Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / "Totalitarismoa ahanzturaren atarian dago"

"Totalitarismoa ahanzturaren atarian dago"

Amatiño 2025/12/21 13:50
Borja Corominas, Donostiako Udaleko PPren bozeramailea, kexu da egungo gazteriak ezer gutxi dakielako gurean arestian gertatu den bortizkeriaz. Ahanztura bide da nagusi eta, azpimarratzen duenez, “totalitarismoa ahanzturaren atarian dago" (1).

Ahanztura honen errudunik handienetakoa Eusko Jaularizaren Hezkuntza Saila omen da, eta, hain zuzen, jeltzaleena, EAJ izan (omen) denez gero, azken 40 urte luzeotan, “Euskal Autonomia Erkidegoko gazte-belaunaldi guztien hezkuntzaren arduraduna”.

Egia esan, azken berrogeita bost urteotan Eusko Jaurlaritzak 14 Hezkuntza sailburu izan ditu, zeinetatik 7 EAJrenak izan dira, 4 EArenak eta 3 PSErenak, eta horren informazio gutxi duena batere fidagarri ez den arren, ez zait hori kezkagarriena iruditzen. Nire ustez, kezkagarriena da hain estu-mestu jotzea irakaskuntzaren, giza-balioen eta jarrera politikoen arteko harremana. Izan ere, historia hurbilak frogatzen digu gauzak ez direla han sinpleak.

Jakin badakigu 40, 50 eta 60ko hamarkadetan jaiotako belaunaldiak Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioak ezarritako programen arabera heziak izan zirena, Francisco Franco Estatu Buruaren agindupean (2). Eta, hain zuzen ere, belaunaldi horietakoak izan ziren ETAri ekin ziotenak, borroka armatua indarrean jarri eta euren burua heroi gisa aurkeztu zituztenak, labur esanda, 2011ra arte iraun zuen bortizkeria deitoragarria sortu eta eragin zutenak. Ez dirudi, ordea, predikuak askorik eragin zienik.

Eskola-curriculumaren eta jarrera politikoaren arteko kausa-ondorio erlazioa ez da hain agerikoa. Ni neu naiz garai hartan Espiritu Nazionalaren Formazioa edo Espainiako Historia ikasi behar izan zituztenetakoa (3), eta Eibarko erdigunean eraikitako “Caidoen” Monumentuaren inaugurazioan parte hartu behar izan zutenetakoa (4), eskuineko besoa luzatu eta "Cara al Sol" abesteaz gainera. Aldi berean, behin eta berriz nota jaitsi zidaten Ortografian, nire izena ondo idazteari temati uko egiteagatik. “Aramberri, no sea borrico, antes de ‘b’ siempre ‘eme’!”

Kontua da, ordea, osterantzeko irizpide ezberdinak nereganatu nituela familiaren baitan, bestela ere banuela zer irakurri eta, esaterako, sukaldeko horman arbela izateaz gainera, hamar urte bete aurretik etxean nuela Nemesio Etxanizen "Nola idatzi euskeraz" (1950) izeneko liburuxka, zeinaren existentziaz nire ortografia- irakasleak ez zuen sekula imajinatu ere.

Honek ez du eskola-hezkuntzaren garrantzia ukatzen, ez eta Gobernuen eta Parlamentuen eragina curriculumetan gutxiesten ere. Baina zinez uste dut gehiegi orokortzea, alderdi jakin bat erruduntzat jotzea, eta gehienbat, batez ere, seme-alaben heziketaz gurasoek duten erantzukizuna (5) azpimarratzeko aukeraz ez baliatzea, politika merkexka baino ez dela, iheskeria eta lar populista.

Bat nator Borja Corominasekin dioenean: "Totalitarismoa ahanzturaren atarian dago". Bai, baina ez gero pasamisirik egin (6), totalitarismo-mota guztiak!

---ooOoo---

1) “La rebelión de la razón. La rebelión de Gregorio”. El Diario Vasco, 2025.12.12. Nik ere bat egiten dut oroitzapenarekin, ez bait genuen alferrik elkar ezagutu (eta ondo konpondu) Eusko Legebiltzarrean, Goyo bera legebiltzarkide gisa eta naizen hau Joseba Leizaola lehebiltzarburuaren prensa-arduradun.

2) "Z belaunaldiko lau gaztetatik batek uste du Franco diktadorea herritarrei ongizatea ekarri zien agintaria izan zela, eta frankismoak egonkortasun ekonomikoa ekarri zuela, Euskadiren garapenarekin konpromiso sendoa sortu zuena." Deustobarometroa

3 ) Domingo Iturbe Abasolo “Txomin”, José Miguel Beñaran “Argala”, José Antonio Urrutikoetxea “Josu Ternera”, Francisco Mujika Garmendia “Pakito”, Eugenio Etxebeste “Antxon” eta enparauak garaiko Espainiako Historia eta Espiritu Nazionalaren Formazioa ikasi behar izan zuten.

4) Hamar inguru urte genituela eskolatik taldeka eraman gintuzten.

5 Kulturaz, hizkuntzaz, gizarteaz zein arestiko gertakariez. Eta, bide batez, zein belaunaldi ote arduragabeagoa eta, hartara, errudunena? Oraingo azkena, euren gurasoena ala aitona-amonena?

6) Atzenduaren kontra eta oroitzapenaren alde. Pello Salaburu. Erein, 2025

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: