Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

MIRACLE

Jon Etxabe 2021/08/02 10:00
ARGIBIDE GISA. JOANEKOA: Atarikoa, Caravanchelera, Miraclera bidean, Iriztea.

M I R A C L E

 

 

ARGIBIDE  GISA

 

 

EGUNKARIA

Urte emankorra izan zen monasterioko kartzelaldia. Nire bizitzan erabakigarria, Zamorako urteekin batera.

Egunkari bat idatzi nuen non eskematikoki jasotzen nuen eguneko zenbait zertzelada eta bizipen, oso nekatua bukatzen nuen arren eguna, idazteko denborarik  ere gabe, edo, izan arren, egunerokoari idatziz sakonago ekiteko burutazioetan luzatzeko, nire sentipen, harreman eta gainerako xehetasunetan murgiltzeko indarrik, patxadarik, girorik edo baldintzarik gabe. Nolanahi gauerdian edo biharamunean lehen orduan, ez nion hutsik egin jarritako diziplinari, lerro bakar batzuk besterik ez bazen ere.

 

OROITZAPENAK

Hor zegoen egunkaria eskuz idatzita blok batean. Koadernotik ordenagailura pasa nuen Etxarrin, nire garunei eragiteko ariketa bat bezala.

Nire sentipen eta emozioen hutsunea aurkitu nuen egunkari hura berrirakurtzean. Nola bizi izan nituen barrutik hainbat une hunkigarri:  egun haietako egoera eta bizipen bitxiak, kontraesanak, nire bilakaera pertsonala arlo ezberdinetan,  bizi izan nituen kontrasteak, sentipen goxoak eta larriak, monasterioko giroa, harremanak, monjeekiko kidetasuna... egoera politikoa… Kanpotik kontatzen ditut, azaletik, ez da ageri orduko barne bor-bor  hura. Zurrunbilo hartan ez nuen izan idazteko patxadarik, tarte lasai askorik ere.

Kondena betezko azken urte hura errealitate edo esperientzia egunkarian niona baino asko zabalagoa ez ezik sakonagoa ere izan zela jabetu nintzen egunkaria irakurtzean. Hutsune hori nolabait bete asmoz oroitzapen, zehaztasun edo argipen batzuk gehitu nizkion egunkariari. Letra etzanetan utzi nuen Egunkaria,  lerro mota ohikoetan gehigarriak.

 

SAILKAPENA

Hor nituen, alde batetik Miraclen idatzitako egunkari edo egunerokoa, eta bestetik gero Etxarrin gehitu nizkion nire oroitzapenak. Jada berriro Eibarren bota nien begirada bat lerrooi. Errepikakorra, aspergarria ere, egin zitzaizkidan.

Uste izan nuen guzti horrek eman ahal zidala aukera nolabait sailkatu eta idazkioi gorputz bat emateko. Agian egunen batean sasoiko eta umoreko banengo narrazio edo kontakizun harilkatuagoak egiteko materiala izanen zitzaidala. Horrela ba, sailkatze lan bati ekin nion. Eskema baten inguruan joan nintzen biltzen egunkarian sakabanatuta dauden nolabait parekotasuna duten pasarteak. 

 

LABURPENA

Pandemiako itxialdian bota nien beste begirada bat egunkaria eta gehigarrioi: astuna, ia aspergarria ere, egin zitzaidan oraingoan ere. Laburtzea erabaki nuen, nire Miracleko urte haren begirada trinkoagoa bat egitea, bakandu, jorratuz, arinduz, egoera errepikagarriak baztertuz, aspergarriegia izanen ez zen zerbait laburragoan utziz, beti ere funtsezkoenak gordez.

Letra etzanean utzi nuen orain ere egunkarian datorrena, beste dena nire ondorengo oroitzapen eta azken iruzkinak dira.

 

BLOGEAN

Jabetzen naiz dena dela oso pertsonalegia, inor gutxiri interesatu ahal dakiokeela nire esperientzia hori. Interesgarria izan ahal den kontakizun edo istorio landu edo borobilduei ekiteko sormen gaitasunik ez dut. Kontakizuna nahi duenaren eskura uztea erabaki dut, azkenik, zalantza askoren ondoren. Ager dadila blogean. Agian norbaiten interesgunea sortaraziko du.

 

ZERTAZ

1.- Joanekoa: Atarikoa – Caravanchelera - Miraclera bidean -  Iristea.

2.- Monasterioa. Atarikoa - Osagaiak - Monjeak eta zerbitzariak - Giroa - Festa-egunak – Granja.

3.- Askatasun egarri. Askatasunera ohitzen - Ihes aukera.

4.- Bizi nahian. Jende-min - Bizi-min - Ibilaldiak.

5.- Harremanak. Bertakoekin -  Masiakoekin - Han-hemengoekin -  Prentsarekin – Gutunak – Deiak.

6.- Bisitak. Orokorra - Familia - M. Luisa - Apaizak - Laikoak.

7.- Giro soziopolitikoa. 

9.- Azken egunak

10.- Drak.

 

 

 

  1. 1.       JOANEKOA

 

 

Atarian

Julen eta biok geratzen  ginen soilik Zamoran. Delitu politikoz eta epaitegi militarrak kondena luzez zigortutakoak biok. Kanporatuak ziren beste denak. Irtenbide ezberdin bat aurkitu behar zitzaigun gu bioi. 53 apaiz pasatu ginen Zamorako Konkordatu kartzelatik, tokatu izan zen batera hogeitik gorako taldea. Azken aldian, aldiz, 5 soilik geratu ginen luzaro. Jasanezina bilakatu zitzaien bai Elizari bai Gobernuari apaizentzako kartzela hura: apaiz presoon jarrera tinko salatzaileak, hainbat gose-grebak, kartzela deuseztatu zuen mutinak, kanporaino heldu zen 17 metroko tunelak, zigorra zigorraren ondoren jarri beharra zekarren barnekoon jarrera  irmoak…  eta kanpoan, Euskal Herrian, Espainian zein internazional mailan, gero eta hedatuago zegoen presioak, behartu egin zuen Estatu espainiarra apaiz zigortu gehiago Zamorara ez bidaltzera. Bost soilik geratzen ginen, beraz, azkenik. Ez Elizarentzat ezta Estatuarentzat ere, ez zen jada errentagarria, kaltegarria baizik, kartzela hura. Kontraesan sakonean sartuak genituen bi botereak. Franco hilda, aldaketa politikoa ere lagungarria zen apaizen kartzelari amaiera emateko. 

Gerra eta Diktadura garaiko gehiegikeria eta  delituak zigorgabetzeko bidea besterik izan ez zen amnistia deitutako hark  ere ahalbideratu zuen Konkordatu kartzela bertan behera eta lehenbailehen amaitutzat ematea. Etxeratu zituzten beste hirurak. Bi soilik geratu  ginen bada. Julen eta biok. Gure kondena eta balizko delituekin, deserosoa zitzaien bi botereei gu biok libre uztea.

 

Bagenekien denbora gutxirako ginela han. Bagenekien ere biok komentura eramateko asmoetan zebiltzala. Komentua: kartzela harekin bukatzeko trikimailua. Ez genion guk uko eginen komentuari. Kartzela arrunta exijitzea izan zen apaiz kartzelaratuon helburu nagusietariko bat, exijentzia aldarrikatuena. Ez ziguten inolako kasurik egin, Konkordatu Kartzela erabili zuten apaizok beste preso politikoengandik banatzeko. Konkordatu  horretaz baliatuko ginen, beraz, kartzela uzteko. Konkordatu kartzela itxi behar zutenez, komentua zen orain guretzat  kartzelatik ateratzeko aukera nagusia, iheserako aukera ere agian. Eta horretaz baliatu nintzen.  Jada ez nuen mezarik ematen, ez nintzen apaiz sentitzen, baina ez nion ofizialki apaizgintzari uko egin, izaera horretaz baliatu baziren nire militantzia lagunengatik aldentzeko, izaera horretaz baliatuko nintzen kartzela uzteko. Aurpegiratu izan didate ez nuela zintzo jokatu. Nire kontra erabili zuten trikimailu bera erabili nuen beraien aurka neuk ere. Besterik ez.

 

Bazen hirugarren apaiz preso bat ere. Fraidea. Zein zen jakin ez genuen delitu arrunt batengatik kartzelaldi oso luzerako zigortua. Kartzela berean arren bere gisako bizimodua zeraman. Jantokia eta eguneko gela partekatzen genuen soilik berarekin. Lo ere gaixotegia deitutako gela batean egiten zuen, bakarrik.  Gu politikoak ginen, bizi-baldintza justu batzuengatik borrokatzen genuen, baina berak, nahiz guri hitzez kartzelarekiko eta kartzelarientzako sekulako ezadostasuna, gorrotoa ere, erakusten zigun arren, gure bizimoldeetatik urrun nahi zuen gorde. Egiari zor, azpilan eta isilpekoko  sareak beti baitaude hedatuak kartzelan, bere ohiko jarrera ikusiz, geu ere ezin ginen beraz fida. Izan ziren beste zenbait apaiz delitu arruntengatik kondenatuak, nortzuekin beste era batera konpondu ginen.

Ez genion gure komentura irteeraren berehalakotasunaren berri eman, bide ez ofizialetik, ia klandestinotik, etorri baitzitzaigun notizia.       

 

Ez zitzaizkigun luzeegiak egin azken egun bakarti haiek, inola ere jasangaitza suertatu bakardadea, are gutxiago aspergarria. Amets eta zeregin berriak genituen ohiko jarduerez gain. Abokatu eta familiaren bidez jakin genuen bakoitza ze komentura garamatzaten. Liburutegian genituen mapa eta atlasetan kokatu genituen bakoitzaren komentuok. Ez zen lan erraza izan, herri txiki galduetan, hiri eta herri handietatik urrun edo at baitzeuden. Azken egunetako batean komentua aldatu egin zigutela abisua pasatu ziguten. Ni nindoanera joango zen Julen, ni, aldiz, Katalunian, Lleidako goialdean, Solsona lurraldean, Frantziatik nahiko gertu zegoen Miracle monasteriora ninderamaten. Komentuak ez ziren harberak: ETAko kidea, kondena handikoa, Burgosen epaitua… ez ninduten hartu nahi, beraientzat arazo bat bilakatu nintzatekeen eta. Lazkaoko beneditarren komentuko abata zen Aita Maurok, izen eta eragin handikoa bera, honek ahalbideratu zuen Miraclek ni onartzea. Montserrat monasterioaren menpeko zen Miracle, beneditarrak  ziren bertako monjeak. Kosta zitzaigun delako Miracle aurkitzea mapan, letra oso txikietan idatzita zetorren izena, Solsonatik hur, agian inguruan santutegi nahiko ezaguna zuelako zetorren etorri ere mapan. Argi zegoen paraje galdu bat zela. 

 

Gure betiko erritmoari jarraitzen genion, nolanahi. Ordu asko eskaintzen genion irakurtzeari. Patioan ariketa fisikoa egiteari ere ez genion utzi. Baina hara non zeregin berri bat ezarri ziguten kartzela-buruek: geneuzkan liburu, karpeta eta paper multzo guztien zerrenda egin behar genuen. Bagenekien prozedura antzu bat besterik ez zela, burokrazia hutsa: ez maisuak, ez inork, ez zuen zerrenda hori zazpi urtetan banaka edo oso gutxika sartutako liburuekin erkatuko. Hainbat liburu eta idazki zeuden klandestinoki sartuak edo geuk idatziak. Libururik ez zela kartzelatik aterako suposatzen zuen agindu horri ezetzak, guk, aldiz, kanpoan nahi genituen liburu guzti horiek, kartzelako apaizon liburutegia zen, nahiko lan eta zailtasunez osatua. Zerrenda eginen genuen beraz. Batek izenburuak ahoskatu eta besteak idatzi, luze joan zen zeregin berria, baina bukatu genuen. Kopia bat ere egin genuen. Lan horri esker daukagu gaur egun Konkordatu Kartzelan irakurri genituen liburuen katalogoa, liburutegi mardula, kartzelako zertzeladak dakartzan “Intxorta 1937 Elkartea”k argitaratutako “Zamorako Landan” liburuan datorrena. Kaxak eskatu eta kaxotan enbalatu genituen liburuok, maisuak zerrendari onespena eman ondoren.  

 

“Beltzak esan zidan behingo-behingoan garamatzatela, gaur gauean ez bada bihar goizean.”

Kartzela urteetan jator portatu zitzaigun presozaina zen Beltza deitzen geniona. Presozain soila, galoirik gabekoa. Azalagatik deitzen genion gure artean Beltza, gaztelar azal ilunekoa baitzen. Zintzoa, aldi berean zuhurra. Mesede egiteko prest beti. Hainbat azpi mezu ekarri zigun, hainbat azpi jokabideri ezikusi egin ere bai. Baina inork baino hobeto zaintzen gintuen berak. Beti zegoen, gure inguruan. Guk geuk ere berari kalterik ekartzerik nahi ez geniolako hainbat ekintza ez genuen bere guardia egunetan egin, Baina ekintza garrantzitsurik ezin izan genuen bere zaintza egunetan egin, esate baterako, ezin izan ginen behin ere tunel zulogintzan aritu bere guardia egunetan. Berak bazekien zertan itsuarena egin, guk ere bagenekien zertan ez zuen itsuarena eginen. Beste hainbat azpilan, aldiz, bere zaintza egunetan egiten genituen bera jakitun jarrita.

 

Irten ginen azken ibilaldira patiora. Beti da sentipen-koktela despedida bat. Aurpegi bikoitza du agurrak: bizitakoaren oroitzapenak eta zer izango zalantza. Joana eta datorrena, izana eta geroa. Alde biko moneta. Edozein aldetara begiratzen dugula ere, beti du bere ifrentzua agurrak. Irrikan eta pozez gainezka geunden behingoz kartzela uzteko, pozez gainezka bihar horma haien bestaldean egonen ginelako, bor-bor genituen barne zirrikitu denak irteteko ametsa gauzatu ametsez. Etorri beharrekoa etorriko zen, gertatu beharrekoa gertatuko, baina zaila zen zetorrena kartzela hura baino okerragoa izatea. Nolabaiteko nostalgiaz ere begiratzen genien patioko hesi gotorrei, kartzelako hormei, ageriko pasillo luze hari, jada hilotza zirudien eraikuntza tzar hari. Patioko biok ezik, ez zebilen inor munstro hartan. Auskalo non gordeta zegoen Jose. Baina zurrunbiloan zetozkigun bioi bizipenak: zenbat lagun berri, zenbat harreman estu, zenbat arrisku, zenbat poz, zenbat ordu txar, zenbat xera, zenbat barre, zenbat barne-negar, zenbat… zenbat…

 

Koipe etorri zitzaigun patiora. Ofizialki berak esanda jakin genuen jada bagindoazela, hurrengo goizean garamatzatela.

Koipe ere presozaina zen, galoiduna, Zerbitzu Buru izateko bidean. Oso leuna. Kristaua. Legera lotzen zena. Huskerietan ezikusiarena egiten bazekiena. Huskerietan soilik, baina. Ezer arriskatuko ez zuena. Utziko zigun telebistan Frantziako Tourra ikusten baimen-orduz beranduago bukatzen bazen; berak, baina, alde egingo zuen gutun bila edo beste aitzakiaren batekin, noizbait goiko inork galdetzen bazion zerbait, berak ezer ez zuela “ikusi” esan ahal izateko, nahiz jakin telebista ikusi genuela orduz kanpo: ez da susmoa, luzatzeko baimena eskatu nion batean berak esanda dakit. 

 

Beraz, ofizialki genekien jada biharamunean uzten genuela kartzela. Eta ekin genion ageriko azken prestaketei, eman genien azken ukitua irten aurrerako utzitako zertzeladei, geurekin eraman nahi genuen jantzi, liburu eta gainerako beharrezko trepeta pertsonalei. Ez genekienez hurrengo egunaz ezer, bokadiloak ere prestatu genituen. Joseri ere esan genion biharamunean gindoazela. Ziur geunden bera ere laster aterako zutela, kartzela hura bukatutzat emateko.

 

Maisua ere etorri zitzaigun. Despeditzera. Pertsonaia alua, urteen buruan ere bere irudia ezabatu ez zaidana. Agian bere heziketagatik, karguagatik eta zereginagatik beste zerbait eskatu behar zitzaion, baina presozain zikin hutsa izan zitzaigun zazpi urte luzeetan. Erraza zuen hitza, baina kartzelari petoaren jokabidea zuritzea zen bere ahalegin bakarra. Beraren bidez jakin ahal izan genuen egun horretan  Jose bertan gelditzen zela oraingoz, bihar gu biok, biok batera, Madrilera garamatzatela lehenengo, etzi eramango gintuztela Madriletik bakoitza bere egontoki berrira. Horrela ibili behar izaten ginen kartzelan zerbait jakiteko, hari-mutur bati tiraka kartzelariengandik zerbait argitzeko. Ez dago giza-lege ohizkorik kartzelan. Ez dizute zuzenean egiarik esanen. Zigorra edo berri mingarriren bat ohi da presozainek presoa jakinaz gain uzten duten egia bakarra.

 

Bagenekienez bagindoazela komentu batera, baita zein komentura ere, ez gintuen, beraz,  berebiziko poztasunak astindu hurrengo egunean gindoazela notizia ofizialak. Zamorarekin bukatu genuela zen sentimendu pozgarri nagusia. Nolakoa ote gindoazen komentua eta nolakoa hango egoera, hori zen une hartan zetorkigun galdera, jakin-mina eta kezka. Bagindoazen 7 urtez eduki gintuzten zulotik, komentua ez zen okerragoa izango, eta okerrenean ere handiagoa izanen zen ihes egiteko aukera.

 

Lo txarrekoa izan naiz. Harritzekoa bazen ere, oso ondo egin nuen lo Zamorako azken gau hartan. Gaina hartu zion agurreko gau hartan Konkordatu-kartzelaz bukatu izanaren patxadak bizitza aldaketak zekarkigun urduritasunari.

 

 

Caravanchelera

 

1976. Martxoaren 26a. Ostirala

Labirinto bat da kartzela: irtenbide bakarra duen eraikuntza da izan ere. Mila zirrikitu, gela, txoko, ate, burdinsare, korridore, pasabide ditu… baina beti kartzelaren baitan kiribiltzen dira horiek denak, kartzela barnean bukatzen dute.  Irteerako atea soilik duen eraikuntza da kartzela presoarentzat.  Ate bakar horrez harago, airetik edo lur azpitik, ez du beste  aterabiderik. Goitik edo azpitik.  Amets eginak ginen nola gainditu gainetik hormak, baina sator lanetan saiatuak ginen batez ere gu,  zeharkatuak genituen lurpetik bi hormak, kartzelako eraikinenenarenak eta kanpokoarenak, zeharkatuta karrajoa 17 metroko tunel batez, ikusia genuen zulotxo batetik kanpoko argia. Irten bezperan harrapatu gintuzten.

Eta hara non ate handitik aterako ginen oraingoan. Preso oraindik, baina hormatzar haietatik kanpo. Esperantza ikuspegian.

Zortziak laurden gutxiagotan atera gara, edo atera gaituzte. Ez genekien nora garamatzaten.

Zortziak laurden gutxiagotan atera gintuzten. Kartzelako trasladoetako betiko  protokolo edo zertzeladak: hatz markak… eta bagoaz. Bagaramatzate. Eramanak!: gauza bat besterik ez baita presoa presozainarentzat, gizakia dirudien gauza. Paperean eta diskurtsoetan besterik badiote ere. Tentuz tratatzen dituzte  agentziek paketeak, lehenbailehen entregatuko dute bere destinoan, bezerorik ez galtzeko. Presoen trasladoa, ohikoan, pakete baten entrega baino askoz luzeagoa da, okerragoa; tentu gutxiagoz tratua da presoa agentziek pakete bat baino. Egunak behar dira preso bat kartzelaz aldatzeko, kartzelatik kartzelara eramango dute, furgoian, bat han utzi eta hemen beste bat hartu. Jaso eta entregatu. Tokatzen zaion kartzelara heldutakoan utziko dute han. Izugarri latzak ohi dira furgoiko baldintzak ere, pilatuta, eskuak lotuta... Errealitate gordin hori zuritzen ahalegintzen  dira kartzela arduradun eta erantzuleek, baina erabat gordina da presoekiko tratua. Trasladoetan ere. Merkantziek ez bezala, zigorra merezi duen zerbait da kartzelazainentzat presoa. Latza da diodana. Baina hor dago errealitate ankerra. Familiartekoek ere egunak pasako dituzte urduri, trasladoetan, senidea ez non ez nola dagoen jakin gabe. 

Garaipen sentipena genuen guk Konkordatu Kartzelako ate handia atzean utzi genuenean: lortua genuen Konkordatu Kartzelarekin bukatzea.

Txapelokerrek gordeta. 3 jeep, Julen eta ni erdikoan, lotuta.

Eskuak aurrealdetik, ez atzean, lotuta, zorionez.  Apaizenganako begirunea nonbait, pribilegioa.

Hamabiak aldera ginen Caravanchelen. Txiletarra, kaboak ... itxaronaldi luzea.

Luzaro itxaronarazi gintuzten: agian ohizkoak dira itxaronaldi luzeok trasladoetan, ze axola presozainari bidaia luze baten ondoren presoa erabat nekatuta, gorputza minduta, badator.

Araketa: prakak kendu dizkigute: ordu onean ez genuen hartu osaba.

Ohituta ez geunden araketa egin ziguten: prakak jaitsi behar izan genituen. Eskerrak osaba ez dudala hartu pentsatu nuela dut oraindik gogoan. Zamoran izan genuen walki talkiari lehenengo eta hura erori ondorengo irrati nanoari deitzen genion “osaba” kartzela barruko eta kanpokoekiko argotean. Galtzontziloetan eramaten genuen. Gurekin eraman edo ez ezbaian egon ginen Julen eta biok, azkenik patioko zoruan lurperatuta utzi genuen

Erizaindegian, banaka, bakartuta.

Erizaindegiari buruzko lehen iritzia: ez da uste nuen eta entzutez irudikatu nuena bezain ona.

Erizaindegian jarri gintuzten, banaka, bakartuta, isolatuta.

Ezagutzen genuen nolabait erizaindegia. Zamoran egin genuen gose-greba aurrera zihoala eraman gintuzten bertara, jada Zamorarekin bukatu eta kartzela ezberdinetara sakabanatzeko erabakiaren ondoren. Zamorara itzuli gintuzten: gaur dakigu militarrak jarri zitzaizkiela aurrez- aurre Elizari eta Gobernuari, ezin omen zen-eta gose-greba batengatik amore eman.

Pacoren kontakizunei zor, Zamorako kide bat zen Pako Caravanchelen sarri egona multa ordain ordez, nahiko idealizatuta genuen  ospitale hura. Aurreko hartan denok areto bakarrean egon ginen, denok elkarrekin. Bizipen kaskarra eragin zidan oraingoan delako ospitaleak, kartzela peto bat besterik ez zen. Gaixoen egonlekua izatea zen ezberdintasun ia bakarra.

Araketarengatik sutan pasa dut arratsalde gehiena, patiora begira.

Zamoran ez ziguten behin ere horrelako araketarik egin, onartu ere ez genuen onartuko, erabat behartu beharko gintuzten, eta seguruenik zigor gogorrak jasoko. Araketetan ez genien presozainei atzamarrak tripa barrenera hurreratzen ere uzten: une zitalak pasatuak ginen hori dela eta.   Amore eman genuelako nengoen haserre. Errazegi utzi genielako prakak jaisten. Bizitza berri bat hastera gindoazen egoera bereziak bustiko zidan bolbora.

Patioa: janzkera berdinak denek, joko ezberdinetan presoak, tipo bitxiak... bizitza pil-pilean, bor-bor.

Ez liburu, ez arkatz, ez paper, ez ezer, orduak eman nituen leihotik patiora begira.  Ez dakit zein modulutako patioa izanen zen. Guk bizitu beste kartzela mota bat zen hura. Ezberdina eta bitxia gertatu zitzaidan patioa erizaindegiko leihotik ikusita. Noizbehinka aurreko pabiloiko leihoetan soilik ikusi izan genituen, tarteka eta banaka, preso sozialak Zamoran. Ezberdina egin zitzaidan patioa, ezberdinak patioko biztanleok. Denek janzkera berdinez, oso tipo bitxiak ikus zitezkeen, jolas eta joko ezberdinetan zebiltzan… Bizitza pil-pilean, bor-bor, batez ere gutxi geratu ginen Zamorako azken urteetako baretasunarekin alderatuz. Labirinto bat bada kartzela, labirinto bat gara pertsona bakoitza ere. Labirinto barnean bizi ginen labirintoak ginen presook. Han nekusan preso bakoitza ere. Irteerako ate bakarra zuen labirinto hartan bakoitza bizitzari bere aterabidea  aurkitu ahaleginean bizi zen gizataldea ginen, nahiz bizitzak bere bidetik eramango gintuen. Misterio bat zitzaidan haietako bakoitza.

Ez dugu politikorik ikusi, ez baikaituzte zazpigarrenera eraman.

Kartzelako nonbaiten, moduluren batean, egonen ziren preso politikoak, ez genuen inolako aukerarik izan beraiekin elkartzeko, baina gogoan nituen, eta beraiekin egoteko irrikaz nengoen.

 

 

Miraclera bidean

 

27a.  Larunbata. 

Presaka altxarazi gaituzte ohetik.

Ezustean harrapatu nindutela dut gogoan. Goiz. Ahalik bizkorren prestatu eta berehala ginen presozainari jarraituz irteerako atean.

Gurrutxaga eta beste bi preso politiko ikusi ditugu: goiz hartan bertan Burgosera eraman zain zeuden. Hitzalditxoa bat egin dugu.

Lauso dut Gurrutxaga eta beste biekin bat egin genuenekoa.

Julen eta biok agurtu gara azkenengoz. Oraingoz.

Han banatu ginen Julen eta biok elkarrekin Zamoran egindako zazpi urteen ondoren. Bakoitza bere komentura. Auskalo noiz arte, baina berriz elkartzea laster izanen zen itxaropenez. Mila sentimendu bor-bor: kontrajarriak ohi dira agur oroko sentipenak gehienetan, bidegurutzea baita  agurra, iraganaren eta datorrenaren muga. Joanari bizkarra, datorrenari branka, izanaren-eginaren zein ametsen-itxaropenen motxila bizkarrean. Gazi-gozoa da agur oro, poza nahiz samindura gailentzen zaio.

 

Bidaia: 3 jeep eta autobusa, 12 txapeloker,  gehi bidekoak.

2 jeep eta autobus batek  osatzen zuten naraman segizioa: jeep bat aurrean, beste bat atzean, ninderaman autobusa erdian. Jeep bat edo bi motorista izaten genituen zain probintzia bakoitzeko mugan, haiek hartzen zioten txanda aurreko probintziakoei, aurrean jartzen ziren bidea zabaltzen probintzia bukatu arte. Beraz hiru jeep, eta 8 guardia zibiletik gora neramatzan ni zaintzen.

Autobus osoa nuen niretzat bakarrik!!!.  Ez zen autobus handia. Burdina-sarea zuen aurrean gidariaren eta laguntzailearen eserlekuetatik banatzeko, metrailetaz armaturiko txapelokerra zen txoferraren albo-kidea, tenientea zen, “mi teniente” deitzen zion behintzat gidariak. Bera zen konboiaren arduraduna. Bigarren sare batek isolatzen ninduen  zaintzaile batentzat atzealdean zegoen kaiolatik, baina ez dut gogoan han atzean guardia zibil armaturik eraman nuenik 

Lotuta.

Eskuburdinez lotuta neuzkan eskumutur biak, bata besteari, baina aurretik, nahiko nasai. Banuen autobusean batetik bestera, atzetik aurrera egitea, ezkerreko jarlekuetatik eskuinekoetara  aldatzea, edo aurrekoetatik atzekoetara. Asko mugitu nintzen,  luzea izan baitzen bidaia, eta nire dena ikusi irrika ere ez zen nolanahikoa. Bazterrak ikusi…

Oso goian zituen leihoak autobusak, hainbat, arra bete luzera gorantz eta metro erdi alboetara: hanka puntetan jarrita ere ezin nuen kanpoa ikusi, jarleku gainera igo behar nuen horretarako. Ikusi ahal nuen ere aurreko jarlekutik kanpo ingurua, busaren haizetakotik, sareak, ez baitzen oso trinkoa, ez zidan ikuspegia lausotzen, are gutxiago ezindu edo eragozten.

Tarte asko egin nituen aurreko eserlekuan eserita kanpora begira. Dena nintzen begi eta ikusmin. Nola ez zazpi urtez hormaz inguratuta bizi ondoren, zeruranzkoa ezik, beste distantzia luzeena gehienez 20 metrokoa izan ondoren, horrez gain zazpi urtetik bat zigor-gela zuloan egin eta gero. Jarleku gainean zut alboetara begira, baina batez ere lehen ilarako jarleku batean eserita,  haizetakotik zitzaidan ikuspegi zabalen eta erosoenari so, horrela egin nuen ia bidaia osoa, han kanpoan nekusan dena irentsi irrikaz. 

jan...

Biderako jana eman ziguten kartzelan, picnik horietakoa, nonbaiten jan nuen bidean, guardia zibilok ere bidean jan zutela-eta nago, gidariak ere jan beharko baitzuen, baina ez dut gogoan ez non ez noiz ez nola, ez dut gogoan inon geratu ginenik gero kontatuko dudan Lleidako geraldia ezik.

 

Irratiaren falloa.

Bertatik bertara ikusi eta sentitzen nituen nik gidaria eta laguntzailea. Beraien elkarrizketak jarraitu ahal nituen, baina ziotenak ez zuen inolako interesgunerik niretzat, arrunkeriez aritu ziren. Paisaia zen nire ikusmina.

Hara non ez dieten funtzionatzen irratiak: nahi zuten konboiko beste autokoekin hitz egin, beste nonbaitera dei egin ere, baina ezin zuten!. Halako parafernalia eta segurtasun neurriak arren, autobusetik kanpoko guztiengandik isolatuta egin genuen bidaia osoa. Uste baino gutxiago dira urrutiko intxaurrak askotan. Itxurakeria dira sarri itxurak,  miseriak beti.

Haserrez hartu zuten bi guardiok irratia hondatzea. Ahalegintzen ziren beti ere jeepekoekin lotzen baina ezina zen. Areagotuz joan zitzaien haserrea eta ezinegona Lleidara hurreratu ahala. Gero eta nabarmenagoa zen tenientearen ernegua.

Lleida hirira nindekarrelakoan zeuden ... tenientearen haserrea...

Kartzela non ote autuan hasi ziren biak, Lleida probintziara sartzean. Areagotuz zihoan bien egonezina: aurreko motoristei galdetu beharko ziela, beraiek zuzenduko gintuela kartzelara... Barre egiten nuen nik neurekiko. Aurreko jarlekuan eserita, biziki jarraitzen nituen beraien ezjakina eta besteekin komunikatu ezina.  Azkenik neu ere sartu nintzen tartean:  esan nien ez naramatela hiriburura,  Solsona aldera baizik, Solsona urruti zegoela Lleidatik... Ez zidaten kasurik egin, aintzat hartu ere, ez hitzik ere egin… baina ingurabidez hiria albo utziz aurrera gindoazela ikusirik, gasolindegi batean geratzea erabaki zuten. Segizioa osoa ere geratu zen.

Luze joan zen egonaldia, bakarrik nengoen autobusean, motoristekin hitz egiten ikusi nituen, telefonoz deika... nik barre egiten nuen nirekiko. Sartu ziren berriro autobusean, azkenez. Haserre bizian etorri ziren. Jada bazekiten Miraclera naramatela, urruti zegoela Miracle oraindik.

 

Abiatu ginen. Areagotzen joan zitzaien haserrea. Jada ez zen autobidea generamana, probintziako errepidea baizik, moteldu egin behar izan zuten abiadura, trafikoak ere mantsotu egiten zuen joana… Biziagotu egin zen txapelokerron  haserrea  errepideak gorantz egin zuenean, are gehiago errepidea estutzean, zitalago jarri ziren bi morroiak bidea sigi-saga hasi zenean, dena bihurgune bihurtzean: “non dago hori”, “ni ez naute berriro horrelako zerbitzu batera ekarriko”, “gaixo jarriko naiz bezperatik” eta antzerakoen marmarioz egin zuten azken orduetako bide luzea, bai gidariak bai tenienteak. Mantso joan zen bidaia,  estua eta pikea baitzen errepidea autobusarentzat, sigi-saga askoko aldats piko luzea izan genuen azken  aldera.

Erabat haserre heldu ziren monasteriora. Nekatuta ere. Ez zen harritzekoa, egun osoko bidaia izan baitzen, geldialdirik gabe, nire ustez jan gabe, agian gasolindegian egin zuten mokaduren bat. Egon ere urruti zegoen komentua, mendiarte eta ez ezer ez inor gabeko gune luzeak pasatu behar izan genituen. Ordu asko eta luzeak izan ziren Lleidatik Solsonara artekoak batez ere. Urduritzekoak Solsonako bidegurutzetik Miraclera artekoa tartea bera, non izango ote monasterioa.

 

Oso gustura nijoan ni, paisaiaz harago,  autobusak ez zeraman abiaduraz ari ziren nire garunak. Askatasunera nioan, preso segituko nuen teoriaz, baina komentua izanen zen nire kartzela, erabat ezberdina, nolakoa irudikatu ezin banuen ere… ez nuen baztertzen ihesa… Horrez gain, irrigarria zitzaidan bi morroiok ernegatuta, erabat zitalduta, ikustea.

Nire jakin-mina, urduritasuna ere, areagotzen joan zen Lleidatik aurrera. Ez nekien non zegoen Solsona. Mapa da gauza bat, geografia erreala beste bat. Naramaten parajea nolakoa ote galdetzen nion nire buruari. Ikusi nuen tontortxo batean Santutegia zirudien eliza bat, bakardade osoan: adi joan nintzen hura ote zen nire kokaleku berria, baina aurrera egin genuen. Solsonako bidegurutzera heldu ginen, ikusi genuen monasterioa iragarrita, baina ez zen monasterioa agertzen… 

 

Iristea

Miracle:

Egin genuen, azkenik, topo Santutegiarekin. Arratsaldea aurrera heldu ginen. Errepidetik ikusi genuen han beherago. Plaza zabal bat, plaza inguratuz Monasterio behar zuen eraikin multzoa: eliza, bi eraikin, harri iluneko hormazkoak denak. Guardiek ez zekiten nondik jo monasteriora. Emakume bat ibili lasaian. Esan zien hotela inguratuz han beherago zegoela plazara sarrera. Jo zuen atzera segizio osoak, inguratu genuen hotela, jaitsi ginen plaza ertzeraino. Santutegiko sarreran geunden behingoz.

sarrera estua, autobusaren pasa ezina,

Baina, hara non arkudun sarrera bat zeukan plazak eta  sarrera hori ez zen  autobusa sartzeko adina, ez zabaleran ez garaieran. Ez zen beste sarrerarik. Ni zain nengoen ia zer gertatuko, zer erabaki hartuko guardia zibilek.

lotuta koadrila erdian,

Film espainol edo italiarretakoa izan zen ondorengoa. Ikuskizun  ez dakit folklorikoa ala esperpentokoa. Oinez  zeharkatu behar zen plaza-laukia  monasterioko ate nagusiraino, erdi erditik ia diagonalean. Plastikozko poltsetan sartuak nituen nire Zamorako ondasun guztiak: arropa denak, oinetakoak, garbitasunerako trepetak, idazteko arkatz boligrafo paper eta gainerakoak eta ezinbestekotzat hartu nituen zenbait liburu. Plastikozko poltsa mordoxka osatzen zuten. Autobus barruan etorriak ziren poltsok nirekin batera.  Jaisteko agindu zidaten. Aurretik eskuburdinez lotuak nituenez bi eskuak, poltsatxo txikiena hartu eta jaitsi nintzen, fardeltxoa eskuetatik dilindan izterren kontra. Beste poltsak ere eraman egin behar zirela esan nien, eta nik ezin nuela inola ere. Igo ziren guardiek autobusera, jaitsi zituzten poltsok. Eta han antolatu zen oinezko segizioa. Motorrean, jeepetan eta autobusean etorritako txapeloker denek osatu genuen lerro luzea. Ilaran zeharkatu genuen plaza: guardien erreskada, bakoitzak metraileta esku batean eta nire poltsetako bat bestean. Ilararen erdian ni, eskumuturrak lotuta, fardeltxoa dilindan. Formazio militar batean gindoazela  zirudien. Ikustekoa. Surrealista. Nire etorkizunez urduri samar arren, izugarri gozatu nuen. Nire zaindari armatu guzti haiek nire morroi, nire zerbitzura. Hala egin genituen 100metro  inguru haiek, monasterioko ateraino. Gidoilari irudimentsuenak ere ia asmatuko ez lukeen estanpa. Pare bat emakume, beraiek kontatuko zidaten geroago ikuskizuna, begira izan genituen goiko errepide ertzetik.

atean deitzen,

Barregarria izan zen ere atekoa: ate zabal bat du monasterioak behe solairuan, kanpo-kanpoko atetik barnera, aurrez aurre, portalean, garai bateko monasteriora sarrera nagusia seguruenik, zurezko sarrera zabal ederra. Baina ez zen hori gaur egungo sarrera ofiziala.

Beheko ate horretan jo zuten tinbrea, behin eta berriz, baina alferrik. Komentua lehen solairuan zegoenez, ez zuten beheko tinbrerik entzuten. Ez zen, beraz, aterik irekitzen. Bazegoen txartel bat, zeinek gezi batez goranzko bidea erakusten zuen. Zurezko mailadi zabal bat dago norabide horretan, nahiko dotorea eta ederra. Handik izan zitekeela sarrera esaten nien guardiei. Ez zidaten kasurik egiten. Luze egon ginen. Denok han, zut, bakoitza bere metraileta eta nire poltsarekin. Aspertuta, eskaileretan gora egin nuen sarrera handik ote begiratzera: ez alde egiteko oihu egiten zidaten. Erdiko laugunean jada ni, han goian nekusan atea izanen zela sarrera esaten nien.  Ezetzean tematzen ziren beraiek.  Jaitsi nintzen. Ateari danbadaka egon ziren ondoren. Halakoren batean, jadanik asperturik, bonbilla piztu zitzaion norbaiti, joaten da gora, jotzen du tinbrea, irekitzen dute atea.

Jordi,

Monje herren bat agertu zen, antiojodun baxutoa, Jordi, lagun handi egingo ginen laster.

harrera-gelara, Mateu, paperak, eskuburdinak kendu, dirua.

Pasatu gintuzten harrera-gelara, etorri zen nire kide mina izanen zen Mateu monjea, Priorea ez baitzegoen monasterioan, paperak firmatu zituen, karpeta bat eman zioten, eta nire dirua entregatu. Mateuk eskuburdinak zergatik ez zizkidaten kentzen esan zien, kendu zizkidaten eskuburdinok  eta azkenik Mateuk eraman ninduen niretzat gertatuta zeukaten gelara. Poliziaren eskuetatik aske nintzen jada, burdina-sarerik gabea, eta leiho handi zuen gela batean. Txapelokerrengana itzuli zen Mateu. 

Niri buruzko kartzelako curriculuma eta kartzelan nuen pekulio deitutako dirua zen Mateuri eman ziena: kartzelako nire espedientearen laburpenaren kopia, ekonomatoan erosketak ordaintzeko bakoitzak familiak ekarrita eduki ohi zuen dirua. Berehala eman zidan monjeak diru hori. Lehenengoz zazpi urtetan, zazpi urtetan lehenengoz, izan nuen nire dirua nire eskuetan, askatasunaren sinboloa, lotu egiten baikaitu ere. Nirekin dut kartzelako nire espedientea, harekin zer egin behar zuen galdetu zidan azken egunean Prioreak, gustura hartuko nuela erantzun nion, eta eman egin zidan. Gordetzen dut aurrezki-kartila hura ere.

 

Nolabait aske  nintzen, nahiz kondena betetzen.

 

Ongietorririk ez izatea da etorkinen patu tristea lurralde berrian, etorkin nintzen ni ere Miraclen, baina ongietorria sentitzen nintzen.

 

 

 

 

 

BIDAIAK 99. CACERES

Jon Etxabe 2021/07/30 09:05
Las Villuecas, Guadalupe.

LAS VILLUECAS

Menditsua, baina tontorreria leunekoa; bata bestearen ondoren, mendi-muinoak eta tontor harritsu garaiak dira ikuskizun goietatik. Pinua eta eukaliptoa dira nagusi, pikondoa ugaria da behealdeko lurretan, baina sastraka likina ere heldu da izurritea bezala goiko maldetaraino. 1.061 metroko errepide-altuera bat agertzen da mapan, Las Villuercas mendi-tontorrak  1.589 metro omen.

 

Cañamero. Mendi baten babesean, mendi-goiko herria, aldatsean zeharkatzen du errepideak. Badu lau solairuko hiru etxe koadro handi goialde batetan. Eliza-dorrea da bitxia: borobila dirudi baina alde zapalekoa da. Herriko plaza izan daitekeena txikia da, errepide albotxoan, ia lekurik gabe bezala antzinako iturri xume baina ederrarekin.

 

Bertako ardoak du fama, ospea, baina ez dugu mahastirik ikusi inguruetan.

Bisitari asko dator herri honetara: taberna, jatetxe edo antzerako asko du, kanpotarren bisita-leku den seinale.

 

Mendi-zuloz mendi-zulo, haitz garai azpietan zeharkatu dugu tontorreriako tarte-gune bat, mehargune laburra, inola ere ez ikusgarria. Euskaldunontzat nahiko ohikoa zaigu ibili mota hau, aldatsak, bihurguneak, mendiak... guretzat arrunta arren, lautadakoentzat bitxia, gutxienez ezberdina, izanen da.

Tontor koniko garaiak, batzuk harkaitz hutsak.

 

Guadalupe. Extremadurako Santutegi ospetsuena. “Lourdes bat da”, izan da gure lehen sentipena kalea hartzean. Turista-gune peto-petoa, plaza eta kale batera mugatua: hotel, ostatu, jatetxe, disko, pub, denda, kinkila-denda... Herri xehearen turista-gunea edo bisita-lekua, Monasterio eta Amabirjinaren inguruan. Egun-pasakoa dirudi gaur dabilen erromesa edo bisitaria, goiz-pasa edo ordu pare baterakoa erromesa, gu bezala.

Amabirjina aberatsa eta herri pobrea: betiko kontraesana, herri pobreak Amabirjina aberasten du; Amabirjinak aldiz bere ingurukoak, elizgizon, dendari eta enparauak.

Plaza, antzinako pospolina, arkupea du eta arkupeak zurezko sabaia. Plaza erdian Colonek ekarritako lehen indioak bataiatu zituzten iturria.

Eliza: Gotiko ederra. Oso urruti ikusten da Aurpegi beltzeko Amabirjina txikitxoa, han goian, urre distiratsu artean beltzago aurpegia; erretaula plateresko ederra, leiho, errosetoi, balkoi garaia eliza buelta osoan, sabaiko nerbio juntura eta alboak dotore landuak, eta burdineria: sare sendoa aldare eta Amabirjina herriarengandik bananduz. Meza entzule asko, pare bat mezatan behintzat, Santixo delako agian: Hispanitate eguna Hispanitatearen Santutegian. Kamerino barrokoa eta jarraian Amabirjina janzteko gela, jauregi bateko saloia da hau ere, erreginek janzteko izaten zutenaren antzekoa:  izugarria, pinturaz, koadroz, freskoz, santu-irudiz edertua.

Kamerinoko fraideak ez zuen inolako gatzik agerpenetarako, ahopean eta begiak itxita  zorura begira bota digu trakets bere jarduna, emakumeen, arropa arinak eta ederrak ikusterik nahi ez balu bezala. Amabirjinaren luxuzko jantziek, aldiz, ez zioten lotsarik ematen. 

Monastegia: Itsatsiz eta gehituz joan zaizkion eraikin mota ezberdin ugariz osatua da: ikuskizun ederra da edozein aldetik edo ertzetik begiratuz ere. Ohiko patio baten inguruko egituraketa, gaur egun erakustoki bihurtuta. Tenplete gotiko-mudejar handia patio erdian, ospe handikoa baina niri ezer guti esan didana, ederra arren bete ez nauena. 50 kiloko kantu-liburutzarrak  fraideen kapera izandakoan, fasziztol gainean eta errailetan erabiltzen zirenak, miniatura ikusgarriekin loratuak;  jantokian eta komentuan bordatu zoragarriekin edertutako eliz jantzi erakusketa. Zurbaran, El Greco eta Goya  eta santu-iruditeri bikaina gela batean. Sakristiak jauregi bateko saloi petoa dirudi:  Zurbaran bere oparotasunean 8 koadro handirekin, eta beste hainbat koadro eta freskoz dotore pintatutako sabaia: fraideek  garaiko jauntxoen kutsua hartu zuten beraiek ere, handikiak joaten baitzitzaizkien bisitan. Erlikien kapera, dotorea: bitxikeriak eta izugarrizko altxorrak, tartean Amabirjinaren lan izugarria behar izan zuen kapa harribitxiz eta urrez bordatua eta herriak oparitutako koroa ikaragarri ederra. Korua: aulkiteria bikain tailatua, argimutil tailatua koloretsu bizia, freskoz pintatutako ganga, 3 organo  xarmant, txilin askoko kanpaitxo borobila.

 

Ahalegindu da gida agertzen fraideek eginiko artelan eta eskulanak direla gehienak, besteak berriz opariak. Baina Amabirjina izugarri aberatsa da, eta kalera irten besterik ez dago herria izugarri pobrea dela ikusteko.

Bertan egon zen bidaia aurretik eta ondoren Colon Konkistatzailea, bertara etorri ohi ziren ere Errege Katolikoak: Hispanitatearen muina bihurtu zen santutegia.

Bete dute bere zeregin politikoa Santutegiak eta Amabirjinak historian zehar, betetzen jarraitzen dute gaur egun ere.

Errepide ertzean eseri da portugaldar autobuskada, lurrean, eukalipto sendo baten azpiko zementuzko zoruan, sakotontziak atera eta bazkaltzen jarri dira, pilo-piloan, dagoen itzal apurraz baliatuz.

Alde egin aurretik, aurtengo bidaiari eta bidaiako bisitei azken agurra eman asmoz, urdaiazpikoa eta bertako ardoa hartu ditugu herriko plazan, santutegiari begira indioak bataiatu zituztenekoa irudikatuz.

 

Itzuleran, Las Villuescas aldatsean behera agertu zaigu beheko lautada bere zabalera osoan, larre-lur edo dehesa,  bukatzen ez den ordeka ondulatua, hori eta berde.

Putzua dirudi uneoro aurrealdeko errepide zatiak, putzu luzea, erreala, putzura sartzear baikeunden beti, baina galipot bihurtzen zaigu uneoro putzua; sekulakoa izan da espejismoa edo irudikeria: arteza da errepidea eta kilometroetako jolas bitxia bihurtu zaigu ibilbidea. Tokatzen zitzaion holako lautada eta halako ikuskizuna bidaiako azken irtenaldiari.

Errepide ona, inor ez dabil, etxerako gogo bizia dugu, monotonoa bilakatzen zaigu jadanik paisaia... beraz  ziztu bizian daramagu gaur gure ibilgailua.

Artez-gune batean bukatu zaigu Caceres.

 

 

BADAJOZ

 

Cortijo de Gorbea, zaila artzain bizkaitar aberastutakoren batena izatea, baina nork daki.

Nahastu egiten da zabor oro Extremaduran, zenbait herritan soilik ikusi dugu paper bilketarako ontzia.

 

Galgallegas. Herri berria hau ere.

 

Guadiana inguruko ureztaketaren berdegunea, traktoreen tomate garraiaketa eta ustez bidea ondo ikasita genuen  bidegurutzean azken hanka-sartzea.

 

Azkar gidatzera ohitu naiz Extremaduran, errepide artezak, beroak, nekeak eta bakardadeak eraginda.

           

260 kilometro, azkenak.

 

Ze misterio gordetzen du ilunabarreko zuhaitzetako txorien kantu-hots zaratatsu ozenak?.

 

 

Uztailaren 26a. Astelehena.  Ex:11.a - 56.a

 

“Harrien lauhazka”. Iñigo Aranbarri:

* “Joan ziren bezalaxe itzultzen diren urratsen ibilia”. Etorri ziren bezalaxe itzuliko dira bihar gure urratsak ere, udaberriko ibiliaren ostean, bere herrira.

* “Hemen izan gabe han ez izatea / Han izan gabe hemen ez izatea”. Han eta hemen izan, izan gara, eta han eta hemen izan, izan garelako  dakigu han eta hemen izan garela.

 

Merida. Alkazaba, erromatar eta arabiar kultura hondakinak  nahasian. Santa Eulalia, eliza azpia da museo, erromatar eta kristau kulturaren hondakinak nahasian.

Azken jelatua xurgatuz bota diegu azken begirada artelan, hondakin eta elizei.

 

20 kilometro, erremata.

Biharko etxerako ibilia gertatzea besterik ez zaigu gelditu.

 

 

Caceres-i buruz gogoratuko duguna laburbilduz:

 

* Edozein egunetan, edozein ordutan, edozein herritan, plazetan, batez ere plaza nagusian, dagoen gizataldea, beti gizonezkoak, kontu-kontari.

* Etxaurreko bakardadean eseritako gizakume zein andrazkoak, nagusiak.

* Hiriburua.

* Trujillo eta Guadalupe

* Montanchez talaia

* Horitasuna, lautada hori harritsuak.

* Artadi eta galsoroak

* Herrien xumea.

* Herri arkitektura: harrizko ateak

* Herri inguruetan ez baratzik ez mahatsik ez egotea.

* Lur utziak

* Harrizko hesi edo hormaz bananduriko lursailak herri inguruetan.

           

Gogoan ditugu aurreko bidaia batetik:

* Valle del Vera

* Plasenciatik Hegoalderako lurraldea, Coria, Borbollon urtegia, Las Hurdes...          

Ez gatzaie joan oraingoan.

 

 

Uztailaren 27a. Asteartea. 57.a

 

“Harrien lauhazka”. Iñigo Aranbarri:

*  “Eta sorterrira nator / Eta sorterrira nator”. Eta bidaia oro ondoren lez, sorterrira goaz.

 

Azken gauari ohi zaionez, trumoi zaparradak bildu du gaua, ingurua busti digu eta argindarra ere eten da.

 

Etxera bidean gara, Extremadurari agur esanez.

 

Centro de observación y conservación, horrela deitzen dute bidezainen lana, izen ponpoxoaz errealitate xumea mozorrotzeko. Gure bidezain, kamineroak. Lansaria jaso ote diete izena luzatzearekin batera?. “Egiten dutenagatik, ... Ordaintzen dutenagatik”.

1200 metro luzerako tunela Caceres-en!,  eguraldiaz ez ezik lurralde egituraz ere  aldatu zaigu Navalmoral de la Motan egunotan ezagutu dugun Extremadura bero eta laua.

Ortzadar oso-osoa, borobilean eta kolore osaketan, eraman dugu luzaro ibilagun gure aurrean, agurra eman nahi bailigu.

 

Almaraz. Ez dugu ikusi ahal izan baina iragarrita dago zentral nuklearra, Madriletik 200 kilometrotara: zergatik ez dute jartzen Madril albotxoan?.

 

Peraleda. Gironan ostera Perelada dago, loturarik bai ote bien artean?. Herri erakargarria da hura, hau ez dugu ezagutu.

 

Euria dugu lagun, euri bortitza tarteka.

Autobideko letreroan bertan egin du habia zikoina batek, ez du nonbait beldurtu edo urduritzen  autoon hotsak. Zibilizatu egin zaigu zikoina ere.

Lauak dira berriro Caceres probintziako azken lurrak.

 

 

CASTILLA-LA MANCHA-TOLEDO

 

Ez dira falta gazteluak eta elizak, etxeak ez dira Extremadurakoak bezain zuriak.

 

Lagartera. Zikoinari monumentua edo gutxienez eskultura, autotik zikoina habiarik ikusten ez badugu ere. Extremaduran monumenturik ez zuten, bizitokia bai.

 

Lurralde lauak, lautada horiak, ostertzean mendiak lausopean.

 

Alcañizo. Nolabaiteko loturarik ote Alcañizekin?.

 

Ia ez da aldatu paisaiarik. Gizakiak sortarazten ditu desberdintasunak herrien eta herrialdeen artean

Saltakalaria, korrikalaria, autobidearen ia bide berdina eginez doan bide-gorrian: gorputza behartu eta gainera gure autoen tutuetako aire zikina arnastuz gorputza kutsatu, osasungarria delakoan: gizakiaren kontraesanak.

 

Talavera de la Reina. Zabal-zabala agertzen da lautadan, etxetzarrak gorantz lautadako zapaltasunari aurka eginaz. “Mercado Nacional de Ganado”: aterpe zabala, Torrelavegakoaren antzera. Bada monumentu erraldoi bat autobidetik gertu: ezin izan dugu jakin  hiru harritzarren bilgunean marraztutako ereinotz orriak ala gari buruak diren, uztarri eta geziak ere bertan zeuden agian, nor fida!.

 

Talaverakoa da Pilar, Eibarko etxepekoa; badugu mesede baten ordainez-edo oparitu zigun Talaverako plater zabal bat bion abizenekin. Ezkertiarrak izaki, Pilarren gizona nazionalek fusilatu egin zuten; etxean dut heriotza agiriaren fotokopia: ”Muerto extramuros por hemorragia”. Gezurrik esan gabe nola estaltzen dute egia hitzek!.

 

Navalmorcuende. Nola eta nondik sortzen dira halako izen eta hitz aldrebes edo ahoskagaitzak!.

 

Maqueda. sano-sano dago gaztelutxoa tontortxo batean errepidetik bertan.

 

Quismundo. Izen xelebrea: Quasimodo edo “nor munduan”, zer esan nahi ote?.

 

Valmojado. Mahasti asko, ez dakigu Valdepeñasekin loturarik duen. Ardoz behintzat bustiko dira.

 

 

MADRIL.

 

Navalcarnero. Silo erraldoia eta dorretzarra.

 

Lurralde uhindua, idorra.

 

Mostoles. Munstroa.

 

Trinkotu da zirkulazioa, hurrean da hiriburua.

 

Alcorcon. Mostoles antzerakoa.

 

Galdu egin gara ba gaur ere M40 errepidean!. Eskerrak erraz bideratu garen berriz.

 

Somosierra luzea egin zait.

 

Burgos. Katedrala eta Seminarioa begietan, Gobernu militarra gogoan.

 

Ebaki gabe dago oraindik garia.

 

Miranda de Duero. 20 zikoinatik gora doaz hegan multzoan.

 

 

EUSKADI

 

Araba. PP eta UAren lurraldea, igarriko diote bai patateroek!.

Mugan bertan jo gaitu euri zaparradak, zaparrada politikoak ere joko du herrialde hau, bortizki jo ere, hurrengo lau urteetan.

Paisaia fisikoak ez du ezberdintasun handirik Gaztelakoarekin, horia da lurralde hau ere, paisaia politikoan ere badute antzekotasunik, PP da nagusi.

Mendiak ditugu Araban berdetxo, giza freskotasunaren itxaropena luzatuz. Lur landuak dira, Extremadurakoak ez ziren bezala: urak eragiten du ezberdintasuna.

           

NAFARROA - SAKANA

 

Aterrune batez eman digu ongietorria Sakanak.

Hauek bai mendiak, hauek bai basoak. Sendoa da giza paisaia ere.

           

755 kilometro, etxerakoak.

11.811 orotara egin ditugunak.

BIDAIAK 99. CACERES

Jon Etxabe 2021/07/26 09:20
CACERES. Caceres, Malapartida de Caceres, Montanchez, Trujillo, Logrosan.

CACERES

 

Gizakiak jarritako mugak zatitzen du lurraldea bi herrialdetan, baina lurraldea bera ez da aldatzen, berdinak dirau. Zatiketak artifizialak dira, gizakien interesek eraginak.

Agertu da berriro sastraka likina.

Pikondo basoa, pikondo sail ikaragarria, kilometrotik gora du alde bakoitzetik. Arto-saila, lautada berdea, Carmonicara bidegurutze inguruan: salbuespen bakarra belar horia besterik ez den lurraldean. Mendizerra gurutzatu dugu 502 metro garaieran. Lautada horia bestaldean ere, arte eta artelatz bakar, bakan eta kaskarrak. Artelatzak betiko larre-lurretan.

 

Casas de Don Antonio.  Etxe mordoxka eliza inguruan pilatuta, eliza-dorre ilun eta garai baten inguruan.

 

Zikoina bakarra argindar postean. Ehizan ote habi-kidea?.

 

Aldea del Cano. Gotorleku sendo garai peto-petoa da eliza-dorrea: ez da besterik ikusi ahal herrian.

 

Herrion inguruan ez da ageri ez baratzik, ez berdegunerik, ez olibondorik, ez mahastirik, ez ezer.

 

Argujuela. Bi gaztelu potxolo errepide ertzean bata bestearengandik ehun bat metrotara.

 

Bidezainak sega mekanikoaren inguruan, zutik baina geldi!, Caceres-en ere.

 

Valdesalor. Aspaldiko zubitxo luze baxua, hainbat begikoa, ia tatarrez lur gainean, garai bateko garraiobide eta garraio mota ezberdinen ezaugarri eta lekuko.

 

Bigarren mendikatea, ia erabat soildua, lur gorrikoa. Ez dakit inolako uztarik izanen den baina lurron jabetza osoa bakarren batena edo gutxi batzuena delakoan gaude.

Aurrez aurre dugu hiriburua mendiarteko hegitik; nahiko goian egonen da hiria, ez baita askorik jaisten errepidea.

Ikus-iruzur bitxia izan dugu: errepide gainean zerbait beltza era bitxi ezohikoan mugitzen zela uste izan dugu; aurreraxeago, ibiltari bat aurkitu dugu, oinez zihoan, bizkarrean makila eta makila puntan txanoa lotuta zeramala: errepidearen beheragune batean, une batez, txanoa soilik ikusi dugu zingili zangala, errepidean bertan bailebil.

 

Caceres: Alde Zaharra: joan eta ikusi, zahar osoa baita monumentu, metrorik metro, pausorik pauso. Etxeak, dorreak, jauregiak, plazak, burdineria, ateak, atetzar ikaragarriak,  armarriak, leihoak, gargolak, mailukoak, kale, kalexka, kantoi, bebarru, komentu... harri landuaren jaialdia, erakusketa erraldoia. Pilatuegi dago dena, bata bestearen ia gainean sekulako eraikin ederrak, elkar joz, elkarren alboan. Sekulako harriteria, harrizko hormateri aparta, bata bestearen jarraian, gertuegi bata bestearengandik jauregi eta elizok: giro itoa sortarazten dute.  Etxe behe-solairu soilekoak, txaparroak, baxuak ikusi ditugu herrietan, Caceres Zaharrekook, aldiz, oso garaiak dira, Isabel Erreginak moztu arazi zituen arren. Patioak dira argi-iturri eraikin gotor eta hertsiotan, arnasarik gabeko jauregiak baitira: bizimolde itxian bizi ziren, etxe barruko bizitzan. Lehen solairuko leiho baten burdineriak ataka du sarraila eta guzti: ze istorio ote sarraila horren ostean.

Zergaz ito behar izan zuten herria, herritxoetako biztanleak, pobretu egin behar izan zituzten herritxoetako biztanleak zergen bidez hiri hau eraikitzeko eta hain jauntxoki bizi ahal izateko. Hiriburuan pilatu ziren jauntxo eta agintariak, laiko zein elizgizonak, hiriburuan pilatu dira gaur egun ere politikarien bulego eta gainerakoak, egoitza ofizialak baitira gaur egun eraikin denak, jauntxo eta agintarien bilgune bihurtu da gaur egun ere alde zaharra. Burutik ere ez zaie pasa behartsuen etxebizitzarako moldatu daitezkeenik eraikinok. Aberatsenak ziren, aberatsenak dira. Hemen ez zen herririk bizi, hemen jauntxoak bizi ziren. Pilatuta. Elkarren babesa behar zuten nonbait. “Calle de la amargura” du izena kale batek: herriaren bizitza zen samin-kalea, jauntxoen hemen bizi ahal zitezen.

Eraikinok jasotzea orduko tailerrean lan egitea bezala izanen zen; jaso ondoren hainbat eta hainbat zerbitzarien  ogibide izango ziren eraikinok..

Zikoinak zaharreko paisaiako zati dira.

Andre Mari eliza behintzat zabalik dago, bakarra seguruenik goizerdian probintzia guztian. Turista asko dabilelako seguruenik. Gotikoa, ia luze bezain zabala, Eibarkoa gogarazten digu zur iluneko  erretaula ederrak, ederra da aulkiteria, ederra ur bedeinkatu ontzia, hilobiak lurrean eta alboetan…

 

Gaur ez nau aurrekoetan bezala liluratu Alde Zaharrak, izugarria eta paregabea izanik ere. Kontzentratuegiak daude eraikinok, gehiegizkoa da, ez du atsedenik eskaintzen, lotsagabekeria gordinegia da.

Baina gustura ibili gara, gaur ia inor ez zebilen kaleetako bakardadean. Talde gidatu bakanak eta auto ugari. Besterik ez. Badu bere xarma bakarreko ibiliak.

Eskale ugari dago eliza aurrean.

Beti dago geriza-guneren bat kale garai eta estuotan, kale barruko giroa jasan errazagoa eginaz. Dena da laba kaleotatik kanpo.

Bisita gidatuak: ze  gogaikarriak diren, betiko azalpen arrunt begi-bistakoak eskaintzen dituzte, askotan soberakoak,  nekagarriak;  ahituta uzte zaituzte. Jendeak ez daki nonbait tokiko plano bat eskatu eta norbere kontu ibili eta bazterrak ikusten.

 

Harresiz kanpoko hiria: ohiko kaledia, hor bizi da herria. Hiru jauregi eder, eliza, komentua, eta txikle zapalduek zikin planta damaioten oinezkoen kalea. Bada S.Juan kalean azulejozko fatxada bat eta antzinako harrizko ate pila. “Uribarri” batek badu bere kalea. Zezen-plazak harrizko egitura du, jite  berezia ematen diote leiho txikiek. Ohizko etxetzarrek osatzen dute alde berria, ez da erraza esatea  etorbidea ala plaza den sarrerako gunea.

 

Malapartida de Caceres. Antzinakoa. Herri arkitektura du salgai bisitarientzat bisitari gehiegirik ibiliko ez bada ere: lehen solairuko etxetxoak non harrizko ateak diren deigarriak. Herri honetan soilik ikusi ditugu harrizko irtentxoak, bitxikeria nagusia dira guretzat: ia teilapean daude eta emakume batek argitu digu loreak eta abar jartzeko apaingarri hutsak direla. Eliza-dorrea ere bitxia da. Sendoak dira hainbat tximinia.

 

Batolitos: harri borobilen forma bitxiak; lurralde osoa dago harrioz beteta; izan badira bitxiak baina espero genuena baino arruntagoak.

Artile ikuztegia: bitxia. Aspaldikoa, museo bihurtuta. Bertara eramaten zituzten artaldeak, bertan mozten zitzaien hilea, bertan garbitu ere artilea, bertan sailkatu eta ondoren saltokira bidaltzen zen. Urtegia, laba, eraikinak eta hainbat tresneria eta antolamendu: berezia, guretzat ezohizkoa, berria.

“Arte conceptual” erakusketa dago ere leku berean kokatua, arte zaharra eta berria uztartu asmoz. Bitxia da baina ez dit  sentipen berezirik sortarazten.

Zezen-zirikatzegunea edo tentaderoa: Hainbat larre-lur edo dehesa ikusi dugu, baina hau da ikusten dugun bigarren zenzen-plazatxo edo “tentadero”a.

 

Ohiko lautada. Gaztelutxoa galsoro erdian, monotonia hautsiz, ezustea. Mendira hurreratzean, betiko artea, artelatza, baita sastraka likina ere. Ez da biztanlerik kilometrotan. Inausiak daude artelatzak, indarge itxuran, adar ziztrintxoz hornituak, suak pasa balitu lez.

Bere zeregina betetzen dute oraindik antzinako kilometro-harri buru-borobilek.

Bide txikietatik, mendiz mendi, egin ditugu Alisedatik bide-berrira arteko 24 kilometroak,  auto bat bera gurutzatu gabe, pertsona bakarra ikusi gabe. Kortijo zaharren bat tarteka eta behi taldetxoren bat, besterik ez. Bide eskasa eta estua baina ze ibilgu xarmanta, biok bakar bakarrik naturaren erdian.

Bide-berrian ez da ingurua aldatu, auto gehiago eta bide zabalagoa dela ezik.

 

 

BADAJOZ

 

Puebla de Obando.  Betiko sentipena, kanpandorrerik ere ikusten ez zaion teilateria zabalak sartzen duena: lurrari itsatsita bizi den herri bakarti hilaren sentipena.

 

Puerto del Zángano, 436 metro. Zabalgune berdea ikuspegian.

 

Ekilorea ugaritu da lautadan: begi-argiren baten negozioa, Europaren kontura eta politikoen babesean: erein, diru-laguntza jaso, eta usteltzen utzi.

 

Guadiana ingurura hurbiltzean nekazaritza berdea hasten da.

 

Torremayor,  ikuspegi bitxia eskaintzen digu dorreak: errepidearen bukaera dirudi,  bere atean bukatuko bailitzan errepide artez-arteza, aurrez- aurre bere ateraino bailioakio bezala.  Ate bitxia da elizakoa, gutxitan ikusi ohi den harrizko edergaiz dotoretua.

 

Esparragalejo. Eliza da begiratzeko deigarria duen bakarra.

 

Herrien alde zatarrena erakusten du gehienetan errepideak: atzealdeak, tresneria lekuak, osteko zikinkeriak, hondakin pilatuak ...

Errepidetik aldenduz  horiago, berdegunea urriago bilakatzen da lurra.

 

Rio Aljucen, izugarrizko zume sailak uretan, padura zabalean.

 

221 kilometro,  Cacereskoak batez ere.

 

Parrastadan erortzen ari dira makal orriak, belar-gunea estaliz, goiz jaioak nonbait, bukatu dute bere zikloa.  Lehenago hasiz ez doa bizitza urrutirago, bizitzaren zikloak berak erakusten du bukaera noiz. Hemen lurra bera da lehorragoa, zuhaitzak ahulagoak, eta bizitza zikloa motzagoa.

 

 

Uztailaren 24a. Larunbata. Ex:9.a - 54.a

 

Artalde izugarri handia gari-soroan, bi artzainek zaindua; gaztean ziren bi artzainak.

Goizeko hamarretarako behiak ere etzanda daude.

 

 

CACERES

 

Ez ziren Extremaduratarrak, ez Cacerestarrak gureetara emigratu zutenak, extremeñoak, eta kazereñoak baizik, mesprezuzko karga zuten hitzok. Gaizki ikusiak, errukirik ere ez genien, mesprezua baizik. Arrazakeria bizi genuen. Harropuzkeria ere bai. Gerra ondoren goseak tragatu gintuen arren ezin genituen ulertu. Zer egin behar zuten gizajoek hemen ez baitzuten nondik bizi, euskaldunek garai batean egin zutena, emigratu; gureak Idaho eta Amerikara joan ziren, lana zegoen tokira, nire osaba bat tarteko. Herritik alde egin eta bizimodua, ogibidea, bilatu, bere herri eta etxe duin eta ederrok utziz, hori besterik ez zuten egin. Dotoretxoak eta ondo-biziak izan balira, ondo hartuak izanen ziren gureetan ere, baina pobreak ziren.  Gaur egun ere jeke eta alibaba guztiak onartuak dira Espainiako gizartean, baina emigranteei era guztietako eragozpenak jartzen zaizkie, mota osoko trikimailuz jazartzen.

 

Alcuestar.  Bisigodoen kapera bat genuen helburu baina ez dugu nondik jo iragarkirik aurkitu. Herrikoek sustatzen ez badute bere altxorra, hobe bakean utzi.

 

Lurraldeak ez digu itxuraldaketarik eskaini: galsoroak tarteka, hurrengo artadiak... Trinkoago edo bakanago, mendikateak beti dira artadi. Inguru oroko lurrak erabat sailkatuta daude harri tolestutako harresi ilunez, halako ikuspegi berezia eskainiz lurralde horian; zabala da hainbat sail, jabetza ondo bereizita dago, aspalditik egon ere, harresiok erakusten dutenez. Bada burdin hariz gordetako larre-lur zabal-zabalik ere.

 

Montánchez. Tontor ez oso garai batean dago gaztelua. “Extremadurako balkoia” deitzen diote herriari; gaztelua ez ezik  herrirako errepidea bera da izugarrizko behatokia Iparrerako ikuspegia ahalbideratuz. Gaztelutik berriz lau aldetara zabaltzen da paisaia, Extremadura osoa, Caceres zein Badajoz zenbateraino zabalak diren erakutsiz: berdegune ureztatuak, artadien berdegune ilunagoak, eta galsoro eta belartza idorren hori guneak.

Bisita merezi duen herria. Kaledi kiribildua: hain da labirinto  ze “Salida” kartelak jarri behar izan dituzte kale-gurutzetan herritik nola irten jakiteko. Harrizkoak dira ateburu eta zutabe denak. Arku sendoko plaza. Dorrea, elizatik banatuta dago. Karratua da zezen-plaza.  Herri osteko malda harri hesiz mailakatuta, ia zapaldetan. Alde Zaharra: zabala, aldatsua, gaztelutik behera magalean luzatuz eta zabalduz; gorde du antzinakotasun jitea kaleen egitura nahasian, harrizko ate sendoko herri arkitekturan,  zuritasunean; izugarrizko altxor hau lehen mailako turismo-gunea litzake Europa aberatseko edozein herrialdetan; diru asko behar da hau dena konpondu, egokitu eta txukuntzeko: agian hobeto bizi dira herria dagoen bezala gordez turismoaren tiraniapean baino. Gaztelua. Mila aukera ditu ikuspegi aldetik, kokagune garai zoragarrian baitago, baina hondakina besterik ez da; bertan kapera atsegin bat, azulejoz edertua, andaluziar jitekoa; zilarrezko palio eder-ederra da kaperako altxorrik deigarriena.

 

Etxerik etxe ibili ohi den zurezko kaperatxo bisitaria besapean zeramala ikusi dugu emakume gazte bat: bere entrega egitera zihoan.  Asto-gainekoa ere ikusi dugu: asto-gaina nahiago du motoa baino,  edo astoa badu baina motorik ez.

Zaldizkoa zihoan tente eta haro goiko kaleetan, makila zuri dottorea eskuan zaldiari eragiteko; jauntxo jitekoa, motorra edo autoa izanen du honek, zaldia ere ez da erakutsi beharrekoa, zalduna dela baizik da erakustekoa.. 

Hain da pikua aldatsa, ze ohar batek hala dio bide ertzean: ”Gidari, sar lehena!”.

Erretiro on bat eskatzera joan zaio emakume bat Amabirjinari, neska gazte batek ez dakigu zer eskatzen zion baina debozio handiz eta seriotasun osoz eskatu dio eskatu diona, bertan egin behar zen ezkontza batera konbidatutako emakume bat ordubete aurrez igo da, arrosario errezatzera: “bide luzea eta pikua den arren oinez noa”.

           

Lautadaren ondoren mendikatea, mendikatearen ostean lautada... hala joan zaigu gaur ibili osoa.

Harri gris leuna tarteka lurrazala bera bailitzan, harritzar borobilak hurrengo: Caceres osokoa da nonbait harri mota hori, agian Extremadura osokoa: han-hemenka bidaia osoan aurkitu dugun harri mota, hedadura zabalean beti, artadietan gehienbat. Agian arteak gogoko duen lurrazala da. Agian horregatik da hain lehorra lurraldea, ez duelako ura xurgatu eta gordeko duen lurrik.

 

Torre de Santa Maria. Lautada horiko herria; harresiz banatuta ditu inguruko lurrak.

 

Mendi-tontor garaia jaso du harri eta lur hondakinez harrobi batek; lurzorua zulatuzkoa behar du nahitaez harrobi honek, ez baitago mendirik, eta harria da lur zoroa.

Burdina-hariaz bildutako larre-lur zabalak, ez dira hainbeste hemen harriz banatutako jabetzak. Erbia, jauzika lasaian.

 

Salvatierra de Santiago. Harrizko askekin eginiko garbitegia zirudien antolaketa: ezin izan gatzaio gelditu bizkor gindoazelako: garaiz jabetzen ez bagara, tarteka galtzen ditugu horrelako bitxikeriak, errepidean geratzeko aukerarik aurkitu ezin dugulako edo zirkulazioak uzten ez digulako geratzen uzten.

 

Denbora, astia eta harria bazuten lurrok banatzeko,  harginik ez zen behar harriok tolesteko, baina izanen zen jauntxoren bat agintzeko.

 

Mendizerra berri bat, ostean lautada berria.

 

Ruanes. Ezin gara herriko ezertaz jabetu albo-albotik igaro arren, eliza bera ere ezin dugu ikusi, dorre apalaren puntatxoa ezik, hain dira zapalak lur zapalean herriok.

 

Gogorra behar du izan lur hau lantzea: zerbaitegatik ihes egin zuten Erdi Aroan  konkistatzaileekin Amerikara edo oraintsu Euskal Herrira: ogi bila denak, erregearen soldadu orduan, enpresarien menpeko orain, bakar batzuk konkistari zapaltzaile, gehiengoa langile zapaldu. Konkistari ziren Extremaduratarrak bere herrian ezer guti zutelako, beharrak aginduta, beste irtenbiderik ezak akuilatuta, irten beharrak bultzatuta. Goseari iheslari denak. Euskaldun emigranteak bezala.

 

Contreras. Gehienetan harresietatik izan ohi dugu lur zabalaren ikuspegia. Gaur lur zabaletik izan dugu berezia harresien ikuspegia.

 

Badirudi harria ekoizten duela lurrak.

 

La Cumbre. Zuria, zabala, eta lautadan, herriok ohi dutenez; kaledi zabala, tarteka nahasia, ikusi ahal zaio errepidetik.

 

La Cumbre izena zuen ere Artajo Francoren Atzerrirako Ministroaren Donostiako uda-jauregiak; delako jauregian eman ohi zien Ministroak urtero Conversaciones Catolicas de San Sebastian partaideei luncha; estudiante garaiko oporretan delako hitzaldiotan laguntzaile lanetan ibili nintzen eta han joaten nintzen ni ere lunchera.

La Cumbre  Jauregi horretan bertan torturatu zituzten Lasa eta Zabala Almeriara eraman eta bertan hil eta lurperatu aurretik.

 

Zubi erromanikoa, alferrik galdutako txikia, umila, apala, isila, galdua, hirirako aldats aurretxoan; inork ez du aintzakotzat hartzen, hiriko artelanen gosez, presati.

Bada bidaian gaurko eta lehengo errepideak, gaurko eta lehengo zubiak alderatzeko aukera, bi gizarte ezberdinei buruz hausnarketa egiteko parada.

 

Trujillo. Urrutitik ikusten da, mendixka leun baten gainean zein maldan, bi tontorren arteko hegian. Gailen gabe oso baxu, dozena erditik gora eliza-dorre nabari zaizkio aldats gora hurreratzen gatzaizkiolarik. Bada urtegitxoa ere hiriaren oinetan, hegazti migratzaileak biltzen dituela inguruan.

Plaza Nagusia, arkupeak, jauregiak, elizak, leihoak, balkoiak, eliz zein jauregietako sarrerak, dorreak, pasabideak, dorreetako arkuak, txoko, bazter, kale-kantoi, labirintoa den kaledia... ez plano eta ez gidaliburu lagungarri, joan eta lasai ibiliz denera begiratuz bisitatzea merezi duen hiria. Caceres bera baino ikusgarriagoa, agian tartekatuagoak eta barreiatuagoak dituelako eraikuntza eta artelanok. Zapalak eta zabalak dira tximiniak, Portugalgoen jitekoak.

Jauregi, eliza eta komentuek ez dute akaburik: hemen dago harri bihurtuta Amerikako urrea, erruz ibili zen dirua hemen, Ameriketan lapurtutako aberastasunak epikaz eta abertzalekeriaz zuritu nahi badituzte ere. Agian eraikuntzok jasoz eta morroi lana eginez jan ahal izan zuten hainbat herritarrek, urrea lan eta harri bilakatuz.

Gazteluak ez du apartekorik; S.Miguel plazako komentua dena da harri hormetan, adreilu sabaian, gotiko ederra koruko sabaian: mojak ere herriaren begi-bistan esertzen dira korupeko koruan; Andre Mari eliza ederra da: arku, hilobi, zoruko kontaezin ahala hilarri zizelatu, koruko hesi aparta, kapera, arkuak, ganga, korupeko nerbioen junturak... baina batez ere triptiko jitea duen erretaula.  20 ogerlok argiz eta musikaz biltzen dutena.

Zaldi gainean, erraldoi, dago plaza nagusian Hernan Cortes;  burua soilik jarri diote Orellanari: begibakarra zen. Zuñiga eta Zaratek bere jauregia zuten, nahiz handi-mandiena baino apalagoa.

 

Turista ugari dabil, bertakoa batez ere, asteburu edo egun pasakoa. Turista giroa nagusitzen da kale nagusian zein zaharreko kaleetan.

Trujillo ere Europako diruz ari dira berritzen: lehen Amerikara bezala orain Europara jotzen da diru bila: Europa, urrea darion errapea. Baina geuri kendutako txanponak dira, ez besterik.

Autoak dira herri guzti hauetako izurritea. Bertakoek autoz ibili behar dute, eskubide osoz, baina bisitariek, alferkeriaz, autoz joan nahi dute hiriko monumentuen oinetaraino. Guk erdigunetik kanpo utzi ohi dugu autoa eta oinez egin hirikoa.

 

Kolore horiak, harriek... diraute Zoritara bideko lautadan.

 

Herguijuela. Triku zapalduen errepidea, mendia izaki hurrean.

 

Bide-gorria egin dute errepide ertzetik Zoritaraino, kilometroetako luzea.

 

Zorita. Teilateria iluna da urrutitik ikusita, eliza txikiko herri handia bertatik.

 

Hemengoa ote zentral nuklear entzuna?. Ez dugu arrastorik ere ikusi, lurraldea zabala eta zapala den arren.

 

Alcoclarin. Erdi-erditik zeharkatzen du errepideak, dotoretxo datza, hesi berde eta baldosaz txukundua

 

Muino leunak. artadia, gora eta beheran...

 

Escurial. Tonu guztietako teilateria gorria, zapal-zapala, eta eliza handia: ia herri oroko estanpa. Jarraikian olibondoen berdegunea.

 

Soineko berdez jantzita, guardasol baten itzalpean, poltsa berdea eskuan... kolore ekologikoz zihoan emakume bat olibondo berde ekologikoen inguruan.

Hesiek diraute: jabegoa jabego da hemen oraindik.

Errimeak dira tximinia handiak lurralde honetan.

Bide-gorria egin behar dute Escurial eta Miajadas tartean.

 

Miajadas. Zabala da teilateria, zabala eliza ere nahiz ez garaia. Zikoinak, bi silo,  traktoreak... herri bizia da nonbait. Nestlek ere bertan du fabrika.

 

Bertan hasten dira ureztatutako lurrak, Caceresko lurraldean oraindik.

           

BADAJOZ

 

Burdalo erreka da muga.

 

Conquista del Guadiana eta Torresfresneda Francok sortutako herri berriak dira. Ureztaketari lotutako herriak, egituran dute ezagun.

 

202 kilometro, bidaiaren laburpena eginez.

 

Polizia itxura hartzen diot igerileku, kale eta antzerakoetan ikusten dudan gehiengoari. Lurralde zehatz batzuetako jendearen aurpegierarekin lotuta dago euskaldunontzat polizia jitea, lurralde hauetako gaztez osatu baitute poliziateria.

Ikusgarria da ume txiki-txikiak, oinez ozta-ozta dabiltzanak, inolako beldurrik gabe igerilekuan ikustea, azaleragailua besoan edo bizkarrean jarrita, ur gainean ahaleginean edo uretara jauzika.

Apurtu... apur bihurtu: hitz gutxi batzuk daude azkenez hizkuntza bateko oinarrian.

 

 

Uztailaren 25a. Igandea.  Ex:10.a - 55.a

 

“Harrien lauhazka”. Iñigo Aranbarri:

 “Zaldi urdinak gauaren lautadan egun berriaren iragarle”.  Hala behar du poesiak, sentipen eta gogoeta ezberdinen iradokitzaile.

 

Santixo, Ermuko jaiak.

 

Azken irteera, bazterrak ikusten. Udaberrian etorri beharko genuke belar eta gari gaztez berde direnean lurrok ikustera: sentipen ezberdinak lirateke gureak garai horretan.

 

Ardi baten gainean datza txori edo hegazti bat, garbiketa lanetan segur aski, ikusi izan ditugu txoriak zenbait animalien gainean, sekula ere ez ardi gainean.

 

Santa Amalia. Berotegi asko eta handiak, banaka-banaka sarriak.

 

Nekazariek ez dute jaiegunik, Santixo eguna bera ere ez: kartola garaiko atoitzarrak, tomatez gainezka, soltean zein kaxetan, doaz errepidean soroetatik biltegi edo fabrikaren batetara. Hasi da tomate uzta.

 

Hernan Cortes, Valdivia, Zurbaran... ureztaketa inguruan sortutako herri berriak, herri zuriak: antzinakoen jite berdineko etxeak, behe solairuko etxetxo txaparroak bere patio, leiho, ateburu bereziekin; teilateria zapalean karratu estu garaiak dira eliza dorreak.

 

Kilometrotako zabal zein luze diren arroz-soroak, behin ere ez dut ikusi hain arroz-soro zabalik, ezta Valencia aldean ere. Begia heltzen ez denerainoko arroz lautadak. Ikuskizun honek berak merezi zuen soilik bide txikiotako ibilia.

 

 

CACERES

 

Ez dakigu non edo noiz aldatu dugun probintziaz, bide txiki hauetan ez dago muga-seinaleztapenik.

Oso txarra da errepidea.

Orellana ubide albotik egiten dugu bidea, aspaldiko errepidea berau, hau ere hondatua; pribatua da gaur egun, baina bertatik dabil hainbat bertako eta bertatik goaz gu ere; bertatik bidali gaituzte bertako batzuk. Atsegina da ubidearen ibilagun joatea: ur bizkorrekoa, oparoa,  atsegina da, ingurua berriz erabat idorra.

Txirrinduz doa jabea, sokatik darama zaldi zuria: burumakur geldi-geldi geratu da ugazaba zaldiaren albotxoan autoarekin gurutzatu ditugun unean, zaldia izutu ez dakion edo.

 

Miajadas. Erdi-erditik zeharkatu dugu errepide nagusi bila. Herri oso zabala da, etxe zapaleko kale luzez osatua.

 

Herri-bideetatik egin nahi dugu bidea, baina ez dago bide txikietatik ibiltzeko modurik: galdetuz ere ezin dugu jakin biderik dagoen, dagoenetik joaterik den, ondo dagoen… galdetu diegun denek errepide nagusira bidaltzen gaituzte, ez zaie burutik ere sartzen norbaitek bide txikietatik ibili nahi izatea.

 

Estepa horia, hona ez da ubideko urik heltzen, lainoetakoa ere gutxi. Ganduak lausotzen ditu aurreko mendiak eta bestalde urrutiko zeru-marra ertza.

Luzeak dira azalpenetan kazerestarrak, badirudi galdetuz edo argipenak eskatuz zeuk egiten diezula mesede. Oso abegikorrak, berbatsuak eta argibide eman zaleak zaizkigu.

 

Zorita. harri tolestutako hormak hasi zaizkigu berton: aitatu beharrekoa berriro, hain dira deigarriak eta nabarmenak harri erreskada luze ilunok lurralde horian!.

MA edo B auto-matrikula asko dabil herrietan eta errepidean: emigrante asko etorri da oporretara.

Behe-lainoari jarraituzko errepidea egin dugu Logrosaneraino, mendikate baten oinetan.

 

Logrosan. Mendi magalean gora eginez heltzen da bertara. Badu diskoteka, herri egina dugu beraz. Kalean bertan, zenbait etxe aurretan harkaitz tontortxo leunak, harkaitz bizian jasotako herria da. Nahasia, korapilotsua, kale-kantoi bakoitza labirinto galzoriko bihurgunea; plaza txikitxoa, bertan egoneko arren asper koadrila. Eliza bitxia: egitura soilekoa, baxua, zabala, horma-bular sendokoa, harri gorrixkakoa...  txabola erraldoiaren jitea du.  Pikota, Extremaduran ikusten dugun lehena, harri karratuzkoa, latza, sendoa, xumea. Baseliza bat ere iragartzen dute, ikusgai, baina ez diogu berezitasunik aurkitu: erromanikoa du agian abside atzealdea baina erabat itota dute osteko etxeek.

BIDAIAK 99. EXTREMADURA

Jon Etxabe 2021/07/23 09:45
BADAJOZ. EKIALDEA: Medellin, Don Benito, Villanueva de La Serena, Alange, La SERENA LURRALDEA, Higuera, Zalamea, Castuera, Quintana.

Uztailaren 21a.  Asteazkena.  Ex:6.a - 51.a

 

Aske dira bart gaurtik Mahai Nazionalekoak. Herri ospakizunak galduko ditugu hein batetan, baina oihartzunak jotzen gaitu. Mayor Oreja nor balitz zoko ezkutuenean gordeta behar luke.

 

 

EKIADEA

 

Meridatik Ekirantz izanen da gaurko ibilia.

 

Artadi tristea lurralde harritsuan, mahastiren bat tartean; lur ureztatu berdea Guadianara hurbilduz: tomatadiak, arto-sailak, ekiloreak eta, lehenengoz gaur, tabako-belar sailak, arrosadiak eta piper-sailak. Lurralde aberatsa, ez dakigu norentzat aberatsa; landua, eman emanen du usta, zenbateraino den herriarentzat zenbateraino bakarren batentzat, hor dago koska. Herri hauetatik heldu zitzaizkigun uholdeka etorkinak Euskal Herrira, hemendik heldu ziren Penintsulako periferiako herrietara. Pobrea behar zuen orduan lurralde honek, herria ez da ogi bila atzerrira ateratzen berean behar haina badu. Ez dakigu gaur egun zenbatentzat ogibide diren lurrok. Agian kanpotarrak datoz lanera uzta jasotzera, bertan behar haina langile ez delako.

 

Medellin. Berez ez du interesgune handirik. “Aquí estuvo la habitación donde nació Hernan Cortes en 1485” dio plazan harri batek. Konkistatzailea gogoratuz bizi den herri handia, xumea baina ahalegintxoak eginez. Gaztelua: mendi tontor osoa betetzen duten hormak soilik geratzen zaizkio: Ameriketatik ere ikusi ahal izango zuen Hernan Cortesek. Elizak: 6  ditu gutxienez, bati, harrizko gorria bera, enara pila dabilzkio jiraka inguruan edo hormetan sartu-irtenean; halaz ere zikoina habiak dira deigarrienak: 6 habia simetrikoki tartekatuak gailurreko luzeran plataformatxoen gainean. Zubi luzeee…a: mahats dolarea jarri dute sarreran, erakargarri txukundu dute ibai ertza jantoki eta pedaloiekin, inguru atsegina bihurtuz.

Atetik zuzen pasilloa, bere alboetan gelak eta sakonean patioa: hori da zabalik ate batetik ikusi ahal izan dugu etxetxoon egitura.

 

Sasoiko gizakume asko ikus ahal da herriotan, edozein ordutan kalean, kontu-kontari plazetan edo tabernetan.

 

Erabat arteza da errepidea D. Benitoraino, zuzen-zuzen hiri batetik bestera, lur ureztatu berdeetan, alboan izaki Guadina.

 

Don Benito.  Moderno itxura hartu nahi duen herria, baina bere nortasuna, fisikoa behintzat, galtzen ari dena. Ahalegintxoak egindako herria hau ere: sarrera dottorea, palmondo ilarak luze eta artezagoa egiten duen pasealeku luze eta zabala hiri erdian parke luzea bailitzan; aspaldiko plaza da nonbait ugariak baitira alboetako etxetxoak. Tartekatuta daude hirian etxe handi berriak eta etxe xume aspaldikoak. Erdirago eta galduagoa du bere aspaldiko jitea, kanporago eta petoagoa da hiria. Erdiguneak ez du ezer gogoratzekorik. Burdineriak lirateke aintzakotzat hartzekoak, edo elizaren harrizko horma-bularrak, handiak nahitaez elizatzarra bera ere tzarra delako. Guadiana irudikatuz eskultura plazan: ibai horri esker bizi dira lurraldeko nekazariak. Ur-biltegi garaia du, borobila, zutabe gainean: zabala izaki herria eta urak presioa behar.

 

Kale artetik zeharkatzen du hiria errepide nagusiak, nahaspila, etengabeak dira geldiuneak, luzapenak...: horretan ez dago modernotasunik. Sendoa eta trinkoa da zirkulazioa, baita hiriko auto kopurua ere: hori da agian modernotasuna. Hiri barruan ere nahasmena dago, non aparkatu ez duten autoz beteta hiri dena, ez da ez lurrazpiko ez ordainduzko aparkalekurik, nahi duena egiten du bakoitzak. Desesperoa da nagusi. Suerteko izan gara gu.

 

Herri orotan deitzen zaio “Plaza de España” plaza nagusiari, herriak berak sarri beste era batera deitzen badio ere. Frankoren ondarea ala agintari sozialisten espainolkeria ote?

Santixoetarako prestatzen ari da hiria.

“Zaldibar”tar batena da farmazia bat.

Erdiko plazako kioskora jo ezik ez da erraza egunkaria aurkitzea.

 

Kaxkada batean heltzen da D.Benitotik Villanuevara.

 

Villanueva de la Serena. Ahalegintxoak eginez bizi da herri hau ere, baina antzinako nortasuna galduz doa. Oinezkoen kaletxo bakarra besterik ez zaio gelditzen antzinakotik. Badu lurpeko parkinga, lepo beteta; ahal duena eginaz dabil auto bakoitza. Valdivia Konkistatzailea jarri dute Plaza de Españan, brontze bihurtuta, eroso jantzita, Kontzesio elizari espata luzatuz. Ederra omen eliza baina itxita dago; kapera bat soilik aurkitu dugu zabalik, baina bertan santu-irudi bat erosi edo konpontzeko tratuetan dabiltzalako lau tratulari. Ba omen dira 4 jauregi baina hobe bila ez hasi, are gutxiago jotzen duen beroarekin, ez baitago sailkapen edo informaziorik. Konstituzio Plaza, interesgarria: aspaldiko jarleku azulejozkoak, 2 musika-kiosko angeluzuzenak bata bestearen aurrez-aurre baina zentzu ezberdinean. Plaza de España,  harri biziko arkupea du buelta osoan, eliza aldean ezik, baina ez du aparteko graziarik.

 

Santixoetarako oholtza jartzen ari dira.

Kale estuak direnez, auto asko dagoenez, bakoitzak nahi duena egiten duenez, kaosa da herri honetan autoz ibiltzea.

 

Lur-sail berdeak dituzte alde batera lautadako herriok, bestaldera aldiz mortu horia. Sekulako kontrastea. Herri motelak, hilak, iruditzen zaizkigu. Garia herri pobreen adierazgarria bada, ez da harritzekoa hemengo biztanleak alde egin izana ogi bila, kontraesana dirudien arren, ogi bila alde egin beharra uzta nagusia garia den lurraldetik.

Insalus: autoz lepo daude ospitale aurreak hemen ere.  Gaixoak eragiten dituen gizartea da gurea; gaixoak sortzen dituen baldintzak gauzatzen xahutzen ditu diruak, ondorioz dirutza gehiago erabili behar du sortu dituen gaixook sendatzen edo hiltzen laguntzen. Baina bitartean bakar batzuk dirutzak egiten dituzte osasun-ezaren kontu.

 

Mengabril. Harrizko elizatxo txukuna eta txukundua herriko albo batetan, dorre motxeko eta harri gorrizko txikitxoa.

 

Don Benitokoaren antzeko pare bat ur-biltegi daude lautadan: presioa behar dute hemen ere lurrak ureztatzeko.

 

Canal del Zujar,  tutu borobil erraldoian doa ubidea zati batean.

 

Guareña. Ohiko irudia: elizatzarra teilatuteria zapal-zapalaren gainetik.

 

Azal-azaletik zeharkatu dugu Guadiana ibaia, harri gotorreko errepide  bilakatu den ibi batetik: guti bat hasiz gero erabat moztua geratu behar du errepideak.

Kartoletatik gora tomate kaxaz zamatutako atoi luze garaiak daramatzate bi traktorek.

 

Valverde de Mérida. Eliza handiko herri txikia.

FET y de las JONS pintada, gezi, uztarri eta guzti: hemen ere gautarrak ote txapelokerrak Sakanan bezala?, ala egunez egiten dituzte  pintaketok?.

 

 

367 kilometro, atzokoak eta gaurkoak elkartuta.

 

 

Uztailaren 22a. Osteguna. Ex:7.a - 52.a

 

“Gauak eta hiriak”. Ur Apalategi:

“Zertaz idatz zezakeen?. ... Mezua, idazteko arrazoi bitala. ... Zer zen beretzat idaztea?”. Handiustea deritzot mezuarenari. Apalagoak behar dugu izan. Mezulari eta sermolari larregi izan du eta du herri honek. Niretzat idaztea oroimena gordetzea da, oroimenari laguntzea, bizipenak errotzea, zerbait edo norbait  nire bizipenen partaide egitea, nire baitarekin topo egitea. Besterik ez. Baina hori dena.

 

Azken ibilaldia Badajozko lurraldean Meridan jarraituko badugu ere Extremadurako azken egunetaraino.

 

Kilometro-harri buru-borobilak, nekazari garraiorako motortxoak, asto-gainekoren bat, eta ezer gutxi gogoratzeko. Edo aipatzeko.

 

Villagonzalo. Kale zabaleko herria lautadan, inoren eta ezerengandik babestu beharrik ez zuena nonbait.

 

Zujar ubideak ahalbideratzen du ureztaketa, dena da soro berde.

 

Alange. Hegi-hegian dago eliza eta maldan behera alde bietara kaledia, kale estuko izugarri pikoa eta bihurria, non autoak ozta-ozta sartzen diren. Maldatsua, txukuna eta zuria. Adreilua nabarmentzen zaio, elizak berriz zarpeatutako hormak ditu. Cuesta du izena kale batek, kale orok 15 gradutik gorako desnibela badu ere. Mendi harritsuak berak dirudi gaztelua, eta gazteluak mendiaren  gandorra. Ibilbide berri asko.

Erromatarren termak, nazio-monumentua izendatuta, oraindik hor diraute,  erabil darabiltzate: horregatik ordutegi mugatua dute bisitariontzat, bezeroei jaramon egin ahal izateko. Oso bazter atsegina, xarmaz moldatua eta zaindua. Hiru harra-betetik gora sendoerako hainbat eta hainbat mahatsondok gauzatzen dute terma bertarainoko parrape gerizatsua: ez ote dira erromatarrek eurek birlandutako mahatsondoak!. Mailadi pike-pikeko tunel batez jaisten da iturburura, lurpean baitaude  ur-berook.

 

Bilatzen eta aurkitzen zituzten ba erromatarrek halako urak eta halako bazterrak!. Herri kultua eta findua behar zuen izan erromatarra. Eta ahaltsua.

Meloiak dira egunotan jasotzen den uzta. Dozena-erdi bat asto soroetan, geldi-geldi, filosofatzen. Zezen-plaza antzerako bi ur-biltegi biribil, urak presioa izan dezan seguruenik, gaztelupeko magalaren goialdean, herrian bertan zutabe gainean jarri beharrik gabe.

Disko-bar bat eduki behar du zerbait dela uste duen herriak. Alangek ere badu berea, zerbait dela usteko du, inguruko herri patanegra. Bere burua patanegratzat duen herri orok du disko-bar bat.

           

30 graduko hozberoarekin gabiltza goizeko hamarretan. Goizeko 30 gradu horietako “freskuran” polita dager oraindik zeharkatzen dugun paisaia,  lautada horiak ez dira oraindik hain urre kolore, arteak ez daude oraindik hain triste. “Baches - Conduzca con precaución”: hobeto egingo lukete zulook betez!.

Ez semafonorik, ez telefonorik…, begiz bideratzen dute zirkulazioa errepideko lanez oztopatutako 300 metroko tartean: elkarri eskuak jasoz eta keinuz egiten dute noiz nori bidea eman punta banatako morroiek.

Garai bateko sozialisten bide bera darama hauteskundeak irabazteko Extremadurako Lehendakariak: errepideak berritu!.

 

Zerri-granja: bi isurialde besterik ez diren latorrizko txabola pikoetan gordetzen dira  zerriak; egosi egin behar dute zerri gizajoek hor barruan: gantzak urtuko zaizkie eta horregatik patanegra gihartsuak izango dira hemengo txerriak ere. Artaldea erabat kamuflatuta, inguruarekin bat eginda, inguruaren kolore eta itxura bereko: zaila da igartzea zer den ardi, zer harri.

 

Hurrean dabiltza neskame eta emazte izenak ez ezik izanak ere.

 

Paloma. Peto-petoa: zuria, burdinsare ugarikoa, kale zabalekoa, ... Ez dugu gizonezkorik ikusi kaleetan edo plazan.

 

Puebla de la Reina.  “Arroyo Tamujaz”: oraindik diraute arabiar kutsuko izenek.

 

Lurralde guztia da larre-lurra, ordeka horia; olibondo eta garia nagusitzen da, aldiz, herri inguruetan. Euri asko egiten du nonbait neguan, izugarri ubide handia jartze diete azpitik ur-pasabideei errepidea berritzean.

 

 

LA SERENA LURRALDEA

 

Menditsua, tarteka mendi leunak, tarteka pikoagoak, bailarak mendi tartean, gora-behera doa lurra, arte-gune luzeak sortzen dira goietan zein behe partean. Artea da nagusi baina eukalipto basoa ere azaltzen zaigu tarteka. Bada lur landu zabalik, baina lur harritsua da; jasota dago harria soro zelaietan, sail erdian zein arte ipurdi-bueltan pilatuz. Kortijo edo granjaren bat noizbehinka. Bada jabetza banandu eta babesteko harrizko harresi luzerik ere: soroa garbituzko harri pilatuak segur aski. Haitzek hartzen dute lur azala zenbait tokitan, haitz leun zabal zapalek, erabilezina eginez lurrazala; urria izan behar du harri arteko lurrak, lur geruza mehea harria estaltzen duenak ere.

Urik gabe daude zeharkatu ditugun zubipeak eta erreka-zuloak.

 

Mendi-muino lau eta leuneko lurraldea. Granja zuriak edo kortijo hondaturen bat tarteka; ez da aziendarik ikusten larrean, kortetan gordea daude nonbait animaliok. Jabetza handiak behar dute izan La Serenakoek, bakar batzuen lurrak.

Artalde ikaragarri zabala artaditik galsorora ibilian: jasotzen duten hauts-lainoagatik ez balitz, ez ginen jabetu ere eginen ardirik zegoenik ere, hain dira kolore berdintsukoak lurra eta artilea. Bigarren artaldea: handia da artaldea, handiak dira ardiak ere.

Lurralde bakartia, bakartia da bidaia ere, horregatik zaigu lasaiagoa, atseginagoa;  bidaia bitxia gerta zaigu, ezberdina. Ez autorik, ez arimarik, ardiak, artzainak eta noizbehinkako bidezainak ezik. 3 bidezain gizen aurkitu ditugu bakardadeko egonean: karrera egina dute, gizendu eta kitto!.

Estepa bat da La Serena.

           

Valle de la Serena. Ez dago bailaran, tontorrean baizik, bi bailara arteko hegian. Herri arkitektura iragartzen dute sarreran, baina antzinakotasun jite guti ageri zaio: adreilu zuri zein gorri edo kolore ezberdineko azulejoz berri-berrituak daude etxaurreak; bat edo bi solairuko etxe garaiak bilakatu dira antzinako behe solairuko etxetxoak, karratu itxurakoak dira orain lehen baxu luzexkak zirenak; lehengo jitea erabat galdu dute, erabat aldatu zaio fisonomia kalediari. Baina lehengo jite petorik eman ez badiote ere etxeoi, fatxada berriok ematen diote herriari jite propioa, bere-berea, ezberdina, orain arte ikusi ez dugun itxura.

Donoso Cortes hizlari ospetsua zen herri honetakoa: graziarik gabeko burutxoa besterik ez diote jarri eliza aurreko plazan hizketan grazia eta gatza omen zuenari. Mendiko bakarrizketa bakartietan ikasi ote zuen oratoria, Demostenesek bezala. Ezin dut herritxo honetan hitz jarioan irudikatu gure gizona. Herritarrek badakitenez nor den, ez diote izenik ere jarri buruari eusten dion harrian.

 

Saltzailea dabil kaleetan etenak eginiko garrasian ulertzen ez diogun zerbait saltzen.

Futbol zelaia eta hilerria, herritik kanpo daude biak, nahiko alde batera, bata bestearen alboan, elkar ukitzen. Ibilbide txukuna egin dute futbol zelairaino, baina ez dute luzatu, metro batzuk arren, hilerriraino.  Ahaztu samarrak ote hemen hildakoak?.

Herri apala da; emigranteek atzerrian irabazitako dirutxoekin eginak dirudite fatxada berrikuntzak eta apainketak fatxada berrikuntzak eta apainketak fatxada berrikuntzak eta apainketak fatxada berrikuntzak eta apainketak fatxada berrikuntzak eta apainketak, Amerika berrietako amerikano berriek eginak.

La Serena lurraldeko herrietan ere “de España” dira plazak.

 

“Vamos bien para Higuera?”.  “A 8 kilometros le llega”: herrialde bakoitzak bere bitxikeriak ditu gaztelaniaz ere.

Tristea da Higuera-ra arteko tartea: harri-basoa, edo harri-saila. Paraje mortua, dena harri.

Berotu dira ardiak: pila borobil handietan elkartu dira.

Zikoinarik ez dago: harrarte eta mendi idorretan ehiza-gairik ez.

Txondorra:   txondor handia lur gorri zabalean, ketan, gureetakoa, borobila: auskalo nondik dakarten egurra!!!.

 

Higuera. Herri arkitektura iragartzen dute hemen ere sarrerako iragarpen karteletan, hori  da salgai dutena bisitariontzat. Valle baino antzinakoagoa, herriagoa, da. Eliza, plaza, kaleak, ... Apal-apal dager, herri apaleko teilateria apalaren gainetik, umil, Higuerako dorrea.

 

Castelar izena jarri diote kale bati, Donosorekin lehian edo.

“Plaza dela Asunción” zen lehen gaur egungo “Plaza de España”. Elkarrekin bizi dira, haserretu gabe, azulejozko bi letreroak.

Meloi saltzailea dabil Higueran, auto bozina joz bere presentzia iragarriz.

Taberna aurrean daude plazan ordez gizonezkoak, errepideko ikusmiran, zerikusi gutxi baitago kale-arteko geldotasunean.

 

Bete-bete daude indipikuak.

Ze janik ez eta filosofatzen lez dago astoa, zutik eta geldi eremu idorrean.

Okerreko bidea hartu dugu!. Llerenako bailara ikusi dugu ondorioz: zubi zaharra eta zubi berria, elkarren kide, zulogune berdina zeharkatzen, agerian utziz lehengo eta gaur egungo garraiobideen ezberdintasuna. Zorionez garaiz jabetu gara norabide okerrekoan gindoazela.

Hara non  orain etzanda dagoen gure lehengo asto filosofoa: etzatea erabaki du hausnarketaren ondorioz.

Hainbat BI matrikula ikusi dugu herriotan: emigranteak oporretan segur aski.

 

Zalamea. Lautada hori harritsuaren erdian, tontortxo huskeria batean. Bi plaza ditu, bakoitza ertz batean, udaletxe aurrean bata, behean alde zaharraren ertzean Alde Zaharretik  ia kanpo; eliza aurrean bestea zaharraren bihotzean. Nola ez, Calderón de la Barca-ri eskaini diote udaletxe aurreko plaza, bere izenarekin bataiatu dute Eskola ere, irudi batekin eskerroneko oroitzapena borobilduz. Pedro Crespo Alkatearen etxea oso apala begitantzen zaigu gaur egun, ate dotoretxoa badu ere. Ate gotiko apainak ditu elizak: Elizaren alboan Trajanoren distiloa, bi zutabe sendo, 38 metrokoa garaiena. Gaztelua, Zuñigatarren jauregia izan zen, bertan idatzi zuen Nebrijak Gazteleraren lehen gramatika. Antzinako ateak, etxeak eta kaleak diraute, herriaren egituraketa ere lehengoa da, baina erabat itxuraldatuz joan da eta doa herria.

 

“Calle Cuartel”, hemen ere: herri errepublikanoa izan zen ba La Serenakoa nik ezagutzen ditudan emigranteek erakutsi didatenez.

Hiru gizakume heldu ikusi ditugu kalean, bata bestearengandik hurbil, hirurak berdin-berdin okertuta, soina ia gerritik aurrerantz kakotuta, hirurak behar zuten  izan soroan zaildutako nekazariak.

“De donde son?” galdetu digu norabide eske joan gatzaion emakume nagusiak. “De Navarra”.  “Zuazo somos nosotros, de allá salimos”. Garbi du nongoak dituen sustraiak. Txikitatik joan zen bera atzerrira, oporretara etorrita dago. Gutxi gorabehera daki alkate famatuaren etxea non den, 200 metro barruan bizi bada ere: “De pequeños no nos enterábamos”.

Zebrabideko arraia zurietan pintatu du, gorriz nola ez!, PSOEk “Vota PSOE” mezua. Nahi dutena egiten dute nagusi diren herrietan; kartelak jartzea bera ere debekatu egiten digute besteoi.

Hauteskunde kartel orok hormetan dirau oraindik, pankarta orok kaleetan zintzilikatuta. Zenbat aldiz aurpegiratu digute kartelez kaleak “zikintzea”, eta kentzera behartu nahi izan!.

 

Malpartida. Plaza ederra du. Gizakume gazte sasoikoa eta heldua daude  kontu-kontariko egon itzaltsuan.

 

Ostruka granja. Harria da nagusi soro eta zelaietan. Errekatxoetan ur-negarrik ere ez.

 

Castuera. Teilaturik ere ez zaio ikusten ia, eliza-dorre xume karratu horixka agertzen zaio soilik. Hazia, inguruko burua den itxurarekin. Harrizko ate eta ateburu sendoak dira gehienak, ia denak, banan-banan harrizko sendoak, leihoak burdinadunak nola ez.

 

Bertako egiten dute Valdivia, Villanuevakoekin lehiatuz. Gurean Bergara eta Ordizia ibili ziren demandan S.Martin berea zela-eta bakoitza.

“Jakin ezazue lehenago edo beranduago zumardi hauek irekiko direla berriro, eta bertatik libre ibili ahal izango dutela gizakiek”, hala die herritarrei  Allende txiletarrak eskua luzatuz, agian Valdivia gogoratuzko bustotik.

 

Quintana. Eibarrera emigratu zuen herria, Eibarren egonen da Kintanatarren agiritegi nagusia. Teilateria zabal-zabala ikusten zaio, uste genuen baino handiagoa da, harrizko ateak dituzte lehengo etxeek, harrizko euskarri eta ateburuak, ate sendoak, burdineria. Inguru hurrean etxe berri ugari ditu, kanpotarrenak, emigranteenak ziurrenik, agian bertako ondo-bizienak, harrobiokin dirua egiten ari direnenak.         

 

Granitoaren hiria” bataiatu dute. Harginak ere badu bere granitozko irudia.  Harri hondakin piloak daude herri bueltan: mendirik ez dagoenez, dena laua denez, beheranzkoak dira harrobiak, azpitik ateratzen dituzte blokeak eta hondakinak alboko azalean pilatzen mendi-muinoak diruditen pilotzarrak sortuz.

 

La Guarda. Herri txikitxoa da tamainaz, baina eliza handi bat du, albo batean, errepideak banatzen dituelarik herria eta eliza. Jesusen Bihotzak “amaos” dio errepide ertzetik, ez dakigu herritarrei ala gidarioi.

 

Ortigas ibaia zeharkatu dugu, behin eta berriro, paraje ezberdinetan: berdea du ibilgua ez dakigu asunez ala ze belar motaz.

Basamortua, harritza eta artadiak bukatzen doaz La Serena lurraldea bukatzen doan heinean.

 

La Haba.  Apartekorik gabekoa. Agian eliza-dorre txikia eta zementuzko kale-zorua lirateke aipatzekoak.

 

Bukatu dira muino harritsuak, mendi-muino mortuak. Galsoroen lautadan sartu gara.

Medellin. Bitxia da D. Benito aldetik begiratuz: gaztelua goian, bi eliza-dorre ia biki maldan behera sailkatuz, eta behean ezaguna zaigun elizatzarra. Inguru arre, siku, lehor, mortuan.

 

236 kilometro,  Badajozko azkenak

 

Erabat beltz zegoen kanpin ingurua gu egon ginen garaian, sute baten ondorioz, gaur egun belar idorrez hori dago baina berde egonen da udaberrian.

 

Bihar oraindik Proserpina urtegia ikusiko dugu Caceresera bidean eta astelehenean  Meridan eginen dugu erabat azkena izanen den ibilia.

 

Jauzi eginaz sartzen dira ume eta ez-ume gehienak igerilekura. Auskalo zeren itxura hartzen didaten eskaileran jolasean dabiltzan bi mutikoek, adi-adi so, belarri zuloak ez bustitzeagatik eskaileretatik sartu naizenean, geldi, uretara.

“Oiga, aquí cubre?” galdetu du batek. Nire albokoak erantzun nahi zionari: ”Calla, él sabra lo que hace”. Eta ito balitz?.

 

 

Uztailaren 23a. Ostirala.  Ex:8.a - 53.a

           

Ur Apalategieren “Gauak eta hiriak” irakurriz: Bi gauza ezberdin dira zoriontsu izatea eta zoriona ematea. “Nemo dat quod non habet” genioen gaztetan, nolabait zoriontsu izan behar da  zoriontasuna transmititu ahal izateko. Litekeena da, baina, zoriontsu izaten ez jakitea, bai ordea  zoriona ematea, norbera lur jota arren

 

Asto arrantzak, ohi diren bezala ozenak, entzuten dira egunez zein gauez: gure animaliekiko harreman bakarra kanpin honetan, astoon mezua ulertu ezin badugu ere. Hor daudela jakinarazten digute gutxienez. Zerbait da. Desagertzear dagoen espezie omen. Asko dira jadanik astoa denik ere ez dakitenak.

 

Kokoteraino gaude eguzkiaz, aspertuta beroaz, Euskal Herriko euria dugu amets.

 

Meridak moto-kros-pista du urtegira bidean.

5 eta erdi bilakatu dira errepidean agindutako lakurainoko 3 kilometroak.

 

Proserpina Lakua: Erromatarrek jasotako urtegia. Harritzekoa erromatarren ahalmen teknikoa. Ez da duela urte asko alboko kanpinean egon ginenetik gogoratzen genuen. Harritzar handiko horma txikia genuen gogoan biok, baina honek hormatzarra du, sendoa eta luzea. Gogoratzen duguna agian Cornalbokoa da, hura ere erromatarrena baita. Proserpinaren hau jendearen egun-pasarako gune bihurtu da, jende asko dator, ingurua oso atsegina baita, ikuspegi paregabea eskaintzen du, baina ez du inolako geriza-gunerik.

 

Badajoz

Gogoratuko duguna edo bizi-bizi daramaguna:

 

 Galderak:

a.- Norenak dira soroak, jauntxoarenak, jabego handienak ala nekazarienak.

b.- Ze biztanleria du, herri guzti horietan zenbat jende bizi da?. Herriak hutsik daude, emigrazioak dirau?.

d.- Zer dira herrietako kale-plaza-tabernetako gizakume helduak: jubilatuak, langabezian daudenak, “peonada” edo antzerako kobratzen duten lanik gabeko nekazariak?.

e.- Zer egiten dute emakumeek, non daude?. Ez da emakumerik  kontu-kontari kale eta plazetan.

f.- Ze alderdiri bozkatzen dio gehiengoak, nola banatzen bozak?.

 

Beroa:

Bero ikaragarria, sapa.

Eguzki errea.

 

Adeitasuna:

Harremana izan dugun jendearena: galdetzean, dendetan...

 

Herriak:

- Xumeak: etxeak, dendak, jantziak, janzkera, igerilekuko zein  asteburuko jokamoldeak… etab

- Behe solairuko etxeak, kale eta herriak, Ipar Afrika bailitzan. Andaluziako eragina, beroaren eragina, arabiarren eragina...

- Kale bihurriak, linealtasunik gabekoak

- Herri zuriak.

- Herri zabalak, handiak diren sentipena edo ustea sortuz.

- “Plaza de España” du izena plaza nagusi orok, herri txikienekoak ere. Baina askotan herriak ez du izen horrekin ezagutzen, izen hori bera ere ez du sarri ezagutzen. Extremadura herri errepublikarra eta ezkertiarra izan zen. Berrikuntza sakonik egin ez den plazetan lehengo izenak dirau berriarekin batera, plaka berria jarri zuten zaharra kendu gabe. Izan zen izen berri hori jartzeko kanpainaren bat, ez zen egon izen berriok jartzeko arazorik, herria beldurtuta egon zen, edo espainiar sentitzen dira bizi-bizi.... ?

 

Plan Badajoz: Guadianaren inguruan: artoa, tomatea, arroza, tabakoa, ... lursail oparoak.

 

Barros Luraldea: elizak erre eta arpilatuak izan ziren lurraldea: marxistak!!!. Bada beraz jende ezkertiarra, herriak mendeku egarria zuen, bazen nonbait esplotazioa, zein zen herriaren jokabidea gerra aurretik... Ondorengo mendeku eta pertsekuzioaren arrastorik ez da inon ageri ordea.

 

La Serena:  lurralde lehorra eta harritsua.

 

Larre-lurrak, artadiak, artelatz basoak, jabego harresiak: bakoitzaren lurra gotorleku bihurtuta.

 

Burdinateria: Balkoi-leihoetakoak, Andaluziako jitea.

           

 Elizatzarrak:

- adreiluzko mudejarrak, kolorgetuak, itxita, gailenak herri zapaletan, eliza urrutitik nabarmentzen dituzten dorre garaiak, dotoreak herri pobrean...

- Itxita daude elizak, arrats beranduan soilik zabaltzen dituzte elizkizunetarako.

 

Motortxoa, sororako garraio-tresna, gizakume nagusiak kaskoekin mozorrotuta, ...

 

Hilerriak: zainduak, hain zuriak direnez zerbait dotoreagoaren sentipena sortzen dute.

 

Kilometro zedarriak: aspaldiko kilometro-harri hiru aurpegiko buru-borobilak errepide bazterretan, noizbait izan zuten zeregin bera betez oraindik.

BIDAIAK 99. EXTREMADURA

Jon Etxabe 2021/07/19 09:25
BADAJOZ. SIERRA DEL SUR: Bacarrota, VALLE DE MATAMORS, Jerez de la Frontera, LLANOS DE OLIVENZA: Olivenza, ZILARRAREN IBILBIDEA: Los Santos de Maimona, ZAFRAKO LURRALDEA: Zafra, Lerenako lautada, Lerena, Hornachos.

SIERRA DEL SUR

Larre-lurra, artadi eta artelatz basoak. Ibilgu paregabea, ez gaitu aspertzen. Mendiartean sartu gara eta mendiartean jarraituko dugu Alconchelera arte.

 

Bancarrota. Goragune batetan egonik ere, herri laua da. Egitura bitxikoa: bere bi sarrerekin eliza-bueltak du  antzinako hiribildu-gune itxura. Hemen ere oso iritzi berezia erabili zen kalegintzan, estuak izateaz gain kaleak hain da korapilatsua trazaketa, hemen ere ohi denez kaleak aurrez aurre jarraitu ordez, albotik ematen dio jarraia aurrerakoari; ezin deitu kale-gurutzea, ez delako gurutzeketarik: badirudi gerora  etorriko ziren autoei ezinezkoa egin nahi izan ziela kale-arteko ibilia; agian orduko gurdiei jarri nahi izan zizkien oztopoak, edo defentsa teknika bat zen, edo haizetik babestea.koa. Plaza: argia, udaletxe zein gorri ilunez pintatutako etxebizitzek bizipozten dute, eta erdian jarritako irudiak auskalo noren oroitzapena gordetzen.  Portugalekoen antzerako tximinia handia du etxe batek.

CLUB hizki handiekin iragarrita: herri handiak putetxea ere handia, disimulurik gabeko deigarria.

 

Pikondo sail luze zabala.

 

Ikazkinak topa ditugu errepide alboan, txondorrak liratekeenetan egur-ikatza egiten; ke lodiz estaltzen dute errepidea eta ingurua. Ez da euskaldunon txondorra: adreiluzko pilareak ageri zaizkio kantoietan, lurrez eta hondarrez estalia dute dena, hiruzpalau xaflazko tximiniatxo ateratzen zaizkio gainetik kea dariela multzo trinkoan. Tonaka asko egur dute pilatuta inguruan, arte egurra; egur ikatza dute pilo handietan zein zakuetan bilduta. Bertan ziren ikazkinak, lasai egon nahi dute, bertaratzea debekatuta dagoela dio-eta letrero batek. Txondorra nolakoa ote jakin-minez geratu gara.

 

Valle de Matamoros. Bailarari begira eta mendiaren babesean kokatua, gainbehera pikoan mendi magalean, errepideko behatokitik begiratu besterik ez diogu egin: mendiko herritxoa elizatxo zuriarekin, kale estuetan bihurritua, bere baitan babestuta bailego: bitxia goitik begiratzeko. 500 biztanle omen ditu, hiru mila izan zirela esan digu gizon batek, baina ezin da izan, tolesturik konpontzen ez baziren behintzat, ez baitago hainbesterentzat etxebizitzarik eta etxe hondakinik ere ez zaio ageri. “la gente moza”k erbestera alde egin behar izan du, Valenciara... Utzia dute nekazaritza, abeltzaintzatik bizi dira bertan dirautenak.

 

Hegazti harraparia aurkitu dugu errepide erdian autoren baten zapaldutako piztiren baten haragiki zapalduaz bazkatzen, ez du nonbait ehiza erraza inguruan, edo ehizarako alferregia zen. Errazagoa dute dirudienez zikoinek: hainbat eta hainbat argindar poste puntenetan, dituzte habiak, ilara luzean, behatokiak bailira.

 

Valle de Santa Ana.  Oso zuria dager.

Mendian birlandatutako Giralda dirudi eliza-dorre batek, ikuspen  bitxia sortarazten du, hain gotor, lerden, zuhaitz artean gora.

 

Hilerriko burdinerian eskegita dago lixiba Jerez aurretxoan, kontraste bitxia eraginez.

 

Jerez de la Frontera. Hiribildua izana, geratzen zaizkio oraindik ate batzuk. Mendi-mendiko herria, handia, bihurria eta aldapatsua, zurietan zuria. Herri-herria, elkarren gainean etxeak zein biztanleria. Deserosoa oinezko bisitariarentzat, mota orotako autoa baitabil etengabe oinezkoentzat eurentzat ere ia lekurik ez dagoen kaleetan. Ugariak dira leihotxoak eta hainbat txoko xarmant, baina osotasunean da erakargarria, xarma dario kalean gora eta behera ibiltzeari; mojak ere aurki daitezke kaleotan herria antzinakotasunean girotuz. Eliza piloa dago herrian, beraietako bat Bartolome Deunarena eta Migel Deunarenak dira, biak dorre apartekin, dorre garaiak eurak, dotoretasunez ederrak. Bada hemen ere taberna bilakatu den ermita, Albuquerquekoaren xarmarik gabe. Alkazaba, udaletxe bilakatu dute gaur egun, txukun zainduta, hormaz bildutako gailurreko zabalgunean kokatua ikuspegi bikaina eskainiz.

 

Elizbarrutiak ez omen die uzten elizak zabalik edukitzen, elizkizun orduetan ez bada. Taldean datozen bisitarientzat soilik zabaltzen dituzte. Diru truk?. Lapur beldur?. Hori bera gertatzen zen Huelvan.

Europako diru-laguntasunaz ematen du eskola ikastetxe batek.

Suhiltzaileak zebiltzan tutu malguz zoru garbiketan.

 

Basorik baso, bakardadean, geu soilik errepidean, ekin diogu berriro bideari. Artadi eta artelatza basoek zehatz iragarrita dute jabea harrizko hormaz, ikuserraz egiten dute  sarrera zuriek jabegoaren atea urrutiko baso barruan ere; “cerca” deitzen diote hemen zenbait lekutan “finca” deitutakoari, benetan “cerca” dira, harrizko hesiz hesiak. Handiak behar dute izan jabegoak, kilometrotakoak baitira hormok, tontorrik tontor eta muinoz muino larre-lur etengabean. Kortijoak, landetxeak, behiak, zerriak... Lurrez estalitako txabolak, edo lurpean egindakoak, harriz estaliak; hondatuta dituzte gainak. Badirudi muinoaren ostean itsasoa ikusi behar dugula, zain dagoela, itsas inguruetan bezalatsu, baina heltzean beste muino bat edo bidegurutzea aurkitzen dugu, besterik ez. Artadi arteko bidaia zoragarria, gidaritza atsegina.

 

Bigarren ikazkin taldea aurkitu dugu, aurrekoen teknika eta baliabide berdin edo antzerakoekin lanean. Taldetxoa ari da hemen ere eta hainbat txondor dituzte piztuta.

 

Higueras de Vargas. Kolore ezberdineko etxe kolorgetuak.

 

Hirugarren ikazkin taldea, egoki argazkia ateratzeko, baina biziegi gindoazen parean gelditu ahal izateko. Agian bizkorregi goaz, beroagatik edo etxerako gutiziagatik.

 

LLANOS DE OLIVENZA  

 

Utzi ditugu, edo utzi gaituzte, basoa eta mendia. Ugaria da pikondoa lur pobreetan edo pobreen lurretan.

Bertan basorik ez delarik, nonbaitetik ekarri beharko dute etxerako dute egurra.

 

Alconchel.  Herri zuri-zuri atsegina. Gaztelu sendoa mendi konikoaren puntan: benetako gaztelua da, herriko jauntxoa. Zubi polit bat, baxua, begi borobil ugarikoa:  arriskutsua da errepidean gelditzea, oinez egiteko berriz ordu galdaegia, ez diot beraz argazkirik egin.

 

Izoztuegi dute izozkia ere, beroegi egiten duenez urtuko zaien beldur, ezin izan dute ebaki  beraz izozkirik gabe gelditu gara.

 

Uste genuen baino gorabeheratsuagoa da Olivenzara lautada, mendi-muino horiak bata bestearen ondoren; artez doa kilometrotan errepidea, uhinez uhin zuzen, urrutian marratxo bat besterik bilakatzen  deino luzatzen da errepide arteza. Artadiak berriro.

 

Olivenza. Urrutitik erakusten du dorretzarra, urrutitik ikusi ahal izateko jarrita baita hain luze, urrutitik dago ere ikusgai gotorleku baten dorrea dirudien eliza-dorre karratua ere; ez zaio harresirik nabari, bai ostera herri berrietako etxe-bloke asko, zuriz pintatuak, lau solairukoak izanik ere etxetzarrak dirudite etxe baxuen alboan. Lautadako hiribildua, urez inguratuta behar zuen egon bere garaian. Hau bai herri zuria, burdineria beltzez zuriago; burdineria beltza bera beltzago dager horma zuri-zuriotan: zuriak beltzago egiten du beltza  eta beltzak zuriago zuria. Kaledi txukuna eta lasaia. Portugesen esku egon zen urte luzeetan, mugako herria izaki, eta argia da portugaldarren eragina.

Dorre, berenez tzarra, tzarragoa da bertatik, sekulakoa, zabaleran nahiz goieran; Madalaren eliza-dorrea ere morrosko ederra da. Hor daude harresiak ere etsaiei branka erakutsiz.  Plaza pospolina: portuges giroko zoru kolore ezberdineko harriz dotorea, kolore biziko azulejozko jarlekuak, txabolatxo erakargarriak. Udaletxea, ate manuelinoa du, azulejozko mailadi eta eskailera dotoreaz oraindik apainago. Gazteluko Andre Mari, elizatzarra da izan bera ere, txiki geratu ez nahian edo digantearen alboan proportzio edo neurri taxuzkoa behar zelako: ate manuelino erakargarria du eta azulejo urdineko kapera ederra aurrealdean: ohi denez itxita dago. Madalaren elizak eman digu ezuste atsegina: Portugalen ikusi berri ditugun eliza manuelino peto horietakoa baita, peto-petoa, harrigarria, bitxia: kiribilduak edo txirikordatuak dira 12 zutabe sendoak, harri zizelatua presbiteriora arkua, azulejoz estaliak erditik aurrerako hormak, urre kolore iluneko barrokoa erretaula nagusia eta alboko aldarekoa, organoa antzinakoa... ; kanpotik ere apaingarri kiribilduko ate manuelinoak ditu, gargolak edo xurrutarriak, dorre karratu sendoa, ... 

30 gradutik gorako beropean ere bisitara joanaz damutzen ez zaituen herria.

Izozkia ere eman digu Olivenzak!. Atsegina egin zaigu kaleetako ibilia, eguerdiko zapan ere, gerizpez gerizpe, izozkia miazkatuz.

           

Iparralderakoa da “Llanos de Olivenza” deitutako lurraldea. garbi ikus daiteke ia Olivenza bertatik 30 kilometrotik gora dagoen Badajoz hiriburua. Sartaldera edo mendebalera berriz Portugal dager bete-betean. Lurralde hori-horia. Diskoak bailira, zikoinen habiek hartua dute argindar poste bakoitza, ez da habiarik gabeko posterik,   zirraragarria da habiaz gandortutako argindar tantai luzeen ilara lautadan artez.

Fruta-arbola sail zabalak, intxaurrondoak, mertxikondoak, madariondoak... luze eta zabal baso berde zainduak osatuz hiriburu inguruan.: Borges fruitu lehorren etxea bertakoa da nonbait: ez naiz fida etxe honen fruituez, begiratu batean, sail industrializatuok ikusiz,  nabaria da kimika pila erabili behar dutela bertan. Kartzela ere hor dago, adreiluzko eraikuntza gorri baxua: ez dakit nortzuk, baina baietz hor egon preso euskaldun mutilak, agintariek beraien legea ere hautsiz, bortxatuak, zapalduak, bananduak, giza lege ororen aurka.

 

Badajoz hiriburu modernoa ezagutu dugu: ohi denez etxe handi, kale zabal, ...

Tuterako zubitik egin dugu gaur Guadianaren bestaldera, autobidearen bila.

 

275 kilometro, mendiz, artadi-lautadez, biraz bira eta gorabeheraka.

 

Bi motorzale irlandar hile gorri ditugu kanpinean. Badira bezero holandar eta alemaniarrak ere.

 

Umeen eguna da gaur igerilekuan. Amen eguna ere.

 

 

Uztailaren 20a. Asteartea. Ex:5.a - 50.a

 

“Harrien lauhaska”. Iñigo Aranbarri.

 “Baina aspaldi galdu genuen / zerutik etor daitekeelako / esperantza”. Baita politikoengandik etor daitekeelakoarena ere. Horrek amilarazi du herria etsipenean. Matxinatzera bultzatu behar baluke ere.

 

Azken astean sartu gara, eginiko egunen nostalgia geruzaz bilduta, etxerako tirak akuilatuta. Sentimendu gazi-geza bizi dugu.

 

ZILARRAREN IBILBIDEA

 Hala deitzen diote gaur ibiliko dugunari. Ameriketan lapurturiko zilarraren bidea ote ala bertako balizko zilar meategietakoarena?.

 

Los Santos de Maimona. Herri-herria. Zuria, xumea. Mendixka baten babesean. Kale irregularrak, hala behar zuten. Kale berrikuntzan murgildua dago herri osoa. Zorurainoko baogune eta burdineria. Aska luze zabala, ur garbiz betea tutuei urik ez badarie ere. Eliza arrea herri zurian, zabalik aurkitu dugu berrikuntza lanetan ari direla eta: egitura bitxikoa, erromaniko eta gotiko erdibidean, kapitel zizelatuko harrizko 4 zutabe erraldoietan oinarritutako eraikuntza karratu garaia; grazia dute aldareek, hain xume izatean datza erakargarritasuna; zilarrezkoak dira santu-irudien koroa, makulu zein argimutilak; aparta organoaren karkasa.

 

Kale berrikuntza guti ikusi dugu Badajoz probintziako herriotan: badirudi eginak dituztela berrikuntzok, kale txukunak baitira herri orotakoak.

“Egunotan fresko egin du” esan digute bizpahiru lekutan. Ez du behin ere 35 gradutik behera egin egunez¡.

Ia eliza ze aldetara galdetu diogu emakume bati: zain omen zeukan alaba baina berak zuzendu nahi izan gaitu eliza sarrera bertaraino herriko kale sare osoan zehar, eguzki galda-galdatik hain zuzen.

 

Zafra. Bisita benetan merezi duen herria. handia, bizia, izana eta dena. Grazia eta gatza duten bi plaza:  Plaza Txikia: xarman-xarmanta, arku mudejarrez inguratuta neoklasiko aldean ezik; Plaza Nagusia, adreiluzko arkutxoak buelta osoan honek ere, gustagarria eta potxoloa benetan, autoz lepo egonik ere: plaza bien arteko pasabidean ogiaren arkua non zutabe batetan  oihalak neurtzeko neurria dagoen zizelatuta. Udaletxeko zein Kultur Etxeko  patioek arkutxodun ibiltokia dute bere arkutegiarekin. Sevilla Kalea, nagusia, oinezkoarena, ez da ezer baina bai bizia, jendez eta dendateria on eta oparoz. Feria Dukeen Jauregia, Erdi Aroko gotorleku karratua berenez, Herrera famatuak marmol zuriz berrituta patioa, ikuspen bitxia sortaraziz baina gaztelua desitxuratuz. Bada Zafran ere iturri-aska erraldoia, jendea ilara luzeak eginez  doakiona ur bila. Atari ezberdina du Klara Santaren komentuak. Kandelario elizak berriz Zurbaranen pinturak omen baina besteak bezala itxita dago. Mila zehaztasun, patioak, ...

 

ZAFRAKO LURRALDEA, “Campos de Zafra”: galsoroa da nagusi, mahasti eta olibadiak lagun. Errepide artez-arteza, gora eta behera leunean. Landetxe bakarren bat noizik behin.

 

Llerenako Lautadak, “Llanos de Llerena”, mugarik gabeko lautada, mendi-sail ilunak ditu muga han urrunean. Dena da galsoro ebaki berria.

Harrizko txabolatxo borobila, lastoz estalia, galsoro erdi-erdian nano bakarti, ikuspegi bitxia.

Une batez negargarria jarri zaigu errepidea, dena zulo, errepidea behar zuenik ere!. Aurrez zetorkigun autoa, bakarra, gelditu egin dugu ia errepide nolakoa: “Lasai”.

 

Villagarcia de La Torre: teilatu ilara ilunak lurrari itsatsiak, gaztelu hondakinak tontorrean, eliza apala umil herri albotxoan.

 

Llerena. Mendi baten oinetan, herri bihurria hau ere: etsaiengandik ala haize hotzarengandik babesteko ote?, ala zoruari egokitu ahala eraiki zituztelako etxeok albokoari men egin gabe?. Etxe eder asko, harrizko ate, leiho, teilatu-ertz ... harrizkoak baina zurituta daude denak. Plaza ederra, kapitel landuko arku mudejarrez dotorea. Eliza asko ditu, ederrak berez baina, plaza nagusikoa ezik, zaharkituak denak: izugarri lerdena da eliza-dorrea, baina dorreaz gain badu itsatsita eraikuntza zuri bitxia ere.

 

Erreskadan birlandatutako zuhaitzez  berreskuratu nahian dabiltza mendia.

Goiz, berotu aurretik, joan behar zaio herri honi. Etxe-kontraz etxe-kontra ibili gatzaio, geriza bila, eguerdi orduko eguzkiari iheska, sapa nola astindu jakin gabe. Ez dugu gozatu, baina ordu egokian bisita merezi duen herria da.

 

Unleigtum, Alemaniatik diegu beldurra desbideratzeei:  bidea aldatzera behartu gaitu desbideratze batek.

Galsoro artean egin dugu Iparrerantz Llerenako lautadan, tontor soilduetan belar lehorra besterik ez duen mendiartera jo dugu gero, landuak agian birlandatzeko garbituak dauden baina desertua diruditen lur hori-gorri lur lauagoetara ondoren, aldatsean bukatzeko azkenez.

 

Hinojoa del Valle.  Behe solairuko herria. Oliogintzarako dolare-harriak jarri dituzte eskultura edo monumentu gisa herri-sarrerako bidegurutzean.

 

Mahastia eta olibondoa herri inguruan.

Lautada horia berriro,  harrizko hesia luzatzen zaiola erditik, tontor baten oinetan ermitatxo txiki xumea, goi-gune batean bakarti, zabalgune idorrean bakartiago.

 

Hornachos. Mendiari itsatsitako teilateria zapala hormateri zuria baino gehiago nabarmentzen zaio urrutitik, baina nabarmen-nabarmen  dorretzar karratua ageri zaio gaztelu baten gotorlekua bailitzan. Oso pikea gauzatu zaigu herria, bihurri eta toles-gunetan kiribildua. Kale artetik ikusezina eta koka-gaitza egin zaigu dorretzarra, baina handiaz gain ederra ere bada, zarpeatu berria, pintatu ez zuritu gabe dago, kolorgetu, triste itxuran. Gazteluaren hondakinak herri goienean, beraz babes kokagunea aukeratu zuten herria finkatzerakoan. Aska  handi bat, berriro, hemen ere.

 

41 graduko hozberoarekin gabiltza kaleetan, amonatxoa ilobarekin “guardasolpean”, sekula ez hobeto esana, dira bizidun bakarrak.

Autoek elkarren zain egon behar dute kale-gurutzetan bidea besteari emateko, aurrera egin nahi bada.

 

Puerto del Llano: 590 metroko altuera, gorago egiten du oraindik errepideak.

Egunero begi-bistan dugun harrizko gandordun mendikatea zeharkatzen dugu. Goitikako begiradan, bere osotasunean dakusagu behean lautada, ordeka hori ikaragarri zabala. Haitzetatik hurbil, goietan aspaldiko partez, bidaia aparta suertatu zaigu gaurkoa ere. Beroak, ahuldurak eta nekeak kamustu dio zoragarritasun puntua.

Hemen da sastraka likina, hemen ere. Hemen diraute kilometro-harri buru-borobilek ere.

 

Urrutiko mendikatearen arteko lautadan gara, Merida ingurukoa seguraski. Unleitung bitxia: galsoro!!! batetik zehar desbideratu gaituzte oraingoan errepide-zulaketak direla eta.

 

Puebla de la Reina. Arkutxo apaindu landuko eliza-dorre mudejar aparta, hondatu samarra eta kolorgea.

 

Gaurko 3. unleigtuna: desbideratzea zuzendu behar duena, beroaren beroz, kapela azpian ez ezik albo urrutian dagoen zuhaitz azpira alde eginda dago, bertatik erakutsiz gidariei eskuko stop eta gezi urdineko borobiltxoa.

 

Palomas. Ezaguna zaigu jadanik aurreko egun batetik. Ederra du eliza-dorre mudejarra herri honek ere, teilateria gorriaren gainetik bera ere adreilu gorri. Adreiluzko gorria da ere, xarmanta gainera, herri barreneko zubitxoa.

 

Garia da nagusi Almendralejoranzko lur bakartietan, mahastia eta olibadia aldiz herri inguruetan.

 

Eguerdi  eta arrats goizeko etxerako ordua da arriskutsuena gidaritzan. Nekatua, etxeko egonera nahi duzu; berotuta, igerilekuko bustidura freskagarriak kilikatzen zaitu; nahiko ibilia, zuhaitz azpiko etzan itzaltsua duzu desio. Arin zoaz, bide bakartietako bakardadean zoazelako arinago, fidatuago, errepideak berak fidagarriagoa dirudielako. Gordeagoa da arriskua bera. Arriskutsuagoa. Inguruaz ere ez duzu hainbeste gozatzen, irrist egiten dizu paisaiak, zeuk egiten diozu irrist paisaiari. Goizean mantsogarria eta lasaigarria den paisaia arriskugarria da etxerakoan.

           

Gaur ez dut kilometro  kontagailurik begiratu.

 

Cubako Ballet Nazionala erromatarren teatroan. Lehengoz ikusi dut balet emanaldi oso bat. Gustura egon naiz baina ez zait laket: ez du indarrik niretzat saltutxoka, jauzikako espresiobide horrek, mila aldiz jauzi berdina edo antzerakoa errepikatuz, koreografia aldatsen bada ere. Hainbeste neska eta mutil jauzika!: Irudi eta multzo zenbait ederrak dira, plastikoki ikusgarriak, baina ez du nirekiko edukirik islatzen edo azaltzen, edo oso azaletik egiten du. Ez nau harrapatu, ez nau atzeman.

Ingurua du ikusgarria gaurko emanaldiak, erromatarren Teatroak akuilatu egiten du irudimena, lekuaren xarmak antzinako garaietara daramagu.

BIDAIAK 99. EXTREMADURA

Jon Etxabe 2021/07/16 09:50
BADAJOZ. Comarca de los Valdios, Albuquerque, Sesmero.Mérida, Tierra de Barros, Almendralejo, Aceuchal, Villalba de Los Barros, Feria, Villafranca de Los Barros, Torre de MIguel

COMARCA DE LOS VALDIOS

Ez dira hain alperrak izanen lurrok.

Hara non  sastraka likina berriro.

Behiak, txerri beltzak, kaktusak, kanaberak, pikondoren bat.... muinoak… mendixka karstikoak...

Tarteka, sarriegi, noizbehinka binaka, lorez bilduta gurutzetxoak tristatzen dute errepide ertza: istripuz hildako asko da hemen ere. Goizaldeko gazteak ote?. Baziren gurutzeok  Huelvako errepideetan ere

Labak behar zuten hondakin bereziak mendi baten oinean.

 

Puerto de las Conejeras, 532 metroko garaiera besterik ez du.

 

Guretzat soilik utzi digute errepidea, oso atsegina da bakardadeko gidaritza hau.

 

Bi tontorren erdian dakusagu Albuquerque baina beste aldera behar du egon kaledi nagusiak, ez baitzaio eraikin zuri handi bat eta etxe bakan batzuk besterik ikusten;  tontor batean, jauntxo, handienetakoa, ez  bertan beherakoa bera, gaztelua gailentzen da. Herrira aldatsaren erdian kupuladun harrizko eraikuntza borobil zabal itxia: putzua behar du izan.

           

Albuquerque.. Oso herri deigarria, nortasuna du, bizia izanen da. Gaztelua goian. Erdi Aroko Alde Zaharra mendi maldan behera, zen bezalakoa gaur egun ere, garbia eta zaindua, baina biluztasun gorrian, ez dendarik  ez apaingarririk ez ezer, eliza batean bezala gabiltza kaleotan, ataurrean eserita dagoen amonatxoak ez dio gure agurrari erantzunik ematen begiak zabal-zabal gugan jarriak baditu ere: bakardade bizian, isiltasun sarkorrean, irratiren bateko mariatxi ozen batek sortzen digu halako barne astindua, tarteka berriz motoaren tar-tar desatseginak mintzen ditu belarriak.  Harrizko ateak, dotoreak batzuk, gotiko pitxiak bestetzuk. Alde batean idazki zizelatua duen putzu karratua plazatxo batean. Ermita bitxi bat dago plazan: ermita petoa dirau kanpotik, taberna bilakatu dute barrutik, baina bere eliza egitura eta taxua inola ere galdu gabe, eliza bailitzan, peto-peto dena, baina taberna izanik; han daude aldareak baso eta ukondoen pausaleku, egonleku gordea da presbiterioa, presbiteriora arkuak bere hartan dirau, komun bilakatu da sakristia; galdua zegoen nonbait eta herriak berreskuratu zuen tabernatarako: halako zirrara eragiten du. Etxe baten patioa ikusi ahal izan dugu ate erdi zabalik batetik, kanpotik antzik eman ezin zaion egitura erakargarria du: balkoia du patio buelta osoan. Bebarru bikaina ikusteko aukera ere etorri zaigu leihatilatik: bi arkuri eutsiz zutabea erdian eta azulejozko eskailera.

 

Muinorik muino, larrerik larre errepide txikietatik egin dugu etxerakoa.

Asteburua, agian eguerdiko ordua delakoz, beroagatik... geuretzat dugu errepidea: gozamena.

 

Sierra larga, Sierra del olivar... izen ezberdinak baina mendialde antzerakoak.

 

Lautada bat tarteka. Txabola borobil pare bat ikusi dugu, batek estalki koniko lastozkoa du, besteak zementuzko ganga, baina biek dute zikoina habia gainean. Artea, artelatza... lur pobrearen itxura.

 

Villar del Rey. Herri iluna berez, grazia gutxiago du oraindik eguerdiko beroarekin.

 

Hara non lurralde gorrian palmondo harroa eta pikondo umila elkarren ondoan.

 

La Roca de la Sierra. Gorri ikusten da errepidetik, teilateria soilik ikusten baizaio ikusi ere. Badu dorre apaleko elizatzarra baina baita lau hormen egitura besterik gelditzen ez zaion eliza ere, erre bailitzan itxurakoa. Noria bat sarrerako bidegurutzean, lau xemaiko, zementu eta pintura apur batekin berreskuratuz herri-kulturako altxor bat litzateke, tristura sentipena sortarazten du dagoen egoeran.

Ondo jarria du izena: dehesa edo larreko muinoen azalean harri-bola eta harkaitz leunak nabarmentzen dira, harrizko fisonomia emanez  larre-lur  osoari, txirristak eta trikuharri itxura dute harriok: bitxia eta erakargarria da, diganteen jolastokia dirudi.

Sastraka likitsa heldu da honaino ere. Eukalipto tantai ilarek gerizpeko etorbide bilakatzen dute errepidea. Olibadiak. Non ibili badute behiek, janik izanen ote da arazoa.

Bere zeregina betetzen dute oraindik errepide honetako hiru aurpegiko kilometro-harri boru-borobilek.

 

La Nava de Santiago. “Las Cadenas de las Navas” behar luke izan: lantegia behar duen eraikin batean kate erraldoia luzatzen da zerurantz, zutabean kiribilduz behean eta katea bera soilik luzatuz gora ondoren.

 

Baso gorrizka-gorrizka sortzen dute artelatz biluztuek, paisaia izugarri sarkor, misteriotsu, magiko, mundu ezberdin bateko bat, irudimena akuilatuz.

Ehun bat txerri “patanegra” putzu zikin beltzean murgilduta eta txipi-txapa, urdaiazpikoaz gozatzeko grina kenaraziz bezala. Hipopotamoak dirudite. Agian azala zaintze eta gordetze alde egiten dute hori.

 

El Carrascalejo.  Kanoniko zaharrak ez ezik, izenek ere Nafarroa gogarazten digute. Hemen ere ba ote kuartelik, kartzelarik eta ondorengo espekulaziorik?.

 

Aljucen. Herri iluna. Aurreko herriaren eliza-dorre berdina du, baxua, ia goratu ere egiten ez den lau aldeko prisma zapala.

 

Lurralde zabal batean doa etxerainoko errepide nagusia.

 

213 kilometro, errepideko bakardadean inguru atseginez bilduta.

 

Ze zaratatsuak diren asteburu-pasa igerilekura datozen familiak!. Lasaitasunaren zorion leherkor kutsakorra.

Erabat irauli digute barnea hiru neska-koskorrek, hain berekoi jokatu dute hiru laguntxoek zinbili-zanbuluan ibili nahi zuten beste hiru  umeen aurka. Beraiek zebiltzan, luzaroan ibili ere, hiru ume berri hurreratu zitzaienean. Asper-asper eginda ere bertan jarraitu dute, luzaroan, besteei zabuok utzi nahi ezta, tuka, burlaz, irriz... amak berriketan alboan eta aitak tabernan zeuden bitartean. Azkenean asperdura  gehiago ezin jasan eta utzi dituzte zabuok baina berriro bueltatu eta besteei kentzen ahalegindu dira bortxaz. Ume horien erruki:hain berekoiak, hain zitalak, hain besteentzako bihotz gogorrak. Amek eta aitek errua, ez baitira umeez  arduratu ere egin.

 

 

Uztailaren 18a. Igandea.    Ex:3.a - 48.a

 

Bi NA, bi SS eta BI bat gaude elkarren auzo kanpinean, esparru askatu bat mugatzeko haina.

18 gradu, hotz, arropa luzeak eta sendoagoak janzten hasi gara.

Oilarraren kukurrukua eta astoaren arrantza entzuten ditugu inguru gertuan. Kanpinean bertan txuarra ikusi ahal dugu, ez asko.

 

Alkantarako zubia eta bere inguruko trikuharriak ikusteke utziko ditugu: deseroso eta urruti ditugu. Ez dago kanpalekurik ere bere inguruan.

 

Merida.  Erromatar Zirkoa edo hipodromoa: hondatu samarra dago, duela urte asko ikusi genuenean baino ageriago eta zainduago egonik ere, ez du askorakorik eskaintzen, irudimena akuilatzeko ez bada. Anfiteatroa: agian anfiteatro gehiegi ikusi dugu eta ikusitakoekin alderatzen hasten gara, anfiteatro orok duen zirrara kamustuz. Veronakoa, Tunezkoa, Erromakoa, Tarragonakoa, Saguntokoa, eta zenbat ez!. Teatroa: handiagoa eta osoagoa gordetzen nuen oroimenean, orain ere zirraragarria da eszenategia eta bere akustika maila. Erromatarren etxea: atsegina eta zirraragarria mosaiko eta lorategi horietan paseatzea. Dianaren tenploa: ze zutabetzar, ze kapitel... jori-jori zegoen herri indartsua behar zuen hori jaso zuen herria. Erromatarren Arte Museoa: harriak eta bestelako gai hilak bitxiki landuak, haragizko gizaki bizien izaera eta bizieraren lekuko.

 

Doan da Meridan Museo-sarrera igandez, eta aste barruan ere jubilatuok oso merke dugu edozein museo-sarrera.

 

Torremegia. Erdi-erditik zeharkatzen du errepideak, oso luzea da ezker-eskuinera doakion kale perpendikularra.

 

Ez da etxe  garairik egin beharrik lurralde honetan, emigrazioa izan da hemengo arazoa,  periferiako herrialdeek jaso dugun immigrazioa hemendik zihoana zen hain zuzen: etxe berriak jaso behar izan ziren gureetan ogi bila alde egiten zutenek hemen husten zituzten etxeetako bizilagunak hartzeko. Hain aldrebesa da ekonomia kapitalista, hain logikarik gabekoa, hain garestia,  dirudunentzako zarrastelkeria emankorra. Logika badu, baina aberatsentzat edo aberastu nahi dutenentzat, kapitalarentzat. Merkeagoa zitzaien hemen bizibideak sortzea baino. Politikoak tarteko.

Galsoroak, mahastiak, olibadiak mugarik gabeko lurralde berdean: jadanik ezaguna zaigun paisaia.

Harrizko tontorreria han-hemenka, ia ilaran, lautada zeharkatuz lez.

 

 

TIERRA DE BARROS

 

Ez dira ikusten herriak eurak, baina dorreak erakusten du urrutitik herria non den.

Moto txikia da nekazarien soroetarako ibilgailu sarriena, jabetza banatua dagoen ezaugarri.

 

Almendralejo: Zaindua eta garbia, zabala eta handia, badira 2-3 estaiko etxeak, ez  da etxetzarrik: hemen izan da nonbait beste herrietatik etorritako immigrazioa. Jauregiak, bebarru ederrak, patio zabaleko etxeak kale estuetan. Eliza: beteta dago, meza orduan heldu gara, meza ordua delako dago zabalik; gargola dotoreak eta ate bikaina, hormak erabat estaltzen dituzten pinturek dotorea eta bizia egiten dute barrualdea:  36an “marxistek” hondatu omen zuten, eta frankistek ondoren berritu, lehengoaren kopia omen erretaula. Zezen-plaza ederra: hemen izan ote zen frankistek zenenak bezala ezkertiarrak toreatu eta hil zituzteneko hura?. Zezen-plazako hura ere gerraren zati basatia izan zen.

 

Elizako harri batean dago idatzia marxistena, ez diona da herriak zergatik apurtu eta erre zuen eliza, ezta ere gerra ondoren nola jokatu zuten eliztarrok erretzaileekin.

“A todos los muertos en todas las guerras”, dio oroitarri batek: bada pauso bat, gehienetan alde batekoak bakarrik gogoratzen baitituzte.

Ia horia eta ia gorria den pintura okrea darabil etxe askok fatxadetan.

Balkoiak dituzte behe solairuek, Andaluzian antzo: zergatik?. Agian lurralde beroa izanik ilunabarretik aurrera barrua errazago aireztatu eta freska dadin.

           

Zikoina asko.

Ortzi-mugarainoko mahastiak luzatzen dira mendebalerantz ere.

 

Aceuchal. Txukuna, zuria, garbia. Gotorlekua dirudi dorreak, eliza bera atsegina da, osagarri ezberdin franko du dorreaz gain: koroa batekin bukatzen den ganga, kaperatxo batena behar duen ganga, irtentxoak, teilategal azpiak, dorreko kabi eta zikoina harroak,  eta hainbat zertzelada. 4 palmondo oso garaiek inguratzen dute gerran hildakoen omenezko oroitarria plaza erdian: ”Gerran hildako denei” dio: nonbait basakeria asko egin zuten frankistek lurralde honetan eta nolabait zuritu behar zen. Xarma du  Udaletxeak, plaza berean. Burdineria leihoetan hemen ere: Andaluziako kutsua. “Casas consistoriales y de corrección pública” dio antzinako letrero batek. Berakatza omen herriko ezaugarri nagusia, fruiturik ugariena: guztiz goratu eta gogarazten dute.

17 urteko gaztea hil da goizeko 7etan gaupasatik etxerakoan. Erabat hunkituta zegoen herria, dendetan ez zegoen beste ele gairik.

 

Guretzat soilik den errepide umean dena da bakardade leuna, auto aurrean agertu zaigun harraparia salbu.

 

Villalba de los Barros. Ez da ikusi ere egiten herria bera, baina bai gotorlekua dirudien, agian zen, dorre izugarri handia. Herri bikaina, burdineria askokoa hau ere. Berdeguneak banatzen ditu kale nagusiko norabide biak, plaza luzearen itxura emanez.

 

Mahastiak, lurralde horia ondoren, dehesa edo larreak berriro, arte-lekua almendrondo sailei lekua utziz.

Dorre erraldoia urrutian mendi konikoaren puntaren puntan, mendi-tontorra goragotuz, mendi-muino guztien gainetik gailen. Aurrez aurre izan dugu bertara egin arte.

 

Feria. Jadanik laguna zaigun gazteluaren oinetan, XV. gizaldiko hiribildua, ekarri dugun norabidetik bestaldera, hegora, kokatua. Auto asko dabilen eta dagoen arren Erdi Aroan murgiltzen zaitu bertaratzeaz bat. Zuria, magalean kiribildua, harresirik gabe bihurria, pikoa, bere kaleetan bildua. Estuak ditu kaleak, tokatzen zaion bezala. Dorre karratu sendoa kalediari bukaera emanez, harri bizian eraikitako etxeak, gaztelua denetik begi-bistan,  erabat gorri eta okre pintatutako sarrera eder-ederra duen eliza, plaza hegiko musika-kiosko karratu moinoinoarekin gorenean, zenbait etxeren izugarrizko patio ederrak, balkoietako burdineria… ibilbide erakargarria eskaintzen dio bisitariari Feria herriak.

Etortzea merezi duen herria: gustura ibiliko gintzaion beste ordubete, gora eta behera, erabat liluratu gaitu eta: erabatekoa zen isiltasuna, misterio eta magiaz bildutako giroan bilduta.

 

Nahitaezko bizitza-baldintza edo osagai bihurtu da igerilekua herri bero hauetan.

 

Lurralde hori zabal-zabala da lautada. Bi asto filosofatzen geldi-geldi galsoro batean, buztanari eragiteko baino alferrago eguzkipean. Artaldeko ardiak berriz elkarri burua estaliz beroa bigundu nahirik. Geroago zuhaitz bakarraren gerizpea partekatzen dute artaldetxoak eta zaldi batek. Tarteka granjak, behigorriak, baita ikusten edo ikusi ez arren usaintzen ditugun zerriak ere.

Ura darama errekak, kanaberek marraztutako lerro berdea bilakatu da erreka-zuloa, ikusgai goxoa da  adreiluzko zubi ederra.

 

Fuente del Maestre. Ukitu zuria du urrutitik, izugarri zabala dager bertatik.

 

Bere ukitua dute herriok, bere xarma berezia, bere-berea.

Olibadi eta mahastiek berdea bilakatzen dute lurralde horia.

Txitxar hots izugarria.

 

Villafranca de los Barros. Erdi-erdian, gailen, eliza-dorre lerdena, izugarri zabala, zuri-gorri deigarria dager kanpotik. Herri bikaina, bikaina ere eliza aurrea, etorri gatzaizkion ordua eta eguna dira eskasak: igande bazkaloste beroa ez da bizitarako ordu bikaina. Harrizko sarrera iluneko eliza zarpeatu argia. Balkoietako burdineria. Azulejoz edertutako kiosko garaia, bi metrotik gorako altueran, azpi aldea garbi duela zezenketarako aterpe  edo. Dorre berezi xarmant zuriko bi eliza, bata plaza baten erdian, herriko ertz bakoitzean biak, zuri-zuri. Bi plaza ere. Zementuz  hartuta dute ibaia, erabat zabala, noizbehinka, euriteetan edo, ur asko dakar nonbait: saskibaloirako ere balio die gaur egun.

 

“Avenida de la Guardia Civil”. Ez dakit zein herritan, agian Acebuchen, izan dugu ere “Calle de la Guardia Civil” edo “Calle del Cuartel”. Agian bertan txapelokerren kuartela dagoelako, besterik gabe.

           

Geure geratu zaigu errepidea hemen ere. Gora-behera leun-leunetan goaz. Garia, olibondoa eta ondo zaindutako mahastiak.. Harrizko mendiek jarraitzen dute. Kilometro-harri buru-borobilak, bere zeregina beteaz oraindik.

 

Palomas.  Uso-herria ote?

 

Lautada hori zabala, galsoro izana. Larre lurra ondoren.

Hain zabala, lautadako itsasoa dirudien Alanje urtegiak lehenengo, Guadiana ibaiak gero, jarri diote azken ukitu atsegina gaurko bidaiari: bata inguratuz eta bestearen ertzetik egin dugu bidearen azken joana.

 

Alanje. Etxe multzoa malda piko-pikoan, besterik ez da izan guretzat. Bainuetxea omen du. “Castillo de la Culebra”, erraldoi mendi gainean, deigarri urrutitik: S.Michelen antza du, dorrez bukatutako mendi zorrotza,  kono luzea ur bazterrean.

 

Lurralde berdea pantanoaren beste aldera, izugarrizko arto-sailak, ureztatze ur-txorrota luzeak zin-zin biraka apar zuria, edo ttantta soka zuria luzatuz artoaren gainetik. Berotegi zabalak, Badajozen ikusten ditugun lehenak.

Zikoina parajea, ehiza leku oparoa zaie ibaia: dozenaka argindar dorre puntetan dituzte habiak, habi ilara luzea osatuz lautadan, eraikin hondakin batean berriz  habia leku da zutoin bakoitza.

Guadiana lagun bukatu dugu bidaia, zubi luze batez zeharkatu dugu Portugaleko mugetan ere lagun atsegina izan genuen ibaia.

 

160 kilometro, paraje ezberdinetatik.

 

Atzo familien eguna izan zen igerilekuan, gaur berriz bikote gazteena.

Motozale pila sartu da kanpalekura.

Txuarrak bertaratzen dira, jendeak alde egin bezain laster, igerileku inguruko belartzan taldeak eserita egon diren lekura, apur bila, beraien artean lehiatuz eta borrokatuz, indartsuena nagusi, apurrotaz jabetzeko.

 

 

Uztailaren 19a.   Astelehena    Ex:4.a - 49.a

 

Calamonte. Herritxo kolorge petoa, nekazari herria inguru berdean, arto, tomate eta ekilore sailek inguratuta, Guadiana inguruan, Plan Badajozean. Manuelino jiteko ate interesgarria elizarena. Egongela bihurtu dute garaje bateko zati bat.

 

Ulertezina zaio jendeari ez dugula autobidetik ibili nahi, bide txikietatik ibili nahi dugula. Autobidera eta errepide nagusira bideratzen gaituzte, mapa eskuan, bide txiki zehatza nondik eskatzen badiegu ere.

 

Arroyo de San Servan. Bi, hiru estaiko etxe ilunak: erabat galdu du antzinako fisionomia. Silo edo gari biltegia da herriko eraikuntza erraldoia, urrutitik ere digante.

 

Herri oro da zabala, biztanleri kopurua  oso hazia ez den arren.

 

Eukalipto basoa lautada erdian. Guadianatik urrunduz, hasi dira olibadiak eta mahastiak.

 

Solana de los Barros. Inguruko tontortxo bakarrean, norberarena defendatu beharrez. Herri zakarraren jitea dario, baita biziarena ere.

 

Bizimodu gogorra da nekazariona segur aski: lurrak ez die ezer doan eskaintzen, lurrak ez du lan gogorrik gabeko emaitzarik inon, batez ere hemen.

 

Aldea de Retamar. Herritxo zapal-zapala lautadan, herri zapala lurralde zapalari itsatsia.

 

Herrixkook zeharkatuz doa errepidea. Herri orotan, alderik alde harrapatzen duen tontortxo bortitza jarri diote errepide-zoruari, autoen erasoari aurre egiteko babes ia bakarra, eraginkorra gutxienez.

 

Corte de Peleas. Ze borroka moten toki ote?. Hemen inspiratuta ote koadro famatua. Nortasun fisikorik gabekoa, ez da inondik ere herri zuria. Bakoitzak deritzon eran edertu du fatxada, zurituz, kolore ezberdinez pintatuz, pinportatuz edo azulejoz dotoretuz,  bakoitzak ezberdin.

 

Aitzurra lepoan, oinez doa errepidean bikote heldu bat bere baratze edo sorora. Gehienak motortxoa darabil joan etorri horietarako, askok otarretxoa alboetan ezarrita astoari lez.

Eta guk Jaengoak soilik, edo Jaengoak batez ere, uste ez genituen ba olibadiak!.

 

Entrin Bajo. Historia xelebreren bat izan behar du izen honek. Hau ere ez da herri zuria!. “Calle primavera”, izenera  polita eta bizia. Azulejoz dotoretutako plaza polita.

 

Mahastia jabetu da lurraldeaz. Gaurko bidaian utziko ez gaituen larre-lurra izan dugu ibilbide ondoren, artadi eta artelatz basoekin.

 

Nogales behar du izan lautadako tontor bakarrean agertzen den gaztelu erraldoia, ezberdintasun ttantta ezarriz luzaro paisaiari, ukitu ezberdin entretenigarria jarriz ikuspegiari: borroka giro baten ezaugarri, gizakiaren historiako une orotan borroka presente dagoelaren lekuko: lurralde osoa ote  “corte de pelea”?.

 

Eperra eduki du dugu aurrez aurre luzaroan errepidean bertan, ber-bertara hurreratu gatzaion arte.

 

Torre de Miguel Sesmero. Kanpai-horma txiki-txikiko eliza handi-handia dager herria bera oraindik ikusi ere egiten ez denean; bertarago herria teilateria zapal-zapala besterik ez, elizaren adreiluzko eraikuntza arre digantea gailentzen da denaren gainetik: eliza da herri honetako gotorleku eta gaztelua. Bihurrienetan bihurriena, simetriaren arrastorik gabe,  batak besteari aurrez eta zuzen jarraitu ordez aurrekoaren ertzetik hareago hasten dira kaleok kale-gurutzetan, batak besteari artez jarraitu gabe: agian defentsa estrategia da, kaleak defendatzeko teknika, edo haize korronteengandik babesa: zerbait konkretu eta praktikoak  bultzatu zituzten orduko arkitektoak, jakintsua baita herria. Burdineriaz babestutako lurrerainoko bao-gune eta behe-solairu soileko etxebizitzen jiteagatik, herri andaluziarra dirudi.

 

Garbitegia du herriak, berria edo berritua, ur garbiko txukuna, oraindik erabilia, agian bere zeregin publikoa betetzen duelako dago hain aratza. 

BIDAIAK 99. EXTREMADURA

Jon Etxabe 2021/07/12 08:25
BADAJOZ. Tierra de Barros, Mérida, Badajoz.

Herrialdeak, hiriak eta herriak

BADAJOZ.

Higuera La Real, Frenegal de la sierra, Valverde de  Burguillos, Zafra,

- TIERRA DE BARROS, Villafranca de Los Barros, Almendralejo, Torremejía, Mérida, Feria, Fuente del Maestre, Villafranca de Los Barros, Palomas, Alanje.

-  Montijo, Guadiana del Caudillo, Gevora del Caudillo, Pueblo Nuevo del Guadiana, Badajoz.

- COMARCA DE LOS VALDÍOS. Puerto de la conejera, Albuquerque, Sierra Larga, Sierra del Olivar, Villar del Rey, La roca de la sierra, La Nava de Santiago, El Carrascalejo, Alucen, Mérida, Torremejía.

- Medellín, Don Benito, Villanueva de la Serena, Mengabril, Guareña, Valverde de Mérida, Villagonzalo, Alange, Paloma, Puebla de la Reina.

-  LASERENA LURRALDEA. Valle de la Serena, Higuera, Zalamea, Malpartida, Castuera, Quintana, La Guarda, La Haba. Proseroina lakua.

- Puebla de Obando, Torremayor esparragalejo.

-Conquista del Guadiana, Torresfresneda, Santa Amalia, hernan Cortes, Valdivia, Zurbaran, …

-Calgallegas, Merida, Almaraz, Peraleda.

 

            

Uztailaren 16a.   Ostirala.    E:1.a - 46.a

 

“Olerkiak”. Loramendi:

* Mamorro beltzak burruntzaliarekin edo zakurrak makilarekin mehatxatzen jartzen digu hain goxoa zaion Amabirjina.

           

Zozoa, goizeko txoria; berdegunean dabil, kanpaleku orotan, belarretan mokoka.

           

Azken begirada, ezagunak, ia lagunak, zaizkigun mendi, baso, herrietako izen, izen ostean eta errepide muturrean zer dagoen ezagutzen dugun norabideei; azken soa Arazenako eliza, dorre eta teilateriari. Erabat zuria dager herria goizeko eguzkira, zelaian lehortzera jarritako izara dirudi.

Extremaduran dago jadanik gure gogoa eta interesgunea.

 

Txapeloker asko ikusi dugu bai errepidetan bai herrietan, gaur atzean eraman ditugu kilometro askotan ia azken bidegurutzeraino, eskolta  eman nahi bailigute.

Goizean goizetik datoz bandan motozaleak, aurrez aurre, gure kontrabidean.

Ez da harreman hertsirik Badajoz eta Huelva probintzien artean, auto eta kamioi gutxi dabil bien artean.

Menditsua darrai parajeak.

 

 

BADAJOZ

 

Sillo ibaia zeharkatuz egin dugu lurralde berrira.

Ez du ur askorik ibaiak, baina presatxoa egin diotenez, zerbait dirudi.

Beti bezala mugak jarri jartzen ditugu baina naturak antzekoa jarraitzen du muga alde batean zein bestean, Aracenakoaren paretsua da hau. Behi makalak eroaten du nonbait erosoen beroa, behi makalok dira granjetako apopilo ohikoenak.

 

Higuera La Real, bestelakoak badirudite ere urrutitik bai eliza-dorreak bai elizak berak, ez dira hain harroak bertara hurbildutakoan; zezen-plaza egiten du bitxia goialdeko arkuteriak.

 

Binaka datoz motorzaleak.

Txerri beltzen granja, ehunka edo dozena askoka dabiltza soltean lur gorrian, gizajoek urdaiazpiko eta txerriki fabrika handia dute alboan.

 

Frenegal de la Sierra. Ezer guti ikusi ahal izan diogu kale luzea ezik. Agian ez du mereziko bisitara itzultzea beste egun batez.

 

Artea, olibondoa...

Motorzaleak, multzoka. Motorzaleok badute bilkuraren bat nonbaiteko basoan asteburu honetan ere.

 

Bukatu zaizkigu mendiak. Harrizko hesiz bananduta eta berezita daude jabegoak. Benetako harresiak dira hauek ere, betebehar berdina osatzen dute, albokoaren ganadutik babestu norbere lurra; etsaiaren arabera dira nonbait garaiagoak edo apalagoak harresiok.

Lur-mendi mortuak, horiak, idorrak. Pentsu biltegi garai borobileko granja bihurtu dira daude gaur egun kortijoak eta landetxeak, zuri muino leun gainetan, norbere lurren talaiak tontor gainean.

Zirraragarria da urrutiko mendi-magalean eta lautadan zehar errepidearen marra beltza, suge arrea bailitzan, sigi-saga. Hurrengo urrutiko muinora arte luzatzen da suge  beltza hegira heltzean. Bertatik igaroko gara berehalaxe. Lurralde osoa lotu du errepide sareak, herrien arteko harremanak erosoagoak bihurtuz.

Multzo biribiletan pilatzen dituzte nekazariek sorotik ateratako harriak, txukun, horma biribil berdina eginaz zuhaitz gerri bueltan.

Behiak.

 

Valverde de Burguillos. Kanpai-horma  eta dorre meharra besterik ez zaio ikusten.

 

Ziztu bizian gurutzatzen gaituzte motorzaleek.

Hara non astoa, solte, lur landuan.

Harri edo harkaitz multzoak, trikuharriak dirudite.

Antena mezularia urrutian, gaurko jainkoen dorrea, erlijio zaharraren gurutzea ordezkatuz, herriak lokarri ikusezinez lotuz.

 

Norena da lur hauen jabetza?, unai edo behizaina behion jabea da?, norbaiten morroi dira?, jauntxoek diraute?.

Zubitxo polita, begien poz, paisaiari ukitu ezberdina emanez. Harrizko gandorra duen menditxoa gero,  ukitu bereko mendi ezberdina, begien atseden hau ere.

Horia eta idorra da Zafraren hegoaldea, olibondo batzuk badira ere.

Tour, Giro, Vuelta  eta Itzuliek hainbat txirrindu zale ateratzen du errepidera, pedalei eragitera.

 

Zafra. Izugarri zuri, zuri distiratsu, dager, eliza iluna duela erdian. Gazteluko dorre borobila, eliza-dorre polita, bi kanpai-horma, dorre mudejar ederra, lehen urrutira ikusi dugun errepikagailua… atseden eman diote begiei. Hiri barrua zeharkatuz doa errepidea: herri bizia dirudi, jarduera handikoa.

 

Norabidea galdetu diogun gazte helduak garbi eta astiro ahoskatuz, keinu nabarmenez lagunduz eman digu erantzuna, atzerritar baikina, gaztelera garbian galdetu diogun arren: atzerrikoekin lotzen dute nonbait oraindik karabana.

 

 

TIERRA DE BARROS

 

Dena da mahasti Zafra ondoren, ezker-eskuinera, aurrera, begiek hartzen duteino, mahasti zainduak. Gorriak dira lurrak.

Asko-asko behar dute izan gaur hor behean elkartzen diren motorzaleak.

Kamioi eta auto ilaraz ase da Sevillara doan errepidea.

 

Villafranca de los Barros. Zuria eta zabala, alde bietara kanpai-dorrea duen eliza-dorre okrea gailen.

 

Azaldu dira berriro olibadiak. Zenbait galsoro tartekatzen zaie mahastiei.

Cooperativa Comunal Olivarero: nekazariena da, beraz, lurron jabetza. Ze nekazari?.

Bada motozale bitxirik: sarri gidaria bezain bitxia da motorzale bitxiaren azpiko motoa bera ere.

 

Almendralejo. Herri handia, zabala behinik behin. Kale-arteko semaforoek moteltzen dute autoen ibilia. Parke ederra du. Industrigune zabala eta bizia. Bada zooa ere: nola ote bertako animalia gizajoak lur galda hauetan!.

Zikoinek habia-leku egin dituzte bi adreiluzko tximinien goi-ahoak.

Txupa beltza, motorzaleen jantzia.

 

Torremejia. Ezberdinak eta sartu berriak dirudite hemengo mahatsondoak, ematen du nonbait mahatsak,  horretara jarri dira herri honetako nekazariak ere.

 

Kare-harrizko tontorreria, Euskal Herriko edozein tontorreria litzake magal-oinetan pagadirik balitz.

Motorzalea, errepideko zalduna.

Gazte bat traktorez lurlanketan: ia ez da gazterik nekazari lanetan. Lurra berea badu zenbat amets bor-bor, inorena izanez, berriz, gogo gutiko lan behartua, lan emankorrago eta erosoagora alde egiteko gogoa.

Lur laua berriro Merida aurrekoa. Olibondoak gehitu zaizkie mahatsondoei.

Izugarri zabala dager Merida hurreratzean. Guadiana zeharkatu dugu.

 

Kanpalekua. Oraindik marduldu gabeko eukalipto eta makalez oparoa.

Zumaiako euskaradunak ditugu bezerokide. Bada holandar bat ere!.

 

Laba da Badajoz osoa, 40 graduko hozberoa.

 

Merida. Teatroa eta Anfiteatroa dira  hondakin deigarrienak hainbat eta hainbat antzinako aztarnen artean, baina goiza berotu aurrean joan behar zaie, eguerdiz nahikoa dira etxe-kontren gerizpeko ibilian ikus ditzakegunak. Zoruan barreiatutako harri erakusketa den Alkazaba,  Gobernuko ez dakit zein sailek darabilen Santiago Ordenakoek egokitutako komentu baten zatia, arkupedun Plaza de España, Andre Mari Eliza Nagusia, Trajanoren arku biluzia, loriarik gabe erdi galdutako akueduktua, bi ate ezberdin leun baina ederreko Eulalia Dohatsuaren eliza, Hornito dioten Eulalia hil omen zuten lekua tenplu grekoa dirudiena, planoan zergatik nabarmentzen duten ulertzen ez dudan Eulaliaren obelisko arrunta, 783 metro luzerako eta 70 arkudun zubi erromatarra... eta hainbat harri bitxi.

 

Europan kaleak hustu eta herritarrak etxeratzen diren orduan, seietan, zabaldu egiten dira dendak Meridan, ordu horretan ateratzen da herria kalera. Eguzkiaren eragina herri kulturan.

“Exigimos Estatuto de Capitalidad” dio plaza nagusiko pankarta batek. Ze demontre ote?.

”Jose Antonio Primo de Rivera”, metro erdiko hizki handiz zizelatuta dago falangistaren izena Andre Mari Eliza Nagusia eta Eulalia Dohatsuaren harlanduzko fatxadetan.

           

189 kilometro, Badajozera eta  Badajozen.

 

“Samurai berria”. J.M. Velez de Mendoza. “Diganteek ere bere Akilez edo buztinezko oinak”. Osaba Samen ahuleziak

.

 

 

Uztailaren 17a. Larunbata.    Ex:2.a - 47.a

 

“Olerkiak”. Loramendi:

* Gizajoa gure Jose dohatsua, eraman behar izan zuenarekin ere hain zoriontsu.

                       

Buruko hilea egiten ikusi dut gizonezko bat kanpineko konketan, kaskoa ondo xaboituta eta aitzurra eskuan. Ikusi nuen gazte bat beste behin; gaurkoa ez zen gaztea.

           

Meridak ere badu harri biziko mendizerra txikitxoa, antena piloa jartzeko baliatu dutena. Ez da ia ezer ikusten autobidetik, hesi berde trinko garaia jarri baitiote erdigunean ere. Lautada da Meridatik Badajoz hiribururainoko ehun kilometro luzeko tartea. Bada olibondoz jantzitako mendi-muino leunik ere. Hiriburura ahalik goizen heltzea nahi genuen beroagatik, baina  autobidea uztea erabaki dugu,

 

Montijo. Inolako erakargarritasunik eskaintzen ez digun etxe apaleko hiri handia, etorbide eta antzerako handikeriatxoz jantziz zerbait izan nahi duena.

 

Plan Badajoz: Urtegiak egin eta probetxugarria egin zuen lautada hau Francok. Lur ureztatuak bilakatu zituen lurralde mortuak. Arto eta  tomate sailak  nabarmentzen dira nagusiki: tonaka tomate ateratzen da hemendik. Betiko galdera: norenak dira lurrok?. Norentzat etekinak?.  Arto-sailean gidatzea da herri-bideotako ibilia hemen. Gogoan dut gazte nintzela Altzolara zetorren Badajozko kanonikoa, lautada honetako lurren emankortasuna goraipatzen zuen etengabe, Francori esker sortuko zen aberastasuna. Baina Euskal Herrira emigratzen jarraitu zuten estremadurarrak.

 

Guadiana eta  Gevora Kaudilloarenak dira biak, “del Caudillo”, baina “Guadiana” hutsean utzi du Kaudilloaren jabetzarekin ados ez datorren ezabatzaile anonimoak.

 

Hegazti migratzaile txuri txikiek zipriztintzen dute mota zuriz belartza zabala, berdegunea zurituz: hegazti txuri txikiak batzuk, hankaluze kankailuek osatzen dute, aldiz, lixiba ondoren lehortzen jarritako izara erraldoia.

 

Pueblo Nuevo del Guadiana, zinez berria, eliza dorre karratu mehe luzexkari begiratu besterik ez dago.

 

Ibai ertzetan daude ageri diren zuhaitz bakarrak, eukaliptoek eta makalek agintzen dute paisaian.

 

Badajoz. Alkazaba, txukuntze ahaleginetan murgilduta dago ohiko gaztelu erdi utzia. Goiko plaza: gogoan dugu urteak direla goiko plaza ikusi genuenekoa: okupa edo etxerik gabeko jende txiroak hartua zegoen, arkuteria apal baina zabalera jaitsita zituzten biztanleek koltxoiak haize bila, beroari ihesi, jendea arkupetan lo koltxoi gainetan, inguru marjinala zirudien, erabat utzia eta hondatua zegoen ;  berrantolaketa lanetan murgilduta dago gaur egun plaza, bota egin dituzte bertako etxerik gabekook, baina bada etsi nahi ez duenik ere, gaur bertan  ikusi dugu okupa bikotea etxetik kanporatzen. Ehunezko aterpe garaiak dituzte oinezkoen kaleek baina ilunak eta tristeak daude larunbat eguerdia arren, zikin planta dute: txukuna da San Juan Plaza inguruko alde zaharra. Alde Zaharrak badu xarma ukitua;  Palmas zubia ederra da, Palmas atea berriz dotorea izanik garbituegia dago eta berrituegia utzi dute. Herriko zaindaria den  Amabirjina zaindariaren kapera eta alboko bi etxeek  dotoretxo ageri dira.  Tuterako zubia, harresi hondakinak... Katedrala: gotorlekua dirudi, gotiko eta erromanikoaren erdibidean, leiho manuelinoa deigarria da kanpotikako begiradan; badu zer begiratu barrutik: oso itsua, iluna, burdina-sarean harrapatuta dagoela dirudi, sarrerako kaperak burdineria du goraino, burdineria du korutik aldarerainoko pasabideak, burdineria goraino koruko sarrerak, burdineria dute komentu biek... dena da burdina beltza, kartzela baten itomena sortaraziz; zur landuko koruko aulkiteria bikaina da, ederra antzinako organoa, 119 argi dituen argi-armiarma erraldoia sekulakoa da, bada koadro eder pare bat sarreran bertan, baina batez ere sakristiako 8 tapizak, ikusgarri ederrak dira aipatzekoak, pintura dirudite, kanoniko berritsuak dioenez ez dira Flandes-en lapurtuak erosiak baizik.

 

Herri oso pobrearen sentipena utzi digu hiriburuak. Jendilaje susmagarria ere badabil, isilpeko salerosketak egiten dira kaleetan. Ez digu goiz guztirakoa eman baina bai ibilaldi atseginerako aukera.

 “Gezurtiena” deitzen diote Katedraleko argi-armiarma erraldoiari Espainiako Legebiltzarrean egon baitzen. Legebiltzarra eta Gotzainaren elizaren arteko loturaren sinbolo bizia, esanahi handikoa.

 

* Kalonje zaharra hurreratu zaigu nongoak ote; euskaldunak garela ba, Nafarroakoak. Eta hasi da etengabeko hizjarioa:

+ Ez da euskalduna ez nafarra, baina bai Nafarroan ikasitakoa.

+ Handikia: Del Burgorekin batera ikasia, pertsonaia ospetsuekin ibilia...

+ “hil arteraino karlista” sutsua eta amorratua: karlista ezaugarri handia darama paparrean, gorri nabarmena, sotanatzar beltzaren gainean.

+ Entzierroa korritu izan zuen S.Ferminetan.

+ Nafarroan 9 hilabetez ez zuen urik dastatu, ardoa oso biguna omen zen eta.

+ Testua ahaztu zaidan pintada xelebrea, Francoren aurka, Carlosen alde, pintatu omen zuen gaur Museoa den eraikuntzan, atxilotu eta egurra eman zioten poliziek.

+ Foruen aldekoa, zentralismoaren aurka.

+ Guardia Zibil asko hil zuten lurralde honetan, Badajozen, Errepublika garaian.

+ Euskaldun oro ez da hiltzaile eta terrorista.

+ Marxistak dakusa langile borroka orotan

+ Bere familiakoek gerra zibilerako armak erosten aritu ziren.

+ Tierra de Barrosekoak alperrak dira, kanpokoak egiten dute lan, agian eguraldi beroak du eragina alferkerian.

+ Barrosekoa jende pobrea omen, ijitoak eta alperrak ere.

+ Francok lur-jabeei kendu eta herri xeheari eman zizkien lurrak Plan Badajoz deritzon horretan.

+ Inguralde dena da Plan Badajoz.

+ Badajozkoa oso gogorra da kanpora doanean, langilea.

+ Bada Portugalera bidean euskal sukaldaritzako jatetxea, garestia eta ona, nora Portugaldik datorren jendea.

Eta mila kontu. Datu pila eman dizkigu bere analisiarekin bat ez gentozen arren.

 

Zikoina asko dago lurralde osoan: habiak ageri dira eliza dorreetan, argindar posteetan zein tximinietan, hegaz zein habietan dakusagu zikoinok. Lur hezea, elikagaiz oparoa izaki.

 

Botoa. Ez dakit zergatik idatzi nuen nota hau, zer esan nahi duen. Herriren bat ote?.

 

Plan Badajoz bukatu da eta lehorreko lurrek eman diote jarraipena, ohiko larre horiek. Hainbat eta hainbat zezen da larrean barreiatuta. Ugariak dira zezen-probaketarako plazatxo zuri polit txikiak, zezen-plaza dotore nanoak. Harria eta burdina bilduzko aspaldiko zubi ederra, estuegia delako utzia. 

IDAZLEEN MINTZOAK 3

Jon Etxabe 2021/07/05 08:50
...ARI, ADITZAK, ADBERBIOAK, NATURA.

… ari

Kliskan ari

 

… egin

A

Ahapez hitz egin

Aldaro egin

Aliritzira hitz egin

Antzerkiaz profesio egin

Arkuzin egin

Axut egin

B

Beltzuri egin

Biluzi egin

Bistadizo egin

Buru egin

D

Diru-trukea egin

E

Erantzuki egin

Erpeka egin

Ezohartuarena egin

H

Haize egin

Harriz tu egin

I

Itzuri egin

K

Kilimusi egin

Konpontxo egin

L

Lo-kaikoa egin

N

Narras egin

T

Topez egin

Txil egin

Txitxieak egin

U

Uzkur egin

Z

Zerraldo lo egin

Zizpuru eta zizpuru egin

Eginda

Begiak bete-bete eginda

Eutsi-eutsi eginda

Kuskur eginda

Xehe-xehe eginda

 

… egon

A

Asmentan egon

E

Eginkizun egon

Eriondo egon

I

Itokarrean egon

J

Jardunean egon

K

Koskorreraino egon

P

Pasaeran egon

T

Txanpon oneko egon

 

… eman

A

Ameto eman

T

Talaka eman

 

... ibili

B

Barrandan ibili

I

Inguru minguru ibili

Hitzontzi ibili

L

Lardaska ibili janariarekin

P

Pikotxean ibili

S

Suman ibili

U

Usman ibili

Uxarren ibili

Z

Zalantza-malantza ibili

 

…izan

E

Eskueran izan

I

Ikuskizuna izan norbaitekin

N

Nahitasuna izan norbaiti

P

Poeta usteak izan

 

ADITZAK

A

Aitxurkatu

B

Basapiztitu

Barnehustu

Basaztu

Bestetu

Breaztatu

D

Deslasterkatu

Desteratu

E

Emukatu

Eskustatu

F

Faltetsi

Fokuratu

G

Gaitzegokitu

Gogoberotu

Gotorkatu

I

Iragaiztu

Izu-ikaratu

K

Kondu

L

Lainoztu

Lauzkitu

Leziatu

M

Mondrongotu

Murduskitu

O

Odolkitu

Oxkaratu

P

Parkinatu

T

Tanaldu

Torlojotu

Trunkatu

Z

Zuribidetu

 

 

ADBERBIOAK

A

Aieka

Arrapastaka

Asago

B

Baitezpada

Barautan

Berandegika

Bestetsu

E

Elkargainka

Ezkutaketan

H

Hanemen

Hurre

I

Iheskorki

Ikustenka

Inkesaka

Inpentsan

Istapeka

Itsumandoka

Itsumustuan

Itsura

Itsuski

Itzalgaizka

K

Katuka

Kurioski

L

Lau hankatan

Luzegabe

N

Nahinoiz

Negar-murrinka

Noizteinka

O

Orripasa

T

Tipusta-pastean

Txutxu-mutxuka

Z

Zeihar

 

NATURA

Egunaroak

Argi biren arteko ordua

Egunabar

Egunez da

Gau mina

 

Eguraldia

Eguraldi lorrina

Eguzki morexka ia likidoa

Eguraldi lardatsa

Euri sarria

Euri zirina

Langar lainoa

IDAZLEEN MINTZOAK 3

Jon Etxabe 2021/06/28 09:43
Itzulpenak - Izenak - Marraz idatzitakoak - Bereiz idatzitakoak - Izenordeak - Izenak-izenordeak

ITZULPENAK

A

Aire-lurrintzailea

B

Buruko isuria

E

Egia esatera

Egoera-argia

Erortze askea

Esker emate eguna

G

Garraio-toki: portamaletas

Goi-denboraldia

H

Herdoilgaitzezko sukaldea

Hondoko itsasoa

I

Instanteko kafea

Irteera-posizio

K

Kafezko flana

Karga-jasogailu

Karelez kanpoko motorduna

L

Lanaldi erdia

N

Neoi-argia

T

Tarte hila

Telebistako agintea

Trapuzko mihia

Z

Zisne-lepoko jertsea

 

IZENAK

A

Albozkera

Artozopa

Atzeragoardia

B

Barbuila

Biltsari

D

Dardarotsa

G

Grin

H

Eskai

I

Irrisu

K

Kalendula

Kika

T

Tepu

Txin-Txauna

Z

Zerbel

 

MARRAZ IDATZITAKOAK

A

Ahots-hari

Albo-argiak (autoarenak)

Albo-ondorio

Arnas-hari

Auto-motelgailu

Azkar-usteko

B

Bahitura-etxea

Bakar-lurra

Bazter-auzo

Bazter-trenbidea

Berme-oin

Beso-euskarri

Beso-txokoa

Bihotz-zola

Buru-hilketa

D

Duda-zizta

E

Erregai-tanga

Eskualde-errepidea

Etxe-ordeko pareta

Ez-denbora

G

Gibel-asmo

Gomedio-karta

Gona-mahai

I

Ikusi-pasada

Ile-barbana

K

Kezka-malko

L

Leiho-tapa

Lo-susta

Lore-txankala

Lur-pikorra

O

Otso-urrats

P

Paper-bilkaria

Pausa-gela

Pito-borla

Ponte-izen

S

Su-pizgailua

T

Txutxu-mutxu

X

Xaboi-harri

Z

Zango-makila

Zehar-esan

Zizka-mizka

Zoko-moko

 

BEREIZ IDATZITAKOAK

A

Amorru munstroa

B

Bizkardun aulkia

E

Ehortz meza

Errusiar mendia

Esku tokia: manilla

H

Hanka pausoak

Hari litsa

Hazkuntzako arraina

I

Ihes hodia

Ikatzezko trena

Irazkidun zigarroa

Itsas izar

J

Jaietan zalea

Jende plantakoa

M

Morroilo irristatzailea

O

Ohitura gizona

Oilasko paparra

S

Saihets-kalte

Super-ni

T

Txaleko isolatzailea

 

 

IZENONDOAK

A

Aginduzale

Aitamin

B

Beltzilun

E

Eragosgarri

Erosezin

Errauskara

G

Gatzadun

H

Halatsuko

Hatsankari

I

Ilegurizko

Ipurtestu

J

Jakinbera

L

Larriarazle

Lepatente

N

Nitar

S

Susmoti

 

IZEN IZENONDOAK

A

Adats uhindua

Argi barea

Argi epela

Argi gordina

B

Begirada lehiatsua

Besarkada arina

Bide katramilatua

D

Diru-iturri lasterra

E

Esku guria

G

Gerizpe sarria

Gosari mehea

H

Haserre gorria

I

Ideia likatsua

Irribarre apala

Irribarre murritza

Irribarre neurtua

K

Ke mardula

Keinu burlaria

L

Lo epela

Lo isila

M

Maratila trauskila

Mendi lausoa

N

Neska mindulina

P

Pauso trauskila

Poz ederra

T

Tonu etorkorra

Z

Zalantza laburra

Zurrusta mardula

 

IDAZLEEN MINTZOAK 3

Jon Etxabe 2021/06/21 09:04
ESALDIAK - EGITURAK - LEUNGARRIAK

ESALDIAK

A

Aste orok bere ostirala

Alfer gorotza

Are gutxiago

Asto beltzarenak bota

B

Barrenak erakutsi

Batbedera

Batean kale eta bestean bale

Begi arranpalo

Begia begi truk

Behar beste

Bere kabutan

Berebat

Bestela bezala

Buztanak jan

E

Erreka jo

Euri zaharraren gainean berria

Ez harri eta ez zur

Ez hitz eta ez hitzondo

G

Gaztainondoari eragin eta gaztainak danbolinera

H

Hain gutxi

Harpa jo

Hau eta beste

Hiru txikiko botila

I

Inguru-minguru

Inoiz  edo behin

Inondik ere

Inor ez da jantzita jaio

Ipurdiko ileak baino arraroagoa

Itsuak harrapatu

J

Jo eta ma utzi/geratu

K

Ke adarra bezala desagertu

Kea baino zaharragoa

M

Mailua iltzera eraman

Mundu miran

N

Nolako zakurra, halako zaunka

P

Paretari eutsi beste zereginik ez

Parez pare

R

Ri-ra batean

S

Sasiko ahuntz zaharra izan

Sor eta lor

T

To eta no

Total eginda

Tximinoaren ipurdia baino nabarmenago

Txitean-pitean

X

Xixt batean

Z

Zakutik eta zorrotik ordaindu

Zergatik arraio

Zotin batek baino gutxiago iraun

Zotina baino laburragoa

 

 

EGITURAK

….-da: gainean-da

-n garren

…noiz….noiz…

A

Aurkienik

B

Baizik eta

Bizkarren gora

E

Epaitu zaio

G

Garaien garai

Guri bizkarrez

H

Hilean-hilean

Honi entzutera

I

Ipurdiz jauzi

K

Kazetariz landara

P

Porrotik txikienik

S

Segundo milarena

U

Umeaz gainerako dena

20 urte bete geroztik

Z

Zakuetatik batean

Zu eta biok baino…

 

 

 

 LEUNGARRIAK

…ño

Argiño

Laiño

Ñimiño

 

…to

Larrizto

 

…txe

Aitzintxe

Aurreantxe

Gaurtxe

 

…txo

Aspalditxo

Ostegintxo

Unaditxo

Zertxobait

 

…txu

Zenbaitxu

 

x

Xamar

 

…x…

Aspaldixkatik

Atexka

Bixi

Kaxkoa

Pixkorka jarri

Uxarkari

 

…x

Beatrix

 

…xe

Aspaldixe

Behartuxe

Halandaxe

Handixe

Surrealistaxe

Zuhurragoxe

 

…xka

Arrexka

Leihoxka

Leiaxka

Urdinxka

 

…xko

Apalxko

Beranduxko

 

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.