Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Kontakizunak

Kontakizunak

Jon Etxabe 2018/01/26 10:30
Auzoa. 4.- HERIOTZA AUZOAN

HERIOTZA  AUZOAN

 

 

I

OHEAN nago. Gaixo. Gorputzez ez ondo, erretiratu egin nintzen. Osagilea ekarri zidaten. Sarriagoak bilakatu ziren bere bisitek, botiken ugaltzeek, eta etxekoen arreta bereziek iragarri zidaten zerbait okertzen ari zela nire osasunari zegokionez.  Orain badakit banoala, betirako, izaki bizi oro betirako joan ohi den bezala. Nire hondakinek jarraituko dute kosmosaren auskalo ze funtzio betez, baina ez izaki kontziente bezala. Ez nau izutzen heriotza-ostea irudimenaren galbahean irazteak.  Alderantziz, heriotzarekin jolas egitea otu zait. Beraz, gaixoaldiko inguruabarrak  eta azken arnasa ondorengo zertzeladak oroimen zein burutapenez irudikatuz emanen ditut hurrengo orduak, azken orduak, nire adimena erabat lausotzen den arte.

 

 

BIDAIA bat da bizitza. Helmuga saihestezina  duen bidaia. Denok dakigu, hori esaten dugu, hil eginen garela, baina bizi, hilko garen kontzientziarik gabe bizi gara. Agian heriotzaren noiza ez dakigulako. Gizakiak ez baitaki noiz hilko den, hilko dela soilik. Jakin ere ez dugu jakingo noiz hori izan denik ere. Hilda nagoenean ez baitut izanen hilda nagoela kontzientziarik. Bizitzaren etenunea istant bat besterik ez da, bizitza piztearena bezala. Istant bat lipar neurtezina denez, beraz denbora ere ez denez, denboratik at dauden bi une neurtezinen arteko denbora neurtua da bizitza.  Paradoxa bat. Giza parametroetatik at gelditzen dena.

Ezagutu nuen titulu ohoretsu baten jabe zen konde baten diruzaina. Ez omen ugazaba akatsgaberik morroi batentzat. Nire konde-diruzain lagunak kontatu zidan bere ugazabak izua ziola katabutean lurperatu ondoren esnatzeari. Titulua eta jabetzaren zati handiena eraman behar zuen oinordekoari betebehar hau jarri zion testamentuan: familiaren aurrean, osagileak hiltzat eman eta gero, orratz bar sartuko zion bularrean bihotzeraino, hilda zegoela bermatzeko. Eta hala egin zuen: gozoki ukaezina izaki herentzia.

 

 

BIZITZA ez ezik, naturaren beste broma inkontziente bat da heriotza bera ere. Gizakia soilik da kontziente broma horretaz. Bizi garelako gara heriotzaren beldur, hil nahi ez izatea da izutzen duena. Heriotza hain ziur eta hurbil, galdua dut nik heriotzarekiko beldurra. Beste ikuspegi batera aldatua zait hilbeharraren  kontzientzia. Hala iruditzen zait behintzat. Hil beharrak eragiten dio bizidunari, amets zapuztu bat baita bizitza. Baina heriotza ez da frakaso bat, bizitza ez dugulako guk asmatu, ez aukeratu. Halabeharrezkoa zaigu bizitza; ondorioz, heriotza. Inola ere heriotza ez da norberaren porrota, berez datorrelako. Duin bukatzean dago gakoa.  

Eusebio datorkit gogora. GAROA Domingo Agirreren eleberriko pertsonaia zirudien, garaia, meharra, txapela buruan, zentzuduna eta patxadako gizona. Goralarriz esnatu zen gauean. Galdara bat bete likido, ura zioten etxekoek, goitikatu omen zuen.  Sumatu zuen familiak zerbait ez zebilela ondo. Apaizari deitu zioten.  Mendizko ordu betera apaizetxea, arnasestuka heldu zen apaiza mendian gora baserrira beste ordubete geroago. Deitua zioten medikuari ere, inguruko herriburura, mendiaren bestaldetik egin behar zuen bidea honek, motorrez lehenengo eta oinez gero. Apaizak bere lanak egin ahal izan zituen. Penaz eta etsitua, “Lastima, esan balidate ur-goitikarena,  sueroa ekarriko nuen eta salbatuko egingo  zen, deshidratazioz hil da” zioen osagileak. Harriturik utzi zituen Eusebiok ingurukoak: haren patxada, lasaitasuna, heriotzari begira. Agian deshidratazioak zemaion geldotasuna besterik ez zen, baina bizitzari buruz zuen filosofia, eta kristautasunak zemaion patxada zegoen jarrera lasai haren sakonean.

 

 

NIRE barnean bilduta zeharkatu nahiko nuke noiz jabetuko ez naizen marra hori. Neurekiko duintasunez. Isiltasunean. Heriotza aurreko azken arnasa aurretik gorputzak sortzen omen du halako lasaigarriren bat, trantze hori erraztu edo bigunduz. Hala dut irakurrita. Zientziak esan beharko du, zeren hildakoak ezingo baitu argitu gaia. Agian indarren ahitze bat besterik ez da delako baretasuna. Halako zerbait izanen da gertatzen zaidana. Argi bare bat nabari dut zentzumenean, sumintasunik gabeko lasaitasun egoera batek biltzen nau. Ez dut inolako asaldurarik. Eta ni hil aurreko baretasun aukera hau baliatu nahirik nabil, nire azken pentsakizunetan kiribiltzeko nire garun jada erabat geldoak. Egoera honi atxikiz, nire heriotzaren kronika eginez eman nahi ditut azken une kontzienteak.

Mutil-koskor bat nintzela izan nuen  lehen esperientzia heriotzaz. Anaia txikiena hil zenean.  Lau urte zituen, meningitis gaitzak -burutik beherakoa deitzen zion herriak- jo zuen: goizean ohean zegoen oraindik jaiki gabe, gorputza erabat bihurritu zitzaion, beso eta zangoak  batez ere,  zentzumenik ere ez zuen. Ez zegoela zereginik esan zuen medikuak. Gogoan dut  gurasoen nahigabea, giroaren laztasuna eta umeon ulertezina.

 

 

SENTIMENDUEN katalogoa da oroitzapena, eta oroitzapenen katalogo hori aztertuz bizi ditut nire azken orduok. Patuak edo halabeharrak eraginda, nahiz ustez erabaki kontzientez, egiazko iparra non dagoen antzik ere eman gabe bizi omen da gizaki asko. Hiltzen ere, esango nuke. Niri bisitan datozkit barne ez dakit zein zirrikituetan zehar patu, halabehar edo  erabakiz gauzatutako bizitzako oroitzapenak. Trumilka, baina gozo. Sekretuak batzuk, aspaldi bururatu gabekoak ere asko. Zurbiltasun ukiezina inora begiratzen ez duten begiena omen hildakoena. Erabat lausoak ditut aurpegiko begiok, baina argi datozkidan oroitzapen, irudi eta oroitzapenetatik eman nahi ditut nire azken garun taupadak.

Aitaren heriotza izan zen heriotzarekiko bigarren esperientzia zuzena. Gazte nintzela. Heriotza supitu eta ustekabea izan zen aitarena. Aitak istripu bat izan zuela abisua etorri zitzaidan, auto batetan zekartela. Auto txiki batetan zekarten ekarri. Atzeko jarlekuan zegoen, albo batean bermatuta. Konorterik ez zuen. Klinikara zeramaten. Klinikara joan nintzen atzetik neu ere. Ohatila batean  etzanda zeukaten, osagilea alboan. Begiak itxita zegoen, lo bailego. Hiltzear zegoela esan zidan medikuak, ez zegoela zer eginik. Ezintasun sentipen izugarria dut gogoan. Lasterrera keinu bat egin zidan medikuak hil zela adieraziz.  Ezin nuen sinetsi. Itxuraz ezer ez zen aldatu, baina funtsezko aldaketa gertatua zen. Hila zegoen.

Jada heldua, ama,  anaia eta arrebaren heriotzak ere ber-bertatik jarraitu nituen. Gastatuz joan ziren hirurak, lasai ama eta arreba, agonia bortitzaren ondoren anaia. Joan zirenik ere gabe joan ziren.

Ez dut beste heriotzarik ezagutu.

 

 

II

 

AUZOAK badu  bere kanpai-hots kodigo propioa, esanahi edo mezu zehatzekin. Egun hauetako batean elizako kanpaiak entzun nituen. Berehala ezagutu nituen kanpai hotsok, norbait gaixo larri zegoela iragartzen zuten eta elizakoak zeramazkiotela. Gorputza motel, baina belarriak oraindik zoli, garunek ere oraindik langai, berehala antz eman nion kanpai-hotsok niregatik zirela. Herriko apaiza zetorkidan elizakoekin. Herritarrek, jakitun jada nire gaixotasunaz, “badoa” esanen zioten elkarri, batzuk oraindik galdez hasiko ziren  norengatik ote kanpai-hotsok. Irudikatu nuen eszena:  aurretik monagiloa, txilina joz, norbaiti Gure Jauna zeramakiola iragarriz; atzetik apaiza estola zabal azpian babestuta kopoia eskuan zeramala. Jendea belaunikatu egiten zen zola gainean apaiza aurrean tokatzen zitzaionean. Eguraldi euritsua, norbaitek madarikatuko zuen parean tokatu zitzaion putzua praka barrenak melatu zaizkiolako. Barretxoa ere egin nuen. “pasaportearekin zatozak” otu zitzaidan kanpaiok entzutean. 

Gau-mahaia bihurtu zen aldare. Apaizarekin bakarrik utzi ninduten konfesatu nendin. Egia osoa esatera behatuta nengoen, betirako infernura  kondenatua izan nahi ez banuen. Sekreturik  gordeena ere agertu beharraren lotsa, edo aitortu ezagatik infernu tormentuaren aurrerapen garratza. Irin-txatal borobil zuria, Kristoren gorputza alegia, ema zidan, bertan etorri beharko zen odola ere, zeren ez baitzidan ardo zurrutik eman berak mezetan bezala Kristoren odola omen dela eta. Lastima, nire azken ardo tragoa izan ahal baizen.

 

 

OLIATZE-AGONIA kanpaia heldu zitzaidan egun gutxira.  Apaiza berriro. Begiak, belarriak, ezpainak, eskuak, oinak, … olioz igurtzi zizkidan, guzti horiekin egindako hobenen barkazioa lortzeko. Zakila ez zidan igurtzi, agian hori izanen zen arren premiazkoena, ohiko moralean behintzat. “Azkenetan hago,” esan nion nik neure buruari.

Zer makabroagoa elizakoez gain, oliatzea baino, gorputz osoa olio santuz igurtziz, bekatari dela   gogaraziz eta bestalde ilun ezezagun horretan epaile zorrotz bat duela iragarriz, zigor mehatxuekin. Heriotza ez da jolaserako lurraldea. Elizak badaki hori. Eta heriotza, bestalde horretako zigor eta sariekin konbinatuz,  erabili du eta darabil  eliztar artaldea ezarri zidorretatik sakabanatu ez dakion. Damoklesen ezpata bailitz. Gaixo soila uste duenarentzat apaiza izanen da elizako eta inguratzen duen parafernaliarekin bele beltza baino heriotza mezulari akigarriagoa, hilaurreko tortura, heriotzaren presentzia hurbilaren pregonaria. Eliz-kanpaiak eurak ere herri osoari tairik gabeko herioren presentzia iragarriz. Krudela da eliza hilaurreko parafernaliarekin.  

 

 

ENTZUMENAK hor darrait. Gelan biltzen direnek usteko dute nonbait galdua dudala zentzua. Agian ohitu ere egin dira nire egoeraz luze baitoa ene azkenaldi hau. Hitz asko egiten dute, batez ere norbait bisitan datorrenean.  Ahots baxuan egiten dute, entzuten ez dudan ustean, baina agian entzungo dudan kezkaz. Niri buruz sarri; horrela medikuaren partea jakiten dut, ze tratamendu mota agindu duen. Tarteka norbaitek esaten du nire egoeraz ez mintzatzeko, agian entzun ahal dudala eta. Tarteka ere etxekoren batek xuxurlatzen dizkit belarrira hitz goxoak, baldin entzuten badut ere. Bestelako kontuekin ere aritzen dira, jada ez zaizkit interesatzen, baina herrian eta munduan gertatzen ari denaren jakitun joango naiz bestalde horretara.

Entzumenaren harira, Nikolasena dut gogoan. Agonia luzea izan zuen. Oso lasaia. Baina bukatzen ez zena. Begiak itxita, hainbat egun egin zituen inolako mugimendurik gabe. Arnasa zen bizi zenaren ezaugarri soila, tarteka jartzen zioten ispilua aho aurrean, lurruna zen bizi zela bermea. Apaiza etorri ohi zen arratsaldero, arrosarioa errezatzen zuten, familia osoa ohe bueltan bilduta. Arrosarioak badu bukaeran, esku bilduarekin bularra joz barkamena eskatuz hiru aldiz errepikatzen den esaldi labur bat. Eta hara non egun batez zirkinik gabe zirauen Nikolasek ia sumaezineko mugimendu batez eragiten dion bular gainean gurutzatuta zituen besoetatik bihotz gainean zeukan eskuari.

 

 

FAMILIA ahalegintzen  da azken unea arinagoa egiten. Eztarriko karkasa askatu eta botatzea zitekeen lasaitasun nagusia, niretzat eta familiarentzat, eztarriko kirri-karra izugarria latza baita ez belarrientzat soilik, ingurukoen sentikortasunarentzat ere. Bada jan egin behar dela eta jaten ematen saiatzen denik ere. Ezpainak bustitzen omen dizkidate, ezpainik ia sentitu ere egiten ez baditut ere. Ez al dute nire lagun baten etxekoek bezala xanpaina botilarik irekiko ezpainen bustigarri bezala; badakit ez litzakeela ospakizuna, sentiberatasuna baizik. Ezin edan ahal bizitzan, ahal eta ezin heriotzan, bi ahal eta bi ezin, biak ezberdinak, kontrajarriak, bizitzaren sinbolo argia. Bizitzaren miseria.

 

 

“HARREMANAK” hitza zen hitz sakratuetako bat nire jaiotetxean. “Horiekin harremanak ditugu”.  Kidetasun berezi bat adierazten zuen, zenbait obligazio zekarrena. “Harremanak” zeuzkan senide eta gainerakoen zerrenda idatzia zuen familiak urteen joanean osatua. Etxeko dokumentu garrantzitsuekin batera gordetzen zen, kontu handiz, testamentu, eskritura eta antzerakoekin. Harremanen zerrenda. Harreman familia horietako bat hiltzean aditzera eman behar zitzaien zerrendako besteei: hiletetara etorri eta meza-dirua emateko obligazioa zuten. Hileta-bazkaria eman behar zitzaien. Sarri urrutiko baserrietara joan beharra izaten zen, oinez, noski. Meza diruen zerrenda ere bazen, emaileena eta diru kopuruarena. Zerrenda hori ere “harreman” zerrendarekin gordetzen zen. Meza-dirua apaizari eman behar zitzaion mezak ateratzeko. Aspaldiko kontuak. Gaur hiletetarako nori deitu behar zaion errepasoa egin dute ohe inguruan zuedenak. Beraz egin dut neuk ere familiartekoen zerrenda errepasoa. Batzuk urteetan ikusi ere egin gabekoak, beste batzuk zirenik ere ez nekienak.

 

 

HIL KANPAIAK  joko dituzte laster. Ez ditut entzun ahal izango. “joan da “ pentsatuko dute auzotarrek. Osagile eta epaileaz harago, ofiziala izanen da jada nire heriotza auzoan, kanpaiek emanen diote ziurtagiria nire heriotzari. “Gauila izango dugu” gogaraziko du norbaitek. Gaubeila egingo baitidate. Gauila deitzen diote auzoan gaubeilari, beila gaua noski, “hilen edo hilaren gaua” ere izan zitekeen.

Senide, auzokide eta ezagunak elkartuko dira hilotz egonen naizen gelan, bertan pasatuko dute gaua, nire gorpuari eta familiari konpainia eginez. Hobe lukete oheratu eta atseden hartu. Baina inguru hurbilekoek obligazioa bezala dute, hurbilenak gau osoan luzatuko dira, besteak  hurbiltasunaren arabera lehenago edo beranduago hartuko dute etxerako bidea. Haurra nintzela auzoko norbait hiltzean aipatzen zen etxean gaubeilara joan beharra, edo egon zirenen gaubeilako kontuak. Ez dira denak beti eta batera egonen. Eginen dituzte sukaldera sartu-irtenak etxeko norbaiten erreguari jarraiki. Mokadu eta trago, goizalderako izanen da polito jarritako norbait, kontu-kontari zaratatsu eta alaian bukatuko duenik, -beila hitzak “tertulia” esanahia ere ba omen du-. Nitaz laudorioak besterik ez dituzte  esanen, ohi denez. Behin atarian, edo sukaldeetan, esandakoak jakin nahi nituzke. 

 

 

 

III

 

HILETA-ELIZKIZUNA izanen da jolas honen azken kapitulua, hil ondorengo ingurua irudikatu,  sentitu eta giroaz hausnartuz. Azken filma ikustea bezala izango da, baina ez gidoi asmatu batez errodatua, esperientziak gorpuztu didan memoriatik datozkidan oroitzapenak kateatuz baizik.  

 

 

ALDARE aurrean nago, auzokidez inguratuta, intsentsu usainez lurrinduta, ur bedeinkatuz zipriztinduta, apaiz kantuz bilduta, inola ere bakardade hitsean, ezta heriotzaren isiltasunean ezereztuta ere. Etxekoek ahalegindu dira nire piura ahalik itxurosoen uzten, garbitu naute, jantzi didate trajerik onena. Oso itxura ona dudala esanen zuten katabutaren aurretik pasako zirenek, niri agurra ematera baino etxekoei doluminak eskaintzera etorriak, egun osoko sartu-irtenean.

 

 

ANDABIDEA den ordu-erdi luzeko ibiliez ekarri naute, hilkutxa andabidetik eraman behar baita, beti ibilbide erosoena ez arren, gurdibidea baita. Sakratua da andabidea. Jaioterrian  garbitu egin behar izan zuten gurdientzat bide erosoago bat zabaldu izanagatik sasiz ibiltezin zegoen andabidea.  Egun lehorra tokatuko ahal zen gaur. Euri egunetan elizpean egin behar izaten baitira oinetako aldaketak eliza barrura aurretik.

Eskultore batek landutako gaztaina egurrezko ate zabaletik egin dut elizara sarrera lau anda-mutilen bizkar mardulek eramana, gradan gora, banku eta eserleku erditik doan pasillotik, eta presbiteriora igotzeko mailadi pikoaren barrenean utzi naute, zapi beltzez estalitako mahai batean, garai batean argitzeko jarriak, gaur egun zeruko argiaren sinboloa omen diren kandelairu eta kandelak zentinela ditudala. Auzoko pertsonaia nagusia naiz tarte batez. Hil egin behar izan dut horrelako zeremonia baten aktore nagusia, nahiz pasiboki, izateko.

 

 

EZ NAIZ USTELEZIN, ez ustelgaitzago ere, ustelkor bai, horregatik ustelkortasuna izanik gizakiaren ezaugarrietariko bat, ondo josia du tapa katabutak. Nolanahi laster hasiko da nirea izan den gorputz honen usteltzea gauzatzen, baina ez da ustelkeria hori kezkagarri zaidana, bizitzaren usteltasuna da kezkatzen nauena, ekintzek utzi zezaketen lurrin gaitzesgarriak arduratzen nau. Barkatuko al dizkidate okerrak. Akordu ezkorrak ala baikorrak nagusiko ote.

Nolanahi nitaz oroimena ere ez da hilezkorra; aldi batez hurbileko norbaiten oroimenean soilik jarraituko dut, ondoren fitxategi batetan geratzen den aipamen idatzi bat besterik ez naiz izango.

 

 

ELIZA beteta dago, hala egon ohi da hileta-elizkizunetan.  Gauza serioa da heriotza, txantxarik onartzen ez duena, horregatik-edo jaiko jantzita etorri da nire hiletako segizioa, senide eta lagun-ezagunak  zein auzo osoa. Heriotza baten ondoren, iluntasunez betetzen da jendea, joan-etorri eta ahopeko sentiberetan. Baina hileta-zeremonia guztietan, familiarekiko ohiko esku-emate erritual eta hitz huts bilakatzen dira azken batez. Elizkizuna bera bezala, apaizak besterik badio ere. Debozioz baino, betebehar sozial bat konplitzen etorri dira gehienak. Gaur ez ezik, elizkizun orotan. Gehientsuenak behintzat.

Korupean egonen dira zutik hormaren kontra bizkarra bermatuta, aurreko bankuetara aurreratzeko lotsatiegiak. Aurreko bankuetan eskuinera gizonekoak, mutil-koskorrak lehen ilaran; ezkerretara sepulturan ez dauden emakumeak eta neskak, neskatilak lehen lerroan. Bankuetatik koruperaino, emakumeak, bakoitza bere eserleku propioan. Erdiko esparru horretan familia bakoitzak du bere sepultura deitzen dena, familiakoak ehorzten ziren esparru zatia alegia, nolabait familiako hilobia, hilerriak sortu eta hezurrak elizatik atera ziren arte; argizaiolak pizten dituzte eta bertan ateratzen hilen aldeko errespontsuak ere. Emakumeen esparrua da, aulki bereziak dituzte, baxua da ipurdiperakoa, eseri eta belaunikatu funtzio biak bete ahal izateko; eta garaia bizkarraldekoa eseritakoan bizkarrari lagundu ez ezik  belaunikatzean besoak bermatu ahal izateko ere. Argizaiola denak piztuta daude orain, familietako hildako denak gogoratuz, beraz elkartu naute, sinbolikoki bada ere, auzoko mendeetan hildako guztiekin.

Apaizak ere hemen dira: D. Ramon, ordu betetik gora egin du oinez, errepidetik erdia bentaraino, gurdibidetik auzorainoko beste erdia; D. Antoniok ordubeteko oinezko bidea egin du, dena mendi-bidez; besteak trenez etorri dira, baina bakoitzaren auzotik trenera bidea oinez eginda; auzoko parrokoa bertan bizi da.

 

 

ELIZA auzoko eraikin handien, ederren, eta oparoena da, ohi denez. Baserriak apalak dira, eliza-eraikuntza, aldiz, sendoa, erakunde ahaltsu, eraginkor eta menderatzaileari dagokiona, gaztelu edo jauretxea antzo. Barrutik garaia da, aurreko erdia kupula egiturako ganga, atzeko erdia, geroago eraikia, altuera motzagokoa, korua eta korupea gordetzen dituena. Elizetan ohi denez, antzokietan eszenatokia lez, elizkizun-ikuskizuna eroso eta argi jarraitzeko, presbiterioa, nahiko goian, nora mailadi luzexka zabal eta nahiko pikoa igoaz heltzen den, burdinazko hesi batez babestua; bertan eskuinaldera atrilea, bertatik irakurriko ditu  apaizak mezetako irakurgaiak eta seguruenik niri buruz hitz batzuk esanen. Hiru aldare ditu; erdikoa, nagusia, barrokoa da tokatzen zaizkion irudi bihurrituekin, eta bestelako osagai loratu eta kiribilduekin. Bi aldare alboetara, tamainaz eta egituraz xumeagoak. Ezkerretara sakristia. Behean herriaren kokalekua, antzokietan ikuslegoarentzakoa lez. Koruan harmonium txiki bat, eta korupean berari eusten bi zutabe borobil, konfesategia eta erromaniko estiloko bataiarria duen bataiategia zurezko hesi batez gordea. Niri agurreko  zeremoniaren eszenategia.

 

 

HASI  da honenbestez parafernalia. Mezak beti dira goizez. Hor dabiltza apaizak, kantu, irakurketa eta errezo, heriotzari buruz. Herioaz ariketa filosofiko, teologiko, psikologiko eta pedagogikoa izanen da elizkizun osoa. Baina apaizok ia ez dute heriotzaren esperientziarik, heriotzaren ingurukoarena soilik. Apaizotatik ia inork ez du ia inor hiltzen ikusi, azken arnasa ematen. Agonia da ezagutzen dutena, era guztietako agoniak, baina heriotza doiegi. Apaizari gaixoa hil zorian dagoenean deitzen zaio, elizakoak emateko, hau da, zerua bermatzeko edo infernua ekiditeko; ondoren bisitan ere joanen da, arrosarioa ere errezatuko du etxekoekin, belarrira ere zerbait xuxurlatuko dio  hilzorikoari, baina bere etxera erretiratuko da. Hil ondoren deituko diote, errespontsu bat errezatu eta hileta elizkizunetarako zertzeladak zehazteko. Heriotzaren teorikoak dira apaizak.

 

 

HIRU zati ditu hileta-elizkizunak: hasteko nokturnoa,  sarrerakoa, ordu erditik gorako luzea: salmo errezitaldia,  irakurketak, eta tarteko abestiak; meza nagusia dator ondoren  ohi denez luzea ere, eta bukatzeko errespontsua meza bukaeran, bukaerako zeremonia zorionez motza errespontsu kantatu luzea ez bada behintzat. Liturgia oso luzea ohi da hileta-elizkizuna. Jendea aspertuta aterako da. Dena da latinez, ezer ulertu gabeko ordu eta erdiko egonaldia. Baina latinaren arkano kutsuak berak, apaizen marmarraldiak eta kantuen monotoniak ematen dio halako misterio eta ultramunduko giro berezi kilikagarria ez ezik limurtzailea ere. Elizkizuna bera zirraragarria ohi da. Heriotzaren presentzia itogarria. Apaiz-jantzien kolorea, beltza. Sermoia, heriotzaren inguruan bizimoldeari lotutako jarduera morala. Dena latinez, hizkuntza arkano ulertezinean. Abestien doinu ilun hits etsigarria, … Misterioan murgiltzea da hileta-elizkizuna. Heriotza eta heriotza ondorengoa misterioa izanik, hileta-elizkizuna bera ere misterio kutsu batez bilduta dago. Heriotzak berarekin dakar hil ondorengo bizitza, zerua edo infernua. Hori bekatuarekin lotzen da.  Bekatua bizi-ordenu batekin, betebeharreko arauekin, arau zibilekin ere. Botere politiko ekonomikoak erabateko lotura dute honetan ere botere eta jarduera erlijiosoarekin. Elizak abilki darabil heriotza, ia mito bihurtua, sakonean herria bere esanetara ekartzeko.

 

 

BIGARREN MAILAKOA  da nire hileta elizkizuna. Hiru mailako hileta-elizkizunak baitaude: hildakoaren  familia-status ekonomikoaren araberakoak. Dirua da arazoa, alegia, diruak damaio elizkizunari dagokion gradua. Gizartean bezala, elizak ere aberatsak, pobreak, eta pobreagoak bereizten ditu. Sosek erabakitzen dute zenbat meza, ze nolako meza, baita kantuen nolakotasuna ere. Herriak horrela katalogatzen du elizkizunaren kategoria: “zenbat mezako entierroa izan da?”. Guzti honen arabera apaiz gehiago edo gutxiagori egon ohi dira hileta-elizkizunetan. Zazpi dira nirean.

Maila baxuko elizkizunak apaiz bakarra du, meza bakarra noski, herriko bikarioa edo parrokoak emana soilik. Ez da “a tiempo” mezarik; kanturako organista moldatzen da, jo eta abestu biak egiten ditu berak; gregorianoa  da melodia.

Bigarren mailakoan, gaurko nirea, nokturno liturgiaren unean mezak emango dira alboko aldaretan; “atiempo”koak deitzen dira meza horiek, elizkizun nagusiaren denboran emandakoak, alegia; bi meza bakarrik egoten dira auzoan, bi aldare soilik daudelako alboetan; gehiago edo gutxiago beste herrietan, eliza bakoitzeko aldare kopuruaren eta familiak gastatu nahi duen diruaren  arabera. Gregorianoz eginen da kantua, eta meza nagusia hiru apaizekoa izanen.

Goi mailakoa: Nokturno liturgiaren garaiko mezez gain meza nagusiaren unean ere eman ahal dira “atiempo”ko mezak. Meza nagusia, hiru apaizekoa. Auzo honetan ez, baina herri handiagoetan meza-kantua ahotsetara egiten da, bada bi edo hiru ahotserako Perosiren meza bat, bere “dies irae” zirraragarriak herria durduzatzen duena. Kandelen parafernalia sekulakoa izaten da, argimutil dotore handiak dira, kandelak ere sendoak, …

 

 

SAKRISTAUA susmatu dut gradan gora eta behera. Horrela dakit “atiempo”ko mezak noiz bukatu diren. Apaiz meza-emaileen  gosari ordua da. Baraua gorde behar da jaunartze aurretik, beraz, apaizek ere baraurik behar dute meza emateko.  Zenbat kezka umetan goizean haginak elizara aurretik garbitu eta ur-tantaren bat eztarrira heldu ote zen: bazen konfesategira joaten zenik jauna hartu ahal ote zuten galdetzera. Horrenbesteraino zorrotz eta zentzugabeak ziren barau arauak. Eta nolabait diraute. Jauna hartu nahi duten auzotarrak baraurik etorri behar izan dute, beraz, elizara, etxera bueltan gosalduko dute.  Baina apaizok ez daude nonbait prest baraurik irauteko elizkizuna bukatu arte ere. Apaizak beste kasta bat dira. Apaiz bakoitzak meza eman ondoren, sakristaua atera da elizatik, apaiz-etxera joan da,  eta lasterrera han dager eliza barreneko ate nagusitik erretilua eskuan, non apaiz meza eman berriari gosaria daramakion, jatetxe batetan zerbitzariak lez: kefesnea eta gainerako osagaiak, dela azukrea, ogia, marmelada, gurina, etab. Eliza osoa zeharkatu du erdiko gradan gora, nagoen katabut paretik igaro da, presbiteriorako mailadia igo du,  belaun bakarrez lurra joz egin du aldare aurreko makurtze edo erreberentzia, erretilua oreka perfektuan gordez, eta sartu da sakristiara,  hori dena aldareko apaizak eta korukoak,  latinezko  elkarrizketa kantatuan zirauten bitartean. Lasterrera agertu da sakristiatik apaiza, gosaldua, eliza zeharkatu du goitik behera eta igo da korura. Hileta-elizkizunetako parafernaliako osagaietako bat da, elizkizun aspergarriko entretenimendu edo aldagai deigarrienetariko bat herriarentzat. Italiako edo Espainiako pelikula bateko sekuentzia dirudi, egilearen irudimenak sortarazia, baina heriotza bakoitzeko erritoa da, mezarik adina errepikatzen dena gure auzoan.

 

 

NOTURNOKO salmoak errezitatzen, antifonak kantatzen eta gainerako osagaietan asper aurpegiarekin, gogo gabe, arrapataka, begiak gogoaren ezaugarri badira arreta beste nonbaiten, ia ahopean bezala, aritzen dira apaizak. Lehenen mailako elizkizunean hiru kirieleisonetatik lehena da kantatua: “Kiiiiriee eeeeeleison”; beste biak presaka eta ahopean, kantatu ordez errezitatuz, kirieleizon, kirieleizon; Chriiiistee eeeeeleison lehenengoa, presaka eta ahopean bi errepikapenak, eta berriro Kirie… Antzeratsu liturgiako beste kantu-gaiak. Goi mailako hileta-elizkizunetan, ahotsetara abesten denean beste ganora bat agertzen da, agian pieza musikalak berak eskatzen duelako.  Gregorianoa da nire elizkizuneko melodia.   

Ehorztetxekoek edo medizina estudianteak ohituta dauden bezala gorpu eta gorpuzkinak tratatzen, apaizak ere ohituta daude hileta elizkizunekin. Presaka bezala, arrapataka, inolako errezo eta kantuentzako errespetu edo gustu handirik gabe gauzatzen dituzte errituak. Lan bat da beraientzat, beraien lanetariko bat, soldataren gehigarri bat, nahiko beharrezkoa diote, soldata ez omen dute-eta handiegia. Itxura hori ematen dute behintzat. Beraien betebehar errutinari bat dirudi. Herriak nabari du guzti hori. Apaizen ohikeria ikusiz ze ahalegin edo debozio jarri behar dute eurek.

 

 

IV

 

AUZATEA, ala deitzen zitzaion, izanen zen nire jaioterrian eta nire gaztetan izan balitz nire hileta-elizkizun hau: ardoa, gazta eta ogia ematen zitzaien elizkizunean egoniko gizonezkoei. Emakumeak ez ziren joaten auzatera, etxeko beharrak zituzten zain, egun horretan atzeratuak seguru aski. Mila aurpegi ezberdin ditu genero bereizketak. Eliza ostean, elizari itsatsitako lokal batetan izaten zen. Ume guztiak eskolan, monagiloak eskolatik libre geratzen ginen goiz hartan: moldatzen ginen auzatean sartu eta zurrut batzuk lortzeko; argi-argi geratu ohi ginen. Gizonok beraien arteko elkarrizketetan eta batez ere zurrutari eta janari jarrita zeudenez ez zuten gehiegi erreparatzen mutil-koskorron maniobrei.

 

BULDARIK ere ez da jada saltzen. Buldak elizaren diru iturri nagusienetarikoa ziren. Diru truk papertxo bat non, zerbaitetarako baimena ematen zizuten. Baimenaren araberakoa diru kopurua ere. Erdi Arotik datorren Elizaren negozioa, nire haurtzaroraino behintzat iraun zuena.  Vatikanoa Estatu bat da, parrokiak Estatu horren besoak, eta Estatuak bere zergak ditu. Denetarako ematen ziren buldak, erregeei gerra egiteko garai batetan, gaur egun baserritarrei udan igandez garia jasotzeko, edo premiazko lanen bat egiteko, Garizuman baraurik ez egiteko, eta horrelako abarretarako. Hiletetan ez dakit zertarako salduko zen bulda, seguruenik induljentziak emango ziren, hau da bekatuen barkamena, eta zerurako atea errazago edo lehenago zabaltzeko grazia. Beraz aberats bekatarienak ere zerua seguruago izanen zuten, bulda gehiago eta garestiagoak erosiz. Tamalez gaur ez dagago buldarik. Lastima, zerua seguruago izanen nuke.  

 

 

BAZKARIA izanen dute hileta elizkizunetara etorritako apaizek apaizetxean.  Bazkaria bera baino, apaizek elkarrekin egoteko aukera paregabea izanen zaiela desiragarrien uste dut, elkartzeko ia aukera bakarra, auzoetan sakabanatuta, ez baitira bestela elkartzen taldean, hala diote behintzat. Hiletetako elizaren fakturan sartuko da apaizen bazkaria ere. Ez da garestia izanen, kostua soilik kobratuko du apaizak, ez beti edo denek, baina hildakoaren familiaren konturakoa izanen da. Familiak ere bazkaria eskainiko die kanpoko senideei. Zama ekonomiko astuna sarri. Jende pila bilduko da bazkarira. Jan eta edan eginen da, eta bapo eginda bukatuko dute bazkaltiarrek. Bukaeran gehiago dirudi festetako bazkaria. Familiaren saminetan hasi zena,  senitarte eta apaizen bazkalondo oparoan bukatuko da.

 

 

HILERRIAK sekulako erakargarritasuna zuen umeontzat haur ginenean; hezurtegia miatzea, kaskezurraren lilura, hilobitik hilobira jauzika, kukuka, ezkutuka, … Makabroa dirudi, baina naturaltasun osoz begiratzen genion heriotzari. Tamalez hilerriko atea giltzez itxita egoten zen eta hormak garaiak ziren, beraz ez zen sarria hilerriko abentura. Ehorzketak baliatzen genituen batez ere hilobiz hilobi jauzika eta ezkutuka jolasteko, kapera osteko hezurtegiak arakatzeko, begiz besterik ez bazen ere, sekulako erakargarritasuna zuen horrek, agerian baitzeuden kaskezur eta bestelako hezurreria.  Jada ez da ume bihurririk izango nire kaskezurrarekin boletan arituko denik hilobi artean, sarraila sendoz hertsia baitago auzoko hilerria.  Agian oraindik izanen da horma garaiaz barrura eginen duen ume koadrilaren bat. Umeren bat kukuka nire hilobian gordeko den esperantzarekin noa. 

 

 

 

ORAIN bai, orain hil naiteke lasai. Bakoitzaren sekretua da bere leku sekretuak non dauden. Nire zenbait oroitzapenen gordailuan soilik  bidaiatu dut, nire hil-aurrea eta hiletak  bizi izan ditut. Makabroa izanen da norbaitentzat, lasaitasun osoan egin dut nik. Munduarentzat hilik egotea da loa, biharamunean munduari ekiteko. Ez da niretzat gehiago mundurik izango. Nire azken lo hau ez da izanen loa, biharamunik ez duelako, ezta mundu kontzienterik ere,  munduan jarraituko badut ere auskalo non eta ze eratan.

 

 

Azken agurraren ordua

Banoa

Ahalik ondoen izan geratzen zareten denok

Agur t‘erdi

Ikusiko ez garen arte.

 

etiketak: Kontakizunak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.