ETBren txoria, umezurtz
Zer ez ote zuen gero gure Luisek egin hiruzpalau hamarkada emankorretan! “Los Contrapuntos” kanta-taldearen sortzaile eta abeslarietakoa, 1960an; “Companys, procés a Catalunya” filman Generalitateko presidentaren papera jokatu zuen, 1978an; ETBren “txoriaren” aitapontekoa, euskal telebista 1983an sortu zenean; eta denetariko hamaika ekintzaren bultzagile, 1990 hamarkadan zehar.
Adibide aldera baino ez, 25 inguru filmetan parte hartu zuen, aktore, ekoizle edo musikagile gisa; “Ikuska” sail mitikoaren eragile; “Euskal Idazleak, gaur” eta “Dantzak” liburuen zein Mocedades eta Patxi Andionen (Iparragirre) diskoen ekoizle; Lankide Aurrezkia zenaren publizitate-zuzendari eta Carlos Garaikoetxea lehendakariaren komunikazio-arduradun.
Artista polifazetikoa eta ekile aspergaitza, besteak beste.
Goian bego, Luis. Jaioko dira berriak... bai, baina.
Luis Iriondo, Generalitateko presidentarenak egiten. "Companys, procés a Catalunya", 1978.