Erakusketa bat, jardunaldi batzuk eta lehiaketa bat
Jada martxan daude edo hurrengo egunetan izango dira komikien inguruko hainbat ekitaldi, zein baino zein interesgarriagoak.
Hasteko, martxan dago hil honen 17tik hurrengoaren 1era arte Poker Face elkarteko kideen komiki eta ilustrazioen erakusketa, Irungo CAN erakusketa-aretoan. Informazio gehiago, Poker Face foroan.
Bestetik, urriaren 8tik 12ra izango dira Zornotzan manganime eta japoniar kulturari buruzko Mangamore jardunaldiak. Beraien hitzetan, jardunaldi hauen helburu nagusia azpikultura honek eta bere baitan batzen diren diziplina ezberdinek gazteen artean sorrarazten duten interes gero eta handiagoari erantzutea da. Bertan hainbat ekitaldi egingo dira: koloreztatze digitaleko tailerrak, hitzaldiak, bideo-jolasak, anime proiekzioak, cosplay lehiaketak, karaokeak, kontzertuak, erakusketak, liburutegiak... Informazio gehiago, euren webgunean.
Eta bukatzeko, Barakaldoko Udalak antolatzen duen Teknologia berriak umore grafikoko lehiaketa. Aurtengo ediziora bidali daitezke jada lanak. Umorezko orri bateko irudi edo eszenak nahi dituzte Internet, espazioa, telekomunikazioak eta antzekoen inguruan. Lanak euskaraz edo gaztelaniaz izan daitezke, eta urriaren 13a baino lehenago bidali behar dira. Sariketa diruz ederto hornituta dago, guztira 4.500 euro saritan, bost sariren artean banatzeko. Gainera, museo birtual bat jarri du Interneten Barakaldoko Udalak lehiaketaren zortzi urteetan aurkeztutako 3.800 lanetako batzuk erakusteko. Sauré argitaletxeak egindako webgunean udalerriko lau toki esanguratsu bisita daitezke, horietako bakoitzean lehiaketara aurkeztutako lanetako batzuk ikusiz. Animatu!