Artxiboa Uztaila 2008
Interesak
Orain 30 urte luze, Eibarren gasolindegia eraiki behar zutela-eta, kontrako plataforma sortu zen, hirian gasolidengia jartzea zeharo arriskutsua zelakoan. Hainbeste iskanbilaren artean, plataforma-buruari galdetu nion benetan gasolindegirik ez jartzea itxaro ote zuen. Eta berak erantzun: “Seguru gero jarriko dabela, baina bittartian kriston zaratia etarako juagu”. Orduan jakin nuen plataformek ere euren interesak zituztela.
Hurrengo hamarkadan, Ugaldebietako autobidea egiterakoan, Jaurlaritzaren kontrako koordinadora sortu zen: “La coordinadora antiautopista afirma que la construcción de la autopista no solucionará nada en lo que respecta al problema del transporte y únicamente supondrá un despilfarro de dinero” (Egin, 1984.05.10). Gaur egun 150.000 ibilgailu pasatzen dira egunero BEC-en aurretik.
Hurrengoan, ostera, Gasteiz eta Durana artean auzo berria egin behar zutela-eta, Industria Sailak informe ezkorra egin zuen, Iberdrolaren kable-sarea bertatik pasatzen zelako. Horretara, argindar-kable horiek arriskutsuak dira? galdetu nuen nik inuzente asko. Eta Industriaren teknikariak erantzun: “Ez. Ez dira batere arriskutsuak etxeak erosi arte, baina bizilagunak auzi-mauzika hasiko litzaizkiguke bertan bizitzeari ekin bezain laster eta gero ez genuke jakingo argindar-sarea nondik pasatu. Eta, gainera, aldaketa nork ordainduko?”.
Nere etxe-atarian Udalak sei zakarrontzi jarri ditu. Neri behintzat inork ez dit oniritzirik eskatu eta, aukeran, nik nahiago 30 metro harantzago jarriko balituzte. Baina pentsatu beharko dut nere zakarrak ere nonbait bota beharko ditudala eta Udalak ez duela leku hori ni izorratzeagatik erabaki.
Deia, 2008ko uztailaren 28an.

Beti hamar urte falta
Orain 50 urte, 1958an, Saizar’tar Pernando Villaroko sakramentinoak gizona noiz iretargira helduko aztertu zuen "Yakin" aldizkarian. Besteak beste, hiru iritzi ei ziren nagusi orduko zientzilarien artean.
Zenbaiten ustez, 1980 urterako lortuko omen zen ilargira joatea. Beste zenbaiten ustez, XX. mendearen azken alderako. Eta baziren uste zutenak egitasmo harek askoz ere denbora gehiago behar izango zuela. Orain badakigu Neil Armstrong 1969an heldu zena (uztailaren 20an. hain zuzen), 1958an uste baino dezente lehenago.
Zientzia-aurrerapenen iragarpenak betidanik egin izan dira, nekez ostera asmatu. Zenbait iragarpen isilik misilik geratu izan dira, Saizar´tar Pernandorenak Yakin aldizkariaren aurrenengo aleetan bezala, baina beste hainbat iragarpen antzuk oihartzun handiago izan du, Arthur Clarkeren “2001. A Space Odyssey” nobela ospetsuak kasu. Nik ezkondu aurretik ikusi nuen Stanley Kubricken filmea eta noiz egia izango aittittatu naiz, gaztetako iruzurra nork noiz konponduko zain.
Jules Verneren iragarpenek, aldiz, zori hoberik izan zuten, idazleak amestutako zenbait asmakizun (itsaspeko nabigazioa, hegazkin-trafiko arrunta, argindar soziala, komunikabide elektronikoak, 300 metroko eraikinak, espaloi mekanikoak…) berak uste baino ia mila urte lehenago garatu dira-eta.
Baina iragarpen guztiak ez dira beti teknologiazko aurrerapenen ingurukoak izaten. Badira beste batzuk, itxuraz behintzat horren nabarmenak ez izan arren, behingoz egia bihurtuko balira gizartearen etorkizuna zeharo aldatuko luketenak.
Nik berrogei urte daroadaz entzuten hamar urteren bueltan alzheimerra, eskizofrenia edo diabetea osatuko direla. Baina, urteak joan eta urteak etorri, beti hamar urte falta ei dira.
Deia, 2008ko uztailaren 21ean.
Orain berrogei urteko iragarpena
Ez gero, ekologiaren izenean
Jo dagigun, irakurle, autoz zoazela 70 kilometro orduko, gehienez 90eko seinalea jartzen duen errepidean. Eta horra non norbaitek esaten dizun bizkorregi zoazela, legez kanpo, lar kutsatzen, arrisku bizitan eta osasun publikoaren kaltetan. Are gehiago, pentsatu egizu mesias hori ez dela konformatzen zuk zer egin behar zenukeen esatearekin eta, bere moduko beste hainbatekin batera, errepidea mozten dizula, “autorik ez” pankarta eta guzti.
Ba… antzerako da bere burua ekologistatzat duen hainbatek egiten duena zenbait ekintza eta egitasmoren aurka. Eta ez, jakina, ekintzok eta egitasmook ingurumen-legea hausten dutelako, sasi-ekologistok euren kautan erabaki dutelako baino, zelakoa izan behar lukeen legeak, zertan den kutsadura, non hasten den arriskua, non osasun publikoaren muga eta nork betetzen duen legea eta nork ez.
Gizarte demokratikoan edozeinek du eskubide osoa legeak salatzeko, alternatibak proposatzeko eta agintaritza politikoa ahalik eta estuen hartzeko. Baina, gizarte demokratiko berberorretan, inork ez du bere burua legearen interpretetzat jartzeko eskubiderik eta, zer esanik ez, indarrean dagoen legea zintzo asko betetzen dutenak gutxiesteko, zemaitzeko eta mehatxatzeko.
Legea lege, denok dagoz –gagoz-- legea bete beharrean, bai legeria zorrotzegitzat dutenak eta baita arolegitzat dutenak ere. Legeak aldatu gura dituztenak sartu daitezela politikagintzan, parte hartu dezatela foro erabakigarrietan, egin ditzatela egin beharreko presioak eta konbentzitu gaitzatela konbentzitu beharrekoaz.
Baina, mesedez, bitartean, ez gero indarrean dagoen legea betetzen dutenak gaizkiletzat hartu, ez behintzat ekologiaren izenean.
Deia, 2008ko uztailaren 14an.

Paradigma berria: lan egin
Krisia dela-eta, bazterrak astintzeko beste bota zuen Antonio Garrigues Walker legelariak Madrilen, Cristina Garmendia ministroaren hitzaldi-aurkezpenean, baina ez dut harek salatutakorik inon jasoa ikusi.
Egia esan, Garrigues Walkerrek ez zuen funtsean ezer berririk azaldu, edozein kalitate-programatan behin eta berriz aipatu izaten den leloa gogoratu baino. Batetik “neurtzen den guztia hobetu egiten dela eta neurtzen ez dena ez dela hobetzen”. Eta, bestetik, neurtu ondoren beharrezko dela inorekin gonbaratzea. Anglosaxoien “compare to… “ alegia.
Neurtu eta alderatu barik, seguru gero espainiar ekonomiaren osasuna itxurazkoa dela. Baina neurtu eta alderatuz gero, berriz, dezente ekonomia gaixoa. Garrigues Walkerrek berak azpimarratu bezala: “Ez gaude ondo, ez produktibitatean, ez lehiakortasunean, ez ikerkuntzan, ez eraberrikuntzan, ez teknologian, ez hezkuntzan… Eta eskasia honen aitzakia ezin da petrolioa izan, ezta unean uneko krisialdia ere”.
The Economist aldizkariak orain dela hainbat urte aurreratu zuen espainiar ekonomia zela munduko balantza komertzialik (BPGren %8,5) txarrenetakoa zuena. Hau da, oso erosle onak baina saltzaile txarrak. Edo, beste modu batez esanda, aberaskumeak inorenak kanpoan erosterakoan eta ekoizle ganorabakoak, ostera, norberarenak nazioartean saltzeko orduan”.
Behin kazetari batek galdetu zion Warren Buffet inbertsore ospetsuari: “Teknologia berriak nagusitu diren Ezagutza Gizarte aurreratu honetan, mendebaldeko ekonomiak sekulako apostua egin du ikerkuntzaz eta eraberrikuntzaz nazioarteko lehiakortasunari eutsi ahal izateko. Zein izango da, zure ustez, hurrengo erronkaren paradigma?” Eta Buffet-ek erantzun: “lan egin”.
Deia, 2008.07.07