Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Ekimen ibiltaria

Jon Etxabe 2017/08/11 08:55
9. eguna: Abenduaren 8a. Astelehena - Agoitz, Huarte, Atarrabia, Burlata, Berriozar, Iruñea.

Hamarretan izaten gara beti lehen herrian; hortik aurrera herri kopuruak eta distantziak erabakitzen du orduketa.  Gosaritako bilerekin jarraitzen dugu: aurreko egunekoa aztertu  eta egunekoa prestatu. Ez dugu eztabaida ideologikoagoetarako ez denborarik, ez aukerarik, ez giro psikologikorik, hartuak baitugu beti egun osoa eta gehienetan nekatuak gaude gainera.

 

AGOITZ. Jende polita bildu gara astelehen, herri txiki eta goizerdi baterako. Manifan joan gara Udaletxe aurreraino. Errepidean bertan espaloi gainean prestatu dute panela: aurreskua astez jantzitako mutilak. Pleno Aretoan bildu gara ondoren. Gazte jendea da nagusi. Herriko bi neska-mutil daude preso, gure artean eseri dira beraien senideak: gogo biziz sartzen dira guraso-senideak gure artean, denok arazo berdina izaki. Independentea=PP den alkateak aitzakiak jarri ditu elkarrizketara etortzeko, mozioari buruzko plenoa ere atzeratuz doa. Euskaraz eta gazteleraz egin digute harrera: banaka ugari dira euskara egiten dutenak edo saiatzen direnak, euskaldun-berriak. Atxikimendu pila, Aezkoa herrietakoak ere tarteko; ez da agertu Eugirenik. Tomasek egin du bai euskaraz bai gazteleraz: "zintzurra latza eta mingaina lodia"  omen du,  baina txukun moldatzen da berak gaztelera gramatika fusilatzen duen iritzia badu ere. Aretoan bertan atera dugu argazkia.

 

Herri zabala da Agoitz, antzinakoa, eraiki ederrak ditu ajeatuxeak badaude ere: kalez kale joan gara, txistu soinua lagun, Elkarte batetara gazta eta txistorraz goizeko hotzari aurre egiteko indartzera. Giro goxoa, enpatiakoa, sortu da denon artean.

 

Bakea, sakoneko arazoa gainditzea da. Herri honen burujabetza da bakea.

 

Kirolari eta antzerakoen hitzarmenek  "irudi klausula" omen dute, hots, ezin dutela publikoki iritzi, firma, edo adierazpenik eman edo agertu politika eta inguruko arazoetan. Gure eskabidea ez baita, baina, politikoa, giza eskubide soila, lege ezagun bat betetzearen eskakizun xumea baizik!!!. Ogibidea tarteko dugunean, denok birpentsatzen ditugu gauzak, jokabidea biguntzeko gehienetan.

 

Bego, lan isila baina serioa egin du gutunarekin.

Josepa, bide luzean kontsigna oihukatzeko gai den eztarria eta birikak ditu: bide luzean joan ohi zaigu bere oihu ozenetan etenik egin gabe.

 

HUARTE. Arazoak ditugu berriz ere, aldaketak egon dira-eta programaketan: guk  ez dugu ez orduketaren ez antolamenduaren berririk. Nereak patxada gehiagorekin hartzen du, azaletik behintzat: hobe, horrelakoak maiz gerta baitakiguke. Itxaronaldi luzea egin dugu, erdi gogaituta, asperdurak ere hartzen gaituela.

Pili-Patxi joan dira alkateordearengana, EAkoa; onartua dute mozioa Udaletxean, baina eztabaida politikora eraman nahi izan die elkarrizketa: ez da harritzekoa.

Prentsaurrekoa. Eraikin berriez inguratutako  plaza berri batetan, gaztelu baten gotorlekua dirudien elizaren begiradapean egin dugu: panelen aurrean, ibiltariok  atzean dituztela, jarri dira Josu eta Paule bozeramaleak, nonbaitetik inprobisatu den mahai batetan. EGIN, EGUNKARIA eta ETB agertu dira. Martxaren zergatia eta balorapena egin du Paulek euskaraz, gure asmoen eta herritar zein politikoen erantzunaren berri emanez. Josuk berriz 13ko Manifarari buruzko arrazoiak, jarrera eta jokabidea azaldu du gazteleraz: joan eginen gara 13ko manifara, gu geu gara estatu bortizkeriaren biktimak, gu geu gara aurrera pausoak ematearen aldeko interesatuenak.

 

Bakearen aldeko politikak ez du joan behar giza eskubideen zapalkuntzari lotuta.

 

Paisaia erabat aldatu zaigu: lur gorriagoak dira hauek. Herria eta herritargoa baina aldatu ez delakoan gaude.

 

Blankak telefonoz ez dakit zein irratirekin izan duen elkarrizketa entzun dut, gure atzetxoan esertzen baita: hitz xumez, herrikoiz, baina sakon, herri hizkuntzan bizi eta sarkor.

Dodakak, patxadako gizona berez, tea hartu du  Huarten, ingeles flema ez galtzeko.

 

ATARRABIA. Herri sendoak hartu gaitu: pertsonak asko, ikurrinak, zanpantzarrak, dantzariak. Eguzkiagatik, epela da giroa; jendearengatik, beroa. 6 dira bertako presoak, ibiltariokin elkartu dira senideak argazkiekin.  Buruko-zapi zuriko bi mutilek agur-dantza egin digute: behingoz ez da aurreskua. Lau pospolinek dantza oso fina, fintasunez egin dute zapitxo  zuria esku banatan. Errepide zabalean egin dugu manifa alaia Burlataraino. Bidean hainbat presoren argazkiak daude zuhaitzetik zuhaitzera  zintzilikatuta presoen kopurua zenbaterainoko gordina den begietatik sartzen delarik. Zanpantzarrak, dantzariak, ikurrinak ziren buruan, Burlatako mugan alboka eta txistulariak gehitu zaizkigu. Giza kate luzea gara. Dena zen soinu ezberdin ozena, soinulari ezberdinak txandakatuz, joareen hotsa joaldunak etengabe dunbaka. "Euskal Presoak Euskal Herrira"  aupadak  ere oihartzun ozenagoa zuen. Izugarria izan da, ikustekoa. Jai eguna baita gaur ere, herri ugaria zen espaloietan, harriduraz begira. Presoen aldeko festa handia, erakunde politikoei postura hartu eta azken bultzada ematera behartu beharko lieketena. UPNko alkateak ordea udaletxeko ateak ez irekitzeko ordena eman dio udaltzainari zinegotziak igo ez daitezen gure ordezkariekin elkarrizketarako: ez dakit non baina EA, EB eta HBko zinegotziekin egon dira: ados daude ekimenaren helburuekin eta izenpetu dute atxikimendua.

 

Presoak Euskal Herriratzea ez da bakerako keinu bat,  eskubide bat baizik.

 

Lolik zirrara sartzen du bere tinkotasunarekin: "hil egingo naute edo bizi guztirako kartzelara joango naiz" semeak bere erabaki hori azaltzen didanean nik onartu egin behar dut bere erabakia, errespetatu. Eta nik beti alde egongo natzaio”.     

 

BURLATA. Partaide asko ikusten da plazan, multzo zabala. Martxaren eskakizuna musika bihurtua sartu gara plazan: denok hunkitu gaitu giroak. Dantzari askoko taldeak ikurrinaren omenezko dantza. Kapa, buruzapi eta gainerako jantzi beltzezko dantzariak egin digu aurreskua: Erronkariko janzkera omen. Zapi urdin bana oparitu digute. Ongietorri  hitzak. Bigarren dantza taldea jantzi koloretsu ezberdinekoa, dultzaineroen sonara oraingoan. Bigarrenez, zapi oparia beste talde batek: zapia bada nonbait Burlatako berezitasuna. Atxikimenduak.

Tomasek egin du euskaraz: bere auzoa da, sartu du nahi zuen ziria, baina berriz ere laburtxo gelditu da, baduen arren luzatzeko gaitasuna.

Jon gaztelaniaz: gehiegi luzatu omen nintzen baina inguruko entzuleak adi eta gustura sumatzen nituen; kamionetako megafoniatik egin genuen eta plazako zenbait tokitik ez omen zen ondo ulertzen.

 

Presoak Euskal Herriratzea izan daiteke urrats bat bakerantz.

 

Bazkalaurrekoa: lukainka, tortilla, ...

 

Tomasen emaztea ezagutu  dut: irribarretsua, fina eta goxoa izanen da.

 

Bagenuen elkarrizketetan  eztabaida politikoetan murgiltzeko arriskua zegoela kezka, batez ere zenbait alkatetzarekin, baina ez dugu izan arazo handirik hortaz eta sortu denean erraz saihestu da. Senideak-entzat bada halako errespetu bat.

 

Ikastera etorri dela zioen Martinek, asko ikasten ari dela dio Justok; denok ari gara ikasten eta denok ikasi dugu jadanik asko: ikastaro trinkoa da Ekimen Ibiltaria.

 

BERRIOZAR. Zenbat aldiz pasa naizen bertatik Iruñera edo Iruñetik bidean, baina ez nuen sekula pentsatuko errepidearen alboko etxeteria honetan aurkitu nintzenik xede honetan.

Bazkaria. Zulo Alai elkartean. Jende alaia, bizia eta abertzalea. Entsalada, porruak ozpinetan, ajoarriero eta etxeetan eginiko postre ezberdin ugari. Herriko hainbat guraso eta senide etorri da, nahasturik bazkaldu dugu, anaiarteko giroa sortu da; hitz batzuk ere egon dira beraien aldetik eta Justok bota du bere diskurtsoa, kamionetak  eta autobusa betetzeko Gipuzkoan baino oraindik txalo gehiago behar diren lehia jarriz.

Kaskarra gelditzen zen Manifa bloke tzar haien artean, bazkaritik ekimenera bidean, musikarik ere ez genuen, baina eraikien garaierak slogan garraztuak oihartzuna ozenagotu egiten zuen.

Ekimena. Plazan. Ongietorri hitzak: gazteentzako eztena, bultzada eta motibapena omen gure Martxa. Talde eta elkarte ezberdinen  atxikimenduak.

Patxik hitzak,

Pili-Patxi udaletxera: alkatea Batzarrekoa da: lan egin dutela presoengatik, firmatu dute, Udaletxeko atxikimendua HBren bidez bidaliko digute.

 

Pertsonek osatzen badute alderdia eta pertsona horiek ados ba daude Senideak-en eskabidearekin, nola ez dago ados alderdia?.

 

Herri Kirolak 30 mila pezeta eman du. Hitzak merkeak omen dira: hauenak ez.

M. Asunen senarra, Harri?, a ze gizon puzka bera ere. Herriko zinegotzi batekin bildu zaigu  Berriozar-en.

 

IRUÑEA. Gu Sarasate plazan elkartu bagara ere aurrenekoz, ekimena Tres Reyes hotel inguruan hasi da. Aurrez auzoetatik zutabeak heltzen joan dira, kalerik kale, batetik eta bestetik, pankarta eta ikurrinez armaturik, ilara luzeetan. Jendetza elkartu gara.

Manifa: argazkien basoa trinkoagoa zen gaur jendartean Iruñeako kaleetan: zirraragarria gaueko ilunean bonbillen argira: bigarren pankartakook argi-zuziak generamatzan, ondoren dantzariak, ondoren argazkiak, ondoren jendetza, ikusgarria bilakatuz ibilia. Sarasate plazan bukatu dugu bertan ekitaldia burutzeko.

Ekimena. Txalaparta. Inguruko herrietako dantzariak. Baserritar eta zuriz jantzitako mutilen aurreskua. Neska-mutilak ziren ondorengo txistulariak. Hanka-paloak. Auzoetako    atxikimenduak, talde eta erakundeenak: pila luzea. Artzain Oneko katedralean gose huelgan egoniko Landabeneko langile baten hitzak. jota dantzatu dute 40 inguru dantzarik.

Josepa euskaraz

Blanca gazteleraz.

Kalera kalera txistuaren soinura abestuz bukatu dugu Iruñeakoa, zenbat ote   ginen eztabaidatuz: batzuk bost mila botatzen dute, nire ustez ez ginen hirura helduko.   Nolanahi, asko.

 

Agintzen dizuten agintariek baino nortasun eta duintasun gehiago duzue  zuek ekimenetan biltzen zarien herritar xumeok.

 

Gaurko ekimenean kide izan dugun edozein gazte egon daiteke preso bihar: Askatasunaren patua.

Blanca txiki ikusten da mikrofono aurrean, baina mitinlari izugarria da, entzuleak adi edukitzen dituena, ez bere hile zuri eta bizitasunagatik soilik, dioenagatik baizik.                    

Justo txikiteora, Salegi telefonora, Paskual ez dakigu nora desagertu zaizkigu. Zain egon gatzaizkie luzaro asperduraz, hotzez,  azkenean erneguz ere, afaria non zenik ez zekitela uste baikenuen; afaltokira jo dugunean han zeuden afariaren usaiak gidatuta edo. Taldeak baditu bere arauak: denok batera edo bakoitzaren berri eman, legeetariko bat da, bestela noraezean gelditzen baita koadrila.

 

Afaria: “Peña de la alegria” elkartean: zopa, entsalada, oilaskoa, gazta. Ardo nafarra, beti bezala tentagarria.

 

Afari aurrean Barne Ministaritzak zenbait preso hurreratu dituen berriak harrotu dizkigu itxaropenak; berehala baina zapuztu dizkigu telebistak berak: adarjotze eta burla iraingarria, 15 dira mugitutakoak, uharteetatik ekarritakoak penintsularen behealdean geldituko dira, penintsulakoak  oraindik urruti, bakarren bat Gasteizera, bada Gasteiztik urrutirago eramandakoaren bat ere, ez dirudi ezeren hasera denik, maniobra politiko bat baizik. Lehia luzea eta gogorra da, PPk ez baitu ezertarako gogorik ezta PNVak ere ezer sakon eragitekorik, epe berriak eman eta luzatu besterik ez baitu egin oraingoan ere.

 

Juan Jose, Tomasen anaiaren etxean lo egin dugu Txantrea auzoan.

M. Jesus bere emaztearekin eta Nerea alabarekin egin dugu solasaldi bat sukaldean. Nerea, neskato bizia, ikaslea da. Berau zen Tomasekin zihoana kotxea zilipurdika atera zitzaienean Soriara bidean. Berak eraman gaitu kotxez etxeraino.

Ekimen ibiltaria

Jon Etxabe 2017/08/07 08:58
8. eguna: Abenduaren 7a. Igandea - Leitza, Lekunberri, Irurtzun, Arbizu, Altsasu, Etxarri Aranatz.

8. eguna: Abenduaren 7a. Igandea  - Leitza, Lekunberri, Irurtzun, Arbizu, Altsasu, Etxarri Aranatz.

 

Ordizian bildu gatzaizkie ibiltari kideei. Batzuk Ordizian, besteak Beasainen,  jaso gaitu Patxik  autobus-linea bailitzan. Berbots bizia eta burrunbatsua zen gurea goizean elkar agurtzerakoan. Triste geratu omen zen taldea afal orduan: taldea trinkotzen doan seinale;  Etxarrikook  ez ezik hurbileko hainbatek egiten baitu etxera lotarako, noizbehinka Nerea tarteko. Taldea elkartuta dago, sentipenek, arazoek, helburuek ez ezik egunotako elkarbizitzak ere lotu gaitu.

 

Atzo ia haserretu zitzaigun Martzial, pankartagatik edo.

"Ez nauzue gehiago negarrez ikusiko!" bota digu Nerek gaur: ikasi du gauzak bere horretan hartu behar direla, patxada handiagoz; baina ikasiko du hori ere ez dela erraza.

 

 

N A F A R R O A

 

LEITZA. Talde mardulak egin digu ongietorria harlandu eta kareharrizko horma zuriek osatzen duten plaza jator bezain sendoan, agian jatorra delako sendoa, edo alderantziz. Harrera-hitzek ongietorri xume baina sentikorra eman nahi izan digute. Neskak  ziren txalaparta jole: ezberdinki zutela egokituta tresna diote nire oharrek baina  ez diote nola. Koruak kantatuz doinua, bi poxpolinek dantzatu dute aurreskua: berezia eta berria bezain hunkigarria; harmonizazioa bera ere bikaina zen. Koroak “Euskal Herriko semeak gara” abestia kantatu du ondoren:  "... beraren alde emango dugu zainetako odol guztia". Alkateak, HB?, hitz egin du, hitzez ere bere atxikimendua emanez. Udaletxeak (HB-EA), onartu du atxikimendu  mozioa. Atxikimenduak: Perurenarena ez da agertu, politikak kutsatu ote du gure morroskoa, ala ETBk?.

Tomasen hitz goxoak: ahotsa, ahoskera, doinua, dena du baikorra hitz egiteko, atseginez entzutekoa.

Txalaparta berriro, manifa antzinako egitura galdu gabe aro berrira egokitzen ari den garai bateko etxeteria sendoaren artean, non soinuak berak oihartzuna bereziki ozena zuen. Argazkia ere egin dugu plazako harmailetan.

Martin-Justo, iraunkorra gauzatzen ari den bikotea elkarrizketatu  da apaizarekin: eman die atxikimendua, azkeneko atentatua gaitzetsi dien arren. 

Elkartasunezko ekitaldi polita bezain xamurra.

Tomasek egin du Leitzako KARRAPE irratiko elkarrizketa.

 

Hamarretakoa: bere tenplean zegoen salda,  pizgarria txorizo errea  ere.

 

Ez gara bidezidorretatik legez kanpo gabiltzan kontrabandistak.

 

Haize-errota edo zentral eoliko zuriak nabarmentzen dira erreskadan elurtutako mendilerroko hegian. Mailoak ere zuri daude, baita begi-bistan dugun Aralar ere.

 

Beti dago norbait, taldetxo bat, elkarteren bat, temati eta iraunkor, lanerako prest, aurrera egiten duena, mugida bizirik iraunarazten duena.

 

"nola tratatuko zaitut, zuka ala berorika?": Justo diplomatiko zuhurrak Leitzako apaizari; "Zuka, bestela norbaitek behorrarekin nahastuko nau eta".

 

Autobusean gindoazela semeak deitu dio Loliri  gartzelatik!!!. Denok egon gatzaizkio  hitzetan zintzilik, bidaiako zertzeladak ahopean xuxurlatuz konta ziezazkion. Kartzelatik entzun ahal izan ditu txalaparta soinu eta hainbat abar momentu batez autobusetik jaitsi baita telefonoa eskuan.

 

LEKUNBERRI. Antzinako eraiki ederrak ditu Lekunberrik, baina plaza, berria da, bi solairuko etxe berriek inguratuzkoa: hor izan da ekitaldia. Txalaparta, bost poxpolin eta galtza beltz-txaleko gorridun mutil baten aurreskua, ongietorri hitzak, harrizko estela txiki eta Senideak-en sinboloa diren kinkez  dotoretutako atxikimenduak jasotzeko mahaia, 

Tomasen hitzak,  berea duen patxadan

Tomasen anaia eta zenbait familiako ere bertan ziren

Denon argazkia. Blankak "fray Justo" bataiatu du Justo

Justo eta Martin egon dira apaizarekin.

 

Legea bera betetzeko eskatzen ari garen bide zabaleko ibiltariak gara.

 

Leitzarango autobidetik goaz; eroso darabilgun errepidea baina oraindik zertarako eta zergatik egin zen ez dakidana, are gutxiago nolatan eman zien bere atxikimendua aurka egon zen hainbat pertsona eta erakundek.

 

"Ze Martzial, lotu al dizkiozu oinetako lokarriak Blankari?. -Bai zera!, gauean askatzera ere neu joateko esan ez dit ba Josepak!!!"

 

SAKANA bailaran sartu gara, bertan emango dugu igande honetako arratsaldea.

IRURTZUN. Eguzkira argi dagoen udaletxe zuriaren kontra solemneki nabarmentzen ziren panelak. Txistua eta suziriak plaza zabalean. Harrera hitzak, euskaraz bakarrik!. Zuriz jantzitako neska-mutilen aurreskua presoei. Atxikimendu eskaintza: guraso bat bere bi umeekin hurreratu da Josepa agurtzera.

Justo-Martin apaizarengana preso baten senar eta anaiarekin: sinatu  die lehen puntuak, baina bi azkenak ez.

Paskual-Dodaka osagilearengana: bere izenean firmatu du.

Alkateak, independentea, ados dagoela dio baina hurrengo plenoan ikusiko da Udaletxeak zer eginen duen.

Plazako eguzkitan itxoin diegu nahiko luzaro elkarrizketatzaileek bukatu duten arte.

 

Etorkizunari begiratu nahi diogu.

 

Zoritxarrez oraindik gehiengoa erdalduna duen herrietan ekimena euskara soilean egiteak agian esan nahi du euskaldunengana mugatzen dela Senideak-en ekimen hau; okerragoa litzake hala gertatuko balitz presoen arazo orokorragoarekin ere. Korapilo larria, konponbidea bilatu behar zaiona.

 

Irudi maitagarria osatzen zuten bi metro garaierako Martzial mardulak eta eskutik zeraman neskatotxoak, biek begiak brist eta ezpainetan irribarrea. Arbizun jakin dut biloba zela. Emaztea, alaba, suhia eta ilobatxoa bildu zaizkio.

 

LAKUNTZA. Autobideko zubi muturreko lubetan zain zegokigun gazte talde batek agurtu gaitu ikurrina kulunkatuz eta besoak jasoz.

 

Hainbat irratsaioetan hartu dugu parte autobusetik bertatik telefonoz.

Nereak aukeratzen du programaren arabera nork erantzungo duen nongo irratiko galderei. Irrati gehienak EGIN Irratia zein irrati libreak dira, askeenak beraiek.

 

ARBIZU. Lau soinu eta lau panderoren trikitia izan dugu alai airean heldu garenean. Herriko plazara helduta, udaletxeko fatxada Senideak-en ikur, pankarta eta ikurrin erraldoiek betetzen zuten. Ibonek  katua bezain zalu eta malgu ikusi du balkoira igotzen panelak lotzera. Txapliguak.

Bazkaria Herrikon: urdaiazpikoa, errusiar entsalada, mingaina saltsan, gazta eta laranja.

Hiru  belaunaldi ziren Martzialen sendia; bizia da iloba.

Ekimena plazan: gaztedia zen nagusi eta Justo gustura aritua da beraiekin. Atxikimenduak; pila izan dira.

Justok izan du hitza: gazteei zuzendu zaie, bihotzez egin ere.

 

Beharrezkoa dugu itxaropena. Irabazteko lehiatu behar dugu.

 

Ezin ba beti aipatzen ibili ze gozoa dagoen bazkaria zein afaria, nolako ahalegin eta borondatez zerbitzen diguten. Ardoa eta sagardoa ere ez ditut aitatzen, baina banaka banaka botila bat baino gehiago joaten da usten. Ba dut sospetxa hainbat herritan ura edanez eta arin janez, osasuna zainduz, bizi garen jubilatuak garen aurreiritzia zutela. Ze nolako ustekabea beraiena gu pasa ondoren!.

Besarkada eta musuak erruz jaso eta ematen ditugu eskaintzekin batera, batez ere Josepak eta Blankak. Egunotako zereginetariko bat.

 

ALTSASU. Ekimena herriko zein lekutan ez genekiela salduta egon gara nahiko luzaro  duela ez askora arte errepidea zen kalean. Josu ibili da jira-biraka kamionetarekin alferrikako ibilian. Beraiek bila hasi zaizkigun arte. Heldu gara plazara, ibiltarion taldetxoa soilik, gure bi pankartekin, kaleetan zehar, pikoletoek zainduta azken orduan trafikoa mozterik ez genuela aitzakiaz, hemen daudela jaun eta jabe erakutsi nahiz. Jende pila bildu da plazan, lau preso daude lau kartzela sinbolizatzen duten lau zuhaitzi lotuta bere zuri-beltz arraiadun jantziekin, plaza erdian Euskadiko mapa handia dago marraztua: deigarria eta ikustekoa.Txalapartaren soinu sarkorrak betetzen zuen egunaren hondarra, neska-mutil bikotea txalapartari. Bikain dantzatu du aurreskua Altsasuko dantzari taldeak. Momotxorroak, Ihauterietako Altsasuko pertsonaia mitikoak, sartu dira plazan, presoak askatu dituzte eta dispertsiotik Euskadiko mapa barruraino eraman. Dotore eta ezberdinki jantzitako dantza taldeko neska-mutilek "hator hator" abestia dantzatu dute, txistuaren ordez soinuaren sonetara. Herri kirolak: bertako bi aizkolari ezagunek enbor pila  bana ebaki dute; aukeran lan handiegia jarri diete luze joan baita: aizkolari batek aizkora beso puntan gorantz luzeago "Euskal Presoak Euskal herrira" oihukatu du enbor gainetik; trontzalari bikotea izan da ondoren, bikoteko bata aizkolariarekin Gestoratik ezaguna den Josetxo; bigaren aizkolariak orgarekin egin du lana hainbat bira emanaraziz. Atxikimenduen eskaintza.

Tomasen hitzak: hainbat gauza ditu esateko, baina moztu egiten du gusturen nagoenean entzuten, aurrera egiteko gaitasuna duen arren.

Manifa.

“Alkaterik gabe" diote nire oharrek, baina ez dakit zer esan nahi nuen.

 

Usai politikoa hartu nahi digutenek bere erantzukizun politikoa desbideratu nahi dute. Garbi argitu behar diegu erantzukizun bizia dutela beraiek.

 

Neskak nagusitzen ari dira euskal gizartean duela guti espero ez zen abiadan: aurresku dantzari, txalapartari, txistulari, soinujole, bertsolari, aurkezle, ... gure Martxa da froga garbia.

 

Martziali eman zitzaion eginkizun banaketan pankarta txikiaren ardura. Gogoz hartu du hartu ere. Berak ere badu ardura konkretua, zintzo betetzen duena. Bakoitzaren zereginak konkretatuz doaz taldean.

 

ETXARRI. Jende franko dago frontonan. Atxikimenduak ere franko asko dira. Kotxe karabanak heldu dira bailarako herri ezberdinetatik. Herritik manifa 600 argazkiekin: argi elektrikoek horaildutako Etxarriko kaleetan gehiago dirudite,   argazkion oihu ozena barreiatu da herrian zehar musikarekin batera.

Martin-Jon udaletxeko elkarrizketan; gaur-gaurko alkatea eta zigortuz kaleratu duten alkate ohia, PNVko bi zinegotzi eta EAko zinegotzi bat bildu dira gurekin; Udal osoak firmatu du, PNVk partidu bezala ere bai, HBk zer esanik ez, EAk bere testua aurkeztu du baina sakonean gauza bera esanez; denok hitz egin dugu eta denok baloratu dugu positiboki izenpetzearena.

Frontonan: Trikitiaren soinuz elkartu gara berriz bertan. Norbaitek egin du eta ondoren denek: argazkiak utzi egin dituzte bazter baten pilatuta, eraginkorragoa izango bazen ere ekimen aldi osoan eskuetan edukitzea. Ongietorri hitzak. Etxarriko dantza berezia: sokan joaten dira dantzariak,  eta dantza eskaini edo dantzaz agurtu  nahi dutenaren aurrera iriztean berari egiten diote dantzazko agurra, ondoren beste batengana, horrela nahi haina luzatuz;  S.Adrianeko erromerian mahairik mahai ibili ohi dira, aurrenekoak dantzatzen du agurra, ondoren nahi duen berri bat sartzen da soka muturrean beste norbaiti dantza eskaintzeko; hemen presoen paneletako argazkiei, pankarta bakoitzari eta azkenik publikoari dantzatu die ez soka aurrekoak soilik denek baizik. Belar-meta nano bana oparitu digute. Maritxelek  etxarriar olerkariak, bere poema bat errezitatu digu Etxarriko euskaran. Atxikimenduen aipamena eta zerrenda irakurketa; Urdiaingo alkateak firmatu du pertsonalki, plenoan ere eztabaidatuko dute zer egin udaletxe gisa. Bertsoak, irakurriak eta bat-batekoak.

Patxi hizlari: hunkigarri egon da, txaloak eskatu ditu presoentzat, ibiltarion nagusienak aurkeztu ditu eta Justori adarra jo dio. Trikitiak lagunduz “Hator hator  abestuz” bukatu da ekitaldia:

 

                                 Euskal Presoak

                                 Etxien neittugu

 

                                 Askatasunaren oiyuek

                                 Herriz herri

                                 Senidiek damabie

 

                                 Espetxetik espetxera

                                 Presoak noa

                                 Guk hautze

 

                                 Eta maite ditugu

                                 Herriko seme kuttunek

 

                                 Isiltasunean sortutako gaue

                                 Miresgarrie izan daitteke

                                 Beie

                                 Irudi biziek

                                 Gordin gordinek

                                 Nire bihotzean sartu die

 

                                 Eguneroko bidien

                                 Espetxe beltzien

                                 Giltzapien preso de

                                 Benetako landariek

                                  Ilunpetan gau ta egun

                                 Bakardadie lagun

                                 Etxetik urrun

 

                                 Nolatan liteke

                                 Nork onartu

                                 Nork burutu

                                 Hainbeste ta hainbeste kalte

 

                                 Begi ertzetan malkoak

                                 Ama aitta

                                 Ni banoa

                                 Ederra baita elkartasuna

 

                                 Argi ta zutik

                                 Beti Etxarrin

                                 O Etxarri

                                 Hots herri aspaldi

                                 Bihurri eta berezi zuriekin

                                 O Etxarri gogozko herri

 

                                 Karrikez karrike

                                 Etxarri Aranaz

                                 Garaipen

 

Euskadiko mapa beltza zapi zurian da Ekimen Ibilaldiko ikurra, kanpotik barrura datozen bi gezi gorri eta "Euskal Presoak Euskal Herrira" lemarekin.

 

Pakea nahi dugu. Bakea beharrezkoa dugu.

 

Karmen: arratsaldeko ibilitik zetorren senarrarekin; jabetu omen ziren atean zegoen emakume ezagun bat barrura sartu zela beraiek heldu aurretik agurtu ere gabe; etxera heldu zirenean etxea jendez beteta zegoen: denek zekiten beraiek ezik semea hil zietela.

 

Afaria  Hartzabal elkartean: zopa, legatza, flana edo arroza esnearekin aukeran postretzat. Gozoa afaria, bihotzera heltzen den prestatzaileen ilusioa menuko osagairik nagusia: sukaldari eta zerbitzariak txalotuz buka ohi ditugu beti bazkari afaritakoak.

 

Loa geure ohean eta etxean. Justo eta Tomas izan ditugu etxean lotara.

Ekimen Ibiltaria

Jon Etxabe 2017/08/04 10:11
7. eguna: Abenduaren 6a, Larunbata - Legazpi, Zumarraga/Urretxu, Ezkio, Ormaiztegi, Lazkao, Ataun S.Martin, Ataun S.Gregorio, Zaldibia, Ordizia, Beasain, Ordizia.

Josepa etxean gelditzeko asmoetan zebilen baina agertu zaigu autobusean, oraingoz jarraitzeko indarrez.

 

LEGAZPIA. Kale bazter batean elkartu gara. Eskularruak eskertzen dira pankartari heltzerakoan. Goiz eguzkitsua, baina arnasa lurrun bihurtzen zaigun goiz hotza,  Gabon kutsua du ekitaldiak: presoak etxean edukitzea litzake nahi dugun Gabon oparia errege magoa PP ankerra ez balitz.Txalaparta. Konstituzioa darabil ardatz bertsolariak.  Gerriko gorria jantzi zurian, eta borla gorriak galtzerdi landuetan, egin digute aurreskua bi mutilek.Trikitilariak: beraiekin kantatu dugu Hator hator. Plataforma osatu nahian dabiltza, bada taldetxo eraginkorra herrian. Tabernariek salda beroa eskaini digute; bazen lukainka eta gaztarik ere.

 

Luzapenak usteldu egin dira. Noiz arte, noiz arte, noiz arte itxoin behar dugu?. Nahikoa itxoin dugu!.

 

Tolosako aurkezleak Ibaetako talde zabala  gogoratu zuen, senideen helburuen aldeko aurrerapauso bezala. Hala da izan. Zoritxarrez ezker abertzalearen basea da batez ere, ia soilik, hurreratzen zaiguna, beste alderdiek hitzen eta sinaduren gainetik ez dute herria mobilizatu nahi: beldurra diote beraiek kontrolatzen ez duten mobilizapenari eta alderdion estrategia eta mementoko taktikari oztopo izan dakioken ekimenei; beraientzat preso eta familiartekoen sufrimendua bigarren mailako arazoa da, politikarako tresna erabilgarri bat besterik ez.

 

Tomasek semea du Soriako kartzela batetan. Neskalagunari modu zikinez ateratako deklarapena da salakuntzaren oinarri ustela. Goizalde ilun batetan errepidetik alborantz lubetan behera hiru txilipurdi egina da kotxean familiarekin bisitara zihoala: kotxea haustuta, noraezean ilunean galduta, bakardadean: Machadok hain dotore deskribatutako Soriako lurrak, euskal ehiztariek galeperretarako bisitatuak, lakio latza bilakatu zaizkie euskal preso eta familiei.

 

ZUMARRAGA-URRETXU. Plazara zuzendu gaitu bozgorailuz kantari aurretik doakigun kotxe batek. Eguzki epela bera ere prest zuten herri bien muga egiten duen erreka gaineko plazan. 3 hanka-palo buru guztien gainetik nabarmentzen dira; makurtu ahal izan dira lurrekoon mailara atxikimendua eskainiz musu bat emateko Piliri. Eskalatzaileak gorago zeuden oraindik, azpitik ibaia dioalako edo belaontziko zelatariaren masta dirudien farolaren gainean: luze samar joan da beraien jokoa baina pankarta zintzilikatu  dute, ondoren rapell eginaz jaitsiz beraien atxikimendua eskaintzeko. Jantzi dotoreko neska-mutilek aurreskua oparitu digute atxikimendua eman aurretik. Preso ohi baten hitzak eta atxikimendua, HBko zinegotzia bera. Arrospide eta Elorriaga aizkolariek enbor bana ebaki dute, zutikakoa batak, ohiko etzandakoa besteak, bere atxikimendua eskainiz. Txistulariek "Kalera kalera" jo dute eta bilduok soinu biziarekin batera abestu. Ba omen musika-talde txiki bat herrian, jo jo dute behintzat. Bertsolariak: "gure aizkorek har ditzatela motosierren abiada". Dantza talde ezberdinen dantzak: - "Ikurrinari omenaldia" eta "Peilo Josepe" abesti doinuarekin dantza berezia dotore dantzatua. Parte-hartzaile bakoitzak eskaini du atxikimendua bere saioaren ondoren. Apaiz batek eman du, pertsonalki hurreratuz, berea. PSOEko zinegotzia ere bera bertaratu da atxikimendua  ematera. Ugariak izain dira Talde eta Elkarte ezberdinen atxikimenduak, banan banako atxikimenduen eskaintza pausatuki baina goxo joan da,  oso hunkigarria batez ere errefuxiatu baten gurasoen atxikimendua, familiartekoekin batera jarri dira pankarta atzean. Trikiti taldeak “Hator hator" jo du eta bildutakook abestu, txistulariekin berriz "Zain dago ama". Ongietorria eman diguten txalaparta eta adarrak esan digute agurra ere.

Ekintza bitartean bi mutikok eginahalean jolastu dute jende-borobilaren erdian ikurrinak kulunkatuz bere kasa zein abestien erritmora: gure etorkizuna.     Txakur batek ere egin digu konpainia urduria ekitaldi osoan.

 

"Orain"  da gure mezuaren ezaugarria eta berezitasuna: orain, orain. orain, oraintxe bertan behar ditugu presoak Euskal Herrian.

 

Nerek amak oparituagatik estimu handian zituen belarritakoetariko bat galdu du egun hauetako batean: alferrikakoak izan dira autobuseko miaketak.

 

EZKIO-ITSASO. Santa Luzia auzoan dago udaletxea, errepidearen alboan; berria dirudi. Udaletxeko balkoian agertu zaizkigu herri agintariak, gero guregana jaitsi dira. Guztira ere ez ginen asko, biztanleak ere ez baitira hainbeste; famili giroan egon gara,

Pili-Patxi joan zaizkie elkarrizketara. Justo-Bego ordeskoak dira gaur.

Alkatesak, EA, Udaletxearen atxikimendua eman digu, hitz batzuk zuzendu ere bai.

"Zain dago ama", "Altza begiak" abestu dugu giroaren eraginez espontaneoki.

 

Tratugintza politikorako merkantziak besterik ez zaizkie gure senide preso eta exiliatuak politikariei.

 

Ondo moldatuta zuten eguna zonaldean. Herri bakoitzean elkartzen zaigu hurrengo herriko norbait bozgorailudun kotxearekin, egin behar dugun urratsean gidatzeko. Esperientziadun jendea, ibilia eta ikasia.

 

Paulek ez du ezer inposatzen, baina erabakiak hartzen ditu. Buru izaten daki, taldeak onartzen den buru. Gauzak leun baina irmo eskatzen eta esaten. Bera gabe autobusa ez doake doan bezain ongi. Ekimenaren engranajea leun badoa Paule da olioa.

 

ORMAIZTEGI. Talde txiki bat hurbildu da plazara, gehiago ezin zitekeen eskatu ere, agian. Guti batzuen ekintza maitagarria. Ongietorriko hitzak, atxikimendu eskaintza banan banan taxuz izendatu eta emana bakoitza. PNVko alkateak izenpetu du baita Apaizak ere atxikamendua, beraiek egon ez badira ere.

 

Hitz ederrak loratu zaizkie politiko denei ezpainetan, ez dugu izan bat bera kontra agertu zaigunik, arrazoia omen dugu, baina hitzak ez zaie sinadura bilakatu; gutxiago, lehiatuko diren promesa sendoa.

 

Eguzkipean zuri dago Aralar, bere muturrean Txindoki ontzi baten branka bailitzan, bihotzak berotuz eta gogoa indartuz, bata zein bestea sendoak baitira.

 

M. Asun: atari-txakur edo zaintza-txakur handien hezlea da eta beraien zaintza da bere hoby eta zeregina. Jantzia dago gai horretan eta sutsu hitz egiten du horretaz.

 

LAZKAO. Orduz aurretik heldu gara, arranopola!!!. Herriko plaza. Atxikimendu zerrenda luzea irakurri dute. Amona jantzizko bi dantzariren aurreskua. Bi bertsolari, bata preso ohia: "bertsoak alai doaz nahiz urrutitik".

Manifa luzea izan da, asko zabaldu baita herri txikia.

Patxi-Pili plazan berton zegoen Dionisio Amundarainekin egon dira: "Zer eskatzen diguzue?"; beti bezala zintzo eta langile Dionisio.

 

Jakinaz gaude arazoa ez dela txantxetakoa.

 

Begirale ditugu Usurbe mendiko gurutze zuria eta erlijio berria bilakatu komunikabidearen dorrea: salbuespenak salbuespen, bai bata bai bestea mutu gelditzen zaizkigu presoen aldeko ibilian.

 

Dodaka: Edozein elkarrizketa edo zereginerako prest dago beti. Jendeari hitz egiteko ere bai. Lehenengo pankartan jartzen da beti, buru zuriek seriotasuna emanez manifari, buruzuri baitira Blanka eta Martzial ere.

 

ATAUN-SANMARTIN. Unetxo batez jaitsi gara eliza aurrean Udaletxearen atxikimendua jasotzera soilik.

 

Badakigu ez dugula egun baterako zeregina.

 

Alditan kostatzen zaigu aurresku eta antzerakoak guri zuzendu beharrez presoen argazkira zuzenaraztea.

 

Blanka: 74 urterekin ere Euskara ikastera doa Euskaltegira bi orduz egunero, gure politiko erdaradun elebakarrek egiten ez dutena.

 

ATAUN-SAN GREGORIO. Zapalka-zapalka daude baserri eta lur-anduak, erreka-zulora baitator pendizean mendia.

 

Bazkaria: Babarrunak sakramentuekin, aza tarteko, oilasko errea, gatzatua.

 

Bazkal ondoren izan da ekimena, jantokian bertan: ugariak dira atxikimenduak, hirukote bat izan dugu abeslari, ondoren korua.

Kafe garaiko erabakiek ez omen dute baliorik, baina gaurko ekitaldi hau balekoa izan da. Gaueko ekitaldian ikusiko dugu berriro elkar.

 

Burugogorrak gara. Tematiak gara.

 

Emaztea, semea eta neskalaguna bildu zaizkio Gorosi gaur hemen.

 

Gaueko ekitaldiaren aipamena izan ohi da ekitaldi guztietako gogokoena, joateko konbita luzatuz denei, argazki bat bera ezin daitekeelako kamionetan geratu atera ezinik eta barne astindua delako preso guztien argazkiak batera ikustea.

 

Justo: punta ateratzen dio hitz bakoitzari, bere imajinazioak eta etorriak ez du amaierarik.

 

ZALDIBIA. Hemen alderik alde dute zintzilikatuta pankarta kalean. Azpian jende pila txaloka. Eskultura bihurtutako enbor lehor baten inguruan ekitaldia plazatxoan. Txarangak eman digu ongietorri musikala. Olano HBko mahaikidearen argazkia jarria dute jadanik herriko presoen kirtendun karteltxoan. Aurkezlea, ohi denez. 16 neskako dantza taldeak ikurrina osatu du zintez "Eusko gudariak" soinua dantzatuz. Dantzariek herriko gazte baten  poema oparitu digute irakurri ondoren, lokarri zuri-berde batekin lotuta, bakoitzari ale bana. Gitarra-jole batek abestu digu kanta poetiko hunkigarri, tristea. Banan banan eskaini dizkigute atxikimenduak.  "Euskal presoak Euskal Herrira" herri ekimenaren hitzak. Patxi Iraola bertsotan: gartsu ahotsez eta gaiez.

 

                     "Herriz - herri haize bolada zeharkatu da.

                     Ipar, hego edo hego mendebalekoa?

                     Alde guztietatik atzeman dut ...  Ez!

                     Ataundik dator, jentillen etorrera?

                     Hauek astintzen ote eguraldia horrela?.

                     Zaldibiako herrixkan maitasun haizea da,

                     elkartasun haizea, giza eskubideen haizea.

                     Senideak datoz!.

                     Ah! Hogei egunez ia Euskal Herri osoan

                     iraungo duen aldarrikapen haizea omen da!

                     Hala dio eguraldi iragarleak!.

                     Mayorren ileak banatuko ditu,

                     eta espetxeratutakoenak orraztuko.

                     Haize ibiltari horrek mugitzen dituen lainoek

                     giza eskubideak ixuriko dituzte euri bilakaturik.

                     Horrela jarrai ezazue Gasteiza;

                     haizearekin batera; ekimen ibiltaria."

                                             Zaldibiako herriak.

 

Txokolatea eta pastak eskaini dizkigute urdaila berotuz bukatzeko.

 

Sendo jarraituko dugu.

 

"Euskal Presoak Euskal Herrira" herri ekimenak sortuz doaz, Goiherrian behintzat.

 

Gure talde ibiltari hau ere  sendotuz doa. Haserako bozeramaile laukotea bertan behera desegin du taldearen jarduerak. Taldeak nortasun eta dinamika propioa hartu du, egunekoaren eta egoeraren arabera antolatzen da dituen baldintza eta baliabideekin: denok gara denerako, denok gara zerbaitetarako gai. Zereginak finkatzen joan dira, taldea finkatu egin da, talde  bizia gara. Badugu gure Mandona eta gure Jefa, askotan jefe asko eta indio guti ere bai, baina ondo olioztatutako makinaria bihurtu da taldea noizbehinka kirrinka  egiten badu ere. Gure helburu zehatz, argi eta onartua da engranajeak leuntzen dituen olioa, baita familiarteko presoen oroitzapen eta maitasuna ere.

 

ORDIZIA. Nahastea, noraeza, zer egin jakineza da nagusi. Nerea haserre eta malkoetaraino erabat minduta dago, arrazoi guztiekin egon ere, plangintza osoa aldatu baitute inori ezer esan gabe.

Justok punta zorroztu dien indioen plazan geratu gara. Herriko 12 presoen kartelek hartu gaituzte, Azoka Plaza famatura jo dugu. Talde oparoa dugu zain. Lora eskaintza, bakoitzari sorta bana. Trikitia. Atxikimenduak.

 

Ez ditugu bakarrik utziko gure seme-alabak.

 

Eskaintzen dizkiguten lorekin jokabide ezberdina erabili ohi dugu. Izan ohi da gure artean eztabaidarik ere, geuri oparitutakoak guk beste norbaiti oparitzea zilegi ote den, komenigarria ote batez ere oparitu diguten beraien aurrean hori egitea. Herri bertako presoen familiartekoei, hurrengo herrikoei, ... era ezberdineko irtenbidea ematen diogu, une bakoitzean egokiena deritzoguna. Entzun nion guretako bati nola daiteken hainbat diru gastatzea alferrikako loretan. Baina hori ez da gure errua, gehienez herri bakoitzekoa, eta gu ezin gintezke hasi ez onartzen, jendea mintzen. Ezin duguna da ere autobusean zimeltzeen utzi.

 

Blanka, hain txikia bera, eta ze emakume handia!.

 

BEASAIN. Pankartekin joanalditxo bat  egin ondoren zain zegoen jendearekin bat egin dugu kalean bertan. Gaua da. Txalaparta, aurreskua neska batek, zerrenda irakurri ondoren multzoan eskaini dizkiguten atxikimenduak, bada PNV eta EAkorik ere.

 

Kalean jarraituko dugu legea betearazi arte. Seme-alabak etxean daitezen arte. Azkena etor dadin arte.

 

Manifa. 600 argazkiak banatu dira eta beraiekin egin dugu ilara luze ikusgarrian Ordiziarainoko bi herrien arteko bidea. Ez gara ia Ordiziako kaleetatik pasa megafoniako kamionetak ez duelako sarrerarik.

 

ORDIZIA. Berriz ere Azoka Plazan. Argazkiz bete da.  Aurkezpena. Bi neska-mutil izan dira bertsolari: "sofrimendua nora heltzen den inortxok ez daki", "egun hauetan gehitu zaizkie 23 argazki", "horrelako bake faltsurik ez genuke nahi eduki ". Dantzariek argazki multzoari egin die aurreskua. 18 urte preso egondako baten hitzak. Goiherriko Senideak-en ordezkaria. Atxikimenduen zerrendaren irakurketa.

Josepak pilpilean jarri gaitu. 

Bukatzeko Hator hator abestu dugu txistularien soinura.

 

Liberatu egingo gara eguneroko hainbat lotura eta zereginetik lehia honetarako. Kalera aterata etxeko lanez liberatuko gara, izan daiteke hautsen eta kazolen  diktadura apurtzeko modu bat.

 

Etxarrira egin dugu Etxarrikook, kotxez etorri baitira ekimenera familiakoak. Maria Luisa eta biok ezer ez dugunez etxean, sagardotegira jo dugu seiok, Maribi eta Rosa dira beste biak, jakina. Pare bat arrautza frijitu izan da afari ezberdin gozoa. Etxeko ohea oraindik ez zaigu arrotz.

Ekimen ibiltaria

Jon Etxabe 2017/07/31 09:32
6. eguna: Abenduaren 5a. Ostirala - Elgoibar, Eibar, Soraluze, Bergara, Antzuola,Oñati, Aretxabaleta, Arrasate.

Lo egiten dugun etxeetan gosaldu ordez denok elkarrekin gosaldu eta bilera egitea erabaki dugu, ezinezkoa baita bazkal edo afal ondoren bilerarik egitea, denborarik ezagatik eguerdian, nekearen eraginez gauean.

Dodaka etxera joan zen egun hauetako batean emaztea operatu dutelako.

Kioskoko saltzaileak  dozena bat EGIN oparitu dizkigu Azpeitian autobusean irakurtzeko.

 

ELGOIBAR. Plaza ederra du Elgoibarrek, harri argiko eliza udaletxe frontoi eta arkupedun etxeek sortua. Bertara jo dugu Maalatik kaleetan zehar manifa polita luzatuz eta plazan borobil zabala eratuz. Gazte jendea zen nagusi, agian langabezia handia dagoelako, baina baita kontzientzia dutelako ere. Betiko herri ezkertiar abertzalea da; ez zen alkaterik edo jeltzalerik. Ohizko  ongietorri eta egitarau aurkezpen hitzak, txalaparta, atxikimenduak, ... salda.

Ez dakit noren hitzak.

 

Lege arazoa da darabilguna. Ez da borondate arazoa, borondatea nahitaezkoa bada ere. Egia da politikoek presoekiko borondate onik ez dutela erakusten.    

 

Hainbat urtetan egon nintzen apaizgai denboran Urbinan zine ikastaroak egiten bertako apaizarekin. Blankaren tabernan bazkaltzen genuen!. Ara non eta nola elkar aurkitu eta berrezagutu dugun. Obispoak  Burgosko mugako herritxo batetara baztertu zuen apaiza zine gaietan aritzeagatik: errepresioak mila eta bi aurpegi du.

 

EIBAR. Zuloan kokaturik, ibiltzeko lautadarik eskaintzen ez zigulako ihes egin genion arren, biziki maite dudan herria. Nahastu gara kaleetan, ez baititugu ikusi autobusetik merkatu aurrean bildutakoak, azkenik zuzendu dugu ibilia Untzaga plazara zain geneuzkanekin elkartuz. Urteetako osteguneroko enkarteladan nengoela iruditzen zitzaidan, aurpegi ezagunez inguratuta. Ohizko ekitaldi xumea plazan, Indioa aurkezle eta ekintza zuzendari dela, ondoren manifa kaleetan.  

 

Sentipen eta gogoa konpromiso eta parte-hartzearekin elkartzea beharrezkoa da irtenbide zuzen eta demokratikoak aurkitzeko.

 

Begiak malkoz zituen emakume batek eskularruak eskaini dizkio Piliri, hotz egiten baitu gaur ere. Beste emakume batek ostera " a estos hay que cortarles por lo sano" bota du: Justori ia lehertu zaizkio birikak baina eutsi dio; asko ikasten ari omen da. Ikusi dut Amatiño,  burumakur, ez digu begirik ere zuzendu: ezin begiratu aurpegira bekatua baitute. Ikusi dut Aurora alkatesa ohia ere, baina kale-kantoian ihesi bezala. Hainbat lagun eta ezagun ikusi ahal izan ditugu gaur M. Luisak eta biok, ekimenean zeudenak, ez zeudenak, egon ohi direnak eta behin ere egoten ez direnak, egongo ez direnak ere.

Etxarrirako telegrama jartzera joan da Goros: eragozpenak eragozpen, zailtasunak zailtasun, zain eduki gaitu Untzaga plaza ertzean, herrizaina guk noiz alde egingo zain, urduri xamar denok azkenerako.

 

SORALUZE.  Luze baino zabalagoa den munduko bakarrenetarikoa izateaz gain  aparkalekua den munduko zubi bakanean gelditu gara, bertatik udaletxe alboko plazatxora hurreratzeko. Hirukote baten bertsoak, loreak, poema bat, irakurri ondoren bost puntako izar gorria duen "papiroa"n eskaini digute bakoitzari.

Jon hizlari.

Manifa ibaiaren alde bietatik bi zubi zeharkatuz.

 

Legedia bete eta errespetatzeko derrigortasunez hitz egiten dute barne ministro eta sailburuek: jar dezatela abiapuntua. Ez dugu Gabon oparirik eskatzen: urte luzez indarrean dagoen legea gauzatzea soilik.

 

"Gaua iristean

bakardadearen itzala ageri

zaienean

zuen sutondoko berotasunak,

beraiengana bidaiatzen du

eta maitasunezko babesa heltzen

zaie.

Badakite bai,

ama, aita

badakite,

zuen malkoak harri bihurtuko

direla

eta harri horiek,

etxerako bidea eraikiko dutela.

Gaua iristean,

bakardadearen itzala ageri

zaienean,

badakite bai,

ama, aita

bihar ere egunsentia iritsiko dela"

         

Orduketaz lasaiago gabiltzan herrietan badugu herriko hainbatekin hitz egiteko aukera.

 

Josu agertu zaio alboko gelan Tomasi, galtzontzilo hutsean, ezin zuela lo egin bere ohean eta: hautsi eta erori egin baitzaio. Ibiliko zertzeladak.

 

BERGARA. Sarreratik erdiko plazara egin dugu manifa kale nagusiak zeharkatuz. Gure bi pankarta, herrikoek ekarri dituztenak eta ikurrinak: ia herri denetan bezala. Plaza aparta du Bergarak, Udaletxea eta Unibertsitatea aurrez aurre, eliz dorrea eta Motzonen etxeko hormak begi-bistan: bertsolariak, txalaparta, atxikimenduak.

Jon hizlari

Udaletxera, Alkatearengana,  Jon-Paule: Jeltzalea da alkatea, dotoreak ditu bulego gelak, jende ospetsua hartzeko prestatuak, agian bere kezkak azaltzera doan herri xumea kikiltzeko ere erabakigarriak. Alkatea zutik jarraituz bisitak jesarri araztea ere izan daiteke bestea mende hartzeko baliabide bat: politiko azerien trikimailuak. Hitz borobilak bota dizkigu: duela urtebete hartu zuten herriko presoen aldeko erabakia, herriko presoei buruzko dossierrak dituzte karpetetan; baina ez digute papera besterik ezer eskaini; bera ere jabetu da paperen alferrikakoaz, berak esan baitigu ekintzarik gabe ez dutela ezer balio: agian beste trikimailu bat da norberak bekatuaren zati bat aitortzea. Eskenatokian asko ibilia da alkate hau. Gu saiatu gara gure azalpenetan baina dena zekien berak. Martxa honetan behintzat gurea ez da aurka hastea. Etsipena da elkarrizketa ondorengo sentipena; gerora eta noizbait izanen ahal du eraginik pertsonaia hauengana etortzeak; gaurkoz ez.

 

Argi esan nahi dugu: Senideok bi aldiz jotzen gaitu egoera bortitz honek, errepresaliatu politikoen senitarteko garenez eta euskal herritar garenez.

 

Bazkaria elkarte batetan. Zopa, redondo-biribilkia saltsan patata-purearekin, mandarina, mahatsa pastelak.

Paulek prentsaurrekoa eduki du jangelan bertan irratiren batekin.

 

Oso berandu egin zaigu!!!. Josu txoferrak astintzen gaitu, ordua dela eta jaikiaraziz: gaur bezala askotan. Eskerrak!.

 

Martzial: baserrian bizi izan zen. Aizkolaritarako gorputza duela diodanean, aita  zuzena zela  erantzuten dit eta ezina zela aizkolari izatea, aizkorak berekin izan baitu  apustua eta iruzurra. Gaztetan bizikleta zen bere zaletasuna. Ez zuen aurrera egiteko erabakirik, "tenperamenturik" dio berak, baina ez zion inork ihes egiten, azken esprintean ez bazen. Orduko onenekin lehiatu zen Gipuzkoan eta behin ere ez zen seigarrena baina atzerago heldu, bigarren edo altuenez hirugarren gehienetan. Mila istorio ditu.

 

ANTZUOLA. Eskopeta hotsetan eta ke artean Mairuen eguna ospatzen duten plazan egin dugu gure ekimena ere. Normaltasun osoz kaleko jantzitako bi gaztetxo izan dira  aurreskulariak; dantza bera izan da dotorea. Elizaren hormen babesean hartu ditugu atxikimenduak.

Pili-Justo alkatearengana: HBkoa zenez firmatu du arazorik gabe.

Ez diegu hitzik zuzendu Antzuolan gure nork noiz nahaste batengatik; penagarria, ez baitago herri ez txikirik ez apalik gure helbururako; nik ikasi dut aurrerantzean adi egon behar dugula gutariko bakoitza, gaurkoa berriz gerta ez dadin.

 

Herri honen duintasunagatik. Gure duintasunagatik. Gure seme-alaben duintasunagatik.

 

Kolektiboan ez dagoen baten senitartekoa etorri zaigu bere semearen argazkirik ez daramagula esanez: ez da lehenengoa, Eibarren ere izan zen holakoren bat. Norbaitek esan digu ere ia preso sozialez ez diogun ezer. Guk denentzat egiten dugu egin gure eskaria, baina argazkiarena ez dago gure esku, kolektibotik baztertu denak berak eskatzen ez badigu behintzat. Bestela argazkia erabiltzea bera aurpegiratuko ligukete.

 

OINATI. Aizkorri elurtuak negu kutsua ematen dion arratsaldean, "Kalera kalera" txistuak joz eta besteok abestuz eman diogu hasera ekitaldiari udaletxe ederraren aurrean. Jende heldua zen bertan bildu zaiguna, baita ume batzuk ere, gazteak guti, agian hemen ez dute langabezia arazorik eta lanean daude. Presoen aldeko Plataforma sortu da, gaur bertan egin dute bilera. Manifa herritik zehar antzinakotasuna gorde duten kaleetan, barrutik ederra den eliza aurretik  eta kanpotik erakargarria den unibertsitate paretik. Bonboiak oparitu dizkigute. Atxikimenduak bidali egingo dizkigute.

Patxi estreinatu zaigu hizlari, berak hitz egin du.

Paskual estreinatu zaigu Paulerekin udaletxeko elkarrizketan: lan asko eta fina egin dute Senideak Elkartekoek Udaletxean, sortu baitute giza eskubideen aldeko elkartea.

 

Berandu gabiltzan arren eta hotz egiten duen arren inpas luzeak egon dira ekitaldian. Urduri jarri gara geu ere, luze joan baita ekitaldia; tarte galdu luzeegiak izan ditugu. Nekatuta ere bagaude. Azken ordura arte ez omen dute gentozen berririk izan. Bada kontutan hartzeko arazoa, aurrez jakinarazi eta egitaraua zehaztea.

 

Maila guztietako herritar orori dei egiten diogu denon partaidetza beharrezkoa egiten duen ahalegin zabal honetan esku har dezan.

 

Bonboiak izugarri gozoak zeuden. Autobusean jan ditugu. Bata dela edo bestea, beti jaten!.

 

Josu: bere hitzak beti dira egokiak, guti direnean ere, zerbait zehaztu edo borobiltzeko. Diziplinatua du burua, ideiak ordenan jarriak. Ez du ezer inposatzen dialektikarako ahalmena izan arren: funtsezkoa talde baten osasunerako.

 

ARETXABALETA. Errepide ezagutu  nuen kale luzean ilundu zaigu arratsa, ilara luzean zeharkatu dugunean. Herriko beste puntan elkartu gara niretzat ezezaguna zen etxarteko plaza batetan. Atxikimenduak.

Patxik hitz egin du, finkatuz doa mitinlari berria.

 

 Plazan bertan dagoen Elkarte batetan gorputz hotzak eskertzen duen salda beroa.

 

Kartzelako presozainen utzikeriak, zaintzarik ezak, ardurarik ezak!!!.

 

Autobusa - ekintza - jatorduak - loa: lau ihardun horietara mugatzen zaigu erabat eguna, beste ezertarako astirik ez zaigu gelditzen. Ez dugu atseden edo solasaldirako une librerik. Beteegia delako,  asegarria.

 

Arrantza kontuak kontatzen dizkio Justok entzun nahi edo galdetzen dion edonori. lehorrekoontzat berriak, interesgarriak eta entretenigarriak dira. Arrantzale mundura hurreratzeko bide bat.

 

Kotxe karabanan  egin dugu Arrasaterako bidea.

 

ARRASATE. Jende pila genuen zain herritik kanpo. Txapliguak ere ugariak. Sarrera luzea egin dugu Udaletxe aurre eta Eliza osteko plazaraino. Argazki guztiekin, gauez, ilara luzatuz. Izugarria gertatzen da berriz ere 600 presoen agerpena.

Plazan: Jendetza bildu gara. Baso bat dira argazkiak. Dantzari jantzitako mutilak egin du aurreskua. Josepak jaso du lora sortaren eskaintza.

Senideak-eko batek hitzaldia eman du: herriko presoen egoerari buruzko informazioa eman eta argitu du: ez zait gustatu, Senideak-en filosofia baino gehiago mitin politikoa izan da, presoen eta  gure arazoa politikoa bada ere; gainera gazteleraz izan da non eta AED medio Euskarari buruz eredugarria azaltzen den herrian. Atxikimenduak.

Josepak egin di htz, tokatu ere berari tokatzen zitzaion hitz egitea, bere herria baita; baina edonon da entzutekoa Josepa. Presoen aldeko Plataforma  sortu da eta badirudi lanerako indarrez daudela. Txapligu-bonbak danbaka egon dira presoak gogoratuz.

Pakual beterano egin zaigu Paulerekin  Plataformakoekin elkarrizketatuz.

Josu-Pili Sindikatuekin egon dira: denek izenpetu dute atxikimendua.

 

Gu geu astintzen gaitu gure senitarteko presoak erasotzen dituen estatu bortizkeriak:  jipoi, tortura, isolamendu, eraso, bahiketa, heriotza, osasun zainketarik eza, ... inpunitate osozko zitalkeriaz eraginak.

 

Errepikatu eta azpimarratzen dugu gure arteko solasetan kalean egon behar dugula, mezua zabaltzea dela hemendik aurrerako gure eginkizunik nagusiena. Derrigorrezkoa dela etenik gabeko presentzia eta iharduna kalean, giza egituretan.     

 

Paskualek belarritakoa darama; semeak "karroza" deitu omen zion behin, orduan  belarritakoa jarri zuen eta koleta utzi. Belarritakoak dirau.

 

Herrikon egin dugu afaria: salda, patata saltsa berdean, untxia saltsan eta poteko melokotoia. Bertakoekin,  afari-kide asko izan gara. 

Ekimen ibiltaria

Jon Etxabe 2017/07/28 12:20
5. eguna: Abenduaren 4a. Osteguna: 04. Errezil, Mutriku, Deba, Zarautz, Zumaia, Zestoa, Azkoitia, Azpeitia.

Goiz jaiki da Paskual semeari egunotako kronika eta berriak idazteko.

Taldeko gorabeherak eta kritikak bileretan soilik esango ditugula erabaki dugu. Akatsak taldean eta agerian konponduko ditugu.

 

ERREZIL. Eguzki goxoz argitu zaigu eguna,  baina goiza erabat hotza da. Ernioko haitzak tontorrean  bristago, malda belartsuak berdeago, baserriak berriz zuriago eguzkipean, zoragarria zegoen Errezil bailara. Hamarrak aldera ginen bertan. Izotzak hormatu ditu lurrak,  ez baina herriaren bihotza. Taldetxoa geneukan zain, eskolako umeak tarteko, ume batek  ama baitu kartzelan eta eskola-kideak bat egin nahi izan dute berarekin: sentikortasunak halako fintasunak ditu, agian gaurkoa eguneko, asteko edo hileko ikasgairik nagusiena izan da umeontzat: solidaritatea, justizia, askatasunaren ikasgaia.Trikitixak halako giro berezia sortu du, bai letrak zioena bai doinuak  eurak hunkigarriak izan dira, baita eszenaratzea bera ere: plazako banku zurian eserita soinujole emakumea semea zitekeen gaztetxoa pandero-jole zutik alboan; hainbat doinu ezagun betikoak kanta dizkigu, kantaera ezberdin berezian kanta ere; nire erraiak barreneraino ukitu eta astintzeko "Itziarren semea" abestu du, nire lagun min bati harrapatu eta torturatu zutenean eginiko kantua, gero Ernio bezalako haitz batetan hil bazen ere eskalatzean. Txalapartak oihartzun mingarriagoa du goiz honetan. Atxikimenduak: PNVren zerrendako alkate independenteak izenpetu du. Doinuagatik, giroagatik edo betiko ideiak esateko moduagatik hunkigarria suertatu zaigu ere bertsolaria.

Tomas-Pili izan dira alkatearekin elkarrizketan.

Paule hizlari.

 

Hamarretakoa ere izan dugu urdaila eta giharrak berotzeko: gazta, intxaurrak, ardoa.

Giro goxo eta berezia sortu da, berotasuna sumatzen da senideon bihotzean baita herrikoengan ere, hotz errea egiten duen arren. Txalaparta soinuz bildurik, "Hator hator" abestuz esan diogu agur elkarri.

 

Herri baten kontzientzia eta garrasia izan nahi dugu.

 

Ze ezberdinki senti eta bizitzen duzun gertaera bat sufritu duena auzo, lagun eta bidaia-kide bilakatu zaizunean. Horregatik sufrikarioaren eta sufritzaileen hurbiltasuna eraman behar diogu herriari, politikoari, urruna eta hotza gerta ez dakion egoera. Ez, baina, negar eginez, ez limosna eskatuz, justizia aplikatzeko exijituz baizik.

 

Enigma xamarra zitzaigun gauerako ohea aukeratzerakoan Paskual, gela bakarra nahi du ahal bada, gela konpartitu ezkero lagunari enbarazu izango ote zaion beldur baita. Arazoa argitu den arte:  bi balbula ditu, ez zaizkionez arnasketa eta bihotz taupadak elkar egokitzen, aparailu batek orekatzen dio arnasa. Lo eginezko lau orduz  edukiz aparailua, egun osorako arnasberritzen da, baina aparailuak zaratatxoren bat ateratzen dio nonbait, horregatik nahiago gela bakarrean lo egin.

 

Nire jaioterritik, Altzolatik, egin dugu Debara arterako bidaia, gero itsas ertzez.

 

MUTRIKU. Herriko sarreran genituen zain mutrikuarrak, talde sendo xamarra, hainbat ezagun tartean, bere pankartekin. Gureak ere atera ditugu. Herria zeharkatu dugu lehenengo portura beherantz eta gero plazara gorantz arrantzale kaleri bihurri pikeetan manifa isila baina ozena osatuz. LABeko delegatuek lana utzi eta berton egon nahi izan dute. Alkatea ere, PNVkoa, plazan genuen zain, udaletxe aurrean. Talde bizkorra, alaia, langilea Mutrikukoa. Ugariak izan dira atxikimenduak, mota guztiko talde eta erakundeenak, baita Udaletxekoa ere, banan banan eman dizkiete pankarta txikian zeudenei, elizaurreko harmailari luze-zabalaren barrenean; Azpillaga bertsolaria ikusi dut baina taberna batetan; politikak kutsatu ote du gure bertsolaria. Mutrikuko fruituak ere eskaini dizkigute: laborariek madariak, kibiak, sagarmina edaria;  fabriketakoek kontserbak. Txalaparta, aurreskua eta beste ohizko zerbait izan zelakoan nago baina nire notek ez diote ezer.

Lolik hitz egin du.

Patxi-Pili izan dira alkatearekin, Justo-Paule apaizarekin.

 

BKko Mahai Nazional osoa zigortu dute 7 urtetako kartzelara. Gaia gure hitzetan ere aitatzea erabaki dugu.

23 familiez, Mahai Nazionalekoez, gehituko da jadanik zabala den euskal preso politikoen senideon familia.

 

Blankari oinetako lokarriak askatzen zaizkio, denok gaude adi noiz askatuko, Josepak goizean gogor lotutako korapilo askatzearen misterioa zein ote: txikia denez hanka gainarekin jotzen du pankarta barrena, hori da nonbait dena. Manifetan M. Asunek lotzen dizkio: pauso labur bizkorrak eta sarriak emanez, lasterka, tiki-taka, harrapatzen du berriro pankarta. "Nik lotuko banio etzaioke askatuko" esan dit albotik Martzialek.

 

DEBA. Zubi ondoan egin digute harrera, eta bertan eman  diogu hasera manifari herriko plaza nagusiraino. 6 preso daude herrian: ibiltarion pankartan jartzen ditugu beti herriko presoen pankartadunak eta familiartekoak. Lukas ere han zegoen. Beti bezala aurrea hartu eta gertu zituen panelak Ibonek, baita megafonia ere, Josu manifaren aurretik doa beti bezala abangoarda musikarekin. Familiartekoak jarri dira erdian panelaren aurrean eserita, gure bi pankartak alboetan. Txalaparta, poxpolin batek dantzatu duen aurreskua, bertsolaria, atxikimendu pila mikrofonoaren aurrean irakurri eta gero eskura guretarikoei emana; atxikimenduen artean Euskadi mailan CCOO-ek emandakoa, zerbait leundu badute ere Senideak-en testua. Eskulan  bat edo eskulturatxoa oparitu digute. Bikote bat joan da udaletxera ez dakit norekin elkarrizketa batetara.

Jon. Niri tokatu zait hitz egitea

 

Mahai Nazionaleko kideak hain ankerki zigortu dituen epaitegi eta epaileen eskuotan egon dira eta daude gure familiarteko presoak ere.

 

Gure esku uzten dute zenbait herritan zer egin erabakitzea,  ze firma mota bildu ere ez dakite hainbat herritan, baina guk uste dugu herrikoek beraiek aukeratu, antolatu eta erabaki behar dutela herri bakoitzeko plangintza osoa: antolakuntza eza nabari da, azpiegitura guti dago.

Ezagunak eta lagun zaharrak aurkitzen ditugu herrietan; bere herritik hain urruti, Tomasek ere topatu du bat. Harremanak berritu eta berriak egiteko aukera ere ematen digu ibiltariarenak.

 

"Josepa, zelan, ondo?. - Ondo ez, Gogor!!!."

 

ZARAUTZ. Atzerapenarekin heldu gara. Autobidetik sarreran izan dugu lehen harrera, han zen

Arantxa ere. Bertan hartu ditugu atxikimenduak, Andoni Egañarena tartean, bera han ez bazen ere. Udaletxe aurreko plazan burutu da ekitaldia. Zain zegoen EAko Murua alkatea Udalbatza osatzen duten talde guztietako ordezkariekin, EA PNV, PSOE, HB; han egon omen da ere PPkoa baina lanerako berandutu egin zaionez alde egin omen du. Zarautzeko telebista ere han zegoen!!!. Muruak banan-banan eman digu eskua denoi. Zurezko taila bat eta brontzezko Senideak-en ikurra eskaini dizkigute. Atxikimenduen zerrenda irakurri eta beste hainbat eman.

Joxepak hitzak.

 

Eskubide zehatzak aldarrikatzen ditugu.

 

Bazkaria. Herrikon izan da. Arrai zopa edo salda aukeran,  lapikoko okela saltsan edo untxia aukeran, legatza okelarik nahi ez duenak, intxaurrak, gazta eta menbriloa. Ona izateaz gain izugarri goxoa.

Jatea euskal kultura omen, beraz sukaldaritza euskal artea.

 

Josefak erakutsi du Muruarekin kartzelako ordu garratzetan landutako sen diplomatikoa. Balioko al du hainbeste alkate ergel adoretu eta atxikitzeko, nortasun propioa erakutsiz alderdiko aginduei itsuki eta esklabo lotu gabe.

 

ZUMAIA. Ertzainak ez digu utzi, orain arte lehenengoz,  errepidetik egiten sarreratik erdirainoko bidea: morroi zital hauek bai ez dutela nortasunik. Gazte pila zegoen zain.Txalaparta eta atxikimenduak.

Patxi-Paule udaletxera joan dira: firmatu dute. Justo eta Pilirekin apaizarengana joan naiz ni eta ez naiz ekintzan egon. Parrokoa ez da egon, ihes egin nuen ondoren  urte luzeetan  ikusten ez nuen lagun mina Joxe apaiza bai; pozgarria izan da berriz elkar ikustea; nola ez, atxikimendua eman digu.

 

Politikagizonek duela bi urte ezarritako legea bete dezatela exijitzen duen oihua gara.

 

Hitzak, aurkakoak baino aldekoak hobe, baina zerbait konkretuan gauzatzen ez diren hitzoi ustel zaporea darie.

 

78 urte ditu Josepak, 74 Blankak, biak elkarrekin doaz beti, pankarta ostean, jatorduetan, lotarako etxeetara, ... batak bestearen euskarri bailiran. "Non da nire alaba?" galdetzen du beti ere Josepak.

 

ZESTOA. Txapligu piloa boteaz egin digute ongietorria. Jende pila. Zestoako plaza karratuan ez hain aspaldikoa baina ikusgarria den arkudun eraikuntzaren aurrean. Aizkolariak dispertsioaren enborra ebaki du: errealitate bihurtuko dugunaren sinboloa. Atxikimenduak, ugari.

Pili-Tomas joan zaizkie udaletxekoei sinadura bila: EAko bi zinegotzik  izenpetu dute, goikoek ez dutela egiten baina beraiek ulertzen dute arazoa eta pertsona mailan izenpetu egin dute; alkateak ezetza eman dio elkarrizketari inolako arrazoirik azaldu gabe: "hor ibiliko da potolo hori mozkortzen tabernarik taberna" entzun diot neska gaztetxo bati.

Herritarrekin hitz egiteko aukera izan dugu zain egon garen aldi nahiko luzean.

Jon. Ni izan naiz hiztuna.

 

Lotsa ere ematen digu agintariei bere legea gogarazten ibili beharrak.

 

Herri bakoitzak aurresku eskola ezberdina du, herri bakoitzak ezberdin dantzatzen baitu.

Altxor paregabea du Martinek: Euskara, Etxarriko euskara petoa, erdarak kutsatu gabeko euskara itxia, kontrakzioz betea, ahopean trinkotua askotan, joskera, ahoskera eta doinuz bitxia: sinfonia bat entzutea da berarekin hitz egitea.

 

AZKOITIA. Gazteak izan dira batez ere bai antolatzaileak bai presentzia markatu dutenak. Kale meharretan eraman gaituzte plazaraino autobusez gazte ausartek: herrizaina ere han ibili zaigu txoferrari balkoiak jo ez zitzan lagunduz. "Pozten gara zuok nagusiak etortzeaz, horrela badugu etxean esaterik badela martxa duen zaharrik ere, ez garela gazteak bakarrik mugidan gabiltzanak" bota digu gazte batek.

Soinua eta panderoa,  atxikimenduak, Atano pilotari egin zen Udaletxeko arkupean luntxa, gazteek, soinuz eta animosoenek egin duten dantzaz bilduta. ETB ere agertu zaigu behingoz, kamara soilik,  baina gauez, dena bukatu ondoren arkupeko mokadu hondarrean, jadanik guti ginela. Arkupetan harrapatu dute alkatesa: ziztrina, inpresio txarra egin digu, konprenitzen omen du baina sinatu ez:  ez du ez dignitaterik ez nortasunik erakutsi.

Alkatesarekin elkarrizketa Tomas-Pili,

Jon hizlari

 

Lehengusu jeltzale baten semea ere aurkitu dugu plazan. Etxean ez du honetaz  ezer aitatzen "marmarrean hasten dira eta".

 

Legea bete hutsez askatuta behar zuen korapiloaren matazari tiraka gabiltzan Euskal Herriko ibiltari bereziak gara.

 

Justo marinelak alde batetik eta Martzialek bestetik ze nolako astinduak pankarta luzeari: bi arrantzontzi dirudite itsasoan sareari tiraka biak.

 

AZPEITIA. Txapliguak ziren ongietorriaren eta heldu garenaren seinale. "Enbor beretik jaioko dira besteak" errepikatzen zuen abestiak igerilekuan elkartu eta kartel-argazkiak banatzen zirenean. Azpeitia berria eta zaharra zeharkatu ditugu plazan bukatzeko. Aurretik ikurrin erraldoia  9 dantzarik eramana, ondoren barne astindua eragiten dute argazkien ilarek gauean kaleetan zehar isiltasunean. Hankaluzeak izan dira pertsonaia bitxiak denen gainetik nabarmen. Plaza bertako zoruan jarri gara hasieran baina kioskoan kokatu gaituzte atxikimenduak jaso ondoren. Nuarbe eta Urrestillako tiratzaileak jardun dute sokari tiran darabilgun ahaleginaren sinbolo: luze joan da lehia, soka geldi luzaroan tenk ez batera ez bestera, gure borroka ere luze doan bezala; Nuarbe txapeldunak galdu egin du azkenik, guk itxuraz ahulenok ere irabazi egingo dugu, geuk dugulako arrazoia; tiratzaile denek eman dizkigute atxikimenduak. Eskalatzaileak kartzelako hormetatik zintzilikatzen lez etorri zaizkigu atxikimenduak ematera: firma bilketa egin dute Urola bailara osoan  uzta oparoa lortuz. Bertsolariak: Lizaso, Loidisaletxe, Lazkano eta ezagutzen ez dudan laugarren bat. Abeslari  bat ere aritu zaigu. Aurkezle lanetan ari denak ere irakurri du bere solasa: ideiak betikoak ziren baina dotore josiak eta ahots atseginez irakurriak. Zarautzeko korua aritu da ondoren. Aurreskua bitxia izan da baina ez bederatzi dantzarik dantzatu dutelako: txistulariei deitzea ahaztu eta doinurik hasten ez zenez espontaneoki bilduok geurenez hasi gara bat lehengo besteok jarraiki ezpainez txistu eta ahotzez aurresku soinua ozentzen: bitxia ez ezik polita eta nolabait hunkigarria ere izan da, berezia behinik behin bai.

Josepa hizlari.

 

Gizon batek 25 mila pezeta eman ditu.

 

Behin ere ez da berandu  gure herriaren bizitza baldintzatzen duen arazoei irtenbidea aurkituzko nahiak eta ahaleginak biltzen hasteko.

 

ETB ez da etorri kale arteko manifa eta plazako ekitaldia filmatzera: ekimenaren irudi kaskarrenak ematea da errealitatea distortsionatu eta egia gezur bilakatzeko teknika maltzurra.

Tomasi bere semearen argazkia suertatu zaio lehen ilaran; hunkitu duelakoan nago: "zaindu ezak ongi" esan dio neskato eramaileari. 

 

Denok dugu garbi bidaiako helburua, horregatik elkar ondo eramaten saiatzen gara, tokatzen zaigun lana onartzen dugu, bestearen okerrak gainditzen eta garraztasunak leuntzen.

 

Afaria. Hestebeteak, entsalada, haragia piperrekin edo tomatearekin aukeran, ijito-besoa tarta edo hostopila aukeran.

Arantxa eta Pelloren etxean lo egin dugu, Jon eta Beñaten gelan, mendizaleak dira gazteok, baita euskal kezkatuak ere posterrei begiratuz behintzat; etxe zaharra berritu eta gustuz apaindua dute, ikuspegiak ere ederrak.

Ekimen Ibiltaria

Jon Etxabe 2017/07/25 11:42
4. eguna: Abenduaren 4a. Asteazkena - Tolosa, Ibarra, Billabona/Zizurkil, Irura/Anoeta, Alegi, Amezketa, Tolosa.

Bilera egin dugu gosari ondoren:

+ manifa egitera animatu behar ditugu herrietan, nonbaitzutan ez baitute manifarik planteatzen; nahiz guti izan gizakatea eginez itxurosoa eta deigarria gelditzen da.

+ gure manifak isilak izanen dira eta aurrean Senideak-en ezaugarri den musika eramanez eginen da, musikarik ez denean kamioneta sartu ezin daitekeelako zenbait kaletan oihuak botako ditugu: "Euskal Presoak Euskal Herrira” izanen da slogan bakarra.

+ musika manifestariontzat ez ezik kale aurreko eta etxeetako herriarentzat da batez ere.

+ zenbait herritan atxikimenduak entregatu besterik egiten ez dutenez, izenpetu dutenen izenak irakurtzera animatu eta aholkatu behar ditugu herriko arduradunak.

+ komeniko litzake herri bakoitzeko egoera jasotzea hitzaldi egin aurretik.

+ telegrama bidaliko dugu Etxarrira Ikurrinaren Egunerako.

 

Gauez etxean hartu gaituztenak etortzen zaizkigu agurtzera autobusera, beraz senideen sentipen epelaz bilduta alde egiten dugu herri bakoitzetik.

 

Burgosen genbiltzan, Prozesoan, duela 27 urte, eta hemen gabiltza oraindik sakonean helburu eta arazo berdinekin, kausa berarengatik behintzat.

 

TOLOSA. Plazan bildu beharrean, erreka kontrako azokako aterpe zabalera eraman gaitu euriak, goiz zakar eta umel honetan. Ibaia gizen dator, ahatek diote bizi dela beti apar zuriz ustela ezagutu dugun ibaia. Herria ere bizi da Tolosaldean. Pepi da nonbait presoen aldeko ahaleginaren "alma mater"-a: zehatz pentsatu eta antolatuta dute dena, zer eta noiz erabakita. Ikasle talde zabal bat izan dugu lagun goiz guztian: atxikimendua erakutsi digute sinadurekin ez ezik pankarta batekin ere; poema bat irakurri digute, baita txistulari ikasi berri baten soinura aurreskua dantzatu ere.

Herri txikietako 5 alkate hurreratu zaigu atxikimendua eskainiz. Goiza luze joan da eta herriarekin harreman franko izateko aukera eduki dugu. Hainbat atxikimendu. Agur dantza erabat ezberdin bat oso dotore dantzatu du mutil batek.

Josepa mitinera bihurtzen ari zaigu, oraingoan ikasleei egin die  ohi duen lez  hitz bizi eta hunkigarriekin.

 

Jakin badakigu arazoa ez dela txantxetakoa, ezta egun baterakoa ere. Luzarorako lehia dugu. Fisikoki, psikikoki eta politikoki borroka iraunkorrerako gertatu gara. Baina ez gara ezinaren ateetan betirako eskale. Lortuko dugu.

 

Tabernariek hamaiketako gozoa eta oparoa eskaini digute Kultur Etxean. Mokadu denboran herriko presoen aldeko taldeak edo Plataformak presoen alde daramaten ekimen eta ekimenen berri eman digu. Udalarekiko informazioa ere eman da: 50 mila pezetako fidantza eskatu du alkateak, EAkoa omen, arratseko ekimenerako oholtza uzteko.

LAB-eko aldizkariaren arduradun kazetaria darabilgu gaur gurekin herrietan Martxari buruzko erreportajea atera nahi duela eta.

"Herri osoaren duintasuna dago jokoan" zioen HBren pankartak.

 

Telefono erabilkor horietarikoa da Senideak-en bulegora lotzen gaituen zilborrestea. Nereak darama. Takian-potian  eta edonon rin-rin hotsak betetzen du ingurua eta denok isiltzen gara entzutea errazteko.

 

IBARRA. Ohi denez gure bi pankartekin hurreratu gara autobusak utzi gaituen errepidetik, zubitik erreka zeharkatuz, Eliza eta Udaletxe harrizko argiak norgehiagoka bezala aurrez aurre dauden plaza xumera. Aurreskua plaza bustian eta  atxikimenduak: bere atxikimendu pertsonala sinatu digu alkatesak: ez dago Jendetzarik ez, baina  sutsua eta tinkoa izan dira gazte baten hitzak.

Lolik eman die darabilgunaren berri.

 

Pazientzia luzeegia izan dugu. Usteak  zein ustel diren ikasi dugu.

 

ELAren atxikimendua jasotzen dugu zenbait herritan, LABerena ia gehienetan.

 

Semea polizien eskuetan erori zitzaiola berria norbaitek eman ondoren, etxera joan zen Josefa; alaba etorri zitzaion arteko zer egin ez zekien une bakarti urdurian, bere bizitzako lehen eta azken zigarroa erre zuen; ez daki norena noiz nola non aurkitua. Une latzak pasa behar izan ditu senide orok, gehiago gurasoek, etxeko senide bat erortzean. Nik amarena dut gogoan, harrapatu nindutela telebistan entzun zuenekoa, Karmenek ere badu esperientzia latza. Blankak ere bai. Denok.

 

BILLABONA - ZIZURKIL. Jende moltso polita geneukan zain kale-gurutze batetan, lurreratu garenean. Bertsoak  eta ongietorriko hitzak kalean bertan. Gizakate ilara isila luzatu da ondoren herrian zehar Udaletxe aurreko plazan bukatzeko: egonaldia egin dugu bertan. Atxikimenduak, baita alkatearena ere: Udaletxearen izenean izenpetu du, independentea izaki, politikak kutsatu gabea.

Paulek hitak?.

 

Nire semie, gure semiek, semiek ...!!!.

 

 

Monolitoa du Piliren senarrak mendi gailur batetan; noizbehinka puskatuta agertzen da. Aurten 7. urtemuga ospatzera joan zirenean fardel antzerako bat ikusi zuten; zer izango kezkaz hurreratzean ezustekoa zuten opari: norbaitek zuhaizka bat zuen landatuta oroitarriaren ondoan, plastiko beltzez  babestuta. Ezaguna behar duen ezezagunaren omenaldi anonimoa.

 

Bazkaria elkarte batetan: esparragoak, arroza marinelen erara, oilasko errea eta tarta. Bere santu-eguna denez xanpainaz gonbidatu gaitu Patxik, baina ez diote utzi ordaintzen. Erabat berandutu zaigu eta Josu txoferrak astindu behar izan gaitu.

 

Ekintzako isilune luze eta astunak betetzea ofizioak erakusten duen teknika da. Ibiliak erakutsi dio  Josepari ere eta ondo ikasia du: ekitaldiko ezerik gabeko unetan edo manifako musikarik  gabeko tarteetan "Euskal Presoak Euskal Herrira"ka  hasi eta jarraituko du.

 

Loliren senarra ere agertzen  zaigu inguruko ekimenetan.

 

IRURA ANOETA. Zain genuen taldea. 3 pankarta,  dantzari taldea eta jende multzoa kokatu zaizkigu autobus aurrean: horrela joan gara Udaletxe aurreko plazaraino  berezia iruditzen bazitzaigun ere gure autobus barrutik manifan parte-hartzea. Gu herriak eratu duenera makurtzen gara beti, herriko antolatzaileek baitute azken hitza. Ez gaituzte nekatu nahi nonbait amona-aitonok.  Lore bana oparitu digute. Peña izan da bertsolaria: doinu hunkigarria aukeratu du eta bertsoak ere nolabait ezberdinak izan dira poeta ukitu eta irudipenekoez, gero senideokin jarri da pankarta ostean. Pleno Aretoan bildu gara  eta herriko jendearekin izan dugu iritzi trukaketa: azaldu dugu gurea eta beraiek berea.

 

Erromes gatoz Euskal Herriko errepide eta kaleetan. Barru eta larru nekaturik maiz,  baina gure bidean aurrera.

 

Edonoiz, odonon eta edonori gerta zekigukeena gertatu zaigu Anoetan: izan da komentario edo galdera zital xamarra eta guretariko bat labaindu da harri irristakorrean. Politika inguruko ur labainetan ibili da eztabaida; luzatu egin gara gainera. Gero autobusean egon da nonbait norbaiten hitzen bat horri buruz. Mindu egin zaigu Loli, baina errua ez da berea ez inorena izan: esperientzia beharrezkoa gerta zaigu hurrengoetarako.

 

ALEGI. Atzerapen luze eta guzti, aurpegi alaiz zeuden zain plazatxo batetan. Txintxarria oparitu digute, nonbait alegiarrak "txintxarrak" dira.  Narruzko bi pilota izan dira opari ezberdina: Tolosa pilotariaren oparia omen, bera gaur kanpoan bada ere. Bazen beste eskulan opari bat ere. Atxikimenduak. Irakasle borroketako laguna ere aurkitu dut ezustean bertan.

 

Atejole gabiltza agintari nahiz elizgizonen zintzotasunaren barne zirritu eta bihurgunetan.

 

Elurra dugu, lehenengoz negu honetan, Aizkorrin.

 

Josepak bereganatzen digu atxikimendu eskaintza gehienak: besoak zabalik jartzen zaie datozenei, a ze nolako besarkada eta hitzak bereak.

 

AMEZKETA. Plaza inguruak behintzat gorde du antzinako egitura eta giroa; inguru paregabea genuen arratsean Txindoki elurtuaren pean. Osteko ke multzo zuriak kontrairudi zitala dirudi, baina fabrika kutsatzaile hori omen herriaren ardatz ekonomikoa eta bizia, berari esker bizi baita Amezketa. Agian sinboloa ere bada ke-multzo hori: arrats erakargarri hartan presoak ziren kontrapuntu mingotsa, agian presoei esker bizi da herria, ez da erori etsipen eta errazkeri ustelean, askok besterik badiote ere. Txalapartak soinu berezia zuen ilunabarreko azken argian, Ume batek irakurri digu eskolako umeen harremana presoekin, elkarrekin trukatutako postalak zabalduz irakurri genitzan,  hunkigarriak umeek irakurriz abestutako bertsoak:

 

                                 "Jaia irria ta poza, badaukagu nola goza,

                                 tristuraz dugu halare, nahigabe bihotza.

                                 Herriko seme direnak, herritik urrun daudenak

                                 nahi ditugu elkarrekin, gurekin denak.

 

                                 Zuk barrutik nik kanpotik tira,

                                 herria indartzen ari da.

                                 Lehenbailehen ekarri behar dira

                                 presoak Euskadira!.

 

                                 Dispertsioan kastigu, gogorrak badakizkigu,

                                 zein diren eta nolatan, zeldatan gatibu.

                                  Aizu mutil, aizu neska, aldarrikatzeko presta,

                                 pare-parean dago ta borroka ta festa.

 

                                             Zuk barrutik ...(bis)"

 

Dantzari jantzitako bi mutil eta neska baten aurreskua. Atxikimenduak; Tolosa pilotariak eman du berea.

Paule xume baina ze positiboa, goxo goxo eta egoki giroari lotuz. 

 

Umeak bertso kantari, etorkizuna gurea da. Gure ondorengoa ziurtatuta dago. Zuek umeok zarie gure itxaropena.

 

Arrats berandukoan, ilunkaran, gaztainak sagardoarekin jarri dizkigute plazan bertan eta gaztainak erretzeko suaren inguruan "Hator hator" lehenengo, ondoren banatu dizkiguten koplak  kanta ditugu:

 

Lehen egina izanagatik

hortan hainbeste ahalegin

presoen alde herritar  denok

behar dugu zerbait egin

 

Indar berriak hartu ditzagun

ta aurera gogotik egin

kartzelako gogortasuna

pixka bat arindu dadin (bis)

 

Garai honetan jarrita gaude

Olentzerori begira

eskatuz euskal preso guztiak

ekartzeko Euskal Herrira (bis)

 

Aldarrikapen berarekin

gabiltza jira eta bira

turroirik gabe konforme gara

denak etortzen badira (bis)

 

Arazo bilakatzen ari zitzaigun bazkari-afari gozo bezain oparo, goiz erdiko hamarretako hamaiketako zein hamabitako, goiz hotzetako gazta lukainka eta abar bizigarrien ugaria, eta hara non gaur  merienda ere, arrats bukaerarako janari.

 

Fin eta demokratiko dabil Bego: egun hauetako batetan aurkeztu dizkigu argazki ezberdinak denon artean bat aukera dezagun kartzelatara gutunerako.

 

TOLOSA. Taberna edo nonbaiteko mahaiak jarriz moldatu dute azkenik oholtza, herriko agintariaren lotsagabekeriagatik. Aurkezpen luzea egin digute, aurkezlearen solasa,  poesia irakurketa, krabelin eskaintza, aurresku dantza, preso ohi baten eta beste zenbaitzuen hitzak, atxikimendu ugarien irakurketa eta oparia. Alkatearen portaera ere salatu dute. Plaza beteta ageri zen, presoen argazkiak basoa zirudien plazan, Tolosa zaharreko nahiz berriko kaleetan berriz musika bezain ozena ziren argazki ilararen eta isiltasunaren garrasia.

Josepak hitz egin du.

Pili-Patxi, Salegi-Loli, agian Justo-Loli ere bai, izan dira elkarrizketatako bikoteak.

 

Ez dugu miraririk eskatzen, ez gara ezeren eskale, ez gara eskekoak, ez gatoz erreguka.

 

Loli erreta dago, agian minduta ere, bere buruarekin haserre ere bai, Anoetako hanka sartzearen errua berea delakoan edo, taldearentzat kaltegarria izango den beldurrez edo. Paule egon da berarekin; gau hauetan bezala etxera joan den arren, bihar berriz ere gurekin izanen dugu. Denok sentitzen ginen errudun eta kezkati. Loliren izaerarekin laster da berriz betiko ihardunean.

 

Patxiri sendia etorri zaio: emaztea, alaba-suia, iloba: 3 belaunaldi presoen aldeko lehian. Martini ere ez dio huts egiten Rosak inguruan dabilenean.

 

Afaria elkarte batetan, ez nuen menuaren berririk idatzi: lainopeko lausoan dut begi ostean baina ez naiz idaztera ausartzen hala ez ote den beldurrez.

 

Pepiren etxean lo egin dugu. Paskual ere gurekin zen. Senarra gaixo dago. Etxe osoa kartzelako eskulan eta oroipenez beteta du. Suhia du Almerian eta alaba astebururo joaten zaio istripuen arriskupe bizian.

Ekimen ibiltaria

Jon Etxabe 2017/07/21 15:25
3. eguna: Abenduaren 2. Asteartea - Astigarraga, Urnieta, EGUNKARIA, Andoain, Usurbil, Orio, Lasarte, Hernani.

ASTIGARRAGA.  Nik beste Astigarraga bat espero nuen, zaharra, eliza ingurukoa, baina eraikuntza berri bateko Jose Barandiaran plazan bildu zaigu-gara, moltso polita goizerdia izateko. Ez digu euririk egin baina aterkia dugu denok badaezpadako arma. Herriko ezaugarria izaki, sagardotegi publikoa bihurtu zaigu plaza: girotzeko eta goiza gozatzeko txistorra, intxaurrak, gazta, menbriloa eta nola ez sagardoa. Denok diogu gosaria eztarrian dugula oraindik,  gehitxo dela, adina, estimatu egin behar ba-eta, baina gustura ekin diogu ehotzeari.  Enkartelada burutu dugu ondoren baita atxikimenduak jaso ere.

Paule hizlari, goxo baina tinko.

 

Ez gara turistak. Ez gara ibiltari arruntak. Euskal preso eta errefuxiatu politikoen ama aita senar emazte anaia arreba iloba lagunak gara.

 

Beteta dator ibaia euriteaz, erakunde eta politikoen zurikeriagatik gure amorrua bezala.

 

Karmen. Berez isila baina hitz-asperturako lagun goxoa. Bere isiltasunean eta apaltasunean ze kemen, ze aurrera egiteko erabaki irmoa. Seme bat hil zioten Gasteizen; hiletetako oroigarria oparitu digu, poltsan daramatza.  3 seme izan ditu errefuxiatuta, alaba errefuxiatuta du,  suhia Huelvan preso, zeini emazte atzerriratua  ezin zaio joan bisitan.

 

URNIETA. Herri egitura fisikoa galdu duen herriak herri nortasuna ere galdu izan behar duela dirudit. Erdiguneak galdu duen antzinakotasunaren jitea  goiko plazan darrai oraindik: eliza, armarri erraldoi eta guztiko Udaletxea, Done Leokadiaren ermita eta zurezko leihoz oparo bezain berezi diren bi etxe. Leokadia Sainduaren aurrean zegoen presoen panela; bertan  elkartu gara denok, Jazinto seminariotik laguna  tarteko. Atxikimenduak.

Paule gaurko hizlari?.

Ekimeneko ibiltariok eta herriko taldetxoak osatu dugu herrian zehar  giza katea. Herri bakoitzean lez, Urnietan ere bertako presoen argazkiek eta senideek azaleratzen  dute egoeraren gordina.

 

Nomadak gara Euskal Herriko eta Espainiako politikagintza desertuan.

 

Irratsaioetarako elkarrizketa-gune bihurtu zaigu autobusa. Bidaian goazela deitzen digute eta autobusetik bertatik egiten da elkarrizketa.

Nereak bideratzen du gaia: noiz norekin nork. Besteok ikasi dugu isilik egoten eta hitz egiten duenak autobusaren atzealdera joaten, handik hitz eginez  hobeto entzuten baita, motorraren interferentzia eragin motelagoagatik edo.

 

EGUNKARIA. Zain zegozkigun errepide ertzean. EGUNKARIA gaztea da, espirituz ez ezik kazetarien adinez ere. Presoen aldeko plataforma sortu dute, baita gai horri zuzendutako Oihartzuna aldizkaria ere; ale bana oparitu digute. Atxikimenduak berez izenpetzen dira horrelako giroan. Poza eta itxaropena horrelako talde biziek ernarazten dutena.

 

Nola bideratu presoengana ibiltarionganako herriaren sentipena: hori da gure arduretariko bat.

 

Nere. Kazetaritza bukatu berria du. Irribarretsua, goxoa, bizia, erabaki handikoa, badu jenioa besterik badirudi ere. Hedabideekiko lotura egiten du berak, hori da bere ardura bakarra, garbi utziz ez dela taldeko arduraduna ez gure burua. Baina "Jefa" deitzen diogu.

 

ANDOAIN. Une zirraragarria da edozein herritan ere jendearen harrerakoa, begietako ñir-ñira autobuseko goitik begiratzen diegunean, elkarrenganako txaloak, elkar agurtzeak. Hunkigarria da herri bakoitzeko talde fin hori zain edukitzea beti.

Gizakatea betiko herrian zehar. Integratu gabeko "murziano" asko omen da Andoainen. Beraiei ere helarazi beharko diegu ba gure mezua!.

 

Harea besterik aurkitzen ez dugun desertuan hazia erein eta berdeguneak ureztatzeko premia eta ilusioz jantzita gatoz.

 

Azken begirada barruko eta kanpokook elkarri, begien irriñoz elkar agurtu, txaloak,  eta bagoaz gure ia etxea ere den autobusean.

 

Josu, kamionetako arduraduna: gidatu ez ezik musika, argazki eta hainbat zereginez arduratu behar dena. Nekosoa da bere lana sarri. Basauriarra, batzuetan Bilboko hurbiltasuna nabari zaio. Fisikoki ere mutil puska. Alaia, humoretsu jasan gintuen 20 egunez. Beti du zerbait esateko, baita erantzuna ere edozein adarjolearentzat. Makinatxo bat lan egin zuen  Patxi eta Ibonekin  gure maletak autobusetik kamionetara garraiatzen autobusak joan behar zuela eta gu geu gera ez gintezen maletekin zamatuta. Behin ikusi nuen haserre kamioneta pasa ezin zitekeen kaletatik eraman zutelako.

 

USURBIL. Errepidetik gertu bildu zaigu herritargoa, herrirainoko ibilia egin dugu pankarta ikurrina eta herriko presoen argazkiekin. Herriko egitura zaharrak dirau oraindik plazan, frontoia berria eta gaurkoa bada ere. "Usurbilgo elizaren hormak, ze horma sendoak"  zioen kantari  Josuk garai bateko Urko gogoratuz. Sendoa agertu zaigu Usurbilgo herria bera ere gaur,  ekitaldia frontoian egin dugu pankarta erraldoi baten babesean.  Neskak izan dira txalapartariak, bertsolaria gizon heldu bat, dantzaria berriz baletekoa zirudien gazte bakarra dotorea bezain abila aurresku lanetan. Atxikimenduak ere pila izan dira.

Paule hizlari.

 

Batzuek laburrago, besteak luzeago, xumeago edo dotoreago, beti da harrerako hitzak zuzentzen dizkigun norbait herrietako ekimenetan; ondoren horrek berak egin ohi du ekitaldiaren zuzendariarena, noizbehinka ezberdinak badira ere ongietorrikoa eta aurkezlea.

 

Oasiak sortu ez ezik desertua bera berdegune bilakatu nahi dugu.

 

Josu, Ibon eta Patxik denokin gosaldu bazkaldu afaltzen zuten. Lotarako ohea ere gurekin batera aukeratzen zuten gaueko lo non banaketan.

         

Ibon. Furgonetako beste arduraduna. Elorrioko bizkaitarra. Panelez eta megafonia nagusiaren arduraduna. Martxaren aitzindaria herrietan: herriko arduradunekin harremanetan jarri eta panelekin ekintzarako eskenatokia gertatu. Gaztea. Irribarre maitagarria zuen beti ezpainetan. Hotz galantak pasa behar izan zituen goiz eta ilunabarretan.                                           

 

Bazkaria elkarte batetan ala Herrikon?. Lekak patatekin, oilaskoa saltsan eta fruta: nola ez, gozoa.

 

Behingoz eguzkia ikusi dugu, Usurbilen!!!.

 

Patxi. Autobuseko gidaria. Oreretakoa. Beti zegoen  behar zen tokian, non nahi genuen han, konpontzen zen gure zain egoteko, ez ginen autobus bila joaten bera gure bila zetorren baizik, sarri nahiko maniobra aldrebesak egin behar bazituen ere. Baita gauez lotarako maletak jaso behar genituenean ere. Taldean egoten daki. Gure helburuekin ere nolabait lotuta, ikusi izan genuen ekintzetan kartela eskuan ere.

 

ORIO. Eguzkia irribarretsu agertu zaigu hemen ere. Moila alboan, itsasontziak testigu, kioskoaren aterpean izan da ekitaldia. Irakurriz kantatu dizkigu bertsoak bertsolariak, herri bakoitza dituen baliabideez baliatzen dela erakutsiz, atxikimendu ugari ekarri digute, Benito Lertxundirena tartean: Orion PNV eta EAk izenpetu dute atxikimendua, PSOEk berriz, ez: kontraesanak, nortasun sendo edo arinagoak, sentipen ezberdinak; agian politikoak direnez interesak dira ezberdinak. Manifa egin dugu hondartzaranzko kaletik joan eta moila aldetik bueltatuz.

Jon : neuri tokatu zait gaur  mikrofonoa.

 

Kaioek bezala hegan egiten du seme-alabak etxera ekartzeko ametsak.

 

Herri sentipenaren sinboloa ere bada salda: hamarretako edo arrats hondarreko mokaduen bidez ere bermatzen du herriak presoekiko atxikimendua. Noizbehinka izan dut herriko mugimendu epel xamarraren nolabaiteko zuriketa ere ez ote zen burutazioa, besterik ezinean zerbait egin nahia.

 

Bego.Ia inor ez da beraz jabetuko baina hainbat lan egiten du taldean. Bere ahaleginari esker dugu denok guztion helbidea eta ibiltarien senideen kartzelako berri eta zuzenbidea.

 

LASARTE. Inozo optimistak gu, Justoren metereologo dohainak ez ezagutzen oraindik eta, berak besterik zioen arren,  aterki gabe atera gara atera; izugarrizko zaparrada eta haize boladak harrapatu gaitu, aire bortitzak kartelak ere airean erabili ditu; guk izan dugu aterpedun oholtzara igotzea, bildu zaigun herriak ez. Adar eta txalapartaren soinuak ere bustiak zeuden, gehienon oinetakoak, buruak eta arropak bezala; irakurriz egin du hemen ere bertsolariak bere lana; neska-mutil bikoteak abestu dute besteok ere abestera konbidatuz gogoratzen ez dudan abesti ezagun bat. Atxikimendu asko: PNV eta EAk ez dute atxikimendurik izenpetu; ahaztu egin zait galdetzea atxikimendurik eman duen ezaguna dudan Ramon herriko apaizak.

Jon, neu hilari.

 

Jazarpen, irain eta umilazioak pairatu behar izaten ditugu euskal presoen senideok.

 

Autobusean hartu ohi ditugu sarri zereginen banaketa eta antzerako erabakiak. Autobusean bilerak egitea ordea ia ezinekoa da, telefonoz elkarrizketak, bestelako zereginak, egunkariak eta abar direla eta. Bazkari-afari osteetan ere oso zaila gertatzen zaigu, denborarik ez dago edo nekatuta gaude: gosaria etxeetan egin ordez elkarrekin egingo dugu eta ondoren bilera egin, horretarako ordubete bat hartuz lehenago jaiki behar badugu ere.

 

Josepak bere ohizko sentimendu, indar eta zorroztasunez astintzen ditu denon sentipenak.

 

HERNANI. Jende handia joan da biltzen, bilduaz kartel-argazkiak hartzen ere, Ezkien, Tiloen plazan. Azeri-dantzari ekin diote frontoian, azeri larruazalarekin mozorrotua du burua dantzarien aurrekoak puxika puztua besteek eskuan, dantza berezia da eta bereziagoa suertatzen da halako batetan puxikadunak jende artean sartuta zirti-zarta hasten direnean ikusleen bizkarrak astinduz, danbateko bigunen soinu hotsa airean eta jendearen iheserako oinen zalaparta bizia zoruan. Puxikak oparitu dizkigute, taldearen atxikimendua ere bai. Ugariak izan dira atxikimenduak, baina PNV eta EAk ez dute izenpetu. Neska-mutilak izan dira txalapartariak, abilak. Lau bertsolari. Poema bat, bakoitzari kopia bana oparituz; poemok eskura eskaini besterik egin ez digutenez Paulek, erabaki zuzenez, irakurri egin die poema bildutakoei.

Joseparen hitzak.

 

                                        "Hogei bat egun, herriak ehun,

                                        kilometroak asko dira

                                             denak zenbatuz, denek zenbat huts

                                             espetxetara begira

                                             gezurtatzea, desiatzea

                                             nahikoa ez da ta, tira!

                                             Denon artean, ekarri artean

                                             Presoak Euskal Herrira

                                             egon behar duten tokira"

 

Ilara bakarreko manifa luzea, etxeteria osoak inguratzen zituena, kale ertz batetik beste puntako ibilkideak ikusiz: grafikoki erakusten zuen, begi-bistan genuen 600 preso-taldea ze jendetza den. Udaletxeko plazan bukatu dugu. Behingoz aterian egin dugu gaurko ibilia. Ekitaldi polita izan da, barnea asetzen duenetarikoa.

 

PNV da irtenbidearen giltzarria, konponbidearen erantzule ez bakarra, bai erabakigarria.

 

Karmenen senarra  ezagutu dugu, gaztetatik askatasunaren lehian mila borrokatan ondua.

 

Xalaparta elkartean egin dugu afaria: sopa, legatz frijitua eta pastela. Haginik gabekoentzako ere afari izugarri gozoa. Ardoa beti izaten dugu ona, sagardoa ere ez da falta: botila hutsei begiratuz sagardoak estima handia izan du gaur.

 

Elkarrizketarik egon ez denez ez dugu asanbladarik egin gaur jatorduen ondoren.

 

Etxe ezberdinetan banatu gara, herritarren jatortasunaz eta xarmaz gozatuz.

Kontxi izan dugu ostalaria: gorriak ikusia bera eta familia; badu klandestinitateari buruzko historia politik ere.

Ekimen ibiltaria

Jon Etxabe 2017/07/17 08:41
2. eguna: Abenduaren 1a. Astelehena - Trintxerpe/S.Pedro, Antxo, Donibane, Lezo, Oiartzun, Hondarribia, Irun, Orereta.

Iluna eta euritsua argitu zaigu. Autobuseko bistabisioa murriztuz:   karletez jantzi dizkigute leihoak zabalera on bat estaliz. Baina aurrerantzean bide eta kale ertzeko begiluzek  badakite ez garela egun-pasa atera gaituzten jubilatu parranderoak.

 

TRINTXERPE (Pasai S.Pedro). Ez zegoen inor heltzean baina lurreratu  bezain laster taldetxo bat hurreratu zaigu, goizeko hotzez eta gure atzerapenagatik nonbaiten gordeak zeuden. Apala baina jendetsuena bezain eskergarria bere presentzia. Badituzte atxikimendu batzuk. Loli eta biok joan gara Udaletxean gertatu diguten elkarrizketara: PSOEko zinegotziari ustelak atera zaizkio bere hitz ederrak: udalak herriko presoen alde eginiko ahaleginen goraipamenaren  ondoren, gure helburuekiko  adostasuna erakutsi digu, baina ez dio hitzez esandakoari idatzizko baiezkorik eman nahi izan, ez digu atxikimendurik sinatu, ezta pertsona mailan ere, horrela eskatu diogun arren. Kontraesana agirian jarri diogunean, sorbaldak jasoz alde egin digu Donibanen zegoen alkatearekin kontsulta egitera.

 

Gaur ikasi dut badela udaletxeetan sartutako mozioa presoak Euskal Herriratzeari buruz, baita atxikimendurako orri ofizial bat ere. Zinegotziarekin bulegoan egon ondoren jakin dut jakin, eta bueltatu egin gara tipoarengana, loreak lore ote ziren ziurtatzera.

 

Noiz arte luzatu behar digute sufrimendu hau?.

 

Ezagunak eta lagunak aurkitzen ditu batak ez bada besteak herri bakoitzean.

 

M .Luisa, isilean eta atzean, baina mila esku botaz, bi mila zulo estaltzen ditu taldean.

 

PASAI ANTXO. Herri berria, ia ezerezetik kanpotarrez sortua, euskalduntzen ari dena. Taldetxoa genuen zain herriko plazan. Astelehen goizerdia, egun eta ordu aldrebesak dira jendea batzeko, areago goiza hotza bada.Txalaparta, salda, …  ohar idatzietan jaso ez dudan arren: izanen ziren  baita atxikimenduak ere. Solasean aritu gara. Antxok ere zabala eta beroa du bihotza.

 

Sufrimenduan oinarritutako politika da sufritzen duguna.

 

Hunkigarriak zaizkigu herri orotan abiatzerako txaloak. Herri xumearen begiak bristada irribarretsu argiak dira espaloian, elkarri txaloak oparituz alde egiten dugunean.

 

Patxi, solaskide goxoa eta aberatsa, isila baina aktiboa, mila saltsatan egosia. Eskatzen zaion edozein zereginerako prest. Uste du zenbait, egunez bederen, gose greba egin beharko genukeela  preso eta herri ekimeneko baraualdiekiko elkartasunez.

 

PASAI DONIBANE. Herriko sarreran hasitako manifa  luzatu egin da kalexka estuetan. Ez ginen jendetza baina garrasia garratza zen. Oraingoan alkatearen hitz borobilak izan dira ustelak: apaltasunez jantzita arren, herria bera da jauna; jaun itxurako alkate-jaun handi-mandia berriz gizontxoa. Kai ertzeko plazatxoan, inguru itsastar paregabean eman digu Patxik elkarrizketaren berri; Pilar zen bere elkarrizketarako laguna.

Ez dut nire oharretan, baina oroimenak diost Paulek zuzendu zigula hitza.

 

Ez dute begi denek une berean negar egiten. Inork ez daki noiz tokatuko zaion berari negar egitea!.

 

Paule. "Mandona"  deitzen diogu, merezimenduz irabazitako tituluaz; berak ere lehen unetik onartu du bai baitaki bromazkoaz gain ez dela gutxiespen deitura. Talde batek beharrezkoa du buru, gidari, edo ardura hartuko duen norbait. Eta bera da egokia. Izugarrizko ahalmena du niri behintzat ihes egiten didaten egoera, premia, zehaztasunez jabetzeko. Berezko dohaina, buru izateko ahalmena, berak dionez bizitzak landu eragin dion gaitasuna: zapi seme-alaba ditu bereak eta istripu batek beste sei iloba gehitu zizkion seme-alabatzat; ontzi handia gidatutako kapitaina beraz, lema zer den dakiena. Iloba  du kartzelan.

 

LEZO. PNVko-edo uste genituen familiartekoak ezkertiar abertzale direla aurkitzearen poztasuna eman digu tximinia eta eraiki erraldoien oinean kokatutako herri honek: nork jakin nondik sor daiteken itxaropen izpia.

Pankartekin eta musika lagun, oihuak tartekatuz, egin dugu sarreratik plazarainokoa. Ideiak garbi dituen Udalak Udaltzaingoaren kotxea jartzen digu  herri barruan egin dugun manifestapenaren buru: zirkulazio antolaketa zentzuzkoa izan dugu gutxienez. Arazoa ideietan datza, ez borondatean. Atxikimendu osoa eskaini digu Udalak, eskulan ederra oparitu ere. HBk du alkatetza. Josepa eta ni izan gara Udaletxera igo dugunok: han ez ziren beharrezkoak Joseparen hitz hunkigarri eta beroak: nik neuk bai ikasi dut zenbaterainoko indarra duen bizipenen testigantzak. Justo behintzat izan da, beste ez dakidan norbaitekin, apaizarengana hurbildu dena: herri honetakoek beste apaiz baten babesa behar dute atxikimenduari baiezko idatzia emateko: norbanakoaren gutxia edo ezereza azaleratzen da horrelako jokabideetan.

Ez dakit nor izan zen hitz egin zuena.

 

Karlistada ezagutu dugu, errepublika, monarkia, frankismoa, frankismoaren gerokoa eta orain hau: politika aldakorra da, gaurko politikoek ez dakite bihar zer gerta dakioken.

 

Txikia da hainbat herrietako taldea, bai harrerakoan bai manifan, baina arratseko manifa jendetsua haina eskertzen da.

 

Pakual. Semea du kartzelan.  Gose greban zegoela eta berarekin egoterik edo komunikatzerik ez zuenez, baina nolabait bere arnasa eta bultzada eman nahiz, bere herri Berako  kartzelan sartu zen eta gose greba egin 25 egunez. Lagunak eta ezagunak aurkitzen ditu goazen herri askotan. Mila historia ditu eta kontalari atsegina da. Ez dakit goizero, baina semeari idazten dio Ekimen Ibiltari honen gorabeherez, beti dabil nota paperak zirriborratzen eguneko zertzeladekin.

 

OIHARTZUN. Zer nahi duen garbi duen herria: ezkerrak ez ditu bere askatasun-borrokalariak  bere horretan uzten. Eguerdia da, jendea ugari; lagun minak ere ikusten ditut tartean, bihotza bera epelagotuz; Jose Agustin Arrieta ere han zen, liburuek edo idatziek ematen ez duten hurbiltasuna eskainiz. Alkateak eman digu ongietorria plazan, neska seikoteak dantzatu die aurreskua presoei, dendari; sindikatu eta abar luzearen atxikimendu pila jaso dugu: lan egiten duenak uzta ere jasotzen du.

Paule uste dut izan genuela hizlari gaur egun osoz.

 

Egin beharko duzue zerbait politikook gure sufrimendua konpontzeko.

 

Lagun min zaidan Jose Iriarte, "Bikilak", idatzi duen Oreretako borroka kontatuzko kronika liburua oparitu digu ibiltarioi Oiartzunen, baita M. Luisa eta niri ere guretzakoa.

 

Goros. Basaurin bizi den Laudioko arabar kalakari adarjolea. Begoren koinatua. Umore-sen apartekoa, txantxak egin eta hartu  irribarrea galdu gabe egiten du. Alaba du Carabanchelen, hiru urtez prebentibo: epaiketaren luzapena, kondenaren eta sufrimenduaren gehigarri bat.

 

Bazkaria  elkarte batetan: babarrun zoragarriak sakramentu guztiekin, bakailaoa saltsan, pastelak: bazkari gozoa, bihotzez gertatuagatik gozoagoa. Kafe orduan ere,  oraindik  atxikimenduak helduz doaz.

 

HONDARRIBIA. Behe aldetik zaharrera egin dugu giza katea arrantzaleen auzoa lehenik eta kale bihurriak ondoren zeharkatuz. Antzinatasunak Hondarribiari ematen dion ederra ezagutu nahi duenak herriaren goialdera ere jo behar du. Udaletxeko arkupean txalaparta, ume eta gaztetxoak ere bertsolari, aurreskua, atxikimenduak.

PNVko alkatearen hitzik eza: Josepa eta ni joan gatzaizkio atxikimendu bila; entzun, entzun digu, ez digu erantzun pertsonalik eman nahi izan, ezta Udalarena ere, erantzungo omen digu, baina ustela izango dela susmoa hartzen diogu agintzen digun geroko horri. Josefaren testigantza hunkigarri eta benetakoak mutu utzi du alkatea, zurikerietarako ere gaitasunik gabe; Salto del Negroko euskal preso politikoen kartzela baldintza gogorrak entzuteak lotsatu ere ez ditu egiten gure agintariak. "Semerik baduzu?", … "Ba guraso bezala hitz egiten deutsut".

Paule arkupean hizlari.

 

Herriak erakusten duen nahia da eskatzen duguna.

 

Aspergarria ere gertatzen zaigu herriz herri  gure erretolika hainbat aldiz errepikatzea, baina hori da gure egunotako legea, zabaldu behar dugun mezua aldarrikatzea behar haina aldiz eta tokitan.

 

Pili, isila, fina, irribarrea beti ezpainetan, begiak triste xamarrak ditu hainbat aldiz. Prest dago beti edozertarako, publikoan hitz egiteko ez bada, berdin joango da apaizarengana, alkatearengana edo edozeinengana hitz egitera. Zalakain zen bere senarra: kartzelak hil zuen, kartzelak gero gezurrez ezkutatu nahi izan bazuen ere bere delitua; Martutenen bukatu zitzaion bizitza  hainbat kartzelatan gaixorik ibili ondoren; zirraragarria da senarra hil zioteneko historia luze bezain latza entzutea. Pili bera ere kartzelan egon zen, baita semea ere!

 

IRUN. Atertu ere ezineko euripean ilundu zaigu eguna gaur ere. Jende ugaria bildu zaigu. Guardasolpeko ekitaldia izan da. Ibonek aurrez prestaturiko preso guztien argazkiak dituen panelaren aurrean.  Ibiltariok pare bat pankarta daramatzagu, ikasi dugu panel aurrean jarri ordez albo banatan panela bilduz jartzen pankartok, presoei lehentasuna nolabait eman nahiz. Aurreskua eta atxikimenduak. Idatzizkorik ez digu eman, hitz soileko atxikimendu eman digu Irungo PNVko alkateak.

Lolik orria irakurri edo hitz egin zuen.

Ekintzaren ondoren Elkarte batetan aterpetu gara elkarrizketara joandako lagunen zain.

 

Bi urtetako manifa jendetsu, itxialdiak eta gose huelgak ez ote herriaren nahiaren ezaugarri politikoentzat?.

 

Dodaka Salegi, betidanik mila borrokatan zaildua, hizkuntzaren eskubideagatik ikastolen  borrokan garai batetan, preso eta senitartekoon eskubideengatik orain. Semea du Soto del Real-en.

 

ORERETA.  Blaitu egin du ekitaldia eurite bortitzak. Guardasolpe bat bihurtu da zumardia, mila koloretako toldotxo borobilek estali dute plaza. Bilduek tinko eutsi diote amaierarik ez zuen euri jasari. 600 kartelen bukaerarik gabeko ilara bakarra sugea bailitzan bihurritu da kaleetan. Guk aterpea genuen kioskoan, baina dantzariek euripean blai dantzatu dute. Apaiz baten hitz jatorrak eta harrigarri laburrak. Koru batek "Jeiki jeiki" eta "Hator hator" abestu ditu. Bi kantari ere izan dugu: mutila bata, neskatoa bestea.

 Lolik uste dut hemen irakurri egin zuela gertatuta dugun orria.

Idatzi gabeko hitz soileko atxikimendua jaso dugu  PSOE alkatearengandik.

 

Halako euri jasarekin ere biltzen den herriak etxeratuko ditu bai bere presoak.

 

Loli. Hitz askokoa, galdu egiten zaigu beti ere, edonon du ezagunen bat edo ez badu egin egiten du. Kontu-kontari beti guretariko baten alboan. Mila ekintzetan indartua. Onbera, urduria baina erabakiduna, irekia. Edozertarako prest, ausarta.

 

Afaria: haragi gisatua eta gazta. Uste dut Herrikon izan dela.

Aterpetxe batetara bildu da lotara gehiengoa,  Maria Luisak eta nik anaia-koinataren etxean lehortu ditugu hezurrak eta oinetakoak. 

Ekimen ibiltaria

Jon Etxabe 2017/07/14 09:04
1go eguna: Azaroaren 30a. Igandea - Donostia: Antiguo, Konstituzio Plaza, Altza, Intxaurrondo, Egia, Gros, Easo Pl.

G I P U Z K O A

 

Kotxez egin dugu lau etxarriarrok  Donostiarako bidaia. Rosa ezagutu dut, Martinen emaztea, baita bere koinatua ere. Eguraldi txakurra dugu, euria eta hotza dugu hizpide baina hastera goazen  etorkizuneko 20 egunen misterioa bizi dugu hitzez barrenago, jakinkizunak ematen duen urduritasunarekin: barne ezten gazi-gozoa.

Donostiako Antiguo auzoko plaza batetan joan gara elkartzen. Lepoko zapiak begiratu beharrik ez dut bidaia-kideak ezagutzeko. Izenak ez ditut gogoan, ibiltarion aurpegi gehienak bai. Bidaia-kide ez ezik lagun ere izango ditugun Josu eta Ibon ezagutu ditugu: Josu, manifen aurretik musikaz herriari dei eginaz megafoniaren kamioneta gidatuz, berak daramatza ere 600 presoen girtendun argazkiak; Ibon berriz ekintzen aurretik ibiliko zaigu herrikoekiko lehen harremana eginez, herrira gu heltzerako argazkien panelekin eszenatokia antolatuz  eta gaueko megafonia indartsuagoa eraman zein muntatuz.

 

DONOSTIA

Hasiera

Eta azkenik ekin diogu Ekimen Ibiltariari. Taldetxo polita bildu gara. Taldekideak  ekimen ugaritan iaiotutako jendea iruditu zait, erabakiko jendea, pankartari heldu eta egin behar dena zirt-zart egitekoa, antzerako gorabeheretan ibilitakoa, zaildua. Senideak-en soinu ezagunak bete du ingurua: bidaia osoan izango dugu melodia bera gure autobusaren aurreko eta gaueroko manifa isilaren laguntzaile. Presoen 600 argazkiekin eginiko pankarta luzea zabaltzen dugu borobilean: handitu egiten da 600 preso kopuru izugarria plastikozko oihal zurian erreskadan ikusita. Bertsolarien agurra: bertsolariak badira izan herriaren ahotsa. Aurreskua: protagonistatzat gu hartzen ote gaituzten sentipena dugu, horregatik aurresku eta gainerako dena panelean irudikatutako presoei zuzenarazten diegu. Nahitaezko argazkiak. Paulek hartu du denon izenean hitza.

 

Ia 600 euskal preso politikoen senideak gara. Bihotza eztenkatzen digun helburu zehatz eta minak bildu gaitu hogeita hamar preso senitarteko hogei egunez  Euskal Herri osoa zeharkatzeko 100 herritik gora bisitatuz.

 

Gizakatea

Eman diogu hasiera oinezko ibiliari. Luze doa ilara Kontxan zehar. Argazkien pankarta luzeak zirrara sortarazten  du. Ikuskizuna gara hondartzako zein paseoko ibiltarientzat. Harritzen nau argazkilarien argazki makinari eragin beharra. Patxik ere ekin dio bideokamera astintzeari. Eder dago badia eta bere inguru osoa, erruz dabil jendea, dotorea geratu zaigu goiza bai eguraldiz baita ekimenarengatik ere.

 

Udaletxean

Zain genuen arkupean Odon Elorza alkatea, Antton Karrera EBko zinegotzia, giza arazoetarako zinegotzia, beste emakume bat ere. Pankarta eta giza-kate osoa aurreko espaloian kokatu da porturantz luze. Bozeramaile hautatuetatik Patxi eta niri tokatu zaigu hurbiltzea, baina azkenik baginen gehiago ere Odoni gure ibiliaren zergatia azalduz. Dioguna entzun ez ezik oraindik askoz gehiago egin beharko dela ere gehitu digu. Labur, baina bakeaz aritu zaigu ondoren. Bakeaz aritu zaigu Antton ere. Ez digute ezer zehatzik esan baina ikusten zitzaien asmoa, indarkeria hitza bera erabili gabeko indarkeriaren aipamena alegia. Eskua eman diegu eta kito.

 

*  Bi akats egin ditugu. Bata, istilu eta eztabaida bila ez goazelako edo, ez diogu ezer erantzun bake jardunari: gerora ikasiko genuen fin baina firmeki erantzuten  ez dela hori gure ihardunaren gaia beraien legea beraiek betetzeko eskakizuna soilik baizik, pentsaera ezberdin anitz dugula Senideak Elkartean, ez garela politika arazoetan sartzen, gu ez garela inoren bitartekari. Bigarren akatsa,  ez diegu eskatu atxikimenduaren sinadura, ezta Udaletxeari proposatutako mozioaren erantzunaren berri ere. Egia esan hurrengo egunera arte ez dut nik jakin atxikimendu pertsonalen orririk dagoenik ere, ezta mozioak sartuak direnik ere udaletxeetan: egostarin gaude oraindik antolakuntzako hainbat gaietan. Herri bakoitzari buruzko informazioa jaso behar dugu aurrez. Ibiliaz ikasi.

 

Martzial.  Bera Hernanikoa dela dio, baina Donostiako Antiguo auzoan bizi da.  Halako begirune edo emozio isilez kontatzen du nola semea hiltzear egon zen gose huelga batetan, nor eta nola joan zitzaion semeari baraua utz  zezan konbentzitzera, erabakia baitzeukan azkeneraino heltzea. Gaur egun Puerton dago mutila.

 

Alde Zaharrean barneratu da ilara bizia. Konstituzio Plaza. Gure ekimenean behin ere ez da nahikoa, baina "nahiko jende" idatzi nuen koadernotxoan. Aurkezlearen harrera hitzak,  aurreskua, txalaparta.  Lepo-zapi  moreak oparitu eta lepoan lotu dizkigute:  Zaharreko elkarte bateko ezaugarria. Atxikimenduak jasotzen hasi gara. Era guztietako talde, elkarte zein pertsonenak. Ugariak dira. Zaharrean, nola ez, tabernarienak, tabernari elkartearenak ere bai. Donostian sortu da kondenaren 3/4ak betetakoen aldeko Plataforma: hitz batzuk zuzendu dizkigute. Paulek egin zuen hitz.        

 

Euskal Presoek Euskal Herrian behar dute, gaixoek Euskal erietxeetan eta kondenaren hiru laurdenak bete dituztenak etxean.     

 

Autobusa ezagutu eta okupatu dugu Udaletxe alboan. Gure ibilgailu ez ezik etxea eta egontokia izango zaigu. Jarlekoak goian ditu, behean berriz zama-tokia.

Patxi da gidaria, hau ere bolanteduna ez ezik, konpañero ere bilakatuko zaigu. Ez da beti erraz horrelako talde bat jasan beharra, ideiaz eta sentipenez ere inguruan behar da egon.

Maria Luisa, Tomas eta ni lehen ilaran kokatu gara. Bistabisioa.

 

ALTZA

Auzo zabala da, Donostia bertan ez balu herri handia litzake. Bazkaria elkarte batetan. Ez nuen menutaren berri hartu, badakit salda edo zopa izan zela, ondoren babarrunak izanen ziren baina gainerakoen gomutarik ez dut. Gogoratzen dudana herriko hainbaten lana, senideen guganako ahalegina. Trikitilariek, fanfarreak  alaitu ziguten jatordua. Gazte jendea: itxaropena. Bihotzez eskertu diegu bazkari bukaeran txaloz eta hitzekin.

 

Harrera Hunkigarria egin digute. Altzak badu bihotza.

 

Josu Cerrato. Erandiokoa da, mila borroka politikoetan bermatua. Ideia ezberdinei lotura, urduritasunei baretasuna, asmoei bidea ematen dien lagun argia bezain apala.

 

Plazako ekimena: Txalaparta, aurreskua, atxikimenduak.

Berak eginiko poema ederra irakurtzen digu goxo eta taxuz Joan Mari Irigoienek:

Legearen aldekoak omen dira,

eta legea dute aipatzen behin eta berriro,

baina ez dituzte

presoei dagozkien eskubideak

zaintzen ez begiratzen

eta legea bera ipintzen dute azkenean preso

letra handi guztien gainetik

eta letra txiki guztien azpitik.

 

Legearen aldekoak omen dira,

eta hala dabiltza

batzuk omenka eta besteak amenka,

legea behin eta berriro lotuz,

askatasunaren kontra.

 

Eta omenka dabiltzanek eta amenka dabiltzanek

denbora dute alde,

baina ez Kanariasa joan behar izaten duten

presoen senideek,

zeren eta, dakizuen bezala,

han beti da ordubete lehenago

amesten den izarra sarritan ez ikusteko.

         

Eta ez dira berdinak

barruko denbora eta kanpokoa,

zeren eta urruntasunak eta isolamenduak,

eta bakardadeak eta mesprezuak,

eta espetxeko burdinek eta gelako ilunak,

eta minak eta oinazeak, azken finean,

segunduak ordu bihur baititzakete, orduak urte,

eta gaztetasuna zahardade.

 

Eta nola ez baitira berdinak

segunduak eta orduak

ezta orduak eta urteak ere,

hala eskatzen diegu eta exijitzen diegu

amenka eta omenka dabiltzan horiei:

 

"Ez omen eta ez amen,

baizik eta orain eta hemen,

bete ezazue legea lehenbailehen"

 

Paulen hitzak.

 

 Bi urte dira Legebiltzarrak presoak Euskal Herriratzeko erabakia hartu zuela baina lehengoan gaude.PNV eta PP dira horren erantzule eta arduradun nagusiak.

 

Irigoienen ama Elgoibarko Sallobente auzoko Gelatxo Txiki baserrikoa da!!!. Esan ohi da mundua txikia dela eta izan ere bada.

 

Blanka. Urbinako arabarra. Ilaje zuri ugariak bere 74 urteak adierazten ditu. Pausu bizkorreko gorpuz txikia, baina mila borrokatan sendotutako nortasuna. Semea hil zioten tiroz Morlans-en. Gainera 13 urtez dabil kartzelarik kartzela  beste semea bisitatuz; azken urteotan Tenerifeko Salto de Negrora egin behar du kilometroetan ez ezik urteetan amaierarik ez duen bidaia luzea.

 

Autobusa buru dela ikurrin eta tutu soinuz nabarmendutako karabana egin du kotxe ilarak.

 

INTXAURRONDO. Kuartel erraldoi bezain makurraren berri banuen, ez nekien, baina, goialdeko halako auzo zabala zenik, herri osoa sortzen ari denik, gutxiago halako nortasun propioko jende jatorrik zegoenik. Jende multzo polita genuen zain pankartekin: bidegurutzean bertan  banakoa dantzatu digute zortzi neskak bakoitzaren kamisetako hizkiz AMNISTIA hitza osatuz dantza bukaeran.

 

Luzapenak usteldu egin dira. Epeak bukatu dira!.Txeke zuri gehiago eman behar al dugu?. Ez!.

 

Tomas. Lagun atsegina. Goxoa baina era berean bizia. Jarrera tinkoa du, ez da bigunkerietara makurtzen egoera zein jokabide politikoak aitatzen ditugunean autobuseko  behatokian. Basomutil Gipuzkoako hainbat herritan, artzain Ameriketako Idaho eta Kalifornian, fabrikako langilea mila greba eta borroketan zaildua, jubilatu ondoren seme pilotariaren eta gainerako gaztetxoaren maisu eta botillero, badu ortu erdi-esperimental bat ere Iruñea inguruan: a ze nolako nobela nik idazteko gaitasunik eta graziarik banu. Navalcarneroko kartzelan du semea,  hurrengo asteburuan du bis a bisa-a berarekin.

 

EGIA. Goitik behera zeharkatu  du auzo zabala auto ilarak, kale erdiko semaforoetan geldituz egin dugu pankartekin ibilia Karmen kaleko hesi berdez inguraturiko plazatxoraino. Txalaparta, dantzariek  aurreskua dantzatu dute, baita poema bana oparitu ere.

                                 "Bihotzeko suak

                                  lagunduko gaitu bidean

                                  Odoleko garrak

                                  sinistaraziko gaitu askatasunean

                                  bidean amaieran

                                  beldurrik ez dagoen

                                  Eremuan.

                                  EUTSI GOGOR!!!

 

Militanteak direlako, euskal politikagintzak Euskal Herrian  eta orain behar ditu preso guztiak.

 

Maria Asun. Emakume puzka, ez gorputzez soilik, izaeraz ere. Eztia eta sentibera. Hiztuna ere bai, irekia.  Semea du Frantziako Fleury kartzelan.

 

GROS. Txalaparta, Aurreskua, Atxekimenduak, Poema,

                                 "Ametzak kate motzean lotuz

                                 kartzelaren harresia,

                                 eskubideak borrokatzea

                                 baitago galerazia.

                                 Baina, oroiminak zulatu asmoz

                                 bakardadeko hesia

                                 Euskal Herritik jaurtitzen dugu

                                 elkartasuna(re)n gezia.

                                 Festetan ere uluka dabil

                                 askatasun irrintzia,

                                 zuen oinaze bizia,

                                 herri honen garrasia.

                                 Borroka-suak erre ohi duenez

                                 belar-txar eta Sasia

                                 haritz-enborra bihurtuko da

                                 AMNISTIAREN hazia."

Loli izan da hitz egin duena.

 

Zein da PNVa gure izenean inori epeak jartzeko edo emateko?. Gu geu gara dispertsioaren sufrimendua sufritzen dugunak.          

 

Groseko eliza aurrean ilundu zaigu. Hotz  egiten du, plazako erakusleihoetan bilatzen dugu haize finaren aurkako babesa. Harritu egin nau auzoetako nortasun eta bizitasunak; Kontxa, erosketa eta txikiteoko kaleez gain beste zerbait ere bada Donostia. Auzoak, bigarren Donostia, agian ez hain ederrak bai ordea biziak.

 

Josefa.Tenerifeko Salto del Negron dauka semea. Hamazazpi urte daramatza Zabartek kartzelan demokrazia aldi honetan, sasi-amnistiara arte 5 urte egin zuen frankismo garaian. Ez dio hutsik egiten hilero urrutiko irlan semeari, makinatxo bat neke eta presozainengatik hainbat zitalkeria jasan behar baditu ere. Gorputzez lerdena, izaeraz kementsua. Gazterik alargun, familia aurrera atera beharrak eman dio berez erakusten eta zabaltzen duen indarra.

 

Manifestazioa Grosetik Amarara: Manifestari  bakoitzak zeraman preso bakoitzaren argazkia, lau ilara eginez. Zirraragarria izan da gauez Donostiako kaleetan zeharkako ibilaldi isila.

 

Martin. Zintzoa eta lagun ona, jenio bizia ere izango du tarteka: ikasi nahi du eta prest dago edonori elkarrizketara laguntzeko, baita hitz egiteko ere, herri txiki batetan lehen urratsa emanez. Duela guti, gau batetan, bi seme eraman zizkion etxetik Guardia Zibilak.

 

AMARA. Easo Plazako ekitaldia:  euri zaparradak lagundu digu eten gabe, baina pozik ginen, euriak ez digu zapuztuko aldarrikatzen dugun exijentzia. Telebista eta zineko aktore ezagun bat jator aritu da aurkezle lanetan: "temosoak gara" dio ahots irmoarekin. Ramon Labayen  Donostiako alkate ohia aritu da  mikrofonotik: "presoak irauteko familiaren beroa eta hurbiltasuna beharrezkoa du". Poztu gara PNVko kide bat egoteaz, baita PNVk baimena emateaz ere nolabaiteko ofizialtasuna ematen diolako ekimenari, baina ze demontregatik eskatu behar dio  Labaien batek baimena alderdiari bere hitza presoen familiakoei zuzentzeko!!!. Politikaren eta politikarien ajeak. Urrujulegi,  hurrengo hizlaria, serio eta gogor egon da.

 

Lolik irakurri egin du Ekimeneko idazkia.

 

Afaltzeko elkartu dira Madrilen PNV eta PP;  PPk itxoiteko eskatu dio PNVri. Noiz arte itxoin bihar dugu?. Noiz arte!!!.

 

Afaria Amarako auzoan. Patata tortilla, sopa eta oilaskoa: ez diogu muzinik egiten, gozoa eta gosea bat egin baitira. Afaria prestatu eta zerbitzatu diguten familiartekoen tinkotasunak, umoreak eta naturaltasunak harritu egiten nau, beraien ahalegin eta gugatiko ardura barne sendotasunaren ezaugarria besterik ez da.

 

Norvegiar neska kazetaria ibili zaigu bidelagun manifa osoan elkarrizketak eginez guretariko hainbati, baita bere lagun neska argazkilaria ere etengabeko flash ziztadaka aurrean.

 

Justo. Getariarra. Koinatua du kartzelan. Arrantzalea, itsasoan zaildua, maukahutsik gehienetan, hotz egin arren. Lagunak eta ezagunak ditu ia herri gehienetan. Lo guti egiten du, goiztiarra, lehen orduetan egunkaria irakurri eta aurreko egunekoez  idazten du. Nondik ateratzen ote hainbeste kemen!. Harreman publikoak egiten ditu denean, batez ere gazteekin.

 

Bilera.Eguneko jokabideak eta ustez moldatu  beharrezkoak  eztabaidatu ditugu taldean afal ondoren. Egunero bilera egin beharra ikusi dugu eta afal ostean egunoro eginen dugula erabaki. Gero Ramon Gaztelumendi azaldu zaigu, ohar batzuen ondoren bazkari-afari ostean bilera egitea aholkatu digu. Ontzat eman dugu aholkua gure usteen araberakoa baita, ez ezarritako araua.

 

Bego.Iloba du kartzelan eta hemen dabil solidaritateak eraginda. Izaeraz gozoa, langilea, isila, ezkutuko lana egiten duena, burutsua eta zentsuduna.

 

Lotara garamatzan kotxean bertan egin dugu etxe aldaketa Justo eta Tomasekin, txakurra baitute goazen etxean,  M. Luisak jasan ezineko txakurrekiko  oztopo edo alergia. Jaiotzez Artajonakoa den amonak bere ohe zabala utzi digu elkarren epelean egon gaitezen  M. Luisa eta ni;  6 urtez du iloba kartzelan, 9 kartzela ezberdinetan ibilia da Espainia osoan barrena iloba bisitatuz, bihar goizean bere telefono deia espero du. Hitz aspertuan egon gara sukaldean. Familiartekoen sufrimendua gori-gori dago gure artean.

 

Motzak egin zaizkigu gaurko berez ere guti izan diren oinezko kilometroak. 

Ekimen ibiltaria

Jon Etxabe 2017/07/10 19:35
Argibide gisa / Atarikoa

E K I M E N    I B I L T A R I A

 

 

Argibide gisa

 

 

Hainbat unean uneko idazki eta testu labur idatzi nituen presoei buruz.  Aberatsa ez dut uste, baino uzta ugaria bai bada hori dena, baina izan zezaketen interesgunea galdu dute, uneko gertakizun eta egoerari lotuta daudelako. Ez dut uste idazkiok jada inolako interesik duenik inorentzat, baina bada lantxo bat biziki gogoratzen dudana. Sarean jarri nahi dudan hau hain zuzen. Ekintza mardula izan zen, eta ekimen haren ziurtagiri antzerakoa uztea merezi duela uste izan dut. Egun haien kronika da.

 

Zirraragarria da, kezkagarria batez ere, gutxienez hausnartzera bultzatu behar gaituen gogoeta: preso eta senideekiko gaur egungo eskabide, exijentzia berberak genituen duela 20 urte. Badirudi ez dela ezer aldatu. Egia da egoera politikoa aldatu dela, egia izanen al da aukera gehiago dutela gaur egungo eskaera eta ekimenak. Presoekiko gizartearen sentikortasuna, aldiz,  apalagoa delakoan nago. Egoerak eta arazoak, baina, bere gordinean diraute.

 

Orain ere zirrara eragiten didate senide haien bizipen, errealitate eta historia latzek. Bertatik bertara, eguneroko harremanen hurbiltasunez bizitakoak. Aberastu ninduen esperientzia. Sentiberagoa ere egin ninduena.

 

Badut egun haietako hainbat testigantza zehatz jaso eta idatzi ez izanaren pena. Ez nuen orduan horrelako ikuspegirik. Egun haietako zurrunbilo eta nekean ezina ere bazen horrelako lan bat burutzeko oztopoa. Baina bazen testigantzok jasotzeko une berezia, eguneroko harreman normaletan ateratzen baitziren. Etxeko norbait atxilotu ondorengo erreakzioak, esaterako: nire ama  hain ezustean harrapatuta, zorabiatu egin zen, baina gero gogor egon zen behar zen tokian; mila zertzelada, hur hurrekoak eguneroko harremanetan espontaneoki ateratzen zirenak, egoeraren laztasuna ez ezik pertsonen aberastasuna erakusten dutenak, sentipenen sarea, …

 

Ez dut uste gaur egun inorentzat interesik izanen duenik kronika honek. Baina niretzat talde haren 20 eguneko esperientzia aberasgarria sarean iraunkor gelditzeak badu bere xarma, kilikagarria zait, nire ibiltari kideekin dudan zor bat dela sentipena ere betetzen dudala uste dut. Beraz hor gelditzen da, irakurketak udako tarterik lapurtuko ez badio ere inori. Testigantza isila. Presoen senideen talde haren oroitzapenak nolabait iraungo du sarean.

 

Zenbait urtez idatzi nuen egunkarian ondorengo burutapen hau aurkitu dut, eta egokia iruditu zait hemen atxikitzea:

“97.12.26

Presoak Euskal Herriratzeko Ekimen Ibiltariko egunetan irakurri genituen berrietako letra txikietan jakin genuen  Cascos Aznarren ministroarekin elkartu zela Arzallus Loiola aldean patrimonio historikoaren bost mila milioiren ordainketari buruz hitz egiteko. Gaur ofizialki berri hori kaleratzeak baieztatzen digu PNVko alkatetza, alkate, zinegotzi eta politikoen gehiengoak, bere hitz borobil zuritzaileez harago, presoak etxeratzeko atxikimenduaren sinadura ez gauzatzearen zergatia: botere eta diru horren lorpenaren bidesaria. Suhiltzaile izatea da politikagintzan ofizio usuena eta nagusiena. Bagenekien bai nork eta zergatik zokoratu nahi gintuen gure ibili solidarioan.”

 

 

 

Ekimen ibiltaria

 

Herriz herri 20 egunez autobusez

"Euskal Presoak Euskal Herrira" aldarrikatuz

 

97.11.30 - 97.12.20   /   111 herritan  125 ekitaldi

 

 

Sarrera

Egin genuen ibilaldiaren kontaketa apala, egon ginen herrietako kronika umila, egunerokoari begirada xumea, ibiltari izan ginenon oroitzapena. Memoria ahanzkor eta ahularentzako eusgarria, noizbait egun hauek gogoratu behar  baditugu ere. Bizipenak berritu ahal izateko tresna,  ahal den txukunen idatzita eta sailkatuta. Hau bera egiten dut bidaia guztietan, nola ez ba oraingoan hain bidaia berezia izan bada. Nirea baino gaitasun eta trebetasun gehiago behar da hitzak josiz gertakizun eta burutapenak azaltzeko, kronika honi bizitasun eta deigarritasun pixka bat emateko, baina, nolanahi bidaia-kideren bati ere baliagarria izango zaion itxaropena dut.

 

Martxaren nire kronika pertsonala da. Gogoan ditudan hainbat gertaera, ekintza  eta zertzelada; beste batzuk ohar idatzietan jasoak ditut. Damu naiz hainbat zehaztasun interesgarri, gure arteko esamesa, ateraldi, elkarrizketa, iritzi eta gertakizun jaso ez izana. Bego beraz eguneroko hau daukatenarekin dagoenean. Denon kronika ere ba da, nire burutapen soilak ez direlako. Martxakideen iritzi eta azalpen pila dago bertan, nire oharretan jaso nituenak , zuei entzunak, ez dakidan arren esalearen esanahi osoan eta intentzio berdinarekin jasoak dauden. Zenbaitek berak esandakoak bezala jasoko ditu hainbat burutapen, eta hala izanen da izan.

 

Hainbat datu agian ez da zehatza, falta da beste zenbait zertzelada ere, kontakizun batzuk ez daude berea den egunean. Bakoitzak du bere sentipen, oroitzapen eta ikuspegia, bakoitzak bere Martxa egin baitu.  Bakoitzak osatu edo aldatu beharko du, beraz, nire hau bere osagaiekin. Agian Paskualekin egin behar nuen datu trukaketa bat, seguru aski berak ni baino zehatzago jaso zituelako hainbat gertakizun.

 

Asko agertzen dira izen batzuk, gutxiago beste zenbait. Batzuk isilagoak edo patxada handiagokoak direlako, baina isilek eta patxadatsuek berbatsuek eta ezinegonek haina egin ohi dute talde batetan, funtsezkoak dira ere talde baten ibilia orekatua izan dadin. Galdua litzake taldea sugandila berritsu soilekin.

 

Sekula ahaztuko ez ditugun egunak eta koadrila. Taldeak funtzionatu zuen. Denok ezberdinak ginen baina helburu finko, sakon eta sentimendu batek lotu eta bultzatu gaitu. Agian xumeak  izateak ere elkartu gaitu inork nahi ez zuelako inor gainditu, gure lehia herri maila guztietara mezua helaraztean zegoelako soilik

 

Ez dut hitzokin jolasteko trebetasun handirik, baina iruditu zait norbaiti ere interesgarria gerta dakiokeela nire ordenagailuari egin diodan kontakizuna. Horregatik doa bidaia-kide izan zineten zuen  eskura. Bidaliko nizuela agindu nizuen eta hor doakizue. Atera zaidana, besterik ezin.

 

 

 

Nondik norako herriak

 

97.11.30. Donostia: Antiguo,  Konstituzio Plaza, Altza, Intxaurrondo, Egia, Gros, Easo Pl.

97.12.01. Trintxerpe/S.Pedro, Antxo, Donibane, Lezo, Oiartzun, Hondarribia, Irun, Orereta.

02. Astigarraga, Urnieta, EGUNKARIA, Andoain, Usurbil, Orio, Lasarte, Hernani.

03. Tolosa, Ibarra, Billabona/Zizurkil, Irura/Anoeta, Alegi, Amezketa, Tolosa.

04. Errezil, Mutriku, Deba, Zarautz, Zumaia, Zestoa, Azkoitia, Azpeitia.

05. Elgoibar, Eibar, Soraluze, Bergara, Antzuola,Oñati, Aretxabaleta, Arrasate.

06. Legazpi, Zumarraga/Urretxu, Ezkio, Ormaiztegi, Lazkao, Ataun S.Martin, Ataun S.Gregorio,                Zaldibia, Ordizia, Beasain, Ordizia.

07. Leitza, Lekunberri, Irurtzun, Arbizu, Altsasu, Etxarri Aranatz.

08. Agoitz, Huarte, Atarrabia, Burlata, Berriozar, Iruñea.

09. Lizarra, Tutera, Tafalla.

10. Elizondo, Arantza, Bera, Lesaka.

11. Ugao, Zeanuri, Igorre, Arrigorriaga, Igorre, Galdakao, Etxebarri, Basauri.

12. Durango, Zornotza, Abadiño, Elorrio.

13. Bilbo: Epaitegia, Indautxu, Guggenheim, Santutxu, Deustu, Plaza Eliptikoa.

14. Gallarta, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi.

15. Gernika, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa.

16. Sondika, Derio, Lezama, Zamudio, Larrabetzu, Mungia.

17. Unibertsitatea, Erandio, Sopela, Barrika, Getxo, Algorta.

18. Amurrio, Laudio, Urduña, Laudio.

19.Gasteiz:Unibertsitatea,Las Desamparadas, Ama Birjina Zuria.

20. Iruñea. Gasteiz.

 

57 ekitaldi Gipuzkoan, 20 Nafarroan, 39 Bizkaian, 9 Araban.

 

 

Nor ibiltari

 

20 egunez

Gipuzkoa: Justo Zilbeti:Getaria; Dodaka Salegi, Martzial Kortadi: Donostia.

Bizkaia:  Josu Cerrato: Erandio; Jose Antonio Gorostiaga: Basauri; Paule Sodupe: Berango.                                                 Araba: Blanka Antepara: Urbina;  Bego Salzedo: Areta.

Nafarroa: M. Luisa Ruiz, Jon Etxabe, Patxi Karasatorre, Martin Arratibel: Etxarri; Paskual Etxeberria: Bera; Tomas Ezkurra: Burlata.

 

10 egunez

Gipuzkoa:  Karmen Mendizabal: Hernani; Josepa Arregi: Arrasate; Nerea Amenabar: Zubieta/Donostia; Maribi Arregi, Balentin: Zizurkil;  Pili Esain: Billabona; Loli Laskurain: Andoain; Patxi: Orereta. 

Bizkaia: M. Asun Pascual: Barrika; Klara Laseca: Santurtzi; Jose Alonso, Iñaki Ojeda: Portugalete; Josu: Basauri; Ibon: Elorrio.                                                                                                                          

Araba: Elias Garcia, Bitxori, Santi Bengoa: Gazteiz.                                           

      

 

 

 

Atarikoa

 

Sonia eta Juanita etorri zaizkigu ia Senideak Elkarteak antolatu duen Ibilaldira joango ginatekeen.  Ez dugu zalantzarik izan baietzaz erantzuteko. Bor-bor jarri zaizkigu garunak. Nortzuk, nola, ... mila burutapen eta buru-ehotze, horrelako ekimena berdin izan baitaiteke zerutxoa edo infernu txikia, elkartzen garenen izaera eta jokabidearen arabera. Lau gara Etxarritik; Patxi ezagutzen dut, Martin orain ezagutu dut.

 

Bilboko bilera.

Prentsaurrekoa aurretik izan dugun bilera izan da garrantzitsua guretzat: bidaia-kideak ezagutu dugu elkar, bidaiari buruzko hainbat zehaztasun jaso dugu. Asko balio du lehen inpresioak horrelakoetan, bidaia osoa markatu eta baldintzatu dezake. Baikorra izan da lehenengo ekartze hau, baina geroak erakutsi beharko du  bakoitzaren besteenganako kidetasuna. Gurekin kazetaritza-loturako lanetan arituko den Nere neskato liraina ezagutu dugu, baita Ramon eta Ester Senideak-eko liberatuak ere. Bidaiarion lehen elkar ezagutza, bidaiaren nondik norakoaren zehaztasunak, lepoan jarri dugun ibiliaren ezaugarri izanen den zapia Senideak-en anagramarekin, … eta horrelakoetan ohizko diren zenbait  zertzelada izan da bileraren emaitza; gutxienezko hezurdura eman nahiz, aukeratu ditugu ere taldeko lau bozeramaile: Paule, Josu, Patxi eta ni. Geroak erakutsiko du izendapenaz aukeratukoon egokiera edo eragina; borondatea ona denean beti dago aldaketarako aukera. Askok edo gehienek badute elkarren ezagupena, bisitara bidaietatik,, kartzeletako  sarreretatik,  edo bileretatik.  Jakin-minez begiratzen diet nik bidaia-kideoi: baikorra da lehen iritzia, gutxienez ez da nabarmendu burutxo jarrera edo egarririk inorengan eta hori beti da pozgarria talde bati hasera ematean. Ibiliak jarriko du bakoitza bete betebehar egokienean.

 

Gogoan dut nire ama, hirurogei urtetik gora zituela, zortzi urtez, neguko hotz izugarriekin zein udako infernuko beroekin, hilero etorri zitzaidanekoa 600 kotxe txikian Zamorara.  Errespetuz eta barne ukitu bereziaz begiratzen diet orain bildutako denei eta bakoitzari. Badakit beraien egoera, ezagutzen dut arazoa, nolabait bizi ere bizi dut, horregatik gaude Maria Luisa eta biok bertan, baina irakurriz edo nahiko urrutitik, ez neure larrutik ordainduta. Senideon hurbiltasunak besterik gabe sortzen dit halako hunkidura  edo zirrara sakona. Badakit hurrengo egunetako harremanak nire sentipenak sakonago harrotuko dituela.

 

Prentsaurrekoa

Bizi dugun giro politikoa ezagututa, ez da harritzekoa ez dauden hedabideak agertu ez izana. Iruñako bulegoan lan egiten duen Ester dago mahaian Senideak-en ordezkari,  Ekimen Ibiltariko Paule eta Dodoka esker-eskubira, Ramon Gaztelumendi Donostiako bulegokoa  alde batean eta ez dut gogoratzen beste inor mahaian. Esterrek orri bat irakurtzen du euskaraz: Martxaren zergatiak,  Ekimen ibiltaria  du izena martxak,  "Euskal presoak Euskal Herrira" da slogan bakarra, gure mezua: euskal preso oro Euskal Herrira -  3/4a bete dituenak etxera - gaixotasun larria dutenak etxera sendatzera;   100 herri inguru bisitatuko ditugu,  autobusez egingo dugu herritik herrirako ibilia, herritarren, pertsonaien, politikoen, agintarien atxikimenduak eskatuko ditugu, eta hainbat harreman zein elkarrizketa izango.

 

 

Salda edo kafea hartu dugu  KAFE-ANTZOKIAN.  Elkar ezagutzeak eman du bigarren urratsa, onerantz argituz etorkizunaren esperantza. Tomas eta Esterrekin izan da etxerantz autokoa: Tomas lagun ona izango zaigunaren sentipena nagusitu zait. Berria oraindik gidaritzan, izan da adarjotzerik ere Martin eta Esterren artean abiadura, norabidea eta abarrez:  irria beti da gozoagoa ziria baino lagunartea hasterakoan. Mariasun dut gogoan, egun hartan agian gorputz handiz  eta ilekera beltzez ere nabarmentzen zelako, Dodaka bere buru zuriak patxada sortarazten zuelako mahaikoan,  Paule  ilehoria mahairako aukeratua izan zelako, Pilarren aurpegia ere ez zait ezabatu egun horretako irudian, Martzial ere burmuineko argazkian dago bere urte askotako gorputz galant eta ile zuriak han egoteko adorea behar zela adierazten zidalako, beste aurpegi eta gorpuzkera batzuk hor daude nire kaskezur barruko argazki horretan, baina nahiko lausotuta, agian geroak argitu dituelako kokapen berri batetan.

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.