e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Joseba Larratxe "Josevisky"-k komikiaren hizkuntza ulertzeko sarrera tailerra emango du Irunen larunbat honetan
Joseba Larratxe Josevisky marrazkilaria Komikia: mugimendu ikusezina ikastaroa ematen ari da Tolosan hilabete honetan eta hurrengoan zehar. Bada, ikastaro horren bertsio laburra emango du larunbat honetan Irunen, Kontenporanea jaialdiaren barruan. San Juan Plazan izango da arratsaldeko 17:00etan, pare bat orduko saio irekian.
Bestalde, Larratxek berriki Vertigo AEBko argitaletxearekin komikia atera zuen. Strange Sports Stories 4 komiki kolektiboko lau istorietako bat marraztu du, Waking, Genevieve Valentineren gidoia duena (bertakoa da artikulua ilustratzen duen irudia). Bertan Euskal Herriko hainbat ikur ezkutatu omen ditu egileak! Komikia bere orrian bertan online eros daiteke.
Parrapean eta Rekalde-Ortzadar komiki-lehiaketen edizio berri bat
Parrapean Komiki-Lehiaketaren II. edizioa eta Rekalde-Ortzadar KMK Lehiaketaren V. edizioa martxan dira. Bietara euskarazko lanak aurkeztu behar dira, eta aste batean amaitzen da bietara lanak bidaltzeko epea.
Parrapean lehiaketa 14-17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, bi orritako komikiak aurkeztu behar dira, euskaraz daudenak edo mutuak, eta epea urriaren 19an amaitzen da. Rekalde-Ortzadar KMK lehiaketan ez dago adin mugarik, lau orritako eta euskaraz dauden lanak aurkeztu behar dira eta epemuga urriaren 18a du.
Informazio gehiago, goian estekatutako euren webguneetan daukazue. Animatu!
Bihar emango diote hasiera Intxaurrondoko komiki-solasaldien kurtso berriari
Bihar, urriak 13, emango diete hasiera Intxaurronodoko Kultur Etxeko komiki-solasaldiei. Aurreko urteetan bezala, hilero solasaldi bat egingo da, komiki bat gaitzat hartuta. Aurten Juan Manuel Diaz de Guereñu adituak zuzenduko ditu solasaldiok, eta El fotógrafo, Los surcos del azar, Píldoras azules eta Notas al pie de Gaza moduko lanak izango dituzte mintzagai. Egitarau zehatza kartelean aurki dezakezue. Egitarau interesgarria zalantzarik gabe, baina pena da, aurreko bi ekitaldietan ez bezala (non solasaldien ia erdia euskarazko komikiei buruzkoak eta euskaraz ziren), aurtengoan denak gaztelaniaz eta euskaraz ez dauden lanei buruzkoak izango direla...
Jodorowsky-ren inguruko hitzaldia, Luis Gascaren eskutik
Alejandro Jodorowsky txiletarra, beste gauza askoren artean (idazle, zine- eta antzerki-zuzendari, aktore, musikari...), komiki-gidoilari ezaguna ere bada. Moebiusekin L'Incal egin zuen, Juan Giménezekin Metabaroien saga, Manararekin Borgiatarrei buruzko seriea, Boucq-ekin Bouncer... Bada, bere lagun Luis Gascak, komikian eta zineman aditua dena (Donostiako Zinemaldiko zuzendari izana da, hainbat komiki-argitaletxetan editore, komikiei buruzko liburuen idazle eta komiki-kritikari...) eta Koldo Mitxelenako Komikigunearen sorgune izan zen bilduma Gipuzkoako Foru Aldundiari eman ziona, berari buruzko hitzaldia emango du Donostiako Egia auzoko kultur etxean arratsaldeko 18:30ean.
Benetako luxua.
"Ötzi - Por un puñado de ámbar" komikiaren aurkezpena Donostian
Tristísima ceniza - Un tebeo de Robert Capa en Bilbao eta El pico de los cuervos - Matar a Franco komikien egile Mikel Begoña (gidoilaria) eta Iñaket (marrazkigilea) bilbotarren azken lana da Ötzi - Por un puñado de ámbar. 1991n bi mendizale alemaniarrek Alpeetako glaziar batean 3.200 metroko altueran izoztuta aurkitutako gorpu momifikatua da Ötzi, k.a. 3.300 urtearen inguruan bizi izandakoa. Trilogia bat izango denaren lehen zatia den komiki honetan, haren bizitzaren fikziozko istorio posible bat kontatzen dute egileek, Sergio Leonek zuzendu eta Clint Eastwoodek antzeztutako Dolarraren trilogiaren antzeko izenburu eta azalekin kontatua.
Ostiral honetan, irailak 25, 18:00etan, komikiaren aurkezpena eta beraren inguruko solasaldia egingo da Donostiako Elkar aretoan. Komikia egileen eskutik ezagutzeko eta ale sinatua lortzeko parada paregabea!
Baztanga Eroa 4
Duela hiru urte hasi zuen bere ibilbidea HamarHatzHandi-k egiten duen Baztanga eroa komiki fanzineak, eta jada bere 4. zenbakia heldu da, S izenekoa. Online dago ikusi edo deskargatu nahi baduzu.
On egin!
"Baleak ikusi ditut" Bartzelonako Komiki-Azokako sariketan izendatua
Espainian egiten diren komiki-azoken artean Bartzelonakoa da ezbairik gabe garrantzitsuena, eta esan daiteke Bilboko Astiberri dela bertako komiki-argitaletxeen artean onenetakoa. Izan ere, aurten ere izendapen ugari jaso ditu bertako sariketan, 7 hain zuzen ere.
Horietako bat urteko lanik onenarentzat, euskaraz ere atera zuten eta euskal gatazka lantzen duen Javier de Isusiren Baleak ikusi ditut lanarengatik. Lehenago Europa osoko komiki-azokarik garrantzitsuenean (Angulemakoan) ere jaso zuen lanik onenarentzako izendapena komiki honek.
Azkenean lan horrek ez zuen sari hori eraman, baina bai Astiberriren beste lan batek, Santiago García eta Javier Olivaresen Las meninasek hain zuzen.
Zorionak, Astiberri!
"Justin Hiriart"-en integrala, crowdfunding-ean
Justin Hiriart joan den mendeko 80ko hamarkadako komiki-serie bat da, Gregorio Muro Harrieten gidoia eta Francisco Fructuosoren irudiak zituena, eta Justin Hiriart euskal balea-arrantzalearen abenturak kontatzen dituena. Euskaraz eta gaztelaniaz hiru album atera ziren, Erein eta Ttarttalo argitaletxeekin hurrenez hurren, baina Frantzian 5 album (Glénaten eskutik) eta dezenteko arrakasta izatera iritsi zen, albumetako bat Angulemako Komiki-Azokako (Europako komiki-azoka garrantzitsueneko, alegia) sarirako izendatuta ere egon zela. Nire txikitako komiki gogokoenetako bat zen.
Orain egileek berrargitaratu nahi dute formatu integralean gaztelaniaz, eta horretarako crowdfunding-a ireki dute Verkami plataforman, uztailaren erdialdera bitartean irekita egongo dena. Beraz, proiektua diruz laguntzeko aukera daukazu, album dedikatuaren truke.
P.S.: Elkarrizketa honetan Gregorio Murok berak dioenez, beharbada euskaraz ere argitara liteke!
"Nafarroako historia", berrargitaratuta
Cénlit-denonartean argitaletxeak Rafael Ramosek 80ko hamarkadan egindako komikiak berrargitaratzen darrai. 2013an F. Navarro Villosladaren eleberrian oinarritutako Amaia – Euskaldunak VIII. mendean izan bazen, orain Nafarroako historia atera du. Bere izenburuak dioen legez, Nafarroako historia kontatzen da bertan, Harri arotik hasita Gamazadaraino, XIX. mende amaieraraino alegia. Aukera paregabea Erresuma Zaharraren historia ezagutzeko!
"Gartxot" komikia bretoieraz
XI-XII mendeetan bizi izan zen Gartxot Itzaltzuko bardoaren itzala ez da luzatzeaz gelditzen. Bere istorio eder bezain gogorra formatu ugaritan kontatu dute. XX. mende hasieran Arturo Kanpionek lehenengoz nobelaratu zuen, eta 80ko hamarkadan Benito Lertxundik disko oso bat eskaini zion. 2003an Asisko, Marko eta Jokin Larreak komikian kontatu zuten bere bizitza eta duela lau urte Asiskok eta Juanjo Elordik animazioko filmera egokitu zuten. Bada, orain Bretainiako Ya! astekaria aipatutako komikia bretoieraz argitaratzen hasi dira.
Biba Gartxot!

