Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Zelula eta makina

Markos Zapiain 2024/07/25 11:50

Laster erakarri zuen Txillardegi hizkuntza biologikoaren eta hizkuntza zibernetikoaren arteko parekotasunak. 1972rako adierazia zuen kromosomaren hizkuntzatasunaren aurreko txundidura, eta hizkuntza estrukturalaren hedatzeari lotu zion Anaitasuna aldizkariko “Bi jakintsuren aitorrak” idazkian: zelulako kromosoma, programa zibernetikoa eta liburuko izkribua berdintzen ditu jakintsu horietako batek, François Jacobek, Roman Jakobsonen ideien ildotik. “Materialismo zibernetiko” deitu izan denetik hurbil dabil pasarte honetan Txillardegi:

«Zuntz genetikoaren luzeran “irakur” daitezkeen kimika-erradikalak, eta Fortran-programa baten lerroetan “irakur” daitezkeen sinboloak, benetan zaizkio kide hertsiak [François Jacobi]: bakarka harturik adikizunik ez badute ere, elkarturik “mezu” bat dakarte, operabide bat; eta operabide hau gero Zibernetikaren arabera obratzen da; alegia, azken funts zolan, “bai” ala “ez” arrapostu bikunaren bidez.

Kateko elementu bakar baten aldakuntza edo lardaskak, bai zuntz genetikoan, bai programa elektronikoan, ondorio berbera dakar: programak ez duela eman behar zukeena ematen; edo, huts hori egin delako, beste ondorio bat dakarrela. “Huts” horietaz baliatuz azaltzen ditu gaur Biologiak mutazioak eta eboluzioa».[1]

Txillardegiren testuak erakusten du ordurako aski aurreratuak zituztela gizakiek sorturiko makinak ere mutazioen eta eboluzioaren bidetik sartzeko lanak. Garbi zuen adierazia Jacques Monodek makina elektronikoak eta zelulak izaki bikiak direla, eta zelulen barne-dinamika ez dela mekanika zibernetiko hutsa baizik. Descartesek idatzi zuen gorputza makina bat dela, eta Monodek oihartzun: «zelula makina da».[2]  Monoden beste esaldi bat, zentzu berekoa, Txillardegik euskaraturik: «Bizidunen eta makinen zibernetika-sistemen artean ez dago diferentziarik batere».[3] Era berean, François Jacobek idatzi zuen kalkulagailu elektronikoak direla biologiaren programaren eredu, eta programa horrek «arrautzaren material genetikoa eta ordenagailuaren banda magnetikoa parekatzen dituela».[4]

Genomen testua aldatzeko aukera ez ezik, bizi biologikoa artifizialki sortzekoa ere ekarri digute biologiaren eta zibernetikaren hizkuntzen kidetasun horietan oinarrituriko ikerketa-ildo berriek. Nils Aal Barricellik eta John von Neumannek ireki zituzten. Organismo naturalak automata artifizialak baino sotilagoak eta konplikatuagoak diren arren, pentsatu zuten sistema biologikoen antzera beren burua erreplikatzen duten sistema mekanikoak eta digitalak sor ditzakegula. Biziaren funtsezko hizkuntza jokaleku digitalera eramatea ei zen giltzarria. Von Neumannek atzeman eta erakutsi zituen lege logiko komunak, ezinbestez dituztenak oinarrian beren burua erreplikatzeko ahalmena daukaten bizidunek edo izan lezaketen automatek.[5] Von Neumannek bere ikerketen berri eman eta bost urteren buruan aurkitu zuten DNAren helize bikoitza ez da lege logiko komun horien gauzatze posibleetako bat baizik.[6] Von Neumann egundo ez zen prest egon bere ikerketa, aurkikuntza eta asmazioak inongo arau etikoren mugapean bideratzeko, harri astuna ezartzen baitio zuhurtziak sormen zientifikoaren irudimen alaiari.



[1] “Bi jakintsuren aitorrak”, in Anaitasuna, 1972-05-15, 6-7. orr.

[2] Zoria eta beharrizana, 120. or.

[3] “Astetik astera”, in Zeruko Argia, Lasarte-Oria, 1965-12-26, 7. or. “Goihenetxe” ezizenez izenpetu zuen “Astetik astera” artikulu-sorta Txillardegik.

[4] JACOB, François, La logique du vivant, Gallimard, Paris, 1970, 17. or.

[5] BHATTACHARYA, Anando, The Man from the Future, Allen Lane, London, 2021, 229-232. orr.; eta LABATUT, Benjamin, The Maniac, Penguin Press, New York,  2023, 187. or.  

[6] The Man from the Future, 231. or.

Giza mintzaira eboluzio fisikoan txertaturik

Markos Zapiain 2024/07/25 11:50

Lévi-Straussek ez bezala planteatzen du Jacques Monodek gizakiek ahoskaturiko hizkuntzaren eta genomaren hizkuntzaren arteko harremana: agertu zenez geroztik, giza mintzairak bideratu du ez soilik kulturaren eboluzioa; gainera, modu erabakigarrian lagundu dio gizakiaren eboluzio fisikoari ere.

Giza burmuina bilakatzen ari zela, halako batean ahalmen linguistikoa agertu zen; eta «giza naturaren» parte da gaur egun mintzamena; hots, genomaren baitan dago jasoa, kode genetikoaren hizkuntzak definitzen du. Hori bai, Monoden ustez, esan bezala, desberdinak dira ahoskaturiko hizketa eta genomaren hizkuntza, bata zein bestea hizkuntzak izanagatik ere, eta giza mintzaira genomaren hizkuntzaren erreplika.

Giza mintzamena agertu izana eta genomak jaso izana miraritzat du Monodek, bizia bera bezala, «zoriaren emaitza baita azken batean». Eta, Homo Erectusak, edo agian jadanik Habilisak berak, ideia bat adierazteko «sinbolo ahoskatua erabili zuen lehen egunean, proportzio ikaragarrian areagotu zuen egunen batean Eboluzioari buruzko Teoria Darwindarra asmatuko zuen garuna sortzeko probabilitatea».[1]

Monoden jarraitzaile petoa duzu hemen ere Txillardegi: 

«Bizia ez da izan batere “probablea”. Alegia, gaurko Biologiak irakasten duenez, molekula organikoek “informazio” handia dute; eta gertatu behar ez ziren izakiak gertatu dira hain zuzen. Guk gogotik saiaturik ere ez dugu deus handirik sortzen; baina Zoriak eta Halabehar hutsak izakirik zailenak sortzen dituzte. Mirari hutsa da molekula erraldoiak agertzea; eta mirakulu hutsa ere bizidunik batere sortzea».[2]



 

[1] Zoria eta beharrizana, 144. or.

[2] Gertakarien lekuko, Haranburu, Donostia, 1985, 61. or.

Kode genetikoan ere, artikulazio bikoitza

Markos Zapiain 2024/07/24 18:30

Linguisten eta gramatikarien hizkuntzaren mailan baino ez litzateke artikulazio bikoitza giza hizkuntzaren ezaugarri bereizgarria. Zeren eta, François Jacobi eta Jacques Monodi esker —Txillardegiren erreferentzia gailenak Natur Zientzian—, jadanik badakigu kode genetikoaren erreplika dela giza hizkuntza, eta DNAren hizkuntzak ere bikoitza duela artikulazioa. Analogia horri esker, hobeki uler dezakegu sistema biologikoetan eta linguistikoetan informazioa nola kodetzen, transmititzen eta deskodetzen den.[1]

Dena den, paralelismo eta isomorfismo ugari ikus badaitezke ere giza mintzairaren eta kode genetikoaren hizkuntzaren artean, desberdintasunek ere badute munta. Jacques Monodek dio «arras bestelakoak» direla kode genetikoaren hizkuntza eta gizakiek ahoskaturikoa, hizkuntzatzat dituen arren biak.[2] Txillardegi ere uzkurragoa da Lévi-Strauss baino berdintasunak azpimarratzeko orduan. Irudi luke Monodek zein Txillardegik pentsatzen dutela ezinezkoa dela erabateko identitatea jokaleku desberdinetan dabiltzan eta funtzio desberdinak betetzen dituzten jardueren artean. Kultura ezin dela kimikara murriztu. Esaterako, DNAren sekuentzia lineal samarren aldean, oso hierarkikoa da giza hizkuntzaren sintaxia, eta konplexuagoak bere arau konbinatorioak. Edozelan ere, ez dirudi tokiz kanpokoa “artikulazio bikoitz” esamolde bera erabiltzea nola genetikan hala hizkuntzalaritzan.[3]



[1] DOMINICY, Marc, Les deux modèles de la double articulation: du code génétique à la langue humaine, Larousse, Paris, 1978, passim.

[2] Zoria eta beharrizana, 1993, 144. or.

[3] DOMINICY, Marc, Les deux modèles de la double articulation: du code génétique à la langue humaine.  

Nukleotidoa eta fonema; kodoia eta monema

Markos Zapiain 2024/07/24 18:25

Filosofo gehienek aldarrikatu duten arren  hizkuntza eta pentsamendua ez dagozkiola gizakiari baizik, alderantzizkoa erakutsi du kode genetikoaren aurkikuntzak: biziaren oinarrizko estruktura hainbat mailatan gauzatzen eta garatzen da; besteak beste, baina besteak beste baino ez, giza hizkuntzetan eta giza pentsamenduan. Egiturazkoa da kode genetikoaren eta hizkuntza mintzatuaren arteko analogia. DNAren sekuentzien osagaiak izendatzeko “letra” darabilte biologoek. Adenina, Guanina, Zitosina eta Timina dira «alfabeto genetikoaren letrak».[1] Ebaki, kopiatu eta itsatsi egin daitezke DNAren sekuentzia-zatiak, pantailako testuak bezalaxe. Oraingoz iaioagoak gara kopiatzen itsasten baino. Nolanahi ere, aurrerapen ikusgarriak dauzkagu edizio genetikoan.[2]

Estruktura biologikoak, osagai sinpleen konbinazioaren bitartez, izaki bizidunak eratzen ditu: molekulak eta zelulak. Era berean, gizakion gaitasun linguistikoak berez esanahirik ez duten zeinuak konbinatuz esanahiak sortzen ditu. Molekulen arteko komunikazioaren hastapen estrukturalen arabera daude eratuak estruktura linguistikoak.[3]

Elkarren ispilu dira, batetik, informazio genetikoaren transmisioan eta proteinen sintesian parte hartzen duten nukleotidoak eta kodoiak, eta, bestetik, giza komunikaziorako eta adierazpenerako balio duten fonemak eta morfemak. Nukleotidoak dira zentzurik gabeko osagai oinarrizkoenak genetikan, hizkuntzalarien fonemen parekoak, Monodek «letra» deituak; eta nukleotidoak konbinatuz kodoiak sortzen dira, fonemak konbinatuz monemak bezala. Kodoiek, monemen gisara, zentzua dute: aminoazidoak kodetzen dituzte.[4]

Bestalde, Monodek zehazten duenez duenez —eta horrela bestelako alde batetik parekatzen ditu hizkuntzalaritza eta biologia—, giza hizkuntzetako soinuen eta zentzuen arteko harremanak bezain arbitrarioak dira nukleotido kodetzaileen eta aminoazido kodetuen artekoak: balegoke «informazioaren transferentzia beste hitzarmen baten bidez egiteko aukera».[5]

Jacques Monod, bide batez esanda, buruzagi garrantzitsua izan zen nazien aurkako erresistentzian. Naziak Frantziaz jabetu zirelarik, 1940an, Espainiara igaro eta erresistentziako kideekin bat egiten saiatu zen. Baina Francok harrapatu eta nazien esku utzi zuen. Miranda de Ebroko kontzentrazio-esparruan entzerratu zuten. SSek lagunduta sortu zuen Francok 1937an, eta Monod atxiki zuten boladan Paul Winzer Gestapoko kide eta goi-kargu naziak gobernatzen zuen. Wikipediak dakar.  Gaztelaniazko Wikipediak dio François Jacob ere Miranda de Ebron atxiki zutela, baina Chat GPTk ziurtatzen du ez dela egia. 



[1] MONOD, Jacques, Zoria eta beharrizana, Gaiak, Donostia, 1993, 192. or

[2] MONTOLIU, Lluís, Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu, ZIO, Bilbo, 2023; bereziki bigarren atala, “Testuak editatzetik geneak editatzera” izenekoa, 57-83 orr., eta bosgarrena, “Zer dakigu gaur egun eta zer ez dugu oraindik kontrolatzen edizio genetikoaz”, 149-205 orr.  

[3] LÉVI-STRAUSS, Claude, Nous sommes tous des cannibales, Seuil, Paris, 2013, 257-258 orr.

[4] DOMINICY, Marc, Les deux modèles de la double articulation: du code génétique à la langue humaine, Larousse, Paris, 1978, passim; MONOD, Jacques, Zoria eta beharrizana, 194. or.; eta MONTOLIU, Lluís, Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu, ZIO, Bilbo, 2023, 72. or. 

[5] Zoria eta beharrizana, 118. or.

Zentzumenen eragiketa intelektualak

Markos Zapiain 2024/07/24 18:20

Hizkuntzalaritzari buruzkoak ziren Txillardegiren liburutegiko ale gehienak. Hala ere, nahiago zuen, Pascalek bezala, denetarik pixka bat jakin, pixka bati buruz dena jakin baino. Ez zuen panorama orokorra galdu nahi. Matematikak, Biologiak, Antropologiak Historiak, Filosofiak eta Literaturak ere piztu zioten jakin-mina.

Giza kontuetan hizkuntzak duen omnipresentzia hainbat esparrutan mamitzen bada ere, bistan da biologiako agerpenak harritu zuela bereziki Txillardegi. Natur zientzietan, François Jacob eta Jacques Monod frantsesak izan zituen erreferntzia nagusi.

Biologia modernoari ere Kanten kutsua sumatzen zaio: munduari ez diogu bere horretan antzematen. Txillardegiren maisu Claude Lévi-Straussen esanetan, kontzientziara heltzen zaizkigun datuak ez dira gordinak, berehalakoak; aitzitik, zentzumenek eta garunak kodeturik heltzen zaizkigu. Antzera jokatzen dugu testuekin: beste hizkuntzetara itzuli ahal izateko edozein testu deskodetu behar den bezala, zentzumenek eta burmuinak aurretik kodeturikoa deskodetzen eta interpretatzen du ondoren adimenak.

Bestalde, ez dago funtsezko alderik bi eragiketa horien artean: berdintsu dabiltza kodetze-eragiketen oinarri diren prozesu fisiko-kimikoak eta deskodetze-lanean gogamenak darabiltzan prozedura analitikoak. Fenomeno bakar eta beraren hiru adierazpentzat jo zituen Txillardegik ere materia, bizia eta pentsaera.[1] 

Adimenaren bideak eta bitartekoak ez dagozkio bakarrik gorentzat jotzen den jarduera intelektualari; aitzitik, zentzumenen organoetan jadanik abian dauden eragiketa intelektualak erreplikatu egiten ditu adimenak.[2] Garrantzi berezia du “erreplikatu” hitzak Txillardegiren maisu Jacques Monoden Zoria eta beharrizana liburuan eta, oro har, biologia modernoan. Eragiketa jakin bat beste jokaleku batean bikoiztea, errepikatzea eta garatzea esan nahi du. Giza mintzairak eta pentsamenduak erreplikatu egiten dituzte estruktura materialen eta biologikoen jokabideak. Lévi-Straussek azpimarratzen du zentzumenen eta adimenaren jardueren isomorfismo eta erreplika horiek ez direla metaforikoak, errealak baizik: zinez ei datoz bat kode genetikoaren estruktura eta giza hizkuntzetako kodeen azpian datzan estruktura. Hori bai, zentzumenen jarduerak eta kode genetikoaren estruktura baino aberatsagoak dira adimenaren jarduerak eta hizkuntzen estrukturak; hala ere, berdinak dira funtsean.[3] 

Biologia estrukturalak ere —hizkuntzalaritza estrukturalak bezalaxe—,  agerikoaren konplikazioa egitura ikusgaitz sinpleen bitartez azaltzea du helburu. Matrioxkaren eredua darabil François Jacobek estruktura biologikoen erreplikatzea ilustratzeko. Jacobek dioenez, estruktura logikoak daude bizitzak erakusten dituen izaki kontaezinen azpian.

Gero eta sakonagoko geruzetan aurkitzen dugu bizitza ikusgarriaren azpiko arkitektura logiko hori. Ordea, ez dago biziaren arkitektura eta organizazio bakarra; aitzitik, estruktura-serieak daude, bata bestean txertaturik, matrioxkak bezala. Bakoitzaren azpian beste bat ezkutatzen da. Lehenik eta behin, zelulak daude organoen eta funtzioen oinarrian. Zelularen bihotzean gorderik, berriz, kromosomen eta geneen estruktura dugu. Azkenik, azido nukleikoaren molekulak estrukturatzen du organismo oro, eta bere iraupena belaunaldiz belaunaldi.[4]





[1] “Argiago ala ilunago”, in Anaitasuna, Bilbo, 1970-12-15, 3. or.

[2] LÉVI-STRAUSS, Claude, Le regard éloigné, Plon, Paris, 1983, 164. or.

[3] Ibidem

[4] JACOB, François, La logique du vivant, Gallimard, Paris, 1970, 24-25. orr.


Etorkinen semearen ongietorria etorkin berriei (eta VII)

Markos Zapiain 2024/07/09 11:12

Etorkin ekonomikoa bidegabeki da esplotatua, eta batzuetan esplotatzaileak euskal deiturak ditu eta euskal alderdietan militatzen du.

Txillardegi, abertzale sozialista den aldetik, herriaren kontrola langileek esplotatzaileei kentzeko borrokatzen da, botere hori igaro dadin herria eguneroko ahaleginarekin eraikitzen dutenen eskuetara. Hunkiturik adierazten du elkartasuna etorkinen sufrimenduarekin, ezintasunarekin eta borroka antikapitalistarekin.[1]

Mindu egiten du Txillardegi arrazistatzat jotzeak bere jarrera, edo ezker abertzalearena: kalumnia hutsa deritzo. Milaka dira abertzaleen aho bateko txalo-zaparrada eragiten duten etorkinak. Dioenez, ez Txillardegi bera ez jatorri erdalduneko ezein militante abertzale ez da inoiz segregazio txikienaren biktima izan ezkerreko mugimendu politiko abertzaleetan.[2]

Txillardegiren iritziz, gizakiak nahi duen lekuan bizitzeko eskubidea izan behar luke eta edozein diskriminazio da gaitzesgarri. Ongi etorri, Euskal Herria beren aberri eta seme-alabena bihurtzea erabaki duten etorkinei: «Euskalduna da, Euskal Herrian bizi eta lan eginez, gure herria bere egiten duena».[3] Ez du besterik eskatzen. Eta honela zuzentzen zaie etorkin berriei:

«Irain arrazista bat gertatzen zaizuen tokian, jatorriaren araberako segregazio bat salatu behar den lekuan, ziur egon lerro hauek sinatzen dituena, etorkinen semea, zuen alde egongo dela; eta euskal arrazakeria mota guztien aurka borrokatuko da, ahal duen neurrian».[4]

ETORKIN HAIEN BILOBAK

Oilo-azala jarriko ziokeen Txillardegiri Iñigo López Simónen Bilboko etxola batean apartaren amaierak:

«Bilboko etxoletan euskal herritarrak bai, baina euskaldun gutxi ikusten ziren. Euskaraz hitz egin eta euskaraz bizi zirenen kasuak salbuespena ziren. Bilbon euskara galdua zen, desagertze bidean zegoen. Honek are zailago egiten zien kanpotik etorritakoei euskal kultura propio baten existentziaz jabetzea. Prozesu hori pixkanaka-pixkanaka emango da. Uretamendin bazen familia euskaldun bat, etxola barruan euskaraz aritzen zena. Honi esker izan zuten batzuek euskal kulturaren ezagutza. Beste batzuk, ordea, lan egiten hasi zirenean jabetu ziren honetaz, fabriken ugazabak edo neskameenak euskaldunak zirelako. Kultura honen agerpena, askotan, folklorearen bitartez ematen zen, jaiegunetan egon zitezkeen adierazpenei esker, euskal dantzak edo herri kirolak, esaterako. Baina auzokide gehienek berandu izan zuten errealitate honen ezagutza. Gaur egun, baina, etxoletako biztanle askok harro adierazten dute beraien bilobek euskaraz ikasi eta hitz egiten dutela».[5]

 

[1] “Respuesta a la coordinadora de emigrantes”, 32. or.

[2] Ibidem

[3] Ibidem

[4] SUDUPE, Pako, Immigrazioa eta abertzaletasuna, 111. or.

[5] Bilboko etxola batean, 123-124 orr.

Asimilazionismo patetikoa (VII)

Markos Zapiain 2024/07/05 10:30

1963koa da immigrazioaren arazoari buruzko Txillardegiren lehenbiziko artikulua. Gaur egun immigrazioa kudeatzeko hiru eredu nagusi aipatzen dira: asimilazionismoa, multikulturalismoa eta interkulturalismoa. XIX. mendetik aurrera erabili zuten asimilazionismoa AEBetan eta Frantzian. Etorkinen diferentzia kulturalak harrera-nazio indartsu bakarraren melting pot delakoan desegitea zuen xede.  Multikulturalismoa ez zen XX. mendearen azkeneko hamarraldietara arte erabiltzen hasi, biolentoegitzat jo zelako etorkinen jatorrizko kulturak desagerraraztea —giza eskubideen aurkako erasotzat—, eta aberasgarria izan zitekeelakoan kultura desberdinen arteko elkarbizitza. Kanadan, Australian eta Erresuma Batuan abiatu eta Europako hainbat estatutako doktrina ofiziala da, praktika problematikoagoa den arren. Gainera, azkenaldian atzera egiten ari dira, besteak beste Alemanian, Frantzian eta Erresuma Batuan. Multikulturalismoaren porrota erabatekoa dela aldarrikatu dute Angela Merkelek, Nicolas Sarcozyk eta David Cameronek.[1] Azkenik, XXI. mendekoa da interkulturalismoa. Martha Nussbaum filosofoak eta Joanne Rappaport antropologoak jarri dizkiote oinarri teorikoak, eta Quebeceko politika izan du aitzindari. Interkulturalismoaren zenbait osagai baliatu dituzte Mexikon, Portugalen eta Grezian ere. Multikulturalismoan kultura bakoitza autistikoki bizi zela ikusi zuten, bere baitan bildua, beste kulturekiko harremanak etenik, eta harreman horiek bultzatzen ahaleginduko da interkulturalismoa, indigenen eta etorkinen kulturak konektatzen.

Beraz, asimilazionismoa zuen ezinbestez Txillardegik gogoan immigrazioaz idatzi zuenean, hitzak itsusi samar ematen duen arren gaur egun. Zentzu peioratiboan zerabilen Txillardegik ere ia beti: espainolek eta frantsesek asimilatzen dituzte euskaldunak.[1] Gutxitan aipatzen du “euskaldunen artean integratzea” esanahiarekin, baina egin egiten du noizean behin.[2]

Txillardegiren iritziz, etorkinak integratzea etorkinak euskalduntzea da funtsean. Asimilazionistatzat jo genezake horrenbestez. Hori bai, etorkina asimilatzeko indar zipitzik ere ez duen herri bateko kide, Estatu-gabezia baita euskaldunon ahulezietako bat. Emilio Lopez Adanek idatzi duenez,

«1975an, lehen ikerketa sozio-linguistikoak agertzen hasi zirenean, nahikoa argia ikusi zen integrazio linguistikoa oso mehea zela: etorkinen % 4 inguruk ikasia zuen euskara, besterik ez; berdin inkesta elektoraletan, langile etorkin gehienek alderdi estatalisten alde bozkatzen zuten».[3]

Tamalez, etorkina euskalduntzea ez da lehentasuna ezker abertzalearen adar indartsu baten ustez; beharrezkoa ere ez da. Zer esanik ez, espainiar sozialista eta komunistentzat. Edonola ere, Txillardegik proiektu gisa proposatzen duen asimilazio-moldea askoz ere moderatuagoa eta begirunetsuagoa da Frantziak eta Espainiak errealitatean darabiltena baino.[4]

Euskal Herria eta euskara ezagutzea eskatzen badu ere —espainolek Espainia eta gaztelania eta frantsesek Frantzia eta frantsesa bezala—, euskal erakundeen esku utziko luke etorkina doan euskalduntzeko betebeharra. Etorkinak ez lituzke ikasketa horiek bere poltsikotik ordaindu beharko. Bestalde, ez du etorkina gaizkile potentzial gisa ikusten, eta, Frantziak eta Espainiak ez bezala, ez lizkioke aurrekari penalak behin eta berriro exijituko.

Azkenik, ez lioke soldadutza eginaraziko. Gaur egun, Frantzian zein Espainian, armada da naziotasuna lortzeko bide erabilienetakoa. Txantaje zitala: gure seme-alabak urrutiko gerretara ez, ene jesus, doazela etorkinak. Espainolak izan nahi badute, edo frantsesak, busti daitezela. Lehorra eta euskaran ardaztua litzateke aldiz euskal naziotasuna lortzeko Txillardegiren bidea.



[1] Proyecto de manifiesto vasco, 12, 20 eta 23. orr.

[2] Ibidem, 45. or.  

[3] Biolentzia politikoaren memoriak, 125. or.

[4] Ikus, adibidez, El País, 2024ko ekainaren 8a, Álex Vicente kazetariaren elkarrizketa Goncourt saria irabazi berria zuen Jean-Baptiste Andrearekin, “Babelia” gehigarriko 11. orrialdean. Galdera: “El modelo de asimilación en Francia fue violento con los inmigrantes: debían olvidar de dónde venían y qué lengua hablaban para convertirse en franceses.” Erantzuna. “Sí, e incluso con bretones, corsos, vascos y occitanos. La idea de la lengua común no era mala, pero se aplicó de una forma excesiva, y podría haberse impuesto sin erradicar las particularidades y la riqueza cultural de cada uno.” Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea behar ditugu.

Etorkinen eskubideak (VI)

Markos Zapiain 2024/07/05 10:10

Etorkinen eskubideei buruz idazteko orduan, irudimen-ariketa bat dagi Txillardegik: nola jokatu beharko luke euskaltzaleen esku legokeen estatuak etorkinak hartzeko orduan? Botere-gune horretan irudikatzen du Txillardegik bere erabakimena.

Honelaxe laburbildu du Beltzak etorkinen inguruko Txillardegiren jarrera eta planteatu etorkinen eskubideei buruzkoa: 

«Etorkinen arazoaz askotan idatzi zuen. Egia esan, oso larria zen eta espainolistekin eztabaidatzeko guztiz zentrala. Langile bezala esplotatuak ziren, eta euskaldunek esplotaturik askotan, baina fenomeno masibo bezala desnazionalizazioaren faktore oso garrantzitsua izan dira. Bi konstatazio horien gainean, Txillardegiren pentsaerak matizatzen du: etorkinen eskubide sozialak errespetatu behar dira, eta deusek ez du justifikatzen esplotazioa; baina eskubide politikoak euskaldunenak dira, eta integratzen diren etorkinek ukanen dituzte; berriz, Euskal Herrian espainol bezala bizi nahi badute eta arrotz izatea aukeratzen badute ez dute eskubide politikorik izanen, pretentsio horrek desnazionalizazioaren jokoa egiten baitu».[1]

Antzeko zentzua dute Txillardegik1983ko elkarrizketa batean Beltzari berari esaniko hitzek: Txillardegik ez du uste etorkinak, beste barik, beren lan-indarra gurean saltze hutsagatik, espainolak ez direnik, Txinara doan euskalduna han lanean hasi eta biharamunean txinatar bilakatzen ez den bezala. Zenbait urtez Euskal Herrian bizi ondoren, euskalduntzea eta integratzea erabakitzen badute, orduan bai: eskubide osoa izango dute hemengo gorabehera politikoetan parte hartzeko. Hamar urteko epea proposatzen du Txillardegik, Europako hainbat estatutan bezala, adibidez gaur egungo Espainian. 

Aldiz, iruditzen zaio etorkinak, ez integratzea erabakiz gero, espainiar gisa segitzeko eskubidea duela, baina orduan eskubidea izango du Espainiari buruzko arazoetan parte hartzeko, eta ez Euskal Herriari buruzkoetan.[2] Proposamen horrek emigranteen koordinakunde baten kritika gogorrak erakarri zizkion.[3]

Esan bezala, norberaren identitateari eusteko eskubide indibiduala sakratua iruditzen zaio Txillardegiri, eta errespetatu egin behar dela. Baina, Euskal Herriaren eraikuntzari begira, bere burua marjinatzeko borondatea darakutsa sorlekuari baino fidel ez zaionak. Eta borondatezko marjinazio horri dagokio injerentzia politikorik eza harrera-herriaren gorabeheretan. Txillardegik berak, Belgikan etorkin, uko egin zion belgikar bihurtzeari, eta ez zitzaion burutik pasatu Belgikako politikan parte hartzea, are gutxiago harrera-herria desegiteko proiektuetan.

Txillardegik etorkinei ez die berak egin zuena baino gehiago eskatzen: kontuan hartzeko hemen badela bizirik irauteko zailtasun itzelak dituen herri bat eta euskalduntzeko. Hiritar eskubideak, integratzeko prest dagoenari emango zaizkio. Begirune osoa etxean espainol jarraitu nahi duenari, jakina, baina arerioa izango da espainoltasun hori politikara daramana, euskaldunen borondatea zapaldurik Euskal Herrian Espainia ezartzeko asmoz.



[1] “Txillardegiren pentsaera politikoa”, 73-74. orr.

[2] Ibidem, 83. or.

[3] Egin, 1978ko apirilaren 12a.

Arduradun politikoen errua (V)

Markos Zapiain 2024/07/01 14:45

Emilio López Adán “Beltza”k nabarmendu duenez, Txillardegirentzat, euskarari begira, Hegoaldean, arazo gordinenetako bat zen etorkinen espainiartasun naturala, eta alderdi ezkertiarrek naturaltasun hori legitimatzea:  

«Fenomeno masibo hori guztiz galgarria da Txillardegirentzat. Bi aspektu azpimarratzen ditu. Hasteko, gobernu espainolaren borondate esplizitua Euskal Herria erdalduntzeko; bigarrena, emigranteen espainoltasun naturala, naturaltasun horrek antiabertzale bilakatzen baitu multzo horren existentzia objektibo bera. Nekez borroka daiteke naturaltasunaren aurka, batez ere gobernuak eta ezkertiarrek legitimatzen badute».[1]

1965ean, Txillardegi erbestean zela, sozial-inperialisten esku gelditutako ETAko zuzendaritzak aldarrikatu zuen euskaldunena zela etorkinek nazio-askapenerako borrokarekin bat ez egitearen kulpa. Antiguarrarentzat, berriz, «Estatu zapaltzaileena da errua, estatu atzerritar eta kolonialista horietako klase nagusien ideiak sarrarazten baitizkiete etorkinei».[2] Etorkinak ez du gertatzen denaren errua. Baina espainolistek —jakobino ezkertiarrak barne— erabili egiten dituzte, euskaldunen bidezko nahien aurka.

Frankismoa eta jauntxo eta oligarka euskaldunak —euskara traizionatzen aurrenekoak— jo zituen Txillardegik etorkinen manipulazioaren errudun nagusi. Erregimen faxistak Euskal Herria itotzeko iskiluetako bat ikusi zuen etorkinengan, eta euskal burgesiak, berriz, gainbalio-ekoizle koitadu mordoa, erruki barik ustiatu beharrekoa. Immigrazioari etekina Espainiako burgesiaren adierazpen norteñoak ateratzen dio, ez noski herri xeheak.[3] Hori ez da Euskal Herriaren bereizgarria: aberatsen fortuna emendatzeko balio du mundu osoan migrazioak; aldi berean, harrera-herriko txiroen lehiakide bilakatzen dira etorkinak.[4]

Sozial-inperialistekin polemikan, Txillardegik adierazten du euskalduna berdin burgesa ekuazioa bezain zentzugabea dela etorkina berdin proletarioa ekuazio simetrikoa. Euskaldun gehienak burgesiak esplotatzen ditu. Eta euskaldunak oro burgesak direla dioen aurreiritzia faltsua den bezala, ez da egia etorkin guztiak herrien autodeterminazioa onartzen duten internazionalista apalak direnik.[5]

Espainiar etorkin txiroek batzuetan Euskal Herria existituko ez balitz bezala jokatzen badute, haien konfiantzaz jabetu diren alderdiek dute Txillardegiren iritziz erruaren zati handi bat: Espainiako alderdi ezkertiarrek. Eskuindarrengandik jaso zuten konplexurik gabeko antieuskalduntasun oldarkorra. Alderdi horiek etorkinei ezkutatu diete hemen badela ez Espainia ez Frantzia ez den herri bat, militarki garaitua eta okupatua, kultur adierazpide orotan ukatua eta espoliatua, bizirik irauteko sekulako arazoak dauzkana. Aldiz, sendatu beharreko hemorroide gisa saldu diete: euskalduna aberatsa eta supremazista da jaiotzez, eta euskara, ostera, burgesa berez. Euskararen eta euskaldunaren existentziak berak jokoa egiten ei dio kapitalismoari, oztopo baitzaio klase borrokari. Manipulazio hori indartzen duen egitateari Beltzak antzeman dio ongi: Hegoaldeko langile-klasearen esparru naturala Espainia da.[6] Ez da harrigarria Txillardegik hurbilago sentitzea Nietzsche Marx baino: klasea baino oinarrizkoagoa zaio herria, eta arrazoia eta ekonomia baino indartsuagoa erraia. Heldu dela Freud ere geureganatzeko ordua aldarrikatzen du Txillardegik.[7]

Independentziaren aurkakoak ez dira Frantziaren eta Espainiaren independentziaren aurka izaten. Are, Frantziako ezkerrak bezala, Espainiakoak ere nekez onartu izan du autodeterminazio-eskubidea; gehienez ere, berba hutsetan, eta planetako beste muturreko herriei aplikaturik. Historia zaharra zein berria aztertuta, eta gaur egungo buruzagien adierazpenak kontuan izanda, zaila da sinestea Espainiako edo Frantziako ezkerrik demokratikoenak ere eragozpenik gabe onartuko lukeenik Euskal Herriaren independentzia, berme demokratiko guztiak beteko lituzkeen erreferendum batean hala erabakita ere.

 



[1] “Txillardegiren pentsaera politikoa”, 81. or.

[2] SUDUPE, Pako, Immigrazioa eta abertzaletasuna, 92. or.

[3] Proyecto de manifiesto vasco, 6-7 orr.

[4] De HAAS, Hein, Los mitos de la inmigración, Planeta, Bartzelona, 2004, 14. mitoa: "Immigrazioa guztiontzat da onuragarria".

[5] Proyecto de manifiesto vasco, 18. or.; “Respuesta a la coordinadora de emigrantes”, 31. or. 

[6] “Txillardegiren pentsaera politikoa”, 75. or.

[7] Proyecto de manifiesto vasco, 18. eta 45. orr.  

Xintximaria eta txiroa (IV)

Markos Zapiain 2024/06/30 12:32

Etorkinak oro badira ere erdaldunak, Txillardegik bereizten ditu, batetik, Iparraldeko lurra eta etxeak herri xeheari kentzera datozen jauntxo paristarrak edota frankismoaren manporrero eta aprobetxategiak; eta, bestetik, etorkin ekonomikoak.[1] Etsai zuzenak dira lehenbizikoak, nahiz eta hemen kolonizatu kikil konplexuz beteak garen eskuarki, eta irribarre otzanez hartzen ditugun inperialisten harropuzkeriak, batez ere aberatsak badira.

Normalean, migrari ekonomikoak nolabaiteko fideltasuna gordetzen dio sorterriari, baina aldi berean herri berrian egokitzen saiatzen da. Nolanahi ere, ez da sorlekutik dakarrena herri berrian inposatzen ahaleginduko, haize frankistak bultzatuta zetorren inperialista aho-handia ez bezala. Txillardegik begirune osoa eskatzen zuen etxean sorterri espainolari fideltasuna gorde nahi dion etorkinarentzat; aldiz, etsaitzat zuen errepresio frankista baliaturik Euskal Herria are gehiago deseuskalduntzen saiatzen zena.[2]

Etorkin askok ez baitzuten proletariotik deus. Milaka aurpegi zituzten: administrazioa, unibertsitatea eta hedabideak kontrolatzera zetozen burokratak, Francok Irunen etxea oparitu zien falangistak, azken urteak pasatzera etorritako aberatsak, negozioak egitera zetozen burgesak, poliziak, aduanetako jauntxoak…. Etorkinen eskuetan zeuden gobernu zibil eta militarrak ere, korrejidoreen garaitik.[3]

Horiek ezin dira berdindu miseriatik ihesi Bizkaiko meategietan lanera zetozenekin. Esan bezala, propaganda frankistak aldarrikatzen zuen Bizkaian bazela etorkin guztientzako lana, baina etxerik ez zegoela ezkutatzen zuen, edo garestiegiak zirela, eta beren eskuz eraiki behar izan zituzten milaka eta milaka etorkinek bizileku izango zituzten etxolak, obretako hondakinekin. Mendi-magaletako txabola haietan ez zen ez urik, ez argindarrik, ez komunik. Ur bila joateko, emakumeek hiru ordu laurden eta bi ordu bitartean behar zituzten. Oinutsik bidali behar izaten zituzten umeak eskolara. Txillardegik ikasketak Bilbon egin bitartean gela alokatu zuen Indautxuko Partikular kalean; emakume etorkinen prostituzioa zegoen bere etxean bertan.[4] 1961ean, erbestera hartu behar izan zuenean, 26.000 etorkin inguru bizi ziren etxoletan Bilbon bakarrik.[5]

Sistemaren biktima anonimoak dira emigrante ekonomikoak, eta, Txillardegik aditzera ematen duenez, psikopata bihozgabeak baino ezin du beste alde batera begiratu eta etorkin horien alde ez jarri.[6] Etorkin behartsuen tragedia konkretuak zehazkiago ezagutzea aldarrikatzen du. Oso aintzat hartuko zukeen Iñigo López Simónen Bilboko etxola batean. Euskal literaturan, ez Txillardegik baizik eta haren adiskide Gabriel Aresti bilbotarrak jorratu zuen sakonki etorkinen patu hitsa Otxarkoagan, Uretamendin zein Ollarganen. Egunero zituen bistan, Txillardegi erbestean zen bitartean, Belgikan etorkin.

Baldintzarik gabe eta sentimenduz babesten ditu Txillardegik miseriatik ihesi miseriara amildutako horiek. Gose denari ezin zaio txapa sartu lehenbailehen ikas ditzan aditz trinkoaren misterio zoragarriak. Badira lehentasunak. Begirunez eta tentuz euskaldundu behar da etorkin ekonomikoa; are, euskaldundu nahi ez izateko eskubidea ere errespetatu behar zaio. Hori bai, etorkinen eskubideak bezala behar dira euskaldunenak ere errespetatu.[7] Euskaldunen eskubide linguistikoak oroitarazteko eta aldezteko orduan erakutsitako irmotasun eta koherentzia horrek erakarri zizkion Txillardegiri “sasi-abertzale” eta “sozial-inperialista” deitzen zienen irainak eta bazterketa.



[1] Ibidem

[2] “Respuesta a la coordinadora de inmigrantes”, 32. or.

[3] Proyecto de manifiesto vasco, 18. or.  

[4] Hitza hitz, 74. or.

[5] LÓPEZ SIMÓN, Iñigo, Bilboko etxola batean, Elkar, Donostia, 2021, 81. or.  

[6] “Respuesta a la coordinadora de emigrantes”,  31. or.

[7] Proyecto de manifiesto vasco, 40. or.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.