri eta esan zien: “zuen ugazaba hil da”. Erritoa beteta, erleek ez ziren galduko.  Baina desagertu egin ziren, errepideari zabalera handiagoa eman behar zitzaiola-eta Kontzesio bota egin zuten, ingurua eraldatuz. Tertulia eta tertulia-kideoz gaindi, errepideko edo errepidearen biktima bilakatu zen tertulia-auzo izan genuen erlategia bera ere.

Berriro kalekume, topo egin dut mendi-auzoko lagun batekin:

- Hil hituen, bai, Pedro eta Eusebio anaiak.

Kontatu nion Kontsezioko erritoarena.

- Ez diat uste inor joango zenik gurutzedun zapi zurien arrastoak jarraituz Pedroren basoko erlauntzetara ugazabaren heriotzaren berri ematera.

- Urte bakarrerako ugazaba gainera.

- Nolanahi pagadiak pinudi bihurtu hituen berehala.

- Eta Emariko erlategiak ba al zirauk?.

- Ez zekiat hik diodan erritoa konplitu zenik, baserria bera hustu egin huen, hain familia zabala baina inork ez zioan  eman jarraipenik. Bazekiat udan joaten direla udapasa edo. Desagertu hituen erleak ere seguruenik.

Gizarte aldaketak, erleekikoa ere irauli du.    

Han-hemenka erlantzak  ikustean, kaxa kubo perfectoak gaur egun!, oraindik halako kilima bat nabari dut hor nonbaiteko toles batean, erlemin jarraitzen dut, bakean utziz ez nautela ziztatuko dakit, maitagarria dut bere hegaldi-burrunba landa zabaletako ibilietan.

Eguzkia dir-dir eguerdian, zelai baten hegian, ote, txilar, ezkai, sasi, eta zuhaixkez osaturiko txara ertzean, erlauntza batekin egin nuen topo mendiko ibili batetan. Etengabeko joan-etorrian zebiltzan erleak. Erleekiko txeraz, ikusminez, eta beraientzat nik ez nuela probetxagarririk filosofiaz lasai, hurretik behatzea otu zitzaidan. Erlauntzaren aurrean jarri nintzen kokoriko. Berehala hara non ateratzen diren bata bestearen ondoren ziztu bizian zenbait erle, zuzen niregana, gerrako ehiza-hegazkinak bailira, erlauntzeko segurtasun sailekoak nonbait. Etsaia egoztera zetozen. Ez nuen nik elikagairik beraientzat, baina lanerako beharrezkoa zuten aire espazioa okupatzen nien, aire-esparru okupatzailea nintzaien, joan etorrietarako oztopo. Astindu nituen, baita estropezuka alde egin ere abiadura bizian. Halaz ere batek eskugainean ziztatu ninduen. Ez nuen amoniakorik eskura, beraz lehen uneko minaz gain, esku handitua jasan behar izan nuen aldi batez. Errealitateko osagaiak bere koordenada zuzenetan kokatzen erakutsi zidan bizitzak. Bere baketsuan dagienari errespetuan datzala armonia eta oreka argi utzi zidan erleen afera hark. Heltzen zaizkigun apurrekin zoriontsu, sekula iritsiko ez den zerbaiten esperoan egotea bezala da bizitza, erleen esperientzia hura heldu zitzaidan niri, eta une batez jakintsuago egin ninduen.

Naturaren broma bat omen bizitza, broma inkontziente bat. Agian. Baina gizakiak kontziente egiten duen broma. Tarteka garratza arren, gozotzen ahalegintzen garen broma. Mendi-auzotik atera egin ninduen ni neu bizitzak, urbanita edo kalekume  bihurtuz. Goxotasun lipar iheskorra damaie oraindik joanetako egun haien taupadei. Etiketatutako eztia erosten dut denda batetan gaur egun, ekologikoa omen, hala dio txarteltxo batek, etiketak alegia. Gozoaz goza gogoz. Bizitzari baino bizitzako gauzei edo osagaiei gehiago begiratzen diegula aurpegiratzen digute, gauzak ez zaizkigula  bizitzeko baliabide, helburu bihurtzen ditugula,  bizitzaz baino bitartekooz gehiago gozatzen dugula. Baina osagai edo baliabideok ere ez al dira ba bizitza konkretua, bizitza bera. Erleak eta eztia ere bizitza dira.

Jon Etxabe 2018/01/12 10:39
Auzoa. 2.- Azeri-eskean

AZERI-ESKEAN

Ez da gauza bera azeri-begirada edo  azeriaren begirada

Kanpoko atea  jo zuten. Aldaba tzarrak  gaztainondo ohol lodiko ate sendoari eragiten dion soinu ozenak bete zuen etxe barrunbe osoa. Perkusio musika tresna erraldoi bilakatzen da baserriko atea, etxalde soinuen sinfoniari eta abeltegiko hotsen polifoniari ukitu sakon sarkorra erantsiz kontrabaxuak orkestran nola. Uhin ikusezinen mugimendu harmonikoa omen musika, geometria dela ere badiote,  matematika hutsa dela esango nuke nik, edo arkitektura, edo mekanika hutsa, arte edo poesia ukituarekin. Haize-uhin  neurtua nolanahi, hots melodiko bihurtua. Baina nolako sentipen, aieru, mira ere, sortarazten dituen baserri bakardadeko ohiko hots ezberdinen uhin akustikoak eteten dituen aldaba kolpeak, ateko zakur lotuaren zaunkak ezezagun baten bisita iragarri ostean gehienetan. Edozein dela ere musikaren definizioa, misterio kutsu batek biltzen du ingurua baserri bakartian ate-hots ozen ilun sakon grabeak. Halako zerbait sortarazi zidan ate-hotsak.

Jaitsi nintzen atalondora. Ume koadrilatxoa zen ate-joka: baserri bereko anaia-arreba koskorrak ziren segizioko protagonista nagusiak, auzo txiki bateko monotonia hausten zuen gertakizunaren uharan bildutako jarraigo jostari zalapartatsua gainerako ume koadrila. Erritoa berez, festa eta ikuskizuna beraientzat.

Mehatxatu edo zelatatu sentipenaz, defentsa keinuz uzkurtzeko kinkan bizitzea,  horrelakoa da, izan da beti, gizakiaren, gizartearen beraren, zoria: beldur eta defentsa  jarrera. Otsoa artzainei lez, azeria zitzaien baserriko etxekoandreri etsai nagusi. “Eutsi beheari, goitik zer datorren badakigu eta” dio herri esaera batek. Etorri, etorri izan dira, eta datoz, aldaketak eta ez ohiko asaldurak egunerokoari, goitik behetik zein albotik, okerrerako gehienak, aldekoak ere bai tarteka, baina zer izanen den ez jakitea da ezustean datorrenaren desabantaila nagusia. Eskuartekoa gutxienez ezagutzen baitugu. Azeria zen auzoan ezusteko horietako bat. Erasoa bera baino erasoaren noizak zekarren urduritasuna. Uneoroko arazoa baitzen azeria bera eta azeriaren oilategiei erasoa. Hortik zetorren  azeri ehizatua  baserriz baserri erakusteko jarduera. Azeriaren aurkako defentsa, ohitura eta arau bihurtua. Garaipen itxura arren, azeri hila erakustearen erritoa azeriari buruzko beldurra eta ezinikusia agerian uzten zuen jokabidea zen, mendeku kutsua zerion ohikunea. Azeri hila, garaipenaz harago, azeriaren  erasokortasunaren aitorpena ere bazen. Etsaiaren aurkako etsaitasuna.

Baserriz baserri zetozen umeok, ate joka ikuskizun. Ehizatutako azeri erakusle, ate bakoitzeko eskupekoaren eskale, aldi berean dohaintza zenbatekoaren jakin-min ere.

Etxekoandrea izan da oiloez arduratu dena baserrietan. Oilategiaren egitura eta honen mantenuaz harago ezer gutxi arduratuko da gizonezkoa.

- Gaur ere azeri-eskean zebiltzan.

- Oilo-lapur abilak baditun behinik behin azeriok.

- Ondo irabazitako fama.

- Betidanik dun azeria oilo-lapur.

- Azeri hila, bakea oilategian.

- Horrek behintzat ez din oilorik eramango.  

Tiroz ere hil ohi zituzten azeriak, ehiza garaian basoan topo egin eta jopuntuan  jartzen bazitzaion ehiztariari: baldintza zaila, maltzurra baita azeria,  gizakiaren mesfidati, basapizti oro bezala. Baina baserri ingurua zen azeri ehiza-gune nagusia: antz eman, arrastoak zaindu, ohiturak eta orduak ikasi, ondoren zepoa jarri. Denok bizi gara lubakiz inguratu eta babestuta, tarteka soilik ateratzen gara lur zabalera, inoiz ere ez urrutira, eta burua agertuz bakarrik gehienetan. Hortaz ez gara animaliez askoz ezberdinago. Basoan dute babesa animalia basak, baina inguruko azeriek atera beharra zuten gizakien eremura bere habitatean jangaia urritzen zitzaienean. Latz ordainduko bazuten ere gizarte eremura hurreratzeko atrebentzia. Zepoa zitzaien aurkako ehiza-tresna erabilienagatik arriskutsuena. Hanka batetik harrapatuta geldituko zen zorigaiztokoa, ondoren kolpeka akabatuko zuten zepoan bertan, baserriz baserriko erromesaldia etorriko zen ondoren. Labirintoa da bizitza, heriora daraman ibilbide korapilatsua, norabide eta osagaiz etengabe aldatzen dena, dena kantoi, dena nora erabaki beharra, hurrengo pausoak nora daramatzan ez dakizula, biharamuna beti ezezagun. Hala zaie bizitza naturak soilik hesi dituen animaliei ere, nola ez kontakizun honetako protagonistari. Bada bizitza abentura dela dionik, eta abentura, arte. Ai hala balitz!. Egunerokoa zailtasun gutxikoa duen poetaren batek esanen zuen seguruenik abentura delako hori. Zenbait bizimolde izan daiteke atsegina, laketgarria, baina ez bizibeharra. Beharra beti da astuna, zaila, etsigarria, eta gehienetan mingarria. Galdetu gure istorioko azeriari.

Bazitekeen ehizakia erakutsiz zetorrena ehiztaria bera izatea, errazagoa baita umeei ehiza-saria murritzagoa luzatzea nagusiei baino. Usta oparoagoa zen nagusiak lortu saria umeek etxera zeramatena baino.

- Beharrak bultzatzen dik azeria oilotan egitera.

- Goseak esan nahiko duk.

- Bai, baina, ikasi egiten ditek, azeria azkarra duk eta amak erakusten ziek kumeei oiloak ehizatzen.

- Azeriak errazera jotzen duela esanen nikek nik, zer oilategia baino ehiza-leku errazagorik, beti zagok zirrikituren bat hesian, edo ihes egiten duen oilo tirtirin bat.

- Oiloak erasotzeko berezko sena dik azeriak, horrekin jaiotzen duk.

- Pedro, konta iezaiek azerikumearena.

- Azeri-amak kumea gordetzen zuen zuloarekin egin nuen topo behin basoan. Hurreratu nintzaien. Makila sendoa erakutsiz, badaezpada. Ez zuten alde egin. Haserre eta zital defenditu zuen kumea amak. Kumearen ondoan,  hankak lurrean itsatsita, haren bi hagin ilara luzeak erakutsi beharra, haren aho-soinu lakarrak, grgrgrgr … erasoko ote ninduen ere, … baina makilari beldurra zion nonbait, atzeraka joan zen, mehatxu jarrera gero eta etsiagoz, eta azkenik basoan galdu zen umea bertan utziz, tarteka burua jiratuz kumeari begiratzen ziola. Kumea txakur bat bezala haztea otu zitzaidan, nola portatzen zen jakin-minez. Etxera eraman nuen, txakurkume bat bezala hazi eta tratatuko nuen. Jaten ikasi zuen. Koskortuz  ahala, oraindik kume, atarian, ataurreko txakur kaiolan lotu nuen. Emazteak eta alabek mesfidantzaz begiratzen zioten, semeak ikusminez, baina azkenez bere lagun egin ziren, jostailu berezi bat bihurtzeraino. Bitxikeria bat. Oiloa, ohi zenez atalondoan ibili ohi zen txitak inguruan zituela, azeriarekiko ardurarik gabe. Eta hara non, behin, ikusten dudan azeri-kumea aurretik pasatzen zitzaizkion txitei manuak luzatzen, harrapatu nahian bezala. Besterik gabe hil nuen. Eskopeta tiroz.

- Garbi erakusten dik azeriaren oiloak hiltzeko sena.

- Agian kumearen jolas sena besterik ez huen.

Nolanahi azeriaren oilo-hiltzailearen  mitoa setati jarraitzen zuen auzoan.

Etxeko umeak bidali zituzten oraingoan azeri-eskean. Udaberria izaki, nagusiak lanpetuta zebiltzan belar lanetan, artajorran eta gainerako baserri-lanetan.

Ohitura zen, auzo-legea ere, hilketaren ordainez sariren bat ematea, diruzkoa gehienetan. Oilategietako lasaitasunaz harago, dirua jasotzeko aukera ere bazen, eta dirua ehiza-akuilu. Ez zegoen tasa jakinik, ez zegoen beharrezko zenbatekorik, bakoitzak bere borondatea emanen zuen, baina atez-atezko ibilbideak bere uzta oparo samarra ekarri ohi zuen, apurrez gizentzen dira oiloak ere, baita errule  naro bihurtu ere. Auzoko esamesen iturria ere bazen azeri-eskea. “Halako baserrian hainbeste eman digute, halako etxekoandrea zeken portatu da, beste hura eskuzabala beti, …” auzoko baserri bakoitzaren emankortasun erradiografia egiten zen, esamesa bihurtuko zena, komunitate txikietan edo talde mugatuko zein esparru murriztuetako elkarren ezagupena argitu sakondu marrazten duena, txutxu-mutxuak elikatu, bizikidetza mingostu ere sarri. Larunbat Sainduan aterik ate su berria eramaten duten umeek egiten duten lez etxekoandreen katalogatze zehatza eskupekoaren arabera, edo santa-eskean  ate bakoitzaren argazki humanoa harreraren arabera. Bere alde kilikagarria zuen azeri hildakoaren atez-atezko azeri-eske ibilbideak.   

Azeri bat zekarten neska-mutil koskorrok. Auzo-bizitzan gihartutako jokabide aspaldikoa, arkano lilura zerion erritoa, azeriak berenez nekazal jarduerari damaion misterio geruzaz bildua. Bizitza osoa da arriskua, arriskuetatik ondo ateratzen asmatzen duenak soilik du bizitza oparo eta zoriontsua. Aterik ate zekartzaten azeri hilek kontrastearen  ikurra ziren, ehiztariaren garaipena eta oilategiaren lasaitasunarena, aldi berean azeriaren porrota eta heriotza.

Ziurrera jokatzen erakutsi digute, dena dugu edo eduki behar dugu aseguratuta, nahiz horrek kentzen dion bizitzari distira, eta kamusten digun bizipoza. Agian animaliek ere badute abentura sena, nork daki, baina irautearena zen azeriak basotik irtenarazten zituen sena. Esperientzia omen unibertsitate eragileena, eta baserritarren jarduera urteetan  oratutako jakinduria da. Bizibeharrak eragindako ausardia eta bizibeharrak ere eragindako babes jarduera. Bizibeharraren bi aurpegi kontrajarriak, inola ere kontraesankorrak.   Azeriak bazuen bere eragina oilategien kokapenean. Auzoko erdialdean oiloak solte ibiliko ziren, baserri inguruko zelaian intsektu bila mokoka, soro goldatu berrietan zizare bila, atarian zein etxe-bueltan txitatze ondoren txitaz inguratuta. Oilategiko habiara joko zuten erruteko: kanpoan erruten zutenak ziren buruhaustea etxekoandreentzat arrautzok non ote, baina mauka azerientzat gauez aurkitzen bazituzten. Ertzetako baserrietan, aldiz, baso kontra zeudenetan batez ere, oiloek alanbrezko hesi barruan gordetako esparru mugatua izanen zuten kanpoko ibili aukera bakarra, eraikin barnean izanen zen oilategia  ataka estu bat soilik zutela kanpora ateratzeko, eskailera moduko zurezko ohol edo langa mailakatu piko estu bikoitza, barrurantz bata eta bestea kanporantz,  zitzaiela sartu-irtenerako zubitxo gisakoa, pasabide ezinezkoa azeriarentzat.

Hila ekarri ohi zuten  azeria, zaku batean, eskutik zintzilik edo atzeko hanketatik haga mehe samar baten puntan lotura buruz behera zintzilik,  bandera bat balekarte bezala haga lepoan kokatuta, garaikurra erakusten duenaren harrotasunarekin. Gaurko hau, aldiz, aurreko hanka biak aurrean eta atzekoak atzerago haga luzexka batetan  luzetara  loturik zekarten, zintzilik, egurraren paralelo, ume batek hagari aurreko muturretik eusten ziola eta beste batek atzekotik.

Agian azeria aurrez aurre sekula ikusi ez dutelako da berarenganako ia gorrotoa den grina edo sentipen setati hori. Ni behin aurkitu naiz azeri batekin aurrez aurre, zoologikoan ezik, askatasunean zelarik. Katalunia iparraldeko herri batean bazen aisia-leku xarmant bat, Font Rodona deitzen ziotena, iturri borobil bat zuelako. Inguruko mendizale, bisitari edo erromes askoren  goiz zein arratsalde pasako bazter laketgarria. Atseden hartzeko ala inguruaz gozatzeko txoko aparta. Beti da garbitasunari ezaxolaren bat , beraz  izan ohi ziren janari hondakinak inguruan. Nire egonleku aukeratuenetariko bat zen arratsetan, inguruko patxadaz gozatuz  neure baitan biltzeko. Azeria aurkitu nuen behin, gosez jaki errazaren bila, janari hondarren usainera etorria seguruenik. Kolore ilunekoa zen. Ikusiaz bat kieto geldi geratu nintzen, zirkinik ere egin gabe, agerpen zerutiar bat bailitz. Berak ere ikusi ninduen, bera ere geldi-geldi geratu zen. Biok elkarri so. Ez zen nire presentziaz urduritu. Ni, aldiz, harriduraz txundi jarraitu nuen.  Elkarri begira iraun genuen aldi batez, bera nik zer egingo, ni lilurak eraginda ibilge. Biok geldi. Elkarri begira. Begirada lasaia zuen, sarkorra.  Begiradak trukatu genituen. Ez dakit zer jasoko zuen nirearengandik, miresmena eragin zidan bereak.  Une labur baten ondoren, ibili lasaian alde egin zuen beheko belartzan galduz. Ni, aldiz, azeriaz enamoratua gelditu nintzen.  

Bizirik zegoen umeok zekarten azeri hura: hankatik helduta erori zen zepoan, bizirik beraz, eta bizirik erakustea erabaki zuten.

Oilo-lapur ospea mitoa ote, ala esperientziaren ondorena. Azeriekiko kontakizun asko  zegoen auzoan, historia errealez goitik, mito ere bihurtutako istorioak denak.  Istorio bakoitza gertakizun erreal bati lotuta, gertakizunok areagotu egiten zuten azeriarenganako ezinikusia, izua ere, mesprezu ia atabikoa bihurtzeraino.   Agian azkonarrak ere baziren oilo-lapurrok, hudo edo huroia agian, edo auskalo zein beste basoko animalia goseti,  gabiraiak edo beste hegazti harrapariren bat izan zitekeen. Baina azeria zen oilo-lapurreta eta oilategietako sarraski guztien errudun. Ausoaren memoria zuen aurka, bizirik zirauen  basoko oilategiko sarraskiaren gomuta.

“Baserritik goragoko baso ertzean zuten oilategia Mendigoitin:  adreiluzko txabola, hormaren kontra, azpitik zirrikiturik uzten ez zuen barnealdea lurpean barrura itsasten zen alanbre sendoko  sareaz bildutako esparruarekin.  Egun batez, untxiek bezain abil, sare azpitik zuloa egin, oilategira sartu  eta hogeita bi oilo eta oilarra akabatu zituzten, bat bera ere bizirik utzi gabe. Hiru soilik eraman zituzten. Hiru azeri izanen zirela eta bakoitzak bana eraman zutela zen ausoko esamesa. Oilategi berria egin, eta oilateria berritu behar izan zuten, baina oraingoan baserrian bertan”. 

Azeri gatibuaren begiak ditut gogoan. Zirrara mikatza eragin zidan honen begiradak, begirada tristea zen berea, etsia. Begira geratu nintzaion;  nigan zegoen bere begirada ere. Biok elkarri begira. Bigarren aldiz gurutzatzen nuen nire begirada  azeri batenarekin.  Font Rodonako azeriaz  gogoratu nintzen,  haren begirada gogarazi zidan, kontraste etsigarrian. Animalien dohaina omen begi urtsu, argi, egonarritsuz begiratzea, horrek zimiko egiten ei bihotzean. Zimikoaz harago erabat kizkurtu zizkidan erraiak azeri hanka lotuz habe batetik zintzilikatutako azeriaren begiradak. Luze egon ginen elkarri begira.

- Bizitza hitz-ordu bat duk, esaten nion, norberak jarri gabeko orduan heltzen duk, eta norberak aukeratu gabekoan joan ere. Ez dakigun orduan harrapatzen gaitik batak zein besteak. Eta bazirudik norbaitek erabaki duela hire joateko tenorea ere.

- Bizitzan jokatu beharra zagok beti, eta niri oraingoan galtzea tokatu zaidak, erantzuten zidan bere begirada eroriak.

- Errazkeriak inozoa soilik asebetetzen dik, basoan zagok hire ogibidea.

- Ez huen izan errazkeria, gosea baizik, zabalgunera agerrarazi ninduena. 

Pagadiak ez dira nonbait azeriaren bizitoki erosoa, ehizaki edo gordeleku ziurrik ez dutelako, lurzoru garbia ohi baita pagadikoa. Aldiz, izugarri gehitu zen azerien presentzia pagadiak bota eta pinudiak ugaltzen joan zirenetik, gordeleku erosoagoa eta ehiza-leku oparoagoa zitzaien nonbait, pinudia beti ohi delako sastrakatsuagoa. “Oraindik banda eta guzti jaitsiko zaizkigu azeriak” esan ohi zuen Antoniok; auzokideek irribarrearekin erantzuten zioten, baina adostasun geruza zerien irriei. Ugaldu ez ezik lotsagabetuta zebiltzan, ibili ere, azeriak: sarraskitu egiten zituzten oilategiak, jada ez zegoen oiloak etxe bueltan eta belartzan solte uzterik, oiloak presotu, oilategiak etxe kontra egin eta gotorleku bat lez babestu behar ziren. Eskopetak ugaldu zirenetik  asko urritu omen zen azeriaren presentzia baserri inguruetan, baina goseak eta bizibeharrak muturrerainoko ekintzetara eramaten du, gizakia ez ezik, animalia ere. Bizitza arriskatzeraino. Adreiluzko oilategiak jaso zituzten baserri kontra, azeriak sartzerik ez zeukan ataka estuarekin, argiak ere jarri zituzten.  Aldi batez ez zen azeri erasorik izan. Baserriek beldurra sartzen zieten nonbait. Baina ze zaila den bizirik irautea kate motzean lotzen badu iraun beharrak, goseak gehienbat loturok haustera bultzatzen du gizarte zein animalia izadi bortitz honetan.

Premiak, ausardiak edo goseak eraginda hasi ziren lotsagabetuago baserrietara  hurbiltzen, oldartzen, baserri inguruko isiltasunaren babesean. Azeriaren presentzia sumatuz oiloen kakara zalapartatsuak salatzen zituzten, eta, ondorioz, zalaparta txikienera, argiak pizten ziren eta  perdigoi zaparrada zetorkien gainera. Hainbat  azeri erori ziren perdigoien pean. Tiro hotsak eta izuak eraginda, edo bizinahi-senak, alde egiten zuten.  Aldi bateko tregoa etorri zen.

Umeei azeri-saria  luzatzen nien bitartean, azeriaren begietan jarraitzen zuten nireak. Hura ez zen nik gogoratzen nuen begirada lasai baketsua. Heriotza  hurbil ikusten duen kondenatuaren  begi triste etsiak ziren honenak. Beldurrez, ikaraz begiratzen zidan. Hain zen begirada etsitu  hitsa,  ze barnea irauli zidan. Errukia eskatzen zidala iruditzen zitzaidan. Bere begiradari begiradaz galdezka hasi nintzaion.

- Istorio guztietako protagonistetatik zein ote haiz hi?.

- Gazte  ausarta, esperientzia handiko zaharra, goseak zuhurtasuna jaten dion burugabea, … zein haiz hi? .

- Agian basoko oilategiko sarraskitzaileetariko  bat haiz.

- Agian Mendibeko  zulogile ausarta.

Zementuzko blokez  lurpean sakon finkatu zituzten askok itxidurako sareok. Ondorioz, asko jaitsi  ziren azerien oilategietako lapurretak. Jada ez zegoen, egunez ere, zelai librean zebilen oilorik.  Baserri inguruetara hurreratu ohi ziren hondakinen baten bila, zaila zitzaielako oiloarena.

Hezkuntza ikastaroa da bizitza jaiotzatik heriotzara arte. Animalien bizitza ere. Azeria animalia iaioa da, argia, animalia orok bezala memoria du. Ikasle iaioa. Esperientzia zaio unibertsitate. Azeriek ikasi zuten gaua ez zela unerik egokiena. Aldi berean jabetu ziren egunez ez zegoela gizonezkorik zenbait baserritan, eta egunez hasi ziren oilo ehizan. Mendibe  baserrian gertatu zen. Ez zuten lurrazpiko blokez sarea babestu. Azpitik eginezko zuloz sartu zitzaien azeria. Egunez. Lotsagabeki. Kakara zalapartatsuetara atera zen leihora etxekoandrea;  hura azeri  festa eta oilo ehiza zekusana oilategiko itxidura barnean: azeria oiloei erasoka jo eta su, haginka lepotik bati, gero besteari,  oilo izutuen hegazkadei segika, ...  leihoko emakumearen presentziari sor, eta haren garrasiei gor. Azeri bakarra zen, ez zen ez izutu ez urduritu,  di-da batean zazpi oilo ito ondoren bati lepotik heldu, zulotik tatarrez atera eta alde egin zuen.

- Ez al zian herrenak ezer irakatsi?.

Eusebioren kontakizunaz oroitu nintzen:

Eusebio oso trebea zen zepoarekin ehizan, azeritan batez ere. Arrastoak begiztatzen zen abila, zein animaliarenak ziren igartzen, bazekien zein garaitan non eta zein animaliak behar zuen: pazientzia ere bazuen; arrastoei jarraipena egin, eta zepoa jarriko zuen: ondorioz zetorren ehizakia. Azeriak ere bere bide jakinak ditu, batez ere basotik lur zabalera agertu behar duenean. Azeri-bideetan jartzen zituen zepoak Eusebiok, malgukiari eraginez hagin zorrotz anitzeko bi ahoak zabaldu, hortzeriok erdiko burdina txatalarekin trabatu, orbelez  estaliz bidezidorra bere betikoan utziz. Azeriak burdina txatala zapaltzean  malgukia deskatigatuko zen, zepoaren bi ahoak bortizki  hertsiko ziren animalia hankatik preso gordez.

Behin Eusebio zepoa begiratzera joan zenean, zepoa zart egina zegoen.  Baina azeririk gabe. Azeri hanka erdi bat besterik ez zuen aurkitu.  Galdu-gordean, bizitzari eutsi beharraren beharrez, haginka, tiratuz, auskalo nola, azeriak lortua zuen bere hanka ebaki eta alde egitea.

Kasualitaterik ez omen, patua agian, baina juxtu urte betera, justu leku berean, laugarren hankaren erdia falta zitzaion hiru hankako  azeria herrena erori zen zepoan.  Aurreko urteko bera izanen zela zioen Eusebiok. Eta hala izan behar zuen. Gaztea  eta esperientzia gutxi, agian gizakien antzera zahartuta eta  memoria urrikoa,  seguruenik goseak eraginda, baserri inguruko hondakinen baten bila zetorren.   

- Berak ere ez zian ikasi eta!, iruditu zitzaidan erantzuten zidala begiradaz.

Ez dakit errukia eskatzen zidaten begi haiek, baina, entzute txar guztiez harago, esamesa guztien aurka,   errukibera bihurtu ninduten.

Font Rodonako azeriaren irudia neukan iltzatua nire gogoetetan. Haren begirada lasaia. Eta goibeldu egin ninduen lau hanketatik zintzilika zekarten azeriarenak.  Hiltzera kondenatua zegoen. Berak bazekiela zirudien. Hiltzeko aladura krudela, duintasun etsia, izu halabeharrekoa, zer erakusten zidaten begi haiek?. 

- Esan aitari ez hiltzeko azeria, nirekin egon arte. Bihar joango natzaiola.

- Esango diogu.

Han jarraitu zuten umeok hurrengo baserrira erromes.

Eta han nintzen ni umeon baserrian hurrengo goizean.

- Egunon Eusebio

- Esan zidaten umeek ez hiltzeko azeria eta etorriko zinela nirekin hitz egitera.

- Hala da.

- Zeuk esan.

- Proposamen bat eginen dizut. Zoologikoan lan egiten duen bat ezagutzen dut, azeriei buruzko ikerketa egiten ari da, eta gustura hartuko luke basoko azeri bizi bat.  

- Hemen sobra ditugu ba azeri basatiak.

- Auzoan bildu duzun sosen bikoitza emanen dizu,  gehi narruaren balioa, azeri biziaren truke.

- Ezingo diot uko egin horrelako eskaintzari.

Zakurrentzako kaiola batetan eraman nuen. Baserritik lehenengo,  auzotik gero. Askoren harriduraz. Norberarekin ongi aurkitzean hasten da autoestima eta bizipoza. Sinplea behar luke bizitzak,  baina bizitza beti da korapilatsua, korapilatzen zaigu, korapilatu egiten dugu sarri, bizitza biziraupena baita. Arnasa estua du bizitzak, estua bazen azeriaren biriketako arnasa, are estuagoa zen haren bizitzaren hatsa. Ni lasaiago sentitzen nintzen erabakiarekin.

Bakoitzak gauzatzen du destinoa, ustekabean datozen gertakarietan ere. Hori erakutsi ziguten, baina datorrenak hartzen digu gehienetan gaina, biziraupena gauzatze-lehia baita bizitza. Nire esku zegoen orain azeriaren destinoa, ni nintzen une horretan bere patuaren ardatza. Geroak, etorkizunak, ez du aurretikako arau finkorik, are gutxiago arau ezarririk. Ez dakit noiz artekoa ez nolakoa, baina azeria haren etorkizuna nuen nire erabakian.

Dialektika bat da bizitza, arazo bati irtenbide aurkitu eta beste arazo bat dakar edo datorkio  ondoren, … bide bat aurkitu eta beste bide bat irekitzen zaizu. Dialektika horrek egiten du zaila bizitza; ondorioz, bizitzan dena da zaila. Akabatu edo askatu: kontraesan horren sarean harrapatuta nengoen, erabakiaren ondorioak ziren duda-muden giltzarria. Ez dakit dialektikak oinez dakien, baina dialektika oinez ibiltzea da. Helmugan baino bidea nolakoan galtzen gara gehienok. Egiten dugun dena da zerbaiten esperoan, ekintza altruistena ere. Nik ez nuen helburu kontzienterik, agian barneko auskalo zein zirrikitutan ainguratutako sentipenari jarraitzea besterik ez zen.

Gauez askatu nuen inguruko baso batetan. Isilean, auzokideak haserretu ez zitzaizkidan.

Gerora batean inguruko soroarteko bidexketan nenbilela, hara non ikusten dudan buru helduko gari-sail zabal luze pendiz batean, goitik behera, bide luzean, ertzetik ertzera itsaso horizka zabala zeharkatuz, lastokara bera ere, azeri bat: ile horaileko luzea, aurrera jauzika luzeagotua, ziztu bizian auskalo zeri ihes edo zeren bila, agian ehizan. Nork daki oilategiren batera hurreratuz. Ikuskizun aparta izan zen, txoraturik begiratzen nion, naturaren mirarietako bat bezala, … barreneko zuhaitzetan galdu zen arte. Askatu nuen azeria zela egin nuen amets nik.  Ikuslearen barne egoerak ematen dio edertasun gradua edozer dela ere kanpoan dagienari. Oroitzapena zekarkidan eta oroitzapen horrek ederrago egin zuen ikuskizuna.

Besteekiko kolisioak erakusten edo nabarmentzen du norberaren nitasuna. Ez nintzen auzokideen ezberdin sentitzen, ez nuen beraiekin talkarik nahi. Ez nien nire egia aitortu. Ez dakit isilpeko jokoak libreago egin ninduen neu ere, baina barne poza sentitu nuen.

 Nik neuk ez nuen oilategirik

Kontakizunak

Jon Etxabe 2018/01/05 09:35
AUZOA. 1.- MARTIN

MARTIN

Erabaki kontzienteen arrazoi inkontzienteak edo erabaki inkontzienteen arrazoi kontzienteak: zentzugabekeria eta logika

Bi probintzien muga den mendi magalean dago kokatua Martin bizi zen auzoa. Herri-burutik kilometro askotara. Oso auzo txikia da.  20 baserri. 100 biztanle inguru. Eliza badu, auzoko eraikin handiena, ohi denez, botere eta eraginaren ezaugarri.   Umila gaur egun, zerbait izana  da, pikota ere baitu,  Martinen egunetan auzotar gehienek ez bazekiten ere eliza osteko orman ageri ziren zirrindola haiek ze erabilera izan zitzaketen.

- Zeinek eta zertarako jarri ote zizkian zirgilo horiek elizako horman.

- Auskalo.

- Eta hain goian.

- Garai bateko kontrabandisten zaldi eta mandoen uhalak lotzeko izango hituen.

- Gu baino demontre altuagoak izan beharko hituen.

- Sanson adinakoak!.

Han diraute gaur egun zirgilook  elizako horman iltzatuak.  Pikota deitua osatzen zuten, gaizkileak zigortzeko tresna alegia, nondik zintzilikatzen zituzten, herriaren aurrean lotsagarri, gaizkile edo zigortuak. Baina, ez da ohiko pikota, hots, besodun harrizko zutabea, zeintzuk besoetan kokatzen ziren kondenatuaren eskuak lotzeko burdin uztaiak, gaizkilea zutik, besoetatik erdi zintzilikatuta geratzen zelarik. Auzoko pikota ez da zutabe bat;  elizako orman iltzatuak dauden zirgilo soilak baizik. Azpian harlauza zabal sendoa du, non seguruenik jartzen zituzten oinak zigortuek. Zirgiloon betebeharra ahanzturan bazen ere, zaharren kontakizunetan bazirauen  istorio bitxiak harlauzaren  inguruan: bertan jartzen omen zuen oin bat Sansonek, alboko auzoan bestea, eta harri bolak botatzen ei zituen bailararen bestaldeko urrutian ikusten den mendira, non  kareharrizko tontorra osatzen duten jaurti harri-bolok. Herri xehearen fantasiak. Edo esan nahi sakonagoko mitoak.

Auzoak ez zuen errepiderik Martinen garaian, harbide soila baizik, nekazal aroan ondo zaindua, are gehiago aldapaz gora, pagadi malkartsuetan barrena, ariela edo zerga gunea zeukan zeharbide ofiziala albo utzita, mendi gaina hartuz goiko lautada eta auzo probintziara heltzeko kontrabandisten pasabide aukeratuenetarikoa zenean.

Telefonorik ere ez zuen, ferrokarrilekoa besterik ez, geltokiko bulegoan, larrialdi batetan auzoko komunikazio baliabide azkarrena.

Ferrokarrila  bai bazuen auzoak, bi probintzien arteko zilborreste eta komunikabidea, pertsona eta merkantzien garraiobiderako asmatu eta sortua.

Trenbidea egin zenean geltokia izateko aukera eman zieten mendiotako zenbait auzori. Iritzi zurrunbiloan murgildu ziren auzo bakarti isolatuok. Erabakia hartu behar zen.  

- Erraztasuna ekarriko ziguk edonora ateratzeko.

- Hala duk, baina, ijitoak ekartzeko besterik ez dik balioko geltokiak.

- Isildu hadi, orduak egin behar dizkiagu-eta oinez herriko azokara, egun osoa feriarako.

- Lapurretara etorriko duk jendea; gure soro, baratz eta frutarbola zaintzen egon beharko gaituk.  

- Hori gatzezko kartutxoarekin ipurdiak berotuz konpontzen duk, gizona.

- Nork jakin, basoko enborrak ere atera ahal izango dizkiagu, idiekin errepideraino ibili behar gabe.  

Emakumeek ere bazuten zer esanik:

- Bazter honetan zokoratuta jarraitu behar al dinagu, batez ere emakumeok.

- Batez ere gu!; erosketak egiteko ere gu atera behar gaitun bentaraino.

- Trenarekin gure alabek izanen diten josten ikasteko erraztasunik, guk izan ez genuena.

- Baita neskame ordu libreetan etxera etortzeko aukerarik ere.

- Egunak luzatzean etxean edo soroan ondo etorriko zaigun beraien laguntasuna tren osteko orduetan.

Ijito eta lapurren beldurrak zein  aldaketaren urduritasunak eragin zien batzuei, trenak zekartzan erosotasunak baita isolamendua saihesteko aukerak ere besteei. Nondik datorren baino nora joan nahi den jakitea omen jakinduria. Oniritzia eman zion geltokiari Martinen auzoak. Ezezkoa, albokoak: beranduegi izan zen damutu zirenerako.

Etxandi deitzen zioten Martinen baserriari. Etxe handia zen izan, karratu zabala: sukaldea eta korta gordetzen zituen behe-solairua, gelak bilduz lehen estaia, lastategia ohi denez ganbara, eta lau isurialdeko teilatuz babestua guztia. Harlandu gris argikoak hormak,  fatxada eta larrain zabala ekialdera.  Zurezko eskailera zabalak zeraman lehen solairura eta ganbarara. Balkoiak zituen fatxadan, hiru balkoi harrizkoak, burdinazko baranda landu beltz pintatuak babesgarri,  sarrerako ate nagusiaren gainean bata, alboetara beste biak; bao-leihoak beste hiru aldeetan. Ez zuen  armarririk, baina tokatzen zitzaion, oparotasun garaietako ikurra litzaiokeen.  Etxandi, egoki zegokion izena.

Apaiz batek eraikia,  geroago jauntxo batek erosi eta birmoldatua. Jauretxea arranditsua behar zuen sendi zabala eta azienda oparoa babesten zuen garai  naroetan. Handiki baten jauregia, inguruko, gutxienez auzoko, jauntxoarena, familia eta ahal eraginkorraren euskarria.  Esku handiko jauretxea. Ez ote mugalari eta zamarien atseden eta gordeleku, ostatu ere agian, kontrabando egunetan: pikotak izanen du zerikusirik isilpeko ibilbidearekin, jauntxoaren ahalarekin ere. Hala izan ote, ala irudimenaren kontuak!

Baina endekatutako, bertan behera etorritako, baserri xume umil bat besterik ez zen Martinen egunetan, iraganaren eta orainaren kontraste hitsa.  Distantzia omen denbora: iraupen berdinari distantzia ezberdina emanez, urteen iraupenaz harago, bizi-baldintza ezberdinen distantzia adierazten zuen Etxandik, distantziarik zabal eta sakonena.

Basoa  zen, gaur egun ere da,  auzoko diru iturrietako bat, pago burumotzek eurek erakusten zuten ikazkintza izan zela, soro eta zelaien ustiaketaz gain,  garai bateko auzoko langintza nagusienetarikoa. Baina jada aspaldi hasiak ziren pagadiak arraz soildu eta pinuak sartzen. Gizaki oro gara zerbaiten edo norbaiten preso, gabezien preso ia beti.  Urre berdearen garai oparoak heldu ondoren, areagotuz joan zen mendi ondare tradizionalaren gainbehera, pagadiak pinudi bilakatuz. Pinudia izanen zen baserri askoren  arnasbide ekonomiko nagusia, itomenetik aterako zituena, ezkontza hainbat ahalbidetzeko diru iturria. Ferrokarrilak, erraztuz,  erabat aldatu zituen ustiaketa baldintzak ere, joanak ziren idiekin errepidera arteko enbor garraiatzeak, ferrokarrila bihurtu zen baliabide erosoena, merkeena ere, enborreria egurketarien eskura jartzeko.     

Zuhaitzak bota, neurrian ebaki eta taxutu ondoren idiekin ekartzen ziren  enborrok trenbide ertzeko kokagune egokienera, aurrez  taxututako nasa itxurako karga-lekura, bertan enborrak pilatuz  zur-altxorra eramateko prest utziz. Baimenarenak ez zuen ferrokarrileko bulegoetara bisita bat besterik behar: eguna zehaztu, paperak bete, ordaindu, … burokrazia lana. Tren-karga ordua beti zen bera.

Igandeko meza ostean elizpean:

- Etxeberrik pinudia atera behar omen dik.

- Hasita zeudek botatzen.

- Agerre eta Mañarti behintzat hartu dizkik baso-lanerako.

- Sasoiko mutilak biak.

- Hala behar ere.

- Baditek egun batzuetako soldata.

- Irabazi gehigarria.

- Hori gehiago.

- Pinusartzen ere egonen duk lana ondoren.

- Ia nortzuk hartzen dituzten.

- Tren-karga izango diagu, orduan, laster.

- Joko ditek kanpaia.

- Beharko!

Tren-karga deitzen zitzaion. Pilatutako enborrak merkantzia-trenean  jartzea, alegia. Auzolanean egiten zen:  baserri bakoitzetik batek joan beharra zuen, doan edo mokadu baten truk ,-gaur nik zuri bihar zuk niri-, nolanahi isun ekonomikoa mehatxupean beti. Nahiko kexa eta esamesa egon ohi zen auzolan inguruan, gazte jende asko tailerrean baitzebilen jada, eta etxeko gizon nagusiak, sarri zaharrak, joan ohi ziren  auzolanera; baserritar gazteak ziren  batez ere kexu, beraiei tokatzen zitzaielako, sasoikoenak izaki, tren-kargako lan astunenak. Arratsaldez izaten zen, bidaiari-tren biren arteko tarte luzeenean. Hiruzpalau orduko tartea edo. Merkantzia-trena bere enbor zamaz alde egiten zuenean, ogia, gazta eta ardoa jarriko zuen baso-jabeak.  Mingaina aske eta bizipoza hegan, tertulia luze eta bizia ohi zen mokadu garai hori, gaztak ardoa eskatzen baitu eta ardo-ontziak barrenik ez zuen.

“Esperoa gizakiaren esentzia da, gabezien ondorioa, espero amaigabea da bizitza bera. Esperoak ez du mugarik, ametsek bezala, baina bizitzak neurri mugatura ekarri ohi du gizakia”, bota zuen apaizak pulpitutik igandeko sermoian, eliztarretatik,  esperoaz baino egunerokoaz arduratsuago, inor gutxik jasotzen bazuen ere mezua. Ezta Martinek ere, bizitzari aurpegi baikorra jartzen zion baserritar bulartsua, ez baitzen Etxandi baserriaren jabe, alokairuan zerabilen,  pozik gainera, errentari erantzun ahal ziolako. Jite handi-mandiko baserri xumea zen berea, arranditsua bistarako, zekena egunerokoan.

“Segurantza arazoa ez dago gauza gehiago edo gutxiago edukitzean, gauza eta aparatu horiekin loturan baizik, ditugun gauza gutxien esklabo izan gaitezke,  edo zer askorekin zeri heldurik gabe babesgabeago, zer askoren jabe askeago ordez esklaboago”, jarraitu zuen apaizak pulpitutik bere sermoia.  Ez zuen aipatu ere ohitzen garela pobre, zapaldu, menpeko izaten; agian etsiarazi egin gaituztela, halabeharraren filosofia ezarriz, menpeko jarraitzeko. Baina ez zirudien halabeharraren eta esklabotasunaren birusak kutsatu zuenik Martin, berbatsu eta umoretsu beti, aurpegi alaiz begiratzen baitzion egunerokoari zein etorkizunari, loturetatik aske bezala.

Jotzen ez den musika tresna hila dagoen bezala, Martinek ere ekinean behar zuen uneoro bere burua bizirik sentitzeko. Baserriko gorabehera eta zereginetan, inguruko feriaren batetan, lagunarteko solasean, … Gizartean distantziak metroz soilik neurtzen ez diren bezala, nahiz fisikoki inguruan, auskalo non bizi zen gure Martin.  Bere mundu propioa zuen, nebulosari lotuta arren berenaz bizi ahal den izar bat bailitz; baina planeta bat zen bera ere, izarren baten inguruan gehienetan edo beti, nahiz izar sentipenarekin. Ez dagoen bezala, gau ilunenean ere, itzalik gabeko gizakirik, sona handiko gizona  zen auzoan gure Martin. Kontaezinak ziren bere ateraldi, xelebrekeria eta istorioak. Nortasun berebizikoa, berezikoa behintzat, mila eta bi istorio eta zertzelada konta ohi ziren auso esamesetan.  Oihartzun luzea uzten zuen gizona.

- Ze, Martin, Amabirjina agertu omen zaik.

- Hobe hori hire mozkorraldiko mamuak baino.

Zein korapilatsuak garen gizakiok, gaixo kronikoak dirudigu sarri; gauzatu gabeko uste  eta ezinen korapilo mordoiloa  edo mingarri bilakatutako  ametsen kutxa bihurtu gintezke; adarjole zital zein ezten mingarri ere. Isilmandatuz aitortuko zion norbaiti, baina erran-merran bihurtu arte zabalduz joan zen Amabirjinarena.

Amabirjina agertu omen zitzaiola zioten esamesek. “Bakarra da benetako jainkoa, Jainkoa. Maiuskulaz!” zioen apaizak pulpitutik, baina eliztar bakoitzak bere jainko propioak zituen, auzoak ere bereak, denok eta bakoitzak ditugulako gure jainko propioak, letra larrikoak edo eguneroko jainkotxoak, bakoitzak bereak, taldeek ere taldearenak, ustezko benetakoak edo jainkotxo paganoak, zeintzuei denok egiten diegun otoitz eta gurtza  era ezberdinez mozorrotuta, sortzen ditugun jainko pertsonal edo sozialok bere ezinetan gizakiak behar dituen euskarriak besterik ez baitira, fededun izan behar duelako gizakiak, gizarteak ere, horregatik betikoa eta denekoa da fedetasuna, sinetsi beharra, premia eta baldintzen arabera fede edo fede-gaiak aldatu egiten badira ere.

Fededun zen, beraz, Martin, behar zuen izan, bizitzari eusteko, Jainkoaz harago, jainkotxoak zituen berak ere. Gizakiaren desbabes sentipena, beti helduleku bila, zigor edo gaitzen baten beldur. Gauean dena doakoa omen, azkengabea, anonimoa eta isila; misterio bat da gaua. Amesgaizto baten ondorio ote Martinen agerpen zerutiarra, segurtasun heldulekua bizitzako katramilen zurrunbiloan.  Zorionak baino, zigorrik ezak kilikatzen du gizakia: antzekoak iduri,  baina ezberdinak dira bi sentipen horiek. Zigorrik eza amestu zuen Martinek, ez zerua. Zorion promesa baino, geroaren segurantza, lasaitasuna, zen Martinek amestu zuen mezua.

Balkoira ateratzen zen  Martin maskuria hustera, gauez pixagurez esnatzean  zein goizez jaiki ondoren egunari aurre egin aitzinean. Eguneroko xehetasun eta premiez gauzatutako zertxoa arren, harro irautea dela deritzo bizitzari gizakiak; egunerokoa, aldiz, oso umila zaio ia beti. Huskeriei heldu behar dio  bere egoa nolabait zuritzeko, iraungarriren bat izateko. Leku berean hustuko zuen puxika Martinek, balkoiaren eskuineko kantoi edo angeluan beti. Ertzeko burdin barraren azpialdera zuzentzen zuen parrastada, leku berera, temati. Betidaniko ohitura edo jokaera. Agian burdin zati harekiko dema besterik ez zen.  Zeren urteen poderioz angeluko  azken  barra bertikalaren barrena mehetuz joan baitzen isuri erregarriaren ondoriozko herdoilaren eraginez, erabat eten zen arte: bazirudien berariaz, apropos, egindako mehetze-etete lana zela. Irabazle sentimenduz hasiko zuen, beraz, Martinek eguna.  

Komunitate komunikaziorako tresna baliotsuenak izan dira kanpai-deiak.  Soinu polibalentekoak direlako kanpaiak, bakoitzak du bere hotsa esanahi ezberdinarekin.

Maduña deitua, urtaroaren arabera goizago edo beranduago,  egun berriari ongietorria emanez bezala jotzen zena; eguerdikoa edo angelusa, Amabirjinari otoitz egiteko unea, soroan bertan, txapela kenduta, lana utzita askok agurmaria, otoitz ordua; etxerako kanpaia: ilunabarrekoa, auzoko umeak eta gaztetxoak etxera erretiratzeko ordua zehazten zuena; meza kanpaia, kanpai bakarrarekin astegunekoa, igandeko meza nagusikoa bi edo hirurekin, kanpai guztiak iraulka jarriz jai handietako mezarakoa; elizakoak eta oliatze kanpaiak,  elizakoak eta oliatze zereginetara apaiza ateratzen zeneko kanpai hotsa; agonia kanpaia, norbait hilzorian zela adieraziz; hil-kanpaiak, heriotza bat iragarriz edo eliza-hiletatarakoa, bere bariazioarekin: din-don bada, gizonezkoa da hildakoa, don-din bada, aldiz, emakumezkoa, tonu ezberdineko bi kanpaiez jotzen baita errepika; aingeru kanpaiak, kanpai txikiaren txilin bizi eta arinaren hotsa, umea zeruan dela poza adieraziz, nahiz gurasoak negarrez; su-kanpaia, izenak dion bezala suteren bat zegoenekoa.  Eta hainbat. Herri bakoitzak zuen, oraindik du  askok, bere kanpai-hots zerrenda propioa, kodigo zehatzarekin.

Auzolan kanpai sona joz deitzen zuen auzo-alkateak  tren-kargara Martinen egunetan, errepika eta tarte ezagun eta berezi batez. Hiru kanpai zituen dorreak, goitik bertatik mihiari helduta jotzen zirenak bi, mugiezinak; soka elizpera zuena hirugarrena, arina, ardatzaren jiran iraulkatzen zena: auzolan eta larrialdietarako, elizkizun apaletarako deia, edo elizkizun hasi aurreko azken kanpai-hotsa; erabilpen anitzekoa, beraz, bakoitzerako ñabardura edo kodigo  propioarekin.    

Denboraz juxtu ibili ohi ziren gehienetan tren-kargan, hurrengo bidaiari-trenerako aske utzi behar baitzen trenbidea.  Tren-karga batetan, Martinek bagoi gainean  jarraitzen zuen enborren bat lotu edo taxuz egokitzen lagunek kargatze-lana bukatutzat eman ondoren.

- Martin, jaitsi hadi!

- Martxan jartzera zihoak merkantzia.

Baina Martinek berean zirauen. Pilota jokoa bailitzan, lege fisikoek eragindako errebote edo itzuliko soinuez harago, kanpoko ahotsen haraindi, beste ahots baten errepikapen iraunkor baten oihartzuna zebilen Martinen garunetan.

- Martin!!!

- Tematia eta burugogorra, beti bezala.

Jarri zen trena martxan, abiada biziago hartzen zihoan enborrez simetrikoki pilatutako zamaz dorre garaia bilakatuta.  Lagunen “egin ezak salto” deiadarrak gero eta larriagoak ziren, garrasi bihurtzeraino. Baina Martin burugogorrak  temati zerraien  enbor pilo gainean, orekari ozta-ozta eutsiz.  Barne ahotsaren oihartzunari atxikita, lagunen deiadarrei gor.

- Geltokian jaitsi beharko dik.

- Beharko!

Trena jada abia nahiko handian, trenbide ertzak erabat malkartsu, hara non egiten duen jauzia Martinek, berenez garaia enbor kargaz garaiagoa den bagoitik. Legeak hausteko omen, baina ez beti;  zuhurtziak bere arauak ditu, eta Martinek hautsi egin zituen. Fisikak ere bereak dituenez, grabitatea, abiadura, altura, pisua eta harrizku zuloaren osagaien konbinaketak  ondorio larria ekarri zion Martini:  maspildu eta zirtzilduta geratu zitzaion  gorputza trenbide ertzeko erretenean. Bakoitza da bere patua, bakoitzak gauzatzen du, erabaki kontzienteekin inkontzienteki sarri. Agian kontzienteki egin zion aurre patuari Martinek. Heriotzari diogun beldurra gainditzea izan daiteke norbere buruaz beste egitea, baina ez zen hori Martin bagoitik jauzira eraman zuen barne bultzada.

Sastraka eta harri artean bidea eginez, ahalik azkarren  hurbildu zitzaizkion lagunak. Nabaria zen egoeraren larritasuna. 

- Konorterik ez dik.

- Baina bizirik zagok.

- Hoa korrika geltokira eta esaiok geltoki-buruari deitu diezaiola herrikoari,  honek osagileari, eta istripuaren berri eman; datorrela ahalik  bizkorren auzora.

Joanaldi luzea basotik  Etxandira, handik  bi kilometrora errepidea, oinez egin beharreko bidea. Osagilea ezinen zen istripu lekuraino garaiz heldu, denbora luzea beharko zuen Etxandiraino ere. Ez da erraza lepoa egin ez diezaguten bizarra egiten ikastea. Zirt edo zart egin beharra zegoen.

- Eraman dezagun etxera lehenbailehen, hemen medikuaren zain egon gabe.

- Gero ere eraman beharko genikek!.

Beraz, haga egur sokaz anda bat egin eta eraman zuten Martin etxeraino. 

Emaztea atera zitzaien atarira oin-hotsak eta  giza mugimendua sumatzean. Andretxo polita zen, gorputz txiki iluneko ezereztxo bat, baina baserriko lanetan zaildua, etxe handi haren ardura bere bizkarrean zeramana. Zimeltzen hasia, makurtua, lurrera begira, burua nekez altxatuz bere begi lausotuek halabeharrez aurrera begiratu behar zutenean, urteek baino lanak, sufrimenduak eta bizi-baldintzak makurrarazia, umila, bizitzak gogor kolpatua, patuari amore emana bezala, ez ezeri ez inori kexarik bere ezpainetan, beldurrak erasota bezala. Soineko luze beltzez astegunez, igandetan txatal koloretsu oihalezkoa, gaztetxotatiko bere jai-jantzia alegia, Euskal Herriko janzkera tradizionala, zeukan jai-jantzi dotoreena alajaina, poxpolin jantziko zen mezatarako igandeetan, moda edo ohitura berriei muzin eginez. Bitxia bazen Martin, berez edo halabeharrez, berezia zen, deigarria behintzat, emaztea ere.

Definiezina da maitasuna. Horregatik du bakoitzak maitasunaren definizio propioa, bere bizipen berea. Horregatik da ezberdina  maitasun bakoitza, sumaezina maitaleen jokabidea ere. Maitasuna beti da trukaketa bat, baita trukean ezer jasotzen ez denean ere:  balizko ordain baten esperantza da orduan trukearen osagaia. Lotura ere bada gehienetan maitasuna, lotura uzten du lausotu edo oihartzun bihurtzen denean ere. Halaber maitasuna deitzen diogun alanbre ikusezin gaineko funanbulistak dira maitaleak, oreka zailean gehienetan, edozein deskuidurekin erortzeko arriskuan, azpiko babesik gabe beti. Kontraesanak kontraesan, zailtasunak zailtasun, maitasunez, ohituraz  edo halabeharrez, Maria zen Etxandiko etxekoandrea,  etxeko ardatz eta zutabe, aldi berean Martinen esaneko, Martini leial.

Urduri jarri zuen atarian sumatu zuen ezohiko oin-hots hark. Ateburupean zen deitu zioten orduko. Jabetu zen senarra zela andan zekartena.  Makaltasunak eta berezko manerak findutako ahots isilez:

- Baina, zer gertatu zaio?

- Bagoi gainetik erori da.

- Larria da?.

- Medikuak esanen du, deitu diogu.

- Jaso ezazue gora. 

Senar-emazteen gelara zuzendu zituen andariak eskailera zabaletik gora lehen solairura. Auzoan larraina deitzen zitzaion atari zabalera jotzen zuen gelak. Bere betiko ohean etzan zuten. Osagilearen zain egon beste zereginik ez zegoenez, batzuk bere baserrietara itzuli ziren, bakar batzuk emazteari eta alabei konpainia egiten geratzea erabaki zuten. Osagileak zer esango.

Sukaldean bildu ziren geratu zirenak, osagilea noiz helduko, beheko-suaren karel inguruan. Koadratu zabala zen sukaldea, erdi erdian  behesu zabal handi karratua,  tokatzen zitzaion su-buru edo su-kanpai  karratu handiarekin; su-buelta osoak osatzen zuen sukaldea, alde batetan mahaia eta arasa, oholezko eserleku luzea zeinen azpia garai batean gizentzeko kapoi kaiola zen; beste aldean oholez banatutako korta, nondik eten gabe zetozen behi marrumak, hausnar-oihartzunak eta asken kontrako adar-kolpe hotsak. Garai batetan sekulako sukalde lanak egin behar ziren behe-su hartan, familia zabalarentzat, zamaltzainentzat mokadua prestatzeko,  haziendarentzako pentsua egosteko. Negu-gau luzeetan familia zabala bertan berotuko zen, artaburu aletzen, baserrian behin ere falta ez den edozein lanetan, istorio zaharrak eta ausoko gorabeherak kontagai. Karel ertza zen negu hotzeko berogune eta elkarlekua.

- Hartuko duzue mokadu bat.

Gogoz ekin zioten gazta, ogia eta tragoari, are gogotsuago lan ostean ezbeharrak tren-karkago mokadua zapuztu ondoren.

Ilunsentiz heldu zen osagilea, artatu zuen elbarritua. Larri zegoela, arriskutsua zela gurdiz ospitalerako errepideraino ateratzea, nahiz gurdia azpi bigungarri malguz erosotu.

Eman zizkion mina kentzeko eta behar zituen bestelako botikak, hobe zela itxoin egoerak zer norakoa hartzen zuen ikusi arte.

- Bihar goizean goiz etorriko naiz. Besterik bada, deitu.

Onik atera zen Martin deskalabru hartatik. Ez zen inora eraman beharrik egon. Aste luzeak egin behar izan zituen ohean. Sendaldi luze hartan Martinek ez zuen filosofatuko bakoitza ote den edo ez  norberaren patua, norberarengan ote dagoen bakoitzaren etorkizuna, tarteka gertakizunen zurrunbiloak irensten gaituenean ere; irribarrea ezpainetan, pentsatzen zuen berak bazekiela bagoitik hegaldi bortitz haren bukaeran ez zeukala Herio zain. Existitzen den oro da, baita gizakia ere, noski, kontradikzioz oratutako izakia,. Zentzugabekeriaz jokatu zuen Martinek, baina aldi berean logikaz. Bere logika itxuraz absurdoz.

Balkoira lehen aldiz ateratzeko gai sentitu zen goiz hartan aurkitu zen osatuta Martin. Denbora joana ez da itzultzen, baina beti dugu denbora berri bat  aurrean, nahi duguna amesteko. Eta Martinek aurrera begiratzen zuen baikor. Barretxo maltzurrez egin zion tradiziozko pixa-parrastada  balkoiko burdina-babesari, bigarren burdina-barra bat ere etengo zuela esperantzan.  Heldu ezin garen puntu hori da infinitua, metroek ez dute balio; Martinek ez zuen infinituan bere jomuga, burdina-barra haren barrenean baizik. Deman zen berriro balkoiko burdinarekin.  Huskeriak dira sarri bizitzako helduleku eraginkorrenak.

Igandeko meza nagusira agertzea izan zen auzotarrentzat erabateko Martinen senda-agiria. Elizpean bildu zitzaizkion tren-karga kideak.     

- Nola egin huen baina salto?.

- Gaur ez nikek eginen.

- Eskarmentua!

- Ez.

- Orduan?.

- Konfesatu naizelako.

- Ze ikusi dik horrek.

- Banekiela ez nintzela hilko.

- Zer diok!.

- Egun hartan bekatu mortalean nengoan.

- Ta.

- Infernura joango ninduan.

-Tira.

- Amabirjinak esanda zekiat ez naizela kondenatuko!!!

Sinesmenaren garroak pago sustraiak bezain luzeak dira, artearenak bezain sakonak,  amaraun hariak bailira atrapatzen zaituenak.  Ze bekatu ote zen Martinen hura: igande-mezaren bat galdua, emakumeren bati zirriren bat, errotariari ziria sartu izana, salmenta iruzurtiren bat, … auskalo!.  Agintaritza erlijioso, politiko eta ekonomikoaren tresna eraginkorrena izan da beti beldurra, mehatxuan eta beldurrean hezitako izakia da gizakia. Eta bekatua zer da  beldurraren aurpegi ezberdin bat baino. Giza logikaren haria eten zion sinesmenak Martini, logika ezberdin baten zurrunbiloan irentsi.

Telefonoa du gaur egun auzoak, finkoa, baita bakoitzak bere mugikorra ere, nola ez.

Errepidea ere gauzatu zen goieneko baserriraino; baso-pista amaraunak saretzen du baso-malda oro.

Baina trenbiderik ez du jada, lehen eraiki zuten goi mailako interes ezberdinek desagerrarazi zuten gero. 

Hil zen Martin. Luze iraun zuen emazteak alaba, suhi eta ilobekin. Egun batez erre egin zen Etxandi baserria. Sukaldetik sortu zen sua, nonbait,  kebideko kedarrak hartu zuen su, etxe osoaren erretzea bilakatuko zen suteararen pospolo bihurtuz. Sutan etxe osoa,  gar bizi erregai eta sukoi oro, laba gori lehenengo, txingar azkenik lau ormen barnealdea.  Zutik eutsi zioten lau ormok.  Han zirauen atariko horman logelako balkoiak,  non areago nabarmentze zen Martinen pixegite pazientearen ondoriozko burdina-barra  mehetu etena. Etenduradun burdina-barra bertikal bakarra. Bakarra. Bizitzak ez zion bigarrena eteteko denborarik eman gure Martini.

Bego nonbaiten Martin.  Amabirjinak iragarri bezala, infernuan ez behintzat.

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/12/30 10:15
Ibilikoak. 14.Maiatza

MAIATZA

EGINeko tiraderaren batetan egonen da argazkiekin batera ustelduta Garzonen sarraskiaren ondoren

Sakana Europako Erdialdearekin lotzen duen erritoa?

Oinez zein autoz, maiatzean Sakana bailara zeharkatzen duen bidaiaria jabetuko da bi zuhaitz luze nabarmentzen direla Urbasako tontorrerian  Etxarri eta Bakaiku gaineko haitz puntetan: Maiatza dira. Iturmendira sartzen bada berriz, herriko plazan landatuta ikusiko du  tantai luzea. Maiatza deitzen zaie zuhaitz horiei, Sakanako ohituretan bereizgarrienetariko bat. Maiatzaren lehen egunean jartzen da; herri handia biltzen du ekintzak eta jai polita izaten bilakatzen. Antzera Bakaikun zein Iturmendin ere. Jose Maria Satrustegi etnografoak ukitu zuen gaia Guaixe Sakanako Euskarazko aldizkarian idatzitako lantxoan: herrian bertan jartzen omen zen garai batetan Etxarrin, horretarako izendatutako bat arduratzen zelarik zuhaitza jarri eta jaia antolatzen: bazuen udaberriarekin zerikusirik. Gerora Urbasako larreetara udapasa artalde zein aziendarekin igotzen zuten familiek  jartzen omen zuten  zuhaitza  harkaitz gailurrean behekoek onez heldu zirela jakin zezaten.

Araban ere bada Maiatza jartzen duten herritxo bat behintzat. Gipuzkoako herritxo batetan S.Juan Egunean jartzen zuten San Juan Arbola deitzen zioten zuhaitza. Enborra zuritu eta koipetu egiten zen puntaraino, igotzea zailtzeko, bertan jarritako bandera hartzen zuenak saria baitzeukan. Pinu luzeena eta ederrena jartzen zen: mendira joan ebaki eta kitto: pinudi jabeak ez zuen kexurik egiterik ere. Nahiko zabaldua delakoan nago S.Juan jaietako zuhaitz honen ohitura. Honek ba ote du Espainiako hainbat lurraldetan ezaguna zen, agian oraindik den, kukainarekin zerikusia edo lotura. Ondarroako kukaina ezaguna ere ez ote ohitura bera itsasora egokitua, lur barruko enbor bertikala ur gainean horizontalki jarriaz?.

Ez da nire asmoa Sakanako ohiturez idaztea, bai ordea Sakanakoarekin zerikusia duen Europa Erdikoez. Lurralde haietako zuhaitzaren erritoa izan baitzen  Europa Erdialdera eginiko bideietako ezusteetariko bat: maiatzean zehar hainbat eta hainbat herritxo zein hiri handietan aurkituko genuen Maiatza Zuhaitza. Nurnbergen elkartu ginen bertan urte asko daraman gipuzkoar batekin: egon berria zen Euskal Herrian eta  harrituta zegoen euskal telebistan Sakanako Maiatza Zuhaitzari buruz ikusi berri zuen erreportaiataz: "Alemanian bezala jartzen ditek Sakanan", zioen; gure harridura ostera alderantzizkoa zen Sakanan bezala jartzen zutela   Alemanian zen “maiatza”. Alemaneraz jakina, baina "Maiatza"  deitzen baitiote Alemanian ere, Sakanan bezalatsu.

Alemania osoan aurkitu genuen Maiatza, Ekialdeko Alemanian ere: Ekainaren lehen egunetan ginen Ekialdean eta oraindik ikusi ahal izan genuen bakarren bat Dresdera bidean. Ekain beranduagoan, Mendebalera bueltatzean, ez genuen Maiatzik ikusi, nonbait Sakanan bezala kendu egiten dituzte maiatz hilaren azken egunean. Austriako Tirol lurraldean herritxo gehienetakoa da Maiatza, baita Austria Behea deitzen dioten lurraldekoa ere, Wiena kokatuta dagoenekoa alegia; berdin Austria Garaia edo Salzburgo lurraldeetakoa. Pentsatu genuen Txekiako Hego Bohemian ikusi genituenak Austriako eragina izan zitekeela, berdin Austriarekin muga egiten duten  Eslovakiako muga inguruko herrietakoak, baina erruz aurkitu genuen muga inguruko herrietan ez zik Eki eta Ipar aldera ia Poloniako mugetan ere, hainbat euskaldun mendizalek bisitatuak diren Tatra Mendien inguruko Liptosky Mikulasen adibidez; Txekian, Alemaniarekiko mugetatik nahiko barrura, Trebon inguruetan, aurkitu genuen ere Maiatza.  Bohemiako beste lurraldeetaz, ezin dugu ezer baieztatu Ekainean jo baikenuen bertara eta Maiatza Maiatzekoa da soilik nonbait.  Herritxoetako plazetan ikustera ohituta, deigarria izan zitzaigun  etxe kubo gris artean Eslovakiako Presov eta Bardejov inguruan ikusi genuen Maiatza: herritxoren batetik industrialdera emigratutakoen herrimin, atabismo edo ohitura.

Luzea eta sendoa ohi da Sakanako Maiatza, ebaki berria, adarrak kenduz garbitua; azalik ez diote  kentzen, baina. Hezea da ere Alemaniako herritxoetako zuhaitza, ebaki berria, lerdena eta luzea, luzeagoa edo motzagoa inguruko basoen arabera, azala kenduz zuritua askotan baina ez beti: ekaina aurreratu heinean lehorragoa, idorragoa ikusten da Maiatza zuhaitza, ez da denean kentzen nonbait: Austriako Linz hiriko  plaza Nagusikoa gogoratzen dut erabat lehortuta eta itxuragabetua. Hiri handietakoetan, berriz, Munich eta Spirakoak ditut gogoan batez ere, baina asko dira horrelakoak: enbor sendo eta luzea da, lehortua, zuritu, garbitu, leundu eta marra zuri-urdinez pintatuta: urtero bera jartzeko prestatuta. Enborrean hiriko lanbideen berri ematen da oholtxoetan pintatutako irudien bidez, agian garai batetan zerutar espirituei laguntasuna eskatuz akuiluak bailira zeru-mugetan jainko eta sainduen bihotzak zirikatuz bezala, agian kanpotar bisitari edo bidaiariei herriko berri emateko. Austria eta Eslovakia artean  ia mugan kokatutako Hainburg an der Donau eta baita  aztarna erromatarrengatik oso famatua den Petronell Carnnuntumen ezberdinak ziren Maiatzak: urkiak ziren,  agian urkia inguruko zuhaitzik ugariena delako, txanka-makilak, meheak eta baxuak, zuhaitza osoa, urkia ez baita enbor handikoa gehienetan, baten ordez asko, plazan ordez kale-kantoietan zein etxaurreetan landatuak. Austria ertzeko hauetako bakoitzak bere errotulutxoa zuen ulertzen ez genuen idazki laburrarekin: taberna baten aurrekoak tabernako ezaugarriak zituen, beste batek Maiatzaren Lehena aitatzen zuen eta bazen "komandant" izena zuena kartelaren ardatz.

Sakanan ikurrina eta presoen zapia bezala, nazioko bandera jartzen diote askori puntako abarretan. Bada orria eta abarra besterik ez duenik ere. Urki mehek ostera oihal zuri zatitxo pila dute lotuta abarraterian, oparotasuna irudikatuz agian. Nabarmena zen Eslovakiako Lozornokoa: oihal zatitxoz ia zuri argituta zuen urkiaren adarteria guztia. Sakanakoak ez dute horrelakorik, baina Alemaniakoek girlandaz taxututako koroe bakarra dute goian enborra bilduz zintzilikatuta. Tirolekoek bi koroe dituzte, zenbait lurraldetan berriz hiru, txikiena goren handiena behean. Ba da enbor zuritua girlanda kiribilduz dotoretuta dagoenik ere.

Ezberdina da kokapena paraje eta lurralde bakoitzean: Alemanian batez ere herriko plazan dago, ohore osoz, baita Austriako hainbat herritan ere. Baina ikusi dugu, itxuraz inolako osperik gabe, kale ertzean, herriko albo batean, errepide ertzean, baita gasolindegi batetan ere, batez ere Mikulov eta Znojora bidean Hego Bohemian. Moraviako herritxo batetan herritik kanpo zegoen, lur landu eta basoaren mugan. Etxe partikularren batetan ere ikusi dugu, batez ere jatetxeren batetan.

Hipotesia asko egin genituen Maiatzaren nondik norakoaz, zergatiaz eta zertarakoaz. Zailagoa zen Sakanako Maiatzarekin loturarik bilatzea baldin loturarik badu.  Pizgarria zen guretzat han-hemenka Maiatzok aurkitzea, kilikagarriagoa bihurtu zigun ibilia eta hainbat esamesetarako bidea eman zigulako. Sakanako Maiatzak Europako Erdigunera hurreratuko gaitu aurrerantzean. Bada azalekotik aparte beste loturarik Sakana eta Europako Maiatzon artean?. Balego nork ekarri du edo eraman?. Loturarik ez balego, bitxikeria litzake elkarrengandik hain urruti dauden herriek errito edo ohitura berdina edo antzerako sortzea. Ze ehunduran josten dira ikusezineko herrien arteko hariak?. Naturak ez ezik gizarteak ere baditu bere misterio edo portaera bitxiak. Galderoi ganorazko erantzunak ikerketa sakonagoa behar du. Guk ikusitakoa kontatzen dugu, agian norbaiti interesatuko zaiolakoan.        

Europan  zehar aurkitutako zanpantzar edo joareek ere sortarazi dizkigute antzerako gogoetak. 

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/12/22 09:49
Ibilikoak. 13.- Arteleku

ITALIA: ARTELEKU

EGINeko tiraderaren batetan egonen da argazkiekin batera ustelduta Garzonen sarraskiaren ondoren

Aro guztietako artelan mota ororen iturri eta arteleku, eraikuntza paregabeen eredu, mendebaleko historiaren sorburu, munduko jabetzaren ondorioz antzinako zibilizazioen hondakinez aberats, 5. nazio industrializatuena, talogintza arte bihurtu  eta irinari mila forma ematen jakin duena, imigrantez mundu osora zabaldu dena, hizketan kantaria, natura eskuzabal izan zaiona, …  eta mila gauza gehiago. Hori da Italia

Baptisterioak

Euskal Herrian ez dugu Italiakoak bezalako bataiategirik. Hiztegiek bataio-ontzi, bataio-harri, bataio-toki deitzen diote gure elizetan bataio pontea dagoen txokoari. Beste zerbait dira Italiako baptisteriook. Pontelizak deituko nieke. Eliza itxura baitute. Helburu berdinerakoak, baina tokiz eta taxuz ezberdinak. Eraikuntza erlijiosoak dira,  bataioko sakramentua  gauzatzeko eginak, baina elizatik kanpo, elizaren alboan, eraikiak. Zabalak eta handiak.  Ez dago herri guztietan, ezta gutxiagorik ere. Hiri nagusi batzuetan eta eliza ospetsuen alboan aurkitzen dira. Seguru aski agintari eta botere inguruko familien bataio-toki izango ziren. Ez sakramentuari berari ematen zitzaion garrantziagatik. Jakina baita tokiz eta taxuz ezberdinak, aberatsek toki berezia zutela Elizan eta elizetan, katakonbetan bertan hilobi berezia zuten bezala, baita Constantinoren aurretik ere.

Albengan ikusi genuen lehenengoa. Adreiluzkoa,  zortzi kantoiko 5. gizaldiko eraikuntza. Ateak itxita zituenez jakin-mina sortu besterik ez zigun egin. Pisakoa izan zen bigarrena: dorre okertua ikustera joan ginen, baina  Duomo apartaz gain  ponteliza zoragarriarekin topo egin genuen: kupula gorriari kontrajarriz 35 metro diametroko harri zurizko eraikuntza borobil paregabea; marmol landuzko bitxikeria asko ikusi ditugu hainbat lekutan, baina hainbeste eta halakoak leku berean ez.  Firenzekoa etorri zen ondoren, marmol zuriz hormen kanpo aldea, marmol zuri eta beltzez barrua, brontzezko filigranaz osaturiko ate erraldoiak sarreran, bitxikeria ugari altzoan.  Ravenako Hadrianoren pontelizak adreiluzko orma du kanpotik, lilura sortu ziguten perfekzioz eta detailez egindako mosaikoz ederra barrutik. Piemonteko Astin ikusi genuen azkenena: argia eta moinonoa, barru eta kanpo  adreiluzkoa, 12. gizaldikoa, 8 harrizko zutabek  sortutako inguru borobil  xarmanta, agian liluragarriagoa barruko aberastasunik gabe barne egitura xumeak ematen dion erakargarritasunagatik.

Kanpotik bakarrik ikus daitezke ponteliza asko, Aquileiakoa esaterako, barruko altxorra galduta dutelako nonbait.

Mosaikoak

Italiako lurralde batzuk zenbait arotan izan zuten mosaikoaren kulturak sakon harrapatzen du bidaiari kuriosoa.          

Mosaikoak dira Ravenako altxorra:  aipatutako Adrianoren pontelizaz gain Gala Placidiaren Mausoleoa, S.Vitalen eliza, Neotarren ponteliza, S.Apolinar berria, Claseko S. Apolinar. Ikusgarriak, handiak, zabalak, sabaia, ormak, absidea eta zorua estaliz. Kolore asko, kolore biziak, argiak, distiratsuak, batean urdina da nagusi, berdea bestean. Badirudi nork mosaiko gehiago  edo nork ederragoa lehia bat egon zela garai batetan. Pinturak dirudite askotan mosaikook. Gaiak: naturako berdeguneak, animaliak eta  santuak.

Beste mosaiko mota bat dira Aquileakoak: zoruko mosaikoak dira batez ere. Oinpean egoteko eginak direnez kolore motelagoak dituzte, ilun samarrak. Aro ezberdinetako mosaikoak ikus daitezke bertan. Batez ere basilikako zorua da ederra. Zoru osoa  da mosaikoa zabalera zabalean.  Irudi pila ditu, aingeru arrantzaleenak batez ere, ez baitago alperrik itsasotik gertu. 

Bada beste aukerarik ere: urregorria nagusitzen zaien Veneziako S. Markosekoak,  Sienako Duomoren fatxada, Orvietokoarena, … eta hainbat.

Freskoak

Rumaniako Moldavian ikusiak nituen arte-liburuetatik ezagunak direnVoroneteko fresko famatuak. Ezustean harrapatu gaituzte ordea Adige Garaikoak, Sarentinora bidean Rendenan lehenego eta Trento inguruan S.Vigilio gero: bere hartan diraute oraindik Erdi Aroan elizen kanpoko ormetan pintatutako irudiak, irudiok begiratuz eta ikusiz, herri xeheak elizaren dotrina ikas zezan pintatuak.

Aspalditik da S. Kristobal bidaiarien zaindari, Alpeak errepide askoren  pasabide arriskutsuak izanik, mural denetan  dago Santuaren irudia, erraldoia batzuetan.  Bada marrazki bitxi eta sarkastikorik ere:  gizarteko pertsonaia denak agertzen dira S.Vigilioko Herioren dantzan,  gotzainetik nekazarira,  herio-geziak sastatuta, bakoitzak bere azken aitortza eginez.

Etxeko kanpoko hormak  irudiz pintatzea berea du Tirol kulturak. Ikus daitezke kanpotikako ormak pintatuta dituzten  etxe eta palazioak, etxeko jabea edo familia goretsiz  gehienetan. Trentokoa litzake  eredu erakargarri bat. Baina toki askotan bila daitezke antzerakoak. Jatetxe eta hotelek batez ere, besterik ezinean, etxearen izenak margotuko dituzte.

Barruko freskoak: Vatikanoko Sixtoren kapera famatua ederra da, ezin uka, baina, badu beste non  gozatu eta zer aztertu gaia gustatzen zaionak. Paduako Arrazoiaren Palaziokoak lirateke fresko laikoen eredu. Neurririk ez du eliza eta palazioetako freskoen aukerak. Asisko Frantziskoren basilikako ormak freskoz dekoratuta daude: lehengo ohiturei helduz,  fraideek, linterna eskuan, taldeetan banatutako turista eta erromesei santuaren bizitza esplikatzen die  marrazkiok jarraituz.

Ur-jauziak

 Xarma berezi eta erakargarria dute berenez ur-jauziek..   

Trentinoko Genova bailaran bada ur-jauzi  polita, 100 metrotik gorako jauzian haitzez haitz errekara datorrena izei erraldoien artean,  erreka berdearen soinuak eta ur-jauziaren musikak sinfonia batez bezala inguru guzia bilduz.

Tontorrak elur zuri, magalak ur-jauzi apartsu eta bailara erreka garbi den bailara da Aosta. Han dena da ur, dena ur-jauzi, aparrez zuri, harri kontra erasoz ozen, oxigenoz dena burbuila.  Paradiso Haundia, Savarenche, Valtournencha, Cogne edo La Thuile bailara: dena  ur-jauzi, dena  erreka, dena  ur. Aostak neguan eskiatzera etortzea merezi badu  ez gutxiago Uztailean ur-jauziez gozatzera. Lillaz harro dago bere ur-jauziez,  erraldoiak izaki. Bertan merezi du turista presatia gelditzen den goiko zubitik gora igotzea, bakardadean  naturaren  handitasunean murgiltzeko, bizitzaz barne asez. Aparrak eta zipriztinek barne toleseraino ferekatuko zaituzte. Filosofo batek Niagarara pixa eginez "ze huskeria den gizona" esan omen zuen. Haitz ebakidura lotzen duen zubitik azpian ura erruz jauzi labainean borborka lasterrean ikusi eta entzunez bizia eta gizakia ze handia den sentituko duzu.

Gainetan elur, maldetan ur-jauzi,  harrietan lehertuz zuri azpia, uhinez apaindua azala, bizia, lasterra, karetsua, labaina, ozena, kantaria, bizkorrean barea, lasaigarria, bailaran ibai, uraren jaialdiak merezi du Aosta Bailarara bisita, luzea ezin bada ere patxadakoa behintzat.

Italia osoak merezi du bisita

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/12/15 10:07
Ibilikoak: 12. Austria

Austria: dotorezia erakargarri

EGIN: Igandegin: 1997/08/24

Viena eta Salzburgo mitoek erakarri gaituzte Austriara, baina Austria beste zerbait ere badela aurkitu dugu: herritxo txukunak, gurean txaletak liratekeen baserriak, bainu-herriak, elizetako barroko zoragarriak, santutegiak, maiatza zuhaitzak, elurra, elizetako sekulako erretaulak, lakuak, herrietako plazak, lautada berdeak, lurralde eta biztanleen txukuntasuna, Danubio ibai lohiaren ederra, … Baita ere,  Austriako herri eta hiriak Europa osoko berrikuntza lanen mozkorraldian murgilduta daudela.

Zoritxarrez biztanleria da turistari urrutien gelditzen zaion kontakizun gaia, herritarrei buruzkoa da jaso ahal duen iritzi azalekoena, hizkuntzagatik ez ezik, interesatua delako turista eta herritarren arteko harremana. Herrikide behar du izan herritarrez sakon hitz egin ahal izateko. Biztanleria ikusi ahal duzu, nolabaiteko harremana izan ere bai berarekin, baina ezin duzu inolaz ere beraiez diozuna iritzi sendotzaz bota. Arkanoa  da pasokoarentzat herri baten arima.

Bestalde, ezberdinak badira ere tokiak zein egoerak, asko errepikatzen dira bidaietan esperientzia, bizipen, sentipen zein burutapenak: idazterakoan saihesten ahalegindu beharrezko arriskua, beraz.

Hiru aste luzez izan ginen bidaiari Austriako herri eta herritxoetan. Ez herrialde guztietakoetan.  Hegoaldeko beste aukera batetarako utzi genituen Carintia eta Estiria lurraldeak.  Kazkezurreko garunetan geratutako egun haietako  oroitzapenak eta begi-oste horretan iraun duten irudiak jarri nahi nituzke orriotan norbaitek nirekin konpartitu nahiko dituelakoan.

Tirol lurraldea

Erakargarriak bilakatzen dira herritxo, tontor elurtu, etxeteria margotu, abere agerikorik gabeko nekazaritza eta garai batetan bakartiak behar zuten Tiroleko bailara ezkutuen xarma. Menditsua izanik, badira herriek eta etxe zuriek berdegunea argitzen duten bailara zabalak ere. Zuraje iluneko etxe baxutxoak eta teilaje argiko eliza-orratz luzeak dira agian lehenengoz bidaiari berriari nabarmentzen zaizkion berezitasunak, mendiarteko lautadetan nahiz mendi garaien magalean.  Garai eta lerden daude, han-hemenka sarriak, eski jauzietarako neurri guztietarako tranpolinak neguko turisten zain. Kanpotarrei begira bizi dela dirudi Austriak: bakoitzak berak duena saltzen du, Tirol lurraldeak elurra eta inguruaren ederra saltzen die batez ere turistei.  

Biziak datoz errekastoak, harrietan lehertuz aparrez zuri, askotan indar larregi daramate gardenak agertzeko. Pikeak dira errepideak. Bata bestearen ondoren datoz Anboto, Gorbeia eta Akorri Tirolen, beti duzu Anbotoren bat aurrean, behatoki zoragarriak eskainiz errepidean gorantz egiten duzun heinean. Euskal Herrian baino atzeratuago dator gari uzta herrialde hauetan. Errepide bertaraino heltzen dira soroak, lurra oso-osorik aprobetxatu nahiko balu bezala. Ez da aziendarik ageri, txalet batenak dirudite nekazal etxe inguruak, ondo ezkutatuta dituzte nonbait simaurrak ere.  Landua dago lur dena, belardi zabalak daude, nekazal herriak dira bailaretako herri gehienak, beraz egon badago nekazaritza, baina nekazaritzaren ezohizko itxura jarri dute salgai kanpotarrentzat. Agian nekazal kultura bera ere ezberdin gauzatu dute urteen poderioz. Auskalo!.

Insbruch: herrialdeko hiriburua. Zabal, oparo,  kantari doakio Inn ibaia. Etorri, begiak zabaldu, begiratu eta gozatu, benetan merezi du eta. Kerentzia sortzen du hiri honek.  Eguneko nekeak uxatzeko terapia lasaigarria da kaleetako arratsalde beranduko ibilia.

Zutabe txaparro sendoko arkupeak osatzen dute alde zaharra, zintzilikario polit bezain bitxiak iragartzen dute  denda bakoitzaren zertarakoa. Urrezko teilatupeko balkonada ospetsua da bereziki turistei saltzen digutena,  baina, bestela ere,  bada zer ikusi ugari: Katedrala barroko izugarria, Wilten kolegiata, Unibertsitateko S.Joan eliza, museo ugariak eta hainbat bitxikeria patxadaz begiratzen dakienarentzat.

Hall in Tirol, St. Joan in Tirol, St. Wolfang, Bad Ischl: Heidi aitaitarekin menditik jaisten zen herritxoak, turistentzat zaindu eta apainduta, behaleiho, ate, hormetako pintura, dendetako zintzilikario, erakusleiho, helduleku, ateburu, kale-kantoi, eraiki eder, ... mila zertzelada goxo eskainiz begiei; Wattens: fatxadetako pinturek edertua; Schawaz: sarreratik bertatik halako sentipen berezia sortarazten dizu, zerbait ezohikoa bailu; Rattenberg, turisterri petoaren baliabide eta ezaugarri guztiekin; Igls uderria, … eta beste hainbat herri hainbat  ibilaldi eder baterako aproposak.

Matrei, Stubai, Volderau, Otzal: bailara berde ikusgarriak; onerako edo ez, naturaltasuna galdu dute bailarok, gizarteratu egin dira, zibilizatu lioke norbaitek, aldatu egin du paisaia turismoak edo turismoaren negozioak.

Fulpmes: Madison zubia, Neustift: hotel tiroldar sendoak, Mutterberg: muntaia itzela, Wilten: kolejiata rokokoa, Seefeld: uderria udan, neguerria neguan, lasaia bezain koketoa goi bailara batetan kokatua; Kohtai elurraren inguruan sortutako muntaia; Imnsen: aspaldikoak dira Iturengoen antzerako zanpantzarrak; Natters, Mutters, Neuftift, Oetz, Gmunde, Kitzubel, Hallein, … bakoitza bere berezitasunekin baina denak erakargarriak.

Salzburg lurraldea

Badu zer erakutsi kanpotarrari. Menditsua izanik, lautada da nagusi Eki aldera. Tirolekoen antza dute, oro har,  bai etxeek bai lurraldeak berak, baita lurraldearen erabilpenak ere. Etxebizitzak ez dira hangoak bezain landuak, baina badute berezitasunik: zorrotz bukatu ordez triangeluan zabaltzen da beherantz etxaurreko teilatu gailurra, balkonada eta etxaurrearen aterpe bilakatuz. Ikusi ahal dira oraindik oholezko teilatuak.

Hustubiderik ez nonbait, mendiartean biltzen da ura laku zoragarriak sortuz, uderriak diruditen herritxo eta berdegunez inguratuta: Lakuen Lurraldea deitzen diote.

Salzburg hiria: Mozarten jaioterria, musikaz blai dagoen hiria, Mozart dute eta Mozart eta musika saltzen dute batez ere, musika saltzetik bizi da. Baina hiriak berak badu zer erakutsi eta eskaini. Erakusleihoak begiratuzko ibilian gozatzeko hiria, Aizkorri eta Anboto erraldoiez inguratutako hiri kosmopolita. Turista hiria, arraza eta taxu guztiko bisitariak gurutzatuko dituzuna edonon; halaz ere, jende asko ibili arren elkarri estropezurik egin gabe ibiltzekoa, zerbait hartuz edonon esertzeko hiria. Hiri garestia. Plaza eder eta zabalak, patio, pasabide, eraikuntza eder franko; eraikuntza erraldoirik ere ez zaio falta. Kapritxozko erosgaiak dendetan, bitxikeria dotore eta lan ederrak gustatzen zaizkionaren begien gozamena. Pintura gustatzen zaionaren begiek ere galeria ugari aurkituko du. Katedralak, argi askoko barroko diganteak, organo bat du gurutzadura bakoitzean eta bosgarren bat koruan. Ezberdina da Frantziskotarren eliza, nongo gurutzaduran gotikoa eta barrokoa elkartzen diren konbinaketa gutxienez deigarrian. Bada halako hilerri bitxia ere ikustalditxoa merezi duena, ibili nahi duenak berriz Salzach ibaiaren ertzak ditu edo mendixka gaineko paseo-tokia.

St. Gilgen: mendi elurtuz inguratutako ur garbiko Wolfgan See laku ertzeko herritxo, lasaia, zaindua, idilikoa; balkonada luze eta sendoko etxe ederrak ditu, baina batez ere Mozart plaza, zein baino zein biziago, zein baino zein potxoloago, lehian bezala pintatutako balkonadekin. Egonean edo ibilian, orduak emango dituzun uderri petoa. Teleferikoak eraman zaitzake ere alboko gailurretara.

St. Wolfgan: laku ertzeko ibilbide, etxe ederreko kalexka bihurri eta plazatxo xumez osaturiko uderri xarmanta. Dendez gainezka, lourdes bat. Ikustekoa du eliza; ez da polita, ezta ederra ere, baina egituraz, barruko giroz zein artelanez, ezohizkoa.

Bad Ischl: bainu-herria; oraindik gogoratuak dira fama eman zioten Hausburgotarrak.

Gmunde: UNESCOk babestua, aldapan; ez gaitu liluratu: lakuak eta zeramikak damaiote fama.   

Lofer: herri maitagarria tontor elurtuen oinetan.

Hallein: nortasuna du: bertakoa da Stille Nachac gabon kanta famatuaren egilea.

Beste hainbat herri, bailara, mendi, ibai eta bazter xarmant.

Austria Garaia

Donau deitzen dioten Danubio ibai inguruko  lurraldea. Aldatu zaigu lurraldea geografikoki, mendiak urrutiratuz doaz eta lautadak zabalduz. Laua da lurraldea, altzo zabaleko olatuzko itsaso berdea, uhin berdeko lurraldea. Berdegune zabalean dingilin-dangala mailu-burua gora-behera nagian kulunkaz dabileneko petrolio putzua ikustea da ezustea. Burutu gabeko garia, koltza behar duen uzta guretzat ezezaguna, arto erne berria; izeia agertzen da lautadan esplotazio bezala, gureetan pinoa lez.

Aldatu zaigu giza-paisaia ere: arruntagoak dira etxeak, xumeagoak, formaz ere ezberdinak: ez dute Tiroleko nortasunik. Baxuak dira nekazal etxeak; elkarren parean eta paralelo etxebizitza eta korta dirudiena, horma batez elkartuak alde bietan, erdian patio itxia geratzen zaielarik: sekulakoak dira batzuk, xumeak besteak, hemen ere diruak erabakitzen du etxebizitzaren nolakoa. Landetxeoz gain bestelako etxebizitzak nahiko ohizkoak dira , bakarrak, bakanak.

Erruz dabil autoa jai egunez ere errepideetan Austrian: herritar xumeak asteguneko etxezuloa utzi eta lakuren baten bila ateratzen da irrikaz: langile eta pobrearen patua, atseden hartu beharra hurrengo astean ere inorentzat lan egiteko. Nekez dabiltza motorzaleak bakarrik errepidean asteburuetan, nekez mantso ere. Presati dabiltza igandetan Austriako auto gidariak ere, estresa abiaduraren joanean baretu nahian edo. Piztuta daramatzate argiak auto gehienek: segurtasuna errepidean.

Ez da ikusten tabako erretzailerik gune publikoetan: segurtasuna osasunean.

Hondakin bilketa zehatza, bilgailu ezberdin askoz berezituta: ekonomia.

Linz. Hiriburua. Espazio zabaleko hiria, garbi plantakoa, atsegina.  Saltoki erraldoia bilakatu da oinezkoentzako kale luzea, baita administrazio eta lanbide liberalen gune ere. Behaleiho ederrak baditu ere, oso xumea da alde zaharra, eraiki ikusgarririk gabe ederra da bere xalotasunean. Turistontzi eta garraiontzien ibilbide, Danubio ibaia doakio ber-bertatik, zabal eta gizen, abiadura bizian, bere mardultasunean mantso itxura badu ere: zikina doa baina, ez du abestiko urdin ertikoarekin inolako zerikusirik. Kolore biziko tranbiek ematen diote ukitu erromantikoa bere soinu atsegin ezagunarekin. Turista asko dabil beste hiru hiri nagusi klasikoetan bezala, taldeka edo bakarka, jantziekiko aniztasun eta axolik eza guztiekin. Elizak dira eraiki bisitagarrienak, beirate, mosaiko, aulkiteriez oparo.  

Ez da kartelik ez pintadarik agertzen hirian.

Ohituraz edo beroaren eraginez garagardoa edaten du erruz jendeak kaleko terraza zabaletan,  mahaietan eserita, mostradoreetan berriz ardo zuria erruz dabil bazkal aurretik. Bada jenero merke eta prezio baxuko jantzirik ere salgai plaza nagusia betetzen duen merkadilo erraldoian ez ezik dendetan ere, ekonomia eskaseko herria ere badagoela adieraziz.

Linzek badu inguruetan ere zer ikusirik:

St. Florian monastegia. Urrutitik ikusten den eraiki digantea, bertatik begiratuz oraindik erraldoiagoa: dena da handia, patioak, sarrerako gizairudiak, patio erdiko iturria, norbera nanotxo aurkitzen den balkonadetara igotzeko mailadia, korridoreak bero gordetzeko behesu ugariak, ibilaldi bakarrean fraideek hamar brebiario errezatzeko denbora emango zien korridore amaigabeak, sarrailak ere handiak. Nano sentitu bagara monasterioan, nanoago oraindik elizan, tamainagatik harago bertako edertasunagatik, izugarri ederra baita, barroko aparta, sartu ondorengo lehen begiradan harritzen zaituen horietakoa, Austriako barroko gehienek duten osagai denekin: balkonada, palko eta  plateaz inguratuta alboak: opera aretoa dirudi eliza baino gehiago,  apainduregatik ez ezik egituragatik ere. Gorenera heltzen da txundidura ospakizun  oparo batetan suertatzen bazaizu bisita guri bezala: orkestra jotzen, korua abesten eta obispoa parafernalia osoz meza ematen.  

Stery.  Erdi Aroko hiria, plaza du ardatz, zabala, baina batez ere luzea,  era guztietako etxeez,  baina batez ere rococo estilokoez osatua; hemen ere banketxeak egin dira etxe ederrenen jabe. Badu gaztelu arroza, badu patio bitxirik, badu bertan eskurik busti ezin daiteken iturri erraldoia ere. Gure harridurarako “kai” du izena ibai ertzeko ibiltokiak: nasa esan nahi du “kai” hitzak. Bi ibai zabal elkartzen dira  ozen eta nabarmen hirian bertan: urdinxka garbia dator bata, morokildua bestea;  marra batez nabarmentzen da elkar joz biltzen diren gunea: zikin doa ondoren ibaia.

Kremensmunster. Florian baino handiagoa oraindik, bost patio handiekin, baina ez da hain ederra ez dago hain zaindua ere. Eliza, barroko petoa hau ere, tapiz ederren erakustoki bilakatu da; presbiterio aurrean Benito eta Eskolastika santa-santuen estatuek Erromako basilikakoekin lehian egindakoak dirudite bere erraldoitasunean. Bekatuak dira izugarriak Austrian edo aitorleak giza-puskak: aitorlekuak behintzat ikaragarri handiak dira, oso landuak gainera askotan, bekatuak ere dotoreagoak ote bertan.

Mauthausen. Austrian ez da Alemanian bezala Gerra garaiko oroitarri, hondakin edo ageriko oroimen nabarmenik, baina gorde dute Mauthausen kontzentrazio eremua, astakeria izugarrien testigantzarako oroigarria. Giza basakerien lekuko. Sufrimendu kontaezinen oroigailu. Armagintza onesten duten bakezale oro salatzeko izan behar litzaken gerraren kontrako monumentua. Pelikuletan eta han hemenka ikusi ditugun kontzentrazio-eremu guztien antzerakoa, osagai berdinekin. Duela 50 urte hau eraiki zuten naziek egiaren jabe zuten bere burua, gerra galduko ez zutelakoan zeuden. Historia errepikatu egiten da nonbait, ez dugu ezer ikasi: etorriko da askatasun borrokagatik espetxeratuta daudenen gaurko kartzelak bisitatuko diren eguna, guk gaur sufrikarioaren tenplu hau  harridura, amorru eta higuin berberarekin bisitatzen dugun bezala. Itogarria bilakatzen da museoa, judutarren palestinarrekiko jokabide berdina ulertu ezinik.

Txukunak dira herri eta herritxoak, noizbehinka geldiunetxoa merezi dutenak:

Enns, oraindik ate bat gelditzen zaion hiribildua, dorre polita plaza erdian, baina batez ere geldiunetxoa merezi duen XV. gizaldiko Lorenttzo Sainduaren eliza, bere piettá ederra, maisuki landutako santu-irudiak, hilobietako marmol gorrixkako harlandu tailatuak eta elizbueltako hilerrian irribarrea aterako dizun Ecce Homoa. Wels, etxetzar asko dituen herri industrializatua baina Erdi Aroko alde zahar ederra gorde duena. Vavucklabruck(?), Erdi Aroko plaza luzexka ederra du. Eferding, herri lasaia, espazio zabalekoa, txukuna; galtzadarririk gabekoa!. Schuderding(?), egitura du ezberdina, goialdeko plaza luze zabalaren alde batera harresiak ditu eta gainbehera pikean kaleak doaz bestera. Kefermarkt, tritiko izugarri ederra eta handia du erretaula gisa. Freistad, hiribildua baina ez Gaztela edo Italiako hiribilduen taxukoa. Liebfrau, elizako aldare hegalean sabairainoko orratz gotiko ederrak eta koruko organo moinonoek merezi dute bisita.

Austria Behea

Austrian ez dago ia baratzerik ez berotegirik. Nondik ote saltokietako ortuariak?. Soro-sailak ez dira Eslovakian, Eki Alemanian edo Txekian bezain zabalak, baina oso zabalak dira bakar batenak izateko. Mahastiak nabarmentzen dira lurralde osoan Txekiarako bidean. Argindar posteak berriz ugariak dira Vienatik gorantz, Maracaiboko lakua bailitz zabalgune osoa. Patata eskainiz dago nekazari ugari etxaurre eta errepide bazterretan: bi sosa nondik aterako hemen ere baserritarra. Ia ez dugu herritxoetan inor ikusten etxaurretan eta ageri dena adinekoa da: deneko ajeak ditu hemen ere nekazaritzak.  Etxeak baxuak eta txikiak diren herrietan ere elizak beti dira handiak: nor nor den ezagun. Laztasunak arintzeko agian, gozo-gauza asko jaten da Austrian.

Bizikleta maite duten turisten paradisua: bizikleta eta guzti datoz hainbat, autobusez antolatutako txango berezietan. Austrian, baina, militarrak ere edonon present: egunerokoak eta nonahikoak dira hiltzeko makinariaren kaki kolorezko kamioi eta uniformeak.

Viena. Austriako hiriburua. Dena ederra, dena zabala den hiria. Maitemindu egiten zaitu. Bigarren urtera ikustean lehenengo aldian bezain liluragarri aurkitzen duzu, baita bigarren eta hirugarren bizitan ere. Oraingoan ezagunak zaizkigun xehetasunetan pausatu gabe, ordu luzeetan galdu gara eraikuntza eder, jendetza kosmopolita, tranbia eta bizikleta artean. Nekatuta joan gatzaio bidaia luze baten ondoren, eta lasaituta bidali gaitu. Joan, ibili, begiak zabaldu, ikusi eta gozatu. Ezinekoa da kontakizunetan sartzea.

Zabal, sendo, digante, erakargarria doa Danubio ibaia Wiena inguruan, baina hain handia izanik ere,  ez du kezkarazten, lasaitzen baino. Bitxia da nola zeharkatzen duen kotxeak zein oinezkoak alde batetik bestera daramatzan ontziak: alboka jarrita egiten du aurrera, alboka baina ibaiaren indarraren eraginez artez doa trabeska ertz batetik bestera: fisikako ikasgai praktikoa.

Krems, gaztelu baten oinetan eta Danubioren ertzean. Turisterria, turistentzako eta turistengandik bizi dena, lourdes bihurtu gabe. Dena da tentagarria eta polita erakusleihoetan. Dotorea, txukuna eta atsegina. Dena dago zaindua, gustuz jarria. Goitik behera gustura ibiltzeko herria jendetzak itotzen ez duenean. Dorre azpitik hasten den kale luzea da herriko bihotza, baina bada ia inor ez doan zabalgunetxo lasairik. Turismoari lotu ez zaion gune orok dirudi ipuinetako herria. Durnnstein, Danubioren albotxoan hau ere, Erdi Aroko herritxo xarmanta, urdin bizikoa den elizako dorrea du erakusgai eta bitxikeria nagusia. St. Polten, turisterri izan gabe herrialdeko herri hasien eredu litzake, inguruko herritxoen buru, salerosketa gune. Tull, berezko dotorezia duela dirudi. Perchtols-Dorf, merezi du denbora hartuzko bisitatxoa. Keilingenkreux, monasterioa da herria baino gehiago, monasterio izugarri zabala, hormatzarrez hesitua. Baden, bainuerri bat nolakoa den jakin nahi duenak jo beza bertara: hotel, ostatu, parke, lorategi, belar-gune, urmael,  ...  giro vienarra du parkeak musika-bandaren sonak sorgintzen duenean: Betowenek bertan konposatu omen zuen 9. sinfonia, herriko etxetxo batetan. Wiener Neustadt, Erdi Aroko kaledien egitura du bere etxe baxuko trazaduraz: arkupe sendoko plaza da kale guztien sorburu eta helburu. Kloster-Neugurg, kanpinera jotzen baduzu zoaz goialdeko agustinoen monasterioari bisitatxoa egitera, merezi du eta. Petronell-Carnnuntum, erromatarren hondakin ugari eta ederrengatik da famatua, baina elizatxo erromantikoa da erakargarria batez ere. Hainbur and der Donau, Danubio ibaiak ematen dio izena, baina ibaiari bizkarra emanda bizi da alboan badoakio ere: bertatik bazoaz Eslovakia aldera, gera zaitez eta ez zaizu damutuko.

Ederra ustel

Jadanik etxean, irakurri dut aitorlekua ezik, gune guztiak poliziari entzungailuz kontrolatzeko  eskubidea ematen dion legea onartu dela Austrian. Hona ezkero gure izenak bueltaka ari dira Ertzaintza  eta Espainiako polizia guztietako zerebroetako karretetan ere. Ez garrantzitsuak garelako, Austrian ibili garelako soilik, burokrazia polizialean datu sartzea baita lehen araua. Bizi den dena kontrolatzen du gaur egun poliziak, baita Austriakoak ere nonbait. Konfesatu ez izanagatik galdu dut, legez behintzat, agian elkarrizketa kontrolatuko ez didaten aukera bakarra. Jada polizia guztiek dakite non noiz eta nola ibili garen: polizien arteko Inteligentzia. Bidaiaren bukaera iluna. Hain zoragarria iruditu zaigun herrialdea ere polizia gunea da. Pipiak jota dago lurralde eder oro. Azaleko dotorezia eta barne dotorezia ez dira beti eta nahitaez gauza bera.

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/12/08 10:55
Ibilikoak: 11.- Galderak

Galderak

EGIN-Igandegin: 1997/07/20  

Ikus eta jakin minez abiatu ginen Txekia eta Eslovakia lurraldeetara. Nork ez ditu gogoan Pragako Udaberria eta batez ere Txekoslovakiako ekonomia eredu berria, Plangintza Ekonomikoa eta Merkatu Librearen orekan jokatu nahi zuen ahalegina, mendebal eta ekialdeko bi sistema nagusi eta nahitaezkoen tarteko bidea bilatu asmoz. Nola ez eraman gogoan Txekiak onartu egin zuela Eslovakiaren Txekoslovakiatik banatzeko nahia, Eslovakian bertan  onartu egin zela gehiengoaren borondatea eta traumarik gabe Eslovakia banatu egin zela Txekiatik Estatu bakarra zena bitan banatuz?. Horrez gain Europako herrion urruntasunak ematen duen misterio kutsuaz gain, historia ezberdinetan gauzatutako kultura hain ezberdinak badu erakargarritasuna mendebaldarrongan. Baita xarma ere.

Ofizialki Errepublika Sozialista baina gure komunikabideetan Estatu Komunistak deitzen zieten herrialdeok sortzen dute horrelako zirraratxoa eta jakin mina, zertan ote den urteetako esperientzia hura. Galderez gainezka itzuli gara jakin-minez joan ginenok. Ez genuen galderoi erantzun garbirik aurkitzeko ametsik, begiak zabaldu eta begiratu, hori zen, besterik gabe, gure asmoa: bidaiaria, batez ere turista, beti baita pasoko hegaztia, azaletik soilik ikusten du ibilbide zaion herria; hizkuntza arazoez gain nork kontatuko dio egi zintzoa ordu baterako kanpotarrari, nola fidatu ere esaten diotenaz?. Ibili eta begiratu zen gure helburua ikusminari erantzun bila, baina biderkatuta ekarri ditugu eraman genituen galdera denak.

Bi Herri ziren Estatu bakarra zirenean ere, bi Estatu dira gaur egun: badira ezberdintasunak, gu bezalako bidaiari arruntentzat ordea ez da halako berezitasun nabarmenik: nahiko berdinak agertu zitzaizkigun ukitu nahi ditudan ikuspuntuetan, beraz biez batera arituko naiz, ezberdintasunak beste baterako utziz.

Bidezainen begirada

Berrikuntza lanetan murgilduta daude bi herriak, Mendebaleko berrikuntzaren sindromeak jo ditu bai Txekia bai Eslovakia ere. Agian bere ekonomia ahulduak turismoa du ekonomiaren ardatzetariko bat helburuetan. Behar baino 10 urte lehenago joan gara, agian berantegi: goizegi, urte guti barru hiri eta herri ezaugarrienek, zer erakutsi dutenek behintzat,  erabat aldatuta eta edertuta izango dituztelako gutxienez erdigune eta alde zaharrak; berantegi, ordea, azken historiako aztarnak, azalekoak behintzat, galduta izango dituztelako. Kalediak, saltegiak ere, nabarmen aldatuz doaz: egituraz eta itxuraz  ez ezik, gero eta mendebalekoagoa bihurtzen ari da erakusleihoetako eskaintza. Herritxo inguruetan, batez ere baserritarrek gidatuta, badabiltzan arren, errepideetatik baztertuz doaz Lada eta Skoda zaharrak, ugaltzen darrai mendebaleko kotxe zaparrada, saltegi eta garajeetan nabarmentzen delarik merkatu berria harrapatuzko borroka. Hala eta guzti mendebalean baina apalago bizi direla iruditzen zaio kanpoko ibiltariari, zentziloago, xaloago, mendebalekook baino gutxiago kontsumitzen dutela alegia, zer kontsumitu gutxiago dutelako edo kontsumigaiak zerez erosirik ez dutelako. Ez baitira esanahi berekoak apalategietako oparotasuna eta kontsumoa. Are gutxiago kontsumoa eta zoriona. Zer dago aldaketa ahalegin honen muinean?.

Pivo edo litro-erdiko baso garagardo aurrean patxadako lasaitasunean orduak ematen ikusten genituen kontu-kontari. Kale, saltoki edo errepideetan hainbat galdera, gehienetan hizkuntza ezjakintasunaren ondoriozko keinuzkoak, egin beharrean aurkitzen ginenen bakoitzean herri abegitsu eta lasaia agertu zitzaigun. Kanpinean beti daude sua egiteko gune aproposak bere egur piloarekin. Su ederraren ondoan, makila puntan sartutako haragikia erre eta janez, pivoari zurrut eta batez ere solasean egoteko ohitura. Gaueroko norbaitzuen denbora-pasa, agian transumanzia garaiko askoren oihartzuna, ala biak?.

Famaren oihartzunez tokatzen zaien bezala, Tatra mendi barreneko izei azpiko lasaitasunetik, asperduraren ondorioz edo kanpotarren ikusmiran, begirada tinkoz begiratzen ziguten kaminero edo bidezainei begira gu ere, galdetzen genion elkarri zer ote zegoen begirada haien ostean: mendebaleko predikuetan saldu diguten Eki Herritarren Mendebalari buruzko inbidia, ala gureetan errepide edo kaleetan  aurreratuago bizi omen diren europar edo yankiei guk begiratzen dieguneko indiferentzia?.

Zergatik hemen ere hiri handiak edo koskortuak dira aldaketaren onuradunak, baina berrikuntza guti nabari da herritxoetan, batez ere errepide nagusietatik at lautadetako muinoen artean galdutakoetan,  bigarren mailako herri edo herritar bailiran, agian berantago etor daiteken ekonomiaren hobetze baten zain utziak?

S. Joan Nepomuzeno

Nazioko zaindari nagusia omen. Errepide eta bazter guztietan dago present, bere bonet, gurutze eta jantziekin nabarmen deigarri, ilunduta, urteen eta kutsaduraren poderioz belztuta askotan; han daude gurutzeak ere, berdin kaperatxoak, berdin elizak herri guztietan, askotan eraiki nabarmen zainduen eta ederrenak: hor egon dira auskalo noiztik, ez dira komunismoa bota ondorengoak, komunismo garaian hor iraun dutenak baizik. Eliza barroko zoragarriak ditu bai Txekiak bai Eslovakiak,  komunismo garai osoan gure herrietako asko ez bezala zainduta, eder iraun duten elizak, Spis lurraldean batez ere, agian auzo diren alemaniarren eraginez, Erdi Aroko triptiko txundigarriak, zein aparta ezingo, bata bestea baino ederragoa dituztenak gordetzen dituzte.

Elizkizunak: Levoçakoak eragin zigun zirrara biziena, baina ez zen izan bakarra: eliza ikustera sartu eta meza ondorengo apaizik gabeko errezo luzeetan jarraitzen zuen eliza beteekin egin izan genuen topo, sutsu errezatzen zuen herriarekin, gazte asko tarteko; jarrera hori ez da inprobisatzen, beti errezatu da taldean, nabarmen agertzen da usadio eta portaera errotua dela. Ostiral arratsaldean Kezmaroken beti luze berritzen zen bi ilara zeuden bi aitorlekuen aurrean, denak zutik, gehienak aitortza gertatuzko liburua eskuan, gure umetako garaiak biziki gogaraziz;  "ogi zerutik etorria" abestia entzutea bakarrik falta zitzaigun Korpus Eguneko Trnavako prozesioan: duela 50 urte Euskal Herrian bezalatsu, parafernalia berdinez, kalerik kale, abestuz, boz ozenez otoitzean ari zen belaunikatutako herriari kustodiarekin bedeinkapena ematen zien apaizak hirian ugariak ziren elizaurre bakoitzean: hori ez da lau urtean mamitzen den ohitura, hain elizaren kontrakoa zela esaten ziguten erregimen komunistan iraun duena baizik. Austrian ikusi genuen antzerako erritoa: osteguna zen han, hemen igandera aldatu dute ospakizuna, baina Euskal Herrian bertan proposatu izan da astebarruko jaien iganderako aldaketa ekonomia produkzioa dela eta.

Plaza da herri koskortu oroko bihotza, berdinak dirudite denak, baina bakoitza da ezberdina,  denak eta beti eder eta polit. Udaletxea, Eliza, Iturria dira plazako osagarriak, baina, batez ere, koloma edo zutabea, izurriteren baten oroigarri gehienak, Amabirjina eta Santu-irudi ugariekin ia denak: hor egon dira komunismo garaian, gehiengoaren kolore beltzak adierazten duenez. Inposaketak ezer guti balio dezakee, gogoeta ondorengo konbentzimendua dela jarrerak aldatzeko bide bakarra. Erlijioarekin lotutako mila ezaugarrik gogarazten ziguten urteetan kontatu izan ziguten herri hauetako erlijioaren aurkako balizko jazarpena ez zela existitu, ez zela izan behintzat hain bortitza; hainbat galdera sortarazten zigun gure baitan: benetan elizaren edo fedearen aurkako jazarpena izan zen ala eliza eta batez ere hierarkia pribilejiorik gabe uztea zen estatuaren jokabidea, Eliza erakunde herritar arrunt bezala tratatua izan zela, onartze berezirik gabe, alegia?. Elizak sarri iraintzat eta jazarpentzat hartzen baitu pribilegiozko tratu berezirik ez izatea, eta horren harian, eta izan genuen intoxikazio propaganda gogoratuz, nork jasan du bestearen presio larriagoa edo nork izan du bestearekiko errespetu gutxiago bi herri hauetan, Eliza Katolikoak ala Estatu Komunistak?.

Pivoaz zer?

Ikusi genituen Eki Alemaniako Heiligendammeko ospitale batetan ateburuko mailuka eta igitai gurutzatuak pinturaz ezabatuzko ahaleginak. Ez dugu ikusi holako aztarnarik hemen. Ezabatuak daude aurreko garai komunistaren ezaugarri fisikoak. Italian bada herrietako kale izendegian Marx, Gramzci edo antzerakoen oroimenik. Agian behin ere egon ez direlako, kendu egin dituztelako agian, baina gure bidaia honetako herrialdeotan ez da horrelakorik ikusten, Mendebalean ezagunak zaizkigun izenak behintzat. Haurrentzako eskola-liburua da nagusi liburu-dendatan, baita play-boy eta antzerako aldizkariak ere; erakustoki eta apalategietako liburu artean ez da ageri autore marxista klasikorik, agian guretzat ezezagunak ziren autore marxista gaurkoak zeudekeen,  egon bazeudekeen ere ikur edo ezaugarririk gabe.

Cz hizkiak daramatza ia Txekiako auto orok, Sk eslobakiarrak; noizbehinka, bai batean bai bestean, bi ikurrak ikusten zaizkio kotxeren bati, bi herrien elkartzea defendatuzko jokabide kontzienteak edo eranskailu zaharra kentzeko alperrak eraginda: hori litzake bi herrialdean bat zireneko kanpotarrak ikusten duen zehaztasun edo ezaugarri bakanetarikoren bat. Horrez gain, ilaran jartzeko ohiturak darrai dendetan jende asko dagoenean, baita kanpinetako filosofia ezberdinak ere. Asko dira asteburu-pasa kanpinetara datozenak, komunista garaiko opor kontrolatuetarako sortutako zurezko etxetxo zaindu, garbi eta gehienetan politetara; bertako inor guti dabil  karabana edo dendarekin.

Praga da nolabait aurreko sistema politikoa eta askatasuna deitu hura gogarazten duena: bada poliziaren basakeria,  aurreko politikagintzako agintarien gehiegikeria gogoratuzko beti lora berriak dituen oroigarririk, txu-txu treneko bozgorailuak ere gogarazten du unibertsitate aurretik pasatzean han egosi zela askatasunerako borroka, esaten dute liburuxka edo orriek ere Operan gorde zirela poliziak pertsegituak. Baina begiak zabalik dituenak ikusten ditu ez herri txikietan bai hiri handietan, Pragan batez ere, eskaleak kaleetan, eskaleak eliz atarietan, eta batez ere nolabait bi perro ateratzeko paper banatzen mozorrotutako gazteak, kinkilariak, purtzileriak salduzkoak, hiri industrializatuetako auzoetan langabetu petoak, txaboletan bizi diren etorkinak. Lapurrengandik kontuz ibiltzeko esaten dizute hainbat hiritan, gu geuk ere libratu ginen halako mehatxu batetik. Nabarmenak dira kalean kapitalismoak eta neoliberalismoak askatzen ez dituen  biktima berriak.

Non daude Inperioen, Kapitalismoaren, Neoliberalismoaren biktimei oroigarriak edo oroitzapenak?, gaurko intelektual eta unibertsitarioak hasi ote dira gaurko gehiegikeria, esplotazioa eta askatasunik ezaren aurrean, duela urte guti egin zuten iraultzaren kontrairaultza edo bigarren iraultza prestatzen?. Izan zen Errusian Tzar bat, herriaren egonezin eta matxinadari beldur, herria  vodkaz alkoholizatu zuena: gaurko pivoak bata bestearen ondoren asteburuetan irenstea egoera nolabait mozorrotu nahi izatea ote?.

Beste zenbait galdera

Tentagarria da lur zabal berdeen kontakizuna, bai Txekia bai Eslovakiatik etxeratzean. Atsegina litzake gogoratu eta aipatzea  muinoak, arratsalde beranduan itsaso berdean kotxez nabigatze bakartia, hirietako plazen deskribapena, etxe errenazentista edo barroko zoragarriak, eliza eta gazteluen ederra, herri koskortu guztien inguruko tximinia luzeak, hiri guztien hesi diren etxetzar ilun erraldoiak, ibai zabalak eta mendiarteko errekastoak, mendiarte bakanetan izeidiak  sortaraziko Euskal Herrian geundeneko sentipena, eta hainbat bidaietako ohizko kontakizunak. Baina begien ikuskizunak galderaz bete zigunez kazkezurra, erantzunik bilatu ez genien galderekin jarraitu eta bukatu nahi dut gaurko ekarpen hau.

* Bere hizkuntza propioa du Eslovakiak. Hizkuntzari buruz zer suposatu du, ezer suposatu badu, Txekiatik banatzeak?.

* Sakanan Maiatza zuhaitza  jartzeko ohitura bizi dugunok, begi harrituz  begiratzen genien, iaz Alemanian bezala, bai Txekian bai Eslovakian herri asko eta askotako Maiatza zuhaitzei. Zein lotura dute elkarrengandik hain urrun dauden herrien ohitura berdintsuek?.

* Txekia OTAN barruan onartu duten honetan, bi lurraldeetan beti presente zegoen Ejertzitoa gogoratzen dugu: errepideetan kotxe eta kamioiak, airean hegazkinak eta kaleetan soldaduak. Indarkeriak berdintzen ote ditu herriak?.

* Hainbat aldiz etorri zitzaizkigun nongoak ote ginen galdezka gure autoak ez zeramalako nazio ezaugarririk, ez herrialde hizkirik. Euskaldunonak Estaturik ez duten alderraien autoak ote?.

* Utzienak edo zaindu gabekoen itxura dute hainbat herri eta granjek. Bada Tepla alboan nekazarientzako eraikitako etxeteria duen herri zabala osatuzko inguru zabaletako belartzak eta sailak darabiltzan granja. Herri-kidetzak gestionatzen ditu granjok?.

* Zabalak dira gari-sailak, belartzak eta arto-sailak batez ere.  Norenak dira gaur egun?. Nork du noizbehinka ikusten diren behi aldren jabegoa?.

* Herri guztiek dute bere museoa. Turismoaren eztena beharko ote dute bere kultura eta ohiturei eusteko?.

* Terecingo kontzentrazio eremuan bada ateburu batetan naziek jarritako  inskripzio isekaria "Abreit macht frei" diona: "lanak askatuko zaitu" edo zerbait antzerako esan nahi du. Benetan herri askeak izanen dira txekiar eta eslovakiarrok ala esklabo bihurtuko ditu lanak mendebalean lez?.

* Bohemia, Moravia, Silesia: badira  gutxienez hiru herri hauek Txekian: ba ote herri pasoko txorioi jabetu ezinezkoak izan zaigun herri nortasun arazorik?.

Galdera nagusi batek astintzen zituen gure burmuinak etzerantz muga zeharkatu genuenean: Planifikatze edo Merkatu Ekonomia izango ez den bide berriak jorratu zituzten herriok izango ote gai herria askatze ahaleginean bide berri bat urratzeko, Pragako Udaberri  egiazko baterako eguzki berri bat argituz?.

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/12/01 08:55
Ibilikoak. 10. Kukua

K u k u a

EGIN: Igandegin: 1996an azaldua

Jo du kukuak Eki Alemanian ere

Jakin-mina, agian morboa, sortzen du Ekialdeko Alemaniak, Alemania biak elkartu zireneko 5 urtetara ere.

Turinjia basoa zeharkatuz  sartu gara Ekialdeko Alemanian: Mendebala bezala heze eta berdea da, dena gari belar erremolatxa artasoro edo koltza-lore horia; mugarik gabeko herri-soroak, oraindik esku pribatuetan zatitu eta banatu gabeak, gorta komunalak; nekazari  itxura gehiago du kilometroetan galapan doan gidariarentzat industri herriarena baino. Oso garbiak ikusten dira herriak, beste aldeko dotoretasunik ez badute ere. Bada alaiagorik, baina herri ilun herri apalak dira orokorrean, asfaltatu gabeko espaloi asko dago, zementuz hartzeke daude errepide ertzak,  baina ez dute  utzi abandonatutako itxurarik, ondo zaindutako bazterrena baizik. "Pobre duina"en itxura. Lauza, adokina, ikusten da maiz errepideetan ere, ez kaleetan bezala antzinatasun usaia emateko, galipotezko nahasketak baino merkeago delako baizik segur asko. Zentziloago bizi izaten ohitutako herria dela detaile asko agertzen da. Apalagoa dirudi bestaldekoarekin alderatuz, janzkeran ere, txukuntasunean, ordea berdinak.

Urrutiago edo bertarago, beti ozen, kuku kantua izan dugu kanpaldi guztian. Kukuak ez ditu denak dirua patrikan  dutela harrapatu hemen ere. Bada kukua patrika beroz entzun zutenik; nabaria da badela ekialdean ere kukuak onez joko dioela espero duenik.

Bizitzeko baliabiderik eza edo pobretasuna ere erlatiboa da, ez dago pobretasun absoluturik. Albokoarekin konparaketa da bakoitzaren pobretasun neurria. Pobre itxura ematen genuen gure lonazko dendarekin karabana besterik ez zegoen kanpin eremuetan. Baina pobreagoak ez ginelakoan nago. Maila ezberdineko aberastasuna da barne pobrezia.

Urrutira, hamalau intxaur

Politikoak haina iraun ohi du politikak herriaren bihotzean sustraitzen ez denean. Eki Alemanian ez dago ia aurreko sistema politikoaren aztarrenik. Batzuk oraindik diraute: Marx, Rosa Luxenburgo eta sozialismoarekin lotura duten kale izenak,  Marx eta Engelsen estatua erraldoia beraien izeneko plazan Berlinen,  aurreko sistemak jasotako eraikuntzak,  filosofia komunistaren azalpen diren eskulturak Leipzig bezalako hiri nagusietan, eraikuntza bera bota gabe ezabaezinak diren friso edo kariatideak, "Oktober" zuen ontzi txikitxo zaharkitu batek bere izen erromantikoa Sassnitz Baltikoko puertoan. Heiligendammeko osasun-etxean ikus daiteke pinturaz ezabatu nahi izan dituztela harrizko ateburutik zizelatutako mailu eta igitaiak.  Hor bukatu ziren aurreko sistemaren azaleko ezaugarriak. Aleman federalek ez dute ezer nahi aleman demokratekin. Bertan behera utzitako herritxoetako gorta komunalak eta hainbat lantegi lirateke ere lehengo sistema politikoaren memoria tristea, agian gaurkoaren salaketa isila.

Leipzigeko S. Nikolas elizan grada erdiko kandelatxo piztuek gogoratzen dute eliza hau erabili zela gobernu eta sistema komunistaren aurka, mendebaleko politiko eta komunikabide guztien itzalpe ozenean, mendebaleko bizitza erosoago baten egarriz gehiengo bat, askatasun egarriak bultzatuta besteak.

Tutu metalikoz eta sare plastikoz bilduta dagoen Berlingo Reichstagek salatzen du  zenbatek uste duen oraindik berea duela herria. Magdenburgo Atean norantz hartuz ote zegoen demokraziarantz zioten atea?, Ekira ala Mendebalera?. Inon aurkitu ez genuen erruso turista talde zabala aurkitu genuen Berlinen: nostalgiak dirau oraindik.

Mendebalean zegoela askatasuna uste zuten iheslari inuzente edo desesperatuen  gurutzeek  zirrara, gogoeta eta buruhaustea sorrarazten dute bere xinpletasun zurian.

Ezin dut onartu izenez Demokratikoa zeritzon aurreko Gobernua, baina Kapitalismoa eta sostengatzen duen Gobernu Sozialdemokrata Federalari okerragoa, bortitzagoa, harrapariagoa, xahutzaileagoa deritzot, sakonetik zapaltzaileagoa, gizakiaren oinarrizko  eskubide guztiak erroagotik suntsitzen dituelako askatasunez mozorrotu arren. Ondo-bizi gehiago bai sortzen ditu, baita pobre eta langabetu gehiago ere, legez itxuraldatutako indarkeria zakarrago, sakonago, bortitzago darabilelarik bere izaera eta iraupenaren ardatz bihurtuta.

Unleitun

Gerra baten ondorengo giro bertsua nabari da, gerra baten ondorengo aktibitatea, herri osoa berreraiki eta berritu nahia, eraikuntza lanetan oinarritzen den ihardura ekonomikoa eta lan eskaintza; gizonezko zein emakumeak lan egin nahi du gauza berriak erosteko, edozein preziotan egin ere bizimodu berri bat hasteko. Bizimodu berria bai, agian ez hobea. Berrikuntza eta berreraikitze lanak lirateke batez ere Eki Alemaniako ezaugarri nagusia gaur egun.

"Unleitun", "desbiderapena", bazter guztietako letreroetan dagoen iragarpena; hori litzake gaur Eki Alemanian gehien erabilitako hitza, ez baitago, berrikuntza lanak direla eta, aldatu ez den aurreko norabide letrerorik, behin behinerako bada ere. Berandu da politikagintza zaharreko aztarnak ikusi  nahi dituanarentzat, ia desagertu direlako; ez da garairik onena Eki Alemanian turismoa egiteko dena baitago hankagora. Dena da berrikuntza, dena dago jasota. Makinaria marruma eta hautsa besterik ez da Lezpzigeko bihotza, Dresdetik Gorlitzerako autobia zein Berlinetik Rostockerakoa dena dago berrikuntza lanetan, leku oro, berrogeitaka  kilometroetan; distantziak ere neurritik kanpokoak  diren Berlinen  Alenxander Platzetik Manderburg Ateraraino nahasian dabiltza hautsa eta artea gaur egun, dena baita berrikuntza eta obra, mailu mekanikoek astintzen dute gorraizea sortzeraino tiro hotsek famatua egin zuten Magdenburgo ingurua.

Zahartu egiten dira hiriak ere, Eki Alemaniakoak barne. Beharrezkoa da berrikuntza, beharrezkoak ote, baina, berrikuntzok orain eta horrela. Ez ote dira hemen ere lehendakari eta polizia-buruen leitzaranak, hainbat iturginen diru-iturriak, politikagintza eta hauteskunde kanpainak ordaintzeko bide oparoak. Gutxi batzuentzat aukera, ala denentzat:  erabakia nork egitean datza arazoaren kinka, ez baitira honek aukerok hauteskundeen bidez egiten, goragoko mailetan baizik, hauteskunde aurretikako erabakietan baizik, hauteskunde aurreko agintarien bulegoko bileretan hartzen den erabakia ohi da hori. Hemen ere Dresdera sarrerako bide-sare berria ez du gobernu federalak ordaintzen, bertako langileak baizik.

Obretan  borbor dago Leipzig, erdigunea batez ere, makinaria erraldoien baso triskatzaileak marruka erosketan edo paseatzen ari den kaletarren alboan.  Neurri guztietako garabiak dira gaur egun ezinbesteko irudiak hiriko paisaian, hutsune guztiak kristalez eta zementuz bete asmoz. Harrigarria da zenbat eta zein erraldoi eraiki den herrialde hau sistema politiko berria sartu ondorengo azken urte guti  hauetan.

Berritzen ari diren Leipzigeko geltokia da sistema politiko, agian sistema ekonomiko bakoitzak, bere aroa nola markatzen duen ezaugarri. 

Aurrerantzean izango dituzte herri eta hiri xarmantak; langabezia ere bai. Hamar bat urte geroago egonen dira guztiz ederrak hainbat hiri eta herri. Askeago?, ez dakit. Agian goizegi etorri gara Ekialdeko Alemaniara.

Urrezko arrautzak errun

Goslar antzinako herri zoragarrian  bada gremioen etxea izandakoan  ipurditik urrezko dirua ateratzen zaion zurean tailatutako  mutikoa, hiriak zuen oparotasunaren sinbolo. Tratante edo dirugileen garaia da gaurkoa Eki Alemanian. Ekialde osoa bihurtu zaie Goslar mendebaleko era guztietako dirua egiteko makinariei: mendebalean ezagunak ditugun firma denek eraiki dituzte bere eraikuntza, denda, saltoki, biltegi eta diru-iturri den edozein bide.

Zirrara eragiten dute bost urtetako milaka kotxeen salmentek, mendebaleko kotxerik ez zegoen herrian mendebaleko jite bera hartuz doaz errepide eta kaleak.  Autoak saldu dituzte lehenengo, errepideak egokitu ondoren oraindik auto gehiago saltzeko. Ikusi egiten da, begi-bistan baitago, salmenta-etxe ezberdinen lehia merkatuan indartsu kokatzeko. Nabaria da hiri nagusi guztietako kaledi eta inguruko zerbitzugune eta industrialdeetan.

Telefono mugikorraren antenak heldu dira Alemania ertzean Poloniako mugaraino.

Leipzigkoari ezin zaio alde zaharra deitu, erdiguneak  mendebaleko hirien itxura hartu baitu edo hartzen baitoa, aurpegia garbituta, etxe eder guztiek brist,  merkatal izen famatuen kokagune. Berlingo orma bota ondoren, mairu harrapariek jaso dituzte bere kabi erraldoiak erdigunea etxe-orratzez inguratuz,  txantxangorri gizajoek kuku diganteen arrautzak ernaldu ditzaten. 

Begiratu batetan badirudi  turismoa aukeratu dutela herri askok etorkizuneko baliabide ekonomiko bezala. Nor baliatuko ote noren onerako.  Berriren berri sortzen ari dira herriak edo herrietako auzo berriak; ezin uka etxe baxu politak direla, baina errotik aldatuko dute herri horien nortasuna eta giroa.

Badugu hemengo obretan mendebalean baino makinaria zaharkituagoa darabilten susmoa, baita saltoki batzuetan mendebaldean modaz kanpo dauden salgaiak erakusten dituztela ere,  Ekialdeko merkatua mendebaleko stokak husteko une aproposa bilakatu ote zaien susmoa, hain zuzen.

Badirudi Mendebalera mugatu nahi dutela industria estrategikoa.

Mendebaleko kotxe, jantzi eta janzkerak edukitzeko ametsa gauzatzen ari dela dirudi. Biziera bera ere. Zeintzuk izanen ote hurrengo ametsak. Agian amets garaiak bukatu zaizkiela konturatuko dira, betiko ezinera bueltatuz.

Pasoan azaleko begiradaren burutapenak besterik ez dira hauek: zer ote gure begientzat eta gure informazio iturrientzat ikusezin eta oharezina den norgehiagoka bortitza, jokatzen ari delako aurreko eta amestu duten bizimoldeen talka. Sakonean eta ez hain epe luzera Europaren eta munduko zati handi baten jabegoa, lidergoa eta nagusigoa erabakitzen ari baita lehia ekonomiko honetan.

Kontrasteak

Duela guti debekatua zegoen Ekialdera sarrera,  mugatuak zituen bere pausoak zihoanak, mendebaleko oztopoak ziren batzuetan, bertakoenak bestetan. Gaur ostera han gabiltza milaka turista eta ez zaigu  ezer gertatzen ez hangoei ez guri ere. Zerbait ezkutatu nahi du mugak jartzen dituenak. Zerbaiten beldur da, zerbait galdu beldur. Zapalkuntzaren ezaugarria da beti muga. Jauntxokeriarena. Inposaketarena. Beldurrarena.

Leipzig inguruko industrialdean bertan jas-berriak diren lantegi, bulego, etxe-orratz eta pabiloi berrien alboan ugertuta dager aurreko lantegi eraikuntzak; fantasmak dirudite bertan behera utzitako lantegiek; tristura darie zaharkitutako granja komunalei han-hemenka. Hitsak benetan Bradenburgoko hondatuak, hertziak, ustuak diruditen adreiluzko lantegi erraldoi ederrak. Huts egin dute ala huts egiten utzi zaie berriak jaso ahal izateko, ezaguna baita kapitalismoaren despilfarro beldurgarria, bakarren eta bakanen produktibitatea baliarazteko.

Dena berritzen ari den herrietan bada betiko eskale eta behartzurik: Leipzigen kale-azpiko pasagune batetan bere ortuko letxuga eta beste ortuari bakar triste batzuk saltzen zegoena, eskaleak, souvenir bezala errublo saltzaileak, ...

Bada aurreko sistema garaian eraikitako eraikuntzak ederrik gaur egun pribatuek birziklatuak: diru publikoa pribatuen irabazietarako.

Gobernu Demokratikoaren garaiko etxe karratu, nortasunik eta edertasunik gabeko hitsak agertzen dira, baina, Rostockekoak lekuko, berriak ere ez dira ederragoak, langile soilarentzako etxeak beti baitira, austeritatearen izenean, tristeak.

Asko edo guti, gazte gehienek egiten dute ingelesez Mendebalean; alde honetan, Ekialdean,aldiz, ia inork ez daki ingelesez; errusieraz eginen dute agian.

Leipzig, Weimar, Dresde, Meissen, Gorlitz, Rostock... nola ez Berlin, pobre planta eta guzti, kultura hiri giroa dute hiri eta herriek. Lutero, Bach  Wagner, Goete, eta hainbat artista zein zientzialari, hemengoak ziren edo bertan ibiliak gutxienez: gorde dute bere arrastoa hainbat kultur ekitaldietan, bospasei urtetan inprobisatzen ez den  giro kulturala. Eki Alemaniak eutsi egin dio bere herri kultuaren tradizioari.

Hain jainkoaren etsai izan zen politikak berreraiki eta zaindu egin ditu elizak. Herri eta hirietan ia ondoen eta gordeen ageri diren eraikuntzak dira.

Poliziek, berriz, gureetako jite bera dute hemen ere: kale soila da Poloniarekin muga,  Polonia baita Gorlizko kalearen bestaldea, kalean bertan dago langa: bestaldeko argazkirik ezin nuela atera esan zidan zerbait zelakoaren azaldu beharrez-edo  poliziak, muga pasa eta bestaldean nahi haina ateratzerik banuen ere.

Kotxe berri asko dago, ugaldu da gidari kopurua, baina gidatze kulturarik ez dagoela iruditzen zaigu.  Hemen ez dago beste aldeko zain egote, elkarrekiko errespetu, bide emate, tartea gordetzerik. Gidari berri urduri asko dago, abiaduraren morroi, bakoitza une bakoitzean inprobisatuz bere maniobra. Presati eta ipurterre dabil gidaria askotan, bere bizitzako lehen kotxeaz kezkati, urduri eta erakutsi beharrez dabiltzala dirudite askotan. Umeak jostailu berriarekin, urduri, abilitateak erakutsi nahiez bezala. Urte batzuen ondoren, esperientziaz ikasiko dute hemengoek ere galtzadarrietan, harri ezberdineko zoru honetan, zelakoak diren bizkor gidatzearen ondorioak, trikitrakeak zenbat suspentsio eta torloju hondatzen duen. Kale-zorua aldatuko dute segur aski mantsoago gidatu arazi ordez.

Badira nabarmentzen diren lehen irudiak: koloretasunik gabeko herritxo arreak, argamasaz itxuratu eta babestu eta pintatu ere gabeko ormak, komunakoak diren edo ziren lursail zabalagoak, nekazari pobre itxurako etxe fatxadak, iraganak marruskatuak eta berritu gabeak.

Berlingo Alexander Paltzen bazen talde zabal bat errebindikapenak azaltzen, gaua ere bertan egiten zutenak; Postdanem pintadek dotoretu dute berritu berria den sarrera edo norbaiti omenezko arkua; badira Berlinen pintadak, zer dioten ez badakigu ere.

Oraindik ikusi ahal da Eki Alemanian Mendebalekoan ez dagoen kaleko errebindikapen giro bat, gutxienezkoa, askorik ez bada ere. Bradenburgon Che gevararen irudia pintatu du ormetan idealista nostalgikoren batek.

Haizezko argindar zentraltxoak, eolikoak, ikusten dira batez ere, han hemenka; ia hiri barruan daude Dresden  eta Rostocken. Baina agiri dira ere da ke den zentral termiko erraldoirik. Euskal Herriko fontaneroren batek sortu duen fabrikak badu hemen eroslerik.

Eguzkiaren kulturak, agian neguko  hotsaren eraginez, hirien jasanezinak agian, hedatua dago herritik kanpo ateratzea: erruz doa jendea asteburuetan itsasertzera, hirietatik urruti behintzat, gainezka daude hemen ere itsasertzak.

Emakume asko dabil lan publikoetan, baita bidegin eta bidezain lanetan ere. Leku gehiago dute nonbait emakumeek lan publikoetan sozialista deitutako kulturan.

Gureetan erre egiten ditugun bezala, ketu egiten dute arraina Baltiko inguruetako herrietako txosnetan.

Taberna eta antzekoak askoz gutxiago dira Mendebalean baino.

Emakume nagusi asko ikusten da kotxe gidari.

Horma antza hartuz, gorantz egiten duen inpresioa egiten du itsasoak Rostocken, olatuak gainera baletorkiguz bezala, laburragoa ikusten da itsasoaren ortzi mugarainokoa, ia gainean edo bertan ikusten dituzu itsasontziak. Agian hemisferioa hurrago egonik lurra ere borobilagoa delako hemen?. Gurean baino gorago ikusten dugu itsasoa, itsasontziak garaiago, itsas azken lerroa gertuago; motxagoa da itsasoa hemen, zabalean berdina ikusten bada ere, luzean ortzirantz ez, aurreko itsasertz  marra bertanago, inklinatuago bezala,  lurra hemen borobilago edo txikiago bailitz. Bizipen hori izan dugu.

Bizitzari buruzko filosofia eta politikari buruzko iritzi sakona behar da hemen  Mendebaleko Alemaniaren kontrasteari aurre egiteko. Agian desilusio zorrotza. Nik uste ziri ederra sartu diola mendebalak ekiari, mendebaleko merkatu ekonomiaren onerako eta hango askoren patrikak gizentzeko aukera dela.

Aldaketak nabariak dira. Herri xeheak zer dion ezin jakin, turistaren harremanak azalekoak direlako; hutsalagoak bertakoen hizkuntza ez dakigunontzat.

Esandakook zenbateraino egia diren ez dakit. Guk hala ikusi dugu eta ikusi bezala kontatu ere. 

Jon Etxabe 2017/11/24 09:14
Ibilikoak. 9.- MUSEOA EZ EZIK, HERRI BIZIA

MUSEOA EZ EZIK, HERRI BIZIA

EGIN: Igandegin: 1955/10/ 08

Italia mito eta amets. Gaurko eta antzinako Italiak merezi du bertara joatea. Gaurkoa bere gaurkotasunean ezagutzeko, antzinakoa ondare eta hondakinen ikuspenetik imajinatzeko. Ikasketa eta jolasa. "Nola etorri daiteke Italiara Espainiako eguzkitik" norbaitek badio ere, "Bravo Italia" sarriago entzungo diozu italiarrari. Harro daude bere herriaz.

Aditua bazara hobe, baina Italian ez duzu zergatik arteari buruz jakitun izan behar, nahikoa duzu ingurua begiratzeko patxada. Erroma ez ezik Italia osoa da museo. Edozein elizak edozein plazak, edozein herritxok gordetzen du altxorren bat. Badirudi historian zehar arteari buruzko lehian bizi izan direla Italiako herriak.

Turisten tropelean

Zoragarriak dira ibilbide turistikoen eskaintzak: Erroma, Ravena, Venezia, Firenze, Orvieto, Lucca, Bologna, Siena, Perugia, Milano, Urbino, Verona, Aosta Bailara, S.Gimignano, Spoleto, Como-Garda lakuak, Pisa, Dolomitak ... Edozein gidaliburuk luze eta zehatz azaltzen dituzte altxor zoragarrien  gordelekuok.

Milaka autobusen helburu eta milioika turisten topagune, edozein urtaro dela, turista tropelean galtzea nahitaezkoa du artelanok ikusi nahi dituenak. Tropeleko anonimoa izan nahi ezta ere, tropelak harrapatu eta anonimo bihurtuko zaizu. Anonimo, baina erne: horretan datza tropeleko turistaren zientzia, izan ere izugarria baita Italiako turismo gunetako uholdea.

Bestelako gidaliburuen eskutik

Badu zer aukeratu ederrik tropeletik at ibiltzea hautatzen duenak, turista irizten ez den zokorik ia ez badago ere. Badirudi Italiako herriek turismoaren eskutik bideratu nahi duela ekonomia krisiaren irtenbidea. Bada baina oraindik  turistek uholdean jo ez duten bazterrik, batez ere autobiak utziz  2. mailako errepideetatik abiatzen denarentzat. Nahiko onak dira errepideak, herrietako seinalizazio  xelebreak dira askotan arazo: beharrezkoa bilakatzen da noizbehinka ernegatu behar dela filosofia.

Norbere oin-hotsa besterik entzuten ez den Toriano edo Zuccarello bezalako Erdi Aroko herriak, Narnitik Orvietorainoko behatoki paregabea herri bitxiak zeharkatuz Apeninoen magalean, Asis turistikoa utziz Poggio Bustone edo Monte Lucca S.Frantzizkoren paraje liluragarriak, Montagnanako herritasun patxadatsua igande ilunabarrean, bere zahartasunean amona polit horietakoa dirudien VII. gizaldiko Tempietao Longovardo elizatxo txikia bezain zoragarria Cividale, Friulin; herriko kale guztien ardatz eta sorburu den ehun metrotik gora diametroko plaza borobila Palmanovan; Udineko plaza Veneziakoaren aitzindaria; errealitateak zoragarriagoak egiten dituen Giroko Dolomitak; Redena edo S.Vigilio elizen kanpotikako fresko didaktiko xarmantak; Paviako adrilozko kupula Italiakoetan handiena; dena mahasti den Piemonteko Monferrato lurraldea edo dena olibondo diren Lucca inguruko mendiak; Acqui Termin 75 gradutako iturria, jendez eta bizitzaz borbor eraikuntzen zaharkitu itxuragatik ez balitz genoatarren aro loriotsuenetan zeundekeen Genova Zaharra; Lucca inguruko Colladi bezalako lorategi eta palazioak; taberna eta atarietako hizketaldi zalapartatsuak, … eta abarren abarrak.

Mila zoko, bazter, artelan, eta bitxikeria ditu bere kontu turista uholdetik ihesi ibili nahi duenak.

Propaganda guztien gainetik

Borroka historia da Italiaren historia, nabaria da gerra giroa Italian herrien egitura fisikoan. Agian borroken altzoan sortuak dira munduko herri gehienak, baina Italiak gorde egin du estruktura militarra herrietan. Alto Adige eta Aosta Bailarako ia herri denek gaztelua edo gotorlekua dute alboan, hiribilduak dira Liguria probintzian itsasbazterreko Borgheto Santo Spiritu nahiz lur-barruko Pieve di Teco bezalako herriak; Toscanako herri denak, berriz, S.Quirico edo Monterigioni be

zain txikiak nahiz Montepulcciano edo Lucignano bezain haziak, mendi tontorrean eraikitako gotorlekuak dira, lur-lauan herririk ez dagoelarik.   Bolzanoko kanpin alboko mendi-zuloan tatarrataka eta danbarradaka ibili zitzaizkigun bere armekin militarrak egunoro eguerdiraino, kanoiak hoztu edo kargatzeko tarte laburrak salbu, pertsonak nola hobeto-azkarrago-errazago hil ikasten.

S.Martino del Carsoko S.Michel mendian harro erakusten dute munduko lehen gerratean austriar-ungariarrei irabazitako konkista-ezinak ziruditen mendi-azpiko tunel eta defentsa sarea. Isildu egiten dute ordea ahalegin horretan 111, ehun eta hamaika, mila italiarrek galdu zutela bizitza.

Gutxienez zenbatu genuen 4 polizia uniforme ezberdin S.Marino liliput estatuan.   

Gerraren oihartzuna da bakea. Edo alderantziz. Italian ere.

Agentzia guztien azpitik

Munduko 5. estatu  industrializatuena omen den Italian, hiri inguru eta portuetan industria-gune zabalak ikusten baditu ere, nekazaritzak harrapatzen du bete-betean turista: Alpe edo Apenino mendietako izei, haritz, gaztainondo, arte, haltz, eta hainbat zuhaitz motez osaturiko baso amaiera-gabekoak, Po eta Adige inguruko ehunka kilometrotako lautada. Italia berdea, nekazarien Italia, agian nekazaritza industrializatua, da batez ere turistak liluratuta ikusten duena, baina ekilore sail zabalak eta Portogruaro inguruko makaldiek, baita hainbat etxe hutsek ere, erakusten dute berdegune eder horren azpian lurrak baduela laztasunik.

Ventimiglian sartu orduko,  bai itsasoaren kontra bai Torino aldera, orografiak hala eskatu dien bakoitzean, ingurugiroaren armonia deseginez, koplarik gabe zulatu dituzte ere mendiak  eta luze bezain garai diren biaduktoz lotu mendizuloak, baina  Udine-Akileia edo Pisa-Lucca tarteko lurraldeetan besabete gerriko platano edo ezkiek osaturiko etorbideetan gidatu ahal da oraindik badela modernitate-praktikotasun-abiadura azkar-ekonomiaren izenean zuhaitzok botatzerik otu  zaion alkate edo diputaturik aipatuz zure buruari.

Italia Estatu modernoko herrien barrena abiatzen den turistak  bizitzaren hainbat eguneroko txikikeriekin egingo du tope: ostegun arratsalde-gauez bikote gazteak oraindik ateratzen dira pizza jan edo paseatzera, Padovan Postetxeko gutunentzako seiluek ez dute kolarik, tabernara sartu behar da komunera joateko, pizza edo pasta turistak ez ezik herri osoak erruz jaten du,  irrati-telebista-egunkari propiorik ez duenak jai du bere errebindikazio iritzi kaleratzeko "divieto de afissione" orma guztietan baitago, ...

D.Camilo eta Pepone

Nola ahaztu apaiza eta monagiloa euripean inolako aterki edo tapagailurik gabe aspaldi bateko parafernaliaz Elizakoak eramaten La Specia hiriburuko kaleetan, santuaren hezurren inguruan bi ilaratan bildutako Guardeako herritarrak, apaiz-fraide-mojen feria zirudien Orvietoko Corpus prozesio famatuaren eguna, sonbreirua buruan eta bastoia eskuan tabernatik atera zen jubilatua egon behar zuen apaiz kuriosoa, merkatu-plaza zirudien Padovako Antonio edo Asisiko Frantziskoren basilikak, arratsaldeko arrosarioak elizetan... oraindik dirau D.Camilok Italian.

Pepon  ere hor datza: igitai-mailu eta guztiko banderak herritxoetako mastetan, Engelsen manifestua amu eta apaingarri zuen erakusleihoa Padovan, S.Pier de Izanso herritxoan bezala Gramchiren izena hainbat eta hainbat herriko kaleetan, tirania itxuraldatuek teknika gaurkotuez gaurko Savonarolak nola erretzen dituzten firenze ezberdinetan salatuz Savonarola erraldoia Ferraran "Gerra contra el tirani y pace ali populi" inskripzioa oinpean duela, debeku guztien aurka "Ogni dona violentata, riposta organizata", "W.Zapata" bezalako pintadak Bresciako plaza ederrean, Udineko kale-kantoi jendetsuan "Avanti populo" bere errepertorioan zuen kale musikaria, Italia ezkertiarra dela sutsu defendatuz Carrarako marmolista, ...

Herrimin

Italiak badu Garibaldi askatzailearen mitoa, herri gehienetan estatua eta kale izenetan gogoratua.

"Io croata" esanaz irribarre konplizez zerbitzatu zigun Gradoko zerbitzariak "espagnoli" galderari "baschi"erantzun genionean, "baschi" igarri zigun neskak Euskal Herria mapan kokatu genionean; saiatzen ginen euskaldunak ginela azaltzen baina gure desesperaziorako "espagnoli" esanaz bukatzen zuten ia gehienek.

Friuli independentista zale zela irakurri arren nonbaiten, ez genuen sentipen horren arrastorik sumatu, ezta Adige Garaian ere, nahiz politikaz Italia,  hizkuntzaz Alemania, historiaz Austria, kulturaz Tirtol bada ere. Frantziak turismoaren bidez kolonizatu duen  Aosta Bailara elebidunean ostera "Maitreux chez nous"-"Val d´Aosta libre"-"Reveilez vous valdostais" eta antzerako pintada erraldoiak irakurri genituen.

Eslovenia eta itsaso arteko Trieste lur mihi estua kokagune estrategikoa izateagatik da Italia  Eslovenia izan ordez. San Marinok ostera aberastasun eta lur urritasuna ez dela oztopo independente izateko frogatzen du.

Loiolako Inazio Gorizian eta Xabierko Frantzisko Trenton aurkitu genituen bakoitza bere elizako ateburuan plazara begira Euskal Herritik hurrago sentiaraziz. Herrimin Italiako beste puntan Sasarikoak ginelakoan hurreratu  zitzaigun emigrantea ere, SS matrikula Donostiakoa ez ezik Sardegnako Sasarikoa ere baita.

Urtean 7 kilo helatu jaten omen du bataz beste  italiar bakoitzak. Eguzkia beherantz, arratsalde beranduko patxadan, edozein herriko kale pasealeku paregabea bihurtzen da helatu batez gozatzeko, menpekotasuna sortzeraino.

Edozein kaletan jubilatu bikotea ikusten baduzue helatu bat mihizkatzen agian geu gara monoari ezin eutsiz. Helatua jaten ikasteagatik bakarrik merezi du Italiara joatea.

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.