Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Poesiaren Zazpi Bekatu Nagusiak

Poesiaren Zazpi Bekatu Nagusiak

zaldua 2012/06/12 09:40
Duela bizpahiru aste ekitaldi bitxi batean parte hartzera gonbidatu ninduten: Euskal Herriko Unibertsitateak Leioako Kanpusean eraiki duen Poesiaren Bidearen inaugurazioan. Arrazoia, antza denez, duela urte batzuk plazaratu nuen “Poesiaren Kontrako Manifestua” izan zen: antolatzaileek, ez galdetu zergatik, nik hura errepikatzea nahi zuten. Ziur aski ez da unerik onena aldarrikapen moduko hau argitara emateko, are gutxiago kontuan hartuta gure artean Nazioarteko Poesia Jaialdi bat ospatu berri dela -antolatzaileek berek, apalki, "munduko gertakizun kultural onenetakoa" izendatu duten hura alegia-, baina, egiazki, sekula ez da Poesiarekin, Arte Goren eta Garai horrekin sartzeko abagunerik egokiena. Beraz, hona hemen, addenda gutxi batzuekin, Leioan irakurri nuen testua.

Poesiaren kontra nago. Generikoki, irmoki, tolesgabeki. Duela urte batzuk, EHUko literatur aldizkari baten aurkezpenean hain zuzen ere, poesiaren kontrako nire frustrazio guztia isurtzea bururatu zitzaidan, jakin gabe nire ondoan eseriko zena, Zintzhilik aldizkari hura aurkezteko tenorean, poeta bat izango zela, Gerardo Markuleta alegia: ondorioztatu dezakezuen bezala, ez zen poeta bat ezagutzeko modurik egokiena izan. Enkontru horretatik, edo talka horretatik, nahi baduzue, handik urte batzuetara, emanaldi bat sortu zen, “Poesiaren alde, poesiaren kontra” izenburukoa, zeinetan Gerardo Markuletak, Kirmen Uribek, Arantza Ozaetak, Pili Kaltzadak eta nik neuk hartu baikenuen parte. Imajina dezakezue, espektakulu hartan, nork hitz egiten zuen poesiaren aurka... Agian horregatik gonbidatu ninduten gai horretaz hitz egitera, EHUko Poesiaren Bidearen inauguraziora.

Gonbidapena onartuko nuen ala ez hausnartzen hasi nintzen. Azken batean, hura duela urte asko gertatu zen. Orduz geroztik ezkondu naiz, bizitzak bi alabaren aita bihurtu nau, gehiago irakurri dut, zahartu naiz. Are poeta batzuen adiskide bihurtu naiz, haiekin solas egin eta dibertitu naiz. Heldu egin naiz, alegia. Itxura batean behintzat.

Baina konturatu naiz poesiarekiko nire jarrerak berdina izaten jarraitzen duela. Oraindik sumintzen naizela norbaitek esaten didanean, nire perila seinalatuz, Bécquer dirudidala, edo, okerrago dena, Quevedoren piura daukadala: nik, perila uztean, Leninen antza lortu nahi nuen ba, edo, gutxienez, Leninena ez bazen, Trotskyrena… Eta guzti hori idazlea naizelako soilik: idazle guztiok poetak izan beharko bagenu bezala, funtsean. Ba ez: ni, ez. Ni idazlea naiz, eta ez dut sekula poemarik idatzi. Ezta asmorik ere.

Edonola ere, halakoetan ezin da besterik gabe esan “poesiaren kontra nago ez zaidalako gustatzen”, edo “poesiaren kontra nago ez dudalako ulertzen”. Ez, argudioak eman behar dira. Eta nire argudio nagusia da, eta horretaz hitz egingo dizuet gaur, poesia dela, literaturaren adarren artean, bekatu gehien duena, hots, poeta dela Zazpi Bekatu Nagusietan, zazpi bekatu kapitaletan gehien erortzen dena.

Izan ere, manifestu hura hartu eta besterik gabe errepika nezakeen, zergatik ez. Artistaren bizitza, une batetik aurrera, bere burua ondo plagiatzen jarraitzean datza, funtsean; Borgesek ez zuen besterik egin El hacedor liburutik aurrera (1960), edo lehenagotik apika, eta jokaldia izugarri ondo atera zitzaion. Bestalde, ezin uka modan jarri denik, Brian Wilsonek taula gainean Pet Sounds diskoa osorik erreproduzitzen hasi zenetik gutxienez, disko “klasikoak” zuzenean berregitearen kontu hori. "Metallica plays the Black Album". "Mercury Rev plays Deserter’s Songs". Eta abar. (Euskal Herrira ez da oraindik moda hori heldu, nik dakidala, Henry Bengoa Inventariumen kasu hurbila alde batera uzten badugu behintzat. Baina Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren laguntzaz Euterperen artearen aurkako atentatuak perpetratzeko ohitura amaitzen denean, ez ninduke harrituko "Ken Zazpi plays Bidean" edo "Gozategi plays Ainhoa" bezalako ekitaldiak ugaltzen hasiko balira…).

Baina tentazioa handia izanda ere, ez nintzen besterik gabe testu zahar hura hartu eta errepikatzeko gai sentitzen: ez naiz horren idazle ona. Ondorioz, material zahar hura birziklatuz bertsio berri bat egingo nuela erabaki nuen. Eta horrela sortu zen “Poesiaren Zazpi Bekatuak” hau.

Badakit ez dagoela modan zazpi bekatu nagusiez hitz egitea, are gutxiago krisi garai honetan, zeinetan, dudarik gabe, askoz ere entzutetsuagoak baitira Apokalipsiaren Lau Zaldunak. Izan ere, ni ez naiz kristaua, Jainkoari eskerrak. Baina Elizari onartu behar zaio bi mila urteko historiak zer edo zer irakatsi diola: aditurik baldin badago bekatu kontuetan, hori Eliza da, eta, ondorioz, horren inguruan mendeetan zehar landutako dotrina abiapuntu ezin hobea eskaintzen zidan nire remakerako. Beraz, ikus dezagun zeintzuk diren Poesiaren Zazpi Bekatu Nagusi, Mortal eta Kapitalak:

 

Aurrenekoa, Harrokeria edo Soberbia. Hauxe da, dudarik gabe, Poesiaren bekaturik larriena, eta Erdi Arotik hauxe zen, ez alferrik, Elizak salatzen zituen bekatuen zerrendako lehenengoa. Poetek beti dute joera genero literario hori beste guztien gainetik ipintzeko. Are gehiago; badago, are gorago ipintzeko, Poesia Literatura dela ukatzen duenik, ez delako fikziozkoa, zerbait handiagoa baizik: bizitzaren kontzientzia da poesia; bizitza bera, azken batean. Poesiak ez luke, beraz, zer ikusirik nobelagileek edo ipuinlariek eraikitzen dituzten artifizioekin. Antonio Gamonedaren arabera, “Literatura fikzioan dago; hori zoragarria izan daiteke, baina poesia berezko errealitatea da. Poesia ez da literatura”. Eta begira zen dioen Jorge Riechmannek: “Poesia idazteak ez du zer ikusirik literaturarekin. Badu zer ikusia elikadurarekin, eta badu zer ikusia askatasunarekin”. Eta baita Adurizen sukaldaritzak ere, horretara jarrita –eta baita Berasategirenak ere: gehituko dut, badaezpada, moskeatu ez dadin–. Baina, diot nik: poeta bat, maitasunaz hitz egitean, une erromantiko bat gogora ekartzean, ez al da, menturaz, oroimen ariketa bat egiten ari, hots, fikzio ariketa bat, beste genero guztietako idazleok bezala? Ba horixe. Okerrena da poeta gehienek apaltasunez janzten dutela Harrokeria hori, esanez, adibidez, guztiok daramagula poesia gure baitan, guztiok garela poeta. Baina –gehitzen dute berehala, zuhurki– soilik gutxiengo pribilegiatu batek lortzen du barneko hazi hori garatzea: haiek, noski. Azkarrak, ezta?

Bigarren bekatua Lukurreria edo Abarizia da. Ezagutzen al duzue hitzei interes tasa altuagorik ipintzen dion literatur generorik? Bertso-lerroa osatzen duen sintagma bakoitza, hitz bakoitza, are silaba eta fonema bakoitza ezinbestekoak eta erabakigarriak izango balira bezala tratatzen dituzte poetek. “Poesia batean ez du ezerk sobera izan behar”, diote. Eta horregatik bostehun eurotakoa omen idazten duten hitz bakoitza. Urrea obratuko balute bezala, alegia. Izan ere, poeta gutxik egiten diote ihes hizkuntzaren liluraren gaitzari, eta poemak idazlearen hizkuntza-trebetasunerako probalekuak bihurtzen dira, askotan, eta egitura barren-huts soil bihurtu, intxaurrik gabeko oskol –barkatu metaforagatik: eskapatu egin zait–. Tim Buckley kantari amerikarrak esaten bide zuen hitzen arazoa dela esanahi bat dutela: oso ederrak izan daitezkeela, alegia, oso soinu ederrak sor ditzaketela, baina kontuan hartu behar dela esanahi bat dutela, tamalez. Eta hori da poetek behin eta berriro ahazten dutena: hitzek esanahi bat dutela, eta ez prezio bat. Bada garaia, nik uste, Poesiak ezarri digun hipotekaren prezioak jaisten has daitezen.

Hirugarren bekatu nagusia, jakina den bezala, Lizunkeria edo Luxuria da. Hau, berez, ez zait gaizki iruditzen. Eta onartu behar da poesiaren gai nagusienetako bat, Historiaren eta are Historiaurrearen hastapenetatik, maitasuna izan dela, edo, zehatzago izateko, larrutan egiteko gogoa: zenbat eta zenbat poema ez diren idatzi intentzio horrekin... Baita, harrigarria suerta badaiteke ere, euskaldunon artean ere; pentsa ezazue, Lizardiren poemek kutsu erotikoa dutela ere defendatu du norbaitek… Baina nik puntu honetan salatu nahiko nukeena, ororen gainetik, publizitate engainagarria da. Behintzat, gure poesiari dagokionean. Saiatu al zarete inoiz euskal poema batekin ligatzen edo sexua lortzen? Eta? Ba horixe… Angel Errok zorrozki idatzi zuen bezala, epigrama batean:

Clais liraina, ezin erran bezainbat amodio
dizut, eta bertso hauek sobera daude,
maitasunik ez baitute gehitzen, ezta errazten ere,
hala ere, zure atarian idazten dizkizut
jakin dezazun, ene Clais muzina,
haien ondoan igarotzen zaren bakoitzean,
zenbateraino maite zaituen Caiok
eta, oro har, zein gutxi ahal duen poesiak.

Laugarrena, Haserrekeria edo, Joan Perez Betolazakoak idazten zuen bezala, Irea. Haserrekeria, poesiaren bekatu, galdetuko duzue? Ados, onartzen dut poetek, oro har, nahiko izaki otzanak diruditela, sentsibleak, bortxaz aritzeko ezgaiak; Joan Mari Irigoien eta bere fularrak ikusita, arrazoia eman beharko nizueke. Tira, badaude kontrako adibideak: Rimbaudek afizioa zeukan, antza, jendea burdin barra batekin jotzeko, eta Verlainek denboraldi bat pasatu behar izan zuen kartzelan hain justu Rimbaudi eskumuturrean tiro egiteagatik –besteak beste–; Neron enperadorea bera, ez dezagun ahaztu, poeta zen. Baina demagun, oro har, poetak pertsona baketsuak eta bakezaleak direla. Hala ere, poesiak badu Iraren bekatuarekin zer ikusirik: niri, eta irakurle askori, eragiten digun haserreagatik poema bat irakurri eta ezertxo ere ulertzen ez dugunean, ez lehenengoan, ez bigarrenean, ezta hirugarrenean ere. Witold Gombrowicz-ek zioen bezala, “Gizon bat era naturalez mintzatzen denean, hau da, hitz lauez, bere mintzaerak elementu asko hartzen ditu barrenean; baina orduan poetak etortzen dira eta mintzaeratik elementu apoetiko guztiak kentzen dituzte. Hitz egin beharrean abesten hasten dira. Horrelako lan batek mendeak irauten baditu monotonia nagusitzen da poetarik onenaren eremuan. Estiloa zahartzen da: poetak ez du hartzen abiapuntutzat gizon arruntaren sentsibilitatea, beste poeta batena baizik eta horrela isurtzen duen hizkuntza hertsiegia da. Azkenean beren tresnaren esklabo bilakatzen dira, forma hori zehatza eta gogorra, sakratua eta kontsakratua delako, eta, hori dela eta, ezin du espresiobide izan”. Beste era batean esanda: poetek, belaunaldiz belaunaldi, berek bakarrik uler eta senti dezaketen lengoaia gero eta hermetiko bat asmatu dute. Zeinaren helburua, lehen aipatu dizuedan bezala, irakurle gaixoa haserraraztea eta iraz gainezka jartzea dela baitirudi…

Bosgarrena, Jalekeria edo Gula izango litzateke. Poesia da, dudarik gabe, garapen jasangarriaren etsai literariorik handiena. Zenbat eta zenbat baso ez dituen poesiak jan; zenbat eta zenbat paper ez den alferrik galdu olerki liburuetan, marjinak hain zabalak egiteko, hitzak hain handi inprimatzeko eta sarritan irudiak sartzeko poetek duten zorigaiztoko mania horrekin; beste genero literarioek, aforismoaren eta haur literaturaren salbuespenarekin, askoz ere begirune handiagoz tratatu izan dituzte Gure Planetaren baso gero eta urriagoak. Norbaitek esango dit poesia internet bitartez argitaratzeko aukerak murriztu egin duela egur eta paper gose hori guztia, baina hala pentsatzen duena oso oker dago. Zeren eta, alde batetik, poetek jarraitzen diote paperezko liburuak argitaratzeko maniari eusten, deforestazioa nahikoa sustatu izan ez balute legez. Eta, bestetik, poema bat interneten argitaratzea imajina daitekeen ariketarik astunena izateaz gain –saia zaitezte poema bat blog batean editatzen, salto egiten duten lerro horiekin guztiekin, etengabe deskonfiguratzen diren HTML kode horiekin guztiekin…–, poema batekin hornitutako web orri batek lerro estuko prosazko testu on batek adina energia-gastu eragiten duelako… lehenengo, pikatzeko, eta gero, argindarrean. Eta, adiskideak, mundua ez dago energia xurgatze, energia irenste hori guztia jasateko prestatuta. Badakizue: Zero Poesia, Zero Zabor [abisatzen dut copyrighta niretzako eskatzen dudala, bestela Gipuzkoako Diputazioak kenduko dit, akaso].

Poesiak egin ohi duen Seigarren bekatu nagusia Bekaizkeria edo Inbidiarena da. Ez dago poetena baino gremio inbidiatsuagorik. Poetek, zer esanik ez, beste generoei diete inbidia: ororen gainetik nobelari, baina baita ipuinari, antzerkiari eta are –gaixoak– saiakerari ere. Oso gutxi saltzen dutelako besteekin konparatuta, alegia –eta oraindik harritzen dira, poesiaz kontatu duguna kontatu ondoren?–. Dena den, egia da bekatu guztien artean hauxe dela barkagarriena, ziurrenik: ez du inporta ze hizkuntzatan argitaratzen diren edo zein literatur sistematan, poema liburuen salmentak irrigarriak eta ezdeusak dira beti. Normala eta ulertzekoa da, beraz, inbidia izatea. Kontua da bekatu txiki horrek poetak eramaten dituela, usu, handiago bat egitera, zerrenda honetan aipatu dugun lehenengora hain zuzen ere, Harrokeriara, eta beren generoa beste guztien gainetik ipintzera, altzariak salbatze aldera. Eta hori bai dela toleraezina, lagunak. Esaterako, duela gutxi Javier Cercas nobelagileak elkarrizketa bat izan zuen Les Murray poeta australiarrarekin eta zera galdetu zion, ea poesiaz gain, prosa idazten ote zuen. Eta zer erantzun zion Murrayk? “Ez, ez dut prosarik idazten. Horrek ez du irauten”. Nekez ukatuko zait Murrayren hitzen nagusikeriazko geruzaren azpian inbidia sumatzen dela… Prosak ez duela irauten… halakorik! Itxaron, Murray, itxaron aro geologiko batzuk, eta ikusiko duzu zenbat irauten duen poesiak ere…

Zazpigarrena eta  azkena, zer esanik ez, Alferkeria edo Nagitasuna da. Poetak alferrak dira. Aipatu dugu jada, Gularen atalean, orrialdeak erdizka edo laurdenka baino ez betetzeko joera malapartatua: poema liburu bat, karakteretan neurtuta, Patxi Lopez lehendakariaren edozein diskurtsoren euskarazko sarrera baino laburragoa suertatzen da; izan ere zenbat eta meheago, orduan eta poesia liburuago... Baina ez da horretan geratzen kontua: gogora ditzagun poesia filosofiarekin parekatu nahi duten olerkari gero eta tematiagoak –urtero manifestu sasipoetiko eta sasifilosofiko batekin zigortu ohi gaituzten horiek, esaterako–: poema liburutxo batek aipuz, oin-oharrez eta bibliografia zabalaz ongi hornitutako pentsamendu-liburu bat ordezkatu ahal izango balu bezala! Izan ere, poeta, benetako poeta bada, ez da arduratu behar bere lana ondo egiteaz ere: Felipe Juaristiren arabera “poema bat ez da beste poema bat baino hobea edo txarragoa: poema bat poema da, ala ez”; erosoa, ezta? Gainera, poesiak bazituen, antzinako garaietan, zailtasun teknikoak, eta muga estilistiko batzuk: adibidez, doinu zehatz bat, betebeharreko errima bat, ahapaldien eta bertso-lerroen luzera jakin bat, aliterazio konplexuak eraikitzeko joera, are azentuen barne-jolas bat, eta abar. Trebetasun ariketa bezala, besterik ez bazen, bazuen bere grazia apurra, bertsolaritzak legez, alegia. Baina, zer gertatzen da gaur egun? Lerro zuria eta batez ere lerro askea zabaltzen hasi zirenetik, orrialdearen bi aldeetatik marjinak oso zabalak egitearekin –eta testua justifikatu gabe uztearekin, noski–, edozer gauza izan daiteke poesia. Are Patxi Lopez lehendakariaren euskarazko –edo gaztelaniazko– diskurtso bat, lerro laburretan ipiniez gero.

 

Poesiari buruz dakidan guztia jakinda, hots, munduko literatur generorik bekatariena eta, beraz, arbuiagarriena dela irmoki sinetsita, zuen aurrean oraintxe bertan frogatu dudan bezala, zer dela eta esan nion baietz Poesiaren Bide honen inaugurazioan parte hartzeko gonbidapen adeitsuari? Tira, alde batetik, etxe honetako, EHUko langile bezala, ez zitzaidan zuhurra iruditzen Errektoretzatik egindako gonbidapen bati uko egitea: murrizketen kontua dagoen bezala, hobe tentuz ibiltzea. Baina, bestetik, eta nagusiki, uste sendo batek eraman ninduen ekitaldira: Poesiaren Bidea, poesiari omenaldi bat izatearen itxura guztia izan arren, kontrakoa delako hain justu, poesiaren aurkakoontzako aukera paregabea. Munduko ze beste tokitan ematen zaigu -liburuak lurrera botatzeko keinu ez bereziki dotorea egin gabe alegia- poemak zapaltzen ibiltzeko aukera? Ba Bizkaiko Kanpusean, Euskal Herriko Unibertsitateko egoitza nagusian!

Ziur egon zaitezkete hemendik aurrera gehiagotan joango naizela Leioako kanpus ederrera. Paseatzera.

etiketak: Testuak
Hasier Rekondo Laskurain
Hasier Rekondo Laskurain dio:
2012/06/13 00:55
Bekatu gutxi iruditzen zaizkit niri. Bekatarien artean, lapidatuak izan daitezela lehen bai lehen: Ariosto, Dante, Borges, Shakespeare, Byron, Virgilio, Dylan, Lou Reed....
mikel ayerbe
mikel ayerbe dio:
2012/06/14 14:01
Zinez, poesiaren pasealeku horretako harlauzen irudiak banan-banan ikusita, ez dut oso ongi ulertzen Andoni Egaña, Xabi Paya eta Maialen Lujanbioren bertso aleak poesiatzat hartu izana...

Agian, horretan ere telebistako edo irratiko iragarkiek arrazoi gehiago dute, literatur generoen teoriek edo tradizioak baino, diotenean:

 "Aquí poesía se dice bertso" (Cafe Baqué)

Agian, idazlearen hitzak parafraseatuz gehitu beharko litzateke, «Bertsolaritzak poesia osoa irentsiko duelakoan nago»...

Ni ere apokalipsiaren turuta hotsak entzuten hasia naiz jadanik...
Eroma antico zubia
Eroma antico zubia dio:
2012/06/15 00:53
Una canzone è fatta da una poesia cantata e un po’ di musica.

http://euskanta.wordpress.com/
Imanol Epelde
Imanol Epelde dio:
2012/07/05 12:55
Wislawa Symborskaren "Lecturas no obligatorias" irakurri berri dut (Ediciones Alfaba, 2009). Bertan, irakurri dituen hainbat liburu mintzagai hartuta hausnarketa interesgarri ugari egiten ditu Symborskak. Horietako hausnarketa bat irakurrita, post hau etorri zitzaidan gogora. Eta, akaso irakurrita edukiko duzu baina, eskaneatu eta irakurgai duzu hementxe: http://www.27zapata.com/[…]/el-mito-de-la-poesia0001.pdf "El mito de la poesia" izena du... Esaten duzunaren bidetik mintzo da bera ere...
Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2012/07/05 17:19
Szymborska beti iruditu zait idazle arrazoitsua. Eskerrik asko testuagatik, Imanol.
Juan Garzia Garmendia
Juan Garzia Garmendia dio:
2019/03/22 08:45
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ez dugun halakoren bat). Inork eskatu gabe, laburpen lakonikoa egin dut, Aginduetan bezala dena batean bilduz: "Ez dute justifikatzen testua".
Eta honatx japoniar homeopatia pixka bat, Iban, MENDEBALDEko poesia gehienaren bekataritasun nabarmenaren aurkako gure kontrabekatu luziferinoa tratatzeko:

isiltasuna
inoizko ederrenduz
hitzon kalaka

eskeontzian
gogoz ditut onartzen
orri jausiak

lau noretara
oihartzungabetu da
hats hots huts hitz bat
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44