Kontakizunak
Austria: dotorezia erakargarri
EGIN: Igandegin: 1997/08/24
Viena eta Salzburgo mitoek erakarri gaituzte Austriara, baina Austria beste zerbait ere badela aurkitu dugu: herritxo txukunak, gurean txaletak liratekeen baserriak, bainu-herriak, elizetako barroko zoragarriak, santutegiak, maiatza zuhaitzak, elurra, elizetako sekulako erretaulak, lakuak, herrietako plazak, lautada berdeak, lurralde eta biztanleen txukuntasuna, Danubio ibai lohiaren ederra, … Baita ere, Austriako herri eta hiriak Europa osoko berrikuntza lanen mozkorraldian murgilduta daudela.
Zoritxarrez biztanleria da turistari urrutien gelditzen zaion kontakizun gaia, herritarrei buruzkoa da jaso ahal duen iritzi azalekoena, hizkuntzagatik ez ezik, interesatua delako turista eta herritarren arteko harremana. Herrikide behar du izan herritarrez sakon hitz egin ahal izateko. Biztanleria ikusi ahal duzu, nolabaiteko harremana izan ere bai berarekin, baina ezin duzu inolaz ere beraiez diozuna iritzi sendotzaz bota. Arkanoa da pasokoarentzat herri baten arima.
Bestalde, ezberdinak badira ere tokiak zein egoerak, asko errepikatzen dira bidaietan esperientzia, bizipen, sentipen zein burutapenak: idazterakoan saihesten ahalegindu beharrezko arriskua, beraz.
Hiru aste luzez izan ginen bidaiari Austriako herri eta herritxoetan. Ez herrialde guztietakoetan. Hegoaldeko beste aukera batetarako utzi genituen Carintia eta Estiria lurraldeak. Kazkezurreko garunetan geratutako egun haietako oroitzapenak eta begi-oste horretan iraun duten irudiak jarri nahi nituzke orriotan norbaitek nirekin konpartitu nahiko dituelakoan.
Tirol lurraldea
Erakargarriak bilakatzen dira herritxo, tontor elurtu, etxeteria margotu, abere agerikorik gabeko nekazaritza eta garai batetan bakartiak behar zuten Tiroleko bailara ezkutuen xarma. Menditsua izanik, badira herriek eta etxe zuriek berdegunea argitzen duten bailara zabalak ere. Zuraje iluneko etxe baxutxoak eta teilaje argiko eliza-orratz luzeak dira agian lehenengoz bidaiari berriari nabarmentzen zaizkion berezitasunak, mendiarteko lautadetan nahiz mendi garaien magalean. Garai eta lerden daude, han-hemenka sarriak, eski jauzietarako neurri guztietarako tranpolinak neguko turisten zain. Kanpotarrei begira bizi dela dirudi Austriak: bakoitzak berak duena saltzen du, Tirol lurraldeak elurra eta inguruaren ederra saltzen die batez ere turistei.
Biziak datoz errekastoak, harrietan lehertuz aparrez zuri, askotan indar larregi daramate gardenak agertzeko. Pikeak dira errepideak. Bata bestearen ondoren datoz Anboto, Gorbeia eta Akorri Tirolen, beti duzu Anbotoren bat aurrean, behatoki zoragarriak eskainiz errepidean gorantz egiten duzun heinean. Euskal Herrian baino atzeratuago dator gari uzta herrialde hauetan. Errepide bertaraino heltzen dira soroak, lurra oso-osorik aprobetxatu nahiko balu bezala. Ez da aziendarik ageri, txalet batenak dirudite nekazal etxe inguruak, ondo ezkutatuta dituzte nonbait simaurrak ere. Landua dago lur dena, belardi zabalak daude, nekazal herriak dira bailaretako herri gehienak, beraz egon badago nekazaritza, baina nekazaritzaren ezohizko itxura jarri dute salgai kanpotarrentzat. Agian nekazal kultura bera ere ezberdin gauzatu dute urteen poderioz. Auskalo!.
Insbruch: herrialdeko hiriburua. Zabal, oparo, kantari doakio Inn ibaia. Etorri, begiak zabaldu, begiratu eta gozatu, benetan merezi du eta. Kerentzia sortzen du hiri honek. Eguneko nekeak uxatzeko terapia lasaigarria da kaleetako arratsalde beranduko ibilia.
Zutabe txaparro sendoko arkupeak osatzen dute alde zaharra, zintzilikario polit bezain bitxiak iragartzen dute denda bakoitzaren zertarakoa. Urrezko teilatupeko balkonada ospetsua da bereziki turistei saltzen digutena, baina, bestela ere, bada zer ikusi ugari: Katedrala barroko izugarria, Wilten kolegiata, Unibertsitateko S.Joan eliza, museo ugariak eta hainbat bitxikeria patxadaz begiratzen dakienarentzat.
Hall in Tirol, St. Joan in Tirol, St. Wolfang, Bad Ischl: Heidi aitaitarekin menditik jaisten zen herritxoak, turistentzat zaindu eta apainduta, behaleiho, ate, hormetako pintura, dendetako zintzilikario, erakusleiho, helduleku, ateburu, kale-kantoi, eraiki eder, ... mila zertzelada goxo eskainiz begiei; Wattens: fatxadetako pinturek edertua; Schawaz: sarreratik bertatik halako sentipen berezia sortarazten dizu, zerbait ezohikoa bailu; Rattenberg, turisterri petoaren baliabide eta ezaugarri guztiekin; Igls uderria, … eta beste hainbat herri hainbat ibilaldi eder baterako aproposak.
Matrei, Stubai, Volderau, Otzal: bailara berde ikusgarriak; onerako edo ez, naturaltasuna galdu dute bailarok, gizarteratu egin dira, zibilizatu lioke norbaitek, aldatu egin du paisaia turismoak edo turismoaren negozioak.
Fulpmes: Madison zubia, Neustift: hotel tiroldar sendoak, Mutterberg: muntaia itzela, Wilten: kolejiata rokokoa, Seefeld: uderria udan, neguerria neguan, lasaia bezain koketoa goi bailara batetan kokatua; Kohtai elurraren inguruan sortutako muntaia; Imnsen: aspaldikoak dira Iturengoen antzerako zanpantzarrak; Natters, Mutters, Neuftift, Oetz, Gmunde, Kitzubel, Hallein, … bakoitza bere berezitasunekin baina denak erakargarriak.
Salzburg lurraldea
Badu zer erakutsi kanpotarrari. Menditsua izanik, lautada da nagusi Eki aldera. Tirolekoen antza dute, oro har, bai etxeek bai lurraldeak berak, baita lurraldearen erabilpenak ere. Etxebizitzak ez dira hangoak bezain landuak, baina badute berezitasunik: zorrotz bukatu ordez triangeluan zabaltzen da beherantz etxaurreko teilatu gailurra, balkonada eta etxaurrearen aterpe bilakatuz. Ikusi ahal dira oraindik oholezko teilatuak.
Hustubiderik ez nonbait, mendiartean biltzen da ura laku zoragarriak sortuz, uderriak diruditen herritxo eta berdegunez inguratuta: Lakuen Lurraldea deitzen diote.
Salzburg hiria: Mozarten jaioterria, musikaz blai dagoen hiria, Mozart dute eta Mozart eta musika saltzen dute batez ere, musika saltzetik bizi da. Baina hiriak berak badu zer erakutsi eta eskaini. Erakusleihoak begiratuzko ibilian gozatzeko hiria, Aizkorri eta Anboto erraldoiez inguratutako hiri kosmopolita. Turista hiria, arraza eta taxu guztiko bisitariak gurutzatuko dituzuna edonon; halaz ere, jende asko ibili arren elkarri estropezurik egin gabe ibiltzekoa, zerbait hartuz edonon esertzeko hiria. Hiri garestia. Plaza eder eta zabalak, patio, pasabide, eraikuntza eder franko; eraikuntza erraldoirik ere ez zaio falta. Kapritxozko erosgaiak dendetan, bitxikeria dotore eta lan ederrak gustatzen zaizkionaren begien gozamena. Pintura gustatzen zaionaren begiek ere galeria ugari aurkituko du. Katedralak, argi askoko barroko diganteak, organo bat du gurutzadura bakoitzean eta bosgarren bat koruan. Ezberdina da Frantziskotarren eliza, nongo gurutzaduran gotikoa eta barrokoa elkartzen diren konbinaketa gutxienez deigarrian. Bada halako hilerri bitxia ere ikustalditxoa merezi duena, ibili nahi duenak berriz Salzach ibaiaren ertzak ditu edo mendixka gaineko paseo-tokia.
St. Gilgen: mendi elurtuz inguratutako ur garbiko Wolfgan See laku ertzeko herritxo, lasaia, zaindua, idilikoa; balkonada luze eta sendoko etxe ederrak ditu, baina batez ere Mozart plaza, zein baino zein biziago, zein baino zein potxoloago, lehian bezala pintatutako balkonadekin. Egonean edo ibilian, orduak emango dituzun uderri petoa. Teleferikoak eraman zaitzake ere alboko gailurretara.
St. Wolfgan: laku ertzeko ibilbide, etxe ederreko kalexka bihurri eta plazatxo xumez osaturiko uderri xarmanta. Dendez gainezka, lourdes bat. Ikustekoa du eliza; ez da polita, ezta ederra ere, baina egituraz, barruko giroz zein artelanez, ezohizkoa.
Bad Ischl: bainu-herria; oraindik gogoratuak dira fama eman zioten Hausburgotarrak.
Gmunde: UNESCOk babestua, aldapan; ez gaitu liluratu: lakuak eta zeramikak damaiote fama.
Lofer: herri maitagarria tontor elurtuen oinetan.
Hallein: nortasuna du: bertakoa da Stille Nachac gabon kanta famatuaren egilea.
Beste hainbat herri, bailara, mendi, ibai eta bazter xarmant.
Austria Garaia
Donau deitzen dioten Danubio ibai inguruko lurraldea. Aldatu zaigu lurraldea geografikoki, mendiak urrutiratuz doaz eta lautadak zabalduz. Laua da lurraldea, altzo zabaleko olatuzko itsaso berdea, uhin berdeko lurraldea. Berdegune zabalean dingilin-dangala mailu-burua gora-behera nagian kulunkaz dabileneko petrolio putzua ikustea da ezustea. Burutu gabeko garia, koltza behar duen uzta guretzat ezezaguna, arto erne berria; izeia agertzen da lautadan esplotazio bezala, gureetan pinoa lez.
Aldatu zaigu giza-paisaia ere: arruntagoak dira etxeak, xumeagoak, formaz ere ezberdinak: ez dute Tiroleko nortasunik. Baxuak dira nekazal etxeak; elkarren parean eta paralelo etxebizitza eta korta dirudiena, horma batez elkartuak alde bietan, erdian patio itxia geratzen zaielarik: sekulakoak dira batzuk, xumeak besteak, hemen ere diruak erabakitzen du etxebizitzaren nolakoa. Landetxeoz gain bestelako etxebizitzak nahiko ohizkoak dira , bakarrak, bakanak.
Erruz dabil autoa jai egunez ere errepideetan Austrian: herritar xumeak asteguneko etxezuloa utzi eta lakuren baten bila ateratzen da irrikaz: langile eta pobrearen patua, atseden hartu beharra hurrengo astean ere inorentzat lan egiteko. Nekez dabiltza motorzaleak bakarrik errepidean asteburuetan, nekez mantso ere. Presati dabiltza igandetan Austriako auto gidariak ere, estresa abiaduraren joanean baretu nahian edo. Piztuta daramatzate argiak auto gehienek: segurtasuna errepidean.
Ez da ikusten tabako erretzailerik gune publikoetan: segurtasuna osasunean.
Hondakin bilketa zehatza, bilgailu ezberdin askoz berezituta: ekonomia.
Linz. Hiriburua. Espazio zabaleko hiria, garbi plantakoa, atsegina. Saltoki erraldoia bilakatu da oinezkoentzako kale luzea, baita administrazio eta lanbide liberalen gune ere. Behaleiho ederrak baditu ere, oso xumea da alde zaharra, eraiki ikusgarririk gabe ederra da bere xalotasunean. Turistontzi eta garraiontzien ibilbide, Danubio ibaia doakio ber-bertatik, zabal eta gizen, abiadura bizian, bere mardultasunean mantso itxura badu ere: zikina doa baina, ez du abestiko urdin ertikoarekin inolako zerikusirik. Kolore biziko tranbiek ematen diote ukitu erromantikoa bere soinu atsegin ezagunarekin. Turista asko dabil beste hiru hiri nagusi klasikoetan bezala, taldeka edo bakarka, jantziekiko aniztasun eta axolik eza guztiekin. Elizak dira eraiki bisitagarrienak, beirate, mosaiko, aulkiteriez oparo.
Ez da kartelik ez pintadarik agertzen hirian.
Ohituraz edo beroaren eraginez garagardoa edaten du erruz jendeak kaleko terraza zabaletan, mahaietan eserita, mostradoreetan berriz ardo zuria erruz dabil bazkal aurretik. Bada jenero merke eta prezio baxuko jantzirik ere salgai plaza nagusia betetzen duen merkadilo erraldoian ez ezik dendetan ere, ekonomia eskaseko herria ere badagoela adieraziz.
Linzek badu inguruetan ere zer ikusirik:
St. Florian monastegia. Urrutitik ikusten den eraiki digantea, bertatik begiratuz oraindik erraldoiagoa: dena da handia, patioak, sarrerako gizairudiak, patio erdiko iturria, norbera nanotxo aurkitzen den balkonadetara igotzeko mailadia, korridoreak bero gordetzeko behesu ugariak, ibilaldi bakarrean fraideek hamar brebiario errezatzeko denbora emango zien korridore amaigabeak, sarrailak ere handiak. Nano sentitu bagara monasterioan, nanoago oraindik elizan, tamainagatik harago bertako edertasunagatik, izugarri ederra baita, barroko aparta, sartu ondorengo lehen begiradan harritzen zaituen horietakoa, Austriako barroko gehienek duten osagai denekin: balkonada, palko eta plateaz inguratuta alboak: opera aretoa dirudi eliza baino gehiago, apainduregatik ez ezik egituragatik ere. Gorenera heltzen da txundidura ospakizun oparo batetan suertatzen bazaizu bisita guri bezala: orkestra jotzen, korua abesten eta obispoa parafernalia osoz meza ematen.
Stery. Erdi Aroko hiria, plaza du ardatz, zabala, baina batez ere luzea, era guztietako etxeez, baina batez ere rococo estilokoez osatua; hemen ere banketxeak egin dira etxe ederrenen jabe. Badu gaztelu arroza, badu patio bitxirik, badu bertan eskurik busti ezin daiteken iturri erraldoia ere. Gure harridurarako “kai” du izena ibai ertzeko ibiltokiak: nasa esan nahi du “kai” hitzak. Bi ibai zabal elkartzen dira ozen eta nabarmen hirian bertan: urdinxka garbia dator bata, morokildua bestea; marra batez nabarmentzen da elkar joz biltzen diren gunea: zikin doa ondoren ibaia.
Kremensmunster. Florian baino handiagoa oraindik, bost patio handiekin, baina ez da hain ederra ez dago hain zaindua ere. Eliza, barroko petoa hau ere, tapiz ederren erakustoki bilakatu da; presbiterio aurrean Benito eta Eskolastika santa-santuen estatuek Erromako basilikakoekin lehian egindakoak dirudite bere erraldoitasunean. Bekatuak dira izugarriak Austrian edo aitorleak giza-puskak: aitorlekuak behintzat ikaragarri handiak dira, oso landuak gainera askotan, bekatuak ere dotoreagoak ote bertan.
Mauthausen. Austrian ez da Alemanian bezala Gerra garaiko oroitarri, hondakin edo ageriko oroimen nabarmenik, baina gorde dute Mauthausen kontzentrazio eremua, astakeria izugarrien testigantzarako oroigarria. Giza basakerien lekuko. Sufrimendu kontaezinen oroigailu. Armagintza onesten duten bakezale oro salatzeko izan behar litzaken gerraren kontrako monumentua. Pelikuletan eta han hemenka ikusi ditugun kontzentrazio-eremu guztien antzerakoa, osagai berdinekin. Duela 50 urte hau eraiki zuten naziek egiaren jabe zuten bere burua, gerra galduko ez zutelakoan zeuden. Historia errepikatu egiten da nonbait, ez dugu ezer ikasi: etorriko da askatasun borrokagatik espetxeratuta daudenen gaurko kartzelak bisitatuko diren eguna, guk gaur sufrikarioaren tenplu hau harridura, amorru eta higuin berberarekin bisitatzen dugun bezala. Itogarria bilakatzen da museoa, judutarren palestinarrekiko jokabide berdina ulertu ezinik.
Txukunak dira herri eta herritxoak, noizbehinka geldiunetxoa merezi dutenak:
Enns, oraindik ate bat gelditzen zaion hiribildua, dorre polita plaza erdian, baina batez ere geldiunetxoa merezi duen XV. gizaldiko Lorenttzo Sainduaren eliza, bere piettá ederra, maisuki landutako santu-irudiak, hilobietako marmol gorrixkako harlandu tailatuak eta elizbueltako hilerrian irribarrea aterako dizun Ecce Homoa. Wels, etxetzar asko dituen herri industrializatua baina Erdi Aroko alde zahar ederra gorde duena. Vavucklabruck(?), Erdi Aroko plaza luzexka ederra du. Eferding, herri lasaia, espazio zabalekoa, txukuna; galtzadarririk gabekoa!. Schuderding(?), egitura du ezberdina, goialdeko plaza luze zabalaren alde batera harresiak ditu eta gainbehera pikean kaleak doaz bestera. Kefermarkt, tritiko izugarri ederra eta handia du erretaula gisa. Freistad, hiribildua baina ez Gaztela edo Italiako hiribilduen taxukoa. Liebfrau, elizako aldare hegalean sabairainoko orratz gotiko ederrak eta koruko organo moinonoek merezi dute bisita.
Austria Behea
Austrian ez dago ia baratzerik ez berotegirik. Nondik ote saltokietako ortuariak?. Soro-sailak ez dira Eslovakian, Eki Alemanian edo Txekian bezain zabalak, baina oso zabalak dira bakar batenak izateko. Mahastiak nabarmentzen dira lurralde osoan Txekiarako bidean. Argindar posteak berriz ugariak dira Vienatik gorantz, Maracaiboko lakua bailitz zabalgune osoa. Patata eskainiz dago nekazari ugari etxaurre eta errepide bazterretan: bi sosa nondik aterako hemen ere baserritarra. Ia ez dugu herritxoetan inor ikusten etxaurretan eta ageri dena adinekoa da: deneko ajeak ditu hemen ere nekazaritzak. Etxeak baxuak eta txikiak diren herrietan ere elizak beti dira handiak: nor nor den ezagun. Laztasunak arintzeko agian, gozo-gauza asko jaten da Austrian.
Bizikleta maite duten turisten paradisua: bizikleta eta guzti datoz hainbat, autobusez antolatutako txango berezietan. Austrian, baina, militarrak ere edonon present: egunerokoak eta nonahikoak dira hiltzeko makinariaren kaki kolorezko kamioi eta uniformeak.
Viena. Austriako hiriburua. Dena ederra, dena zabala den hiria. Maitemindu egiten zaitu. Bigarren urtera ikustean lehenengo aldian bezain liluragarri aurkitzen duzu, baita bigarren eta hirugarren bizitan ere. Oraingoan ezagunak zaizkigun xehetasunetan pausatu gabe, ordu luzeetan galdu gara eraikuntza eder, jendetza kosmopolita, tranbia eta bizikleta artean. Nekatuta joan gatzaio bidaia luze baten ondoren, eta lasaituta bidali gaitu. Joan, ibili, begiak zabaldu, ikusi eta gozatu. Ezinekoa da kontakizunetan sartzea.
Zabal, sendo, digante, erakargarria doa Danubio ibaia Wiena inguruan, baina hain handia izanik ere, ez du kezkarazten, lasaitzen baino. Bitxia da nola zeharkatzen duen kotxeak zein oinezkoak alde batetik bestera daramatzan ontziak: alboka jarrita egiten du aurrera, alboka baina ibaiaren indarraren eraginez artez doa trabeska ertz batetik bestera: fisikako ikasgai praktikoa.
Krems, gaztelu baten oinetan eta Danubioren ertzean. Turisterria, turistentzako eta turistengandik bizi dena, lourdes bihurtu gabe. Dena da tentagarria eta polita erakusleihoetan. Dotorea, txukuna eta atsegina. Dena dago zaindua, gustuz jarria. Goitik behera gustura ibiltzeko herria jendetzak itotzen ez duenean. Dorre azpitik hasten den kale luzea da herriko bihotza, baina bada ia inor ez doan zabalgunetxo lasairik. Turismoari lotu ez zaion gune orok dirudi ipuinetako herria. Durnnstein, Danubioren albotxoan hau ere, Erdi Aroko herritxo xarmanta, urdin bizikoa den elizako dorrea du erakusgai eta bitxikeria nagusia. St. Polten, turisterri izan gabe herrialdeko herri hasien eredu litzake, inguruko herritxoen buru, salerosketa gune. Tull, berezko dotorezia duela dirudi. Perchtols-Dorf, merezi du denbora hartuzko bisitatxoa. Keilingenkreux, monasterioa da herria baino gehiago, monasterio izugarri zabala, hormatzarrez hesitua. Baden, bainuerri bat nolakoa den jakin nahi duenak jo beza bertara: hotel, ostatu, parke, lorategi, belar-gune, urmael, ... giro vienarra du parkeak musika-bandaren sonak sorgintzen duenean: Betowenek bertan konposatu omen zuen 9. sinfonia, herriko etxetxo batetan. Wiener Neustadt, Erdi Aroko kaledien egitura du bere etxe baxuko trazaduraz: arkupe sendoko plaza da kale guztien sorburu eta helburu. Kloster-Neugurg, kanpinera jotzen baduzu zoaz goialdeko agustinoen monasterioari bisitatxoa egitera, merezi du eta. Petronell-Carnnuntum, erromatarren hondakin ugari eta ederrengatik da famatua, baina elizatxo erromantikoa da erakargarria batez ere. Hainbur and der Donau, Danubio ibaiak ematen dio izena, baina ibaiari bizkarra emanda bizi da alboan badoakio ere: bertatik bazoaz Eslovakia aldera, gera zaitez eta ez zaizu damutuko.
Ederra ustel
Jadanik etxean, irakurri dut aitorlekua ezik, gune guztiak poliziari entzungailuz kontrolatzeko eskubidea ematen dion legea onartu dela Austrian. Hona ezkero gure izenak bueltaka ari dira Ertzaintza eta Espainiako polizia guztietako zerebroetako karretetan ere. Ez garrantzitsuak garelako, Austrian ibili garelako soilik, burokrazia polizialean datu sartzea baita lehen araua. Bizi den dena kontrolatzen du gaur egun poliziak, baita Austriakoak ere nonbait. Konfesatu ez izanagatik galdu dut, legez behintzat, agian elkarrizketa kontrolatuko ez didaten aukera bakarra. Jada polizia guztiek dakite non noiz eta nola ibili garen: polizien arteko Inteligentzia. Bidaiaren bukaera iluna. Hain zoragarria iruditu zaigun herrialdea ere polizia gunea da. Pipiak jota dago lurralde eder oro. Azaleko dotorezia eta barne dotorezia ez dira beti eta nahitaez gauza bera.