Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Irakurle paraleloa

Irakurle paraleloa

Santi Leoné 2012/06/20 09:37
Kolaborazio batekin gatoz, aspaldiko partez. Santi Leoné historialari eta irakasle nafarrak –ezaguna egingo zaizuena, "The Simpsons"-eko Troy McClurek esango lukeen bezala, hala "Euskal Herria imaginario baten alde" saiakeragatik (Elkar, 2008) nola Berria egunkarian astearteetan idazten dituen zutabe mamitsuengatik, duela ez hainbeste itzuli duen Mario Vargas Llosaren "Pantaleon eta bisitariak" (Elkar, 2011) ahaztu gabe–, Santi Leonék, genion, "Irakurle paraleloa" ipuin-saiakera –edo saiakera-ipuina– eskaini digu opari, testu bat zeinetan, bide batez esanda, Joseba Sarrionandiak –gure literaturako "untouchable" urrietako batek– protagonismo berezia baitu. Guk poz-pozik jaso eta Volgako Batelariak aldizkariko artikulu bihurtu dugu. Hona hemen.

IRAKURLE PARALELOA

 

Bizitza soziala hondatzen hasi zait. Azken bolada honetan gauza ez dakit bitxi ala arrunt batez ohartu naiz. Afarietan, lagunen artekoetan zein afari formalagoetan, osatzen diren solas-taldeen erdian gelditzen naiz beti. Baina horretaz aspaldidanik nintzen konturatua, ez da hori orain deskubritu dudan gauza. Hondarreko afarietan lekuz aldatzen saiatu naiz, hau da, saiatu naiz ahalik eta tokirik hoberenean jartzen, mahaiko aulkirik egokiena harrapatzen, gero solasetatik baztertua ez izateko. Eta ezinezkoa izan zait, afari haietan ezin naiz talde bateko parte izan modu osoan, hori da deskubritu dudan gauza ez dakit bitxia ala arrunta. Ohartu naiz, alegia, ni naizela problema eta ez tokia, ez naizela ni solas-taldeen arteko haustura gertatzen den lekuan esertzen, baizik eta haustura hori ni esertzen naizen lekuan gertatzen dela. Mahaiaren erdi-erdian edo izkina batean jarrita ere, beti bazterretan ibiltzen naiz eta inoiz ez zentroan, elkarrizketen funtsa inoiz harrapatu gabe eta talde bakoitzaren argudioak nahastera kondenatua. Deserosoa izanagatik, nire arazo honek badu bere xarma, batzuetan. Jatorrizko solasetik aske dabiltzan ahots guztiak bildu eta sortzen den anabasarekin jostetan aritzen bainaiz. Halere, nire iritziak inork ez ditu jada kontuan hartzen.

Behin batean, Roland Barthesek seinalatu zuen idazkera guztia dogmatikoa dela; idazlea, ordea (erran zuen bertze batean) inoiz ez da dogmatikoa, idazlea dogmatismoaren kontrako aldean dago beti. Itxurazko kontraesan honi buruz galdetuta, Barthesek esplikatu zuen idazki guztia dogmatikoa dela, kontzeptuak finkatu eta fosilizatu egiten dituelako, subjektibitatea objektibatzen duelako, gauza hetsi eta akituen mundu bat osatzeraino. Idazlearen lana, berriz, idatzitakoaren dogmatismo hori gainditzea da, itxita egotearen antza duena irekia uztea. Idazlea, beraz, antidogmatikoa da, idazleak bere obra irekia uzten du bertzeek itxi, bete eta erabili dezaten. Horrela, aipamen honekin, hasten da Ni ez naiz hemengoa, Joseba Sarrionandiak espetxean idatzitako egunkariaren lehenbiziko zatikia. Eta Barthesen aipamena bertze batekin betetzen da, Jacques Rigaut-ena orain, testuaren buruan agertzen dena: “Afirmatzen ari naizenean ere galdetzen ari naiz”.

Sarritan hasierako testu honi zer balio eman behar zaion galdegin diot neure buruari. Zati askoz osatutako liburu baten lehenengo zatia baita hau, eta Ni ez naiz hemengoan gai anitz (gorriaren sinbolismoa, tautologiak, Bizkaiko folklorea, Foucault edo begia eta begirada) batari bertzeari baino garrantzia handiagorik eman gabe eztabaidatzen badira ere, iduri luke hasmentan egote horrek zerbait berezia ematen diola Barthesen kontuari. Nolabait, pentsatzen ahal da kritiko izatera gonbidatzen gaituela, egunkaria testu ireki bat bezala irakurtzera eta, hortaz, testuaren baieztapen guziak zalantzan jarri eta galdera gisa ulertzera. Hitz batean, bere liburu hori nola irakurri behar dugun erraten digu Sarrionandiak, autorearen dudazko jarrera hori geure ere egin dezagun, irakurketa ariketa kritiko bihurtzeko.

Aitzinagoan, 178. orrialdean hain zuzen, ETArekin lotutako hainbat gertakari aipatutakoan, honako hau dugu Sarrionandiaren komentarioa: “Halaere, egun ez dago burruka harmatuaz beste aukerarik”. Zaila egiten da (edo, hobeki erranda, zaila egiten zait niri) baieztapen hori galdera bihurtzen: ekintza bat ez da inoiz galdera izaten, ez da autorreflexebitate barthesiarraren jolas fin eta zolia, baieztapen edo ezeztapen absolutuaren jokoa baizik.

Arazoa ez da txikia. Nire ustez, bi zatiek (lehenbizikoa pribilegiatu behar dugula soilik hasieran dagoelako, edo bigarrena baztertu, soilik 178. orrian egoteagatik uste ez badugu, behintzat), Roland Barthesen eta Jacques Rigauten aipamenekin hasten denak eta borroka armatua saihestezina dela defendatzen duenak, irakurketa estrategia kontrajarriak eskaintzen dizkigute. Bada, hala ere, ezberdintasun interesgarri bat. Lehenbiziko aukerak, Roland Barthesenak, testuaren irekitasunarenak, baieztapenak galdera bihurtzearenak, egilearen intentzioak islatzen ditu; liburua ireki eta hantxe dugu, ia paratestu gisa aurkeztua (edo mozorroturiko paratestu gisa), zeinean idazleak bere testuaren giltzak inuzente-inuzente, xalotasun osoz, ematen baitizkigu. Bigarrena, borroka armatuaren (garai hartako behin-behineko) ezinbertzekotasunarena, berriz, bat-batean agertzen zaigu, ustekabean. Bigarren aukera hau ez da egileak berak emana, geronek aurkitua baizik, geronek hautatua eta pribilegiatua, eta, beraz, handik sortutako irakurketak egilearen intentzioei ihes egiten dio, eta haren ariketa kritikoaren mugak agerian uzten.

Ainhoari gutunak liburuan ere halako zerbait gertatzen da, nik uste. Ainhoarendako azkenaurreko gutunean ereduaz da mintzo Sarrionandia: beti bertzeak paratzen dizkigutela eredu, beti dagoela norbait zakurrei harririk botatzen ez diena edo politikan sartzen ez dena edo lohian plisti-plasta aritzen ez dena edo poemak idatzi ez eta arkitektura ikasi nahi duena… “Pentsa ezazu zeure gisara, egin itzazu erizten dituzunak…”. Gutun hori ez da, ziur aski, Sarrionandiak idatzi duen gauzarik hoberena edo interesgarriena, heteredoxoa izateko asmoz topiko bilduma bat bertzerik ez baita nire irudiko. Bukaera, ordea, bikaina eta ironikoa da, amak semeari zahar erdi elbarri bat eredu gisa proposatzen diolarik, honek ez baitu deus egiten. Eredu onek paralisira garamatzate.

Alta, Ainhoari gutunak liburuan berean ez da eredurik falta. Lehenbiziko gutunaren lehenbiziko paragrafoan Sarrionandiak kontatzen digu tituluko neskaren gurasoek kartzelatik ihes egindako hiru ezezaguni harrera eta babesa eskaini zietela, “gau bakar batetarako, astetarako edo urte betetarako geratuko ginen galdetu gabe”; eta han, etxe horretan, ezagutu zuen Ainhoa idazleak. Hasiera honetan, beraz, Ainhoari gutunen motiboa azaltzeaz gain, haren gurasoak eredu bezala aurkezten zaizkigu bi modutan. Ainhoaren gurasoak eredu ditugu zentzu kristauan, justiziak jarraitutakoei ostatua ematen dietelako; eta, aldi berean, abertzaleendako ere badira eredu, zeren, bizitza aberriarengatik emateko prest (Sarrionandiak berak eta, oro har, etakideek bezala) ez badaude ere, beren neurrian (kasu honetan, beren etxea babesleku bezala eskainiz) arriskuak eta konpromisoak hartzen baitituzte Euskal Herriaren alde. Hasiera horren ondoren, bada, nola defendatu adibide eta eredu guztiei uko egin beharra? Are gehiago, ez al da Sarrionandia bera eredurik handiena? Idazle eta herriaren alde dena emateko prest dagoen soldadu bezala ez ezik, Martutenetik modu zinez ikusgarrian ihes egin eta botere etsaiaz trufatu den borrokalari bezala ere ez al zaigu eredugarri agertzen?

Ni ez naiz hemengoa: itzul gaitezen liburu horretara. Titulua gustukoa dudala aitortu behar dut. Sinple-sinple ematen badu ere, konplexua da nire ustez. Mendebaldea eta narraziogintza liburuan, Iñaki Aldekoak dio bi esanahi dituela gainjarrita. Lehenik eta behin, “ni ez naiz hemengoa”-k adierazten du zehazki autorea ez dela kartzelakoa ezta erbestekoa ere, baduela sorterria, “Iurre eta Durango aldean ba[d]ituela familia eta lagunak”; bigarrenik, maila jada jasoagoan kokatzen garelarik, tituluak Sarrionandia tradizio erromantikoarekin uztartzen du, Charles Baudelaireren “n’importe où, hors du monde”, Arthur Rimbauden “la vie est ailleurs” eta abarrekin.

Arrunt interesgarria da, nire irudiko, Ni ez naiz hemengoa titulu negatibo horri Aldekoak balio positiboa ere erantsi izana; alegia, kartzelakoa edo erbestekoa ez izateaz gain, sorterria ere baduela adierazten digula nabarmendu izana. Nolabait errateko, mintzagai dugun tituluak Aldekoarendako alegiazko azpititulu bat izanen luke, honelakoa gutti goiti-beheiti: Ni ez naiz hemengoa [Ni Iurreta-Durangokoa naiz] edo Ni ez naiz hemengoa [Ni Euskal Herrikoa naiz]. Aldekoaren irakurketaren zilegitasuna ukatu nahi gabe, uste dut ez genukeela atzendu behar “hemen” adberbioa subjektuarekin mugitzen dela, Barrio Sésamon irakatsi ziguten bezala. “Hemen” gauden tokian dago, ezin gara “han” egon, haraino iritsi bezain fite “han” hori “hemen” bihurtzen baita. Beraz, zentzu batean, hemengoa ez banaiz, ez naiz inongoa, eta hortaz Sarrionandiaren titulua irakur genezake nazionalismo guztien kritika bezala, edozein tokiarekiko atxikimendua desestabilizatu nahian dabilen heinean: ez gara hemengoak, ez dugu inon etxe finkorik.

Bertze lekuetan, haatik, bere sorterriarekiko maitasuna adierazi du Sarrionandiak, eta poema hunkigarri eta benetan ederrak idatzi ditu sustraiak edukitzearen garrantziari buruz. Are gehiago, amodio hori ez da nolabaitekoa edo kasualitatezkoa, aukera pertsonal baten fruitua baizik, Sarrionandiaren ustez aberria hautatu egiten delako. Aberria ez hautatzeko aukera ere hor dago, baina, abertzalea den aldetik, bazter utzi du gure autoreak, Joseba Gabilondok gogorarazten digun bezala (Kaliforniatik bihotzez liburuan). Horren ondorioa da, bada, nik ez eta Iñaki Aldekoak duela arrazoi bere irakurketan edo, bertze modu batean erranda (eta eredu kontuetara berriz bueltatu behar dugu), Iñaki Aldekoa Ni ez naiz hemengoa testurako ni baino irakurle eredugarriagoa dela, imajinatu beharreko azpititulua imajinatzeko gauza delako eta autoreak utzitako hutsuneak behar bezala betetzen dakielako. Ni, ordea, irakurle kaskarra naiz, finezia eskasekoa, beti gainera zalantzaz beterik, beti kontraesanen bila, beti arreta zirrikituetan eta detaile ñimiñoetan jartzen…

Hala da, izan ere, eta aspalditik lanpostu berri bat sortzea pentsatua daukat. Ahal banu, irakurle paraleloaren lana asmatuko nuke. Dirurik izanen banu, norbait kontratatuko nuke ni irakurtzen ari naizen liburuak edo poemak aldi berean irakurtzeko, nire zalantza guztiak argi ziezazkidan. Ez dut uste egileak ipuin honetan asmatu duenik, erranen nioke; narrazioa astuna egiten da, baina pertsonaiak oso ongi daude eraikiak, erantzunen lidake. Poema honen ironia ikaragarria da, komentatuko nioke; poema horretan ez dago ironiarik, gaizki irakurri duzu, poema hunkigarria da, izanen litzateke haren arrapostua. Eta, noizbehinka, soldata benetan irabazteko galdera ere etorriko litzaioke: “mundu guztiak dio eleberri honen mezua hau edo hori dela, eta nik ez dut horrela ikusten, nik uste egileak kontrakoa adierazi nahi digula”, erratera ausartuko nintzateke; eta nire irakurle paraleloak ihardetsiko lidake “bai, arrazoi duzu”, edo “ez, ez duzu arrazoirik”, eta azalduko lidake zergatik. Eta orduan, azkenean, nire bizitzan behin, testu baten mezua ongi ulertu izanaren ziurtasuna izango nuke. Jakinen nuke idazle horrekin benetan solasean ari naizela.

Adibidez, ipuin hau irakurritakoan:

 

CONVERSATION IN RENO.

“-Hi, hi, ez haiz ba hi Josemariren semea?
“-What?
“-Josemariren semea haiz?
-What?
“-Ea hi haizen Josemariren semea…
“-I’m sorry. I don’t understand.
“-Baina hi haiz Josemari Etxarrikoaren semea, ez?
“-What?
“-Elkarrekin heldu ginen eta honantz, duela hogei urte ez dudala ikusi hire aita…
“-What?
“-Zer guat eta guat! Josemarik ez diakik ingelesik eta!
“-No basque.
“-Nobask, nobask? Ba hoa portzulotik hartzera”.

 

Goiko ipuinak Conversation in Reno du izena, eta, leitu nuen lehen aldian, ikaragarri polita iduritu zitzaidan. Auskalo zergatik. Orain, beharbada obsesionatu samar nabilelako, ez zait hain polita iruditzen. Orain, tranpa bat iruditzen zait. Literatura ote da hori? Zer demonio erran nahi dute hamahiru lerro horiek? Ez-ulermena eta haserrea dira ipuin honen bi osagaiak, horraino ailegatzen naiz. Eta gero? Ez dakit. Duela bi aste, lagun historialari bati deitu nion, irakurle paraleloarena egin zezan. Zorionez, irakurria zuen ipuina eta, zoritxarrez, haren kontura historia lezio bat bota zidan.

 

[historialariak erran zuena]

Diaspora, erran zidan, idealizatu egin dugu, ETBko saio batzuk ikusi bertzerik ez dago horretaz ohartzeko, eta idealizatze horretaz trufatzen da Sarrionandia. Azken buruan, Ameriketara joandakoen oinordeko asko eta asko izenean baizik ez dira euskaldunak: euskara ahantzi egin dute eta batzuek gurasoen sorterriarekiko jakin-minik ere ez dute, batere. Hor dugu Josemariren semea, konparazione. Amerikanoa da, erabat, edo gehienera jota, euskal jatorriko amerikanoa, baina argi dago jatorri horri bizkarra eman diola. Hori izan liteke lehen mailako irakurketa bat (nire lagun historialariak mailak bereiztea maite du, ez dakit zergatik). Bigarren mailan, ipuinean abertzaletasunaren aldaketa historikoa ikusten dugu: arrazatik hizkuntzara. Euskalduna izatea zer den: horretaz ari zaigu Sarrionandia, hori da ipuin honen benetako gaia. Bai Josemariren semea eta bai bertzea, biak dira baskoak arrazaz, ziur aski biek dituzte euskal abizenak, zortzi edo hamasei edo auskalo zenbat; baina, ipuinean, bakarrik euskaraz egiten duena da euskalduna; sustraiak ahaztuta, amerikano bihurtu baita Josemariren semea. Beraz, EAJren abertzaletasun erran dezagun “klasikotik” abertzaletasun modernora (ezkerreko mugimenduen inguruan jaioa) jauzia islatzen da elkarrizketa ttiki honetan. Arrazatik hizkuntzara. Sabino Aranatik, ez dakit, bada, Txillardegira. “Ez al dakizu euskara dela…?” eta abar.

Eskertu nion azalpena lagunari. Izan ere, nahiko kontent gelditu nintzen esplikazioarekin. Gero pentsatu nuen bada…, hala ere, bigarren iritzi bat aditu nahiko nukeela. Oraingo honetan filosofo bati eskatu nion. Filosofo existentzialista bati, zehatzago adierazteko. Kafe bat hartzeko gelditu eta ipuina erakutsi nion (ez baitzuen ezagutzen), eta historialariaren interpretazioa ere botatzen hasi nintzen, baina moztu egin zidan.

 

[filosofoak erran zuena]

-Historialariek uste ditek testuinguruak dena argitzen duela. Ez al duk Sarrionandia etakide bat? Bada, horrek gehi etiketa pare batek dena esplikatzeko balio ditek. Sarrionandia ez al duk euskalduna? Bada, orduan ipuinak nahitaez euskal gauzaren bat, nortasuna edo gatazka edo zer dakit nik, azaldu behar. Emaiok testu bat historialari bati, eta iturri historiko bihurtuko dik.

Nire lagun filosofo honek ez ditu historialariak sobera maite.

-Zein da, bada, zure interpretazioa?, galdetu nion.

-Nik uste gizakiaren egoeraz ari dela hemen hire eskritorea. Ez euskal gizakiaz, gizakiaz tout court baizik. Ipuina alegoria bat duk: Nevadako desertua munduaren sinboloa duk, denok bizi gaituk basamortu batean, basamortu espiritual batean erran nahi baita. Paisaia desolatu horretan bi gizonek elkarrekin topo egiten ditek. Biak euskaldunak dituk, edo Euskal Herrikoak, edo baskoak.

-Ez didazu erranen hori ere sinboloa dela?

-Bada, bai. Euskal Herrikoak eginez, bien arteko hurbiltasuna azpimarratu nahi dik autoreak. Gizakiok, elkarrengandik diferenteak izan arren, gauza komunak ditiagu: euskalduntasuna gizatasunaren sinboloa duk hemen. Baina, ohar hadi: berdinak izanagatik ere, ez dituk elkarrekin komunikatzeko gauza (hizkuntza kontua komunikazio ez-gaitasunaren sinboloa duk eta) eta haserrea piztu egiten duk. Hona hemen bilduta alegoria konprenitzeko osagai guztiak.

-….

-Bakarrik gaudek desertua den mundu honetan. Hurbilenekoekin juntatuta ere, ez diagu haiekin benetan solas egiterik, bakarrik gaudelako mundu honetan eta bakarrik gaudelako geure buruaren baitan. Ez diagu kontsolamendurik ingurukoengan. Azkenean, bertzeek haserrea pizteko baizik ez ditek balio. L’enfer, ce sont les autres, Sartrek zioen bezala.

-Eta orduan, zertarako sartzen ditu Sarrionandiak euskaldunak eta euskara eta Ameriketako diasporaren kontua eta….

-Egoera unibertsalak gure mundutik abiatuta ulertzen ditugulako. Gizakion egoera islatzen dik ipuinean, baina egoera unibertsal hori pintatzeko hurbil zituen materialak erabili zitian. Egoera hori ez baitugu modu abstraktu batean bizi, nork bere txokotik bizi dik, eta eskura dugunarekin eraikitzen eta interpretatzen diagu bizipen hori. Ipuinaren mugimendua Euskal Herritik mundura duk, edo Ameriketara, Amerika mundura ateratze horren sinbolo bilakatu nahi badugu, total, berdin zaiguk bertze sinbolo bat gaineratzea. Beraz, testua zuzen ulertzeko ez duk balizko testuinguru historiko batera eraman behar; alderantziz, testuingurutik atera behar duk. Historiatik filosofiara eraman behar duk.

Filosofoarekin elkartzen naizen guztietan haserrea ez, baina depresioa pizten dit hark, hain du bizitzari buruzko ikuspegi benetan pozgarria eta alegera. Handik egun batzuetara hirugarren lagun bat gonbidatu nuen etxera. Desertua den mundu honetan bakarrik kasik aste bat eman eta gero, nire hurbileko bat ikusteko gogoa neukan. Kontatu nion ez nintzela gai literatura ongi ulertzeko eta galdetu ea hori gu gizakion egoera petralaren ondorioa ote zen. Harritu samar begiratu zidan, eta pentsatu nuen komunikatzeko nire ez-gaitasunaren zela-eta haserrea piztuko zela, l’enfer… eta abar. Badaezpada, argiago azaldu nizkion nire arazoak Sarrionandiaren zorioneko ipuinarekin. Honek ere ez zuen ezagutzen, eta ozenki irakurtzeko eskatu zidan. Leitutakoan, haren iritzia galdatu nion, jakina.

[estrukturalistak erran zuena]

-Mitoa da mintzo ipuin honetan.

Zenbait jenderi gustatzen zaio horrela hitz egitea. Esaldi bat bota eta isilik geratzen dira, inteligente aurpegia paratuta, zuk esaldi horrek zer arraio erran nahi duen noiz galdetuko zain.

-Alegia…?

-Irakurri al duzu Saussure?

-Tira, gainetik…

-Saussurek dio hitzek ez dutela berez esanahirik. Sistema bat osatzen dute, eta sistema horren barnean hartzen dute esanahia, elkarren kontra jarriz. Zuria beltzari esker da zuri, nolabait laburbiltzeko.

-Horregatik da mitoa mintzo ipuinean….

-Ez, -jarraitu zuen, nire ironia saioari kasurik egin gabe-, gertatzen dena da mitoetan ere gauzak horrela, binaka, antolatzen direla. Orain, dei diezaiegun mito gure ideologiei, onar dezagun gure gizartean mitoaren antzeko funtzioa betetzen dutela ideologiek. Sarrionandiaren Conversation horretan abertzaletasunaren mitoa dugu: euskaldun eta ez-euskaldun, euskaraz hitz egiten duena eta ahaztu duena, elkarren aurka. Hain zuzen ere, elkar behar dutelako zentzua edukitzeko. Hizkuntzaren osagaiak bezalaxe antolatzen dira mitoaren osagaiak. Hori da, nik uste, funtsezkoena. Hortaz, idazleak, Sarrionandiak kasu honetan, pentsa dezake, nahi badu, bera dela mintzo dena. Baina benetan gertatzen dena kontrakoa da: mitoa da mintzo dena idazlearen bitartez. Zure testu ttiki hori ez da subjektu baten adierazpena, estruktura batena baizik.

Nire laguna den hirugarren irakurle paralelo hau estrukturalista da, nabaritu ez baduzu. Eta estrukturalista batekin hitz egin ondoren zer egin behar da?: postestrukturalista baten iritzia eskatzea, jakina. Bertzenaz, modaren azkenaurreko solairuan geldituko ginateke, eta iritziak eta interpretazioak entzuten hasita, zergatik ez bertze bat? Hortaz, nire laguna etxetik atera bezain laster bertze ez dakit lagun edo ezagun edo ikaskide bati hots egin nion, ipuina irakurtzeko eta interpretazio estrukturalista, ahaztu baino lehen, kontatzeko. Ez nion testua irakurri behar izan, nire lagun/ezagun/ikaskideak jada ezagutzen baitzuen. Interpretazioa ez zitzaion erabat gaizki iduritu, baina komentario/apostrofe/glosa batzuk egin zizkion, hala ere.

[postestrukturalistak erran zuena]

Arrazoi omen zeukan estrukturalistak, hitzek elkarri kontrajarriz hartzen dute esanahia.

-Baina esanahi hori arbitrarioa da, abenikozkoa, hitzen eta gauzen arteko harremana ez da begi-bistakoa. Horren adibide dugu Sarrionandiaren ipuin hau. Zer ikusten dugu, azken batean?

-Bada, bi pertsonaiaren elkarrizketa eta…

-Ez, ez dira bi pertsonaia, bi hizkuntza zeinu dira, edo, hobeki erranda, bi adierazle. Eta, zure estrukturalistak zioen bezala, bi adierazi, edo, hitz arruntagoetan, bi esanahi ere badira: euskalduna / ez-euskalduna. Problema zera da, adierazleak nola lotu adieraziei. Zure lagun, zera, gure lagun estrukturalista gixajoaren ustez, hizkuntzaren arbitrariotasuna kontuan hartu ez duenez, dena argi dago: euskaraz dakiena euskalduna da, ez dakiena ez-euskalduna.

-Ondorio logikoena dirudi, intuizioak agintzen diguna….

-Ez dakit logikoena den –moztu egin zidan–. Agian, etimologikoena, baina ez dut ikusten zergatik onartu behar dugun. Etimologia irizpide posible bat da esanahia asmatzeko, ez irizpide bakarra. Eta intuizioari dagokionez, intuizioak diosku eguzkia mugitzen dela eta lurra geldirik dagoela; inteligentziak, ordea, kontrakoa erakusten digu. Kontua da lotura hura ez dela hain agerikoa, irakurleak erabaki duela bere kabuz, arbitrarioki.

Oso ongi, argi dago badakizula gainerakoen proposamenak kritikatzen.

-Zein da, bada, egin beharreko irakurketa?

-Nik proposatzen dudana hauxe duzu: bi adierazle ditugu, elkarri kontrajarriak, Josemariren semea, alde batetik, eta bere ustezko ezaguna, baina zein den euskalduna eta zein den ez-euskalduna ez da erabakitzen ahal. Bi adierazleak aske daude, haien diferentzian elkarri lotuta baina adierazietarik aske, testuaren uretan flotatzen, ezinezkoa baita adierazi batarekin edo bertzearekin modu sendo batean itsastea. Zein den euskalduna eta zein ez, hori geronek erabakitzen dugu, gure ideologia edo gure estetika eta gure gogoaren arabera.

-Hortaz?

-Hortaz, ipuinak euskal abertzaletasuna dekonstruitu egiten du, edo desmuntatu, oinarririk gabe utzi, ez dakit, bada, tripak kanpora atera….

Erantzuna erraza zen:

-Susmoa dut Sarrionandiak ez zuela abertzaletasuna desmuntatu nahi.

Telefonoaz bertze aldean hasperen bat entzun nuen, nire ezjakintasunaz nekaturik balego bezala.

-Baliteke Sarrionandia-pertsona abertzalea izatea. Hemen, Sarrionandia-izenaz ari naiz, hainbat testu biltzeko balio duen etiketaz alegia, eta kontatuko didazu zergatik testuak interpretatu behar diren idazlearen motibo biografikoen arabera. Autorea hilda dago.

Agian, irakurle paraleloarena ez da hain ideia ona. Edo, nahaste-borraste honen ondoren, akaso irakurtzen ikasi beharko dut. Akaso, azken batean, Roland Barthes oker zegoen. Idazleak oro dogmatikoak dira, idazkiak antidogmatikoak. Akaso idazle guztiek egiaren jabe izateko estrategiak garatzen dituzte (“Itzuliko ez denak egia dio beti”. Friedrich Hölderlin idazle alemaniarraren esaldia da, berriz ere Sarrionandiak aipatua Ni ez naiz hemengoa liburuan, eta aipamena Jon Miranderen kontura ekarri arren, beharbada bere buruaz ari zitzaigun hemen Sarrionandia). Idazle oro kontzeptuak finkatzen, fosilizatzen saiatzen dira, baina irakurleok testuak irekitzen ahal ditugu, haiekin jolas egiteko. Afarietan bezala, testuaren hausturetan eserita, testu baten azken egia zein den ez jakiteak deserosotasuna sorrarazten du gure baitan. Baina, beharbada, horrek ematen digu, noizean behin bederen, plazerik handiena. Batzuetan esnatu, eta ez dugu batere ziurtasunik.

etiketak: Kolaborazioak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44