Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Atzenduraren kontra eta oroitzapenaren alde

Atzenduraren kontra eta oroitzapenaren alde

Amatiño 2025/11/20 09:00
“Etsairik handiena atzendura (1) da” dio Pello Salaburuk, “”Panfleto bat atzenduraren kontra” (2) saiakeran. Saiakera diot, eta ez panfleto, egileak apaletik jo arren makinatxo bat bai baitago merkatuan laburrago eta informazio gutxiagoz (3).

 Panfletoak hiru betekizun omen ditu: kritika soziopolitiko zorrotza, osagai ideologiko nabarmena eta propaganda egiteko helburua. Pello Salabururi  ezin  izango zaio zorroztasunik uka, barne-barnetik eta ausardiaz idatzia baitator bere ekarpena. Osagai ideologikoa interesatuaz ezin esan, ostera, apartekorik, XXI. mendean “demokrazia liberala, zuzenbide estatua eta gizartearen ongizatea” aldarrikatu eta “demokrazia eta diktadura elkarren parean jartzeko eskubidea” ukatzen duen heinean. Uste ere ez dut uste propagandarik lepora dakiokeenik, duela hamar urte jubilatu zen katedradun ohi (4), osoko euskaltzain, filologo eta ikertzaileari. Alderantziz, nago, azken mendeko atzendura, isildura eta estaldura salatzeko, bere burua libre sentitzen duenaren deiadarra besterik (5) ez dela.

Hain zuzen, Salabururen iritziz, atzendura izan da izendatzaile komuna azken ehun urteotako mendebaldeko gizartean. De Gaulleren “Frantziak ez du egiaren beharrik, Frantziak itxaropena behar du” delakotik, ETA ez kondenatzeagatik Otegik esandako “ez dakizkigun aspaldiko lelo zahar horrekin berriz ere etor” delakoraino, Bundestagek jakineko naziei berehala amnistia eman izana, Churchillek agindutako gerra-kriminalen zerrenda inoiz ez egina, espainiar Estatuaren saldukeria eta tratu txarren kontu estalia zenbait adibide ezagun baino ez dira. Naziak, faxistak eta frankistak egun batetik bestera demokrata bihurtu ziren bezalaxe, edo Australiak (aborigenez), Belgikak (Kongoz) edo Kanadak (inuitez) hitz egiterik nahi ez duten legez: “Bota dezagun lurra, estal dezagun dena.”

Salabururen diagnosia zorrotza da: “Historia leundu behar da, isildu, gutietsi eta, batez ere, biktimei (6) ahoan trapu zahar bat sartu behar zaie, ez dezaten inor ere salatu eta denak bakean utzi gaitzaten". Kolektiboan (7), "multzo anonimoan, urtzen da gizartearen erantzukizuna.  Gezurretan bizitzea, gertatuari aurpegia eman gabe, erosoago suertatzen baita denondako”. Izan ere, “zer daki euskal gazte batek frankismoaz? Zer kontatzen zaio ETAk egin sarraskiez?"

Eta harako ziklo aldaketa ere errazago atzenduraz. Salabururen ustetan, “harrigarria gertatzen zaigu nola aldarrikatzen duten, serio-serio, ez dela planteamenduetan inolako aldaketarik gertatu. Zikloz aldatu garela baieztatzeak dena konpontzen du. Ziklo berri batean sartzen ari gara, aitzineko zikloa zer zen eta bakoitzak han nolako ardura izan zituen argitzeko inolako asmorik erakutsi gabe. Orain dena da aldatua, erranetarik deusik arbuiatu gabe, ez da atzendura baino gauza xamurragorik”.

"Bide zaila izan da" deritza epilogo gisako azken atalari (8). Ez da gero gaur (azaroak 20) egun txarra sei orrialdeok irakurtzeko. Besteak beste, gazteei egindako alegatua, jabetu daitezen bizi duten gizarteraino iritsi ahal izatea ez dela batere erraza izan. Aurrerantzean eurena dela erantzukizuna, eurena da-eta etorkizuna.

---ooOoo---

1) "Atzendura", ahaztea, ahanstura, Baztango hizkeraz. Atzendu/ahantzi.

2) “Panfleto bat atzenduraren kontra”. Erein, 2025eko urrian.

3) Inoiz gutxitan aipatu ohi diren gertaerak kontatzen ditu, hainbat kasutako ipi-apak adierazi eta pertsona zehatzen izen-abizenak eman.

4) Euskal Herriko Unibertsitatearen erretorea, 1996-2000. 

5) "Errateko nituenak" deritzan aurreko liburuan garbi utzi zuen ez dela isilik geratzen direnetakoa. 

6) "Dena atzentzea. Atsedena, Injustizia hutsa. Biktimek ez dute garrantzirik."

7) "Herri hitza ibiltzeak, girgileriarik gabe, dena konpontzen du, ikusten den gisan: herriak hau nahi du; herriak hau erabaki du; ezin da herriaren aurka joan; herriaren alde ateratzeagatik atxilotu dituzte¸herriak ez du barkatuko; herriaren gainetik jarri nahi dute…"  

8) Liburu osoak 43 atal ditu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: