Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/06/15 07:06
Gogoetak III: Egia, Jakituria

Egia

Zer den

* Ezinezkoa da gaurko gizartean egiaren eta gezurraren mugak ezagutzea. Gertaera makroetan ere.

* Egi bihurtzen da mila aldiz esandako gezurra.

* Harrigarria da nolako miresmen eta liluraz hitz egiten den gehienetan ezagutzen ez den zerbaitez.

* “Egia arratoi bat bezala da,  errepide bazterrean hila”. Gehienetan.

* Ertz ezberdin asko ditu edozein egiak.

* Batzuetan egia izan daitezke azalpenik absurdoenak.

* Jakin behar du gizakiak, nahiz garratza, egia dastatzen,  bestela errari ibiliko da bizitzan.

* Ez dago egiarik, egi netorik behintzat. Egi oro dago  gezurren batekin trabeskatua, kutsatuta, baldintzatuta geratzeraino.

* Ezpata mingarria ohi da sarri egia.

* Egiak beti dira mingarri. Nahiaren kontrakoak direnean, beti. Aldeko egiak eurak ere susmagarriak dira beti, denak direlako baldintzatuak.

 

Gezurra

* Salatu egiten du gezurrak, eta lotsagarri uzten du gezurtia.

* Zein erraz engainatzen dugun geure burua edo ahalegintzen garan engainatzen,  sasi arrazoia direla jakinez. Engainu horietan oinarritzen dira porrot gehienak.

* Ibilbide laburra du gezurrarekin egia ukatu edo zuritzeak.

* Egia ez diren gezurrek kentzen diote sinesgarritasuna pertsona bati.

 

Non

* Dena da deszifratu ezin dugun hieroglifiko bat, beti uzten baitugu, edo geratzen baitzaigu, tiraka jarraitzeko hari-muturren bat.

* Ageriko gauzak ikusezin bihurtzen zaizkigunean bihurtzen gara itsu, nahiz begiak sano zabalik.

* Egia beti dago norberagan, erlatiboa da.

* Distantziak ez dakar egirik, oreka bat soilik.

* Ia inoiz ez da izaten egia bilakatze bidean pentsatuz gauzatutakorik, ametsak baitira ia ideia gehienak.

* Egia ez da gezurra, baina egia ere ez. Ez dago egiarik. Egia uste dugun dena dago kutsatua, oharpen adina egia dago.

* Itxura eta egia inoiz ez datoz bat.

 

Nork

* Sarri izan ohi da izan gezurra gizakiaren pedagogoa.

* Ezinezkoa da noren erruz okertu diren gauzak jakitea, alde biak izaten baitute errua edo eragina.

* Bakoitzak dugu gure baitako toles ezkutuenean ukitzen ez dugun zerbait berezi.

 

Isilpekoak

* Pertsona baten sekretua jakitean, bahituta geratzen zaizu, bere kartzelari baitzina.

* Beti dira kaltegarriak isilpekoak, sekretuak.

 

Zertzeladak

* Zein gutxi fidatzekoak diren literatura gehiegi daukaten gaiak, edo tertulianoek  irrati-telebista saioetan etenik gabe errepikatzen dituztenak.

* Min egin dezake zintzotasun hutsak, hor datza egiaren kontraesan bat.

* Besteak entzun nahi dutena esatea izan ohi da amarrurik ohikoena.

* Egia isiltzea gezurra bezain engainagarria izan daiteke.

* Ez da beti esan behar egin den guztia.

* Sarri ez dakigu egia jakiteak ze zama dakarren, berandu da ohartzen garenerako.

* Batzuetan gezurrak egiak baino min gehiago egiten omen du: epe laburrean agian bai, luzera ez.

* Agurrak bihotzean soilik dute egia aitortzen.

* Gorrarentzat, soinurik ez.

* Ondo etortzen da, gauden lekuan gaudenekin gaudela, tarteka, goitik begiratzen jakitea.

* Badira uneak bizitzan noiz gauzak askoz argiago ikusten direla.

 

Jakituria

Zer den

* Oso zientzia zaila da denbora galtzen jakitea.

* Zer da edukazioa edo gizabidea?: besteenganako errespetua.

* Armonia ez ezik, sentimendu oro da zaila kudeatzen.

* Ezer ez dakienarentzat dena da ikasgai; guti dakienarentzat dena zientzia.

* Bi errealitate ezberdinak dira jakitea eta jakina bizitzea; jakituria antzua da bizitzak ehoa ez denean; horrek egiten du teorikoen eta oinezkoen jakituriaren dibortzioa.

* Jakituria ez da transmititzen, ikasi egin behar da, egunerokoan hesiz eskuratu.

* Itxarotea ikasi beharreko ikasgaia eta bertutea da.

* Datorrena datorren bezala bizitzea oso gutxik duen jakituria da.

* Konprenitu ez arren zerbait onartzea jakituriaren atal bat da.

* Gorde beharrekoak zaintzen jakin, jakituriaren ataletariko bat.

* Pertsonaren senik onuragarrienak denbora behar du umotu eta fruitua emateko. Lehen unean egin behar dira zenbait gauza; beste batzuk denbora behar dute: denbora tarte horiez jabetzean datza jakituria.

* “Antza denez, fisikak senide gogaikarri batek bezala, erantzun guzti-guztiak dakizki”. “Fisikak, zientzia orok bezala, galdera berriak sortu besterik ez du egiten”.

* Espiritua atertu gabe galdetzea da kulturan mugitzea.

 

Nor jakintsu

* Sekula baino informazio gehiago dugu munduaz, baina inoiz bano gutxiago ezagutzen dugu.

* Edozein adinaro da desegokia zerotik hasteko; gainera ez da behin ere zerotik hasten, aurretiko bizitakoak ere hor daude, eragina dute; jaioberriengan ere gurasoen aurre-bizitzak baldintzatzen du haurraren geroa.

* Moteldu egiten omen gehiegi ikasteak; ezjakin izateak, aldiz, esklabo bihurtzen du.

* Nondik datorren baino nora joan nahi den jakitea da garrantzitsuagoa.

* Lan pila bizkarreratuko du ezetz esaten ez dakienak, ezetz esateko gaitasuna duenak, aldiz, lan pila ezarriko bestearen bizkarrean. Zientzia da ezetz bere neurrian esaten jakitea, agian berezko gaitasun bat.

* Okerretik ikasten dakiena egiten da jakintsu.

* Egia da gizon gehientsuenek dituztela hizkuntza muga batzuk harreman espiritualei buruz hitz egiteko, baino hizkuntza mugak baino barne hustasuna delakoan nago zailtasun nagusia.

* Printzipiorik ez duena ez dela ezer esan ohi da, “printzipiorik gabekoa” esan ohi da erdeinu bezala, baina ez da printzipiorik gabeko inor, denok ditugu printzipioak, bakoitzak bereak, arazoa ez da printzipiorik eza, ze printzipio dugun baino, eta adostasunik ezak ekartzen du besteari printzipiorik eza aurpegiratzea.

 

Zertzeladak

* Tamalgarria da norbere buruaz hitz egitea baino gai interesgarriagorik ez edukitzea.

* Okerbidekoa da literatura eta zientzia arau moralez epaitzea.

* Kritika da askoren ekarpen bakarra: ibilera herrena deritzot.

* Ikasleengandik ikastea omen irakaslearen eginbidea: hala behar luke.

* Uneko gorabeherak orokorrean kokatzeko gaitasuna duenak, zertzeladak osotasunean ikusten dakienak, akats eta hanka-sartze asko saihestuko  ditu.

* Indar erakustaldia da Historia guztia, hala dira historia txikiak ere.

* Beharrezkoa da goitikako ikuspegi eta begirada, ikuspegi zabal orokor bat, bizitzaren eta gizartearen kontzeptu osatu bat izateko, baina aldi berea ikuspegi zabal horrek xehetasunera hurreratzea eskatzen du gizartearen aniztasuna eta aberastasunari buruz kontzientzia izateko.

* Isiltasuna da pentsamenduak harilkatzeko lagungarri eragileena. Nola nahi ideien argitasuna litzake beste osagai ezinbestekoa.

* Gizakiak ez du bere egunerokotik harago askorik ikasten.

* Kultura beti da azkena interesen lehentasunetan, politiko eta agintarienetan ez ezik, herriarenetan ere.

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/06/08 11:05
Gogoetak II: Denbora, aurkariak

II

Denbora

Zer den

* Istant neurtezin neurtua, hori da denbora.

* Erlojuk ez gaitu denboraren jabe egiten, denboraz jabetzen ikasi ez dionari alferrikakoa zaio erlojua.

* Leundu, eta, harago, hondatu egiten du edertasuna denborak.

* Denborak, higatu ordez, badaki lehena berpizten.

* Ezer ez da betiko, batez ere betikoa bihurtzen denean.

* Badira eternitatea balio duten liparra besterik ez diren uneak.

* Eternitatea balio dezake istant batek, eta istant bat izan daiteke eternitatea.

* Eternitatea zaizkigu zenbait istant eta bizipen, et hala gogoratzen ditugu ere,  zorionezkoa dira batzuk, oinazezkoak besteak.

* Eszena edo pasadizo labur batek bil dezake bizitza osoa.

* Gelditu bezala egiten da denbora zenbait barne egoeratan, trinkotu egiten den zerbait bezala, borobil eta geldi, heldulekurik gabe.

* Aldatu egiten ditu iraganeko oroitzapenak denborak, eskasak leunduz eta onak hobetuz.

 

Oraina

* Etorkizun dagoenaren eraginpean bizitzea da oraina.

* Iragan bihurtzen da oraina agortuz doan heinean: bizitzaren huskeria.

* Etorkizunari dagokio oraina, ez iraganari.

* Iragana da oraina, zati batean bederen, eta oraina izanen geroa.

* Une oro da gazte sortzen denean, horregatik une bakoitza bizi behar da, luza gabe iraultzen baita, eta gero beranduegi da. Uneak bizi.

 

Iragana

* Beti datorkigu aldatuta iragana.

* Inoiz ez gara, berez, lehengora itzultzen.

* Joana joana, baina denbora joanek ere jotzen dute gerora hor barruko gizakiaren erlojuren batetan.

* Oroitzapena uzten du aurreko orduak, ez besterik, eta eginaren arrastoa.

* Joan oro da erreala, izan zitekeena, aldiz, utopia eta ametsa.

* Iragana hobea izan zela  faltsukeriarekin gabiltza bueltaka, oraina dela daukagun errealitate hoberena eta bakarra, eta geroa hobetu behar dugula ahaztuta.

 

Geroa

* Amets batek bezala eragin behar du  geroak.

* Gero planifikatuena ere beti izanen da sekretu, ia zer gertatuko.

* Hutsala da orainean soilik bizi denaren bizitza, geroak ematen dio zentzua eta bizipoza bizitzari, geroan du zentzua orainak.

* Bizitzen jarraitzeari uko egiten dio etorkizunari  uko egiten dionak.

 

Neurria

* Denari eman behar zaio bere denbora, zazpikiak bihurtzen gara bestela, denak behar du bere erritmoa.

* Berenez ez du neurririk, erlatiboa da, luzea edo laburra, norberak ematen dio neurria denborari.

* Sekula hartzen ote diogu neurria denborari  eta espazioari, ordulariak eta metroak ez baitu bere osotasunean beraien neurria ematen.

* Taxuz neurtu beharra dago joandako denbora datorrenari ere aurre egiteko.

* Betiko eta betirako bihur daiteke ukitu laburrena.

* Erlatiboa da denbora, eternoa izan daiteke une labur bat, eta une ezin laburragoa eternitatea izan behar zuena.

* Barnea huts dagoenean zentzua galtzen du denborak.

* Denborak ez du neurri jakinik, une bakoitzak du berea.

* Sekula ez da berandu ezer egitekorik ez daukanarentzat.

* Bizitza hozka jaten duenari hortzak kamusten zaizkio azkenik. Bizitzari bere erritmoa hartzean datza bizitzeko gaitasuna

*Geldik zaudenean, zeurekin egonean, argiago bizi eta neurtzen duzu denbora, irrealtasun batean bezala, intenporalitatean.

* Arau edo neurri ezberdinak daude denbora neurtzeko, egunkaria edo erlojua dira bi, asko daude, pertsonen egoera eta bizipenena da beste bat.

* Denbora-neurri ezberdin bat ematen dio egoera bakoitzari uneko sentipen edo aldarteak. Eguzkia edo ordularia ez dira denboraren neurtzaile bakarrak.

* Denboraren neurria bakoitzak egokitu eta jarri behar du, mundua bera guk geuk egiten dugu, mundua gure ingurua delako, eta gure premia, baldintza eta izaerara egokitu behar ditugu, nahiz gero gure mundua beste mundu batera egokitu beharko dugun.

 

Zertzeladak

* Iraunkortasunak egiten du iraunkorra ekintza bat.

* Iragana eta etorkizuna  ederrak ohi dira, oraina da buruhaustea

* Dena berdintzen du denborak, dena iluntze ere.

* Denborak hori dauka, den-dena zimurtzen duela, zeharo ulertezin eta ezagutezin egiteraino.

* Denbora eman gauzei; denboraren perspektibaz begiratzeak ikuspuntua eta iritzia aldaraziko liguke.

* Sarri da berandu, baina beti da zerbait berria hasteko garaia.

* Presatia baino ziurrago helduko da helburura presarik ez duena.

* Denbora lasaitzen jakin: norbera lasaitzeko zientzia.

* Betoz bere garaiz gauzak, aurreratzeko irrikarik gabe, gertakizunak gauzatzen diren heinean laburtzen baita bizitza.

 

Aurkariak

Dialektika

* Iritzi, jarrera eta gertakizun kontrajarrien talkak dakar aurrerapena.

* Kontraste eta kontraesanetatik datoz aurrerapenak,  zaharrarekin kontrasteak indartzen du egoera berria.

* Ideia eta errealitatea, gizakiaren kontraste emankorra.

* Ze zaila den maltzurkeria eta ongiaren arteko jokoa.

* Zergatik ote gauza gertagaitzek astunago astintzen gaituztela posibleek baino.

* Betikoan iraun edo aldagaiak bilatu, beti erraza ez den oreka.

* Sartu beharra dago sarri galduko den jokoan.

* Egoerak, ederrenak ere, betiko luzatuz, aspertu egiten gaitu; zorionez gauzak bukatu egiten dira, hortik dator berrikuntza.

* Oroitzapen subjektibo eta errealitate objektiboaren arteko talkei aurre egiten bizi gara.

* Burutapen eta jarrera sakon ezberdin askorentzat bidea ematen dute egoera bereziek, latzek zein gozoek,.

* “Zergatik niri”k norberekeria karga du, “zergatik ez niri” sentimenduak besteekin lotzen gaitu, kidetasun ezaugarria du.

* Bizi-indarren pizgarria da amorrua.

* Inperfekzioaren perfekzioak eragiten digu sarri, eta alderantziz.

* Trebakuntza eskola dira tirabirak.

* Elkarren aurkakoek badute elkar erakartzeko joera, tarteka sarri suertatzen den karanbola.

* Ematea izan daiteke ere egotea.

* Sentimendu zintzoko bizitza bilaka daiteke asperdura.

* Etsaiari aurpegia jartzea bada izan irtenbidea, baina irtenbide izan daiteke ere iskin egitea: indarren orekan dago gakoa.

* Egunerokotasuna bultzatzen du inertziak.

* Lege bihurtzen du ohitura errepikapenak, probabilitate bezala kasualitatea maiztasunak.

* Gizakiaren eta gizarteko eragile nagusienetarikoa da derrigorra.

* Lurrak, dena estaltzen duen heinean, dena estali dezake,  baina erneko diren hazien gordailu bihurtzen da.

* Ezak ematen die balioa gauzei, eta ezinak ekintzei.

* Agurrak badaki pertsonak bere egiara eramaten, hitzetan ez bada ere, bihotzean.

* Arauak, tabuak eta inertziak, hautsiz soilik datoz aldaketak, eta aldatzean dator giza oparotasuna, itxaropen eta bizitza osatzea

* Kontrasteak areagotu egiten du kontrako sentsazioa. 

* Besteak behar dira desegokia existitzeko.

* Itzultzeko modu bat besterik ez da ihesa.

* Hitz-jolasa edo engainu eraberritua izan daiteke kasualitatea.

* Dilema guztiak dira faltsuak, ezer ez da hau edo hori, bien nahastura gehienetan.

* Ito egiten dute barneko garrasiek, kanporakoek, aldiz, lasaitu.

* Ziurgabetasunak adina erretzen du sarri ziurtasunak.

* Sarri presentziak baino indar handiagoa du hutsuneak.

* Kontraesana dirudien arren, irabazi bihurtzen dira sarri galerak.

* “Porrota duintasunez onartzea askotan garaipena izaten da eta porrota garaipen moduan hartzea errebeldia suerte bakarra” : agian garaile aterako ginateke, porrotaren filosofia edo zientzia hori bagenu.

 

Kontrajarriak 

* Denok, bakoitzak bereak, ditugu geure baitan lokartutako deabru handiak, tarteka esnatze zaizkigunak.

* Sentipen kontrajarriak ote maitasuna eta sakrifizioa?; beti elkarrekin doazenak bai behintzat.

* Kontra-efektua ez ezik, orbainak ere uzten ditu debekuak.

* Norgehiago eta norkgehiago orok beti sortarazten du inbidia motaren bat.

* Beldurra eta maitasuna bi sentimendu konbina zailak dira, baina, konbinatuz, eraginkorrak.

* Zoriona eta beldurra elkarren laguna dira sarri.

* Justizia oro da norbaitentzat injustizia; are gehiago, ez dago justizia justurik.

* Geldoak dira aldaketak ahalegin handia behar dutelako, presak azaleko aldaketak dakartza soilik.

* Perfekzio bat omen da ezereza, perfekzioaren ukamena ere ez ote.

* Sena ala arrazoia, dilema sarria eta zaila.

* Irabaziak beti uzten du galeraren bat.

* Tabu bat baztertzeko bera aipatzea izan daiteke bide eraginkorra.

* Esperientziak erakusten du egia dela koldarkeriaren ondorioa direla diskrezioa eta lotsa.

* Esanezinaren irribarreak dira batzuetan paradoxak, askatu beharreko ekuazio bihurriak bestetan.

* Asko goratua izan denak izanen du noizbait beherakoa ere.

* Sen naturalaren moxala da kortesia.

* Ezjakintasunean omen dago jakinduria, egonarria egonezinean.

* Batzuetan iluna baino okerragoa da argia.

* Propio ahazten diren gauzak dira gero akordura gehien datozenak.

* Gizarte sena haustea da plazera norbere bizitza pertsonalera biltzea.

* Sentimenduak dira irudimena eta baikortasunaren alderik txarrena.

* Bakarraren bizitza bi eternitateen arteko unetxo bat besterik ez da, baina ezgai guztion osotasunak gorpuzten du milioika urteko historia.

* Hilkutxa dirudite zenbait arte koadrok.

* Baina badira pertsona perfektuak direla uste dutenak, edo balira bezala jokatzen dutenak. Harremanen pipia da giza perfekzioa.

* Zure herritik kanpo luzez ondoren, jaioterriratzean, zeure herrian sentitzen zara,  zeure herrian darraizula sentipena duzu,  aldi berean erro anitzeko etorkin zarelarena ere.

* Bakardadean eginiko aldirako lagun gehienak betirako ezagunak besterik ez ohi dira.

* Maitasuna eta gorrotoa dira bizitza ehuntzen duten hari nagusiak, eta ez ohi dira iragankorrak.

* Nahigabe ilunetan,  eguna argituko dela iritziak kontsolamendu murritza damaio uneko goibeltasunari. Gau eztiei ostera, etsipen ukitua  dakarkio argituko duen segurtasunak.

 

Ifrentzuak

* Munduarentzat hilik egotea da loa, biharamunean munduari ekiteko.

* Badira bakarrik edo lagunarte oso mugatuan ospatu beharreko urteurrenak.

* Bakardadeak arintzen daki sarri isiltasuna.

* Erotasuna eta jenialtasuna elkarren kideak ohi dira sarri.

* Bakardadea eta isolamendua ezberdina dira berez, baina tarteka kide ere.

* Harrokeria ez da bakarrik agertzen, emozio ezberdinekin osatu edo nahastuta baizik.

* Zein eremu da publikoa eta zein pribatua, antzua da erantzuna bilatzea.

* Justiziaren osagaia da mendekua, eta justizia mendekuaren alaba.

* Edertasun kontrolatua eta basaren edertasuna, biak ederrak.

* Atsekabea ez da melankolia  garbi bat, hiri setiatu batean bizitzea bezalakoa da.

* Uztartuta daude psikologia eta antzezpena,  pertsonaien larruan sartzen dira.

* Salbazioa den heinean da irtenbidea suizidioa.

* Patu mozorrotuak besterik ez dira plazera eta mina

* Halabeharrari dagokio beti alaitasuna.

* Ondo konpontzen diren anaia bikiak dira beldurra eta arriskua.

* Lehen lerroan egoteak ifrentzua du, ahultasunez eta sufrimenduz betetako beste aldea.

* Egoismo mota bat da mesede egitea, maitasuna bezala.

* Maitasuna eta gorrotoa dira bizitza ehuntzen duten hari nagusiak, eta ez dira iragankorrak.

* Hildakoen ifrentzua dira gerra batetan bizirik ateratakoak.

* Beti eman ohi du lasaitasuna helburua lortzeak, baina inola ere ez perfektu eta hordigarria, ez luzarorako behintzat, helburu bat lortzean beti sortzen baitzaigu besteren bat aurrean, kezka  eta ahalegina sortaraziz.

* Premia eta beharra, estura adierazten dute, baina ezberdinak dira.

*  Traizio guztiak dira leialtasun baten ifrentzua.

* Nartzisismoa eta auto-gorrrotoa txapon beraren aurre eta ifrentzua dira.

* Are bakartiago bihurtzen du gizakia beste baten pean bizitzeak.

* Inorentzako etekina den lana, beti izanen da ez-perfektua.

* Pobreak eta ibiltariak, ekipaje urria.

 

Zertzeladak

* Berdinak ezberdintasunean: esaldiak gehiago du burutapenetik errealitatetik baino.

* Joera, gustuak eta zaletasunak perbertsio bihurtzea da txarra.

*  Zoritxarrenak ere zoriontasun apal eta duin bat izan ohi du: kontraesanez betetako misterioa.

* Zoriak ez du beste aukerarik ematen, hartu beharra dago.

* Apetari amore eman nahi ez badiozu, ahoa lotu, mihia estekatu.

* Inork begiratzen ez dituen gauzak, hil egiten dira.

* Konponbiderik aurkitu ez zaizkien arazo denak ez dira konponezinak.

* Zaila da biktima eta biktimarioaren rola saihestea, biak baitira zaurituak, biak heriogile.

* Hurbiltasuna mehatxu da sarri.

* Isiltasunak beti du berarekin mezuren bat.

* Itxarotea ez da pozgarria, zalantza arantza daramalako barnean.

* Hurbilago ez du esan nahi gertuago.

* Ondoren udaberria duen hibernazioa da loa, debaldeko parentesia.

* Beti dago arbuioa eragiten duen zerbait.

* Jaki bat da objektua,  edozer izanda ere.

*  Ahaztu nahi diren gauzak baino ez dira ahazten, barne ukiturik eragin ez digutenak ohi dira.

* Bizitzeko behar beharrezkoa da jatea, baina bizitzeko filosofia edo bizimoldea bihurtzen da askorentzat.

* Askatasunak ez dakar ez barkamenik ez bakerik.

* Bi seme-alabak ez dira sekula berdin maitatzen, ez gehiago ez gutxiago, ezberdin baizik.

* Testamendu ondorengo ondasun banaketarekin oroitzapenak ere banatzen dira, dirua, aldiz, biluzik eskuratzen da.

* Mendekuak ez dakar ezer onik, mendekatzailearen barne satisfazioa gehienez.

* Amorratuaren hitzek biderkatu egiten dute amorrua. Isiltzea hobe.

 

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/06/01 08:56
Gogoetak I: Gizakia - Hitzak eta ekintzak - Ahalak eta ezinak.

Gogoetak  2

I

Gizakia

Izan eta ukan

* Elkartuzaila dira instintua eta logika, logika instintua justifikatzen ahalegintzen bada ere.

* Eromena omen erabakia, askatasuna bezala.

* Joandakoa baino datorkiguna estimatu beharko genuke gehien, nostalgiaren ordez, itxaropena.

* Ez irabaztearekin konformatzen gara sarri, eta hori galtzea da.

*Seinale txarra da denek maitatua izatea, kontraesanean gauzatutako gizarte honetan ezin baitateke denekin ondo etorri.

* Nekagarriagoa da kontziente bizitzea.

* Geu etorri gara ala bizitzak ekarri gaitu gauden tokira edo garenera: erantzunik ez dago hitzen harago.

* Noizbehinka atzerritar sentimenduak hartzen du gure barnea gure herrian bertan.

* Egunerokoari begiratzen omen dio jendeak, egunerokoaren esklabo, egunerokoan plazera          hartzen duenik ere bada, artista ere izan daiteke, sentipenez behintzat.

* Hilko garela pentsamenduak zintzoagoak izatera bultzatzen gaitu, ala abaguneak biziago probestera.

* Izaera edo aldartea, zein da erabakigarriagoa hautuetan.

* Gure barneak esaten diguna daukagu, besterik ez.

* Ezin da galdu ez daukagunik, horregatik ez dugu ezer galtzen amestuz.

* Inork ez du nahi adina, besterik dionak ere.

* Ezer ez sentitzea da sentimendurik bortitzena.

* Berez elikatzen den sentimendua da amorrua.

* Norberaren nahi pertsonalak asetzeko aitzakia da arrazoia.

* “Txepelak baino ez dira gustura egoten erdipurdian”.

* Izaeraren historiako alfabeto sekretuko hizkiak dira aurpegiko orbainak.

* Garaile harroa beti da gizajo.

* Beti ari gara autobiografia egiten, elkarrizketa arruntenean ere.

* Bere miseriak ezkutatze ahaleginean hitz egiten duenak, ahaleginaren heinen uzten ditu ageriago miseriok.

* Ez da helmugarik ez duen pertsonarik, helmugarik gabekotzat uste direnak heldu ez ziren helmuga dute buruan.

* Herriak egiten gaitu, neurri handi batean garen bezalakoak, baina geuk egiten dugu herria den bezalakoa.

* Badakit nongoa naizen, nahiz aldizka ez dakidan nongoa naizen, egon naizen leku guztietakoa naizela ere badakit.

* Badirudi gizakia ez dela inongoa, atzerri batean bizi dela beti, lurraldez baino jarreraz, zerbait ezberdin berriren baten bila baitabil beti, errari, pasoko uneko egoeran, atseden edo geltokirik gabeko ibiltaria, beti aldaketa batera joan irrikan.

* Gorputza gurea den bezainbat gara gu gorputzarena.

* Norbere buruaz segur denak ez du kezka gaindiezinik.

 

Zertzeladak

* Oroitzapenak espazioari eta denborari lotuago daude?, non kokatzen ditugu errazago, tokietan ala denboran?.

* Nomadak dira sentimenduak.

* Geltoki bat baino gehiago ditu bizitzan kasualitateak.

* Fikzio hutsak dira bizipenak.

* Jolas erakargarria da ahotsetik soilik ezezagunaren aurpegia eta gorpuzkera irudikatzea, irudi bat osatzen baitugu entzunez ahotsetik abiatuta.

* Beti dago norbait, edonon, edozertarako, edonolakoa… aurkitzen jakin behar.

* Gure gatza da eguna, eta gu gara egunaren gatza.

* Norbaiti begietara begira, berarekin soilik zaude.

* Sekula ez da berandu berriro gizon osoa izaten hasteko.

* Pertsona batzuk ez dute ezer uzten bere ondoren; ubera uzten dute beste batzuk: aldi baterakoa horietako gehienek, luzarorako bakar batzuk.

* Une urduri eta sarri mingarriak izaten dira, tarteka arimaren zirrikitu sakonenak, azaleratzen diren horiek.

* Besteen trapu zaharra argitzea du gogoko jendeak, inor gutxiri azaltzen dizkiogu norberarenak.

* Beldurra ematen digu barneko hutsune horrek, horregatik ahalegintzen gara estaltzen edo zerbaitekin betetzen.

* Ate bakarra duzunean irteteko, ate hori zeharkatzea besterik ez duzu; aterik ere ez dagoenean zerbait asmatu beharko duzu.

* “Etxeko sua etxeko hautsaz itzali behar dela…”: trapu zikinak etxean garbitu bera direla alegia.

* Kristau bertute bat da austeritatea. Sakrifizio kutsua du, ahalegina saihestea, konformatzea, aukerak eta baliabideak ez erabiltzea, aurreztuz bizitzea…  Norberak daukanarekin moldatzea, baldintzak hobetzen saiatuz, hori da austeritatea.

 

 

Hitzak eta ekintzak

Hitzak

* Hitzek bezainbeste adierazten du sarri tonuak.

* Mezu ederrenak ere, errepikagarriegiak badira, beti aspergarriagatik antzuak.

* Ez du ezer eraginik predikuak, bizimolde aldatzeak baizik.

* Behin ere ez dakigu gure hitz eta jarrerek besteengan izanen duten erreakzioa eta eragina, beraz hobe beti egiazki eta naturaltasunez jokatu, datorrena etorriko da.

* Arriskutsuak behar dute ideia onenak, berritzaileak badira.

* Ez-hitzezko komunikazioa, isilikoa, da sarri esanahikoena.

* Sakonak izan ohi dira hitzik gabeko elkarrizketak.

* Esaldi berak esanahi ezberdinak ditu, hainbat zertzeladen arabera.

* Diskurtso erradikala eta praxi koherentea, gazteak erakartzeko bidea.

* Hitza moteldu ohi du oinazeak.

* Zenbait, eta zenbat, sentipen eta ideia hondartu, zatartu, desitxuratu eta lausotzen zaizkigun hitzez azaldu nahi ditugunean.

* Mila gauza esaten dira hitzik esan gabe.

* Gehienetan entzuleak gehiago dauka esateko hizlariak baino.

* Galdetzera ohituta dagoenak erantzunak ematen ere jakin behar du.

* Baiezko tristea da sarri ezezkoa.

* Eztabaida bera izan ohi da sarri eztabaidaren ardatz edo helburu nagusi, ez ideiak.

* Gauza, gertaera, esaera edo hitz sinpleenak dira sarri  esanahi zabal eta sakonena dutenak, begiratzen edo interpretatzen jakin behar.

* Zurrumurru eta esamesen artean  bizi dena, zaborrez bilduta bizi da.

* Hizkuntzaren kontrolpean ematen omen estreinako bataila.

* Solasaldietako jarioan hitzetan bildutako isiltasunak soilik erantzutea da bakardaderik etsigarriena, ezer ez dioten mintzaldiak dira isiltasun horiek.

* Esaten ditugun hitzetatik laurdenak soilik egingo bagenitu hobeto legoke gizartea eta mundua. Dioguna ondo pentsatuta esateak lekarke berbaldien urritze hori, eta dioguna zentzudunagoa izatea ere.

 

Ekintzak

* Ez da beti hobea gogoeta lasaia erabaki etsi bat baino, zirt-zart egin behar da sarri bizitzan.

* Libertatea gauzatzea da erabakiak hartzea.

* Norbera denaren autokontzientzia erdian kokatu, lehen baldintza lan eraginkorrerako.

* Ausardia behar da tantoa bukatzeko, defendatzaile soilak ez du lehiarik irabazten, gehienez luzatu.

* Konbikzioz jokatzen duenak garaipenaren erdia du jada.

* Amildegi ertzean eroso sentitzea, abenturaren piperra eta gatza.

* Kanpora irten eta bertan segi, aurrera egiteko legea.

* Gogokoa izan behar du lan batek bi aldiz egiteko, behartua ez bada.

* Hitz-jarioa ekintzetan mamitzen ez duenak ez du sinesgarritasunik lortuko.

* Beharrezkoa da bihotza ekimenetan nagusitzeko, baina ez da nahikoa, zangoa ere beharrezkoa da, baina zangoa erabiltzeko ezinbestekoak dira burua eta zuhurtzia.

* Jendea laguntzen diharduten heroi txikiek, hauek aldatzen dute gizartea, eta eramangarria egiten bizitza, nahiz ia inork ez dituen ezagutzen heroi bezala.

* Zer eragileen efikazia ekintzailearen edo hartzailearen fedean datza,  edo ideiak garbi izatean, ekintzaileak direlako beti ideia garbiak.

* Amorrua  ez da osagai onena ekintza baterako, baina beharrezkoa da amorru dosi bat epela dena ibilarazteko. Itsua eta bihozgabea bihur daiteke amorratua, baina apalegia dena ez da sekula santa mugituko. Osagai biak dira beharrezkoa, bere neurrian.

* Ahalegintzeko borondatea duena, pasako da ekintzetara, eta ekarriko du lorpenik, txikia arren.

*  Barregarri gelditzeko beldur denak gogoratzeko ezer gutxi burutuko du.

 * Hurrengo zereginak jarri behar die neurria lo-orduei, biharamuneko eginkizunak eskatzen dion adina lo egin behar du gizakiak, gorputzak bere atseden neurria baitu. Lo gutxiagorekin lan gehiago egin ahalko da, baina ez lan eraginkorragorik.

* Sakrifizio oro da interesatua, nolabait egoista, zerbait lortzeko egiten baita, baina ez da, besterik gabe, masokista.

* Apetitu eta desioez gain, fedea behar da edozer gauza ganoraz egiteko. Zereginaren zailtasunak ematen du fedearen zenbatekoa.

* Begirada luzekoa izan  behar da eragile izateko; hurreko haize boladak eramanen ditu epe laburrera begira aritzen direnak, eragin urrian geratuko dira bere ekintzak.

* Bizitzan ezer ez da alferrikakoa, egindako denak du geroan eragina, ekintzarik txikienak ere bere  arrastoa uzten du. Jabetzen ez bagara ere. Mundua eta gizartea, osotasun bat da.

* Geu salbatzen gara besteak salbatzera eginez.

* Bada sena ekintzarako abiapuntu bat, baina ez da nahiko.

* Bide zuzena zein den jakitea da katramilatsuena, errazagoak dira hurrengo pausoak, nahiz zailak izan.

* Errazagoa da sarri gauzak egitea zergatia esplikatzea baino.

* Arrazoirik eza izan daiteke zenbait gauza egiteko arrazoia.

 

Zertzeladak

* Izaera edo aldartea, zein da erabakigarriagoa hautuetan.

* Hitza bezain garrantzitsua da entzuten, isiltzen ere, jakitea.

* Abilezia zaila da gizon itxiekin komunikatzen jakitea.

* Hitz egiteko konbita pozgarria da, zerbait esateko duzula seinale.

* Bidea egitea da zentzua duena askorentzat, ez inora heltzea.

* Bere bidea du helburu orok, bakoitzak egin behar duena, beste inork eginen ez diona, bidean noraezean ibili nahi ez badu. Zenbat jende galtzen den bidezidorretan eta zenbat jende itotzen den bizitzan txalupa baten zain ertzera igeri ez egiteagatik edo igeri ikasi ez duelako.

* Azken tantoak egiten du gainezka edalontzian, eta gainetikako tanto denak  ondoren. Lehertze oro, gizakiarena, gizartearena zein naturarena, denak puntu gaindiezin bat gainditzetik dator. Batzuetan gizakia ez da jabetzen puntu debekatu horretaz, edo bere erokerian gainditzea eragiten du.

* Erein eta jaso ez, ereilea bera ahitzen duen lan agorra. Desertu bihurtzen da uztarik ez duen lurra. 

* Gutxitan da eraginkorra eta onuragarria erdibidea.

* "Zer zentzu dauka gauzak denboraren hamarrenean egitea”?. ”La  prisa mata marokoar esaldi ohia.

* Betoz bere garaiz gauzak, aurreratzeko irrikarik gabe, gertakizunak gauzatzen diren heinean laburtzen baita bizitza.

* Norbere bekatu eta pribilejioak ordaintzeko zurikeria da karitatea.

* Joaneko autuak eta eginak errepikatzea, asperduraren oinarria.

* Hola edo hala, betirako arrastoa uzten du ohitura errotuak.

* Frustrazioa dakar norbere buruari ahal duena baino gehiago eskatzeak.

* Ezohikoa ez da itxaronkizuna, ezta ametsa ere, baina ametsa da bizitza.

* Ezer egin ez duenaren nekea da nekerik nekeena.

 

 

Ahalak eta ezinak

* Ausardia handia behar da norbere buruaz egiteko, horregatik ez du egiten ia inork.

* “Alkoholak mutuaren ahotsa ere esnarazten du”.

* Gauza bakoitzari bere ezina dagokio.

* Ilusioak ez dira debalde betetzen.

* Diziplina ezartzea da  mugak jartzea, ez bakarrik bizitzaren kontrola norberak hartzea, bizitzak eramana ez izatea, baizik baita ere eraginkorra izateko baliabide eta baldintzak jartzea ere.

* Lortu gabe, hutsunea utzi dizuten asmo, desio eta ahalegin horiek, sexuarenak barne edo batez ere, sakonago errotuta geratzen dira oroimenean lortutako gehienak baino.

* Ohiturak eragiten digu ekintzetan, baina galga ere bada, baita aspergarria ere.

* Ikusi eta ikasi, ikasi eta goza, begiak dira gizakiaren tresna aberasgarrienak.

* Norberarekin deseroso bizi dena, beti izanen da deserrian edo etorkin, edonon egonik ere.

* Gizaki gehienak patuak edo halabeharrak eraginda, nahiz ustez erabaki kontzienteaz bizi, egiazko iparra non dagoen antzik ere eman gabe hiltzen dira.

* Une bakoitzak badu bere arazo mordoa, badaki sortzen behintzat.

* Zama baliotsuenari ere jaregiten zaio gehiago eutsi ezin zaionean.

* Munduko itxurakeriez haragoko errealitatea hobestea jenio baten hautua da, baina erotzat hartzen dugu.

* Ahanztea, suizidio txiki bat da, bizitzatik alde egitea.

* Sostengu gabe geratzen da duenarekin konformatzen ez dena.

* Gure ezinak onartzean izanen gara zerbait.

*Hotzaz gain, hutsa dagoenean da hitsa gela.

* Ez dago zigor justurik.

* Nahikoa da nahi duzun pertsona bat ez aurkitzea, hiri handiena ere hutsik sentitzeko.

* Gorputzeko zauriak orbaitzen dira, arimakorik  ez,  analgesikoak jarri besterik ez diegu egiten.

* Hitzik gabeko defentsa bat bai bada mututasuna, baina baita ezinen ezaugarri bat ere.

* Aterabideak inorengan soilik jartzen dituenak bere ezinean jarraituko du.

* Ahuleziaren ezaugarrietako bat izan daiteke, izan sarri da, amorrazioa; haserrea bera ere.

* Zerbaiti izena jartzea, entitatea ematea da.

 

Zertzeladak

* Negozioetan ez ezik bizitzako edonolako gorabeheretan ez dago bermerik.

* Bidea bera da helburua.

* Asperdurak edo nekeak eramaten du jendea leku berrietara, aldatzeko grinak alegia, baina herrimin izanen da.  Agian familia da eta ez lurra gizakiaren leku baterako lotzailea.

* Sentimendurik ez balute bezala jokatzen dugu animaliekin.

* Beti zapaltzen zaitu makurkeriak, makurtzen zarenean ere.

* Onbide oro da hobekuntza ezkorrarentzat, baina tristea da jarrera hori, betegarriagoa da baikorra izan eta tarteka zer okerrak pairatzea.

* Normalean ez gara abokatuez fida, beharrak eramaten gaituelako beraiengana eta bere esku gaituztelako joaten gatzaie. Etorkizun zalantzatia dugu beti abokatuen esku jartzen garenean. Ez datoz beti bat abokatuaren interesa eta bezeroarena epaiketa eta epaitegietan.

* Berdin zaio mundua goitik behera erortzen bazaio ere norbait lur-jota dagoenean. Infinituraino heltzen zaio inpotentzia totala gizaki ezgauza edo  finituenari ere.

* Asko dira bere porrota gizarteari egozten diotena bere ezdeusa ezkutatzeko.

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/05/25 08:35
Gizartea II: Gatazkak, Boterea, Zapalkuntza.

II

Gatazkak

Bakea

* Gezurra eta egiaz dago antolatuta gizartea, bien arteko oreka da bakea.

* Gerra berezkoa dela esan omen zuen Napoleonek; agintea eta diru zaletasuna duela berezkoa gizakiak esango nuke nik, ondorioa besterik ez dela gerra.

* Errebolta batean errua ez da altxatuena, gobernatzen duenarena baizik.

* Jaio diren guztiek ikusi dute gerraren bat.

* Iraganak baino etorkizunak banatzen du gehiago gizartea.

* Mugarik eza da bakea eta batasuna. Mugak jartzen dizkiogunean gure buruari edo bizitzari sortzen dira elkarbizitzarako arazoak.

* Besteen iritziak erasotzat hartzetik dator biolentzia, datoz mota guztietako konponezinak.

 

Gerra

* Gatazka batean alde bakoitzekoak justifikatzen du indarra, besteak hitzei kasurik egiten ez diola aitzakian.

* Sufrimenduaren monopolioa judutarrei transferitu zaie, holokaustoa alegia, baina antisemitismoak hor darrai, agian zabalduago, Israelgo estatua medio.

* Zer orokor bat da gerra, baita gerraren premia ere,  bizitza barne.

* Sufrimenduaren sinonimoa da gerra. Baita botere egarria eta bakar batzuen aberastasun iturria ere. Gerra egiten ez dutenek eragindako hilketa eta hondamendien iturria da gerra. Bakar batzuen onerako herritarren bizia erabiltzea, baliatzea. Herria bera arma bilakatzen duen jarduera da gerra.

* Gerra edo indarkeria ez da bataila edo ekintza batean bukatzen, ideiak deuseztatzen direnean bukatzen dira gerrak. 

* Izan da gerra “artea” dela esan duenik; bera, baina, ez zen bala batek jota frentean hilko.

* Gerrak ez zaitu sekula bakean uzten, zeuk bakean utzi nahi baduzu ere.

 

Zertzeladak

* Egindakoagatik baino ez egindakoagatik behar genuke damutu eta barkamena eskatu.

* Beti dagoela  norbait norbera baino inteligenteagoa onartzen duenak beti izanen du lekua gizartean, hori ez onartzea da katramila askoren iturria.

* Ez dago gauza gehiegi jakitea baino gauza txarragorik.

* Zenbat min egiten diogun gizakiok elkarri bakoitza berarenarekin gelditzearren, edozein arlo eta edozein mailako boterean. Ikaragarria da besteari min egiteko dugun gaitasuna.

* Sentipen asko apaltzen ditu goseak, eta beste asko harrotzen.

* Beti daude nahastuak, elkar indartuz, gaizkia eta ongia; kontraesana da bizitza, eta kontraesanak gaindituz egiten du aurrera gizarteak.

* Aspaldiko urek ez omen dute gaurko errotarik mugitzen, baina nik baietz uste, errotarri asko  mugitzen duela iraganak askoren bizitzan.

* Indartsua ahulari kalte egiteko ahulegia denean, ahulena bihurtzen da indartsu  eta horretaz baliatu behar da gutxienez indarrak orekatzeko. Bestela indartsua berrindartzean ahula erasoko du. Borrokaren funtsa.

* Erroak sekula santan ihartzen ez zaizkion belar txarra da gorrotoa. Barkamena, aldiz, menderatzaileak menderatutakoari eskatzen dion porrotaren ordainetako bat.Tarteka barkamena izan daiteke gaizkilearen terapia bat, edo gatazkaren konponketarako pausoa ere.

 

 

Boterea

Dirua

* Dirua beti dabil patrika berdinetan batetik bestera; kapital handiak dira dirua; ibai handietan bukatzen diren  errekatxoetako txanponak dira herri zehearen dirua.

* Berarekin dakar miseria aberastasunak, proportzio biderkatzailean, aberats gehiago pobrezia hareago.

* Dirua kaka da, baina denek nahi dute kaka horrekin zikindu.

* Gizaki-bereizgarria da dirua.

* Dirua hego bat bezala da askorentzat, edo gehienentzat, bizitzan hegan eta amets egiteko baliabidea

* Diruak agintzen du, arlo guztietan bezala, etxegintzan ere, herri bateko kale egituraketan. Ahalmen ekonomikoaren arabera egituratzen dira herria eta auzoak.

* Beste norbait edo norbaitzuen bizkar egiten dira beti besteen mailatik goitikako diruak.

* Beti da gatazka dirua, eguneroko edozein arlo pozoitzen duen osagaia. Gerra ororen azpian ere dirua dago, interes ekonomikoa.

* Bihozberatasunak maila xumeko jendeengan du eragina, egoera apal hertsietan, diruak ez baitu bihotzik, eta gaurko gizartean dirua da eragile nagusia.

* Zifra zehatzekin aritzen da negozioa, baina itxurakeriak izanen du bere eragina, iruzurrak aurpegi anitz baitu.

* Gezurra da, esaldi mitiko hutsala besterik ez,  “bezerok arrazoia du” esaldia, filosofia hori bera bezeroari etekin gehiago ateratzeko entelekia bat besterik ez da. Interesak lehenesten ditu beti saltzaileak edo enpresak, bezeroaren interesen gainetik.

* Bihozberatasunak maila xumeko jendeengan du eragina, egoera apal hertsietan, diruak ez baitu bihotzik, eta gaurko gizartean dirua da eragile nagusia.

* Besteen dirua eskuratzea da negozioa.

* Aberatsek ez dute diru beharrik, halaz ere diru-gose dira.

 

Zertzeladak

* Diru iturriak, boterea… orokorrean ekonomia: sailka eta arloka gauzatzen dira; engranajeko gurpil txikienak dira maitasuna eta bestelako sentipen eta abarrak.

* Dirua bihurtu dugu munduko eta gizarteko giltza, dirua dutenak dira herriaren pauso guztien jabe.

* Beti dute dirua aberatsek, baita negozioek porrot egiten dietenean ere.

* Zerk zehazten edo baldintzatzen du zorionaren eskala ezberdina, diruak, ospeak…?, eta pobreengan?, zeren pobreak beren estura ekonomiko eta anonimatuan zoriontsuak eta aberatsak dira. Agian oso erlatiboak dira bai dirua bai ospea eta zoriona.

* Diru dena nonahi eta edonon da beltza eta zikina. Eta daukana belztu eta zikindu egiten du, kopuruaren arabera beltzago edo zikinago.

* Edozein bilera edo elkarte bilakatzen da oso erraz botere-plaza.

* Negozioak egiteko garai txarrak direla hori, ugazaben filosofia da.

 

 

Zapalkuntza

Zapalketa

* Funtsezkoa zaio edozein sistemari pentsamenduaren polizia, eta komeni zaion egia inposatzen du.

* Otsoak ez du otsoa jaten, gizakiak bai jaten du gizakia.

* Sasiak begiak ditu eta laharrak belarriak polizia-gizartean .

* Batzuen ongizateak, esplotatuak egotea eskatzen du.

* Giza ustiapenetik bizi omen mundua, horretan oinarritzen omen, baina mundua gizakiak dira. Autofagia egiten dugu, beraz.

* Gizarte honetan gutxi batzuk monopolizatu nahi dute  pentsa-ahalmena eta pentsa-jarduera,  ideien monopolioa alegia, eta horren bidez gizakia bera bere osotasunean. Pentsamenduaren hedapenaren monopolioa ere bereganatu nahi dute medioen bidez.

* Gerrek milioika pertsona hiltzen dute; gure gerrarik gabeko gizarte honetan, aldiz, zaintza ezak, prebentziorik ezak, gehiegikeriek… eta horrelako abar arruntek  dakarte osasunaren hondamena.

* Infinituraino zabaldu da aukera ezberdinen aukera gizarteko arlo guztietan, baina ezberdintasun ñabar kontaezin guztiokin ere erabat uniformatu gaituzte, moden morrontza ezarri digute, janzkeraren esklabo. Janzkerak ez gaitu gehiago hurbiltzen, jantziei buruz hitz egiteko ez bada.

* Boterea, justizia ere, mamu bat da; aurpegirik, zeinurik, gabeko zenbaki bat, datu zerrenda bat, ezerez bat, bihurtzen gaitu, ondoren irentsi eta menperatzeko.

* Galtzaileren baten bizkar izan ohi da ongizate oro.

* Ebidentea da biolentzia giza geneetan datorrela, biziraupen premia eta nagusitasun egarriarekin batera. Estatus soziala da biolentzia. Agian portaera unibertsalari ondorioztatutako eboluzioarengatik, lehen biziko biziaren unetik.

 

Zapalduak

* Errespetua eta miresmena dio pobreak aberatsari eta agintariari, ahaldunari alegia, menpekotasuna datorkio, ondorioz; noizbehinka errebelatzen da, baina berriz ere bere eskuetan jartzeko.

* Miresmena, errespetua eta beldurra diote  pobreek aberatsei; horregatik ez dira altxatzen.

* Kartzelak laburbiltzen du sistemaren maltzurkeria eta miseria, eta ezberdinki erreakzionatzen du bakoitzak.

* Gizarteak jende pobreari eskaintzen dizkio lan eskasenak.

* Emozionalki ahulen direnentzat dira laguntza-mobilizazio asko; zenbait ekimen antzu ezinaren ahalegina den bezala.

* Gaur egun babesterik ez dago norberaren ingurua, ezta norbera ere, inoren menpe bizi gara, indar ezkutu baina errealen esku.

* Patuak emandako limosnatik bizi  da jende asko.

* Makurtuta bizi garen gizartea gara, gutxi batzuk aukeratu dute txikituta hiltzea; gainera, makurtuak eurak bilakatzen dira hiltzaileenak.

* Hilketa soziala deitu beharko litzaieke bortxa eta arazo sozialek eragindako heriotzei, baita bere buruaz beste egiten dutenen heriotzei ere. Bereaz beste egitea beti da jasanezineko egoera batek eragindakoa, izugarrizko samina du atzean, eta gehienetan injustizia sozial bat.

* Goseaz, alokairuaz, maileguez… hitz egiten dugu krisialdi ekonomikoetan, baina ia ez dugu aipatzen langabetuak galdu dezakeen duintasunaz, hondatzen diren harremanez…

* Hilerria dirudite gaur egun herri askok ekonomia krisia dela-eta: bizipoza lapurtu dioten gizartea.

* Gosez hiltzen dira langileak krisi garaian, beraien esku soilik dago egoera iraultzea, bizirauteko adina soilik emango baitiote ekonomiaren ugazabek.

* Nire irudiko, zertarako ez ezkutatu talentua?. Erantzun konplexua du. Zure onerako soilik erabili?,  besteen onerako?. Esplotatu eginen gaituzte batzuk eta besteek, erabili, talentu horrengatik…

* Inork ez daki zer den ona. Araudi ezarri baten esklabo baikara. Herriarenak ez diren interesek ezarriak. Ona?, norentzat?, hor dago koska.

* Erruaren eta bekatuaren sentipen eta filosofia sartu diote gizakiari gizaldiz gizaldi, erlijio eta botere mota guztien eraginez, horregatik erabiltzen dugu oroimena gaizki egindakoak gogoratzeko, bizitako ordu eder zoriontsuez gozatzeko baino.

* Obedientzia diziplinarekin nahastetik datoz menpekotasun absurdo asko.

* Bakoitzaren esparru mugatuko zenbait ekintza hurbilekotan, eragileak dira bakoitzaren ideiak, askatasun ideia faltsu bat sortuz, baina hor auskalo nongo mailetan hartutako ideiek mugitzen dute mundua, gizartea eta gu bakoitza. Txotxongiloak besterik ez gara herritar xumeak.

* Arrotz eta arrunt izatera kondenatua dago herritar soila gizarte honetan.

 

Zapaltzaileak

* Antzinako dinosauro asko bizi da gure artean, bizi gara.

* Etsaiak etsaitu egiten dira, ondoren exekutatzeko, moralki, demokratikoki eta, hala behar denean, fisikoki.

* Bakoitza bere gaitasunengatik egon behar du funtzio batetan, ez beste interes batzuk eraginda.

* Akusatuak eta lekukoak txiki sentitu behar ziren, beldurra izan behar zioten justiziaren botereari. Justizia zer da ba, botereak darabilen beldurraren erabilpena baino.

* Gizartea bera da gaizkilea, buruzagi eta finantza buruak nagusiki.

* Garitik, ogitik, oso gutxi ikusi zuen gerra zibilaren ondorengo garaiak, artotik gehiago, baina ez gehiegi, eta bera isilean. Ez lurra emankorra ez zelako, estatua lapur bihurtu zelako baizik.

* Egia da konde eta boteredun oro dela herriaren izain, baina egia da ere gu denok egin gaituela bestearen izain gizarteak.

* Giza izaera ezin daiteke izan merezi dugunaren baino gehiago nahi izatea. Nork edo zerk erabakitzen du zer edo zenbat merezi dugun, boterea duten gutxi batzuk besteei ahalik eta etekin handiena ateratzea helburu duen gizarte honetan.

* Estatua, bortxa legitimoaren monopolioa.

* Eskerrak zerurik ez dagoen, bestela sasikume guztien koto pribilegiatua izango litzake eta.

* Askori zaio lasaigarria bortxa, batez ere zenbait unetan.

* Munstro biktimak sortzen dituzte munstro borreroek, munstro bihurtzen diren biktimak, alegia.

* Beti da xarmanta tolesgabea, baina erabilia eta menpeko izan ohi da beti, azpijokoa darabilen azeria izan ohi da garaile.

 

Zapaltresnak

* Argi distiratsuak jarriz itsutzen dituzte gizakia eta gizartea, errealitatea ikusi ez dezan.

* Zenbat idatzi gabeko lege eta debeku!.

* Aingeru Zaintzailea zen haurtzaroan beti begira genuena, Jainko oroikuslea gero, polizia genuen atzetik geroago, orain edonork arakatu ditzake telefono deiak ere.

* Gizakia gauzaez bihurtzeko izaten da gehienetan hezkuntza.

* Ona behar du izan legeak, baina aldi berean salduko dena.

* Ditugun gauzen esklabo bizi gara.

* Ahaldunen onerako asmakizun bat besterik ez dira legeak, beraiek bere interesen onerako jarri eta berrituak.

* Goikoek bere interesak defendatzeko menpekoei jarritako hesiak, kortseak, dira, legeak hausteko jarrita daude legeak.

* Isuna edo nolabaiteko zigorra izan ohi da autoritatearen marka.

* Damua elizaren teologia izatetik politikaren filosofia bilakatu da.

* Eldarniorako erabiltzen dute zenbaitzuk gorespena.

* Debekua da, gutxieneko agintea arren,  agintea duen ororen lehen tresna. Debeku eza debekua baino eraginkorragoa dela filosofia, teorilariena da, gauzatzen ez dena, puntualki ez bada.

* Autodefentsa bat da beldurra, aldi berean bestea menpe edukitzeko arma.

* Astebarrukoak ahazteko egunak dira asteburukoak,  baina sakonean astebarruko sama jasateko indarrak biltzea. Esklaboen patua. Horretarako eta horregatik sortu zituzten elizak eta jauntxoek jai egunak.

* Arauak erabat erlatiboak dira, bakoitzak bere erara erabiltzeko besteen eskubideak errespetatuz, legeak ez dira zerbait fosilduak, une bakoitzari egokitu beharreko arauak baizik. Legeak hausteko dira.

* Mehatxua abere-legea denez, abere saldoa da gizartea, mehatxu-sorta besterik ez baita legedi oro, harreman arauketa baten aitzakiaz.

 

Zertzeladak

* Unibertsitateko irakasleak ukiezinak sentitzen direla diona ez dabil errealitatetik urruti.

* Lege politikak egiten ditugu, baina ez lege eraginkorrak, ez hezkuntzan ez hizkuntzan.

* Izua dakar babesgabetasunak, horregatik babes gabe uzten gaituzte politikoek, edo babes dosifikatua eskaintzen.

* Munduak ez du zurekiko erruki beharrik aurrera egiteko.

* Miseriak gaizto bihurtzen gaitu, baita solidaritatea sortarazten ere.

* Pobreen utopia da dirua aurreztuz aberastuko dela, ezinaren ametsa; gastu txiki batzuetarako bermea soilik lortuko du. Diru handiak lortzen du dirutza. Lapur handiak soilik lortzen dute aberastasuna. Inoren bizkar da beti diru oro.

* Borrokatu egin behar da sarri edo gehienetan, norbere burua babesteko. Berdin gertatzen da eskubideekin. Eskubideak, nolanahi, norbere burua dira.

* Ez du ezer eraginik predikuak, bizimoldea aldatzeak baizik.

* Medioak eragile, hitza nagusitzen da gaurko gizartean: errealitatea estaltzen dute. Garratz ordaintzen diren ekintza indartsuek eta eragileek soilik hautsi dezakete medioen burdinazko  kate hori.

* Ohikoa izan da animalientzako errespeturik eza, kolpeka hartu izan ditugun arokoak gara.

* Herri orok du bere ergela, okerrena litzake, baina, da, baina, ahaltsuen herri ergela izatea.

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/05/18 09:11
Gizartea I : Nolakoa, Akatzak, Adinaroak, Gizartekotasuna

I

Nolakoa

 Makilatua

* Urteak behar dira gizakiaren zauriak sendatzeko, gizartearenek, aldiz, mendeak behar dituzte.

* Gizartea gizaki askok gauzatutako anabasa dela irakurri dut: egiatik asko du iritzi horrek.

* Zaborra bihurtu da gizartea, baina zabor hori da etorkizuna.

* Zoologikoa dirudi gizarteak, esparru hertsi labur batean bizi gara, ez dugu amestutakoa ezik beste  itsasorik begiratzeko,  ikuspegi zabalik gabe, esperantzarik gabe,  eguneroko monotonia dugu ikuspuntu bakarra, horregatik asmatzen ditugu utopiak.

* Mehatxua abere-legea denez, abere saldoa da gizartea, mehatxu-sorta besterik ez baita legedi oro, harreman arauketa baten aitzakiaz.

 

Mailakatua

* Denontzako lekua dago munduan, nork bere eginkizuna berezia du, kanpo baldintzek zedarritua, baina.

*  Xaloak ez du goi-mailan lekurik gure gizartean.

* Gaurko gizartean ez dute lekurik hondoa jo dutenak, askeenak badira ere, kale gorrian biziko dira, edo psikiatrikoetan.

* Eraikin marjinal eta esklusiboen artean marra izugarri zabala dago gure gizartean.

* Lotsagabeko eta eskrupulorik gabekoena da mundua. Horregatik dago bi zatitan banatua: aberatsak dira gehiengoa, eta pobreak gutxiengoa

* Arrakastan oinarritzen da gizartea, ez obra onetan.

* Komedia da gizartea, eta protokoloa antzezlanaren gidoia.

* Gaurko gizartean ez dago gauza okerragorik erdipurdikoa izatea baino.

 

Ahula

 * Misterioaren geruzaz babesten da gizaki eta gizarte oro.

* “irtenbide petral baten bilatzaile antzuak”: gure gizarteko pertsona gehienak

* Bakardadearen ezaugarria  dira tabernak, bakardadeari ihesi doazenak dira tabernetako bezeroak.

* Ahultasuna da gehienetan elkarbizitzari eta harremanei eusteko osagai nagusia

* Errealaren ondoan, mundu paralelo bat sortze ahaleginean bizi gara.

* Bizitzaren euskarri merkeena da, oraindik, askorentzat ogia. Lurralde aberatsetan osagai lagungarria besterik ez da. Gaurko gizarte aurreratuan ogia premietan gutxienekoa da bizitzako osagaietan.

 

Zertzeladak

* Dena dago merkaturatuta gaur egun: bakea, gerra, presoak…

* Bidezkoa dena soilik egitea ez da nahikoa gauzak ondo joan daitezen, bizitza, gizartea batez ere, gizakia bera ere, oso konplikatua da eta osagai ezberdin asko ditu.

* Gainbehera doa Gu-ari Ni-ak gaina hartzen dion gizartea.

* Mundu modu zeharo aldrebesean eratuak bizi gara, erotuta gaude.

* Egoerara moldatu eta aldaketa eragin, binomio horretan oinarritzen dira gizartearen aurrerapausoak.

* Karitatea bera ere ez da doakoa gaurko gizartean.

* Denok atera behar dugu bizimodua, alferrak eta bizkarroiak dira besteren bizkar bizi nahi dutenak. Bizimodua nola atera da arazoa, hor dago koska.

* Metalezko kaxetan bidaiatzen dugu.

* Askok ogibidez, baina jakin-minez ala denbora-pasa irakurtzen ote jendeak.

 

 

Akatsak

* Asperdura eta estresa, gure gizartea jaten duen pipi bizefaloa.

* Norberekoitasunean hezten gaitu gizarte honek, eta horrek egiten gaitu ez-zoriontsu.

* Nahikoa jakin ez, baina ziurtzat ematea da gizartearen joera ohikoena, zurrumurruen funtsa. Jende oro da jakintsua, herri ezjakinenean ere.

* Beti presaka, hurrengokoaren egarri, edo beldur, biharamunak ez digu ezer bizigarri sakonik  utziko gaurkoa behar den patxadan eta duintasunez bizi ez badugu.

* Beti iristen gara berandu, kaltea eginda dagoenean. Benetako, sakon eta eragile eta pertsonei zuzendutako prebentziorik ez jartzea,  errepresioa soilik erabiltzea alegia, hori da gizarte honen akatsik nagusienetarikoa. 

* Jende bakoitza berarentzat bizi da ekinean zein pentsatzean, jendarte jostagarrienean ere, zer esanik ez arriskutsuenetan.

* Ideiek mugitzen omen dute mundua, baina bakar batzuen ideiak soilik. Gizartea inertziaz mugitzen da, eta gehiengoaren antzu geratzen dira bakoitzaren burmuineko ariketak.

 

 

Adinaroak

* Adin bakoitzak du bere zorion izpia, eta gaztaroak ere badu samindura ugari.

* Debekuen herria da eskola, debekuen adina haurtzaroa.

* Zer eman umeei: ez da gastu kontua, pedagogia arazoa baizik.

* Hitz asko egin behar zaie haurrei, baina goxo, ez zakar eta aginduz.

* Gehiegi babesten ditugu haurrak, ahulegitzat hartzen ditugu, eta gero bere kabuz, baldintza askoz zailago eta arriskutsuetan  ikasi behar izaten dute bizitzaz, osagai ezkorrenetan.

* Umeei eraso bat denean,  beste guztiaren gainetik jartzen dira haurren eskubideak, baina haurrak, bere eskubide eta guzti, edo eskubideoz harago, helduen menpekotasun totalean daude beti, familian, hezkuntzan, kalean…

* Haurrak, bere eskubide eta guzti, nagusien etorkizunerako berme bezala erabiltzen dira.

* Asko hitz egiten da umeen eskubideei buruz, baina zein gutxi errespetatzen ditugun umeen sekretuak, bere bizitzako zirrikitu propio intimo barnekoak. Badirudi umeek dena kontatu behar digutela.

* Haurrak kontrolatzen dituenak etorkizuna kontrolatzen du.

* Ez-zoriontsu bihurtzen du gure hezkuntza sistemak eta nagusion jarrerek haurtzaroa. Haurtzaroa ez da etorkizun zoriontsu baten ataria.

* Bi gurasoenak dira haurrak, erdi eta erdi partekatzen dituzte eskubide eta betebeharrak.

* Haurtzaroa erbestea da sarri umeentzat, gizartetik kanpo bizi da, bere mundu propioan.

* Magnifikatu egiten ditugu adinaro zenbait, baina adin denek dute dramatismo geruza bat, haurtzarotik zahartzarorainokoek.

* Gizakiak ez gaude uneko adinarekin bizitzeko prestatuta, ikasi dugunean adinez aldatu gara.

* Adinean aurrera, emakumeen zirtoen aurrean heldulekurik gabe aurkitzen dena, berdin  sentituko zen gaztaroan ere.

 

Gizartekotasuna

Adiskidetasuna

* Adiskideak eta lagunak dira askoren familia eta denbora-pasarik gozoenak.

* Emakume batekiko erakarpena sentitzea berarekiko omenaldia delako ideia oso erakargarria da.

* Non fida han gal, filosofia gizakontrakoena da, ezinezkoa da bizitza inortaz fida gabe bizitzea. Fidatzea da gauza bat, inozoa izatea bestea.

* Ze zaila den elkarbizitza beti arrazoia duen batekin.

* Larruarenaz harago, mota eta kolore askotako azalera  dugu gizakiok, eta  azalera horiek sortarazitako sentipen eta sentsazioetan oinarritzen da bestearekiko jarrera, gehienetan galderarik onartzen ez dituena.

* Zenbait jendek badu patxada kutsatzeko gaitasuna. Inbidia diet horiei.

* Bakar batzuen edo une bakarretako arazoa izan ohi da bakar egon nahi eta lagunartean egotera behartua izatea. Alderantzizkoa da egoera ohiena, bakardade eramangaitzen ondorioz eta lagunarte premiaz.

* Ez dugu onartzen gurea ez den ibilbiderik, besteengana hurreratu eta pausoa bere ibilerara parekatzen ahaleginduko bagina, errazagoa izanen litzake elkarbizitza.

* Etxepekoen berri ez badugu, are gutxiago kalean gurutzatzen ditugunena. Isla bat gera gehienok, ezeren partaidetzarik ez dagoenean, urruti dago zoriontasuna, zoriontasunak partaidetza minimo bat eskatzen baitu.

* Lagunen datuak ahaztea ez da grabea, memoria arazoa ere izan daiteke eta, laguna bera ahaztea eta berak sortarazitako sentipen eta hurbiltasuna ahaztea litzake grabea.

* Gauzak jakiteak edo arerioak izateak egiten gaitu hurkoarenganako eta inguruarekiko  indiferente. Bestetan solidario.

* Ebidentea da lagunak  dauzkanak altxorra daukala, Ez dago lagun txarrik, lagun txarrak deituak ez dira lagunak, beste zerbait baizik.

* Ez ezer eskatu adiskideari; eskatzekotan, nahiz urrun beti alboan eduki eta sentitzea soilik, horrek emanen dizun segurtasuna.

* Ez da beharrezko adiskidetasunik. Adiskidetasuna asegarria bada onartzen da, eta bestela alboratu egiten da. Hurkotasuna edo hurbiltasuna ez da adiskidetasuna. Adiskidetasunik gabeko hurbiltasunak etsaitasun bihurtzeko arriskua du. Batez ere behartutako edo ekidinezineko hurbiltasuna denean.

* “… elkarri eutsiz maitasunez borbor zegien ozeano otzan bat osatzen zutela zirudien”: Hala behar luke edozein gizarte eta gizalegek.

* Berezko zerbaitek eragiten ditu lagunak, baldintza ezberdinek ahalbideratzen badute ere, eta horretarako ez dago adin jakinik.

 

Bizikidetza

* Elkarbizitza perfektuena bera ere zaila da.

* Begietara begira hitz egiteak errazten du komunikazioa, betaurreko beltzen ostean ezkutatzen diren  edo beste alde batera begira daudenekin zaila da harremana.

* Elkar aditzean datza herri bateko elkarbizitza eramangarria, bakoitza bera bakarka ez da deus.

* Arazo bat duenean gizakiak profesionaltasuna bezainbat estimatzen du ingurukoen hurbiltasuna.

* Gauzak ezkutatzeak galbidera eramaten du harremana.

* Gizakien arteko hesiak jasotzen ditu pobreziak eta oparotasunak.

* Desagertu ez dira egiten adiskidetasun gehienak, baina erabat lausotu eta larutu, bai.

 

Solidaritatea

* Solidarioari benetako sufrikarioa dakarren heinean izanen da efikaza sufrimendu solidarioa.

* Taifas barrutia bat gara gu bakoitza, norberegan bilduta, bestearen errezeloan: bestearen ezaxolati  izatetik dator solidaritaterik eza.

* Jende bakoitza berarentzat bizi da ekinean zein pentsatzean, jendarte jostagarrienean ere, zer esanik ez arriskutsuenetan.

* Bakan batzuen dohaina da errukia, soberan dagoena ematen dugu errukiaren izenean edo bere  eraginez, ezer arriskatu gabe gehienetan. Nolanahi, zerbait materialean gauzatzen ez den errukia, sentimendu huts antzua da.

* Munduko gaitz guztiak nor bere gelan lasai egoten ez jakitetik omen datoz; bedi; baina baita lasai nor bere gelan gordetzetik ere.

* Beti eta denontzat dago besterik bizitzan.

 

Harremanak

* Bi begirada daude, barrenekoa eta azalekoa, bai begiratuaren bai begiratzailearen aldetik, pasiboa eta aktiboa: horrek markatzen du harremana.

* Ze zaila zaion gizakiari barnetik hitz egitea, garunetako zirkuituak hitzetara ekartzea, Bakardadearen osagarri edo ezaugarrietako bat da.

* Azaleko  itxura eta barruragoko gogoa bat ez datozenean, desdoitze horrek egiten du agorra besteekiko harremana.

* Ohikoa  da gure gizartean elkarrekiko bakartze betean irautea.

* Protagonista sentiarazi bestea, harremana sendotzeko artea da.

* Seme-alabek, edozein dela bere adina, errotik baldintzatzen dute gurasoen bizitza.

. * Laguntzeko gai ez diren lagunarteko giroan gertatu ohi da mespretxuz, begi hilez edo gogoa beste nonbaiten begiratu, baina goxo hitz egitea. Egoera sarria.

* “… elkarri eutsiz maitasunez borbor zegien ozeano otzan bat osatzen zutela zirudien”. Hala behar luke edozein gizarte eta gizalegek.

* Lagunarteko bakardadea, zaurigarria eta eramangaitza. Zoritxarrez maizkoa.

* Mesfidantza da giza harremanen pozoi nagusia.

* Erabat zailak dira, izan dira, guraso eta seme-alaben arteko harremanak. Bi aro eta pentsaeren arteko talka egonen delako beti.

 

Komunikazioa

* Hitzak ulertu bai baina esaldiaren esanahia ez, inkomunikazioaren zio nagusia.

* Entzuten jakitea, gutxiren jakituria.

* Begiena, keinuarena, ezpainik gabekoa, begirale isil soila izatea, bera da sarri komunikazio sarkorrena.

* Ikusezin gara kaleko espaloietan, erruz gurutzatzen gaituen jendearentzat.

* Gure bizitza azeleratuak ez digu astirik eskaintzen barnera begiratu eta hausnartzeko, erantzun azkarregiak ematen ditugu eta ematen dizkigute.

* Eguerdiz dela ere, guztiok gara, neurri batetan, benetako izaera ezkutuan gordetzen duten hiriko gautxori ugari horiek bezalakoak.

* Adeitasun esaldiak dira soilik galderak zenbait solasalditan, azaleko harremanen ondorioak, denbora-pasa, edo protokoloa.

* Mila forma ditu gizakien zein animalien  arteko komunikazioak, keinu bat, begirada, jarrera fisikoa… Bada keinuen kodigo bat ere.

* Arinak eta antzuak dira eguneroko gizarteko solasaldiak, baina zentzudunak gehienetan, eguneko eta bizitzaren osagarriak beti, beharrezkoak askotan.

* Lagunekin benetako eztabaidak dira egiazko ezkilak.

* Zenbat aldiz ari garen arrunkeriez beste ezer esatekorik ez dugulako, edo esan nahi ez dugulako.

* Deserosok dira aldebakarreko elkarrizketak, bestea mutu egon edo uzten dugunean; benetan hutsalak, aldiz, elkarrizketako parte-hartze paraleloak, bakarrizketa paraleloak besterik ez baitira.

* Isiluneak, bai konpartitutakoak bai errespetuzkoak, asegarriak dira, komunikazioa dago; isilunea etenez behartutako elkarrizketak, aldiz, aspergarri eta nekagarriak bihurtzen dira

* Beti dago elkarrizketa bat entzule bat badago, nahiz honek erantzunik ez eman, entzule isila ere partaide baita, nahiz hitz egiten duena bezain aktiboa ez izan.

* Deserosok dira aldebakarreko elkarrizketak, bestea mutu; benetan hutsalak, aldiz, elkarrizketako parte-hartze paraleloak, bakarrizketa paraleloak besterik ez baitira.

* Isiluneak, bai konpartitutakoak bai errespetuzkoak, asegarriak dira, komunikazioa dago; isilunea eteteak behartutako elkarrizketak, aldiz, aspergarri eta nekagarriak bihurtzen dira.

* Sekulako aurkikuntza dakar bestearen begietan bere sentimenduak bizitzea. Ze tristeak ezeren ispilu ez diren begiak.

* Entzuten ez dakienak nagusitasuna nabaritzen dio jaramon egiten dakienari.

* Zenbait mezu hitzik gabe.

* Ezaguna edo ezezaguna, ez inori kontatu inork jakitea nahi ez duzunik.

 

Ezagutza

* Beranduegi jakiten direla da batzuetan sekretuak gehienetan argitzen direla uste hori. Sekula ez direla argituko da gizakiok dugun hainbat sekretuekiko esperantza.

* Dirudiena eta egiaz garena  edo bizi duguna. Txotxongiloak gara, ezagutzen ez ditugun eskuek darabiltzate gure bizitzako hariak.  Horrek erakutsi beharko liguke umiltasuna eta elkartasuna.

* Alde ilun eta argi asko ditugu, eta horietako gehienak isilpean geratzen dira, norbere sekretuan. Une argi eta ilunen arteko esparruetan azaltzen gara, eta horiek soilik ezagutzen ditugu.

* Pertsonen antzo, familia bakoitza da bera, eta bere sekretuak diru, gehienetan, sekula ere ez osorik, kanpora azaltzen ez diren gorabeherekin.

* Bakoitzak du zoriontasunaren bere filosofia eta bizipena, eta gehienenetan gure filosofia eta sentipen horien karietara uste dugun besteak ere izan behar direla zoriontsu, eta maiz inposatu nahi izaten ditugu gure filosofia eta sentipenak, baina bakoitza bera da, bere bizitza du eta errespetatu egin behar dugu.

* Oso zaila da besteen bihotzen hondoan zer ezkutatzen den jakitea, eta jakite hori funtsezkoa da bestea ulertzeko: gutxitan gertatzen da hori, horregatik da hain zaila elkarbizitza aberasgarri bat.

* Azaleko gauzekin entretenitzen gara, sakonekoez arduratu gabe, harri gainetik irrist egiten duen ura gara, lurra ureztatu gabe.

* Idatzi edo ez, jakin ere, oso gutxi jakiten da, ia beti azalekoa, anaia-arreben arteko harremanez.

 

 

Zertzeladak

* Solasa eta edaria, saihestezinak dira gehienetan, elkarrekin doaz.

* Gauza asko  jasotzen da hitzei ulertzen ez den tokian, oso aberasgarria izan daiteke begirale isil soila izatea.

* Egin beharrekoa egiteak sari oparoa behar luke izan.

* Errutina eta sinesmen faltsuak dira lotzen gaituen ehuna.

* Bere soroa baino ez du bizi bakoitzak.

* Albokoari begira bizi gara, alderatuz, geurenez, bakoitzaren independentzia bizi ordez.

* “Iman sendoa da zorigaitza”.

* Gauza handiak egiten ahalegintzen gara; zerbait apetatsu eta gogoangarri, ospea dugu amets, baina huskeriengatik, zer txiki apalengatik gogoratuko gaituzte ingurukoek.

* Besteenganako errespetua besterik ez da puntualtasuna.

* Errudun izanik errudun kontzientziarik ez dutenek agian utziko diote min egiteari; errudun kontzientzia dutenak, aldiz, mina eragiten jarraituko dute. Sadikoa delako min eragile kontzientea.

*  Damutuak, aurkariari ematen dio arrazoia.

* Lapur izatea ala koldar izatea da gaitzesgarriagoa?. Ez dakit.

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/05/11 09:20
Gizakia IV: Zoriona, Norbera non

IV

Zoriona

Zer den

* Bizitzaren helburua zoriontasuna dela esatea zer da?, hain ezberdina baita bakoitzarentzat zoriontasuna bai iritzi, bai bizipen bai sentipenez.

* Krimena iruditzen zaio ezkorrari mundu akitu batean zoriontsu izatea.

* Kosta ala kosta, bizitzera behartuta gaudenez, bizi-behar hori bizio bihurtzea da zoriona.

* Besteenganako gutxiestea adierazten du maiteago izateko zer galdetzeak.

* Noiz hasi ote zen gizakia gosea, hotza, nekea  mingarriak, okerrak, direla kontzienteki ikasten eta jabetzen, zeren ohiko eta egunerokotzat hartzen eta pairatzen baititugu guk ere.

* Ohartu zarenerako joan da zoriona, hain da iheskorra.

* Ez da nahikoa helburua hurbil dagoela uste hutsa zoriona erdiesteko, zoriona azken pausoraino landu behar da, abian egon behar da datorrenerako.

* Gauza txikietan datza zoriona, baina ez dakigu txikitasun horiek ez ikusten ez gozatzen.

*  Zorion inkontzientea ez ote zorionik zoriontsuena.

* Ez dago etenik gabeko zorionik, ez oinazerik ere. Zorionaren etetea da zigorra eta oinazea etetea zoriona.

*  Denbora bera ere biderkatu egiten du zorionak.

 

Non

* “Miseria badugu, baina dolurik ez”, kubatarren esaldia: daukagunera jartzean datza gehienetan dolurik ezaren sekretua, zer galdurik ez dugunean ere.

* Aroak aldatuz doaz naturan bezala gizartea zein gizaki bakoitzean ere.  Eramangarriagoa egiten zaio bizitzea ikuspegi zabal orokorra duenari.

* Naturaren mirarietako bat da gizakiaren bilakaera barnean pentsamenduari hitza eta hitzari idazkia ematea, horrek damaie liluragarritasuna kobazuloetako marrazkiei.

* Bakoitzak bere niaren berri egiazkoa edukitzea, eta berarekin zintzoa izatean datza zoriontasunaren koska.

* Mundua zeurea dela baino, mundua zeu zarela sentitzea da zorion unea.

* Non dago zoriontasuna?, ez beti baretasunean.

* Oinazea bezala, zoriona ere etorri egiten zaigu, baina egia da norberak jartzen diola neurria, gertakizun berak zorion maila ezberdina damaio pertsona bakoitzari.

* Zorion uneak  zein atsekabeak eten bat dakarkio bizitzaren egunerokoari, errutinari, asperdurari, monotoniari. Bai zoriona, bai atsekabea, monotonoak dira  etenik ez dutenean.

* Batzuk egon alferrean dute plazera, beste batzuk dena planifikatu eta planifikatutakoa gauzatzean dute bere segurtasuna:  plazeraren oinarria.

 

Nor zoriontsu

* Oso gutxi dira gizakiaren premiak, baina gauzez aberats nahi dugu izan, hortik dator gizakiaren zorigaitza.

* Gozoa edo biguna izan daiteke infernua, zingira bezala; asko dira zingira honetan bizi nahi dutenak.

* Oso gutxik ikasten du asebetetzen duen ikasgaia, eta egiten duen ikasketak ez du asebetetzen ofizio edo ogibide bihurtzen zaiolako.

* Bada eskuzabal jaiotzea zori-kontua baino ez dela dionik, eta hein batean hala delakoan nago; gizarte estruktura honek ertzeraino eramaten du, egoera tragikoa izatera bihurtuz gero.

* Hire buruari zenbat eta ahazteko baimen gehien eman, orduan eta xarma gehiago izanen dun.

* Haurtzaro orok uzten omen oinazeren bat, haurtzaro zoriontsua soilik gogoratzen dutenei ere.

* Bizipoz gutxi du bere burua, akats guztiekin ere, onartzen ez duenak.

* Erabat mugatua da gizakiaren zorion eremua, bertanegi du ezintasunek eragindako zorionaren muga, oinazeak jasateko bakoitzaren ertza, aldiz, ez dugu ezagutzen, pobreziarena eta torturarena tartean.

* Ez dago zoriontsu izateko adin aproposik, une batzuk soilik.

* “... ondo bizitzearen kontzientzia areago etorri ohi baita okerrago dabiltzanak ikustetik, norbere ongizatetik baino”. Askoren gaitza, inozoen kontsolamendua.

* Zorionaren zati on bat du daukadanarekin eta denarekin ados dagoenak.

 

Zertzeladak

* Egin diren hautuen dolu izan behar omen, baina sarriagoa da egin ez diren hautuen dolu egitea.

* Beti bilatzen du gizakiak ezer ezaren aringarriren bat.

* Txundigarria eta edergarria izan behar du edertasunak, barruan egin behar du eztanda.

* Ezkortasunaren ataria da tristura

* Gutxi iraun ohi du harro sentiarazten duen zergatiak, epe laburra ohi du zorionak.

* Ez da ohitzen bat sufritzera, gozatzera bai ohitzen da, aspertu ere egiten da gizakia gozamen errepikatu luzeekin. Kontrastearengatik agian, gehiago gozatzen da sufrimenduaren ondoren.

* Ez da egunik igarotzen gorputzak une batez plazerik izan gabe.

* Ametsa izatera heltzen ez diren ideia lausoak ez dira gozagarriak.

 

 

Norbera nor

* Bere ingurunera egokitzen ez dakiena beti izanen da arlotea.

*  Norberak uste baino eragin handiagoa dute besteek bakoitzarengan.

* Ez garen irudia eman ohi dugu, baina azkenerako garena ikusten dute.

* Gehienetan ez dugu usten duguna esaten, besteek esandakoa errepikatzen dugu.

* Identitate kontzienteak egiten gaitu nor.

* Medioetan dira pertsonaia, pertsona asko; kalean eta lagunartean, diren bezalakoak, arruntak, dira gehienak.

* Bere soroa baino ez du bizi bakoitzak

* Bakoitzak bere begirada dauka, baina gehienetan ez dakigu ondo barneratzen.

* Bakoitzak bere espazioa zaindu behar du, inor sartu ez  dadin, bere nortasuna lapurtu ez diezaioten.

* Norberarekiko kritikotasunaren arabera garatzen da bakoitzaren nortasuna.

* Estualdiak erakusten du bakoitzaren izaera: izutu, kikildu, indargetu egiten dira batzuk, azkartu, bizkortu, buruargitu, nortarragotu beste batzuk.

* Ikasketak baino inguruak zizelatzen du nortasuna.

* Bakoitzak dugu geure izaera propio geurea, egunerokotasunak zizelatuta.

* Erlijioan bezala, politikan eta edozertan fededun izan behar da ziur sentitu eta jokatzeko.

 

Zertzeladak

* Bakoitzak egiten du itsaso zabala edo laku meharra bizitza.

* Tentsio sexualik ez duenak izanen du beste tentsiorik, gizakiak berea baitu tentsioz bizitzea.

* Konplexuren bat du protagonista izan nahi duenak.

* Zenbait trago txar irentsi beharra dago bizitzan, guztiz gizatiar izateko.

* Aldarte hotzean agian gauzak zuzenago eginen dira, baina egin beharrekoak berandu egin edo egin gabe uzteko arriskua du. Odol beroak badu gauzak oker egiteko arriskua, baina  baita bere bentaja ere, bete egiten direla betebeharrekoak hain perfektuki ez bada ere.

* Ia denera egokitzen gara, ahal da gaixo egon eta ongi sentitzea.

* Bere kontzientzia da bakoitza, eta bakoitza da kontzientziak sortarazten dizkion sentipenekin gizarte harremanen sorburu eta jasaile.

* Nortasuna galtzean galtzen dira ere kezka, bizipoza eta gauzekiko interesa.

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/05/04 10:47
Gizakia III: Jarrerak, Bidelagunak

Jarrerak

Gizaerak

* Sinple izateak elkartasuna dakar; beste gauza bat da sinplekeria.

* Galtzaileak egoera txar batean geldirik gelditzen dira.

* Mundua ikusteko moldea dute batzuk, beste batzuk munduan egotekoa besterik ez.

* Jende askok darama ezpainetan esamolderen bat.

* Pertsonaren jarrerak bereizten du gehienetan nork duen jakituria eta nor den eruditua, eruditua gehienetan pedantea izaten baita.

* Isilpekoz betetako jendea gara bakoitza. Arkano bat da gure burmuineko ia dena bestearentzat, erotuko ginateke besteen pentsamenduetan sartu ahal bagenu. Eta hurbileko kutunei buruz dakigun eta dakusagun askori egiten diogu ezikusi edo gorrarena adiskidantza loturak eten ez daitezen.

* Arrazionalegiak gara, jaramon gehiago egin beharko genieke bihozkadei.

* Gutxi dira itxura hutsean gelditzen ez direnak.

* Mozkorra sarri negarti.

* Goseak goseari egiten dio dei, diruak diruari, sekula ez gara dugunarekin konformatzen.

* Edertasunak ez du erakargarria egiten pertsona bat, beste zerbait da erakargarri egiten duen dotoretasuna.

* Hildako idazleen liburuak soilik edo nagusiki irakurtzeak irakurlea bera ere nahiko hilotz dela adierazten du.

* Badira atzera begira bizi diren pertsonak, baita aurrerapausoak ematen dituztenean ere.

* Batzuetan jasanezinak ere gustatzen zaizkigu, eta maite ditugunei dena barkatzen diegu. Gizakiaren misterioa.

 

 Gizalegeak

* Batzuetan, artza negualdian kobazuloan bezala, esperoan, beti esperoan, udaberri baten zain bizi da  gizakia, sasoi hobe baten zain.

* Pobreak gehienetan dira eskuzabalagoak eta lagunkoiagoak bizibide oparoagoa dutenenak baino: aberatsago eta zekenago.

* Askoren askotako akatsa da erantzun egokiak beranduegi ematea.

* Batzuek munduari begiratzeko gaitasuna dute, zenbaitzuk aurrekoa soilik ikusten dute.

* Kezka txikien amaraunean harrapatuta bizi da herri xehea; hor ditu arazo handiak ere, badaki arazo handi horiek baldintzatzen dituela kezka txikiak,   baina gehienetan ezer gutxi egin ahal du arazo handiotaz, txikiak, aldiz, norberak konpondu behar ditu.

* Zaintzaile izateak zaintzailearen izatea kamusten du gehienetan.

* Zerbait dagoela jakinda, zer den jakin gabe jardun ohi gara sarri, hipotesiak egiak balira bezalatsu.

* Sekula hil behar ez bagenu bezala edo oraintxe bertan hil behar bagenu bezala obratu: bi filosofia ezberdin dira, baina sakonean jarrera bera ondorioztatzen dutenak.

 

Norkeriak

* Kanpolarrosa da gizakia, giro ezberdin bakoitzean bera ere ezberdin bihurtzen da.  Atsedena ematen dio horrek eta irauten lagundu.

* Zenbat gauza egiten ditugun konplimenduz, obligazio bezala; ondorioz, ez dugu inolako arrastorik uzten.

* Pailazo listoarena egin nahi duenak, edozelan mozorrotzen dela ere, tonto-papela eginen du berea ez badu dotorezia.

* Soinaren apaindurak ez du ematen jabearen nortasun-agiririk ez barne-sentsibilitaterik, zerbait izatearen nahia baizik.

* Antzaldatu eta edertu egin ohi dugu dena, norbaitentzat atsegingarri izatearren.

* Bestea noiz aspertuko zain egotea gehienetan nortasun ahulekoen jarrera da, fruitua gutxitan ematen duena.

* Askok dute gogoko norbere ahotsa entzutea,  beren belarriak gozatzea bilatuz.

* Tituluek egiten dute nor pertsona bat gizarte honetan, ez bere izaera edo portaerak, horregatik estali, osatu edo edertu nahi dugu garena azaleko apaindurekin.

 

 Gizatxartuak

* Mota guztietako sentipenak akuilatzen ditu desesperazioak.

* Hiltzaile sena ote darama gizakiak; baietz dirudi: ehiza, haragijalea, zezenketa, … eta gerrak zerbait horrelako erakusten dute.

* Gizakiak kaltetzeko duen herra gaizoa, gizarteak berak eragiten du.

* Bada jende bat, besterik ez bada, liskarra sortuko duena, lasaitasuna etenez.

*  Ikusi nahi ez duguna besteengan ikusi: gizakiaren joera bat.

* Bakartiak gara koadrilako berritxukerietan ere. Bakoitza da bere arretagune, bestearenari ez diogu arretarik jartzen norberarena azpimarratzeko ez bada.

* Nor bere bakardadean geratzea ez da gizakiaren berezko giroa, saminaren lur-andua baizik.

*Zenbait gertakizun eta bizipen gordetzen ez dakiena ez da  fidagarria, zeu ere salatu zaitzake une batez.

* Gezurtia beti da mesfidati, eta sekretu jakin-min.

* Liburuak etxeko apaletan, banitatearen ezaugarria dira gehienetan.

* Zerbaiten emaile eta mezulari behar luke izan hitzaren agente bihurtu denak, baina asko eta asko, gehienak, hitz antzuetan galtzen dira, hutsaren tapagailu.

* Ezikusiarena egitea da gehienon jarrera.

* Zenbat aldiz erabiltzen ditugun kanpoko pertsona, gauza zein gertakizunak geure jarrerak zuritzeko.

* Zer ezkutatu dutenak dira sarri min gehien eragiten dutenak.

* Zentzugabekeria oro bizi daiteke naturaltasun osoz.

* Jarrera defentsiboa  da gehienetan salaketa.

 

Zertzeladak

* Kritika da askoren ekarpen bakarra: ibilera herrena deritzot.

* Zerk eragiten du pertsonek eragiten diguten interes eta afinitatea: kimikak zerikusi eraginkorra duelakoan nago.

* Pentsatu gabe pentsatzen egotea askoren denbora-pasa da.

* Bestea noiz aspertuko zain egotea nortasun ahulekoen jarrera da gehienetan, fruitua gutxitan ematen duena.

* Giroak eragiten ditu sarri, agian gehienetan, jarrera eta portaerak, arrazoiez at.

* Barrenak agintzen dionetik baztertzen ez dena da fidagarria.

* Zer ezkutatu dutenak dira sarri min gehien eragiten dutenak.

* Kritika da askoren ekarpen bakarra: ibilera herrena deritzot.

 

 

Bidelagunak

Sentipenak

Eragileak

* Gizaki ororen sentipen iraunkor saihestezina da harrokeria.

* Zonbi bihurtzen gaitu apatiak.

* Gorrotoa ardoa bezain hordigarria da.

* Ontzat hartu ohi ditu ingurukoak ona denak.

* Kondena bat izan behar du inguruko usain denak trinko eta indartsu jasotzea, ustel, izerdi, zikin usainen kiratsak. Are okerragoa, aldiz, litzake gizarteko gezur, azpilan, ezin-ikusi, gorroto, jeloskeria… guzti horren berri izatea, baita ere gizakiaren sufrimendu eta miseriei buruz sentiberegia izatea ere. Ezinezkoa litzakeelako bizitza.

* Ahalegintzen gara kontzientzia estaltzen, isildu ere egiten dugu aldizka, baina berriro azaleratzen da, hozka.

* Desioek markatzen dute gizakiaren nortasuna eta izaera, eta desiook asetzeko ahaleginak kemenaren norainokoa.

* Apaldu egiten da sentipen oro, bilakatu baino baino beste batez ordezkatu egiten dugu. 

 

Nolakoak

* Oso nekagarria  eta aspergarria da zentzuduna izatea.

* Lagun txarra da izua bizitzan, kide arriskutsua izutia, izukaitza bera ere.

* Denok dugu altuera berdina.

* Zenbait pertsonek izaten dute modu ezberdineko halako ukitu bat urrutiko egiten duena.

* Bakoitzak dugu gure baitako toles ezkutuenean ukitzen ez dugun zerbait berezi.

* Jasangaitza da besteek erabakitakoa onartu beharra.

* Aurpegia jartzeak, edo markoak, indartu eta kokatu egiten ditu bizipenak.

* Labirintua da sarri sentimenduen bidea.

* Errealitateari ezin bezala, sentipenei ere ezin diegu ihes egin. Aldatu gehienez.

 

Gordeak

* Ultzera bat bezala irekitzen dira tarteka zenbait arimako zauri.

* Asko hitz egiten da gizonezkoaren desira sexualaz, gutxi emakumearenaz.

* Batez ere errudunak, gertakizunen zergatia bilatzeko joera du gizakiak.

* Bakoitzaren alderik ilunena nabarmentzen du izuak.

* Duintasuna sarriegi dabil igeri eta alderrai malkozko itsasoan.

* Isiltzen edo iruzurtzen ahalegintzen garen barne eztena da kontzientzia, beti hozka jarraitzen duena, gizakiaren osagai desatsegina.

* Zerk egiten ditu elkar kideago pertsonak, eta noiz?. Non datza filing famatuaren zergatia. Zerk eragiten du kidetasuna. Kimikak, portaerak… Misterioa.

* Lagun txarra da amorrua, zentzua gandutu eta galarazten duelako.

 

Zertzeladak

* Ausartagoak gara sentimendurik gabe.

* Arrazoiak ezer gutxi ahal du sentimenduarekin.

* Munstro asko sortarazten ditu irudipenak,  lehenik barnean, gero jokabidean.

* Apaldu egiten da sentipen oro, bilakatu baino beste batez ordezkatu egiten dugu.

 

Oroitzapenak

* Oroitzapenak dira pentsamenduaren oinarri, geroan pentsatzen dugunean ere oroitzapenean oinarrituz egiten dugu.

* Oroitzapenak galtzen direnean ere, ez da iragana galtzen, hori da memoria.

* Sentimenduen katalogoa da oroitzapena.

* Bisitan etortzen zaizkigu barne gelara bizitzako oroitzapenak.

* Orduko sentimendu eta bizipenen oroitzapenak bultzatzen gaitu lekuetara, ezina da, baina,  une hura berriro loratzea: joanak joan.

 

Bakardadea

* Norberarekin aurkitzeko bidea ez denean, orduan da patetikoa eta ahitzailea bakardadea.

* Traidorearena izanen da abandonu motarik tristeena, bera geratzen delako bakardade absolutuan salatuz lagunak etsaiari abandonatzean, etsaiari ere higuina ematen baitio traidoreak.

* Norberaren gabezian datza bakardaderik bakartiena. Hirian, herritxoan, etxean edo kartzelako ziega isolatuan.

* Saminagoa da bakardadea jendartean denean.

* Bakartasuna eta bakardadea, anaia bikiak, onartzean edo ezinbestekotasunean egon daiteke aldea.

* Bakardadeak, onerako edo txarrerako, barnera bidea ahalbideratu ohi du, lasaitasunera edo desesperaziora.  Bakartasunak indefentsioa dakar, eta indefentsioak beldurra. Bakartasunak eragiten du misterio sentipena, baina misterio sentipenak barne barea eskatzen du.

* Bakardadeak ez du denborarik, baina, aldi berean, bakardadearen denbora luzeagoa da.

* Norberarekin soilik harremana izatea da bakarrik egotea.

* Lasaitasuna dakar jendartean bakardadea sentitzeak, ezberdina da bakar edo bakartua sentitzea.

* Norberarekin bakardadeak soilik egin dezake eramangarria besteekiko bakardadea.

* Bakardadea norberarekin soilik geratzea da, eta horri diogu beldurra.

* Sarri bihurtzen zaigu edo dugu mortu zeharkaezina eta zeharkatu gabea bai gure barnea bai ingurua. Mortu bihurtu dugun edo zaigun ingurua arnastea da bakardadea.

* Gogorra da arrotz izatea atzerrian,  gogorragoa arrotz sentitzea norbere herrian edo lagunartean, gogorragoa oraindik norbere baitan arrotz sentitzea.

* Asteburua nola bete ez dakienaren bakardadea benetan behar du izan tristea, edo asperra.

* Ilunpean espazioa eta kokalekua aldatzen diren bezala, bidezidorrak bilatzen hasten da bakardadean gizakiaren barnea.

* Bakardade morala da sentimendurik okerrena.

* Norberekoitasunaren anaia bikia da bakardadea, agian hil beharrak egiten gaitu norberekoi.

 

Goibeltasuna

* Tristeziak ez du inolako lotsagarritasunik, ezer ezkutatzekorik; tristearen alaitasun-zurikeria da egoerarik tristeena.

* Bidelagun txarra da inbidia, norbera barnea gaiztotu ez ezik, besteekiko jarrera eta harremanak pozoitzen ditu.

* Hiltzea bezala da asperdura, gelditasun eta geldotasuna, ez aurreratzea.

 

Isiltasuna

* Loa ekarri ohi du iluntasunak, agian horregatik lotzen dugu iluntasuna isiltasunarekin. Baina xarma handia du argitasuneko isiltasunak, entzumenetik harago edo barnerago, norberagan baitago isiltasun bizipena, ez kanpoan.

* Badira isilean gozoago egoten garen uneak, baina eten egiten ditugu.

* Beti da luzea esperoa, eta zaila jasan beharreko isiltasuna.

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/04/27 09:38
Gizakia II: Babesgabetua - Euskarriak - Beste mundu bat

 

II

Babesgabetua

 

Ahuleziak

* Animalietan, izakietan ere, babesgabetuena da, agian, gizakia. Horregatik dabil babes bila beti.

* Noiz egin ote zuen negar lehen aldiz gizakiak!.

* Munduan toki bila ibili ohi da jende bat, baina tokatu zaion tokia onartzea beste aukerarik ez zaie gelditzen gehienei.

* Misantropiara bultzatzen du sarri gaixotasunak.

* Beti gaude norbaiten zain, zerbaiten esperoan edo beharrean.

* Ahuleziaren paradigma da gizakia.

* Animalia zalantzakorra da gizakia, beti zerbait nahian baina zer hori zein den ez dakiela. Zoroen antzera.

* Ikaskuntza programa gaietan hezten gaituzte, baina gizaki izaten ez. Bakardadean eta norbere kasa, esperientziaz, egin ohi ditu gizakiak bizitzako ikasketak, eta erdibidean geratu ohi da.

* Garatze fisikoa eta barne garatzearen arteko tartea erabateko zabala da.

* Egia da gizon gehienek ez dakitela emakume gabe bizitzen.

* Adinean aurrera, emakumeen zirtoen aurrean heldulekurik gabe aurkitzen dena, berdin sentituko zen gaztaroan ere.

* Norberaren ahulezia adierazten du turista atzerritarrei arreta gehiago jartzeak.

* Ez du merezi goibel egotea, baina goibeltasunak bere hatzaparretan hartzen zaituenean zaila da bere itzala saihestea.

* Ahaztu nahi genituzke hainbat gauza, baina hor diraute, betirako iraun ere.

* Zaila da kezkarik gabe bizitzea inguruan hainbeste gehiegikeria  dituzunean.

* Pertsona tolesgabea beti da pertsona xarmanta, baina erabilia eta menpekoa izan ohi da beti,  azpijokoa darabilen azeria izan ohi da garaile.

 

Beldurra

* Izaki bizidun oro bezala, gizakia beti izan da ezin babesgabekoagoa,  horregatik garatu zaio beldurrerako sen endemikoa.

* Beldurrak ez du ezer onik, baina beldur gara, beti zerbaiten beldur edo kezkaz.

* Norberak, gizarteak edo gizarteko eragileek sortarazten dituzte mamuak, elikatu ere. Elikatzen ditugun heinean bizi dira sortzaileok.

* Itomena da gainditzen zaigun beldurra, ahal guztien herioa.

* Beldurra, traizioen iturri nagusienetako bat.

* Zentzugabeak dira beldur gehienak, baina aldi berean, ekidinezinak.

* Oso handia eta indartsua, edo koldar hutsa, izan behar du pertsonak beldur izateko.

* Gizakiaren betiko apopiloa da beldurra.

* Pertsona orok du bere beldur partikularra.

* Denak baino izan daitekeenak beldurtzen du gizakia.

 

Patua

* Dado-jokaldi bat da patua.

* Halabeharra da zoria, ezin zaio ihes egin, aurka ere ez.

 

Gabeziak

* Atzaparrak behar dira bizitzeko, baina ahulak dira azkazalik gabeko atzamarrak.

* Asko dira azken irakurri entzun edo ikusitakoez soilik hitz egiten dutenak, bere uzta propiorik ez balute bezala.

* Zenbat menpekotasun eta zaletasun aitortu gabeko ditugun bakoitzak!.

* Ze gutxirekin, ia ezerezekin, kontsolatzen da ezer ez duena, edo apur hori ere ez duena.

* Desorekaz bizi da esperantza norberarengandik kanpo duena.

* Batzuk txikitatik bihurtzen dira ingurukoen bufoi, beste batzuk, aldiz, ikusezin.

* Inoren iritzietan babestea beti izan da tranpa egiteko modua.

* Besteek bestea buztina bezala moldatzea da gizarteko gaitzetako bat.

* Leku batean bizi eta bertako sentitu ez, gaitz usuenetarikoa, nahiz norbera jabetu ere ez.

* Jaten ez du ikasi behar gizakiak, baina jana irabazten bai ikasi behar du.

* Gizakia ezin da bere buruaz fida, hain dira hauskorrak bere bertuteak.

* Norbere ahuleziak, hutsuneak, eta ezinak ezkutatzeko joera oso berea du gizakiak.

* Ez pentsatzeko hezitako gizartea da gurea. Gainera pentsatzeak ez dakar dirurik. Pribilegiatu batzuek soilik pentsatzen dute, beraientzat edo besteentzat, eta horiek bai ateratzen die etekina pentsatzeari.

 

Zertzeladak

* Beti da erronka gaztaroa, baina ez beti ez subertsiboa ez heroikoa ere.

* Norbere burua da gure etsairik nagusiena

* Aberats bihurtzen da pobrea galeretan, dena galtzen denean.

* Min mota gutxi batzuk soilik ezagutu eta esperimentatu ditugu bakoitzak, gizakiak hainbat, ia infinitua baita min aukeren zerrenda.

* Hizkuntzatik alde egin duena da benetako alderrai edo atzerritarra.

* Ilun ohi da barnea negarti gaudenean, dena zabor bilakatzen zaigula bizipena nagusitzen zaigun unea da.

* Agian disfrutatzeko gaitasuna duena zaurgarriagoa da, baina, benetan zaurgarria, minez dagoena da.

* Zehatz zer izanen den ez jakitea da goitik datorrenaren desabantaila nagusia, eskuartekoa gutxienez ezagutzen dugu.

* Erbesteratuak dirudi turista askok aberria gogarazten dietenean.

 

 

Euskarriak

 

Heldulekuak

* Zenbat eta ze ezberdin totem ditugun gizakiok, zenbait irudi ezberdin zizelatzen dugun gure arimaren hormetan, salbabide izango zaizkigulakoan.

* Gizakia korazaz babesten da bizitzan: etxea, familia, lagunak, autoa, taberna, kirola… beti dago parapeto baten atzean, lubaki batetan gordeta.

* Osagaiak izan daitezke bikotearen gustu ezberdinak.

* Adorea da bizitzeko araua, beti gogor eutsi beharreko zerbait.

* Beti dabil euskarri baten bila gizakia, bere jainkotxoaren bila, maiuskulaz idatziko du fededunak, minuskulaz ateoak.

* Bakoitzak du bere txoko gordea bere baitan, ihes edo gordeleku zaiona, non aske, seguru eta gustura sentitzen den bertan biltzen denean. Beharrezkoa du gizakiak ahalmen eta aukera hori, errealitatetik erabat baztertzea ez badakar.

* Gizaki orok ohi du bere babesleku sekretua, bakoitzak berea. Besteengandik babesteko izan ohi da gehienetan, norbera seguruago sentitzeko, hor sentitzen da nolabait aske. Liburuan, ibilia, baratza…

* Denok dugu gertakizun edo bizipen bereziren bat, sarri ugari, bizitzan, eta horri heltzen diogu bai lagunarteko harremanetan, baita gure barneko jardunean ere.

* Pertsona bakoitzak baditu bere une bereziak, amarru propioak ere, zeinetan garunak ohikoan baino gardenago aritzen diren.

* Lasaitu egiten du gizakia negarrak, gizakiaren ahalmen eragileena da, negar egiteaz lotsatzen dena lasaibiderako aukera paregabea galduko du.

* Jostailuren bat behar dugu beti bizitzan zentratuta egoteko gizakiak, mila eratakoa izan daiteke jostailua, baina jostailu hori da euskarria, bera gabe noraezean ibiliko gara. Bizitza eta bizitzako arazoak serioak direla badiogu ere.

 

Ihesa

* Gizakiak banakako existentzia baten ameskeria izaten du tarteka, eta mendira ateratzen da paseatzera.

* Pentsamendu mailan nahi den guztia nahi den eran antolatzean datza ezinen eta ezinduen errealitateari ihesa.

* Iheska dabilen animalia da gizakia, eguneroko ezinei nola ihes egin, besterik ezean zerbait hobea amestu edo desiratuz.

* Alkohola da askoren ihesbidea.

*  Arruntasun mozorroaz ezkutatzen du bizi duen  estresa maltzurrak.

* Gorra izaten ikasi ez duenak gorriak ikusiko ditu.

* Elkarbizitza, edo eguneroko normaltasuna, ez da beti bikotearen iraupen froga edo bermea.

* Izaki soziala da gizakia, batez ere babesgabea eta ahula, horregatik bilatzen du lagunartean besteen kidetasuna eta anparoa.

* Zer gertatuko kezkak edo mina ekiditeak eramaten gaitu sarri bakardadera.

* Zenbat gauzari egiten diogun ihes, baina ez gara askeago sentitzen; zenbat gauzetara itzultzen garen, baina ez gara bueltan sentitzen.

* Unekoari aurre hartuz bizi dena ez da urrutira helduko ehun urte hartuta ere.

* Alferrikakoa da nora joan ez duenaren ihesaldia.

* Itzultzen gareneko lekua beti da berdina.

* Norabiderik gabeko bidea da norberarengandik ihesean ibiltzea.

* Lasterbideek ez dituzte arazoak konpontzen, itzulinguruka ibiltzeak ere ez. Arazoei, branka.

* Mesfidantzaren ondorioak dira itzulinguruak.

 

Zertzeladak

* Zaila  da gaur egun fedeari eustea, edozein dela ere fedea; norberarengan fedea da salbabide bakarra, eta hori bera gordetzea da agian zailena.

* Bakoitzak asmatu eta bilatu behar du bere fedea, aurkitu ez duena itsu izanen da bizitzan.

* Salbazioa ez ezik, egoismoa  da fedea bera ere, egoismoa karitatea, egoismoa errito oro, egoismoa elkartasuna… egoismoa da bizitzaren legamia, bere ezinei irtenbide bat bilatzea delako fedea.

* Ulertzeak ez du kargarik kentzen, karga eramaten laguntzen du gehienez.

* Ahaztea, gizakiak duen dohain mesedegarriena

* Ur-basoan itotzen denak ez du ibaia berenez zeharkatuko, txalupa-zaina  beharko du.

* Alkohola eta tabakoa herbaldurari eutsi eta munduan ibiltzeko makuluak dira.

* Gorputzak baino makulu askoz gehiago behar izaten ditu arimak.

 

 

Beste mundu bat

 

Ametsak

 * Zenbat amets, gehienak utopiak, isilean gordetzen ditugun lotsagatik.

* Beti jartzen diegu ordezko plan bat sentimendu ahituei. Ordezko planez bizi da gizakia.

* Zerbait berri ezberdina izatea amestu eta bilatu behar du gizakiak, izandakoa ahaztuz.

* Zenbat utopiara jaiotzen garen ume eta gaztaroan, baina errealitate gordinean hiltzen gara.

* Sarri egiten dugu gogait eremu ezagunez, eta lurralde ezezagunek eragiten digute.

* Ametsa da ezaguera bide bat, edo ezagutzaren ezaugarrietako bat, edozer egin ohi du gizakiak utopia lortzeko.

* Ametsen epela gozoagoa  da gehienetan lorpena bera baino.

* Utopiaren akuiluak eraginda bizi da gizakia, ametsek bultzatuta, horrek ematen dio jarraitzeko arrazoia eta ausardia.

* Ametsen epela gozoagoa  da gehienetan lorpena bera baino.

* Utopiaren akuiluak eraginda bizi da gizakia, ametsek bultzatuta, horrek ematen dio jarraitzeko arrazoia eta ausardia.

* Primum vivere, deinde filosofare gaztetan ikasi genuen esamoldea. Baina ez da beti horrela. Ideala duenak beste era batera borrokatzen du gabezien aurka ere.

* Ederra da beti esperoa, urduritasuna kontrolpean dugun heinean. Ametsa baita esperoa. Eta denboraz ez du zerikusirik. Bakoitzak bizi duen intentsitateak baizik.

* Sinetsi egin behar dira lehenengo ametsak egi bihurtzeko.

* Ametsean benetako gauzak eta desio ezkutuak eman daitezke, baina gezurrak ere bai.

* Ametsak, lilurak… errealitateak dira gauzatzen ez badira ere, eragiten digute, bizi ez baditugu ere, edo irudimenean bizi izan baditugu ere.

* Une laburreko samurtasuna dakarte ametsek, ondoren errealitateak jotzen gaitu bere mailuaz.

* Ametsak ez dira betetzen, une estuak arintzen dituzte soilik. Betetzen diren amets horiek posibilitate zailak besterik ez dira.

* Amets batek huts egitean, beste amets batekin kateatzen da, ezaguna zaigun  errealitateari ihes egin nahian. Ametsa beti da ihesa.

 

Esperantzak

* Errealitaterik gabeko itxaropen faltsuetan galtzea da arrisku nagusienetariko bat giza jardunean.

* Bertan ez balego bezala begiratzen dio askok munduari, mundua existituko ez balitz bezala biziz.

* Jainkoaren axolagabetasuna bizi du fededunak, eta Jainkoaren arretaren bila doa edozein dela erritoetara, ezbehar oro justifikatuz.

* Irudimenak ematen dio gizakiari mundu berri ezberdin bat sortzeko ahalmena, mundu berri hori ohi da esperantza eta iraupen-salbamena.

* Egoera hobetuko dela itxaropenak arintzen du ezbehar oro.

* Desioaren tamainan puzten dira itxaropenak.

* Kondenatuen heldulekua da esperantza.

 

Zertzeladak

* Berez ez datorren ilusioa hobe ez esnaraztea.

* Bakoitzak nahi duena ahal duen bezala adierazten dio bere buruari.

* Ez da inor beste norbaiten berdina denik, baina denok dugu idolo edo imitagarria den norbait, bere antzerakoa izan nahiko genukeena.

* Denbora-pasa bat besterik ez da edozein amets.

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/04/20 11:35
Gizakia I: Gizakia – Emakumea - Askatasuna - Ezagupena

I

Gizakia

 

Zer den

* Antzezle bat da gizakia, beste antzezle batzuk imitatzen dituen antzezlea.

* Tokatu zaigun komediako antzezle besterik ez gara.

* Gizakia desira da, bulkada, beti erregai bila dabilen sugarra.

* Behin izandakoaren adabakia da gizakia, modu ezberdinetan josia.

* Gezur putzu bat da gizakia, ondorioz gizartea bera, politika, dena, … fikzioa egiten dugu, sarri uste onez, egi bila gezur-putzu horretan.

* Animalia da gizakia, pentsatzeko ahalmenak ez dakarkio onura handirik.

* Gizarteak, gizarteko gorabeherek, zizelkatzen gaituzte. Erabakiak guk geuk hartzen ditugunean ere. Inguruaren fruitua gara. Hutsak, faltsuak, besterik ez dira guk geuregan eragindako zizelkadak. Baina besteengan ere eragiten dugu egiten dugun guztiarekin, horrek bai du eragina. Hurkoa zizelkatzen duten zizelatzaile-kideak gara gizakiok.

 

            Nolakoa

* Gehienek egiten dute egiten dutena ahalik ondoen, gizakia berenez onbera delako.

* Bakoitzaren erabakiak erakusten du norberaren neurria.

* Oskola baino ez da sarri gizakia.

* Zein ezberdinak izan daitezkeen pertsonen neurriak, eta ez fisikoak hain zuzen.

* Komediante hutsa da gehienetan gizakia, barnean darabilena ezkutatuz bizi ohi  da.

* Zer eta nolakoa izanen zen gizartea surik gabe.

* Munduko animalietatik bera dela ankerrena, gizaldiz gizaldi joan da hori frogatzen ekintzez gizakia.

* Premiazkoak ez diren gauzetarako jaidura da gizakien arteko berezitasun bat.

* Dugunak, garenak edo egiten dugunak besteekiko konparaketan hartzen du benetako neurria eta tamaina. Zerekin konparatu, halakoak gara.

* Hautatu daiteke zintzotasunez eta filosofiaz pertsona anonimoen kategoria, edo iheslari kikildu bat bilakatu daiteke ere.

* Kulturak egiten du gizakia, baina honen barnean instintu denak diraute.

* Gorputzak badu bere anima; gorputza eta anima, bietatik zein hartzen dugun gogokoen, hor dago koska, bietatik zein elikatzen dugun nagusiki, horrek markatzen du diferentzia.

* Bururik gabeko burudun asko dago gizartean.

 

Emakumea

* Neskak mutilak baino zorrotzago hezten dira.

* “Emakumea gizakia da, noski, baina gizatasun molde apur bat ezberdinekoa”, “exotismo lurrin bat” dela irakurri dut: zentzu eta osotasun bat ematen dio emakumeak bizitzari. 

* Gizonena baino okerragoa da emakumearen infernua.

* Kolpeak dira emakumeekiko bortxakeriaren ezaugarri nabarmenenak, baina bada ezkutuko beste esplotazio modu isil eta ezkutukorik.

* Gaur egun errazago moldatzen da emakumea bakarrik gizona baino.  Horregatik ukatu diote independentzia ekonomikoa, mende edukitzeko.

 

Zertzeladak

* Piztia batekin bizi gara, eta ezin diogu ihes egin.

* Gizatasuna ez dago kanpo-itxuran eta aberastasunean, barne dotorezian baino.

* Azaleko gauzekin entretenitzen gara, sakonekoez arduratu gabe, harri gainetik irrist egiten duen ura gara, lurra ureztatu gabe.

* Bakoitzaren begirada oro dago kutsatuta edo baldintzatuta, ez dago begirada propio netorik, pentsamenduak bezala, inguratzen duenak baldintzatzen du, nolabait osatzen eta gauzatzen; gizakia gizartean bizi da eta ezin du inguruaren eragina saihestu, gizartearen zati izatea utzi.

* Zabor poltsek baino hitzen eta jokabideen zaborrak erakusten du pertsona baten izaera ezkutua.

* Edertasunak ez du erakargarria egiten pertsona bat, beste zerbait da erakargarri egiten duen dotoretasuna.

* Animalia gaiztoa da gizarte ikaratua.

 

 

            Askatasuna

            Zer  den

* Askatasuna ez da justizia, eskubidea baizik. Gizakiak ez duen eskubidea, mota ezberdineko mila katez lotutako esklaboa delako, kontaezin jauntxo ezberdinen morroi.

* Norberaren borrero eta biktima, aske izateko bide bakarra.

* Kaiola baten barruan bizi gara, bakoitza bere tamainako kartzelan, bertan aske sentitzea da irauteko gakoa.

* Lanbrozkoa da eguterazkoa behar duen askatasuna.

* Seminarioan eta apaizgoan inondik ere ez zegoen aske eta ondorenik gabe   pentsatzerik, are gutxiago sentitzerik. Ukoa, pentsamendu eta pentsaerei ere, izan da gure heziketaren arau nagusia.

* Umea, umetatik da pertsona, horregatik bizitzaren hasieratik egin behar du hautaketa, bularreko denean bertan, zerbait hartu eta beste zerbait utzi: bularra edo biberoia esaterako, jolasa eta ikasketa… kontzienteki ez bada ere. Eta hautaketa orok du alde samina.

* Neurri batetan gizakiak eragin dezake etorkizunean eta gertaera edo ekimenetan. Ala, irudimena besterik ez da. Orokorrean, eta zerbait eragin dugula uste dugunean ere, ez al da halabeharrezkoa gertatutako edo eginiko hori?. Gizakia erabat baldintzatutako izakia denez, beti geratzen da zalantza.  Askatasunaren norainokoa dago jokoan.

* Kate motzean mugitzen da libertatea.

*  Bidegurutze bat da bizitza, gizakia bera  beti dago bidegurutze batetan, erabaki beharrean  beti, hautatu beharrean. Latza da askatasuna, erabakitzeko ahalmenak erantzukizuna baitakar berarekin.

* Konforme bizitzea ote askatasuna, ez ote esklabotasun kamuflatua.

* Kontzeptu filosofikoa da askatasuna, esklaboei axola ez zaien unibertsaltasuna, norberak nahi duen tokira joatea da askatasuna.

             

            Gizaki askea

* Gizakiak ez du inolako hautamenik. Hautaketa oro du baldintzatua.

* Libre dela uste duena ere lotuta dago, katearen luzeran dago ezberdintasuna.

* Gizakia askea dela esan ohi da, baina erabat baldintzatzen du inguruak.

* Gezurraren diktaduran bizi gara, zientzia aurrerapauso ikaragarriak eman dituen garaian.

* Arriskutsuagoa omen da loturarik gabeko gizona gizon presoa baino. Agian.

* Norbere baitako beldurrak dira gizakia preso bilakatzen dutenak.

* Gizartearen eta bere buruaren gatibua da gizakia, ezinezkoa zaio amaraunetik askatzea, amarauneko hari batetik bestera aldatzea beste  aukera eta ahalmenik ez du.

* Izadiko edozein izaki mota bezain lotuta dago gizakia, mila loturen preso, haitzak eurak adina, mugikortasunez eta askatasunez hornituak badirudigu ere.

* Atxilo bizi da gizakia,  etxean, lanean, herrian… bere baitan ere, nahiko lukeenerako ezindua, errutinan atxilo

* Egia oro erlatiboa dela jakinda ere, edonori galdetuko bagenio dionaren zergati sakonagoa ez luke jakingo erantzuten. Nahiko automata da gizakia edozein gizartean dela ere, inguruak ezartzen dion pentsaeraz bizi da, ezarritako rolaz.

* Ezer galtzeko ez duena da edozertarako aske.

* Ezin galdu ez dugunik, edukitzeak egiten gaitu esklabo sarri.

* Aulki bati lotuta bizitzeko izakiak gara: ordenagailura, tabernara, bulegora.

* Etorri egiten zaio gizakiari, herriari ere, zoriaren kinka, eta erabaki beharra du. Oso gutxitan eta maila erkinean aldatu lezake zoriaren ondorioa gizakiak, baina gutxienez leundu dezake bere eragina.

 

Zertzeladak

* Ez dakit geneetan daramagun gizakiok debekuen aurkako grina, baina debekuak gidatzen dute gure bizitza, debekuz zedarrituta dugulako ibilbidea.

* Erreprimituak izatean hezi gaituzte,  eta erreprimituak izaten jarraitzen dugu.

* Zerbait egin behar dugula sentsazioa daukagu sarri, gorputzak ezartzen duen erritmo ezezagun bat dugu denok barruan.

* Aulki bati lotuta bizitzeko izakiak gara: ordenagailura, tabernara, bulegora, bazkal-mahaira…

* Komuna, esaldi aldrebesen territorio libre bakarra.

* Nagusien eta ahaldunen neurrira eginak daude arauak.

* Naturaltasunez unean uneko erabakiak hartzeak bere xarma du.

* Parodia ote aukeramena?.

 

 

Ezagupena

 

 Ezagutza

* Erreferentzia bat behar du gizakiak, gertatzen denaz jabetzeko.

* Zenbat gauza dakigun dakigula jakin gabe.

* Zenbat gezur geure buruari; eta nolako sinetsi itxurak egiten ditugun.

* Gezurrak esaten dizkio gizakiak bere buruari errealitatearen egiatik babesteko, edo errealitatea estaltzeko.

* Benetako izaera estali nahi izaten dugu trikimailu ezberdinez, baina beti azaleratzen da norberaren berezkoa.

* Tematia da errealitatea, ezinbestean presentea bere presentzia,  geure eta besteen burua engainatzen ahalegintzen bagara ere.

* Gezurretan ohi gara geure buruarekin, beldurrak eragindako gezurretan, nahiz beldur gehienak barregarriak diren.

* Intentziorik gabeko keinuetatik erakusten da sarri norberaren izaera.

* Aseezina da gizakiaren dena ulertzeko nahia, baina ezer ez ulertzeak ere ez dio ardurarik sortzen askori.

* Harrotasunak hondatzen du gizakia, paperezko orri fin bat bezain hauskor garela ez jabetzeak.

* Distantzia mota asko dago, geografiarenak eta ordulariarenak ez dira nagusienak, ez garrantzitsuenak, ezta  eraginkorrenak ere. Sentimenduen distantzia, barnera bidaiarena, hurkoarenganakoa... Plano ezberdinekoak, baina sakonenean daudenak dira.

* Bere hizkuntza du gorputzak: postura, ibilera… sarri ez diogu erreparatzen eta bestetan ez diogu kasu egiten.

* “Amaierarik gabeko auto-indusketa da psikoanalisia”.

* Bakoitzaren sekretua da bere leku sekretuak non dauden.

* Estasi garratza dakar edozein berriren berri jakiteak.

 

 Norberezagutza

* Zelatatu diezadakete nire gorputz fisikoa, nire ekintzak, baina nire nahiak, sentipenak, beldurrak, pozak, pentsamenduak, … neuk bakarrik ezagutzen ditut.

* Arriskutsua da biluzia, edertu zaitzake, baina baita zatartu ere.

* Zein ote da nire marka?, galdetu behako genioke tarteka gure buruari.

* Askotan ez ditugu egoa eta norbera ezagutu eta bereizten, egiatan zein garen, alegia.

* Gizakiari komeni zaio tarteka bere buruari kanpotik begiratzea.

* Egia dela uste dut denok daukagula arrasto ilun bat barren-barrenean: onartu eta berarekin bizitzen bageneki errazagoa izango litzake elkarbizitza.

* Itsua da gizakia, ez da gai bere buruan ikusteko gainerakoentzat agerikoa dena.

* Galdurik dago barneko  zurrunbilo gupidagabekoekin bizitzen ikasi ez duena.

* Zenbait gaietan ez gara egiati eta zintzoak geure buruarekin ere,  norbera engainatu nahian, dakiguna bera gu geuri ukatuz.

* Zer garen jakiteko, zein oroitzapenek iraunkor eta sokonen irauten diguten eta/edo astintzen gaituen aztertzea litzake termometro baliagarri eta sinesgarria.

* Barnera begiratzen dakienak, kanpoa ikusteko begirada eta ikuspegi sarkor sakonagoa du.

* Ematen du izartegiak gizakiaren tamaina-neurria, apalagoak ginateke gure burua izakiaren osotasunean kokatuko bagenu.

* Norberetarren artean ezezaguna izatea da bakardade beltzena, baina beltzagoa norberarentzako ezezagun izatea.

 

Elkarrezagutza

* Txikiteroen artean badago nolabaiteko anaikidetasun bat.

* Bestearen begirada saihesten duenak zerbait du ezkutatzeko.

* Besteen zure ezagutzaren zergatia, norberaren izaeraren arrastoa da.

* Pertsona guztiek dute bere aurpegia, baina ez dugu beti erakusten.

* Bestea kalifikatzeko norbera hartzen dugu erreferentziatzat, horregatik ez gara sarri justuak juzkuetan.

* Orain, lehen ere, barnera baino kanpora begira bizi da gizakia, baina orain lehen baino abiadura handiagoz. Konpartitzen duguna ere azalekoagoa da gehiago, barne bizipenak baino.

* Ikusten eta entzuten dugunaren azpian edo atzean zer dagoen antz ematean data bestearen ezagupen-sentipenaren ezagupenaren sekretua. Bestearekiko iritzi okerra dugu gehienetan, sekretu-kutxa bat baikara bakoitza.

* Perspektibak eta urruntasunak gauzen, pertsonen ere, nolakotasuna erabat aldatzen du.  Pertsonak ere hurretik, beratik, ezagutzen dira diren bezalakoak, elkarbizitzak ematen du bakoitzaren balioa.

 

Zertzeladak

* Bestei buruz hitz egitean, zeure berri ematen ari zara.

* Gizakiak ez gaude uneko adinarekin bizitzeko prestatuta, adinarekin bizitzen ikasi dugunean adinez aldatu gara.

* Ikusezin bihurtzea une batez, hori litzake bakoitzaren zintzotasunaren testa.

* Badira ulertzeko hizkuntzarik behar ez duten gauzak, denek eta edonon ulertzen dituztenak.

* Bakoitzak nahi duena ahal duen bezala adierazten dio bere buruari.

* Gizakiak jakin behar du egia dastatzen, nahiz garratza, bestela alderrai ibiliko da bizitzan.

* Begiak arimaren ispilu direla diote, irribarrearekin disimulatzen ahalegintzen bagara ere.

* Norberez kanpo bizi denak gorroto dio norbere barnera bidaiatzeari.

* Hilakiak laster desagertzen dira betirako, denborak jaten ditu jarri dizkiegun oroigarri, oroitarri eta estatuak ere.

* Sortzailearen barne arazo eta bizipenen erakusleiho bat da edozein arte mota.

* Aintzakotzat hartzea da zerbait edo norbait erasotzea.

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/04/13 10:05
Euskal Herria - Euskaldunak - Euskara

Euskal Herria

 

Askatasuna

* Klandestinoek, azpilanean ari direnek, sasikoek alegia, horiek dira batez ere leku eta une bakoitza direla behin-behineko babeslekua bizi dutenak, edozein unetan alde egiteko leku eta unea alegia. Euskal ihesleri eta liberatuek esperientziaz ikasi eta bizia duten printzipioa.

* Herriak egiten gaitu, neurri handi batean garen bezalakoak, baina geuk egiten dugu herria den bezalakoa.

 

Vs Espainia

* Ekintza bortitzak konpondu dira, baina borrokak dirau nahiz beste forma batean.

* Oraino bota ezin izan duten  zuhaitza da Euskal Herria.

 

Kontzientzia

*  Atzerritarren bisitaldia dirudite sarri kanpoan bizi diren euskaldun askoren presentzia.

* Aberri nomada gara bidaian gabiltzanean.

* Zapalkuntza, gerra, eta gehiegikerien segida ohi da abertzaletasuna.

* Bere jarrera propioa du bakoitzak estatu txikiei buruz, bizipenen araberako.

* Sakonean berdinak eta anaiak dira herri denak.

* Administrazioak ez du inoren natura egiten.

* Herri batekoa izateari ez dio uzten inork, edonon erroldatzen edo nazionalizatzen delarik ere.

 

Ahala

* Ez dago herri gorago edo beheragorik. Herri bakoitza, denik kaskarrena ere, naturaren mirari bat da

 

Gaurkoan

* Adiskide minak eta aldi berean pentsaera erabat ezberdinekoak izatea da familia eta lagunarte askotako egoera, baina eztabaida eta haserrerik gabe diraute harremanak, politika ez da mahairatzen eta kito.

 

Geroa

* Garailea beti ahaleginduko da aurkariari egia kontatzea galarazten. Euskal Herriak ondotxo ikasi du hori.

 

Baldintzak

* Beste zerbaitekin lotu behar da aberria ideia, mistika batekin, erakargarri eta eragile bihurtzeko.

 

Memoria

Benetako egia eta justizia aplikatzeak, ofizialetik haratagokoa, urteak behar ditu. Urte askotako perspektiba behar da ekintza iraultzailean bere egiazko eraginkortasunean kokatzeko.   Egun batean, gerago, idatziko da ofizialki Euskal Herriko beste historia  bat, beste egia bat.

* Memoriarik gabe ezer ez garelako, ezin dugulako aurrera egin ere, memoria sakon bat berreskuratzea da Euskal Herriaren azken urteetako ahalegina, bere izaera gorde nahi duelako aurrerantzean ere.

 

Damutuak

* Euskaldunongan barkamena eskatzeko eta damua erakusteko ezintasuna ez da berezkoa, urte luzeetako esperientziak eragindako jite eta jarrera baizik: lubakien alde bietako jarrera eta jiteak orekatzea luze iraungo duen afera da.

  

Euskaldunak

 

* Euskal Herrikoak gara nonbaitekoak izatekotan, askori ahaztu zaion ebidentzia.

* Europak eta Urruneko Europak funtsezko eragina du gure geneetan.

 

 

Euskara 2

 

 

 

* Bizitzeko hizkuntza izan behar du Euskarak.

 

* Zuhaitzaren barne izerdia bezalakoa da hizkuntza herri baten kulturan, bere izaeran, beraz iraupenean ere.

 

* Euskara, flotazio linea euskaldunentzat.

 

* Hiztunak behar dituzte hizkuntzek, eta hiztunek historia, kultura, mundu ikuskera bat.

 

* “Zergatik idatzi nederlanderaz...”. Munduan kokatzen gaitu euskaldunak Euskarak.

 

 

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.