Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Kontakizunak

Kontakizunak

Jon Etxabe 2018/01/19 08:44
Auzoa. 3.- Erlemin

ERLEMIN

Korapilatsua da gogoeten jarioa. Sare bereziak iruten ditu. Garunetako disko gogorrari nork edo zerk ez dakizun mekanismo ezezagun batek eragiten dio ustekabeko hari berriez ehunduz oroitzapenen oihala, kontziente ez zaren logika batez, -denak omen logikaren bat-, ondoren aurrekoarekin edo auskalo noizkoarekin korapilatuz eta mataza berria sortuz. Horrelako zerbait gertatu zait erleei buruz. Erleak dabilzkit, ibili ere, irabiaka kaskezurreko zurrunbiloan, erle-erregin magiko batek bainerama oroitzapen batetik bestera, erlategi bateko burrunbaz bilduta lez. Kafkaren metamorfosian kakalardo bihurtzen den lez protagonista,  ni neu  erle bilakatzen ari bainintz. Baina ez da kakalardoaren bizipen zalapartatsua, inola ere mingarria, are gutxiago etsigarria. Bada dionik eskuetan harrapatu bai, baina labain egiten digun aingira bezalakoa dela bizitza, likin apur bat utzita alde egiten digun tarte bat, baina sentipen eztia bezain gozo nabari dut kulunkan hor barneko   zirrikituetan nire bizipena, erle oroitzapenen zurrunbilo honetan.       

“Txikia, baina herria, udaletxerik ez arren”, erantzungo genien, alboko herri-burukotarrak lez hartzen gintuztenei, jaiotauzoa gutxietsiz. Nahiz txikia, geure herritxo propiotzat  geneukan gure auzoa. Hiru kilometrora zegoen herri handiago bateko biztanle-eremu murritz bat besterik ez ginen, baina gu geu ginen, bizimolde propioko biztanleria bat. Erreka-zuloa besterik ez zen bailara luze batetan kokatua, mendi maldak alde bietara eta eraikin gutxi batzuk ibai alboetan, auzo kaskar bat, hori besterik ez ginen administrazioarentzako. Baina itxurez harago, aldarteak sortutako barne begiradan dago errealitatea, norberaren magian, nahi duguna ikustean datza edertasuna, errealitatearen bizipen utopikoa. Eta gure herria errealitate magiko bat zen umeontzat, denontzat. Auzotzat gintuzten, baina bere nortasun propioa, bere-bere bizitza, ezaugarri nabarmenak zituen auzunea ginen.  Historia oparoa ere bazuen gure “herri” honek. Olak izan zituen ibaiko urak baliatuz,  portu-nasa bat ere eduki zuen, azpi zapaleko txaneletan egiten baitzen bertatik nahiko urruti geratzen zen itsas portuko ontzietara Gaztelako artile edo ibai beraren kontrako goragoko oletan eginiko lantza, pika, ezpata eta arma ezberdinen garraioa, eta nola ez armaden ontzioletarako iltzeteria. Izan zerbait izana zen, jada ezer gutxi zen arren, baina auzotarron harrotasunenean zirauen joan oparoa. Armarridun oinetxe karratu sendoak lekuko. Inguruko tailerretan lanean gehiengoa, bost baserri soilik, ez zen nolanahi bizimodu urbanoa gurea, nekazal giro arnasten zuen beharginen herritxo-auzoa baizik.

Auzo horren baitan beste azpi-auzo bat zirudien nire bizi-landa inguruak: kilometro batetara mendebaldera, sakabanatuta baina aldi berean elkarbizitzak hur bildutako  dozena erdi etxebizitza, bi baserri, ibaia erabat zabal eta sakon egiten zuen konporta eta kanaldun presa garai luzearekin argindar-zentral bat, eta inguru horri antzinakotasun ukitua eta garai bateko oparotasun kutsua emanez harlandu argiko leihodun jauregi edo dorretxe estu baina garai luzea, arbel harriko lau horma ilun biluzi soil besterik ez gaur egun, zeintzuen azpitik luzera osoan gotiko egiturako arku zorrotz zirela bi ertzetako pasabideak zeharkatzen zuten  zentraleko turbinari eragindako urak, garbi erakutsiz jauregi hark bazuela bere garai oparoan olaren bat, agian errota, baliteke jarduera biak. Guzti horrez gain, jauregiaren alboan Kontzesio geniotson elizatxoa izaniko eraikin luzexka, behe solairu eta lehen estaiko etxebizitza gure garaian, non Tio Jose Manuel eta tia Petra bizi ziren beheko solairuan, Prudentzio eta Higinia lehen estaian, beraien seme-alabekin. Izenak iradokitzen zuenaz harago, egiturak erakusten zuen Kontzesio eliza izanaren froga nabarmena: borobil izatera heldu gabe ekialdeko kurbo antzeko hormaren eliza-abside forma ukaezinak, baina batez ere mendebalera zirauen harlandu zuriko garai bateko elizara ateak eta alboko harri argiko ur bedeinkatu ontzi-gaineko gurutze zizelatuak. Egutera bihurtzen zen delako ataurrea, eguerditik aurrera arratsalde osoz eguzkiak bete betean hartuz.

Bere nahierara egokitu nahi izaten du gizakiak errealitatea, baina hau tematia izan  ohi da, eta aurre egin behar izaten diogu.  Bere legea ezartzen du bizibeharrak, eta ni mendiarteko goi bailarako etxalde batetara eraman ninduen. Bailaratxo luze aldapatsu batera, non goitik behera gurdibidearen luzera osoan  alboko maldetan sakabanatzen ziren zelai eta soro landuz inguratuta 20 baserri, malden goialde oro baso zutela. Nekazari giroa, nahiz gizonezko zein neskek tailerretan egiten zuten lan; ikasten ari ziren neska-mutilak ere ugariak ziren. Behargin eta nekazari sinbiosia. Beharginak behargin, baserri zirauten baserriek,  eta, erle kulturak indar handirik ez bazuen ere,  erleak ere egon bazeuden. Eta orain bertara kulunkatu dira nire gogapen zurrunbiloan irabiatzen ari diren erle-bizipenok.

Solas-leku lasaia bihurtzen zen arrats eguzkitsuetan Kontzesioko egutera. Bertan biltzen ziren igandeko arrats edo lan-osteko argi-ordu lasaigarrietan inguruko gazte eta helduak, gizakume zein emakume. Inguruan genbiltzan haurrok ere, entzule tirtiri, bizitzaren bidezidorretan bidea egiten edo  bideok ikasten, bizitzako unibertsitatea, eskolaren osagarri.  Badira amildegiaren ertzean eseri eta ezerezari begira atsegin hartuz bezalako une bareak, halatsu ziren  arrastiriko lan osteko ordu epel haiek ere. Zurrunbilo bat da bizitza, irensten zaituen amildegia sarri; badirudi existentzia duen ororentzat ezinezkoa dela  begirale soila izatea, ikuskizunaren nahitaezko partaide zarela. Talaia batetik munduari begirale patxadatsuak bihurtzen ginen tarte batez solasaldi haietan, huntaz eta hartaz solasean. Denbora gainditzea bezala zen.

Biziki gogoan dut, aurrez aurre, trenbideko muna bestaldean, goiko zelaietara gurdibidean, Pontxeraneko aitona, antzinateko kultura eta bizimoldearen aztarna fosildua lez dirau bere irudiak. Unean-unean, usten den eta uzten duen onena egitea dela bizitzea, onerako edo txarrerako, irabazi edo galdu, zioen filosofoak. Denboraren joanari erreparatu gabe. Edozer egiten dugula, beste aukera guztiak, infiniturainokoak beti, utzi eta galtzen ditugularik. Hori izanen da agian bizitzaren eta askatasunaren funtsa. Ez tragedia, ez zoriona. Bizitzea soilik, denboraren kontrolik gabe. Denboratik at zirudien Pontxeraneko aitonak ere. Begi-osteko erretinak jaso eta garunetan gordetako irudi bitxia esnatzen zait tarteka oraindik gomutak atzera jauzia egiten didanean.  Goruetan dakusat, oso zaharra ikusten dut, ez dakit jada joan urte askoen eraginaren zahardadea zen berea, ala nire mutil-koskorraren ume begiek egiten zuten hain agure. Alboko erleak bezain antzinakoa dirudit bera ez ezik bere zeregina; ikusi ditut erleak fosil bihurtuta, gure Pontxerako aitona ere fosila zitekeen, fosildua bere eskulana ere,  mugimenduan ez bagenekusan.

Baserritik gertu,  animaliengandik alanbrezko hesiz babesturiko soroaren kontra, lotua du hari muturra hesola bati, beste muturra eskuetan du, eta bertatik zintzilik artile moltsoa etengabe zabuka eta biraka gure jolasetako ziba bailitz. Artile moltsoa urrituz doa eta haria luzatuz, artilea hari bihurtuz, moltsoari atzamarrez eragiten dion heinean; aitonak atzera egiten du oso geldiro hariaren luzapenak eskatzen dion abian, oso mantso ia mugitu ere egingo ez balitz lez, haria tenk mantenduz; hesolatik eskura arteko hariaren luzera jardunerako deserosoa zaionean, jarduera etengo du, haria harilean biltzeari ekiten dio hesolara hurbiltzen den arte eta berriro emanen dio erritoa dirudien ekinari. Badirudi denbora ez dela existitzen, heriok berak ezikusia egiten diola agureari eta hor jarraituko duela besteok eguneko zurrunbiloak irensten gaituen bitartean. Pontxeraneko agurea goruetan, nire haurtzaroko oroitzapen miresgarrienetarikoa, naturaltasun osoz erlategi albotik genekusan estanpa kilikagarria.

Denboran katigatutako auzoa zirudien ere nire auzo berriak. Erlerik ez nuela falta izango uste nuen. Haurtzarotik eztijale, eztia azukrea baino gozagai gozagarriagoa zitzaidanez, auzoan ekoiztutako eztia nahi nuen, dendakoa baino. Begiztatu nituen zelai, baso-ertz, baserri inguruak, erlategien peskizan, non erlauntzen bat aurkituko, ezti-ekoizle baten arrasto bila. Kontzesioko ataurrea eta bertako erlategiak gogoan,  eguterak ziren batez ere nire behaketa-gune. Egon behar zuten, baina lehen peskizan ez nituen aurkitzen. Harritu ninduen erlategirik ez ikusteak. Agian ez dago  txilar, erromero, … erleek behar duten loreetatik nahiko, nioen neurekiko.

Baserritar bat dakusat  gurdiari tiraka datozen idi parearen itzain. Berari galdetu diot.

-  Ilunkaron,

- Hala ekarri

- Handikako bizilagun berria naiz.

- Badugu zure berri, auzo txikia da hau.

- Zerbait galdetu nahi nizun

- Zeuk esan

- Bertako eztirik lortu ahal nezake baserriren batetan?.

- Ez da hau inguru egokiena erleentzako, ekira begira dago bailaratxoa, hemen eguzkia kukuka bezala ibili ohi  da mendi eta laino ostean.

- Eguterarik ez da faltako,

- Sobratu ere ez, hurregi ditugu mendi-tontorrok, uda guria da soilik eguzkitsua hemen ere.

- Baina loreak izanen dira.

- Basoa malda goietan eta lur landua barrenetan, txilar eta sasi lore gutxi ikusiko duzu hemen.  

- Hortaz, eztirik ez.

- Hainbesteraino ere ez da.

- Aurki dezaket, beraz, eztia?.

- Arano eta Emarin aurkitu dezakezu, badituzte erlauntzak, eta saldu ere egiten dute eztia.

- Milesker

Gerra ondorengo garai estuak ziren, razionamendu urteak, baina ezin esan goserik pasa genuenik. Denok genuen baratzen bat, sagarrarbolaren bat, intxaur, hur edo fruitu sikuen hornidura aukeraren bat, … su-egurra ere ez genuen falta, ibaiaren bestaldeko baso malkartsuetan jasotzeak lan asko ematen bazigun ere. Bizitzak eskaintzen zigun bizitzeko adina baliabide. Eztia tartean. Kontzesioko eztia. Solasaldietarako denbora eta patxada ere zemaigun  Kontzesiok. Ermitataria zen leku aukerenetakoena. Errepideak jan ziolako edo, ez zuen esparru espaziotsurik, baina solas-talde baterako adina zabala zen. Harrizko maila zuen atalaseak, zaindua, eserleku ezin erosoagoa, aulkirik ez zen faltako eta harri zapalak ere hainbat ziren, eserleku aproposa eskainiz. Emakumezko eta gizonezko, zahar eta gazte, umeak ere inguruan, solasaldi biziak ziren haiek.

Atari horretatik ezkerretara zuen erlategia tio Jose Manuelek. Jada nagusia, Pontxeraneko aitonari gorueta bezala, erleak zitzaizkion entretenimendu. Hormaren kontra, bata bestearen gainean hiru erlauntz ilarek osatzen zuten erlategia, ilara bakoitzean lauzpabost erlauntz. Estalpetxo batek babestuta dena. Auzo ziren erlategia eta tertulia-gunea. Neguan ez zen igartzen erleen presentzia, baina udaberritik aurrera, erlategiko aktibitatea hasten zenean, batez ere ezti ekoizpen garaia heltzean, ezti fabrika bere onenean, sekulakoa ohi zen erleen joan etorriaren burrunba. Nabaria zen erleen presentzia, ez bakarrik hotsagatik, bere presentzia fisikoagatik ere. Geure aurreko aire esparrua baitzen beraien hegaldi aire espazioa. Joan-etorri etengabean sumatu ez ezik ikusi egiten genituen. Erleena ez zitzaigun ikuskizun, ohiko errealitatea baizik, ia bizikide ginen elkarrekiko erleak eta han biltzen ginenok. Bakean uzten genituen, bakean usten gintuzten, han zeuden eta zebiltzan eurak, alboan egon geunden gu. Bakezko bizikidetza genuen, bakoitza berean, elkar errespetatuz.

         Arano baserrian nintzen hurrengo egunean. Atari zabaleko baserri ederra, hegora begira, eguterago egun eguzkitsu hartan. Nire begiek miatu zuten ingurua, hara ninderaman kontuaz ikusmin. Ez zen baserri bueltan erlategirik nabari. Alferrik joana ote nintzen ere!.

Txakur zaunkek iragarri zuten nire etorrera. Berehala zen etxekoandrea atalasean. Irribarre adeitsuz hartzen ninduen.  

- Eguerdion on, etxekoandre.

- Hala ekarri. Nola zu hemendik?.

- Ezagutzen nauzu?.

- Auzo txikian isilpeko gutxi.

- Zuregana etorri naiz ba.

- Bisita gutxi izan ohi dugu hemen.

- Eztia izaten duzuela esan didate.

- Bai, baina etxerako baino ezer gutxi gehiago egiten dugu.

- Baduzu saltzekorik?

- Zerbait egongo da.

Barrurantz keinua egiten dit.

- Barkatu, baina bada zerbait harritzen nauena.

- Zeuk esan.

- Eztia salgai duzue baina ez dut erlategirik ikusten.

- Ez dugu erlategirik-eta, erlauntzik ere.

- Baina eztia bai, nola liteke, baina, hori.

- Baso-erleak dira gureak.

- Basokoak?.

- Senarraren kontuak dira horiek, berari galdetzea hobe.

Erosi nizkion pare bat ezti kristal-ontzi, luzatu genuen solasaldia horrelakoetako ohikeriekin, eta alde egin nuen. Jakin-min. Erlategirik ez zuten Aranon, baina bai eztia salgai, aldi berean ziur nengoen iruzurrik ez zegoela. Pedrorekin egon beharko nuen. Pedro zuen izena senarrak, Maria zeritzan emaztea.

Tia Petrak baratzetxo bat zuen erlategiaren aurrean. Lore ilara bat zen baratze eta solastokiaren arteko hesia, mugalorea. Bertan ibiliko ziren erruz bere sasoian erleak loreetan ziztaka eztigintzarako zukua xurgatuz. Nektar garraioko joan-etorri nekaezinean zebiltzan beste denak. Kontuz ibiltzeko esaten zitzaigun umeoi bertara hurreratzen baginen, bakean utzi behar zitzaiela erleei bere lanean eta bakean utziko gintuztela beraiek ere. Horren harira atera ohi zen gerra garaiko gertakizun baten aipamena. Gerra garaian,  jarrera politikoagatik ihesean senarra eta gerora emaztea eta bi seme-alabak, oraindik umeak, herritik egotziak, aberria atzerri, Bizkaiko Enkarterrietan luze bizi izandakoa zen Kontzesioan bizi zen famili hori. Gerra-frentea hurrean zuten, Bilbo eta inguruak bonbardatzen ari ziren. Egun batez, suak, burrunbak, bonben astinduak, agian erlantza suntsitu zietelako izututa edo haserre, erle aldra bat oldartu zitzaien bertakoei, batez ere emakume baten buruan zitaltzen zirelarik. Izugarrizko lan zaila gerta omen zitzaien erleok aienatzea, batez ere erleak ilajetik askatzea. Munstro batena omen zirudien emakume haren buruak hurrengo egunetan. Baziren ziztatutakoen istorio gehiago ere, han bertan ere egon izan zen ziztatutakoren bat. Baina ez genien beldurrik erleoi. Bakean utziz, bakean utziko gintuzten, hori zen solaskideon auzo genituen erlauntzekiko filosofia.

Jakin-min egin nuen alde Aranotik, Mariaren senar Pedrorekin topo egiteko irrikaz. Ez zuen erlategirik, ez zuen erlauntzik, baina eztia ekoizten zuen. Inolako lapurretarik gabe, jakina. Topo egin zain egon ordez, neu joan nintzaion bila hurrengo goizean; baserri inguruko soro batean aurkitu nuen.

- Egunon Pedro.

- Baita zeuk ere.

- Kalekume baten galdera batekin nator: ez duzu erlauntzik, baina bai eztia, nola liteke hori?.

Irriñoa marrazten zaio Pedrori ezpainetan

- Ez, ez dut erle-ontzirik jarri beharrik, hor daude basoan eta.

- Nola!

- Pago-gerriko hutsuneak edo zuloak zaizkie erlauntz erleei.

- Pago gerria erlauntz!.

- Pago-enborrek ustelagatik-edo barnean dituzten hutsuneak bilakatzen dituzte erleek erlauntz. Gauza jakina da.

- Eta nola aurkitzen dituzu?.

Patxadaz argitzen dik arazoa.

- Ez da zaila: eguzki-egun bero bat behar du izan; begiratzen duzu erreka kontra, ura bare samar dagoen bihurgunetan, erleak urez zamatzen aurkitzen dituzun arte, gero erleei jarraitzea besterik ez dago.

- Nola jarraitu baina, hegaz zu baino bizkorrago joango dira eta.

- Ur-kargarekin mantsoago egiten dute hegan, ni baino bizkorrago noski. Baina kordan bezala datoz bata besteari jarraika, aurreratzen zaituzte baina beti duzu bakarren bat aurrean norabidea erakutsiko dizuna. Azkenean aurkitzen duzu ze enborretan bukatzen duten.

Harriduraz begiratzen diot.

- Eta aurkitu ondoren?.

- Zeurea da erlauntza.

- Inoren basoa da, baina.

- Basoa eta pagoa jabearenak dira, baina, erlauntza, aurkitu duenarena,

- Betirako?.

- Urte horretan soilik, zapi zuriak ematen dizu nolabait jabegoa.

- Ze zapi zuri.

- Aurkitutakoan zapi zuri bat jartzen da enborrean, eta gurutze bat marrazten diozu  zurea den ezaugarri bezala.

Dudetan jarraitzen dut.

- Baina errespetatzen da?

- Hori lege sakratua da; garai batetan oso gogor zigortzen omen zen urratzea.

- Ezti-lapurrek erraza izanen dute lana.  

- Kanpokoek zaila dute, ondo ezagutu behar da basoa,  eta bertakook ezagutzen dugu elkar.

Jakin mina ez zait asetzen

- Zaila behar du prozesu guzti horrek, non aurkitu erlea, jarraitu, ...

- Hori esperientziak erakusten dizu, basoa ere ezagutu behar duzu, errekatxoak, giroa, …

- ???

- Pazientzia ere behar da.

- Eta denbora!.

- Igande eta jai arratsaldeak baliatzen ditut, soroan lanik egiten ez denean, entretenimendu bat ere bada, auzoan ez baitago bestelako denbora-pasarik.

- Noiz jasotzen duzu eztia?

- Garaia heltzen denean: uzten diezu negurako behar duten adina, bestea jaso, zapia ere erretiratu, eta kito.

- Zenbat erlauntz izan ohi dituzu?.

- Ez dago jakiterik, eskaintzen diezun denbora, zeure ahalegina, giroa, urtea, zortea, … guzti horren arabera izaten da.

- Eta ez dago erlategia duen inor?.

- Nire anaia Eusebio.

- Non bizi da?.

- Auzoko beste ertzean, gorenetako baserrian, Emari baserrian.

Elkarren ondoan jarraitzea behartua denean bilakatzen da zitala konpainia hori; beti eztabaidaka eta beti elkarren ondoan: egoera berezia. Onartutakoa denean, gizakiaren kontraesanetariko bat da, tarteka zitala, tarteka eramankorra. Gizarte-bizitza,  legea dirudi.  Bada nonbait antzerakotasunik erlategietan. Erla-ontzian ez dago   konpainia zitalerako aukerarik. Erreinu batean bi erregerentzat lekurik ez dagoen bezala. Misterioa zaigu, ezjakinontzat behintzat, erle-ontzi bateko erregin aldaketa. Ez dakigu onean ala txarrean, ze bizikidetza legeren arabera, baina erregina berri bat jaiotzean  alde egiten du berriak, agian bota egiten du aurrerakoa, edo aurrerakoa da berria botatzen duena, indarren orekaren arabera agian, gizartean bezala, ez dakit. Erleek ere, bizidun orok bezala, bere ugaltze prozesua dutenez, erregina berri bat jaiotzen denean bietako bat soberan gelditzen da erlauntzean, eta alde egin behar du bere esaneko edo mendeko erle aldrarekin.

Tarteka gertatzen zen Tio Jose Manuelen erlategian erlekume berria kanporatzen zela. Udaberri aldera. Etxetik entzungo genuen burrunba antzerako bat, kazola eta piper-pote hotsa nagusitzen zelarik. “Erlekumea jaio zaio tio Jose Manueli”. Piper-pote, xafla edo ahalik zarata handiena ateratzeko gai zen edozer tresna hartu eta han joango ginen etxeko anaia-arrebok, goiko etxebizitzako neska mutilak, baita aurreko baserrikoak ere. Ordurako han zebiltzan erle-multzoaren atzetik tio, tia, etxean zegoen seme edo alabaren bat, goiko etxebizitzako norbait, Pontxeraneko bat, … Erle multzo izugarria zen airean ikusten genuena Kontzesiora hurbiltzean. Pontxera baserri inguruan, mendi-magaleko zuhaitzetara jo nahian bezala, erle-laino ilun bat airean, haize-zurrunbilo batek irabiatuta lez, enarak ilunabarretan bezala jiraka, edo uso-bandoak tiro-hotsa entzutean norabidez aldatuz biratzen direnean antzo. Gorputz bakar bat zen airean kiribilka zebilen multzo iluna, harat-honat, gora eta behera, orain aurrera, orain atzera edo alboetara. Ezin zaien alde egiten utzi, basora ihes eginez zaila zelako aurkitzea zein jasotzea. Eragin egin behar genien. Hurreko zuhaitzen batean gelaraztea zen helburua. Harantz jirarazi. Parafernalia bitxia zen osatzen genuena: tio Jose Manuel aurretik lainoa zirudien ke beltz moltso zabal trinkoa botatzen zuen ontzia eskuetan zeramala, bere atzetik emakume, neska, mutil eta neska koskor koadrila harat-honat erle multzoari jarraika, kazola, burdin xafla,  gailu ezberdinekin ahalik eta burrunba handiena eraginez. Inguratuta bezala geneuzkan azkenerako. Auzolaneko zeregina zen hura. Ez genien beldurrik erleoi; ke eta hotsen ondorioz,  edo erregina defendatu beharrez agian, ez gintuzten oldartzen. Agian beldurraren eraginez. Ez zegoen jakiterik zenbait iraungo zuen erritoak. Gehienetan lortzen zen inguruko zuhaitz adar batean pausaraztea. Ondoren baretasuna itzuliko zen ingurura. Garaile sentipenak biltzen gintuen.

Gu bakoitzaren baitan, errealitate gordinenean ere, fantasiak hartzen du leku eta tarte gehien. Agian buruan nerabilen amets kiribilduren batek bultzatzen  ninduen  Emarira. Umetako bizipenek eraginda edo. Emari baserrian bizi zen Eusebio. Joan nintzaion bisitan.

- Egunon Eusebio, auzo galduotan denek ia dena jakin ohi dute.

- Bai, badakit, auzo txikia da hau.

- Pedro zure anaiak esan dit erlategia duzula, eta ikusmina sortarazten didate erlauntzek eta erleek.

- Han aurrean ikusi dezakezu erlategia.

Baserri aurrean, berrehun bat metrotara ikusi ahal zen, soroen bestaldean, belartzaren ertzean, basoaren oinetan eta babesean.

- Eguteran dago

- Hala behar du, erleak eguzkia  du nahitaezko.  

- Hurreratu gintezke?.

- Jakina!

Hurbildu ginen, soro eta belartza artean zihoan zidor batetik. Tio Jose Manuelen erlategiaren antz ber-bera zuen Eusebiorenak ere, jitez ez ezik, baita tamainaz ere, agian honek erle-ontzi gehiago zuen. Enbor hustuak, borobilari egokitutako oholez estaliak muturrak, egutera aldekoak bere zirrikitu estu luzearekin erleen sar-irtenak ahalbideratzeko, hiru ilaratan, bata bestearen gainean, gaina eta alboak burdinazko xaflaz babestutako estalpe batetan, Eusebio berak eginiko muntaia xumea.

- Noiz kentzen diezu eztia.

            - Bere garaian, laster.

- Oztopo ez bazaizu, gustatuko litzaidake ezti-ateratzea  nola egiten duzun ikustea.

- Ez dago arazorik, deituko dizut; nahi baduzu, etorri.

- Hemen izango naiz

Baserrira itzuleran, zelaia zeharkatzean inguruan zebiltzan erleetako bat bertaratu zitzaidan. Urduri seguruenik, behar ez zen mugimenduren bat egin nuen, nonbait. Bekokian ziztatu ninduen.

- Mehatxu zitzaion keinuren bat egingo zenuen.

Benetan mingarria zen ziztada.

- Zatoz sukaldera, Simona emazteak igurtziko dizu ziztada amoniakoarekin, beti dugu prest edozein emergentzia dela-eta ere.

Jarri zidan leungarria,  bekokia ez zitzaidan handitu, mina ere laster desagertu zen. Zer dakite bizitzaz tarteka astindu bat pairatzen ez duten horiek. Ez zen astindu asaldagarria jasan nuena, baina zerbait ikasia nuen, baketsuenak ere defendatzen dakiela alegia.

Hurrengora arte agurtuz, egin nuen alde.

Nekeak, keak, hotsak, … auskalo zerk, agian erreginari tokiren bat egokia iruditu zitzaiolako, … nork jakin ze mekanismok eragiten dion erlekumeari edo beraren erreginari kokagune zehatz bat aukeratzea. Adituek agian badute erantzunen bat, guretzat aurreikusezina zen non eta noiz pausatuko zen erlauntz hegalari hura. Ez genion etsiko azkenez adarren batetan gelditzen hasten zen arte. Lainoa baretuz joanen zen,  adar baten inguruan multzotuagoa eginen zen, adarra erlez ilunagotuz hasiko zen gune batetan. Erregina pausatua zen seguruenik eta manupeko erleek bera estaliz babestuz pilatzen zihoazen. Segizio humanoak utziko zion sinfonia gorgarria jotzeari, multzo hegalaria geldotzen eta murrizten joanen zen,  adarreko multzoa handitzen eta trinkotzen.  Multzo marroi handia ohi zen adarrean bildutakoa, formaz eta tamainaz mandatuetarako erabili ohi genuen kapazuaren jitekoa, metro-erdi bat luze eta zuhaitz-besoaren lodiera zabal goian, beherantz estutuz azpi borobil batetan bukatzeko, txano erraldoi zintzilikatu baten antzerako. Helduek alde egingo zuten beraien eguneroko zereginetara; umeok geldituko ginen erleen afera bukatutzat eman arte

Abisatu zidan Eusebiok, hurrengo goizean kendu behar ziela eztia erlauntzei. Abentura behar du izan bizitzak, norbere bila, azaleko harat-honatean, baina barnera ibiliaren lagungarri;  galtzeko arriskua hartzen duenak aurkituko du aurkitzekorik bada. Ez nekien zer aurkituko nuen, zorionekoa omen bere burua aurkitzen duena, ez nuen halako zorion pretentsiorik, baina atximurka  bihurritzen zitzaidan  esperientzia berri haren kilima.

Eta han nintzen ni agindutako orduan Emari baserrian.  Prest zegoen Eusebio heldu nintzenean.

- Hasiko al gara?

- Ez dugu besterik eraman behar?.

- Nahikoa dugu honekin.

Harriduraz begiratu nion, baina ez nion ezer aipatu. Hark ez zuen  zerikusirik erleei buruz era ezberdinetako erreportajeetan ikusitako parafernaliarekin. Han ez zegoen aurpegiaurreko saredun kapelarik, ez zen inolako eskubabesgarririk, lainoztagailurik ere ez. Pipar-pote ketsua zen ke-auspo bakarra, kea arintzean putz egin behar zitzaiona.  Esna, baino ez beti erne, egiten omen du gizakiak ia bizitza osoa;  esna eta erne jarri ninduen ni egoerak. Bizitzak noiz okerrenerago egingo, hori ohi da desesperatuaren burutazioa.  Ez zen desesperazioa hara ninderamana, esperientzia berri baten ziztada zen hura, erleen ziztada balizko baino probableez harago.

- Ez al duzu babesgarririk jartzen.

- Ez da behar, nahikoa  da kearekin.

- Ez dago ziztaden arazorik?.

- Ez dute ziztatzen lana patxadan egiten baduzu.

- Nola ezetz!

- Gure gorputzak ez du ezer erlei interesatzen zaienik.

- Ulitxa, mandeuli, eta enparauek ondo koskatzen gaituzte ba.

- Odola dutelako elikagai.

- Ez zaituzte sekula ziztatu?

- Noizbait, zerbait  presatiegi egin dudalako: etxean amoniakoarekin ziztada igurtzi eta kito..

- Ematen dit kezka pixka bat.

- Zu lasai, nire alboan geldi-geldi egon eta ez zaizu ezer gertatuko.

Ez nintzen lasaitu, baina ez nuen jada atzerabiderik ere. Zenbat pertsonak ez ote dio bizitzari eusten bizi-erritmo azkar bati esker: ezinegon hori da sarri bizitzari eusteko funtsa. Urlasterrean lez labainduz zihoazen sentipen bizienak nire barnean  zentzuaren babes-zokoak saihestuz, bizitzaren aurpegi berri bat ezagutu irrikaz.

- Zer erretzen duzu pipar-potean hain ke trinkoa lortzeko

- Bekorotz lehortua.

Hurrengo eman beharrezko pausoek ez zuten presarik. Tio Jose Manuelek ekarriko zuen eskailera bat, gero erla-ontzi huts bat, kokatuko zuen erle-ontzia zuhaitz besoan, aho irekia erlekume multzoaren parez pare, ke-laino batez babestuta,  burruntzalikada erle sartuko zuen barnera, ondoren beste bat, une batez esanen zuen “erregina barruan da” eta  eskaileratik jaitsiko zen. Tarte batez erle-ontzira begira jarraituko genuen umeok. Jada erlauntza zen. Erregina barruan, gainerako erleak hartua zuten barnera bidea. Ilara trinkoan egiten zuten barrurantz. Denbora eman behar zitzaien. Han egonen zen erlauntza  zuhaitz besoan lotuta. Jada denak barruan, tio Jose Manuelek jarriko zion muturreko estalkia, eta eramanen  erlategira beste erlauntzekin batera kokatuz. Eskuratua zuen erlekume berria.

Heldu ginen erlategira, sartu ginen barnera, kokatu ginen erlauntzen aurrean. Ke trinkoz inguratuta. Eusebiok jarri zuen ke-potea eztia kendu behar zion erlauntza gainean. Ni kieto bere alboan, zirkinik ere egin gabe. Eguneroko zertzeladatxoek eman beharko lioke  zentzua, garrantzia eta bristada, gure bizitzari, gertaera eta eginkizun txikiok egiten baikaituzte handi, istorio txiki horiek egiten dute-eta bakoitzaren historia, istoriook izan behar luketelako  buru-estimuaren funtsa, handi izan nahi horrek hain txiki egiten gaituen garai honetan. Agian ezkutuko sentipen horrek bultzarazten ninduen han jarraitzera. Erleak bor-bor, burrunba hotsa inguruan. Hegoei eraginak ateratzen duen murmurioa dirudien zaratak inguratzen gintuen. Kendu zion muturreko estalkia. Han geratu zen agerian lehen abaraska, enborraren taxuari  jarraiki borobila. Paletatxoarekin joan zen libratzen abaraska alboetatik, enborraren kontra-kontra, erabat libratu zuen arte. Atera eta ontzian jarri zuen. Agerian geratu zen hurrengo abaraska. Operazio berdina. Ez genuen hitzik egiten. Banan banan joan zen abaraskak ateratzen, erleek behar zuten anoaren zenbatekorainokora heldu zen arte.

Eusebiok oso mantso egiten zituen mugimendu guztiak, maitekiro bezala, nabari zen ez zituela inola ere erleok asaldatu nahi, biziraupena ere bazen seguruenik, baina sakonean erleontzako errespetua, miresmena, nolabaiteko maitasuna, baita eskerrona ere, beraiek baitziren baserriko diru-iturrietako bat. Urteetan mamitutako eta txirikordatutako sentipen sorta.

Erleen burrunbak soilik ez gintuen biltzen, erleak eurak ere inguruan zebilzkigun, inguruan ez ezik gorputzean, eskuetan, bekokian, … burua txapelez estalia genuen. Egonalditxoa azalean egin eta alde egiten zuten. Praka barrenetik ere sartzen zitzaizkidan bakarren batzuk, baina orkatilatik gora ez zuten egiten, iluntasunak etsiarazita edo. Horrela jarraitu genuen, bera mugimendu nagiko eztiaren zereginean, ni taket bat bezain zut eta geldi, begirale soil. Ihesa gutxitan da salbabide. Une hartan inola ere ez.  Arazoari aurre egiten dionak du garaile aukera, beraz han jarraitu nuen.

Erle bat, baina, ausarta edo abenturazaleak badaude egon nonbait erleen artean ere,  orkatilatik gora egin zuen. Sentitu nuen bernan gora, belaun gainean gero, ondoren izterrean gora egin zidan. Eta horrenbestez pazientzia galdu nuen. Kolpe tinko bat eman eta erlea bertan akabatzea otu zitzaidan. Eman nuen kolpea. Ustea ustel, orain ere. Zartateko bizkor eta eragilea, nire ustean, baina ez zuzenki erlearen gainean, edo ez behar bezain bortizki, nonbait. Kolpea jotzeaz bat ziztatu ninduen.  

Eusebio jabetu zen gertatuaz. Kalekumeaz errukitu zelakoan nago.

- Nahikoa gaurko, ziztada hori amoniakoz igurtzi beharra dago.

- Baina hainbat erlauntza falta zaizkizu oraindik.

- Bihar ere hemen  egongo dira, ez dago zergatik dena egun berean bukatu.

Eta hor bukatu zen nire erleen abentura.

Itzuli nintzen gehiagotan baserrira. Horietako batean erlauntzei kendutako abaraskak urtzen aurkitu nuen Eusebio, eztia eta argizagia banatzen alegia. Sukaldeko behesuan, laratzetik zintzilikatuta zeukan galdara handi batean borbor zeuden abaraskok. Nolako galdarakada!. Makila batekin eragin eta eragin ari zen.

- Lan luze eta astuna duzu hau.

- Bai, gorputz bakarra hartu behar du denak, ahalik eta meheena.

- Eta nola bakartzen dituzu eztia eta argizagia?

- Bahetu egiten dut irazki egokiko zapi baten bidez.

Lan, neke, eta ordu asko kostatako eztia zen Emarikoa.

Tio Jose Manuel hil zen, bere semeetako nagusiak erle-jabea hiltzen zeneko erritoa bete zuen:  erlauntzen aurrean jarri eta esan zien: “zuen ugazaba hil da”. Erritoa beteta, erleek ez ziren galduko.  Baina desagertu egin ziren, errepideari zabalera handiagoa eman behar zitzaiola-eta Kontzesio bota egin zuten, ingurua eraldatuz. Tertulia eta tertulia-kideoz gaindi, errepideko edo errepidearen biktima bilakatu zen tertulia-auzo izan genuen erlategia bera ere.

Berriro kalekume, topo egin dut mendi-auzoko lagun batekin:

- Hil hituen, bai, Pedro eta Eusebio anaiak.

Kontatu nion Kontsezioko erritoarena.

- Ez diat uste inor joango zenik gurutzedun zapi zurien arrastoak jarraituz Pedroren basoko erlauntzetara ugazabaren heriotzaren berri ematera.

- Urte bakarrerako ugazaba gainera.

- Nolanahi pagadiak pinudi bihurtu hituen berehala.

- Eta Emariko erlategiak ba al zirauk?.

- Ez zekiat hik diodan erritoa konplitu zenik, baserria bera hustu egin huen, hain familia zabala baina inork ez zioan  eman jarraipenik. Bazekiat udan joaten direla udapasa edo. Desagertu hituen erleak ere seguruenik.

Gizarte aldaketak, erleekikoa ere irauli du.    

Han-hemenka erlantzak  ikustean, kaxa kubo perfectoak gaur egun!, oraindik halako kilima bat nabari dut hor nonbaiteko toles batean, erlemin jarraitzen dut, bakean utziz ez nautela ziztatuko dakit, maitagarria dut bere hegaldi-burrunba landa zabaletako ibilietan.

Eguzkia dir-dir eguerdian, zelai baten hegian, ote, txilar, ezkai, sasi, eta zuhaixkez osaturiko txara ertzean, erlauntza batekin egin nuen topo mendiko ibili batetan. Etengabeko joan-etorrian zebiltzan erleak. Erleekiko txeraz, ikusminez, eta beraientzat nik ez nuela probetxagarririk filosofiaz lasai, hurretik behatzea otu zitzaidan. Erlauntzaren aurrean jarri nintzen kokoriko. Berehala hara non ateratzen diren bata bestearen ondoren ziztu bizian zenbait erle, zuzen niregana, gerrako ehiza-hegazkinak bailira, erlauntzeko segurtasun sailekoak nonbait. Etsaia egoztera zetozen. Ez nuen nik elikagairik beraientzat, baina lanerako beharrezkoa zuten aire espazioa okupatzen nien, aire-esparru okupatzailea nintzaien, joan etorrietarako oztopo. Astindu nituen, baita estropezuka alde egin ere abiadura bizian. Halaz ere batek eskugainean ziztatu ninduen. Ez nuen amoniakorik eskura, beraz lehen uneko minaz gain, esku handitua jasan behar izan nuen aldi batez. Errealitateko osagaiak bere koordenada zuzenetan kokatzen erakutsi zidan bizitzak. Bere baketsuan dagienari errespetuan datzala armonia eta oreka argi utzi zidan erleen afera hark. Heltzen zaizkigun apurrekin zoriontsu, sekula iritsiko ez den zerbaiten esperoan egotea bezala da bizitza, erleen esperientzia hura heldu zitzaidan niri, eta une batez jakintsuago egin ninduen.

Naturaren broma bat omen bizitza, broma inkontziente bat. Agian. Baina gizakiak kontziente egiten duen broma. Tarteka garratza arren, gozotzen ahalegintzen garen broma. Mendi-auzotik atera egin ninduen ni neu bizitzak, urbanita edo kalekume  bihurtuz. Goxotasun lipar iheskorra damaie oraindik joanetako egun haien taupadei. Etiketatutako eztia erosten dut denda batetan gaur egun, ekologikoa omen, hala dio txarteltxo batek, etiketak alegia. Gozoaz goza gogoz. Bizitzari baino bizitzako gauzei edo osagaiei gehiago begiratzen diegula aurpegiratzen digute, gauzak ez zaizkigula  bizitzeko baliabide, helburu bihurtzen ditugula,  bizitzaz baino bitartekooz gehiago gozatzen dugula. Baina osagai edo baliabideok ere ez al dira ba bizitza konkretua, bizitza bera. Erleak eta eztia ere bizitza dira.

etiketak: Kontakizunak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.