Kontakizunak
Galderak
EGIN-Igandegin: 1997/07/20
Ikus eta jakin minez abiatu ginen Txekia eta Eslovakia lurraldeetara. Nork ez ditu gogoan Pragako Udaberria eta batez ere Txekoslovakiako ekonomia eredu berria, Plangintza Ekonomikoa eta Merkatu Librearen orekan jokatu nahi zuen ahalegina, mendebal eta ekialdeko bi sistema nagusi eta nahitaezkoen tarteko bidea bilatu asmoz. Nola ez eraman gogoan Txekiak onartu egin zuela Eslovakiaren Txekoslovakiatik banatzeko nahia, Eslovakian bertan onartu egin zela gehiengoaren borondatea eta traumarik gabe Eslovakia banatu egin zela Txekiatik Estatu bakarra zena bitan banatuz?. Horrez gain Europako herrion urruntasunak ematen duen misterio kutsuaz gain, historia ezberdinetan gauzatutako kultura hain ezberdinak badu erakargarritasuna mendebaldarrongan. Baita xarma ere.
Ofizialki Errepublika Sozialista baina gure komunikabideetan Estatu Komunistak deitzen zieten herrialdeok sortzen dute horrelako zirraratxoa eta jakin mina, zertan ote den urteetako esperientzia hura. Galderez gainezka itzuli gara jakin-minez joan ginenok. Ez genuen galderoi erantzun garbirik aurkitzeko ametsik, begiak zabaldu eta begiratu, hori zen, besterik gabe, gure asmoa: bidaiaria, batez ere turista, beti baita pasoko hegaztia, azaletik soilik ikusten du ibilbide zaion herria; hizkuntza arazoez gain nork kontatuko dio egi zintzoa ordu baterako kanpotarrari, nola fidatu ere esaten diotenaz?. Ibili eta begiratu zen gure helburua ikusminari erantzun bila, baina biderkatuta ekarri ditugu eraman genituen galdera denak.
Bi Herri ziren Estatu bakarra zirenean ere, bi Estatu dira gaur egun: badira ezberdintasunak, gu bezalako bidaiari arruntentzat ordea ez da halako berezitasun nabarmenik: nahiko berdinak agertu zitzaizkigun ukitu nahi ditudan ikuspuntuetan, beraz biez batera arituko naiz, ezberdintasunak beste baterako utziz.
Bidezainen begirada
Berrikuntza lanetan murgilduta daude bi herriak, Mendebaleko berrikuntzaren sindromeak jo ditu bai Txekia bai Eslovakia ere. Agian bere ekonomia ahulduak turismoa du ekonomiaren ardatzetariko bat helburuetan. Behar baino 10 urte lehenago joan gara, agian berantegi: goizegi, urte guti barru hiri eta herri ezaugarrienek, zer erakutsi dutenek behintzat, erabat aldatuta eta edertuta izango dituztelako gutxienez erdigune eta alde zaharrak; berantegi, ordea, azken historiako aztarnak, azalekoak behintzat, galduta izango dituztelako. Kalediak, saltegiak ere, nabarmen aldatuz doaz: egituraz eta itxuraz ez ezik, gero eta mendebalekoagoa bihurtzen ari da erakusleihoetako eskaintza. Herritxo inguruetan, batez ere baserritarrek gidatuta, badabiltzan arren, errepideetatik baztertuz doaz Lada eta Skoda zaharrak, ugaltzen darrai mendebaleko kotxe zaparrada, saltegi eta garajeetan nabarmentzen delarik merkatu berria harrapatuzko borroka. Hala eta guzti mendebalean baina apalago bizi direla iruditzen zaio kanpoko ibiltariari, zentziloago, xaloago, mendebalekook baino gutxiago kontsumitzen dutela alegia, zer kontsumitu gutxiago dutelako edo kontsumigaiak zerez erosirik ez dutelako. Ez baitira esanahi berekoak apalategietako oparotasuna eta kontsumoa. Are gutxiago kontsumoa eta zoriona. Zer dago aldaketa ahalegin honen muinean?.
Pivo edo litro-erdiko baso garagardo aurrean patxadako lasaitasunean orduak ematen ikusten genituen kontu-kontari. Kale, saltoki edo errepideetan hainbat galdera, gehienetan hizkuntza ezjakintasunaren ondoriozko keinuzkoak, egin beharrean aurkitzen ginenen bakoitzean herri abegitsu eta lasaia agertu zitzaigun. Kanpinean beti daude sua egiteko gune aproposak bere egur piloarekin. Su ederraren ondoan, makila puntan sartutako haragikia erre eta janez, pivoari zurrut eta batez ere solasean egoteko ohitura. Gaueroko norbaitzuen denbora-pasa, agian transumanzia garaiko askoren oihartzuna, ala biak?.
Famaren oihartzunez tokatzen zaien bezala, Tatra mendi barreneko izei azpiko lasaitasunetik, asperduraren ondorioz edo kanpotarren ikusmiran, begirada tinkoz begiratzen ziguten kaminero edo bidezainei begira gu ere, galdetzen genion elkarri zer ote zegoen begirada haien ostean: mendebaleko predikuetan saldu diguten Eki Herritarren Mendebalari buruzko inbidia, ala gureetan errepide edo kaleetan aurreratuago bizi omen diren europar edo yankiei guk begiratzen dieguneko indiferentzia?.
Zergatik hemen ere hiri handiak edo koskortuak dira aldaketaren onuradunak, baina berrikuntza guti nabari da herritxoetan, batez ere errepide nagusietatik at lautadetako muinoen artean galdutakoetan, bigarren mailako herri edo herritar bailiran, agian berantago etor daiteken ekonomiaren hobetze baten zain utziak?
S. Joan Nepomuzeno
Nazioko zaindari nagusia omen. Errepide eta bazter guztietan dago present, bere bonet, gurutze eta jantziekin nabarmen deigarri, ilunduta, urteen eta kutsaduraren poderioz belztuta askotan; han daude gurutzeak ere, berdin kaperatxoak, berdin elizak herri guztietan, askotan eraiki nabarmen zainduen eta ederrenak: hor egon dira auskalo noiztik, ez dira komunismoa bota ondorengoak, komunismo garaian hor iraun dutenak baizik. Eliza barroko zoragarriak ditu bai Txekiak bai Eslovakiak, komunismo garai osoan gure herrietako asko ez bezala zainduta, eder iraun duten elizak, Spis lurraldean batez ere, agian auzo diren alemaniarren eraginez, Erdi Aroko triptiko txundigarriak, zein aparta ezingo, bata bestea baino ederragoa dituztenak gordetzen dituzte.
Elizkizunak: Levoçakoak eragin zigun zirrara biziena, baina ez zen izan bakarra: eliza ikustera sartu eta meza ondorengo apaizik gabeko errezo luzeetan jarraitzen zuen eliza beteekin egin izan genuen topo, sutsu errezatzen zuen herriarekin, gazte asko tarteko; jarrera hori ez da inprobisatzen, beti errezatu da taldean, nabarmen agertzen da usadio eta portaera errotua dela. Ostiral arratsaldean Kezmaroken beti luze berritzen zen bi ilara zeuden bi aitorlekuen aurrean, denak zutik, gehienak aitortza gertatuzko liburua eskuan, gure umetako garaiak biziki gogaraziz; "ogi zerutik etorria" abestia entzutea bakarrik falta zitzaigun Korpus Eguneko Trnavako prozesioan: duela 50 urte Euskal Herrian bezalatsu, parafernalia berdinez, kalerik kale, abestuz, boz ozenez otoitzean ari zen belaunikatutako herriari kustodiarekin bedeinkapena ematen zien apaizak hirian ugariak ziren elizaurre bakoitzean: hori ez da lau urtean mamitzen den ohitura, hain elizaren kontrakoa zela esaten ziguten erregimen komunistan iraun duena baizik. Austrian ikusi genuen antzerako erritoa: osteguna zen han, hemen igandera aldatu dute ospakizuna, baina Euskal Herrian bertan proposatu izan da astebarruko jaien iganderako aldaketa ekonomia produkzioa dela eta.
Plaza da herri koskortu oroko bihotza, berdinak dirudite denak, baina bakoitza da ezberdina, denak eta beti eder eta polit. Udaletxea, Eliza, Iturria dira plazako osagarriak, baina, batez ere, koloma edo zutabea, izurriteren baten oroigarri gehienak, Amabirjina eta Santu-irudi ugariekin ia denak: hor egon dira komunismo garaian, gehiengoaren kolore beltzak adierazten duenez. Inposaketak ezer guti balio dezakee, gogoeta ondorengo konbentzimendua dela jarrerak aldatzeko bide bakarra. Erlijioarekin lotutako mila ezaugarrik gogarazten ziguten urteetan kontatu izan ziguten herri hauetako erlijioaren aurkako balizko jazarpena ez zela existitu, ez zela izan behintzat hain bortitza; hainbat galdera sortarazten zigun gure baitan: benetan elizaren edo fedearen aurkako jazarpena izan zen ala eliza eta batez ere hierarkia pribilejiorik gabe uztea zen estatuaren jokabidea, Eliza erakunde herritar arrunt bezala tratatua izan zela, onartze berezirik gabe, alegia?. Elizak sarri iraintzat eta jazarpentzat hartzen baitu pribilegiozko tratu berezirik ez izatea, eta horren harian, eta izan genuen intoxikazio propaganda gogoratuz, nork jasan du bestearen presio larriagoa edo nork izan du bestearekiko errespetu gutxiago bi herri hauetan, Eliza Katolikoak ala Estatu Komunistak?.
Pivoaz zer?
Ikusi genituen Eki Alemaniako Heiligendammeko ospitale batetan ateburuko mailuka eta igitai gurutzatuak pinturaz ezabatuzko ahaleginak. Ez dugu ikusi holako aztarnarik hemen. Ezabatuak daude aurreko garai komunistaren ezaugarri fisikoak. Italian bada herrietako kale izendegian Marx, Gramzci edo antzerakoen oroimenik. Agian behin ere egon ez direlako, kendu egin dituztelako agian, baina gure bidaia honetako herrialdeotan ez da horrelakorik ikusten, Mendebalean ezagunak zaizkigun izenak behintzat. Haurrentzako eskola-liburua da nagusi liburu-dendatan, baita play-boy eta antzerako aldizkariak ere; erakustoki eta apalategietako liburu artean ez da ageri autore marxista klasikorik, agian guretzat ezezagunak ziren autore marxista gaurkoak zeudekeen, egon bazeudekeen ere ikur edo ezaugarririk gabe.
Cz hizkiak daramatza ia Txekiako auto orok, Sk eslobakiarrak; noizbehinka, bai batean bai bestean, bi ikurrak ikusten zaizkio kotxeren bati, bi herrien elkartzea defendatuzko jokabide kontzienteak edo eranskailu zaharra kentzeko alperrak eraginda: hori litzake bi herrialdean bat zireneko kanpotarrak ikusten duen zehaztasun edo ezaugarri bakanetarikoren bat. Horrez gain, ilaran jartzeko ohiturak darrai dendetan jende asko dagoenean, baita kanpinetako filosofia ezberdinak ere. Asko dira asteburu-pasa kanpinetara datozenak, komunista garaiko opor kontrolatuetarako sortutako zurezko etxetxo zaindu, garbi eta gehienetan politetara; bertako inor guti dabil karabana edo dendarekin.
Praga da nolabait aurreko sistema politikoa eta askatasuna deitu hura gogarazten duena: bada poliziaren basakeria, aurreko politikagintzako agintarien gehiegikeria gogoratuzko beti lora berriak dituen oroigarririk, txu-txu treneko bozgorailuak ere gogarazten du unibertsitate aurretik pasatzean han egosi zela askatasunerako borroka, esaten dute liburuxka edo orriek ere Operan gorde zirela poliziak pertsegituak. Baina begiak zabalik dituenak ikusten ditu ez herri txikietan bai hiri handietan, Pragan batez ere, eskaleak kaleetan, eskaleak eliz atarietan, eta batez ere nolabait bi perro ateratzeko paper banatzen mozorrotutako gazteak, kinkilariak, purtzileriak salduzkoak, hiri industrializatuetako auzoetan langabetu petoak, txaboletan bizi diren etorkinak. Lapurrengandik kontuz ibiltzeko esaten dizute hainbat hiritan, gu geuk ere libratu ginen halako mehatxu batetik. Nabarmenak dira kalean kapitalismoak eta neoliberalismoak askatzen ez dituen biktima berriak.
Non daude Inperioen, Kapitalismoaren, Neoliberalismoaren biktimei oroigarriak edo oroitzapenak?, gaurko intelektual eta unibertsitarioak hasi ote dira gaurko gehiegikeria, esplotazioa eta askatasunik ezaren aurrean, duela urte guti egin zuten iraultzaren kontrairaultza edo bigarren iraultza prestatzen?. Izan zen Errusian Tzar bat, herriaren egonezin eta matxinadari beldur, herria vodkaz alkoholizatu zuena: gaurko pivoak bata bestearen ondoren asteburuetan irenstea egoera nolabait mozorrotu nahi izatea ote?.
Beste zenbait galdera
Tentagarria da lur zabal berdeen kontakizuna, bai Txekia bai Eslovakiatik etxeratzean. Atsegina litzake gogoratu eta aipatzea muinoak, arratsalde beranduan itsaso berdean kotxez nabigatze bakartia, hirietako plazen deskribapena, etxe errenazentista edo barroko zoragarriak, eliza eta gazteluen ederra, herri koskortu guztien inguruko tximinia luzeak, hiri guztien hesi diren etxetzar ilun erraldoiak, ibai zabalak eta mendiarteko errekastoak, mendiarte bakanetan izeidiak sortaraziko Euskal Herrian geundeneko sentipena, eta hainbat bidaietako ohizko kontakizunak. Baina begien ikuskizunak galderaz bete zigunez kazkezurra, erantzunik bilatu ez genien galderekin jarraitu eta bukatu nahi dut gaurko ekarpen hau.
* Bere hizkuntza propioa du Eslovakiak. Hizkuntzari buruz zer suposatu du, ezer suposatu badu, Txekiatik banatzeak?.
* Sakanan Maiatza zuhaitza jartzeko ohitura bizi dugunok, begi harrituz begiratzen genien, iaz Alemanian bezala, bai Txekian bai Eslovakian herri asko eta askotako Maiatza zuhaitzei. Zein lotura dute elkarrengandik hain urrun dauden herrien ohitura berdintsuek?.
* Txekia OTAN barruan onartu duten honetan, bi lurraldeetan beti presente zegoen Ejertzitoa gogoratzen dugu: errepideetan kotxe eta kamioiak, airean hegazkinak eta kaleetan soldaduak. Indarkeriak berdintzen ote ditu herriak?.
* Hainbat aldiz etorri zitzaizkigun nongoak ote ginen galdezka gure autoak ez zeramalako nazio ezaugarririk, ez herrialde hizkirik. Euskaldunonak Estaturik ez duten alderraien autoak ote?.
* Utzienak edo zaindu gabekoen itxura dute hainbat herri eta granjek. Bada Tepla alboan nekazarientzako eraikitako etxeteria duen herri zabala osatuzko inguru zabaletako belartzak eta sailak darabiltzan granja. Herri-kidetzak gestionatzen ditu granjok?.
* Zabalak dira gari-sailak, belartzak eta arto-sailak batez ere. Norenak dira gaur egun?. Nork du noizbehinka ikusten diren behi aldren jabegoa?.
* Herri guztiek dute bere museoa. Turismoaren eztena beharko ote dute bere kultura eta ohiturei eusteko?.
* Terecingo kontzentrazio eremuan bada ateburu batetan naziek jarritako inskripzio isekaria "Abreit macht frei" diona: "lanak askatuko zaitu" edo zerbait antzerako esan nahi du. Benetan herri askeak izanen dira txekiar eta eslovakiarrok ala esklabo bihurtuko ditu lanak mendebalean lez?.
* Bohemia, Moravia, Silesia: badira gutxienez hiru herri hauek Txekian: ba ote herri pasoko txorioi jabetu ezinezkoak izan zaigun herri nortasun arazorik?.
Galdera nagusi batek astintzen zituen gure burmuinak etzerantz muga zeharkatu genuenean: Planifikatze edo Merkatu Ekonomia izango ez den bide berriak jorratu zituzten herriok izango ote gai herria askatze ahaleginean bide berri bat urratzeko, Pragako Udaberri egiazko baterako eguzki berri bat argituz?.