Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Klixearen kontra (baina pixka bat alde)

Klixearen kontra (baina pixka bat alde)

Ibon Egaña 2007/05/13 11:22
K1 eta K2 irakurleak H hiriko A auzoan hitzaldia ematera gonbidatu dituzte. Mahai inguru gisakoan "Zerk egiten du liburu bat on?" galderari (edo beste medio batzuen arabera "Zerk egiten du liburu bat interesgarri?", zeina ez baita galdera bera) erantzuten ahalegindu behar dute. K1 eta K2k E egunkarian literatur kritikak egiten dituzte, eta E egunkariak euskal literaturaren tomatean pisutxoa baitu, K1 eta K2 "aditu" etiketaz doaz solasaldira.

 

K1 eta K2 pentsatzen hasi dira, zerk egiten du liburu bat on? Nork markatzen ditu irizpideak? Zein autoritate dute beraiek horretaz pontifikatzeko? Nondik ari dira beraiek "epaiak" egiten? Ba ote dago on eta txar kontzeptu iraunkorrik? Ondorioztatu dute K1 eta K2k, finean, kontzeptu aldakorrak direla, eta balio literarioak ez direla estankoak, ezpada sistema literarioko agenteen araberakoak (ez dute alferrik irakurri Bourdieu, edo irakurri dutelako itxurak egin, bederen).

K2 orduan akordatu da Iñaki Aldekoari egin zion elkarrizketa batean hark erantzun zionaz, eta bere nolabaiteko arranguraz ez zegoelako, kritikoaren ustetan, dagoeneko, on eta txar kontzeptuak bereizterik, lehenago bazegoelako biderik jakiteko zer irakurri behar zen, literatura ona zer zen jakiteko biderik; baina ez gehiago. Honela zioen elkarrizketa hartan, Ugresic irakurri berritan:

 

K2- Eta etorkizunera begira zerrenda horretan (aisialdiko aukeren artean) pixka bat behean geldituta ere zer eskaini dezake irakurketak beste horiek eskaintzen ez dutenik?

 

IA- Galdera hori egiten duzunean zuk aldez aurretik balio batzuk suposatzen dizkiozu irakurketari, eta hortik egiten duzu galdera, baina paradigma aldaketa horretan onaren eta txarraren ikuspegi hori aldatu egingo da. Adibidez, gaur egun Perez-Reverte bat nork kuestionatu dezake? Zeintzuk dira baloratzen diren arrazoiak liburu bat erosteko? Bada norberaren figura; editorialetan gero eta gehiago nahi dituzte gizon guapoak eta neska guapak, portadetarako eta. Horiek dira baloratzen diren gauzak liburu bat bultzatzeko eta arrakasta lortzeko. Kritikoak ez du kontatzen, kritikoak bakarrik lan egin dezake merkatuaren zerbitzurako. Eta horretarako pagatzen zaio. Baina hainbeste urte ez dela, pentsaezina zen horrela jokatzea. Bigarren Mundu Gerra arte irakurketa liburu onak irakurtzea zen. Kontua ez zen edozein liburu irakurtzea, irizpide batzuk bazeuden, bazegoen irakurketa eta heziketa humanistiko eta klasikoaren eredu bat eta eredu horren arabera bagenekien zeintzuk ziren liburu onak. Gaur egun hori pikutara joan da. Merkatua erabat nagusitzen denean liburu onez hitz egitea oso problematikoa da.

 

Eta K2 ohartzen da dagoeneko ari dela hitz fetitxe eta klixe horretara hurbiltzen, postmodernitatea, edo F. Jamesonen maneran esanda, kapitalismo berantiarraren logika kulturala, non kultura jasoaren eta baxuaren arteko banaketa desagertzen den, non ez dagoen kultura on eta txarrik, non gustu eta subjektibitate pertsonala irizpidearen edo balizko kalitate intrintseko baten gainetik jartzen den. Hilabete batzuk beranduago, Aldekoaren beraren “Postmodernitatea gurean?” artikulua irakurri du Eganen K2k, non kritikoak modu teorikoagoan formulatzen duen ezen 2000 urtetik aurrera euskal kulturaren kontsumo moduetan aldaketak nabarmentzen hasi direla, eta horrek eraginik baduela literaturan. Hala dio Aldekoak artikuluaren amaiera aldera:

 

Bat: literatura berak (eta literatura elitistak zer esanik ez) pisua galdu du nabarmen gizartean. Bi: literatura kultuaren prestigioa galdu da eta maila “jaitsiago”ko literaturarekin nahasi. Hiru: denbora kontua baino ez da; gurean ere best-sellerismoa (eta hori euskaraz ez bada gertatzen, erdaraz gertatuko da) esparru gero eta zabalagoak bereganatzen joango da (badakizue: entretenimendua eta emozio fuerteak). Postmodernitatea, edo modernitate likidoa, berdin zait, ari da, bai, gure unibertso (sistema) txikiko bazterrak kutsatzen.

 

K2k ez du postmodernitatearen inguruko diskisizioetan sartu nahi (ez duelako nahikoa jakintzarik, besteak beste), baina bat dator Aldekoak esandakoekin, eta horrek zalantzak eta galderak sorrarazten dizkio irakurle bezala eta iruzkingile bezala: literatura ona eta txarra nola bereizi testuinguru horretan? Badauka zentzurik zeregin horretan saiatzeak? Ez ote da garaiaren kontra joan nahi itsua? Akordatu da orduan, K1ek nahiz K2k kaleratutako literatur kritiken harira erantzunik jaso dutela, besteak beste esanez beren posizioa, pribilegiatua, erabiltzen dutela herritik urrun dagoen kultura elitista bat bultzatzeko, nonbait. Bai, arrazoi du Aldekoak, nonbait literatura “jasoak” ez du dagoeneko prentsa onik, eta haren aldeko jarrera elitistatzat (zentzu peioratiboan) hartu ohi da.

Liburudendan Chestertonen Correr tras el sombrero y otros ensayos liburua ojeatzen (ezen ez irakurtzen, K2 ezgauza baita, jakina den bezala, 200 orritik gorako liburuak leitzeko, euskal irakurlea den heinean), kapitulu batek eman dio atentzioa: “La mala poesía” edo horrelako zerbait, eta halako inbidia bat, edo Aldekoak II.Mundu Gerra aurreko egoerarekiko sentitzen duen nostalgia puntu bat ernatu zaio K2ri. Onaz eta txarraz hain modu garbian (eta bestalde, kanonizatzailean, baztertzailean, arrean, eta nahi den guztia) hitz egin zitekeen sasoiaren min puntu bat. Ez du autoritatea faltan botatzen (nahikoa iruditzen zaio bere egoarentzat nitasunaren izenean periodiko batetik sermoilaritzan aritzea bera), ezpada irizpideen argitasuna. Irizpideok zuzenak, justuak, orekatuak, politikoki zuzenak diren beste kontu bat da. Baina irizpideak baziren, zerekin aztertu, baloratu, epaitu, nahi bada, obra bat. Orain hori egin daitekeenik zalantzan dago. Eta badaki, horretan saiatuz gero zein adjektibo espero izan ditzakeen.

K1 eta K2k pentsatu dute, baina, beren E egunkariko kolaborazioak eta hark ematen dizkien sosak eta kritikari eskaintzen dioten denbora justifikatu beharrez, baietz, hala ere sinetsi egiten dutela, sinetsi egin behar dutela kultura ez best-sellerista batean, elitista batean nahi bada, eta beren irizpideetatik bada ere saiatu egin behar dutela liburu (beren ustez) on eta txarrak bereizten, ontzat emandako horiek zeren arabera baloratzen dituzten argitzen. Ricardo Senabrek modu agian baikorregian dioen bezala, kritikak lehen uste ez zen funtzioa bete behar du egun: merkatuaren gehiegikerien eta nahasteen aurrean gida bat ematen saiatu, subjektibitate arrazoitu batetik.

Literatura ona eta txarra

Demagun, beraz -pentsatzen du K2k-, sinesten dugula oraindik badela posible literatura onaz eta txarraz hitz egitea, juzku kritikoak ematea obra literarioaren gainean. Jakina da honezkero nekeza dela unibertsaltzat eman litekeen irizpiderik jarraitzea, eta subjektiboak beharko dutela izan, eta halaber arrazoituak (bestela, gustuaren arloan sartuko ginateke, zeinari postmodernitatearen kulturak lehentasuna ematen baitio, antza). K1 eta K2 pentsatzen jarri dira (ez ahaztu, mahai-ingurua eman behar dute Hko hirian), eta hainbat irizpide atera dira mahai gainera: originaltasuna, sakontasuna, sortzailetasuna… eta inpresioa du K2k etengabe kontu beraren inguruan ari direla itzulika, kontzeptu desberdinak erabili arren, eta ezin du burutik kendu Martin Amisek literaturaz emandako definizio hura, egindako idealizazioa, bere kritika lanak abiapuntu hartuta, La guerra contra el cliché bilduman.

 

Idealizando: toda escritura es una campaña contra el cliché. No sólo los clichés de la pluma, sino los de la mente y los del corazón. Cuando desapruebo [un libro], suelo hacerlo basándome en la cita de un cliché. Cuando alabo, suelo basarme en citas que muestran cualidades totalmente opuestas: frescura, vivacidad, profundidad de pensamiento.

 

K2 besteak beste E egunkarian idatzi dituen kritikei begira jarriz gero, ez du zalantzarik, antzera jokatzen duela ohartuko litzateke. Topikoa, klixea, estereotipoa, arketipoa… lirateke obra bat gutxiesteko sarrien erabilitako argudioak. Zerk egiten du liburu bat on? Zein du irizpide K2k liburu bat ontzat jotzeko? Zaila egiten zaio erantzutea. Aldiz, galdera alderantziz planteatuta, garbixeago ikusten du erantzuna: zerk ematen dio begiko mina liburu batean? Irati Jimenezen Bat, bi, Manchester eleberriko pasartetxo batekin gogoratzen da, grafikoa iruditzen zaiolako oso, eta horrexekin erantzungo lioke galderari. Protagonista eta narratzaile homosexual frustratuak hala dio une batean: “Idatzi gabeko nobelak eta lortuko ez dituzun heterosexualak. Frustrazio iturri amaigabea dira.” Egon daiteke nobela txukun idatzia, ongi eramana… baina K2k ezin du begiko mina kendu irakurritakoa irakurrita.

Zergatik baina klixearekiko fobia hori? Bat egiten du Amisen idealizazio horrekin, idazteak izan behar luke klixearen aurkako gerra, baina zergatik?

Klixera jotzeak badu loturarik, pentsatu du, zerbait azalean geratzearekin, sakontasunik ez izatearekin, esfortzurik eskatzen ez duen literatura egitearekin. Agian, baikor jarrita, pentsatzen du K2k oraindik ere horretantxe egon daitekeela kontsumo kulturaren eta kultura jasoaren arteko aldea, hots, axalean, klixean, forma erabiliaren errepikapenean geratzearen eta ez erabiltzearen artean. Eskuartean du, erosi berria, Léon Bloy erromantiko frantsesaren Exégesis de los lugares comunes [Exégèse des lieux communs], 1902ko liburua, non Burgesaren (horrela, letra larriz) idiotasuna agerian uzten duen, umore beltz eta zorrotzez, garaiko topikoak, esaldi eginak, pentsamendu ergelaren oinarriak banan bana glosatuz. Hala dio bere hitzaurre liburua bezain zorrotzean:

 

Zentzu moderno eta ahalik eta zabalenean, egiazko Burgesa, alegia, pentsatzeko gaitasunaren erabilerarik batere egiten ez duen gizona, eta egun bakarrean ere ezer ulertzeko beharra sentitu gabe bizi dena, edo hala dirudiena, nahitaez mugatuta dago bere hizkuntzan formula kopuru oso murritz batera. Aski zaizkion ondarezko lokuzioen errepertorioa arras da eskasa eta ez da ehunka batzuk baino handiagoa izango. Ai, batek lotuko balu altxor apal hori kentzea! Paradisuzko isiltasun bat hedatuko litzateke bat-batean gure globo arinduan zehar.

 

Pentsatzen du K2k baietz, askorik ez direla aldatu gauzak ehun urtean, eta agian Bloyk Burgesa dioen lekuan Idazlea jarrita ere antzera funtzionatuko luketela gauzek kasu askotan. Pentsamendurik eza edo azaleko pentsamendua agertzeko bidea direla topikoak, klixeak, hizkuntzazkoak bezala edukizkoak. Eta agian kritikariaren lana izan daitekeela altxor apal hori idazleari erauzten ahalegintzea…

Bestalde, klixea diakronikoki sortzen den zerbait ere badela otu zaio K2ri. Alegia, klixea ezarritako, egindako, iragandako zerbait finkatua dela, fosilizatua nolabait, erabilia, démodé nahi bada. Ez dago klixerik ez bada denboran zehar behin berritan erabili gabe sortutakorik. Beraz, iraganeko ideia, esaldi, hizkuntza poetiko baten agerpena salatzen duen arrastoa liteke klixea, iragana, gainditua uste denak aktuala den zerbaitekin egiten duela talka, alegia. Eta K2 Félix de Azúa irakurrita jabetu denez, zerbaiten zale eta bultzatzaile baldin badira kritikariak, zerbaitetan jakitun badira, aktualitatean dira jakitun. Une zehatz batean pertinenteak diren balore literarioen jakitun dira kritikoak, ezer izatekotan, eta unean uneko balio horien arabera dituzte epaitzen obrak. Azúaren hitzetan, kritikaria “gaurkotasun-aditua da. Artelan bat aktuala iruditzen bazaio ona dela esaten du; gaurkoa ez dela iruditzen bazaio txarra dela dio.” Kritika orainaren denborarekin lotuta ageri da, beraz hertsiki, eta hori gutxienik Baudelairerengandik (modernitate literarioaren aita, bidenabar) datorren kontua da: “Baudelaire ohartu zen kritika zela orainaldi hutsaren benetako eraikitzailea eta, beraz, kritikariak erabateko instantaneotasuna edo hustasuna habitatzen duela”. Kritikak, beraz, orainaren balioak ditu bere, eta klixea oraina ez baina iraganaren, ez-aktualaren agerpena baino ez da kritikariaren begietara, eta beraz, horregatik, kritikagarria, arbuiagarria, eta literatur lan apal, baztergarriaren salatzailea.

Baina horrek zalantzak sorrarazi dizkio K2ri: klixea denboraren joanean eta literaturaren “aurrerapenean” zehar agertutako zerbait izango litzateke nahitaez ikuspegi horren arabera, hots, literaturaren ikuspegi erabat moderno (ez-postmoderno, alegia) baten ondoriozko kategoria, eta artikulu honen hasieran esan den bezala literatura postmodernitatearen kulturan sartu denean, simultaneitatearen garaian, ahistorikotasunarenean, ba ote du zentzurik klixearen aurkako gerran jarraitzeak? Oroitu da K2 nola Beñat Sarasolak eremulauak-en idatzi zuen K2ren beraren kritika biren harira, literaturaren ikuspegi teleologiko bat agertzen zela haietan, literaturaren aurrerapenean, gainditzen diren faseetan sinesten duena. Eta ez ote da kritika eta literatura klixearen aurkako gerratzat hartzea literaturaren ikuspegi teleologiko horren adierazgarri? Finean, literaturara proiektu moderno baten persistentziaren salagarri, Aldekoaren hasierako adierazpenak modernitatearen proiektu humanistaren nostalgiarenak ziren gisan?

Klixearen kontra (ala alde)

K2k ez du garbi ikusten kontua, eta artikulu honetan aurrera egin ahala, gero eta gutxiago. Literaturaren ikuspegi teleologikoa duela aitortu dio bere buruari, edo literaturaren proiektu modernoan sinesten jarraitzen duela (etengabeko berrikuntzarako eta aurrerapenerako gaitasuna baduena), eta agian kontraesanak ezabatu ezin dituenez, haien lagun egitea duela onena. Eta bai, dio, Amisekin batera: klixearen aurkako gerra da literatura. Eta kritika, klixearen kontra zuzendutako dibisio korazatua. Baionako liburudenda batean ikusitako liburu batekin akordatzen da K2, eta erosi ez izanaz damutzen. Hervé Larocheren Dictionnaire des clichés litteraires zuen izena liburuak, eta ez da zail asmatzen zer zekarren barruan: frantses literatur hizkuntzaren klixe erabilienen hiztegia, modu ironiko eta umoretsuan egina, idazle hasiberrientzat lagungarri. Hala zioen Larochek bere liburuaren hitzaurrean: “«idaztearen artea gaizki idaztearen artea da nahitaez » dio Remy de Gourmont-ek bere Esthétique de la langue française-en. Zalantzarik gabe. Baina ez da haatik erraza. Idatz ezazu gaizki, baina egizu ongi.” Klixeak erabiliz gaizki idazteko gida bat da Laroche-rena, zuzenean lotzen duelarik klixeetara jotzea gaizki idaztearekin. K2k liburu hura eskuartean hartu, eta pentsatu zuen bere gerra partikularra egin zezakeela klixearen kontra eta euskal klixe literarioen hiztegi bat osatzen hasi (lagungarri zitekeena, bestalde, idazle hasiberrientzat), baina asmoak ez zuen aurrera egin, nahiz eta P1, P2 eta P3 poetei eta N narratzaileari horretan laguntzeko eskaera egin zien. Ez zirudien hain erraza euskal klixe literarioen bilduma egiteak, baina zergatik? Euskararen erretorika garaikidea ez hain garatua egoteak eragiten ote du hizkuntza literarioa klixeetan hain oparoa ez izatea? Oraindik ere mantentzen da hainbatetan aipatu izan den ideia, hots, euskaraz egiten den orok duela berriaren traza, urratu gabeko bidearen antza? Ala ez ote da geure irakurle begi ohitua usatuegia klixeak ikusten haiek detektatu ahal izateko?

Badaki, baina, K2k (behar luke jakin), ez dela lehena kontu hauez arduratzen, eta Koldo Izagirrek Hasier Etxeberriaren elkarrizketa liburu hartan esandakoez akordatu da, eta idazleak hastapenetik borrokatu izan duen klixe (batez ere linguistikoen) aurkako gerraz. Izagirrek ikusten zituen erruz, eta euskararen baitan, hizkuntzaren erabilera topikozalearen adibideak. Hala erantzuten zion Hasier Etxeberriari:

 

Lehengo batean testu bat berrirakurtzen ari nintzen, eta ia leihotik bota nuen burua, “estu eta larri” idatzia nuela ikusi nuen. Ulertzen duzu, guk, idazleok, formula egokien aurka joan behar dugu, beste hizkera bat proposatu behar dugu, jasoagoa edo zakarragoa, baina sekula ez eroso faltsu hori. “Estu eta larri” formula bat da, topiko bat, ezertarako balio ez duen berbakeria hutsa.

 

Gehi dezagun formula topiko bat: esan liteke ozenago, argiago ez.

Ez dago Izagirreren beraren edozein lan hartzea besterik jarrera horren adibide zehatzak aurkitzeko. Jo dezagun Sua nahi Mr. Churchill bera, arrazoi praktiko hutsengatik, beste edozein nobela edo ipuin bilduma ere baliagarri litzaiguke eta. Honela hasten da Martiria ipuin ederra:

 

Apez hark burutik eragin behar zigun denoi, irakurri al duzue azkena, idatzi duela ederrik orain ere, Elizaren dotrina sozialaren zantzolaririk onena zen, halakoak ziren haren editorialak El Día egunerokoan zanpaketaren kontrako oporra jotzen genuen aldiro. Amorruz kentzen genituen kofradiako zutabean ageri ziren txatal haiek, euskal patroiak esku hartu behar zuela justizia sozialean, nazioartekotasunak euskal izatearen hondamena zekarrela, guretasuna erdaldundu nahi zutela jainkogabeek. Kalte handia egiten zuten gezur haiek euskaldun motzetan. Aldian behin gure bazter honetaraino arrimatzen zen, bilerak egiten zituen sindikatu katolikoan eta mitinak antolatzen zizkiguten inguruetan, bazkaria ematen zioten jendeari batzokian, hor azaltzen zitzaizkigun gero ilunabarrean herriko epelenekoak ikurrina paparrean, erromeriatik baletoz bezala amuraka, inori zuakerrak apurtzeko pronto. Eta hurrengo astean ez genien patroiaren kontrako hitz erdia kenduko, lankide galegoek ez bezala euskaraz egiten omen zigulako.

 

Bai, harrigarria, txundigarria, eta laudagarria da narratzaileak klixeari itzuri egiteko duen abildadea, hizkuntza literario berria sortzeko duen gaitasuna (*oporra jo, euskaldun motzak, herriko epelenekoak, inori zuakerrak apurtu, amuraka…*). Beharrezkoa klixeari aurrez aurre muturra jotzea. Baina, dio K2k, agian horixe bera da, besteak beste, Izagirreren literaturak salmenta eta merkatuaren aldetik oihartzun txikia izatearen kausetako bat (gogora dezagun gorago esandakoa: klixearen aurkako jarrera ez da masa kultura merkantilistaren lagun).

Eta K2 orduan Juan Luis Zabalaren Inon izatekotan diarioko pasarte batekin akordatu da: “Idazlea nekatu egiten da topikoetatik ihesi. Topikoak jazartzaile egoskorrak dira. (…)Topikoetatik ihes egiten duen liburuak, jakina, idazlea leher eginda uzten du.” Eta -gaineratzen du K2k- batzuetan, irakurlea ere bai. Ez du irakurleari ahaleginik eskatzen ez dion literatura gatzgabea defenditzen, baina non jarri klixearen aurka ekin beharraren eta irakurlea eta idazlea sobera ez nekatzearen arteko muga? Ez ote zaio erreferente ezagunik eman behar irakurleari? Javier Cercasek egunkari batean behin idatzitakoa dabilkio buruan K2ri, eta gaztelaniaz paratzen du, euskaratzeko ezgai sentitzen da eta:

 

El escritor A se entera de la muerte del padre del escritor B. Poco después, cuando encuentra al escritor B, al escritor A sólo se le ocurre decirle: “Te acompaño en el sentimiento”. “Gracias”, responde el escritor B, y añade: “Pero eso es sólo un cliché”. El escritor A se siente espantosamente ridículo: piensa que el escritor B tiene razón, que lo que ha dicho es un tópico, una frase hecha, un pedazo de pensamiento mostrenco y fosilizado, incapaz de expresar sus sentimientos, la sinceridad de su compasión por la desgracia que ha sufrido el escritor B. Pero enseguida el escritor A reflexiona. Piensa que lo que ha dicho es en efecto un cliché, pero también una expresión avalada por siglos de eficacia, y que por eso mismo –aunque se haya petrificado y sea usual en los culebrones y en la novela rosa–, en castellano no hay forma más breve y exacta de darle el pésame a alguien, igual que no hay forma más breve y exacta de expresar el amor que se siente por una mujer que diciéndole “Te quiero”, por mucho que también sea ésa la forma en que se declaran los protagonistas de novelas rosas y culebrones.

 

Cercasek jarraitzen zuen esanez, idazleak ere ezin duela zorrotzegi jokatu klixearen aurkako borroka horretan, hizkuntza, zioen, konbentzioa delako, eta beharrezkoa duelako klixea, ulergaiztasunean, autismoan edo txepelkerian jausi nahi ez badu. Galduxe sentitzen da K2. Beraz, gerra jo behar zaio klixeari, baina ez gogorregi ere? Ba al dago horretan erdibiderik? “Atsekabean lagun” esatera makurtzea, ados, beharrezkoa litzateke, baina onargarria ote da, demagun, nobela batean gaixoaldiaz erreflexioa egiteko “Gaua eta eguna bezala da dena, zuria eta beltzaren modukoa, eguzkia eta ilargia legez” bezalakoak idaztea? Baina non dago muga? K2 damu da; agian bere kritiketan ezingo duela hain erraz klixea baliatu akusaziorako frogatzat.

Agian klixeari ihes egiteak dakarren nekea (eta erreferentetik gehiegi urruntzeko arriskua) arintzearren, badirela beste bide batzuk uste du K2k, eta agian borrokatzen gaitza den etsaiari aurrez erasotzea baino, haren lagun egitea datekeela irtenbide bat. Ezin baduzu etsaiaren aurka, egin zaitez haren lagun. Baina haren lagun aizun izanik, emaiozu ondoren buelta, sartuiozu ustekabean labanazoa atzetik. Javi Cilleroren ipuin labur bat, Symposium, etorri zaio orduan gogora (eta Linazasororen hainbat, baina debekatu dio bere buruari tolosarraren proselitismoarekin jarraitzea, behingoz):

 

-Kaixo.
-Kaixo.
-Zer berri?
-Zaharrak berri.
-Zaharrak berri... Ez naiz atzo jaioa.
-Ez, horixe.
-Ez naiz atzo goizeko perretxikoa, esan nahi dut.
-Ez atzokoa ez herenegungoa.
-Hobe argi eta garbi uztea.
-Argi eta garbi.
-Badaezpada ere.
-Zer gerta ere.
-Zer gerta eta zer ez gerta.
-Horixe.
-Bada, ezer gertatuz gero, jakingo nuke.
-Jakingo zenuke.
-Ez izan dudarik.
-Batere ez.
-Jakingo nuke, jakin ere.
-Ez zenuke jakingo, ba!
-Edozer gertatuta ere.
-Edozer, zernahi, eta zergura.
-Gizon mundu berri, horixe naiz ni.
-Ondo jakina da.
-Ez da jaio ustekabean harrapatuko nauenik.
-Ez horixe.
-Zuztarreko gizonak badaki zertan ari naizen.
-Jakin beharko.
-Halabeharrez.
-Ezinbestean.
-Argi eta garbi gera bedi.
-Argi eta garbi.
-Badaezpada ere.
-Hobe ez! Zera... barkatu, beste taberna batera noa.
-Lagunduko zaitut, uste dut azken premisa hori biribildu behar dudala.

 

Klixea borrokatzearen ezinaren testigantza utzi, eta egin umorea. Horixe dirudi mezuak. Klixearen aurrean ironia eta umorea dela geratzen dena. Agian ez dago urrun jarrera horretatik Atxagaren Etiopia ere, zioenean “klitxeak beti klitxe, eta txikleak….”, eta, oro har, bere garai hartako poesia.

Baina hau ez ote den bide murritzegia iruditzen zaio K2ri. Ongi, egin daiteke umorea, ironia; klixearen nagusitasuna onartu, baina bederen hari mingaina erakutsi. Ordea, noraino hel daiteke honek eskaintzen duen bidea? Esan ezinaren testigantza utzi, ados, baina bide hori luza daiteke txikleak bezala?

B-side: kritikariaren klixeak

Baina har dezagun Burgesaren lokuzio murritz horietako bat: bota dezala lehen harria bekatutik libre denak.

Izan ere, nor da kritikaria inor klixearen izenean gurutziltzatzeko, baldin eta bera baldin bada klixearen adiskide estuenetakoa? Mingarriegia litzaioke (autokritika ongi dago, baina neurrian, beti ere) bere kritika testuak luparekin hartu eta idatzitako klixe eta topiko guztien zerrenda egitea, baina, bat-batean eta errepaso azkar bat eginda pentsatzen du bere idatziek ere badituztela zerrendara gehitzeko zenbait klixe. Zer egingo luke kritikariak “nire uste apalean” debekatuko balute? Egon liteke egunkarien kultura atal euskarazkoetan “uztartu” gabeko orririk eta kritikarik? Zer esan nahi du iruzkingileak ditxosozko “tonua” mahai gainera ateratzen duenean, ez al da mistiko berriek “energia” diotenean bezain kontzeptu zehatza? Zer litzateke kritikaren geroaz “harilkatu” edo “irakurterraz” galaraziko balitz? Zer argudio mota da irakurlea “harrapatzea”? Eta zer da “freskoa”? Demagun, halaber, ordenagailuaren teklatua matxinatu eta galarazten diola kritikariari ipuin liburu baten iruzkinean Carver idaztea; eta orduan? Gaixo kritikaria ezingo balu “ahots pertsonalaz” mintzatu!

Jarraituko luke K2k zerrendarekin, baina ez du adorerik honezkero, eta akordatzen zaio lan hori, gaztelaniazko kritikaren kasuan egina duela ezin zehatz eta gaixtoago Víctor Morenok De brumas y de veras lanean, eta badaki hango joera asko ekar litezkeela euskal kritikara ere. Euskal kritikagintzaren klixeen antologia egin nahi lukeenak iruzkin amaieretatik hastea luke errazena, zeren susmoa du K2k, bere iruzkinei begira bederen, betetzen dela Morenok kritiken amaierei egozten diena, alegia, bertan pilatzen direla kritikaren bertute eta akatsik lodienak: pedantekeria, kurtsikeria, paternalismoa eta… topikoetarako joera.

Ez du deus handirik garbi atera K2k honetatik guztitik. Klixearen aurkako gerra izan behar lukeela literaturak, sinistuta dago, eta horretan saiatu behar duela kritikak, baldin eta irizpiderik izan nahi badu merkatuaren tiraniatik aparte liburuak “epaitzeko”. Baina non daude mugak, esaterako, irakurleak behar dituen erreferentzien eta klixeari bizkarra ematearen artean? Eta, bestalde, badu zilegitasunik klixez jositako diskurtso kritikoak liburu jakin bati topikoak erabiltzea egozteko?

Horixe atera du agian garbi xamar. Klixeari bataila egin nahi dion kritika kritikaren klixeak astintzetik has litekeela, adibidez. Hori nola egiten den, eta gaitasunik badugun hori egiteko, beste kontu bat da.

PS1. K2k eskertuko lituzke, literatur aldizkari honen blog formatuaren interaktibotasuna baliatuz, ustezko eta balizko irakurle bakanen (halakorik balego) ohar eta erantzunak, euskal letren klixeen zerrenda osatzeko bidean.

Oharra. Artikulu honetan aipatzen den “Postmodernitatea gurean?” Aldekoaren artikulua Eganen argitaratu zen, 2006-1/2 alean. Artikulu horren harira Koldo Mitxelenan postmodernitateaz antolatutako jardunaldien aurretik idatzia da artikulu hau. Jardunaldiotan Joseba Gabilondok, Iratxe Retolazak, Iñaki Aldekoak eta Xabier Apaolazak hartu zuten parte, eta Eganen bertan argitaratuko dira beren mintzaldiak.

etiketak: Testuak
Gorka Bereziartua
Gorka Bereziartua dio:
2007/05/14 22:21

Javier Cercasen aipua irakurrita, Umberto Ecoren beste hau etorri zait gogora:

"Pienso que la actitud posmoderna es como la del que ama a una mujer muy culta y sabe que no puede decirle "te amo desesperadamente", porque sabe que ella sabe (y que ella sabe que él sabe) que esas frases ya las ha escrito Liala. Podrá decir: "Como diría Liala, te amo desesperadamente". En ese momento, habiendo evitado la falsa inocencia [klixea, alegia], habiendo dicho claramente que ya no se puede hablar de manera inocente, habrá logrado sin embargo decirle a la mujer lo que quería decirle: que la ama, pero que la ama en una época en que la inocencia se ha perdido".

Hortik aurrera, Eco bera zuk bide murritzeko irizten diozun ironiarekin "konformatzen" da, gutxi gora behera, katuari lau hanka (sic) bilatzen hasi gabe. Batzuetan katuak nahikoa baitu hiru hankarekin.

PS: Ez dakit azken paragrafo honek zentzu handia duen, baina tira, ezingo duzu esan klixean erori naizenik ezta?

Iigo Astiz
Iigo Astiz dio:
2007/05/24 18:14

Artikulua irakurri ondoren Saramagoren Ensayo sobre la ceguera irakurtzen hasi naiz, (Ez dut oraindik bukatu)eta ez dakit onerako edo txarrerako, baina oso irakurketa klixistikoa, edo txiklistikoa, (klitxesteoa?) ari naiz egiten, horretara bultzatu nau artikulu honek, eta hamaika esaldi agertzen dira bertan, frases hechas direlako horiek, ikusmenarekin lotutakoak gehienak, baina, noski, agertzen diren pertsonaia guztien (ken bat, oraingoz) itsutasunarekin kontrastean. Klitxearekin apurtuz, beraz. Ez da klitxea zentzu estuan, baina hemen pasartetxo bat pirateatuko dizuet, pertsonaia batek, itsu bihurtu berri denak, bere itsu bihurtu aurretik diagnostikatu dioten konjuntibitisa nola tratatzen duen ageri da. Testuan sartuta ederragoa da, baina tira. "Se quitó las gafas [betaurreko ilunekin agertzen da etengabe pertsonaia hau kontakizunean itsu egonagatik. Gainera, itsu dagoenez, ezin du jakin konjuntibitisa sendatu zaionik, eta horregatik daramatza beti betaurrekoak], inclinó hacia atrás la cabeza y, con los ojos muy abiertos, guiando una mano con la otra, hizo gotear el colirio. No todas las gotas cayeron en los ojos, pero la conjuntivitis, así tan bien tratada, no tardará en curarse". Esan dudanez, ez dakit irakurketa klitxistilak nire irakurketari onik edo kalterik egin dion, baina pentsatzen dut batelariak eta bestelako nafrago guztiak emaitzaren zain egongo direla.

liburua oso ona da irakurketa post-klitxiministiko, klitxeak agertzen dira etengabe, eta etengabe puskatzen ditu idazleak hemen bildu duguna bezalako pasarte ederrekin, gainera.

Jurgi Kintana
Jurgi Kintana dio:
2007/05/15 11:35

Kaixo Ibon,

Idazlea ez banaiz ere (letren errepublikaren onerako) historialari gisa idazkera lanabes dut eta zentzu horretan interesgarri zaizkit blog honetan eskribitzeko arteaz azaltzen diren auziak. Izan ere, ongi idaztea eta ahal balitz modu ederrean egitea ez da soilik literatoen kezka. Prosa zientifikoa (edo zientifiko asmokoa) darabilgunok, jakina, ez ditugu zehazki idazleen kezka estetiko berberak, baina maila apalagoan antzeko problemak azaltzen zaizkigu.

Adibidez, mezu honen lehen bi lerroetan jarri ditudan “zentzu horretan”, “izan ere” edo “jakina” modukoak, doi-doi klitxeak izan ezagatik, ez behintzat zuk aipatzen dituzun mota berekoak, etengabe ateratzen zaizkit idazten dudanean eta sarritan ez dut jakiten nola saihestu. Halako hitz eta esamoldeak oso komodoak dira esaldien arteko loturak egiteko, kausalitateak agertzeko eta narrazioko elementu desberdinak antolatzeko: “alta”, “halaber”, “egia esan”, “hau da”, “hots”, “alegia”, “edozein kasutan”, “nolanahi ere”, “zelangura”... Beharbada ez da posible, bereziki prosa zientifikoan, horiek saihestea. Izan ere (berriro!) narrazio zientifiko batean argi geratu behar du diskurtsoaren logikak, osagaien arteko hierarkiak, nabarmendu nahi diren elementuen garrantziak, eta ezin da literaturan bezala anbiguotasunarekin jolastu edo irakurlearen esku utzi interpretazioa. Ondorioz orrialde bakarrean dozena bat “izan ere” ager daitezke. Hau, formalki eta mezuaren argitasunari dagokionez, zuzena izan liteke baina irakurlearentzat gogaikarria da. Historia moduko zientzia bigunetan bereziki, hau da, espezialistez gain irakurlego zabalagoari zuzendutako testuetan (kazetari, filosofo eta beste batzuen testuak kasu berean daude) zatarra iruditzen zait halako prosa arruntarekin konformatzea. Baina, esan bezala, prosalariok idazleek baino askatasun txikiagoa dugu hizkuntzarekin jolasteko. (Ez dakit, agian nire kontuak dira, euskarazko sinonimia eta lokuzio konjuntiboak aski ez ezagutzearen ondorioak, edo kreatibitate falta, eta baliteke hemen aipatu ditudan klitxeei norbaitek erraz aurkitzea ordainak: eskertuko ditut proposamenak).

Humanitate arloko prosan klitxeen arazoa ez da mugatzen, ordea, juntagailuetara eta halakoetara. Badaude euskara ederrean aritu nahian zuk aipatzen dituzun motako klitxeak erruz darabiltzaten kazetari eta gizarte zientzietako idazleak ere. Une honetan burura datozkit, batetik, Euskadi Irratian arratsalde partean entzun daitezkeen monologoak “gogoeta sakon eta mamitsuz” beteak “egon ere”, eta bestetik euskarari buruzko saiakera soziolinguistikoetan espezializatu den autore baten idazkera jator-jator eta zamatu-zamatua. Niri abadekien erretolikak ekartzen dizkidate gogora. Kasu muturrekoak dira, Koldo Izagirreren estiloaren antipodak. Horren aurrean idazkera espartanoa osasungarriagoa iruditzen zait, baina akaso neurri kontua da, klitxeak adierazgarri izan daitezkeen heinean beren tokia izan dezakete eta.

Alde horretatik, agian, Izagirrek klitxe guztiak sistematikoki baztertzean jatorrismoa errepikatzen du ohartu gabe eta anti bertsioan. Behinola halakorik jazotzen zen lexiko arloko puristekin: erdararekin zerikusirik gabeko euskara sortu nahi zuten, baina azkenean beti erdararekin obsesionatuta bizi ziren, etengabe erdal jatorriko hitzak bilatuz horiek neologismoekin ordezkatzeko. Gauza bera gerta liteke klitxeen auzian: formula eginen aurka beti joatea eta alternatibak beti proposatzea, kontuan hartu gabe klitxea ea hutsala ote zen edota gure alternatiba adierazgarriagoa ote den.

Beat Sarasola
Beat Sarasola dio:
2007/05/18 14:39

Ene, zenbat kontu komentatzeko; saiatuko naiz nire iritzia botatzen puntu batzuen gainean behintzat.

Iruditzen zait Aldekoak dioena, egungo literatur teoriko ugarik diotenaren ildotik, nahiko zuzena dela. Hau da, badirudi literatura eta artean oro har, Bigarren Mundu Gerratik aurrera gauzak aldatu direla. Kontua da aldaketa horren neurria nolakoa den ikustea. Zentzu horretan, Aldekoaren diskurtsoa nahiko apokaliptikoa da (Humberto Ecoren terminologia famatua erabiltzearren), nik ez nuke nahi “integratu” edo “postmoderno” gisa agertu nahi, baina ñabardura batzuk egin nahiko nituzke. Tesi indartsuetako bat da gaur egun (modernitatean ez bezala) ona eta txarraren arteko bereizketarik egin ezin daitekeela. Baina hemen zenbait gauza esan daitezke. Batetik, antzina ere ez zegoela askotan esaten den bezain garbi ona eta txarraren arteko bereizketa. Modernitatea baino lehenagoko adibide bat jarriko dut lehenik: Kixotea. Nork pentsa zezakeen bere garaian liburu hori bihurtuko zela mendebaldeko kanonaren buru? Eta esan dezakezue garai horretan oraindik kritika ez zegoela garatua. Eman dezagun beste adibide bat, bada: ezaguna da Baudelairek arte kritikari gisa izan zuen begi kaskarra, artearen historian erabat zokoratuak geratu diren autoreak (Grandville) goraipatuz. Beraz, esango nuke, ona eta txarraren arteko bereizketa eta literatur edo arte kritika, beti izan dela problematikoa (seguruenik, ezin delako beste modu batera izan). Bestetik, teorikoki nahi duguna eztabaida dezakegu, baina errealitateak esaten digu oraindik kritikak baduela garrantzirik. Zenbat jende ez ote da egongo larunbateko Babeliako kritiken esperoan, gaurko goi-literatura zein den ezagutu nahian. Uste dut eskema horrek funtzionatzen jarraitzen duela.

Bide honetan, paralelismo bat egin daiteke arte plastikoen munduarekin. Horiek literatur sistema baina askozaz ere egoera erradikalagoa bizi dute, balizko erabateko askatasunean bizi dira: edozer gauza izan daiteke arte, ez dago goi eta behe artearen bereizketarik, edonor da artista etab. Guztiarekin, jende andana dago Rosalind Krauss, Hal Foster, Arthur Danto eta enparauek goraipatuko dituzten obrak zeintzuk izango diren jakinminez.

Irizpideen gaia ere hor dago, kritika zein irizpidetan oinarritu ote daitekeen. Eta hor gertatu da agian aldaketa nabariena. Ez nuke esango antzina irizpide garbiak zeudenik eta orain berriz irizpide gabe gaudenik. Kontua gehiago iruditzen zait dela irizpideen status epistemologikoa zehaztea. Eta esango nuke gaur egungo egoeraren bereizgarritako bat zera dela: ez dagoela a prioriko irizpiderik, ez eta oinarri sendoko irizpiderik (edo irizpide definitiborik, behinik behin). Gauza nabaria da historian zehar irizpideak aldatzen joan direna, baina irizpide batzuk edo besteak izan, kritikari bakoitzak “garaiko” irizpideei jarraitzen zieten irmoki. Kritikari erromantikoak edo errealistak arras irizpide diferenteak izango zituzten, baina biek ere aurrez ezarriak zituzten irizpideei men egiten zieten militanteki. Hau da, irizpide horiek epistemologikoki oinarri sendoak zituzten, irizpide definitiboak ziren nolabait. Gaur egun egoera ezberdina da. Ez dago literatur korronte garbirik, egun nork egin dezake benetako literaturaren manifestu bat? Egungo kritikariak ez dauka irizpide sendo eta eztabaidaezinik, historian zehar proposatu diren irizpideak maneiatu behar ditu, kasu bakoitzean egoki iruditzen zaizkionak aplikatuz. Egungo egoera hetereogeneoak ez du baimentzen irizpide hertsiak izatea; horren ordez kritikoak parametro ugari erabiltzeko kapaz izan behar da, halako collage bat eginez. Baina horrek ez du esan nahi irizpideak zentzurik ez dutenik gaur egun; irizpide horiek nola ulertzen ditugun da kontua gehiago, zein izaera ematen diegun. Horrela, kritikariak parametro ugari izango ditu eta horietako bat izango da klixearena.

Horregatik, ez dut ikusten klixearen kontra egoteak ezinbestean literaturaren historiaren kontzepzio teleologikora garamatzanik. Bateragarriak zaizkit teleologiaren kritika eta klixearen kontrako jarrera, baldin eta klixearen irizpidea ez badugu esentzialki ulertzen, irizpide behinen gisa. Berriz diot, niretzat klabea ez dago irizpideetan, hauen izaera epistemologikoan baizik. Horrela, uste dut literatur kritikari beste parametro batzuk ere erabili behar dituela klixearenaz gain, eta literatur kritiko onak lortzen duena dela parametro bakoitza momentu egokian erabiltzea, argudio egoki eta pertinenteak aurkitzea alegia.

Azkenik, klixearen kasuan, parametro gehienetan bezala, bi poloen arteko tentsio bat dagoela uste dut. Akaso eskematikoegia izango naiz baina tira. Batetik, idazlea hizkuntza batean txertaturik dagoenez ezinbestean, eta hizkuntza gauza komunitario eta intersubjektibo bat denez, ezin du topikoa saihetsi (komunikazio minimo bat lortu nahi badu). Bestetik, bere hizkuntza hizkuntza ez-literariotik bereiztu nahi du, klixearen kontra egin. Bi saiakera erradikalenek arazoak dituzte: klixearen kontrako gerra azken muturreraino eramanez ez da komunikaziorik lortzen; hizkera arrunta hizkuntza literarioarekin erkatuz gero, banalizazioan erortzen gara.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44