Kontakizunak
MARTIN
Erabaki kontzienteen arrazoi inkontzienteak edo erabaki inkontzienteen arrazoi kontzienteak: zentzugabekeria eta logika
Bi probintzien muga den mendi magalean dago kokatua Martin bizi zen auzoa. Herri-burutik kilometro askotara. Oso auzo txikia da. 20 baserri. 100 biztanle inguru. Eliza badu, auzoko eraikin handiena, ohi denez, botere eta eraginaren ezaugarri. Umila gaur egun, zerbait izana da, pikota ere baitu, Martinen egunetan auzotar gehienek ez bazekiten ere eliza osteko orman ageri ziren zirrindola haiek ze erabilera izan zitzaketen.
- Zeinek eta zertarako jarri ote zizkian zirgilo horiek elizako horman.
- Auskalo.
- Eta hain goian.
- Garai bateko kontrabandisten zaldi eta mandoen uhalak lotzeko izango hituen.
- Gu baino demontre altuagoak izan beharko hituen.
- Sanson adinakoak!.
Han diraute gaur egun zirgilook elizako horman iltzatuak. Pikota deitua osatzen zuten, gaizkileak zigortzeko tresna alegia, nondik zintzilikatzen zituzten, herriaren aurrean lotsagarri, gaizkile edo zigortuak. Baina, ez da ohiko pikota, hots, besodun harrizko zutabea, zeintzuk besoetan kokatzen ziren kondenatuaren eskuak lotzeko burdin uztaiak, gaizkilea zutik, besoetatik erdi zintzilikatuta geratzen zelarik. Auzoko pikota ez da zutabe bat; elizako orman iltzatuak dauden zirgilo soilak baizik. Azpian harlauza zabal sendoa du, non seguruenik jartzen zituzten oinak zigortuek. Zirgiloon betebeharra ahanzturan bazen ere, zaharren kontakizunetan bazirauen istorio bitxiak harlauzaren inguruan: bertan jartzen omen zuen oin bat Sansonek, alboko auzoan bestea, eta harri bolak botatzen ei zituen bailararen bestaldeko urrutian ikusten den mendira, non kareharrizko tontorra osatzen duten jaurti harri-bolok. Herri xehearen fantasiak. Edo esan nahi sakonagoko mitoak.
Auzoak ez zuen errepiderik Martinen garaian, harbide soila baizik, nekazal aroan ondo zaindua, are gehiago aldapaz gora, pagadi malkartsuetan barrena, ariela edo zerga gunea zeukan zeharbide ofiziala albo utzita, mendi gaina hartuz goiko lautada eta auzo probintziara heltzeko kontrabandisten pasabide aukeratuenetarikoa zenean.
Telefonorik ere ez zuen, ferrokarrilekoa besterik ez, geltokiko bulegoan, larrialdi batetan auzoko komunikazio baliabide azkarrena.
Ferrokarrila bai bazuen auzoak, bi probintzien arteko zilborreste eta komunikabidea, pertsona eta merkantzien garraiobiderako asmatu eta sortua.
Trenbidea egin zenean geltokia izateko aukera eman zieten mendiotako zenbait auzori. Iritzi zurrunbiloan murgildu ziren auzo bakarti isolatuok. Erabakia hartu behar zen.
- Erraztasuna ekarriko ziguk edonora ateratzeko.
- Hala duk, baina, ijitoak ekartzeko besterik ez dik balioko geltokiak.
- Isildu hadi, orduak egin behar dizkiagu-eta oinez herriko azokara, egun osoa feriarako.
- Lapurretara etorriko duk jendea; gure soro, baratz eta frutarbola zaintzen egon beharko gaituk.
- Hori gatzezko kartutxoarekin ipurdiak berotuz konpontzen duk, gizona.
- Nork jakin, basoko enborrak ere atera ahal izango dizkiagu, idiekin errepideraino ibili behar gabe.
Emakumeek ere bazuten zer esanik:
- Bazter honetan zokoratuta jarraitu behar al dinagu, batez ere emakumeok.
- Batez ere gu!; erosketak egiteko ere gu atera behar gaitun bentaraino.
- Trenarekin gure alabek izanen diten josten ikasteko erraztasunik, guk izan ez genuena.
- Baita neskame ordu libreetan etxera etortzeko aukerarik ere.
- Egunak luzatzean etxean edo soroan ondo etorriko zaigun beraien laguntasuna tren osteko orduetan.
Ijito eta lapurren beldurrak zein aldaketaren urduritasunak eragin zien batzuei, trenak zekartzan erosotasunak baita isolamendua saihesteko aukerak ere besteei. Nondik datorren baino nora joan nahi den jakitea omen jakinduria. Oniritzia eman zion geltokiari Martinen auzoak. Ezezkoa, albokoak: beranduegi izan zen damutu zirenerako.
Etxandi deitzen zioten Martinen baserriari. Etxe handia zen izan, karratu zabala: sukaldea eta korta gordetzen zituen behe-solairua, gelak bilduz lehen estaia, lastategia ohi denez ganbara, eta lau isurialdeko teilatuz babestua guztia. Harlandu gris argikoak hormak, fatxada eta larrain zabala ekialdera. Zurezko eskailera zabalak zeraman lehen solairura eta ganbarara. Balkoiak zituen fatxadan, hiru balkoi harrizkoak, burdinazko baranda landu beltz pintatuak babesgarri, sarrerako ate nagusiaren gainean bata, alboetara beste biak; bao-leihoak beste hiru aldeetan. Ez zuen armarririk, baina tokatzen zitzaion, oparotasun garaietako ikurra litzaiokeen. Etxandi, egoki zegokion izena.
Apaiz batek eraikia, geroago jauntxo batek erosi eta birmoldatua. Jauretxea arranditsua behar zuen sendi zabala eta azienda oparoa babesten zuen garai naroetan. Handiki baten jauregia, inguruko, gutxienez auzoko, jauntxoarena, familia eta ahal eraginkorraren euskarria. Esku handiko jauretxea. Ez ote mugalari eta zamarien atseden eta gordeleku, ostatu ere agian, kontrabando egunetan: pikotak izanen du zerikusirik isilpeko ibilbidearekin, jauntxoaren ahalarekin ere. Hala izan ote, ala irudimenaren kontuak!
Baina endekatutako, bertan behera etorritako, baserri xume umil bat besterik ez zen Martinen egunetan, iraganaren eta orainaren kontraste hitsa. Distantzia omen denbora: iraupen berdinari distantzia ezberdina emanez, urteen iraupenaz harago, bizi-baldintza ezberdinen distantzia adierazten zuen Etxandik, distantziarik zabal eta sakonena.
Basoa zen, gaur egun ere da, auzoko diru iturrietako bat, pago burumotzek eurek erakusten zuten ikazkintza izan zela, soro eta zelaien ustiaketaz gain, garai bateko auzoko langintza nagusienetarikoa. Baina jada aspaldi hasiak ziren pagadiak arraz soildu eta pinuak sartzen. Gizaki oro gara zerbaiten edo norbaiten preso, gabezien preso ia beti. Urre berdearen garai oparoak heldu ondoren, areagotuz joan zen mendi ondare tradizionalaren gainbehera, pagadiak pinudi bilakatuz. Pinudia izanen zen baserri askoren arnasbide ekonomiko nagusia, itomenetik aterako zituena, ezkontza hainbat ahalbidetzeko diru iturria. Ferrokarrilak, erraztuz, erabat aldatu zituen ustiaketa baldintzak ere, joanak ziren idiekin errepidera arteko enbor garraiatzeak, ferrokarrila bihurtu zen baliabide erosoena, merkeena ere, enborreria egurketarien eskura jartzeko.
Zuhaitzak bota, neurrian ebaki eta taxutu ondoren idiekin ekartzen ziren enborrok trenbide ertzeko kokagune egokienera, aurrez taxututako nasa itxurako karga-lekura, bertan enborrak pilatuz zur-altxorra eramateko prest utziz. Baimenarenak ez zuen ferrokarrileko bulegoetara bisita bat besterik behar: eguna zehaztu, paperak bete, ordaindu, … burokrazia lana. Tren-karga ordua beti zen bera.
Igandeko meza ostean elizpean:
- Etxeberrik pinudia atera behar omen dik.
- Hasita zeudek botatzen.
- Agerre eta Mañarti behintzat hartu dizkik baso-lanerako.
- Sasoiko mutilak biak.
- Hala behar ere.
- Baditek egun batzuetako soldata.
- Irabazi gehigarria.
- Hori gehiago.
- Pinusartzen ere egonen duk lana ondoren.
- Ia nortzuk hartzen dituzten.
- Tren-karga izango diagu, orduan, laster.
- Joko ditek kanpaia.
- Beharko!
Tren-karga deitzen zitzaion. Pilatutako enborrak merkantzia-trenean jartzea, alegia. Auzolanean egiten zen: baserri bakoitzetik batek joan beharra zuen, doan edo mokadu baten truk ,-gaur nik zuri bihar zuk niri-, nolanahi isun ekonomikoa mehatxupean beti. Nahiko kexa eta esamesa egon ohi zen auzolan inguruan, gazte jende asko tailerrean baitzebilen jada, eta etxeko gizon nagusiak, sarri zaharrak, joan ohi ziren auzolanera; baserritar gazteak ziren batez ere kexu, beraiei tokatzen zitzaielako, sasoikoenak izaki, tren-kargako lan astunenak. Arratsaldez izaten zen, bidaiari-tren biren arteko tarte luzeenean. Hiruzpalau orduko tartea edo. Merkantzia-trena bere enbor zamaz alde egiten zuenean, ogia, gazta eta ardoa jarriko zuen baso-jabeak. Mingaina aske eta bizipoza hegan, tertulia luze eta bizia ohi zen mokadu garai hori, gaztak ardoa eskatzen baitu eta ardo-ontziak barrenik ez zuen.
“Esperoa gizakiaren esentzia da, gabezien ondorioa, espero amaigabea da bizitza bera. Esperoak ez du mugarik, ametsek bezala, baina bizitzak neurri mugatura ekarri ohi du gizakia”, bota zuen apaizak pulpitutik igandeko sermoian, eliztarretatik, esperoaz baino egunerokoaz arduratsuago, inor gutxik jasotzen bazuen ere mezua. Ezta Martinek ere, bizitzari aurpegi baikorra jartzen zion baserritar bulartsua, ez baitzen Etxandi baserriaren jabe, alokairuan zerabilen, pozik gainera, errentari erantzun ahal ziolako. Jite handi-mandiko baserri xumea zen berea, arranditsua bistarako, zekena egunerokoan.
“Segurantza arazoa ez dago gauza gehiago edo gutxiago edukitzean, gauza eta aparatu horiekin loturan baizik, ditugun gauza gutxien esklabo izan gaitezke, edo zer askorekin zeri heldurik gabe babesgabeago, zer askoren jabe askeago ordez esklaboago”, jarraitu zuen apaizak pulpitutik bere sermoia. Ez zuen aipatu ere ohitzen garela pobre, zapaldu, menpeko izaten; agian etsiarazi egin gaituztela, halabeharraren filosofia ezarriz, menpeko jarraitzeko. Baina ez zirudien halabeharraren eta esklabotasunaren birusak kutsatu zuenik Martin, berbatsu eta umoretsu beti, aurpegi alaiz begiratzen baitzion egunerokoari zein etorkizunari, loturetatik aske bezala.
Jotzen ez den musika tresna hila dagoen bezala, Martinek ere ekinean behar zuen uneoro bere burua bizirik sentitzeko. Baserriko gorabehera eta zereginetan, inguruko feriaren batetan, lagunarteko solasean, … Gizartean distantziak metroz soilik neurtzen ez diren bezala, nahiz fisikoki inguruan, auskalo non bizi zen gure Martin. Bere mundu propioa zuen, nebulosari lotuta arren berenaz bizi ahal den izar bat bailitz; baina planeta bat zen bera ere, izarren baten inguruan gehienetan edo beti, nahiz izar sentipenarekin. Ez dagoen bezala, gau ilunenean ere, itzalik gabeko gizakirik, sona handiko gizona zen auzoan gure Martin. Kontaezinak ziren bere ateraldi, xelebrekeria eta istorioak. Nortasun berebizikoa, berezikoa behintzat, mila eta bi istorio eta zertzelada konta ohi ziren auso esamesetan. Oihartzun luzea uzten zuen gizona.
- Ze, Martin, Amabirjina agertu omen zaik.
- Hobe hori hire mozkorraldiko mamuak baino.
Zein korapilatsuak garen gizakiok, gaixo kronikoak dirudigu sarri; gauzatu gabeko uste eta ezinen korapilo mordoiloa edo mingarri bilakatutako ametsen kutxa bihurtu gintezke; adarjole zital zein ezten mingarri ere. Isilmandatuz aitortuko zion norbaiti, baina erran-merran bihurtu arte zabalduz joan zen Amabirjinarena.
Amabirjina agertu omen zitzaiola zioten esamesek. “Bakarra da benetako jainkoa, Jainkoa. Maiuskulaz!” zioen apaizak pulpitutik, baina eliztar bakoitzak bere jainko propioak zituen, auzoak ere bereak, denok eta bakoitzak ditugulako gure jainko propioak, letra larrikoak edo eguneroko jainkotxoak, bakoitzak bereak, taldeek ere taldearenak, ustezko benetakoak edo jainkotxo paganoak, zeintzuei denok egiten diegun otoitz eta gurtza era ezberdinez mozorrotuta, sortzen ditugun jainko pertsonal edo sozialok bere ezinetan gizakiak behar dituen euskarriak besterik ez baitira, fededun izan behar duelako gizakiak, gizarteak ere, horregatik betikoa eta denekoa da fedetasuna, sinetsi beharra, premia eta baldintzen arabera fede edo fede-gaiak aldatu egiten badira ere.
Fededun zen, beraz, Martin, behar zuen izan, bizitzari eusteko, Jainkoaz harago, jainkotxoak zituen berak ere. Gizakiaren desbabes sentipena, beti helduleku bila, zigor edo gaitzen baten beldur. Gauean dena doakoa omen, azkengabea, anonimoa eta isila; misterio bat da gaua. Amesgaizto baten ondorio ote Martinen agerpen zerutiarra, segurtasun heldulekua bizitzako katramilen zurrunbiloan. Zorionak baino, zigorrik ezak kilikatzen du gizakia: antzekoak iduri, baina ezberdinak dira bi sentipen horiek. Zigorrik eza amestu zuen Martinek, ez zerua. Zorion promesa baino, geroaren segurantza, lasaitasuna, zen Martinek amestu zuen mezua.
Balkoira ateratzen zen Martin maskuria hustera, gauez pixagurez esnatzean zein goizez jaiki ondoren egunari aurre egin aitzinean. Eguneroko xehetasun eta premiez gauzatutako zertxoa arren, harro irautea dela deritzo bizitzari gizakiak; egunerokoa, aldiz, oso umila zaio ia beti. Huskeriei heldu behar dio bere egoa nolabait zuritzeko, iraungarriren bat izateko. Leku berean hustuko zuen puxika Martinek, balkoiaren eskuineko kantoi edo angeluan beti. Ertzeko burdin barraren azpialdera zuzentzen zuen parrastada, leku berera, temati. Betidaniko ohitura edo jokaera. Agian burdin zati harekiko dema besterik ez zen. Zeren urteen poderioz angeluko azken barra bertikalaren barrena mehetuz joan baitzen isuri erregarriaren ondoriozko herdoilaren eraginez, erabat eten zen arte: bazirudien berariaz, apropos, egindako mehetze-etete lana zela. Irabazle sentimenduz hasiko zuen, beraz, Martinek eguna.
Komunitate komunikaziorako tresna baliotsuenak izan dira kanpai-deiak. Soinu polibalentekoak direlako kanpaiak, bakoitzak du bere hotsa esanahi ezberdinarekin.
Maduña deitua, urtaroaren arabera goizago edo beranduago, egun berriari ongietorria emanez bezala jotzen zena; eguerdikoa edo angelusa, Amabirjinari otoitz egiteko unea, soroan bertan, txapela kenduta, lana utzita askok agurmaria, otoitz ordua; etxerako kanpaia: ilunabarrekoa, auzoko umeak eta gaztetxoak etxera erretiratzeko ordua zehazten zuena; meza kanpaia, kanpai bakarrarekin astegunekoa, igandeko meza nagusikoa bi edo hirurekin, kanpai guztiak iraulka jarriz jai handietako mezarakoa; elizakoak eta oliatze kanpaiak, elizakoak eta oliatze zereginetara apaiza ateratzen zeneko kanpai hotsa; agonia kanpaia, norbait hilzorian zela adieraziz; hil-kanpaiak, heriotza bat iragarriz edo eliza-hiletatarakoa, bere bariazioarekin: din-don bada, gizonezkoa da hildakoa, don-din bada, aldiz, emakumezkoa, tonu ezberdineko bi kanpaiez jotzen baita errepika; aingeru kanpaiak, kanpai txikiaren txilin bizi eta arinaren hotsa, umea zeruan dela poza adieraziz, nahiz gurasoak negarrez; su-kanpaia, izenak dion bezala suteren bat zegoenekoa. Eta hainbat. Herri bakoitzak zuen, oraindik du askok, bere kanpai-hots zerrenda propioa, kodigo zehatzarekin.
Auzolan kanpai sona joz deitzen zuen auzo-alkateak tren-kargara Martinen egunetan, errepika eta tarte ezagun eta berezi batez. Hiru kanpai zituen dorreak, goitik bertatik mihiari helduta jotzen zirenak bi, mugiezinak; soka elizpera zuena hirugarrena, arina, ardatzaren jiran iraulkatzen zena: auzolan eta larrialdietarako, elizkizun apaletarako deia, edo elizkizun hasi aurreko azken kanpai-hotsa; erabilpen anitzekoa, beraz, bakoitzerako ñabardura edo kodigo propioarekin.
Denboraz juxtu ibili ohi ziren gehienetan tren-kargan, hurrengo bidaiari-trenerako aske utzi behar baitzen trenbidea. Tren-karga batetan, Martinek bagoi gainean jarraitzen zuen enborren bat lotu edo taxuz egokitzen lagunek kargatze-lana bukatutzat eman ondoren.
- Martin, jaitsi hadi!
- Martxan jartzera zihoak merkantzia.
Baina Martinek berean zirauen. Pilota jokoa bailitzan, lege fisikoek eragindako errebote edo itzuliko soinuez harago, kanpoko ahotsen haraindi, beste ahots baten errepikapen iraunkor baten oihartzuna zebilen Martinen garunetan.
- Martin!!!
- Tematia eta burugogorra, beti bezala.
Jarri zen trena martxan, abiada biziago hartzen zihoan enborrez simetrikoki pilatutako zamaz dorre garaia bilakatuta. Lagunen “egin ezak salto” deiadarrak gero eta larriagoak ziren, garrasi bihurtzeraino. Baina Martin burugogorrak temati zerraien enbor pilo gainean, orekari ozta-ozta eutsiz. Barne ahotsaren oihartzunari atxikita, lagunen deiadarrei gor.
- Geltokian jaitsi beharko dik.
- Beharko!
Trena jada abia nahiko handian, trenbide ertzak erabat malkartsu, hara non egiten duen jauzia Martinek, berenez garaia enbor kargaz garaiagoa den bagoitik. Legeak hausteko omen, baina ez beti; zuhurtziak bere arauak ditu, eta Martinek hautsi egin zituen. Fisikak ere bereak dituenez, grabitatea, abiadura, altura, pisua eta harrizku zuloaren osagaien konbinaketak ondorio larria ekarri zion Martini: maspildu eta zirtzilduta geratu zitzaion gorputza trenbide ertzeko erretenean. Bakoitza da bere patua, bakoitzak gauzatzen du, erabaki kontzienteekin inkontzienteki sarri. Agian kontzienteki egin zion aurre patuari Martinek. Heriotzari diogun beldurra gainditzea izan daiteke norbere buruaz beste egitea, baina ez zen hori Martin bagoitik jauzira eraman zuen barne bultzada.
Sastraka eta harri artean bidea eginez, ahalik azkarren hurbildu zitzaizkion lagunak. Nabaria zen egoeraren larritasuna.
- Konorterik ez dik.
- Baina bizirik zagok.
- Hoa korrika geltokira eta esaiok geltoki-buruari deitu diezaiola herrikoari, honek osagileari, eta istripuaren berri eman; datorrela ahalik bizkorren auzora.
Joanaldi luzea basotik Etxandira, handik bi kilometrora errepidea, oinez egin beharreko bidea. Osagilea ezinen zen istripu lekuraino garaiz heldu, denbora luzea beharko zuen Etxandiraino ere. Ez da erraza lepoa egin ez diezaguten bizarra egiten ikastea. Zirt edo zart egin beharra zegoen.
- Eraman dezagun etxera lehenbailehen, hemen medikuaren zain egon gabe.
- Gero ere eraman beharko genikek!.
Beraz, haga egur sokaz anda bat egin eta eraman zuten Martin etxeraino.
Emaztea atera zitzaien atarira oin-hotsak eta giza mugimendua sumatzean. Andretxo polita zen, gorputz txiki iluneko ezereztxo bat, baina baserriko lanetan zaildua, etxe handi haren ardura bere bizkarrean zeramana. Zimeltzen hasia, makurtua, lurrera begira, burua nekez altxatuz bere begi lausotuek halabeharrez aurrera begiratu behar zutenean, urteek baino lanak, sufrimenduak eta bizi-baldintzak makurrarazia, umila, bizitzak gogor kolpatua, patuari amore emana bezala, ez ezeri ez inori kexarik bere ezpainetan, beldurrak erasota bezala. Soineko luze beltzez astegunez, igandetan txatal koloretsu oihalezkoa, gaztetxotatiko bere jai-jantzia alegia, Euskal Herriko janzkera tradizionala, zeukan jai-jantzi dotoreena alajaina, poxpolin jantziko zen mezatarako igandeetan, moda edo ohitura berriei muzin eginez. Bitxia bazen Martin, berez edo halabeharrez, berezia zen, deigarria behintzat, emaztea ere.
Definiezina da maitasuna. Horregatik du bakoitzak maitasunaren definizio propioa, bere bizipen berea. Horregatik da ezberdina maitasun bakoitza, sumaezina maitaleen jokabidea ere. Maitasuna beti da trukaketa bat, baita trukean ezer jasotzen ez denean ere: balizko ordain baten esperantza da orduan trukearen osagaia. Lotura ere bada gehienetan maitasuna, lotura uzten du lausotu edo oihartzun bihurtzen denean ere. Halaber maitasuna deitzen diogun alanbre ikusezin gaineko funanbulistak dira maitaleak, oreka zailean gehienetan, edozein deskuidurekin erortzeko arriskuan, azpiko babesik gabe beti. Kontraesanak kontraesan, zailtasunak zailtasun, maitasunez, ohituraz edo halabeharrez, Maria zen Etxandiko etxekoandrea, etxeko ardatz eta zutabe, aldi berean Martinen esaneko, Martini leial.
Urduri jarri zuen atarian sumatu zuen ezohiko oin-hots hark. Ateburupean zen deitu zioten orduko. Jabetu zen senarra zela andan zekartena. Makaltasunak eta berezko manerak findutako ahots isilez:
- Baina, zer gertatu zaio?
- Bagoi gainetik erori da.
- Larria da?.
- Medikuak esanen du, deitu diogu.
- Jaso ezazue gora.
Senar-emazteen gelara zuzendu zituen andariak eskailera zabaletik gora lehen solairura. Auzoan larraina deitzen zitzaion atari zabalera jotzen zuen gelak. Bere betiko ohean etzan zuten. Osagilearen zain egon beste zereginik ez zegoenez, batzuk bere baserrietara itzuli ziren, bakar batzuk emazteari eta alabei konpainia egiten geratzea erabaki zuten. Osagileak zer esango.
Sukaldean bildu ziren geratu zirenak, osagilea noiz helduko, beheko-suaren karel inguruan. Koadratu zabala zen sukaldea, erdi erdian behesu zabal handi karratua, tokatzen zitzaion su-buru edo su-kanpai karratu handiarekin; su-buelta osoak osatzen zuen sukaldea, alde batetan mahaia eta arasa, oholezko eserleku luzea zeinen azpia garai batean gizentzeko kapoi kaiola zen; beste aldean oholez banatutako korta, nondik eten gabe zetozen behi marrumak, hausnar-oihartzunak eta asken kontrako adar-kolpe hotsak. Garai batetan sekulako sukalde lanak egin behar ziren behe-su hartan, familia zabalarentzat, zamaltzainentzat mokadua prestatzeko, haziendarentzako pentsua egosteko. Negu-gau luzeetan familia zabala bertan berotuko zen, artaburu aletzen, baserrian behin ere falta ez den edozein lanetan, istorio zaharrak eta ausoko gorabeherak kontagai. Karel ertza zen negu hotzeko berogune eta elkarlekua.
- Hartuko duzue mokadu bat.
Gogoz ekin zioten gazta, ogia eta tragoari, are gogotsuago lan ostean ezbeharrak tren-karkago mokadua zapuztu ondoren.
Ilunsentiz heldu zen osagilea, artatu zuen elbarritua. Larri zegoela, arriskutsua zela gurdiz ospitalerako errepideraino ateratzea, nahiz gurdia azpi bigungarri malguz erosotu.
Eman zizkion mina kentzeko eta behar zituen bestelako botikak, hobe zela itxoin egoerak zer norakoa hartzen zuen ikusi arte.
- Bihar goizean goiz etorriko naiz. Besterik bada, deitu.
Onik atera zen Martin deskalabru hartatik. Ez zen inora eraman beharrik egon. Aste luzeak egin behar izan zituen ohean. Sendaldi luze hartan Martinek ez zuen filosofatuko bakoitza ote den edo ez norberaren patua, norberarengan ote dagoen bakoitzaren etorkizuna, tarteka gertakizunen zurrunbiloak irensten gaituenean ere; irribarrea ezpainetan, pentsatzen zuen berak bazekiela bagoitik hegaldi bortitz haren bukaeran ez zeukala Herio zain. Existitzen den oro da, baita gizakia ere, noski, kontradikzioz oratutako izakia,. Zentzugabekeriaz jokatu zuen Martinek, baina aldi berean logikaz. Bere logika itxuraz absurdoz.
Balkoira lehen aldiz ateratzeko gai sentitu zen goiz hartan aurkitu zen osatuta Martin. Denbora joana ez da itzultzen, baina beti dugu denbora berri bat aurrean, nahi duguna amesteko. Eta Martinek aurrera begiratzen zuen baikor. Barretxo maltzurrez egin zion tradiziozko pixa-parrastada balkoiko burdina-babesari, bigarren burdina-barra bat ere etengo zuela esperantzan. Heldu ezin garen puntu hori da infinitua, metroek ez dute balio; Martinek ez zuen infinituan bere jomuga, burdina-barra haren barrenean baizik. Deman zen berriro balkoiko burdinarekin. Huskeriak dira sarri bizitzako helduleku eraginkorrenak.
Igandeko meza nagusira agertzea izan zen auzotarrentzat erabateko Martinen senda-agiria. Elizpean bildu zitzaizkion tren-karga kideak.
- Nola egin huen baina salto?.
- Gaur ez nikek eginen.
- Eskarmentua!
- Ez.
- Orduan?.
- Konfesatu naizelako.
- Ze ikusi dik horrek.
- Banekiela ez nintzela hilko.
- Zer diok!.
- Egun hartan bekatu mortalean nengoan.
- Ta.
- Infernura joango ninduan.
-Tira.
- Amabirjinak esanda zekiat ez naizela kondenatuko!!!
Sinesmenaren garroak pago sustraiak bezain luzeak dira, artearenak bezain sakonak, amaraun hariak bailira atrapatzen zaituenak. Ze bekatu ote zen Martinen hura: igande-mezaren bat galdua, emakumeren bati zirriren bat, errotariari ziria sartu izana, salmenta iruzurtiren bat, … auskalo!. Agintaritza erlijioso, politiko eta ekonomikoaren tresna eraginkorrena izan da beti beldurra, mehatxuan eta beldurrean hezitako izakia da gizakia. Eta bekatua zer da beldurraren aurpegi ezberdin bat baino. Giza logikaren haria eten zion sinesmenak Martini, logika ezberdin baten zurrunbiloan irentsi.
Telefonoa du gaur egun auzoak, finkoa, baita bakoitzak bere mugikorra ere, nola ez.
Errepidea ere gauzatu zen goieneko baserriraino; baso-pista amaraunak saretzen du baso-malda oro.
Baina trenbiderik ez du jada, lehen eraiki zuten goi mailako interes ezberdinek desagerrarazi zuten gero.
Hil zen Martin. Luze iraun zuen emazteak alaba, suhi eta ilobekin. Egun batez erre egin zen Etxandi baserria. Sukaldetik sortu zen sua, nonbait, kebideko kedarrak hartu zuen su, etxe osoaren erretzea bilakatuko zen suteararen pospolo bihurtuz. Sutan etxe osoa, gar bizi erregai eta sukoi oro, laba gori lehenengo, txingar azkenik lau ormen barnealdea. Zutik eutsi zioten lau ormok. Han zirauen atariko horman logelako balkoiak, non areago nabarmentze zen Martinen pixegite pazientearen ondoriozko burdina-barra mehetu etena. Etenduradun burdina-barra bertikal bakarra. Bakarra. Bizitzak ez zion bigarrena eteteko denborarik eman gure Martini.
Bego nonbaiten Martin. Amabirjinak iragarri bezala, infernuan ez behintzat.