Hyde Park: Euskal Herri posmodernoa
Hyde Park-eko hizlaria
Joxemari Iturralde
Pamiela, 2006
(MJO's way)
Gustukoak ditut euren ibilbide literarioan etengabeko berrikuntzan ahalegintzen diren idazleak. Are gehiago, uste dut idazle orori derrigorrezkoa zaiola idazketa eta sorkuntza literarioari buruzko hausnarketa. Hala nola, botereari buruzkoa, M. Foucaultek erakutsi bezala.
Atxagaren Soinujolearen Semea nobelak baino 200 orrialde gehiago izan arren, erraz irakurtzen den eleberri horietakoa da Hyde Park-eko hizlaria. Novalisen hitz ezagunek ("oroimen oro oraina da") ematen diote sarbidea hastapenetik modernitatea akuilu duen nobela honi, Hyde Park bilakatu baitu egileak modernitatearen gatazken mikromundu, Stendhalek nobelari egozten zion ispilu izatearen helburua betez.
Eta modernitatea esan badugu posmodernitatea ere aipatu beharko genuke Iturraldek literatura klasikoari egiten dion gorazarre intertestuala kontutan harturik Foucaulten utopian barneratuz: pertsonaien joan etorrien noraeza, egilearen bidaide literario ezagunak diren hainbat lanen irakurketa posmodernoa (Weber, Pavese, Nabokov eta New British Narrative, of course), eleberrian zehar begitandu dugun Hyde Park promisek landean interpretazioa eta Londresen gaudenez, duela gutxi horren atentatu ankerra bizi izandako hirian, ulergarria da L. Wittgensteinen filosofiaren aipamena. Bera izan zen adierazpide artistiko desberdinetan hedatuz zihoazen aire berritzaileak hizkuntzaren eremura eraman zituena. Eta horrela nobelako pertsonaia ugari bezain harrigarrien bidez berriz ere boterearen eremura itzularazten gaitu Iturraldek. Eta boterearekin Foucaulten utopiaren konzeptura: badakigu heriotza izan ezean, beste helmugarik ez duen bidaia baten aurrean gaudela.
Iturralderen nobela honek oroimena eta orainaren arteko amildegiaz, Euskal Herriaz, bakardadeaz, bilaketa ororen alferrikakotasunaz edo gure bizitzari zentzua ematen dioten istorio nahiz kontsignen hutsaltasunez hitz egiten digu.
Edozein aldertietatik begiratura ere, nobela hunkigarria idatzi digu Iturraldek.
Niri dagokidanez, hurrengoaren zain geratzen naiz.
Ez dut kritikagarria ikusten kritikarien kritiken parodia kritikoa egitea, baina argi geratu zait kontu bat: aipatu dituzun klasiko horiek guztiak berrirakurri arte ezin izango gara ateratzen diren liburu berriekin behar bezain kritikoak izan.