Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Kontakizunak

Kontakizunak

Jon Etxabe 2018/01/12 10:39
Auzoa. 2.- Azeri-eskean

AZERI-ESKEAN

 

 

Ez da gauza bera azeri-begirada edo  azeriaren begirada

 

 

Kanpoko atea  jo zuten. Aldaba tzarrak  gaztainondo ohol lodiko ate sendoari eragiten dion soinu ozenak bete zuen etxe barrunbe osoa. Perkusio musika tresna erraldoi bilakatzen da baserriko atea, etxalde soinuen sinfoniari eta abeltegiko hotsen polifoniari ukitu sakon sarkorra erantsiz kontrabaxuak orkestran nola. Uhin ikusezinen mugimendu harmonikoa omen musika, geometria dela ere badiote,  matematika hutsa dela esango nuke nik, edo arkitektura, edo mekanika hutsa, arte edo poesia ukituarekin. Haize-uhin  neurtua nolanahi, hots melodiko bihurtua. Baina nolako sentipen, aieru, mira ere, sortarazten dituen baserri bakardadeko ohiko hots ezberdinen uhin akustikoak eteten dituen aldaba kolpeak, ateko zakur lotuaren zaunkak ezezagun baten bisita iragarri ostean gehienetan. Edozein dela ere musikaren definizioa, misterio kutsu batek biltzen du ingurua baserri bakartian ate-hots ozen ilun sakon grabeak. Halako zerbait sortarazi zidan ate-hotsak.

 

Jaitsi nintzen atalondora. Ume koadrilatxoa zen ate-joka: baserri bereko anaia-arreba koskorrak ziren segizioko protagonista nagusiak, auzo txiki bateko monotonia hausten zuen gertakizunaren uharan bildutako jarraigo jostari zalapartatsua gainerako ume koadrila. Erritoa berez, festa eta ikuskizuna beraientzat.

 

Mehatxatu edo zelatatu sentipenaz, defentsa keinuz uzkurtzeko kinkan bizitzea,  horrelakoa da, izan da beti, gizakiaren, gizartearen beraren, zoria: beldur eta defentsa  jarrera. Otsoa artzainei lez, azeria zitzaien baserriko etxekoandreri etsai nagusi. “Eutsi beheari, goitik zer datorren badakigu eta” dio herri esaera batek. Etorri, etorri izan dira, eta datoz, aldaketak eta ez ohiko asaldurak egunerokoari, goitik behetik zein albotik, okerrerako gehienak, aldekoak ere bai tarteka, baina zer izanen den ez jakitea da ezustean datorrenaren desabantaila nagusia. Eskuartekoa gutxienez ezagutzen baitugu. Azeria zen auzoan ezusteko horietako bat. Erasoa bera baino erasoaren noizak zekarren urduritasuna. Uneoroko arazoa baitzen azeria bera eta azeriaren oilategiei erasoa. Hortik zetorren  azeri ehizatua  baserriz baserri erakusteko jarduera. Azeriaren aurkako defentsa, ohitura eta arau bihurtua. Garaipen itxura arren, azeri hila erakustearen erritoa azeriari buruzko beldurra eta ezinikusia agerian uzten zuen jokabidea zen, mendeku kutsua zerion ohikunea. Azeri hila, garaipenaz harago, azeriaren  erasokortasunaren aitorpena ere bazen. Etsaiaren aurkako etsaitasuna.

 

Baserriz baserri zetozen umeok, ate joka ikuskizun. Ehizatutako azeri erakusle, ate bakoitzeko eskupekoaren eskale, aldi berean dohaintza zenbatekoaren jakin-min ere.

 

Etxekoandrea izan da oiloez arduratu dena baserrietan. Oilategiaren egitura eta honen mantenuaz harago ezer gutxi arduratuko da gizonezkoa.

- Gaur ere azeri-eskean zebiltzan.

- Oilo-lapur abilak baditun behinik behin azeriok.

- Ondo irabazitako fama.

- Betidanik dun azeria oilo-lapur.

- Azeri hila, bakea oilategian.

- Horrek behintzat ez din oilorik eramango.  

 

Tiroz ere hil ohi zituzten azeriak, ehiza garaian basoan topo egin eta jopuntuan  jartzen bazitzaion ehiztariari: baldintza zaila, maltzurra baita azeria,  gizakiaren mesfidati, basapizti oro bezala. Baina baserri ingurua zen azeri ehiza-gune nagusia: antz eman, arrastoak zaindu, ohiturak eta orduak ikasi, ondoren zepoa jarri. Denok bizi gara lubakiz inguratu eta babestuta, tarteka soilik ateratzen gara lur zabalera, inoiz ere ez urrutira, eta burua agertuz bakarrik gehienetan. Hortaz ez gara animaliez askoz ezberdinago. Basoan dute babesa animalia basak, baina inguruko azeriek atera beharra zuten gizakien eremura bere habitatean jangaia urritzen zitzaienean. Latz ordainduko bazuten ere gizarte eremura hurreratzeko atrebentzia. Zepoa zitzaien aurkako ehiza-tresna erabilienagatik arriskutsuena. Hanka batetik harrapatuta geldituko zen zorigaiztokoa, ondoren kolpeka akabatuko zuten zepoan bertan, baserriz baserriko erromesaldia etorriko zen ondoren. Labirintoa da bizitza, heriora daraman ibilbide korapilatsua, norabide eta osagaiz etengabe aldatzen dena, dena kantoi, dena nora erabaki beharra, hurrengo pausoak nora daramatzan ez dakizula, biharamuna beti ezezagun. Hala zaie bizitza naturak soilik hesi dituen animaliei ere, nola ez kontakizun honetako protagonistari. Bada bizitza abentura dela dionik, eta abentura, arte. Ai hala balitz!. Egunerokoa zailtasun gutxikoa duen poetaren batek esanen zuen seguruenik abentura delako hori. Zenbait bizimolde izan daiteke atsegina, laketgarria, baina ez bizibeharra. Beharra beti da astuna, zaila, etsigarria, eta gehienetan mingarria. Galdetu gure istorioko azeriari.

 

Bazitekeen ehizakia erakutsiz zetorrena ehiztaria bera izatea, errazagoa baita umeei ehiza-saria murritzagoa luzatzea nagusiei baino. Usta oparoagoa zen nagusiak lortu saria umeek etxera zeramatena baino.

 

- Beharrak bultzatzen dik azeria oilotan egitera.

- Goseak esan nahiko duk.

- Bai, baina, ikasi egiten ditek, azeria azkarra duk eta amak erakusten ziek kumeei oiloak ehizatzen.

- Azeriak errazera jotzen duela esanen nikek nik, zer oilategia baino ehiza-leku errazagorik, beti zagok zirrikituren bat hesian, edo ihes egiten duen oilo tirtirin bat.

- Oiloak erasotzeko berezko sena dik azeriak, horrekin jaiotzen duk.

- Pedro, konta iezaiek azerikumearena.

- Azeri-amak kumea gordetzen zuen zuloarekin egin nuen topo behin basoan. Hurreratu nintzaien. Makila sendoa erakutsiz, badaezpada. Ez zuten alde egin. Haserre eta zital defenditu zuen kumea amak. Kumearen ondoan,  hankak lurrean itsatsita, haren bi hagin ilara luzeak erakutsi beharra, haren aho-soinu lakarrak, grgrgrgr … erasoko ote ninduen ere, … baina makilari beldurra zion nonbait, atzeraka joan zen, mehatxu jarrera gero eta etsiagoz, eta azkenik basoan galdu zen umea bertan utziz, tarteka burua jiratuz kumeari begiratzen ziola. Kumea txakur bat bezala haztea otu zitzaidan, nola portatzen zen jakin-minez. Etxera eraman nuen, txakurkume bat bezala hazi eta tratatuko nuen. Jaten ikasi zuen. Koskortuz  ahala, oraindik kume, atarian, ataurreko txakur kaiolan lotu nuen. Emazteak eta alabek mesfidantzaz begiratzen zioten, semeak ikusminez, baina azkenez bere lagun egin ziren, jostailu berezi bat bihurtzeraino. Bitxikeria bat. Oiloa, ohi zenez atalondoan ibili ohi zen txitak inguruan zituela, azeriarekiko ardurarik gabe. Eta hara non, behin, ikusten dudan azeri-kumea aurretik pasatzen zitzaizkion txitei manuak luzatzen, harrapatu nahian bezala. Besterik gabe hil nuen. Eskopeta tiroz.

- Garbi erakusten dik azeriaren oiloak hiltzeko sena.

- Agian kumearen jolas sena besterik ez huen.

Nolanahi azeriaren oilo-hiltzailearen  mitoa setati jarraitzen zuen auzoan.

 

Etxeko umeak bidali zituzten oraingoan azeri-eskean. Udaberria izaki, nagusiak lanpetuta zebiltzan belar lanetan, artajorran eta gainerako baserri-lanetan.

 

Ohitura zen, auzo-legea ere, hilketaren ordainez sariren bat ematea, diruzkoa gehienetan. Oilategietako lasaitasunaz harago, dirua jasotzeko aukera ere bazen, eta dirua ehiza-akuilu. Ez zegoen tasa jakinik, ez zegoen beharrezko zenbatekorik, bakoitzak bere borondatea emanen zuen, baina atez-atezko ibilbideak bere uzta oparo samarra ekarri ohi zuen, apurrez gizentzen dira oiloak ere, baita errule  naro bihurtu ere. Auzoko esamesen iturria ere bazen azeri-eskea. “Halako baserrian hainbeste eman digute, halako etxekoandrea zeken portatu da, beste hura eskuzabala beti, …” auzoko baserri bakoitzaren emankortasun erradiografia egiten zen, esamesa bihurtuko zena, komunitate txikietan edo talde mugatuko zein esparru murriztuetako elkarren ezagupena argitu sakondu marrazten duena, txutxu-mutxuak elikatu, bizikidetza mingostu ere sarri. Larunbat Sainduan aterik ate su berria eramaten duten umeek egiten duten lez etxekoandreen katalogatze zehatza eskupekoaren arabera, edo santa-eskean  ate bakoitzaren argazki humanoa harreraren arabera. Bere alde kilikagarria zuen azeri hildakoaren atez-atezko azeri-eske ibilbideak.   

 

Azeri bat zekarten neska-mutil koskorrok. Auzo-bizitzan gihartutako jokabide aspaldikoa, arkano lilura zerion erritoa, azeriak berenez nekazal jarduerari damaion misterio geruzaz bildua. Bizitza osoa da arriskua, arriskuetatik ondo ateratzen asmatzen duenak soilik du bizitza oparo eta zoriontsua. Aterik ate zekartzaten azeri hilek kontrastearen  ikurra ziren, ehiztariaren garaipena eta oilategiaren lasaitasunarena, aldi berean azeriaren porrota eta heriotza.

 

Ziurrera jokatzen erakutsi digute, dena dugu edo eduki behar dugu aseguratuta, nahiz horrek kentzen dion bizitzari distira, eta kamusten digun bizipoza. Agian animaliek ere badute abentura sena, nork daki, baina irautearena zen azeriak basotik irtenarazten zituen sena. Esperientzia omen unibertsitate eragileena, eta baserritarren jarduera urteetan  oratutako jakinduria da. Bizibeharrak eragindako ausardia eta bizibeharrak ere eragindako babes jarduera. Bizibeharraren bi aurpegi kontrajarriak, inola ere kontraesankorrak.   Azeriak bazuen bere eragina oilategien kokapenean. Auzoko erdialdean oiloak solte ibiliko ziren, baserri inguruko zelaian intsektu bila mokoka, soro goldatu berrietan zizare bila, atarian zein etxe-bueltan txitatze ondoren txitaz inguratuta. Oilategiko habiara joko zuten erruteko: kanpoan erruten zutenak ziren buruhaustea etxekoandreentzat arrautzok non ote, baina mauka azerientzat gauez aurkitzen bazituzten. Ertzetako baserrietan, aldiz, baso kontra zeudenetan batez ere, oiloek alanbrezko hesi barruan gordetako esparru mugatua izanen zuten kanpoko ibili aukera bakarra, eraikin barnean izanen zen oilategia  ataka estu bat soilik zutela kanpora ateratzeko, eskailera moduko zurezko ohol edo langa mailakatu piko estu bikoitza, barrurantz bata eta bestea kanporantz,  zitzaiela sartu-irtenerako zubitxo gisakoa, pasabide ezinezkoa azeriarentzat.

 

Hila ekarri ohi zuten  azeria, zaku batean, eskutik zintzilik edo atzeko hanketatik haga mehe samar baten puntan lotura buruz behera zintzilik,  bandera bat balekarte bezala haga lepoan kokatuta, garaikurra erakusten duenaren harrotasunarekin. Gaurko hau, aldiz, aurreko hanka biak aurrean eta atzekoak atzerago haga luzexka batetan  luzetara  loturik zekarten, zintzilik, egurraren paralelo, ume batek hagari aurreko muturretik eusten ziola eta beste batek atzekotik.

 

Agian azeria aurrez aurre sekula ikusi ez dutelako da berarenganako ia gorrotoa den grina edo sentipen setati hori. Ni behin aurkitu naiz azeri batekin aurrez aurre, zoologikoan ezik, askatasunean zelarik. Katalunia iparraldeko herri batean bazen aisia-leku xarmant bat, Font Rodona deitzen ziotena, iturri borobil bat zuelako. Inguruko mendizale, bisitari edo erromes askoren  goiz zein arratsalde pasako bazter laketgarria. Atseden hartzeko ala inguruaz gozatzeko txoko aparta. Beti da garbitasunari ezaxolaren bat , beraz  izan ohi ziren janari hondakinak inguruan. Nire egonleku aukeratuenetariko bat zen arratsetan, inguruko patxadaz gozatuz  neure baitan biltzeko. Azeria aurkitu nuen behin, gosez jaki errazaren bila, janari hondarren usainera etorria seguruenik. Kolore ilunekoa zen. Ikusiaz bat kieto geldi geratu nintzen, zirkinik ere egin gabe, agerpen zerutiar bat bailitz. Berak ere ikusi ninduen, bera ere geldi-geldi geratu zen. Biok elkarri so. Ez zen nire presentziaz urduritu. Ni, aldiz, harriduraz txundi jarraitu nuen.  Elkarri begira iraun genuen aldi batez, bera nik zer egingo, ni lilurak eraginda ibilge. Biok geldi. Elkarri begira. Begirada lasaia zuen, sarkorra.  Begiradak trukatu genituen. Ez dakit zer jasoko zuen nirearengandik, miresmena eragin zidan bereak.  Une labur baten ondoren, ibili lasaian alde egin zuen beheko belartzan galduz. Ni, aldiz, azeriaz enamoratua gelditu nintzen.  

 

Bizirik zegoen umeok zekarten azeri hura: hankatik helduta erori zen zepoan, bizirik beraz, eta bizirik erakustea erabaki zuten.

 

Oilo-lapur ospea mitoa ote, ala esperientziaren ondorena. Azeriekiko kontakizun asko  zegoen auzoan, historia errealez goitik, mito ere bihurtutako istorioak denak.  Istorio bakoitza gertakizun erreal bati lotuta, gertakizunok areagotu egiten zuten azeriarenganako ezinikusia, izua ere, mesprezu ia atabikoa bihurtzeraino.   Agian azkonarrak ere baziren oilo-lapurrok, hudo edo huroia agian, edo auskalo zein beste basoko animalia goseti,  gabiraiak edo beste hegazti harrapariren bat izan zitekeen. Baina azeria zen oilo-lapurreta eta oilategietako sarraski guztien errudun. Ausoaren memoria zuen aurka, bizirik zirauen  basoko oilategiko sarraskiaren gomuta.

“Baserritik goragoko baso ertzean zuten oilategia Mendigoitin:  adreiluzko txabola, hormaren kontra, azpitik zirrikiturik uzten ez zuen barnealdea lurpean barrura itsasten zen alanbre sendoko  sareaz bildutako esparruarekin.  Egun batez, untxiek bezain abil, sare azpitik zuloa egin, oilategira sartu  eta hogeita bi oilo eta oilarra akabatu zituzten, bat bera ere bizirik utzi gabe. Hiru soilik eraman zituzten. Hiru azeri izanen zirela eta bakoitzak bana eraman zutela zen ausoko esamesa. Oilategi berria egin, eta oilateria berritu behar izan zuten, baina oraingoan baserrian bertan”. 

 

Azeri gatibuaren begiak ditut gogoan. Zirrara mikatza eragin zidan honen begiradak, begirada tristea zen berea, etsia. Begira geratu nintzaion;  nigan zegoen bere begirada ere. Biok elkarri begira. Bigarren aldiz gurutzatzen nuen nire begirada  azeri batenarekin.  Font Rodonako azeriaz  gogoratu nintzen,  haren begirada gogarazi zidan, kontraste etsigarrian. Animalien dohaina omen begi urtsu, argi, egonarritsuz begiratzea, horrek zimiko egiten ei bihotzean. Zimikoaz harago erabat kizkurtu zizkidan erraiak azeri hanka lotuz habe batetik zintzilikatutako azeriaren begiradak. Luze egon ginen elkarri begira.

- Bizitza hitz-ordu bat duk, esaten nion, norberak jarri gabeko orduan heltzen duk, eta norberak aukeratu gabekoan joan ere. Ez dakigun orduan harrapatzen gaitik batak zein besteak. Eta bazirudik norbaitek erabaki duela hire joateko tenorea ere.

- Bizitzan jokatu beharra zagok beti, eta niri oraingoan galtzea tokatu zaidak, erantzuten zidan bere begirada eroriak.

- Errazkeriak inozoa soilik asebetetzen dik, basoan zagok hire ogibidea.

- Ez huen izan errazkeria, gosea baizik, zabalgunera agerrarazi ninduena. 

 

Pagadiak ez dira nonbait azeriaren bizitoki erosoa, ehizaki edo gordeleku ziurrik ez dutelako, lurzoru garbia ohi baita pagadikoa. Aldiz, izugarri gehitu zen azerien presentzia pagadiak bota eta pinudiak ugaltzen joan zirenetik, gordeleku erosoagoa eta ehiza-leku oparoagoa zitzaien nonbait, pinudia beti ohi delako sastrakatsuagoa. “Oraindik banda eta guzti jaitsiko zaizkigu azeriak” esan ohi zuen Antoniok; auzokideek irribarrearekin erantzuten zioten, baina adostasun geruza zerien irriei. Ugaldu ez ezik lotsagabetuta zebiltzan, ibili ere, azeriak: sarraskitu egiten zituzten oilategiak, jada ez zegoen oiloak etxe bueltan eta belartzan solte uzterik, oiloak presotu, oilategiak etxe kontra egin eta gotorleku bat lez babestu behar ziren. Eskopetak ugaldu zirenetik  asko urritu omen zen azeriaren presentzia baserri inguruetan, baina goseak eta bizibeharrak muturrerainoko ekintzetara eramaten du, gizakia ez ezik, animalia ere. Bizitza arriskatzeraino. Adreiluzko oilategiak jaso zituzten baserri kontra, azeriak sartzerik ez zeukan ataka estuarekin, argiak ere jarri zituzten.  Aldi batez ez zen azeri erasorik izan. Baserriek beldurra sartzen zieten nonbait. Baina ze zaila den bizirik irautea kate motzean lotzen badu iraun beharrak, goseak gehienbat loturok haustera bultzatzen du gizarte zein animalia izadi bortitz honetan.

Premiak, ausardiak edo goseak eraginda hasi ziren lotsagabetuago baserrietara  hurbiltzen, oldartzen, baserri inguruko isiltasunaren babesean. Azeriaren presentzia sumatuz oiloen kakara zalapartatsuak salatzen zituzten, eta, ondorioz, zalaparta txikienera, argiak pizten ziren eta  perdigoi zaparrada zetorkien gainera. Hainbat  azeri erori ziren perdigoien pean. Tiro hotsak eta izuak eraginda, edo bizinahi-senak, alde egiten zuten.  Aldi bateko tregoa etorri zen.

 

Umeei azeri-saria  luzatzen nien bitartean, azeriaren begietan jarraitzen zuten nireak. Hura ez zen nik gogoratzen nuen begirada lasai baketsua. Heriotza  hurbil ikusten duen kondenatuaren  begi triste etsiak ziren honenak. Beldurrez, ikaraz begiratzen zidan. Hain zen begirada etsitu  hitsa,  ze barnea irauli zidan. Errukia eskatzen zidala iruditzen zitzaidan. Bere begiradari begiradaz galdezka hasi nintzaion.

- Istorio guztietako protagonistetatik zein ote haiz hi?.

- Gazte  ausarta, esperientzia handiko zaharra, goseak zuhurtasuna jaten dion burugabea, … zein haiz hi? .

- Agian basoko oilategiko sarraskitzaileetariko  bat haiz.

- Agian Mendibeko  zulogile ausarta.

 

Zementuzko blokez  lurpean sakon finkatu zituzten askok itxidurako sareok. Ondorioz, asko jaitsi  ziren azerien oilategietako lapurretak. Jada ez zegoen, egunez ere, zelai librean zebilen oilorik.  Baserri inguruetara hurreratu ohi ziren hondakinen baten bila, zaila zitzaielako oiloarena.

Hezkuntza ikastaroa da bizitza jaiotzatik heriotzara arte. Animalien bizitza ere. Azeria animalia iaioa da, argia, animalia orok bezala memoria du. Ikasle iaioa. Esperientzia zaio unibertsitate. Azeriek ikasi zuten gaua ez zela unerik egokiena. Aldi berean jabetu ziren egunez ez zegoela gizonezkorik zenbait baserritan, eta egunez hasi ziren oilo ehizan. Mendibe  baserrian gertatu zen. Ez zuten lurrazpiko blokez sarea babestu. Azpitik eginezko zuloz sartu zitzaien azeria. Egunez. Lotsagabeki. Kakara zalapartatsuetara atera zen leihora etxekoandrea;  hura azeri  festa eta oilo ehiza zekusana oilategiko itxidura barnean: azeria oiloei erasoka jo eta su, haginka lepotik bati, gero besteari,  oilo izutuen hegazkadei segika, ...  leihoko emakumearen presentziari sor, eta haren garrasiei gor. Azeri bakarra zen, ez zen ez izutu ez urduritu,  di-da batean zazpi oilo ito ondoren bati lepotik heldu, zulotik tatarrez atera eta alde egin zuen.

 

- Ez al zian herrenak ezer irakatsi?.

Eusebioren kontakizunaz oroitu nintzen:

Eusebio oso trebea zen zepoarekin ehizan, azeritan batez ere. Arrastoak begiztatzen zen abila, zein animaliarenak ziren igartzen, bazekien zein garaitan non eta zein animaliak behar zuen: pazientzia ere bazuen; arrastoei jarraipena egin, eta zepoa jarriko zuen: ondorioz zetorren ehizakia. Azeriak ere bere bide jakinak ditu, batez ere basotik lur zabalera agertu behar duenean. Azeri-bideetan jartzen zituen zepoak Eusebiok, malgukiari eraginez hagin zorrotz anitzeko bi ahoak zabaldu, hortzeriok erdiko burdina txatalarekin trabatu, orbelez  estaliz bidezidorra bere betikoan utziz. Azeriak burdina txatala zapaltzean  malgukia deskatigatuko zen, zepoaren bi ahoak bortizki  hertsiko ziren animalia hankatik preso gordez.

Behin Eusebio zepoa begiratzera joan zenean, zepoa zart egina zegoen.  Baina azeririk gabe. Azeri hanka erdi bat besterik ez zuen aurkitu.  Galdu-gordean, bizitzari eutsi beharraren beharrez, haginka, tiratuz, auskalo nola, azeriak lortua zuen bere hanka ebaki eta alde egitea.

Kasualitaterik ez omen, patua agian, baina juxtu urte betera, justu leku berean, laugarren hankaren erdia falta zitzaion hiru hankako  azeria herrena erori zen zepoan.  Aurreko urteko bera izanen zela zioen Eusebiok. Eta hala izan behar zuen. Gaztea  eta esperientzia gutxi, agian gizakien antzera zahartuta eta  memoria urrikoa,  seguruenik goseak eraginda, baserri inguruko hondakinen baten bila zetorren.   

- Berak ere ez zian ikasi eta!, iruditu zitzaidan erantzuten zidala begiradaz.

Ez dakit errukia eskatzen zidaten begi haiek, baina, entzute txar guztiez harago, esamesa guztien aurka,   errukibera bihurtu ninduten.

 

Font Rodonako azeriaren irudia neukan iltzatua nire gogoetetan. Haren begirada lasaia. Eta goibeldu egin ninduen lau hanketatik zintzilika zekarten azeriarenak.  Hiltzera kondenatua zegoen. Berak bazekiela zirudien. Hiltzeko aladura krudela, duintasun etsia, izu halabeharrekoa, zer erakusten zidaten begi haiek?. 

- Esan aitari ez hiltzeko azeria, nirekin egon arte. Bihar joango natzaiola.

- Esango diogu.

Han jarraitu zuten umeok hurrengo baserrira erromes.

 

Eta han nintzen ni umeon baserrian hurrengo goizean.

- Egunon Eusebio

- Esan zidaten umeek ez hiltzeko azeria eta etorriko zinela nirekin hitz egitera.

- Hala da.

- Zeuk esan.

- Proposamen bat eginen dizut. Zoologikoan lan egiten duen bat ezagutzen dut, azeriei buruzko ikerketa egiten ari da, eta gustura hartuko luke basoko azeri bizi bat.  

- Hemen sobra ditugu ba azeri basatiak.

- Auzoan bildu duzun sosen bikoitza emanen dizu,  gehi narruaren balioa, azeri biziaren truke.

- Ezingo diot uko egin horrelako eskaintzari.

 

Zakurrentzako kaiola batetan eraman nuen. Baserritik lehenengo,  auzotik gero. Askoren harriduraz. Norberarekin ongi aurkitzean hasten da autoestima eta bizipoza. Sinplea behar luke bizitzak,  baina bizitza beti da korapilatsua, korapilatzen zaigu, korapilatu egiten dugu sarri, bizitza biziraupena baita. Arnasa estua du bizitzak, estua bazen azeriaren biriketako arnasa, are estuagoa zen haren bizitzaren hatsa. Ni lasaiago sentitzen nintzen erabakiarekin.

Bakoitzak gauzatzen du destinoa, ustekabean datozen gertakarietan ere. Hori erakutsi ziguten, baina datorrenak hartzen digu gehienetan gaina, biziraupena gauzatze-lehia baita bizitza. Nire esku zegoen orain azeriaren destinoa, ni nintzen une horretan bere patuaren ardatza. Geroak, etorkizunak, ez du aurretikako arau finkorik, are gutxiago arau ezarririk. Ez dakit noiz artekoa ez nolakoa, baina azeria haren etorkizuna nuen nire erabakian.

Dialektika bat da bizitza, arazo bati irtenbide aurkitu eta beste arazo bat dakar edo datorkio  ondoren, … bide bat aurkitu eta beste bide bat irekitzen zaizu. Dialektika horrek egiten du zaila bizitza; ondorioz, bizitzan dena da zaila. Akabatu edo askatu: kontraesan horren sarean harrapatuta nengoen, erabakiaren ondorioak ziren duda-muden giltzarria. Ez dakit dialektikak oinez dakien, baina dialektika oinez ibiltzea da. Helmugan baino bidea nolakoan galtzen gara gehienok. Egiten dugun dena da zerbaiten esperoan, ekintza altruistena ere. Nik ez nuen helburu kontzienterik, agian barneko auskalo zein zirrikitutan ainguratutako sentipenari jarraitzea besterik ez zen.

 

Gauez askatu nuen inguruko baso batetan. Isilean, auzokideak haserretu ez zitzaizkidan.

 

Gerora batean inguruko soroarteko bidexketan nenbilela, hara non ikusten dudan buru helduko gari-sail zabal luze pendiz batean, goitik behera, bide luzean, ertzetik ertzera itsaso horizka zabala zeharkatuz, lastokara bera ere, azeri bat: ile horaileko luzea, aurrera jauzika luzeagotua, ziztu bizian auskalo zeri ihes edo zeren bila, agian ehizan. Nork daki oilategiren batera hurreratuz. Ikuskizun aparta izan zen, txoraturik begiratzen nion, naturaren mirarietako bat bezala, … barreneko zuhaitzetan galdu zen arte. Askatu nuen azeria zela egin nuen amets nik.  Ikuslearen barne egoerak ematen dio edertasun gradua edozer dela ere kanpoan dagienari. Oroitzapena zekarkidan eta oroitzapen horrek ederrago egin zuen ikuskizuna.

 

Besteekiko kolisioak erakusten edo nabarmentzen du norberaren nitasuna. Ez nintzen auzokideen ezberdin sentitzen, ez nuen beraiekin talkarik nahi. Ez nien nire egia aitortu. Ez dakit isilpeko jokoak libreago egin ninduen neu ere, baina barne poza sentitu nuen.

 

 Nik neuk ez nuen oilategirik

etiketak: Kontakizunak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.