Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Susmo txarrak

Susmo txarrak

Iban Zaldua 2007/03/10 11:30
Philip K. Dick idazle estatubatuarraren heriotzaren hogeitabosgarren urteurrena dela eta Iban Zalduak idatzitako testutxo bat duzue hau. Agian norbait harrituko da "idazle estatubatuarra" ipini dugulako, eta ez "zientzia fikziozko idazle estatubatuarra", baina kontua da, gaur egun, soberan dagoela "zientzia fikziozko" hori: XX. mendeko literatur kanon nagusia pentsaezina da, jadanik, Philip K. Dick gabe.

Philip K. Dick idazle estatubatuarraren (1928-1982) heriotzaren hogeita bosgarren urteurrena oroitzeko kolaborazio labur bat bidaltzeko eskatu zidan Berria egunkariak, Jon Benitok idatziko zuen artikuluaren osagarri. Oso maite dut Dick, gaztetatik, eta testu bat ez ezik, bi idatzi nituen, bata fikzionalizatua, eta bestea "akademikoagoa": egunkariko kultura sailekoei utzi nien bietako zein ipini erabakitzeko ardura. Narrazio modukoa hautatu zuten, eta hemen duzue beste artikulua, pixka bat zabaldua.
Antologietan barreiatutako ipuin batzuk alde batera utzita, Azkenaurreko egia izan zen Philip K. Dicki irakurri nion lehenengo nobela (The Penultimate Truth, 1964), artean institutuan nengoela. Estatu Batuen eta Sobiet Batasunaren arteko gerra nuklearraren ondorioz, lur azpian bizi da jendea, satorren moduan, azaleko erradiaziotik eta errautsetatik urrun, non errobotek eta zenbait militar ausartek etsaiaren kontrako borrokarekin jarraitzen baitute, sakoneko bunkerretako biztanleek gerra hori irabazteko beharrezkoak diren gailuak eta armak produzitzen dituzten bitartean, bizimodu ezin kaxkarragoa eginez. Baina halako batean, haietako batek lurrazalean zer gertatzen den ikustea lortuko du. Eta aurkituko duena bunkerreko albistegietan kontatzen dietenaren oso bestelakoa izango da.

Horra hor eleberriaren planteamendua, amaiera ("azkenaurreko egia" hura) deskubritu gabe noski, agian irakurleren batek heldu nahiko baitio; gainera dezadan, soilik, istorioa Estatu Batuetan gertatzen dela, Dicken aberrian alegia, baina berdin-berdin gerta zitekeela Sobiet Batasunean, eta horretan datzala, besteak beste, eleberriaren izugarrikeria. Ez ditut peripeziaren xehetasunak gogoratzen, ezta beharrik ere: ideia nagusiaren indarra geratu zitzaidan memorian iltzatuta, munduari buruzko errebelazio bat bailitzan. Philip K. Dicken ipuinak eta eleberriak, oro har, gure munduari buruzko errebelazioak baitira, etorkizuneko, gaurko edo iraganeko mundu paralelo baina posibleetan kokatuta dauden arren, edo horrexegatik hain zuzen ere: Ricardo Pigliak esan bezala (badakit ez dela erabiltzen dudan lehenengo aldia, baina aipua asko gustatzen zait, zer egingo zaio), "istorio guztiak etorkizunean kokatzen dira, baina etorkizunean nahita kokatzen diren istorioek orainaz argiago aritzeko egiten dute hori". Izan ere, Dicken lanak guri eta gure garaiari buruzkoak dira bete-betean, duela hogeita bost edo berrogeita hamar urte idatzi baziren ere (Azkenaurreko egiaren jatorria Dicken beraren 1953ko "Defendatzaileak" izenburuko ipuinean dago, esaterako): denborak on egin die haren fikzioei, Sobiet Batasunaren desagerpena bezalako ñimiñokeriak gora-behera.

Dickek bere narratiban planteatzen dituen bi galdera nagusiak, nire ustez, hauek dira: "zer da gizakia?" eta "zer da errealitatea?"; akaso galdera berdina dira, azken finean. Lehenengoa erantzuteko erabiltzen duen estrategia ez-gizakiak asmatzea da (errobotak, mutanteak, alienigenak, hildakoak, jainkoak…): gizakiekin konfrontatuz ohartarazten gaitu gizatasunaren mugez eta miseriez (baina baita gizatasunaren handitasunaz ere) (1). Bigarrenari aurre egiteko etengabe ipiniko du ezbaian pertsonaiek ziurtzat ematen dituzten eszenatokiak, are gizarte osoa ere "mundua ez da dirudiena", baina horretarako ez gaitu zertan galaxia urrunetara eraman behar: Dicken ukroniak eta distopiak ezagunak egiten zaizkigu berehala. Ezagunegiak.

Sekula halakorik aldarrikatu ez zuen arren, Dick idazle politikoa da, haien buruak idazle konprometitutzat jotzen duten asko baino gehiago eta, zer esanik ez, halakoena baino iraultzaileagoa gertatzen da maiz bere predikurik gabeko lana. Alde horretatik, George W. Orwell zientzia fikzioa erabili zuen idazle politiko gisa ikus daitekeen bezala (1984 distopiaz ari naiz, noski), Dick politikaz aritzen zen zientzia fikzioko idazletzat jo genezake. Dicken paranoiarako joeran eta drogazaletasunean gehiegi insistitzeak, batzuetan, bere lanaren alderdi hori iluntzeko helburua duela iruditzen zait: paranoia, drogazaletasuna eta eromena bere bizitzaren parte izan ziren, zalantzarik ez, baina horiei etekin literarioa ateratzeko gai izan zen Dick, eta oraindik ere kezkaz betetzen gaituzte handik abiatuta zirriborratu zituen gure gizarteko paisaiek (agian orain orduan baino gehiago).

Dicken pertsonaiek, gizajo batzuk sarri, ziurtatuta daukate porrota, eta hala ere borrokan jarraituko dute, baina ez txapeldun etiko batzuk direlako, gizatasunaren kontraesan guztien jabe direlako baizik; kariñoa zien egileak bere pertsonaiei, eta hori nabaritzen da (2). Eta, garrantzitsua dena, kariño horrek ez du baztertzen ironiaren eta umore beltzaren (batzuetan oso beltzaren) erabilera inteligente bat, bere obra osoa zeharkatzen duena.

Dick harira doan idazlea da, are zabarra batzuetan, baina hori eskertzekoa dela esango nuke: ziur egon gaitezke bere argialdia ez duela literatur estilo tonen azpian lurperatuko. Berak zioen bezala, "zientzia fikzioan gutxiago azpimarratzen da estilo hutsa, eta gehiago edukia, behar den bezala". Nik bi lan gomendatuko nizkioke egile hau ezagutzen ez duen irakurleari: Ubik (1969) eta Gizona gaztelu garaian (The Man in the High Castle, 1962). Eta, esan gabe doa, haren (ia) edozein ipuin; gaztelaniaz Minotauro argitaletxea ari da Dicken ipuinen bilduma osoa argitaratzen, kronologikoki antolatua, Cuentos completos izenburupean (hirugarren liburukia atera dute jada, eta oker ez banago bost izango dira guztira: biziki gomendagarriak dira, eta hobera egiten doaz, gainera, lehenengo liburukiak gaztaroko errelatoei dagozkielako; heldutasunak on egin zion bere ekoizpenari).

Ausartuko nintzateke esatera Philip K. Dick izan dela XX. mendeko zientzia fikzioarentzat XIX. mendekoarentzat Jules Verne izan zena, hots, hala aitzindari nola gai-agortzaile bat. Are gehiago, zientzia fikzioaren egungo krisiaren erantzuletako bat izango litzateke Dick, zientzia fikzioko literatura (eta, zer esanik ez, zinema (3)) haren intuizioak behin eta berriro errepikatzen ari den heinean. Izan ere, batzuentzat zientzia fikzioa ezinezko generoa bihurtu da egun, apenas eskaini ahal du eta antizipaziorik: kapitalismoak bultzatutako gizarte-makina horren bizkor doa ezen berehala bihurtzen baititu obsoleto etorkizunari buruz zer edo zer berri esateko asmoa duten narrazioak. Eta gainontzeko gaiak Dickek esploratu zituenez jada…

Edozein modutan, zientzia fikzioaren mundu estuarekin lotu zitzaion beti, literatura garaiaren esparruan lekutxo bat merezi arren: Dickengan generoa tresna da, ez helburua. Izan ere, bere lehenengo eleberriak, 1950eko hamarkadaren hasieran idatziak, mainstream izan ziren, literatura orokorrekoak alegia, eta ez zizkion inork argitaratu nahi izan; ordurako, ordea, arrakasta izaten ari zen bere zientzia fikzioko ipuinekin (eta bizimodua egiten, ez oso oparoa baina), eta bide horri lotu zitzaion betirako: kritikoek diotenez, bitxia da ikustea nola lehenengo eleberri "normal" horietako pertsonaiak eta egoerak errepikatzen eta deformatzen ziren gero idatzitako zientzia fikzioko dezentetan. Zendu ondoren guztiak berreskuratu eta argitaratu ziren, noski.

Bai, goizegi hil zen Philip K. Dick: Blade Runner eta gero egin diren zinema-egokitzapenen eskubideak kobratzen hasi aurretik, eta mundu akademikotik eta idazle (eta irakurle) askorengandik errekonozimendu orokorra iritsi aurretik (4).

Mundu perfektu batean ez zen halakorik gertatu izango. Baina, hala gertatu izan ez balitzaio, ziur nago Dickek susmo txarra hartuko ziola kontuari. Benetan gertatu zitzaionari susmo txarra hartu zion bezala, alegia.

(Benetan? Zer esan nahi duzu benetan horrekin?, galdetuko lidake Dickek. Eta harrapatuko ninduke).



Oiñ-ohar zenbait

(1) Nobela beltzaren esparruan ibili zen Jim Thompsonen (1908-1977) kezkak antzekoak zirela esango nuke, gizakiaren miseriei dagokienean behintzat, baina erabilitako bideak oso ezberdinak izan ziren, Dickenekin konparatuz: Thompsonek giza arimaren ilunpeetan murgiltzea erabaki zuen bitartean (Hiltzailea nire baitan, 1952; 1280 arima, 1964), Dickek giza arimaren mugaz bestaldeko lurraldeak esploratu zituen, baina biek azken batean oso antzeko helburua zutela esango nuke. Haien idazle bizitzek paralelismo deigarriak dituzte, bestalde: biak hasi ziren generokoa ez zen literatura idazten (arrakastarik gabe); biek izan zuten arrakasta erlatiboa literatura generikoa lantzen hasi zirenean (Thompsonek nobela beltzarekin, Dickek zientzia fikzioarekin), haien arazo ekonomikoak konpondu ez zituenak baina; biek izan zuten emankortasun beldurgarriko garai bat (Thompsonek hamahiru nobela argitaratu zituen 1952-1955 bitartean; Dickek zazpi 1962-1965 epealdian, baina garai berean beste zortzi gehiago idatzi zituen, hurrengo urteetan argitaratzen joan zirenak); biek jaso zuten miresmen gehiago Frantzian Estatu Batuetan baino, bizirik zeudela; eta biek garatu zuten muturreko dependentziaren bat (Thompsonek, alkoholarekiko; Dickek, anfetaminekiko). Jim Thompsonek, Dickek ez bezala, ikusi ahal izan zituen bere eleberrien egokitzapen zinematografikoak (Ihesa, 1972an, eta Hiltzailea nire baitan, 1976an), eta Kubrickentzako eta beste zenbaitentzako gidoigintza lanak egin zituen, gainera, baina horrek ez zion Dicki baino gehiago lagundu egoera ekonomikoa hobetzen. Eta, azkenik (esan gabe doa), literatur prestigio zabala hil ondoren iritsi zitzaien biei.

(2) Hori da hain zuzen ere Dicken lanetan oinarritutako filmek horren ondo islatu ez dutena: Dicken nobelek eta ipuinek akzioa dute, noski, baina baita beste zer edo zer ere, eta akziozko pelikulak bilakatzean protagonistek gizajotasuna galdu ohi dute, heroi bihurtuz, akzioko pelikuletako supergizaki alegia; adibiderik argiena Total Recall (gaztelaniaz Desafío total) filmean Schwarzeneggerrek jokatzen duen rolarena litzateke, baina gauza bera esan genezake Steven Spielbergen Minority Report edo John Wooren Paycheck filmei buruz (denak, bide batez, Dicken ez nobeletan baizik eta ipuinetan oinarrituak: Rafael Azcona gidoigile eta idazleak inoiz aipatu bezala, ipuinak egokiagoak izan daitezke pantaila-egokitzapenerako eleberriak baino; enfin, barka nazazue azkeneko gain-ohar gremial honengatik).

(3) Dicken egungo izen onaren erantzuleetako bat, zaleen sostenguaz aparte, haren lanen gainean egin diren gero eta zinema-egokitzapen ugariagoak dira, Ridley Scotten Blade Runneretik hasita (1982): azkeneko hogeita bost urtetako zientzia fikzioko zinema imajinaezina litzateke Philip K. Dick gabe. Jon Benitok bere artikuluan jorratutako egokitzapenez gain, uste dut aipagarria dela 2006an pantailaratu zen A Scanner Darkly (ikus baita hemen ere), Blade Runnerekin batera egin den Dicken nobela baten zinemaratzerik fidelena, agian, izenburu bereko 1977ko nobelan oinarritua, eta bitxia film bezala (irudi "normalak" grabatu ondoren, gainetik "margotu" zituzten, marrazki bizidunen itxura emanez); drogazaletasunaren eta identitatearen inguruko nobela itogarria da, etorkizun hurbil batean kokatua (filma hasten da: "Zazpi urte barru"…), asko zor diona G. K. Chestertonen Ostegun izan zen gizonari bestalde. Dicken obrek urrunagotik inspiratutakoen artean, nik Matrix saila azpimarratuko nuke (giroa eta trama nagusiaz gain, erlijio-ukitu oso dicktarrak ditu trilogiak); Trumanen showak, bestalde, harremana dauka 1959ko Dicken Denbora desartikulatua nobelarekin; eta badago Mamoru Oshiiren Ghost in the Shell animea Dicken kezka eta giroekin lotzen duenik ere.

(4) Ursula K. Le Guin idazleak esan ohi zuen Dick "gure etxeko Borges" zela, hots, nik ulertzen dudanaren arabera, Estatu Batuetako Borges partikularra. Baieztapena gehiegizkoa da ezbairik gabe, baina ez du oinarririk falta: Borgesek bezala, Dickek oso gustukoak zituen jolas metafisikoak, bere azkeneko garaiko nobelagintzan eskuarki erakutsi zuen bezala (Valis saila, 1981; Timothy Archerren transmigrazioa, 1982). Eta haren lanaren exegeta askok Dickek halako gauzetan sinesten zuela esan arren, ez dakit zein puntutaraino ez ziren izango harentzat, Borgesentzat bezala, horixe: jolas hutsak.



Gehigarri lokalista bat: Dick euskaraz

Dick ez dago euskaraturik, eta ez da oso aipatua izan euskal letren munduan (edo inpresio hori daukat behintzat). Ibiñagabeitia proiektuko bilatzaileak ondo funtzionatzen badu, Susa aldizkariak etorkizunaren gaiari dedikatu zion 1986ko Future/No Future alean behin baino ez da haren izena azaltzen, eta hizpidera ekartzen duena Mayi Pelot da hain zuzen ere, eduki dugun zientzia fikzioko idazle espezializatu bakanetakoa.

Ordea, duela urte batzuk literaturari buruz euskaraz irakurri nuen lehenengotariko web-orrialdea, Amets egiten dute yonkiek tripi elektrikoekin? izenekoa (eta zeinaren egilea nor den ez baitakit), Philip K. Dicki buruzkoa zen noski, eta hortxe dago oraindik, ziberespazioko linboan zintzilikatua.

Joanes Urkixok Dicken ipuin batzuk iruzkindu zituen, bestalde, Hegats aldizkariaren 32. alean, eta antzeko zerbait egin zuen Jon Kortazarrek El Pais egunkarian.

Harkaitz Canoren Belarraren ahoa ukroniak baditu konexio batzuk Dicken Gizona gaztelu garaian nobelarekin, baina lasartearrak aitortu bezala, hura idaztean ez zuen Dicken lanaren berririk. Asel Luzarragaren Karontek, bestalde, badu azaleko ukitu dicktarrik, baina irudipena daukat horiek generoko zineman daukan omnipresentziarekin daudela harremanatuago, literaturarekin berarekin baino.

Edonola ere, ez dut bilaketa sistematikorik egin eta ziur nago gauza askok ihes egin didatela Dick eta euskal literaturaren arteko loturei dagokienean. Mezu honen irakurle adeitsuren batek osatu ahal izango ditu hutsuneak, agian.


Eta Youtubetik ateratako bonus track bat...

Philip K. Dicki egindako elkarrizketa labur bat, 1977koa, A Scanner Darkly filmaren estreinaldiaren aitzakiarekin berreskuratua, hemen:

etiketak: Testuak
Jon Arano
Jon Arano dio:
2007/03/24 20:55

Kaixo lagunok: Philip K. Dick eta "Susmo txarrak" artikulua dela eta, Edu Lartzanguren edo Eli Laztangurenek idatziak aitzaki, Ostielan atera genuena zela eta erantzun pare bat bidali nituen aurreko bietan eta ez dut ezertxo ere hor ikusten isladaturik. Ez zenuten jasoko, baina Volgako Batelarioik erantzuteko jarritako sistima segitu nuen. Ea ba hirugarrenez: oraintxe memoriz ari naiz, baina 18. zenbakitik 25.era bitarteko horietako batean atera genuen Philip K. Dick, Blade Runer eta bere "ardien" kontu hori (begiratu eta ziurtatu egin beharko nuke ze zenbakitan) . Interneten aurkitu genuen halako zera bat (oraindik ere linbo horietatik ibili behar du, diozuenez) eta bere egilearekin harremanetan jartzen saiatu baginen ere, kale!, baina aurrera egin, zer zuzendu ugari zuenez zuzendu, itxura eman, lustrea eta, fusilatuz, ilustratu gisara geratu ginen, eta bai, Uzkiano sinatu arren, gu geu izan ginen gauzaren perpetratzaileak. Gainera, Joanes Urkixok ez bezala itzuli genuen Oriondik haratagoko itxasuntzien esaldia (azken Idazleen Agendan dator Joanesen manera)... Txiripaz aurkitu dut Uzkian Pot/ Lartzanguren/ Laztanagurenen kontuematea eta galdea, azkenaldian ez dut jarraitzen ez blogik ez weborririk, eta lastima izan dela pentsatzen dut: bai Volgakoan eta bai Laztangurenen Kixmi eta bestetan bai baitaude perla galantak. Penatxo dut Estraineko marjinaliako euskal web orri erreferentziala ez gauzatu izana orain arte... Segi horrelaxe, gure partez, "euskal giroan, kaka lardaskatuz", zinez eskertzen dizuegu! On izan, jonarano

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2012/03/09 18:27

Arratsalde on, Sonia.

Barkatu horren berandu erantzuteagatik, baina aitor dut aspaldi ez nintzela fijatzen blogeko erantzunetan. Neurri batean, arrazoia eman behar dizut: nire asmoa ez zen, inolaz ere, ZFaren arbuio bat egitea, sarreratxo horrekin; ni neu ZFaren zalea naiz, irakurle eta idazle bezala, eta ondo dakit bertan, literatur genero guztietan bezala, zabor asko dagoela, eta perlak eskas (Sturgeonek defendatuko zukeen bezala). Hasierakoa agian iruzkin prebentibo bat besterik ez zen, jende askok, literaturzale ustezko askok, ZFa mespretxatzen jarraitzen duten susmoa dudalako. Bestalde, maistream-ak egin ohi duen fagozitazio-prozesuaz diozunarekin ere guztiz ados; neurri batean, gertatu da orobat beste azpigenero batzuekin, nobela beltzarekin adibidez. "Onenen kooptazio" hori ekidinezina dela iruditzen zaidan arren, zuzen zaudela uste dut, eta generoaren balio propioari eutsi egin behar zaiola (nahiz eta ni, egiazki, ZFa eta fantasy-a banatzearen aldekoa naiz, oro har; baina hau beste kontu bat da).

Edonola ere, eskerrik asko foro honetan parte hartzeagatik, beti da pozgarria "ahots" berriak entzutea; idazten duzun hurrengoan gogoratu, dena dela, gure blogaren arauen arabera (ikus goiko laukitxoa, eskuinean), erantzun guztiek izen-abizenez sinatuta etorri behar dutela. Agur bero bat!

Sonia
Sonia dio:
2012/02/23 00:24

Dick-en literatura gaztetatik irakurtzen dut eta maite dut, baita bestelako zientzia fikziozko lanak ere (hemendik aurrera ZF forma erabiliko dut, erosotasunagatik). Eta bai, harritu naiz sarreran irakurritakoagatik, harritu baino gehiago, haserretu (agian hitz gogorregia da, baina bai, apur bat haserretu egin naiz). Ulertzen dut batzuentzat “zientzia fikzioa” esamoldea arranpalo bat dela. Agian nire esparru geografiko-kulturalean ez hainbeste zientzia fikziozko literaturaren ohitura handia baitaukagu (izan ere, Lem-en liburuak derrigorrezko irakurgaiak dira oraindik eskoletan), baina suposatzen dut Iberiar penintsulan, horrelako literatura gutxi idazten eta irakurtzen denez gero (eta susmo bat da, aditua ez bainaiz eta oker banago zuzendu, mesedez) zabor-literaturaren sinonimoa bihur zitekeen ZFa. Ez hartu gaizki, mesedez, inola ere ZFrik penintsulan Zfrik irakurtzen ez denik, eta beste aldeetan ZFa oso ondo tratatzen denik ez dut esan nahi.

Badakit Dick, edo hobeki esanda bere literatura, “literatur kanon nagusi”an dagoela (ez zait gustatzen kanon hitza hori eta ezta bere esanahia ere, baina hau beste kontu bat da). Baina uste dut “literatur kanon nagusi”aren parte izateak ez duela ezer aldatzen. Dick-en literatura ZFa da, eta berea ez bada, norena izango da, ba?

Kontua da, ideia hau (hau da, Dicken literatura ZFa ez dena) bat dator literaturan gertatzen den korronte orokor batekin. Izan ere, mainstreamak poliki-poliki eta pausoz pauso, zuhurtasun handiarekin jabetzen da ZFzko eta fantasy liburu onenez. Adibide gisa batzuk bakarrik aipatuko ditut, baina asko dira: The Chronicles of Narnia, Eraztunen Jauna, Jules Verne, Ursula Le Guin, Isaac Asimov, eta, nola ez, Dick.

Pentsa daiteke norabide hau ez dela batere txarra, eta alde batetik, ez da, baina bestaldetik, zalantzetan nago. Zergatik? Ba, azken finean ZFzko esparruan bakarrik balio gutxiko liburuak geratuko omen dira. Mainstreamak beste esparruetan liburu baliagarriak ere sor daitekeela onartu ezin baluke bezala. Eta liburu on ( barkatu “on” izenondoa erabiltzeagatik, badakit ez dela oso zehatza) guztiak ohosten badizkiogu benetan zabor-literatura bihurtuko da. Agian zorrotzegia naiz, edo sailkapen gehiegi eta modu zorrotzegi batean buruan sartuta daukat, baia uste dut zerbait badagoela arrazoiketa honetan. Niretzat ZFa estetika bat da, estetika jakin, zehatz eta berezi bat baina, azken finean, kontatzen dena beti gizakiaren arazoak dira. Aldatzen dena forma eta estetika dira eta nire estetika (besteak beste) hau da.

Hau guztia sarreran irakurritakoari ohartxo bat da, besterik ez. Artikulu osoan esaten dena asko gustatu zait. Ni bezalako Dickzale batentzat beti pozgarria da edozer berari buruz irakurtzea. Mila esker Iban!

*Barka iezadazue, mesedez akatsengatik, ez baita nire lehenengo hizkuntza (ezta bigarrena ere).

Eli Laztanguren
Eli Laztanguren dio:
2007/03/13 16:59

Zuloak betetzeko:

1- "Amets egiten dute yonkiek tripi elektrikoekin?" testua Ostiela aldizkarian agertu zen sarerako bidea egin aurretik. Edonola ere joan eta etorriko bidaia izan omen da, aldizkariak argitzen baitu internetetik harturiko testua dela "Uzkianok moldatua". (Zehaztasuna behar izanez gero, aurkituko diat Ostielako zein zenbakian agertu huan, eta Uzkiano hori nor huan).

2- Kixmi blogean duela pare bat aste aipatu nuen Philip K. Dick azken aldiz. Dickek hainbatetan idatzi zuen "Simia Dei" edo "Jainkoaren Tximinoaren" ideiaz. Dickek dioenez, San Agustinek idatzi zuen deabruak gezurrezko munduak eraikitzen dituela etengabe, Jainkoaren unibertsoa imitatzeko eta gizakiak engainatzeko. Egia esan, Tertulianok idatzi zuen hori lehenago. Dickek tximino horrekin identifikatzen du bere burua: hura bezala munduak sortzen ditu berak ere idazle gisa, baina gizaki gisa hainbat mundu paraleloen artean dagoen biktima sentitzen da. Bere literaturaren muina mundu horiek nola erortzen diren erakustea da. Haren pertsonaiak beti daude mundu baten eta besteen arteko mugan, eta ez dute modurik jakiteko zein den egiazkoa, egiazkorik bada.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44