Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/12/30 10:15
Ibilikoak. 14.Maiatza

 

MAIATZA

 

 

EGINeko tiraderaren batetan egonen da argazkiekin batera ustelduta Garzonen sarraskiaren ondoren

 

 

 

Sakana Europako Erdialdearekin lotzen duen erritoa?

 

Oinez zein autoz, maiatzean Sakana bailara zeharkatzen duen bidaiaria jabetuko da bi zuhaitz luze nabarmentzen direla Urbasako tontorrerian  Etxarri eta Bakaiku gaineko haitz puntetan: Maiatza dira. Iturmendira sartzen bada berriz, herriko plazan landatuta ikusiko du  tantai luzea. Maiatza deitzen zaie zuhaitz horiei, Sakanako ohituretan bereizgarrienetariko bat. Maiatzaren lehen egunean jartzen da; herri handia biltzen du ekintzak eta jai polita izaten bilakatzen. Antzera Bakaikun zein Iturmendin ere. Jose Maria Satrustegi etnografoak ukitu zuen gaia Guaixe Sakanako Euskarazko aldizkarian idatzitako lantxoan: herrian bertan jartzen omen zen garai batetan Etxarrin, horretarako izendatutako bat arduratzen zelarik zuhaitza jarri eta jaia antolatzen: bazuen udaberriarekin zerikusirik. Gerora Urbasako larreetara udapasa artalde zein aziendarekin igotzen zuten familiek  jartzen omen zuten  zuhaitza  harkaitz gailurrean behekoek onez heldu zirela jakin zezaten.

 

Araban ere bada Maiatza jartzen duten herritxo bat behintzat. Gipuzkoako herritxo batetan S.Juan Egunean jartzen zuten San Juan Arbola deitzen zioten zuhaitza. Enborra zuritu eta koipetu egiten zen puntaraino, igotzea zailtzeko, bertan jarritako bandera hartzen zuenak saria baitzeukan. Pinu luzeena eta ederrena jartzen zen: mendira joan ebaki eta kitto: pinudi jabeak ez zuen kexurik egiterik ere. Nahiko zabaldua delakoan nago S.Juan jaietako zuhaitz honen ohitura. Honek ba ote du Espainiako hainbat lurraldetan ezaguna zen, agian oraindik den, kukainarekin zerikusia edo lotura. Ondarroako kukaina ezaguna ere ez ote ohitura bera itsasora egokitua, lur barruko enbor bertikala ur gainean horizontalki jarriaz?.

 

Ez da nire asmoa Sakanako ohiturez idaztea, bai ordea Sakanakoarekin zerikusia duen Europa Erdikoez. Lurralde haietako zuhaitzaren erritoa izan baitzen  Europa Erdialdera eginiko bideietako ezusteetariko bat: maiatzean zehar hainbat eta hainbat herritxo zein hiri handietan aurkituko genuen Maiatza Zuhaitza. Nurnbergen elkartu ginen bertan urte asko daraman gipuzkoar batekin: egon berria zen Euskal Herrian eta  harrituta zegoen euskal telebistan Sakanako Maiatza Zuhaitzari buruz ikusi berri zuen erreportaiataz: "Alemanian bezala jartzen ditek Sakanan", zioen; gure harridura ostera alderantzizkoa zen Sakanan bezala jartzen zutela   Alemanian zen “maiatza”. Alemaneraz jakina, baina "Maiatza"  deitzen baitiote Alemanian ere, Sakanan bezalatsu.

 

Alemania osoan aurkitu genuen Maiatza, Ekialdeko Alemanian ere: Ekainaren lehen egunetan ginen Ekialdean eta oraindik ikusi ahal izan genuen bakarren bat Dresdera bidean. Ekain beranduagoan, Mendebalera bueltatzean, ez genuen Maiatzik ikusi, nonbait Sakanan bezala kendu egiten dituzte maiatz hilaren azken egunean. Austriako Tirol lurraldean herritxo gehienetakoa da Maiatza, baita Austria Behea deitzen dioten lurraldekoa ere, Wiena kokatuta dagoenekoa alegia; berdin Austria Garaia edo Salzburgo lurraldeetakoa. Pentsatu genuen Txekiako Hego Bohemian ikusi genituenak Austriako eragina izan zitekeela, berdin Austriarekin muga egiten duten  Eslovakiako muga inguruko herrietakoak, baina erruz aurkitu genuen muga inguruko herrietan ez zik Eki eta Ipar aldera ia Poloniako mugetan ere, hainbat euskaldun mendizalek bisitatuak diren Tatra Mendien inguruko Liptosky Mikulasen adibidez; Txekian, Alemaniarekiko mugetatik nahiko barrura, Trebon inguruetan, aurkitu genuen ere Maiatza.  Bohemiako beste lurraldeetaz, ezin dugu ezer baieztatu Ekainean jo baikenuen bertara eta Maiatza Maiatzekoa da soilik nonbait.  Herritxoetako plazetan ikustera ohituta, deigarria izan zitzaigun  etxe kubo gris artean Eslovakiako Presov eta Bardejov inguruan ikusi genuen Maiatza: herritxoren batetik industrialdera emigratutakoen herrimin, atabismo edo ohitura.

 

Luzea eta sendoa ohi da Sakanako Maiatza, ebaki berria, adarrak kenduz garbitua; azalik ez diote  kentzen, baina. Hezea da ere Alemaniako herritxoetako zuhaitza, ebaki berria, lerdena eta luzea, luzeagoa edo motzagoa inguruko basoen arabera, azala kenduz zuritua askotan baina ez beti: ekaina aurreratu heinean lehorragoa, idorragoa ikusten da Maiatza zuhaitza, ez da denean kentzen nonbait: Austriako Linz hiriko  plaza Nagusikoa gogoratzen dut erabat lehortuta eta itxuragabetua. Hiri handietakoetan, berriz, Munich eta Spirakoak ditut gogoan batez ere, baina asko dira horrelakoak: enbor sendo eta luzea da, lehortua, zuritu, garbitu, leundu eta marra zuri-urdinez pintatuta: urtero bera jartzeko prestatuta. Enborrean hiriko lanbideen berri ematen da oholtxoetan pintatutako irudien bidez, agian garai batetan zerutar espirituei laguntasuna eskatuz akuiluak bailira zeru-mugetan jainko eta sainduen bihotzak zirikatuz bezala, agian kanpotar bisitari edo bidaiariei herriko berri emateko. Austria eta Eslovakia artean  ia mugan kokatutako Hainburg an der Donau eta baita  aztarna erromatarrengatik oso famatua den Petronell Carnnuntumen ezberdinak ziren Maiatzak: urkiak ziren,  agian urkia inguruko zuhaitzik ugariena delako, txanka-makilak, meheak eta baxuak, zuhaitza osoa, urkia ez baita enbor handikoa gehienetan, baten ordez asko, plazan ordez kale-kantoietan zein etxaurreetan landatuak. Austria ertzeko hauetako bakoitzak bere errotulutxoa zuen ulertzen ez genuen idazki laburrarekin: taberna baten aurrekoak tabernako ezaugarriak zituen, beste batek Maiatzaren Lehena aitatzen zuen eta bazen "komandant" izena zuena kartelaren ardatz.

 

Sakanan ikurrina eta presoen zapia bezala, nazioko bandera jartzen diote askori puntako abarretan. Bada orria eta abarra besterik ez duenik ere. Urki mehek ostera oihal zuri zatitxo pila dute lotuta abarraterian, oparotasuna irudikatuz agian. Nabarmena zen Eslovakiako Lozornokoa: oihal zatitxoz ia zuri argituta zuen urkiaren adarteria guztia. Sakanakoak ez dute horrelakorik, baina Alemaniakoek girlandaz taxututako koroe bakarra dute goian enborra bilduz zintzilikatuta. Tirolekoek bi koroe dituzte, zenbait lurraldetan berriz hiru, txikiena goren handiena behean. Ba da enbor zuritua girlanda kiribilduz dotoretuta dagoenik ere.

 

Ezberdina da kokapena paraje eta lurralde bakoitzean: Alemanian batez ere herriko plazan dago, ohore osoz, baita Austriako hainbat herritan ere. Baina ikusi dugu, itxuraz inolako osperik gabe, kale ertzean, herriko albo batean, errepide ertzean, baita gasolindegi batetan ere, batez ere Mikulov eta Znojora bidean Hego Bohemian. Moraviako herritxo batetan herritik kanpo zegoen, lur landu eta basoaren mugan. Etxe partikularren batetan ere ikusi dugu, batez ere jatetxeren batetan.

 

Hipotesia asko egin genituen Maiatzaren nondik norakoaz, zergatiaz eta zertarakoaz. Zailagoa zen Sakanako Maiatzarekin loturarik bilatzea baldin loturarik badu.  Pizgarria zen guretzat han-hemenka Maiatzok aurkitzea, kilikagarriagoa bihurtu zigun ibilia eta hainbat esamesetarako bidea eman zigulako. Sakanako Maiatzak Europako Erdigunera hurreratuko gaitu aurrerantzean. Bada azalekotik aparte beste loturarik Sakana eta Europako Maiatzon artean?. Balego nork ekarri du edo eraman?. Loturarik ez balego, bitxikeria litzake elkarrengandik hain urruti dauden herriek errito edo ohitura berdina edo antzerako sortzea. Ze ehunduran josten dira ikusezineko herrien arteko hariak?. Naturak ez ezik gizarteak ere baditu bere misterio edo portaera bitxiak. Galderoi ganorazko erantzunak ikerketa sakonagoa behar du. Guk ikusitakoa kontatzen dugu, agian norbaiti interesatuko zaiolakoan.        

 

Europan  zehar aurkitutako zanpantzar edo joareek ere sortarazi dizkigute antzerako gogoetak. 

 

                                                        

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/12/22 09:49
Ibilikoak. 13.- Arteleku

ITALIA: ARTELEKU

 

 

EGINeko tiraderaren batetan egonen da argazkiekin batera ustelduta Garzonen sarraskiaren ondoren

 

 

Aro guztietako artelan mota ororen iturri eta arteleku, eraikuntza paregabeen eredu, mendebaleko historiaren sorburu, munduko jabetzaren ondorioz antzinako zibilizazioen hondakinez aberats, 5. nazio industrializatuena, talogintza arte bihurtu  eta irinari mila forma ematen jakin duena, imigrantez mundu osora zabaldu dena, hizketan kantaria, natura eskuzabal izan zaiona, …  eta mila gauza gehiago. Hori da Italia

 

 

Baptisterioak

 

Euskal Herrian ez dugu Italiakoak bezalako bataiategirik. Hiztegiek bataio-ontzi, bataio-harri, bataio-toki deitzen diote gure elizetan bataio pontea dagoen txokoari. Beste zerbait dira Italiako baptisteriook. Pontelizak deituko nieke. Eliza itxura baitute. Helburu berdinerakoak, baina tokiz eta taxuz ezberdinak. Eraikuntza erlijiosoak dira,  bataioko sakramentua  gauzatzeko eginak, baina elizatik kanpo, elizaren alboan, eraikiak. Zabalak eta handiak.  Ez dago herri guztietan, ezta gutxiagorik ere. Hiri nagusi batzuetan eta eliza ospetsuen alboan aurkitzen dira. Seguru aski agintari eta botere inguruko familien bataio-toki izango ziren. Ez sakramentuari berari ematen zitzaion garrantziagatik. Jakina baita tokiz eta taxuz ezberdinak, aberatsek toki berezia zutela Elizan eta elizetan, katakonbetan bertan hilobi berezia zuten bezala, baita Constantinoren aurretik ere.

 

Albengan ikusi genuen lehenengoa. Adreiluzkoa,  zortzi kantoiko 5. gizaldiko eraikuntza. Ateak itxita zituenez jakin-mina sortu besterik ez zigun egin. Pisakoa izan zen bigarrena: dorre okertua ikustera joan ginen, baina  Duomo apartaz gain  ponteliza zoragarriarekin topo egin genuen: kupula gorriari kontrajarriz 35 metro diametroko harri zurizko eraikuntza borobil paregabea; marmol landuzko bitxikeria asko ikusi ditugu hainbat lekutan, baina hainbeste eta halakoak leku berean ez.  Firenzekoa etorri zen ondoren, marmol zuriz hormen kanpo aldea, marmol zuri eta beltzez barrua, brontzezko filigranaz osaturiko ate erraldoiak sarreran, bitxikeria ugari altzoan.  Ravenako Hadrianoren pontelizak adreiluzko orma du kanpotik, lilura sortu ziguten perfekzioz eta detailez egindako mosaikoz ederra barrutik. Piemonteko Astin ikusi genuen azkenena: argia eta moinonoa, barru eta kanpo  adreiluzkoa, 12. gizaldikoa, 8 harrizko zutabek  sortutako inguru borobil  xarmanta, agian liluragarriagoa barruko aberastasunik gabe barne egitura xumeak ematen dion erakargarritasunagatik.

Kanpotik bakarrik ikus daitezke ponteliza asko, Aquileiakoa esaterako, barruko altxorra galduta dutelako nonbait.

 

 

Mosaikoak

 

Italiako lurralde batzuk zenbait arotan izan zuten mosaikoaren kulturak sakon harrapatzen du bidaiari kuriosoa.          

Mosaikoak dira Ravenako altxorra:  aipatutako Adrianoren pontelizaz gain Gala Placidiaren Mausoleoa, S.Vitalen eliza, Neotarren ponteliza, S.Apolinar berria, Claseko S. Apolinar. Ikusgarriak, handiak, zabalak, sabaia, ormak, absidea eta zorua estaliz. Kolore asko, kolore biziak, argiak, distiratsuak, batean urdina da nagusi, berdea bestean. Badirudi nork mosaiko gehiago  edo nork ederragoa lehia bat egon zela garai batetan. Pinturak dirudite askotan mosaikook. Gaiak: naturako berdeguneak, animaliak eta  santuak.

 

Beste mosaiko mota bat dira Aquileakoak: zoruko mosaikoak dira batez ere. Oinpean egoteko eginak direnez kolore motelagoak dituzte, ilun samarrak. Aro ezberdinetako mosaikoak ikus daitezke bertan. Batez ere basilikako zorua da ederra. Zoru osoa  da mosaikoa zabalera zabalean.  Irudi pila ditu, aingeru arrantzaleenak batez ere, ez baitago alperrik itsasotik gertu. 

Bada beste aukerarik ere: urregorria nagusitzen zaien Veneziako S. Markosekoak,  Sienako Duomoren fatxada, Orvietokoarena, … eta hainbat.

 

 

Freskoak

 

Rumaniako Moldavian ikusiak nituen arte-liburuetatik ezagunak direnVoroneteko fresko famatuak. Ezustean harrapatu gaituzte ordea Adige Garaikoak, Sarentinora bidean Rendenan lehenego eta Trento inguruan S.Vigilio gero: bere hartan diraute oraindik Erdi Aroan elizen kanpoko ormetan pintatutako irudiak, irudiok begiratuz eta ikusiz, herri xeheak elizaren dotrina ikas zezan pintatuak.

Aspalditik da S. Kristobal bidaiarien zaindari, Alpeak errepide askoren  pasabide arriskutsuak izanik, mural denetan  dago Santuaren irudia, erraldoia batzuetan.  Bada marrazki bitxi eta sarkastikorik ere:  gizarteko pertsonaia denak agertzen dira S.Vigilioko Herioren dantzan,  gotzainetik nekazarira,  herio-geziak sastatuta, bakoitzak bere azken aitortza eginez.

 

Etxeko kanpoko hormak  irudiz pintatzea berea du Tirol kulturak. Ikus daitezke kanpotikako ormak pintatuta dituzten  etxe eta palazioak, etxeko jabea edo familia goretsiz  gehienetan. Trentokoa litzake  eredu erakargarri bat. Baina toki askotan bila daitezke antzerakoak. Jatetxe eta hotelek batez ere, besterik ezinean, etxearen izenak margotuko dituzte.

 

Barruko freskoak: Vatikanoko Sixtoren kapera famatua ederra da, ezin uka, baina, badu beste non  gozatu eta zer aztertu gaia gustatzen zaionak. Paduako Arrazoiaren Palaziokoak lirateke fresko laikoen eredu. Neurririk ez du eliza eta palazioetako freskoen aukerak. Asisko Frantziskoren basilikako ormak freskoz dekoratuta daude: lehengo ohiturei helduz,  fraideek, linterna eskuan, taldeetan banatutako turista eta erromesei santuaren bizitza esplikatzen die  marrazkiok jarraituz.

 

 

Ur-jauziak

 

 Xarma berezi eta erakargarria dute berenez ur-jauziek..   

 

Trentinoko Genova bailaran bada ur-jauzi  polita, 100 metrotik gorako jauzian haitzez haitz errekara datorrena izei erraldoien artean,  erreka berdearen soinuak eta ur-jauziaren musikak sinfonia batez bezala inguru guzia bilduz.

 

Tontorrak elur zuri, magalak ur-jauzi apartsu eta bailara erreka garbi den bailara da Aosta. Han dena da ur, dena ur-jauzi, aparrez zuri, harri kontra erasoz ozen, oxigenoz dena burbuila.  Paradiso Haundia, Savarenche, Valtournencha, Cogne edo La Thuile bailara: dena  ur-jauzi, dena  erreka, dena  ur. Aostak neguan eskiatzera etortzea merezi badu  ez gutxiago Uztailean ur-jauziez gozatzera. Lillaz harro dago bere ur-jauziez,  erraldoiak izaki. Bertan merezi du turista presatia gelditzen den goiko zubitik gora igotzea, bakardadean  naturaren  handitasunean murgiltzeko, bizitzaz barne asez. Aparrak eta zipriztinek barne toleseraino ferekatuko zaituzte. Filosofo batek Niagarara pixa eginez "ze huskeria den gizona" esan omen zuen. Haitz ebakidura lotzen duen zubitik azpian ura erruz jauzi labainean borborka lasterrean ikusi eta entzunez bizia eta gizakia ze handia den sentituko duzu.

Gainetan elur, maldetan ur-jauzi,  harrietan lehertuz zuri azpia, uhinez apaindua azala, bizia, lasterra, karetsua, labaina, ozena, kantaria, bizkorrean barea, lasaigarria, bailaran ibai, uraren jaialdiak merezi du Aosta Bailarara bisita, luzea ezin bada ere patxadakoa behintzat.

Italia osoak merezi du bisita

 

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/12/15 10:07
Ibilikoak: 12. Austria

                        

Austria: dotorezia erakargarri

 

 

 

EGIN: Igandegin: 1997/08/24

 

 

Viena eta Salzburgo mitoek erakarri gaituzte Austriara, baina Austria beste zerbait ere badela aurkitu dugu: herritxo txukunak, gurean txaletak liratekeen baserriak, bainu-herriak, elizetako barroko zoragarriak, santutegiak, maiatza zuhaitzak, elurra, elizetako sekulako erretaulak, lakuak, herrietako plazak, lautada berdeak, lurralde eta biztanleen txukuntasuna, Danubio ibai lohiaren ederra, … Baita ere,  Austriako herri eta hiriak Europa osoko berrikuntza lanen mozkorraldian murgilduta daudela.

 

Zoritxarrez biztanleria da turistari urrutien gelditzen zaion kontakizun gaia, herritarrei buruzkoa da jaso ahal duen iritzi azalekoena, hizkuntzagatik ez ezik, interesatua delako turista eta herritarren arteko harremana. Herrikide behar du izan herritarrez sakon hitz egin ahal izateko. Biztanleria ikusi ahal duzu, nolabaiteko harremana izan ere bai berarekin, baina ezin duzu inolaz ere beraiez diozuna iritzi sendotzaz bota. Arkanoa  da pasokoarentzat herri baten arima.

 

Bestalde, ezberdinak badira ere tokiak zein egoerak, asko errepikatzen dira bidaietan esperientzia, bizipen, sentipen zein burutapenak: idazterakoan saihesten ahalegindu beharrezko arriskua, beraz.

 

Hiru aste luzez izan ginen bidaiari Austriako herri eta herritxoetan. Ez herrialde guztietakoetan.  Hegoaldeko beste aukera batetarako utzi genituen Carintia eta Estiria lurraldeak.  Kazkezurreko garunetan geratutako egun haietako  oroitzapenak eta begi-oste horretan iraun duten irudiak jarri nahi nituzke orriotan norbaitek nirekin konpartitu nahiko dituelakoan.

 

 

Tirol lurraldea

 

Erakargarriak bilakatzen dira herritxo, tontor elurtu, etxeteria margotu, abere agerikorik gabeko nekazaritza eta garai batetan bakartiak behar zuten Tiroleko bailara ezkutuen xarma. Menditsua izanik, badira herriek eta etxe zuriek berdegunea argitzen duten bailara zabalak ere. Zuraje iluneko etxe baxutxoak eta teilaje argiko eliza-orratz luzeak dira agian lehenengoz bidaiari berriari nabarmentzen zaizkion berezitasunak, mendiarteko lautadetan nahiz mendi garaien magalean.  Garai eta lerden daude, han-hemenka sarriak, eski jauzietarako neurri guztietarako tranpolinak neguko turisten zain. Kanpotarrei begira bizi dela dirudi Austriak: bakoitzak berak duena saltzen du, Tirol lurraldeak elurra eta inguruaren ederra saltzen die batez ere turistei.  

 

Biziak datoz errekastoak, harrietan lehertuz aparrez zuri, askotan indar larregi daramate gardenak agertzeko. Pikeak dira errepideak. Bata bestearen ondoren datoz Anboto, Gorbeia eta Akorri Tirolen, beti duzu Anbotoren bat aurrean, behatoki zoragarriak eskainiz errepidean gorantz egiten duzun heinean. Euskal Herrian baino atzeratuago dator gari uzta herrialde hauetan. Errepide bertaraino heltzen dira soroak, lurra oso-osorik aprobetxatu nahiko balu bezala. Ez da aziendarik ageri, txalet batenak dirudite nekazal etxe inguruak, ondo ezkutatuta dituzte nonbait simaurrak ere.  Landua dago lur dena, belardi zabalak daude, nekazal herriak dira bailaretako herri gehienak, beraz egon badago nekazaritza, baina nekazaritzaren ezohizko itxura jarri dute salgai kanpotarrentzat. Agian nekazal kultura bera ere ezberdin gauzatu dute urteen poderioz. Auskalo!.

 

Insbruch: herrialdeko hiriburua. Zabal, oparo,  kantari doakio Inn ibaia. Etorri, begiak zabaldu, begiratu eta gozatu, benetan merezi du eta. Kerentzia sortzen du hiri honek.  Eguneko nekeak uxatzeko terapia lasaigarria da kaleetako arratsalde beranduko ibilia.

Zutabe txaparro sendoko arkupeak osatzen dute alde zaharra, zintzilikario polit bezain bitxiak iragartzen dute  denda bakoitzaren zertarakoa. Urrezko teilatupeko balkonada ospetsua da bereziki turistei saltzen digutena,  baina, bestela ere,  bada zer ikusi ugari: Katedrala barroko izugarria, Wilten kolegiata, Unibertsitateko S.Joan eliza, museo ugariak eta hainbat bitxikeria patxadaz begiratzen dakienarentzat.

Hall in Tirol, St. Joan in Tirol, St. Wolfang, Bad Ischl: Heidi aitaitarekin menditik jaisten zen herritxoak, turistentzat zaindu eta apainduta, behaleiho, ate, hormetako pintura, dendetako zintzilikario, erakusleiho, helduleku, ateburu, kale-kantoi, eraiki eder, ... mila zertzelada goxo eskainiz begiei; Wattens: fatxadetako pinturek edertua; Schawaz: sarreratik bertatik halako sentipen berezia sortarazten dizu, zerbait ezohikoa bailu; Rattenberg, turisterri petoaren baliabide eta ezaugarri guztiekin; Igls uderria, … eta beste hainbat herri hainbat  ibilaldi eder baterako aproposak.

Matrei, Stubai, Volderau, Otzal: bailara berde ikusgarriak; onerako edo ez, naturaltasuna galdu dute bailarok, gizarteratu egin dira, zibilizatu lioke norbaitek, aldatu egin du paisaia turismoak edo turismoaren negozioak.

Fulpmes: Madison zubia, Neustift: hotel tiroldar sendoak, Mutterberg: muntaia itzela, Wilten: kolejiata rokokoa, Seefeld: uderria udan, neguerria neguan, lasaia bezain koketoa goi bailara batetan kokatua; Kohtai elurraren inguruan sortutako muntaia; Imnsen: aspaldikoak dira Iturengoen antzerako zanpantzarrak; Natters, Mutters, Neuftift, Oetz, Gmunde, Kitzubel, Hallein, … bakoitza bere berezitasunekin baina denak erakargarriak.

 

 

Salzburg lurraldea

 

Badu zer erakutsi kanpotarrari. Menditsua izanik, lautada da nagusi Eki aldera. Tirolekoen antza dute, oro har,  bai etxeek bai lurraldeak berak, baita lurraldearen erabilpenak ere. Etxebizitzak ez dira hangoak bezain landuak, baina badute berezitasunik: zorrotz bukatu ordez triangeluan zabaltzen da beherantz etxaurreko teilatu gailurra, balkonada eta etxaurrearen aterpe bilakatuz. Ikusi ahal dira oraindik oholezko teilatuak.

Hustubiderik ez nonbait, mendiartean biltzen da ura laku zoragarriak sortuz, uderriak diruditen herritxo eta berdegunez inguratuta: Lakuen Lurraldea deitzen diote.

 

Salzburg hiria: Mozarten jaioterria, musikaz blai dagoen hiria, Mozart dute eta Mozart eta musika saltzen dute batez ere, musika saltzetik bizi da. Baina hiriak berak badu zer erakutsi eta eskaini. Erakusleihoak begiratuzko ibilian gozatzeko hiria, Aizkorri eta Anboto erraldoiez inguratutako hiri kosmopolita. Turista hiria, arraza eta taxu guztiko bisitariak gurutzatuko dituzuna edonon; halaz ere, jende asko ibili arren elkarri estropezurik egin gabe ibiltzekoa, zerbait hartuz edonon esertzeko hiria. Hiri garestia. Plaza eder eta zabalak, patio, pasabide, eraikuntza eder franko; eraikuntza erraldoirik ere ez zaio falta. Kapritxozko erosgaiak dendetan, bitxikeria dotore eta lan ederrak gustatzen zaizkionaren begien gozamena. Pintura gustatzen zaionaren begiek ere galeria ugari aurkituko du. Katedralak, argi askoko barroko diganteak, organo bat du gurutzadura bakoitzean eta bosgarren bat koruan. Ezberdina da Frantziskotarren eliza, nongo gurutzaduran gotikoa eta barrokoa elkartzen diren konbinaketa gutxienez deigarrian. Bada halako hilerri bitxia ere ikustalditxoa merezi duena, ibili nahi duenak berriz Salzach ibaiaren ertzak ditu edo mendixka gaineko paseo-tokia.

St. Gilgen: mendi elurtuz inguratutako ur garbiko Wolfgan See laku ertzeko herritxo, lasaia, zaindua, idilikoa; balkonada luze eta sendoko etxe ederrak ditu, baina batez ere Mozart plaza, zein baino zein biziago, zein baino zein potxoloago, lehian bezala pintatutako balkonadekin. Egonean edo ibilian, orduak emango dituzun uderri petoa. Teleferikoak eraman zaitzake ere alboko gailurretara.

St. Wolfgan: laku ertzeko ibilbide, etxe ederreko kalexka bihurri eta plazatxo xumez osaturiko uderri xarmanta. Dendez gainezka, lourdes bat. Ikustekoa du eliza; ez da polita, ezta ederra ere, baina egituraz, barruko giroz zein artelanez, ezohizkoa.

Bad Ischl: bainu-herria; oraindik gogoratuak dira fama eman zioten Hausburgotarrak.

Gmunde: UNESCOk babestua, aldapan; ez gaitu liluratu: lakuak eta zeramikak damaiote fama.   

Lofer: herri maitagarria tontor elurtuen oinetan.

Hallein: nortasuna du: bertakoa da Stille Nachac gabon kanta famatuaren egilea.

Beste hainbat herri, bailara, mendi, ibai eta bazter xarmant.

 

 

Austria Garaia

 

Donau deitzen dioten Danubio ibai inguruko  lurraldea. Aldatu zaigu lurraldea geografikoki, mendiak urrutiratuz doaz eta lautadak zabalduz. Laua da lurraldea, altzo zabaleko olatuzko itsaso berdea, uhin berdeko lurraldea. Berdegune zabalean dingilin-dangala mailu-burua gora-behera nagian kulunkaz dabileneko petrolio putzua ikustea da ezustea. Burutu gabeko garia, koltza behar duen uzta guretzat ezezaguna, arto erne berria; izeia agertzen da lautadan esplotazio bezala, gureetan pinoa lez.

Aldatu zaigu giza-paisaia ere: arruntagoak dira etxeak, xumeagoak, formaz ere ezberdinak: ez dute Tiroleko nortasunik. Baxuak dira nekazal etxeak; elkarren parean eta paralelo etxebizitza eta korta dirudiena, horma batez elkartuak alde bietan, erdian patio itxia geratzen zaielarik: sekulakoak dira batzuk, xumeak besteak, hemen ere diruak erabakitzen du etxebizitzaren nolakoa. Landetxeoz gain bestelako etxebizitzak nahiko ohizkoak dira , bakarrak, bakanak.

Erruz dabil autoa jai egunez ere errepideetan Austrian: herritar xumeak asteguneko etxezuloa utzi eta lakuren baten bila ateratzen da irrikaz: langile eta pobrearen patua, atseden hartu beharra hurrengo astean ere inorentzat lan egiteko. Nekez dabiltza motorzaleak bakarrik errepidean asteburuetan, nekez mantso ere. Presati dabiltza igandetan Austriako auto gidariak ere, estresa abiaduraren joanean baretu nahian edo. Piztuta daramatzate argiak auto gehienek: segurtasuna errepidean.

Ez da ikusten tabako erretzailerik gune publikoetan: segurtasuna osasunean.

Hondakin bilketa zehatza, bilgailu ezberdin askoz berezituta: ekonomia.

 

Linz. Hiriburua. Espazio zabaleko hiria, garbi plantakoa, atsegina.  Saltoki erraldoia bilakatu da oinezkoentzako kale luzea, baita administrazio eta lanbide liberalen gune ere. Behaleiho ederrak baditu ere, oso xumea da alde zaharra, eraiki ikusgarririk gabe ederra da bere xalotasunean. Turistontzi eta garraiontzien ibilbide, Danubio ibaia doakio ber-bertatik, zabal eta gizen, abiadura bizian, bere mardultasunean mantso itxura badu ere: zikina doa baina, ez du abestiko urdin ertikoarekin inolako zerikusirik. Kolore biziko tranbiek ematen diote ukitu erromantikoa bere soinu atsegin ezagunarekin. Turista asko dabil beste hiru hiri nagusi klasikoetan bezala, taldeka edo bakarka, jantziekiko aniztasun eta axolik eza guztiekin. Elizak dira eraiki bisitagarrienak, beirate, mosaiko, aulkiteriez oparo.  

Ez da kartelik ez pintadarik agertzen hirian.

Ohituraz edo beroaren eraginez garagardoa edaten du erruz jendeak kaleko terraza zabaletan,  mahaietan eserita, mostradoreetan berriz ardo zuria erruz dabil bazkal aurretik. Bada jenero merke eta prezio baxuko jantzirik ere salgai plaza nagusia betetzen duen merkadilo erraldoian ez ezik dendetan ere, ekonomia eskaseko herria ere badagoela adieraziz.

 

Linzek badu inguruetan ere zer ikusirik:

 

St. Florian monastegia. Urrutitik ikusten den eraiki digantea, bertatik begiratuz oraindik erraldoiagoa: dena da handia, patioak, sarrerako gizairudiak, patio erdiko iturria, norbera nanotxo aurkitzen den balkonadetara igotzeko mailadia, korridoreak bero gordetzeko behesu ugariak, ibilaldi bakarrean fraideek hamar brebiario errezatzeko denbora emango zien korridore amaigabeak, sarrailak ere handiak. Nano sentitu bagara monasterioan, nanoago oraindik elizan, tamainagatik harago bertako edertasunagatik, izugarri ederra baita, barroko aparta, sartu ondorengo lehen begiradan harritzen zaituen horietakoa, Austriako barroko gehienek duten osagai denekin: balkonada, palko eta  plateaz inguratuta alboak: opera aretoa dirudi eliza baino gehiago,  apainduregatik ez ezik egituragatik ere. Gorenera heltzen da txundidura ospakizun  oparo batetan suertatzen bazaizu bisita guri bezala: orkestra jotzen, korua abesten eta obispoa parafernalia osoz meza ematen.  

Stery.  Erdi Aroko hiria, plaza du ardatz, zabala, baina batez ere luzea,  era guztietako etxeez,  baina batez ere rococo estilokoez osatua; hemen ere banketxeak egin dira etxe ederrenen jabe. Badu gaztelu arroza, badu patio bitxirik, badu bertan eskurik busti ezin daiteken iturri erraldoia ere. Gure harridurarako “kai” du izena ibai ertzeko ibiltokiak: nasa esan nahi du “kai” hitzak. Bi ibai zabal elkartzen dira  ozen eta nabarmen hirian bertan: urdinxka garbia dator bata, morokildua bestea;  marra batez nabarmentzen da elkar joz biltzen diren gunea: zikin doa ondoren ibaia.

Kremensmunster. Florian baino handiagoa oraindik, bost patio handiekin, baina ez da hain ederra ez dago hain zaindua ere. Eliza, barroko petoa hau ere, tapiz ederren erakustoki bilakatu da; presbiterio aurrean Benito eta Eskolastika santa-santuen estatuek Erromako basilikakoekin lehian egindakoak dirudite bere erraldoitasunean. Bekatuak dira izugarriak Austrian edo aitorleak giza-puskak: aitorlekuak behintzat ikaragarri handiak dira, oso landuak gainera askotan, bekatuak ere dotoreagoak ote bertan.

 

Mauthausen. Austrian ez da Alemanian bezala Gerra garaiko oroitarri, hondakin edo ageriko oroimen nabarmenik, baina gorde dute Mauthausen kontzentrazio eremua, astakeria izugarrien testigantzarako oroigarria. Giza basakerien lekuko. Sufrimendu kontaezinen oroigailu. Armagintza onesten duten bakezale oro salatzeko izan behar litzaken gerraren kontrako monumentua. Pelikuletan eta han hemenka ikusi ditugun kontzentrazio-eremu guztien antzerakoa, osagai berdinekin. Duela 50 urte hau eraiki zuten naziek egiaren jabe zuten bere burua, gerra galduko ez zutelakoan zeuden. Historia errepikatu egiten da nonbait, ez dugu ezer ikasi: etorriko da askatasun borrokagatik espetxeratuta daudenen gaurko kartzelak bisitatuko diren eguna, guk gaur sufrikarioaren tenplu hau  harridura, amorru eta higuin berberarekin bisitatzen dugun bezala. Itogarria bilakatzen da museoa, judutarren palestinarrekiko jokabide berdina ulertu ezinik.

 

Txukunak dira herri eta herritxoak, noizbehinka geldiunetxoa merezi dutenak:

 

Enns, oraindik ate bat gelditzen zaion hiribildua, dorre polita plaza erdian, baina batez ere geldiunetxoa merezi duen XV. gizaldiko Lorenttzo Sainduaren eliza, bere piettá ederra, maisuki landutako santu-irudiak, hilobietako marmol gorrixkako harlandu tailatuak eta elizbueltako hilerrian irribarrea aterako dizun Ecce Homoa. Wels, etxetzar asko dituen herri industrializatua baina Erdi Aroko alde zahar ederra gorde duena. Vavucklabruck(?), Erdi Aroko plaza luzexka ederra du. Eferding, herri lasaia, espazio zabalekoa, txukuna; galtzadarririk gabekoa!. Schuderding(?), egitura du ezberdina, goialdeko plaza luze zabalaren alde batera harresiak ditu eta gainbehera pikean kaleak doaz bestera. Kefermarkt, tritiko izugarri ederra eta handia du erretaula gisa. Freistad, hiribildua baina ez Gaztela edo Italiako hiribilduen taxukoa. Liebfrau, elizako aldare hegalean sabairainoko orratz gotiko ederrak eta koruko organo moinonoek merezi dute bisita.

 

 

Austria Behea

 

Austrian ez dago ia baratzerik ez berotegirik. Nondik ote saltokietako ortuariak?. Soro-sailak ez dira Eslovakian, Eki Alemanian edo Txekian bezain zabalak, baina oso zabalak dira bakar batenak izateko. Mahastiak nabarmentzen dira lurralde osoan Txekiarako bidean. Argindar posteak berriz ugariak dira Vienatik gorantz, Maracaiboko lakua bailitz zabalgune osoa. Patata eskainiz dago nekazari ugari etxaurre eta errepide bazterretan: bi sosa nondik aterako hemen ere baserritarra. Ia ez dugu herritxoetan inor ikusten etxaurretan eta ageri dena adinekoa da: deneko ajeak ditu hemen ere nekazaritzak.  Etxeak baxuak eta txikiak diren herrietan ere elizak beti dira handiak: nor nor den ezagun. Laztasunak arintzeko agian, gozo-gauza asko jaten da Austrian.

Bizikleta maite duten turisten paradisua: bizikleta eta guzti datoz hainbat, autobusez antolatutako txango berezietan. Austrian, baina, militarrak ere edonon present: egunerokoak eta nonahikoak dira hiltzeko makinariaren kaki kolorezko kamioi eta uniformeak.

 

Viena. Austriako hiriburua. Dena ederra, dena zabala den hiria. Maitemindu egiten zaitu. Bigarren urtera ikustean lehenengo aldian bezain liluragarri aurkitzen duzu, baita bigarren eta hirugarren bizitan ere. Oraingoan ezagunak zaizkigun xehetasunetan pausatu gabe, ordu luzeetan galdu gara eraikuntza eder, jendetza kosmopolita, tranbia eta bizikleta artean. Nekatuta joan gatzaio bidaia luze baten ondoren, eta lasaituta bidali gaitu. Joan, ibili, begiak zabaldu, ikusi eta gozatu. Ezinekoa da kontakizunetan sartzea.

Zabal, sendo, digante, erakargarria doa Danubio ibaia Wiena inguruan, baina hain handia izanik ere,  ez du kezkarazten, lasaitzen baino. Bitxia da nola zeharkatzen duen kotxeak zein oinezkoak alde batetik bestera daramatzan ontziak: alboka jarrita egiten du aurrera, alboka baina ibaiaren indarraren eraginez artez doa trabeska ertz batetik bestera: fisikako ikasgai praktikoa.

Krems, gaztelu baten oinetan eta Danubioren ertzean. Turisterria, turistentzako eta turistengandik bizi dena, lourdes bihurtu gabe. Dena da tentagarria eta polita erakusleihoetan. Dotorea, txukuna eta atsegina. Dena dago zaindua, gustuz jarria. Goitik behera gustura ibiltzeko herria jendetzak itotzen ez duenean. Dorre azpitik hasten den kale luzea da herriko bihotza, baina bada ia inor ez doan zabalgunetxo lasairik. Turismoari lotu ez zaion gune orok dirudi ipuinetako herria. Durnnstein, Danubioren albotxoan hau ere, Erdi Aroko herritxo xarmanta, urdin bizikoa den elizako dorrea du erakusgai eta bitxikeria nagusia. St. Polten, turisterri izan gabe herrialdeko herri hasien eredu litzake, inguruko herritxoen buru, salerosketa gune. Tull, berezko dotorezia duela dirudi. Perchtols-Dorf, merezi du denbora hartuzko bisitatxoa. Keilingenkreux, monasterioa da herria baino gehiago, monasterio izugarri zabala, hormatzarrez hesitua. Baden, bainuerri bat nolakoa den jakin nahi duenak jo beza bertara: hotel, ostatu, parke, lorategi, belar-gune, urmael,  ...  giro vienarra du parkeak musika-bandaren sonak sorgintzen duenean: Betowenek bertan konposatu omen zuen 9. sinfonia, herriko etxetxo batetan. Wiener Neustadt, Erdi Aroko kaledien egitura du bere etxe baxuko trazaduraz: arkupe sendoko plaza da kale guztien sorburu eta helburu. Kloster-Neugurg, kanpinera jotzen baduzu zoaz goialdeko agustinoen monasterioari bisitatxoa egitera, merezi du eta. Petronell-Carnnuntum, erromatarren hondakin ugari eta ederrengatik da famatua, baina elizatxo erromantikoa da erakargarria batez ere. Hainbur and der Donau, Danubio ibaiak ematen dio izena, baina ibaiari bizkarra emanda bizi da alboan badoakio ere: bertatik bazoaz Eslovakia aldera, gera zaitez eta ez zaizu damutuko.

 

 

Ederra ustel

 

Jadanik etxean, irakurri dut aitorlekua ezik, gune guztiak poliziari entzungailuz kontrolatzeko  eskubidea ematen dion legea onartu dela Austrian. Hona ezkero gure izenak bueltaka ari dira Ertzaintza  eta Espainiako polizia guztietako zerebroetako karretetan ere. Ez garrantzitsuak garelako, Austrian ibili garelako soilik, burokrazia polizialean datu sartzea baita lehen araua. Bizi den dena kontrolatzen du gaur egun poliziak, baita Austriakoak ere nonbait. Konfesatu ez izanagatik galdu dut, legez behintzat, agian elkarrizketa kontrolatuko ez didaten aukera bakarra. Jada polizia guztiek dakite non noiz eta nola ibili garen: polizien arteko Inteligentzia. Bidaiaren bukaera iluna. Hain zoragarria iruditu zaigun herrialdea ere polizia gunea da. Pipiak jota dago lurralde eder oro. Azaleko dotorezia eta barne dotorezia ez dira beti eta nahitaez gauza bera.

 

             

 

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/12/08 10:55
Ibilikoak: 11.- Galderak

Galderak

 

 

EGIN-Igandegin: 1997/07/20  

 

 

Ikus eta jakin minez abiatu ginen Txekia eta Eslovakia lurraldeetara. Nork ez ditu gogoan Pragako Udaberria eta batez ere Txekoslovakiako ekonomia eredu berria, Plangintza Ekonomikoa eta Merkatu Librearen orekan jokatu nahi zuen ahalegina, mendebal eta ekialdeko bi sistema nagusi eta nahitaezkoen tarteko bidea bilatu asmoz. Nola ez eraman gogoan Txekiak onartu egin zuela Eslovakiaren Txekoslovakiatik banatzeko nahia, Eslovakian bertan  onartu egin zela gehiengoaren borondatea eta traumarik gabe Eslovakia banatu egin zela Txekiatik Estatu bakarra zena bitan banatuz?. Horrez gain Europako herrion urruntasunak ematen duen misterio kutsuaz gain, historia ezberdinetan gauzatutako kultura hain ezberdinak badu erakargarritasuna mendebaldarrongan. Baita xarma ere.

 

Ofizialki Errepublika Sozialista baina gure komunikabideetan Estatu Komunistak deitzen zieten herrialdeok sortzen dute horrelako zirraratxoa eta jakin mina, zertan ote den urteetako esperientzia hura. Galderez gainezka itzuli gara jakin-minez joan ginenok. Ez genuen galderoi erantzun garbirik aurkitzeko ametsik, begiak zabaldu eta begiratu, hori zen, besterik gabe, gure asmoa: bidaiaria, batez ere turista, beti baita pasoko hegaztia, azaletik soilik ikusten du ibilbide zaion herria; hizkuntza arazoez gain nork kontatuko dio egi zintzoa ordu baterako kanpotarrari, nola fidatu ere esaten diotenaz?. Ibili eta begiratu zen gure helburua ikusminari erantzun bila, baina biderkatuta ekarri ditugu eraman genituen galdera denak.

 

Bi Herri ziren Estatu bakarra zirenean ere, bi Estatu dira gaur egun: badira ezberdintasunak, gu bezalako bidaiari arruntentzat ordea ez da halako berezitasun nabarmenik: nahiko berdinak agertu zitzaizkigun ukitu nahi ditudan ikuspuntuetan, beraz biez batera arituko naiz, ezberdintasunak beste baterako utziz.

 

 

Bidezainen begirada

 

Berrikuntza lanetan murgilduta daude bi herriak, Mendebaleko berrikuntzaren sindromeak jo ditu bai Txekia bai Eslovakia ere. Agian bere ekonomia ahulduak turismoa du ekonomiaren ardatzetariko bat helburuetan. Behar baino 10 urte lehenago joan gara, agian berantegi: goizegi, urte guti barru hiri eta herri ezaugarrienek, zer erakutsi dutenek behintzat,  erabat aldatuta eta edertuta izango dituztelako gutxienez erdigune eta alde zaharrak; berantegi, ordea, azken historiako aztarnak, azalekoak behintzat, galduta izango dituztelako. Kalediak, saltegiak ere, nabarmen aldatuz doaz: egituraz eta itxuraz  ez ezik, gero eta mendebalekoagoa bihurtzen ari da erakusleihoetako eskaintza. Herritxo inguruetan, batez ere baserritarrek gidatuta, badabiltzan arren, errepideetatik baztertuz doaz Lada eta Skoda zaharrak, ugaltzen darrai mendebaleko kotxe zaparrada, saltegi eta garajeetan nabarmentzen delarik merkatu berria harrapatuzko borroka. Hala eta guzti mendebalean baina apalago bizi direla iruditzen zaio kanpoko ibiltariari, zentziloago, xaloago, mendebalekook baino gutxiago kontsumitzen dutela alegia, zer kontsumitu gutxiago dutelako edo kontsumigaiak zerez erosirik ez dutelako. Ez baitira esanahi berekoak apalategietako oparotasuna eta kontsumoa. Are gutxiago kontsumoa eta zoriona. Zer dago aldaketa ahalegin honen muinean?.

 

Pivo edo litro-erdiko baso garagardo aurrean patxadako lasaitasunean orduak ematen ikusten genituen kontu-kontari. Kale, saltoki edo errepideetan hainbat galdera, gehienetan hizkuntza ezjakintasunaren ondoriozko keinuzkoak, egin beharrean aurkitzen ginenen bakoitzean herri abegitsu eta lasaia agertu zitzaigun. Kanpinean beti daude sua egiteko gune aproposak bere egur piloarekin. Su ederraren ondoan, makila puntan sartutako haragikia erre eta janez, pivoari zurrut eta batez ere solasean egoteko ohitura. Gaueroko norbaitzuen denbora-pasa, agian transumanzia garaiko askoren oihartzuna, ala biak?.

 

Famaren oihartzunez tokatzen zaien bezala, Tatra mendi barreneko izei azpiko lasaitasunetik, asperduraren ondorioz edo kanpotarren ikusmiran, begirada tinkoz begiratzen ziguten kaminero edo bidezainei begira gu ere, galdetzen genion elkarri zer ote zegoen begirada haien ostean: mendebaleko predikuetan saldu diguten Eki Herritarren Mendebalari buruzko inbidia, ala gureetan errepide edo kaleetan  aurreratuago bizi omen diren europar edo yankiei guk begiratzen dieguneko indiferentzia?.

 

Zergatik hemen ere hiri handiak edo koskortuak dira aldaketaren onuradunak, baina berrikuntza guti nabari da herritxoetan, batez ere errepide nagusietatik at lautadetako muinoen artean galdutakoetan,  bigarren mailako herri edo herritar bailiran, agian berantago etor daiteken ekonomiaren hobetze baten zain utziak?

 

 

S. Joan Nepomuzeno

 

Nazioko zaindari nagusia omen. Errepide eta bazter guztietan dago present, bere bonet, gurutze eta jantziekin nabarmen deigarri, ilunduta, urteen eta kutsaduraren poderioz belztuta askotan; han daude gurutzeak ere, berdin kaperatxoak, berdin elizak herri guztietan, askotan eraiki nabarmen zainduen eta ederrenak: hor egon dira auskalo noiztik, ez dira komunismoa bota ondorengoak, komunismo garaian hor iraun dutenak baizik. Eliza barroko zoragarriak ditu bai Txekiak bai Eslovakiak,  komunismo garai osoan gure herrietako asko ez bezala zainduta, eder iraun duten elizak, Spis lurraldean batez ere, agian auzo diren alemaniarren eraginez, Erdi Aroko triptiko txundigarriak, zein aparta ezingo, bata bestea baino ederragoa dituztenak gordetzen dituzte.

 

Elizkizunak: Levoçakoak eragin zigun zirrara biziena, baina ez zen izan bakarra: eliza ikustera sartu eta meza ondorengo apaizik gabeko errezo luzeetan jarraitzen zuen eliza beteekin egin izan genuen topo, sutsu errezatzen zuen herriarekin, gazte asko tarteko; jarrera hori ez da inprobisatzen, beti errezatu da taldean, nabarmen agertzen da usadio eta portaera errotua dela. Ostiral arratsaldean Kezmaroken beti luze berritzen zen bi ilara zeuden bi aitorlekuen aurrean, denak zutik, gehienak aitortza gertatuzko liburua eskuan, gure umetako garaiak biziki gogaraziz;  "ogi zerutik etorria" abestia entzutea bakarrik falta zitzaigun Korpus Eguneko Trnavako prozesioan: duela 50 urte Euskal Herrian bezalatsu, parafernalia berdinez, kalerik kale, abestuz, boz ozenez otoitzean ari zen belaunikatutako herriari kustodiarekin bedeinkapena ematen zien apaizak hirian ugariak ziren elizaurre bakoitzean: hori ez da lau urtean mamitzen den ohitura, hain elizaren kontrakoa zela esaten ziguten erregimen komunistan iraun duena baizik. Austrian ikusi genuen antzerako erritoa: osteguna zen han, hemen igandera aldatu dute ospakizuna, baina Euskal Herrian bertan proposatu izan da astebarruko jaien iganderako aldaketa ekonomia produkzioa dela eta.

 

Plaza da herri koskortu oroko bihotza, berdinak dirudite denak, baina bakoitza da ezberdina,  denak eta beti eder eta polit. Udaletxea, Eliza, Iturria dira plazako osagarriak, baina, batez ere, koloma edo zutabea, izurriteren baten oroigarri gehienak, Amabirjina eta Santu-irudi ugariekin ia denak: hor egon dira komunismo garaian, gehiengoaren kolore beltzak adierazten duenez. Inposaketak ezer guti balio dezakee, gogoeta ondorengo konbentzimendua dela jarrerak aldatzeko bide bakarra. Erlijioarekin lotutako mila ezaugarrik gogarazten ziguten urteetan kontatu izan ziguten herri hauetako erlijioaren aurkako balizko jazarpena ez zela existitu, ez zela izan behintzat hain bortitza; hainbat galdera sortarazten zigun gure baitan: benetan elizaren edo fedearen aurkako jazarpena izan zen ala eliza eta batez ere hierarkia pribilejiorik gabe uztea zen estatuaren jokabidea, Eliza erakunde herritar arrunt bezala tratatua izan zela, onartze berezirik gabe, alegia?. Elizak sarri iraintzat eta jazarpentzat hartzen baitu pribilegiozko tratu berezirik ez izatea, eta horren harian, eta izan genuen intoxikazio propaganda gogoratuz, nork jasan du bestearen presio larriagoa edo nork izan du bestearekiko errespetu gutxiago bi herri hauetan, Eliza Katolikoak ala Estatu Komunistak?.

 

 

Pivoaz zer?

 

Ikusi genituen Eki Alemaniako Heiligendammeko ospitale batetan ateburuko mailuka eta igitai gurutzatuak pinturaz ezabatuzko ahaleginak. Ez dugu ikusi holako aztarnarik hemen. Ezabatuak daude aurreko garai komunistaren ezaugarri fisikoak. Italian bada herrietako kale izendegian Marx, Gramzci edo antzerakoen oroimenik. Agian behin ere egon ez direlako, kendu egin dituztelako agian, baina gure bidaia honetako herrialdeotan ez da horrelakorik ikusten, Mendebalean ezagunak zaizkigun izenak behintzat. Haurrentzako eskola-liburua da nagusi liburu-dendatan, baita play-boy eta antzerako aldizkariak ere; erakustoki eta apalategietako liburu artean ez da ageri autore marxista klasikorik, agian guretzat ezezagunak ziren autore marxista gaurkoak zeudekeen,  egon bazeudekeen ere ikur edo ezaugarririk gabe.

 

Cz hizkiak daramatza ia Txekiako auto orok, Sk eslobakiarrak; noizbehinka, bai batean bai bestean, bi ikurrak ikusten zaizkio kotxeren bati, bi herrien elkartzea defendatuzko jokabide kontzienteak edo eranskailu zaharra kentzeko alperrak eraginda: hori litzake bi herrialdean bat zireneko kanpotarrak ikusten duen zehaztasun edo ezaugarri bakanetarikoren bat. Horrez gain, ilaran jartzeko ohiturak darrai dendetan jende asko dagoenean, baita kanpinetako filosofia ezberdinak ere. Asko dira asteburu-pasa kanpinetara datozenak, komunista garaiko opor kontrolatuetarako sortutako zurezko etxetxo zaindu, garbi eta gehienetan politetara; bertako inor guti dabil  karabana edo dendarekin.

 

Praga da nolabait aurreko sistema politikoa eta askatasuna deitu hura gogarazten duena: bada poliziaren basakeria,  aurreko politikagintzako agintarien gehiegikeria gogoratuzko beti lora berriak dituen oroigarririk, txu-txu treneko bozgorailuak ere gogarazten du unibertsitate aurretik pasatzean han egosi zela askatasunerako borroka, esaten dute liburuxka edo orriek ere Operan gorde zirela poliziak pertsegituak. Baina begiak zabalik dituenak ikusten ditu ez herri txikietan bai hiri handietan, Pragan batez ere, eskaleak kaleetan, eskaleak eliz atarietan, eta batez ere nolabait bi perro ateratzeko paper banatzen mozorrotutako gazteak, kinkilariak, purtzileriak salduzkoak, hiri industrializatuetako auzoetan langabetu petoak, txaboletan bizi diren etorkinak. Lapurrengandik kontuz ibiltzeko esaten dizute hainbat hiritan, gu geuk ere libratu ginen halako mehatxu batetik. Nabarmenak dira kalean kapitalismoak eta neoliberalismoak askatzen ez dituen  biktima berriak.

Non daude Inperioen, Kapitalismoaren, Neoliberalismoaren biktimei oroigarriak edo oroitzapenak?, gaurko intelektual eta unibertsitarioak hasi ote dira gaurko gehiegikeria, esplotazioa eta askatasunik ezaren aurrean, duela urte guti egin zuten iraultzaren kontrairaultza edo bigarren iraultza prestatzen?. Izan zen Errusian Tzar bat, herriaren egonezin eta matxinadari beldur, herria  vodkaz alkoholizatu zuena: gaurko pivoak bata bestearen ondoren asteburuetan irenstea egoera nolabait mozorrotu nahi izatea ote?.

 

 

Beste zenbait galdera

 

Tentagarria da lur zabal berdeen kontakizuna, bai Txekia bai Eslovakiatik etxeratzean. Atsegina litzake gogoratu eta aipatzea  muinoak, arratsalde beranduan itsaso berdean kotxez nabigatze bakartia, hirietako plazen deskribapena, etxe errenazentista edo barroko zoragarriak, eliza eta gazteluen ederra, herri koskortu guztien inguruko tximinia luzeak, hiri guztien hesi diren etxetzar ilun erraldoiak, ibai zabalak eta mendiarteko errekastoak, mendiarte bakanetan izeidiak  sortaraziko Euskal Herrian geundeneko sentipena, eta hainbat bidaietako ohizko kontakizunak. Baina begien ikuskizunak galderaz bete zigunez kazkezurra, erantzunik bilatu ez genien galderekin jarraitu eta bukatu nahi dut gaurko ekarpen hau.

* Bere hizkuntza propioa du Eslovakiak. Hizkuntzari buruz zer suposatu du, ezer suposatu badu, Txekiatik banatzeak?.

* Sakanan Maiatza zuhaitza  jartzeko ohitura bizi dugunok, begi harrituz  begiratzen genien, iaz Alemanian bezala, bai Txekian bai Eslovakian herri asko eta askotako Maiatza zuhaitzei. Zein lotura dute elkarrengandik hain urrun dauden herrien ohitura berdintsuek?.

* Txekia OTAN barruan onartu duten honetan, bi lurraldeetan beti presente zegoen Ejertzitoa gogoratzen dugu: errepideetan kotxe eta kamioiak, airean hegazkinak eta kaleetan soldaduak. Indarkeriak berdintzen ote ditu herriak?.

* Hainbat aldiz etorri zitzaizkigun nongoak ote ginen galdezka gure autoak ez zeramalako nazio ezaugarririk, ez herrialde hizkirik. Euskaldunonak Estaturik ez duten alderraien autoak ote?.

* Utzienak edo zaindu gabekoen itxura dute hainbat herri eta granjek. Bada Tepla alboan nekazarientzako eraikitako etxeteria duen herri zabala osatuzko inguru zabaletako belartzak eta sailak darabiltzan granja. Herri-kidetzak gestionatzen ditu granjok?.

* Zabalak dira gari-sailak, belartzak eta arto-sailak batez ere.  Norenak dira gaur egun?. Nork du noizbehinka ikusten diren behi aldren jabegoa?.

* Herri guztiek dute bere museoa. Turismoaren eztena beharko ote dute bere kultura eta ohiturei eusteko?.

* Terecingo kontzentrazio eremuan bada ateburu batetan naziek jarritako  inskripzio isekaria "Abreit macht frei" diona: "lanak askatuko zaitu" edo zerbait antzerako esan nahi du. Benetan herri askeak izanen dira txekiar eta eslovakiarrok ala esklabo bihurtuko ditu lanak mendebalean lez?.

* Bohemia, Moravia, Silesia: badira  gutxienez hiru herri hauek Txekian: ba ote herri pasoko txorioi jabetu ezinezkoak izan zaigun herri nortasun arazorik?.

        

Galdera nagusi batek astintzen zituen gure burmuinak etzerantz muga zeharkatu genuenean: Planifikatze edo Merkatu Ekonomia izango ez den bide berriak jorratu zituzten herriok izango ote gai herria askatze ahaleginean bide berri bat urratzeko, Pragako Udaberri  egiazko baterako eguzki berri bat argituz?.

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/12/01 08:55
Ibilikoak. 10. Kukua

K u k u a

 

EGIN: Igandegin: 1996an azaldua

 

 

Jo du kukuak Eki Alemanian ere

 

Jakin-mina, agian morboa, sortzen du Ekialdeko Alemaniak, Alemania biak elkartu zireneko 5 urtetara ere.

 

Turinjia basoa zeharkatuz  sartu gara Ekialdeko Alemanian: Mendebala bezala heze eta berdea da, dena gari belar erremolatxa artasoro edo koltza-lore horia; mugarik gabeko herri-soroak, oraindik esku pribatuetan zatitu eta banatu gabeak, gorta komunalak; nekazari  itxura gehiago du kilometroetan galapan doan gidariarentzat industri herriarena baino. Oso garbiak ikusten dira herriak, beste aldeko dotoretasunik ez badute ere. Bada alaiagorik, baina herri ilun herri apalak dira orokorrean, asfaltatu gabeko espaloi asko dago, zementuz hartzeke daude errepide ertzak,  baina ez dute  utzi abandonatutako itxurarik, ondo zaindutako bazterrena baizik. "Pobre duina"en itxura. Lauza, adokina, ikusten da maiz errepideetan ere, ez kaleetan bezala antzinatasun usaia emateko, galipotezko nahasketak baino merkeago delako baizik segur asko. Zentziloago bizi izaten ohitutako herria dela detaile asko agertzen da. Apalagoa dirudi bestaldekoarekin alderatuz, janzkeran ere, txukuntasunean, ordea berdinak.

 

Urrutiago edo bertarago, beti ozen, kuku kantua izan dugu kanpaldi guztian. Kukuak ez ditu denak dirua patrikan  dutela harrapatu hemen ere. Bada kukua patrika beroz entzun zutenik; nabaria da badela ekialdean ere kukuak onez joko dioela espero duenik.

 

Bizitzeko baliabiderik eza edo pobretasuna ere erlatiboa da, ez dago pobretasun absoluturik. Albokoarekin konparaketa da bakoitzaren pobretasun neurria. Pobre itxura ematen genuen gure lonazko dendarekin karabana besterik ez zegoen kanpin eremuetan. Baina pobreagoak ez ginelakoan nago. Maila ezberdineko aberastasuna da barne pobrezia.

 

 

Urrutira, hamalau intxaur

 

Politikoak haina iraun ohi du politikak herriaren bihotzean sustraitzen ez denean. Eki Alemanian ez dago ia aurreko sistema politikoaren aztarrenik. Batzuk oraindik diraute: Marx, Rosa Luxenburgo eta sozialismoarekin lotura duten kale izenak,  Marx eta Engelsen estatua erraldoia beraien izeneko plazan Berlinen,  aurreko sistemak jasotako eraikuntzak,  filosofia komunistaren azalpen diren eskulturak Leipzig bezalako hiri nagusietan, eraikuntza bera bota gabe ezabaezinak diren friso edo kariatideak, "Oktober" zuen ontzi txikitxo zaharkitu batek bere izen erromantikoa Sassnitz Baltikoko puertoan. Heiligendammeko osasun-etxean ikus daiteke pinturaz ezabatu nahi izan dituztela harrizko ateburutik zizelatutako mailu eta igitaiak.  Hor bukatu ziren aurreko sistemaren azaleko ezaugarriak. Aleman federalek ez dute ezer nahi aleman demokratekin. Bertan behera utzitako herritxoetako gorta komunalak eta hainbat lantegi lirateke ere lehengo sistema politikoaren memoria tristea, agian gaurkoaren salaketa isila.

 

Leipzigeko S. Nikolas elizan grada erdiko kandelatxo piztuek gogoratzen dute eliza hau erabili zela gobernu eta sistema komunistaren aurka, mendebaleko politiko eta komunikabide guztien itzalpe ozenean, mendebaleko bizitza erosoago baten egarriz gehiengo bat, askatasun egarriak bultzatuta besteak.

Tutu metalikoz eta sare plastikoz bilduta dagoen Berlingo Reichstagek salatzen du  zenbatek uste duen oraindik berea duela herria. Magdenburgo Atean norantz hartuz ote zegoen demokraziarantz zioten atea?, Ekira ala Mendebalera?. Inon aurkitu ez genuen erruso turista talde zabala aurkitu genuen Berlinen: nostalgiak dirau oraindik.

Mendebalean zegoela askatasuna uste zuten iheslari inuzente edo desesperatuen  gurutzeek  zirrara, gogoeta eta buruhaustea sorrarazten dute bere xinpletasun zurian.

 

Ezin dut onartu izenez Demokratikoa zeritzon aurreko Gobernua, baina Kapitalismoa eta sostengatzen duen Gobernu Sozialdemokrata Federalari okerragoa, bortitzagoa, harrapariagoa, xahutzaileagoa deritzot, sakonetik zapaltzaileagoa, gizakiaren oinarrizko  eskubide guztiak erroagotik suntsitzen dituelako askatasunez mozorrotu arren. Ondo-bizi gehiago bai sortzen ditu, baita pobre eta langabetu gehiago ere, legez itxuraldatutako indarkeria zakarrago, sakonago, bortitzago darabilelarik bere izaera eta iraupenaren ardatz bihurtuta.

                           

 

Unleitun

 

Gerra baten ondorengo giro bertsua nabari da, gerra baten ondorengo aktibitatea, herri osoa berreraiki eta berritu nahia, eraikuntza lanetan oinarritzen den ihardura ekonomikoa eta lan eskaintza; gizonezko zein emakumeak lan egin nahi du gauza berriak erosteko, edozein preziotan egin ere bizimodu berri bat hasteko. Bizimodu berria bai, agian ez hobea. Berrikuntza eta berreraikitze lanak lirateke batez ere Eki Alemaniako ezaugarri nagusia gaur egun.

 

"Unleitun", "desbiderapena", bazter guztietako letreroetan dagoen iragarpena; hori litzake gaur Eki Alemanian gehien erabilitako hitza, ez baitago, berrikuntza lanak direla eta, aldatu ez den aurreko norabide letrerorik, behin behinerako bada ere. Berandu da politikagintza zaharreko aztarnak ikusi  nahi dituanarentzat, ia desagertu direlako; ez da garairik onena Eki Alemanian turismoa egiteko dena baitago hankagora. Dena da berrikuntza, dena dago jasota. Makinaria marruma eta hautsa besterik ez da Lezpzigeko bihotza, Dresdetik Gorlitzerako autobia zein Berlinetik Rostockerakoa dena dago berrikuntza lanetan, leku oro, berrogeitaka  kilometroetan; distantziak ere neurritik kanpokoak  diren Berlinen  Alenxander Platzetik Manderburg Ateraraino nahasian dabiltza hautsa eta artea gaur egun, dena baita berrikuntza eta obra, mailu mekanikoek astintzen dute gorraizea sortzeraino tiro hotsek famatua egin zuten Magdenburgo ingurua.

 

Zahartu egiten dira hiriak ere, Eki Alemaniakoak barne. Beharrezkoa da berrikuntza, beharrezkoak ote, baina, berrikuntzok orain eta horrela. Ez ote dira hemen ere lehendakari eta polizia-buruen leitzaranak, hainbat iturginen diru-iturriak, politikagintza eta hauteskunde kanpainak ordaintzeko bide oparoak. Gutxi batzuentzat aukera, ala denentzat:  erabakia nork egitean datza arazoaren kinka, ez baitira honek aukerok hauteskundeen bidez egiten, goragoko mailetan baizik, hauteskunde aurretikako erabakietan baizik, hauteskunde aurreko agintarien bulegoko bileretan hartzen den erabakia ohi da hori. Hemen ere Dresdera sarrerako bide-sare berria ez du gobernu federalak ordaintzen, bertako langileak baizik.

 

Obretan  borbor dago Leipzig, erdigunea batez ere, makinaria erraldoien baso triskatzaileak marruka erosketan edo paseatzen ari den kaletarren alboan.  Neurri guztietako garabiak dira gaur egun ezinbesteko irudiak hiriko paisaian, hutsune guztiak kristalez eta zementuz bete asmoz. Harrigarria da zenbat eta zein erraldoi eraiki den herrialde hau sistema politiko berria sartu ondorengo azken urte guti  hauetan.

Berritzen ari diren Leipzigeko geltokia da sistema politiko, agian sistema ekonomiko bakoitzak, bere aroa nola markatzen duen ezaugarri. 

 

Aurrerantzean izango dituzte herri eta hiri xarmantak; langabezia ere bai. Hamar bat urte geroago egonen dira guztiz ederrak hainbat hiri eta herri. Askeago?, ez dakit. Agian goizegi etorri gara Ekialdeko Alemaniara.

 

 

Urrezko arrautzak errun

 

Goslar antzinako herri zoragarrian  bada gremioen etxea izandakoan  ipurditik urrezko dirua ateratzen zaion zurean tailatutako  mutikoa, hiriak zuen oparotasunaren sinbolo. Tratante edo dirugileen garaia da gaurkoa Eki Alemanian. Ekialde osoa bihurtu zaie Goslar mendebaleko era guztietako dirua egiteko makinariei: mendebalean ezagunak ditugun firma denek eraiki dituzte bere eraikuntza, denda, saltoki, biltegi eta diru-iturri den edozein bide.

 

Zirrara eragiten dute bost urtetako milaka kotxeen salmentek, mendebaleko kotxerik ez zegoen herrian mendebaleko jite bera hartuz doaz errepide eta kaleak.  Autoak saldu dituzte lehenengo, errepideak egokitu ondoren oraindik auto gehiago saltzeko. Ikusi egiten da, begi-bistan baitago, salmenta-etxe ezberdinen lehia merkatuan indartsu kokatzeko. Nabaria da hiri nagusi guztietako kaledi eta inguruko zerbitzugune eta industrialdeetan.

Telefono mugikorraren antenak heldu dira Alemania ertzean Poloniako mugaraino.

 

Leipzigkoari ezin zaio alde zaharra deitu, erdiguneak  mendebaleko hirien itxura hartu baitu edo hartzen baitoa, aurpegia garbituta, etxe eder guztiek brist,  merkatal izen famatuen kokagune. Berlingo orma bota ondoren, mairu harrapariek jaso dituzte bere kabi erraldoiak erdigunea etxe-orratzez inguratuz,  txantxangorri gizajoek kuku diganteen arrautzak ernaldu ditzaten. 

 

Begiratu batetan badirudi  turismoa aukeratu dutela herri askok etorkizuneko baliabide ekonomiko bezala. Nor baliatuko ote noren onerako.  Berriren berri sortzen ari dira herriak edo herrietako auzo berriak; ezin uka etxe baxu politak direla, baina errotik aldatuko dute herri horien nortasuna eta giroa.

 

Badugu hemengo obretan mendebalean baino makinaria zaharkituagoa darabilten susmoa, baita saltoki batzuetan mendebaldean modaz kanpo dauden salgaiak erakusten dituztela ere,  Ekialdeko merkatua mendebaleko stokak husteko une aproposa bilakatu ote zaien susmoa, hain zuzen.

 

Badirudi Mendebalera mugatu nahi dutela industria estrategikoa.

 

Mendebaleko kotxe, jantzi eta janzkerak edukitzeko ametsa gauzatzen ari dela dirudi. Biziera bera ere. Zeintzuk izanen ote hurrengo ametsak. Agian amets garaiak bukatu zaizkiela konturatuko dira, betiko ezinera bueltatuz.

 

Pasoan azaleko begiradaren burutapenak besterik ez dira hauek: zer ote gure begientzat eta gure informazio iturrientzat ikusezin eta oharezina den norgehiagoka bortitza, jokatzen ari delako aurreko eta amestu duten bizimoldeen talka. Sakonean eta ez hain epe luzera Europaren eta munduko zati handi baten jabegoa, lidergoa eta nagusigoa erabakitzen ari baita lehia ekonomiko honetan.

 

 

 

Kontrasteak

 

Duela guti debekatua zegoen Ekialdera sarrera,  mugatuak zituen bere pausoak zihoanak, mendebaleko oztopoak ziren batzuetan, bertakoenak bestetan. Gaur ostera han gabiltza milaka turista eta ez zaigu  ezer gertatzen ez hangoei ez guri ere. Zerbait ezkutatu nahi du mugak jartzen dituenak. Zerbaiten beldur da, zerbait galdu beldur. Zapalkuntzaren ezaugarria da beti muga. Jauntxokeriarena. Inposaketarena. Beldurrarena.

 

Leipzig inguruko industrialdean bertan jas-berriak diren lantegi, bulego, etxe-orratz eta pabiloi berrien alboan ugertuta dager aurreko lantegi eraikuntzak; fantasmak dirudite bertan behera utzitako lantegiek; tristura darie zaharkitutako granja komunalei han-hemenka. Hitsak benetan Bradenburgoko hondatuak, hertziak, ustuak diruditen adreiluzko lantegi erraldoi ederrak. Huts egin dute ala huts egiten utzi zaie berriak jaso ahal izateko, ezaguna baita kapitalismoaren despilfarro beldurgarria, bakarren eta bakanen produktibitatea baliarazteko.

 

Dena berritzen ari den herrietan bada betiko eskale eta behartzurik: Leipzigen kale-azpiko pasagune batetan bere ortuko letxuga eta beste ortuari bakar triste batzuk saltzen zegoena, eskaleak, souvenir bezala errublo saltzaileak, ...

 

Bada aurreko sistema garaian eraikitako eraikuntzak ederrik gaur egun pribatuek birziklatuak: diru publikoa pribatuen irabazietarako.

 

Gobernu Demokratikoaren garaiko etxe karratu, nortasunik eta edertasunik gabeko hitsak agertzen dira, baina, Rostockekoak lekuko, berriak ere ez dira ederragoak, langile soilarentzako etxeak beti baitira, austeritatearen izenean, tristeak.

 

Asko edo guti, gazte gehienek egiten dute ingelesez Mendebalean; alde honetan, Ekialdean,aldiz, ia inork ez daki ingelesez; errusieraz eginen dute agian.

 

Leipzig, Weimar, Dresde, Meissen, Gorlitz, Rostock... nola ez Berlin, pobre planta eta guzti, kultura hiri giroa dute hiri eta herriek. Lutero, Bach  Wagner, Goete, eta hainbat artista zein zientzialari, hemengoak ziren edo bertan ibiliak gutxienez: gorde dute bere arrastoa hainbat kultur ekitaldietan, bospasei urtetan inprobisatzen ez den  giro kulturala. Eki Alemaniak eutsi egin dio bere herri kultuaren tradizioari.

 

Hain jainkoaren etsai izan zen politikak berreraiki eta zaindu egin ditu elizak. Herri eta hirietan ia ondoen eta gordeen ageri diren eraikuntzak dira.

 

Poliziek, berriz, gureetako jite bera dute hemen ere: kale soila da Poloniarekin muga,  Polonia baita Gorlizko kalearen bestaldea, kalean bertan dago langa: bestaldeko argazkirik ezin nuela atera esan zidan zerbait zelakoaren azaldu beharrez-edo  poliziak, muga pasa eta bestaldean nahi haina ateratzerik banuen ere.

 

Kotxe berri asko dago, ugaldu da gidari kopurua, baina gidatze kulturarik ez dagoela iruditzen zaigu.  Hemen ez dago beste aldeko zain egote, elkarrekiko errespetu, bide emate, tartea gordetzerik. Gidari berri urduri asko dago, abiaduraren morroi, bakoitza une bakoitzean inprobisatuz bere maniobra. Presati eta ipurterre dabil gidaria askotan, bere bizitzako lehen kotxeaz kezkati, urduri eta erakutsi beharrez dabiltzala dirudite askotan. Umeak jostailu berriarekin, urduri, abilitateak erakutsi nahiez bezala. Urte batzuen ondoren, esperientziaz ikasiko dute hemengoek ere galtzadarrietan, harri ezberdineko zoru honetan, zelakoak diren bizkor gidatzearen ondorioak, trikitrakeak zenbat suspentsio eta torloju hondatzen duen. Kale-zorua aldatuko dute segur aski mantsoago gidatu arazi ordez.

 

Badira nabarmentzen diren lehen irudiak: koloretasunik gabeko herritxo arreak, argamasaz itxuratu eta babestu eta pintatu ere gabeko ormak, komunakoak diren edo ziren lursail zabalagoak, nekazari pobre itxurako etxe fatxadak, iraganak marruskatuak eta berritu gabeak.

 

Berlingo Alexander Paltzen bazen talde zabal bat errebindikapenak azaltzen, gaua ere bertan egiten zutenak; Postdanem pintadek dotoretu dute berritu berria den sarrera edo norbaiti omenezko arkua; badira Berlinen pintadak, zer dioten ez badakigu ere.

Oraindik ikusi ahal da Eki Alemanian Mendebalekoan ez dagoen kaleko errebindikapen giro bat, gutxienezkoa, askorik ez bada ere. Bradenburgon Che gevararen irudia pintatu du ormetan idealista nostalgikoren batek.

 

Haizezko argindar zentraltxoak, eolikoak, ikusten dira batez ere, han hemenka; ia hiri barruan daude Dresden  eta Rostocken. Baina agiri dira ere da ke den zentral termiko erraldoirik. Euskal Herriko fontaneroren batek sortu duen fabrikak badu hemen eroslerik.

 

Eguzkiaren kulturak, agian neguko  hotsaren eraginez, hirien jasanezinak agian, hedatua dago herritik kanpo ateratzea: erruz doa jendea asteburuetan itsasertzera, hirietatik urruti behintzat, gainezka daude hemen ere itsasertzak.

Emakume asko dabil lan publikoetan, baita bidegin eta bidezain lanetan ere. Leku gehiago dute nonbait emakumeek lan publikoetan sozialista deitutako kulturan.

Gureetan erre egiten ditugun bezala, ketu egiten dute arraina Baltiko inguruetako herrietako txosnetan.

Taberna eta antzekoak askoz gutxiago dira Mendebalean baino.

Emakume nagusi asko ikusten da kotxe gidari.

 

Horma antza hartuz, gorantz egiten duen inpresioa egiten du itsasoak Rostocken, olatuak gainera baletorkiguz bezala, laburragoa ikusten da itsasoaren ortzi mugarainokoa, ia gainean edo bertan ikusten dituzu itsasontziak. Agian hemisferioa hurrago egonik lurra ere borobilagoa delako hemen?. Gurean baino gorago ikusten dugu itsasoa, itsasontziak garaiago, itsas azken lerroa gertuago; motxagoa da itsasoa hemen, zabalean berdina ikusten bada ere, luzean ortzirantz ez, aurreko itsasertz  marra bertanago, inklinatuago bezala,  lurra hemen borobilago edo txikiago bailitz. Bizipen hori izan dugu.

 

Bizitzari buruzko filosofia eta politikari buruzko iritzi sakona behar da hemen  Mendebaleko Alemaniaren kontrasteari aurre egiteko. Agian desilusio zorrotza. Nik uste ziri ederra sartu diola mendebalak ekiari, mendebaleko merkatu ekonomiaren onerako eta hango askoren patrikak gizentzeko aukera dela.

 

Aldaketak nabariak dira. Herri xeheak zer dion ezin jakin, turistaren harremanak azalekoak direlako; hutsalagoak bertakoen hizkuntza ez dakigunontzat.

 

 

 

Esandakook zenbateraino egia diren ez dakit. Guk hala ikusi dugu eta ikusi bezala kontatu ere. 

 

 

 

 

K u k u a

 

EGIN: Igandegin: 1996an azaldua

 

 

Jo du kukuak Eki Alemanian ere

 

Jakin-mina, agian morboa, sortzen du Ekialdeko Alemaniak, Alemania biak elkartu zireneko 5 urtetara ere.

 

Turinjia basoa zeharkatuz  sartu gara Ekialdeko Alemanian: Mendebala bezala heze eta berdea da, dena gari belar erremolatxa artasoro edo koltza-lore horia; mugarik gabeko herri-soroak, oraindik esku pribatuetan zatitu eta banatu gabeak, gorta komunalak; nekazari  itxura gehiago du kilometroetan galapan doan gidariarentzat industri herriarena baino. Oso garbiak ikusten dira herriak, beste aldeko dotoretasunik ez badute ere. Bada alaiagorik, baina herri ilun herri apalak dira orokorrean, asfaltatu gabeko espaloi asko dago, zementuz hartzeke daude errepide ertzak,  baina ez dute  utzi abandonatutako itxurarik, ondo zaindutako bazterrena baizik. "Pobre duina"en itxura. Lauza, adokina, ikusten da maiz errepideetan ere, ez kaleetan bezala antzinatasun usaia emateko, galipotezko nahasketak baino merkeago delako baizik segur asko. Zentziloago bizi izaten ohitutako herria dela detaile asko agertzen da. Apalagoa dirudi bestaldekoarekin alderatuz, janzkeran ere, txukuntasunean, ordea berdinak.

 

Urrutiago edo bertarago, beti ozen, kuku kantua izan dugu kanpaldi guztian. Kukuak ez ditu denak dirua patrikan  dutela harrapatu hemen ere. Bada kukua patrika beroz entzun zutenik; nabaria da badela ekialdean ere kukuak onez joko dioela espero duenik.

 

Bizitzeko baliabiderik eza edo pobretasuna ere erlatiboa da, ez dago pobretasun absoluturik. Albokoarekin konparaketa da bakoitzaren pobretasun neurria. Pobre itxura ematen genuen gure lonazko dendarekin karabana besterik ez zegoen kanpin eremuetan. Baina pobreagoak ez ginelakoan nago. Maila ezberdineko aberastasuna da barne pobrezia.

 

 

Urrutira, hamalau intxaur

 

Politikoak haina iraun ohi du politikak herriaren bihotzean sustraitzen ez denean. Eki Alemanian ez dago ia aurreko sistema politikoaren aztarrenik. Batzuk oraindik diraute: Marx, Rosa Luxenburgo eta sozialismoarekin lotura duten kale izenak,  Marx eta Engelsen estatua erraldoia beraien izeneko plazan Berlinen,  aurreko sistemak jasotako eraikuntzak,  filosofia komunistaren azalpen diren eskulturak Leipzig bezalako hiri nagusietan, eraikuntza bera bota gabe ezabaezinak diren friso edo kariatideak, "Oktober" zuen ontzi txikitxo zaharkitu batek bere izen erromantikoa Sassnitz Baltikoko puertoan. Heiligendammeko osasun-etxean ikus daiteke pinturaz ezabatu nahi izan dituztela harrizko ateburutik zizelatutako mailu eta igitaiak.  Hor bukatu ziren aurreko sistemaren azaleko ezaugarriak. Aleman federalek ez dute ezer nahi aleman demokratekin. Bertan behera utzitako herritxoetako gorta komunalak eta hainbat lantegi lirateke ere lehengo sistema politikoaren memoria tristea, agian gaurkoaren salaketa isila.

 

Leipzigeko S. Nikolas elizan grada erdiko kandelatxo piztuek gogoratzen dute eliza hau erabili zela gobernu eta sistema komunistaren aurka, mendebaleko politiko eta komunikabide guztien itzalpe ozenean, mendebaleko bizitza erosoago baten egarriz gehiengo bat, askatasun egarriak bultzatuta besteak.

Tutu metalikoz eta sare plastikoz bilduta dagoen Berlingo Reichstagek salatzen du  zenbatek uste duen oraindik berea duela herria. Magdenburgo Atean norantz hartuz ote zegoen demokraziarantz zioten atea?, Ekira ala Mendebalera?. Inon aurkitu ez genuen erruso turista talde zabala aurkitu genuen Berlinen: nostalgiak dirau oraindik.

Mendebalean zegoela askatasuna uste zuten iheslari inuzente edo desesperatuen  gurutzeek  zirrara, gogoeta eta buruhaustea sorrarazten dute bere xinpletasun zurian.

 

Ezin dut onartu izenez Demokratikoa zeritzon aurreko Gobernua, baina Kapitalismoa eta sostengatzen duen Gobernu Sozialdemokrata Federalari okerragoa, bortitzagoa, harrapariagoa, xahutzaileagoa deritzot, sakonetik zapaltzaileagoa, gizakiaren oinarrizko  eskubide guztiak erroagotik suntsitzen dituelako askatasunez mozorrotu arren. Ondo-bizi gehiago bai sortzen ditu, baita pobre eta langabetu gehiago ere, legez itxuraldatutako indarkeria zakarrago, sakonago, bortitzago darabilelarik bere izaera eta iraupenaren ardatz bihurtuta.

                           

 

Unleitun

 

Gerra baten ondorengo giro bertsua nabari da, gerra baten ondorengo aktibitatea, herri osoa berreraiki eta berritu nahia, eraikuntza lanetan oinarritzen den ihardura ekonomikoa eta lan eskaintza; gizonezko zein emakumeak lan egin nahi du gauza berriak erosteko, edozein preziotan egin ere bizimodu berri bat hasteko. Bizimodu berria bai, agian ez hobea. Berrikuntza eta berreraikitze lanak lirateke batez ere Eki Alemaniako ezaugarri nagusia gaur egun.

 

"Unleitun", "desbiderapena", bazter guztietako letreroetan dagoen iragarpena; hori litzake gaur Eki Alemanian gehien erabilitako hitza, ez baitago, berrikuntza lanak direla eta, aldatu ez den aurreko norabide letrerorik, behin behinerako bada ere. Berandu da politikagintza zaharreko aztarnak ikusi  nahi dituanarentzat, ia desagertu direlako; ez da garairik onena Eki Alemanian turismoa egiteko dena baitago hankagora. Dena da berrikuntza, dena dago jasota. Makinaria marruma eta hautsa besterik ez da Lezpzigeko bihotza, Dresdetik Gorlitzerako autobia zein Berlinetik Rostockerakoa dena dago berrikuntza lanetan, leku oro, berrogeitaka  kilometroetan; distantziak ere neurritik kanpokoak  diren Berlinen  Alenxander Platzetik Manderburg Ateraraino nahasian dabiltza hautsa eta artea gaur egun, dena baita berrikuntza eta obra, mailu mekanikoek astintzen dute gorraizea sortzeraino tiro hotsek famatua egin zuten Magdenburgo ingurua.

 

Zahartu egiten dira hiriak ere, Eki Alemaniakoak barne. Beharrezkoa da berrikuntza, beharrezkoak ote, baina, berrikuntzok orain eta horrela. Ez ote dira hemen ere lehendakari eta polizia-buruen leitzaranak, hainbat iturginen diru-iturriak, politikagintza eta hauteskunde kanpainak ordaintzeko bide oparoak. Gutxi batzuentzat aukera, ala denentzat:  erabakia nork egitean datza arazoaren kinka, ez baitira honek aukerok hauteskundeen bidez egiten, goragoko mailetan baizik, hauteskunde aurretikako erabakietan baizik, hauteskunde aurreko agintarien bulegoko bileretan hartzen den erabakia ohi da hori. Hemen ere Dresdera sarrerako bide-sare berria ez du gobernu federalak ordaintzen, bertako langileak baizik.

 

Obretan  borbor dago Leipzig, erdigunea batez ere, makinaria erraldoien baso triskatzaileak marruka erosketan edo paseatzen ari den kaletarren alboan.  Neurri guztietako garabiak dira gaur egun ezinbesteko irudiak hiriko paisaian, hutsune guztiak kristalez eta zementuz bete asmoz. Harrigarria da zenbat eta zein erraldoi eraiki den herrialde hau sistema politiko berria sartu ondorengo azken urte guti  hauetan.

Berritzen ari diren Leipzigeko geltokia da sistema politiko, agian sistema ekonomiko bakoitzak, bere aroa nola markatzen duen ezaugarri. 

 

Aurrerantzean izango dituzte herri eta hiri xarmantak; langabezia ere bai. Hamar bat urte geroago egonen dira guztiz ederrak hainbat hiri eta herri. Askeago?, ez dakit. Agian goizegi etorri gara Ekialdeko Alemaniara.

 

 

Urrezko arrautzak errun

 

Goslar antzinako herri zoragarrian  bada gremioen etxea izandakoan  ipurditik urrezko dirua ateratzen zaion zurean tailatutako  mutikoa, hiriak zuen oparotasunaren sinbolo. Tratante edo dirugileen garaia da gaurkoa Eki Alemanian. Ekialde osoa bihurtu zaie Goslar mendebaleko era guztietako dirua egiteko makinariei: mendebalean ezagunak ditugun firma denek eraiki dituzte bere eraikuntza, denda, saltoki, biltegi eta diru-iturri den edozein bide.

 

Zirrara eragiten dute bost urtetako milaka kotxeen salmentek, mendebaleko kotxerik ez zegoen herrian mendebaleko jite bera hartuz doaz errepide eta kaleak.  Autoak saldu dituzte lehenengo, errepideak egokitu ondoren oraindik auto gehiago saltzeko. Ikusi egiten da, begi-bistan baitago, salmenta-etxe ezberdinen lehia merkatuan indartsu kokatzeko. Nabaria da hiri nagusi guztietako kaledi eta inguruko zerbitzugune eta industrialdeetan.

Telefono mugikorraren antenak heldu dira Alemania ertzean Poloniako mugaraino.

 

Leipzigkoari ezin zaio alde zaharra deitu, erdiguneak  mendebaleko hirien itxura hartu baitu edo hartzen baitoa, aurpegia garbituta, etxe eder guztiek brist,  merkatal izen famatuen kokagune. Berlingo orma bota ondoren, mairu harrapariek jaso dituzte bere kabi erraldoiak erdigunea etxe-orratzez inguratuz,  txantxangorri gizajoek kuku diganteen arrautzak ernaldu ditzaten. 

 

Begiratu batetan badirudi  turismoa aukeratu dutela herri askok etorkizuneko baliabide ekonomiko bezala. Nor baliatuko ote noren onerako.  Berriren berri sortzen ari dira herriak edo herrietako auzo berriak; ezin uka etxe baxu politak direla, baina errotik aldatuko dute herri horien nortasuna eta giroa.

 

Badugu hemengo obretan mendebalean baino makinaria zaharkituagoa darabilten susmoa, baita saltoki batzuetan mendebaldean modaz kanpo dauden salgaiak erakusten dituztela ere,  Ekialdeko merkatua mendebaleko stokak husteko une aproposa bilakatu ote zaien susmoa, hain zuzen.

 

Badirudi Mendebalera mugatu nahi dutela industria estrategikoa.

 

Mendebaleko kotxe, jantzi eta janzkerak edukitzeko ametsa gauzatzen ari dela dirudi. Biziera bera ere. Zeintzuk izanen ote hurrengo ametsak. Agian amets garaiak bukatu zaizkiela konturatuko dira, betiko ezinera bueltatuz.

 

Pasoan azaleko begiradaren burutapenak besterik ez dira hauek: zer ote gure begientzat eta gure informazio iturrientzat ikusezin eta oharezina den norgehiagoka bortitza, jokatzen ari delako aurreko eta amestu duten bizimoldeen talka. Sakonean eta ez hain epe luzera Europaren eta munduko zati handi baten jabegoa, lidergoa eta nagusigoa erabakitzen ari baita lehia ekonomiko honetan.

 

 

 

Kontrasteak

 

Duela guti debekatua zegoen Ekialdera sarrera,  mugatuak zituen bere pausoak zihoanak, mendebaleko oztopoak ziren batzuetan, bertakoenak bestetan. Gaur ostera han gabiltza milaka turista eta ez zaigu  ezer gertatzen ez hangoei ez guri ere. Zerbait ezkutatu nahi du mugak jartzen dituenak. Zerbaiten beldur da, zerbait galdu beldur. Zapalkuntzaren ezaugarria da beti muga. Jauntxokeriarena. Inposaketarena. Beldurrarena.

 

Leipzig inguruko industrialdean bertan jas-berriak diren lantegi, bulego, etxe-orratz eta pabiloi berrien alboan ugertuta dager aurreko lantegi eraikuntzak; fantasmak dirudite bertan behera utzitako lantegiek; tristura darie zaharkitutako granja komunalei han-hemenka. Hitsak benetan Bradenburgoko hondatuak, hertziak, ustuak diruditen adreiluzko lantegi erraldoi ederrak. Huts egin dute ala huts egiten utzi zaie berriak jaso ahal izateko, ezaguna baita kapitalismoaren despilfarro beldurgarria, bakarren eta bakanen produktibitatea baliarazteko.

 

Dena berritzen ari den herrietan bada betiko eskale eta behartzurik: Leipzigen kale-azpiko pasagune batetan bere ortuko letxuga eta beste ortuari bakar triste batzuk saltzen zegoena, eskaleak, souvenir bezala errublo saltzaileak, ...

 

Bada aurreko sistema garaian eraikitako eraikuntzak ederrik gaur egun pribatuek birziklatuak: diru publikoa pribatuen irabazietarako.

 

Gobernu Demokratikoaren garaiko etxe karratu, nortasunik eta edertasunik gabeko hitsak agertzen dira, baina, Rostockekoak lekuko, berriak ere ez dira ederragoak, langile soilarentzako etxeak beti baitira, austeritatearen izenean, tristeak.

 

Asko edo guti, gazte gehienek egiten dute ingelesez Mendebalean; alde honetan, Ekialdean,aldiz, ia inork ez daki ingelesez; errusieraz eginen dute agian.

 

Leipzig, Weimar, Dresde, Meissen, Gorlitz, Rostock... nola ez Berlin, pobre planta eta guzti, kultura hiri giroa dute hiri eta herriek. Lutero, Bach  Wagner, Goete, eta hainbat artista zein zientzialari, hemengoak ziren edo bertan ibiliak gutxienez: gorde dute bere arrastoa hainbat kultur ekitaldietan, bospasei urtetan inprobisatzen ez den  giro kulturala. Eki Alemaniak eutsi egin dio bere herri kultuaren tradizioari.

 

Hain jainkoaren etsai izan zen politikak berreraiki eta zaindu egin ditu elizak. Herri eta hirietan ia ondoen eta gordeen ageri diren eraikuntzak dira.

 

Poliziek, berriz, gureetako jite bera dute hemen ere: kale soila da Poloniarekin muga,  Polonia baita Gorlizko kalearen bestaldea, kalean bertan dago langa: bestaldeko argazkirik ezin nuela atera esan zidan zerbait zelakoaren azaldu beharrez-edo  poliziak, muga pasa eta bestaldean nahi haina ateratzerik banuen ere.

 

Kotxe berri asko dago, ugaldu da gidari kopurua, baina gidatze kulturarik ez dagoela iruditzen zaigu.  Hemen ez dago beste aldeko zain egote, elkarrekiko errespetu, bide emate, tartea gordetzerik. Gidari berri urduri asko dago, abiaduraren morroi, bakoitza une bakoitzean inprobisatuz bere maniobra. Presati eta ipurterre dabil gidaria askotan, bere bizitzako lehen kotxeaz kezkati, urduri eta erakutsi beharrez dabiltzala dirudite askotan. Umeak jostailu berriarekin, urduri, abilitateak erakutsi nahiez bezala. Urte batzuen ondoren, esperientziaz ikasiko dute hemengoek ere galtzadarrietan, harri ezberdineko zoru honetan, zelakoak diren bizkor gidatzearen ondorioak, trikitrakeak zenbat suspentsio eta torloju hondatzen duen. Kale-zorua aldatuko dute segur aski mantsoago gidatu arazi ordez.

 

Badira nabarmentzen diren lehen irudiak: koloretasunik gabeko herritxo arreak, argamasaz itxuratu eta babestu eta pintatu ere gabeko ormak, komunakoak diren edo ziren lursail zabalagoak, nekazari pobre itxurako etxe fatxadak, iraganak marruskatuak eta berritu gabeak.

 

Berlingo Alexander Paltzen bazen talde zabal bat errebindikapenak azaltzen, gaua ere bertan egiten zutenak; Postdanem pintadek dotoretu dute berritu berria den sarrera edo norbaiti omenezko arkua; badira Berlinen pintadak, zer dioten ez badakigu ere.

Oraindik ikusi ahal da Eki Alemanian Mendebalekoan ez dagoen kaleko errebindikapen giro bat, gutxienezkoa, askorik ez bada ere. Bradenburgon Che gevararen irudia pintatu du ormetan idealista nostalgikoren batek.

 

Haizezko argindar zentraltxoak, eolikoak, ikusten dira batez ere, han hemenka; ia hiri barruan daude Dresden  eta Rostocken. Baina agiri dira ere da ke den zentral termiko erraldoirik. Euskal Herriko fontaneroren batek sortu duen fabrikak badu hemen eroslerik.

 

Eguzkiaren kulturak, agian neguko  hotsaren eraginez, hirien jasanezinak agian, hedatua dago herritik kanpo ateratzea: erruz doa jendea asteburuetan itsasertzera, hirietatik urruti behintzat, gainezka daude hemen ere itsasertzak.

Emakume asko dabil lan publikoetan, baita bidegin eta bidezain lanetan ere. Leku gehiago dute nonbait emakumeek lan publikoetan sozialista deitutako kulturan.

Gureetan erre egiten ditugun bezala, ketu egiten dute arraina Baltiko inguruetako herrietako txosnetan.

Taberna eta antzekoak askoz gutxiago dira Mendebalean baino.

Emakume nagusi asko ikusten da kotxe gidari.

 

Horma antza hartuz, gorantz egiten duen inpresioa egiten du itsasoak Rostocken, olatuak gainera baletorkiguz bezala, laburragoa ikusten da itsasoaren ortzi mugarainokoa, ia gainean edo bertan ikusten dituzu itsasontziak. Agian hemisferioa hurrago egonik lurra ere borobilagoa delako hemen?. Gurean baino gorago ikusten dugu itsasoa, itsasontziak garaiago, itsas azken lerroa gertuago; motxagoa da itsasoa hemen, zabalean berdina ikusten bada ere, luzean ortzirantz ez, aurreko itsasertz  marra bertanago, inklinatuago bezala,  lurra hemen borobilago edo txikiago bailitz. Bizipen hori izan dugu.

 

Bizitzari buruzko filosofia eta politikari buruzko iritzi sakona behar da hemen  Mendebaleko Alemaniaren kontrasteari aurre egiteko. Agian desilusio zorrotza. Nik uste ziri ederra sartu diola mendebalak ekiari, mendebaleko merkatu ekonomiaren onerako eta hango askoren patrikak gizentzeko aukera dela.

 

Aldaketak nabariak dira. Herri xeheak zer dion ezin jakin, turistaren harremanak azalekoak direlako; hutsalagoak bertakoen hizkuntza ez dakigunontzat.

 

 

 

Esandakook zenbateraino egia diren ez dakit. Guk hala ikusi dugu eta ikusi bezala kontatu ere. 

 

 

 

 

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/11/24 09:14
Ibilikoak. 9.- MUSEOA EZ EZIK, HERRI BIZIA

 

 

MUSEOA EZ EZIK, HERRI BIZIA

 

 

EGIN: Igandegin: 1955/10/ 08

 

 

Italia mito eta amets. Gaurko eta antzinako Italiak merezi du bertara joatea. Gaurkoa bere gaurkotasunean ezagutzeko, antzinakoa ondare eta hondakinen ikuspenetik imajinatzeko. Ikasketa eta jolasa. "Nola etorri daiteke Italiara Espainiako eguzkitik" norbaitek badio ere, "Bravo Italia" sarriago entzungo diozu italiarrari. Harro daude bere herriaz.

 

Aditua bazara hobe, baina Italian ez duzu zergatik arteari buruz jakitun izan behar, nahikoa duzu ingurua begiratzeko patxada. Erroma ez ezik Italia osoa da museo. Edozein elizak edozein plazak, edozein herritxok gordetzen du altxorren bat. Badirudi historian zehar arteari buruzko lehian bizi izan direla Italiako herriak.

 

Turisten tropelean

Zoragarriak dira ibilbide turistikoen eskaintzak: Erroma, Ravena, Venezia, Firenze, Orvieto, Lucca, Bologna, Siena, Perugia, Milano, Urbino, Verona, Aosta Bailara, S.Gimignano, Spoleto, Como-Garda lakuak, Pisa, Dolomitak ... Edozein gidaliburuk luze eta zehatz azaltzen dituzte altxor zoragarrien  gordelekuok.

Milaka autobusen helburu eta milioika turisten topagune, edozein urtaro dela, turista tropelean galtzea nahitaezkoa du artelanok ikusi nahi dituenak. Tropeleko anonimoa izan nahi ezta ere, tropelak harrapatu eta anonimo bihurtuko zaizu. Anonimo, baina erne: horretan datza tropeleko turistaren zientzia, izan ere izugarria baita Italiako turismo gunetako uholdea.

 

Bestelako gidaliburuen eskutik

Badu zer aukeratu ederrik tropeletik at ibiltzea hautatzen duenak, turista irizten ez den zokorik ia ez badago ere. Badirudi Italiako herriek turismoaren eskutik bideratu nahi duela ekonomia krisiaren irtenbidea. Bada baina oraindik  turistek uholdean jo ez duten bazterrik, batez ere autobiak utziz  2. mailako errepideetatik abiatzen denarentzat. Nahiko onak dira errepideak, herrietako seinalizazio  xelebreak dira askotan arazo: beharrezkoa bilakatzen da noizbehinka ernegatu behar dela filosofia.

Norbere oin-hotsa besterik entzuten ez den Toriano edo Zuccarello bezalako Erdi Aroko herriak, Narnitik Orvietorainoko behatoki paregabea herri bitxiak zeharkatuz Apeninoen magalean, Asis turistikoa utziz Poggio Bustone edo Monte Lucca S.Frantzizkoren paraje liluragarriak, Montagnanako herritasun patxadatsua igande ilunabarrean, bere zahartasunean amona polit horietakoa dirudien VII. gizaldiko Tempietao Longovardo elizatxo txikia bezain zoragarria Cividale, Friulin; herriko kale guztien ardatz eta sorburu den ehun metrotik gora diametroko plaza borobila Palmanovan; Udineko plaza Veneziakoaren aitzindaria; errealitateak zoragarriagoak egiten dituen Giroko Dolomitak; Redena edo S.Vigilio elizen kanpotikako fresko didaktiko xarmantak; Paviako adrilozko kupula Italiakoetan handiena; dena mahasti den Piemonteko Monferrato lurraldea edo dena olibondo diren Lucca inguruko mendiak; Acqui Termin 75 gradutako iturria, jendez eta bizitzaz borbor eraikuntzen zaharkitu itxuragatik ez balitz genoatarren aro loriotsuenetan zeundekeen Genova Zaharra; Lucca inguruko Colladi bezalako lorategi eta palazioak; taberna eta atarietako hizketaldi zalapartatsuak, … eta abarren abarrak.

Mila zoko, bazter, artelan, eta bitxikeria ditu bere kontu turista uholdetik ihesi ibili nahi duenak.

 

Propaganda guztien gainetik

Borroka historia da Italiaren historia, nabaria da gerra giroa Italian herrien egitura fisikoan. Agian borroken altzoan sortuak dira munduko herri gehienak, baina Italiak gorde egin du estruktura militarra herrietan. Alto Adige eta Aosta Bailarako ia herri denek gaztelua edo gotorlekua dute alboan, hiribilduak dira Liguria probintzian itsasbazterreko Borgheto Santo Spiritu nahiz lur-barruko Pieve di Teco bezalako herriak; Toscanako herri denak, berriz, S.Quirico edo Monterigioni be

zain txikiak nahiz Montepulcciano edo Lucignano bezain haziak, mendi tontorrean eraikitako gotorlekuak dira, lur-lauan herririk ez dagoelarik.   Bolzanoko kanpin alboko mendi-zuloan tatarrataka eta danbarradaka ibili zitzaizkigun bere armekin militarrak egunoro eguerdiraino, kanoiak hoztu edo kargatzeko tarte laburrak salbu, pertsonak nola hobeto-azkarrago-errazago hil ikasten.

S.Martino del Carsoko S.Michel mendian harro erakusten dute munduko lehen gerratean austriar-ungariarrei irabazitako konkista-ezinak ziruditen mendi-azpiko tunel eta defentsa sarea. Isildu egiten dute ordea ahalegin horretan 111, ehun eta hamaika, mila italiarrek galdu zutela bizitza.

Gutxienez zenbatu genuen 4 polizia uniforme ezberdin S.Marino liliput estatuan.   

Gerraren oihartzuna da bakea. Edo alderantziz. Italian ere.

 

Agentzia guztien azpitik

Munduko 5. estatu  industrializatuena omen den Italian, hiri inguru eta portuetan industria-gune zabalak ikusten baditu ere, nekazaritzak harrapatzen du bete-betean turista: Alpe edo Apenino mendietako izei, haritz, gaztainondo, arte, haltz, eta hainbat zuhaitz motez osaturiko baso amaiera-gabekoak, Po eta Adige inguruko ehunka kilometrotako lautada. Italia berdea, nekazarien Italia, agian nekazaritza industrializatua, da batez ere turistak liluratuta ikusten duena, baina ekilore sail zabalak eta Portogruaro inguruko makaldiek, baita hainbat etxe hutsek ere, erakusten dute berdegune eder horren azpian lurrak baduela laztasunik.

Ventimiglian sartu orduko,  bai itsasoaren kontra bai Torino aldera, orografiak hala eskatu dien bakoitzean, ingurugiroaren armonia deseginez, koplarik gabe zulatu dituzte ere mendiak  eta luze bezain garai diren biaduktoz lotu mendizuloak, baina  Udine-Akileia edo Pisa-Lucca tarteko lurraldeetan besabete gerriko platano edo ezkiek osaturiko etorbideetan gidatu ahal da oraindik badela modernitate-praktikotasun-abiadura azkar-ekonomiaren izenean zuhaitzok botatzerik otu  zaion alkate edo diputaturik aipatuz zure buruari.

Italia Estatu modernoko herrien barrena abiatzen den turistak  bizitzaren hainbat eguneroko txikikeriekin egingo du tope: ostegun arratsalde-gauez bikote gazteak oraindik ateratzen dira pizza jan edo paseatzera, Padovan Postetxeko gutunentzako seiluek ez dute kolarik, tabernara sartu behar da komunera joateko, pizza edo pasta turistak ez ezik herri osoak erruz jaten du,  irrati-telebista-egunkari propiorik ez duenak jai du bere errebindikazio iritzi kaleratzeko "divieto de afissione" orma guztietan baitago, ...

 

D.Camilo eta Pepone

Nola ahaztu apaiza eta monagiloa euripean inolako aterki edo tapagailurik gabe aspaldi bateko parafernaliaz Elizakoak eramaten La Specia hiriburuko kaleetan, santuaren hezurren inguruan bi ilaratan bildutako Guardeako herritarrak, apaiz-fraide-mojen feria zirudien Orvietoko Corpus prozesio famatuaren eguna, sonbreirua buruan eta bastoia eskuan tabernatik atera zen jubilatua egon behar zuen apaiz kuriosoa, merkatu-plaza zirudien Padovako Antonio edo Asisiko Frantziskoren basilikak, arratsaldeko arrosarioak elizetan... oraindik dirau D.Camilok Italian.

Pepon  ere hor datza: igitai-mailu eta guztiko banderak herritxoetako mastetan, Engelsen manifestua amu eta apaingarri zuen erakusleihoa Padovan, S.Pier de Izanso herritxoan bezala Gramchiren izena hainbat eta hainbat herriko kaleetan, tirania itxuraldatuek teknika gaurkotuez gaurko Savonarolak nola erretzen dituzten firenze ezberdinetan salatuz Savonarola erraldoia Ferraran "Gerra contra el tirani y pace ali populi" inskripzioa oinpean duela, debeku guztien aurka "Ogni dona violentata, riposta organizata", "W.Zapata" bezalako pintadak Bresciako plaza ederrean, Udineko kale-kantoi jendetsuan "Avanti populo" bere errepertorioan zuen kale musikaria, Italia ezkertiarra dela sutsu defendatuz Carrarako marmolista, ...

 

Herrimin

Italiak badu Garibaldi askatzailearen mitoa, herri gehienetan estatua eta kale izenetan gogoratua.

"Io croata" esanaz irribarre konplizez zerbitzatu zigun Gradoko zerbitzariak "espagnoli" galderari "baschi"erantzun genionean, "baschi" igarri zigun neskak Euskal Herria mapan kokatu genionean; saiatzen ginen euskaldunak ginela azaltzen baina gure desesperaziorako "espagnoli" esanaz bukatzen zuten ia gehienek.

Friuli independentista zale zela irakurri arren nonbaiten, ez genuen sentipen horren arrastorik sumatu, ezta Adige Garaian ere, nahiz politikaz Italia,  hizkuntzaz Alemania, historiaz Austria, kulturaz Tirtol bada ere. Frantziak turismoaren bidez kolonizatu duen  Aosta Bailara elebidunean ostera "Maitreux chez nous"-"Val d´Aosta libre"-"Reveilez vous valdostais" eta antzerako pintada erraldoiak irakurri genituen.

Eslovenia eta itsaso arteko Trieste lur mihi estua kokagune estrategikoa izateagatik da Italia  Eslovenia izan ordez. San Marinok ostera aberastasun eta lur urritasuna ez dela oztopo independente izateko frogatzen du.

Loiolako Inazio Gorizian eta Xabierko Frantzisko Trenton aurkitu genituen bakoitza bere elizako ateburuan plazara begira Euskal Herritik hurrago sentiaraziz. Herrimin Italiako beste puntan Sasarikoak ginelakoan hurreratu  zitzaigun emigrantea ere, SS matrikula Donostiakoa ez ezik Sardegnako Sasarikoa ere baita.

 

Urtean 7 kilo helatu jaten omen du bataz beste  italiar bakoitzak. Eguzkia beherantz, arratsalde beranduko patxadan, edozein herriko kale pasealeku paregabea bihurtzen da helatu batez gozatzeko, menpekotasuna sortzeraino.

 

Edozein kaletan jubilatu bikotea ikusten baduzue helatu bat mihizkatzen agian geu gara monoari ezin eutsiz. Helatua jaten ikasteagatik bakarrik merezi du Italiara joatea.

 

 

 

 

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/11/17 09:05
Ibilikoak 8: ANA ETA MINTXO

ANA ETA MINTXO

 

 

 

Trenean

Errumaniatik itzuleran, egun batzuk Itsas Beltzean egin ondoren, etxera bidean, Sofia dugu azken txanpako geldiunea.

 

Emakume bat aurkitu dugu erreserbak eginda genituen jarlekuetako departamenduan. Bidaia-kide  bakarra izan dugu bera, besterik ez baita agertu, ezohikoa Bulgariako tren hauetan behintzat, beti baitatoz bidaiariz gainezka, zaila delarik eserleku bat aurkitzea aurrez erreserbarik egin ez bada. Ana du izena emakumeak, eta, hain zuzen, gazteleraz daki. Ezohikoa hori ere, Kuban lanean egondako familia bat ezik ez baitugu gazteleraz dakien beste inor aurkitu Bulgarian egin ditugun 7 egunetan.

Lo guti egin dugu bidaian, baina hitz asko. Berba-lapikoa da gure Ana. Ziurtasun osoz hitz egiten du. Oso jantzia du burua. Alderdiko emakumea behar du izan. Bera da Bulgaria, Gobernua ere bera da. Bulgaria eta Gobernuaren apologia da beti gure galderei erantzuna;  Mintxoren  etxean gertatu zitzaiguna bera gertatu zaigu berarekin, ez da posible dotrina ofizialetik kanpo ezer jakiterik: dena dago ondo, dena doa eroso, herria pozik bizi da.

 

Errumaniara bidean, Bulgariara heldu gineneko lehen gaua datorkit gogora. Kuban egondako familia baten etxea zen. Aita familia osoarekin joan zen tekniko gisa Kubara; gaztetxoenek ezik, denek egiten zuten gaztelaniaz, kubatar kutsuz; Alderdi Komunistako kide ziren aita-semeak. Mintxo deitzen genion semeari, beraren izena ahoskatzeko zailtasunengatik gure artean sortutako izenordea. Kuban egondako bizkaitar lagun baten bitartez egin genuen lehen harremana Mintxorekin, harengandik sortu baitzen bulgariar familiarekin harremana.  Egia zor,  ezin adeitsuago portatu zitzaigun familia osoa. Etxea oso xumea zen. Ze jende abegitsua, alaiak eta irekiak, zoragarriak. Harrituta utzi gintuzten.  Bertako edari eta janariak dastatu behar genituen nahitaez. Hestebeteak eta pasta batzuk jan genituen; likorea erabat gogorra zen, uxuala, orujoa, zirudien, atzea berotzeko bezalakoa.

Gure jakin-mina beraien bere herriaren berri eman-nahiarekin lotu zen. Orain Francoren denboran baino hobeto bizi ginen galdetu ziguten. Galderez josi genituen geuk ere. Askatasun osoa omen zuten Bulgarian, ez omen zegoen kritika egin beharrik, agintariren batek ez zuen bere betekizuna egoki betetzen hurrengo hauteskundeetan ez omen zuten aukeratuko, zuzendari onak herriaren premien berri jakin behar duela, ... Alderdiko gizonak ziren, nabari zenez. Ez ziren inola ere kritikoak, ez zegoen inolako kritikarik ezeri, Bulgarian dena hain ondo ote zebilen galdetzen nion nire buruari. Brigaden gaia erabili genuen: produkzioa, lantegiko eraketa, brigaden bidez egituratuta omen dago. Brigada bat da produkzio unitate bakoitza, bere kontu ditu produkziorako behar dituen tresneria eta gainerako baliabide denak, brigada bakoitzak  bere kontu konpondu behar du bere betebeharra aurrera ateratzeko. Brigadako buru eta gainerako arduradunak aukeraketa demokratiko baten bidez aukeratzen dira. Ezin izan nuen jakin zein aukera eta bide duten tresneria lortzeko, eskatzea nahikoa den, azpilana beharrezkoa den lortzeko, aitapontekorik behar den, eskabideak erraz betetzen diren, ze denbora joaten den eskatzetik lortzera, burokraziaren eraginik ote, zarrastelkeriaren arriskua eta errealitatea, ... Ez zuen ezer negatiborik aitatzen Mintxoren aitak, dena da ona, denari buruz zegoen baikor. Nork planifikatzen du produkzioa, brigada bakoitzaren zeregina, nork zehazten du produkzioaren zenbatekoa. Nola konpontzen dira lantegiak, kredituen bidez ?. Mila horrelako galdera nituen, baina ez zegoen erantzun sinesgarririk.

 

Anak ere ez digu erantzun fidagarririk eskaintzen.

 

Goizaldera heldu gara hiriburura, ez hotel, ez ostatu, motxilak bizkarrean, Sofiako egunsentia kaleetan ezagutuko genuelakoan geunden, baina Anak ez gaitu utzi nahi kale gorrian, bere etxera eraman gaitu. Goizeko laurak jota dira. Autobusa hartzen dugu Anaren etxeraino. Hankaz gora dago etxea: Ana Bourgasen egon da amarekin  eta egun horietan etxea pintatu dio semeak. Konpondu gara baina, eta lo ere egin ahal izan dugu. Min dut besoan, eguneroko min etenik gabea Itsaso Beltzean besaburua lokatu nuen ezkero, agian atsedenik eman ez diodalako da. Sagar-ozpinarekin joango zaidala besoko mina diost Anak.

 

Sofia

Hiria ikustera atera gara. Anarik gabe. Mintxo dugu, baina, gida eta lagun, lortu baitugu berarekin lotzea.

Tranbia hartu dugu: gustukoa dut tranbia, Arratiako tranbia nuen gogoko gaztetxotan Basaurira osabengana joaten nintzenean, horrek utzi zidan nonbait tranbiarekiko monoa; ez dut tranbian ibiltzeko aukerarik galtzen; azken aldian Coinbrakoa dut gogoan eta Leningraden azkenekoz ibili nintzanekoa, bakarrik eta neure giza taldetik at ibilbidearen azkeneraino hiritik ez dakit zein herri edo auzotara, ikusminez begiei ezin eutsiz, bertako herritarrez bilduta. Orain ez dakigu hiri erdian ala inguruko auzoren batetan gabiltzan, Mintxok Sofia dela dio soilik: ez da etxeketarik, denean da basoxka edo zuhaitz multzoa, ... Saltzaile asko dago kalean, bakoitza bere salmahaitxoaren atzean, jaki eta ortuariak saltzen dituzte. Estatuarenak direla dio Mintxok.

 

Eman diogu azkenez oinezkoari. Jendetza dabil, asteburuko jai-giroan, dendak, jendea, kafetegiak, jantokiak,  …, dotore jantzitako jendea da, ugariak dira gozotegiak, ugariak ere kafetegi edo antzerakoak, non jendea eserita dagoen kalakan zerbait hartuz. Ezin antz eman Bilbon, Donostian ala Europa ertzeko herri sozialista batetan gauden. Saltegiak ezagutu nahi ditugu: morboak eragiten digu, entzunak entzunda, ia ze aukera dagoen Ekialdeko herriotan; saltegiok ez dira El Corte Ingles bezain dotoreak baina txukunak dira  eta denetik dago: Espainiatik ekarritakoak direla iruditzen zait Smirnof eta antzerako edariak; merkexeago daude. Ia lurpean dagoen eliza ortodoxo batekin egin dugu topo, ez Mintxok bertara eraman gaituelako; elizkizuna bukatu berria zegoen, barrura eraman gaitu ikusminak, Mintxo, aldiz, ez da sartu, gu elizara sartu izana ulergaitza iruditu zaiolakoan nago; serora zebilen bazterrak txukuntzen, ez da urre eta antzerakorik, ez zen eliza distiratsua, bai ordea polita. Sindikatuen Egoitza, eraikintzarra: izar gorri erraldoia du dorre-puntan, Moskuko Unibertsitatekoaren paretsu, baina hura harroago eta biziagoa da. Minarete bat, kaskarra iruditu zait; meskita, aldiz, berrikuntza lanetan dago, hesiz inguratuta, ez du harrotasun handirik erakusten: turkoen pean egindako gizaldien ondoren islamaren aztarna edo monumentu gehiago espero nuen. Erromatarren harresi eta etxeen aztarnak, elizatxo polit bat. Estatua erraldoi bat plaza erdian: Alderdi Komunista, Turkoengandik askatasuna, Bulgariarren nortasun-urtebetetzea, ... edo zerbait antzerakoaren omenez eraikia. Zahar, gazte, umeak, ... erruz plazan ere. Hemen ez dago txakurrik, oso txakur guti ikusten da Sofian.

 

Santa Sofia Basilika famatura egin dugu ondoren: ikusi beharreko bitxikeria da izan, utzik egin behar ezin zaion horietakoa gidaliburu guztien gomendioz. Inguru interesgarri eta atseginean kokatua, giro baketsuak bildua aurkitu dugu joan gatzaionean, turista uholderik gabe. Moskuko Kremlinaren tankera hartu diot inguruari: esparru oso zaindu batetan plaza handi bat, eraikin ofizial bat, eliza  eder bat, museoa eta Basilika. Basilikaren kupula eta dorreko teilatu urrezkoak dira deigarriak lehen begiradan: Khrustxev Errusiako buruzagiak oparitu zien bisita batetan teilatuok berriro urreztatzeko behar zen urrea, ordainez, errusiarrek gerraren batetan teilatuko urrea gerra premietarako erabili zuten nonbait eta. Izugarri handia dela, ia beste sentipenik ez dit sortarazi Basilikak, ez nau txunditu, ez dit inolako zirrararik sortarazi, etsipena soilik, zerbait berezia espero nuelako, eliza ortodoxoen egiturako edo antzerako zerbait berezia izanen zen zerbait aurkituko nuelako joan bainatzaio, baina eraikin neoklasikoa da, dotorea eta erraldoia, hori bai, agian bi ezaugarri horietan datza bere ezaugarritasuna; gehiago hunkitu nau plaza bereko eliza zaharrak.

Atezain zegoen agureak ez digu utzi praka motxekin basilikara sartzen, Joseinak eta biok euritarako plastikozko gainjantzia lotu dugu gerrian, bernak erdiraino estaliz; ze tipoak gureak!!!, ezin aldrebesagoak; baina agureak, barretxoa ezpainetan, baiezkoa egin digu buruarekin, eta barnera sartzen utzi. Askoz itxurosoagoak geunden praka motxekin, eta ez tankera arlote harekin, baina gizontxoak araua bete du, eta kito.

 

Etxera itzulerako azken egunetan gaude, bidaiari bukaera eman aurretik itxurazko bazkari bat egitea erabaki dugu, ze demontre!. Jakiak ez ezik, inguru xarmantak, jantoki dotoreak, baxeraren erakargarritasunak, atseginagoa egiten dute bazkaria, jangarriagoa jakia bera ere. Hotel dotore batetan bazkaldu dugu, goialde batetan jarri gaituzte ezkontza batek hartua zuelako behe aldea. Plater bakarra eman digute, izugarri garestia, oskola ordaindu dugu mamia baino gehiago. Kristalezko potekada bana jogurt ere jan dugu, gozoa benetan duten famari erantzunez. Ikustekoa zen Mintxoren aurpegia faktura ekarri digutenean!!!!. Eskandalizatuta daukagu, mendebaldarron gehiegizko gastuekin. Ezingo diogu Anari horrelakorik kontatu.

 

Kultura-etxera eraman gaitu Mintxok, harro bera. Eraikintzar izugarria da Kultur Etxea, munstro bat, baina munstro dotorea. Lur-azpiko estaian kafetegiak, dendateria, dantzatokia, ... dena da han dotorea: zeramikazko horma da osagai deigarriena: erliebedun horma irudi ez-formalez osatua, bertan geldiro  irristatuz ura, horma barrenean tamaina guztietako zilar eta urre koloreko bolak, distiratsu, arratsaldeko azken eguzki izpien ñirñirak zapi garden kulunkaria bihurtuko balu bezala ura. Mintxoren irribarreak ez du etenik, fier, harrotasuna darie bere begi eta ezpainei. Hamar solairu ditu eraikinak, igogailuan egin dugu gora: zain daudenen ilara beti dago luze, etenik gabe; jubilatu itxurako gizon bat jarlekuan eserita, sarreran, « nahiko » esan du eta talde erdia kanpoan geratu gara hurrengo txandaren zain. Gaineko zabaldia ez da  handia, baina erabat egokia, bada non eseri barruan, baina guk nahiago dugu kanpoan eseri, eta suerteak ere irribarre egin digu Mintxoren ezpainek bezala: tokia izan baitugu. Ikuspegi paregabea izan dugu ilunabarrean, Sofiako basilika famatua han dakusagu, bere urrezko teilatu borobilarekin, hobe, urrezko txapelarekin. Garagardoa, tea, kafe turkoa, izozkia, …  Sofia gure oinetan dugula. Bertan egin ditugu etxerako opari-erosketak; Mintxo eta arrebarentzat ere erosi dugu zerbait: Mintxo erabat harrituta dago, agian eskandalizatuta ere, egin dugun gastuagatik.

 

Dirua aldatu dugu. Kaleko merkatu beltzean. Mendebaldarron iruzur eta norberekoitasun sena. Diru aldaketan ziria sartu digutelakoan geratu gara, polizia inguruan zuela itxurakeriarekin presa eta beldurra sartu nahi izan digu tipoak. Hau ere sekretua izanen da Anarekin solasetan. Atzo trenean zorrotz eta gordin kritikatu zuen diru beltzaren azpi merkatua, Estatuari egiten zaion iruzurra, bertakoen herriarentzat axolagabekeria eta turisten atzerriaz baliatzea.  

 

Mintxuren familia despeditu dugu. Oparitxoak eskaini dizkiegu. Ezingo diegu inola ere ordaindu erakutsi diguten abegikortasuna.

Anaren etxera jo dugu lotara, lo zegoen jadanik bera: bi aulkirekin egina zuen bere ohea, ohe eta gainerako aukera erosoenak guri uztearren!!!!.

 

 

Mendian

Mendian eginen dugu gaur eguna, Ana dugula gida eta lagun, berak aholkatu eta antolatu digu mendixkara. Mendizaleen jaialdia omen mendi batetan, baina nahiago izan du beste mendi batetara eramatea. Tranbiaz atera gara hiritik, honek mendira igotzeko telekabina baten irtengunera eraman gaitu. Telekabina berezia da, launaka pertsonako kabina ilara.

“Entzun, Maria, ...”.  (Maria deitzen dio Josuneri, auskalo zergatik).

Aterpe batetara arte egin dugu zintzilikatuta, handik ekin diogu oinezkoari. Erdi pista erdi errepide, zainduak daude bideok.

“Sarri etorri ohi naiz, ...”. Ez dirudi nekatzen denik, gu, aldiz, bere hitz-jarioak nekatzen gaitu ibiliak baino gehiago

Alderdi Komunistaren mendi-aterpera egin dugu, non Anak harritu, hunkitu ere, egin gaituen: miresmen liluratu batez aitortu digu egona dela behin aterpe horretan,  lagun batek eraman zuela!. Halako ohore eta zorion puska zen beretzat han egon ahal izana une batez!.

 “Estos nuevos asientos no me gustan, han cambiado de injeniero”. Ana hitz eta pitz.

Mendi bidetik goaz. Magaletik orain, aldatsik gabe.

Harri-uholdea: jasa izugarri batek eragina edo urteetan osatua, erreten zabal eta luze batetan harriak datoz goitik behera, gainetatik zulora, uholdean bailetoz, harri uholde bat instante batetan bertan gelditu bailitzan.  Zirraragarria da.

Ana ez da isiltzen, bidea ez, Anaren hitz-jarioa da nekagarria.

Musikarien etxea: musikarien biltokia den mendi-aterpea, Sofia eta Bulgariako musikari ezagunak biltzen dira bertan.

Anaren hitz-jarioak ez du aterrunerik.

Zinbili-zanbulu batekin egin dugu topo: enbor luze bat erdiko euskarrian orekatuta. Ekiten diogu jolasari, saka hemen eta salto han, Ana erabat aztoratu eta estutzen zaigu, min hartuko genuen beldur, ...

Gora eta behera luzatzen den mendilerrotik doa ibilbidea, maldan biribilkatuz, mendi tontor tentagarriak daude, erakargarriak, baina ez da posible denetara igotzerik.

“Jon, ven”, hitz zaparradarentzat ez dugu aterperik.

Bigarren harri-uholdea.

“Abestuko dugu?”, nekaezina da gure Ana, batez ere isilezina.

Gosez gaude, bazkaldu nahi dugu: “hemen ez, beherago” dio beti ere Anak.

“kontatuko dizuet...”, hori da bere etengabeko leloa, eta beti du zerbait berria kontatzeko!.

Orduak aurrera doaz, gero eta biziago egiten digu kosk urdaileko atximurkadak. “hemen ez, beherago ...”.

“Bolatxo hauek jan ditzakezue...” sastraka bateko igaliei buruz, baina guk motxilako ogitartekoen gose gara.

Harrizko 3. uholdea: agian uholde bera da sigi-saga doan bide bihurriak zeharkatzen duena  maila ezberdinetan.

“Hemen bazkalduko dugu!!!” erabakia hartu dugu aterpe batetan. Ana zerbitzariarekin hitz egiten du ezkutuan bezala, misteriotsuki, agian guretzat prezio egoki bat hitzartu nahian. “Honek balio du ....”, eta guk ardoa edatea erabaki!. “Ardoa???!!!”, Mintxok Sofiako jantokian adinako ezustekoa hartu du.  Gu baino austeroagoak dira, ez dute hainbeste diru, edo gutxiagorekin ohituta daude, espartanoen gisa, aberria indartzeko.

Oso inguru ederra da mendialde osoa. Naturgunea. Mendi osoa da baso, inguruko menditeria osoa da baso, gureetan pinudia lez, hemen pinua ezik bestelako zuhaitz mota asko dago.  Eurrez dator jendea bertara, adineko zein gazte. Aterpe edo mendiko etxola edo etxetxo ugari dago,  zuhaitz artean gordeta, zuhaitzek bilduta. Susmatzen dugu Bulgarian ere badirela ura soilik edateko baino ahalmen ekonomiko sendoagoa dutenak, gurekin baino beste zenbait askorekin eskandalizatzerik baduela Anak, baina, normaltzat jotzen ditu etxola eta txaletxook. Alderdiko aristokraziak funtzionatzen du, eta onartua dago, ez du behintzat inongo kritikarik azaleratu, alderantzik, begirunez eta harrotasunez erakusten dizkigu eraikinok.

 “Goazen beherantz”, eta etxerako bidea hartu dugu..

Harrotasunez  erakusten dizkigu hainbat zertzelada. Harrobi batek mendiari egin dion hozkada estaltzeko landatu dituzten zuhaitz luze sendoak, diren bezain handi sartu omen dituzte, beharrezkoa izan omen zen harrobia etxe berriak jasotzeko herriari.

Oso naturarekiko errespetu bizia erakusten du. Lehor utzi duten erreka batekin egin dugu topo, izugarri erakargarria behar zuen erreka, inguru paregabean. “Ura lapurtu diote errekari, Ana!”. “Ez ...” eta zuritzen du ur-lapurreta, lehen harrobia bezala. Bulgarian ez dago gaizki egindako ezer.

“Itxoin, zerbait kontatu behar dizuet eta”. Hitz-lapikoa bor-bor.

Etxola batetan, mahai kantaria erakutsi digu: mahaiak soinu berezi bat ateratzen du, modu berezi batez igurtziz.

“Itxoin, zerbait erakutsi behar dizuet eta ...”. Ez da isiltzen.

Soinujole bat aurkitu dugu bide ertzean. Zirraragarria gerta zaigu. Agerpen bat bezala bakardade total hartan. Pertsona bera eta basoa biltzen zuen soinuak. Emanalditxo bat eskaini digu, dantzan egin dugu, solasaldi goxoa izan dugu berarekin. Ana ur-bitsetan dago, herri-giroak bildu gaituelako. Bere herriaren aurpegi liluragarri bat ikus ahal izan dugulako.

 

“No he acabado la historia, ...”

 

Olerkari baten hilobia izan da Anak bide ertzean erakutsi digun azken bitxikeria. Olerkia munduari begiratzeko era ezberdinik bada, basoan aurkitu dugun soinujolea izan da gaurko olerkaria, hura bai bazen munduari begiratzeko era ezberdin bat.

 

Heldu gara herrira. Autobusa hartu dugu: “Ikusiko duzuen monumentuaren historia kontatuko dizuet, ...” ez da isiltzen autobusean ere. Dena erakutsi nahi digu, Bulgaria sartu nahi digu begietatik ez ezik belarrietatik ere. Maite du bere aberria, harro dago bere herriaz.

 

Etxera bidean

Sofiako parke batetan jaitsi gara, parke zabal ederra, arduraz zaindua, mimatua. Euskaldunen presentzia bertan: Bolibar Hegoamerikako askatzailearen estatua gailentzen da berdegunean. “Zuhaitz haziak birlandatu ditugu, ez pentsa gero parkean bertan hazi direnik”, “Parke hau egin dugu...”,  “Guk egin dugu,...”, “Hemos, ...”. Ez dakit gobernuarekin ala herriarekin identifikatzen den, agian biekin, baina herria eraikitzea, maila guztietan,  arazo pertsonala da berarentzat. “Ez dakit non bukatzen den parkea, ez bainaiz sekula azkeneraino heldu ...”. Egia da izugarri zabala dela, baina berak zabalago eta ederragoa ikusarazi nahi digu.

 

Luze doa oinezko hirira ibilia,  egarri gara, eta hara non taberna bat: “geroago edango dugu”. Guk eseri nahi dugu. ”Nekatuta zaudete?”. Baietz.  “Geroago”.

Bigarren taberna bat: “Hemen edango dugu”!!!. Aurrea hartu diogu, eta eseri egin gara, egarria ase dugu azkenik.

Alboko emakume batek zerbait bota du zakarrontzira, non ura egon zegoen eta zipriztinek guretako bati jantzia lohitu diote. Orban bat bezala izan da Anak irudikatu nahi digun argazki idilikoan.

 

Ohera aurretik mina kentzeko enplastu famatua jarri dit Anak.

 

 

Anak jarri gaitu goizean aireporturako autobusean, linea aldaketa egin behar dugu  bide erdian, baina ez dugu galbiderik. Heldu gara. Pertsonaiaren bat espero da nonbait, ugariak dira kamara eta fokoak, norbaiten zain, agian dokumental baten filmaketa soil bat da, bidaiari eta aireportuko gorabeherak filmatzen ari baitira. Ez dago non gosaldu, dena dago itxita, baina lortu dugu zerbait jateko. Anak emango liguke  argitalpen bat.

 

Mintxo eta Ana

Hitzaren bidez estaltzen dute lotsa edo lotsarik eza politikoek, marfilezko dorrean gorde direnez, ulertu ez ezik entzun ere ez dute egiten inguruan pentsatu eta esaten denik, beraien sukaldean egosten dute denona den eltzea. Ezagutu ditugun bulgariarrek baina, herri xume eta langile izanik, politikoen kutsu bera duela dirudi. Talka egiten dute nire hausnarketak beraien pentsamoldearekin. Bazka dena bakartxo batzuek bere esku izatean datza gizarte kapitalistako arazoaren erdia, besteok apurrekin konformatu edo ez, hori da arazoaren beste erdia. Arazo txiki konponerrazak dira gainontzekoak.  Ezagutu ditugun bulgariar lagunok apurrekin bizi izateari amore eman dioten jendea dela iruditu zait. Agian arrazoia dute, denen bultzada da beharrezkoa, baina hemen ere klaseak daude, ekonomiak eragindako bizimolde ezberdinak.

Maitagarria egin zaigu Mintxo. Herriko mutil xumea, politizatua, baina politika ofizialez bildua. Fedea du alderdian. Alderdiarentzako biziz herriarentzat egiten ari dela fedea du. Bera ez da politikatik bizi, baina bera eta berain antzerakoen bizkar  bizi da sistema edo estatua.

 

Alderdiak jarri digula Ana, hori izan da denok atera dugun azken egun hauetako lehen ondorioa, Ana gure departamentuan aurkitzea ez zela txiripaz gertatu. Baina emakumea izugarri jator portatu da gurekin. Ala portaera hori bera ere programatuta zegoen, kontrolatu nahi gintuztelako Sofian egin genituen bi egunetan?. Ez nuke nahi hala izatea, baina bi egunotan  korapilatu eta suertatu ziren gertakizun eta portaerek hori susmarazi digute.  Ekialdeko estatu sozialistei buruz  Mendebaldean sartu diguten totalitarismo eta polizia estatuari buruzko pentsaeraren eragina izan daiteke, baina uneoro izan dugu kontrolatuta geunden irudipen eta sentipena. Agian mendebalekoon psikosia besterik ez da. Hurretik ezagutu ditugun pertsonen Alderdiarekiko fideltasun eta esanekotasunak, kritikotasunik eza ebidentzien aurrean ere, ideia bera finkarazi digu. Anaren gurekiko beti gainean egon beharra, dena antolatu, beti gurekin, gure ikusminak kontrolatu beharra edo mugatu nahia. Gure autonomia mugatu eta plana berak zehaztu ahalegina. Kontrolatuta geunden sentipena sortarazten zigun. Ana Estatuak, edo estatuko erakunderen batek, poliziak sakonean, jarritako agente bat ote sen. Agian Anaren jendetasuna besterik ez da izan. Bere herriaz harro, kanpotarroi bere herriaren edertasuna erakusteko gogoa besterik ez da izan akuilatu duen arrazoia. Eta sartu diguten Ekialdeko sozialismoari buruzko estereotipoen ondorioa besterik ez da gure iritzia.     

Anaren eta Mintxoren eskutik eta beraien gidaritzapean jakin dugu hainbat xehetasun, gozatu ditugu paisaia eder asko, Sofia ezagutu dugu eta monumentu ugari bisitatu. Baina Ana, bera da monumentu bat. Berritsua, baina sekulako emakume puska, jatorra. Ez senadoretzak ez diputadutzak, ez politikagintzak,  ez du berezkoa barne oreka edo dotorezia, Anak, baina, politikan jantzia arren, erakusten du barne dotorezia hori.

 

Ana eta Mintxo Bulgariako Sofia hiriburuarekin betirako  lotuta geratuko zaizkigun emakume puska  eta gazte zintzo eta jatorra izanen dira. 

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/11/10 08:11
7.- CEAUSESCUREN ITZALEAN

CEAUSESCUREN  ITZALEAN

 

 

1983

 

I

 

Bukarest

Goiz jaiki, bizkar-zakuak berriro bete, ostatua ordaindu eta autobus bila gara laster batetan. Berehala agertu zaigu autobus bat, hutsik dator, gelditu egin zaigu eta gidariak igotzeko keinua egin digu. Igo dugu, bai!, autobus osoa genuen guretzat: erabat ezohizkoa zaigu txoferrak berak igotzeko esatea, “bidezko joanen da”, “zein adeitsuak diren errumaniarrak”, ... ordaindu behar genuenik ere!.  Jaisteko orduna alafede haserre itxuran keinuka hasi zaigu gure gidaria adeitsua sari edo eskupeko eske: berera zebilen, ia gugandik txanpon batzuk aterako, ... Josunek autobusaren txartel-ordain ofiziala ordaindu dio eta kitto!. Zapuztu ditugu gidariaren ametsak!.

 

Geltokian

Leku aldaketa oroko nahasketa gaur ere: txartela ateratzeko gure leihatila aurkitzea da lehen arazoa, txartelak lortzea da bigarrena. Jendetza dago txartela ateratzeko ilaretan, geroagorako uztea erabaki dugu. Lanak izan ditugu bizkar-zakuak uzteko zaindegia aurkitzen eta komediak izan ditugu aurkitutakoan ere:  turistek hiru aldiz gehiago ordaindu behar dugu fardelok uztea, kirol-fardelak aldiz beste hiru bider behiago, haserre dago gure  Josune. Hurreratzen gara txartel-leihatilara, luzea dirau ilarak; txanda egiten geratu gara gizonok, neskok dirua aldaketa ofiziala egin eta turismo bulegora informazio bila joan dira. Luze egin dugu ilaran, eta hara non esaten diguten bukatu direla txartelak, trena beteta omen: hango nahasmena, hango iskanbila!. Jendea barra-barra muturra sartu eta aurrea hartzen zuen arren leihatilan, inork ez zuen kexarik agertzen, txartelak bukatzean baina, ikustekoa izan da leihatila aurreko iskanbila!, batak besteari aurrea hartu nahian, buruak leihatila aurrean pilatuz, ... emakume bat arren baina arren ibili zaio zarata bizian leihatilako bestaldekoari, ez dugu ulertzen  zer arrazoi azalduz, beste gizonezko bat ere antzera, ... ez dakigu ezer lortu duten. Arratsalderako hartu behar izan ditugu txartelok. Errumanian trenekin nahiko arazo dagoela esana zion lagun batek Josuneri, eta ziurtatu ahal izan dugu hala dela. Ezberdina eta deigarria egin zait txartelak gauzatzeko era: txartel zuriak, edo tarte at zuria dutenak ditra, zuk eskatutako norakoaren arabera, aparailuak berak inprimatzen du bakoitzari dagokion helbidea.

 

Goiz guztia daramagu geltokian, aspertuta, gogaituta. Neketsua joan zaigu goiza. Bero egiten du, bero izugarria, sapa.

Josuk haragi frijitua aurkitu du geltokiko jantokian, erakustoki batetan ageri dira eskaintzako janariak, eskatu, ordaindu, mahaira eraman eta jaten duzu. Lortu ahal izan dugu mahaitxo bat eta bertan egin dugu bazkaria edo bazkari-pasa, pare bat botila ardo behintzat hustu ditugu.

 

Trenak ez digu ikuskizun apartekorik eskaini, trenbide ertzeko zuhaitzek tarte bat uzten digutenean ikusi ahal dugu paisaia; lur lauak dira hauek. Ploestri industria herri handia da, industria-herri petoa, bi geltoki ditu eta bien artean gasa-edo daramaten tutu sendoak doaz batetik bestera; erabat luzatzen da hiria: kilometroak aurrera egin ondoren ere kale eta etxeak ageri dira. Azkenik mendiartean sartu gara, tontorrak, bailarak, erreka bat, zuhaitzak, ...  Josu erne doa, mapa eskuetan, gure helmuga lurraldea non ote.

 

Eta heldu gara.

 

 

 

KARPATOS LURRALDEAN

 

 

Sinaia

Geltoki handia du, oso zaindua. Turismo-herria izaki. Eskale asko dago, zaharrak eta umeak.

“Non dago herria?”, “Han goian”. Geltokitik atera gara, errepidearen beste aldera egin,  eta han goaz eskaileretan gora, ardi galduak bezala berriro, ibiltzeko gogorik gabe, zer egin erabaki gabe, denda non jarri ahal izango dugun ez dakigula, ... batzuk aurrean, besteak atzean, “nora ote goaz”, ... Heldu gara azkenik gooooraino: hau da Sinaia.

 

Turisterria: garbia, dotorea, hotel handi bat du, inguruetara bidaiak eta mendietara telekabinak iragartzen dituzte karteletan, traktore batek atoitutako tren antzerako bat ere badabil, ... jendea erruz harat-honat, .... eta inguru osoan mendiak, basoak, ... Ba omen bainuetxe bat ere, baina oraingoan ere, beranduegi jakin genuen eta Itziar bere ametsa bete gabe geratu behar izan zuen.

Eseri gara kafetegi antzerako batetan, baina kafea soilik hartu daiteke, garagardoa nahi dugunok edaritegi batetara joan behar izan dugu, ... nolanahi bizkar-zakuak erabat astunak daude eta ze arindua hartu dugun uztean.

 

Ahaleginduz, lortu du Josuk turismo bulegoa aurkitzea, baina ez dute inguruko maparik, ez dakite ezer, ... ez digute behintzat ezer argitzen, … ez dugu herriko berri handirik atera bertatik. Jakin dugu gutxienez, auskalo nola,  kanpalekua non den; bertara abiatu gara: sartu ahal izan dugu oraingoan ere gure fardel izugarri eta guzti gainezka zetorren autobusean.

 

 

Kanpalekua

Ez omen gelarik, ez etxolarik, ... ezta denda jartzeko tarte erosorik ere. Denda asko dago egon, edonolako bazterretan jarrita, ...; laukoteak zuhaitzarte batetan jarri ahal izan du denda, Alfontso eta biok ibai ertzean jartzea lortu dugu gure denda txikia.

Aldatu ditugu arropak, erabilitakoak garbitu . Bainatu ere bainatu gara, korronte indartsua dakar ibaiak, gogor heldu behar diot  harri handi bati urak eraman ez nazan, nire ondoan Alfontso dut bainatu eta gorputz garbiketan, gorago Josu dakusat ibai ertzean, berarengana joan naiz eta ibai erdiraino sartu gara, oso eroso eta gustura joan ahal da uraren  alde, baina kontuz ibiltzeko ingurua da. Etengabeko tren-pasa dago ibaiaren bestaldean.

 

Jantokira egin dugu, patxada osoan gaude jada, lasaitu gara, ...

Jantokia beteta dago, beste jangela batetara eraman gaituzte. Joseina jakien hiztegia osatzen ari da, ikusi eta dastatu ditugun jakien izen zerrenda, hurrengoan ere eskatu ahal izateko. Orkestra jotzen ari da, Josune eta Josu dantzara atera dira. Orkestra mutilak mahaira hurbildu eta  mahaian gurekin esertzen zaizkigu, deigarria egiten zaie fariasa, baina tabako gorria nahi dute, guk, baina, ez dugu, saltzeko behintzat.

Orkestrak bukatu du, hasi dira argiak itzaltzen, zerbitzariak kontuak prestatzen hasiak dira ertz batetan, ... “bagoaz”?. Tragoxka batzuk ondoren laster banatu gara lotarako. Zigarro bat erre dut ibai ertzean, korronte hotsa, tren hotsa, kotxe hotsa, han-hemenka argi geldiak zein ibiltariak, ...

 

 

 

TRANTSILVANIA

 

Nortasun propioa du Trantsilvaniak Errumanian. Karpatoak dira bertako mendiak. Garrantzia handia du lurraldeak Europako historian, hau izan zen turkoak heldu ziren azken muga, ezin izan zuten aurrera egin. Menditsua izaki,  babesgune lez zein inbaditzaileei aurre egiteko kokagune egokia. Ez da baina, gure begientzat ageriko behintzat, turkoen astarren askorik gelditzen.

 

Sinaia

Sinaia herrira jo dugu. Nabarmena da turista giroa, jende asko dabil kalean. Ez da erraza, ia ezinezkoa, gosari egokia aurkitzea, denetik dago egon, baina txosna edo leku bakoitzak bere jaki bakar propioa soilik eskaintzen du, hanburgesa eta antzerakoa, ez du besterik; hotelak eta jatetxeak dira lekurik aproposenak gure jan-molderako, bertan  dute aukera gehien eta ez dira garestiegiak guretzat;  hotel eta jatetxeetan ere nahikoa lan dugu zer jan nahi dugun ulertarazten, edo jaki izenen esanahia ulertu eta jakiok aukeratzen. Banatu egin gara gosaltzerakoan: hotelera egin dute batzuk, besteok kale-artean ibilalditxoa egin dugu lehenengo aurkitu dugun  jatetxe batetan bukatuz: luzarotxo itxoin behar izan dugu baina pare bat arrautza eta kafea jan ahal izan dugu behintzat.

 

Herriko plano eta inguruko mapa baten bila ahalegindu gara, alferrik: ez dakite ezer, ez dute ulertzen, beste bulego batetan esango digute, ...

Geltokira jaitsi gara, gure trena pasa berria da, hurrengora arte denbora luzea dugu, baina ez du merezi berriz herrira igotzerik. Geltokian gelditu gara, beraz. Bi egongela ditu geltoki orok, lehen mailakoa bata, bigarren mailakoa bestea; jarleku ezberdinak ditu bakoitzak; maila apaleko zenbaitetan izerdi edo gorputz usaina nabarmentzen da, baina biak daude garbiak, ez da inolako zakar edo hondakinik; ez dakit txartelak ematen duen egongela baterako edo besterako eskubidea, baina ez dirudi inork kontrolatzen duenik nor nora sartzen den. Bi mutiko ari dira xake jokoan jarleko gainean dutela taula.

Merkantzia-tren luze bat etorri da, joan da, geroago beste bidaiari-tren luze bat heldu da: izugarrizko ziztuan sartzen dira geltokian eta istant batetan gelditzen. Nasa luzean egin dut ibilalditxoa, ur freskoa edan, ... baita muna batetik pisa arrastada bat egin ere behean doan errekara.

 

Gure trena ere heldu da, eta abiatu gara. Oso giro herrikoia nagusitzen da trenean, jendea kontu-kontari, humoretsua da bidaiaria. Gure kanpaleku aurretik pasa gara, aurrean Karpatoak ditugula, herriak zeharkatzen ditugu, turista herriak dira asko, Josuren mapatik jadanik izenez ezagunak zaizkigun herriak. Ez da industrigunerik, nekazari giroa nagusitzen da. Trenbidea konpontzen ari dira tarte luze batez, oso geldo joan gara: niretzat ezezaguna, berria eta oso aurreratua iruditzen zait ikusi dudan makineria.

Kanpalekua ikusi dugu Brasov inguruan, merezi ote duen bertara etortzea galdera ibili genuen autuan.

 

 

Brasov

Trantsilvaniako hiriburua. Jendetza dago geltokian. Argazki zenbait daude horman itsatsiak, kinki itxurakoen aurpegiak dira, zerbait idatzia dute bakoitzak azpian, Espainiako komisaldegietako “se busca” horietakoak dirudite, zigor bezala jartzen dituzte nonbait argazkiok gune publikoetan garai batetan gaizkiletzat joak pikotan bezala: “ni ez naute hormetan jarri” esanen zigun egun batetan gizajo batek. Parke handi batetan, aldiz, herriko lan arlo ezberdinetako langile onen bezala sarituen argazkiak daude ohol dotoreetan jarrita. Zirrara batek astindu gaitu argazkiok ikusteak, aldrebeskeria iruditu zaigu, zigortzeko zein saritzeko modu zitalak.

 

Ohiko nora-ez eta erabakirik eza. Hiria nahiko urruti dago, gezi urdinek “centre” iragartzen dute tarteka, ibilaldia egin ondoren autobusa hartu dugu. Poligono berri handi bat izan dugu lehenengo, aspaldiko etxe txikiak gero, hiriko etxe handiak ondoren, parke handi bat azkenik aspaldiko jauretxe edo kutsu ofiziala duten etxe handi dotorez inguratuta. Oraindik fresko gaude, ekin diogu kaleetan ibiltzeari. Hiri eder eta deigarria da, teilatu zorrotz eta arbelez estalitako etxeko kalediak antzinako hiriaren jitea ematen dio.  Ceausescuren esaldiak daude denean, eta bere argazkiak, garai batetan Francorenak izaten genituen bezala, edo ugariago. Metodista eliza handi bat; etxepe-portale-ataria zen eraikin batetik aurrera eginda, eliza ortodoxoa: barrura egin dut, bereziak eta bitxiak egiten zaizkit ortodoxoen elizok, betiko kandela pila eta betiko amonatxoarekin; eliza uste izan dugu zela plaza handi baten erdiko eraikuntza ere, baina museoa da. Denda erakargarriak daude, bertako eskulan eta artelana saltzen da, jantziak ere. Liburu-denda batetan sartu gara, politika sailak erakarri gaitu batez ere, liburu mordoxka du; bakar bat edo beste ezik Ceausescurenak dira denak, bera da nonbait Errumaniako pentsalari politiko bakarra; hainbeste liburu idatzi dituenik ere, ...; egin dituen diskurtsoekin osatua behar, bestela, ...;  edo badu “beltz”en bat. Lau disko erosi ditut nik, barre egiten dit Josuk, “ezetz osorik heldu etxera”.

 

Bero!!!. “Garagardorik?” txosna batetan: “Ez da ordua”,  “Kaferik?” beste batetan: “Ez da ordua”, ... ezin dugu ezer lortu. Nekatzen goaz, gero eta barrurago sartzen ari zaigu nagitasuna.

Non bazkaldu!. Beste komedia bat. Jatetxea zirudien  zerbaitetan sartu gara, hertsia omen dago, baina. “Vegetariano” jartzen duen beste batetara egin dugu, begetariano hori zer ote zalantzaz: barazkiak aurkitzea zen han arazoa!. Oparo zegoen, aldiz, haragia. Zerbitzaria bera, egoskorra, aurpegi txarrekoa, eta aldarte zitalagokoa. Ez da izan erraza aukeraketa egitea: Josune ahalegindu da inguruko mahaietara joan eta behatzez seinalatuz zer nahiko genukeen zerbitzariari azaltzen, baina alferrik!. Zerbait jan genuen eta kitto!. Joseinak jogurtaren apeta du gaur.

 

Ardi galduak bezala ibili gara bazkal ondoren, zer egingo edo nora joango, bata bestearen atzetik, bakoitza berarenarekin, ados jarri ezinik. Oso deseroso eta gaizki sentitu naiz egoera horretan. Igerilekurako asmoan tematzen da Josune eta hara egin dugu, baina kosta zaigu, kosta, bidea aurkitzea, galdetu han, galdetu hemen, badirudi inork ez dakiela non dagoen igerilekua, badirudi inguru honetako inor ez dela bertako bezero; heldu gara noizbait eta nolabait, batzuk aurretik, besteak oso atzetik, denok berotuta, pot eginda, txakalaldiak jota.

Kanpoan gelditu dira Joseina eta Itziar. Igerilekuan txanoa behar zen, zapatilak ere bai, eta guk bainujantzia besterik ez geneukan. Lanak izan ditugu emakume zaindari sedoarekin elkar ulertzen, utziko ez ote zigun ere uste izan dugu, ... baina erraz eta leun joan da dena azkenik, nonbait neskak esan nahi zigun jantzi ondoren emango zizkigula zapatila eta burukoak, hala eman dizkigu behintzat. Igerialdi gozagarri luzea egin dugu, jauzika ibili gara. Alfontsoren irudia geratu zait begietan: belarrietarako txatal bata bekokirantz eta bestea kokoterantz jarri du gomazko txanoa,  Erdi Aroko soldadua edo Erromatar gladiadorea zirudien.

 

Jatetxe begetarianoan egin dugu bazkaria. Kafea turkoa zen, txanoan iragazi gabekoa alegia, dena hondarrez betea: ur berora botatzen dute kafe hautsa, nahasten dute eta kitto; berez kafe-hondarra ipurdira joaten da, eta kafea soilik edaten duzu, nik ez jakin baina, eragin egin diot eta kafe hondarrez bete zait ahoa. Bertan geundela lehentxeago bazkaltzeko asmoz sartu garen tabernako neska agertu zaigu, “Españoles”, “pasaporte”, ... “Marikonera” deitzen zaion poltsatxoa ahaztu dut tabernan, eta gurea ote galdezka etorri zaigu bertan gordetzen dudan pasaporteari begiratu ondoren. Estu eta korrika joan naiz eta eskuratu dut. Kafe orduan tipo jator bat hurreratu zaigu, solasaldia egin dugu, farias bat oparitu dio Joseinak baina ez du erre, gorde egin du. Jabetu gara ez dela purua erretzeko ohiturarik, guk erretzen dugunean ere jendeak begirada bereziak dituela guretzat.

 

Garagardo baso baten premia bizia nuen nik, beroaren, bazkariaren edo igerialdiaren eraginez, … egarria nuen!. Edaterik ez ordea. Ez zen edarientzako ordua. Zuhaitzez estalitako mendi bat  bada Braso alboan, telekabinaz igo daiteke  tontorrera, eta telekabinaz egitea erabaki dugu, igo edo ez zalantza eta eztabaidan luzatu ondoren. Tontor atsegina, eskaintzen duen ikuspegiagatik, baina batez ere eguneko beroak leku utzi digun  ilunabarreko giroagatik. Jatetxeek hartuta dute tontor osoa, ez dute uzten tartetxorik ere inguruaz gozatzeko, jatetxe eta kafetegietako  zabaltzak dira talaia bakarrak. Sartu gara jatetxe eta kafetegietara, inguruaz gozatu dugu, baita komunaz baliatu ere, … herriari behatokia lapurtu diotelako haserre.

 

Behera egin dugunean igerilekurako bide motz eta erraza!!! aurkitu dugu, garagardoa edan ahal izan dut, edarien ordua baizen jadanik.

Oinezkoen kalean ibili gara, patxadan, arratseko giro lasaian, erabat erlaxatuta, gustura. Jende asko dabil gora eta behera. Informazio-bulegoa ere aurkitu dugu azkenez, Carpatos hotel dotore handian: oraindik ez baitugu ze lurraldetara joko dugun erabaki; nora ez ezik, nola ere erabaki behar dugu: autoa alokatzerik dagoen, hegazkinez joan daiteken, ... Drakularen gaztelura nola joan ere jakin nahi genuen, lurralde honetan baitago.

Zerbait garrantzitsua ikasi dugu arratsalde honetan: hotel dotoreetako sarrerak dira  patxaran eserita egon eta besaulki ederretan atseden hartzeko aukera paregabeak, sartu eseri eta egon, inork ez dizu galdetzen bezeroa zaren edo zertara zatozen.

 

Geltokirako autobus bila eginahalak egin behar izan ditugu, geu ere ez gara ados jartzen, jadanik joan, oraindik ez, edo nola joan, autobusez, taxian, harat-honat ibili gara, ... azkenik Carpatos hoteletik eskatu dugu taxia bertako dotore trajeztutako morroia genuela laguntzaile. Ekaitz izugarria izan dugu geltokian trena hartu zain geundela, haize bortitza altxatu da, ez zen ezer ikusten harrotu duen hauspean, aurretik jaitsi diren lagunak larri daude gure zain, tren ordua da, korrika, “Sinaiarako nasa?”, “hemendik ez,” “hortik”, arnasestuka, .... piiii, eta abian gara azkenez.

 

 

Busteni

Pena ematen digu etxeratzeak. Ilunabarreko giro erakargarriak herritxo berri batetan gelditzera bultzatzen gaitu. Busteni izeneko turista-herri batetan jaitsi gara. Herri erakargarria da, kalean gora eta behera ibili gara giro patxadatsuan.

Ez da autobusik gaueko hamarrak arte, beraz autostop egitea erabaki dugu. Hiru joan dira kotxe baten, bi bestean, bakarrik gelditu naiz, azkena. Auto bat gelditu zait, nire atzetik bikote bat ere sartu da, nahiko narru sendokoak, “mesedez aurreraxeago utziko gaituzu” eskatu diote herrira heltzean gidariari bidetik aldendu araziz. Gidariak alemanez eta ingelesez egiten du, baina frantsesez moldatu behar izan gara nolabait. Bere oker batez kanpinetik urrunago utzi nau. Ibilalditxo bat egin, eta dendan nintzen. Geuretzat soilik izan dugu jatetxeko jantokia, musika eta guzti, Jesus eta Josune aritu dira dantzan. Ez dut atsegin dantza lotua, ez dakidalako, baina batez ere arau neurtuetan beti dantza-kidearen arduraz eta menpe egon behar naizelako.

Itzali egin dizkigute jantokiko argiak. Jatetxe aurreko mahai batetan eserita jarraitu dugu gaueko solas goxoan J$B botila solas-lagun genuela. Jatetxe sarrerako morroi gaztea ere hurbildu zaigu, jatorra da, tragoxkak ere neurri oparokoak egiten dizkio botilari, une batez joan zaigu eta kamioilari batekin etorri zaigu; azkenik norbaitek deitu dio eta joan dira biak. Guk ere dendara egiteko ordua dela erabaki dugu.

 

Karpatoak Menditik eginen dugu bihar eguna.

 

 

Karpatoak

Goiz jaiki, herrira joan, gosaldu eta telekabinara egin dugu. Bazkaltzeko zerbait erosi dugu, jogurta eta fruta eguerdirako. Umeek saltzen dituzte lurraldeko oroigarriak, txirulak, ... masustak zituen salgai ume batek, erosteaz gain Joseinak boligrafoa oparitu dio eta pozik gelditu zaigu mutikoa.

 

Bi telekabinaz egin dugu gora, lehenengoak bide erdian utzi ondoren, bigarrenak bi mila metrotaraino jaso gaitu. Jende asko dabil mendian, ibilbide ezberdinak eskaintzen dituzte,  oso argi eta txukun zehaztu eta iragarrita daude. Inguru oso zabala da, behin goian ez da aldatsik, zeharka, lauan doa ibilbidea gorabehera leun batzuk baditu ere. Elurtzarako ezaupide diren hesola mehe garaiak daude luze eta tinko sartuta. Dena da berdea, belar motz batek estaltzen du lurzoru osoa. Baina ez da zuhaitzik, gune zabal batean ezik, gune hau pinuz estalia dago, baina ez pinu tantaiez, jite bereziko pinuz baizik: ez dira metrotik gora luzatzen pinu-arbolok, adarrak lur gainean zabaldu eta luzatzen dituzte, adar-sare bat osatuz, adar luzeak dira, lur gainean luzatuz, arrastaka bezala. Biziraupenaren eraginez, berez dira horrela, genetikoki, edo haizeak eta elurrak etzanarazten ote ditu. Oso bereziak dira. Bi zaldi aurkitu ditugu, larrean: zuria zen bata. Tontortxo batetan militarren gunea, ez zegoen argazkirik ateratzerik.

 

 

Tralasca

Tralasca edo antzerako izena zuen etxe multzoa, aterpeak, ohe askoko uda-negu leku, jatetxe, kafetegi, ... Bada stadium bat ere, futbol zelai eta atletismorako pistekin: adar-jotzea ibili dugu han entrenatu zirela-eta Errumaniako futbol ekipoa, batez ere Mexikoko txapelketarako. Jende asko dabil. Drakularen gaztelua dago iragarrita, lau bat ordutara dago,  “ikusi gabe ezin gara gelditu” zioen Josunek. Erabaki bat hartu behar dugu: telekabina batez igota muntaia bat ikus daiteke oso goian; telekabinak harat-honat dabiltza beste norabide batzuetara ere. Norantz hartuko erabaki ezinik luzatu gara. Kanpalekutik ere ikusi ahal dugun gurutze erraldoi bat ageri da eskuinetara, nahiko urruti, gauden tokitik, baita kanpalekutik ere, handik nahiko gertu badirudi ere. “Goazen gurutzera”.

 

Telekabinak dabilzkigu buru gainetik. Aterpe batetara jaitsi eta handik ekin diogu gurutzeko tontorrerakoari. Josunek dio, bere pausoan, baina igoko dela. Bide pikoa da, harkaitz azpietatik gora, pendiz gainetan sarri, ibilbide atsegina. Loretxo bitxiek edertzen dute ingurua, Itziarrek egin du xorta bat, baita Joseinak argazkia atera ere.

Gerran hildakoen oroimenez jasotako gurutzea da, izugarri handia, oina izugarri handiagoa. Paregabea behar du izan ikuspegiak hemendik, baina lainoak hartua du inguru osoa. Sagar batzuk jan eta behera ekin, ez dugu beste aukerarik. Errekatxo baten alboan bazkaldu dugu, inguruko mendi-aterpean erositako garagardoarekin eztarria bustiz; Josu harkaitzetik jauzian datorren uretan dutxatu da. Kafea hartu asmoz aterpera egin dugunean inguruan genuen artaldea inguratu da gure errekatxora: ze ur mota edan ote dugu!

 

Nola itzuli kanpalekura, “Hor beheko bidezidor horretatik berehala gaude behean, ez du merezi telekabinaraino igotzerik”, nioen nik. Aterpeko horman mapa zahar handi bat dago, begiratzen ditugu inguruko ibilbideak, bi artzain daude kopa bana edaten eta galdetzen diegu beherako bideaz, jatorrak artzainak, hiru bat ordukoa omen da jaitsierako bidea, “hauek ez dakite gu nolakoak garen mendian”, puru bana oparitu diegu: hauek ere gorde egin dute purua. Josu Drakularen gaztelura joateko asmoa nola bete begiratzen dabil, galdetu bati eta galdetu besteari: bihar telekabinaz igo, oinez bidea egin eta handik Brasovera egonen al da moduren bat, ...

 

“Goazen behera”, “nik bertigoa dut” dio Itziarrek, “bide erraza izanen da”, ... Eta abiatu gara, abiatu!. Ahuntzen bidea baino okerragoa da, Itziarri bertigoa kendu ere kenduko liokeena, kentzekoa balitz. Haitz artean zintzilik, belarretan irristatuz, ia perpendikularrean beti. Bukatzen ez den gainbeherako aldats ezin pikoagoa. Errekatxo batetara heldu gara: “hemendik aurrera errekatxoari jarraitu eta kitto”. Baina berehala errekatxoa han zuloan zegoen eta gu han goian. Behera, behera, behera, ... Burdinak eta sokak aurkitzen ditugu noizbehinka, lagungarri. Burugainetik telekabinaz doaz eta datoz mendizaleak: “ia erori eta azpian harrapatzen gaituen”. Halako batetan trumoi hots ikaragarria, ondoren zaparrada, egin dugu egonalditxoa zuhaizpe batetan, aterki izatea utzi dion arte, hezurretaraino blaitu gara babesgarririk ekarri ez dugunok, Alfontso hankaz gora erori da, toki batetan oso larri ibili gara denok, irristaka, ia-ia erorian. Bilbo ezagutzen duen batekin egin dugu topo, itsasgizona izaki. Gazteak dabiltza gorantz zein beherantz, denak bizkar-zaku izugarriekin, baina gu baino bizkorrago denak.

Heldu gara behera azkenik, eta une horretan atertu du. Bi mila metroko garaieratik  ia itsas gainetiko altuerara egin dugu, 5 ordu behar izan ditugu, ulertzen dugu orain artzainen barretxoa.

 

 

Busteni  

Mendi barreneko herria. Etxe txikitxoak dira herri-herriko edo alde zaharrekoak, orein handi bat aurkitu dugu larrain batetan. Hotel dotore batetara egin dugu, esperientziak erakusten digunez: arropak aldatu ditugu, kafea ere hartzekotan ginen baina inor agertzen ez zaigunez zer nahi ote dugun galdetzera ere, kalera egin dugu. Josu eta Josune kafea hartzera sartu dira kafe-txosna batetara, besteok garagardoaren egarri gara: “garagardorik?”, “hertsia dago”, “garagardoa non”, ... “hotelean” ¡, hotelera egin dugu, “ordua pasa da”, “ekar ezazu botila bat ardo”, ... eta azkenik ekarri du!. Hobe dugula kanpinean afaltzea erabaki dugu, hemen jantokiko orkestra tentagarria zaigun arren. Oreina duten etxeko leihoan kanpineko harrerako mutila aurkitu dugu, atzo J$B zurrupatzen lagundu ziguna.

 

Stop eginez itzuli ordez, autobusa hartu dugu gaur, nahiko abentura izan dugu eta!. Aldatu, afaldu, orkestrarekin gozatu, ... Bustita aurkitu ditugu dendak kanpinean, baina ez digu loa galarazi, geneukan nekearekin, ... Lo bustia, baina loa behintzat, eguneko nekeak zor ziguna.

 

Eskuko atzazal gaina zornatu egin zaio Josuneri, nahiko gaizki dabil egunotan, horrez gain, edo horregatik, goitibeherakoarekin ere badabil; egun txarrak beretzat, eskerrak zaildua dela. Izan dira arazoak paperezko kuleroekin ere, ...

Bihar alde egitea erabaki dugu, ez da ez erakargarria, ez egokia ere, euri honekin Drakularen gazteluraino mendizko ibilaldia egitea.

 

Etenik gabe ari du euriak, dendak bustiak daude, ... bildu ditugu dendok. Bagoaz. Josune Drakula ikusi gabe geldituko bada ere. Bertakoek ez dute inola ere aintzakotzat hartzen Drakularena, ez dira egon ere gehienak gazteluan, turistentzako muntaia dela diote, ez zuela inor jaten, itoarazten baizik, ez dela hemen Drakularen pelikularik  ematen. Halaz ere joango ginen eguraldia itxurosoa balitz, mereziko zuen mendiko ibiliak.

Kanpalekuko jantokian gosaldu dugu, musikariak entseatzen ari ziren kantaria zuzendari zutela.

 

Brasovera goaz, handik iparraldera jotzeko amoz, eguraldi honekin lurralde hartara joateak merezi ote duen kezkak ziztatzen bagaitu ere. Okerreko trena hartu dugu, Pedrealen gelditu zaigu. Kitto bidaia. Behar dugun trenaren zain luzatu behar izan dugu goiza geltokian. Teilatu zorrotzeko eta beirategi zabaleko eraikuntza oso berezia da. Gure trenaren berri galdezka, alemanez bigarren hizkuntza bezala eta frantsesez hirugarren bezala egiten duen gazte batekin egin dugu topo: eskolaurrean hasten omen dira aukeratutako bigarren hizkuntza ikasten, gaztelaniaren aukera tarte, eta gure EGB ikasturtetan aritzen dira lau urtez hirugarren hizkuntza lantzen.

 

 

Brasov

Mitinlari bat ari da geltoki aurrean entzule ugariz inguratuta: ez gara jabetu zertaz ari zen. Geltokian bertan hartu dugu autobusa, oraingoan esperientziak eraginda;  okerrekoa baina. Halaz ere jabetu gara erruaz eta lortu dugu hirira heltzea. Carpatos hotel dotorean arazo orori aterabidea ematen dioten bulegoak daude, mota orotako bulegoak alegia. Guk autoa alokatuz jarraitzeak ze diru eramango liguken begiratu dugu, oso garesti daude auto-alokairuak, ezinezkoa zaigu, gainera bi kotxe beharko genituzke eta ez dago furgonetarik alokatzeko; beraz trenez jarraitzea erabaki dugu. Suceavara joanen gara: oso goian dago, urruti, hegazkinez itzuliko ginateke.

 

Self-service bat gomendatu digu gizonezko batek bazkaritarako: merkez merkea zen baina irentsi ezineko janaria zuen: arrain edo zerbait antzerakoaren zaporeko zerbait ezezaguna. Mahaian utzi dugu janari dena. Hurrengo egunetan izanen zen beste nonbaiten antzerako jakiren bat ere. Kafe turkoa zen gaurkoa ere, ez dut hartu, kafe hautsa jatea bezala zait, agian ez dakit hartzen, agian ez nion beste hartan hondoratzen utzi kafeari, nahastu egin nuen gozagarria bailitzan edo gozagarriarekin batera. Josune eta Itziar zerbait ikusi, erosi edo egitera joan zaizkigu. Gizonezkook aldiz kalean zehar ibiltzeari eman diogu eta eliza ortodoxora jo dugu: elizkizunean daude, erabat bitxia egin zaizkigu errito eta abestiak, popearen abesti itxurako irakurketa  monotonoa, negar doinua irudi. Ondoren oinezkoen kalera egin dugu, kale lasaia, patxadako ibili barea giro zoragarrian bilduta. Oinetakoak 1.600 ogerlekotan daude, alkandorak 600ean. Janariren bat erosi eta jan egin dugu.

 

 

 

 

II

 

BUCOVINA

 

Errumania goialdea, Errusiarekin mugan.

 

Erratu gara gaur ere. Sinaiatik pasa behar dugu berriz, ez genuen, beraz, Brasovera etorri beharrik Suceavara eramango gaituen trena hartzera. Brasoven erabaki ahal izan dugu nora bideratu hurrengo urratsak, kotxe eta hegazkinen berri ere badugu. Beraz, kitto!.

 

Ilundu digu, ezagunak zaizkigun inguruetatik goaz, ... Euriak ekin dio berriz ere. Josu non jetziko adi doa maparen gatibu. Daramagun trena Bukarestera doa, beraz tren-aldaketa egin behar dugu Ploesti herrian, honanzkoan industria-hiri aipatzen nuen hartan: Suceavara edo Errusiara doan trena hartu behar dugu. Galdetu galdetzen dugu, baina oso zaila zaigu ezer garbirik ulertzea.  Jaitsi gara Ploestin, gure motxilatzarrekin euripean, baina berehala jabetu gara zerbait ez zebilela ondo bertan, Josu izan da lehen kezkatu dena, “geltoki txikiegia da hau halako hiri handi baterako”. Galdetu dugu, “bizkor, hau ez da gure geltokia, eup, berriz gora!”, Gure estutasuna, igo ahal izan dugu garaiz  eta heldu gara hurrengo geltokira:  hau da hiriko geltoki handiena, bertan dira tren-gurutzatze eta aldaketak.

Ordubete inguru egin dugu geltokian, jende asko dago, luzeak dira ilarak, zaila zaigu inorekin ulertzea,  ... Josune, beti bezala, izan da leihatila aurrean moldatu dena. Galdetu, txartelak trukatu, zulatu, ... Saltzailea dirudien gazte bat hurreratu zaigu, adeitsua, jatorra, laguntzeko prest, ... asko arduratu da gutaz eta asko lagundu digu. “Jon, hoa andenera, gauza ikusgarria zegok”: bi solairuko autodun trena zen!.

 

Heldu da gure trena, gainezka dator, bidaiari pila gaude sartu asmoz, tartean lekua eskatzen dute gure motxilatzarrek ere. Barrukoek ez digute aterik zabaldu nahi. Hango iskanbila. Txartel-zulatzaileak nahi du zerbait egin baina inork ez dio kasurik egiten. Halako batetan zabaldu digute ate bat, han genuen begiratzailea bizkortzeko eskatuz, erdi bultzaka, “no me toques!!!” Josunek, erdi haserre gabiltza denok, urduri, “rumano!!!”.

Treneko erreserbak ez ziren benetako erreserbak, ez dute balio tren honetan behintzat, balio dienak eurek ere ezin dute bere toki izendatukoa lortu, eserita daudenak ez dira inola ere jaikitzen-eta, treneko arduradunak ezin du ezer egin, ezer inposatu. Korridorea  jendez beteta doa, zutik, ahal duen bezala konpontzen da bakoitza. Eta korridore horretan moldatu gara gu ere, motxila gainean eserita, jarrera egokirik hartu ezinik,  nekatuta, ... Sei orduko bidaia dugula pentsatuz oraindik nekatuago.

Bizi-bizi jarri da berehala  korridorea, herri umoretsua eta alaia da hau, ohi denez bat gailentzen da denen artean, errusiarra edo mugakoa behintzat. Giroa suspertuz joan da, patarra, ardoa, gozokiak, txokolatea, ... trukatzen dugu elkarrekin. Errusiarrari purua oparitu dio Josinak, haren poza, “trabuko” esan eta gorde egin du. Amodio-kontuak ere sortu dira, nire alboan hitzezko kontuetan hasi da bikote bat, harremanak aurrera joan dira, azkenez zuzenbideak trukatu dituzte, geltoki batetan neskak lagundu dio mutilari ateraino, bakarrik jarraitu du gero bere eserlekuan.

Husten joan da trena, gutxienez arintzen, nasaiago joan ahal izan gara, azkenik eserleku hutsak gelditu dira eta eseri ahal izan dugu. Erdi lo, nolabait eserlekuan gorputza egokituz, …  bagoaz aurrera.

 

Herrixkak, geltokiak, ... ikuskizun bereziak dira gaueko ilunpean. Eguna argituz joan den heinean, beste itxura bat dute herrixkek zein geltokiek. Lo egin ahal izan duena esnatuz doa, besteoi eramangarriago zaigu joana goizeko lehen argira agertu zaigun paisaia berriari begira. Goizeko 6etan heldu gara azkenik. Nahiko ilun dago oraindik.

 

Euria!!!.

 

Jende asko dago geltokian, zihoazenak, gentozenak, ... Ez dago azpiko pasabiderik, tren artetik zeharkatu behar izan ditugu errailak. Egongelan izerdi usaina, gorputz usaina, ... kiratsa dario giroari.  Bela beltzak kua kua kua zuhaitzetan, milaka belabeltz, ia-ia belztuta adarrak belokin, beste hainbat hegaz bira-biraka, karrazka hots beldurgarria ateratzen dute, goizeko erdi ilun erdi argi ordu hartan, ilunago argitua baino, zeru estalian, euria dariola, ... zirraragarria izan da!.

Bidaiariaren amarruak ikasiak ditugunez, bizkar-zakuak zaindegian utzi ditugu. Autobusez goaz hirira.

 

Euria!!!.

 

Urruti dago hiria, ibai zabal bat zeharkatu dugu zubi luze batez, soroak, tabernatxoak, bidegurutzeak, .... Jendez gainezka doa autobusa. Heldu gara hirira, etxe bakanek osatzen dituzte kaleak, ez diogu antzik ematen non jaitsi. “centrum” da bidaia-kideei egiten diegun galdera, ... jaitsi gara azkenik.

 

Euria!!!.

 

 

Suceava

Herrialdeko hiriburua, eragin eta garrantzi handikoa garai bateko historian.

Ez diot antzik ematen hiriari, kale luze zabala da, baina ez da gu ohituta gauden kale horietakoa, ez da kale “normala”, zuhaitz eta lorategiz inguratutako etxe bakanek osatzen dute kalea. Non baina hiri “normala”?.

Euria!!!

Erdi bustita, aterpe bila beti,  zira arina ere bustita, etxe-kontraz etxe-kontra gerrako filmetan soldatuak hiria hartzen dirudigu.

Euria!!!

Codina izeneko hotela etorri zaigu bidean. Bertan gosaldu dugu. Dotorea bera!, “orain arteko merkeena” zioen Josune taldeko poltseroak. Komuneko emakume garbitzailearekin izan ditugu ika-mikak, keinuka zenigun garbitu berria zela, oraindik bustia beraz, eta ez sartzeko

 

Hiri batetan garen bakoitzean giro berdina sortzen da taldean, tentsioa, eztabaida, ... asmoak eta nahiak zehaztu, adostu, eta abian jarri arte, ez dugu haserrerik kanporatzen, baina inguruan dabilkigu patxadarik eza. Suceavan ere.

Aldatuko dugu dirua?, bai, ez, zenbat, trukaketa ofiziala, kalekoa, ... Gela bat hartuko dugu, non, nolakoa, ... Hegazkinez itzuliko gara, trenez, ... Garestia da ... Nora itzuliko gara, itsasertzera, mendira, ... Balkanetara joko dugu, bai, ez, noiz, ... Hirian nora egingo dugu, nola, kotxez, … Lurraldez edo hiriz aldatzen gareneko ohiko gorabeherak Suceavan ere.

 

Brasov-en hegazkinez itzultzeko aukera ikasi genuenez, hegazkin-bulego baten bila hasi gara- Josu bere maparekin aurretik eta besteok atzetik. Jotzen genuen halako tokira baina  ez zen han. Josu goibel samar jarri zaigu, “fidatuko al zarete ba nitaz” esan digu une batez.   Fidatuko ez ba!, sekulako gida zaigu bidaia osoan!. Aurkitu dugu azkenez: TARON deitzen da Errumaniako hegazkin konpainia.

Jakin dugu bainuetxeak zeudela bai Sinaian, bai Pedrealen!. Ezin hurrago izan zenuen zure ametsa betetzea, Itziar.

Hiria ezagutuz goaz. Oso berezia zait. Gustukoa. Kale zabalak, etxe bakanduak, zuhaitz asko, ugariak parkeak, ... kaleotan daude, nola ez!, plaza, etxetzar ofizialak, antzerki edo antzerako eraikin ederrak, estatuak, ...

Hotela hartu dugu, eguraldi hau ez da kanpalekurakoa!. Hiri erdi-erdian kokatua, oso eroso beraz, plaza handi baten ondoan, bere inguruan daude denda eta bulego gehienak, baita autobus geltokia ere. Ez da garestia, 2. mailako hotela, dutxa du gelan bertan, baina komuna korridoreko ertz batetan du.

 

Trenez itzultzea erabaki dugu, txartelak ere hartu ditugu, oraingoan erreserba eta guzti; egun hauetako nondik norakoa ere zehaztu dugu. Biharko autobusen berri ere jaso dugu.  Geltokirako autobusaren zain, Espainiako gerran ibilitako gizon bat ezagutu dugu, gizaki jatorra. Izan da mozkortutako gizon bat ere, ondo jantzita arren, erabat epelduta.

Ekarri ditugu bizkar-zakuak geltokitik, txukundu gara, eta atera gara kaleetara. Dendaz denda gabiltza, batetan hainbat gauza polit daude: brusa, zapi, eskulan ezberdinak, ... tartean kolore biziz margotutako arrautzak.

 

Atertu du!!!

 

Jantoki txukun bat aukeratu dugu bazkaltzeko, autobus geltoki alboan. Itziar joan zaigu sukaldera jaki aukeraz jabetu asmoz, baina ez da aukera handirik, horrelako jantoki xume batek eskaintza zehatz xume bat  besterik ez du. Merke, hori bai: arrazoia zuen hogei ogerlekorekin Errumanian bazkaldu zitekeela esan zigunak. Oso zintzo eta jator porta zaigu neska-zerbitzaria.  Gazta erosi dugu, arratseko mokadurako ere izango zitzaigulakoan, baina bazkarian bertan eman dio azkena gure apetituak edo aurreko janarien urriak. Neska sukaldaria hurreratu zaigu KENT zigarroa eskatuz, une hartan erretzeko zigarroa  nahi zuela uste izan du gure xalotasunak, baina berak paketea edo kaxa osoa erosi nahi zuen. Badirudi turistek tabakoa saltzen dietela errumaniarrei. Zer uste ote bertakoek, aberatsak garela tabako mota hori dugulako ala behartsuak garela eta tabakoa saldu behar dugula oporrak ordaindu ahal izateko. Guk ez dugu Kent tabakorik, eta kitto. Fariasak dira Joseinak ekarri duen gure altxorra.

Kafearekin izan ditugu berriro arazoak: zenbait txosna edo kafetegietan ez dute kafe aukerarik, zenbait kafetegi hertsiak daude, hurrengoak ere badu aitzakiaren bat. Ez dakit Errumaniako ohitura eta ordutegirik ikasiko dugun!.  Arazo bera dut nik garagardoarekin: Non, zer,  noiz?, hori da arazoa. Halako batetan aurkitu ahal izan dugu ditxosozko kafea: txosna berezia da, behetik begiratuz lehen solairu bat zirudiena, kale mailan dago bertara igo ondoren, aldatzean dago nonbait. Esnegaindun gustuko zapore eta apar zuriko kafea gozoa izateaz gain, halako patxada lasaigarria eskaini digute besaulkiek.

 

Ateri  darrai!!!

 

Nahiko urruti, mendi-tontor baten gorenean zaldizkoa ageri da zaldi gainean. Bertara egitea erabaki dugu. Bide atsegina bertarakoa, ondo zaindua, gora, behera, ubide baten alboan, bidegorria tarteka, ehunka mailako mailadia baso erdian, ... Arazoak ditu Itziarrek txorkatilarekin, nahiko gaizki dabil mailetan, asko kostatzen zaio ibilbidea, Sinaiako gainbeherako hartan trokatu  zuen edo zaintiraturen bat egin.

Inguru oso zaindua da mendi-tontor inguru osoa. Arratsalde-pasarako zein ibilaldiak egiteko aisialdi-inguru aparta da guzti hau. Izugarri erraldoia da tontorreko zaldia, zalduna bere neurriko ikaragarria: Estefan izeneko erregeren baten omenez jasotako brontzezko eskultura neurrigabekoa. Irudi zaleak dira errumaniarrak, agintariak behintzat: hainbat antzinako pertsonaien irudiak daude hotel alboko plazan ere. 

Ez zegoen inor gu egon garenean, baina itzuleran gorantz doazen hainbat gazterekin gurutzatu gara. Leku aparta taldeentzat zein bikoteentzat.

Arratsalde baketsua, barea, erlaxatuta gaude, lasai, ...

 

Joseinak berarekin darama beti argazki tresneria osoa, nahiko astuna den poltsa. Gustukoak dituen argazkiez gain, gure gustukoak diren gaiak zeintzuk diren esateko eskatzen digu sarri.

 

Euria! hasi du berriz hirirakoan txabola batetan geundela. Atertuz joan da eta heldu gara hirira. Kalez kale ibili gara, hiri atsegina zaigu, bizitza bateko etxez osatutakoak, baratz eta fruitu-arbolaz inguratuta bakoitza. Elizak ere ukitu berezia ematen dio bere  dorre bitxiarekin.

 

 “bere” bat irabazi dugu, gorputzak ere eskatzen digu. Taberna batetara sartu gara. Larunbata izaki, Errumanian ere jende asko dabil, kaleetan ez ezik tabernetan ere. Ugariak dira mozkorrak. Oso herri-giroa dago tabernan. Buila ikaragarria. Erruz dabil ardoa nahiz garagardoa. Ijito taldea nabarmentzen da, emakumezko eta gizonezko, mahai baten inguruan biltzen dira. Ezin uka arraza ezberdinekoak direla, azalera beltzekoak, aurpegi jite propiodunak; gizonezkoek sonbreiru beltza daramate,  emakumeek kolore, batez ere kolore gorri, biziko soinekoak eta lepo-zapi dirdiratsuak. Haien berbotsa, haien buila, nork igarri haserreak ala barreak diren ahotsok. Ikuskizun zaizkigu. Haserreren bat ere izan da beraien artean, emakumeak batez ere gailentzen dira, ikustekoa!, kanpora atera dira edo atera dituzte, kanpoan, baina, berdin jarraitu dute.

Mozkorrilo bat inguratu zaigu, ... ingeles ere badaki, ... zigarroa ematea izan da gure galbidea, ezin dugu gainetik kendu, kalera atera gara baina atzetik datorkigu, hotelera jo dugu  baina gure gazte alegera atzetik izan dugu, hotel barrura sartu da, bidali dute, barruan dugu berriro gurekin, ...

Bera ez dela hormetan agertzen denetarikoa esan digu gure jarraitzaileak: hormetako paperetan agertzeak badu eraginik gizartean beraz, markatuta uzten du nonbait.

 

Lixiba egin dut gelan, eseki-lokarriak jarri ditut eta han gelditu dira nire arropok dilindan.

Ezkontza bat dago hoteleko jangelan, eguerditik daude bilduta, jan edan eta dantzan egin, zahar eta gazte, umore handiz. Trago bat hartu dugu bertan geuk ere. Jantoki bila atera gara, batzuk hertsiak daude, bestetan ez da lekurik, hango hartan ez da orkestrarik, ... beraz hotelera itzuli gara. Han dirau eztei festak. Jaki bereziak eskaini dizkigute, ezkontzarako prestatuak seguru aski: aza-orriz bildutako haragia izan da deigarriena, odoloste itxura du, zaporea erabat gozoa. Ohera egin dugu 11etan. Ezkontideek han gelditu dira jan eta dantza, ...

 

 

Aldaketa eguna gaurkoa, ikuskizunez polita izan da, bizipenez aberatsa, sentipenez bizia.

Labur eginen dut kontakizuna:

Zortzietan gosaldu dugu. Batzuk besteon aurretik atera dira txartelak hartzera. Bederatzietan dugu autobusa. Jendez  gainezka dago geltokia, herri-herriko jendea. Autobusak ere asko dira bertan. Heldu da gure autobusa, beteta dator, pila gara bertan hartu nahi dugunok, ezinezkoa dirudi sartuko garenik, baina sartu egin gara, denak sartu dira, jendez gainezka doa autobusa. Zutik, beharko, bata besteei itsatsita, antxoak latan lez, oso nekagarria da. Bidean oraindik bidaiari gehiago sartu da!. Herri giroa dugu autobusean, baserritar jitea dute gure bidaia-kideak, agian herritik herrira doaz auskalo zertara.

Eguraldi iluna gaurkoa, ateria baina, lauso daude leihoetako kristalak, eskuz garbitu ahal izan du aurrekoak, ingurua begiratu ahal izan dut nik. Oso etxe bitxiak dira, zurezkoak, ezberdinak egituran ere, Bukaresteko museoan ikusitakoen tankerakoak. Behi aldra izan dugu errepidean, udaberrian ardiak ibili izan ziren bezala gure gaztetako herrietan.

 

 

Gura

Geltokiko komun zikin-ziiiikin-ziiiiiiiiiiiikiiiiiiiiiinaaaaaaaaaak!!!!. Puf!!!. Josunen haserrea!. Garagardoa hartu dut taberna batetan. Pastel batekin gonbidatu ditu emakume batek Josune eta Josu bere urtebetetzea ospatzeko. Geltokian argi eta egoki iragarrita daude bidaiak eta bidaietako orduak;  nahiko eroso konpontzen gara. Hemen bertako arduradunak, dotore uniformatutako gizaki jatorra bera, lagundu digu Humorerako autobusa hartzen. Autobusez aldatu behar izan dugu beraz; 6 kilometrotara dugu bila gabiltzan herria.

 

 

Humor

Gidariak diosku 4etan dela itzuli-ordua. Igandetan berak jartzen duela ordua dirudi.

Monasterioa deitzen diote, agian hala zen garai batetan, zurezko kanpandorrea hormaz inguratutako esparrura sarreran, goialdean esparru zabala inguratuz gaztelua dirudi zurezko balkonada batez osatutako dorreak eskuinera.. Eliza da esparruko altxorra: eliza zoragarria, erabat margotuta ditu hormak kanpotik zein barrutik, bere aspaldiko ederrean irauten dute margook.

Eliza-abestiak entzun ditugu hurreratzeaz bat, koru batek abesturikoak. Meza ordua. Kapelak elizpean utzita sartzen dira gizonezkoak elizara, hango kapelu pila!, txukun eta ordenuan utzita. Eliza lepo dago, gizonezkoak aurrean eta emakumezkoak atzean, gure herrian txikitan bezala hemen ere. Lotsakor edo errespetuz, atetik kukuka ikusi gaituztenean barnera sartzeko keinua egin digute, barruan ginela aurrera egiteko konbita hartu dugu, aurrean ginela lehen lerroetan jartzea eskatu digute. Errito ortodoxoko meza da, hango intsentsu, prozesio, harat honakoa, abestiak, ... izugarri berezia eta atsegina egin zait hango giro berezi eta bitxia. Oparien otarra erabat deigarria da: janariz eta gozokiz beteta, lorez eta zintaz apaindua. Meza osoan iraun dugu barruan, atseginez: turista ugari etorri da bitartean, elizara sartu, aurreraino egin eta alde egiten dute, denbora mugatuarekin datozen autobuskadak dira. Meza bukatzean, aurretik pasa zaizkigu nekazariok kanpora bidean, txundiduta  begiratzen diegu, jantziek eragindako liluraz. Gizonezkoek jantzi berezia daramate: atorra-brusa zuria eta alde batetik ilea eta bestetik larrua erakusten duen txamarra; emakumezkoek txamarra polit bat daramate: ez dakigu berenez eta ohituraz daramaten jantzi hori, ohikoa zaien, ala turistei begira janzten duten.  Itziar eta Josune zenbat balio ote duten txamarrok, non saltzen duten, galdezka izan dira. Oso jende jatorra baita, adeitsua, hizketarako zein argazkiak ateratzeko beti prest. Badakite  altxor bat dela eliza eta ikuskizun  direla beraiek. Eliza esparru inguruetan oroigarrien dendatxoetan eskuz margotutako arrautzak saltzen dituzte: erosi ditut, lagunek barre egiten didate, ezetz osorik etxera heldu: osorik heldu ziren ba!. Joseina eta ni gaztelu antzerako kanpandorre horretara igo dugu, inguruko ikuspegi zabala eman digun balkonada. Ze nolako ekinaldia egin duen kanpai-joleak.

 

Autobusa utzi eta herrira jotzea erabaki dugu, gustura gaude eta, stop eginaz itzuliko gara.

Herri txikia da, bertako etxetxo propioz osatua, herria bera da aire libreko museoa. Jende multzoa dago hilerrian, bertara egin dute meza ondoren. Ogitxo bana dakarte emakumeek eta ardoa edaten dute kanposantura bisitariok, guri ere ogia eskaini digute, baita guk janez ezkertu ere. Izan da gizontxo bat zutoihal batekin, baina ez dakigu erritoaren nondik norakoa.

 

Auto-estop egin dugu. Poloniar autobus bat geratu zaigu: txalupaz betetako atoia dakar, txalupaz zeharkaldiren bat egin behar dute. Atzo Suceavan dolarrak aldatu zigutenak dira, gaur ere aldatu nahi digute. Poloniatik txartelak dakartzate, Errumanian txartelak diru bihurtzen dituzte, eta gu bezalako turistekin dolar bihurtzen dute bertako dirua. Jende jatorra da, erabat atseginak gerta zaizkigu 6 kilometroak.

 

 

Gura

Herri xarmant, zaindu-zaindua. Taberna batetan “bere” , garagardoa, edan eta ardoa erosi dugu. Giro berezia dago tabernan, ardo edo mozkor giroa egin zaigu, zarataka hitz egiten dute, baina ez da haserre-buila; guretzat gizaki arraroak dira, ezberdinak, azal beltzeko sendokoteak.

 

4 kilometro omen Voronet herrira, oinez egitea erabaki dugu: ibilbide eta ibilaldi erabat atsegina eta patxadatsua gerta zaigu: belar-sail eta soroa da errepide alde bietara lurralde osoa, antzar asko dabil denean, gureetan oiloak ibili ohi ziren bezala, sagarrondoa da nagusi fruta-arboletan, ugaria da; errepide ertzean osinak, zurezko estalkiarekin eta ura ateratzeko gurpil  handiekin, izan dugu ibai bat, zubia, ... dena zaigu bitxia eta deigarria, baina batez ere etxeak: baratzez inguratutako etxe txikiak, sarrera berezia dute, ostean  patioa  dator, patioa inguratuz korta eta etxebizitza bera, dena da zurezkoa, dena bitxiki osatu eta landua, balkonadak hartzen du fatxada alderik alde, patio orok du bere patina.

Eta hara non, Europako bazter galdu honetan J.R.ren argazkia balkonada batetan!!!.

 

Euria hasi du!, berriro.

 

Itziar eta Joseina atzean gelditu dira, ondoren Alfontso eta ni, Josuk eta Josunek beraiek bakarrik egin dute aurrera, sakabanatu egin da taldea. Aterrunetan ibili eta zaparradak ekitean gelditu. Bi aldiz ere geratu gara Alfontso eta biok, erdi bustita, umelduta. Etxe baterako sarrera batetan gelditu garen batetan, estalpeak baitira; etxeko nagusia ere bertan zen, leihoan zegoen aurreko etxeko gizonarekin solasean. Lastima harremanik ezin egina. Azkenik atertu du eta elkartu gara, denok ibili baikara aterpe bila etxaurre eta estalpeetan.

 

 

Voronet

Herri txikia da, ez da inor ageri.

Monasterioa herritik at dago, aurrerago; autorik ez dabil geratzeko eta autobusez egin dugu monasteriora.

Monastegia. Humorekoa baino egoera hobean dago. Josuk azaltzen digu oso famatua direla bertako marrazki urdinak. Gogoan dut Josuk kartzelan arte liburuei begira egiten zituen tarteak. Kanpoko hormak erabat pintatuta daude, kolore urdina nabarmentzen da. Ikusgarria. Hemen ez dugu Humoreko girorik, ez da mezarik, ez da bertako jantzitako herritarrik, turistak bakarrik gaude eliza eta eliza inguruan. Liluratuta begiratzen diegu hormoi: filminak erosi ditu Joseinak, postalak besteok.

 

Ateri dugu, sikiera!. Bertako patin handi baten ondoan bazkaldu dugu, Suceavatik ekarri ditugun pastelak eta Humoren erosi dugun ardoa. Norbaitek izan zuen izozkiaz bukatzeko ideia;  bazkalondo gozatua.

Kartetan ari ziren mutil-koskor batzuk hurreratu zaizkigu, ingeles apur bat dakite, alemanera ez omen zaie atsegina. Zerbait eman diegu, ez dut gogoratzen zer, nagusi batzuk alde egiteko agindu die.

 

Oinez itzuli gara Gurara. Neuk daramat botila hutsa, ez dakit nora bota, sastraka artera bota dut azkenik disimuluz, ezkutuan, baina hara non harriren bat jo du eta izugarrizko kristal hautsi hotsa atera du!!!. Patxada, lasaitasuna, erlaxa, ...

Guran autobusa hartu dugu. Geltokian ez zegoen inola ere argi gure autobusaren nasa, uste genuena ez zen egokia, baina bertan geunden lasai esperoan, gizonezko bat etorri zaigu non zen argitzera, berari ezker ez dugu izan ezustekorik.

 

Luze joan zaigu non afaldu erabakitzea. Josu eta Josune jatetxeak esploratzera joan dira: aurkitu dute kafeontzi espresa!!!, bertara jo dugu beraz, baina orkestra  duen jangelan ez da lekurik, lekua dugun jangelan aldiz ez da orkestrarik, ... hotelean afaltzea erabaki dugu, egin dugu dantzan afal ondoren,  Alfontsok ere, Josunekin noski, bera baita taldea dantzara animatzen duena. Argiak itzaliz bota gaituzte jangelatik. Dantzatokira egin dugu, baina itxita dago. Oherako alper, Itziar, Josu, Alfontso eta laurok kartetan egin dugu:  batekoetara.

 

 

Monasterio ospetsu asko dago inguruan, baina atzo nahiko monasterio eta eliza pintatu ikusi genuenez, gaur pausoa beste norabait zuzentzea erabaki dugu. Goiz ibili gara, 8etan hotelean bertan gosaldu eta autobusera egin dugu. Astelehena izanik uste genuen ez zela atzo hainbat bidaiari izanen geltokian, baina hara non atzo baino gehiago ginen autobusa hartzeko prest. Tira eta bultza, sartuko ez sartuko, kabituko ez kabituko, baina denok sartu gara gaur ere.

 

 

Radauti

Herritik kanpo dago hemen ere geltokia, autobus asko dago, denen azken muga baita. Autoa oso gutxik duenez, garraio publikoa darabil jendeak. Txanpon gehiago izanen nuke nik ere autorik ez banu, edo gure herrietan autobus gehiago balebil; autoak isolatu  egiten gaitu, bakoitza bere pospolo kaxan gabiltza, bakartuta, hemendik hara. Nolanahi hemen ere ez dirudi harreman handirik sortzen duenik garraio publikoak, bakoitza bere jarlekuan doa, isilik, bere ardura, pentsamendu eta asmoetan murgilduta.

 

Herrira egin dugu. Etxebizitza gutxiko etxe xumez osatutako herria. Denda ugari  dago. Parke zabal ederra du herri erdian. Parkean jadanik ohiko zaizkigun iragarki-taulak: bertan agertzeko merezimenduak egin dituztenen argazkiak daude batetan: gidariak, argiketariak, ..., beste argazki-taulan, aldiz, bertan agertzeko haina oker egin dituztenen argazkiak: ez dakigu ze “delitu” duten, baina oso gogorra egiten zaigu zigortzeko edo eskarmenturako sistema hori.

Kaleetan erakusleihoen aurrean begiluze ibili ondoren museoa bisitatu dugu. Sarrera merkea du. Oinetakoen gainetik zapatila berezi batzuk jantzi behar dira museoa zikindu ez dadin:  sarreran zapatila piloa dago eta norberak aukeratu behar du bere oinetakoen neurrikoa.  Areto bakoitzeko argia ere bisitariak berak piztu-itzaltzen ditu.  Oso interesgarria gertatu zaigu museoa, oso gogokoa izan zaigu, ikusmin ibili gara aretoz areto: tresneria ezberdina, lanabesak, zeramika, jantziak, kolore bizi eta anitzeko ehunak, ... bitxikeria ugari. Ba da buztina lantzeko tailer bat ere.

Itziar eta Josune txamarrekin liluratuta daude, politak, koloretsuak eta tentagarriak dira izan, oso garestiak dira baina, tratuan ibili dira salneurriaz, Josunek Josu zirikatzen du: “nire  urtebetetzerako oparia ...”.

Herriko plazara egin dugu: Inguruko nekazarien salmahaiek osatzen dute azoka, denetikako eskaintza dute. Fruta erosi dugu guk. Dirua ere aldatu dugu: pare bat gazte etorri zaizkigu, nahiko misterioz egin dugu aldaketa, ertz batetara joanda, zintzo zebiltzan eta ez da arazorik sortu.

Zaldiko-maldikoetan ere ibili gara, txikitatik ibili gabe nengoen “kateetan”. Betiko horietakoa zen, klasikoa, beste apaingarririk gabe kateak eta jarlekoak soilik, gaur egun ez da ikusten holakorik gure plazetan, umeentzako tramankulu txiki eta motelak ezik,  agian utzi ere ez diete egiten segurtasun neurriengatik. Ibilaldi luzea egiten du ordain-sari bakoitzeko. Gozatu ederra hartu dut, baina ezin izan dut lortu aurrekoa harrapatzea, gorputzari eragiten nion arren; arraioa, bazen bat aurrekoa harrapatu ez ezik ziztu bizian aurrera bidaltzen zuena; beste bat ere bere baitan kiribiltzen zena, kateokin kate bakarra eginez, ondoren ziztu biziko abiadan deslotzeko.

Indarrak ere neurtu ditugu tramankulu batetan, pilota handi bat joz, nahiko barre eginez. Josu izan da garaile.

Erakusleihoetan begiluze berriro, eliza batetara egin dugu: ospe handikoa da, margoak ia galduak ditu baina izen handiko errege bat dago  bertan lurperatua, ama, aita eta auskalo zenbat familiakoekin, harrizko kutxetan. “Zaldi eta guzti, zaldi gainean gainera, lurperatuta omen” esan digute.

Josunek militar botoi bat aurkitu du, aurkikuntza ikusi duen gazte bat oso misteriosoki zerbait esaten egon zaio, ez genuen ezer ulertzen baina “Josune, kartzelara” esaten ziola itzulpena egin dugu.

 

Nekatuta gaude, kafetegi batetara sartu gara, non luzatu garen kontu-kontari patxada gozoan, atseden lasaian, erlaxatuz, ... ardoa edanez. Kriston basokadak ateratzen dituzte, ardo gozoa da.

Denbora dugunez, hotelera itzuli ordez beste norabait egitea erabaki dugu. Josu murgildu da bere gida lanetan: “Inguruko zeramika beltza oso famatua da”. Maparekin lanean, Meajinea proposatu digu, “gertu dago”. Autogarara egin dugu horrenbestez, beste “bere” bat hartu eta prest ginen autobuseko abentura berrirako.

 

 

Meajinea

 Herri txikia da, errepidearen  luzeran alde bietara kokatutako zurezko etxe bitxiko bi ilara ia besterik ez, soro, zelai, fruitu-arbolez inguratuta. Zeramika beltza egiten dute, lau labe, lantegi eta biltoki ikusi ditugu. Hainbat ontzi erosi dugu, oso merke gure ustez, mauka iruditu zaigu. Erosi ditudanak ziran bilduz egin dut pardela: platerak, hautsontziak, botilak, ... “Ezetz  etxera osorik” Josu tentalari arrautzak erosi nituenean bezala. Ikusiko genituen zeramika beltzeko ontzi berdinak lantegiko salneurri berean denda dotoreetan ere. Salneurri bera dute hemen salgaiek denda dotoreetan zein biltegietan.

 

Neska batekin egin dugu harremana geltokian, beltzarana bera, oso jatorra, ingelesez moldatzen gara, tabakoa erosi nahi du honek ere, tabakoa eta xanpua. Galdetzen diogu ia zer egiten duten hainbeste antzarrekin, etxaurrean ez ezik zelaietan, errepidean, kalean, edonon ikusten baititugu antzarrak.  Fabriketara saltzen omen pate egiteko. “Etxean ere egiten dugu”. Ez daki non saltzen den fabriketako pate hori. “Suceavako dendetan uste dut”. Galdetzen diogu ia nolako ontzi, kaxa, pote, edo nola bilduta, .... baina ez du gure galderarik ulertzen.  Eta ez genuen paterik ikusiko ere, agian ikusi genuen baina ez genuen jakin zer zen patea, ez genuelako ze ontzi motatan zetorren, ezta ontzietako izkribuak ulertzen ere.

Patin bat dago geltoki ondoan, bere gurpila, bere katea, bere pertza, antozina, ... Freskoa eta gozoa da ura ere. Jostailua gertatu zait, xarmangarria.

 

Radautiko “gara”n gaude berriro. Denboraz gabiltza, tartean alboan dagoen “Kabana” izeneko txosnara egin dugu. Taberna berezia da, zur edo kanaberaz eginikoa, handia, filmetan agertzen diren mendiko aterpe horietakoa. Stadium eta futbol-zelaia ditu alboan, zainduak erabat. Pitxerkada bana “bere” edanez bete dugu autobuserako tartea. 7etan trena dagoela eta bera ere Suceavara doan gizonezko batek trenera eraman nahi gaitu, guk aldiz autobusez itzuli nahi dugu, autobuseko sartu-kabitu-irten ezinen monoa dugu nonbait. Eskerrik asko eta agur gure gizonari.

Trumoiak jo du, zaparrada ederra ere bota du. “Autogarara” egin behar genuen eta nik fardel bihurtuta nuen zira!.

Sikiera oraingoan tokia dugu autobusean!. Baina bete, bete egin da orain ere. Patxaran noa. Hara non baina gizonezko berritsu bat eseri zaidala alboan. Eten zait nire tarte barea. Gizonezko ihar luze bat da, sonbreiru eta guztikoa, gabardina darama eta bi hortz falta zaizkio. Haren hitz-jarioa!, ez diot ia piperrik ulertzen baina berak etenik gabeko leloari eusten dio, keinuka eta mila aldiz hitz eta keinu beti berak errepikatuz komunikatzen gara: euria txarra dela patatentzat, hotz dagoela, neguko arropak jantzi behar izan dituela, benzina garestia dagoela beraz autoa utzi eta autobusez ibili beharrean aurkitzen dela, ... Portugesa, italiera, errumaniera eta espainiera oso antzerakoak omen, nik frantsesa ere antzerakoa dela aditzera eman nahi diot temati behin eta berriz, baina berak berea errepikatuko du frantsesa behin ere aitatu gabe. Bi lagun ditu, bere antzekoak biak. Bere zuzenbidea eman dit, bere lagunetariko batek idatzi dit, boligrafoa eta papera  neuk eskaini behar izan badiot ere. Nik ere eman diot nirea. Arren eta arren postal bat bidali diezaiodala eskatzen dit behin eta berriz, berak ere  bidaliko didala agintzen dit. Mila aldiz errepikatu dit gauza bakoitza, etengabeko hitz-jario ulertezinean, baina zerbait ulertu diot edo ulertu diodalakoan gelditu naiz.

 

Izugarrizko eragozpena da hizkuntza harremanetarako erbestean. Batzuetan amorragarria ere bada. Lursailok norenak diren jakin nahi nuke. Nola bizi diren bucovinatarrok. Zenbat irabazten duten. Ceausescuri buruz zer. Politikagintza nolakoa. Herriko arazoak zeintzuk. Ohiturak nolakoak.  Jolas-bideak.  Mila galdera ditut baina ezinezkoa zaigu elkar ulertzea.

Norbaitek esan zion lehengo batetan Itziarri mendietako lurrak nekazarienak zirela, beheko lursailak aldiz sozializatuta zeudela..

 

Autobusak hoteletik gertu utzi gaitu, urruti utziko gintuen trenak.

Batekotara eta “al burro”ra jokatu dugu denok afalondoren Alfontso eta nire gelan. Barre egin dugu behintzat, ordu goxoa bete ere bai.

Lixiba ederrak egin ditugu denok egun hauetan hotelaz baliatuz.

Ohera aurretik komunera joan naiz, pasilloko ertzean dugu. Kaka egin dut, lasai.

Bucovina utziko dugu bihar

 

 

Bukarestera

Presa gabe jaiki, motxilak egin, esekitokia kendu eta hotela uzteko prestatu gara. Une horretan jabetu naiz 300 dolar galdu egin ditudala, atzo gauean komunean utzi nituen!. Dirua zaindu beharra hainbeste aholkatu ziguten, hain gutxi ibilia ni, poltsatxo batean gordeta nituen, praketan gordeta. Alferrik joan naiz bila. Galdetu dut harrera-mahaian, neskak frantsesez soilik egiten du, nik ez dut erraztasun gehiegirik, eta kosta zait konturatu araztea  zer gertatu zaidan; konturatu denean, batez ere galdu dudanaren kopurua esan diodanean, ikaratu samarra geratu da, diru hori hilabetean irabazten ote du!. Inork ez du ezer aurkitu duen berririk eman; nola ba!. Zerbait aurkituz gero garbitzaileak itzuliko omen luke. Auskalo nor joan zen nire ondoren komunera. Egunean zehar pasatuko naiz hoteletik badaezpada ere galdetzera. Nire diru guztiak galdu ditut.  Ze atsekabea!!!. Joseinak nahiko diru duela eta aurreratu dit kopuru bat. Pasatuko zait tristura.

 

9etan elkartu gara denok. Eguraldi paregabea argitu zaigu azkenean. Bizkar-zakuak geltokira eraman ditugu, museo bat bisitatu dugu ondoren. Hotelean bazkaldu dugu. Kosta zaigu gero joan den eguneko kafetegia aurkitzea. Aurkitu dugu, baina oso eskasa zen gaur kafea.

Luzaro egon gara kalean, jendeari begira, bertako berri jaso nahiz, azken irudiak begietan zizelatu nahiz. Bikote bat hurreratu zaigu tabakorik saltzen genuen galdetuz.

 

Biltegi eta saltokietan ibili gara: denetik aurkitu daiteke. Eskaileretako hormetan, solairu guztietan, Ceausescuren argazkia eta esaldiak daude.

Desfilerako tribunak jasotzen ari dira plazan. Kale erdian berriz gehienak militar jantzitako neskak desfilea entseatzen ari dira, hara eta hona, joan eta etorri. Gizonezko bat dute aurrean, baina ez du zirkinik ere egiten. Gerora bakoitza bere etxera bidean ikusi ditugu neskok.

 

Zer egin gelditzen zaizkigun orduetan?. Josu, Josune eta Alfontso zinera joan dira. Errumaniako filmarik ez dago, nik ez dut gureetan ikus ditzakegun filma bat ikusteko gogorik. Joseina, Itziar eta hirurok Museora joan gara, bigarren museo batetara, zapatilak jarri behar izan ditugu hemen ere: behe solairuan jantziak, tresneria, ontziteria eta antzerako ikusgaiak daude ikusgai. Goiko solairuan aldiz lurraldeka banatuta dago Moldavia, bakoitzeko berezitasun eta bitxikeria pila: mozorroak dira ugarienak, lurralde orok ditu bereak. Ez askorik, baina ibili bazebilen bisitaria.

Ikaragarrizko zaparrada bota du museoan geundela. Barnean eutsi diogu hertsi duten arte, bota gaituztenean, atariko teilapean jarraitu dugu, patxadan eta gustura.

Tximistek zuhaitzak argitzeari utzi diotenean, trumoi danbarradak isildu direnean eta atertu duenean, zalduntzarraren inguruan dagoen gaztelua bisitatzera joan gara: erdi hondatua dago, baina ikusgarria behar zuen izan; handia, herri osoa biltzen zen harresien barruan, kanpotik aldiz lubaki edo zulo erraldoi zabal eta sakonak inguratzen du. Suceava zoragarria ageri zen gausenti euritsuan Gaztelutik begiratuta. Gaztelu ingurua bera ere erakargarria da, emanaldietarako oholtza bat dute belartza zabal baten erdian; zein goxoa eta erakargarria behar duen izan belartzan etzan eta musika emanaldi bat entzutea.

 

Afaltzerakoan elkartu gara. Oso bizipen  berezia izan zaie zinemakoa: zenbakidunak dira sarrera zenbait, sarrerok erosi dituztenak esertzen dira bakoitza bere aulkian, bestelakoak hartu dituztenak aldiz zutik gelditzen dira alboetan; filma botatzen hasi aurretik garai bateko hasi aurreko txirrin hotsarekin batera zutikakook hasten dira arrapaladan aulki hutsak hartzen, izugarrizko zalaparta sortzen omen da. Usai berezi oso sarkorra omen zegoen aretoan.

 

Hotelean afaldu dugu. Ligetxoa omen geneukan Alfontsok eta biok, bi neska gure alboan eta ertz batetan ondoren, ..., begiradatxoak egon dira, ... baina ....

Geltokira egin dugu. Vodka erosi dugu, gaua luzea da eta ez dugu literarik.

Espainian, ala Errusian?, egondako brigadista batekin egin dugu harremana. Ze tipo jatorra!.

Hartu dugu trena, gau guztirako triki-traka. Gazte bat doa gure departamendu berean, Kirol-jauzkaria omen da, Bukarestera doa, handik hegazkinez nonbaitera lehiaketa batetara.

Alfontsok berehala hartu du lo, ikustekoa zen nola igurzten zuen sudurra.

Errementari baten monumentua geltoki batetan.

Bukarestera goaz triki-traka, gure vodka pizgarria trenean ahitu zaigu, botila jarlekupean erorita hustu baitzaigu!. Lurraldeko xarmaren lurrunak biltzen gaitu.

 

Gerora irakurriko nuen Norman Manearen “Huliganaren itzulera” liburua. “Pagoen herria” esan nahi du Bucovinak. Izen bukolikoak historia latza gordetzen du; beti alboko herri nagusien harrapakin, gerra guztien erdigunean, gerra ororen mota guztietako ondorioekin; sozialismoa, komunismoa, diktadura, diktadura ondorena, Ceausescu,… bizi izan ditu; izugarria izan zen judutarrek jasan behar izan zuten jazarpena,  bizipen beldurgarriak, … Azalean geratzen da bisitarien begirada; sakona eta korapilatsua da, ostera, herri baten muina, herri honena ere. Nolanahi, oroitzapen atsegina da, liluragarria ere, Ipar Errumaniak utzi zigun bizipenen bilduma.  

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/11/03 09:18
Ibilikoak - 6. Itsas beltza

ITSASO BELTSA

 

 

1983

 

 

Sei lagun ginen, iragarki batek elkartuta. Bi neska-mutil bikote eta bi mutil. Asmo zehatzik gabe gindoazen, Bulgariara gindoazela, hori zen lehen pauso finkatu bakarra. Geroak erakutsiko zigun aurrerakoa.  Kontraesana badirudi ere, gozoa da bidaia hasierak ohi duen urduritasuna. Hurrengo egunek zer ekarriko, planifikatu gabeko egunak nola beteko, hori zen kezka bakarra. Ereindako ametsak uzta oparo bihurtzea, bidaia ororen erronka eta aldi berean dema. Taldean izanik, partaidetzaren, komuntasunaren, esperientzia berri bat, aldi berean bakoitzaren erantzukizuna. Eskola eta ingude da bidaia oro.

 

 

Bidaia

Atsegina zait, entretenigarria ere, aireportuetako giroa, jendearen joan-etorria, bidai ezberdinen ordu eta nondik norakoaren pantailak, bozgorailuen oharrak, ia jostailu zaizun ekipajearen gurditxoa, ... Lasai eman ditugu itxaron orduak aireportuan, Alfontso larritu zaigun arte, motxila barruan utzi baitut pasaportea, baina konpondu da arazoa.

 

Ze goxoa den aspertuz norbere burutazioetan entretenitzea, nahiz hegazkineko eserleku estuetan, bidaia-kidez inguratuta, bakardadeko gogoetan kiribiltzea norbere baitan bilduz. Ze txikia mundua han behe hartan. Txikiak garelako itotzen gara sarri ur basoan, ezer gutxi garelako asetzen gara, baita  titara gozagaitz bat garelako zitaltzen ere. Ezer gutxi garelakoaz baliatzen da herriaz une eta gune bakoitzeko jauntxoa ere.

 

Lurrartzera behartu du hegazkina ekaitz batek Sofia aurretxoan. Ekaitza noiz baretuko zain, izan da une xelebrerik: bidaiari pila geunden hegazkinaren zain, eserita, mokadu bat hartuz, lo kuluxkan, ... seiok mugitu gara une batez hegazkineratzeko aterantz, eta hara non bidaiari oro mugitu zaigun atzetik, ate aurrean pilatuz denok: urduri egon ohi da hegazkin bidaiaria, errespetua dio airean tramankulu hegodunean zintzilikatzeari. Bata bestearen premia gehiago sentitzen dugu arriskua usaintzean; beldurrak badaki gizartea sakabanatzen, baina baita babesik ezak elkartzen ere.

 

 

Sofia

Heldu gara Sofiara. Gau beranduan. Odisea bat izan da ostatua aurkitzea eta lehen urratsak bideratzea. Baina goxo hartu gaitu Sofiak biharamunean.

Ez zegoen txakurrik kaleetan, ia ez da txakurrik ikusten Sofian, ez solte ez uhaletik lotuta oinezkoaren lagun. Bakardadearen pipiak ez du oraindik zulatu nonbait Sofiako hiritarra, nahiko barne-har zaie eguneroko bizi-ardura.

 

Inguruabarrak Kuban egoniko gazteleraren jabe den familia batekin egin gaitu adiskide. Beraien etxean egin dugu bigarren gaua. Herri xumearen hitz aspertuan joan dira ehuntzen berandura arte orduak, hain egoskorrak ohi diren lapikoko babarrunez kalakan. Konpontzeko agintarien koplarik beharko ez luketen arazoez herri xehearen erretolika apala izan da gurea, teoriko, agintari, politiko eta ospetsuen bakoitza bere zilborrari begira, bere belarriei hizketan hitz eder handiko erretolikatik urrun.  

Ahalegin bizia egin zuen Mendebalak Ekialdea menperatzen, zilegi ziren eta ez ziren bitartekariz; tentagarria zen Mendebalarentzat merkatu berria, arriskugarria bertako politikagintza errotik ezberdina. Irakurri berri dut gailenkeria dela boterearen indarrez besteari bizimaila ezartzea; gailenkeriaz ezarri nahi zaie Mendebaleko bizimaila ez ezik bizimoldea ere Ekialdeari, Europa Batuaren amua erakutsiz. Jakingo al dute herriok aurrerapausoak ematen mendebaleko sareetan erori gabe, anarteko esperientziaren alde onak gordez.

 

 

Kostalderantz

Itsaso Beltzera goaz. Hainbat aldiz berregokitu behar izan ditugu bidaiako nondik norakoak, hala egin beharko dugu hurrengo egunetan ere. Hori da norbere kontu bidaiatzearen xarma, ezarritako errailik utzi ezinik gabe, zailtasunak gaindituz eta asmoak norbere gaitasunez gauzatuz. Bizipoza esan nahi du bidaia prestaketak, barne ahala erakusten asmoak gauzatzeak. Nahitaezkoa du asmoak aldatu eta egokitzeko gaitasuna bidaiariak.

 

Trena hartu dugu. Luze doa joana. Aspergarria ere tarteka, errepikakorra baita paisaia. Paisaia fisikoa zein dakusagun humanoa. Nire garunetan kiribiltzen naiz: iruzurrera ohituta gaude kapitalismoan, goi mailetan daude agintariak, iruzurtzen gaituen sentipen bizia dugu behe mailakook, ez dakigu zer egiten duten gure zerga diruarekin. Herri xehea bera ere Estatua iruzurtzen ahalegintzen da; baina ez da zekenkeria, ezta iruzurkeria ere:  hitzen kontraesanean dagoen jokabidez, ezabatuz joan da gizarte eta politikoek gizarte bera osatzen dugula sentipena eta pentsaera, eta herriak ahal duen neurrian ziria sartu nahi dio politikoari. Ideologia arrakalatuaren mendeku tristea. Mendebaldarrok esan ohi dugu Europa Erdialdeko eta Ekialdeko hiritarrek beldurraren eraginez ordaintzen dituztela zerbitzu publikoak. Zenbaitzuk agian bai, baina uste dut  kolektibitatearen, erantzukizunaren filosofian hezita, bestelaz  jantzita daudela nazioari buruz.

 

 

 

Bourgas

Guraso pila dago Bourgasko geltokian udalekuren batetik datozen seme-alaben zain. Oporrak eta txangoak. Etxeek, kaleek, jendearen jiteak erakusten du nabarmen udalekua dela hiria. Josunek jaso du argibidea gazte batengandik:  ez dago autobusik guk nahi dugun kanpinera, beste herri batetan hartu beharko genuke, beraz informazio-bulegora jo dugu, bai prezioz bai zerbitzuz egokia zaigun hotel batetara handik. Jantoki batetan afaldu dugu: ez zaigu izan erraza tokia hartzea, are gutxiago zer afaldu erabakitzea,  ez baikenuen kartarik ulertzen ezta zerbitzariaren erretolika ere. Goxoa izan da afal ondorengo kale-arteko ibilia, epel egiten du, ia gauerdia da eta oraindik dena dago zabalik, jende pila dabil, ... Folklore puntua ere izan dugu. Bi emakumek kriston zalaparta sortu dute gizonezko batekin kalean. Kosta zaigu kale-giroa uztea, baina ohera egin dugu.

 

Kosta zaie gosaria ateratzea: gurina, York-eko urdaiazpikoa eta gazta gazia. Kale-artean egin dugu ibilaldia, liburu-dendak bisitatuz batez ere. Espainiako edozein kosta-herri dirudi honek. Sofiarako tren-txartela atera dugu, baita Sasopolerako txartela ere itzulera segurtatuz; hondartzara egin dugu ondoren, Joseina eta Itziar gelditu dira motxila zaintzaile. Itsaso Beltza da. Jendez gainezka dago hondartza, ordaindu egin behar da hondartzara sartzea; beraz,  ez sartzea erabaki dugu, ez baitugu uretarako asmorik, ezta hondartzan hazala erretzeko astirik ere, jendetza horretan sartzea bera ez zaigu inola ere tentagarria. Bada jantoki bihurtutako itsasontzia hondartzan, zerbait dirudi postaletan baina bertatik ezer gutxi da; garagardo bana edan dugu hondartza gainean, itsaso eta jendeari so, turistek ohi dutenez, patxadan. Harrotuta dago itsasoa, olatuak atsedenik gabe datoz hondartzara, harro, garai eta oldarkor, indartsu dabil haizea ere. Beltza da hemen gureetako bandera gorria, arrisku-ikurra. Han aurrean petroliontzi asko, trenetik ikusi dugun birfindegian zama hustu zain nonbait.

 

Jendez gainezka dago geltokia ere, denak Sasopolera joan asmoz, inork ez daki gu baino gehiago autobusei buruz, kanpotarrak dira denak gu bezala, herri kosmopolita da Bourgas. Etorri da azkenik autobusa: “asalto a motxila cargada” esaten dugu esaldi ezagunaren kutsura. Eta gezurra bazirudien ere, sartu egin gara gure motxila eta guzti, gu eta zain geunden denok. Ordubete egin dugu autobusean: itsasertza, hondartzak, kanpinak, petroliontziak, ...

 

Sasopol

Ameskeria baino abentura  izan da Sasopolen Kavaziterako txartela hartzea: jendeak ez du txandarik gordetzen, batak besteari aurrea hartzen dio, autobuseko eserleku haina txartel saltzen dutenean ez dute txartelik gehiago ematen; autobus bat herri batetara doa, bestea bestera, badator autobus bat, badoa bestea,  ezin diogu igarri ze autobus norakoa den, ez dago taxirik edo daudenak bezeroekin datoz edo doaz, .... Azkenik jakin ahal izan dugu lauretan dela gure autobusa; ordu-biak dira oraindik, luze eta aspergarri doa autobus-arazoa, bero egiten du, tarteka haize hotzak jotzen badu ere. Ez dugu zer janik, dendak itxita daude edo janaririk gabe gelditu dira, ... azkenik arraina dirudien jaki bat lortu dut pasta edo antzerako zerbait saltzen duten txosna batetan, Itziarrek gazta urtua duen ogia ekarri digu, ...

 

Gainezka dago Sasopolen ere hondartza, bandera beltza eta gorria jarri dituzte. Portu handia du, gerraontziak nabarmentzen dira beste aldean, handiak dira arrantza-ontziak, baina bada belaontzi eta aisia-ontzirik ere. Parkera ere joan gara: Maya erlearen adar edo antena malguak daramatzate hemen ere umeek gureetan bezala.

 

Ateak itxi dizkigu autobuseko txoferrak hurreratu garenean, hori bera egin digu goizekoak ere. Ernegatuta gaude. Gizon bat hurreratu zait espainolak garen galdetuz, “no hay derecho” entzun dio nonbait guretako norbaiti; bulgariarra da baina, gaztelaniaz daki. Espainian autobusak nola dabiltzan galdetu digu; gero berak lagundu digu, bere autobusean sartu gaitu, eman dizkio azalpenak gidariari eta Kavazitera heldu gara azkenik gidariaren oker batek ia eraman gaituen arren aurrera. Delako gizonarekin hitz egin dut autobusean: argitu diot nongoan garen; bera Bartzelonan egona da, ezagutzen du Euskadiko arazoa; ba omen dute dirua Bulgarian, baina zer erosi gutxi; sobra dituzte lanpostuak, batez ere nekazaritza eta etxegintzan.

 

 

Kavazite

Hiruzpalau kanpaleku daude Kavaziten, baina hartuta daude bungalow denak, beraz dendak jaso behar izan ditugu. Leku atsegina da, izugarri luzea hondartza. Milaka gara bertan turistak.

Bainua hartu dugu itsasoan. Sorosleak bidali egin gaitu geunden tokitik, bere zaintza orduak bukatuak ditu eta ez du nahi inor inguru hartan, aurrerago joan gara eta kitto.

Itsasora begira  afaldu dugu toki bitxi batetan kokatutako jantokian, arratseko giro apartan. Ohiko afaria: entsalada eta “txuska” edo zerbait antzerako zeritzan jakia. Zerbitzari abegikorra izan dugu, maiz ikusiko dugu ondorengo egunetan; ze nolako alproja argia, diru aldaketarako ahalegin bizian dabil, jantokiko ugazabarentzat, ez beretzat.

Gazte asko dago jantokian, baina ez datoz denak afaltzera, zerbait edanez dantzan egitera baizik. Lorcaren “me la llevé al rio” ezaguna, dendara eramatea da hemen. Orkestrak “Pajaritoz” jo duenean, jantokiko mahaikide oro atera da dantzara, bai alaitasun biziz dantzatu ere.

 

Alboko kanpinen ingurutik egin dugu ibilaldia, jendez lepo daude denak, poloniarrak dira bezero gehienak. Bada hegoamerikarren bat ere tarteka. Ze nolako algara eta dantzak “poronponpero”rekin!. Abestuz eman dugu tarte luze bat hondartzan, txalupa batetan eserita, trago batzuk eginez. Lotara ordez, hondartzatik egin dut nik ibilalditxoa, giro zoragarriak bildurik. Gauerditik aurrera egin dut dendara; han aurkitu dut oraindik “palomita” edo arto-ale erretzaile-saltzailea, “Hemen ere pobreak pobre” pentsatu dut, baina hurrengo egunean kotxez ikusiko nuen, ez da beraz hain pobrea, ez baitu edozeinek autoa Bulgarian. Nahiko algara dago dendetan, jendeak ez du logurarik, alai sentitzen da oporretan.

Eskasak dira komunak, garbitu, egunero garbitzen dituzte, baina jende asko gabiltza eta hemen ere bada txukuntasun gutikorik, ondorioz gainezka egiten dute, gune osoa kakakeria bihurtuz.

 

 

Istripua

Olatu handiak daude, garaiak eta sendoak. Beti izan ditut gogoko olatuak.  Gozamena zait uhinaren gandorrean etzan gorputzaren aurreko erdia airean dudala, eta zangoei azkar eraginez, ia hondartza bertaraino irristatzea. Eta hala nenbilen gaur ere gozamenean urtuz. Baina zurrunbiloan harrapatu nau olatu batek, azpian hartu, txilipurdika eraman  eta hondartzaren kontra kolpatu. Zutituaz bat jabetu naiz okerren bat egin dudala eskuineko besoan. Olatu batek bota nau berriro oraindik lurrera besoari eusten ahalegintzen nintzela. Bazterreratu naiz, Alfontsori egin diot keinu bat, soroslearengana hurbildu naiz, adierazi diot okerren bat egin dudala, txabola batetara eraman nau eta han gelditu naiz. Lasterrera etorri dira besteak. Lokatu egin dut nonbait besoa, sorburutik. Gizon  eta emakumeak daude osagile edo erizain, bihotz-larrialdietarako eta itoaldietarako daude prestatuta nonbait baina ez nire gaitzerako, ahalegindu dira hezurra bere lekura eramaten baina ezin izan dute. Minik ez dut izan hasieran, baina mina gehituz doa denborak aurrera heinean, eman didate mina arintzeko zerbait, deitu dute anbulantzia,  arropak ekarri dizkidate eta jantzi naiz. Ordubetera agertu da anbulantzia, Bourgaseko ospitalera eraman behar naute, Josu etorri da nirekin. Ez da gozoa izan bidaia, erabat minduta dut sorbalda eta ezin dut egoki kokatu nire beso lokatua.

 

 

Ospitalean

Ospitalean osagile lirain eta erizain bernapotola batek hartu naute harrera-gelan, beste erizain bernapotola baten atzetik egin duk eskaileretan gora, erradiografia egin behar zidaten gelara eraman naute. Ez nuke nahi neskoz trufatu, matxismoz salatuko naute, baina minez, okertuta, lurrera begira, ez dut aurreko berna potolook besterik ikusten, izugarri deigarriak egiten zaizkit gainera, hain dira biribil gizenak. Ez da gozoa izan erradiografiarena: postura zehatz batetan jarri nahi zidaten besoa, hala behar omen, baina ezin nuen, behartzen ninduten eta nik garrasi egiten nuen minez, erizaina ia haserretu zait, deituta edo nire garrasietara erizain berri bat agertu da, kokolo honek aurrekoaren bide berdina hartu du eta ni garrasiz defendatzen nintzen. Erizainok barre egin didate garrasiengatik eta orduan Josu izan da neskekin haserretu dena; azkenik erizainen burua, agian osagilea, agertu da, zentzu edo esperientzia gehiagokoa nonbait, besoa behartu gabe atera dit  erradiografia.

Bernon atzetik noa berriro, eskaileretan gora, igogailua ez dabil, korridoreetan jendea ageri da kontsulta zain edo, denek begiratzen didate izugarrizko ikusminez, erabat aldrebesa izan behar du nire itxurak: erabat makurtuta, minez bihurrituta, besoari eutsiz nolabait mina arindu nahian, praka motxez jantzita eta auskalo nola ileak ez baitut orrazteko aukerarik izan; gela batetara eraman naute bernok. Txabusina zuririk gabeko gizakume bat dut zain, hezurra bere tokira eraman behar didan dotorea. Kanpora bidali du Josu. Nik ulertu  dezakedan frantses xumea egiten du, lasai egoteko esaten dit, erlaxatzeko, “utzi besoa”, ... tiratu du besoa, krakadatxo bat  egin du junturak eta hezurra behingoz bere tokian zegoen. Ze nolako lasaitasuna!. Bendatu dit besoa, “Ezazu kendu 15 egunean, bestela errazago aterako zaizu berriro”. Ez dut ezer ordaindu behar izan, nahikoa izan da seguruko paperak erakustea.

Nongoa naizen galdetu didanean osagileak, Euskal Herrian ze alde zehatzekoa jakin nahi izan du: Tolosan egona da Abesbatza lehiaketa batetan osagileek osatzen duten koru baten partaide baita!.

 

 

Kanpinean berriro

Errepidera  jo eta taxia hartu dugu autobus geltokiraino. Bidaiariz gainezka dago gaur ere  geltokia, etorkizun beltza usnatzen dugu, ajeatuta dago oraindik nire gorputzaldia, beraz taxia hartu dugu kanpineraino. Ez dakit nola funtzionatzen duten taxiek: gureak alde egin digu une batez, lasterrera beste hiru bidaiarirekin agertu da, herri batetan utzi ditu beste hirurok, eta eraman gaitu gu kanpinera. Ez dakit negozioa borobildu nahi izan duen, zerbitzua merkeago egiteko bide bat izan den,  ala lagunak doan eramateko amarrua.

Hondartzan dago laukotea. Abentura bukatu da, eta onik. Arnasa hartu dute eurek ere. Izan dugu nahiko kontu eta zeresan. Gauza denek dute lehenengo bat, lehenengoa azkena balitz sarri!. Hezurrek bidea ikasiz gero, edo zainok bigundu ezkero, badakite sarri lokadurak batak besteari jarraitzen.

Patxaran iragan dugu arratsaldea eta afaritan ospatu dugu Josuneren urtebetetzea.

 

 

Sasopol

Sasopolera egin dugu gaurko txangoa, Josune eta Josu oinez, besteok txu-txu trenean. Herria bisitatu dugu: etxe bereziz osatutako alde zahar ederra du, hondartzan bainatu gara, portu aldetik paseatu, baita zenbait erosketa egin ere, tentagarria baita dendetako eskaintza. Egun sapa da gaurkoa. Une batez ahulezia hasi da erroak botatzen, baina lehenengo egunetako esperientziaren ondoren erabakia dugu beroaldietan hobe dugula ibilia eten eguerdi aldera, eta patxada hartu, gehiegi nekatuz giroa okertzen zaigulako bestela. Kaleko txosnetan bazkaldu dugu, turista eta herritar gehienek bezala: txosna bakoitzak janari edo edari bakarra du, ez besterik; arraintxo txikiak izan ditugu guk bazkari; kafea, aldiz, itsas gainean hartu dugu.

Herriak itsasoz lotzen dituen itsasontzia da “Cometa”: itsasoz eginen dugun ibilaldia zehaztu dugu, baita ontziaren ordutegia argitu ere, antzua izan da, aldiz, Mintxorekin lotzeko ahalegina,.

 

 

Arratsaldez

Txu-txu trenean itzuli gara kanpinera seirok: gogoan izateko bidaia gerta zaigu, hiru bagoitxok osatzen du trentxoa, traktore bat da eroalea, jendez gainezka doa ohi denez, buztanikara baten gisa dabil batetik bestera jauzika errepidetik irten behar bailu, itsasertz eta itsasgainetik, bigarren mailako errepide batetatik, ikuskizun aparta eskainiz bidaiariari.

Inguruko zenbait herritxo bisitatu nahi ditugu arratsaldez, errepidera atera gara autobusa hartu asmoz, baina ezinezkoa da autobusa hartzea. Ibili badabiltza, baina bidaiariz gainezka datoz eta ez dira geratzen. Bi orduz ahalegindu gara, gu bezala beste asko; batzuk auto-stop egiten dute; asperturik, Josu eta Josune oinez joan dira ibilaldi bat egitera, hondartzara egin dugu besteok. Pedaloian ibili gara, ez naiz ausartu itsas barruan igeri egiten, pedaloira esku bakarrez igotzea ez baita erraza izanen. Medusa pila dago itsasoan, txikiak zein metro erdi diametroko txapeldunak, ikustekoa zen itsas gaina, disko zuriz beteta. Hondartzan bainatu naiz, ez dio kalterik eginen ur gaziak besoari, bestalde nahiko eroso moldatzen naiz igeritako beso batez.

Oso luzea da hondartza, erdigunean dute bere tartea nudistek. Hura dut nik nire toki aukeratua, izugarri atsegina izan zait harat honazkoa jendarteko bakardadean, olatuek oinak miazkatzen zidatela:  nire traila da hondartzako oihal zati bakarra, ze itxura ote dut, biluzik besoa trailan dudalarik.

Pedaloien arduradunak ETA aitatu digu euskaldunak garela jakitean, ia metrailetarik daramagun galdetu digu txantxetan.

 

 

Zertzeladak

Sokan zintzilikatuta zituen jantzi denak eta zapatilak lapurtu dizkiote Alfontsori bart. Badira lapurretak herri sozialistetan ere, hemen ere ezin da ezer begien bistan eta inoren eskura utzi, tentazio gaindizaila dira Mendebaleko aberatson jantziok Ekialdeko ekonomia murritzagoarentzat.

Ibilaldi goxoa egin dugu itsasgain-itsasgain Joseina eta biok arratsaldez. Behean,  kalak,  batak besteari jarraiki, eta bidezidorrak edonon kalaotara. Basaran pila dago, azken egunean mordoska bat jaso eta etxean patxarana egitea erabaki dut, Eibar aldean ez baitut aranik eskura.

Josu, Alfontso eta hirurok Suapkar edo antzerako izeneko hondartzara egin dugu bidezidorretatik arrats beranduan: kanpinak, txosnak, jendetza, ... “Bere”, garagardo bana edan eta itzuli gara. Erabat erakargarria izan da ibilaldia.

Itziarrek eta Alfontsok “Peste”, arraina, bazkaldu dute, Josuk oilasko errea, barau egin dugu Josune, Joseina eta nik.

Ilargi betea, gau gozagarria. Hondartzara jo dugu, pedaloietan eserita, atzoko Josuneren ospakizunean geratutako xanpaina edanez egon gara kalakari.

Patxadako eguna gaurkoa.

 

 

Ropotamo

Ropotamo aukeratu dugu gaur ibiliaren helburu.  Josu eta Josunek goiz atera eta oinez egin dute 20 bat kilometroko bidea, autobusez besteok. Zain egon behar izan gatzaie; oso luze egin zaigu itxarotea: izan ohi dira tentsio-uneak horrelakoetan baina gainditzen dugu haserrerik gabe. Beste zerbait izanen zela uste genuen gida-paperetan goraipatzen duten Ropotamo delakoa: ibai zabaltxo bat besterik ez da, mendiek inguratutako bailaratxo baten erdian, kanaberadi ditu ertzak non gordetzen diren dortoka txiki pila eta zenbait ahate.  Ikasi eta zaletuentzat izanen da interesgarria, guretzat ez du apartekotasunik. Ibaiko ibilaldia izan zaigu guri atseginena, dortokak begiz bilatu eta ahateri begira. Batel handi batzuk besterik ez diren ontziz egiten da hondartzara arteko tarte hori. Itzulia joaneko ibilbide bera zenez, hondartza aurrean gelditzea erabaki dugu.

 

 

Arkutino

Arkutino herriko hondartza zabal batetara egin dugu oinez eta bertan bota dugu eguerdira artekoa eguzkia hartuz. Lasaitasunean, patxadaz, ez baitzebilen jendetzarik gu geunden ertzean. Hiru hortzeko tresnatxoa aurkitu dut, urpeko arrantza-arpoia; jaso egin dut arrunta arren: halako ukitu berezia izan ohi du huskeriaren batek noizbehinka, jaso ohi ditut leku pertsona edo une berezien oroigarri gisa, hor egon ohi dira, harri, torloju, .... etxeko zoko eta kosketan barreiatuta hauts kentzen lana emanaz.

Herrian bada errepide bazterreko txosna eta jatetxerik, non bazkaldu dugun; bada ere eraikin-multzoa, turistak ekarri asmoz eraikia segur aski, baina erabat utzia, hondatua, biluzia eta hila, erabili ere egin gabe hondatua, asmo eta plangintza amestuen porrotaren adierazle.

Istinga itxurako laku batetara egin dugu arratsaldez, likin berdexka eta nenufarez estalitako urmael zabala: ez zen inola ere atsegina, orri lehor horixkek kentzen zioten lilura. Hemen egon zen norbaitek deituko zion igebelar nenufarrari, igel pila bizi baita bertan. Oholezko pasabide bat barneratzen da ur gainetik nenufar artean, igelok ikus ahal izateko: jolas erabat atsegina bihurtu zaigu igelok begiztatu, aurkitu, zein zirikatzea ere.

Belartza bateko zuhaizpean egin dugu siesta;  oinez, ondoren etxerakoa atzo ibili genituen bidezidorretatik.

Ze atseginak diren hondartzako zurrutak, ilargiaren argipean.

 

 

Egunaren joanean

Berandu batetan jaiki gara, atzoko nekeaz ajeatuak; euria, lainoa, ... hondartzan ez da giro, eguraldiak berak ere ajeatua dirudi.

Dirua aldatu dugu, jatetxean zerbitzariarekin: amarru gisa edo, ahalegintzen zaigu zerbitzaria egunero zerbait ezberdin eta berezia eskaintzen: tripakiak afaldu ditugu gaur, gozoak. Dantzan egin dugu, ez baita hemen afaltokirik musikarik gabe. Alfontso zirikatzen dugu ilehori bat dela aitzakia, baina irribarretxoarekin soilik erantzuten digu.

Sasopolera joan gara Josune, Josu eta hirurok, Sebastopolera, txantxetan esan ohi genuen bezala. Han ginen 20 minututan bidezidor batetik. Basaran asko dago soro eta belartza ertzeko hesietan. “Cometa” ontzien ordutegia begiratu dugu berriro, Mintxo aldiz ezin izan dugu aurkitu gaur ere. Jende asko dabil kaleetan, nabari da itsasertzeko ohiko uda-giroa.

Txu-txu trenean itzuli gara, ikaragarrizko motxilekin zamatutako bi neska eta mutil bat jarri zaizkigu alboan; azkeneko bagoian, aldiz, gizonezko bat dator erdi zintzilik, jolasean ala doakoaren bila?,  guk umetan aldaz gora  kamioien atzean, eskuak kartolan eta oinak matrikulan,  ohi genuen antzera.

Siesta bota dute Joseina, Itziar eta Alfontsok, Josu eta biok hondartzara egin dugu, hondartza nudistara, gerora denok elkartu gara hondartzan, gozoro bukatuz arratsaldea.

 

 

Poloniarrak

Eki Europa aldeko turistak dira askogatik gehien kanpinean ez ezik kostalde osoan. Bonoak edo puntuak irabazten dituzte lanean, oporretara joateko aukera dute kopuru ezarri bat metatutakoan. Estatuak eskaintzen die opor-leku ezberdinen aukera, puntuen arabera aukeratzen du bakoitzak nora joan, puntu gehien duenak du lehen aukera, gutxienen duenak azkena.

Poloniar familia baten denda dugu alboan, harreman estua egin dugu beraiekin.

 

 

Kometa kaput

Bidezidorretik oinez egin dugu Sasopolera “Cometa” ontzia hartzeko. Ez dago txartelik ez Varnara ez Nessebar-era, salduak daude denak. Biharkoak ezin daitezke aurrez hartu, bihar goizean baizik. Hegorantz egitea erabaki dugu beraz, Michuri-ra, Bulgariako ertzean, Turkiako mugako hirira. Txartelak hartzea ez ezik, kosta zaigu gosaltzea bera ere: goizegi zen. Portutik ibili gara, bada jatetxe bihurtutako ontzi bat; peskari ugari dago moiletan; ontzitxoek ekarri daramate jendea inguruko hondartzetara. Iskanbila zaratatsu gordina egon da gazte batzuk ontzitik jaitsi nahi ez zutela eta.

Lineako ontziak dira Cometa deitutakook, oso bizkor dabiltza ia urik ukitu gabe. Ibilaldi atsegina izan da, itsasoa eta itsasertza ikuskizun, ur gainean abiadura bizian jauzika.

Portura sartu gara Primoskon bidaiari zenbait utzi eta berriak hartzekotan. Matxuraren bat izan du nonbait ontziak, “Cometa caput”, beste argibiderik ez digute eman, jetziarazi gaituzte eta hor bukatu da bidaia. Biziki protestari jarri da talde bat, alferrik, arrazoirik eman ez ezik, txartel-ordainik ere ez digute itzuli. Kitto, eta kalera.

 

 

Primosko

Hondartzara egin dugu, jendez lepo dago, hemen ez da nudista txokorik, baina turistentzako muntaia izugarria da, denda, museo, hotel, txu-txu trena,... baso erdian paratua.

Josu eta Josune bere kasa joan dira ibiltzera.

 

 

“Herriko errementariaren” showa

Itzulerako autobusera sartzean bidaiari gizonezko sendokote batek galdetu dit ia zergatik neraman besoa trailan; ez dugu batak bestearen hizkuntzarik ulertzen; keinuz eta hala moduz, argitu diot sorburua atera dudala. Izugarrizko erretolika bota du, niri, guri, gidariari eta autobus osoari, ez zuen inola ere onartzen traila eramaterik, besoak aske behar zuela eta ariketak egin behar nituela zioen: keinuengatik ulertzen genion guk hori dena, aberatsa baitzuen hitz jarioa ez ezik, mimika ere. Segurtasun osoz hitz egiten zuen, sasimedikuren bat bailitz. Trailarik ez eramateko zion behin eta berriro, eta nonbaitetik zintzilikatuzko ariketak egiteko. Une batetan ikusi du tutu-arku bat geltokian eta hara eraman nahi ninduen bertatik zintzilikatzera, autobusa ateratzeko ordua zen zorionez. Ez da isildu bidaia osoan, bere geltokian jaitsi denean, atetik ere traila kentzeko esaten zidan eta bere erretolika ozenaz jarraitu du kanpotik barrurantz, baita autobusa martxan jarri denean ere. Herriko errementaria zela zioen Joseinak. Nolanahi nik entzun nahi nuen aholkua eman dit,  eta betirako baztertu dut traila.

Jada herrian, traumatologoak izugarrizko errieta egingo zidan trailarik ez neramalako, ia nork esan zidan trailarik ez eramateko. Beste bost aldiz ere atera nuen besoa ondorengo urteetan egoera ezberdinetan, arrazoi ezberdinengatik, operatu egin ninduen arte; ez dut behien ere jakingo trailarik ezak erraztu zituen ondorengo luxaziook.

Arrautzak afaldu ditu Joseinak, kopa edan dut nik. Neskak ohera erretiratu dira, baina lau gizonok ardo botila baten berri eman dugu ilargi betearen argi goxora.

 

 

I la nave va

“Bartolo eguna”, Elgoibarko jaiak, eguzkitsua argitu zaigu. Josune eta Josu Nassebarera joan zaizkigu goizeko 5etan, hondartzara egin dugu besteok, nudisten txokotik pedaloian ikusten ditut Joseina eta Alfontso. Lainotu zaigu azkenez, haizea harrotu da, ospa egin dugu denok hondartzatik.

Mintxo etorri zaigu, telegrama jarri genion atzo, telefonoz  jakin ostean Bourgasen zegoela. Ez du bazkaldu nahi izan gurekin, baina  kontu pila esan digu, Sofiarako plana ere egin dugu, laburbidea nondik zen galdetuz joan zaigu azkenik. Kanpineko argazkia atera dugu mendixka baten tontorretik. Josu eta Josune itzuli dira: oso polita omen da Nassebar, eta errusiar asko omen dabil bertan. Gurekin argazkia atera nahian hurbildu zaizkigu poloniarrak. Harreman estuak ditugu, lagun egin gara, tamalez ia ezinezkoa zaigu elkar ulertzea. Gazte asko zen gaur jatetxean, mahaikada handi bat izan dugu alboan, kanpotarrak ezbairik gabe. Bakarrik egin dut dantzan jatetxean, dantza eskatzen zidan gorputzak, inori lotu gabeko dantza, gorputza aske, mugimendua biziz, musikarekin kulunkan.

 

 

Egunaren gurpilean

Kapela bat oparitu diote poloniarrek Alfontsori, tokatzen ziren argazkiak atera ditugu. “Txiki eguna” Elgoibarren: dotore ibiliko zen kapelarekin soka-muturraren aurrean Alfontso han balitz.

Hondartzan egin dugu goiz osoa, Primoskoko errementeriaren aholkuei jarraituz  igerian egiten dut etenik gabe, orain arte beso bakarrez ordez biekin nire beso  gogortu hau luzatu nahian orain.

Poloniarren ama izugarri gizena da, neurriz kanpoko horietarikoa, izugarriak dira haren zabalerak. Senarra aldiz gizon txiki argala du. Badira tankera berdineko beste emakume batzuk kanpalekuan; ez dira bere itxuraz arduratzen, hondartzara doaz, lasai janzten dute bainu-jantzia haragiak gordetzeko ahaleginik gabe, txitxia sendoak zintzilikatzen zaizkiela jantzien barruan zein kanpoan,  han daude olatuetan bustiaz zut edo hondartzan karta-jokoan aulkietan  eserita haragi tolesdurak erakutsiz, bularrak zilbor gainean, algaraz eta humoretsu. Biziki gogoangarriak ditut irudiok, emakume beldurgarri gizen zabalok gerrirainoko uretan zein hondartzako itzalkien gerizan kartetan, bost axola ziela loditasunak eta hondartzako begien harridura.

 

Dendan bazkaldu dugu. Basaran bila joan naiz, poltsakada jaso dut, ikusi beharko nola heltzen diren. Lagunek adarra jotzen didate; Errumanian erosita, hemen dauzkat, osorik oraindik, Baskoa Arrautza deituriko horietako batzuk, pintatutako arrautza dotoreak.  Nerabezarotik ditut gustuko arrautza pintatuok, Bilboko austriar lagun batek oparitzen zizkidan urtero Basko jaietan. Etxerako denentzat erosi nituen. Nola helduko ote, hortik datoz txantxak. Heldu ziren. Osorik!!!. Urte luzeetan izan genituen etxean Maria Luisari eta neure buruari oparitutako arrautza marraztuok. Behin eztandatxoa entzun nuen, ez nion antzik eman zer izango zen, baina nire arrautza aurkitu nuen erabat lehertuta eta zatietan barreiatuta.

Kartetan egin dugu hondartzan poloniar seme gaztearekin, berak erakutsitako joko batetan.

Katoliko sutsuak dira poloniarrok. Familia osoarekin afaldu dugu beraien denda aurrean: mundiala izan da.

Izugarrizko eztabaida eta haserrea erabili dute bi neskak beste bi mutilekin gauean, komunetan egon dira gordeta bi neskok aurkitu ez zitzaten.

Komunak negargarri zikinak egon ohi dira gauerako, guti dira komunok eta jende pila gara, dena dago gainezka azken ordurako, komunok eta komun ingurua.

 

 

Agurrean

Iritsi zaigu alde egiteko eguna. Bagoaz. Bihar doaz poloniarrak eurak ere. Dendak tolestu ditugu, fardelak egin eta txu-txu trenez Sasopolera egin dugu autobusa hartzeko. Alfontsok hartu du orain nire motxilaren zama, nik aldiz berea, handiagoa eta astunagoa baita nirea berea baino, eta nik zailtasunak ditut nire sorbaldarekin. Bourgaserako autobusean motxilena ere kobratu nahi die Josu eta Josuneri, besteoi aldiz ez. Motxilak utzi ditugu kontsignan. Kafetegi batetan eseri gara, bertako pastelez gozatuz. Bizartegi batetara joan naiz  bizarra egin diezadaten, Sasopolen ere izan nintzen behin bizartegian, goiz atera eta Joseinak astirik izan ez zuenean: egun guztian daude zabalik bizartegiok, emakumeak dira bizarginak,  txandaka egiten dute lan, txartela hartzen duzu sarreran eta irteeran ordaintzen. Saltxitxak bazkaldu ditugu, gero parkean egon gara autobus orduaren zain. Mintxoren bila joan gara, bera bizi den ikasleentzako egoitzara, baina ez dugu aurkitu: nahiko eraikuntza berezia da, koadro edo partiduko jende aukeratua dator hona. Inguru zabala du, landatuberri zuhaitzekin, baita hotel dotorea ere non hartu dugun kafea. Hondartzara jo dugu lehenik, gero berriro belartzara ...  

 

Kale-artera egin dugu berriz, Folklore jaialdia gauzatzen ari da kaleetan, Nazioarteko jaialdia da izan, baina Europa Ekialdeko herrietakoak dira partaide gehienak. Izan dira euskal kutsua zuten taldeak, frantziar hegoaldekoak, Ipar Euskadiko muga ingurukoak nonbait. Izugarrizko giroa dago kaleetan, jendez gainezka  daude bazterrak, bata besteren ondoren desfilatzen dute talde ezberdinek. Dantzatuz eta abestuz.  Zirrara sartzen digu, guretzat erabat ezezagunak ez ezik erabat ezberdinak diren abesti eta dantzak baitira. Sartu gara zenbait talderen barruan, argazkiak atera, beraiekin hitz egin, dantzari zein kantariek ez dute ardurarik argazkiak ateratzeko ikusleekin, erabat adeitsuak dira, ... Mila urteko gibeleratzea egiten genuela iruditzen zitzaidan, jantziak, itxura, giza emakumeen jitea, aurpegiera, doinuak, dantzak, ... zirrara batek astintzen ninduen. Gure herriaz egin dut amets, herri batu bat izan behar dugu, herri zatitua ez da behin ere herri librea independentea bada ere, baina batez ere eguneroko euskararekiko militantzia pertsonala erneko duen zerbait sortu behar dugula egin dut amets, euskararekiko militantzia zabala. Erakunde eta taldeak gaindituko dituena, morrontzarik gabekoa, herriari arnasa, ilusioa eta bizia emanen diona. Nahia eta izatea baina ezberdinak dira, ametsa eta egunerokoa bezala. Ez beti.

 

 

Mintxoren hitzordura goaz, baina ez zaigu agertu. Eseri eta “bere” edan dugu. Afaldu eta geltokira bidean gara.

 

 

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/10/27 08:51
Ibilikoak 5 - Belar-pila meta bilakatu zenekoa

Belar-pila meta bilakatu zenekoa

 

 

“Bizitza da muin-muinean zigilu ezabazaezina ezartzen duen sakramentu bakarra”. Ehun bigunez bildu edo txarrantxa mingarriz banandu ohi dituzte bidaia-kideak txangoko laztasun zein goxotasun elkar harilkatuek. Bazkari baten mahai inguruak zein ospakizun edo ekimenen batek elkartu ohi gaitu tarteka-marteka 1983 urtean uda batez Bulgariara bidaiak lagun egin gintuen seikotea. “Edozein belar-pila ez da meta” zioten zaharrek, ezta edozein gizaki-bilkura lagunartea ere, uztartu geniezaioke. Meta gara jadanik  belar-pila ginenok lehenengoz elkartzean, lagun  gara lehen hurbiltzean ezezagun ginenok. Udazkeneko hego-haize epelak emeki higitzen dituen lez uso-pasako ehiztariaren babes-pagoaren orriak, tximeletaren hegal bigunek ferekatzen dizkidate metamorfosiako oroitzapenak bazkalondoko lagunartean.

 

 

 

Ez naiz beranduegi iritzi, azkena izan banaiz ere. Elkartu gara seikotea: Josu eta Josune,  Itziar eta Joseina, pasaporte arazoengatik bidaiatu ezin den M. Luisaren tokia bete duen Alfontso eta ni. Josu eta Josunek erein zuten bidaiaren hazia, han-hemenka zabaldutako iragarki batetan non Bulgaria eta Errumaniarako bidaia baten aukera aitatzen zen nahiko bidaia lagun bilduko bagina.  Lagun mina dut Josu, zazpi urte egin ditugu elkarrekin esperientzia latz batetan, eta elkarbizitza horrek sakon errotu du bion arteko kidetasuna; ezaguna zait Josune ere, Josuren bikotea izaki; Joseina eta Itziar aurpegi ezagunak zaizkit aurreko bilera batetik; gaur ezagutu dut Alfontso: “Ia lagun ona zaizun, berarekin osatu beharko duzu bikotea eta, ia nola konpontzen zareten, bakar batetan haserretu ere egingo zarete nahiz ondo konpondu.”, esan dit abiatzean M. Luisak;  hilabeterako laguna zait Alfotso: laurentzako denda bat ekarri dute bi bikoteek, bertan konponduko dira; nirean moldatuko gara Alfontso eta biok.

 

Elkarbizitzak erakutsiko zidan zein jatorrak izanen zitzaizkidan bidaia kideok, ikasiko nuen ere bizia dela lagunartea. taldeak eta taldexkak sortzen direla, laukoteka, hirukoteka, bikoteka bizi ohi dela tarteka taldea, unearen arabera,  bakoitza bere kasa bakarka dabilen unerik ere badela. Ez ginen behin ere haserretu. Hilabete elkarrekin, nahiko egoera berezietan, esperientzi aberasgarria izan zen, taldearentzat arragoa, galdategia eta ingudea.  Geografikoki sakabanatuta, baina taldeak nolabait dirau, lokarri ikusezinek lotzen gaituzte, ez zen altzairu hauskorra gorpuztu genuena.

 

Anaitasunaren hasera, agian ezinikusiarena, edo laster batean oroitzapenean arrastoak besterik geratuko ez zaizkion ezagutzarena izan zitekeen. Ez dago arazo edo egoera berezi bat bizitzea bezalako eskolarik. Lotura kontrajarriak sor ditzake horrelako ikasketak; gu, bidaiaren erakarpen eta ikuskizun, lagun bihurtuko gintuen gizataldeko esperientziak.

 

 

 

Dagoenean eta dagoenetik ez dagoenerako egitea izan da betiko pobrearen jitea.  Gosaria nolakoa, hori da mantenu erdiko hotela hartu duenaren lehen burutazioa. Dagoenean bonbon, ez dagoenean dagoena jagon.

Trakata, trakata, trakata, … errail hotsa muineraino sartu arte luze egin zaigu bidaia. Taldea osatuz doala pentsatzen dut, harreman ehun saretuagoak txirikordatzen doazela. Erabat  taldeko sentitzen naiz. Talde orotan badira berenez eragileak, sortzaileak diren kideak, beste zenbaitzuk ekintzaileagoak, pentsalariak, ... Jite ezberdineko jendea elkartzea da bidea aberasgarria bilakatzeko osagaietako bat, ezberdinak arren uztarriari lotuta joango diren kideek dira legamia, gurdi gainean joan ohi direnak aldiz zama eta bizikidetzaren pipi. Ezberdinak gara taldean baina gure ahalmen ezberdinak uztarriari lotuta doaz, bidaia gauzatzeko ahaleginean. Beharrezkoa du gizakiak iritzi ezberdinetako taldea gauzatzea, erabaki uneko eztabaidetarako iturriko kanila ezberdinak eskutik gertu izateko, burua gutxienez minimoki aske gordetzeko. Bidaia eta lagunarte hau aberasgarria izanen zaidalako sentipena dut trenaren joan monotono honetan. Kontu-kontari aspertuan eman ditugu tarte asko, paisaiaren ikusminaz, ametsa edo gai ikusezina den aspertuzko solasaldian.

 

Diktadura garaiko “escepto Rusia y paises satélites” debeku famatua desagertu berria da pasaporteetatik Espainian, aldi berean Ekialdeak aurpegi berri bat erakutsi nahi dio Mendebalari Europan. Gizakia bada George Sanden esanetan bidaia batetako ikuskizun nagusia, lagunarte berria zait giza esparru kilikagarria, misteriozko ganduak bildutako “altzairuzko oihal” osteko gizartea, ikusmineko paisaia, han-hemenka zabaldutako iragarki batetan erein hazia umotu den bidaian. Josu eta Josune, Itziar eta Joseina, Alfontso eta ni, sei pertsona ia ezezagun treneko konpartimenduan Bulgariako ametsak kilikatuta.

Madrilen ez zaigu hitzordura agertu bere etxean fardelak utzi ahal izango genituen Josunen laguna, ez dugu etxean aurkitu informatu behar gaituen Sofian egondako neska, ez dugu bulgariera hiztegirik aurkitu. Alfontso larritu egin zaigu, larritu egin gaitu Alfontsok, aireportuan:  “motxila barruan utzi dut pasaportea”; galdetu hemen, bestera joan, eraman dute barruko norabait, eta laster zetorkigun pasaportea eskuan zekarrela, elkartua zitzaigun laguna. Lehen legamia bilakatu zaigu taldearentzat  kera txarreko hasera, kidego-zeramika hauskaitzago    bihurtu da ezbeharraren laban sarri hauskor den harreman-buztina.

 

Trumoi antza hartu du inguruak. Erraldoi ikaratua dirudi hegazkinak berak, halako astinduz dardaratzen zaigu!. Burumakur edo Joseinarengana estutzen ikusten dut Itziar, Alfontso ume batekin jolasean, Josune alboko emakumearekin solasean, Josu  mapan babestua, ni neu ere harremanetan hasi naiz aldameneko emakumeekin. Apokalipsiko zaldizkoetako bat dabilkigu zamalka inguruan, zaldiaren apo-hotsak gero eta hurrago, kirten gorriko sega beltza metalezko zomorro hegalariari kaskaka. Sofiatik ordu batetara dagoen Plovdin hiriko aireportura behartu gaitu ekaitzak. Larritasunaren eraginez, harreman berriak sortzen eta egindakoak estutzen doaz: Bulgarian egondako neska-mutil bikoteari badu zer galdetu gure jakin-minak, Kubatik datozen bulgariarrek ere ez diote aterkirik zabaldu galdera zaparradari. Josuk nahikoa lan du, mapa eskuan, gure ibilbidea gorpuztu eta zuzentzen. Une urdurietako ezjakintasunari erantzun bila edo babesgabetasunaren ondorenez, hegazkin-kide denok atera gara aireportuko egontokitik kanpora une batez; lasterrera  baina, barrura egin dugu: artalde baten gisa goaz bere atzetik ipurterre egonezin batek zirkin bat egin orduko, ahula baita kohesionatuta ez dagoen multzoa.

 

 

 

Gu bezala lo non bila dabiltzan bi gazte hurreratu zaizkigu Sofiako aireportuan: bulgariera ikastera datorren gailegoa da bata, Egiptora doan portugaldarra bestea. Zortzikoteak osatzen dugu beraz ohe bilako espedizioa Sofiako lehen gau honetan. Ez dakigu nora jo, ezta nola joan ere. Bidaiari asko gara, taxiak, aldiz, gutxi, ez da nonbait garraio publikoaren ordua. Azkenik turista talde bateko gidak eraman gaitu bere autobusean hotel batetara, hotelak baina ez digu lo-tokirik eskaini. Inguruko hotel baten izena eman digute. J&B botilari tapoia urratu dio indarberritu beharrak, goxo eta erraz sartzen da isuri suspergarria, gure gailego eta portugaldarra ere ez dira lotsati atzean gelditzekoak.  Atzeko hotzik ez, hotela bertan omen, oinez abiatu gara. Ia nondik galdetu diegun mutilek beraiek ere bertatik pasa behar dutela eta jarraitzeko: bizkorregi doaz mutilok, taldea luzatzen doa motxilen zamapean, “esan polikiago joateko”, baina mutikook bere pausoan diraute. Heldu gareneko Josunek ezarria zion bizkar-zakua mutiletako bati, honek pentsatu du gutxienez ligatu duela neskarekin, kosta behintzat kosta zaigu mutila gainetik kentzea. Hotel dotorea, garestiegia gure sosentzat, “hau aterrizajea” zioen Joseinak. Gailegoak dio nekatuegi dagoela eta ez doala beste inora, seikoteak ere ostatua bertan hartzea erabaki dugu gaueko ordu-bata ez dela-eta inon logela bila hasteko ordua, amore eman beste aukerarik ez du izan portugaldarrak.

 

Mintxorekin lotu dugu Sofiako lehen goizean, bera dugu Josuneren lagun baten bidez Sofiako kontaktua: berehala datorrela, luze joan zaigu itxaronaldia. “Nolakoa ote delako Mintxo”, izan da denbora galduko jolasa. Kubatar kutsua du Mintxoren gaztelerak. Etengabeko galderez josi dugu mutila, Alderdiko kidea dirudi, Bulgariako sistema politikoa eta Alderdia goratuz erantzuten die galderei. Ostatuetan ez da lekurik, hirira etorri ohi dira herrietakoak asteburuetan. Mintxok motxilak bere etxera eramateko erabakia hartzen du, aitari deitu dio, honek etxera eramanen ditu autoan motxilok gure bizkarrak arinduz. Hiri erdira egin dugu honenbestez Mintxo gida dugula.

 

Ttipi-ttapa egun osoz hiritik barrena, ostatu bila. Nekea izan da oraingoan oreari gorputza eman dion legamia, ostaturik eza bilakatu zaigu norabidean elkartu gaituen bidegurutzea: freskagarrien inguruan kalakari hartu dugu atseden eta Sofia uztea erabaki. Mintxoren etxea izan dugu azkenik lo-toki aukera bakarra. Kuban egondakoak, gaztelaniak erraztu digu harremana. Alaia eta irekia, jende zoragarria. Bertako edari eta janariak dastatu behar ditugu nahitaez. Gure jakin-mina beraien berri eman nahiarekin lotu da. Egongelan egin dugu lo, batzuk lurrean besteek besaulkietan: leihoa ireki dugu, laster genuen kamikaze burrunbatsu ziztatzailez beterik gela; moskito ehiza bizia egin dugu, umezaroan antzo, zapi, oinetako eta burukiak airean ibili dira, bakoitzak bere ehizakiak algaraz zenbatzen zituelarik. Taldeak funtzionatzen du.

 

 

 

Sapa, ura edatera jaisten gara geltokietan, misterio kutsua du guretzat nasako jendartean galtzeak. Humoretsu goaz, hitz aspertuan, abestuz, txiste batzuk kontatuz, jakiren bat ahoratu eta J&B-ri musutxo bat emanez, lo-kuluxkan kulunkatuz, ... Alfontsok baleta dantzatu digu hiltzear zisnea bailitzan, lo seko geratu den arte denon irribarrea tapaki. Harreman sarea irazkitzen doa, erabat  taldeko sentitzen naiz. Eta talde estuki engranatua bezala aritu behar izan dugu trenbide gurutzeko trantzea heldu zaigunean. Ez dakigu zein dugun tren aldaketarako geltokia, beraien eta gure ahaleginak ahalegin, ezinezkoa zaigu argibiderik jorratzea bidaia-kideekin, geltoki txiki batetan jaitsi gara, korrika egin dugu geltokiko arduradunarengana ia aldaketa non, “hori da gure trena”, jaso ditugu gure bizkar-zakuak, igo dugu tren berrira, galdetu dugu, “hau ez da gure trena”, jaitsi gara berriro, galdezka non zein noiz nora, ezin gara ulertu inorekin, gazte batekin egon gara, adineko batekin gero, geltokiko langile bati galdetu diogu, ... lehengo trenean gara azken batetan, beti bizkar-zakuak bizkar-konkor. “Lasai, nik esango dizuet”, neska zirudien emakume baten hitzek lasaitasuna ekarri digute, “ oraindik ez “ diosku geroago keinuka bagoiaren beste ertzetik, “hemen” adierazi digu azkenez gure gida xaloak, eta han utzi dugu behingoz trena.

Delico Ternovo, hala dio jaitsi garen geltokiko herri-izenak. Balkanak Mendien bihotzean gaude nora eta gutxiago nola joan ez dakigula. Hirirako autobusa hartu dugu, gainezka, lepo, mukuru, dator, baina hor gara gu ere barruan gure motxilatzarrekin, ez dakigun arren nola sartu garen. Oinezkoa omen kanpinera garraio aukera bakarra; bidean, aldats goran, gero eta urrunago ikusten dugu Sofian zamaren beldur zen Josuneren bizkar-zakua, mendiko etapa bukaeran txirrindulari indargabeari aurrera egiten dion dortsala bezala.

 

Monasterio ortodoxoa dugu kanpin albotxoan, Santutegi txikitxo, bitxi eta poxpolina, deigarri xarmanta; naturaz gaindi giroko errito sorgindua bailitzan, atzean duen leihotik bete-betean jotzen duten eguzki berriaren argi printzek iragazitako bizar eta ileez zetazko argi-koroa bailu, halako beste munduko irudi magiko irreala sortarazten du pope meza-emaileak.  Norbere baitan gertatu ohi da perfekzioa, baina inguruak laguntzen du barne oreka eta dotorezia ederragotzen.

 

Delicok badu berezko dotorezia, agian horregatik da turisterri; kaleak dotoretzen dituzten mertxikondoek eztitu gaituzte, eta etxeko atean ura eskaintzen digun herritarren abegikortasunak gozotasunez blaitu du talde osoa. Mendateko naturgunean iragartzen duten kanpinera egitea erabaki dugu. Autobus geltokira, “autogara”ra, egin dugu, ia non eta nola “aterrizatzen” dugun jakin gabe. Gure artean horrelako hiztegi berezi bat eratzen joan gara, “gara”, “aterrizatu”, “Sebastopol”, ... gehienetan bertako hizkuntza gure ahoskatze moldakaitzaz eraldatuta, ...  umore punttua jartzen du geure artean, egoera zailak leundu,  egoera estu samarretan batez ere.

Ezinezkoa dirudien arren, sartu gara gaur ere bidaiariz gainezka datorren autobusean. Txoferra eta bidaiari bat eztabaidan aritu dira ia non geratu beharko genukeen, azkenik kanpinaren alboan utzi gaituzte: gidariaren abegikortasun fina kanpinean bertan uztea!,  gero ikasiko baitugu geltokitik urruntxo zegoela kanpina.

 

Lurralde honetan aurre egin eta geldiarazi zituzten errusiarrek turkoak, horregatik, bukaerarik ikusten ez zaion mendikate eta behin betirako garaipenaren pare, sekulako ugari eta erraldoiak dira oroitarri eta monumentuak ere, pagadi berdeok gorritu zituen odolaren omen eta oroimenez. Bungalow, oholezko etxolak alokatu ditugu. Urrutietarainoko tontorreria berdeari so, lasaitasunak bildu gaitu inguru barean, arratseko patxadan, lasaitasunean goxoro.

 

Etara deitzen den bailaratxo osoa bihurtu dute aire libreko museo, bertan jaio zen Gabrovoko industriaren memoria gorde nahi dute. Ikuskizun ikusgarri, bitxi eta harrigarria: zurezkoa da osagai oro, eta urak ematen dio  bizitza eta eraginkortasuna tresneriari, baita irundegiko hari-txirrika pilari ere. Sinfonia darion errekatxo ozenaren ur kantariak kiribildu zaizkigu guri ere bihotzean: neskameak entzule adeitsu genituela, eurizirinaren umeltasunak melankoliaz blaitutako euskal abestiz girotu dugu hoteleko aterpea.

 

Ezkontza ospatzen ari dira taberna batetan. Jakin eta ikusmin, tabernara sartu gara gu geu ere: ezkontza giro alai eta dantzaria, herri-herriko jendea, gosegarri bezala hartzen ari diren edaria eskaini digute, edari erabat gogorra, vodka edo uxualaren antzerakoa, barra-barra edaten dute eurek, eztarri lakar eta eztulka jarri gaitu gu. Taberna berean bazkaldu dugu; ezkontza-kide zen tabernariari, manera zainduko gizon prestua bera, farias bat eskaini dio Joseinak, gustukoa izan du, ordainetan edalontziak bete dizkigu. Bat batean erabat hil da giroa, aitaren batean alde eginak ziren denak. Agur ordua jarri diote herritartasunak gozatu digun bizipenari.

 

Gazteleraz egiten duen emakume batek bere penak konta dizkio Josuneri, drama latz bat. Emakumearen sufrimenduak  erabat busti gaitu basoak bere altzoan hartu behar gaituen goiz honetan. Gero, pagadi arteko mendi-bide bakartiak diosaletik solasaldira luzatu ohi duen zubia zeharkatu ahal izan dugu hainbat aldiz errumaniar mendizaleekin, adineko baten “republika baski” oihuak eta gazte koadrila baten bizitasunak arindu ditu  gure zangoak 24 kilometroko ibilian. Bulgariako Alderdi Komunista sortu zen isileko arbolarte gordean plater hegalaria dirudien zementuzko perretxiko neurrigabe erraldoia erne da, mendion nagusitasun eta sendotasunez herria suspertu nahiz bezala, iraultzaren mezulari eta gizartearen aterpe, gizakion arnas eta itxaropen izan nahi duen sozialismo amestuaren sinbolo eta ezten, elkartasunaren indarra eta batasunaren argia zabalduz. Bera da natur guneko bihotza, tontor eta mendi oro gailenduz, inguru guztietatik ikusgai. Inurriak dirudigu irudiaren besoak eskalatuz mendi magaleko eskultura erraldoiaren ahurretan gorde garenean, ipotx ezereztxoak tontorreko txapel digantearen hegalpean babestean, baina talde jori eta sendoa ginen kanpineko etxolak nekeari atsedenaren pizgarri biguna eskaini dionean.

 

 

 

Arrosa-lurrina da Kazanli ospetsu egin duen ekoizpena. Inguruko arrosadien lurrin sarkorra darie herritar eta kaleei, ez daramagu soilik tututxoetan gordetako arrosa-esentzia, elkartasunaren gozotasunaz eta dotoretasunaren ukituaz lurrinduta atera gara hurrengo pausalekura turisterri kosmopolita gauzatzen ari den hiri pospolinetik. Txori hegalaria baita bidaiaria, menditik itsasertzera eraman gaitu hegadak, hostaila klorofilatik hondartzako urrera, gerizpe hezetik  eguzki kiskalgarrira, Balkanak Mendi berdetik Itsaso Beltz urdinera. Epopeia izan da Bourgasetik Sasopolera egitea lehenengo, Kavazitera gero, turistaz lepo baitago kostalde osoa. Bere autobusean sartu gaitu azkenik gizon batek, eman dizkio azalpenak gidariari eta heldu gara Kavazitera. Leku atseginean dago kanpalekua, hondartza gainean. Josunen urtebetetzea da bihar, oparia erosi dugu gurekin ez zegoen une batez.

 

Haserre da itsasoa, olatu handi, garai eta sendoek astintzen dute hondartza. Gozamenean beratuz nenbilen uhinen gandor aparrez zurietan ahuspez etzanda gorputzaren aurreko erdia airean nuela hondartzaraino bertaraino irristatuz. Kiribildu egin zait, baina, olatu bat,  azpian hartu eta hondartzaren kontra kolpatu nau. Alfontsori egin diot keinu, soroslearengana hurbildu naiz, lasterrera etorri dira kide denak. Lokatu egin dut besoa sorburutik, Bourgaseko ospitalera eraman behar naute, Josu etorri da nirekin. Besoa trailan dudala itzuli gara. Noiz etxeratuko kezkati dugu laukotea hondartzan, denok gaude pozik gehiagorik gabe bukatu delako nire abentura. Kontu-kontari aspertuan iragan dugu arratsaldea kanpalekuan, lagun-giro gozatsuan afaria Josune genuela erregina jatetxean, adeitasun barean gozatu dugu gau izartsua uhin oilartuen gandor zurien argira hondartzan.

 

Senar-emazte eta bere seme-alabek osatutako poloniar familia baten kanpadenda dugu alboan. Hizkuntz zailtasunak zailtasun, egunetik egunera estutuz joan dira harremanak, badirudi neskak begi onez begiratzen diola Alfontsori, kapela bat oparitu diote eta ez zaio gure adarjotzerik falta izan. Familia osoarekin afaldu dugu azken egunean beraien denda aurrean: mundiala izan da, afaria eta afalondoa, jan, edan, dantza egin, abestu, ... Opariak egin dizkigute, bakoitzari zertxobait; ezustean harrapatu gaituztenez zer oparituko bila ibili gara gure gauzetan. Zetazko haria da jada, fina baina hauskaitza, leun lotzen gaituena.

 

Izugarri gizena da poloniarren ama, neurriz kanpoko horietarikoa. Mantso-mantsoa du ibilia, pauso bakoitzean hurrengoa ziurtatu nahian bezala, oreka gordetzeko ahalegin berezia egingo bailu. Ez da bakarra, hainbat daude bere antzekoak, egunero elkartzen dira hondartzan. Heraberik gabe janzten dute  bainu-jantzia, han daude, eguzkitakoaren gerizan edo gerrirainoko uretan, kontu-kontari, algaraz eta humoretsu, ugalkortasunaren jainkosa preindoeuropearrak irudi, bularreko haragi tolesdurak zilbor gainean, sabelekoak izter gainean, gorputzaren estetikaz arduratutako so harrituei axut eginez. Segurtasun eta bizipoza gorputzena bezain zabal eta sendoa dela erakusten digute matrona poloniarrok.

 

 

 

Egun lasai, bare, lagunarteko apartak izan dira Kavatzitekoak: Sasopolera bidaia txu-txu trentxo xarmantean,  Ropotamoko naturguneko baporean kanaberadiko dortokei bisita, igel-belardiko igelekin jolasaldia, hartu ezinez autobusetako mila abentura, itsasgaineko bidezidorretako ibilaldi apartak, “cometa caput” beste azalpenik gabe eta bide-ordainik itzuli gabe bide erdiko Primosko herrian utzi gintuen itsas txangoa, Alfontsori jantzi eta zapatilak lapurtu zizkiotenekoa, autobusean besoa sendatu nahi zidan “herriko erremintari” petrikiloa, Josu eta Josune bere kasa joaten zitzaizkigunekoak, … eta hainbat zipriztin garden izan dira kidetasuna errotu digutenak. Ernegatzen genuen noizbehinka, izan dira tentsio-guneak batez ere erabakiak hartzerakoan, baina haserrerik gabe gainditu ditugu, gizalegez elkar errespetatuz. Lagunok izan ditut neuk nire beso elbarrituaren ordezko, Joseina izan dut bizargile goizetan, Josu edo Joseinak aldatzen zidaten traila, neskek garbitzen arropa, Alfontso arduratzen zen dendako gorabeheraz, etxera bidean ere Alfontsok darama nire bizkar-zaku astun handia.

 

Azken agur zirraragarria eman diogu Itsaso Beltzari Bourgasen. Nazioarteko Folklore Jaialdiaren arnas bereziak misteriotsuki biziberritzen zuen kaletartzea. Zenbait talderen barruan sartu gara geu ere, argazkiak atera, dantzari adeitsuokin hitz egin edo nolabait komunikatu. Mila urteko atzera jauzian. Jantziak, itxura, gizonera, emakumera, aurpegiera, doinuak, dantzak, ... zirrara sakon batek astindu gaitu denok.

 

 

 

Emakume bat aurkitu dugu aurrez tokia hartua genuen treneko departamenduan. Ana du izena emakumeak. Berba-lapikoa da gure Ana. Gazteleraz daki. Lotan ordez kalakan egin dugu gaua. Alderdiko emakumea behar du izan. Ziurtasun osoz hitz egiten du. Oso jantzia du burua. Bera da Bulgaria, Gobernua ere bera da. Bulgaria eta Gobernuaren apologia da beti gure galdera, jakin-min eta mahairatutako arazoei erantzuna. Goizeko laurak jota dira Sofian heldu garenean, onartua genuen kaleetan esnatuko zitzaigula eguna, Anak, baina, ez gaitu utzi nahi izan kale gorrian, bere etxera eraman gaitu.

 

Hiria ikustera atera gara goizean, Mintxo dugu berriro gida, erabat harrituta dago, agian eskandalizatuta ere, gure diru erabilpen nasaiagatik. Hiriko bazter, monumentu, denda, batez ere jendetza, … Lagunarte estuko egun kilikagarria izan da. Bidaiaren amaieraren sentipenak oraindik gehiago elkartu eta estutzen gaitu.

 

Anaren etxera jo dugu lotara, lo zegoen jadanik bera: bi aulkirekin egina zuen ohea, aukera erosoenak guri uztearren!!!!.

 

Mendian egin dugu Sofiako azken eguna, Ana gida eta lagun. Ana nekaezina, hitz eta pitz, bor-bor beti hitz-lapikoa, egun osoan. Zinbili-zanbulua, Alderdi Komunistaren mendi-aterpea, harri-uholdea, musikarien etxea, mahai kantaria, gure gosea eta Anaren bazkalordua berandutu beharra, Anaren harridurarako ardoa edatea erabaki dugunekoa,  ...  izan dira ibilia gozamenez zipriztindu dizkiguten une bitxi gogoangarriak.

Halako batean hara non miraria, barren barrenetik astintzen zaituen ikuskizun zoragarri horietakoa, agerpen ezusteko liluragarria: bide ertzean, botila lorontzi lora alboan duela, zuhaizpe batean, bakardade absolutuan, patxada bareenean, isiltasun ozenenean, gizon bat eskusoinua joz igande arratsalde-pasan. Gizon handi bat da, adinean aurrera, burusoila, etenik gabeko irribarre zabala ezpainetan. Kontzertutxoa eman digu, dantza ere egin dugu, kalaka gozoan egon gara berarekin. Anari adurra dario, halako une eztia eskaini ahal digulako, agian bere herriaren haize gozagarriak bildu gaitualako. “Pele” futbolaria miresten du gure basoko soinujoleak, brasildarraren argazkia du itsatsita soinuan, atera dugu argazki bat berarekin, harro gure gizona: “Jar ezazue argazkia aldizkari batetan eta bidali iezadazue”.

 

 

 

Kezkaren zimur bihurtu zitzaigun Barajasen  ezpainetan etxerako ilusioaren irribarrea: uholde ikaragarriak izan ziren berriki Euskal Herrian, familiak ongi ziren, nire kotxea aldiz urak  harrapatua zen. Halaz ere egun gozoa egin genuen Madrilen. Aldrebestuta zeudelako Euskal Herrirako trenbide eta errepideak, Gasteizen banatu ginen. Herrira heltzean dena zen lokatza. Baina barrenean halako oroimen goxoak leuntzen zidan uholdearen tragedia: lagunarte berri bat nuen aurrerantzean.

 

 

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.