Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Luzio Utikan

Luzio Utikan

Angel Erro 2007/03/02 01:00
Drama lirikorako solasaldia, non Luzio eta Zigor, lagun minak, elkarrekin biltzen diren aspaldiko partez, non batak besteari euskal kulturaren azken iskanbilaren berri ematen dion, non bestea gaiaz aldatzen saiatzen den, behin eta berriz, bere etxera gonbidatuta adibidez, behin eta berriz lortu gabe, non bata oso gustura dagoen dagoen tokian, eta non, azkenean, uste izatekoa zenez, dena amaitzen den.

 Zigor.- Hara, Luzio! Hau ezustea! Ez al ninduzun gelditu behar, ala? Aspaldiko!

Luzio.- Norbaitekin mintzo zeundenez sakelakoarekin, eta hondarraldian nire deiei eta nire mezuei erantzuten ez diezunez, nirekin haserretuta ote zabiltzan pentsatu eta aurrera segitzera deliberatu naiz, baina plazer handia dut hala ez bada. Sanferminetako atarian izan ginen atzenik, oker ez banago. Aspaldi handian, bai.

Zigor.- Jakina ez nagoela haserretuta. Kontua da atzerrira joan naizela, Indiara, beka batekin, ikasketak hor amaitzeko eta, bide batez, horko giroan buru-belarri murgiltzeko. Jende zoragarria ezagutzen ari naiz. Goitik beherako eraldaketa prozesu bat bizitzen ari naiz. Hara iritsi bezain laster, mobila, portatila eta ordulari GPSduna kalean ikusi nituen lehenbiziko txiroei eman nizkien. Beraiek jasoko zituzten zure mezuak. (Sotto voce: Ah, orain daramadan mugikorra amak utzia da)

Luzio.- Zorionekoak pobreak. Eta zure nobela, zertan da? Argia ikusi du dagoeneko edo haren eskaintza egin duzu jainkoren baten su metan?

Zigor.- Ez, ez, nirekin ekarri dut, eta hemen nagoen opor egunotan egin dizkiedan aldaketak argitaletxekoek ontzat eman ditzatela espero dut. Nik nahi baino gehiago ari zait hau dena atzeratzen. Editoreak esandako hiru hilabeteak bederatzi bihurtu dira, eta susmoa dut oraindik Durangora arte luzatuko dela asuntoa.

Luzio.- Sartuko gara taberna honetan, elkarrekin berriz bildu garela, garagardo bana eskuan, ospatzera?

Zigor.- Nahi duzun bezala, baina jakizu orain ez dudala alkoholik edaten, Indian nagoenetik esan nahi dut.

Luzio.- Sorpresa kutxatila bat zara. Sar gaitezen, bada, ondoko kafetegian. Eseri zaitez hor berean, goxo egonen gara kuxindun aulkiotan. Ni arduratuko naiz kafeak eskatzeaz, behi esnerik gabeak. Croissant bat?

(Lucio e Zigore si siedono. Primo Zigore, e poi Lucio, chi ritorna dal bancone con il caffé e i croissanti, si sieda accanto a Zigore, forse tropo vicino)

Zigor.- (Sotto voce: Eskerrik asko) Konta egidazu, zer iritzi duzu, sariak direla-eta, muntatu den ika-mikaz?

Luzio.- Egia esan, haute couture zalea naizen arren, ez nago oso jantzia hindu modan.

Zigor.- Ez, txantxarik gabe. Euskadi Sariez ari naiz.

Luzio.- Zer gertatu da, bada, Euskadi Sariekin?

Zigor.- Ez niri adarrik jo, ezin dizut sinistu ez zarela, hemen bizi izanda, ezertaz enteratu, ur geldietako euskal aintzira goitik behera inarrosi egin badu Jon Alonsok botatako harriak; nik neuk, lekutan banago ere, haren berri izan badut, eta interneten plazaratu den guzti-guztia irentsi egin badut, gaiak eskatzen duen pasioaz, nire logelatxoan gauero (sotto voce: Sudhindronath Chunari gelakide indiarraren ordenagailu eramangarria baliatuz). Zurea larria da, gero! Atxagak berak ere, entzun genion arren ez zituela euskal literaturaren gorabehera histerikoegiak jarraitzen, esku hartu du polemikan. Eta zu txoritan.

Luzio.- Literaturara emana bizi naiz oraintsu honetan (nire obra handinahiena sortuz) eta ez daukat besterako denborarik. Beharrik lagunik den, Zigor. Eskertuko nizuke, beraz, Euskal Herriko zortzigarren eskualdetik dakartzazun berria emanen bazenit, puntuz puntu, ez bainuke, neure ezjakinean, behar ez den norbaiten aitzin hanka sartu nahi.

Zigor.- Ez dakit nondik hasi. Jon Alonsok…

Luzio.- Haren irakurle baldintzarik gabea naiz.

Zigor.- … artikulu bat idatzi zuen Argiako urtekarian, Euskadi Sarien garbitasuna ezbaian jartzen zuena, berak bizi izandako pasadizo bat, ileak tentetzeko modukoa, dela medio, Administrazioaren esku luzea, inoiz hobeki esanda, agerian uzten zuena, eta euskarazko alorrean Koldo Izagirrek saria irabazi ez izana salatuz. Izagirrek inoiz ez du sari hori irabazi, seguruenik ezinikusi politikoak direla bide, ez Sua nahi, Mr. Churchill ipuin liburuarekin, ez Agirre zaharraren kartzelaldi berriak nobelarekin, ez Non dago Basque's Harbour poema bildumarekin, ezta itzultzaile gisara ere. Susmagarria, ezta?

Luzio.- Baiki.

Zigor.- Orduan, delako sari horri planto egitea proposatzen zuen.

Luzio.- Koldo Izagirreri saria eman arte?

Zigor.- Ez, berak ez zuen adierazten nola. Forajido saldo hark markatutako baraja zaharra hautsi eta berri bat eskatu, horraxe zer proposatzen zuen.

Luzio.- Maite dut. Far west total. Jarraitu, jarraitu, Salooneko giroan ari naiz sartzen.

Zigor.- Orduan, 29 idazlek manifestu bat plazarat… Bueno, hori baino lehenago: Eusko Jaurlaritzako goi funtzionario batek ipuintzat jo zituen Alonsorenak, gobernuaren eta sarien prestigioa garbitu nahian ipuingintzaren izen ona kakaztuta. Halako jendaila jasan behar izatea ere. Argi dago Administrazioak jende otzana eta eraman erraza baino ez duela maite, eta kultur jendeak ezin dugu hori onartu, gerra emateko, eta salagarri den oro salatzeko gaude hemen, ez duzu uste? Aspertzen zaitut ala?

Luzio.- Ez nauzu aspertzen batere, Zigor, baina gaua Oscar emanaldia ikusten eman dut ordu txikietara arte; hortik, eta ez zure hitz beti eztietatik, nire aharrausiak. Bestalde, ezin lehenago esan duzunarekin adosago egon. Susmoa dut, dena den, funtzionario horri ez dakit baina Aginteari bost axola diola kulturak oro har, eta bereziki kultur jendeak zer esaten, zer egiten eta zer salatzen duen. Gaitz erditzat daukate idazleok esan dezakegun guztia; imajina ezazu, beraz, idatz dezakeguna; eta gure jarduna euskarazkoa baldin bada orduan ahuntzaren gauerdiko eztularen pareko gara Administrazioarentzat. Areago esango nuke, borgesiarregi jartzea ez bada, Aginteak berak bulkatzen duela nolabait, estetika hutsez, disidentzia itxura egon dadila kultur mailan, alor kaltegabe horretan, aniztasun irudia eman ahal izateko hiritarren aurrean, batez ere gaur egun inork benetan sinesten ez duenean artearen arriskuan edo eraginkortasun, nola esan, politikoan. Begira, bestela, Gasteizen Arakis-en kasua. Alderdi Popularrekoek jarri dute emakumez janzten den gizon bat Montehermoso kulturgunearen buru. Hola moderno irudia, aurrerakoi marka eman nahian. Bitartean, guretzat hobe. Ezagutzen duzu Arakis?

Zigor.- Ez, ez nuen aditzea ere.

Luzio.- Horregatik esaten dizut, ez dudala uste (bertzenaz, bai pena emangarriak gure auzoak, erkidegoko hiritarrak) Jaurlaritzari asko inporta zaionik Koldo Izagirrek edo beste inork saria eskuratzen duen ala ez. Areago esango nuke, oraingoan sibilino jartzen uzten badidazu, Koldo Izagirre batek inoiz irabazi ez izana baliteke Euskadi Sarien garbitasunaren aldeko frogarik behinena.

Zigor.- Benetan, Luzio, zurekin ez dakit noiz ari zaren seriotan eta noiz niri adarra jotzen. Nola esan dezakezu hori?

Luzio.- Hobeki jarrai dezagun aurrera, neronek ere ez baitakit. 29 idazleren manifestu baten inguruko zerbait ere esan behar zenidan. Zertan etor daitezke batera hainbeste idazle? Intrigatuta nago.

Zigor.- Bueno, hortik denbora batera zenbait idazlek, 29 horiek, manifestu bat karrikaratu zuten, Donostiako bulebarrean, hemendik aurrera Euskadi Sari usteldu eta bidegabe horiei uko egiteko, ez epaimahaiko ez finalista gisara ez zutela gehiago parte hartuko. Plataforma bat antolatu dute, web orrialdea eta guzti. Apuntatuko dizut papertxo batean. Zergatik egiten duzu orain irribarre?

Luzio.- Utikan izenak beste gauza bat ekarri dit gogora. Tontakeria bat, opera baten izenarekin akordatu naiz, Catone in Utica, barkatu. Etxeratu bezain fite, begiratu bat emanen diot, baina esadazu, gutxi gorabehera zer esaten dute bertan? (Eta, batez ere, nork sinatu du?)

Zigor.- Gero kontatuko didazu operarena, nik ere irri egin ahal izateko. En fin. Bada, bertan adierazten dute nabarmena dela, gero eta nabarmenagoa, sariok ez dutela kalitate literarioa lehenesten, eta gero eta susmatzekoagoa dela sari-emaileek bilatzen dutela egileak otzan eta akritikoak izan daitezela.

Luzio.- Bai? Ondorio horietara iristen da sarituen zerrenda ikustearekin? Ez nion inoiz erreparatu. (A parte, e sospiroso assai: zer punturaino manifestua eta mugida osoa berez ez lirateke kontsideratu behar sinatzaileen ahalegin bat bezala jendea konbentzitzeko -eta euren buruak konbentzitzeko- idazten dutena "arriskutsua" dela, gizartearentzako eta botere politikoarentzako... benetan denok dakigunean -baita haiek ere- ez dela horrela?). Ez duzu zerrenda hortik izango?

Zigor.- Bai, kasualki, Berriak ekartzen zuen lehengo egunean eta nik memorizatu nuen, honelako parada bat aurkezten balitzaidan. 1997an Aingeru Epaltza (eta Ramon Saizarbitoria kontsolaziozkoa), 1998an Felipe Juaristi (eta Xabier Montoia), 1999an Anjel Lertxundi (eta Andoni Egaña), 2000an Lourdes Oñederra, 2001ean Ramon Saizarbitoria, 2002an Itxaro Borda, 2003an Pello Lizarralde, 2004ean Jokin Muñoz, 2005ean Harkaitz Cano eta, azkenik, 2006an Iban Zaldua.

Luzio.- Liburuen zerrenda espero nuen nik, eta ez egileena, baina tira urteagatik imajina dezaket zer liburu hautatu zuten urte bakoitzeko hoberena. Bada, nahiko nuke nik izan haien batezbestekoa bezain idazle txarra, eta otzana. Eta sariketa bakoitzeko epaimahaikideen zerrenda ere ekartzen zuen Berriak? Hau esaten dizut 29 optimates horien salaketa egiaztatzeko eta kontuan hartu ahal izateko, kasuistikara jaitsi beharko genuke eta ikusi urte bakoitzean zein beste libururekin lehiatzen ziren, orduko harrera, orduko giroa ezagutu. Adibidez, baliteke Aingeru Epaltzak irabazi zuenean giroan egotea nafar bat saritu behar zela, euskal sistema literarioan integratzeko. Eta baliteke Lourdes Oñederra saritu izan zenean gauza bera gertatzea emakumezko literaturarekin. Faktore asko kontuan hartu behar dira. Adibidea muturrera eramanda, Sarriri ez zaio ez 1997an, ez 1998an, ez 1999an…., ez 2006an saria eman, besteak beste, urtero ez dakarrelako liburu bat, eta agian liburua daukanean ere ez delako maisu lan bat, eta agian maisu lan bat idatzi izan duen urtean bere mailako beste batekin ere topatu behar izan duelako, edo agian, Sarrionandiak berak Ni ez naiz hemengoan biltzen duen inprimatze akats famosoan bezala, porque el jurado folló sobre los trabajos presentados. Hori da gerta daitekeen gauza bat.

Zigor.- Hombre, ez iezadazu atera Sarriondiaren kasua, kasu flagrantea, halakorik badago, berea, argi baitago Lagun izoztuari ez ziotela eman arrazoi politikoengatik, ETA zela eta ez zela. Hori ez badidazu onartzen, apaga y vámonos.

Luzio.- Lagun izoztuak Beterriko liburua saria eskuratu eta baita Espainiako kritikarien elkarteak eman kritika saria ere, eta Luis Alberto de Cuencak, PPko orduko kultura idazkari orokorrak, edo Luis María Ansónek, ez naiz oroitzen nork, saria ematea omen defendatu zuen. Baina Sarrionandiaren kasua ez badidazu aintzat ematen, jar dezagun orain arte inork aitatu ez duen beste bat: Kirmen Uribek ere ez du delako saria, gure bigarren idazle internazionalena izanda ere. Ez dakit berak zenbat alditan merezi izan duela pentsatuko duen (publikoki ez da kexatu) baina ez du behin ere eraman.

Zigor.- Liburu sarigarri bakarra badu, Bitartean heldu eskutik (bide batez, beste injustizia bat Euskadi Sarien partetik!), zenbat aldiz beharko zuen, bada, eraman?

Luzio.- Ez da Kirmenen liburu bakarra, hoberena dela adostu badezakegu ere. Oker ez banago, gainera, Itxaro Bordak %100 basquerekin Sarriri Euskadi Saria ebatsi zion urtean, ebatsi zion Uriberen poema liburuari ere (nahiz eta agian finalisten artean egon ez). Eta logikak ez banau huts egiten, non bis in idem, ezin da gauza bera bi lagunei aldi berean lapurtu. Bestalde, ez al zaizu txalogarriagoa iruditzen (eta herrigintzaren aldekoagoa), sari ofizialista horien partetik, saria ekintzaile bati edo bere belaunaldiko idazlerik prometedoreenari eman beharrean, Euskal Herriaren lurraldetasun kontzeptua haren baitan gauzatzen duen idazle (emakume eta abar, gainera) bati eman izana? Atzoko Oscarretan, testuinguruz aldatu nahi baduzu, mundu guztiak esaten du Martin Scorseserekiko zorra kitatu duela Akademiak. Scorsesek orain arte oscarrik ez edukitzea nola interpretatu behar dugu?

Zigor.- Orain Oscarrak analizatzera jarri behar dugu, Ana García Siñeriz eta Boris Izagirre bagina bezala, ala?

 Luzio.- Nire uste ustelean, kasualitate hutsa izan da bai Scorsesek orain arte oscarrik ez eskuratzea, bai aurten eskuratzea ere, benetan esaten dizut. Eta esku beltzik balego, gure artean ere esku beltzik badagoen bezala, nahiago dut pentsatu ezetz (sistema literario orok ez al du simulakrotik asko?, jarrai dezagun, bada, simulatzen, irakurlego urria uxatu baino lehen). Nik ez dut sinesten Scorsese italoamerikarra izateagatik, arrazismoagatik alegia, ez diotela oscarrik eman orain arte, eta ez dut sinesten ezkertiarra izateagatik ere denik, edo eskuindarra (bide batez, non kokatzen da politikoki Martin Scorsese?), kasu bakoitzeko kontradibideak aurki baikenitzake.

Zigor.- (?)

Luzio.- Begira, Zigor, nik ez dizut esaten arrazoirik ez duzunik. Lur labainkorra da sariena. Baina ezin da sariketa bat arbuiatu bidegabea den argudioarekin. Injustiziarena edozein sariren definizioan berean doa, derrigorrez. Askotarikotasuna bakoitz eta subjektibotasuna objektibo bihurtu egiten dute. Hori baino dogmatikoagorik zer? Beraz, sarien sistemak dakarren injustiziari planto eginez gero, guztiei eman behar zaie ukoa. Zilegi da, ene ustez, sarien injustizia intrinsekoari bizkar ematea. Sari ukatzaileak, koherentziaz, sari guztiekin honela jokatu beharko luke, noski, ez baitago gure mundu ilargipeko honetan sari kerubikorik. Gutxiago lankideek emana baldin bada, zeren orduan amodio-gorroto interferentziek osatu distortsioak neurtu ezinezko dimentsio batera baikaramatza.
Nik, esaterako, sariekiko nire desadostasuna erakusteko, koherentzia minimo bat gorde nahiaz, erabaki dut sari guzti-guztietara irekita nagoela, delako sariaren injustiziaren adibide ibiltari bat bihurtuta, garaiko eta ondoko belaunaldien zentzagarri.
Bitartean ni nekatu egin naiz sariez aritzeaz. Zergatik ez goaz…

Zigor.- Ez, ez dizut arrazoia horren azkar emango. Beti zuk azken hitza esan behar. Hitzen zurrunbilo bat airatzen duzu bertan ni galarazteko, niri zer esan gabe uzteko. Zuk esan ezazu nahi duzuna, baina nik argi baino argiago daukat sari horiek ez zaizkidala balio. Nire bost idazle faboritoetarik bakar batek ere ez du sari hori irabazi: Sarrionandia, Atxaga, bueno eta orain gogoratzen ez ditudan beste hiru…

Luzio.- Bi horiek nik ere maite ditut, eta inoiz irabazi ez duen besteren bat ere, eta irabazi duten asko ere bai. Eta, bide batez esanda, oker ez banago Atxagak bai irabazi zuela Euskadi Saria, pasa den mendearen hondarrean, Lista de locos y otros alfabetos liburuarekin, gaztelaniazko modalitatean alegia, eta ez dut uste uko egin zionik.

Zigor.- (dall'aria sdegnosa:) Gaztelaniazko saria! Nola aipatu dezakezu ere gure morrontza kolonialaren bidesari nazkagarri hori! Izan ere, biziki harritzen nau manifestuan ez egoteak sasiko sari horren abolizioaren eskaera irmorik...

Luzio.- Edonola ere, Zigor: nahi al duzu literaturaz hitz egin? Gustura azalduko nizuke zerk erakartzen nauen erakartzen nauten autoreetan, nahi bazenu, Alexander Despatie quebecoisaren jauzi olinpikoen bideo bat nire etxean ikusten dugun bitartean. Nire hamar euskal idazle faboritoen zerrenda bat ere egin niezazuke (gero kalkula genezake zenbatek duten zer sari). Dakizunez literaturaz aritzea da nire bizioetarik bat, publikoki aitortzen dudan bakarra.

Zigor.- Ez dakit zer daukan gai honek batzuoi hainbeste inkomodatzen dizuena.

Luzio.- Berriz ere ekin behar diozu, Zigor?

Zigor.- Bai. Inor ez da plazara atera gai hau eztabaidatzera, balizko irakurle botereak liluratu bi kenduta, gainera izengoitia baliatu dutelarik (argi dago hori). Ez zara zu izango baten baten atzean egongo, Sustatuko Ane Irigoienen atzean, adibidez? Oso argudio antzekoak darabiltzazue biok.

Luzio.- Nola pentsa dezakezu hori nitaz? Ematen du ez nauzula ezagutzen. Naizen banidosoarekin, nola nezake nire ezer besteren izenean atera?

Zigor.- Ez dakit, bada. Kontuaz ezer ez zenekiela esan didazun arren gauzak oso pentsatuta dituzula ematen du. Bueno, ba, hori, irakurle pare bat kenduta, idazleen artean sinatzaileez aparte apenas inor ez: Felipe Juaristi, uste dut, baina nola nik ez dudan El Correo erosten ez dakit zer dioen, baina imajina dezaket…

Luzio.- Bai, Iruñean ez da topatzen.

Zigor.- ...eta Angel Errok ere zertxobait atera zuen Garan.

Luzio.- Nork? Mutiko bat beltzarana eta oso erakargarria?

Zigor.- (?!) (Sotto voce: Hori izango da. Gorputzeko tumoreetan doktore). Begi bistan da arrazoia nork duen, eta nor dagoen argudiorik gabe.

Luzio.- Figlia, amico, non sempre la mestizia, il silenzio è segno di viltade; e agli occhi altrui si confondon sovente la prudenza e il timor. Se penso e taccio, taccio e penso a ragion.

Zigor.- Ez baduzu eztabaidarekin jarraitu nahi, esan lasai, baina ez duzu zertan hasi gregorianoa kantatzen.

Luzio.- Gogoratzen zara lehenago, plataformaren izena ikusita, irribarrea sorrarazi didan operaz? Catone in Utica, biziki opera ederra, Vivaldirena, DVD-ean badut, uzten ahal nizuke, interesik bazenu. Erromako gerra zibilean kokatzen da. Farsaliako bataila galdu ondoren, Utikan eraikitzen dute kanpamentua Ponpeio Handia jeneralaren aldekoek, besteak beste, Zizeronek eta Katon gazteak (orduz geroztik Cato Uticensis izenarekin ere ezaguna izan zenak), Utika Afrikako iparraldean dago eta bertatik nahi dute Erromako boterea irauli. Istorioa nola bukatzen den ez dizut kontatuko ez diezadazun aurpegiratu manikeoa naizela, moralista edo auskalo zer. Ez zaizkit niri batere gustatzen metaforez edo alusioez baino gehiago diskurtsoa parabolez zipriztintzen duten idazleak (bide batez esanda, gero eta espezie zabalagoa gurean, handienen artean ere bai). Gainera horrela jakinmin handiagoarekin ikusiko duzu Catone in Utica. Dena den, aurreratuko dizut abestu dudan zatitxoa dela opera honen lehen ekitaldiaren lehen eszenan Katonek esaten dituen lehenbiziko hitzak, Pietro Metastasiok jarriak. Marzia alabari eta Arbace lagunari erantzuten die Katonek esanez ezen tristura eta isiltasuna ez dela beti koldarkeriaren seinale; besteren begietan zuhurtasuna eta beldurra maiz nahasten direla. “Gogoetan eta isilean banago, arrazoiaz nago isilean eta gogoetan.”

Zigor.- Bai, pentsalari asko dugu euskal kulturan.

(Cala il telone. Il palcoscenico si oscura. I due giovani si alzano e se ne vanno)

etiketak: Testuak
Gorka Azkarate
Gorka Azkarate dio:
2007/03/27 16:02

Anjel, zure artikulu horrek sari bat merezi du.

Ez da bidezkoa urtero hain sari gutxi banatzea.

Zergatik saritu argitaraturiko liburuak besterik ez? Gauza hauetaz pixka bat dakien edonork badaki urteko testurik ederrenak bloglariek eta batez ere blogetan erantzunak idazten ditugunok idazten ditugula.

Eta bene-benetan testurik ederrenak SMS mezuetan igortzen direnak direla esan dezaket zalantzarik gabe. Azkeneko urteotan euskaraz idatzi den guztia irakurri duen lagun batek ziurtatu dit. (Lagun hori, Euskadi Sarian epaimahaiburu ikusi arte, ez du niretzat sari horrek nahikoa sinesgarritasunik izango). Noiz hasiko da Jaurlaritza benetan testurik ederrenei merezitakoa ematen?

Jaurlaritzakoei ECHELOR proiektuan parte hartzeko eskatu nahi nieke hemendik. (Badakit testu hau ere irakurriko dutela). ECHELOR programa horrek sariak behar bezala banatzen oso lagungarri izan liteke.

Eta merezi duten guztiendako saririk ezin dela josi esango balute, (tamalez,batzuetan, ezin dira oinarrizko eskubideak guztiontzat ziurtatu), behar bezala zozketa publikoaren bidetik jotzeko esango nieke, ETXEBIDEren eredu ezin hobeari jarraiki.

sari hitzarekin lotura

Echelor hitzarekin lotura

ETXEBIDE hitzarekin lotura

Gorka Azkarate
Gorka Azkarate dio:
2007/03/28 15:37

Atzo, blog honetan idatzi eta denbora gutxira, norbaitek mezua bidali zidan sakeleko telefonora:

Zre prpsmenak zntzurk ez. ETXLRk kontu inportnt.agoak!

Horrelako mezuak ulertzeko gaitasun exkaxa dudala aitortu behar. Esaterako, zer izango da ETXLR? ETXELUR, ETXELORE, ETXELEHOR ?

[Badaezpada barkamena eskatu beharko dut. Nik ETXEBIDEk erabiltzen duen sistema zoragarri justua proposatu nahi nuen sari literarioak demokratizatzeko. Elite txiki batek jaso beharrean, populazioaren ahalik eta sektore zabalenak horrelako saria jasotzen hasteko. Sariak, jakina, txikiagoak ere izan litezke, baina hobeto banatuak, (berez ezin hobea denez hobetzerik balego, behintzat). Ez al da bada, sariak jasotzea oinarrizko eskubidea? Ezin bada guztientzat bermatu, zozketa fidagarriekin konformatuko ginateke gehienok].

Atrebentziarekin.

Barkamena hitzarekin lotura

Txikiagoak hitzarekin lotura

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44