"Goienkaria"-n agertu naiz
Joan den ostiraleko Goienkariako Goienka2a kultura gehigarrian geek-ei (edo teknologia berrien zaleei) buruzko erreportajea egin zuten, eta ni izan nintzen bertan agertu zirenetako bat.
Astelehenean Goienkariako Leire Kortabarriak idatzi zidan blogeko kontaktu orritik, ea geek-ei buruz egin nahi zuen erreportaje batean agertzeko elkarrizketa bat egin ziezadakeen telefonoz. Astelehen arratsaldean bertan egin zidan elkarrizketa. Ongi joan zen dena, oso eroso sentitu nintzen eta gauza piloa kontatu nizkion. Halere, gero kezka gelditu zitzaidan, hori guztiori nola geldituko zen erreportajean, edo azalpen teknikoak-eta ongi ulertuko ote zizkidan. Baina Leirek oso lan ona egin du: nik esandako guztitik garrantzitsuena zena ateratzen jakin du eta ongi azaldu du guztia. Horrez gain, informatikari eta teknologiazaleen gaineko aurreiritziak gezurtatzen saiatu da artikuluan, normalean medio orokorretan alderantziz egiten dutenean. Aupa Leire!
Artikulurako hurrengo egunean argazki bat bidaltzeko ere eskatu zidan Leirek, posible balitz telebista ikusi eta grabatzeko erabiltzen dudan ordenagailuarekin (ikusi hau, hau, hau, hau, hau edo hau) edo horrelako zerbaitetan. Ez nuen hori egin, ez nuelako uste ongi geldituko zenik: biak (ordenagailua eta ni) argazki bakarrean ongi ateratzea ez da erraza, eta gainera ez da erraza ordenagailu txiki hori DVD erreproduzigailu arrunt batetik ezberdintzea. Beraz, etxeko beste ordenagailuarekin, hau da, nire gauza eta lanetarako erabiltzen dudan beste ordenagailuarekin, atera zidan argazkia Alaitz neskalagunak. Bere gurasoek utzi behar izan ziguten argazki-kamera digitala, nik ez baitut (mesedez, ez nazazue geek-en klubetik bota!). Ordenagailuko pantailan niri buruzko gauza esanguratsu batzuk erakutsi nahi izan nituen, baina ez dakit azkenean aldizkarian zer diren nabaritzen den: nire bi seme Ximun eta Hur Hendaiako hondartzan jolasten agertzen diren argazki bat (kamera digitalik ez badut ere, argazki guztiak ordenagailura pasatzen ditut), nire blogaren irudi bat nire komikirik gogokoena den Watchmen-i buruz idatzi nuen artikulua erakusten duena, eta internetetik jaitsitako Mazinger Z seriearen irudi bat.
Erreportajean nitaz gain Mutilmedia-ko neska-mutilak ere agertzen dira. Erreportajeari buruzko artikulua idatzi dute euren blogetan mutilmediakoek eurek eta Klik bikoitzako Imamonek (Goienkariako langilea dena). Gainera, Imamonek PDF formatuan jarri du erreportajea bere blogean.
A, eta azken gauzatxo bat: artikuluko izenburuko esaldia nik esandakotik hartu du Leirek!
Imamon, lasai, ez da ezer gertatzen. Nik ere badakit mondrauetarra izanik nire leku "naturala" Goiena.net dela, baina bloga ireki nuenean Goiena-n ez zegoen blog komunitaterik, eta geroztik bertan jarraitzen dut oso gustura nagoelako eibartarren artean , blogean esperimentuak egin ditzakedalako, posta zerrendagatik, bertako jendearengatik... Eta migratzeko lanak ez hartzeagatik ere bai, noski!
Eta Maite, zer diren bizitzaren kasualitateak, nik ere gaur jarri dizut aurpegia zuri! Aste bukaera luze hau pasatzera Arrasatera etorri gara, gurasoen etxera, eta azaroaren 14ko Asteleheneko Goienkaria -n ikusi dut Ametsaren aro berria komikiaren kontura zu agertzen zaren erreportajea!