Artxiboa 2007

Juan Garziari elkarrizketa

Hemen gaude bueltan, aspaldiko partez. Ez dugu justifikaziorik emango, opor osteko sindrome luzatu batek eta bere garaian Paul Lafarguek zirriborratu zituen ideiek eskaintzen dizkiguten heldulekuez gain alegia. Izan ere, justifikazio nahikoa iruditzen zaigu Juan Garzia idazle eta itzultzaileari egin diogun elkarrizketa mamitsu hau. On egin! Gehiago irakurri

Volgako Batelariak 2007/11/28

Poesiarekiko arazoa (I)

Poeta gazte batek idazten zuen liburu dendetan galdua sentitu ohi dela, ez alferrik liburu dendak eta bereziki bibliotekak aspaldidanik labirintoekin erkatzeko joera handia dago. Poesiaren apalari begira gelditzen omen da zer hartu jakin gabe, hala erraza delarik etsipenak, munstro mitologiko bat bailitzan, harrapa dezala oharkabean, eta berarekin egin dezala hala etsipenak nola munstro mitologikoek ohi duten triskantza tristea. Arazo kretatar honen harira, zezenari adarretatik heldu nahi nioke, eta nire esperientziatik irtenbidea ematen saiatu nire esperientziaz zein nire hitzaz fidatu nahi duenari. Gehiago irakurri

Angel Erro 2007/07/24

Euskal Letrak behin betiko erreformatzeko

Nabarra aldizkariak, Tere Irastortzaren artikulu batetik abiatuta, "Euskal Letren erreforma" delako gai peregrinoaren inguruko artikulu bat idaztea proposatu zigun zenbaiti. Niri, ohi bezala, eskatutakoa baino luzeagoa atera zitzaidan testua; Nabarrako irakurleak ez nekatzeko, bertsio laburtu bat ondu nuen, eta haren bertsio osoa edo extended play VBn zintzilikatzea erabaki dugu, nahi duenak irakurgai izan dezan. Edonola ere, enbarkada galanta Nabarrarena: euskal literaturaren inguruko sermoien aurkako sermoi bati segida ematea, idazle batzuoi beste zenbait sermoi enkargatuz. Zeren eta, ez gaitezen engaina, mota honetako proposamenetatik ezin sermoiak baino atera: saihestezina da guztiz. Eta ez diot nire erantzukizunari itzuri egingo: beste sermoi batekin biderkatuko dut ispiluen isla amaiezina, edo, metafora jatorrago batera jotzearren, nire sermoitxoa gehituko diot Xabiertxoen azalen mise en abîme gero eta urrun eta txikiagotuari. Gehiago irakurri

Iban Zaldua 2007/07/12

Pepis Andereñoaren Kanonak

Kanonaren eztabaida pil-pilean dago euskal literaturan; ez, ez gara ari liburutegietan ezarri nahi duten ordainketaz, egile eskubideak ordaintzeko bideratuko litzatekeena (alde horretatik ez dago batere arazorik: euskaraz idatzitako oso liburu gutxi ematen dira maileguan), ezta CD, DVD eta disko gogorren gainekoaz ere (liburutegietatik ale gutxi ateratzen badira, are gutxiago izango dira internetetik euskarazko liburuak jaisteko prest egon daitezkeen piratak. Ez, jaun-andreak, literatur kanonaz ari gara, noski, azken aldi honetan gure mundutxo kulturalean gehien errepikatzen ari den hitza. Gehiago irakurri

Volgako Batelariak 2007/06/27

Hyde Park: Euskal Herri posmodernoa

Irakurri gabeko beste liburu baten kritika bat argitaratzeari ekiten diogu, atalak lortutako arrakastak gugan eragindako bozkario logikoaz (Pierre Bayarden "Comment parler des livres que l'on n'a pas lus?" liburuak berme teorikoa eta ulerberatasuna eman digu). Aurreko lau kritiketan egin bezala, oraingoan ere euskal kritikari baten ahotsa hartuta, Marijo Olaziregirena hain zuzen, eta liburua (iruzkin hau argitaratu arte behintzat) batere irakurri gabe, egin da lana. Gehiago irakurri

Juanjo Olasagarre 2007/05/29

Klixearen kontra (baina pixka bat alde)

K1 eta K2 irakurleak H hiriko A auzoan hitzaldia ematera gonbidatu dituzte. Mahai inguru gisakoan "Zerk egiten du liburu bat on?" galderari (edo beste medio batzuen arabera "Zerk egiten du liburu bat interesgarri?", zeina ez baita galdera bera) erantzuten ahalegindu behar dute. K1 eta K2k E egunkarian literatur kritikak egiten dituzte, eta E egunkariak euskal literaturaren tomatean pisutxoa baitu, K1 eta K2 "aditu" etiketaz doaz solasaldira. Gehiago irakurri

Ibon Egaña 2007/05/13

Volga Sarietarako deialdia

Behinola, aspaldi, erresuma urrun batean, literatur sariak balore seguruak ziren, Parnaso mendiaren sustrai sendo eta gorakorrak, dohain literarioen gotorleku segur eta ahaltsuak. Baina, ai!, o tempora, o mores, egun batean susmoaren eta ustelkeriaren lizuna itsatsi zitzaien literatur gailu aingerutiar horiei, eta orduz geroztik maldan behera doaz, erremediorik gabe, gainbehera osora bideratuz: ezbairik gabe, honako hau sarien krisialdirik latzena dugu, Antoine D'Abbadiek lore-jokoak asmatu zituen egun zoriontsu eta beneragarri hartatik behintzat. Frogei lotzen gatzaizkie: Euskadi Saria eskuratzeko irabazleak bere auzoko batzokian bazkaldu behar du astean bi aldiz gutxienez (ekintzaren argazki eta ticket justifikatiboak notarioaren aurrean egiaztatu behar dira); Espainiako Kritikaren saria irabazteko Jon Kortazarren lagun mina izatera behartuta dago idazlea (edo gutxienez hori sinetsi behar du katedradun jaunak); Espainiako Sari Nazionala lortzeko idazleak Konstituzioari zin egin behar izan dio gutxienez hiru aldiz, alderantzizko San Pedro bat legez (eta zintzotasun osoz: ez du balio lege-aginduz egitea); Igartza sarira aurkezteko, laginarekin batera, oinarrien arabera, 30x60ko idazlearen argazkia gehitu behar da, eta ez dira gutxi uste dutenak erretratuaren sex-appeal-aren arabera aukeratzen direla irabazleak; lukuru asmorik gabeko Elkarlanean Fundazioak deitzen dituen Jaka Bekei dagokionean, berriz (zure saiakera- edo poemategi-lagina haur eta gazte literatura alorrean saritua izateko arriskua alde batera utzita), kontua da behin bakarrik esleitu zaiola (eta ez beka potoloenetako bat) odol-analisietan positibo eman zuen idazle bati (positibo Rh-an, noski), susmagarri samarra dena; Durangoko liburu salduenen zerrendarekin eta Zilarrezko Euskadi sariarekin, bestalde, badakigu zer gertatzen den, eta Beterriko Liburuaren sariari buruz, nola sinetsi irakurleek ematen omen duten sari batean, euskarazko irakurlerik apenas dagoela gauza jakina denean? Gehiago irakurri

Volgako Batelariak 2007/04/22

Lau ebanjelistak

Lau ebanjelistak hiru dira: honako eta honako esaten hastea gustatuko litzaidake, Bolaño parafraseatuta. Edo hori baino ez esatea. Baina kontuak azalpen luzeagoa behar du. Zeri deitzen ari natzaion ebanjelista izatea, eta ebanjelisten kopuru arazotsuaren nondik nora azaldu behar da. Irakurlea ez dago gure garunean, Atenea berri, eta gauzak esplikatu behar dira, sekuentzia logiko batean, elkar irakurriko badugu. Beraz, gaur, nik neure burua idazletzat edukitzeak ematen dizkidan botere mesianikoak, eta hortik eratortzen den mintzo enigmistikoa bazter batera uzten ditut, parabolismoaz hitz egiteko. Gure artean hedatzen ari den baliabide baten abusuaz. Gehiago irakurri

Angel Erro & Volgako Batelariak 2007/04/02

Susmo txarrak

Philip K. Dick idazle estatubatuarraren heriotzaren hogeitabosgarren urteurrena dela eta Iban Zalduak idatzitako testutxo bat duzue hau. Agian norbait harrituko da "idazle estatubatuarra" ipini dugulako, eta ez "zientzia fikziozko idazle estatubatuarra", baina kontua da, gaur egun, soberan dagoela "zientzia fikziozko" hori: XX. mendeko literatur kanon nagusia pentsaezina da, jadanik, Philip K. Dick gabe. Gehiago irakurri

Iban Zaldua 2007/03/10

Luzio Utikan

Drama lirikorako solasaldia, non Luzio eta Zigor, lagun minak, elkarrekin biltzen diren aspaldiko partez, non batak besteari euskal kulturaren azken iskanbilaren berri ematen dion, non bestea gaiaz aldatzen saiatzen den, behin eta berriz, bere etxera gonbidatuta adibidez, behin eta berriz lortu gabe, non bata oso gustura dagoen dagoen tokian, eta non, azkenean, uste izatekoa zenez, dena amaitzen den. Gehiago irakurri

Angel Erro 2007/03/02

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.
  Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Euskal idazle erretxina Angel Garcia Etxandi, 2010/02/11
Euskal Irakurle Erretxina Mikel Ayerbe, 2010/02/04
Gainezka egin dit Pruden Gartzia, 2010/02/03
Zehaztapen ttiki batzuk Karlos Linazasoro, 2010/02/03
Etiketa lainoa
Elkarrizketak Irakurri gabeko liburuen kritikak Kritikak Postindependentziarenak Testuak Volgako Batelarien ukaseak