Euskal Letrak behin betiko erreformatzeko
Sarreran aipatu bezala, Nabarra aldizkariaren 2006ko iraileko zenbakiko Tere Irastortzaren artikulu bat ipini ziguten akuilu. Sarean topatzea ezinezkoa denez, uste dut komenigarria dela hona kopiatzea:
Maite nahi gaituzten irakurleen bila
Euskal letren erreforma
JM Bidadorren Dantzaren Erreforma Euskal Herrian irakurtzen ari nintzen, burura etorri zaidanean euskal literatura XX. mendera bitarte (baita XX. mendean ere, hein handi batean) ohitura eta moralaren erreforman tematutako literatura izan dela, ehuneko ehunean.
Euskal moralaren eta usadioen erreformak ere erabili izan ditu konbentzitzeko saioa sermoia edo liburua eta zigorra eta arestian aipatutako liburuan horren berri ematen duten ia dokumentu guztiak batera bildurik datoz.
Azken berrogei urteetako euskal letren bilakaerari begiratuta, batek pentsa dezake zama moralista hori galdua duela gure literaturak. Izan ere, aspaldian galdu zuten idazle apaizek beren gehiengoa; aspaldian utzi zion erlijio kutsua zuen liburugintzak gehiengo izateari.
Baina euskal letren sistema osatzen duten beste atal batzuei begiratuz gero, liburuen idazketa eta irakurketaren arrazoibideak aztertuz gero, beste itxura bat hartzen diot gure letren egoerari. Gatozen euskal literaturari buruz gehien irakurtzen den atal bat arakatzera: zutabe, elkarrizketa, hitzaurre, liburu iruzkin eta blogetara, guztiotan egosten baita euskal letren erreforma beharra. Horietan guztietan, oraindik ere, liburu bat idazten hasi aurretik edo idatzi ostean, liburu bat aurkezten den bakoitzean, euskal letren erreformari buruzko sermoi kutsuko diskurtsoak gailentzen dira. Ments gara beti: euskal literaturari falta omen zaiona betetzen saiatzen gara, lehen bezala orain: literatura erotikoa, polizia-nobela, narratiba, umore kutsuko literatura eta ironikoa Hutsuneak betetzen eta betelanak egiten, hein batean.
Eza. Badirudi patuak halaxe ezarri zuela bere araua, euskal literatura modernizatzera etorri zen lehen liburuari bidea irekiz.
Hala gogorarazi du, berriro, Txillardegik. Txillardegik, bere Leturiaren egunkari ezkutuaren argitalpenaren berrogeita hamargarren urtean, errepikatu berri du Mitxelenak esan ziola ez itzulpenean hasteko, euskal letretan sorlana zela behar zena, eta, hain zuzen ere, nobela bat. Txillardegik irekitzen duen literatura modernorako jauzi hori bideratu duen geziak, baina, ez du indarrik galdu: euskal literaturari falta omen zaion puntura zuzentzen du bere indarra oraindik ere.
Badirudi euskal literaturak «ez duen hori» azpimarratuz abiatzen dela euskal letren erreforma. Badirudi, gainera, euskal literaturak ez duen guztia duena baino askozaz ere nabarmengarriago dela. Are eta gehiago, dirudienez, aski erraza da «ez duen hori» ezagutzea, euskal literatura irakurri gabe ere, eta aski da kanpoko parametroei begiratzea, neurria egoki jarrita dagoela sinesteko. Kanpoko literaturek zergatik ari naiz pluralean, euskaraz irakurtzen ez den gehiena gazteleraz irakurtzen bada? eragiten diote, beraz, gezi-igarle mirakulutsu horri. Normalak izan behar dugu, mendez mende erreformatu nahi izan gaituztenek aldarrikatu duten moduan. Normalak esan nahi du, behar bezalakoak; funtsean, esanekoak, goitik ez bada kanpotik ezarritako irizpideak barneratuak ditugunak.
Beldur naiz, ordea, gezi-igarle horrek lur hartu ez izanaren arrazoia euskal literaturen bihotzean sartu izana izatea. Eta horrexegatik, normaltasun egarri dei dezakegun indar eragile horrek beldur ematen dit, beldur handia. Bihotz indartsua du euskal literaturak, eta odolustu arte aurrera egiteko kemena ere bai inolaz ere. Kontua da gure bihotzak gure gorputzari gure korpusari eragin behar dion, ala denega egin arte, odolustu arte, tematu behar den euskal literatura euskal letren erreformari eusten.
Ni maite nahi gaituzten irakurleen bila dabilen literaturaren aldekoago naiz, aukeran.
Horra hor Tere Irastortzaren artikulua, beraz. Eta Euskal Letrak behin betirako erreformatzeko nire plan hutsezinaren azalpenari ekin aurretik, gauza pare bat argitu nahi nuke artikulu (bestalde interesgarri) honen haritik. Alde batetik, ez dudala uste, Tere Irastortzak esaten duenaren kontra, horren hedatuta dagoenik, egun, euskaraz idazten denaren inguruko adanismo-gura, behintzat idazleen artean (eta kazetarien artean ere geroz eta gutxiago): nik ez dut inor ezagutu bere obrarekin euskal literaturaren hutsune bat betetzera datorrela uste duenik serioski, azkeneko hamar-hamabost urteotan behintzat. Hori posible zen lehenago, euskaraz irakurtzen zuen jende multzoa horren dibertsoa ez zenean, hots, batik bat irakurle (praktikan) elebakarrez eta militanteez osatuta zegoenean. Baina egun (uste dut inoiz aipatu dudala, eta Rikardo Arregiri ere argudiatzen entzun eta irakurri diot, nik egiten dudana baino hobeto), irakurlego anitzago batekin, munduko azkeneko joera literarioen jakitun dagoena, eta euskararako itzulpen literarioen ugaltzearekin, adanismo-(mutxo)asmo hori jokoz kanpo geratu da guztiz; gehien jota anakronismo dibertigarri bat bihurtu da. Beste era batean esateko: euskal literatura benetan nazionala zenean posible zela halako aldarrikapenik; baina literatura unibertsalaren zati bat (zati ñimiño bat) bihurtu den unetik, geroz eta zailagoa dela, edo ezinezkoa. Beraz, dena idatzita dagoenaren inpresioa, are euskaraz ere, zabalduagoa dagoela esango nuke, eta hain zuzen ere horregatik ez dut hemen errepikatuko Angel Erroren adagio famatua, beharko nukeen arren.
Eta, bigarrenik, ez zait bereziki interesatzen euskal idazleak maite nahi gaituzten irakurleak topatzea: nik nahi dudana da irakurtzen gaituzten irakurleak (eta, ahal dela, nire lanak irakurriko dituztenak); bost axola maite gaituzten ala ez. Normalean nik ez dut liburu bat aukeratzen literatura nazional jakin bat edo egile bat maite dudalako (are gehiago, batzuetan irakurtzen ditudan liburuen egileak gorrotagarriak iruditzen zaizkit, pertsona humano gisa), nola edo hala liburua ona izan daitekeela susmatzera heldu naizelako baizik. Jende maitagarria ondo egon daiteke, esaterako, eskailerako bizilaguntzat edukitzeko edo familia bat osatzeko, baina literatura kontuetan maitasuna baino nahiago ditut beste bertute eta bizio batzuk. Gainera, jakina denez, maitasunak betebehar batzuk sortarazten ditu, eta horretan nik, zer nahi duzue esatea, askatasuna dut gogokoago.
Eta heldu gara gure literaturaren hutsune nagusiaren gakora: gure literaturak ez ditu maisulanak soberan. Ez da hutsune bakarra, jakina, baina horren aurrean beste guztiak bigarren mailakoak dira. Eta irudipena daukat maisulanak, batik bat, kontu estatistiko bat direla: portzentaia berdintsuetan ematen dira garai eta leku gehienetan eta, ondorioz, ugariagoak dira idazleak ugariago diren (eta ugariago izan diren) leku eta hizkuntzetan. Literaturaren historia oparo bat izateak, adibidez, dezente laguntzen du. Eta alde horretatik badakigu zer (ez) daukagun (hau guztia baldin eta, jakina, "maisulan" hitzak eta kontzeptuak esanahirik badute garai postmoderno hauetan; izan ere, Juanjo Olasagarrek gaztigatu didan moduan, "maisulanak kanon bakarra eskatzen du, arau bakarra, edo beste modu batera esanda Modernitatea, edo Errenazimendua, arau bat baina orain arte lanak zer den arautzen duen araurik ez dago eta beraz ez dago maisulanik". Baina demagun baietz, oraindik zentzurik duela, eta jarrai dezadan zentzugabekeria honekin).
Koldo Mitxelenak aipatu bezala, euskal literaturaren historia kaxkarra izan da euskaldunak gutxi izan direlako, euskara ez delako hizkuntza bakarra izan gure eremuan (azkeneko bi mila urtetan zehar behintzat), literatura idatzia berankorra izan delako gure artean, eta euskaldunen buru izan diren klaseek, politikoek eta ekonomikoek, praktikotasunaren harrak hartuta, kultur kontuekiko begirune gutxi sentitu izan dutelako, oro har; oraindik ere gure gobernu autonomikoentzako askoz ere inportanteagoa da makina-erreminta (adibidez), literatura baino.
Horren kontra gauza gutxi egin daiteke, Historiaren norabidea aldatzea ez bada. Eta hain zuzen ere hor ikusten ditut nik aukerak. Teoria kuantikoan badago zirrikitu nahikorik denboraren makina posible egiteko, eta gure literaturaren egoera izugarri hobetzeko aukera eman diezagukete iraganerako bidaia zuzentzaile gutxi batzuek. Utikan Jaurlaritzak literatur munduari esleitzen dizkion aurrekontuetako sail urri eta zikoitzak! Kultura eta Industria sailak batuta, ahalegin guztiak denboraren makina operatibo bat garatzera bideratuko balira, bi txori joko genituzke harri berberarekin. Ziur bainago halako proiektu batek bat-bateko erabilgarritasun ekonomikoa izango lukeela (industria militarraren arloan, adibidez) eta, ondorioz, interesa piztuko lukeela horren zentzu praktikoa erakutsi ohi duten gure agintariengan: dirua barra-barra inbertituko lukete bertan. Makina burututa, bestalde, benetan inportanteak diren zereginetarako erabiltzeko aukera edukiko luke Kultura Sailak: euskal literatura salbatzeko, alegia.
Horretarako gutxienez ekintza hauek eraman beharko lirateke aurrera:
a) Ez dakit Iruña-Veleiako aurkikuntzak benetakoak diren ala ez, baina argi dagoena da gure literaturaren historiak zerbait irudimentsuagoa merezi duela, "jan edan lo" horretatik haratago doana. Ez du zertan ezer konplikatua izan behar: ildo horri jarraituz, haiku moduko poema batzuekin nahikoa litzatekeela uste dut. Nire proposamena: Juan Kruz Igerabideri enkargatzea halako dozena pare baten idazketa, III. mendeko veleiar bati irakasteko modukoak, eta ez oso luzeak, ostrakon zatietan sartu ahal izan daitezen.
b) Erdi Aroko euskarazko bizpahiru egitandi kantore idatzi eta, inportanteagoa dena, kontserbatu behar dira, XIX. mendeko filologoren batek topa eta argitara eman ditzan. Ez bagaude ziur XIII edo XIV. mendeko euskaldun bat hori egiteko gai izan daitekeenik, kantak eginda eraman ditzakegu (Aitor Aranari enkargatuz, adibidez), euskalki ezberdinetan noski, eta iraganeko kopista bati eman, "autentiko" bihur ditzan.
c) Benetako Euskal Ernazimentu bat behar dugu, urgenteki. Horretarako XVI. mendera Pruden Gartziak zuzendutako komando bat bidaltzea proposatzen dut, zeinaren gutxieneko helburua Joan Perez Lazarragakoak euskaraz idazten jarrai zezan konbentzitzea izan beharko bailuke; gehienekoa, Oñatiko unibertsitatea euskal kulturaren erradiazio-erdigune humanista bihurtzea, ikasketa-planen erreforma sakon baten bitartez (diseinatzen horren zaila ez dirudiena, kontuan hartuta egun unibertsitateko erreforma planak nola egiten diren).
d) Pastoral negargarri bezain aspergarri horien eta euskal antzerkigintzaren arteko identifikazio historiko malapartatuarekin behin betiko amaitzeko formula eskaini zuen aspaldi Joseba Gabilondok ipuin iradokitzaile batean, Shakespeareren lanak euskal idazle baten obren kopia direla proposatu zuenean. Proposamena, alde horretatik, sinplea da, eta merke samar atera dakiguke: Gabilondok berak, dagoen Estatu Batuetako unibertsitateak eta (adibidez) The Boeing Companyk edo Pepsicok finantzatutako ikerkuntza proiektu baten laguntzarekin, Shakespeareren obra guztiak euskaraz berridaztea, ukitu ahalik eta freudiano eta antikolonialenez hornituz, eta Shakespeare baino lehenago bizi zen emakume bati egoztea, noski (Josepa de Gabilondo, esaterako, Bilboko burdin-merkatari baten emaztea izan zitekeena, etorkizuneko British Libraryko funtsetan egingo den aurkikuntza sinesgarriago bihurtzeko helburuarekin).
e) Euskal Herrian protestantismoaren errotze sendoago bat ziurtatzea ondo legoke, noski, ez bakarrik, sekta historiko-nafarzalearen jarraitzaileek uste duten bezala, arrazoi politikoengatik, edo hori dela medio euskara hizkuntza ofiziala bihur zitekeelako, baizik eta, batez ere, protestantismoak alfabetzatze-programa sakon bat ekarri ohi zuelako berarekin batera, ez zuena hartzen bere baitan gizonezkoak soilik, baizik eta baita emakumezkoak ere. Eta hori funtsezkoa da XVIII edo XIX. menderako Jane Austen edo Brönte ahizpa euskaldun batzuk izan nahi baditugu, Bizenta Mogel baino ausartagoak (eta idazle hobeak) izango liratekeenak zentzu guztietan. Horrela gure kritika feministari eta are postfeministari ere ganorazko zer egina eskainiko genioke behintzat
Beste kontu bat da protestantismoa nola ezarri gure testuinguru hiperkatolikoan: aitor dut ez ditudala horren inguruko ideiak garbi; agian batzorde tekniko berezi bat jarri beharko da lanean bideak zehazteko. Iradokizun bat, ez bereziki konplikatua, brain storminga abiatzeko: Iruñeko defendatzaileen lerroetatik Loiolako Inazio jotzeko irten zen tiro haren traiektoria zentimetro gutxi batzuk goratzea, nahikoa balak bularrean edo, hobeto, buruan jo zezan.
f) Izen hori mereziko lukeen obra poetiko zabal bat ondu beharko luke Oihenartek, eta Axularri, ados, utzi beharko litzaioke, kapritxoa balu, Gero bezalako txaplata idazten, baina ondoren, edo hobeto lehenago, ipuingintzara bideratu beharko litzateke bere talentua, Chaucer edo Boccaccioren ildotik hain zuzen ere. Ez dakit zehazki nola lortu ahal izango litzatekeen hori, baina jakina da zein bairagarria izan daitekeen Kultura Saila; droga psikotropikoen erabilera moderatu batek ere emaitza onak eman ditzake, beti iraganera lekualdatutako mediku-ekipo baten zaintzapean, noski (horretarako, Kirolarena Kulturaren azpisaila dela aprobetxatuz, txirrindularitza kontuetan aritutako talde baten laguntza izatea litzateke komenigarriena).
g) XVIII. menderako ez legoke gaizki, aldaketa horien guztien ondorioz naturalki sortu ez bada bederen, euskal idazle benetan ilustratu bat edo beste izatea, Larramendi edo Mogel bezalako jendilajearekin ez dagoelako atarramentu onik, hori argi dago; baina agian ez da horren beharrezkoa. Hori bai: euskara batua eta Euskaltzaindia orduan sortu beharko lirateke, beranduenik 1780 inguruan, lana aurreratzen hasteko. Rol hori bete ahal izango luketen garaiko intelektualik topatzeko eta berrezteko aukerarik ikusiko ez balitz, egungo euskaltzain osoen artean boluntarioak bilatzea proposatzen dut, taldetxo bat iraganera bidaltzeko, betebehar zehatz horrekin. Boluntariorik ez balego, zozketaz egin beharko litzateke aukeraketa. Edonola ere, bapo bazkaltzen eta afaltzen jarraituko luketela ziurtatu beharko litzaieke, XVIII. mendeko akademiaren egoitzaren ondoan Martin Berasategiren (beste) frankizia kamuflatu bat kokatuz, adibidez.
h) Industri Iraultza hirurogei bat urte aurreratu (1820-30 ingurura alegia) eta zazpi herrialdeetara zabaldu beharko litzateke; egungo Iparraldearen bukolismoa eta erakargarritasun turistikoa galduko genituzke, ados, baina etekinak handiagoak izango lirateke ezbairik gabe: Trantsizio Demografikoa aurreratzea, Amerikarako emigrazioaren odolustea geratzea, hiritartze-prozesua sakontzea Guztiak ezinbesteko aurrebaldintzak euskaldungoa eta, ondorioz, irakurle kopurua ugariagoa eta, bidez batez, modernoagoa izateko (Mitxelenak berak aipatzen zuen masa kritiko hura). Hemen inportantea litzateke SPRIk edo halako erakunderen batek batere beldurrik ez izatea funts itzulezinak gastatzeko: lehenengo fase horietan, eta garai hartako industrializaziorako baldintza objektiboak oso onak ez zirela kontuan hartuta, garaiko enpresariak diruz ondo hornitzea beste erremediorik ez legoke, galerei aurre egin eta haien ekimenei eutsiko badiete. Oraingoekin gertatzen den bezala, bestalde: politika industriala ez litzateke, beraz, hainbeste aldatu behar, denboran aurreratu baizik.
i) Horrekin guztiarekin lotuta, XIX. menderako ezinbestekoa da nobela errealista sorta on bat ekoiztea, Txomin Agirre literaturaren historiako liburuetako oin-oharretara kondenatzeko modukoa behintzat. Inoiz defendatu izan dudan moduan, Aingeru Epaltzak zuzendutako talde batek gauzatu beharko luke ekimena, huts egiterik egon ez dadin. Ereduak gutxienez Gerra eta bakea, Madame Bovary eta Garai latzak eleberriek izan beharko lukete, eta euskal bertsioak, ahal dela, liburu horien argitarapen dataren aurretik kaleratu beharko lirateke, eta, handik hilabete gutxi batzuetara, frantsesezko eta gaztelaniazko itzulpen txukun batzuk.
j) Aurreko puntu guztien arrakastaren arabera erabakiko litzateke bertsolaritza jarduera erabat marjinala bihurtzea komenigarria den ala ez: ezin da ahaztu plan honen lehentasuna literatura idatzia dela, eta horren aurrean gainontzeko xedeak baztergarriak direla. Ekipo koordinatzaileak beharrezkoa ikusiko balu bertsolaritzaren garrantzia murriztea, errepentismoak beste literaturetan izan ohi duen mailara, hilketa selektibo batzuk agindu ahal izango ditu garai diferenteetako hainbat bertsolariren artean, edo (prebentiboki) haien gurasoen artean, inoiz jaio ez zitezen. Horretarako ez litzateke literatur adituen talderik osatu behar: berrozi batzuekin, edo gure gatazkaren amaierak langabe utziko dituen bizkartzain edota erakundeko kide ohi batzuekin sobera izango litzateke. Edozein modutan ere, Pello Otaño, Txirrita, Uztapide eta Xenpelarrek lehentasunezko helburu izan beharko lukete (gutxienez).
k) Lizardi, Lauaxeta eta Orixe berreziketa programa azeleratu baten menpe utzi beharko lirateke, A Clockwork Orangeko protagonistak jasaten duenaren antzekoa, ortodoxia maila ezberdinetako marxista konbentzituak bihurtzeko, eta futurismoa, dadaismoa eta surrealismoa bezalako mugimenduen ikaspenetan sakonki trebatzeko. Koordinazio ekipoaren erabakia dateke berreziketa 1920-30eko hamarkadan bertan kokatutako zulo batean egin behar den, edo etorkizunean, hots, gaur egun, subjektuek denbora-bidaia egin dutela ohartzeko aukerarik izan gabe, noski.
Programak aurrera egiten duen heinean ikusi beharko da ondorengo urteetan aldaketatxo gehiago txertatzea komeni den ala ez (Nafarroako erresumaren independentzia mantentzea, Pirinioetako Probintzia Batuen aldeko Larramendiren testuak XVIII. mendean bertan argitaratzea eta ez bi mende beranduago, hirugarren gerra karlista bat piztea ), baina ni konbentzituta nago honekin guztiarekin nahikoa eta soberan egongo litzatekeela eta XX. mendearen amaierarako behar den bezalako Literatura bat izango genukeela. Abantaila batekin gainera: gaur egun euskal idazle garenon gehienak ez ginatekeela euskal idazle izango, beste batzuk baizik; agian ez ginatekeela ezta existituko ere, denboraren continuum-ean egindako aldaketa txiki baina edonola ere metatu horien guztien kariaz. Zeren eta, nork daki, Lizardik poema futurista bat idatzi izan balu, agian Karlos Linazasororen gurasoak ez ziratekeen elkar ezagutzera helduko; Lazarragaren Nobela eredugarriak irakurri ondoren, Anjel Lertxundik dena eginda zegoela erabaki eta lehenengo eleberria idazteko ametsa abandonatuko zukeen, eta Hezkuntza saileko funtzionarioa izango litzateke egun; eta nik neuk, hamasei urterekin, nire lehenengo maitasun desengainua zela eta Oihenarten bertsolerro hunkigarri batzuk ehungarren aldiz ahopeka errezitatu ostean, nire buruaz beste egitea erabakiko nukeen, ordurako jada eraikita zatekeen AHTaren bidera jauzi eginez. Adibide posible, bidergarri eta erabat trukagarri batzuk ematearren: hiru izen horien ordez egungo beste edozein euskal idazlerena jar dezake irakurleak (izan ere niri, egia esan, beste batzuk bururatu zitzaizkidan hasieran, baina nahiago izan dut mendekuaren edozein tentaziotik ihes egitea ).
Edonola ere, euskal letren panorama arras ezberdina izango litzateke; zalantzarik gabe, hobea. Eta artikulu hau, eta Nabarra aldizkariko beste guztiak, eta Volgako Batelariak deituriko webgune honetan daudenak, ez ziratekeen inoiz idatziko. Zertarako? Euskal letren erreformaren beharrik ez zen izango jada
Beharbada pixka bat berandu heldu naiz eztabaida honetara, baina Iruñean oporrak uztailean hartzeko ohitura ez dugu galdu oraingoz.
Lehenago ere onartu izan dut Ibanen eskaintza XIX. mendeko gure nobela errealista mundial eta mundutarra idazteko gonbita, eta onarpen hori berresten dut berdin-berdin. Badut zerbait buruan ("Sagarminaga andrea", "Beilegia eta orlegia", "Gerla, bakea eta su etena", "Aizkolapustularia", "Hiru ezpatadantzariak"...) baina ideiak eta are gidoiak ere ongi etorriak izanen dira. Ibanen erreforma planaz, zer nahi duzue ba? Nire adostasun erabatekoa, nahiz eta bertsolariendako (eta pastoralendako) aldarrikatzen duen soluzio final horren aldekoa ez izan. XVI eta XVII. mendean izan ez genuen literatura pikareskorako probetxugarri gerta litezke beharbada halako batzuk, izan ere horiexek dira Sinplicisimus alemaniarraregandik edo Buscon espainiarrarengandik aurkez ditzakegun pertsonaiarik hurbilenak. Hauei eskola eta mundu pixka bat emateko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak atera lezake, beharbada, programa berezia, Kultur sailarekin koordinazioa eginez. Protestantismorako errotze sakonagoa lortze aldera, bertzalde, Loiolakoa erditik kentzea proposatzen den gisa berean, Xabierkoari tratamendu berezia ematea ere ez legoke gaizki, egia bada ere Inaxioaren desagerpenak gauzak ikaragarri erraztuko litzaizkigukeela hura izan omen baitzen nafarra jainkoarenganatu ziguna. Parisko hetaira xarmangarri bati behar adina diru ordainduz gero (Barne Sailetako kontu ilunetan izanen da horrenbertze), gure Xabierttoren buru barrena aldrebestuko zuen XVI. mendeko literaturak inoiz ezagutu ez duen epigrama erotiko ederrenak edo Rabelais aurreko rabelaiskeriak idazteko bezainbat. Helduagoetan, eta bere gaztaro bekatorosoaz damu, Erreformari atxikiko zaio (prestatuko diogu Kalbino berarekiko hitzordua) eta, "Entseguak eta entsaioak" argitaratu ondoren, hilik gertatuko da Frantziako erlijio gerletan, katolikoen eskuetan. Horrek mugimenduaren martiri bilakatuko du, eta gisa hartara euskal protestantismoa ikaragarri hedatuko, ipar eta hego, Bilbon eta Baionan dozenaka paratuko diren moldiztegietan aterako dituzten ehunka liburuek haizea emanda.
Badut ideia gehiago, baina ez dira denak orain agertzekoak. Gaztigadazue makineria prest duzuenean.
Aingeru Epaltza