Ebanjelikoak
Behin batean, administrariak esan zidan arazo bat zeukala matrikulatzera zetozen guraso batzuekin. “Erlijio” nahi zuten semearentzat, “Erlijio ebanjelikoa”. Brasildarrak ziren.
“Aukera bi dauzkagu hemen —esan nien—, Etika edo Erlijio. Hori bai, Erlijio-n kristau katolikoa irakasten da, ez ebanjelikoa”.
“Ba eskaini behar duzue”.
“Tamalez, ez dago aski eskaera eta hezkuntza sailak ez du bide ematen”.
“Bai, baina egiazko erlijioa da, egiazko bakarra”.
“Beharbada bai, ziur aski bai, baina horixe bera diote katolikoek eta musulmanek ere”.
“Koitaduak. Horien arteko argienak, zintzoak baldin badira, helduko dira noizbait aitortzera ebanjelismoa dela egiazko erlijio bakarra”.
Eta alde egin zuten.