Kontakizunak
MAIATZA
EGINeko tiraderaren batetan egonen da argazkiekin batera ustelduta Garzonen sarraskiaren ondoren
Sakana Europako Erdialdearekin lotzen duen erritoa?
Oinez zein autoz, maiatzean Sakana bailara zeharkatzen duen bidaiaria jabetuko da bi zuhaitz luze nabarmentzen direla Urbasako tontorrerian Etxarri eta Bakaiku gaineko haitz puntetan: Maiatza dira. Iturmendira sartzen bada berriz, herriko plazan landatuta ikusiko du tantai luzea. Maiatza deitzen zaie zuhaitz horiei, Sakanako ohituretan bereizgarrienetariko bat. Maiatzaren lehen egunean jartzen da; herri handia biltzen du ekintzak eta jai polita izaten bilakatzen. Antzera Bakaikun zein Iturmendin ere. Jose Maria Satrustegi etnografoak ukitu zuen gaia Guaixe Sakanako Euskarazko aldizkarian idatzitako lantxoan: herrian bertan jartzen omen zen garai batetan Etxarrin, horretarako izendatutako bat arduratzen zelarik zuhaitza jarri eta jaia antolatzen: bazuen udaberriarekin zerikusirik. Gerora Urbasako larreetara udapasa artalde zein aziendarekin igotzen zuten familiek jartzen omen zuten zuhaitza harkaitz gailurrean behekoek onez heldu zirela jakin zezaten.
Araban ere bada Maiatza jartzen duten herritxo bat behintzat. Gipuzkoako herritxo batetan S.Juan Egunean jartzen zuten San Juan Arbola deitzen zioten zuhaitza. Enborra zuritu eta koipetu egiten zen puntaraino, igotzea zailtzeko, bertan jarritako bandera hartzen zuenak saria baitzeukan. Pinu luzeena eta ederrena jartzen zen: mendira joan ebaki eta kitto: pinudi jabeak ez zuen kexurik egiterik ere. Nahiko zabaldua delakoan nago S.Juan jaietako zuhaitz honen ohitura. Honek ba ote du Espainiako hainbat lurraldetan ezaguna zen, agian oraindik den, kukainarekin zerikusia edo lotura. Ondarroako kukaina ezaguna ere ez ote ohitura bera itsasora egokitua, lur barruko enbor bertikala ur gainean horizontalki jarriaz?.
Ez da nire asmoa Sakanako ohiturez idaztea, bai ordea Sakanakoarekin zerikusia duen Europa Erdikoez. Lurralde haietako zuhaitzaren erritoa izan baitzen Europa Erdialdera eginiko bideietako ezusteetariko bat: maiatzean zehar hainbat eta hainbat herritxo zein hiri handietan aurkituko genuen Maiatza Zuhaitza. Nurnbergen elkartu ginen bertan urte asko daraman gipuzkoar batekin: egon berria zen Euskal Herrian eta harrituta zegoen euskal telebistan Sakanako Maiatza Zuhaitzari buruz ikusi berri zuen erreportaiataz: "Alemanian bezala jartzen ditek Sakanan", zioen; gure harridura ostera alderantzizkoa zen Sakanan bezala jartzen zutela Alemanian zen “maiatza”. Alemaneraz jakina, baina "Maiatza" deitzen baitiote Alemanian ere, Sakanan bezalatsu.
Alemania osoan aurkitu genuen Maiatza, Ekialdeko Alemanian ere: Ekainaren lehen egunetan ginen Ekialdean eta oraindik ikusi ahal izan genuen bakarren bat Dresdera bidean. Ekain beranduagoan, Mendebalera bueltatzean, ez genuen Maiatzik ikusi, nonbait Sakanan bezala kendu egiten dituzte maiatz hilaren azken egunean. Austriako Tirol lurraldean herritxo gehienetakoa da Maiatza, baita Austria Behea deitzen dioten lurraldekoa ere, Wiena kokatuta dagoenekoa alegia; berdin Austria Garaia edo Salzburgo lurraldeetakoa. Pentsatu genuen Txekiako Hego Bohemian ikusi genituenak Austriako eragina izan zitekeela, berdin Austriarekin muga egiten duten Eslovakiako muga inguruko herrietakoak, baina erruz aurkitu genuen muga inguruko herrietan ez zik Eki eta Ipar aldera ia Poloniako mugetan ere, hainbat euskaldun mendizalek bisitatuak diren Tatra Mendien inguruko Liptosky Mikulasen adibidez; Txekian, Alemaniarekiko mugetatik nahiko barrura, Trebon inguruetan, aurkitu genuen ere Maiatza. Bohemiako beste lurraldeetaz, ezin dugu ezer baieztatu Ekainean jo baikenuen bertara eta Maiatza Maiatzekoa da soilik nonbait. Herritxoetako plazetan ikustera ohituta, deigarria izan zitzaigun etxe kubo gris artean Eslovakiako Presov eta Bardejov inguruan ikusi genuen Maiatza: herritxoren batetik industrialdera emigratutakoen herrimin, atabismo edo ohitura.
Luzea eta sendoa ohi da Sakanako Maiatza, ebaki berria, adarrak kenduz garbitua; azalik ez diote kentzen, baina. Hezea da ere Alemaniako herritxoetako zuhaitza, ebaki berria, lerdena eta luzea, luzeagoa edo motzagoa inguruko basoen arabera, azala kenduz zuritua askotan baina ez beti: ekaina aurreratu heinean lehorragoa, idorragoa ikusten da Maiatza zuhaitza, ez da denean kentzen nonbait: Austriako Linz hiriko plaza Nagusikoa gogoratzen dut erabat lehortuta eta itxuragabetua. Hiri handietakoetan, berriz, Munich eta Spirakoak ditut gogoan batez ere, baina asko dira horrelakoak: enbor sendo eta luzea da, lehortua, zuritu, garbitu, leundu eta marra zuri-urdinez pintatuta: urtero bera jartzeko prestatuta. Enborrean hiriko lanbideen berri ematen da oholtxoetan pintatutako irudien bidez, agian garai batetan zerutar espirituei laguntasuna eskatuz akuiluak bailira zeru-mugetan jainko eta sainduen bihotzak zirikatuz bezala, agian kanpotar bisitari edo bidaiariei herriko berri emateko. Austria eta Eslovakia artean ia mugan kokatutako Hainburg an der Donau eta baita aztarna erromatarrengatik oso famatua den Petronell Carnnuntumen ezberdinak ziren Maiatzak: urkiak ziren, agian urkia inguruko zuhaitzik ugariena delako, txanka-makilak, meheak eta baxuak, zuhaitza osoa, urkia ez baita enbor handikoa gehienetan, baten ordez asko, plazan ordez kale-kantoietan zein etxaurreetan landatuak. Austria ertzeko hauetako bakoitzak bere errotulutxoa zuen ulertzen ez genuen idazki laburrarekin: taberna baten aurrekoak tabernako ezaugarriak zituen, beste batek Maiatzaren Lehena aitatzen zuen eta bazen "komandant" izena zuena kartelaren ardatz.
Sakanan ikurrina eta presoen zapia bezala, nazioko bandera jartzen diote askori puntako abarretan. Bada orria eta abarra besterik ez duenik ere. Urki mehek ostera oihal zuri zatitxo pila dute lotuta abarraterian, oparotasuna irudikatuz agian. Nabarmena zen Eslovakiako Lozornokoa: oihal zatitxoz ia zuri argituta zuen urkiaren adarteria guztia. Sakanakoak ez dute horrelakorik, baina Alemaniakoek girlandaz taxututako koroe bakarra dute goian enborra bilduz zintzilikatuta. Tirolekoek bi koroe dituzte, zenbait lurraldetan berriz hiru, txikiena goren handiena behean. Ba da enbor zuritua girlanda kiribilduz dotoretuta dagoenik ere.
Ezberdina da kokapena paraje eta lurralde bakoitzean: Alemanian batez ere herriko plazan dago, ohore osoz, baita Austriako hainbat herritan ere. Baina ikusi dugu, itxuraz inolako osperik gabe, kale ertzean, herriko albo batean, errepide ertzean, baita gasolindegi batetan ere, batez ere Mikulov eta Znojora bidean Hego Bohemian. Moraviako herritxo batetan herritik kanpo zegoen, lur landu eta basoaren mugan. Etxe partikularren batetan ere ikusi dugu, batez ere jatetxeren batetan.
Hipotesia asko egin genituen Maiatzaren nondik norakoaz, zergatiaz eta zertarakoaz. Zailagoa zen Sakanako Maiatzarekin loturarik bilatzea baldin loturarik badu. Pizgarria zen guretzat han-hemenka Maiatzok aurkitzea, kilikagarriagoa bihurtu zigun ibilia eta hainbat esamesetarako bidea eman zigulako. Sakanako Maiatzak Europako Erdigunera hurreratuko gaitu aurrerantzean. Bada azalekotik aparte beste loturarik Sakana eta Europako Maiatzon artean?. Balego nork ekarri du edo eraman?. Loturarik ez balego, bitxikeria litzake elkarrengandik hain urruti dauden herriek errito edo ohitura berdina edo antzerako sortzea. Ze ehunduran josten dira ikusezineko herrien arteko hariak?. Naturak ez ezik gizarteak ere baditu bere misterio edo portaera bitxiak. Galderoi ganorazko erantzunak ikerketa sakonagoa behar du. Guk ikusitakoa kontatzen dugu, agian norbaiti interesatuko zaiolakoan.
Europan zehar aurkitutako zanpantzar edo joareek ere sortarazi dizkigute antzerako gogoetak.