e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Denbora-bidaiarien konbentzioa egin dute MIT-en
Microsiervos-en bidez jakin dut MIT-ek denboran zeharreko bidaiarien konbentzioa antolatu zuela hil honen 7an, baina ez zela denbora-bidaiaririk agertu. Bai, niri ere grazia egin zidan hasieran notiziak, baina pentsatzen jarrita gai serioa izan daiteke...
Hori entzutean lehen erreakzioa barrea da, izan ere, nola pentsa dezake inork denboran zehar bidairik egin daitekeenik gaur egun? Baina ez du zertan orain posible izan: etorkizunean denboran bidaiatzea agian posible izango da, eta etorkizun horretan jakin badakite noiz egin zen lehen konbentzio hori, eta normalena da etorkizuneko denbora-bidaiariek historian egin zen lehen denbora-bidaiarien konbentziora joan nahi izatea...
Eta ez zen denbora-bidaiaririk agertu, edo, antolatzaileen esanetan, behintzat inork ez zuen bere burua horrela agertu publikoki, agian norbait agertu zen baina incognito, etorkizunari buruzko galderak saihestearren.
Serio jarrita, hainbat gogoeta datozkit honen inguruan. Eta arrakasta izan balute? Bidaiari bat edo batzuk agertu izan balira, egun historikoa izango litzateke... Baina bestalde, geroan bidaiok posible badira, zergatik ez dira lehenago ere agertu?
Agian bidaiok posible dira etorkizunean baina isilean egiten dira, historia ez aldatzeko edo paradoxarik ez sortzeko. Edo bestela denbora-bidaiak etorkizunean ere ez dira inoiz posible izango. Azken hau kezka sortzeko modukoa da... Zaila egiten zait sinestea denborarekin hori asmatuko ez denik, eta beraz inoiz ez badugu denbora-bidairik egitea lortzen, esan nahi du denbora nahikoa ez dugula izan. Beraz, gizadia etorkizun hurbilean amaitu egingo dela esan nahi du?
Tira, dramatiko ez jartzeko azalpen asko egon daiteke. Agian fisikaren legeek aginduta ez da posible hori egitea. Agian asmatzen dute baina debekatu, historia ez aldatzeko. Edo agian asmatu dute, iraganera bidaiatu dute eta historia aldatu dute, eta gu orain aldatutako historian bizi gara, eta gure etorkizun honetan ez da denbora-bidairik asmatuko. Edo iraganera bidaiatu zen eta historia aldatu zen, eta guk bizi dugun hau ez da benetako historia, aldatuta eta bidetik kanpo gelditu zen bat baizik. Edo denbora-bidaiariak badaude, baina denbora-polizia ere bai hauei jarraitzeko publikoan ager ez daitezen edo historia alda ez dezaten. Edo...
Gai liluragarria denboran zehar bidaiatzearena, inondik ere.
Firefox eta bere plugin zoragarriak
Bada denbora dezente interneten nabigatzeko Firefox nabigatzaile librea erabiltzen dudala, eta oso gustura nago berarekin. Eta bere plugin batzuk ere instalatuta ditut, asko oso interesgarriak baitira. Baina lehengo baten are txundituago utzi ninduen: banuen eginbehar bat, zeina burutzeko hainbat programa probatu nituen (batzuk ordainpekoak ere!) eta guztiek kale; bada, azkenean Firefox-en plugin batek konpondu zidan arazoa!
Duela hilabete pare bat interneten izan nuen Alacant-eko mutil batek aurrera daraman proiektu oso interesgarri baten berri, eta berarekin kolaborazio txiki bat egiten hasi nintzen (idatziko dut laster proiektu horri buruz). Baina horretan laguntzeko, zerbitzari batetik fitxategi mordoa jaitsi behar nituen. Zerbitzaria ez zen berea eta posible izatekotan nahiago zuen niretzako FTP kontu bat ez eskatzea. Beraz, fitxategi horiek jaisteko HTTP zerbitzariak eskaintzen zuen index orrira joan eta esteketan klik eginez banan-banan jaitsi behar nituen.
Banekien, lehenago ere erabili izan dudalako, horrelako gauzak egiteko badaudela programak. Web helbide bat ematen diozu programari eta bertako esteka guztiak bilatzen ditu. Gero horietatik batzuk edo guztiak aukeratzen dituzu, eta berak esteka horiek seinalatzen dituzten fitxategiak jaisten ditu. Hau oso interesgarria da lehen aipatutako kasurako (HTTP zerbitzari bateko karpeta baten dauden fitxategiak erakusten dituen index orri bateko fitxategiak jaisteko), baina baita beste batzutarako ere. Adibidez, argazki asko dituzten guneetan oso ohikoa da index orri bat egotea argazki txiki edo thumbnail-ekin, eta berauek argazki handirako esteka izatea. Ba horrelako batekin argazki guztiak jaitsi daitezke kolpe bakar baten.
Nik horrelako gauza batzuk egiteko aspaldi Go!Zilla erabili nuen, bere Leech funtzioaz baliatuz. Baina jada zaharkitua zegoelako edo, ez zidan web gune honekin funtzionatu. Eguneratzen saiatu nintzen, baina orain ordainpekoa dela ikusi nuen (adware-a zeukan lehen, orain kendu egingo zioten horrek ematen duen izen txarragatik). Pirateatzen hasi aurretik, beste bat probatzea erabaki nuen, GetRight, baina hau ere ordaindu behar. Doako bat bilatu, aurkitu eta jaitsi nuen, Free Download Manager, baina ez zuen egiten nik nahi nuena.
Desesperatzen hasia nengoenean, argitxoa piztu zitzaidan. Ez al da Firefox-erako plugin bat egongo hori egiten duena? Hara joan eta bingo! Download Tools ataleko lehenengoa probatu, Down Them All, eta di-da batean jarri nituen automatikoki jaisten 400 fitxategitik gora!
Firefox-en plugin-ak eskura izanik, gauza bera egiten duten beste programak ordainpeko bihurtu dituzten enpresa horien alde ez nuke txakur txikirik ere jokatuko...
Oraindik Firefox probatu ez baduzu, egin ezazu lehenbailehen, ez zara Internet Explorer-era bueltatuko. Eta Firefox erabiltzailea bazara, eman bueltatxo bat plugin-en orritik eta probatu itzazu batzuk, ez zaizu damutuko!
Urtebetetzeko komiki-opariak (eguneratzea)
Aurreko astean komentatu nizuen ba nola nire neskalagunak komiki eder batzuk oparitu zizkidan? Ba hori kontsolazio-oparia besterik ez omen zen! Bere asmoa beste komiki batzuk oparitzea zen eta aurkitu ez zituelako ekarri zizkidan horiek... Eta gaur ez zait ba besteekin etorri!
Bere asmoa, esan nizuen moduan, aurten Angoulêmeko festibala irabazitako Marjane Satrapi-ren Poulet aux prunes oparitzea zen, baina ez zuen aurkitu. Nik komentatu nuen ez nuela uste Espainian argitaratu zenik, baina berak bazekien, nik baino hobeto jakin ere, baietz, berriki aterea zela. Horretarako al nago komikiei buruzko hainbeste blogetara harpidetuta, gero horrelakoetaz ez enteratzeko? Edo agian justu horregatik da, hainbeste berri izaten ditut irakurtzeko, "Avance Novedades Editorial Norma Abril" modukoei ez diedala kasurik egiten!
Kontua da "Donostiako Armageddon Comics" dendara joan zela hori erosteko asmotan eta han esan ziotela oraindik ez zeukatela, nire urtebetetzearen hurrengo egunean ekarri behar zietela. Gauzak horrela, aipatu nizkizuen hiru marabillak erosi zizkidan. Baina horrekin pozik gelditu ez eta gaur berriz joan da eta erosi dit Pollo con ciruelas.
Horrez gain, esan dit: "eta jada han nengoenez, beste bat erosi nahi izan dizut, ez dakit gustatuko zaizun...". Eta ez dit ba Alan Moore handiaren, Watchmen perfektuaren egilearen, From Hell ekarri! (izenburua ingelesez mantentzen badu ere, gaztelaniazko bertsioan ekarri dit)
Pufff!!! Zer gehiago eska dezake pertsona batek bere urtebetetzerako?
PS.: Aurreko post-ean zoriontze-erantzun mordoa jaso eta gero, nik ere erantzun nuen nire asmoa hori ez zela adieraziz eta nire lotsa agertuz euskal blogosferako "kronika arrosa" estreinatu ote nuelako... Beno, ba ez, aurkitu dut horren moduko post bat baina zaharragoa: Mikel Larreategi "erral"-ek egin zuen 15 egun lehenago.
PPS.: Neskalagunak beti asmatzen du opariekin eta kristorenak egiten dizkit, eta ni desastre hutsa naiz... Azken honek gainera hurrengoan zerbait oso ona egiteko erantzukizuna sortu dit... Iradokizunak onartzen ditut, edo hobe esanda eskertuko nituzke. Kontaktu orriaren bidez, mesedez, bloga irakurri egiten baitu.
IEB 2005eko moblogging-a azkenean!
Oraintxe, nire urtebetetze eguna amaitzeko ordutxo bat falta denean, jaso dut azken oparia: Euskaltelekoek konpondu dute neskalagunaren mugikorretik MMSak bidaltzeko nuen arazoa, eta Informatikari Euskaldunen V. Bilkuran telefono mugikorrarekin egin nituen argazkiak blogera posteatu ahal izan ditut.
Orain arte deitzen nien bakoitzean bi konponbide probatzen zituzten: beraiek beraien ordenagailuan nik MMS-ak bidaltzeko aukera berraktibatzea edo niri mezu bat bidaltzea MMS-en bidalketa konfiguratzen zidana. Baina biek beti kale.
Gaur erantzun didanari insistitu diot horiek askotan probatu ditudala eta ea ezin den beste ezer egin. Esan dit: "¿y no le han intentado configurar su teléfono manualmente?". Pues ez. Orduan esan dit beste telefono batetik deitzeko mugikorra eskutan nuela, eta konfigurazioko datuak banan-banan errepasatu ditugu. Dena ondo zegoen, baina bukaeran konfigurazioa gordetzeko esan diot. Ba ez nuen uste ezer konponduko zenik, konfigurazio guztia ongi izanik, baina konpondu da, aizue!
Bidalitako mezuak automatikoki agertu dira blogean, baina oraingo data eta orduarekin. Aurreko ostiraleko data eta gutxi gorabehera bidali nitueneko ordua jarri diet. Horrez gain, technoratin IEB2005-eko beste gauzekin batera ager zitezen esteka bat jarri diet, Garik eskatu bezala.
Argazkiei buruz, oraingoan bereizmen aldetik kalitate hobea dutela iruditu zait. Baina ez daude ongi argitasunari dagokienean. Jokatu nuen mugikorrean argitasun ezberdinak probatuz, baina beti edo proiekziokoa argiegi zegoen eta ezin zen irakurri, edo aurkezlea eta jendea ilunegi agertzen ziren. Lehenean izan ezik, beste hiruetan zoom-a erabili nuen (zoom digital kaxkarra da eta ez optikoa, argazki txikiagoak ateratzen ditu aukeratutakoan zentratuta, eta kitto).
Eta honekin uste dut denbora baterako amaitu dudala moblogging-aren esperimentu hau. Nire blogaren jardun arruntean ez dut hori erabiltzeko asmorik. Agian etorkizunean egiten den beste ekitaldiren baten erabiliko dut berriro (baina ez dut gogoan besterik dudanik denbora luzean), edo noizbait mugikor berriago eta hobe bat eskuratuz gero probatuko dut ostera ere. Nork daki...
Informazio gehiago bilkurari buruz hemen: ieb2005.
Zorionak niri!!!
Gaur San Prudentzio eguna izateaz gain nire 34. urtebetetzea ere bada, eta nire neskalagun bedeinkatuak kristoren oparia egin dit: komiki batzuk erosi dizkit. Aupa!
(A ze esaldi kristaua gelditu zaidan sarreran: San Prudentzio, bedeinkatua, kristorena... Azken asteotako bonbardaketa mediatikoaren eragina nonbait, Ratzinger Z, badakizue...)
Berriz ere, beti egiten duen legez eta nik ez bezala, bete-betean asmatu du Alaitzek. Hona zein komiki oparitu dizkidan (bide batez, erran dezadan irakurri ahala hemen komentatzen joango naizela, noski):
- Hasteko, dagoen komikirik onena oparitu nahi zidan. Nik argi daukat niretzat behintzat inoizko komikirik onena Watchmen dela eta oso-oso zaila izango du beste edozein komikik postu hori kentzea (laster hemen horri buruz hitz egiteko asmoa daukat). Hala ere, interneten googleatzen ibili zen eta jende askok Batman: El regreso del señor de la noche aipatzen zuela ikusiz, hori erosi zidan. Oso aukeraketa ona, honi buruz beti oso ondo egin didate berba. Frank Miller-ena da, Sin City bikainaren egilea. Komikizale guztion ahotan dabil orain azken honetan oinarritutako Sin City filma, Robert Rodriguez-ek Frank Miller beraren laguntzarekin zuzendu duena, filmera eramatea ederto lortu omen du eta (bai komikietako teknikak orokorrean, bai komiki honen giro iluna, bai dena). Berriki estreinatu dute AEB-etan, arrakasta handiarekin publiko zein kritika aldetik.
- Jarraitzeko, aurten Angoulêmeko festibala irabazitako Marjane Satrapi-ren Poulet aux prunes oparitu nahi zidan, baina ez zuen aurkitu (ez dut uste Espainian oraindik argitaratu denik). Baina horren ordez egile beraren Bordados oparitu dit. Chapeau!
- Eta horrekin guztiarekin nahikoa izango ez zelakoan edo, "dendan aurkitutako beste liburu bat" ekarri dit, ez dakiena gustatuko ote zaidan: El gran libro de Charlie Brown. Nola ez zait gustatuko Charles Schulz-en Snoopy-ren tira piloa duen liburu potolo hori?
Beno, bukatzeko, blog honen irakurleen artean bereziki komikizalea ez den norbait balego (izango da informatika atalagatik edo laguntzat naukalako jarraitzen duenik) etxean traban dituen komikirik daukana (txikitakoak oraindik dituelako, norbaitek oker oparitu izan dizkiolako...), jakin dezala atzeratutako opariak onartzen ditudala! ;-)
(Alaitzek akabatu egingo nau blogean berriz aipatu dudala jakiten badu... Beno, ez du bloglines-en harpidetzarik, beraz ea lehenbailehen idazten dudan zeozer gehiago hau portadatik desager dadin...)
Basaurikomik 2005: Basauriko komiki astearen lehenengo edizioa
Kultur Basauri elkarteak eta EIEP (Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala)-ek antolatuta, maiatzaren 5etik 8ra egingo da Basauriko I Komiki Astea.
Hauek dira bertan antolatuko diren ekitaldiak:
Maiatzaren 5a, osteguna
- 19:00tan: Hitzaldia. "La historia de un cómic: La pipa de Marcos". Javier de Isusi eta Fernando Tarancón.
Maiatzaren 6a, ostirala
- 18:30ean: Mahaingurua. Egile gazteak. Alex Orbe, Enrique Vegas eta Víctor Santos.
- 21:00etan: Music & Art. Miopía eta The Sinclair taldeak eta Danimaiz eta Javier de Isusi ilustratzaileak.
Maiatzaren 7a, larunbata
- 18:30ean: Mahaingurua. Habeko mik. Juan Manuel Díaz de Guereñu, José Ibarroña, Rober Garay eta Carlos C. Borra.
- 19:00tan: Ganorabako sarien banaketa.
- 19:30ean: Cortomanía proiekzioak.
Maiatzaren 8a, igandea
- 11:30ean: Komikia kalean. Gazte Leku fanfarrea eta Alberto Pecharomán eta Imanol Balenciaga karikaturistak.
Oharrak
Hitzaldi, mahainguru eta beste ekitaldiak zein hizkuntzatan izango diren ez dakigu. Programa gaztelaniaz iritsi zaigu eta itzuli egin dugu, izenburuak izan ezik.
Berri hau La cárcel de papel webgunetik hartu da.
Komikiak, Espainiako monarkia, blogak eta beste
Espainiako Erret-Etxea eta eguna beroni ipurdia zuritzen ematen duten Espainiako medioak (hau da, ia guztiak) aztoratuta omen daude astearte honetan, hilak 19, Telecincok berria eman zuenetik: Marvel etxeak uda honetan aterako duen "House of M: The Pulse" komikian Magneto irudikatzeko Espainiako erregearen argazki ofizial bat erabili dutela, Espainiako Armadaren Kapitain General gisa agertzen den argazki bakarra hain zuzen ere (komiki hau What if edo "Zer gertatuko zen baldin eta..." unibertso paraleloen seriekoa da, eta bertan Magneto mutanteen errege izatera iristen da).
Berria ez da hain berria, komikien blogosfera jarraitzen dugunok aspaldi genekien. Eta gainera ez da lehenego aldia horrelako zerbait gertatzen zaiona Espainiako monarkiari...
Notizia eta bi argazkiak komikiei buruz Espainian dagoen blog onenak, Álvaro Pons-en "La cárcel de papel"-ek, argitaratu zituen apirilaren 8an. Eta komikizaleon katxondeoaz gaindi ez zuen inongo eraginik izan. Medio tradizional baten agertu zen arte.
Gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da hau. Gaur egun, sarri gertatzen zait blog baten berri edo erreportaje bat irakurtzea eta medio tradizional baten handik denbora batera ematea. Blogosferan gaur egun dagoen jende kopurua eta medioaren dinamikotasuna dela-eta, blogak aurrea hartzen ari zaizkie telebista, irrati, egunkari eta enparauei. Eta azken hauek gero eta gehiago erabiltzen dituzte blogak informazio iturri gisa. Blog tematikoek, komikiei buruzkoek adibidez, segituan izaten dute edozerren berri eta ia instantean argitaratzen dute, eta horrelako konpetentzia sano bat ere egoten da nork berri baten primizia eman. Anekdota gisa, esango dut nik beste inon irakurri edo entzun aurretik Frantziako Neuvième Art blogean jakin nuela ia zuzenean aurtengo Angoulèmeko komiki festibalean sari nagusia Marjane Satrapik irabazi zuela, eta nire blogean Espainiako beste edozein blogek baino lehen publikatu nuela (gero beste blog batek eman zion meritu hori bere buruari, euskarazko blogosfera beste mundu bat baita, baina nik harrotasuntxo hori izango dut beti).
Jarrai dezagun hariarekin. Telecincok astearte honetan berria eman zuenetik, gauzak nahastuz joan dira: La cárcel de papel erorita, Espainiako Erret-Etxeko zerbitzu juridikoak neurriak hartzea aztertzen... Lurrikara!
Espainiako komiki-blogosferak, zorionez, ez dauka monarkiarekiko herrialde horretako jende gehienaren iritzi bera. Blog gehienetan aipatu dute, beti barre-tonuan eta asuntoari garrantzia kenduz. Izan ere, liburu, film eta komikietako pertsonaia asko eta asko pertsonaia errealetan inspiratuta egon dira. Hala ere, komentarioetan ez da falta garrantzia kentzen ez dionik, arrazoi hauengatik:
- Magnetoren irudia ez dago erregearenean inspiratuta soilik, guztiz anaroseatuta baizik.
- Erregea edo beste norbait izan, irudi- eta egile-eskubideen urraketa garbia dago; egile-eskubideak Alberto Schommer argazkilari gasteiztarrarenak dira
- "Inspiratutako" pertsonaia ere ez da nolanahikoa, diktadore ero bat baizik! (Magnetori buruz ari naiz)
Edonola ere, aurrez ere oinarritu izan dira Borbondarretan komiki-pertsonaia bat sortzeko. El Gatu-ren blogean jakin dut Hergé ere Tintin-en Le sceptre d'Ottokar komikiko Muskar XII Syldaviako erregea eta Alfonso XIII-ren arteko erlazioarena:
Irudia: Hergé / Philip Alexius de Laszlo
Egia da kasu honetan antza ez dela hain erabatekoa eta ziur aski Europako beste erregeak ere antzera jantziko zirela garaiotan, baina inspirazio hori dagoela pentsatzeko beste arrazoi batzuk daude: Tintinen abentura horretan, Muskar erregeak bere burua ia-ia abdikatzera behartuta ikusten du (azkenean, noski, Tintinek salbatzen du egoera); Alfonso XIII-k abdikatu egin zuen 1931n, komikiak 1939an argia ikusi baino 8 urte lehenago. Orduan ez zen horrelakorik muntatu... Agian Muskar istorioan pertsonaia on gisa agertzen delako? Edo urte hartan bazutelako arduratzeko gauza garrantzitsuagorik horrelako tontakeriak baino...
Edozein modutan, nork esango zidan niri Borboi baten argazkiren bat jarriko nuela nire blogean... Ba baten faltan, horra bi!!!
Moblogging-ak porrot
Gaur ezin izan dut Miramondik Informatikari Euskaldunen V. Bilkuraren moblogging-ik egin. Mezu bat posteatu ahal izan dut, baina gero telefono mugikorra arazoak ematen hasi zait.
Atzo idatzi nuen bezala, telefono mugikorra eramatea erabaki nuen, nahiz eta ez nengoen ziur erabiliko nuen. Baina goizaren hasieran CodeSyntaxeko Mikel Larreategi "erral"-ek galdetu dit ea telefono mugikorra gainean nuen, eurek CoreBlog aurkezten zutenean ondo egongo litzatekeela moblogging aukera ematen duela zuzenean erakustea, aurkezpenaren argazki bat posteatuz.
Ideia gustatu zait, baina behin hastekotan pentsatu dut gutxienez Elhuyarreko eta Elekako lankideen aurkezpenak ere publikatu beharko nituzkeela, eta horrela hasiz gero guztiaren kronika egitea hobe zela.
Eta horretan hasi naiz, lehenengo saioari, aurkezpenari, argazki bat ateraz eta blogean ager zedin MMS bat bidaliz. Dena ongi. Gero hitzaldietako baten ere egin dut eta ondoren aurkezpenetako baten.
Baina halako baten konturatu naiz mugikorrean errore mezu bat zegoela eta ez dizkidala azken bi mezuok bidali. Hainbatetan birbidaltzen saiatuta ere, alferrik. Euskaltel-era deituta ere ezin izan didate konpondu.
Mikelek CoreBlog aurkeztean esan du moblogging aukera ematen duela, nik egin nuela igandean, gaur ere horretan ari nintzela eta agian orain zuzenean ikusi ahal izango genuela (eskerrik asko aipamenagatik!). Nahiz eta ia ziur egon ez nuela lortuko, saiatu naiz, alferrik.
Horrekin penatuta, azkenean ez ditut atera benetako kronika egiteko atera nahiko nituzkeen argazki guztiak (kafea, bazkaria, mahaingurua...) eta orain damu dut. Atera ditudan beste hiru argazkiak gutxienez posteatuko ditut mugikorraren arazoa konpontzen denean (hor gordeta daude), baina atera ez ditudanak...
Blogak ematen dituen satisfakzioetako bat da jendeari bertan esaten eta egiten duzuna interesatzen zaiola jakitea. Nik moblogging-a esperimentu gisa hartu nuen, baina gero jendeari interesatzen zaiola ikusi dut (igandekoaren ondoren erantzunak jaso nituen, Luistxok, Maitek eta Joxek euren blogetan ere aipatu zuten, Oier Araolazak erantzun baten idatzi dit oso ongi etorriko zaiela kronika joan ezin direnei, Mikelen aurkezpenarena ere...)
Azkenean kale guztiei. Sorry. Tira, Oier, argazki kronika utzi du bide tradizionalez eginda (argazki kamera digitalari bide tradizionala deitzen ari natzaio!?) zure anaia Garik hemen...
Informazio gehiago bilkurari buruz hemen: ieb2005.
IEB 2005 Argazki kronika IV
Coreblog-en aurkezpena
Informazio gehiago bilkurari buruz hemen: ieb2005.
IEB 2005 Argazki kronika III
Elekako lankideen produktuen aurkezpena
Informazio gehiago bilkurari buruz hemen: ieb2005.