e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Arturo Erregea" seriea osatu dute azkenik
Iazko irailean aipatu genuen hemen Arturo Erregea marrazki bizidunetako serie bikaina, ETBk aspaldi emandakoa, euskaraz jartzen ari zirela Euskal-Encodings webgunean, eta jada 18 ripeatu zituztela. Ba, arazo asko izan eta kristoren lana egin ondoren, azkenean amaitu dute serie osoa ripeatzeaz. Helbide honetan dituzue eskuragai. Eskerrik asko berriz Euskal Encodings!
Barakaldoko "Teknologia berriak" umore grafikoko lehiaketaren inguruko berriak
Aurreko batean hitz egin genizuen hemen Barakaldoko Udalak antolatzen duen Teknologia berriak umore grafikoko VIII. lehiaketari buruz. Lehiaketa amaitu da jada, 54 herrialdetako 322 partehartzailek 816 lan aurkeztu dituzte, eta hauek izan dira irabazleak:
- 1. saria, 1500 euroz hornitua, Emilio Federico Ferrero argentinarrarentzat
- 2. saria, 1000 euroz hornitua, A Coruñako David Pintor eta Carlos Lópezentzat
- 3. saria, 800 euroz hornitua, José Francisco Martínez murtziarrarentzat
- 4. saria, 700 euroz hornitua, Ahmet Aykanat turkiarrarentzat
- 5. saria, 500 euroz hornitua, Bahman Jallali irandarrarentzat
Gainera, Barakaldoko Udalak museo birtual bat jarri du online lehiaketaren zortzi urteetan aurkeztutako 3800 lanetako batzuk erakusteko. Sauré argitaletxeak egindako webgunean udalerriko lau toki esanguratsu bisita daitezke, horietako bakoitzean lehiaketara aurkeztutako lanetako batzuk ikusiz: udaletxean zortzi urteotako lan irabazle guztiak ikus daitezke, lorategi botanikoan ingurumenarekin lotutako lan batzuk, Gurutzetako ospitalean medikuntzarekin lotutakoak eta BECen zientzia, teknologia eta informatikarekin lotutakoak. On egin!
"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
Aurreko artikulu baten kexatzen ginen ETBk ez duelako aspaldian kanpoko helduentzako serierik euskaraz eman, eta Heroes seriearen adibidea aipatzen genuen, zeinaren 1. denboraldia telebistan bota zutenerako, DVDa kalean zegoen salgai euskarazko audioarekin, baina ETB2n eman zuten gaztelaniaz. Ba 2. denboraldiarekin zentzugabekeria bera egitera doaz...
Hasteko, oso berandu eman behar dute. 2. denboraldia AEBetan 2007ko irailean hasi ziren ematen eta abenduan bukatu. Hemen urte eta piku beranduago emango dute, eta hori tarte ikaragarria da Internet eta BitTorrent aroan. Seriearen zale gehienek aspaldi ikusi genuen saretik jaitsita, ETBri itxoiteaz aspertuta. Baina ez hori soilik, berriz ere DVDa aurreratu zaie. Zenbat ikusle ez ote dituzte galdu, beraien serie izarrarentzat...
Tira, behintzat DVDan euskarazko audioa ere badago, eta ETBk oso erraz eman zezakeen 2. denboraldia euskaraz... Baina ez, berriz ere kale. Euskaldunak ez gara existitzen ETBrentzat, ETB2n emango dute, gaztelaniaz beraz.
Orain zalantza bakarra da ea, egindakoa apurtxo bat zuzentzeko, emisio digitalean audio dualarekin botako duten, baina esperantza gutxi: iaz iragarri zuten 1. denboraldiarekin hori egingo zutela, eta gero bete ez... Gainera, oso jende gutxik du oraindik LTD hartzailea, beraz konponbide kaxkarra litzateke...
Zorionez, Euskal-Encodings badaude jada 2. denboraldiko atal guztiak euskarazko audioarekin. Eskerrik asko berriz, Euskal-Encodings! Orain ETBk merezi du euskaldun guztiok, berak aintzat hartzen ez gaituenez, Euskal Encodings-etik jaistea Heroiak-en 2. denboraldia euskaraz eta ETB2n ez ikustea, audientzia jaits dakien eta espabilatu daitezen...
Oin-ohar txiki bat, artikuluaren hasieran genionarekin lotuta. Egia esateko, ETB hasi da kanpoko serieak euskaraz ematen. ETB3n bi ematen dituzte orain, Doctor Who eta Heroiak-en 1. denboraldia. Baina ezin da konparatu ETBk horiei ematen dien tratamendua edo ETB2ko beste serieei ematen diena. Doctor Who gutxi eta gaizki iragarri zuten, eta Heroiak-en 1. denboraldiaren hasiera ez zuten iragarri. Heroesen ETB2ko emanaldiari, aldiz, kristoren propaganda, maratoia... Eta gainera, ETB3 telebista digitala dutenek soilik ikus dezakete...
Eta amaitzeko, gomendiotxo bat: ez galdu Irudi txokoa bloga (jarri ditudan azken bi estekak bertako artikuluetara dira); blog guztiz ezinbestekoa, euskarazko film eta serieei dedikatutakoa, horien inguruan jakintza izugarria du eta artikulu benetan interesgarriak argitaratzen ditu.
Tintinek 80 urte!
Gaur 80 urte ikusi zuten argia Tintin erreportari famatuaren lehenengo binetek. Le Petit Vingtième aldizkarian Hergéren Tintin au pays des Soviets abentura argitaratzen hasi ziren 1929 urtarrilaren 10ean, eta ondorengoa historia da.
Tintin nire komiki pertsonaiarik gogokoenetakoa da, Hergéren jaiotzaren mendeurrenean idatzi nuen artikuluan argi geratzen denez. Lehen album hau kaskarra bada ere, eboluzio nabarmena jasaten dute ondoren bai egileak, bai pertsonaiak eta baita komikiak ere, eta saila osoan hartuta oso gomendagarria da haur nahiz helduentzat. Zorionak, beraz, Tintin!
OLPCk ustekabean amaitu du "Give One Get One" kanpaina
Garapen bidean dauden herrialdeetako haurren alfabetatze digitala helburu duen One Laptop Per Child erakundearen Give One Get One kanpaina, zeinaren bidez beraien XO ordenagailua eskuratu dezakezun hirugarren munduko haur batentzako beste bat ordainduz, amaitu da momentuz.
Kanpaina hasi zenean ez zioten amaiera datarik jarri, eta denbora aurrera joan ahala kanpainan herrialde gehiago (AEBak, Kanada eta Europaz gain) sartzeko asmoa zutela esan zutenez, luzerako kanpaina zela uste zuen mundu guztiak. Baina abenduaren 29an iragarri zuten euren blogean, guztiz ustekabean, 2008aren amaierarekin bat amaituko zela kanpaina.
Beraz, jada ez dago aukerarik XO ordenagailurik eskuratzeko. Ea 2009aren amaieran berriz ere jartzen duten martxan kanpaina...
Hainbat komiki-ekitaldi egunotan Gasteizen
Urte bukaera eta hurrengoaren hasiera honetan komiki-ekitaldi aukera zabala dago Gasteizen.
Batetik, Crash Pilulak izeneko formatuaren barruan hainbat ekintza daude programatuta. 2003tik 2007ra Crash Comic deitutako festibal tematikoa antolatu izan du urte amaieraro TMEO aldizkariaren inguruan ibiltzen diren hainbat komikigilek osatutako Atiza komikigileen elkarteak; orain festibal formatua utzi eta Crash Pilulak deitu duten honetara pasatu dira, urtean zehar hainbat ekintza antolatzeko asmoz. Une honetan martxan dituztenak hauek dira:
- Gazteentzako komiki-lehiaketa (2009ko urtarrilean): Gauekoak-ekin elkarlanean
- Gazteentzako gaueko aisia-ekitaldiak (2009ko urtarrilean): film-emanaldiak, komikiak zuzenean, orijinalen erakusketa... Gauekoak-ekin elkarlanean
- Komikiak irakurtzera bultzatzeko kanpaina (2008ko azaroa eta abenduan): Kinik diseinatutako kartel eta postalak banatuko dira Euskadi osoan.
- Crash artxiboa handitzea (2008ko abenduan): Crash artxiboa, hainbat euskal komikigile, komiki-elkarte eta komiki-aldizkariri buruzko informazioa batzen duena, handitu eta hobetuko dute.
- La factoría TMEO: 20 años de cómic vasco liburua (2008ko abenduan): aldizkariaren 100 azalak biltzen dituen liburua argitaratuko da.
- La factoría TMEO: 100 números postu ibiltaria (2008ko azaroa eta abenduan): Getxoko eta Durangoko azoketan erakusketa eta salmenta-postua jarriko dute.
Bestetik, Vital Kutxa Fundazioaren Aretoan otsailaren 15a bitartean Tintini buruzko erakusketa dago, Tintin Hergé-ren munduan izenburukoa. Urtarrilaren 10ean 80 urte egingo dituela aitzaki hartuta, erakusketa ikusgarria paratu dute, Jordi Tardá tintinofiloaren bildumako 400 piezaz osatutakoa, batzuk oso garrantzitsuak. Adibidez, Casterman argitaletxeak Tintin gaztelaniaz atera zuen lehenbiziko aldian pertsonaiari Pepito deitzeko asmoa zuela erakusten duen lehenengo itzulpenaren orijinala. Edo Armstrong, Collins eta Aldrinek sinatutako Tintin ilargira bidean albumaren alea. Horrez gain, Tintinen abenturetan agertutako 5 kotxe modelo zahar benetako ere badaude, Araba Classic Club-ek utziak: Simca Aronde, Citröen 2CV, Willys MB Jeep, Citröen 15CV eta Ford T modeloak, hain zuzen ere.
Aukera ugari, beraz, komikiaz gozatzeko Gasteizen. Aprobetxatu!
Facebook ere euskaraz!
Duela gutxi jakin genuen Microsoft-en web zerbitzuetako asko euskaraz jarri zituztela. Ba oraingoan Facebook-i tokatu zaio txanda.
Sare sozial arrakastatsu honetan duela urte erdi-edo hasi zuten interfazea euskaraz jartzeko prozesua, erabiltzaile boluntarioen bidez egindakoa. Eta orain arte ere bazegoen interfazea euskaraz ikusterik (ordura arteko itzulpenekin soilik, jakina), itzultzaile boluntarioen taldean izena emanez gero.
Baina badirudi itzultze prozesua amaitu dela eta Facebook-eko arduradunek onartu dutela, jadanik edozein erabiltzailek aukera baitezake interfazea euskaraz ikustea, bere orri nagusiko behealdean aldatuta. Eta izena emanda ez duen edonor ere Facebook-en orri nagusira joatean, euskarazko bertsioa ikusiko du, nabigatzailea euskaraz ongi konfiguratuta badu.
Zorionak itzultzaileei, egindako lanagatik!
Getxoko komiki-azokaren kronika
Aurten, azken urteetan bezala, Getxoko Komiki-Azokan izan nintzen egunpasa. Baina aurtengoa berezia izan zen: lehenengo aldiz seme nagusia, Ximun, eraman nuen komiki-azoka batera. Tira, ez da guztiz egia, Bartzelonako Manga-Azokan ere izana da, baina urte bat besterik ez zuenean, oraindik ez zen ezertaz konturatzen eta ez zen komikizalea. Orain, ordea, sei urte ditu, eta irakurtzen oraintsu ikasi badu ere, izango dira pare bat urte (aitaren jokabidearen imitazioz edo) komiki "irakurle" konpultsiboa dela. Pentsatu nuen unea iritsia zela horrelako batera joateko, eta ongi pasatuko zuela... Beraz, larunbatean biok joan ginen Getxora.
Azken urteetako joerari jarraiki, esan daiteke azokak jada atzean utzi dituela bere hasierak eta iritsi duela heldutasuna. Jada ez da Euskal Herrian dagoen (zegoen) komiki-azoka bakarra, bere tokia duinki hartu du estatuko azoken zirkuituan. Gonbidatu garrantzitsuak daude, erakusketa interesgarriak, argitaletxe ia guztiek dute standa, denda askok ere bai, komikientzat eta mangarentzat karpa bana du, jende asko ibiltzen da, giroa dago... Ni oso gustura egoten naiz.
Eta semea ere, emozionatuta zegoen: ezagutzen dituen pertsonaia mordo baten komikiak edo merchandisinga, jendea mozorrotuta, pump it up erakusketa ikusgarriak... Oso ongi pasatu genuen. Baina guk hain ongi pasatu izanaren errudunetako batzuk Xabiroi aldizkariko kideak izan ziren.
Larunbatean joatea aukeratu genuen egun horretan baitziren Xabiroiren nobedadeen aurkezpena eta mahaingurua. Horrela azoka guztiko euskarazko ekitaldi ia bakarrak (Gorka Velascoren Gaur egungo BeHIak-en aurkezpenaz gain) ikusteko aukera izango genuen, eta Xabiroiko lankideekin egon eta bazkaltzeko ere bai. Oso ongi egon ziren bai aurkezpena eta baita mahaingurua ere, luxuzko gonbidatuekin (Dani Fano, Harkaitz Cano, Zaldieroa, Asisko Urmeneta, Antton Olariaga, Iñaki G. Holgado, Arthur Suydam...), eta euren standean giro polita lortu zuten, momentu batzutan jende askorekin, argazkian ikusten denez.
Eta Xabiroi aldizkariarekin kalitate handiko produktua egitea lortzeaz gain (Arthur Suydamek, Heavy Metal, Batman, Marvel Zombies eta horrelakoetan lana egina denak, esan zuen mahainguruan Xabiroik Heavy Metalek baino kalitate handiagoa duela!), ez da txikiagoa Dani Fano koordinatzaileak elkartutako lantaldearen kalitate humanoa. Nik bikain pasatu nuen beraiekin Angoulêmen, eta Getxon bazkarian ere ederto, kasu piloa egin zioten Ximuni, Asiskok, Arthurrek, Iñakik eta beste batzuk marrazkiak egin zizkioten... Eta benetan txalotzekoa da Xabiroikoek euskarak azokan eta komikigintzan orokorrean presentzia izan dezan egiten duten esfortzua.
Egin klik hemen eguneko argazki eta marrazki batzuk ikusteko.
Sauré-k 5 komiki berri argitaratu ditu
Sauré argitaletxeak 5 komiki berri atera ditu, Gabonetako kanpainarako eta Durangoko Azokarako garaiz. Euskarazko eta gaztelaniazko edizio bana egin du bakoitzarekin, beti egin ohi duen legez. Hauek dira bost komikiok:
- Hazien bidaiak, Ziklozirkua saileko lehen aleak, 2004ko Bakearen Nobel Saria eskuratu zuen Wangari Maathairen istorioa kontatzen digu. Joseba Gómez eta José Manuel Carrascok egin dute, eta Joxean Sagastizabalek itzuli du euskarara.
- Jansain eta Zerdaren eskutik, aldiz, Esfinge negartia datorkigu, Compadre bildumaren 2. liburukia. Euskararako itzulpena Karlos Zabalak egin du.
- Animalien inauteria, Gran Angular bildumako 2. alea, Mundinak egina eta Xabier Armendarizek euskarara itzulia.
- Eguzkiaren lasterketa, Txani Rodríguez, Nacho Fernández eta Verónica Rosadok egina eta Joxean Sagastizabalek euskaratua. Txanoa saileko 3. liburukia da.
- Artearen historiak bildumako 2. alea, Babiloniarrak izenburukoa, Martínez de Antoñana eta Mosquerak egindakoa eta Miel Anjel Elustondok euskarara itzulia.
Durangoko Azokan izango duzu komikiok ikusi eta erosteko aukera!
Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
Ez naiz Microsoft-en web zerbitzuen erabiltzaile handia (posta, egutegia, blog irakurgailua eta dokumentuak Google-en ditut), baina fitxategi handiak ostatatzeko beraien SkyDrive zerbitzua erabiltzen dut (25 GB arterainoko tokia duzu doan). Gaur sartu naizenean berritasun bat ikusi dut bertan, interfazea euskaraz jarri dutela alegia.
Okurritu zait begiratzea ea beste zerbitzurik ere baduten euskaraz, eta harritu egin naiz gehienak euskaraz daudela ikustean:
- Live Search bilatzailea: Bere modalitate guztietan dago euskaraz: Web bilatzailea, Irudi bilatzailea, Albiste bilatzailea, xRank... Baina interfazea soilik dago euskaraz, ez dute euskarazko orrietan soilik bilatzeko aukerarik ematen. Beno, aukera eman bai ematen dute, hor badago kutxa bat "Euskara soilik" dioena, baina ez dabil ongi, hori aukeratzen badugu, gaztelaniazko lehenengo emaitza besterik ez du ematen.
- SkyDrive fitxategien ostatatze zerbitzua
- Spaces web orri pertsonalak sortzeko zerbitzua
- Taldeak taldeentzako zerbitzua
- Argazkiak ostatatzeko zerbitzua
- Gertaerak antolatzeko zerbitzua
- Live.com gune pertsonal nagusia
Bilatzailearen interfazea aspaldi jarri zuten euskaraz Redmond-ekoek. Baina beste zerbitzuona berria dela esango nuke. SkyDrive-ena berria dela ziur, ez baita denbora asko bertan azkenekoz sartu nintzenetik. Besteena ezin dut ziur esan ez baititut erabiltzen, baina ez dut uste beste inon horren berri irakurri dudanik, eta pentsatzekoa da euskararen ikuspuntutik horrelako garrantzia duen notizia batek oihartzuna izango zuela euskal blogosferan aspaldi gertatu izan balitz... Beraz, berri hau primizia da, kontrakorik frogatzen ez den bitartean!
Egia da Kontaktuak, Egutegia eta batez ere Microsoft-en web zerbitzuetatik ezagunena eta erabiliena den Hotmail posta zerbitzua ez dituztela euskaraz jarri, baina hala ere zerbitzu gehienak euskaraz jarri dituzte, eta etorkizunean beste horiek ere jarriko dituzten esperantza ematen digu horrek...
Microsoft ez da nire debozioko santua, ezta gutxiagorik ere, baina bakoitzari berea: oraingoan txalotu egin behar da Microsoft, bere iniziatibaz eta kostuak bere gain hartuz jarri baititu horiek euskaraz (edo hori uste dut behintzat, Jaurlaritzaren iniziatiba izan balitz ziur jakinarazi eta zabalduko luketela; portzierto, nork egin du itzulpena?).
Google-k, adibidez, hain cool izatearen irudia duenak, ez du horrenbeste egin. Bere zerbitzu publikoetako batzuk soilik ditu euskarazko interfazearekin (Web bilatzailea, Irudi bilatzailea, Mapak eta Direktorioa), baina erabiltzaileentzako zerbitzu pribatuetatik (logeatuta erabiltzen diren horiek, GMail, Egutegia eta Picasa argazkien zerbitzua bezalakoak) bat ere ez du euskaraz. Are gehiago, euskaraz dituen zerbitzuen itzulpenak bere erabiltzaileok dohainik egin diezazkiogun lortu du, daukan (edo lehen behintzat zeukan) guay irudiaz baliatuz. Eta gainera, gero ez dio gure borondateari dagokion moduan erantzun: GMail-en interfazea euskarara aspaldi itzuli bagenuen ere, ez du Google-k hori erabilgarri ipini, eta ez dirudi asmorik duenik ere...
Oraingoan, beraz, txalo Microsoft-i bere web zerbitzuetan euskararekin izandako jarrerarengatik!