Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
Joan den ostiralean, iazko abenduaren 30ean, Ruben Arozena "Ruben" komikigilea bihotzekoak jota zendu zen, 39 urte zituela.
Rubenek Triski eta Bi Luma komikiaren bi orrialde argitaratzen zituen hilero Ipurbeltz aldizkarian.
(Hileta elizkizunak gaur, urtarrilak 2, arratsaldeko 7etan izango dira Elgoibarko parrokian)
Ruben Arozena Elgoibarren jaio zen duela 39 urte. Ikasketak Valentzian egin zituen. Azken urteetan Bilbon bizi zen.
Ruben 17 urterekin hasi zen Ipurbeltzekin kolaboratzen, Triskilistraski pertsonaiarekin. Gero pertsonaia horri Bi Luma gehitu zitzaion, oraindik ere jarraitzen duen Triski eta Bi Luma bihurtuz. Horiez gain beste komiki batzuk ere argitaratu ditu Ipurbeltzen: 1988an Brans eta 1989tik 1994ra Aigar eta Pello gerlariak.
Horrez gain, Habe, Habeko Mik, Aizu eta Hemen aldizkarietan ere publikatu izan ditu komikiak. Eta euskara ez den beste hizkuntza batzuetan ere bai, hala nola El Víboran eta Erromako Nuova Frontieran.
Doluminak Rubenen sendiari eta Ipurbeltzeko guztieri.
(Eskerrik asko Joxean Lopetegi Lope eta Ipurbeltzekoak informazioagatik)
Aupa Ipurbeltz,
Oso erantzun polita utzi duzu nire blogean, hunkigarria benetan. Eta asko sentitzen dut zure lankidearen galera, nire doluminik sentikorrenak eman nahi dizkizut.
Nire aldetik, ilusio handia egin dit zuk hemen idazteak eta nire blog xume hau ezagutzen duzula jakiteak. Ni Ipurbeltzekin hazitakoa naiz, Ipurbeltzekin ametsen mundua ere baden komikien ezagututakoa eta Ipurbeltzi eta hori bezalakoei esker komikizaletutakoa. Beraz, ez dakit berri hau egunkariren baten agertuko den ala ez, baina zalantzarik ez izan jende askorentzako oso garrantzitsua zarela.
Animo eta aurrera!