Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eta nik txoria nuen maite

Eta nik txoria nuen maite

Amatiño 2010/01/26 23:31
Hona non, ETBk egin berri dituen irudi-aldaketak direla eta, gure txoria berriro ere pantailan agertu zaigun ustekabean. Oso oker ez banago hamar urte egon da bastidore arteko kaiolan ezkutatua. Eta, bat-batean, ostera ere, uhinez uhin, begi-bistan, hegan.

Hamazortzi urte edo --1983tik 2001era bitartean, behar bada--  egin zituen jatorrizko txori zuri-berde-gorriak ETBren pantailetan. Era batez edo bestez, bai lehen katean eta baita bigarrenean ere. Baina orain hamar urte ardura-lanetan ziharduen zuzendaritzak erabaki zuen ETBrekin batera sortutako txoria eraz eta moldez aldatzea. Ez zitzaidan erabaki hura batere gustatu. Penaz hartu nuen aldaketa, egokitzat sumatzen ez diren erabakiek sortarazi ohi duten samindura punttuaz.

Oraindik ere gogoan dut Kike Gomez de Segurak (JjK - Arrasate) Luis Iriondo ETBren lehen zuzendariari eta bioi txoriaren nondik norako grafismoa azaldu zigun eguna, 1983an. Begiak itxi eta bertatik bertara ikusten ditut, mahai gainean, paper zuri handitan marraztutako txantxangorriaren hego koloretsuak, papar gorriz eta mokoa zabal-zabalik, kantari.

Iriondo

                                         Luis Iriondo, ETBren lehen zuzendaria eta txoriaren aita.

Izan ere, gaur egun inor gutxi gogoratu arren, txori hura ez zen irudi hutsa, audioa ere bazuen, eta nolabaiteko sintonia gisa benetako txantxangorriaren txorrotxio-grabazioa zerion. Oinarri-oinarrizko ideia Luis Iriondorena izan zen. Ikurtzat animaliak irudikatzeko ohitura erabat zabaldua zen Europako iparraldean eta Luisek pentsatu zuen txantxangorri kantariak nabarmen adierazi zezakeela euskal sena. Eta txioka jarri zuen, berriz, Metro-Golden-Mayer ekoiztetxearen lehoiak orroa egiten zuen arrazoi berberagatik. Ez gehiago eta ez gutxiago. Animazioa Cannes-en landu zen lehenik eta Nashvillen ekoiztu, gero. Laster asko nazioarteko telebista-merkatuan ikurrik berezienetakoa bihurtu zen. Nabarmenenetakoa eta ezagunenetakoa. Baina…

Baina orain dela hamar urte inguru edo, gaurkotasunaren eta eraberrikuntzaren aitzakiaz, modernitatearen izenean alegia, egun batetik bestera ia hogei urteko tradiziotxoa hautsi zuten batere beldurrik eta espanturik gabe. Jakina gauzak gaurkotu behar direna; jakina irudiak eraberritu egin behar direna; baina aldaketak astiro egiten ere jakin egin behar da --apal, alegia--, errorik hautsi gabe, jauzi nabarmenik gabe, apurka-apurka, pittinka, ia inor ohartzeka. Halakoetan klasikorik klasikoena Coca-Colaren etenik gabeko aldaketa da, 125 urte aldatzen ari baina aldaketarik txikerrena ere sekula egingo ez balu bezala. Eta, ez ahaztu gero, MGMren lehoiak, oraindik ere, orroa egiten jarraitzen duela laurogeitaka urteren bueltan. Gu, ordea, matxinsaltoa bezala, alde batetik bestera beti urrats berritan, sekula geldirik egon ezinik, tradizioari, memoriari, kateari eta errutinari eutsi ezinik.

Orain hamar urteko zuzendaritzak erabaki bi hartu zituen aldi berean. Bata txoria moldez aldatu eta, bestea, pantailatik desagertarazi. Oraingo zuzendaritza berriak bigarren hau konpondu du. Lehenak, ostera, konponketa zailagoa du eta gainera, honez gero, nahita ere…

 Txoria

Txantxangorria, 1983-2001. Sukaldeko erlojua, oraindik ere abian

 

Txoria2

Espinete, 2001-2010

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: