Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Volga Sarietarako deialdia

Volga Sarietarako deialdia

Volgako Batelariak 2007/04/22 12:30
Behinola, aspaldi, erresuma urrun batean, literatur sariak balore seguruak ziren, Parnaso mendiaren sustrai sendo eta gorakorrak, dohain literarioen gotorleku segur eta ahaltsuak. Baina, ai!, o tempora, o mores, egun batean susmoaren eta ustelkeriaren lizuna itsatsi zitzaien literatur gailu aingerutiar horiei, eta orduz geroztik maldan behera doaz, erremediorik gabe, gainbehera osora bideratuz: ezbairik gabe, honako hau sarien krisialdirik latzena dugu, Antoine D'Abbadiek lore-jokoak asmatu zituen egun zoriontsu eta beneragarri hartatik behintzat. Frogei lotzen gatzaizkie: Euskadi Saria eskuratzeko irabazleak bere auzoko batzokian bazkaldu behar du astean bi aldiz gutxienez (ekintzaren argazki eta ticket justifikatiboak notarioaren aurrean egiaztatu behar dira); Espainiako Kritikaren saria irabazteko Jon Kortazarren lagun mina izatera behartuta dago idazlea (edo gutxienez hori sinetsi behar du katedradun jaunak); Espainiako Sari Nazionala lortzeko idazleak Konstituzioari zin egin behar izan dio gutxienez hiru aldiz, alderantzizko San Pedro bat legez (eta zintzotasun osoz: ez du balio lege-aginduz egitea); Igartza sarira aurkezteko, laginarekin batera, oinarrien arabera, 30x60ko idazlearen argazkia gehitu behar da, eta ez dira gutxi uste dutenak erretratuaren sex-appeal-aren arabera aukeratzen direla irabazleak; lukuru asmorik gabeko Elkarlanean Fundazioak deitzen dituen Jaka Bekei dagokionean, berriz (zure saiakera- edo poemategi-lagina haur eta gazte literatura alorrean saritua izateko arriskua alde batera utzita), kontua da behin bakarrik esleitu zaiola (eta ez beka potoloenetako bat) odol-analisietan positibo eman zuen idazle bati (positibo Rh-an, noski), susmagarri samarra dena; Durangoko liburu salduenen zerrendarekin eta Zilarrezko Euskadi sariarekin, bestalde, badakigu zer gertatzen den, eta Beterriko Liburuaren sariari buruz, nola sinetsi irakurleek ematen omen duten sari batean, euskarazko irakurlerik apenas dagoela gauza jakina denean?

 

Sarien kontuan egun nagusi den anabasa honi guztiari behin betiko aurre egiteko sortu dira, beraz, Volga Sariak, gaur deitu eta jakinaraziko den data batean publiko egingo direnak.

Sariak

0- Volga Sariek euskal literaturaren alderdi ezberdinak saritzea dute xede nagusia.

0/0- Sari hauek EZ dute euskaraz idatzirik EZ dauden lanik euskal literaturatzat hartuko, salbuespenak salbuespen.

0/0/0- Volga Saria ondoko kategoriatan banatzen dira:

0/0/0/0- Volga Sari Nazional Nagusia, urteko liburu onenari.
0/0/0/1- Rasputin Saria, kritikarik kriptikoenari.
0/0/0/2- Ana Karenina Saria, urteko idazle-irudi erakargarrienari.
0/0/0/3- Libururik eskasenari Krimen eta Zigorra Saria.
0/0/0/4- Liburu transmarikabolloenari Yogurina Viborova Saria.
0/0/0/5- Libururik nazionalenari Transiberiar Saria.
0/0/0/6- Okhrana Saria Urteko euskal liburu espaiñolenari edo frantsesenari.
0/0/0/7- Ibilbide osoari eskainitako merituzko Tolstoi Saria.
0/0/0/8- Eliza Ortodoxoaren Patriarka Saria: muturreko duintasun literarioari.

 

Epaimahaia

1- Volga Sarien epaimahaia bost kidek osatuko dute, euskararen menperakuntza eta prestigio aitortua duten literatur aditu eta sortzaileen artean aukeratuak izango direlarik.

1/1- Epaimahaia behin osatuta, haren kideen estatusa bitalizioa izanen da, salbu eta idatzizko ukazioa aurkezten bada, eta gainontzeko epaileek legearen arabera hala onartzen badute.

1/2- Sariaren izaera nazionala ziurtatze aldera, EHNA agiriaren jabetza frogatzeaz gain, eta Sariaren aniztasuna finkatze aldera, epaimahaiaren osaketa ondoan zehazten den eran burutuko da:

1/2/1- Bi nafarrek, bi arabarrek eta bi gipuzkoarrek osatuko dute, epaileen kopurua bost baino gehiagokoa izan ezin delarik.
1/2/2- Hiru poetak, bi nobelagilek, literatur kritikari batek, Anariren letrista batek eta kontakizun laburren egile batek osatuko dute, epaileen kopurua bost baino gehiagokoa izan ezin delarik.
1/2/3- Gizonezkoen eta emakumezkoen kopuru berberak osatuko du, epaileen kopurua bost ez besterik ezin delarik izan.
      1/2/3/1- Sexu konputoari dagokionez, euskal jakinduriak akreditaturiko sistemaren arabera, gizonezko homosexuala erdigixontzat hartuko da, hala nola emegixontzat. Emakumezkoa, aukera sexuala edozein duelarik ere, pertsona osotzat hartuko da. Gizon heterosexualak (besteizenez, gixajoa) arrazoi nabarmenengatik zero konputatuko du.

 

1/3- Aurreko puntuan epaimahaiaren osaketarako zehaztu jarraibide guztiak aintzakotzat hartuta, berau ondoko bost lagunek osatuko dute: Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juan Jose Olasagarre eta Iban Zaldua.

1/3/1- Volgako Batelarietako epaimahaiak koskorretan paratzen zaiona erabakiko du literatur irizpideei batere jaramonik egin gabe, eta, adibidez, saria liburu jakin batekin lotuta doala eman dezakeen arren, epaimahaiak pertsonalismo osoz joka dezake eta saria ibilbide edo figura bati eman, nahiz eta epaiaren aktan kontrakoa aitortu (edo ez).
1/3/2- Volgako Batelarietako epamahiak amigismoz erabaki dezake sarien epaia.
1/3/3- Volgako Batelarietako Sariei ezin izanen zaie uko egin. Baldin eta norbait uko egitera ausartuko balitz euskal literatura autonomikotik lekutua izanen da, eta itzultzeko erreabilitazio prozesua egin beharko du:
       A-Bertsolaritzaren goraltze ekitaldi batean parte hartu beharko du.
       B-Buenismoaren aldeko manifestu bat sinatu beharko du.
       C-Euskal Gatazkari buruzko ipuin edo poema edo saioa idatzi beharko du, originala eta berritzailea izanez.
       D-Euskadi Sarietako epaimahai izan beharko du eta, lana egin ondoren, urkabe batean lotuta egongo da bizpahiru egunez, laido kolektiboaren mende, Zarautzen, Susa argitaletxeko egoitzaren parean.
   Hala ere, erreabilitazio prozesu honetan parte hartu nahiko ez balu zuzenean Sakhalingo uhartera herbesteratua izanen litzateke.

 

Kontuan hartuko diren lanak

2- Aurreko urtean argitaratu euskarazko lan literarioak dira sarigarriak, ez guztiak noski, baizik eta arrazoi batengatik ala besteagatik epaimahaikoen belarritara iritsitakoak, goiti beheiti ez halabeharrez irakurritakoak. Izan ere, azken batean ez dute zertan aurreko urtekoak izan behar zehazki, baizik eta baita aurreko edo etorkizuneko urte batekoak ere.

Epai irizpideak

3- Kategoria bakoitzerako egokien iritzitako lanari esleituko zaio saria, beti ere ondoko baldintzak kontuan hartuz:

3/1- Egilea gure adiskidea den ala ez.

3/2- Egileari zerbait zor diogun ala ez (batez ere dirua denean).

3/3- Argitaletxea zein den.

3/4- Azalaren itxura eta (balego) hegaleko argazkiaren edertasuna.

3/5- Kontrazaleko testuaren edukia edo desedukia.

3/6- Prentsari eginiko adierazpenak, aurkezpen egunekoak batik bat (Hasier Etxeberriak Sautrelan nola tratatu duen har daiteke aintzat, halaber).

3/7- Egileak euskal literatur kanon piramidalean daukan behin-behineko kokapena, Richter eskalaren arabera neurtua.

3/8- Liburuek meritu hobeagorik ez balute, epaimahaiak, ultima ratio bezala beti ere, bere gain har dezake liburu sarituak irizpide literarioen arabera aukeratzeko eskuduntza.

Sari emanaldiaz

4- Ez da Sarietara aurkeztu beharko, liburuak ondasun publikoak dira, eta iritzi publikora irekiak, hortaz ezin zaio Sari hauetako bati ere uko egin, ez onarpena eman. Sari hauek indefektiblementean emantzat jotzen dira epaimahaiaren ebazpenarekin batera.

4/1- Aurreko puntuaren salbuespen bakarra, epaimahaikoek hala erabakiko balute, Sari emanaldira agertuta, haiei pertsonalki jakinaraztea litzateke. (edo Eliza Ortodoxoaren Patriarka Saridunak, bere ahalguztiduntasunean, bere borondatea egin dezake eta saria ez onartu, baita Sari honen hurrengo deialdirik ez dadila egon ere)

Azken xedapenak (but not least)

5- Edozein pertsonak erosi edo sobornatu ahal ditu epaimahaikideak. Onartuko diren sobornoak hauek izango dira: euroak, sexua edo droga ezlegalak. Ez dira euskal sukaldaritza zahar edo berriarekin zerikusia duten sobornoak onartuko, ezta beste sukaldaritzekin zerikusia dutenak ere.

5/1- Edozein epaimahaikidek erosi edo sobornatu ahal ditu beste epaimahikideak. Onartuko diren sobornoak sobornatzailearen eta sobornatuaren artean zehaztuko dira.

Volgako Batelariak
Volgako Batelariak dio:
2007/04/24 13:03

Pozten gara zure iruzkinarekin, Juan Luis, ñabardura txiki bat egin nahi badiogu ere: eskaintzen ditugun datuak ez dira oinarri "gutxi-asko" errealdunak, guztiz zehatzak baizik, funtsezko eztabaida honi dagokion mailari eutsi nahian. Eta horretarako iturri guztiz fidedignoetan oinarritu gara, hala nola Siongo Jakintsuen Protokoloak (gehigarri eguneratua, euskal judutartasunari dagokiona), Canaris almirantearen Memoriak, Lee Harvey Oswald Sobietar Batasunean egon zen garaiko telefono-grabazioen transkripzioa (CIAren funts klasifikatuetatik ateratakoa), Xibertako bileren akta sekretuak (Artea version), Euskaltzaindiko Bibliotekako dorre sekretuan gordetako Gaston Berrizar Ondarea, Putinek bere KGBko garaian landutako hainbat txosten (oso prezio onean saldu dizkigunak), Pedro Jotak adeitsuki igorri dizkigun M-11ko zenbait soberako froga eta, nola ez, populazioen genetikari buruzko bere ikerketa geografikoetarako Cavalli-Sforzak jasotako oinarrizko datutegia (alfabetikoki ordenatua).

Gure peskizen emaitza nominalari dagokionean, eta ulertuko duzun bezala, ezin dizugu informazio gehigarririk eman: gure lehentasuna, aipatzen duzun kontuan, Rh-an positiboa eman zuen gajo horren identitatea zaintzea da, zabalduz gero gerta dakiokeenagatik (begira, esaterako, zer pasatu zaion Landis-i ).

Juan Luis Zabala
Juan Luis Zabala dio:
2007/04/24 17:02

Gajoak gajo analisiak egiteko nora jo dezakedan esango zenidakete, faborez?

Juan Luis Zabala
Juan Luis Zabala dio:
2007/04/23 22:28

Irakurketa azkar batean, eta bestelako inolako baloraziotan sartu gabe, kontuan harturik testuko elementu guztiek oinarri gutxi-asko erreala-edo dutela, zilegi bekit galdetzea, ea zein den honako pasarte honen oinarri erreala.

"Jaka Bekei dagokionean, berriz (...), kontua da behin bakarrik esleitu zaiola (eta ez beka potoloenetako bat) odol-analisietan positibo eman zuen idazle bati (positibo Rh-an, noski), susmagarri samarra dena".

Hau da: zeintzuk dira (edo zarete, gara, garete?) odo-analisietan positibo (positibo RH-an, noski) emandako idazleak?

Mikel Ayerbe
Mikel Ayerbe dio:
2007/04/26 13:42

AND THE WINNERS ARE (tarrratatatarrrrra ta):

http://eibar.org/blogak/volga

Zalantzarik gabe, eta egun literatura den kamaleoiak liburu formatua baztertu eta blogak eta abar txanpiñoiak bezala ugaritu diren garaiotan, zilegi da Volga Sariak Volgako Batelariei esleitzea.

Eurentzat lirateke sari guztiak: urteko blog (liburu) onenari; kritikarik kriptikoenari; urteko idazle-irudi erakargarrienari, blog (liburu) eskasenari; blog (liburu) nazionalenari; urteko euskal blog (liburu espaiñolenari edo frantsesenari eta muturreko duintasun literarioari (baino mutur-mutur-muturrkoenari). Era berean, sari guztiak batean emateko aukera emango luke esleiketa honek.

Orain arte, argi gelditu da artikulu Sustraituenak, kritika Engaiatu edo Engañatuenak, Zaldunaren leialtasunez edo leihakortasunez idatziriko narrazioak, izen-abizen handiko ,eta bereziki, luzeko itzalari bizkarrik eman gabe idatziriko poema eta artikultuak bertan kaleratu edo enfraskatu edo pantailaratu direla.

Epaimahiak ere aho batez onartuko du sari hau Volgako Batelariei ematea. Euren arteko zorrak, ezikusiak, sobornoak, sexu insinuazioak etabarri amaiera emateko modu aproposa da, bide batez esanda.

Honenbestez, eta masa irakurlegoaren bedeinkapenarekin, Volga Sariak Volgako Batelarientzat dira aurtengoan.

Eta utikan hau onartzen ez dutenak.

PD- Arazotxo bakarra ikusten diot sari banaketa honi. Esan bezala, sariketa honek ez luke euskal literatur kanon piramidalaren behin-behineko kokapena beteko eta kuotak defizita egingo luke emakumezkoen irudiari erreparatzen badiogu.

Horretarako, zuen bloglagun-adiskide-maitale-edo-nik-al-dakit-zer diren Sareinak animatu nahi nituzke Sareinak Sariketa aurrera ateratzeko. Honela, kuotaren arazorik ez litzateke egongo eta kanonak guztiei egingo dizue lekua.

ZORIONAK DENEI!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44