Kontakizunak
ITALIA: ARTELEKU
EGINeko tiraderaren batetan egonen da argazkiekin batera ustelduta Garzonen sarraskiaren ondoren
Aro guztietako artelan mota ororen iturri eta arteleku, eraikuntza paregabeen eredu, mendebaleko historiaren sorburu, munduko jabetzaren ondorioz antzinako zibilizazioen hondakinez aberats, 5. nazio industrializatuena, talogintza arte bihurtu eta irinari mila forma ematen jakin duena, imigrantez mundu osora zabaldu dena, hizketan kantaria, natura eskuzabal izan zaiona, … eta mila gauza gehiago. Hori da Italia
Baptisterioak
Euskal Herrian ez dugu Italiakoak bezalako bataiategirik. Hiztegiek bataio-ontzi, bataio-harri, bataio-toki deitzen diote gure elizetan bataio pontea dagoen txokoari. Beste zerbait dira Italiako baptisteriook. Pontelizak deituko nieke. Eliza itxura baitute. Helburu berdinerakoak, baina tokiz eta taxuz ezberdinak. Eraikuntza erlijiosoak dira, bataioko sakramentua gauzatzeko eginak, baina elizatik kanpo, elizaren alboan, eraikiak. Zabalak eta handiak. Ez dago herri guztietan, ezta gutxiagorik ere. Hiri nagusi batzuetan eta eliza ospetsuen alboan aurkitzen dira. Seguru aski agintari eta botere inguruko familien bataio-toki izango ziren. Ez sakramentuari berari ematen zitzaion garrantziagatik. Jakina baita tokiz eta taxuz ezberdinak, aberatsek toki berezia zutela Elizan eta elizetan, katakonbetan bertan hilobi berezia zuten bezala, baita Constantinoren aurretik ere.
Albengan ikusi genuen lehenengoa. Adreiluzkoa, zortzi kantoiko 5. gizaldiko eraikuntza. Ateak itxita zituenez jakin-mina sortu besterik ez zigun egin. Pisakoa izan zen bigarrena: dorre okertua ikustera joan ginen, baina Duomo apartaz gain ponteliza zoragarriarekin topo egin genuen: kupula gorriari kontrajarriz 35 metro diametroko harri zurizko eraikuntza borobil paregabea; marmol landuzko bitxikeria asko ikusi ditugu hainbat lekutan, baina hainbeste eta halakoak leku berean ez. Firenzekoa etorri zen ondoren, marmol zuriz hormen kanpo aldea, marmol zuri eta beltzez barrua, brontzezko filigranaz osaturiko ate erraldoiak sarreran, bitxikeria ugari altzoan. Ravenako Hadrianoren pontelizak adreiluzko orma du kanpotik, lilura sortu ziguten perfekzioz eta detailez egindako mosaikoz ederra barrutik. Piemonteko Astin ikusi genuen azkenena: argia eta moinonoa, barru eta kanpo adreiluzkoa, 12. gizaldikoa, 8 harrizko zutabek sortutako inguru borobil xarmanta, agian liluragarriagoa barruko aberastasunik gabe barne egitura xumeak ematen dion erakargarritasunagatik.
Kanpotik bakarrik ikus daitezke ponteliza asko, Aquileiakoa esaterako, barruko altxorra galduta dutelako nonbait.
Mosaikoak
Italiako lurralde batzuk zenbait arotan izan zuten mosaikoaren kulturak sakon harrapatzen du bidaiari kuriosoa.
Mosaikoak dira Ravenako altxorra: aipatutako Adrianoren pontelizaz gain Gala Placidiaren Mausoleoa, S.Vitalen eliza, Neotarren ponteliza, S.Apolinar berria, Claseko S. Apolinar. Ikusgarriak, handiak, zabalak, sabaia, ormak, absidea eta zorua estaliz. Kolore asko, kolore biziak, argiak, distiratsuak, batean urdina da nagusi, berdea bestean. Badirudi nork mosaiko gehiago edo nork ederragoa lehia bat egon zela garai batetan. Pinturak dirudite askotan mosaikook. Gaiak: naturako berdeguneak, animaliak eta santuak.
Beste mosaiko mota bat dira Aquileakoak: zoruko mosaikoak dira batez ere. Oinpean egoteko eginak direnez kolore motelagoak dituzte, ilun samarrak. Aro ezberdinetako mosaikoak ikus daitezke bertan. Batez ere basilikako zorua da ederra. Zoru osoa da mosaikoa zabalera zabalean. Irudi pila ditu, aingeru arrantzaleenak batez ere, ez baitago alperrik itsasotik gertu.
Bada beste aukerarik ere: urregorria nagusitzen zaien Veneziako S. Markosekoak, Sienako Duomoren fatxada, Orvietokoarena, … eta hainbat.
Freskoak
Rumaniako Moldavian ikusiak nituen arte-liburuetatik ezagunak direnVoroneteko fresko famatuak. Ezustean harrapatu gaituzte ordea Adige Garaikoak, Sarentinora bidean Rendenan lehenego eta Trento inguruan S.Vigilio gero: bere hartan diraute oraindik Erdi Aroan elizen kanpoko ormetan pintatutako irudiak, irudiok begiratuz eta ikusiz, herri xeheak elizaren dotrina ikas zezan pintatuak.
Aspalditik da S. Kristobal bidaiarien zaindari, Alpeak errepide askoren pasabide arriskutsuak izanik, mural denetan dago Santuaren irudia, erraldoia batzuetan. Bada marrazki bitxi eta sarkastikorik ere: gizarteko pertsonaia denak agertzen dira S.Vigilioko Herioren dantzan, gotzainetik nekazarira, herio-geziak sastatuta, bakoitzak bere azken aitortza eginez.
Etxeko kanpoko hormak irudiz pintatzea berea du Tirol kulturak. Ikus daitezke kanpotikako ormak pintatuta dituzten etxe eta palazioak, etxeko jabea edo familia goretsiz gehienetan. Trentokoa litzake eredu erakargarri bat. Baina toki askotan bila daitezke antzerakoak. Jatetxe eta hotelek batez ere, besterik ezinean, etxearen izenak margotuko dituzte.
Barruko freskoak: Vatikanoko Sixtoren kapera famatua ederra da, ezin uka, baina, badu beste non gozatu eta zer aztertu gaia gustatzen zaionak. Paduako Arrazoiaren Palaziokoak lirateke fresko laikoen eredu. Neurririk ez du eliza eta palazioetako freskoen aukerak. Asisko Frantziskoren basilikako ormak freskoz dekoratuta daude: lehengo ohiturei helduz, fraideek, linterna eskuan, taldeetan banatutako turista eta erromesei santuaren bizitza esplikatzen die marrazkiok jarraituz.
Ur-jauziak
Xarma berezi eta erakargarria dute berenez ur-jauziek..
Trentinoko Genova bailaran bada ur-jauzi polita, 100 metrotik gorako jauzian haitzez haitz errekara datorrena izei erraldoien artean, erreka berdearen soinuak eta ur-jauziaren musikak sinfonia batez bezala inguru guzia bilduz.
Tontorrak elur zuri, magalak ur-jauzi apartsu eta bailara erreka garbi den bailara da Aosta. Han dena da ur, dena ur-jauzi, aparrez zuri, harri kontra erasoz ozen, oxigenoz dena burbuila. Paradiso Haundia, Savarenche, Valtournencha, Cogne edo La Thuile bailara: dena ur-jauzi, dena erreka, dena ur. Aostak neguan eskiatzera etortzea merezi badu ez gutxiago Uztailean ur-jauziez gozatzera. Lillaz harro dago bere ur-jauziez, erraldoiak izaki. Bertan merezi du turista presatia gelditzen den goiko zubitik gora igotzea, bakardadean naturaren handitasunean murgiltzeko, bizitzaz barne asez. Aparrak eta zipriztinek barne toleseraino ferekatuko zaituzte. Filosofo batek Niagarara pixa eginez "ze huskeria den gizona" esan omen zuen. Haitz ebakidura lotzen duen zubitik azpian ura erruz jauzi labainean borborka lasterrean ikusi eta entzunez bizia eta gizakia ze handia den sentituko duzu.
Gainetan elur, maldetan ur-jauzi, harrietan lehertuz zuri azpia, uhinez apaindua azala, bizia, lasterra, karetsua, labaina, ozena, kantaria, bizkorrean barea, lasaigarria, bailaran ibai, uraren jaialdiak merezi du Aosta Bailarara bisita, luzea ezin bada ere patxadakoa behintzat.
Italia osoak merezi du bisita