Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Beti hamar urte falta

Beti hamar urte falta

Amatiño 2008/07/20 20:29
Orain 50 urte, 1958an, Saizar’tar Pernando Villaroko sakramentinoak gizona noiz iretargira helduko aztertu zuen "Yakin" aldizkarian. Besteak beste, hiru iritzi ei ziren nagusi orduko zientzilarien artean.

Zenbaiten ustez, 1980 urterako lortuko omen zen ilargira joatea. Beste zenbaiten ustez, XX. mendearen azken alderako. Eta baziren uste zutenak egitasmo harek askoz ere denbora gehiago behar izango zuela. Orain badakigu Neil Armstrong 1969an heldu zena (uztailaren 20an. hain zuzen), 1958an uste baino dezente lehenago.

Zientzia-aurrerapenen iragarpenak betidanik egin izan dira, nekez ostera asmatu. Zenbait iragarpen isilik misilik geratu izan dira, Saizar´tar Pernandorenak Yakin aldizkariaren aurrenengo aleetan bezala, baina beste hainbat iragarpen antzuk oihartzun handiago izan du, Arthur Clarkeren “2001. A Space Odyssey”  nobela ospetsuak kasu. Nik ezkondu aurretik ikusi nuen Stanley Kubricken filmea eta noiz egia izango aittittatu naiz, gaztetako iruzurra nork noiz konponduko zain.

Jules Verneren iragarpenek, aldiz, zori hoberik izan zuten, idazleak amestutako zenbait asmakizun (itsaspeko nabigazioa, hegazkin-trafiko arrunta, argindar soziala,  komunikabide elektronikoak, 300 metroko eraikinak, espaloi mekanikoak…) berak uste baino ia mila urte lehenago garatu dira-eta.

Baina iragarpen guztiak ez dira beti teknologiazko aurrerapenen ingurukoak izaten. Badira beste batzuk, itxuraz behintzat horren nabarmenak ez izan arren, behingoz egia bihurtuko balira gizartearen etorkizuna zeharo aldatuko luketenak.

Nik berrogei urte daroadaz entzuten hamar urteren bueltan alzheimerra, eskizofrenia edo diabetea osatuko direla. Baina, urteak joan eta urteak etorri, beti hamar urte falta ei dira.

Deia, 2008ko uztailaren 21ean.

  Orain berrogei urteko iragarpena

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: