Euskal estaturantz
1966an argitaratu zuen Txillardegik “Hizkuntza eta erresuma” artikulua, Branka aldizkarian. Horrela laburbildu zuen 2004an:
«Erresuma propiorik gabe, tesi «apolitikoek» esaten zuten eta dutenaren aurka, nekez berma daitekeela gaur egun nazio-hizkuntzaren etorkizuna, eta tresna erresumatarren beharra aldarrikatu zuen. Eta, beraz, instituzio publikoez nagusitzeko borroka politikorik egin gabe euskarak jai daukala».[1]
Artikuluan Txillardegik aitor du ulergarria zaiola autonomistak eta progre espainolak euskarari kontra egitea; ez, ordea, euskaltzaleak eta abertzaleak. Horietako gehiegik espainolen eta frantsesen sedukzioan jartzen dute euskararen salbazioaren giltzarria; zehazki, ospearen eta literaturaren bidezko erakarpenean. Euskal eskola batzuekin ere egin ei geniezaioke aurre apika erdarari.
Halakoek diotenez, Sabino Arana izan da euskaldunik kaltegarriena, abertzaletasunari bide politikoa zabaltzeagatik, abertzaletasunak ez bestek nahasi baitu gure herria, eta hiltzeko zorian jarri. Zoritxarra baizik ez dakarkio politikak Euskal Herriari. Kosta lain kosta utzi behar da euskara politikatik aparte.[2]
Txillardegiren ustez, aitzitik, euskarak pairatzen duen egoeran, ezinbestekoa zaigu politika, eta euskal estatua lortzera bideratu beharko genuke.
Hizkuntzak galtzeko arrazoiak aztertzen ditu donostiarrak. Ez du hodei olerkarien artean ibili nahi, hankak lurrean baizik. Meillet adituarena dakar: lurralde jakin batean ongi ezarririko hizkuntzak bizirik iraungo du.[3] Alta, ez du hizkuntzaren barne egiturak erabakitzen hizkuntza jakin bat lurralde jakin batean ezaguna eta erabilia izatea, baizik eta estatuaren mintzabide izateak. Oskoera eta umbriera ez ziren latina baino primitiboagoak edo zailagoak. Hala ere, oskoera eta umbriera hil egin ziren, eta latina hedatu. Arrazoia: Erromako estatuak latina hartu zuen hizkuntza ofizialtzat. Erromatar inperioaren batasunean finkatu zen latinaren batasuna. Eta inperioa desegiteak erabaki zuen azken batean latinaren heriotza.[4]
Marxistek diotenez, estatua ez da klase baten tresna baizik, eta hizkuntzen patua klaseenari datxekio. Txillardegik aitor du klaseek garrantzi handia dutela hizkuntzaren zorian; eta estatua klase nagusiaren tresna izaten da. Dena den, giltzarria estatua da. Klaseak ez dira estatutik kanpo bizi. Klase jakin baten nagusitasuna estatuan mamitzen da. Estatua beti izan da talde baten zerbitzari: bai antzinateko estatu-moldea, bai burgesa; eta komunista ere bai.[5]
Meillet aipatzen du Txillardegik berriz ere: «agintarien klasearen hizkuntza nagusitzen da beti». Galiako aiton-semeek galiera arbuiatu zutelako gailendu zen Galian ere latina. Boteretsuen hizkuntza nagusitu da beti Frantzian eta edonon. Euskal Herrian, elite ekonomikoak izan ziren lehenbizikoak euskara abandonatzeko eta erdara besarkatzeko eta inposatzeko orduan.[6]
Berriki arte mintzatu da nederlandera Holandan ez ezik Belgikan zein Frantzian ere, Lillen, Dunkerquen eta Calaisen. Zabalak dira, haatik, dagoeneko galdu dituen eskualdeak. Frantziako estatuaren jazarpena ikusten du Txillardegik heriotza horren atzean. Estatu atzerritar horrek galarazi die jatorrizko hizkuntza.[7]
Zenbait adituk ez estatua baizik eta ospea dute galeraren gakotzat. Bretoiak edo nederlanderak ez omen dute osperik, frantsesak izugarria. Txillardegiren iritziz, berriz, Frantziako estatuak kendu zion ospea bretoiari Nantesen eta Saint-Malon, edota nederlanderari Lillen; eta Holandako estatuak eman dio ospea nederlanderari Amsterdamen. Estatu-hizkuntza bilakatzen ez diren hizkuntzak galtzen dira, eta estatu-hizkuntza bilakatzen direnak salbatzen. Horri dagokionez, ia ez dago salbuespenik.[8]
Beren buruaren jabe diren herriek hizkuntza bizirik dute; ostera, estatu arrotzen menpean bizi direnek galdua dute, edo galtzear, edo nabarmenki itzaltzen hasia, eta estatu-hizkuntza arrotza baliatzera izan dira bortxatuak. Azken mendeetan desagertu diren hizkuntzen artean, bakar bat ere ez zen estatu-hizkuntza.[9]
Txillardegirentzat, hizkuntza, funtsean, «gizarteko harremanetan erabiltzen dugun mintzabidea» da, gizarteko lanabesa. Harremanetarako mintzabide baldin bada, balio du; eta mintzabide ez bada, ez du balio. Mintzabidetasun hori da hizkuntzaren izankizun nagusia. Hizkuntza batek bere helburua betetzen ez badu, harremanetarako balio ez badu, harremanak debeku baldin bazaizkio, bere buruari uko egiten dio, ez du zentzurik; eta jendeak ahaztu egiten du, ospea eta literatura gorabehera.[10]
Herri xeheak dioelarik familian ikasitako mintzairak ez diola jendartean balio eta, balio ez diolako, ahaztu egin nahi duela, herri xehe hori, Txillardegiren iritziz, zuzen dabil. Beste hizkuntza bat hartzeko beharra eta eskubidea du, jatorrizkoa ez baitzaio mintzabide egoki, ez dio bizitzen laguntzeko balio. Jokoz kanpo gelditu da herri xehearen jatorrizko hizkuntza, bizitzatik at. Ez dago gizaki konkretuaren zerbitzura. Eta, Txillardegik dioenez, gizakiaren zerbitzuko behar du hizkuntzak. Eta ez baldin bada, baztertu eta suntsitu egiten da.[11]
Apotropaiko eta heterofagiko
Irulegiko Eskua erakutsi zigutenean, “apotropaiko” hitzaren erabilerak harritu ninduen, hospitalitateari lotzen baitzitzaion. "Uxatu eta urrutiratu" zentzuan entzun izan dut nik beti ordea. Eboluzionismoari loturiko azalpenetan ageri zen "apotropaiko" hori, “heterofagiko” hitzaren antonimo gisa. Bata bestearen ostean zerabiltzan Zorroagako irakasle Tomás Pollánek. Etimologiak zein Wikipediak Polláni ematen diote arrazoia.
Valdespinoko jakintsuaren eskoletan, ispiluko isla kezkagarritik bereizi nahi duenaren jarrera zen apotropaikoa. Gizakiaren eta txinpantzearen arteko berdintasun ebidenteak biziki larritzen baititu giza salbuespenaren aldarrikatzaileak (Jainkoaren antzirudiko bakarra duzu gizakia). Zenbat eta nabarmenagoa antzekotasuna, bestalde, orduan eta histerikoagoa eta itsuagoa eite hori ezeztatzeko amorrua. Horixe da anaia ziminoaren aurrean Filosofiaren Historia ia osoak erakutsi duen jarrera apotropaikoa. Darwinek eten zuen. Paradoxaz edo, zimino-itxura handiena duten filosofoak izaten dira bereziki dogmatikoak gure primatetasuna ukatzeko orduan.
“Heterofagiko” hitzak, Pollánen erabileran, “bestelakoa jan” esan nahi zuen, baina ez zentzu kanibalean, baizik eta kulturalean. Hizkuntza, ohitura, legedia desberdinei ezikusi egin eta “irensten” dituenarena duzu jarrera heterofagikoa. Ezikusi egin edo beste barik suntsitu. Gu bezalakoa behar du besteak, berehala bilakaraziko dugu bestela. Diferentzia da jakia. Kolonialismoan eta inperialismoan maiz erabili izan da jarrera heterofagikoa. Claude Lévi-Straussen ikasle izan zen Tomás Pollán, eta beti jarraitu du haren dizipulu izaten. Horrek salbatuko zuen agian Vox aldeztetik, Zorroagako bere hainbat lankide eta adiskide sasoi hartan progrek bezala.
Mututasun inposatuaren tentsiorik gabe, jai
“Erderomanoak eta matematika” idatzi eta hil arte, berdintsua izaten jarraitu zuen Txillardegiren diagnostikoak, egun ere euskalari ugarik partekatua. 1985ean Jakin aldizkarian argitaratu zuen “Euskararen erabileraren azterketaz” artikuluan, tentsio linguistikoa azkartzeko prest legokeen militantzian ikusten zuen irtenbide bakarra.
Gurea bezalako gizarte diglosikoetan, Soziolinguistika matematikoak frogatu duenez, neurriz eta zentzunez gain gertatzen dira elkarrizketa posibleak hizkuntza menderatzailean. Hala ere, tentsioa eta kontzientzia pizte aldera, mendeko hiztunek badute, Txillardegiren esanetan, beste iskilu bat: mututasuna ezartzea:
«Euskaldun elebidunok euskaldun huts jokatuko?
Aspaldixko honetan konturatu gara euskaltzaleok, guk euskaldun huts gisa jokatzen ez badugu, hizkuntz arazoa bukatua dela Euskal Herrian, eta ordezkapen isila bertan dugula.
Azterketa matematikoak gauza bera erakusten du: euskaldunok elebakar gisa jokatzen hasiko ez gareino, erdaldun hutsek ez dute inolako tentsiorik sentitzen; eta zinez uste dute hizkuntz arazoa guk asmatu dugun “rollo” hutsa dela.
Baina, batzuk euskara baizik erabiliko ez dutenean, benetako mintzatu-ezina sortuko da erdaldunekin; eta honi dagokion tentsioa. Orduan agertuko da hizkuntz arazoa; baina ez lehenago.
Dagoen egoeraren faltsua ager dadin, beraz, guztiz beharrezkoa da euskaldun huts jokatuko duen talde zabal bat sortzea («Euskal Herrian Euskaraz» ezagunaren antzekoa, eman dezagun; baina kalean ari, eta ez ezkutuan eta ghettoan).
«Baina honek prezio politiko bat izango du; erdaldunek eta erdaltzaleek, beren hizkuntza erabili ezinean lehenengo aldiz gertaturik, sekulakoak botako bait dituzte arrazisten eta euskaromanoen kontra... Are Euzkadiren izenean ere, noski; eta, zer esanik ez, iraultza sozialistarenean. Hau dakigularik ere, aurrera jotzeko indarrik ba al dago gure artean?
Hauxe da nik airean utziko dudan galdera».[1]
BIZI (BENETAN BIZI) ALA GEUK AKABATU
Txillardegik ez ditu, Heideggerek bezala, hizkuntzak hierarkizatzen. Heideggeren ustez, grekoa eta alemana ziren filosofatzeko egokiak, baita euskara ere; ingelesa, latina edota latinetik eratorritako gaztelaniak edo frantsesak, berriz, ez dute filosofatzeko gaitasunik.
Txillardegiren iritziz, aitzitik, edozein hizkuntzak balio du giza harremanetarako, eta eman dezake dagoenaren berri, gizakion ahalmenaren muga estuen baitan, noski. Baina ez dago, berez, egituraz, goi-mailako eta behe-mailako hizkuntzarik. Gaur egun, hizkuntza jakin batzuk erabiltzen badira zientzian eta unibertsitateetan, arrazoi historikoek eta kontingentziek azaltzen dute hori: gerrak irabazi izanak, Estatu indartsuen tresnak era efikazean erabili izanak hizkuntza horiek ezartzeko eta zabaltzeko…
Txillardegi galzorian dauden hizkuntzak indartzearen aldekoa zen, mundu modernoan praktikoak izateko berritzearen, osatzearen eta sustatzearen aldekoa. Ordea, zenbait herrik abandonatu egin du bere hizkuntza, bizitzeko orduan lagungarri baino gehiago oztopo zaiolako, traba. Eta ez soilik estaturik gabeko hizkuntzak. Gorago aipatua da Txillardegik beti izan zuela oso presente gaelikoaren kasua: Irlandak independentzia eta estatu propioa lortu ondoren azkartu zen, hain oker, gaelikoaren gainbehera.
Milaka eta milaka hizkuntza jaio eta hil dira Historian eta Historiaurrean. Hilzorian ikusten zuen Txillardegik euskara. Abertzalea zenez, haatik, euskara maite zuenez, euskara gaurkotzeko, zorrozteko, indartzeko eta gizartean ezartzeko lanari eman zitzaion buru-belarri. Ez baldin badugu euskara hiltzen ikusi nahi, lanari ekin behar diogu, sarritan erosotasuna sakrifikatu behar badugu ere.
Halatan, Txillardegik, euskara bere kabuz primeran ikasteaz gain, gure hizkuntzaren alde eman zuen bizia: hasiera eman zion euskal nobelagintza modernoari, erabakigarria izan zen euskara batua sortzeko orduan, Soziolinguistika zabaldu zuen gure artean, Euskal Herrian Euskarazen sortzaile izan zen eta euskararen aldeko zerbitzuak erabaki zuen erakunde politikoetan egin zuen lana.
Edozelan ere, garbi idatzi zuenez, ez bagara gai euskara mintzabide praktiko eta jakintzagai garrantzitsuenen adierazpide bilakatzeko, euskarak ez baldin badu euskaldunon gizatasuna mamitzeko balio, orduan hobe dugu lehenbailehen hiltzea, gure eskuekin hiltzea, itxurakerian ibili barik.
Eta, euskarari dagokionez, itxurakerian ikusi zituen Txillardegik jeltzaleak, ETA, baita ezker abertzaleko alderdi politikoak ere; eta itxurakeria hori kriminala zitzaion, lehenbailehen eta premia larriz hartu behar direlako bertatik bertara hiltzen ari zaigun euskararen aldeko neurriak, eta zorrozki ezarri, euskara salbatuko bada. Besteak beste, ezinbestekoa zaigu euskal estatua. Hara Txillardegiren esaldirik ospetsuena: «Estatu batekin, euskara, agian ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz».[2]
[1] “Euskararen erabilpenaren azterketaz”, in JAKIN, 1985, 78. or.
[2] Berria, 2011-01-11. Euskal Herrian Euskaraz taldeak deituta, manifestazioa egin zen Donostian 2011ko urtarrilaren 11n. Ekitaldi horretan omenaldia egin zioten Txillardegiri. Manifestazio horren karietara, Berriak Txillardegi elkarrizketatu zuen. Elkarrizketa horretan bota zuen esaldi famatua.
Euskal Herrian ere, euskalduna paria
Latzak dira inondik ere Txillardegik jakinarazten dizkigun datuok:
«Hamar lagunen talde batetan, erdaldun batek elkarrizketen erdia erdalduntzen du; baina bost euskaldunek, % 2,9 baizik ez dute hitz eragiten. “Euskeromano” omen gara... baina zifra horiek aski dira ERDAL ARRAZAKERIAZ hitz egin ahal izateko. Pariak baino gutxiago gara euskaldunok geure herrian; eta erdaldunak Hegoafrikako zuriak baino aisa nagusiago. Batzuk hala ere “euskal inperialismoaren” bildur!
Herriko lagun-taldeak eskuarki tamaina horietakoak izaten direnez gero, zifra BILDURGARRI horiek har daitezke oinarritzat; eta gure herrietan gertatzen denaren iruditzat.
Hitz gutxitan esateko, herri batetan jendetzaren ERDIA erdalduna baldin bada (gaur leku askotan duguna), herri horretan erdaraz egiten da % 91-97 kasutan! Herri horretara datorren kanpotarrak, beraz, ez du ia inoiz euskaraz inor entzuten; eta bertan galdutzat ematen du hizkuntza.
Horixe da, ordea, gaur Zuberoan eta Lapurdi osoetan gertatzen dena; eta Sánchez Carriónek bere liburu ezin-mingarriagoan adierazi digunez, Nafarroako euskaldun barrutirik gehienetan gertatzen dena: oraindik ere batzuek (askok beharbada) euskaraz jakinik ere, euskara EZ DA ERABILTZEN, eta hildakotzat jo daiteke.
Inpresio hau, bestalde, ez da inolaz ere ustekeria faltsu bat; egia latzaren irudi xuxena baizik. Ene koadroek hozki erakusten dutenez, euskaldunak oraindik ere ERDIA diren herrietan, erdara entzuten da % 91-97-tan... GUTXIENEZ!
Askotan euskaldunek berek, eskuarki erdaraz egitera beharturik, ez baitute azkenean beren artean ere euskaraz egiten. Zifra izugarri horiek, beraz, egia baino... larrosago dira!!»[1]
ERDALDUN ELEBAKARRAREN ERAGIN GALGARRIA
Horrela jarraitzen du Txillardegik “Matematika eta erderomanoak” erabakigarrian:
«Beste gauza bat agertzen da zifra horietan: erdaldun bakar batek duen eragin galgarria. Sei lagunen talde batean, esate baterako, aski da lagun BAKAR BATEK euskaraz ez jakitea, talde horretan, besterik gabe, % 53,4 multzotan erdaraz egin beharra gerta dadin.
Zifra bildurgarri hauek euskaltzaleek ondo kontuan hartzea nahi nuke; eta euskaltzale omen diren erdaldunei ene irakurleek azaltzea. Zifra lazgarri hauetaz zeharo denok jabetu artean, euskararen arazoak ez du soluziorik izango. Zifrak lagun, euskaraz ikasten ez duten 'euskaltzaleak' (???) euskal giroaren MINBIZIA dira, eta “erderomano” huts.
Noiz helduko ote dira Euskal Herrira, alajainkoa, zifra horiek kontutan hartu, eta provo gisa GOGOR jokatzeko gertu egongo diren gazte suharrak? Noiz??
Zeren izurrite horri nagusitzeko bide bat baizik ez baitago: 1/ ardi-larruz jantzitako URDEEN aurka, ikastolei nola edo hala eustea; 2/ errazkeriak baztertuz, euskara lantzea eta ikastea, beti ere euskaraz lasai hitzegiteko gauza izan arte; 3/ katalanek, flamenkoek eta txekoek egin duten bezala, euskaldunok ere, zer gerta ere, gure hizkuntza ez dakitenen aurrean, ausarki EUSKARA HUTSEZ hastea; 4/ euskaraz ikasteko urratsak EMATEN-ez dituzten ERDEROMANO eta sasi-euskaltzaleak zapuztu, mespretxatu eta zakurraren ip.ra botatzea.
Bestela, jaunak, gureak egin du. Eta utz ditzagun ametsak, eta... xeru-xeru, guretzako gertu dagoen... PUTZURA!»[2]
Beraz, ez intuizioak bakarrik, matematikak ere erakusten digu euskaltzale militanteak elebakar bilakatu ezean, euskararenak egin duela.
ELEBAKAR BILAKATU
Elebidun gizarteen azterketa matematikoa liburuaren amaieran, Txillardegik adierazten du daramagun martxa honekin euskarak ez duela burua altxatuko.
Zertxobait lortuko badugu, beharrezkoa da, alde batetik, elebidunen kopurua handitzea, eskolaren, telebistaren eta abarren bitartez.
Bestetik, ezinbestekoa da aurreko paragrafoan aipatu hirugarren puntuari adorez ekitea eta muturrera eramatea:
«Euskaldun elebakarrak (egiazkoak edo ‘faktikoak’) sortzea; eta, tentsioak sortuz, eta abar, dinamika azkarrago bat sortzea.
Bestela, gezurra da Euskal Herria normalizatuko dela esatea; liburuxka honetan barrena argi agertu den bezala.
Jokabide hauen kontra dagoenak, hitz batez, euskararen heriotza bilatzen du; bai konturatzen baldin bada, eta bai konturatzen ez bada ere.
Problema latza? Noski!
Euskal Herriaren arazoa ez baita txantxetako jokoa».[3]
Txillardegik berak euskaldun elebakar “faktiko” horietako bat izateko aukera existentziala egin zuen. Euskaraz erantzuten zuen telebistako kazetariek gaztelaniaz galdetzen ziotenean. Zorroagako Filosofia fakultateko jantokian, amore emateke eusten zion euskara hutsari bazkari osoan, solaskidea erdaldun elebakarra zenean ere, eta mahaian Txillardegi eta erdalduna baizik egon ez arren.
Horretan, Jon Etxaide idazlea izan zuen eredu. Frankismo betean ere, Etxaidek ez zuen hitz bakar bat ere egiten erdaraz. Euskaraz ikasten zebilen Txillardegi gazte zalantzatia nekez ausartu zen idazle heldu miretsiari mintzatzera, eta, ondikoz, hitzak gaztelaniaz atera. Orduan, Etxaidek bizkarra eman eta alde egin zion. Jokabide eredugarria Txillardegiren ustez, bihotzez eskertuko ziona.[4]
Soziolinguistika matematikoa
Ingeniaritza ikasi zuen Txillardegik Hizkuntzalaritza baino lehen; beti erakarri zuen matematikak, eta sakona izan zen arlo horretan jaso zuen formazioa. Ingeniari-lanetan ibili zenean, maiz egin behar izaten zituen kalkulu matematikoak. Bestalde, erbestealdiaren hasieran, Matematika irakasle ibili zen Hazparneko Saint Joseph ikastetxean. Jean-Louis Davantek kontatu duenez, aisa lortzen zuen Txillardegi irakasleak biziki zaila dirudiena: ikasleek Matematika maitatzea. Bazuen transmititzeko dohain hori.
Soziolinguistika matematikoaren inguruan Txillardegik idatzitako liburuak ekuazio, taula eta hizkuntza matematikoz josiak daude. Gezurra dirudi, pertsona berak idatzi izana Putzu eta Soziolinguistika matematikoa. Neure adimena ez denez, tamalez, Txillardegirena bezain poliedrikoa, hemen kalkuluak eta logaritmoak ahaztu, eta mugatuko naiz adieraztera zein asmo zuen Txillardegik Soziolinguistika matematikoa sortu zuenean, eta, behin azterketak eginik, zein ondorio atera zuen gizarte diglosikoetan hizkuntza gutxituaren hiztunek egin dezaketenaren inguruan.
1973an argitaratu zuen Txillardegik “Matematika eta erderomanoak” izeneko artikulua. Euskal Herritik erdal herrietara liburuan jasoko zuen bost urteren buruan. Horixe da antiguarraren Soziolinguistika matematikoaren lehenbiziko agerpena.
Orain dela berrogeita hamar urte, beraz, Soziolinguistikaz jardun zuen lehenbiziko testuan, matematika baliaturik aztertu zuen hizkuntza minorizatuaren erabileraren edo erabilezinaren auzia gizarte diglosikoan. Alegia, Soziolinguistika hasieratik agertu zen Txillardegirenean Soziolinguistika matematiko gisa.[1]
Hauxe da Txillardegik asmatutako Soziologia matematikoak konponbidean jartzen lagundu nahiko lukeen arazoa:
«Euskaraz dakigun guztiok, erdaraz ere badakigu; alderantziz, ordea, ez da gauza bera gertatzen: erdaraz dakiten askok (lautik hiruk) ez dakite euskaraz».[2]
Katalunian, Flandrian edo Txekian ez bezala, Euskal Herrian,
«Fameli-bilkuretan, lagunen artean, edonolako batzarretan eta jaietan, “elkar hobeki ulertu beharrez”, “por razones de operatividad”, “pour être efficaces”, eta abar, erdaraz hitz egiten dugu. Zenbat aldiz, ordea?»[3]
Txillardegik dio kalkulu hori ez dela zaila. Dena den, esan bezala, Txillardegik berak gauzatu zuen lehenbiziko aldiz, 1973an. Kalkulu horixe da Soziologia matematikoaren muina. Hona hemen kalkulu horren premisak, Txillardegiren hitzetan:
«Eman dezagun LAU lagunen talde bat: A, B, C eta D. Zenbat multzo gerta daiteke hor, hitz egiterakoan?
BI lagunek osaturik, SEI hizketa-multzo gerta daitezke; eta hauek dira: AB, AC, AD, BC, BD eta CD.
HIRU lagunek osaturik, LAU talde: ABC, ABD, ACD, BCD.
Eta LAU lagunek osaturik, talde bakar BAT, jakina: denek elkarrekin osatzen dutena: ABCD.
Hizketari buruz, hortaz, HAMAIKA hizketa-multzo gerta daitezke.
Eman dezagun orain A erdalduna dela; eta B, C eta D, berriz, euskaldunak.
“Operatividad”, “efficacité” eta “errespetu” famatu horiek direla bide, A dagoen multzoetan erdaraz egingo da. Erauzirik geldituko da euskara multzo hauetatik: AB, AC, AD, ABC, ABD, ACD eta ABCD.
Zazpi multzotan, beraz, euskara kitto!
Eman dezagun orain A eta B erdaldunak direla; eta C eta D, berriz, euskaldunak. Multzo GUZTIETAN baztertuko da euskara mintzabide gisa, bakar BATETAN ezik: AB.
Kasu honetan, beraz, talde horren % 9-tan baizik! Erdiak erdaldun izanda».[4]
[1] Gerora, hainbat artikulu eta liburutan jorratu du Soziolinguistika matematikoa, eta euskarari aplikatu. Hona hemen azpimarragarrienak, Txillardegiren beraren ustez:
- Elebidun gizartearen azterketa matematikoa, UEU, Iruñea, 1984
- “Euskararen erabilpenaren azterketaz”, in Jakin, 36, 1985, 69-78 orr.
- “Connaissance et utilisation des langues en milieu partiellement bilingue”, Cahiers CIRB, Quebec, 1987
- “Euskararen erabilpena oinarrizko ondorio batzuk”, in Bat: Soziolinguistika aldizkaria 3/4, 1991, 53-92 orr.
- “Pour une analyse mathématique des situations bilingues”, Mélanges en honneur de Per Denez, 1999, Rennes, 47-56 orr.
- Hacia una Socio-Llingüística matemática, Euskal Soziologia Institutua, Donostia, 2002
- Soziolinguistika matematikoa, Xabier Isasirekin batera, UEU, Bilbo, 2004
[2] Euskal Herritik erdal herrietara, 239. or.
[3] Ibidem
[4] Ibidem, 239-240. orr.
Ezagutza, erabilera eta leialtasuna. Txillardegi eta Iurrebaso
Txillardegi soziolinguistikaz aritu zen garaian, ez zegoen datu soziologiko enpirikorik, ez zen neurtzen hizkuntza menderatzailean edo gutxituan egiten ote ziren elkarrizketa zehatzak. Halatan, Soziolinguistika matematikoa asmatu behar izan zuen.
Gaur egun, berriz, baditugu datu soziolinguistiko enpiriko horiek. Iñaki Iurrebasok bere doktore-tesian erabili ditu, berriki. Oihartzun zabala izaten ari da.[1] Hitzaldia emango du gaur bertan Lekeition, eta bihar Markina-Xemeinen.
Txillardegiren Soziologia matematikoa, nolabait esateko, deduktiboa da: lege matematikoek erakusten dute zein diren euskara erabiltzeko aukerak gurea bezalako gizarte batean.
Iurrebasok, ostera, neurketa enpirikoak egiten ditu, modu induktiboan doa behetik gora, behaketa zehatzetatik abiaturik ondorio orokorrak ateratzeko.
Ikerketaren norabidea gorabehera, antzeko ondorioetara iritsi dira: bai Txillardegik eta bai Iurrebasok ukatu egin dute gurean boladaka nagusitzen den ikuspuntu bat. Hauxe dio: euskararen ezagutza eta euskara erabiltzeko gaitasuna nabarmen handiagoa ei da erabilera erreala baino. Zergatik? Euskaldunak bere hizkuntzarekiko duen leialtasun, atxikimendu eta motibazio faltagatik. Txillardegi bat zetorren ikuspuntu horrekin 1985ean:
«Gauza pozgarri bat, hitz batez, eta herri askotan batera: ezagueraren mailan zola gainditu dugu. Baina ezagutzea eta erabiltzea biga dira; eta eguneroko ogia da euskaldun jendeen jokabidea: euskaraz ahal dutenean ere, erdaraz barra-barra, are ikastoletan eta D ereduko ikasguetan ere. Zer gertatuko da hurrengo belaunaldian, zifra hutsen arabera? Erantzun egin dezakegu».[2]
Soziolinguistika matematikoan sakondu ahala, dena den, atzera egin eta kontrako ondorioaren berri eman zuen Txillardegik: egoera soziolinguistikoari dagokionez, ezagutzari eta gaitasunari buruzko datu objektiboak —ezin ukatu—, alarma gorria pizteko modukoak dira; aldi berean, hala ere, euskaldunek leialtasun izugarria erakusten diote beren hizkuntzari, meritu handikoa, inolaz ere, datu gordinak aintzat hartuz gero.
Esan bezala, Iñaki Iurrebaso bat dator Txillardegiren ondorio horiekin. Iurrebasoren datuen arabera, Euskal Herrian, gaur egun, hizkuntzen ezagutza kontuan hartuta, elkarrizketen %82,1 erdaraz da ezinbestez, elebakarrek beren hizkuntza inposatzen dutelako. Iurrebasok kalkulatu du euskaraz nahitaez %0,8 direla elkarrizketak, ia ez zaigu-eta euskaldun elebakarrik gelditzen.
Hortaz, elkarrizketarako zein hizkuntza aukeratu, %17 baino ez dago solaskideen esku. Euskararen erabilera %17,8koa litzateke, gehienez ere.
Datu enpirikoek diotenez, gaur egungo erabilera %14,9koa da, eta horrek esan nahiko luke askoz ere hurbilago dagoela gehieneko erabilera posibletik gutxieneko erabilera posibletik baino.
Esate baterako, elebidunen artean badira hizkuntza biak maila bertsuan darabiltzatenak; beste batzuengan, berriz, hizkuntzetako bat da nagusi. Azken hauen artean, maizago darabilte euskara erdal elebidunek, erdara euskal elebidunek baino. Eta elebidun orekatuek maizago darabilte euskara erdara baino.
Kontuan hartuta, gainera, elebidun gehienei errazagoa eta erosoagoa zaiela erdarara jotzea, erdaraz hobeto moldatzen direlako —erosotasunari amore emanez gero, %8’2 baino ez lirateke euskarazko solasaldiak—, garbi dago euskaldunaren hizkuntz-leialtasuna harrigarria dela, eta, Txillardegirentzat zein Iurrebasorentzat, txalotzeko modukoa.[3] Gorde tiraderan beraz zilizioa.
[1] IURREBASO, Iñaki: Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa, EHU, 2022
[2] “Euskararen erabilpenaren arazoaz”, in Jakin, 1985, 75. or.
[3] IURREBASO, Iñaki: Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa, EHU, 2022, 633-638. orr.
Hebreera
Israelek hilotz zetzan hebreera berpiztea lortu zuen, eta indartsu eta sasoiko dabil orain. Etorkinez osatu zen Israel. Bigarren mundu-gerraren ostean hara jo zuten juduek yiddisha zerabilten, sefardia, arabiera, errusiera, ingelesa, turkiera, frantsesa… hebreerarik ez. Pizkundea baino lehen, liturgiarako baino ez zen erabiltzen, sinagogetan.
Eztabaidak izan zituzten juduek, merezi ote zuen hebreerari eustea. Txillardegik adierazi zuenez, 1860az geroztik, batez ere Errusian eta intelektualen artean, hebreera mintzabide gisa erabiltzen hasi ziren, Bibliatik bildutako esaldi laburrak baliaturik.
XIX. mendearen amaierarako, juduak Palestinara joaten hasi zirenean, garbi sentitzen zuten hebreeraz mintzatu beharko zutela. Hasieran gaizki moldatzen ziren. Ez zeukaten hebreera baturik, arkaikoa bezain urria zuten hiztegia. Ez zekiten “pospolo” nola esan.
Hala ere, proiektuari eutsi zioten: gogor lan egin zuten eta hizkuntza suspertzen hasi zen. 1888an sortu zen hebreerazko lehenbiziko eskola.
1901ean, Basileako Biltzar Nagusian, juduen ordezkariek ofizialki hartu zuten nazio-hizkuntza berpizteko erabakia. Amets hutsa zen askoren ustez, baina abertzaleek, Txillardegik kontatzen duenez, hauxe erantzun zuten: «Hizkuntza gabe gure herria abstrakzio bat da, eta ebakia dago gure nazio-tradizio mota guzietatik. Hizkuntza gabe gure herria ez da herri bat, eta ez da inoiz izango».[1] Adorez ahalegindu ziren hurrengo urteetan hebreera batu, osatu, trebatu eta mintzabide eraginkor bihurtzen.
1948an sortu zen Israelgo estatua. Ordurako, aski aurreratua zeukaten hebreera batua. Txillardegik azpimarratzen du erakundeak laguntzen hasi baino lehen zegoela abian hizkuntzaren pizkundea.
Aurrena, beraz, hebreera bizkortu zuten; soilik ondoren ekin zioten borroka politikoari. Txillardegi: «Hizkuntza-pizkundea ez zuen politika-askatasunak ekarri; alderantziz baizik».[2] Beti eta nonahi nabarmentzen du Txillardegik hurrenkera hori, baita bere baitan ere: euskaltzaletu egin zen aurrena, eta abertzaletu eta politizatu ostean.
Jakina, sortu zen une beretik jarri zituen Israelek estatuaren baliabide guztiak etorkinek hizkuntza ikas zezaten, eta serioski hartu zuen hebreera bilakaraztea hizkuntza ofizial ez ezik, baita mintzabide bizi eta eraginkor ere, noranahiko. Etorkinak oro jartzen zituen urte eta erdiz estatuak hebreera ikasten, dena ordainduta.
Gaelikoaren eta hebreeraren muturren artean gu non gauden galdetzen zuen Txillardegik gaelikoa hilotz zetzalarik, joan den mendeko azkeneko hamarraldietan, sumagaitza zenean oraingo berpizkundea, eta zer egin dezakegun euskararen egoera gaelikoarenetik urrutiratzeko eta hebreerarenera hurbilarazteko. Horixe argitzea dute bultzatzaile nagusi soziolinguistikari buruzko Txillardegiren izkribuek. Egiari zor, gainerako izkribuek ere bai. Baita borroka politikoak ere.
Irlandako gaelikoaren berpiztearen zantzu gehiago
Txillardegik biziki miresten zituen Bertrand Russellen tankerako igarleak, 1920rako aurreikusi baitzuen Sobiet Batasunaren bilakaera. Gutxitan, baina antiguarra bera ere ausartu zen igarletzan. Hizkuntza txikituak, iraungo badu, Estatua behar duela zioen. 70eko hamarraldian salbuespentzat jotzen zuen Irlandaren eta gaelikoaren kasua: ia erabat itzali zen Irlandak estatu propioa lortu ondoren.
Euskaldunok kanpoko presioari leporatzen ohi diogu euskararen etengabeko gainbehera. Zama hori gainetik kentzean, berez berpiztuko ei da euskara,
«[...] zapaltzen zuen harri mokorra kenduta, landarea zuzendu eta zutitu egiten den bezalaxe. Irlandan, ordea, horrelakorik ez da gertatu. Londrestik zetorren presio ingelesari, Dublindik datorren presio ingelesa nagusitu zaio: ‘kanpo’tik zetorren diglosiari, ‘bertakoen’ diglosia erantsi zaio».[1]
Gure buruzagi abertzaleen jokabide linguistikoa kontuan hartuz gero, ez omen da makala arriskua, guri ere antzeko zerbait jazo dakigun; hizkuntzak erakundeak behar ditu, noski, baina baita herri-mugimendua ere. Eta Irlanda independenteak bazituen erakundeak, baina herri-borondatearen faltak hizkuntza hil zuen. Horrela azaldu zuen Txillardegik hizkuntza iraunarazteko ardura erakunde hutsetara delegatzeak dakarren arriskua:
«Egia da, gaeliko hizkuntza oso gaizki zegoen 1921ean Eirek independentzia lortu zuenean. Eskala sozialean oso behean aurkitzen ziren txiroek bakarrik hitz egiten zuten, eta eskualde oso mugatuetan, kostaldean bakarrik. Horiek ere elebidunak ziren eta ez zen geratzen kasik elebakarrik. Giro urbanoan ez zegoen gaelikoaren arrastorik ere. Dena den, badago gaelikoaren heriotza-prozesuan aipatzea merezi duen gertakari bat: Douglas Hyde Hezkuntza ministro izendatzea.
Douglas Hyde Liga Gaelikoaren lehendakari izana zen, Irlandako kulturaren alde lan asko egindako gizona eta hura hezkuntza-ministro aukeratzean, jendea desmobilizatu egin zen, pentsatu zuen ez zegoela zertan borrokan segitu beharrik. Jendeak bere borroka delegatu egin zuen eta desmobilizazio horrek sekulako eragin negatiboa izan zuen ondoren. Hitz batez, garbi dago hizkuntza batek unibertsitatea, prentsa, telebista, hau da, erakundeak behar dituela sostengu gisa, eta herri mobilizazioa ere behar duela».[2]
Herri-mobilizazioa ez ezik, ezinbestekoa dute hizkuntza gutxituek Estatua ere, hilko ez badira. Uste baino arrazoi handiagoa zuen Txillardegiren iragarpenak; alegia, Irlandaren salbuespen-izaera desegiten ari da.
Berpizten ari baita aspaldion gaelikoa. Ez bakarrik Estatuari esker, baina Estatuari esker ere bai. Martxoaren 4an, Dublin hiriburuan, lehenbizikoz, gaelikoz joan zen udal-batzar osoa. Ingelesa baizik ez da erabili, udala 1841ean sortu zenez geroztik.
Atxikimendu sentimental itzela zien Txillardegik Irlandari eta gaelikoari. Egundoko errieta egin zien behin batean Sinn Feinekoei, ingeles hutsez egin baitzuten hasi eta buka bilera bat.
Txillardegiren poza, joan den asteko albistea irakurri izan balu!
Wittgenstein 1373 hitzetan
BIZITZA
Vienan jaio zen Ludwig Wittgenstein, 1889an, munduko familia aberatsenetako batean. Mezenasak ziren Wittgensteindarrak. Ospetsua da Klimtek Ludwigen arreba Margaretheri egin zion erretratua.
14 urte bete arte, etxean ikasi zuen Wittgensteinek, aitak ezarritako ikasketa-plan baten arabera. Gero, Linz-eko eskola teknikoan sartu zuten, non ikaskide izan baitzuen Adolf Hitler.
Ludwigen hiru anaia nagusiek buruaz beste egin zuten. Ludwigek ere bizialdi osoan erabili zuen etengabe suizidatzeko aukera. Anaia Paul Wittgenstein piano-joleak besoa galdu zuen Lehen Mundu Gerran, eta harentzat idatzi zuen Maurice Ravel euskaldunak “Ezkerreko eskurako kontzertua”.
1908an, Manchesterko Unibertsitatean Ingeniaritza aeronautikoa ikasteari ekin zion, baina berehala harrapatu zuen ingeniaritzaren oinarri matematiko eta logikoarekiko jakin-minak. Halatan, Cambridgeko Unibertsitatera jo zuen, Bertrand Russell matematikari, logikari eta filosofari ospetsuarekin ikasteko.
Zaratatsua egiten zitzaion, ordea, Cambridgeko giroa, axalekoak konbentzio akademikoak, eta bere pentsamenduan behar bezala kontzentratzeko Norvegiako fiordo batean etxola txiki bat eraiki eta hantxe bakartu zen. Ederki ikasi zuen norvegieraz mintzatzen eta idazten.
Uko egin zion bere herentzia itzelari.
Lehen Mundu Gerra hastean, Austriako artillerian sartu zen, boluntario. Borrokaldi-urteetan zein Italian preso, koadernoetan idazten zituen gogoeta filosofikoak. Bertako oharretan zein Norvegiako etxolan idatzirikoetan oinarriturik idatzi zuen Tratatu logiko-filosofiko famatua. 1921an argitaratu zuten.
Tratatuak arazo filosofiko guztiak behin betiko erantzun zituela sinetsirik, Wittgensteinek, behin gerra bukatuta, filosofia baztertu zuen. Vienarraren ustez, Filosofia-irakasle duzu munduko lanbiderik absurdoena.
1920 eta 1926 artean, Austriako zenbait herri txikitan egin zuen lan, maisu. Ikasleek sarritan ateratzen zuten bere onetik. Zoritxarreko sentitzen zen eta etsiak hartu zuen.
Irakaskuntza utzirik, Vienara itzuli zen. Depresioa sendatzeko fraide sartzen saiatu zen, baina komentuko buruak fede-falta sumatu eta bertako lorezain izatea proposatu zion, eta Wittgensteinek onartu.
Arkitekto lanak ere egin zituen ondoren, arreba baten etxea diseinatzen, modu harrigarriro zorrotz eta obsesiboan.
1930ean itzuli zen Cambridgera irakastera, baina berriro bakartu behar izan zuen Norvegiako etxolan, eta horrek Filosofia-azterketak lantzeko aukera eman zion, Bigarren Wittgensteinen adierazpenik osoena.
Hitlerren Alemania Austriaz jabetu zenean, 1938an, Britainia Handiko herritar bihurtu zen Wittgenstein. Erizain ibili zen Bigarren Mundu Gerran.
1949an minbizia aurkitu zioten eta 1951n hil zen. Wittgensteinen azkeneko hitzak: “Esaiezu zoragarria izan dela nire bizitza”.
PENTSAMENDUA
Hauxe da Wittgensteinen gogoeta abian jarri zuen harridura: hitz egin, hitz egiten dugu, noski, baina zer da zehazki egiten duguna mintzo garelarik?
Erantzunaren arabera, Wittgenstein bi bereizi izan dira, eta biek izan dute eragin handia filosofian: lehenbizikoak Vienako Eskolaren neopositibismoa bideratu zuen, eta bigarrenak filosofia analitikoa eta hizkuntza arruntaren filosofia.
Tratatu logiko-filosofikoak darakutsa lehen Wittgensteinen pentsamendua. Baina kontuz: vienarrak dioenez, zati bi ditu Tratatuak: idatzirik dagoena, eta idatzirik ez dagoena. Eta bigarrena ei da garrantzitsuena.
Lehen Wittgensteinentzat, behar bezalako esaldiak mundua irudikatu egiten du. Hizkuntzak eta munduak forma logiko berdina dute: adibidez, izenak bat datoz gauzekin. Eta izenak esaldian modu jakin batean konbinatzen diren bezala konbinatzen dira gauzak gertaeran. Hizkuntzaren eta munduaren karkasa da logika.
Hizkuntzaren izaera figuratiboaren ideia auto-istripu baten inguruko epaiketa baten berri irakurri zuenean bururatu zitzaion Wittgensteini: panpinen eta figuratxoen bidez errepresentatu zituzten autoak, etxeak, jendea. Antzera irudikatuko luke esaldiak munduko gertaera edo egoera.
Tratatu logiko-filosofikoan, izenaren zentzua bere erreferente erreala da. Eta mundua deskribatzen dutenak dira esaldi onargarriak; hots, Natur Zientzietakoak. Esaldi filosofiko klasikoak ez bezala, errealitatearekin bat etor daitezkeen esaldiak egiazkoak ala faltsuak izan daitezke. Natur Zientziak egiazko esaldi guztiak bilduko lituzke. Haatik, Natur Zientzietako gaiak ez dira garrantzitsuenak gizakiontzat. Zientziaren galdera guztiei erantzunda ere, gure funtsezko arazoak ez genituzke ukitu ere egingo.
Sakonkien dagozkigun gaiak etikoak, estetikoak, metafisikoak dira. Baina ezin dira hitzez adierazi, ez dira gertaeren pinturak, ezin dira egiazkoak edo faltsuak izan. Hil ala bizikoak dira, baina ez dute zentzurik. Hizkuntzak ezin du metafisikaren berri eman. Ez da gai, katiluak Atlantiar Ozeanoa har ez dezakeen legez.
Gela bat balitz hizkuntza, gelako hormen aurka burua jotzea litzateke metafisikaz zentzuz mintzatu nahi izatea. Soilik unibertsotik kanpo bageunde esan ahalko genuke zentzuzko zerbait unibertsoaren osotasunaz. Eta Wittgensteinentzat, nire hizkuntzaren mugak dira nire munduaren mugak.
Filosofia klasikoa eta arazo metafisikoak hizkuntzaren logika gaizki ulertzetik datoz. Wittgensteinen filosofatzeak ez dakar filosofia gehiago; ez dakar esaldien argitzea baino. Pentsa daitekeen guztia argiro pentsa baitaiteke. Eta ezin esan daitekeenari dagokionez, hobe isilik.
Lehen Wittgensteinentzat, badago egia, mintzoz adieraz daiteke, egia adierazten hasi eta bukatu egin behar dugu, eta egia adierazi ostean filosofia baztertu eta jolastu, maitatu, bizi. Arazo filosofiko guztiei behin betiko konponbidea eman omen die Tratatuak, eta, hortaz, ez du zentzurik aurrerantzean ere arazo horiek buruan bueltaka erabiltzen jarraitzeak. Gainera, Tratatuak bere burua deuseztatzen du. Dagoenari buruzko ikuspuntu zuzenera daraman eskailera bat da, eta, igo ostean, bota egin behar da.
Filosofia-azterketak liburua da Bigarren Wittgensteinen filosofiaren adierazpen nagusia, eta Tratatuko Lehen Wittgensteinekin kontrastatzeak hobeto ulertzen laguntzen du. Horregatik eskatu zuen Wittgensteinek liburu biak batera argitaratzeko, euskaraz egin den bezala.
Zenbait puntutan jarraitutasuna dago Tratatuaren eta Filosofia-azterketen artean: filosofia ez da teoria, ez doktrina, baizik eta jarduera bat, jarduera argitzaile bat, hizkuntzan zentratua.
Beste zenbaitetan ez: Bigarren Wittgensteinen arabera, ez da egia munduaren eta hizkuntzaren forma logiko komunak bilakatzen dituenik esaldiak onargarri eta zentzudun, ez baitago halako isomorfismorik. Natur Zientzietakoa ez da hizkuntza erabiltzeko moduetako bat baizik, eta ez dago besteen gainetik.
Bigarren Wittgensteinentzat, gauzak izendatzea ez da hizkuntzaren erabilera zuzen bakarra. Zaila da zehaztea zer gauza izendatzen duten “Ez”, edo “Lagundu!” bezalako esapideek. Bestalde, izenaren zentzuak ez du erreferentearekin zertan bat etorri: “Platon” zentzua ez zen Platon filosofoarekin batera zendu.
Bigarren Wittgensteinen esanetan, bizitza errealeko erabilerak erabakiko du hitzaren zentzua. Erreminta-kaxaren antzekoa da hizkuntza, eta hitzak —mailua edo giltza ingelesa bezala— hainbat zereginetarako balia daitezke. Anitz erabilbide eta helburu dute hizkuntzaren adierazpenek, eta Natur Zientzietakoak bezain egokiak dira agindua ematea, hizkuntza batetik bestera itzultzea, istorioak eta txisteak kontatzea, erregutzea, eskertzea, madarikatzea, eta abar. Hizkuntza-joko ugari dago, eta ez dute esentzia komunik, “familia-kutsua” baino ez.
Filosofiaren zereginetako bat hizkuntza-joko errealetako arauen deskribapen argia litzateke. Xakean ez zara hasiko zaldia dorrea legez mugitzen. Beste jokoek bezala, hizkuntza-jokoek ere, funtzionatuko badute, arauak behar dituzte. Ez da komeni “ostia” elizan erabiltzea ringeko hizkuntza-jokoen arauei jarraiki.
Eta ez diozu arauari bakarka eta zeure kabuz jarraitzen, modu pribatuan; aitzitik, komunitateak eutsitako praktika da. Ez du zentzurik esateak norbaitek esaldi bat edo batzuk berak bakarrik ulertzen dituela, edo arau bati edo zenbaiti berak bakarrik jarraitzen diela.
Wittgensteini lagun batek ziurtatu zion berak bakarrik zekiela bere mina zer zen, eta bere oinaze propioari esker baino ez zekiela “min” hitzak zer esan nahi zuen. Wittgenstein ez zegoen ados. Ez zuen uste “min” hitzak zer esan nahi duen jakin dezakezunik, zeure min pribatua bakarrik ezagututa.
Horrela adierazi zuen Wittgensteinek bere desadostasuna: irudikatu zenbait lagun, nork bere kutxatxoa daukala, eta barruan “kakalardo” deritzoten zerbait. Inork ezin du besteen kutxan begiratu, berean baino ez; eta bakoitzak esaten du soilik bere kakalardoari begiratuta dakiela zer den kakalardo bat.
Kutxan dagoen izakia ez da hizkuntza-jokoan sartzen; beraz, Wittgensteinen esanetan, kutxan dagoenak edo ez dagoenak ez du garrantzirik. Lagunek “kakalardo” edo “min” hitza nola darabiltzaten, horrek erabakitzen du hitzaren esanahia, eta ez begiradatik gordetako balizko izaki pribaturen batek.
Bestalde, Wittgensteinek dio gure hizkuntza hiri zahar baten antzekoa dela. Batetik, alde zaharra, kalezulo eta plazen nahaspila, etxe zahar eta berriena, hainbat mendetako eraikinak pilaturik; bestetik, badaude auzo berriak ere, kale zuzen eta erregularrez osatuak, atxikiriko etxeekin.
Hiriek eta hizkuntzek ez diote aldatzeari uzten, bertan bizi eta bertatik igarotzen diren lagunen jardueren ondorioz. Etengabe sortzen dira esamolde eta karrika berriak, noranzko bakarreko kaleak eta kalezulo itsuak.
Ataka larrian egotearekin alderatzen du arazo filosofikoa Wittgensteinek, kale itsuan galdurik.
Filosofatzearen eginkizunetako bat hiri horren planoa marraztea litzateke. Hori bai, norberak aztertu behar du hiria, plano txukuna sortuko badu gero gogoan. Inork ezin du nire txapela bere buruan jantzita nire burua estali; era berean, inork ezin du nire pentsamendua bere buruan nire ordez pentsatu.
Linguistikoak dira Wittgensteinentzat arazo filosofikoak, ez enpirikoak. Medikuak eritasuna bezala tratatzen du Wittgensteinek auzi filosofikoa. Hizkuntzak mitologia bat ezkutatzen du, ezagutza oztopatzen duena, adimena sorgintzen baitigu. Nahaste filosofikoa sortzen da ez hizkuntzaren motorra abante dabilenean, baizik eta alfertuta dagoenean. Eta metafisikak oporretara darama hizkuntza.
Ezkutuan datzan zentzugabekeriari mozorroa kendu eta agerian uzteak bideratzen du artatzea. Ez da deus ere azaldu behar; are gutxiago kritikatu, edo hobetzen ahalegindu, edota eragina bilatu gizakiengan. Aski da deskribatzea. Wittgensteinen leloetako bat: “Ez pentsatu; begiratu!”
Hizkuntzaren praktikei argiro antzematen zaienean desagertzen dira larridura filosofikoak. Erremedioa behar bezala aplikatzen ez den bitartean botilan harrapatutako eulien antzera gabiltza, batetik bestera burrunbaka. Behin eta berriro jotzen dugu kristala eta koskor galantak ateratzen zaizkigu. Euliari botilako zuloa erakustea du xede Wittgensteinen filosofiak, adimena eta nerbioak lasaitzea, filosofatzeari uztea eta bakea.
Munduko hizkuntza-gatazkak aztertu
Txillardegiren ustez, funtsezko jakintza da Soziolinguistika Euskal Herriaren etorkizunari begira. Biziki zaigu interesgarria aztertzea nola gainditu dituzten arazo diglosikoak hizkuntza arriskuan izan duten herriek, nola batu dituzten dialektoak, nola sortu duten zaurituriko —are hiliko— hizkuntza berpizteko legedia. Eslovenia iruditzen zitzaion Euskal Herriaren eredu egokiena, lurraldearen tamainagatik eta biztanle-kopuruagatik ez ezik, baita esloveniarrek beren hizkuntzari eusteko erakusten duten duintasun ausartagatik ere. Hizkuntza-gatazkak dituzten beste hainbat herrialderen kasuak ere aztertu zituen, gurean aplikatzeko irakaspenen bila: Flandria, Islandia, Txekia eta Eslovakia, Eslovenia, Kurdistan, Armenia, Quebec, Estonia, Letonia eta Lituania, Georgia, Bretainia, Okzitania, Korsika, Galizia, Katalunia eta Andorra, Finlandia, Bretainia, Gales, Kurdistan, nola igaro diren Tunisia eta Aljeria frantses izatetik arabiar izatera, amazigen arazoak Aljerian, etab.
Txillardegiren iritziz, ezker abertzalearen kanpoko harremanetan, neurriz gain puztuta zeuden Hego Ameriketako herriekikoak, eta munduko gainerako eskualdeak bazterturik. Txillardegiren susmoa zen ezker abertzaleko marxista ortodoxoek nazioarteko iraultza baino maiteagoak zituztela solasaldi luzeak espainolez goxo-goxo, Hego Amerikak gure herriari eredu egokirik eskaini ahal ez izan arren, ez hizkuntz-politikan eta ez borroka sozialetan.
Dena den, hizkuntza hiltzen uztea edo hizkuntza honezkero hila berpiztea: katearen bi mutur horietan gaelikoa eta hebreera kokatzen ditu Txillardegik.