Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Pepis Andereñoaren Kanonak

Pepis Andereñoaren Kanonak

Volgako Batelariak 2007/06/27 12:00
Kanonaren eztabaida pil-pilean dago euskal literaturan; ez, ez gara ari liburutegietan ezarri nahi duten ordainketaz, egile eskubideak ordaintzeko bideratuko litzatekeena (alde horretatik ez dago batere arazorik: euskaraz idatzitako oso liburu gutxi ematen dira maileguan), ezta CD, DVD eta disko gogorren gainekoaz ere (liburutegietatik ale gutxi ateratzen badira, are gutxiago izango dira internetetik euskarazko liburuak jaisteko prest egon daitezkeen piratak. Ez, jaun-andreak, literatur kanonaz ari gara, noski, azken aldi honetan gure mundutxo kulturalean gehien errepikatzen ari den hitza.



 
Elhuyar Euskal Hiztegi Entziklopedikoa kontsultatu ezkero, hauxe irakurtzen dugu kanon sarreran:

 

iz. 1. Zerbaiten erabilera edo ustiaketarengatik ordaindu beharreko kopurua. 2. ART. Giza gorputzaren proportzio idealak ezartzen dituen arau edo eredua. 3. ERL. Zuzenbide kanonikoko artikulua; Elizak ezarritako arau edo dogma. 4. ERL. Liturgia katolikoan, meza barruko otoitz nagusia, prefaziotik aitagureraino doana. 5. ERL. Bibliako testu sakratuen multzoa, benetakoak edo inspirazio jainkotiarrekoak direnez osatua. 6. MUS. Ahots edo instrumentu desberdinek, bata bestearen ondoren eta tarte erregularrez, melodia bera errepikatzen duten konposizio-mota.

 

Argi dago gure gaiari dagokionean, bigarren eta bosgarren adierak direla gure erabilerari hobekien egokitzen direnak, eta agian baita laugarrena ere, literatura liturgia bat den heinean.

Gauzak errazagoak ziren lehenago, ordea, letren erlijioa bakarra zenean eta Modernotasunaren printzipioak tinko mantentzen zirenean: badakizue, Unibertsaltasunarekiko sinesmena, Progresuarekiko fedea, Artearen funtzio eraldatzailearenganako konfiantza, halako kontuak nagusi ziren garaiak; orduan literatur kanona bat eta bakarra izaten zen, eta kanon berriak kanon zaharkitua ordezkatzen zuen, halakorik gertatu behar izanez gero. Kontua da ondoren pare bat Mundu Gerra, Holokausto bat, Azpigarapenaren Garapena, Sozialismo Errealaren porrota eta letra larriz idatzi ohi diren antzeko beste zenbait gertakari gauzatu zirela, Nietzsche, Benjamin, Foucault eta enparauek beren alprojakeriak argitaratu zituztela, eta, azkenean, saltsa ederra sortu zela.

Batzuek Postmodernitatea deitzen diote saltsa lodi horri, eta gure gaiari dagokionean, antza denez, antzinako literatur kanon bakar eta ukiezinaren apurketa ekarri du, baita gurea bezala apenas Modernitaterik ezagutu duen literatura batean ere. Euskal irakurlea literatura (idatzi) bat izaten hasi den unean, zasta!, kanonik gabe, gidarik gabe utzi du Historiak, zeina, ondo dakigunez, ez baita inoiz ondo portatu Europako enda indigena zaharrenarekin (hots, gu euskaldunokin, badaezpada diogu). Eta zalantzarik gabe galduta eta umezurtz sentitzen den euskal literaturzale gaixoarentzat eratu dugu Pepis Andereñoaren Kanonak kit pollit hau, edozein lekutan eta zirkunstantziatan erabil daitekeena: kapitalismoaren fase honetan kanon bakarra maneiatzea posible ez denez, goazen euskal kulturetarentzako kanon-sorta ahalik eta zabalena eskaintzera, ikuzgarria, lisagarria eta erabilera anitzekoa. Euskal kanon bakarra ezartzeko azkeneko ahalegin inutilaren eredua jarraituz (kanonak ezartzeko kanonak baitaude, jakina denez), bost egile zerrendatzen ditugu proposatzen dizuegun kanontxo bakoitzean, azalpen labur batez lagunduta.

Erabilpen oharra: irakurleak nahi duen unean eta bere apetaren arabera alda dezake kanonaz, baina oso kontuan hartu beharko du norekin ari den kanon baten edo beste baten aldeko hautua egitean: Volgako Batelariak-ek ez du erantzukizunik Pepis Andereñoaren Kanonak-en erabilpen okerrak gertatzen badira, batez ere audientzia desegokien aurrean eginez gero.

Kanon moderno-ofizialista

Uler bedi "moderno", jakina, ez "egungo"-ren sinonimo gisa, bere zentzu historiko-kulturalean baizik. Hots, kanon hau Modernitatearen baloreetan sinesten dutenentzat da aproposa, eta kultur duintasunik gorenenaz erabili behar da beti, euskal literaturaren misio unibertsalistaren baloreetan oinarrituta eta, ahal dela, dotorezia handienaz. Atzerriko unibertsitateetan oso ondo geratzen da (cultural studies delakoak indartsu dauden AEBtako batzuk alde batera utzita, noski), kolperik jo nahi ez duten hizkuntza eta literaturako ertainetako irakasleen artean (tira, horiek normalean zerrendako lehenengoekin geratuko dira, edo are lehenengoarekin bakarrik), eta errezepzio eta ekitaldi ofizialen osteko kokteletan.

 

1. Bernardo Atxaga
2. Ramon Saizarbitoria
3. Anjel Lertxundi
4. Pello Lizarralde
5. Karlos Linazasoro

 

 

Kanon abertzale-iraultzailea

Ternua markako janzkera, mendiko botak eta zapi palestinoa gustuko badituzu, hauxe da zure kanona. Gauzak ez dira ordea janztea bezain errazak, kanon kontuetan aukerak zabalagoak baitira gure modernitate berantiar nahasi honetan: kanon honetarako bi bertsio ezberdin eskaintzen ditu Pepis Andereñoaren Kanonen kit-ak. Lehenengoa, bertsio biguna edo light-a alegia, herriko tabernan (edo, guztiak itxi badituzte, larunbateko edozein manifestazioren ostean) ligatzeko da egokia, eta liburuen edukiez modu ulergarrian hitz egin ahal izateko; bigarrena, ordea, aproposagoa izan daiteke aldizkari espezializatuetan artikuluak idazteko, Euskadi Sarien aurka protestatzeko, zure maila intelektual eta linguistikoaz harrokeriatan ibiltzeko, eta liburuez modu ahalik eta kriptikoenean hitz egiteko (azken bi posibilitate horietarako komenigarria da zure solaskideak, ahal dela, irakurri gabe izatea kanoneko bertsio horretako egileak, litekeena dena bestalde).

Bertsio arina:

 

1. Joseba Sarrionandia
2. Txillardegi
3. Edorta Jimenez
4. Laura Mintegi
5. Urtzi Urrutikoetxea

 

Bertsio gogorra:

 

1. Koldo Izagirre (eleberrigile)
2. Koldo Izagirre (olerkari)
3. Koldo Izagirre (saiogile)
4. Iñigo Aranbarri
5. Jose Luis Otamendi

 

OHARRA: Jon Alonso, ordezkoa, baina bakarrik baldin eta uko egiten badio, azkenean, Kritika Sariari.

 

 

Kanon guaya

Edozein urtarorako, edozein konpainiarako, kit errazena duzu hau burua eta bizitza gehiegi konplikatu nahi ez baduzu: Modernoa baina extrabagantziarik gabe, in egongo zara baina ez nabarmenegi. Jatorra baino kosmopolita, hemengoa eta edozein lekutakoa. Homologablea. Homogeneoa. Normala. Ona. Batez ere ona. Edozein pertsonarekin izango duzu mintzagai kanon honekin, jendeak irakurri ez badu ere, ezagutzen duelako, bistaz edo telebistaz baten bat. Kanon abertzale-iraultzailearekin ez bezala edozein girotan erabiltzekoa. Ligatzeko unean hau da, dudarik gabe, emaitzarik onenak lortzeko aukera emango dizuna. Esaldiren bat buruz ikasiz gero, ez da ahalegin handia, arrakasta ziurtatuta izango duzu.

 

1. Kirmen Uribe
2. Harkaitz Cano
3. Unai Elorriaga
4. Julen Gabiria
5. Edu Zelaieta

 

 

Kanon femeninoa

Ez bat, ez bi, baizik eta hiru eta are lau kanon femenino (historikoa kontatuta, ikus beherago) eskaintzen dizkizuegu Volgako Batelariok, non aukeratu izan dezazuen. Kanon politikoki korrektoena, ezbairik gabe, hauetako bat (edo bat baino gehiago, zer demontre) da sin-falta etxetik atera behar duzuna martxoaren 8ko manifestaziora joaten zarenean, Iñaki Aldekoaren eskuliburuaren kontrako protestaldi jendetsuetan eta, oro har, eskola orduetan edozein irakasle aluk (barkatu, eskapatu zaigu) euskal literaturaren ohiko bertsio falozentriko-misoginoa eskaintzen duenean.

The Oldies

 

1. Arantxa Urretabizkaia
2. Amaia Lasa
3. Lourdes Oñederra
4. Aurelia Arkotxa
5. Mariasun Landa

 

Haize berriyak

 

1. Arantxa Iturbe
2. Miren Agur Meabe
3. Yolanda Arrieta
4. Inma Errea
5. Ana Urkiza

 

Haize are berriyagoak

 

1. Eider Rodriguez
2. Uxue Apaolaza
3. Castillo Suarez
4. Uxue Alberdi
5. Katixa Agirre

 

 

Kanon femenino klasikoa

Euskal literaturak beste guztiek baino lehenago egin zuen berdintasunaren alde. Izan ere, ezein literatur adituk ez du zalantzatan jarriko gure emakume idazle klasikoak bere garaikide zakildunak baino gutxiago ez direla: haiek bezain txarrak dira, edo agian hobeak (kalitate faltan). Baina kanon honetan zerrendatuek badute abantaila bat: oraindik lotsarik gabe aldarrika ditzake kanonzaleak edozein forotan, solaskidea (ziur aski aipatzen aditzen duen lehen aldia baita) txintik atera gabe egongo delarik.

 

1. Milia Lasturkoaren ahizpa anonimoa
2. Bizenta Mogel
3. Robustiana Mujika, Tene Mujika
4. Sorne Unzueta, Utarsus
5. Joakina Txapaltegi

 

 

Kanon bollomaritxua

Bai, ziur zuk ere baduzula lagun gay bat (begiratu salan, begiratu armairuan), eta eramango zaitu inoiz Dionis-era, Nicolette-ra, Moët-era, Badulake-ra, zuen modernotasuna goraki aitortzera. Eman dezagun, irakurle prestu, Kontra, High, Venconmen, Muscle Gym Men edo Alakarga-ko ohiko bezero zarela. Eman dezagun, sinesgarritasunaren mugen ertzean kokatuz, irakurle (edo, sinesgarritasunaren mugak oro hautsiz, euskal literaturaren irakurle) batekin egiten duzula topo halako antro batean, lurrun hezeek eragindako sukarren artean sortzen dela perpausa (egin zientzia fikzioa) euskal literarurari buruzkoa.
Hemen bada, Calvin Klein galtzontzilo erdi-bistaratuekin, Gaultier desodorante eta Armani koloniarekin, ile gandortxo kalkulatuki desorraztuarekin, Beyoncé, Madonna, Village People-en musikarekin, likrazko kamiseta minimoekin batera Pepis andereñoaren kit gay-a osatzeko beharrezko duzun kanontxoa, oso baliagarria, bestalde, zure lagun armairuztatuaren autolaguntzarako:

 

1. Juanjo Olasagarre
2. Rikardo Arregi
3. Angel (Mari) Erro
4. Itxaro Borda
5. Daniel Landart

 

Kanon homosexuala espezifikoki femeninoa (lesbianoa):

 

1. Itxaro Borda (2007ko ekainaren 27, gaur egun)
2. Itxaro Borda (1996-2007, Amaia Ezpeldoiren garaia)
3. Itxaro Borda (1984-1996, garai mutua)
4. Itxaro Borda (1959-1984, garai mutu & agrafoa)
5. Itxaro Borda (hemendik eternitaterakoa)

 

 

Kanon españolazo-frantximanta

Pentsatzen baduzu euskaraz idatziriko literatura estuegia dela, euskarak zabaldu behar dituela hankak, euskarak eta abertzaletasunak ez dutela zertan lotuta egon behar, lotsarik ematen ez badizu DNI españolazoa erabiltzeak hauteskunde egunetan, jambon de Bayonne sukaldaritzaren gailurra dela uste baduzu, jakiak à la basquaise eta a la vasca (are a la donostiarra edo a la vizcaína) gustuko badituzu, hau da zure kanona. Konplexurik gabeko jendearentzat bakar-bakarrik. Giputxentzat arriskutsua izan daiteke, batez ere zerrenda baliogabetuek emaitza onak lortu dituzten barrutietan.

 

1. Luis Haranburu-Altuna
2. Eduardo Gil-Bera
3. Itxaro Borda
4. Jokin Muñoz
5. Iban Zaldua

 

 

Kanon lighta

Buruhausterik izan nahi ez baduzu, onena, edozein literaturatan, liburu salduenen zerrendara jotzea da. Kanon honen emaitzak dibertigarriak dira, koloretsuak, axolagabeak, burbuilatsuak. Uda eta hondartza-denboraldirako egokiena, ezbairik gabe: kanona hareaz bete arren, ez zaizu estropeatuko, beti bezain leun eta tolesgabea mantenduko zaizu. Izugarri erosoa PL2a ateratzen ari diren zure adiskide eta ezagunekin konpartitzeko, Wazemank-eko azkeneko sketcha edo gure futbol taldeen egoera tamalgarria komentatu ondoren, edo aurretik.

 

1. Josean Sagastizabal
2. Jon Arretxe
3. Jasone Osoro
4. Toti Martinez de Lezea
5. Karmele Jaio

 

 

Kanon frantziskotarra

Ez daitezela izutu agnostikoak eta ateoak: ez gara ari zehazki kanon erlijioso batez (horietaz dezente izan ditu euskal literaturak, edozein eskuliburu kontsultatzea besterik ez dago), baizik eta nolabaiteko literatur santutasunaz eta prediku-asmoa duen idazkuntzaz. Literatura gurutzada bat izan daitekeela sinesten jarraitzen duten arima garbiko irakurleentzat pagotxa da kanon hau. Biziki gomendagarria giro bukolikoetan, AHTaren kontrako akanpadetan eta familia euskaldun petoek kanpingetan –hemengoetan zein atzerrikoetan–, umeak lo-zakuetan sartu ondoren, barbakoaren magalean izaten dituzten solasaldi lasaietan.

 

1. Pako Aristi
2. Pello Zabala
3. Tere Irastortza
4. Juan Luis Zabala
5. Fito Rodríguez (edo Fito Bornaetxea, edo Rodríguez'tar Fito, edo Rodrifito Bornáguez, jada ez gara aklaratzen)

 

 

Kanon gaztea

Hau da zalantzarik gabe kanon aldakorrena, ez fidatu beraz hor behean aurkituko dituzun izenez, bihar bertan beste batzuk ager daitezke, zeren, bai gauza bitxia, gaztaroak pasatzeko ohitura txarra baitu, euskal idazle gazte gehienek kontrakoa pentsatzen badute ere. Beraz kit honen zerrenda megabehin-behinekoa da, eguneratzeko kitak prestatzen ari gara baina bien bitartean kanon honen erosleari tokatzen zaio eguneratzea segundoz segundo. Ez dakigu jadanik gazteak diren ala ez hemen daudenak. Baina, tira, orain ETBn “berrogei urteko gaztea” bezalakoak entzuten direnean dena da posible, postmodernitatea gaztarora ere iritsi da, gaitzerdi, dena da erlatiboa.

 

1. Peru Magdalena
2. Beñat Sarasola
3. Irati Jimenez
4. Jon Benito
5. Oier Guillan

 

 

Kanon benetan gaztea

Ez duzue hurrengo kanoneko inor ezagutzen, ezta? Lasai: Volgako Batelariok, arestian aipatutako literatur gaztetasun kontuetan gauzak zein bizkor doazen (eta modak zein supituki aldatzen diren) kontutan hartuta, aurrea hartu nahi izan diogu Pepis Andereñoaren aurreko kanontxoen obsoleszentzia ia ziurrari, eta egun bost eta zortzi urte bitarteko haur talde honetan topatu du ezbairik gabe euskal literaturaren etorkizuneko izarrak izango direnen konstelazioa. Ez gaituzuela sinesten? Ba, apuntatu data, lehenengo emaitzak hemendik zazpi-zortzi bat urtera ikusten hasiko dira, neska-mutiko hauek Urruzuno sariak erruz irabazten hasten direnean. Hori ziurtatu digu behintzat Elkar Fundazioak Bardeetan daukan bunkerreko arduradunak, non subjektu hauek baitaude entzerratuta, tanke amniotikoen barruan, literatur entrenamendu-programa sekretu baten mende.

 

1. Ane Gerrikagoitia Anabitarte
2. Hafsa Chat Amondarain
3. Haritz Caballero Perez de Mendibil
4. Sun Yi Agirrezabal Cervera
5. Iraultza Jones Gorriaran

 

 

Kanon matxo-rockero-kanalla

Bukowski baino lehenago idazten zena kaka hutsa zuan, putamierda bat, idazleak burgesen ipurtzuloen miazkatzaile nazkanteak. Ados? Hi, hemen duk hire kit-a. Birrak, rocka, txirriak eta marrak, hor zegok benetan literatura, tabernazulotan eginiko garrasi garratza duk literatura. Tinta ez, odola eta potroak erabiltzen dituk hemen paperetan baino gehiago larruazaletan tatuaturik daramagun patuaz hitz egiteko. Barre egin nahi badiok utzi hinduen neskalagunari, kutxako bulegari ziztrinarekin ezkondu zuan alu horri, hona hemen hire aukera. Barre egin nahi badiok orain EAJko zinegotzia den ikaskide ohi putaseme horri, hona hemen hire mendekua. Ukabilkadaz idatzi, ukabilkadaz irakurri.
(SAREINAK BLOGEKOEI OHARRA: Kanon übersexual hau ez dago zertan baztertu behar, alderantziz, zuen partetik arretaz aztertzea ongi mereziko luke. Hauen ezaugarri falikoak sakonean onfalikoak dira (biak dira bat), eta hortik alu sinbolikora (mundualuhonetara) pasatzea erraza da).

 

1. Xabier Montoia
2. Paddy Rekalde
3. Txuma Murugarren
4. Jon Arano
5. Asier Serrano

 

 

Kanon gastronomikoa

Kanonik beteena eta biribilena, baita homogeneoena ere. Zerrenda luzeak gogoratzeko gaitasun urria duen jendearentzat egokia, baita euskal sukaldaritza delako entelekia horretan sinesten jarraitzen dutenentzat ere. Guztiz debekatuta dago hizpidera ekartzea jatetxe txinatarretan edo kebab-saltokietan.

 

1. Hasier Etxeberria (zizka-mizkak)
2. Hasier Etxeberria (lehenengo platera)
3. Hasier Etxeberria (bigarren platera)
4. Hasier Etxeberria (postrea, kafea, kopa, purua)
5. Hasier Etxeberria (ohiko siesta, egongelako besaulkian, telebistak Sautrela eskaini bitartean)

 

 

Kanon transbertsala (edo transbertzalea)

Balizko kanon guztietarik hedatuena eta oharkabekoena izan daiteke, herrikoiena agian, literaturaren mandarinek eta connaisseur-ek agindutakoaren aparte hazitako belar naturalak, ez halabeharrez pozoindunak, ez halabeharrez sendagarriak. Jite demokratikoak eta kanon kontzeptuak (are postmodernitatean ere, susmoa dugu) contradictio-a in terminis dakartenez, behin-behineko soluziobide bezala, haien jarduna ez da literaturatzat hartzen. Nahiz eta denok (eta bereziki haiek) kontrakoa uste dugun, denok aho batez isilean gordetzen dugu.

 

1. Andoni Egaña (bertsolari)
2. Benito Lertxundi (letragile)
3. Estitxu Fernandez (errenazimenduko emaztekia)
4. Anjel Alkain (komiko)
5. Abel Barriola (poeta)

 

 

Kanon frikia

Kanon frikia konkista bat da: bazterrekoaren konkista. Kanon frikiak ez du erdigunera so egiten, beste kanon batzuek bezala, erdiguneko kanonean daudenak piska bat despistatu eta zaplasteko batez deskanonizatzeko, eta beren burua erdigunean paratzeko.
Ez, kanon frikiak friki jarraitu nahi du bazterreko frikitasunean. A baina! Euskal Literaturako Kanon frikiak friki nahi gaitu. Hori da haien helburua, euskal literatura (baldin bada, behintzat) friki bihur dadin. Eta hegemoniko bihurtu. Joan prestatzen, bereziki ikasleak, dildo arrosak, galdutako euskal hitz eta ohiturak, bazterreko euskalkiak, biografia arraroak. Noizbait ere Kanon Frikia Selektibitateko Kanona izanen da eta!

 

1. Aitor Arana
2. Patziku Perurena
3. Iñaki Segurola
4. Xabier Mendiguren Elizegi
5. Markos Zapiain

 

 

Kanongileen kanona

Bukatzen joateko kanongileei buruzko Kanon bat egin nahi genuke, Lacanek esanen lukeen bezala objetuaren itzulera objetualizatuz, eta bere horretan Bestea beste bihurtuz, euskaraz esanen litzatekeen bezala kiribilketa alaiean. Horren gabiltza urri kritikoz euskal literaturan ezen ezin baitugu kritika kanon desberdinak egin. Beraz gure kanongile guztiak sartu ditugu kanon honetan, eraiki nahi duen kanonaren definizioa paratuz aldamenean.

 

1. Jon Kortazar (Nire Mesederako kanona, edo Haizea Dator Segun eta Nondik)
2. Mari Jose Olaziregi (Kanon Moderno Atxagiarra. MJOk kanonizaturiko idazle guztiek daramate MJO marka ezkerreko ipurmasailean serigrafiatua)
3. Joseba Gabilondo (Kanon Multikulti Postestrukturalista Lacaniarra eta abar)
4. Iñaki Aldekoa (La Littérature C’Est La Littérature kanona edo Harold Bloom Otoitz Gure Alde)
5. Gorka Arrese (Saloonaren Parean Itxarongo Haut, Forastero –Eta Gorriak Ikusiko Dituk– kanona)
6. Iratxe Retolaza (Gizonik Gabeko Euskal Literaturarako Bidean Tinko kanona)
7. Ibon Egaña (Ez Dakit-Ez Nago Seguru-Alde Batetik Bai-Baina Bestetik Auskalo-Enfin Ikusiko Dugu kanona)

 

 

Volgako Batelarion kanon-proposamena

Ez gara gu izango gure literatur sistemako gainontzeko indar ageriko zein ezkutuak baino gutxiago, eta gure ekarpen guztiz objektiboa egin nahi izan diogu Pepis Andereñoaren Kanonen kit txit aprobetxagarri honi, Volgako Batelarion kanona hain zuzen ere. Azken modan egon nahi baduzu, hondarreko joera kultureten jabe, postmoderno baina aldi berean moderno eta are batzuetan premoderno eta preneolitiko agertu nahi baduzu, gure literatur kanon partikularra zeure egitea eta munduan defendatzea beste erremediorik ez zaizu geratuko. Molatzen du mailu.

 

1. Rikardo Arregi
2. Juanjo Olasagarre
3. Iban Zaldua
4. Angel Erro
5. Ibon Egaña

 

(nota bene: Pepis andereñoaren azkeneko kanon honen orden kanonikoaren inguruko erabakia zaila eta bihurgunetsua izan zen, eta azkenean epaimahaiaren adineko buruaren kalitatezko botoak ebatsi zuen eztabaida; hala eta guztiz ere, zenbait epaimahaikidek beren boto partikularra adierazteko eskubidea exigitu zuten, eta hala jasota geratzen da ondorengo zerrendetan).

Juanjo Olasagarreren botu partikularra:

 

1. Juanjo Olasagarre
2. Rikardo Arregi
3. Angel Erro
4. Iban Zaldua
5. Ibon Egaña

 

Iban Zalduaren botu partikularra:

 

1. Iban Zaldua
2. Rikardo Arregi
3. Juanjo Olasagarre
4. Angel Erro
5. Ibon Egaña

 

Angel Erroren botu partikularra:

 

1. Angel Erro
2. Rikardo Arregi
3. Juanjo Olasagarre
4. Ibon Egaña
5. Iban Zaldua

 

Ibon Egañaren botu partikularra:

 

1. Ibon Egaña
2. Angel Erro
3. Rikardo Arregi
4. Juanjo Olasagarre
5. Iban Zaldua

 

Aritz Galarraga
Aritz Galarraga dio:
2007/06/29 18:54

Mikel Aizpuru eta Jokin Muñozen iruzkinen harira, kanon baten hutsunea nabaritu dut neuk ere: kritiko izatera jolasten diren eskribauena, hots, kanongile izateko aukera izan, baina tamaina ematen ez duten horiena. Hauexek proposamenak:

  1. Felipe Juaristi
    2. Aritz Galarraga
    3. Maider Ziaurriz
    4. Inaxio Echeverria

(Badakit, bigaren postuan jarri dut neure burua, baina iruditzen zait marka batzuk gaindiezinak direla)

Jokin Muoz
Jokin Muoz dio:
2007/06/29 14:03

Beste kanon batean idazle otzanen taldean jarri ninduten. Kategoria hori -otzan- ez dakit zuzen-zuzenean zuek egindako kanon hauetatik zeini dagokion. Orixek erabiltzen zuen zentzuan hartuz gero (otzan=sinpatikoa), akaso Kanon guayan edo Kanon light-ean kokatuko nuke gehiago neure burua, Kanon españolazoan baino (4.postua... miserableak!!). Otzan strictus sensus hartuz gero, berriz (otzan=esanekoa, zintzoa), kanon abertzale-iraultzaile arin zein gogorrean nengoke, eta hori, benetan, kosta egiten zait sinistea. Edonola ere, nik beste kanon bat proposatzeko sartu nahi nituen muturrak, bigarren aldiz, Volgakoen jauregian: Euskarazko Literatura fantastiko zientzia-fikziozkoaren egileen kanona, hain zuzen ere. Horra sailkapena:

  1. ETAren komunikatuen egilea(k) (aipamen berezia zapatistei bidalitako haren egileari, mikrorrelato hark zuen ukitu indigenista-troglodita-futuristagatik).
  2. Iban Zaldua (Bai, badakit "Si Sabino viviría" gaztelaniaz idatzita dagoela, baina idazle españolazoa izateak horrelako pribilegioak dakartza, aizue! Gainera, hor dago Gil Bera,bigarren!!).
  3. Fernando Morillo
  4. Iñaki Irazabalbeitia.
Gerardo Markuleta
Gerardo Markuleta dio:
2007/07/04 22:01

Oso ona, dibertigarri bezain sujerentea.

Mikel, Jokin eta Aritzen modura, niri ere, lehen begiratu batean, kanonen bat falta zela begitandu zait. Baina ez nuen garbi ikusten zein izan ote zitekeen.

Gero begitaratu zait, izatekotan, “Ikusezinen kanona” falta zela. Eta zerrenda bat egiteko asmoa ere izan dut, baina begira eta begira jardun dudan arren, ez dut inor antzeman.

Geroago ohartu naiz ikusezina definizioz dela zerrendaezina. Eta toreatzaile hark zioen bezala: “ezinezkoa ezinezko da eta, gainera, ez da posible!”.

Mikel Aizpuru
Mikel Aizpuru dio:
2007/06/28 13:44

Mundiala.
Bi kanon falta dira:
Euskaraz liburuak idatzi arren, euskal idazle ez direnen zerrenda.
Libururik idatzi ez arren, idazle direnen zerrenda.

Juan Luis Zabala
Juan Luis Zabala dio:
2007/06/27 17:01

Hau da hau marka! Hau da hau frustrazioa! Hau da hau giza drama negargarria! Bizitza osoa kanon matxo-rockero-kanallaren buru izatera iristeko asmoz idazten, zertarako eta azkenean kanon frantziskotarraren laugarren postua eskuratzeko!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44