Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Titulurik gabe

Titulurik gabe

Iñigo Astiz 2013/02/05 11:28
(Hedoi Etxarteren 'Sinplistak'-en Iruñeko aurkezpenerako Iñigo Astizek prestatu testua)

Aurkezpen aurreko aitorpena. Arte garaikideak azken hamarkadetan egin duen hedapena poesiara nola eraman da nire azken aldiko kezka, ziur aski alferrekoa. Enbidia diot egin duten hedapenari. Horregatik, ziur aski, behar baino artistikoagoa izango da aurkezpen hau. Baina aurkezpen guztiak bezala, aurkezpen hau ere gehiago mintzo da aurkezpen egileari buruz, aurkeztuari buruz baino. Eta beraz, ez naiz gehiegi saiatu hori ezkutatzen. Hau da Hedoi Etxarteren SINPLISTAK liburuaren aitzakian, nire kezkei buruz idatzi dudan testua. Eta arteari inbidia izaten hasita, titulatzeko gaitasun harrigarria ere lapurtuko diet artistei.

Titulurik gabe

klein

Ikono bat da irudia. 1960ko azaroaren 27a da. Ireki du leihoa Ives Kleinek, eta badoa etxeko teilatuaren ertzera oinez. Hartzen du arnasa, eta uzten du bere gorputza erortzen. Jauzi egitea erabakitzen du, bai, baina ez da suizidio ariketa bat: arte pieza bat da. Keinu artistiko bat. Izenburua ere badu piezak: Le peintre de l'espace se jette dans la vide! Espazioaren margolariak ezerezera egiten du jauzi. Ederra da irudia. Ederra Kleinen gorputza bere tendoi eta muskuluak luza-luza eginda ikustea, erlaxatuta, eroraldi itzel bat jasotzear, baina erortzeko beldur arrasto handirik gabe. Flotatzen dirudi azpian duen ezerez horren gainean haren gorputzak. Gorantz lebitatzen, kasik, beherantz grabitatzen beharrean. Indibiduo bat, bere glorian, eta haren inguruan ezereza. Hori dio artistak, behintzat. Hori da piezaren titulua: Espazioaren margolariak ezerezera egiten du jauzi. Baina zein da hutsune hori? Zer deitzen du hutsune artistak? Zeri esaten dio ezereza? Artistak kale batera egiten du jauzi. Gainontzeko kale guztiak bezalakoa den beste kale batera. Eta hain zuzen horri deitzen dio hutsune Kleinek. Eta hala, margolariaren gorputz indibidualaren heroikotasuna  goraipatzeko, ikusezin bilakatzen du sortzaileak gorputz soziala. Ezereza esaten dio kaleari Kleinek. Eta hain zuzen ere ezerez hori da Hedoi Etxarteren poesiaren gaia. Gorputz indibiduala inguratzen duen hutsune sozial hori guztia. Ekaitza da Etxarterentzat Kleinentzat hutsune zena.

 

GAURKO AFARIA

Bada jendea uste duena hondamendia dela

eta(m)ren ekintza armatuak bukatu izana

bizkartzainak langabeziara joanen direlako.

Frantzian 1946an Poloniarako eremuetara

zihoazen tren-gidarien desagerpenak langabezia

igoko zuelako kezkatu zen jende bera da.

 

Bada jendea kexatu dena ehun irakasleek

tutoretza orduetan inbertitzen duten denbora

neurtzeko sistema instalatu dutelako.

Duela lau urte atezain, informatikari eta

fakultateko langile teknikoentzat sistema bera

instalatu zutenean kexatu ez zen jende bera da.

 

Bada jende diruduna egunkarietako zutabeetan

beheko klasearentzat idazten duela dioena.

1872an Eskoziako oihal-fabriketako umeei

gauez zopa ematen zien jende bera da

—egunez goikoentzat jertseak egiten

hil ez zitezen elikatzen zituzten—.

...

sinplistak

Ez da Etxartek kontatzen duena ikono bilakatzerik. Zikin ageri du zikin ikusten duena. Zakar kontatzen du, leundu gabe. Sakona da asmo estetiko hori, baina baita azalekoa ere. Keinu bat da Hedoi Etxarteren SINSPLISTAK liburuaren azaleko irudian ageri dena ere. Alain M. Urrutia margolariarena da. Ederra da irudia, baina artegagarria ere. Badu berezko anbiguotasun bat, eta horrek ematen dio indarra. Txakur baten hortzak ageri dira irudian. Baina ez ditu txakurrak erakutsi hortzak. Norbait ari da txakurraren hortzak erakusten. Hatz batzuk mantentzen dute zabalik animaliaren ahoa. Keinua da hemen ere klabea. Gehiegizko konfidantza ageri dute hatz horiek txakurra mehatxu gisa hartzeko. Baina ez da soilik hori. Gehiegizko mehatxua ageri dute hortz horiek konfidantzarik pizteko. Txuria eta beltza da irudia, baina grisa da mezua. Alde ala kontra. Ez dakigu zer aldera dauden hortz horiek itzulita. Ez dakigu noren aurka eta noren alde. Franz Fannon pentsalari martinikarrak ere antzerako zerbait esaten zuen armadaren desfileez. Esaten zuenez, bikoitza da desfile horien mezua. “Ez da hau ematen duten mezua: 'Ez ausartu mugitzen'. Gehiago dirudi zera oihukatzen dutela: 'Prestatu erasorako'”. Halako zerbait gertatzen da SINPLISTAK liburuaren azalarekin ere. Eta Hedoi Etxarteren poesian handia da bikoiztasun horren presentzia. Azaletik sakonera:

 

KOLABORATZAILEAK

Historia erreportajeek saldu digute kolaboratzailea

bota beltz altuz, txano militarrez, Falangearen edo

SSen ikurrez haserre zegoela eta odolzalea zela.

Baina ez, orain badakigu kolaboak izan zirela

Falangen edo Action Françaisen militatzeko adorerik

izan ez zuten gorozki apolitikoak, zital umejaleenek

ez zutela iritzi zehatzik honen eta bestearen inguruan,

eta ez preseski azterketak sakonki eta xehetasunez

eginagatik zalantzak sortu zitzaizkielako. Ez preseski.

(…)

Arrunkeria bikaintasunetik ospatzen duzuen

hankabikoei dizuet izu handiena Galileoren esferan.

 

santiagoserra

1999an Santiago Sierra artista espainarra La Habanako Espacio Aglutinador izeneko arte gunean. Marra bat marrazten du. Marra soil bat da bere artelana kasu honetan, baina marra non marraztu duen da klabea. Piezaren tituluak ematen du pista: “Línea de 250 cm tatuada sobre 6 personas remuneradas”. 30 dólar ordaindu dizkie Sierrak sei gizoni bizkarrean lerro bat tatua dezaten. Eta onartu egin dute, itxura denez, denek ageri baitute beren marra puska bizkarrean. Sei gorputz indibidual, lerro bakar batek gurutzatuta. Sei gorputz zehatz, azalean gatazka sozialaren marka ageri dutela. Ohikoa da lan egiteko modu hori Sierrarengan. Oharkabe pasa ohi den horretan jartzen du begia artistak. Beste artista askok jakintzat edo garrantzi gabekotzat jotzen duten horretan: lan harremanetan. Hori da bere sorkuntza materiala. Poesian ere ez da gehiegi lantzen den gaia. Eta jakintzat edo garrantzi gabetzat jotzen dute askok lan munduarekiko kezka. Hedoi Etxartek,ez. Berak ere bere piezetariko baten ardatz bilakatzen ditu lan harremanak.

 

NORBERAK BERE IKUSPUNTUA DU (euro moneta unitatearekin irakurtzeko poema): «Norberak bere ikuspuntua du» dio

hilean 2.700 jasotzen duenak.

«Masaila sorbaldatik bereiziko dizugu» dio

hilean 682 irabazten duenak.

«Bilatzen ez duelako ez du lanik...» dio

1.500 jasotzen duenak eta

«... ze lana, egon, badago» gehitu du

710 irabazten duenak”.

...

merce-cunningham

1973ko Parisko opera. Merce Cunningham koreografoa Un jour ou deux izeneko pieza entsaiatzen ari da. Eszenatokira oinez sartzeko agindu die bere dantzariei. Oihal artetik publikoaren aurrera oinez joateko. Puntu bat badu dantzari bakoitzak taula gainean dantzan hasteko, eta hara heltzean baino ez dira hasiko dantzan. Oinez egingo dituzte harainokoak. Hori agindu die Cunninghamek eta hori egingo dute haiek. Hori ikusita, protesta batean hasten zaio ballet maisu bat koreografoari. Eskandalu bat iruditzen zaio: “Ezinezkoa da hori”, esaten dio haserre, “ezin duzu hori egin”. Cunninghamek baietz: “Frantsesak nola ibiltzen diren erakutsi nahi dut”, erantzuten dio. Baina balletzaleak berean jarraitzen du: “Ezin duzu hori egin!”.

 

Baina hain zuzen ere hori da Hedoi Etxarteren poesiak erakusten duena. Artearen inposturak gora behera, SINPLISTAK liburuak erakusten du euskaldunok nola ibiltzen garen. Eta hori erakustea, eta erakustea herrenik ezkutatu gabe, hori ez da inolaz ere sinplekeria.

Milesker.

 

Iñigo Astiz, 2013ko urtarrilak 18

Josu Lasa
Josu Lasa dio:
2013/02/16 01:18
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu baten aurrean gaudela. Hedoi Etxarteren Sinplistak liburua hitz gutxitan esan genezake artifizio huts bezain puruan mugitzen den testu, lerro, idazki edo manifestu baten aurrean gaudela, zeren poesia deitzea gehiegitxo dela uste dut. Laburra izango naiz eta zuzenean harira joango naiz liburu honen ildo nagusiak komentatzera.
Azalkeria nagusi da liburu osoan zehar. Forma poetikoak ez dira azaltzen, elementu poetikoak apenas topa ditzakegu, oso urriak. Ez dago musikarik, ez dago erritmorik, ezin zara hitzaren misterio sakonean murgildu, ez dago norberaren erraietan murgiltzen lagunduko duen hausnarketa sakonik, dena errebindikazio oihukatuak dira, ezinegona, mala letxea eta batzuetan iraina ere bai –kasu berezi batzuetan izen abizenekin− , oso gusto txarrekoa benetan.
Sentimenduak eta sentipenak gutxi aurkituko ditugu. Esan daiteke nortasun ahularen sinonimotzat hartzen duela sentimenduak eta sentipenak azaleratze prozesuari. Emozioa alde batera uzten du irakurlearengana iristeko bide egokiena eta zuzenena saihestuz. Eta ba al dago poesiarik emozirik topatu ezean? Lerro hauetan mezu hotzak daude, guztiz materialistak, gizakiaren izaera berezkoari inongo eta inolako keinurik egiten ez dizkiotenak.
Sexuaz ere barra-barra ari zaigu lerro hainbatetan, eta ez dakit zein den helburua. Kuriosoa da, bertan dagoen elementu poetiko bakarrenetakoa sinusitisa duen eta itotzera doan neska baten ahoaren eta eztarriaren puztutze unea litzateke, zakil miazkatze eta xurgapen prozesu batean gertatutakoa da, hain zuzen ere, arroza egostean honek pairatzen duen puztutze fenomenoarekin konparatzerakoan idazten duenean. Zer esango dut ba, erabat kutrea, ez dakit norbait eskandalizatzea lortu nahi duen −gaur egun nekez gerta daiteke hau, ezta?– edo zer bestela, Bukowski eta beat belaunaldiko estetikak aspaldi zaharkituak geratu zitzaizkigun. Agian, bere burua horrelako uneetan begitandu nahi ditu poema batean sublimatua, bereziki konpleju baten ondorioz sortutako emaitza gisa. Auskalo!
Manifestu komunistaren bertsio moderno kutrea edo antzeko zerbait aurkeztu nahi digu liburua osatzen duten orrialdeen gehiengoetan. Garai berrietan geundela uste genuen, eta liburu honen tonua, giroa eta mezuak laurogeiko hamarkadetakoak dira maila politikoan. Jarrai eta Segi berpiztu nahi ote dituen ere neure buruari galdetu diot. Komunismoaren aldarrikapena du ardatz eta helburu. Zentzurik ba al dauka hau gaurko garaitan? Batzuk baietz esango dute jakina, beste batzuk ere karlismoa aldarrikatzen duten modu berean. Eta estetika aldetik, gauza bera esango genuke. Estetika iraultzaile baten aurrean gaude, anpulosoa eta oihukaria “barrikadetara, barrikadetara” oihukatzea besterik ez zaio falta. Erreferentzi ugari bai, denak komunistak eta iraultzaileak; poeta gutxi batzuk ere aipatuak, Maiakovski, Brecht eta pare bat gehio. Motz uzten du erabat literaturaren historia aipuokin. Baina jakina, honentzat ez da besterik esistitzen. Poesia panfletarioa da (eta ez dakit nik poesia deitzea gehiegizkoa den), nire ustez Etxartek generoan huts egin du. Agian esan nahi duen guztia egokiago eta eleganteagoa aterako zitzaion saiakera batean, komiki batean (lehen ere horretan aritua da, eta zinez, ondorio bikainekin), edo egunkarietako zutabeetan idatzia.
Zenbait autore aipatzen ditu, bai, denak komunistak, baina ziur naiz ez dituela Eliot, Broch, Borges, Cortazar, Bloom edota Tolstoi beraren artea, kultura eta literaturari buruzko saiakeretako bakar bat ere irakurri, eta nabari da. Hiruzpalau autore iraultzaile aipatu, hauen ideiekin cocktail manifestu bat prestatu, sexuzko jario lizun eta voyeur-aren lerdeaz folioak busti, inguruetako hipermegatxatxiguay hoberena dela baieztatu eta nire herriko neskatxa maite ia gehienak liluratuko duen poseaz aurkeztu, eta hortxe daukagu emaitza, hots, gaztetxo baten akatsa, munduko ahalguztiduna dela pentsatzea.
Estetikaren teknika aldetik poesia express modukoa praktikatzen du, pizza-poesia deiturikoa: azkarra, funtsgabea, elementu urrikoa, errepikakorra eta haurren gustukoa. Baina ez da harritzekoa poesia hilda dagoela aldarrikatzen duen horietariko batentzat, edo hobeto esanda, bere burua poesiaren hiltzaileetako hiru mosketeroetako bat daukanarentzat. Jakina, magalomaniaren sintometako bat egozentrismo neurrigabea baita, eta liburuak ego kiratsa bazter guztietatik jariatzen du.
Etikaren ikuspuntutik, ez dago gauza handirik. Hitz gutxitan, sexuaz ari denean narzisista hutsa, eta gai sozio-politikoetan Leninen jarratzaile sutsu bezain itsua. Eta azken honi, ezer gutxi gehi dakioke, dena esanda dago. Guzti hau ikusita, poema liburu baten aurrean al gaude? Bai, jakina, Das Kapital, Mein Kampf eta Kamasutra diren neurri berean.
Bukatze aldera, artearen eta literaturaren desegite, dekonstrukzio eta iraungitze baten apostua egiten du Etxartek, eta arteak arrunkeria eta ideologia totalitarioak gainditu ditu beti, Danilo Kis idazleak maiz abisatu zigun horretaz eta argiro azaltzen digu zenbait pasarteetan gazteleratu berri duen bere azke liburuan, “Lección de anatomia”. Denborak esango digu kitsch artistiko eta ideologiko baten hilotzaren aurrean besterik ez gaudela. Sinplistak liburu sakon eta hausnartzaile baten gisara aurkeztu zaigu eta mutiko baten kezken eta konplejuen iraizketa bat besterik ez da.
Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2013/02/19 18:09
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez hitz egiteko, baina Josu Lasaren kritika "ad hominem"-egia iruditu zaidanez, zer edo zer esan nahi nuke, labur. Alde batetik, literaturaren historiaren uneotan, poesia zer den eta zer ez den ebazten ibiltzea nahiko labainkorra iruditzen zait: elementu poetikorik ez dagoela? Hori poesia oso muga estuen barruan irudikatzea da; XX. mendeko abangoardiek (eta are Baudelaireren garaietatik abiatu zen bilakaerak) muga horiek zabaldu izan ez balituzte bezala, alegia.

Bestalde, egilearen gaztetasuna faktore negatibo bezala aipatzea, behin eta berriro, ez zait, oro har, seinale ona iruditzen. Guztioi falta zaizkigu funtsezko irakurketak, gazte zein zaharroi: lanbide horrek ez dauka sekula amaierarik. Kontua da ze etekin ateratzen zaien irakurketa horiei.

Bestetik, gaur egun liburu guztiak daude, eskuarki, gainpublizitatuak. Ez zait iruditzen honekin halakorik gertatu denik, bereziki. Argitaletxe bereko "Mussche"-rekin konparatu, adibidez.

Azkenik, gaur egungo munduaz, gordin eta zorrotz, hitz egiten duen liburu bat dela iruditu zait (bertan erabiltzen diren tesiekin ados egon ala ez). Solipsismoan edo ederkerian erortzen den hainbeste libururen alboan, hor ekarpen bat dagoela esango nuke.

Ez dut esango liburua guztiz ase nauenik, Etxarteren aurreko "Suzko liliak"-ek ase utzi ez ninduen bezala. Baina hala bata nola bestean nire interesa piztu duten kontuak topatu ditut, hausnarketak eragin dizkidatenak, zaplasteko bat edo beste eman didatenak. Batzuetan gogora ekarri dit, onerako (eta oso ezberdinak diren arren), Juanjo Olasagarreren "Bizi puskak" / "Puskak biziz" parea. Ez dakit poesia den ala ez, baina gutxienez bete du, nire kasuan, David Foster Wallaceren irakasle batek aipatzen bide zuen literaturaren zer egin hura: "urduria lasaitzea, eta lasaitua urduri jartzea". Batzuetan, behintzat. Eta ez da gutxi, gauzak dauden moduan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44