Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Poesiarekiko arazoa (I)

Poesiarekiko arazoa (I)

Angel Erro 2007/07/24 02:00
Poeta gazte batek idazten zuen liburu dendetan galdua sentitu ohi dela, ez alferrik liburu dendak eta bereziki bibliotekak aspaldidanik labirintoekin erkatzeko joera handia dago. Poesiaren apalari begira gelditzen omen da zer hartu jakin gabe, hala erraza delarik etsipenak, munstro mitologiko bat bailitzan, harrapa dezala oharkabean, eta berarekin egin dezala hala etsipenak nola munstro mitologikoek ohi duten triskantza tristea. Arazo kretatar honen harira, zezenari adarretatik heldu nahi nioke, eta nire esperientziatik irtenbidea ematen saiatu nire esperientziaz zein nire hitzaz fidatu nahi duenari.




Horretarako, erosi dudan azken poesia liburua nola eta zergatik erosi nuen kontatuko dut.

Poesiarekiko arazoa (eta beste poema batzuk), The Trouble with Poetry (and other poems) jatorrizkoan, eta itzulpenean Lo malo de la poesía (y otros poemas) izeneko liburu batek atentzioa deitu zidan nobedadeen mahaitik. Izen on batek, eta nire ustez hau izen ona da, bulkatzen ahal zaitu liburu bat eskuetan hartzera, zeina, logika hutsez ondoriozta daitekeenez, liburu bat erosteko lehen pausotzat har baitezakegu, baina lehen pauso bat ez da deus, normalean nobedadeen apaletik salmahaira, bezeroekiko begiramenez, hamar bat metrotako distantzia minimoa gorde ohi delako. Behin liburua eskuetan, bidezkoa dirudi irekitzeak eta edukiak kanpoko promesari eusten ote dion egiaztatzeak. Hoberena goitik behera irakurri gabeko poesia libururik ez erostea litzateke, genero honetako ezaugarrietan ezustea edo atsegina ez baita sortzen hiltzailea nor izan den (denok, ai, baitakigu) edo helduentzako filmetan bezala protagonistak elkarrekin ezkontzen ote diren jakitetik, baizik eta in crescendo doan seta estetiko batetik, halako moldez non, denok konprobatuko zenutenez, poesia liburu bat zenbat eta irakurriagoa, begirunearen mugen baitan beti ere, orduan eta atsegingarriago eta are harrigarriagoa ere gertatzen den.

Baina liburu dendetan liburua osorik irakurtzerik ez dagoenez, ausaz aukeraturiko laginekin konformatu behar da, gure jabegoaren mereziduna den ala ez erabakitzeko. Hurrengo prozeduraren arabera: poemarioa atzekoz aurrera edo aurrekoz atzera orripasakatzen da, erpuruaz lagundurik, eta frantsesek haleine poétique deitzen duten haize boladatxoa hazpegietan sorrarazten delarik. Momenturen batean ala bestean, liburua orrialde batean (ala bestean) irekita geldituko da, horixe izanen da ausaz irakurtzera deituta gauden poema. Gainetik ala sakonki irakurri behar den, norberaren hautu pertsonala da. Poema hori gogoko izanez gero, liburua erosia izateko aukerek gora egiten dute, gutxi gorabehera esponentzialki (Horregatik, harrituko ninduke argitaletxeek orripasaketa jarduna ez balute nolabait bideratuko, goma-erretxinaren, orrialderen arteko kontrapisuen edo bestelako baliabide teknikoen bitartez, liburua ustezko pieza hoberenaren orrialdean irekiarazita). Poema hori norberari gogoko izatea zerk eragiten duen azaltzeak luze joko luke, psikearen jokaera konplexuak eta bestelakoak tartean daudelako, eta artikulu honen helburuetarik aise urrunduko ginateke, baina, laburbilduz esan dezagun, poema bat gustagarria gertatzen zaiola irakurleari, a) irakurlea poeta baldin bada (gehienetan), berak idatzitakoen antza izanez gero; b) irakurlea poeta baldin ez bada (urritan), Kirmen Uribek idatzitakoen antza izanez gero.

Nire kasuan, Poesiarekiko arazoa (eta beste poema batzuk) poema liburua erostera bultzatu ninduen poema ez da zehazki poema bat, liburuaren atarian autoreak jarritako aipua baizik. Aitortu behar dut, liburuaren egituran parte zeharkakoa hartzen duen paratestu hori besterik ez irakurrita, hartu nuela liburu hau erosteko deliberoa, zeinak aditzera ematen baitu hala nire arinkeria nola nire egoera ekonomiko estutasunik gabekoa.

Aipu hori nik idatzia nahi nuen.

Henry James nobelistarena da, eta hiru bertso lerro dira. Liburua elebidunez den arren, aipua gaztelaniaz baino ez dago, ingelesezko jatorria edukita. Itzulpenetik itzultzea (edo hala egin duzula aitortzea) ongiegi ikusia ez denez, gaztelaniaz ematera arriskatuko naiz:

 

Mi idea del paraíso es un flamante automóvil
yendo a cincuenta kilómetros por hora por una carretera tranquila
hacia una catedral del siglo doce.

 

**********************************************************************

Poesia irakurtzea bezain atsegina, ez bada gehiago, izaten da irakurritakoa, eta irakurritakotik gustatutakoa, norekin konpartitu aurkitzea. Lagun bat edukitzea. Ez bakarrik, gurasoek uste dutenaren kontrara, futbolera joateko edo (irrikak agintzen duenean) batek daki zer antro motatara auskalo zer konpainia gaiztoarekin nahasteko, baizik eta (gurasoek inoiz susmatuko ez luketenez) liburuez mintzatzeko ere bai: horixe da lagunek elkarrekin egiten duten gauzetarik usuena.

Nik aipua holako lagun bati ezagutarazi nion, nirekin batera miraritu zedin.

Eztabaida izan genuen zein urtetan idatzia zatekeen, 50 kilometro orduko asko edo gutxi den jakin nahian, zeren poema zatiaren pertzepzioa, hala nola tempoa eta ondorio soziopolitikoak, nahikoa alda baitaitezke, abiadura hori paseo lasai batekoa bada (Pessoa bere chevroletaren barruan Sintrara) edo itzelezko abiadura bada (Marinetti bere futurismoaren barruan Samotraziara).

Automobilaren popularizazioa, batez ere aristokraziaren baitan eta zehazki Ingalaterran, (mende hasiera, zehazpen gehiagorik gabe) eta Henry Jamesen heriotza data kontuan harturik (1916) ondorioztatu genuen 50 km/orduko abiadura ez zela garaian paseo lasai bat, batez ere orduko kamino seguruenik asfaltatu gabeen egoera seguruenik hobegarria presente edukita. Datu gehiago pilatu genituen, Henry Jamesek eta Edith Warthon lagunak, azken honen autoan, txangoak egiten zituzten maiz. Warthonen autoari The Vehicle of Passion deitzen omen zion Henry Jamesek bere gutunetan, seguruenik, bere nobeletan bezala, homosexualitate latentea garaikideei ezkutatzeko eta gaurko ikertzaileei aditzera emateko ahalegin, bistan denez, arrakastatsuan.

Harritu gaitu, halaber, olerki zatiak ez dirudiela bere estilokoa.

Esan dugu zer gustatu zaigun poematik. Niri, erakusten duen snobismoaz gain, gaurkoa (uler bedi: ordukoa) eta betikoa (XII. mendetik honakoa) uztartzeko modua: bolido bat eta katedral bat, iragankorra eta iraunkorra, desarrollismoa eta siemprelomismoa . Gustatu zait hamabi zenbakia letraz emana egotearen ñabardura axolagabea, doce. Zenbaki erromatarretan, axolarik ez balu ere, ez litzateke gauza bera. Maite dut flamante hitza autoari itsatsia. Autoez aparte gauza gutxi izan baitaitezke flamanteak. Senar bat, kasurik hoberenean. Flamante hitzaren xarma, euskaratuz gero, galduko zen, susmoa dut. Ingelesez ez dakit nola zen, ezta galduko ala irabaziko lukeen ere. Esan ezinezko beste arrazoiengatik ere maite dut Henry Jamesen aipu hau, baina ez ditut esango.

Orduan lagunak eta biok aztertu dugu euskaraz, guztiz ere euskararik baizen ez dakitenentzat, horiek bezalako bertso-lerroak idaztearen egokiera. Jatorrizkoak ehun bat urte baino ez duen arren, pentsatu dugu, aldaketa ñimiño batzuk (egokitzapen kontuak) sartuz gero, euskal jendeari ongi helduko litzaiokeela. Eta bertsionatzeari ekin diogu.

Flamante utz daiteke; abiadura, auzitan sartu nahi ez badugu, 130tik pasatzea ez da komeni; autobia publiko bat izan daiteke. Hamabigarren mendeko katedralarena utz daiteke, nahiz eta gure publikoaren harrera onerako, gaude hobe litzatekeela, katedralaren ordez, eliza sinple bat edo baseliza bat jartzea. Edo, are hobea, Araba aldeko trikuharri bat. Baina, hala eginen bagenu, trikuharrietarainoko irisgarritasuna kontuan hartu beharko genuke, eta ekologistek aurpegiratuko ligukete poluzioa eta leku guztietara kotxez joatearen mania. Orduan agian komeniko litzateke, flamante automóvil baten ordez, mendi martxa bat paratzea, edo, gure idazlerik onenaren omenez, asto baten gainean (euli artean bada ere) ibilalditxoa.

Poema berria, gutxi gorabehera, honela geldituko litzateke:

 

Mi idea del paraíso es un paseo en borrica
yendo, con un alegre trotecillo, por una senda verde (no turística)
hacia un dolmen preindoeuropeo.

 

Horrela baina euskaraz. Astoarenak ez du laguna gehiegi konbentzitu, arazoak genituzke haren ustez, egunkarietako zuzendariei bidali gutunen batean norbaitek ez lukeelako ongi ikusiko aberearen gaineko jazarpena (jazarri, bereziki nik jazarriko niokeen arren, loditu besterik ez dudalako egiten hondarraldian). Eta oinez edo gehienez ere bizikletaz egiteko esan dit, horrek bide batez kilo batzuk jaisteko balioko lidake.






OHARRA: Iban Zalduak, ohikoa zaion jakinmin infinituak akuilaturik, nik axolagabeki burutu gabeko ikerlana egin du, Henry Jamesen aipua jatorrizko hizkuntzan bilatzekoa. Aurkitu du aipua, eta ez dela Henry Jamesena, ezta poema batekoa ere. Henry Adamsek iloba bati zuzenduriko gutun batean idazten zion ingelesez ondoko forma daukan esaldia: "My idea of paradise is a perfect automobile going thirty miles an hour on a smooth road to a twelfth-century cathedral." Neronen deskarguan esan dezaket nik erosi liburuan (Bartleby ediciones, 2007) delako esaldia Henry Jamesi egozten zaiola, eta neurkera ezberdineko hiru lerrotan agertzen dela. Atribuzio auzi hau egilearen edo itzultzailearen errakuntza bat ala literatur jolas nahitako bat den ez dakidalarik zilegi bekit (nagikeriagatik ere bai) artikulua dagoen-dagoenean uztea. Edith Whartonek bi Henryekin, Adamsekin zein Jamesekin, auto ibilaldiak egiten zituela jakitea aringarri zait, nolabait, inoiz hirurak elkarrekin hamabigarren mendeko katedral batera joan zitezkeela irudika baitezaket.

etiketak: Testuak
Gerardo
Gerardo dio:
2007/10/20 13:48

Batelari bipilen beso

gihar fermuki amoltsuok

garai batean ohi zituzten

literatur delikatessen,

letretako zakardadeok

beso zabal berriz eskaintzen

segi lezakete, please, arren?

Zirikatzeko baino ez (sic, zin): "Enegarreneko bilera horietako batean (...) erretiratua zen zuzendari batentzako oparian jarri geninan gure sinadura. Liburu bat zunan, eta liburua ixtean gaztelaniaz zegonan. Ezin ezabatu sinadura, eta zimiko bat sentitu ninan garunean” Tere Irastortza (mugalari, 07-10-20)

Mikel Ayerbe
Mikel Ayerbe dio:
2007/08/08 13:57

POESIA, GURE LAGUNA DA!

Artikulu honekin dibertitu ostean, nik ere erosi dudan azken poesia liburua nola eta zergatik erosi dudan kontatuko dut, beti ere irakurzaletasunaren eta irakurlegoaren irudi aberatsago bat emateko intentzioz.

Flash-back: Uztailean gaude, Estatuko hiriburuan, lagun baten etxean afaltzen (ezaguna esatea hobe litzateke agian, lagun izendatutakoa izatez nire lagunen laguna baita eta lagunen lagunak ez direlako zertan lagun izan. Baina kasu honetan ez da ezaguna, laguna da). Giroa berotzen hasi da eta etxetik atera aurretik, lagunari, uda dela aitzakia jarrita, liburu bat gomendatzeko eskatzen diot. Lehen ere niri idazle bat ezagutaraztearen meritua izan du lagun honek eta idazle honen liburu bat biziki gustatu zitzaidanez, beste liburu bat gomendatzeko, arren.

Liburu bat gomendatzea izan daitekeen marroi iluna gaindituz, lagunak bat ez, bi liburu gomendatu zizkidan: Truffauten El cine según Hitchcock eta beste lagun baten poema liburu bat. Elkarrizketa liburua bata, poesia liburua bestea.

Bada, gaur esan dezaket liburutegi batetik hartu nuen Truffauten liburua amaitu dudala eta oso oso oso iruditzeaz gain, Hitchcocken pelikula batzuk berriro ikusteko gogo itzela piztu didala. Eta orain dator kontua, poema liburuarekin zer egin?

Poesiak sortzen didan ezinegona aintzat hartzen badugu, irtenbideak ez dirudi erraza. Poesiarekiko miresmen honi, poema liburua lagun batek idatzi duela gehituz gero, are korapilatsuagoa da guztia. Izan ere, idazten duten lagunak izateak (bereziki poesia idazten badute) hori du txarra, goiz ala berandu iritzi bat eskatuko dizutela. Esan behar dut, poema liburu hau idatzi duen lagunak oraindik ez didala konturik eskatu eta ziurrenik, ez didala inoiz eskatuko, baina hori ez dago jakiterik.

Dena den, aitortu behar dut banekiela poema liburu hau irakurri egin behar nuela. Lagun batek gomendatzea ez da beste aitzakia bat besterik. Eta beste laguna idazlea izateak ere, baditu abantailak, agian futbol partidutik bueltan bere poesia liburua komentatuko dugulako. En fin...

Atzo Elkar liburu-azokara sartu eta zuzenean jo nuen euskal poesia atalera. Beti bezala, behar duguna ez dago bere lekuan. Dendariari esan eta honek ere ez du aurkitzen, baina ordenagailuan begiratu eta ba omen da ale bat (baina batzutan horrek ez omen du ezer esan nahi, toma kastaña!). Eleberrien artean ere begiratzen du emakumeak, baina berehala etsi eta sentitzen duela, nahi badut eskatuko dutela aleren bat. Nik esan nion ez nintzela bertakoa (Ni ez nahiz hemengoa esan banio hobe, ezta?), eta berriro nobelen artean hasi nintzen ditxozozko poema liburu horren bila. Eta bai, azkenean han zegoen, nobela artean galduta. Emakumeari aurkitu nuela aurpegiratu eta ordaintzera joan nintzen, zuzenean. Ez nuen liburua esku artean ibili eta ez nintzen poemak ikuskatzera ausartu, hainbeste lanen ondotik ez nuen inolaz ere poema liburu hori erosteko erabakia albo batera lagatzea nahi.

Eta orain mahai gainean dut poema liburua. Zein den bere izenburua?

Ion Olano
Ion Olano dio:
2007/10/10 20:10

Volga volga, marinelak! Ei... volgazaleok jada benetan volgatzen hasiak gara, aspaldi honetan volgarik ez duzuelako volgatu. Zer volgatzen zaizue? Espero dut izugarrizko volga bat prestatzen aritzea, benetan volgatuko gaituen zerbait. Zuen zain gaude. Ez baduzue laster volgatzen, benetan volgatuko gara.

Antonio Casado
Antonio Casado dio:
2008/01/16 23:40

Jatorrizko argitalpenean (Random House, 2007) honako hau:

My idea of paradise is a perfect automobile going thirty miles an hour on a smooth road to a twelfth-century cathedral. --Henry James

Beraz, egilearena da atribuzioa. Baina Billy Collins hau bromazale amorratua dugu. Goraintziak kontubernioari.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44